13/2009 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzko 6/2006 Foru Legeko 9. artikulua aldatzen duena

Nafarroako Parlamentua

13/2009 FORU LEGEA, azaroaren 9koa, Kontratu Publikoei buruzko 6/2006 Foru Legeko 9. artikulua aldatzen duena.

NAO 152.- 2009ko abenduaren 11a

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, KONTRATU PUBLIKOEI BURUZKO 6/2006 FORU LEGEKO 9. ARTIKULUA ALDATZEN DUENA.

Zioen azalpena

Konstituzioko 49. artikuluaren arabera, "botere publikoek aurreikuspen, tratamendu, errehabilitazio eta gizarteratze politika eginen dute gutxitu fisiko, sentsorial eta psikikoei dagokienez; beharrezkoa duten laguntza espezializatua emanen diete eta bereziki babestuko dituzte titulu honek herritarrei ematen dizkien eskubideak gozatu ahal izan ditzaten".

Lan egiteko moduan dagoen pertsona orok izan behar du aukera enplegu egoki eta kalitatezko bat lortzeko, berdintasun osoz eta inolako bazterketarik gabe. Ez bakarrik bere bizibidea ziurtatzeko, bai eta enplegua gizarte-integraziorako faktore oso graantzitsua delako ere.

Ezgaitasunen bat duten edo gizarte-bazterkeriaren arriskuan dauden pertsonak enplegua lortu ahal izateko zailtasun bereziak dituen talde bat osatzen dute. Egoera horrek Administrazioaren eta, oro har, gizartearen inplikazioa eskatzen du. Botere publikoek beharrezkoak diren neurri eta tresnak sortu eta finantzatzeko betebeharra dute, bermatzeko talde horrek berdintasun baldintzetan lan egiteko duen eskubidea balia dezan.

Ezinduen Gizarteratzeari buruzko 41.1 artikuluan ondokoa xedatzen da: "ezgaitasunen bat duten pertsonek, ezgaitasunaren izaera edo ondorioak direla-eta, ezin badute ohiko baldintzetan lan egin, aldi baterako edo behin betikoz, enplegu zentro berezietan enplegatuko dira ...".

Lege beraren 42.1 artikuluan enplegu zentro berezien definizioa ematen da: "Helburu nagusia lan produktiboa egitea da, merkatuko eragiketetan erregularki parte hartuz, azken xedea delarik bere langileei diruz ordainduriko lanpostu bat ematea bere langile ezinduei berauek behar dituzten doitze-zerbitzuak, direla pertsonalak, direla sozialak, ematea; halaber, ahalik eta ezindu gehien lan mundu normalean txertatzeko balioko du."

Halaber, apirilaren 26ko 130/1999 Foru Dekretuan eta dekretu hau aldatu zuen uztailaren 2ko 60/2009 Foru Dekretuan jasotzen den bezala, gizarteratzeko eta laneratzeko zentroen beharkizunetako bat da "bazterketa egoeratik datozen pertsonei prozesu integratuak eta banakakoak eskaintzea, gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbidearen parte gisa. Prozesu horiek lan-jarduera ordaindua, lanbide-prestakuntza egokia eta, behar denean, gizarte laguntza edo esku-hartzea izanen dira, gizarteratu eta laneratu ahal izan daitezen".

Gaur egun, enplegu zentro bereziak enplegu babestua sortzeko tresna oso garrantzitsua dira; izan ere, ezgaitasunen bat duten 1.300 pertsonak egiten dute lan Nafarroan dauden 16 enplegu zentro berezietan. Halaber, gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden 130 pertsonak egiten dute lan gizarteratzeko eta laneratzeko 11 zentrotan.

Hala ere, gaur egungo egoera ekonomikoaren ondorioz, ezgaitasunen bat duten eta gizartean bazterturik edo horrela gertatzeko arriskuan dauden pertsonen enplegua suntsitzen ari da Nafarroan, eta, pertsona horiek, langabeziko laguntzak eska baditzakete ere, etxean geratuko dira, zalantzan jarriz urteetan eginiko lan soziala. Horretaz gain, aipatu behar da, baita ere, buruko nahaste larriagatiko ezgaitasunak dituzten pertsonen egoera; izan ere, talde hori bereziki ahula da beren errehabilitazio- eta integrazio-prozesuan izan daitekeen edozein aldaketaren aurrean eta, ziurrenik, desoreka egoerak areagotu eginen dira talde horren barruan.

Foru Administrazioak arindu dezake neurri batean talde horiek jasaten ari diren enplegu-suntsiketa, zentro horiek hobetuz eta lagunduz, gaur egun indarrean dauden dirulaguntzen bidez, eta, halaber, beharrezkoak diren legegintza-neurriak prestatuz, enpresa horietako enplegua mantendu eta hobetzeko.

Horretarako, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko Foru Legeren 9. artikuluak ezartzen du administrazio publikoek kontratu publikoen 100eko 20 arte erreserbatu ahalko dutela izaera sozialeko entitateentzat. Hala ere, artikulu hori ez da inoiz ere bete, hein batean, hori ez delako nahitaezkoa; izan ere, xedapen horren aplikazioa foru lege hori aplikatzen zaien entitate publiko desberdinen borondatearen araberakoa da.

9. artikuluaren idazketa berri batek, entitate publikoek hura betetzeko betebeharra izan dezaten, aukera emanen luke Nafarroako enplegu zentro berezien eta gizarteratzeko eta laneratzeko zentroen egonkortasuna eta enplegua ziurtatzeko.

Foru lege honek ahalbidetzen du esleitutako kontratuen erreserbaren errealitatera gehiago hurbiltzen den ehuneko bat ezartzea; hala, esleitutako kontratuen zenbatekoaren 100eko 6aren erreserba, gutxienez, finkatzen du.

Artikulu bakarra.

Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legeko 9. artikuluaren idazketa berria ezartzen da. Hona hemen testua:

"9. artikulua. Izaera sozialeko entitateentzat kontratuak erreserbatzea.

1. Foru legearen menpeko entitateek kontratuen adjudikaziorako prozeduretan parte hartzeko aukera erreserbatuko diete irabazi asmorik gabeko enplegu zentro bereziei eta gizarteratzeko eta laneratzeko zentroei, edo kontratuen exekuzioa zenbait enpresarentzat gordeko dute enplegu babestuko programen esparruan, ukitutako langile gehienek ezgaitasunen bat izan edo gizartean bazterturik dauden pertsonak badira eta, beren ezgaitasun motagatik edo larritasunagatik edota gabeziengatik, ohiko lanbide jarduerak egiteko modurik ez dutenean.

2. Erreserbatzen diren kontratuen zenbatekoa, gutxienez, aurreko aurrekontu-ekitaldian esleitutako kontratuen zenbatekoaren 100eko 6 izanen da.

3. Erreserbatzen diren kontratuen lizitazioari buruzko iragarkietan aipatu egin beharko da honako xedapen hau."

Azken xedapena.-Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2009ko azaroaren 9an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea