Giltzapetuak tratatzeko gutxieneko erregelak

Euslege

Giltzapetuak tratatzeko gutxieneko erregelak

Nazio Batuek onetsiak, Delitua prebenitzeari eta delitugilea tratatzeari buruzko bere Lehen Biltzarrean, Genevan egin zena, 1955. urtean, eta Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak onetsiak 1957. urteko uztailaren 31ko 663C (XXIV) eta 1977. urteko maiatzaren 13ko 2076 (LXII) ebazpenetan

Atariko oharrak

1. Hurrengo erregelen xedea espetxe-sistemaren eredu bat zehatz-mehatz deskribatzea baino, espetxe-antolamendu on baterako printzipioak eta erregelak ezartzea da, betiere, gure garaian orokorrean onartzen diren kontzeptuak eta sistema garaikide egokienen ezinbesteko osagaiak aintzat hartuta.

2. Nabaria da, izan ere, baldintza juridiko, sozial eta ekonomikoen aniztasuna dela eta, erregela guztiak ezin direla aplikatu era berean alderdi guztietan, ezta garai guztietan ere. Nolanahi ere, baliagarriak izan beharko dira, erregelok aplikatzea oztopatzen duten zailtasun praktikoak gainditzeko ahaleginak etengabe sustatzeko, ikusirik guztiak batera, multzo gisa hartuta, badirela Nazio Batuek onartutako gutxieneko baldintzak.

3. Gainera, erregela horietan aipatu gaiei aplikatzen zaizkien irizpideak etengabe aldatzen dira. Ez dute baztertzen bestelako esperientzia eta praktikarik, betiere, halakoak bat badatoz erregelen testutik ateratzen diren printzipio eta asmoekin. Espiritu horrekin, espetxeetako administrazio nagusiak beti baimendu ahal izango du edozein salbuespen, erregelei begira.

4. 1) Erregelen lehen zatia espetxeetako administrazio orokorrari dagokio eta maila guztietako giltzapetuei aplika dakieke, kriminalei zein zibilei, aurreneurrizko espetxealdian daudenei zein kondenatuei, baita epailearen agindupean segurtasun- edota berreziketa-neurrien xede direnei ere. 2) Bigarren zatia osatzen dute soil-soilean atal bakoitzaren giltzapetu kategoriei aplika dakizkiekeen erregelek. Edonola ere, A atalaren erregelak, giltzapetu kondenatuei aplikagarri direnak, B, C eta D ataletan aipatu giltzapetu kategoriei ere aplikatuko zaizkie, betiere, horiek arautzen dituzten erregelen aurkakoak ez badira eta baldin eta giltzapetuentzako onuragarri badira.

5. 1) Erregela hauek ez daude bideratuta delitugile gazteentzako establezimenduen antolamendua zehazteko (Borstal establezimenduak, berreziketa-erakundeak eta abar). Hala ere, esan daiteke, gutxieneko erregelen lehen zatia aplikagarria dela orokorrean, halako establezimenduetan ere. 2) Giltzapetutako gazteen kategoriak, edonola ere, adingabeen jurisdikzioen mende dauden gazteak barruratuko ditu. Orokorrean, ez lirateke delitugile gazterik kondenatu behar espetxealdi-zigorrik jasotzera.

Lehenengo zatia

Orokorrean aplikatzeko erregelak

Oinarrizko printzipioa

6. 1) Hurrengo erregelak inpartzialtasunez aplikatu behar dira. Ezin da tratu-bereizketarik egin, halakoek aurreiritzietan oinarritzen badira, batez ere, arraza, larru-kolore, sexu, hizkuntza, erlijio, iritzi politikoa edo bestelakoa, jatorria, nazional zein soziala, ondarea, jaiotza eta bestelako egoera direla bide. 2) Aitzitik, garrantzitsua da giltzapetua zein taldetakoa izan eta talde horren erlijio-sinesmenak eta manu moralak errespetatzea.

Erregistroa

7. 1) Atxilotuak dauden toki guztietan erregistro-liburu bat eraman beharko da egunean, azal eta guzti eta folioduna, eta bertan atxilotu bakoitzaren honako datuak adieraziko dira: a) Nortasuna; b) Atxiloketaren arrazoiak eta halakoa agindu zuen agintari eskuduna; c) Atxilotua noiz sartu eta irten zeneko eguna eta ordua. 2) Ezin izango da inor establezimendu batean barneratu, atxilotzeko baliozko agindurik gabe eta atxiloketaren xehetasunak aurretiaz erregistro-liburuan jaso beharko dira.

Kategorien banaketa

8. Kategoria desberdinak dituzten giltzapetuak establezimendu desberdinetan kokatu behar dira edota establezimenduetako atal desberdinetan, kontuan hartuta horien sexua eta adina, aurrekariak, atxiloketaren zergatiak eta eman beharreko tratua. Hau da: a) Gizonak eta emakumeak, ahal den neurrian, establezimendu desberdinetan giltzapetuko dira; gizonak eta emakumeak dauden establezimenduetan, emakumeentzako diren lokal guztiak erabat bereizi beharko dira; b) Aurreneurrizko espetxealdian dauden atxilotuak kondena betetzen daudenengandik bereizi beharko dira; c) Zorrengatik preso daudenak eta arrazoi zibilengatik espetxealdi-zigorra bete behar duten gainontzeko kondenatuak arau-hauste penalagatik atxilotutakoengandik bereizi beharko dira; d) Atxilotu gazteak helduengandik bereizi beharko dira.

Giltzapetuentzako lokalak

9. 1) Zigor-gelak edo gaueko isolamendurako erabiltzen diren gelak ezin izango ditu okupatu giltzapetu bakar batek baino. Arrazoi bereziak direla eta, hala nola, kartzelan gehiegizko jendea egotea aldi batean, ezinbestekoa baldin bada espetxeetako administrazio nagusiak erregela horren aurrean salbuespenak ezartzea, orduan, saihestu beharko da bi giltzapetu kokatzea banakako zigor-gela edo gela bakoitzean. 2) Logelak erabili behar direnean, horiek okupatuko dituzte ardura handiz hautatuak izan diren giltzapetuak eta betiere aitortzen denean baldintza horietan kokatzeko gai direla. Gauez, arauzko zaintzapean egongo dira, eta zaintzape hori kasuan kasuko establezimendu-motari egokituko zaio.

10. Giltzapetuek erabilitako lokalak eta, batik bat, giltzapetuek gauez erabiltzen dituztenak higiene-eskakizunak bete beharko dituzte, aintzat hartuta bertako giroa, bereziki airearen bolumena, gutxiengo azalera, argiztapena, berokuntza eta aireztapena.

11. Giltzapetuek zein lokaletan bizi edo lan egin behar eta, horiek: a) Behar besteko leiho handiak izan behar dituzte, giltzapetuak izan dezan argi naturala irakurtzeko eta lan egiteko; eta haize freskoa sartzeko moduan jarrita egon beharko dute, aireztapen artifiziala izan edo ez; b) argi artifiziala nahikoa beharko du izan, giltzapetuak irakurri eta lan egin dezan bere ikusmena kaltetu gabe.

12. Osasun-instalazioak egokiak izan beharko dira, giltzapetuak ase ditzan bere beharrizan naturalak une egokian, era garbi eta txukunean.

13. Bainu- eta dutxa-instalazioak egokiak izan beharko dira giltzapetu bakoitzak har dezan bainu edo dutxa bat, klimari egokitzen zaion uraren tenperatura kontuan hartuta eta garbitasun orokorrak behar duen maiztasunarekin, sasoi eta erregio geografikoaren arabera; edozelan ere, gutxienez astean behin, klima epeletan.

14. Giltzapetuek aldian-aldian erabiltzen dituzten lokalak egoera onean egon beharko dira eta garbi.

Garbitasun pertsonala

15. Giltzapetuei garbitasun pertsonala eskatuko zaie eta horretarako ura eta bestelako garbitasuneko gauzak izango dituzte, euren osasunerako eta garbitasunerako nahitaezkoak direnak.

16. Giltzapetuei hilea eta bizarra zaintzeko baliabideak emango zaizkie, itxura ona izan dezaten eta euren buruak errespeta ditzaten; gizonezkoek erregulartasunez ahal izango dute bizarra moztu.

Arropak eta ohea

17. 1) Giltzapetu orok, bere arropak janzteko baimenik ez badu, arropa egokiak jasoko ditu, klimaren arabera, eta nahikoak osasun ona izateko. Arropa horiek ezin dira, inola ere, apalesgarriak edo umiliagarriak izan. 2) Arropa guztiak garbiak eta egoera onean egon beharko dira. Barruko arropak beharrezko maiztasunarekin aldatu eta garbituko dira, garbitasunari eusteko. 3) Salbuespen egoeretan, giltzapetuak establezimendua utzi behar duenean baimendutako helburuekin, orduan erabili ahal izango ditu bere arropak edota deigarriak ez diren jantziak.

18. Giltzapetuei euren arropak janzteko baimena ematen zaienean, establezimenduan sartzen diren unean hartuko dira neurriak ziurtatzeko arropa horiek garbiak daudela eta erabilgarriak direla.

19. Giltzapetu bakoitzak, tokiko edo nazioko ohituren arabera, banakako ohe bat eta banakako oherako arropa nahikoa izango ditu, behar bezala zainduta eta arropa horiek erregulartasunez aldatuko zaizkio, garbitasuna ziurtatzeko.

Elikadura

20. 1) Giltzapetu orok jasoko du administrazioarengandik, ohiko orduetan, kalitate oneko elikagaiak, ondo prestatuak eta zerbitzatuak, eta horien nutrizio-balioa nahikoa izango da osasun ona eta indarrak gordetzeko. 2) Giltzapetu orok izan behar du aukera edateko uraz hornitzeko, halakoa behar duenean.

Ariketa fisikoak

21. 1) Kanpoan lanik egiten ez duen giltzapetuak egunean gutxienez ordubete izango du, eguraldia lagun, kanpoaldean ariketa fisiko egokia egiteko. 2) Giltzapetu gazteek eta bestelakoek, sasoi onean eta egoera fisiko onean daudenek, ariketa egiteko duten tartean, gorputz- eta jolas-hezkuntza jasoko dute. Horretarako, eskura izango dituzte eremua, instalazioak eta beharrezko ekipoa.

Mediku-zerbitzuak

22. 1) Establezimendu orok izango du gutxienez mediko aditu baten zerbitzuak; mediku horrek, halaber, psikiatria-ezaguera batzuk izan beharko ditu. Mediku-zerbitzuak erkidego edo nazioaren osasun-zerbitzuaren administrazio orokorrarekin batera antolatuko dira, horri barru-barrutik lotuta egon daitezen. Zerbitzu horien artean psikiatria-zerbitzu bat egongo da, diagnostikoa egiteko eta, beharrezkoa denean, buruko gaixotasun kasuak tratatzeko. 2) Euren egoeragatik zainketa bereziak behar dituzten gaixoak establezimendu espezializatuetara edo ospitale zibiletara bidaliko dira. Establezimenduan ospitaleko barneko zerbitzuak badaude, horiek beharrezko material, tresna eta produktu farmazeutikoak izan beharko dituzte, giltzapetu gaixoei zainketa eta tratamendu egokiak emateko. Bestalde, langileek lanbide-heziketa nahikoa izan beharko dute. 3) Giltzapetu orok eskura izango ditu dentista kalifikatu baten zerbitzuak.

23. 1) Emakumeentzako establezimenduetan instalazio bereziak egon behar dira haurdun dauden giltzapetu emakumeak, erditu berriak eta erditu ondoko egoeran daudenak tratatzeko. Ahal dela, neurriak hartuko dira erditzeak ospitale zibil batean egin daitezen. Haurra establezimenduan jaiotzen bada ere, gertaera hori ez da jasoko jaiotza-agirian. 2) Giltzapetutako amei haurra zaintzeko baimena ematen zaienean, neurriak hartuko dira haurtzaindegi bat antolatzeko langile adituekin, bertan egon daitezen haurrak, euren amek zaindu ezin dituztenean.

24. Mediku batek aztertu beharko du giltzapetu bakoitza, behin establezimenduan sartu eta ahalik eta lasterren eta behar den maiztasunarekin, geroago, batik bat, zehazteko gaixotasun fisiko edo mentalak dauden eta, hala denean, beharrezko neurriak hartzeko; ziurtatzeko ustez gaixotasun infekzioso eta kutsakorrak dituzten giltzapetuak isolatuta daudela; adierazteko birgaikuntza oztopa dezaketen urritasun fisiko eta mentalak, eta zehazteko giltzapetu bakoitzaren lanerako gaitasun fisikoa.

25. 1) Medikua arduratuko da giltzapetuen osasun fisiko eta mentalaz. Egunero ikusi beharko ditu giltzapetu gaixo guztiak, gaixorik daudela esaten duten guztiak eta, orobat, medikuaren arreta eskatzen duten guztiak. 2) Medikuak txosten bat igorriko dio zuzendariari,noiz eta, uste duenean giltzapetzea luzatzeak edo beste edozein giltzapetze-motak eragina duela giltzapetu baten osasun fisiko zein mentalean.

26. 1) Medikuak aldian-aldian egingo ditu ikuskapenak eta zuzendariari aholkuak emango dizkio kontuan har ditzan hurrengoak: a) Elikagaien kopurua, kalitatea, prestaketa eta banaketa; b) Establezimenduen eta giltzapetuen higienea eta garbitasuna; c) Establezimenduaren osasun-egoerak, berokuntza, argiztapena eta aireztapena; d) Giltzapetuen arropen eta ohearen kalitatea eta garbitasuna; e) Gorputz- eta kirol-hezkuntzari buruzko erregelak betetzea, halakoek langile espezializatuek antolatzen ez dituztenean. 2) Zuzendariak kontuan hartu beharko ditu medikuaren txostenak eta aholkuak, 25 (2) eta 26. erregelek xedatutakoaren arabera, eta, horiekin bat badator, beharrezko neurriak hartu berehala, gomendio horiekin aurrera jarraitzeko. Zuzendaria horiekin bat ez badator edo gai horretan eskumenik ez badu, goragoko agintaritzari berehala igorriko dizkio medikuaren txostena eta bere oharrak.

Diziplina eta zehapenak

27. Ordena eta diziplina tinko zainduko dira, betiere elkarrekiko bizimoduaren segurtasuna eta antolaketa ona gordetzeko beharrezkoak diren baino murrizketa gehiagorik ezarri gabe.

28. 1) Giltzapetuek ezin izango dute establezimenduetako zerbitzuetan diziplina-ahalmena egikaritzea ahalbidetzen duen inolako lanik egin. 2) Hala ere, erregela honek ez du eragotziko autogobernuaren bidezko sistemen jardunbide onik.

Izan ere, sistema horiek dakarte, tratamendurako elkartutako giltzapetuen esku uztea, fiskalizazio egoki baten pean, lan-, hezkuntza- edota kirol-arloko hainbat jarduera edo erantzukizun.

29. Administrazio-agintari eskudunak emandako legeak edo erregelamenduak zehaztuko du kasuan-kasuan: a) Zein jokabide den diziplinaren arau-haustea; b) Aplika daitezkeen zehapenen izaera eta iraupena; c) Zein izan behar den zehapen horiek ezartzeko agintari eskuduna.

30. 1) Giltzapetua bakar-bakarrik lege edo erregelamenduaren xedapenen arabera zigortuko da eta inola ere ez bi aldiz arau-hauste berberagatik. 2) Giltzapetua ezin izango da zigortu, aurretiaz ez bazaio jakinarazi leporatzen zaion arau-haustea eta bere defentsa aurkezten utzi ez bazaio. Agintari eskudunak kasua oso-osorik aztertuko du. 3) Beharrezkoa eta bideragarria den neurrian, giltzapetuari utziko zaio bere defentsa interprete baten bidez aurkezten.

31. Gorputz-zigorrak, zigor-gela ilunean sartzea eta zehapen krudel, anker edo apalesgarriak ezartzea diziplina-zehapen gisa, erabat debekatuta dago.

32. 1) Isolamendu-zigorrak eta elikagaiak murrizteko zigorrak bakar-bakarrik aplikatuko dira medikuak, giltzapetua aztertu eta gero, egiaztatzen badu idatziz giltzapetuak halakoak jasan ditzakeela. 2) Gauza bera aplika dakioke beste edozein zehapeni, halakoek kaltetu dezaketenean giltzapetuaren osasun fisiko edo mentala. Nolanahi ere, neurri horiek ez dira inoiz izango 31. erregelan ezarritako printzipioaren aurkakoak, ezta bertatik baztertu ere. 3) Medikuak egunero ikusiko ditu diziplina-zehapen horiek betetzen dauden giltzapetuak eta, halaber, zuzendariari jakinaraziko dio beharrezkoa ikusten duen zehapenari amaiera ematea edo zehapena eraldatzea, osasun fisiko edo mentalari begira.

Hertsadura-baliabideak

33. Hertsadura-baliabideak, hala nola, bilurrak, kateak, girgiluak eta alkandora hertsagarriak ezin izango dira zehapen gisa aplikatu. Era berean, ezin izango dira kateak eta girgiluak erabili hertsadura-baliabide gisa. Gainerako hertsadura-baliabideak bakar-bakarrik kasu hauetan erabiliko dira: a) Ihesaren aurkako arreta-neurri gisa, lekualdatzea egiten den bitartean, betiere halakoak kentzen badira giltzapetua epai- edo administrazio-agintari baten aurrean agertzen denean; b) Medikuntza-arrazoiengatik eta medikuak berak hala adierazita; c) Zuzendariaren aginduz, saihesteko zer eta, giltzapetuak bere buruari min ematea edota kalte materialak egitea; halako kasuetan, zuzendariak berehala kontsulta egin beharko dio medikuari eta administrazioko goi agintaritzari horren berri eman.

34. Espetxeetako administrazio nagusiak zehaztuko du, hertsadura-baliabideen artean, euretariko zein eredu eta erabilera-metodo baimendu. Horren aplikazioak ezin izango du iraun behar-beharrezko denbora baino gehiago.

Giltzapetuentzako informazioa eta horiek duten kexatzeko eskubidea

35. 1) Giltzapetu bakoitzak, establezimenduan sartzen den unean, idatzizko informazioa jasoko du jarraikoei buruz: giltzapetua zein kategoriatan barruratu den, establezimendu horren diziplina-erregelak eta informazioa eskuratzeko eta kexak egiteko baimendutako baliabideak nolakoak diren; eta beste edozein informazio, baldin eta hori beharrezkoa bada bere eskubideak eta betebeharrak ezagutzeko eta establezimenduaren bizimodura egokitzeko. 2) Giltzapetua analfabetoa baldin bada, orduan informazio hori ahoz emango zaio.

36. 1) Giltzapetu orok lanegun bakoitzean izango du aukera bere eskabideak edo kexak aurkezteko establezimenduaren zuzendariari edo berori ordezkatzeko baimena duen funtzionarioari. 2) Eskabideak edo kexak espetxeetako ikuskatzaileari aurkeztu ahal izango zaizkio, ikuskapena egiten duenean. Giltzapetuak hitz egin dezake ikuskatzailearekin edo ikuskapena egiteko ardura duen beste edozein funtzionariorekin, zuzendaria edo establezimenduaren lankideetako beste giltzapetu bat aurrean ez badago ere. 3) Giltzapetu orok baimena du eskabide edo kexa bat igortzeko espetxeetako administrazio nagusiari, epai-agintariari edota beste izaerako agintari eskudunari, ezarritako bidea erabilita eta zentsurarik gabe edukiari dagokionez, formaren aldetik ere zor dena egoki beteta. 4) Eskabidea edo kexa ageri-agerian ausartegia edo ganoragabekoa izan ezik, atzerapenik gabe aztertuko da; halaber, giltzapetuari bidezko epean emango zaio erantzuna.

Kanpo-harremanak

37. Giltzapetuek baimena izango dute, aldian-aldian eta bidezko zaintzapean, bere familiartekoarekin eta izen ona duten lagunekin harremanetan jartzeko, postaz nahiz bisiten bidez.

38. 1) Atzerriko naziotasuna duten giltzapetuek erraztasun egoki guztiak izango dituzte euren diplomazia eta kontsuletxeko ordezkariekin harremanetan jartzeko. 2) Herrialdean diplomazia eta kontsuletxeko ordezkaririk ez duten estatuetako giltzapetu nazionalek eta errefuxiatu eta aberrigabeek ere erraztasun berberak izango dituzte euren interesen ardura duen estatuaren diplomazia ordezkariarengana zuzentzeko edo eurak babesteko eginkizuna duen nazioko zein nazioarteko agintariarengana zuzentzeko.

39. Giltzapetuei aldian-aldian jakinaraziko zaizkie gertaera garrantzitsuenak, dela egunkari, aldizkari edo espetxeetako argitalpen berezien irakurketaren bitartez, dela irrati, hitzaldi edo beste edozein antzeko baliabideen bitartez, betiere administrazioaren baimenarekin eta bere kontrolpean.

Liburutegia

40. Establezimendu bakoitzak liburutegi bat izango du, behar besteko liburu irakasgarriz eta jolaserako liburuz hornituta, kategoria guztietako giltzapetuen erabilerarako. Giltzapetuei eskatuko zaie liburutegia ahalik eta gehien erabiltzea.

Erlijioa

41. 1) Establezimenduak biltzen badu erlijio bereko giltzapetu kopuru nahikoa, kultu horren ordezkari baimendua izendatu edo onartuko da. Giltzapetu kopuruak justifikatzen badu eta inguruabarrek ahalbidetzen badute, aipatu ordezkariak jarraikako izaerarekin emango beharko du zerbitzua. 2) 1. paragrafoaren arabera izendatutako ordezkari baimenduak aldian-aldian erlijio-zerbitzuak antolatzeko baimena izan beharko du eta kasuan-kasuan bere erlijioko giltzapetuei artzain-bisitak egiteko. 3) Giltzapetu bati ezin zaio inoiz ere ukatuko erlijio bateko ordezkari baimenduarekin harremanetan jartzeko eskubiderik. Eta, alderantziz, giltzapetu bat erlijio bateko ordezkariaren bisitaren aurka dagoenean, erabat errespetatu beharko da bere jarrera.

42. Ahal den neurrian, giltzapetu orok izango du baimena bere erlijioaren aginduak betetzeko; era berean, establezimenduan antolatzen diren zerbitzuetan parte hartu ahal izango du eta eskuragarri izango ditu deboziozko liburuak eta bere sinesmenaren erlijio ikasbiderako liburuak.

Giltzapetuei dagozkien objektuak gordailutzea

43. 1) Giltzapetua establezimenduan sartzen denean berez dituen dirua, baliozko objektuak, arropak eta bestelako gauzak leku ziur baten gordeko dira, erregelamenduak ez badio baimenik ematen gauza horiek berarekin atxikitzeko. Horren guztiorren inbentarioa egingo da eta giltzapetuak sinatu egingo du. Beharrezko neurriak hartuko dira objektu horiek egoera onean egon daitezen. 2) Giltzapetua aske geratzen den unean, bere objektuak eta dirua itzuliko zaizkio, salbuespen batzuk gorabehera, hala nola, gastatu duen dirua, horretarako baimena zuelako; behar den baimenarekin kanpora igorri dituen objektuak; eta suntsitu diren arropak, garbitasun-arrazoiengatik beharrezkoa ikusi bada halakoa egitea. Giltzapetuak hartze-agiri bat sinatuko du, itzuli zaizkion objektuen eta diruarengatik. 3) Giltzapetuak kanpotik hartzen dituen balio eta objektuei ere erregela berberak aplikatuko zaizkie. 4) Giltzapetuak berarekin badakartza botika edo sorgorgarriak, establezimenduan sartzen den unean, medikuak erabakiko du horiekin zer egin behar den.

Heriotza, gaixotasunak eta lekualdaketak jakinaraztea

44. 1) Giltzapetua hiltzen denean edo gaixotasun edo istripu larriak dituenean, edota gaixotasun mentalak dituztenentzako establezimendu batera lekualdatzen denean, zuzendariak berehala emango dio horren berri giltzapetuaren ezkontideari, ezkonduta badago, edo ahaiderik hurbilenari eta edozein kasutan ere, giltzapetuak berak aurretiaz izendatu duen beste edozein pertsonari. 2) Giltzapetuari berehala emango zaio ahaide hurbilenen baten heriotzaren edo gaixotasun larri baten berri. Ahaide horrek gaixotasun larriren bat badu, giltzapetuari baimena emango zaio, inguruabarrek hori ahalbidetzen dutenean, gaixoarengana joateko, bakarrik edo zaintzapean. 3) Giltzapetu orok du eskubidea bere atxiloketa edo beste establezimendu batera lekualdatzearen berri bere familiari berehala emateko.

Giltzapetuak lekualdatzea

45.

1) Giltzapetuak establezimendu batera eraman behar direnean edo beste batera lekualdatu, ahaleginak egingo dira jendearen aurrean ahalik eta gutxien egon daitezen; halaber, neurriak hartuko dira giltzapetuak irainetatik eta jendearen jakin-nahietatik babesteko eta, oro har, edozein motatako publizitatea saihesteko.

2) Giltzapetuak garraiatzeko orduan, aireztapen eta argiztapen baldintza txarrak debekatu egingo dira, bai eta sufrimendu fisikoa eragin dezakeen edozein garraiobide ere. 3) Giltzapetuen lekualdatzea administrazioren kontura egingo da eta guztientzako berdintasun-baldintzetan.

Espetxeetako langileak

46. 1) Espetxeetako administrazioak arreta handiz hautatuko ditu maila guztietako langileak; izan ere, langile horien zintzotasun, gizatasun, trebetasun pertsonal eta lanbide-gaitasunaren mende dago espetxeetako zuzendaritza egokia. 2) Espetxeetako administrazioak ahaleginak egingo ditu langileen gogoan eta iritzi publikoan halako ustea pizteko eta sustatzeko, hau da, espetxeetako eginkizuna gizarte-zerbitzua dela, garrantzi handikoa eta, horretarako, baliabide egoki guztiak erabiliko ditu, jendeak horren argibideak izan ditzan. 3) Helburu horiek lortzeko behar-beharrezkoa da langileek bakar-bakarrik jardutea espetxeetako funtzionario profesional gisa eta enplegatu publikoaren izaera edukitzea; hainbatez, ziurtasun osoa izatea euren enpleguaren egonkortasuna, soil-soilean, euren portaera egokiaren mende dagoela, euren lanaren eraginkortasunaren mende eta euren gaitasun fisikoaren mende. Langileen ordainsaria egokia izan beharko da, gai diren gizon eta emakumeen zerbitzuak lortzeko eta horiei eusteko.Lanbide-karreraren abantailak eta zerbitzuaren baldintzak zehaztuko dira, kontuan hartuta euren eginkizunen izaera nekagarria.

47. 1) Langileek maila intelektual nahikoa izan behar dute. 2) Zerbitzuan hasi aurretik, prestakuntza-ikastaro orokor eta berezi bat egin behar dute, eta proba teorikoak nahiz praktikoak ongi gainditu. 3) Zerbitzuan sartu eta gero eta lanbide-karreran zehar, langileek euren ezaupideei eta euren lanbide-gaitasunari eutsi beharko dizkie eta horiek hobetu, aldian-aldian antolatzen diren hobekuntza-ikastaroak jarraituz.

48. Langile guztiek jakin behar dute inguruabar guztietan euren jokabidea eta eginkizunak betetzen, euren ereduak sor ditzan giltzapetuen artean, begirunea eta eragin onuragarria.

49. 1) Ahal den neurrian, langileen artean espezialista kopuru nahikoa izan behar da, hala nola, psikiatrak, psikologoak, gizarte-langileak, maisuak eta irakasle teknikoak. 2) Gizarte-langile, maisu eta irakasle teknikoen zerbitzuak aldioro mantendu behar dira, iraupen mugatuko lanaldia duten laguntzaile eta boluntarioen zerbitzuak baztertu gabe.

50. 1) Establezimenduaren zuzendaria gai izan behar da bere eginkizuna betetzeko, aintzat hartuta haren izaera, administraziorako ahalmena, prestakuntza egokia eta halako gaietan duen eskarmentua. 2) Bere denbora guztia eskaini beharko dio eginkizun ofizial horri eta halakoa ezin izango da hartu ordutegi zehatz baten mende dagoen eginkizun gisa. 3) Establezimenduan bizi beharko da edota gertuko inguruan. 4) Bi establezimendu edo gehiago daudenean zuzendari bakarraren agintepean, orduan zuzendariak maiztasunez bisitatuko ditu bi-biak. Establezimendu bakoitza bertan bizi den funtzionario arduradun batek zuzenduko du.

51. 1) Establezimenduaren zuzendariak, zuzendariordeak eta langile gehienek giltzapetu gehienek hitz egiten duten hizkuntza jakin beharko dute edo giltzapetu gehienek ulertzen duten hizkuntza bat. 2) Beharrezkoa denean interprete baten zerbitzuak erabiliko dira.

52. 1) Nolabaiteko garrantzia duten establezimenduetan mediku baten edo batzuen etengabeko zerbitzua eskaini beharko da, eta, gutxienez horietako bat establezimenduan bertan edo gertuko inguruan bizi beharko da. 2) Gainerako establezimenduetan, medikuak egunero egingo die bisita presoei; halaber, medikua bera establezimendutik hurbil biziko da, atzerapenik gabe establezimendura joan ahal izateko, larrialdiko kasuren bat gertatzen den bakoitzean.

53. 1) Establezimendu mistoetan, emakumeen alderdia funtzionario arduradun emakume baten zuzendaritzapean egongo da, eta berak gordeko ditu establezimenduko alderdi horren giltzak. 2) Gizonezko funtzionarioak ezin izango dira emakumeen alderdian sartu, langileen arteko emakume batek lagunduta ez bada. 3) Emakume giltzapetuen zaintza egikarituko dute, bakar-bakarrik emakume funtzionarioek. Hala ere, horrek ez du baztertzen gizonezko funtzionarioek, batik bat, medikuek eta irakasleek, euren lanbide-eginkizunak bete ahal izatea emakumeentzako erreserbatutako establezimendu edo alderdietan.

54. 1) Establezimenduetako funtzionarioek ezin izango dute indarkeriarik erabili giltzapetuekin dituzten harremanetan, honako kasu hauetan izan ezik: bidezko defentsan, ihes egiteko saiakuntzan edo jarkitze kasuetan, legean eta erregelamenduetan oinarritutako agindu baten aurrean, indarra edo inertzia fisikoa erabilita. Besterik ezean indarkeria erabil behar duten funtzionarioek hura erabiliko dute behar-beharrezkoa den neurrian bakarrik eta berehala emango diote gertatukoaren berri establezimenduaren zuzendariari. 2) Espetxeetako funtzionarioei entrenamendu fisiko berezia emango zaie, giltzapetu bortitzak menperatu ahal izateko. 3) Egoera berezietan izan ezik, presoekin zuzenean diharduten agenteek ez dute armarik eramango. Bestalde, langileek ezin izango dute armarik erabili, langile horri aurretiaz irakatsi ez bazaio halakoak erabiltzen.

Ikuskapena

55. Ikuskatzaile aditu eta esperientziadunek, agintari eskudunak izendatuek, ikuskatuko dute aldian-aldian establezimenduak eta espetxeetako zerbitzuak. Beren-beregi arduratuko dira establezimenduak legeen eta indarrean dauden erregelamenduen arabera administratu daitezen, espetxe- eta zentzategi-zerbitzuen helburuak lortzeko asmoarekin.

Bigarren zatia

Kategoria bereziei aplikagarri zaizkien erregelak

A- Kondenatuak

Printzipio artezkariak

56. Jarraian zerrendatuko diren printzipioen xedea da espetxe-sistemak administratzeko izaera definitzea eta, orobat, horiek izan behar dituzten helburuak, testu honen atariko lehenengo oharrean egindako adierazpenarekin bat etorriz.

57.

Espetxealdi-zigorra eta gainerako neurriak, delitugilea kanpo-harremanetatik baztertzea xede dutenak, zigor samingarriak dira, norbanakoari bere buruaren jabe izateko eskubidea kentzen baitiote, askatasuna kentzen diotenean.

Horrenbestez, bidezkoak diren bereizte-neurriei edo diziplina gordetzeari kalterik egin gabe, espetxe-sistemak ezin ditu halako egoerari datxezkion sufrimenduak areagotu.

58. Zigorren eta askatasuna kentzen duten neurrien xedea eta justifikazioa da, azken finean, gizartea krimenaren aurka babestea. Xede hori bakar-bakarrik erdietsiko da askatasuna kentzen den aldia aprobetxatzen bada,ahal den neurrian, lortzeko zer eta, delitugileak nahi izatea, askatu ondoren, legea errespetatzea eta bere beharrizanak asetzearekin batera, berori egiteko gai izatea ere.

59. Asmo hori lortzeko, espetxe-erregimenak neurri sendagarri, hezigarri, moral, espiritual eta beste izaerako neurri guztiak erabili beharko ditu eta erabilgarri dituen laguntza-era guztiak; halaber, horiek aplikatzen ahaleginduko da, kontuan izanik delitugile bakoitzaren tratamenduaren premiak.

60. 1) Establezimenduaren erregimenak aintzat hartu beharko ditu espetxeko bizitzaren eta bizitza askearen artean egon daitezkeen desberdintasunak eta horiek gutxitu, neurri horiek giltzapetuaren erantzukizun sena edota bere buruaren duintasunarekiko errespetua ahultzea ekartzen badute. 2) Komeni da, zigor baten edo neurri baten exekuzioa bete baino lehen, beharrezko neurriak hartzea, giltzapetuari ziurtatzeko gizartearen bizimodura itzultzeko bidea, mailaz maila egin beharrekoa. Helburu hori erdietsi daiteke, kasuen arabera, askatasunerako prestatze-erregimen baten bidez. Prestatze hori establezimenduan bertan antolatuko da edo beste erakunde egoki batean, edota baldintzapeko askatasunaren bitartez gauzatuko da, betiere zaintzapean, zaintza hori poliziari baino, gizarte-laguntza eraginkor bati emango zaiola.

61. Tratamendu horretan ezin izango da azpimarratu giltzapetuak gizartean baztertuta daudenik, aitzitik, azpimarratu beharko da gizartearen zati bat izaten jarraitzen dutela. Helburu horretarako, ahal den neurrian, erkidegoaren erakundeen lankidetza baliatu behar da, erakunde horiek establezimenduaren langileei lagun diezaieten giltzapetuak gizarteratzeko zereginetan. Espetxe bakoitzak gizarte-langileen laguntza izango du eta horien ardura izango da giltzapetuak bere familiarekin eta berarentzat onuragarri izan daitezkeen gizarte erakundeekiko harremanak zaintzea eta hobetzea. Era berean, kudeaketa-lanak egin beharko dira, halakoak legearekin eta ezarritako zigorrarekin bateragarriak diren heinean, interes zibilei dagozkien eskubideak, gizarte segurantzaren eskubideen onurak eta, oro har, giltzapetuen bestelako gizarte-abantailak babesteko.

62. Establezimenduaren mediku-zerbitzuek ahaleginak egingo dituzte giltzapetuaren birgaikuntza oztopatzen duten urritasunak edo gaixotasun fisiko edo mentalak aurkitu eta tratatzeko. Helburu hori lortzeko egokitzat jotzen den edozein tratamendu mediko, kirurgiko eta psikiatriko aplikatu beharko da.

63. 1) Printzipio horiek tratamendua bakoiztea eskatzen dute eta horrek, halaber, giltzapetuak taldeka sailkatzeko sistema malgua. Horrenbestez, komeni da taldeak establezimendu desberdinetan banatzea, talde bakoitzak izan dezan behar duen tratamendua. 2) Establezimendu horiek ezin dituzte segurtasun-neurri berberak hartu talde guztiei begira. Komenigarri izango da segurtasun-maila desberdinak ezartzea, kontuan izanik zer den beharrezkoa talde desberdin bakoitzarentzat. Establezimendu irekietan, bertan ihesaren aurkako segurtasun fisikoaren alorreko neurririk ez dagoela eta giltzapetuen autodiziplina aintzat hartzen duten horietan, baldintzarik egokienak ematen zaizkie bereziki hautaturiko giltzapetuei, arrazoi horiek direla bide, euren birgaikuntzarako. 3) Establezimendu itxietan komeni da saihestea giltzapetuen kopuru handia, kopuru gehiegizko hori dela banakako tratamendua oztopatzeko arrazoia. Herrialde batzuetan uste ohi da establezimenduetan ezin direla egon 500 giltzapetu baino gehiago. Establezimendu itxietan, atxilotuen kopurua ahalik txikiena izan beharko da. 4) Aitzitik, ez da komeni erregimen egoki bat antolatzeko txikiegiak diren establezimenduak mantentzea.

64. Gizartearen eginbeharra ez da bukatzen giltzapetua aske utzita. Hartara, eskuragarri egon beharko dira gobernu- erakundeen nahiz erakunde pribatuen zerbitzuak, gai direnak aske geratu den giltzapetuari laguntza eraginkorra emateko, zigorra bete eta ondoren, laguntza horren bitartez berarekiko aurreiritziak gutxitzeko, eta bere gizarteratzea errazteko.

Tratamendua

65. Askatasunaz gabetzeko zigorra edo neurria bete behar duten kondenatuen tratamenduaren helburua izan behar da, kondenaren iraupenak halakoa ahalbidetzen duen heinean, kondenatuei euren gogoa aldatzea, legearen arabera bizi daitezen eta haiengan sortzea halakoa egiteko gaitasuna. Tratamendu hori bideratuko da zertara eta, euren buruarekiko begirunea sustatzera eta erantzukizun sena garatzera.

66. 1) Helburu hori lortzeko, aintzat hartuko beharko dira, bereziki, erlijio-laguntza, halakoa bideragarria den herrialdetan; lanbide-irakaskuntza, -orientazio eta -heziketa; gizarte-laguntzarako banakako metodoak; enpleguari, garapen fisikoari eta heziketa moralari buruzko aholkularitza, hori guztiori giltzapetu bakoitzaren banakako beharrizanen arabera. Kontuan hartu beharko dira, halaber, haien iragan soziala eta kriminala, haien ahalmen eta gaitasun fisikoak, dohain pertsonalak, kondenaren iraupena eta aske geratzen direnerako aukerak. 2) Iraupen jakin bateko zigorra edo neurria betetzera kondenatua izan den giltzapetua establezimenduan sartzen dutenean, lehenbailehen igorriko zaio espetxeko zuzendariari aurreko paragrafoan aipatu ikuspuntuei buruzko txostena. Txosten horrekin batera, giltzapetuaren egoera fisiko eta mentalari buruzko medikuaren txostena ere igorriko zaio, ahal dela psikiatrian adituarena. 3) Txostenek eta gainerako agiri egokiek banako espedientea osatuko dute. Espediente horiek egunean egongo dira eta euron arduradunak beharrezkoa den guztietan kontsultatzeko moduan sailkatuko dira.

Sailkapena eta bakoizpena

67. Sailkapenaren helburuak izango dira: a) Iragan kriminala edo jarrera txarra duten giltzapetuak banatzea, horien eragina kaltegarria izango bailitzateke gainerako atxilotuentzat; b) Giltzapetuak taldeka bereiztea, euren gizarteratzera bideratutako tratamendua errazteko.

68. Giltzapetu talde desberdinentzako establezimenduetan, ahal bezain laster, leku bereiziak edo atal bereiziak egongo dira.

69. Iraupen jakin baterako zigor edo neurri bat betetzera kondenatua izan dena establezimendu batean sartzen den bezain laster, eta bere nortasuna aztertu eta gero, banako tratamendu bat ezarriko da, kontuan izanik giltzaperatuaren banako beharrizanei, bere gaitasunari eta bere joerei buruz lortutako datuak.

Pribilegioak

70. Establezimendu bakoitzak bere pribilegio-sistema ezarriko du, betiere, giltzapetu talde desberdinekin eta tratamendu-metodo desberdinekin bat datorrena, zertarako eta, portaera ona bultzatzeko, erantzukizun sena garatzeko eta giltzapetuen interesa eta lankidetza sustatzeko, euren tratamenduari dagokionez.

Lana

71. 1) Espetxeetako lana ezin da samingarria izan. 2) Kondenatu oro behartuta dago lan egitera, medikuak zehaztutakoaren arabera, bere gaitasun fisiko eta mentala kontuan izanik. 3) Giltzapetuei emango zaie lan emankorra eta nahikoa, lanaldi arrunt batek irauten duen bitartean okupatuta egon daitezen. 4) Ahal den neurrian, lan horrek, bere izaeragatik, lagundu egin behar lioke giltzapetuari, aske geratu eta gero, bizimodua zintzotasunez ateratzeko duen gaitasuna gorde eta areagotzen. 5) Lanbide-heziketa eskainiko zaie, halakoa aprobetxatzeko egoeran dauden giltzapetuei, batik bat, gazteei, ogibide baliagarriren bat izan dezaten. 6) Lanbide-hautatze zentzudun batekin eta espetxeetako administrazio eta diziplinak eskatzen dutenarekin bateragarriak diren mugen barruan, giltzapetuek aukera dezakete egin nahi duten lan mota.

72. 1) Espetxeetako lan-antolaketa eta -metodoak izan beharko dira, ahalik neurri zabalenean, establezimendutik kanpo lan berdintsuari aplikatzen zaizkionaren antzekoak, giltzapetuak prestatuta egon daitezen lan askearen ohiko baldintzetarako. 2) Edonola ere, giltzapetuen interesa eta horien lanbide-heziketa ezin izango dira geratu espetxe-industria baten diru-onurak lortzeko asmoaren mende.

73. 1) Espetxeetako industriak eta abeletxeak gehienbat administrazioak gobernatu beharko ditu eta ez kontratista pribatuek. 2) Administrazioak kontrolatzen ez duen lanen batean lanean hasten diren giltzapetuak beti espetxeko langileen zaintzapean egongo dira . Lana gobernuaren beste sail batzuetarako egin ezean, norentzat egin lana eta, horiek ordainduko diote administrazioari lan horrengatik galdatzen den ohiko soldata, betiere, kontuan izanik giltzapetuaren lan-etekina.

74. 1) Espetxeetan ere, langile askeen segurtasuna eta osasuna babesteko xedatutako neurri berberak hartuko dira. 2) Neurriak hartuko dira giltzapetuei kalte-ordainak emateko lan-istripuengatik eta lanbide-gaixotasunengatik, legeak langile askeentzat agintzen dituen antzeko baldintzetan.

75. 1) Legeak edo administrazio-araubide batek finkatuko ditu giltzapetuek egunero eta astero egin beharreko lanorduak; kontuan hartuko dira, halaber, tokian tokiko erregelamendu eta ohiturak, langile askeen lanari dagokionez. 2)Horretarako finkatu diren orduetan kontuan hartuko dira asteroko atseden-eguna eta heziketarako eta aurreikusitako jardueretarako denbora nahikoa, giltzapetuaren tratamenduari eta birgaikuntzari begira.

76. 1) Giltzapetuen lanaren ordainsaria bidezkoa izan beharko da. 2) Erregelamenduaren arabera, giltzapetuek erabili dezakete gutxienez euren ordainsariaren zati bat euren objektu pertsonalak erosteko eta beste zati bat euren familiei bidaltzeko. 3) Era berean, erregelamenduak arautu beharko du administrazioak gorde beharreko ordainsariaren zatia, zati horren helburua izango da funts bat eratzea, funts hori giltzapetuari emango zaiola aske geratzen denean.

Heziketa eta aisialdia

77. 1) Neurriak hartuko dira heziketa hobetzeko, halakoa aprobetxatzeko gaitasuna duten giltzapetuen kasuan, erlijio-heziketa barne, hori bideragarria den herrialdetan. Analfabetoen eta giltzapetu gazteen heziketa nahitaezkoa izango da eta administrazioak arreta berezia jarri beharko du horretan. 2) Giltzapetuen heziketa, ahal den bezain laster, heziketa publikoaren sistemarekin koordinatuko da, giltzapetuak aske geratzen direnean zailtasunik gabe jarraitu ahal izateko euren prestakuntzan.

78. Giltzapetuen ongizate fisiko eta mentalari begira, jolas- eta kultura-jarduerak antolatuko dira establezimendu guztietan.

Gizarte-harremanak eta zigorra bete eta geroko laguntza

79. Beren-beregi zainduko da giltzapetuaren eta bere familiaren arteko harremanak gordetzea eta hobetzea, harreman horiek komenigarriak direnean bi alderdientzat.

80. Behar bezala kontuan hartuko da, kondena betetzen hasten denetik, giltzapetuaren geroa, aske geratu ondoren. Giltzapetua bultzatu egin behar da mesedegarri izan dakizkiokeen harremanak izan edo ezarri ditzan, kanpoko pertsona edo erakundeekin, betiere harreman horiek onuragarri direla bere familiaren interesentzat edota bere gizarte-birgaikuntzari begira.

81. 1) Zerbitzu eta erakunde ofizialek zein ez ofizialek, aske geratzen diren giltzapetuei laguntzen dietenek, emango dizkiete askatuei, ahal den neurrian, beharrezko nortasun-agiriak eta bestelakoak, ostatua, lana, klima eta sasoia kontuan hartuta aukerakoak eta egokiak diren arropak, bai eta beharrezko baliabideak euren helmugara iristeko eta askatu eta berehalako epealdiari aurre egiteko. 2) Erakunde horiek egiaztaturiko ordezkariak establezimenduetan sar daitezke beharrezkoa denean eta giltzapetuak bisitatu. Haiei aholkua eskatuko zaie giltzapetu bakoitzaren birgaikuntza egitasmoei buruz, giltzapetua establezimenduan sartzen den unetik bertatik. 3) Komeni da erakunde horien jarduera, ahal den neurrian, zentralizatu eta koordinatzea, jarduera horien erabilerarik egokiena ziurtatzeko.

B.- Ero diren eta buruko gaixotasunak dituzten giltzapetuak

82. 1) Ero diren pertsonak ezin izango dira kartzelan sartu. Neurriak hartuko dira horiek ahalik eta azkarren buruko gaixotasunak dituztenentzako establezimenduetara eramateko. 2) Buruko gaixotasunak edo anormaltasunak dituzten giltzapetuak, medikuek zuzentzen dituzten erakunde berezietan zaindu eta tratatuko dira. 3) Giltzapetu horiek, kartzelan dauden bitartean, mediku baten zaintzapean egongo dira. 4) Espetxeetako mediku-zerbitzuek edo zerbitzu psikiatrikoek ziurtatu behar die tratamendu psikiatrikoa gainerako giltzapetu guztiei, halakoa behar dutenean.

83. Komeni da neurriak hartzea, erakunde eskudunekin bat etorriz, beharrezkoa denean, tratamendu psikiatrikoarekin jarraitzeko, aske geratu ondoren ere, eta laguntza psikiatrikoa ziurtatzeko, zigorra bete eta gerora begira ere.

C.- Aurreneurrizko espetxealdian dauden atxilotuak

84. 1) Jarraiko xedapenen ondorioetarako “akusatua” da, zigor-legearen aurkako arau-hauste batengatik, atzitua edo espetxeratua izan den pertsona oro edota polizia-lokal batean edo kartzelan atxilotuta egon eta oraindik epaitua izan ez dena. 2)Akusatuak errugabetasun-presuntzioa izango du eta horren arabera tratatuko da. Banakako askatasuna babesteari buruzko lege-xedapenei kalterik egin gabe edota akusatuei dagokienez jarraitu beharreko prozedura finkatzen duen xedapenei kalterik egin gabe, akusatuek erregimen berezi bat izango dute eta erregimen horren oinarrizko gaiak bakar bakarrik jarraian adierazten diren erregeletan zehazten dira.

85. 1) Akusatuak giltzapetu kondenatuengandik bananduta egongo dira. 2) Akusatu gazteak helduengandik bananduta egongo dira. Hasieran, establezimendu desberdinetan atxilotuko dira.

86. Akusatuek banakako zigor-geletan lo egingo dute, kontuan izanda klima dela eta, tokian tokiko ohiturak.

87. Establezimenduaren ordena egokiarekin bateragarriak diren mugen barruan, akusatuek, hala nahi izanez gero, euren kontura elikatzeko aukera izango dute eta horretarako elikagaiak kanpoan lortuko dituzte, administrazioren, familiaren edo lagunen bitartez. Hala ez denean, administrazioak emango dizkie elikagaiak.

88. 1) Akusatuak baimena izango du bere jantziak erabiltzeko, betiere, garbiak daudenean eta itxurazkoak direnean. 2) Establezimenduko uniformea badarama, hori kondenatuen uniformetik bereizi egingo da.

89. Akusatuari beti eskainiko zaio lan egiteko aukera; aldiz, ez zaio lan egiterik galdatuko. Lan egiten badu, orduan ordaindu egingo zaio.

90. Akusatu orok izango du baimena, bere kabuz edo hirugarren baten bitartez lortzeko liburuak, egunkariak, idazteko tresneria, bai eta beste zeregin batzuetarako baliabideak, justizia-administrazioaren interesarekin eta establezimenduko segurtasun eta ordena egokiarekin bateragarriak diren mugen barruan.

91. Akusatuak baimena izango du bere mediku edo dentistak berari bisitak egin eta bera artatzeko, bere eskaria arrazoizkoa bada eta halako gastua ordaintzeko baldintzetan badago.

92. Akusatuak berehala eman ahal izango dio bere familiari atxiloketaren berri; orobat, bidezko erraztasun guztiak emango zaizkio akusatuari bere familiarekin eta bere lagunekin harremanetan jartzeko eta horien bisita izateko, betiere, justizia-administrazioaren eta establezimenduko segurtasun eta ordena egokiaren intereserako beharrezko murrizketen eta zaintzaren menpe.

93. Akusatuak baimena izango du ofiziozko defendatzaile baten izendapena eskatzeko, laguntza hori aurreikusi denean eta bere abokatuaren bisitak izateko, bere defentsa dela eta. Berebat,isilpeko jarraibideak prestatu ahal izango ditu eta defendatzaileari eman. Horretarako, nahi badu, idazteko tresneria emango zaio. Abokatuarekin elkarrizketan dagoen bitartean, akusatua begien bistako zaintzapean egon daiteke, baina polizia-funtzionarioak edo espetxeko funtzionarioak ezin izango du elkarrizketarik entzun.

D.- Zorrengatik edo espetxealdi zibila betetzera zigortuak

94. Herrialde batzuetan legeriak xedatzen ditu hala zorrengatiko espetxealdia nola zigor izaera ez duen prozeduraren ondorioz, epailearen erabakiz xedatutako beste espetxealdi mota batzuk; halakoetan, aurrekoak direla eta, zigortuek ezin izango dute jaso murrizketa gehiagorik ezta tratu estuagorik ere, segurtasunerako edo ordena zaintzeko eskaturikoa baino. Ematen zaien tratua ez da inola ere izango akusatuei dagokiena baino estuagoa, edonola ere, lan egiteko behin-behineko betebeharrari kalterik egin gabe

E.- Aurkako kargurik ez duten giltzapetuak, atxilotuak edo espetxeratuak

95. Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 9. artikuluaren xedapenei kalterik egin gabe, aurkako kargu barik atxilotu edo espetxeratu diren pertsonek lehen zatian eta bigarren zatiaren C atalean aurreikusitako babes berbera izango dute. Halaber, aplikagarriak izango dira bigarren zatiaren A atalaren kasuan kasuko xedapenak, aplikazio horrek onura eragingo badio zaintzapean dagoen talde berezi horri, betiere, onartzen diren neurriek ez badakarte honako ideia, hau da, berreziketa eta birgaikuntza zigor-delitu batengatik kondenaturik ez dauden pertsonei dagozkiela.