182008forulegea,

18/2008 Foru Legea,Nafarroako ekonomia suspertzeko 2009-2011 urteetarako neurriei buruzkoa

Nafarroako Parlamentua

18/2008 FORU LEGEA, azaroaren 6koa, Nafarroako ekonomia suspertzeko 2009-2011 urteetarako neurriei buruzkoa.

NAO, 140. ALDIZKARIA - 2008ko azaroaren 17a

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

FORU LEGEA, NAFARROAKO EKONOMIA SUSPERTZEKO 2009-2011 URTEETARAKO NEURRIEI BURUZKOA.

ZIOEN AZALPENA

Egoera ekonomikoari dagokionez, jardueraren dezelerazio argia bizi dugu egun, bai nazioartean bai Espainian, eta horrek, dudarik gabe, eragina izanen du Nafarroako ekonomian. Egoera honen jatorrian nazioarteko finantza krisia, petrolioaren prezioen gorakada nabarmena eta lehengaien garestitze orokorra daude; Espainian, gainera, etxebizitzen eraikuntzaren sektorea, duela gutxira arte ekonomia nazionalaren eragileetako bat izan dena, gelditu egin da bat-batean. Aurka ditugun fenomeno ekonomiko horiek eragin handikoak dira eta, epe laburrean nahiz ertainean, aurrean testuinguru ekonomiko zaila izanen dugula iradokitzen dute.

Nafarroako Gobernua, egoeraz jabeturik, egoera ekonomiko negatibo honi aurre egiten ahalegintzeko xedeari begira jarri eta ekintza politikoaren zenbait ildo jorratzen aritu da azken hilabeteotan. Ekimenek printzipio hauek dituzte gidari:

-Jarduera ekonomikoa sortzea enpleguen desagerpenari mugak jarri ahal zaizkion sektoreetan, bereziki eraikuntzan, etxebizitzen zaharberritzean eta azpiegitura publikoetan.

-Pertsonei eta familiei lagunduko dieten erreforma fiskalak bultzatzea, PFEZaren bidez, bai eta enpresei ere, BEZaren eta Sozietateen gaineko Zergaren kudeaketaren bidez.

-Enpresa ekimenak arintzea, abalak lortzeko bideak erraztuz eta, horren ondorioz, ekimen pribatuko proiektuetarako finantzaketa.

-Gastu publikoa kontrolatzea, zergen bidezko diru-bilketa txikiagoak defizit fiskal handirik ekar ez dezan.

Ekimen publiko horietan guztietan, Nafarroako Gobernuak behar zen adostasuna bilatu du beste indar politikoen artean, batetik neurriak gauzatzeko sostengua lortu behar zelako eta, bestetik, beste alderdi politiko garrantzizko batzuek Nafarroako ekonomiaren egoera konplexu honi aurre egiteko ekintzak proposatzen parte-hartze aktiboa izateko asmoa adierazia zutelako.

Esparru zabaleko lehen neurria "Nafarroa 2012" Plana izan da, Nafarroako Gobernuak 2008ko apirilaren 21ean onetsia, 2008ko apirilaren 14an Nafarroako Alderdi Sozialistarekin akordioa izenpetu ondoren. Plan horretan aurreikusirik dago 2008tik 2011ra bitarteko urteetan 4.508,9 milioi euroko inbertsioa egitea ekipamendu eta azpiegitura publikoetan. "Nafarroa 2012 Plana" 2008ko maiatzaren 23an onetsi zuen Nafarroako Parlamentuak.

Nolanahi ere, Nafarroako ekonomia suspertzeko neurri garrantzitsu hau finantza eta zerga arloetako neurriekin osatu behar da, eta horretarako prestatu da foru lege hau, bai eta aurrerago kasuan kasuko arau mailarekin ezarriko diren beste ekimen batzuk ere.

Neurri fiskalek pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta sozietateen gaineko zergaren esparruei eragiten diete.

Lehenbizikoan neurri ugari hartu dira, gehien bat Nafarroan 2009tik 2011ra etxebizitzak zaharberritzea sustatzeko politika aktiboaren inguruan, eta halaber PFEZaren bidez zama fiskala nabarmen murrizteko xedearekin, zergak ordaintzen dituzten errenta baxuenen kasuan.

Hortaz, ohiko etxebizitza zaharberritzearen kontzeptua malgutu egin da, tratamendua balio erantsiaren gaineko zergak ematen dionaren antzekoa izan dadin; nabarmen handitu da orain arte indarra izan duten kenkarien zenbatekoa; eta pizgarri berezi bat ezarri da zaharberritzeko lanek energia eraginkortasuna hobetzeko neurriak ere hartzen dituzten kasurako.

Bestalde, laneko kenkaria aldatu da, helburu hauekin:

1. Lan etekinen zerga tratamendua hobetu, eta zergaren ekitatea eta zuzentasuna areagotzea.

2. Zergaren progresibitatea areagotzea, kenkaria handiagoa izatea onuragarria baita laneko errenta txikienentzat, eta onura hori zenbat eta eskalan altuago egon tartea orduan eta txikiagoa da. Horretarako, lau tarte ezarri dira kenkaria kalkulatzeko, orain dauden hiruen ordez.

3. Familiek erabilgarri duten errenta handitzea. Kenkaria handitzeak baliabide erabilgarri gehiago emanen dizkie zergadunei, eta horrek lagunduko du barneko eskaera bultzatzen, bai kontsumoarena bai inbertsioarena, produkzioa sustatzen eta jarduera handiagoa sortzen.

Foru lege honek ezartzen duen lan kenkari berria handiagoa da zenbatekoari dagokionez eta, lehen esan bezala, lau tarte ezarri dira hura kalkulatzeko.

Lehendabiziko tartean 9.100 euroko lan etekin garbiak edo txikiagoak dituzten zergadunak daude; horien kasuan kenkaria egungo 850 euroko zenbatekoa izatetik 1.290 euro izatera pasatuko da, eta beraz 440 euro gehiagokoa izanen da.

Bigarren tartean 9.100,01 eurotik 10.600 eurora bitarteko lan etekin garbiak dituzten zergadunak daude. Subjektu pasibo hauen lan kenkaria 1.290 eurokoa izanen da gehienez, eta murrizten joanen da gutxienekora (1.140 euro) iritsi arte, eragiketa hau eginez: 1.290 euroko zenbatekoa ken etekin garbi horien zenbatekoaren eta 9.100 euroren arteko kendura bider 0,1 eginik ateratzen den emaitza.

Hirugarren tartean 10.600,01 eurotik 45.800 eurora bitarteko lan etekin garbiak dituzten zergadunak daude. Subjektu pasibo hauen lan kenkaria 1.140 eurokoa izanen da gehienez eta murrizten joanen da gutxienekora (700 euro) iritsi arte, eragiketa hau eginez: 1.140 euroko zenbatekoa ken etekin garbi horien zenbatekoaren eta 10.600 euroren arteko kendura bider 0,125 eginik ateratzen den emaitza.

Laugarren tartean 45.800 eurotik gorako lan etekin garbiak dituzten zergadunak daude; horiek 700 euroko kenkaria aplikatuko dute. Horrekin alderaturik, esan beharra dago egungo araudian 700 euroko kenkari finko hori 10.600 eurotik gorako lan etekinak dituzten zergadunek aplikatzen dutela.

Elbarritasuna duten jarduneko langileen kasuan, kenkaria 1.500 eurokoa izatetik 1.750 eurokoa izatera pasatuko da, elbarritasun maila % 33koa edo handiagoa eta % 65 baino txikiagoa dela frogatzen denean; % 65eko elbarritasuna edo handiagoa duten jarduneko langileek, berriz, 3.250 euroko kenkaria aplikatuko dute, egungoa, 3.000 eurokoa, baino hobea, beraz. Laburbilduz, langile horien kenkaria 250 euro handiagoa izanen da, kontuan harturik gaur egun kenkariaren zenbatekoa ere zenbateko finko bat dela.

Sozietateen gaineko zergaren esparruan, hasteko, libre amortizatu beharreko elementuen unitateko zenbatekoa hirukoiztu egin da, eta 600 eurokoa izatetik 1.800 eurokoa izatera pasatu da. Horrekin batera, amortizazio azkarraren koefizientea igo da enpresa txikientzat, eta amortizazio taulan aurreikusitako koefizienteak bider 2 egin ahal izanen dituzte, orain arte aurreikusitako 1,5aren ordez.

Finantzen arloan, baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 75. artikuluan aurreikusitakoaren babesean, abalak emateko, gehienez ere 30.000.000 euro eginen dutenak, jarduera ekonomikoaren sektore zehatz batzuetara zuzendutako inbertsioen finantzaketan laguntzeko.

Foru lege honek hamabi artikulu, bi xedapen gehigarri eta indarra hartzeari buruzko azken xedapen bat dauzka; denborari dagozkion ondorioak zehatz-mehatz aurreikusirik daude kasu bakoitzean.

I. KAPITULUA

Neurri fiskalak

1. artikulua. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onetsi zuen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren aldaketa.

Bat. 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 62.1 artikuluaren a) letraren b') azpiletrak ondotik ematen den testua izanen du. Testu bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

"b'). Xede nagusia etxebizitzaren egitura, aurreko aldea, estaldura edo antzekoak sendotuz eta tratatuz berreraikitzea duen obra, baldin eta lanen kostu osoak % 25 gainditzen badu erosketaren prezioa, betiere erosketa hori lanak hasi aurreko bi urteetan egin bada, edo, bestela, lanen kostu osoak etxebizitzak lanak hastean zeukan merkatuko balioa gainditzen badu. Ondorio horietarako, etxebizitzaren erosketa prezioari edo merkatuko balioari lurzoruari dagokion kostu proportzionala kenduko zaio."

Bi. 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 62. artikuluaren 5. idatz-zatiak ondotik ematen den testua izanen du. Testu bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

"5. Laneko kenkaria.

1. Lan etekinak lortzen dituzten subjektu pasiboek diru-kopuru hauek kentzen ahalko dituzte:

a) 9.100 euroko edo hortik beherako lan etekin garbiak dituzten subjektu pasiboak: 1.290 euro.

b) 9.100,01 eurotik 10.600 eurora bitarteko lan etekin garbiak dituzten subjektu pasiboak: 1.290 euro ken etekin garbi horien eta 9.100en arteko kendura bider 0,1 eginik ateratzen den emaitza.

c) 10.600,01 eurotik 45.800 eurora bitarteko lan etekin garbiak dituzten subjektu pasiboak: 1.140 euro ken etekin garbi horien eta 10.600en arteko kendura bider 0,0125 eginik ateratzen den emaitza.

d) 45.800 eurotik gorako lan etekin garbiak dituzten subjektu pasiboak: 700 euro.

2. Elbarritasun maila % 33koa edo handiagoa eta % 65ekoa baino txikiagoa izanik, jarduneko langile gisa aritu eta lan etekinak lortzen dituzten subjektu pasiboen kasuan, aurreko idatz-zatian aipatzen den kenkaria 1.750 eurokoa izanen da. Elbarritasun maila % 65ekoa edo handiagoa dutenentzat kenkaria 3.250 eurokoa izanen da.

3. Bosgarren idatz-zati honetan aurreikusitako kenkariaren zenbatekoak ezin izanen du gainditu foru lege honetako 59.1 artikuluko eskala lan etekin garbiei aplikatzetik heldu den emaitza."

2. artikulua. Sozietateen Gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen aldaketa.

2009ko urtarrilaren 1etik aurrerako zergaldietan, Sozietateen Gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 16.1 artikuluaren d) letrak testu hau izanen du:

"d) 1.800 eurotik beherako unitate balioa duten ibilgetu materialaren elementuak."

3. artikulua. Ohiko Etxebizitza Zaharberritzeko eta Energia Eraginkortasunerako Laguntza Plan Berezia.

Ohiko etxebizitza zaharberritzeko lanak 2009tik 2011ra bitarte, bi urteak barne, hasten diren kasurako, hogeita zortzigarren xedapen gehigarria gehitu zaio ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginari:

"Hogeita zortzigarren xedapen gehigarria. Ohiko Etxebizitza Zaharberritzeko eta Energia Eraginkortasunerako Laguntza Plan Berezia.

Testu bategin honen 62. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, zergaldian ohiko etxebizitza zaharberritzeko ordaindutako diru-kopuruek ondoko tratamendua izanen dute pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, ohiko etxebizitzako inbertsioagatik kuotan egin beharreko kenkariari dagokionez, baldin eta etxebizitza eta hiri ondarea zaharberritzeko babesari dagokionez legez eskatu daitezkeen baldintzak bete eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak emandako egiaztagiriaren bidez frogatzen badira:

1. Oro har, testu bategin honen 62.1 artikuluaren a) eta g) letretan ezarritako kenkarien portzentajeak hiru puntu handiagoak izanen dira, hurrenez hurren % 18koa, % 21ekoa eta % 33koa.

2. Zaharberritzeko lan horiek energia eraginkortasuna hobetzekoak ere barne hartzen badituzte, testu bategin honen 62.1 artikuluaren a) eta g) letretan ezarritako kenkarien portzentajeak bost puntu handiagoak izanen dira, hurrenez hurren % 20koa, % 23koa eta % 35ekoa.

Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egiaztatuko du lan horiek 2009tik 2011ra bitarte -bi urteak barne- hasi direla eta energia eraginkortasuna hobetzekoak ere barne hartzen dituztela, hala bada, etxebizitzen zaharberritze babesturako espedienteen kalifikazio zedulak luzatuz. Hasitako obratzat hartuko dira zaharberritze babestuaren behin-behineko kalifikazioa 2009-01-01etik 2011-12-31ra bitarte eskatu eta jasotzen dutenak. Sektoreko araudi berariazkoan erregelamenduz ezarri ahalko da zaharberritzeko lanek zein kasutan barne hartzen dituzten energia eraginkortasuna hobetzekoak."

4. artikulua. Enpresa txikientzako ondare elementuen amortizazio azkarra.

2009tik 2011ra bitarte, biak barne, hasitako zergaldietarako, hamalaugarren xedapen gehigarria gehitu zaio Sozietateen Gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeari:

"Hamalaugarren xedapen gehigarria. Enpresa txikientzako ondare elementuen amortizazio azkarra.

Jardunean 2009. urtea baino lehenago hasi diren ondare elementuen gainean foru lege honen 14.7 artikuluan ezarritako amortizazio koefiziente gehitua erabiltzeko eskubidea duten subjektu pasiboek aplikatu ahal izanen dute, elementu horiei dagokienez, ofizialki onetsitako amortizazio tauletan aurreikusten den amortizazio koefiziente altuena bider 2 eginik lortutako emaitza.

Era berean, foru lege honen 14.7 artikuluan ezarritakoaren arabera, ibilgetu materialeko elementu berriak eta ondasun higiezinetako inbertsio berriak, foru lege honen 50.1.b) artikuluan ezarritako baldintzak betetzen diren zergaldian enpresa txikien esku jarriak badira, eta jardunean 2009an, 2010ean edo 2011n hasi badira, ofizialki onartutako amortizazio tauletan ezarritako gehieneko amortizazio koefizientea bider 2 egitearen emaitzak adierazten duen koefizientearen arabera amortizatu ahal izanen dira.

5. artikulua. Hipoteka-bermea duten maileguak berritzeko eskritura publikoek, maileguaren epea luzatzeari buruzkoak direnean, ez izatea Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren Testu Bategineko 22.1 artikuluan ezarritako kargarik.

Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren Testu Bategineko 22.1 artikuluan ezarritakoa gorabehera -testu bategina apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen-, ez dute karga hori izanen eta paper arruntean emanen dira halako eskritura publikoak non ohiko etxebizitza eskuratzeko, eraikitzeko edo zaharberritzeko emaniko mailegu hipoteka-bermedunen epe-luzaketa jasotzen den; hain zuzen ere, 2008ko apirilaren 22tik zenbatzen hasi eta bi urteko epean emanikoak.

II. KAPITULUA

Inbertsioari laguntzeko finantza neurriak

6. artikulua. Abalak emateko baimena.

Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari abalak emateko, gehienez ere 30.000.000 euro eginen dutenak, hurrengo artikuluetan ezartzen diren baldintzetan.

7. artikulua. Esparru objektiboa.

Ondoko inbertsioak finantzatzeko operazioetan eman ahal izanen dira abalak:

a) Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak maiatzaren 17an emaniko 155/2007 Foru Aginduan industrian inbertitzeko aurreikusitako eskualdeko laguntzen araubidearen babesean egin daitezkeenak.

b) Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak maiatzaren 17an emaniko 156/2007 Foru Aginduan enpresa txiki eta ertainek, eskualdeko laguntzen mapan sarturik ez dagoen eremuan, industrian inbertitzeko aurreikusitako laguntzen araubidearen babesean egin daitezkeenak.

c) Eskualde-laguntzen 2007-2013 bitarteko mapan sarturik dauden Nafarroako eremuetan, nekazaritzako elikagaien sektoreko produktuak eraldatu eta merkaturatzeko Nafarroako Foru Komunitateko estatu-laguntzei buruzko araudiaren babesean egin daitezkeenak (Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak maiatzaren 14an emaniko 146/2007 Foru Aginduan aurreikusitakoak).

d) Salbuespen gisa, Nafarroako Gobernuak ezartzen dituenak, Nafarroako ekonomiarako duten interes berezia dela eta.

8. artikulua. Abalen onuradunak.

Abalak honako hauek jaso ahal izanen dituzte:

a) Aurreko artikuluko a), b) eta c) letretan deskribatutako laguntzetako bat lortu baina foru lege honek indarra hartzen duen egunerako inbertsioa amaiturik ez dutenak.

b) Eskaera foru lege honek indarra hartzen duenetik 2009ko abenduaren 31ra bitarte egiten dutenak.

9. artikulua. Abalen gehieneko indarraldia.

Abalen gehieneko indarraldia hamar urtekoa izanen da ematen den egunetik hasita.

10. artikulua. Emanen diren abalen zenbatekoa.

Abalen zenbatekoak 60.000 eurotik 600.000 eurora bitartekoak izanen dira, baina ez dira aurreikusitako inbertsioaren % 60etik gorakoak izanen.

Adierazitako muga horiek kalkulatzeko, kontuan hartu beharreko modulua inbertsio proiektu bakoitza izanen da.

11. artikulua. Azpiabalak.

Nafarroako Gobernuak erabaki ahal izanen du atal honetan aurreikusitako araubidearen menpeko abalak helbide fiskala Nafarroan duen elkarren bermerako sozietate batek ematea; horretarako, sozietate horrekin itunduko dira baldintzak, zeinetan Nafarroako Gobernuak abal-emaileordearen izaera izanen baitu.

III. KAPITULUA

Finantza eragiketak

12. artikulua. 2008ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2008 Foru Legearen 16. artikuluaren aldaketa.

Foru lege honek indarra hartzen duenetik, 2008ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko urtarrilaren 24ko 1/2008 Foru Legearen 16. artikuluak testu hau izanen du:

"16. artikulua. Zor publikoa jaulkitzeko edo maileguak nahiz kredituak ituntzeko baimena.

Nafarroako Gobernuari honetarako baimena ematen zaio:

a) Maileguak nahiz kredituak ituntzeko edo zor publikoa jaulkitzeko baimena, 2008ko aurrekontu-ekitaldian zehar mugaegunera iristen direnak berritzeko.

b) Zorpetze-eragiketak egiteko baimena, finantza-aktiboak eskuratzeko helburuz, 34.000.000 euroko mugarekin, eta, behar izanez gero, bestelako zorpetze-eragiketak egiteko baimena. Izan ere, 2008rako aurreikusten den aurrekontu-defizita arintze aldera, Nafarroako Gobernuak eta Ekonomia eta Ogasun Ministerioak bestelako zorpetze-eragiketa batzuk hitzar ditzakete, Politika Fiskal eta Finantzarioaren Kontseiluaren jarraibideak errespetatuz, Hitzarmen Ekonomikoak xedatutakoaren eremuan eta aurrekontu-egonkortasunaren arauek ezartzen dituzten mugen barruan."

Lehen xedapen gehigarria.-Abalak emateko prozedura.

1. Foru lege honen II. kapituluan aurreikusitakoaren babesean emandako abalei ez zaizkie aplikatuko Nafarroako Foru Komunitatean abalak emateko prozedura arautzen duen otsailaren 16ko 49/1989 Foru Dekretuan jasotako xedapenak.

2. Ekonomia eta Ogasun kontseilariari baimena ematen zaio foru lege honetan abalak emateari buruz xedatutakoa aplikatzeko behar diren prozedura- eta kudeaketa-alderdiak onets ditzan.

Bigarren xedapen gehigarria.

Nafarroako Gobernuaren kargu uzten da, Nafarroaren eta Estatuaren arteko harremanetan aurreikusitako bideak baliatuta, azter dezan ea aukerarik dagoen planteatzeko Estatuko administrazioak hartzea bere gain foru lege honetako 1. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritako neurriaren kostua.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta ordutik aurrera izanen ditu ondorioak.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2008ko azaroaren 6an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea