7/2010 Foru Legea, barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aldatzen duena

Nafarroako Parlamentua

7/2010 FORU LEGEA, apirilaren 6koa, barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aldatzen duena.

NAO 46.- 2010ko apirilaren 14a

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako.

FORU LEGEA, BARNE MERKATUKO ZERBITZUEI BURUZKO 2006/123/EE ZUZENTARAURA EGOKITZEKO XEDEZ NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOARI BURUZKO UZTAILAREN 2KO 6/1990 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

Zioen azalpena

Nafarroako Parlamentuak foru lege hau onetsi den egun berean onetsi du Barne Merkatuko Zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez zenbait foru lege aldatzen dituen Foru Legea. Haren proiektuaren 4. artikuluan Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean egin beharreko aldaketak jaso ziren. Aldaketa horiek, ordea, bereizi eta foru lege honetara ekarri dira; izan ere, foru lege hori aldatzeko beharrezkoa da Nafarroako Parlamentuko kideen gehiengo osoak onestea, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 20.2 eta 18.2 artikuluan eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduko 151. artikuluan xedatuaren arabera.

Artikulu bakarra. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aldatzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea Barne Merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzea helburu, honela geldituko dira foru lege horretako ondoko manuak:

Bat. 92. artikuluak testu hau izanen du:

"92. artikulua.

1. Nafarroako toki entitateek ahal den informaziorik zabalena eskainiko dute bere jardunaz, eta herritar guztiek herriko bizitzan parte hartzea erraztuko dute. Era berean, elkarteak bultzatu eta herritarrek toki administrazioan parte hartzeko erakundeak sustatuko dituzte.

Parte hartzeko elkarte eta erakundeen eta toki entitateen arteko harremanak erregelamendu organiko baten bidez arautuko dira.

2. Toki entitateek beren burua antolatzeko ahalmena erabiliz finkatzen dituzten partaidetza moduek, bitartekoek eta prozedurek ezinen dituzte gutxietsi legez araututako ordezkaritza-organoei dagozkien erabakitzeko ahalmenak.

3. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren partaidetza moduak garatzeko, elkarte eta erakunde horiei ekitaldiei buruzko ahalik eta informazio zabalena emanen zaie, eta bultzatuko da entitatearen kudeaketan parte har dezaten, aurreko idatz-zatian xedatutakoaren arabera. Horretarako, legeak onartzen dituen herritarren partaidetza-elkarteek onura publikoko deklarazioa jasotzen ahalko dute.

4. Halaber, toki entitateek, eta bereziki udalek, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera elkarreragilea bultzatu beharko dute, herritarren partaidetza eta herritarrekiko komunikazioa errazteko, agiriak aurkezteko eta herritarren kontsultak, inkestak nahiz administrazio-izapideak egiteko, haiek arautzen dituen foru legearen esparruan.

5. Zerbitzu jarduerak libreki jarri eta betetzeari buruzko arauen esparruan sartutako zerbitzu jarduera bat jarri eta betetzeko prozedura eta izapideen kasuan, zerbitzuaren emaileek leihatila bakarra erabiliz bete ahal izanen dituzte zerbitzu horiek, bide elektronikoaz baliatuz eta urrutitik, salbu eta zerbitzua emateko erabiltzen den tokia edo ekipoa ikuskatzea.

Era berean, toki entitateek sustatuko dute zerbitzuaren emaileek aukera izan dezaten leihatila bakarrean lortzeko jarduera jarri eta betetzeko behar diren informazioa eta inprimakiak, bai eta euren eskaerei dagokienez agintari eskudunek emandako ebazpenen eta gainerako jakinarazpenen berri izateko ere.

6. Foru Komunitateko Administrazioak laguntza eman beharko die artikulu honetako 4. eta 5. idatz-zatietan ezarritakoa behar bezala garatu ezinik gertatzen diren entitateei, ekonomia eta kudeaketa arloan gaitasunik aski ez badute.

7. Foru Komunitateko Administrazioak ziurtatuko du leihatila bakarra bide elektronikoz baliatzean araudi indarduna betetzen dela nafar herritarren hizkuntza eskubideei dagokienez."

Bi. 180. artikuluak testu hau izanen du:

"180. artikulua.

1. Esku-hartzea ondoko bitartekoen bidez gauzatzen ahalko da:

a) Ordenantza eta bandoak.

b) Aldez aurreko lizentzia eta beste kontrol ekintza batzuk. Halere, zerbitzu jarduerak libreki jarri eta betetzeari buruzko arauen aplikazio esparruan sartutako zerbitzu jarduerak jaso eta betetzea arau horien menpe egonen da.

c) Aldez aurreko jakinarazpena edo erantzukizuneko aitorpena eskatuta, oinarrizko legedian xedatutakoarekin bat.

d) Jarduerari ekin ondorengo kontrola ezarrita, jardueraren gaineko araudia betetzen dela egiaztatzeko.

e) Egintza bat bete edo debekatzeko manu diren banakako aginduak.

2. Beste administrazio publiko batzuek emandako lizentziek edo baimenek ez dituzte titularrak salbuesten kasuan kasuko toki entitateen lizentziak eskuratzeko beharretik; edozein kasutan ere, lege sektorialetan xedatutakoa bete beharko da.

3. Administrazioak partikularren jardueran esku hartzeko xedapen orokorrei eta egintza bakanei buruzko araubide juridikoa, baita haiek erabakitzeko prozedura ere, foru lege honen IX. tituluaren I. kapituluak izaera orokorraz agintzen duenari lotuko zaio."

Hiru. 319. artikuluan 4. idatz-zatia ezabatu da.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe geratuko dira foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetan lehenengoa.-Erregelamenduzko ahalmena.

Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren arauzko xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2010eko apirilaren 6an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea