eaekoekonomiaituna(2002)2

EAEko Ekonomia Ituna (2002)

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

EKONOMIA ITUNA

(12/2002 Legea, maiatzaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onartzen duena)

I. KAPITULUA. ZERGAK.

1. ATALA. ARAU OROKORRAK

1. artikulua. Lurralde historikoetako erakundeen eskumenak.

2. artikulua. Printzipio nagusiak.

3. artikulua. Zergak harmonizatzea.

4. artikulua. Lankidetza-printzipioa.

5. artikulua. Estatuarenak bakarrik diren eskumenak

2. ATALA. PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA

6. artikulua. Aplikatu beharreko arauak eta Zergaren ordainarazpena.

7. artikulua. Laneko etekinak direla-eta egindako atxikipenak eta konturako sarrerak.

8. artikulua. Konturako ordainketak ekonomia-jardueren etekinen zioz.

9. artikulua. Higigarrien kapitalaren etekinak direla eta, egindako atxikipenak eta konturako sarrerak.

10. artikulua. Atxikipenak eta konturako sarrerak, zenbait ondare-irabaziren zioz.

11. artikulua. Kontura egin beharreko beste ordainketa batzuk.

12. artikulua. Konturako sarreren eraginkortasuna.

13. artikulua. Errentak egozteko eta eratxikitzeko araubidepean diren erakundeak.

3. ATALA. SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA

14. artikulua. Aplikatu beharreko arauak.

15. artikulua. Zerga ordainaraztea.

16. artikulua. Eragiketak non egin diren.

17. artikulua. Zergaren konturako ordainaketa.

18. artikulua. Zergak bi administrazioetan ordaintzen dituztenen kasuan, Zerga nola kudeatu.

19. artikulua. Zergaren ikuskapena.

20. artikulua. Interes ekonomikoko elkartzeak, aldi baterako enpresa-elkarteak eta zerga-taldeak.

4. ATALA. EZ-EGOILIARREN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA

21. artikulua. Aplikatu beharreko arauak.

22. artikulua. Zergaren ordainarazpena.

23. artikulua. Konturako ordainketak.

5. ATALA. ONDAREAREN GAINEKO ZERGA

24. artikulua. Aplikatu beharreko arauak eta zergaren ordainarazpena.

6. ATALA. OINORDETZA ETA DOHAINTZEN GAINEKO ZERGA

25. artikulua. Aplikatu beharreko arautegia eta zergaren ordainarazpena.

7. ATALA. BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGA

26. artikulua. Aplikatu beharreko arautegia.

27. artikulua. Zergaren ordainarazpena.

28. artikulua. Eragiketen lekua.

29. artikulua. Zergaren kudeaketa eta ikuskapena.

8. ATALA. ONDARE ESKUALDAKETEN ETA EGINTZA JURIDIKO

DOKUMENTATUEN GAINEKO ZERGA

30. artikulua. Aplikatu beharreko arautegia.

31. artikulua. Zergaren ordainarazpena.

9. ATALA. ASEGURU SARIEN GAINEKO ZERGA

32. artikulua. Aplikatu beharreko arautegia eta zergaren ordainarazpena.

10. ATALA. ZERGA BEREZIAK

33. artikulua. Aplikatu beharreko arautegia eta zergen ordainarazpena.

11. ATALA. ZENBAIT HIDROKARBUROREN TXIKIZKAKO

SALMENTAREN GAINEKO ZERGA

34. artikulua. Aplikatu beharreko arauak eta Zergaren ordainarazpena.

12. ATALA. ZEHARKAKO BESTE ZERGA BATZUK

35. artikulua. Aplikatu beharreko arautegia.

13. ATALA. JOKOAREN GAINEKO ZERGAK

36. artikulua. Aplikatu beharreko arautegia.

37. artikulua. Zergen ordainarazpena.

14. ATALA. TASAK

38. artikulua. Tasak ordainarazteko eskumena.

15. ATALA. TOKI OGASUNAK

39. artikulua. Ondasun Higiezinen gaineko Zerga.

40. artikulua. Ekonomia-jardueren gaineko Zerga.

41. artikulua. Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga.

42. artikulua. Beste toki-zerga batzuk.

16. ATALA. KUDEAKETA ETA JARDUNBIDEKO ARAUAK

43. artikulua. Ohiko bizilekua eta zerga-egoitza.

44. artikulua. Delitu fiskala.

45. artikulua. Finantza-etxeen lankidetza zergen kudeaketan, eta zergen

ikuskatzailetzaren jarduketak.

46. artikulua. Informatu beharra.

47. artikulua. Enpresak batzea eta banatzea.

II. KAPITULUA. FINANTZA-HARREMANAK

1. ATALA. ARAU OROKORRAK

48. artikulua. Printzipio nagusiak.

49. artikulua. Kupoa: kontzeptua.

50. artikulua. Kupoaren aldizkakotasuna eta eguneratzea.

51. artikulua. Itundu gabeko zergak direla-eta izandako diru-sarreretatik Euskadiko toki-erakundeei eman beharrekoa.

2. ATALA. KUPOA ZEHAZTEKO METODOLOGIA

52. artikulua. Autonomia Erkidegoak bereganatu ez dituen Estatuko kargak.

53. artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zerga kontsumoari doitzea.

54. artikulua. Fabrikazioaren gaineko Zerga Bereziak kontsumoari doitzea.

55. artikulua. Beste doikuntza batzuk.

56. artikulua. Konpentsazioak.

57. artikulua. Egozpen-indizeak.

58. artikulua. Bereganatutako eskumenak aldatzeak behin-behineko kupoan duen

eragina.

59. artikulua. Behin-behineko eta behin betiko likidazioak.

60. artikulua. Kupoa ordaintzea.

III. KAPITULUA.

EKONOMIA-ITUNAREN BATZORDEAK ETA ARBITRAJE BATZORDEA

1. ATALA. EKONOMIA-ITUNAREN BATZORDE MISTOA

61. artikulua. Kideak eta erabakiak.

62. artikulua. Eginkizunak.

2. ATALA. ARAUGINTZA KOORDINATU ETA EBALUATZEKO

BATZORDEA

63. artikulua. Kideak.

64. artikulua. Eginkizunak.

3. ATALA. ARBITRAJE BATZORDEA

65. artikulua. Kideak.

66. artikulua. Eginkizunak.

67. artikulua. Arbitraje Batzordearen erabakiak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.

Bigarrena.

Hirugarrena.

Laugarrena.

Bosgarrena.

Seigarrena.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.

Bigarrena.

Hirugarrena.

Laugarrena.

Bosgarrena.

Seigarrena.

Zazpigarrena.

AZKEN XEDAPENA

I. KAPITULUA.- ZERGAK.

1. ATALA.- ARAU OROKORRAK

1. artikulua.- Lurralde historikoetako erakundeen eskumenak.

Bat. Lurralde historikoetako erakunde eskudunek bakoitzak bere lurraldean zerga-araubidea mantendu, ezarri eta arautzeko ahalmena izango dute.

Bi. Lurralde historikoetako zerga-sistema osatzen duten zergak ordainaraztea, kudeatzea, likidatzea, ikuskatzea, berrikustea eta biltzea foru-aldundiei dagokie, bakoitzari bereak.

2. artikulua.- Printzipio nagusiak.

Bat. Lurralde historikoek ezarriko duten zerga-sistemak printzipio hauek bete beharko ditu:

Lehenengoa. Elkartasunarekiko begirunea behar da, Konstituzioan eta Autonomia Estatutuan zehaztutako moduan.

Bigarrena. Estatuko zergen egitura orokorra kontuan izan behar da.

Hirugarrena. Estatuarekiko koordinazioa, zerga-sistemen harmonizazioa eta lankidetza sustatu behar dira, ekonomia-itun honetako arauak betez.

Laugarrena. Lurralde historikoetako erakundeen arteko koordinazioa, zerga-sistemen harmonizazioa eta elkarrekiko lankidetza behar dira, Eusko Legebiltzarrak helburu horiek betetze aldera emandako arauak betez.

Bosgarrena. Estatu espainiarrak izenpetuta eta berretsita dituen nazioarteko itun edo hitzarmenen menpe egon behar da zerga-sistema, eta gauza bera gertatuko da gerora beste halakoren bati atxikitzen bazaio.

Bereziki, lurralde historikoetako zerga-sistemak bat etorri behar du zergapetze bikoitza ekidite aldera Espainiak sinatuak dituen nazioarteko hitzarmenetan eta Europar Batasunak zerga-harmonizazioari buruz emandako arauetan xedatutakoarekin, eta halako hitzarmen eta arauak aplikatzearen ondorioz burutu beharreko itzulketak bere gain hartu behar ditu.

Bi. Zergei buruzko Lege Orokorrean zerga-arauak ulertzeko ezarritakoaren bidetik ulertu behar dira ekonomia-itun honetako arauak.

3. artikulua.- Zergak harmonizatzea.

Zerga-arauak sortzeko orduan, lurralde historikoek:

a) Zergei buruzko Lege Orokorraren arabera egokitu behar dituzte terminologia eta kontzeptuak, ekonomia-itun honetan ezarritako berezitasunak kontuan hartu behar badira ere.

b) Benetako zerga-presio orokorra Estatuko gainerako lekuetan dagoenaren parean mantendu behar dute.

c) Espainiako lurralde osoan pertsonen joan-etorri askea eta pertsonak kokatzeko askatasuna errespetatu eta bermatu behar dira, baita ondasunen, kapitalen eta zerbitzuen joan-etorri askea ere. Ezin da bazterketarik gertatu; ezin dira enpresen lehiatzeko aukerak murriztu; eta ezin da baliabideen asignazioan distortsiorik eragin.

d) Jardueren sailkapenak direla-eta, abeltzaintza, meatzaritza, industria, merkataritza, zerbitzu, lanbide eta arte arloetan, lurralde erkidean erabiltzen den sailkapen berbera erabili behar dute, nahiz eta sailkapen zehatzagoa egiteko aukera eduki.

4. artikulua.- Lankidetza-printzipioa.

Bat. Lurralde historikoetako erakunde eskudunek Estatuko Administrazioari jakinaraziko dizkiote zergen arloko arauak egiteko proiektuak, arauok indarrean jarri baino nahikoa denbora lehenago.

Estatuko Administrazioak jakinarazpen berbera egin behar die lurralde historikoetako erakundeoi.

Bi. Nazioarteko akordioek ekonomia-itun hau betetzeko orduan inolako eraginik baldin badute, akordio horietan Euskadiko erakundeen lankidetza ahalbidetzeko behar diren baliabideak jarriko ditu Estatuak.

Hiru. Estatuak eta lurralde historikoek, zergak kudeatu, ikuskatu eta biltze aldera eskumenez dagozkien zereginak betetzen dituzten bitartean, zerga horiek hobeto ordainarazteko beharrezkoak zaizkien datu eta aurrekari guztiak emango dizkiote elkarri, behar diren garaian eta eran.

Hain justu, administrazio batak eta besteak:

a) Beharrezkoa duten informazio guztia emango diote elkarri, datuak prozesatzeko zentroen bitartez. Horretarako, behar den komunikazio teknikoa abiaraziko dute. Urtero, zerga-mailako informatika-plan koordinatua egingo dute elkarrekin.

b) Ikuskaritza-zerbitzuek hainbat plan egingo dute, helburu, arlo eta hautaketa-jardunbide koordinatu jakin batzuk batera ikuskatzeko. Gauza bera egingo dute, gainera, egoitza aldatu duten zergadunekin, zerga-gardentasunaren araubidepeko erakundeekin eta Sozietateen gaineko Zergan eragiketen guztizkoaren proportzioan zergak ordaindu behar dituzten sozietateekin.

5. artikulua.- Estatuarenak bakarrik diren eskumenak

Honako eskumen hauek estatuarenak bakarrik dira:

Lehenengoa. Zerga Berezien eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren barruan, inportazio-eskubideak eta inportazio-kargak arautzea, kudeatzea, ikuskatzea, berrikustea eta biltzea.

Bigarrena. Ekonomia-itun hau betetzen den begiratzea, goi-mailako ikuskaritza eginda.

Horretarako, eginkizun hori duten Estatuko organoek, urtero, betebehar horren emaitzak azaltzeko txosten bat egin behar dute, Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien laguntzarekin.

2. ATALA.- PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA

6. artikulua. Aplikatu beharreko arauak eta Zergaren ordainarazpena.

Bat. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga itundutako zerga da eta araudi autonomoari lotuta dago. Lurraldearen arabera, eskumena daukan foru-aldundiari dagokio zerga hori ordainaraztea, baldin eta subjektu pasiboaren ohiko bizilekua Euskadin badago.

Bi. Familia-unitate bereko subjektu pasiboek ohiko bizilekua lurralde desberdinetan baldin badaukate eta zergak batera ordaintzea erabakitzen badute, likidazio-oinarri handiena duen kidearen ohiko bizilekuko lurraldeko Administrazioak izango du eskumena; likidazio-oinarria kasuan kasuko lurraldeko arauei jarraituz kalkulatuko da.

7. artikulua.- Laneko etekinak direla-eta egindako atxikipenak eta konturako

sarrerak.

Bat. Lanaren etekinen ziozko atxikipenak eta konturako sarrerak, honako kasu hauetan, lurraldea dela-eta eskumena daukan foru-aldundiak eskatuko ditu, bere arautegiari eutsiz:

a) Euskadin egindako lan edo zerbitzuetatik datozen etekinak.

Lanak edota zerbitzuak lurralde erkidean eta Euskadiko lurraldean egiten direnean, arauak edo zerbitzuak Euskadin egiten direla uste izango da, aurkako frogarik ezean, baldin eta langilearen lantokia lurralde horretan badago.

b) Gizarte Segurantzaren eta Klase Pasiboen araubide publikoetatik hartzen diren pentsioen, hartzeko pasiboen eta prestazioen etekinak, Enpleguaren Nazio Erakundetik, montepio eta mutualitateetatik, enplegua sustatzeko fondoetatik, pentsio planetatik eta borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeetatik datozenak, eta enpresen eta beste erakunde batzuen prestazio pasiboak, baldin eta hartzailearen ohiko bizilekua Euskadin badago.

c) Administrazio-kontseiluetako, ordezko batzordeetako eta beste ordezkaritza-organo batzuetako administratzaileen eta kideen ordainsariak, erakunde ordaintzailearen zerga-egoitza Euskadin baldin badago.

Estatuak eta foru-aldundiek eska dezaketen Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasibo diren erakundeen kasuan, bi administrazioei dagokie atxikipenak egitea, bakoitzari bere lurraldean burututako eragiketen guztizkoaren proportzioan. Horretarako, Sozietateen gaineko Zergarako azken aitorpen-likidazioan adierazitako proportzio bera aplikatuko da. Atxikipenok foru-arautegiarekin edo arautegi erkidearekin bat etorriz eskatuko dira, erakunde ordaintzaileari Sozietateen gaineko Zergari buruzko, foru-arautegia edo arautegi erkidea aplikatuz, eta irizpide beraren arabera eskumena daukan administrazioko organoek egingo dute ikuskapena. Aurrekoa gorabehera, Zerga ordainarazteko eskumena daukan administrazioak ezarriko ditu aitorpen-likidazioa aurkezteko lekuari, erari eta epeari buruzko arauak.

Bi. Aurreko idatz-zatian xedatutakoa hala izan arren, Estatuko Administrazioari dagozkio Estatuak bere funtzionarioei eta lan-kontratuz eta administrazio-kontratuz dituen enplegatuei emandako ordainsari aktiboei eta pasiboei buruzko atxikipenak; jasotzaileak barik beste pertsona batek sortutako pentsioak ere ordainsari horien artean sartzen dira.

Aurreko paragrafoan xedatu dena ez zaie aplikatuko erakunde autonomoetako eta enpresa-erakunde publikoetako funtzionarioei eta langileei.

8. artikulua.- Konturako ordainketak, ekonomia-jardueren etekinen zioz.

Bat. Ekonomia-jardueretatik datozen etekinen ziozko atxikipenak eta konturako sarrerak lurraldea dela-eta eskumena daukan foru-aldundiak eskatuko ditu, bakoitzak bere arautegia kontuan hartuta, atxikipena egitera edo konturako sarrera egitera behartuta dagoenak ohiko bizilekua edo zerga-egoitza Euskadin badu. Nolanahi ere, Estatuko Administrazioak eta foru-aldundiek bakoitzak berak ordaindutakoen etekinenak eskatuko dituzte.

Atxikipen eta konturako sarrera horiek ordainarazteko, lurralde erkidean aplikatutako tipo berberak aplikatuko dituzte foru-aldundiek.

Bi. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga dela-eta konturako ordainketa zatikatuak egin behar direnean, lurraldearen arabera eskumena duen foru-aldundiak eskatuko ditu, bere

arautegiarekin bat etorriz, zergadunak ohiko bizilekua Euskadin badu.

9. artikulua.- Higigarrien kapitalaren etekinak direla-eta, egindako atxikipenak eta konturako sarrerak.

Bat. Higigarrien kapitalaren etekinak direla-eta egin beharreko atxikipenak eta konturako sarrerak Estatuko administrazioak edo foru-aldundi eskudunak eskatuko ditu, bakoitzak bere arautegia kontuan hartuta, honako arau hauen arabera:

Lehenengoa. Lurraldea dela-eta eskumena duen foru-aldundiak honako hauek eskatuko ditu:

a) Edozein erakunderen fondo propioetan parte hartzeagatik lortutako etekinak, baita obligazio eta antzeko tituluetako korrituak zein bestelako kontraprestazioak ere, etekin horiek ordaintzen dituzten erakundeek Sozietateen gaineko Zerga Euskadin bakarrik ordaintzen dutenean.

Estatuak eta foru-aldundiek eska dezaketen Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasibo diren erakundeen kasuan, bi administrazioei dagokie atxikipenak egitea, bakoitzari bere lurraldean burututako eragiketen guztizkoaren proportzioan. Horretarako, Sozietateen gaineko Zergarako egindako azken aitorpen-likidazioan adierazitako proportzio bera aplikatuko da.

Atxikipenok foru-arautegiarekin edo arautegi erkidearekin bat etorriz eskatuko dira, erakunde ordaintzaileari Sozietateen gaineko Zergari buruzko, foru-arautegia edo arautegi erkidea aplikatuz, eta irizpide beraren arabera eskumena daukan administrazioko organoek egingo dute ikuskapena. Aurrekoa gorabehera, Zerga ordainarazteko eskumena daukan administrazioak ezarriko ditu aitorpen-likidazioa aurkezteko lekuari, erari eta epeari buruzko arauak.

b) Autonomia Erkidegoak, foru-aldundiek, udalek eta Euskadiko lurralde-administrazioko eta erakunde-administrazioko beste izakiek jaulkitako zor eta jesapenetako korritu eta bestelako kontraprestazioak, edozein tokitan ordainduta ere. Estatuak eskatuko ditu, ordea, Estatuak berak, beste autonomia-erkidego batzuek, lurralde erkideko korporazioek eta Estatuko lurralde-administrazio eta erakunde-administrazioko bestelako enteek egindako jaulkipenei dagozkienak, baita euskal lurraldean ordaintzen badira ere.

c) Banku, aurrezki-kutxa, kreditu-kooperatiba eta balio bereko erakundeetako eragiketa pasiboetako korrituak eta gainerako kontraprestazioak, baita beste edozein kreditu-etxetan edo finantza-etxetan egindakoetatik lortutakoak ere, baldin eta etekinaren hartzaileak Euskadin badu ohiko bizilekua edo zerga-egoitza.

d) Kapitalizazio-eragiketetatik eta bizitza edo elbarritasun aseguruen kontratuetatik lortutako etekinak, baldin eta horien onuradunak, edo aseguru-hartzaileak, erreskatearen kasuan, Euskadin badu ohiko bizilekua edo zerga-egoitza.

e) Kapital-ezarpenetik datozen bizi arteko errentak eta aldi baterako beste batzuk ere bai, onuradunak ohiko bizilekua edo zerga-egoitza Euskadin baldin badauka.

Pentsioen kasuan, eskubidea sortu zuena ez baldin bada gaur egun pentsio hori jasotzen duena eta ordaintzen duena Estatuko Administrazioa baldin bada, atxikipena Estatuak eskatuko du.

f) Jabetza intelektualetik lortutako etekinak, subjektu pasiboa egilea ez bada; eta industria-jabetzatik eta laguntza teknikoa ematetik lortutakoak, ordaintzen dituen pertsona edo erakundeak zerga-egoitza Euskadin baldin badauka.

g) Ondasunak, eskubideak, negozioak, meatzeak eta antzekoak alokatzetik datozenak, Euskadin kokatuta baldin badaude.

Bigarrena. Higiezinak hipotekatuz bermatutako maileguen korrituen kasuan, berme modura erabilitako ondasunak dauden lurraldeko administrazioak izango du atxikipena eskatzeko eskumena.

Hipotekatutako ondasunak lurralde erkidean eta euskal lurraldean baldin badaude, bi administrazioei dagokie atxikipena eskatzea. Horretarako, korrituak hainbanatu egingo dira hipotekatutako ondasunen balioaren proportzioan, berme-asignazio berezirik ez badago behinik behin. Halakorik badago, kopuru hori erabiliko da hainbanatzeko oinarri modura.

Hirugarrena. Ondasun higigarrien hipoteka bidez edo eskualdaketarik gabeko bahitura bidez bermatutako maileguetako korrituen kasuan, bermea inskribatzeko hartutako lurraldeko administrazioak eskatuko du atxikipena.

Laugarrena. Mailegu soilen korrituen kasuan, salerosketan ordaintzekotan utzitako prezioen kasuan eta kapitalak inon sartzeagatik lortutako beste etekin batzuen kasuan, establezimendua dagoen lurraldeko administrazioak, edo atxikipena egiteko betebeharra duen erakunde edo pertsonak ohiko bizilekua edo zerga-egoitza duen lurraldeko administrazioak eskatuko du atxikipena.

Bi. Artikulu honetan aipatutako atxikipenak eta konturako sarrerak ordainarazteko, lurralde erkidean aplikatzen diren tipo berberak aplikatuko dituzte foru-aldundiek.

10. artikulua.- Atxikipenak eta konturako sarrerak, zenbait ondare-irabaziren zioz.

Bat. Talde-inbertsioko erakundeen akzio eta partaidetzak eskualdatu edo itzultzen direnean lortzen diren ondare-irabaziei dagozkien atxikipenak, akziodun edo partaidearen ohiko bizilekua edo zerga-egoitza non dagoen, Estatuko Administrazioak edo lurraldea dela-eta eskumena daukan foru-aldundiak eskatuko ditu, zeinek bere arautegia betez.

Bi. Joko, lehiaketa, zozketa edo ausazko konbinazioetan emandako sariak direla-eta egiten diren atxikipenak eta konturako sarrerak (sariok ondasun, ekoizkin edo zerbitzu jakinen eskaintza, sustapen edo salmentari lotuta egon zein ez) Estatuko administrazioak edo lurraldea dela-eta eskumena daukan foru-aldundiak eskatuko ditu, sariak ordaindu behar dituenak ohiko bizilekua edo zerga-egoitza lurralde erkidean edo euskal lurraldean duen, horren arabera. Estatuko Administrazioak eta foru-aldundiek eskatuko dituzte bakoitzak berak ordaindutako sariei dagozkien atxikipenak eta konturako sarrerak.

Artikulu honetan aipatutako atxikipenak eta konturako sarrerak ordainarazteko, lurralde erkidean aplikatzen diren tipo berberak aplikatuko dituzte foru-aldundiek.

11. artikulua.- Kontura egin beharreko beste ordainketa batzuk.

Bat. Ondasun higiezinen errentamendutik eta azpierrentamendutik lortutako etekinei dagozkien atxikipenak eta konturako sarrerak lurraldearen arabera eskumena daukan foru-aldundiak eskatuko ditu, bere arautegia erabiliz, baldin eta atxikipena edo konturako sarrera egitera behartuta dagoenak Euskadin badu ohiko bizilekua edo zerga-egoitza.

Bi. Erakundeei ordaindutako kopuruen ziozko atxikipenak eta konturako sarrerak, errenten egozketaren araubidearen indarrez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ordaindu beharra duten zergadunei egotzi behar zaizkienean, lurraldearen arabera eskumena daukan foru-aldundiak eskatuko ditu atxikipen eta konturako sarrera horiek, bere arautegia erabiliz, baldin eta atxikipena edo konturako sarrera egitera behartuta dagoenak Euskadin badu ohiko egoitza edo zerga-egoitza.

12. artikulua.- Konturako sarreren eraginkortasuna.

Hartzailearen errentaren gaineko zerga likidatzeko orduan, lurralde batean zein bestean egin diren konturako sarrerek balioko dute. Baina horrek ez du esan nahi, ordainketa horiek behar ez den administrazioari eginda ere, beste administrazioak dagokion kopurua jasotzeari uko egin behar dionik; alderantziz, azken horrek kopurua emateko eskatu ahal izango dio sarrera jaso duen administrazioari.

13. artikulua.- Errentak egozteko eta eratxikitzeko araubidepean diren erakundeak.

Bat. Etekinak egozteko araubidepeko erakundeen kasuan, kapitulu honetako 3. ataleko arauak bete beharko dira. Bazkideei egotzitako oinarriak ordainarazteko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari, Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergari edo Sozietateen gaineko Zergari buruzko arauak —ekonomia-itun honetan aipatutakoak— hartuko dira kontuan, bazkide horiek ordaindu behar duten zergaren arabera.

Bi. Eratxikitako errenten kasuan, araubide horren pean diren erakundeak kudeatu eta ikuskatzea erakunde horien zerga-egoitza administrazioari dagokio.

Bazkide, erkide edo partaideei eratxikitako errenta ordainarazteko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari, Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergari edo Sozietateen gaineko Zergari buruzko arauak —ekonomia-itun honetan aipatutakoak— erabiliko dira, beraiek ordaindu behar duten zergaren arabera.

3. ATALA.- SOZIETATEEN GAINEKO ZERGA

14. artikulua.- Aplikatu beharreko arauak.

Bat. Sozietateen gaineko Zerga itundutako zerga da, eta araudi autonomoaren pean egongo da zerga-egoitza Euskadin duten subjektu pasiboen kasuan.

Hala ere, aurreko ekitaldiko eragiketen zenbatekoa 6 milioi eurotik gorakoa izan eta ekitaldi horretako eragiketa guztien 100eko 75 edo gehiago lurralde erkidean egin dituzten subjektu pasiboek, lurralde erkideko arauak bete beharko dituzte.

Zerga-egoitza lurralde erkidean duten subjektu pasiboei ere arautegi autonomoa aplikatuko zaie baldin eta aurreko ekitaldiko eragiketen zenbatekoa 6 milioi eurotik gorakoa izan eta eragiketa guztiak Euskadin egin badituzte.

Bi. Eragiketen zenbatekotzat honakoa joko da: subjektu pasiboak, bere jardueran egindako ondasun-emateak eta zerbitzuak direla-eta, ekitaldi batean hartutako kontraprestazioen guztirako zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta baliokidetasun-errekargua kenduta, halakorik badago.

Ondasun-emate eta zerbitzutzat joko dira Balio Erantsiaren gaineko Zerga araupetzen duen legerian halakotzat definituta dauden eragiketak.

Aurreko ekitaldia urtebete baino laburragoa bada, goiko Bat idatz-zatian aipatu den eragiketen zenbatekoa kalkulatzeko, urte osoari dagokiona kalkulatuko da ekitaldian egindako eragiketetatik abiatuta.

Hiru. Atal honetan ezarritakoaren ondoreetarako, subjektu pasiboak lurralde jakin batean

diharduela uste izango da lurralde horretan ondasun-emateak eta zerbitzuak egiten

dituenean, 16. artikuluan adierazitako irizpideen arabera.

Lau. Jarduera hasi berria denean, lehenengo ekitaldian egindako eragiketen zenbatekoari begiratuko zaio, eta lehenengo ekitaldia urtebete baino laburragoa izan bada, urte osoari dagokiona kalkulatuko da dena ekitaldian egindako eragiketetatik abiatuta. Harik eta ekitaldi horretako eragiketak zenbat izan diren eta non egin diren jakin arte, halakotzat hartuko dira, ondore guztietarako, subjektu pasiboak aurrez kalkulatzen dituenak, jardueraren hasierako ekitaldian ustez egingo dituen eragiketen arabera.

15. artikulua.- Zerga ordainaraztea.

Bat. Foru-aldundiei soil-soilik dagokie zerga-egoitza Euskadin duten subjektu pasiboei Sozietateen gaineko Zerga ordainaraztea, baldin eta horiek aurreko ekitaldian eginak dituzten eragiketen zenbatekoa gehienez 6 milioi euro bada.

Bi. Aurreko ekitaldian egindako eragiketen zenbatekoa 6 milioi euro baino handiagoa denean, subjektu pasiboek, zerga-egoitza edonon dutela ere, foru-aldundiei, Estatuko Administrazioari edo bi administrazio horiei ordainduko diete zerga, ekitaldian horietariko bakoitzaren lurraldean egindako eragiketen zenbatekoaren heinean.

Ekitaldian lurralde bakoitzean egindako eragiketen zenbatekoaren proportzioa kalkulatzeko hurrengo artikuluko arauak erabiliko dira, eta proportzioa ehunekoetan emango da, bi hamartarrekin biribilduta.

16. artikulua.- Eragiketak non egin diren.

Honako eragiketa hauek Euskadin egindakotzat hartuko dira:

A) Ondasun-emateak.

1go. Ondasun higigarri gorpuztunak ematea, Euskadiko lurraldetik bertatik eskuratzailearen esku jartzen direnean. Ondasunak eskuratzailearen esku jartzeko garraiatu egin behar badira, igorpena edo garraiaketa hasten denean ondasunak non dauden, ematea hantxe egin dela ulertuko da. Arau horrek honako salbuespenak izango ditu:

a) Ematen dituenak berak eraldatu baditu ondasunak, ematea euskal lurraldean egin dela ulertuko da baldin eta emandako ondasunak eraldatzeko azken prozesua lurralde horretan egina bada.

b) Emate horiek direla-eta Euskaditik kanpora industri arloko elementuren batzuk instalatu behar badira, emateak euskal lurraldean egindakotzat hartuko dira baldin eta gertatzeko eta fabrikatzeko lanak lurralde horretan egiten badira eta instalatu edo muntatzeko kostua kontraprestazio guztiaren %15 baino handiagoa ez bada.

Era berean, elementu industrialen emateak direla-eta Euskadin instalazioren bat egin behar denean, gertatu eta fabrikatzeko lanak lurralde erkidean egiten badira eta instalatu edo muntatzeko kostua kontraprestazio guztiaren %15 baino handiagoa ez bada, emate horiek ez dira euskal lurraldean egindakotzat hartuko.

2gn. Energia elektrikoa ekoizten dutenek egindako emateak, energia hori sortzen duten zentroak euskal lurraldean baldin badaude.

3gn. Ondasun higiezinen emateak, ondasunok Euskadiko lurraldean baldin badaude.

B) Zerbitzuak egitea:

1go. Zerbitzuak euskal lurraldean egindakotzat hartuko dira, hain zuzen ere lurralde horretatik abiatuta ematen badira.

2gn. Ondasun higiezinekin zerikusi zuzena duten zerbitzuak aurreko idatz-zatian xedatutakotik kanpora daude. Ondasun horiek euskal lurraldean kokatuta baldin badaude hartuko dira, zerbitzu horiek, Euskadin egindakotzat.

3gn. Aseguru-eragiketak eta kapitalizazio-eragiketak, era berean, aurreko idatz-zatietan xedatutakotik kanpora daude. Halako kasuetan, ekonomia-itun honetako 32. artikuluan jasotako arauak bete beharko dira.

C) Aurreko A) eta B) letretan xedatutakoa kontuan hartu behar bada ere, honako eragiketa hauek Euskadin egindakotzat hartuko dira, eragiketak egiten dituen subjektu pasiboak zerga-egoitza euskal lurraldean baldin badauka:

1go. Nekazaritza, basogintza, abeltzaintza edo arrantzako ustiategiek edo arrantzuntzi-armadoreek egindako ekoizkin-emateak, ekoizkinak naturalak baldin badira, eraldatzeko prozesurik jasan ez baldin badute eta ustiategien edo armadoreen landaketa, ustiapen edo harrapaketetatik baldin badatoz zuzenean.

2gn. Garraio-zerbitzuak, baita etxez aldatzeko zerbitzuak, atoi-zerbitzuak eta garabi-zerbitzuak ere.

3gn. Garraiobideak alokatzea.

D) Artikulu honetan zehaztutako irizpideen arabera atzerrian egindakotzat hartzen diren eragiketak administrazio batari edo besteari eratxikiko zaizkio, gainerako eragiketetan erabiltzen den proportzio berberarekin.

E) Hamalaugarren artikuluko Bi idatz-zatiko bigarren paragrafoan jasotako eragiketak egiten ez dituzten erakundeek, zerga-egoitza baldin badaukate, foru-aldundiei ordainduko dizkiete zergak.

17. artikulua.- Zergaren konturako ordainketa.

Bat. Sozietateen gaineko Zerga dela-eta egin beharreko atxikipenak eta konturako ordainketak administrazio batari edo besteari egingo zaizkio, itun honetan Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruz ezarritako irizpideen arabera. Gainera, 12. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, administrazio batari edo besteari kontura egindako ordainketen eraginkortasunari dagokionez.

Bi. Zergak bi administrazioei ordaindu behar dizkieten subjektu pasiboek lurralde bakoitzean egindako eragiketen zenbatekoaren araberako proportzioan egingo dituzte zergaren zatikako ordainketak. Hori dela eta, Zergarako azken aitorpen-likidazioan adierazitako proportzio bera erabiliko da.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, beste proportzio bat aplikatu ahal izango da, ekonomia-itun honen III. kapituluko 2. atalean aipatutako Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordea jakitun jarri ondoren, eragiketa hauek egiten direnean:

a) Bategitea, banaketa, aktibo-ekarpena eta balore-trukea.

b) Lurralde erkidean edo foru-lurraldean jarduera hastea, jarduerari uztea, hura zabaltzea edo murriztea, baldin eta horren ondorioz nabarmen aldatzen bada idatz-zati honetako lehenengo paragrafoan azaldutako irizpideari jarraituz kalkulatutako proportzioa.

Beti ere, aldakuntza nabarmena dela uste izango da lurraldeetariko edozeini aplikatu beharreko proportzioak ehuneko 15 gora edo behera, gutxienez, egiten duenean.

Hiru. Administrazio bakoitzari benetan egindako zatikako ordainketa administrazio horri dagokion kuota-zatitik kenduko da.

18. artikulua.- Zergak bi administrazioetan ordaintzen dituztenen kasuan, Zerga nola kudeatu.

Zergak bi administrazioetan ordaintzen dituztenen kasuan, honako arau hauek bete beharko dira:

Lehenengoa. Zerga likidatuta lortutako emaitza Estatuko eta Euskadiko administrazioei egotziko zaie, zerga-ekitaldi bakoitzean lurralde batean eta bestean egindako eragiketen zenbatekoaren proportzioan.

Bigarrena. Zergak bi administrazioetan ordaindu behar dituzten subjektu pasiboek behar diren aitorpen-likidazioak aurkeztu behar dizkiete administrazio biei, arauetan agindutako epeak eta formalitateak errespetatuta. Aitorpen-likidazio horietan, beti ere, aplikatu beharreko proportzioa zein den eta administrazio bakoitzari dagozkion kuotak eta itzulketak zeintzuk diren zehaztu beharko da.

Hirugarrena. Balizko itzulketak direla eta, administrazio bakoitzak bereak egingo ditu, dagokion proportzioan.

19. artikulua.- Zergaren ikuskapena.

Bat. Subjektu pasiboak Euskadin badu zerga-egoitza, lurraldearen arabera eskumena daukan foru-aldundiak egingo du Zergaren ikuskapena.

Hala ere, subjektu pasiboak aurreko ekitaldian egindako eragiketen zenbatekoa 6 milioi eurotik gorakoa bada eta eragiketa guztien %75 edo gehiago lurralde erkidean egina bada, subjektu pasiboa ikuskatzeko eskumena Estatuko Administrazioarena izango da.

Halaber, zerga-egoitza lurralde erkidean duten subjektu pasiboen ikuskapena lurraldearen arabera eskumena daukan foru-aldundiak egingo du baldin eta subjektu pasiboak aurreko ekitaldian egindako eragiketen zenbatekoa 6 milioi eurotik gorakoa izan eta eragiketa guztiak euskal lurraldean eginak badira.

Bi. Ikuskapenak egiteko lanetan, eskumena duen administrazioko arauak bete beharko dira, aurreko idatz-zatian ezarritakoaren arabera. Gainerako administrazioek lagundu egin diezaiokete eskumena daukan administrazioari.

Ikuskapen-lan horien ondorioz, zorren bat jaso edo kopururen bat itzuli behar dela agertzen bada, eta zor edo kopuru hori bi administrazioei badagokie, ikuskapen-lan horiek egin dituen administrazioak kobratu edo itzuliko du. Dagozkion konpentsazioak gero emango dizkiote batak besteari, beharrezkoa bada. Eskumena daukan administrazioko organo ikuskatzaileek

euren jardunaren emaitzen berri emango diete ukitutako gainerako administrazioei.

Hiru. Aurreko idatz-zatian xedatutakoak ezin ditu foru-aldundiek beren lurraldeetan egiaztapenak eta ikerketak egiteko dituzten eskumenak murriztu. Baina foru-aldundien jarduera horiek ez dute, administrazio-organo eskudunen jardueren ondorioz egindako behin betiko likidazioak direla eta, inolako ondorio ekonomikorik izango zergadunengan.

Lau. Administrazio eskudunak egiaztapenetan zehaztutako proportzioak kitatutako betebeharrei dagokienean ere bete beharko ditu subjektu pasiboak. Horrek ez du esan nahi bi administrazioen artean behin betiko onartzen direnak bete behar ez direnik.

20. artikulua.- Interes ekonomikoko elkartzeak, aldi baterako enpresa-elkarteak eta zerga-taldeak.

Bat. Euskadik ezarriko du interes ekonomikoko elkartzeen eta aldi baterako enpresa-elkarteen zerga-araubidea, halakoak osatzen dituzten erakunde guztiak foru-arautegiaren menpe dauden kasuetan.

Erakundeok bazkideei egotziko diete lurralde batean zein bestean egindako eragiketetan dagokien zatia, eta bazkideek kontuan hartuko dute egotzi zaien zati hori, euren eragiketen proportzioa zehazterakoan.

Bi.1. Zerga-taldeak zerga-baterakuntzaren foru-araubidearen menpe egongo dira baldin eta sozietate nagusia eta menpeko guztiak foru-arautegiaren menpe badaude banako zerga ordainketaren araubidean, eta lurralde erkideko zerga-baterakuntzaren araubidearen menpe egongo dira, aldiz, sozietate nagusia eta menpeko guztiak lurralde erkideko zerga-araubidearen menpe badaude banako zerga-ordainketaren araubidean. Hori dela eta, zerga-taldetik kanpokotzat joko dira beste araubidearen menpe dauden sozietateak, halakorik badago.

Estatuaren unean uneko arautegia bera erabiliko da, beti ere, zerga-taldea, sozietate nagusia, menpeko sozietateak, nagusitasun–maila eta taldearen barne-eragiketak definitzeko.

2. Honako arauak erabiliko dira zerga-taldeei zerga-baterakuntzaren araubidea aplikatzeko:

Lehenengoa. Taldea osatzen duten sozietateek, Itun honetan aipatutako arau orokorrak betez, banako zerga-ordainketaren araubideari dagokion aitorpena aurkeztuko dute.

Aurreko lerroaldean xedatutakoaren kalterik gabe, sozietate nagusiak zerga-taldearen kontabilitate-orri bateratuak aurkeztuko dizkie administrazio biei.

Bigarrena. Zerga-taldeak lurraldeetako bakoitzean eginak dituen eragiketen zenbatekoaren heinean ordainduko dio zerga administrazioetako bakoitzari.

Hori dela eta, lurralde bakoitzean egindako eragiketen zenbatekoa kalkulatzeko, zerga-taldeko sozietateek lurralde horretan egindako eragiketak batu egingo dira, eta gero taldearteko bidezko kenketak egingo dira.

4. ATALA.- EZ-EGOILIARREN ERRENTAREN GAINEKO ZERGA

21. artikulua.- Aplikatu beharreko arauak.

Bat. Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zerga itundutako zerga da eta Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen funtsezko eta formazko arau berberak erabiliko dira hura eraentzeko.

Hala ere, atzerriko egoiliarrak diren pertsona edo erakundeek Euskadin dituzten

establezimendu iraunkorrei zerga honi buruzko arautegi autonomoa aplikatuko zaie, 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Zergadunak, aukerazko araubidea aplikatu ahal izateko Ez-Egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko arautegian ezarritako baldintzak betetzen dituela-eta, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga ordaintzea aukeratzen badu, lurraldearen arabera eskumena duen foru-aldundiaren arautegia hartuko da kontuan, baldin eta zergadunak lanetik eta ekonomia-jardueretatik euskal lurraldean lortzen dituen etekinek Espainian lortzen duen errenta osoaren zatirik handiena egiten badute. Zergadunak itzulketarako eskubidea duenean, foru-aldundi eskudunak egingo dio itzulketa, berdin da errentak Espainiako zein lekutan lortu dituen.

Bi. Pertsona fisiko edo erakunde batek establezimendu iraunkorraren bidez diharduela ulertuko da baldin eta, edozein titulu dela bide, edozein motatako instalazio edo lantokiren bat badu, ohikoa eta iraunkorra, eta bere jarduera bertan egiten badu osorik nahiz zati batean; edo bestela, subjektu pasibo ez-egoiliar horren izenean eta kontura agenteren batek egiten badu jarduera, kontratuak barne, subjektu pasiboak eskuetsita, eta agente horrek ohikoa badu subjektu pasibo ez-egoiliarrak emandako ahalmen hori erabiltzea.

Establezimendu iraunkortzat joko dira, bereziki, zuzendaritzen egoitzak, sukurtsalak, bulegoak, lantegiak, tailerrak, biltegiak, dendak eta bestelako establezimenduak, meategiak, petrolio eta gas guneak, harrobiak, nekazaritza, basogintza eta abeltzaintzako ustiategiak eta baliabide naturalak ustiatu edo ateratzeko beste edozein gune, eta hamabi hilabete baino gehiago dirauten eraikuntza, instalazio edo muntatze obrak.

22. artikulua.- Zergaren ordainarazpena.

Bat. Establezimendu iraunkorren bidez lortutako errentak zergapetzen direnean, administrazioetako batek ordainaraziko du Zerga, edo bestela biek batera, aurreko 15. artikuluan adierazitako eran.

Bi. Establezimendu iraunkorrik gabe lortutako errentak zergapetzen direnean, lurraldea dela-eta eskumena daukan foru-aldundiak ordainaraziko du zerga, errentak Euskadin lortuak edo sortuak badira, hau da, ondoko baldintzak betetzen badira:

a) Ekonomia-ustiategien etekinak direnean, jarduerak euskal lurraldean egiten badira.

b) Azterlan, egitasmo, laguntza tekniko, kudeaketarako laguntza, zerbitzu profesional eta antzeko beste zerbitzu batzuetatik lortutako etekinak direnean, zerbitzu horiek euskal lurraldean egin edo erabiltzen badira. Eta euskal lurraldean erabilitako zerbitzuak hauek izango dira: euskal lurraldean gauzatzen diren enpresa-jardueretan edo jarduera profesionaletan erabilitakoak edo lurralde horretan kokatutako ondasunekin burututakoak.

Zerbitzu hori ez baldin bada burutzen den tokian bertan erabiltzen, non erabiltzen den hartuko da kontuan.

c) Menpeko lanak ematen dituen etekinak direnean, lan hori euskal lurraldean egiten bada.

d) Artista edo kirolariek euskal lurraldean egindako lanaldi pertsonaletatik edo lanaldi horiekin zerikusia duen beste edozein jardueratatik ateratako etekinak, nahiz eta beste pertsona edo erakunderen batek hartu, artista edo kirolariak ez baino.

e) Euskal erakunde publikoetako fondo propioetan parte hartzetik ateratako dibidenduak zein bestelako etekinak, baita erakunde pribatuetako fondo propioetan parte hartzetik lortutakoak ere; baina, pribatuen kasuan, artikulu honetako laugarren idatz-zatian zehaztutako kopuruen barruan.

f) Kapital higigarriak emandako korritu, kanon eta bestelako etekinak:

a’) Ohiko egoitza Euskadin duten pertsona fisikoek edo euskal erakunde publikoek ordaindutakoak, baita erakunde pribatuek edo establezimendu iraunkorrek ordaindutakoak ere, artikulu honetako laugarren idatz-zatian zehaztutako kopuruen barruan.

b’) Euskal lurraldean erabilitako kapital-prestazioak ordaintzeko sariak direnean.

Irizpide horiek ez baldin badatoz bat, kapitala (ordaindutako prestaziokoa) non erabili den hartuko da kontuan.

g) Euskal lurraldean dauden ondasun higiezinetatik edo ondasun horiekin zerikusia duten eskubideetatik zuzenean nahiz zeharka ateratako etekinak.

h) Euskal lurraldean kokatutako hiri-ondasun higiezinen titularrak diren pertsona fisiko zergadunei egozten zaizkien errentak.

i) Pertsonek edo euskal erakunde publikoek jaulkitako baloreen ondorioz gertatutako ondare-gehikuntzak, baita erakunde pribatuek jaulkitako baloreen ondorioz gertatzen direnean ere, artikulu honetako laugarren idatz-zatian zehaztutako kopuruen barruan.

j) Euskal lurraldean dauden ondasun higiezinen ondorioz, edo lurralde horretan bete behar diren edo erabil daitezkeen eskubideen ondorioz gertatutako ondare-gehikuntzak. Zehatz-mehatz, letra honen barruan egongo dira:

a’) Erakunde bateko eskubide edo partaidetzak direla-eta gertatutako ondare-gehikuntzak, baldin eta erakunde horren aktiboa euskal lurraldean kokatutako ondasun higiezinez osatuta badago batez ere. Ez da kontuan hartuko erakundea egoiliarra den ala ez.

b’) Erakunde bateko eskubide edo partaidetzak eskualdatu egin direla-eta gertatuko ondare-gehikuntzak, baldin eta eskubide edo partaidetza horiek euskal lurraldean kokatutako ondasun higiezinez gozatzeko eskubidea ematen badiote titularrari. Ez da kontuan hartuko erakundea egoiliarra den ala ez.

k) Euskal lurraldean kokatutako beste ondasun higigarri batzuen ondorioz, edo lurralde horretan bete behar diren edo erabil daitezkeen eskubideen ondorioz gertatutako ondare-gehikuntzak.

Hiru. Aurreko idatz-zatian zehaztutako irizpide horien arabera, errentaren bat bi lurraldeetan lortu dela pentsa badaiteke, lurralde historikoei egokituko zaie horien ordainarazpena, ordaindu behar duena pertsona fisikoa bada eta ohiko bizilekua Euskadin badu. Pertsona juridikoa edo establezimendu iraunkorra bada, artikulu honetako laugarren idatz-zatian xedatutakoa hartuko da kontuan.

Lau. Aurreko Bi idatz-zatiko e), f) eta i) letretan jasotako kasuetan eta Hiru idatz-zatian jasotako kasuan, erakunde pribatuek edo establezimendu iraunkorrek ordaindutako errenten honako kopuru hauek hartuko dira euskal lurraldean lortu edo produzitutakotzat:

a) Erakunde edo establezimendu iraunkor horiek zergak Euskadin bakarrik ordaintzen badituzte, ordaintzen dituzten errenta guztiak.

b) Erakunde edo establezimendu iraunkor horiek zergak bi administrazioetan ordaintzen badituzte, Euskadin egindako eragiketen zenbatekoaren arabera ordaintzen duten errenten zatia.

Hala ere, letra honetan jasotako kasuetan, likidazioa egoiliarra ez den horren izenean aurkezten duen pertsonaren, erakundearen edo establezimendu iraunkorraren ohiko bizilekua edo zerga-egoitza dagoen lurraldeko administrazioak izango du etekin guztiak ordainarazteko eskumena, nahiz eta gero, behar bada, beste administrazioari konpentsazioa eman behar izan, beste administrazio horren lurretan egindako eragiketen zenbaterkoari dagokion heinean.

Era berean, likidazioa egoiliarra ez den horren izenean aurkezten duen pertsona nahiz erakunde edo establezimendu iraunkorraren ohiko bizilekua edo zerga-egoitza dagoen lurraldeko administrazioak ordainduko ditu egoiliarrak ez direnei ordaindu beharreko itzulketak, nahiz eta gero, behar bada, beste administrazioari konpentsazioa egin behar izan, ordaindu behar duen erakundeak beste administrazio horren lurretan egindako eragiketen zenbatekoari dagokion heinean.

Bost. Erakunde ez-egoiliarren Ondasun Higiezinen gaineko Karga Berezia, ondasun higiezina euskal lurraldean badago, lurraldearen arabera eskumena daukan foru-aldundiari ordaindu behar zaio.

23. artikulua.- Konturako ordainketak.

Bat. Honako zerga hau dela-eta establezimendu iraunkorrek euren errenten zioz egin behar dituzten zatikako ordainketak, atxikipenak eta konturako sarrerak goiko 2 eta 3. ataletan ezarritako arauei jarraituz eskatuko dira.

Bi. Establezimendu iraunkorrik gabe diharduten zergadunen errentei dagozkien atxikipenak eta konturako sarrerak, berriz, errentak zein lurraldetan lortu, hango administrazioak eskatuko ditu, aurreko artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Ikuskapena ere eskumena daukan administrazioko organoek egingo dute, aurreko artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Aurreko lerroaldean jartzen duena kontuan hartu behar bada ere, aurreko artikuluko Bi idatz-zatiko e), f) eta i) letretan jasotako kasuetan eta artikulu bereko Hiru idatz-zatian jasotako kasuan, foru-aldundiek eskatuko dituzte, atxikipena egitera behartuta dagoenak Euskadin egindako eragiketen zenbatekoaren proportzioan, aurreko 3. atalean ezarritako arauak erabiliz.

Hiru. Gainera, 12. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da, administrazio batari edo besteari kontura egindako ordainketen eraginkortasunari dagokionez.

5. ATALA.- ONDAREAREN GAINEKO ZERGA

24. artikulua.- Aplikatu beharreko arauak eta zergaren ordainarazpena.

Ondarearen gaineko Zerga itundutako zerga da eta araudi autonomoari dagokio.

Lurralde historikoetako foru-aldundi eskudunak edo Estatuak eskatuko du, zergaduna Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga bidez administrazio batari edo besteari lotuta dagoen kontuan hartuta, eta zergapean diren ondare-elementuak zein lurraldetan dauden kontuan hartu gabe.

Zerga ordaintzeko betebehar erreala duten subjektu pasiboen kasuan, ondasunen eta eskubideen baliorik gehiena euskal lurraldean baldin badago, foru-aldundiei egokituko zaie zerga ordainaraztea.

Horretarako, euskal lurraldean kokatuta daudela ulertuko da, hain zuzen ere, lurralde horretan dauden, erabil litezkeen edo bete beharko liratekeen ondasun eta eskubideak.

Azken egoitza Euskadin izan duten ez-egoiliarrek Ondarearen gaineko Zerga norberaren betebeharraren arabera ordaintzea aukeratzen dutenean, lurralde erkidean edo foru-lurraldean ordaindu ahal izango dute eta aukeratzen duten lurraldeko arautegia bete beharko dute.

6. ATALA.- OINORDETZA ETA DOHAINTZEN GAINEKO ZERGA

25. artikulua.- Aplikatu beharreko arautegia eta zergaren ordainarazpena.

Bat. Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zerga itundutako zerga da eta araudi autonomoaren pean dago.

Lurraldea dela-eta eskumena daukan foru-aldundiak ordainaraziko du zerga hori honako

kasu hauetan:

a) "Mortis causa" eskuraketetan, eta bizitza-aseguruen onuradunek aseguratuaren heriotzaren ondoren kopuruak hartzen dituztenean, baldin eta sortzapenaren egunean kausatzailearen ohiko bizilekua Euskadin badago.

b) Ondasun higiezinen dohaintzetan, ondasun horiek euskal lurraldean kokatuta baldin badaude.

Letra honetan xedatutakoa dela-eta, ondasun higiezinen dohaintzatzat hartuko dira Baloreen Merkatuaren uztailaren 28ko 24/1988 Legeko 108. artikuluan aipatutako dohaineko balore-eskualdatzeak.

c) Gainerako ondasun eta eskubideen dohaintzetan, dohaintza-hartzaileak ohiko bizilekua Euskadin baldin badauka sortzapenaren egunean.

d) Zergapekoak egoitza atzerrian daukanean, baldin eta ondasun edo eskubide guztiak euskal lurraldean kokatuta badaude, euskal lurraldean erabil badaitezke edo euskal lurraldean bete behar badira. Bizi-aseguruetako hitzarmenetatik lortutako kopuruen kasuan ere bai, hitzarmen hori egoitza Euskadin duten aseguru-erakundeekin egin bada, edo euskal lurraldean egin bada bertan jarduten duten atzerriko erakundeekin.

Bi. Aurreko idatz-zatiko a) eta c) letretan jasotako kasuetan, foru-aldundiek lurralde erkideko arauak aplikatuko dituzte, kausatzaileak edo dohaintza-hartzaileak egoitza Euskadin eskuratu zuenetik zerga ordaindu beharra sortu arte 5 urte baino gutxiago pasa badira.

Autonomia Estatutuaren 7.2. artikuluaren arabera izaera politikoz euskaldunak izaten jarraitu dutenei ez zaie arau hori ezarriko.

Hiru. Agiri baten bidez dohaintza-emaile bakar batek dohaintza-hartzaile bati ondasunak edo eskubideak dohaintzan ematen badizkio eta, aurreko Bat idatz-zatiaren arabera, etekina lurralde erkidean eta euskal lurraldean sortutakoa dela pentsatu behar bada, eskualdatutako ondasun eta eskubide guztien balioari lurralde bakoitzean legokiokeen batez besteko aplikatuko da, bakoitzaren arauen arabera eta lurralde bakoitzari egotzitako dohaintzen balioaren etekinaren gainean, eta hortik aterako da lurralde bakoitzari dagokion kuota..

Lau. Dohaintzak metatu behar diren kasuetan, Euskadiri zein kuota dagokion jakiteko, metatutako dohaintza guztien balioari legokiokeen batez bestekoa aplikatu behar zaio egun eskualdatuta dauden ondasun eta eskubideen balioari, bere arauen arabera.

Horretarako, metatutako ondasun eta eskubide guztiak honako hauek izango dira: aurreko dohaintzetatik datozenak eta egun eskualdatu direnak.

7. ATALA.- BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGA

26. artikulua.- Aplikatu beharreko arauak.

Balio Erantsiaren gaineko Zerga itundutako zerga da eta Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen edukizko eta formazko arau berberak erabiliko dira hura eraentzeko. Lurralde historikoetako erakunde eskudunek, hala ere, aitorpen- eta sarrera-ereduak onesteko eta likidazio-aldi bakoitzeko sarrera-epeak zehazteko gaitasuna izango dute. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan behar dira; eta epe horiek, berriz, ez dira Estatuko administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak izango.

27. artikulua.- Zergaren ordainarazpena.

Bat. Balio Erantsiaren gaineko Zerga ordainarazteko, honako arau hauek bete behar dira:

Lehenengoa. Euskal lurraldean bakarrik jarduten duten subjektu pasiboek zerga guztiak dagokien foru-aldundian ordaindu behar dituzte; eta lurralde erkidean bakarrik jarduten dutenek Estatuko Administrazioan ordaindu behar dituzte.

Bigarrena. Lurralde erkidean eta euskal lurraldean jarduten duten subjektu pasiboek zergak bi administrazioetan ordaindu behar dituzte, lurralde bakoitzean egindako eragiketen zenbatekoaren proportzioan. Proportzio hori zehazteko, hurrengo artikuluan jasotako lotura-puntuak erabili beharko dira.

Hirugarrena. Aurreko urtean 6 milioi euro baino eragiketa-kopuru handiagoa egin ez duten

subjektu pasiboek, eragiketak batean zein bestean eginda ere, zergak Estatuko

Administrazioan ordainduko dituzte, zerga-egoitza lurralde erkidean baldin badaukate; eta

zerga-egoitza Euskadin baldin badaukate, berriz, dagokion foru-aldundian.

Bi. Eragiketen zenbateko osoa hauxe izango da: ondasunak ematerakoan eta zerbitzuak egiterakoan subjektu pasiboak lortu dituen kontraprestazioen zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta baliokidetasun–errekargua alde batera utzita, halakorik badago.

Jardueran hasi berriak direnen kasuan, 6 milioi euroko kopurua zenbatzeko, egutegiko lehenengo urtean egindako eragiketen zenbatekoa hartuko da kontuan.

Jardueran emandako lehenengo urtea ez baldin bada egutegiko urtebete, kopuru hori zenbatzeko, jardueraren hasieratik egindako eragiketatik abiatuko da urte osokoa kalkulatzeko.

Hiru. Atal honetan ezarritakoa dela-eta, subjektu pasibo batek lurralde jakin batean jarduten duela esan daiteke, 28. artikuluan ezarritako irizpideen arabera lurralde horretan ondasunak eman edo zerbitzuak egiten baditu.

Lau. Ondasunen elkarte barruko trafikoarekin zerikusia duten eragiketen ziozko Zerga, artikulu honetako hurrengo idatz-zatietan aipatuko diren kasuetan izan ezik, aurreko Bat idatz-zatian azaldutako eran ordainaraziko da.

Bost. Garraiobide berrien elkarte barruko erosketen ziozko Zerga, baldin eta erosketak egiten dituzten pertsona edo erakundeen eragiketak Balio Erantsiaren gaineko Zerga ordaindu beharretik erabat salbuetsita badaude edo zerga horren pean ez badaude, garraiobideak behin betiko matrikulatzen diren lurralde erkideko edo euskal lurraldeko Administrazioak ordainaraziko du.

Sei. Jarraian azalduko diren eragiketak egiten direnean Estatuko Administrazioak edo lurraldearen arabera eskumena daukan foru-aldundiak ordainaraziko du Zerga, subjektu pasiboaren egoitza non dagoen, lurralde erkidean edo foru-lurraldean:

a) Ondasunen elkarte barruko eskuraketak, baldin eta eskuraketak zergapean badaude halaxe aukeratu delako edo Zergari buruzko arauetan ezarritako muga kuantitatiboa gainditu delako, eta horiek egiten dituztenak Zergari kenketa osoa edo partziala egiteko eskubiderik ez dakarten eragiketak soilik egiten dituzten subjektu pasiboak badira, edo enpresari nahiz profesional gisa ez diharduten pertsona juridikoak badira.

b) Ondasunen elkarte barruko eskuraketak, baldin eta araubide erraztuan, nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezian edo baliokidetasun-errekarguaren araubidean egiten badira.

28. artikulua.- Eragiketen lekua.

Bat. Ekonomia-itun honen ondorioetarako, honako arau hauek betetzen dituztenak hartuko dira, Zergari lotuta dauden eragiketen artetik, Euskadiko lurralde historikoetan egindakotzat:

A) Ondasun-emateak.

1. Ondasun higigarri gorpuztunak euskal lurraldean eman direla esan daiteke, hain zuzen ere, lurralde horretatik uzten badira hartu behar dituenaren eskuetan. Aldiz, ondasun horiek garraiatu egin behar badira jaso behar dituenaren eskuetan uzteko, halakoetan, espedizioa edo garraioa hasten denean ondasunak non dauden, han egindakotzat hartuko da ematea.

Arau horrek honako salbuespen hauek izango ditu:

a) Ondasun horiek eraldatuta baldin badaude eta ondasunak eman behar dituenak berak eraldatu baditu, ondasun horiek Euskadiko lurraldean egindakotzat hartuko dira azken eraldatze-prozesua Euskadin egin bada.

b) Emateak direla-eta industriako elementuren batzuk Euskaditik kanpora instalatu behar badira, emate horiek euskal lurraldean egindakotzat hartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira: gertatzeko eta fabrikatzeko lanak lurralde horretan egin behar dira; eta instalatu edo muntatzeko kostuak ezin du kontraprestazio guztiaren %15 baino handiagoa izan.

Era berean, elementu industrialen emateak direla-eta euskal lurraldean instalazioren bat egin behar denean, gertatu eta fabrikatzeko lanak lurralde erkidean egiten badituzte eta instalatu edo muntatzeko kostua kontraprestazio guztiaren %15 baino handiagoa ez bada, emate horiek ez dira euskal lurraldean egindakotzat hartuko.

c) Erkidegoko beste estatu batetik abiatuta igorri edo garraiatu behar diren ondasunak badira, eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko arautegian ezarritako betekizunak betetzen badira urrutiko salmentaren araubidea aplikatzeko, ondasun-ematea Euskadin egindakotzat joko da ondasunaren garraioa Euskadiko lurraldean amaitzen bada.

2. Energia elektrikoa ekoizten dutenen emateak, energia hori sortzen duten zentroak euskal lurraldean baldin badaude.

3. Ondasun higiezinen emateak, ondasunok euskal lurraldean badaude.

B) Zerbitzuak egitea.

1. Zerbitzuak Euskaditik kanpokoei egiten zaizkienean lurralde horretan egindakotzat hartuko dira.

2. Ondasun higiezinekin lotura zuzena daukaten zerbitzuak aurreko idatz-zatian xedatutakotik kanpora daude, salbuespen modura. Ondasunak Euskadiko lurraldean kokatuta baldin badaude, Euskadin egindakotzat hartuko dira zerbitzu horiek.

3. Aseguru-eragiketak eta kapitalizazio-eragiketak, era berean, aurreko idatz-zatietan xedatutakotik kanpora daude. Halako kasuetan, ekonomia-itun honetako 32. artikuluan jasotako arauak bete beharko dira.

C) Aurreko letretan xedatutakoa kontuan hartu behar bada ere, honako eragiketa hauetan, Zerga ordainarazteko eskumena Estatuko Administrazioak edo foru-aldundi eskudunak izango du, subjektu pasiboaren zerga-egoitza lurralde erkidean edo Euskadin dagoen kontuan hartuta:

1go. Nekazaritza, basogintza, abeltzaintza edo arrantzako ustiategiek edo arrantzuntzi-armadoreek egindako ekoizkin-emateak, ekoizkinak naturalak baldin badira, eraldatzeko prozesurik jasan ez baldin badute eta ustiategien edo armadoreen landaketa, ustiapen edo harrapaketetatik baldin badatoz zuzenean.

2gn. Garraio-zerbitzuak, baita etxez aldatzeko zerbitzuak, atoi-zerbitzuak eta garabi-zerbitzuak ere.

3gn. Garraiobideak alokatzea.

Bi. Artikulu honetan aipatutako eragiketak egiten ez dituzten erakundeek foru-aldundiei ordainduko dizkiete zergak, zerga-egoitza euskal lurraldean badute.

29. artikulua.- Zergaren kudeaketa eta ikuskapena.

Bat. Zerga-likidazioen emaitza dagokien administrazioei egotzi beharko zaie, lurralde bakoitzean egutegiko urtebetean lortu den kontraprestazioen zenbatekoaren arabera eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga alde batera utzita. Kontraprestazio horiek, hain zuzen ere, egindako ondasun-emate eta zerbitzuei dagozkie, batzuetan zergapetu eta beste batzuetan salbuetsi egingo direnak eta, salbuetsitakoen kasuan, kenketa-eskubidea dakartenak.

Bi. Egutegiko urte bakoitzean behin-behingoz aplikatu behar diren proportzioak aurreko urteko eragiketen arabera zehaztuko dira.

Jarduera hasten den egutegiko urteko likidazio-aldietan behin-behinean aplikatu behar den proportzioa subjektu pasiboak berak kalkulatuko du, beraren ustez lurralde bakoitzean egingo dituen eragiketak kontuan hartuta, hala ere azkenean erregularizazioa egingo da.

Aurreko lerroaldean jartzen duena bete egin behar bada ere, honako kasu hauetan beste proportzio bat aplika daiteke behin-behingoz, beti ere, ekonomia-itun honetako III. kapituluko II. atalean aipatutako Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordeari jakinarazi ondoren:

a) Aktiboak bategitea, bereiztea eta ekartzea.

b) Lurralde erkidean edo foru-lurraldean jardueraren bat hasi, amaitu, zabaldu edo murrizten denean, baldin eta idatz-zati honetako lehen lerroaldean zehaztutako irizpidearen arabera kalkulatutako proportzioa nabarmen aldarazten bada.

Beti ere, aldakuntza nabarmena dela uste izango da lurraldeetariko edozeini aplikatu beharreko proportzioak ehuneko 15 gora edo behera, gutxienez, egiten duenean.

Hiru. Subjektu pasiboak, egutegiko urte bakoitzean Zergaren gainean egindako azken aitorpen-likidazioan, behin betiko proportzioak kalkulatuko ditu —garai horretan egindako eragiketen arabera—, eta aurreko likidazio-aldietan administrazio bakoitzarekin egindako deklarazioak erregularizatu egingo ditu, dagokion moduan.

Lau. Subjektu pasiboek Zergaren aitorpen-likidazioak aurkeztuko dizkiete zerga ordainarazteko eskumena daukaten administrazioei. Aitorpen-likidazio horietan, beti ere, aplikatu beharreko proportzioak eta administrazio batari edo besteari dagozkion kuotak jaso beharko dira beti.

Bost. Bidezkoak diren itzulketak egitea administrazioen lana izango da, bakoitzari dagokion proportzioan.

Sei. Ikuskapena honako irizpide hauen arabera egingo da:

a) Zergak foru-aldundietan edo, hala badagokio, Estatuko Administrazioan, baina bietako batean bakarrik ordaindu behar dituzten subjektu pasiboak ikuskatzea administrazio horietako bakoitzeko zerga-ikuskaritzen lana izango da.

b) Zergak lurralde erkidean edo euskal lurraldean egindako eragiketa-kopuruaren proportzioan ordaindu behar dituzten subjektu pasiboak ikuskatzeko, honako arau hauek bete beharko dira:

Lehenengoa. Zerga-egoitza lurralde erkidean daukaten subjektu pasiboak: Estatuko Administrazioko organoek egingo dituzte egiaztapena eta ikerketa. Administrazio horrek, era berean, subjektu pasiboak administrazio eskudun guztietan zergen aldetik duen egoera erregularizatzeko lana hartuko du, administrazio batari eta besteari dagokion zerga-proportzioa barne.

Bigarrena. Zerga-egoitza euskal lurraldean daukaten subjektu pasiboak: zerga-egoitzari dagokion foru-administrazioko organo eskudunek egingo dituzte egiaztapena eta ikerketa, Estatuko administrazioak laguntza eman badezake ere. Ondorioak eskumena duten administrazio guztietan bete beharko dira, administrazio horiei dagokien tributazio-proportzioa barne. Subjektu pasiboak aurreko ekitaldian eragiketen %75 edo gehiago lurralde erkidean egina badu, zehaztutako lotura-puntuen arabera, eskumena Estatuko Administrazioarena izango da, foru-aldundiek laguntza eman badezakete ere.

Ikuskapen-lan horien ondorioz, zorren bat jaso edo kopururen bat itzuli behar dela agertzen bada, eta zor edo kopuru hori bi administrazioei badagokie, ikuskapen-lan horiek egin dituen administrazioak kobratu edo itzuliko du. Dagozkion konpentsazioak gero emango dizkiote batak besteari, beharrezkoa bada. Eskumena daukan administrazioko organo ikuskatzaileek euren jardunaren emaitzen berri emango diete ukitutako gainerako administrazioei.

Hirugarrena. Aurreko arauetan xedatutakoa bete egin behar bada ere, horrek ezin ditu foru-aldundiei —nori bere lurralde barruan— egiaztapenak eta ikerketak egiteko dagozkien eskumenak murriztu. Baina, era berean, foru-aldundien aktuazioek ezin dute, administrazio eskudunetako organoen aktuazioen ondorioz egindako behin betiko likidazioen inguruan, zergapekoen artean inongo ondorio ekonomikorik izan.

Laugarrena. Administrazio eskudunak egiaztapenetan ezarritako proportzioak subjektu pasiboak ere bete beharko ditu, likidatutako betebeharren inguruan. Horrek ez du esan nahi administrazio eskudunen artean behin betiko zehazten dituztenak bete behar ez direnik, hala ere.

Zazpi. Europako Erkidegoaren barruan egindako emate eta eskuratzeen errekapitulazio-deklarazioak, hain zuzen ere, subjektu pasiboari egiaztapenak eta ikerketak egiteko eskumena daukan zerga-administrazioan aurkeztu beharko dira.

8. ATALA.- ONDARE ESKUALDAKETEN ETA EGINTZA JURIDIKO DOKUMENTATUEN GAINEKO ZERGA

30. artikulua.-Aplikatu beharreko arauak.

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga itundutako zerga da eta araudi autonomoaren pean dago, sozietate-eragiketetan, truke-letretan eta ordezko balioa edo igorpen-zeregina duten agirietan izan ezik; halakoetan arau erkideak beteko dira eta lurralde historikoetako erakunde eskudunen eginkizuna izango da aitorpenak eta sarrerak egiteko agirien ereduak onestea eta sarrerak egiteko epeak jartzea likidazio-aldi bakoitzean. Dena dela, horiek guztiek ez dute alde handirik izango Estatuko Administrazioak ezartzen dituenekin.

31. artikulua.- Zergaren ordainarazpena.

Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga ordainaraztea dena delako foru-aldundiari dagokio honako kasu hauetan:

1. Ondasun higiezinak kostu bidez eskualdatzen direnean eta alokatzen direnean, eta ondasun horien eskubide errealak —baita bermekoak ere— osatu edo eskubide horiek kostu bidez ematerakoan, ondasunok euskal lurraldean kokatuta badaude.

Baloreen Merkatuaren uztailaren 28ko 24/1988 Legeko 108. artikuluan jasotako kasuetan, baloreak eskualdatzen dituen erakundearen aktiboko ondasun higiezinak euskal lurraldean badaude.

2. Ondasun higigarriak, aziendak eta kredituak kostu bidez eskualdatzerakoan eta horien gaineko eskubideak osatzerakoan eta eskubide horiek kostu bidez lagatzerakoan, baldin eta eskuratu behar dituena pertsona fisikoa bada eta ohiko bizilekua Euskadin badauka; edo, pertsona juridikoa bada eta Euskadin badauka zerga-egoitza.

Aurrekoa hala bada ere, honako bi salbuespen hauek jarri dira:

a) Akzioak, harpidetza-eskubideak, obligazioak, antzeko tituluak eta gainerako baloreak zein sozietateen partaidetzak eskualdatzen direnean, eragiketa zein tokitan formalizatu den hartuko da kontuan.

b) Higigarrien hipoteka edo eskualdaketarik gabeko bahitura osatzerakoan edo tartean itsasontzi edo aireontziak dauden kasuetan, egintza horiek zein lurraldetan inskribatu behar diren hartuko da kontuan.

3. Mailegu soilak, fidantzak, higiezinez bestelakoen alokatzeak eta pentsioak osatzen direnean, baldin eta mailegu-hartzailea, fidantza-hartzailea, errentaria edo pentsioduna pertsona fisikoa bada eta ohiko bizilekua Euskadin badu; edo pertsona juridikoa bada eta zerga-egoitza Euskadin badu.

Maileguak berme erreala duenean, berriz, hipotekadun ondasun higiezinak euskal lurraldean badaude, edo lurralde horretan inskribatu badaitezke higigarrien hipotekak edo eskualdaketarik gabeko bahiturak.

Mailegu bat lurralde erkidean eta foru-lurraldean kokatutako hainbat ondasun higiezinen gaineko hipotekarekin bermatuta badago, edo lurralde bietan inskribatu daitekeen higigarrien hipotekarekin nahiz eskualdaketarik gabeko bahiturarekin bermatuta badago, batzuei eta besteei egozten zaien erantzukizunaren araberako proportzioan ordainduko zaio zerga administrazio bakoitzari, eta, zehaztapen hori eskrituran beren beregi jasorik ez badago, ondasunen balio egiaztatuen araberako proportzioan.

4. Ondasunen administrazio-emakidetan, ondasun horiek Euskadin kokatuta baldin badaude; eta obrak burutu edo zerbitzuak ustiatu behar direnetan, baldin eta Euskadin egiten edo eskaintzen badira. Arau horiek beroriek aplikatuko dira administrazio-emakidekin berdinesten direlako zergapean dauden administrazio egintza eta negozioetan ere.

Euskadiko lurralde-eremua gainditzen duten ondasunak ustiatzeko emakidak direnean, euskal lurraldean okupatzen duten azaleraren arabera eskatuko da Zerga.

Euskadiko lurralde-eremua gainditzen, duten obrak burutzeko emakidak direnean, euskal lurraldean egingo diren obren zenbatekoa kalkulatuko da eta horren arabera eskatuko da Zerga.

Euskadiko lurralde-eremua gainditzen duten zerbitzuak ustiatzeko emakidak direnean, ukitutako erkidegoen guztizkoaren gainean Euskadiko biztanleriak eta azalerak dauzkaten ehunekoen batez besteko aritmetikoaren arabera eskatuko da Zerga.

Euskadiko lurralde-eremua gainditzen duten emakida mistoak badira, aurreko hiru paragrafoetan jasotako irizpideak emakida-zatiari aplikatuta eskatuko da Zerga.

Euskadiko lurralde-eremua gainditzen duten administrazio-emakidak badira, lurraldearen arabera eskumena duen foru-aldundiak ikuskatuko du Zerga, baldin eta erakunde emakidadunaren zerga-egoitza bertan badago.

5. Sozietate-eragiketetan, honako gorabeheretariko baten bat nabari bada:

a) Erakundeak zerga-egoitza Euskadin eduki behar du.

b) Erakundeak sozietate-egoitza Euskadin eduki behar du, baldin eta benetako zuzendaritza-egoitza Europar Batasuneko kide diren estatuetakoren bateko beste zerga-administrazio bateko lurralde-esparruan ez badago; edo, hala egonik ere, estatu horrek ez baldin badu sozietate-eragiketa antzeko beste zergaren batekin kargatzen.

c) Erakundeak eragiketa batzuk Euskadin ere egin behar ditu, baldin eta benetako zuzendaritza-egoitza eta sozietate-egoitza Europar Batasuneko kide diren estatuetakoren bateko beste zerga-administrazio bateko lurralde-esparruan ez badago; edo, hala egonik ere, estatu horrek ez baldin badu sozietate-eragiketa antzeko beste zergaren batekin kargatzen.

6. Notarioen eskritura, akta eta testigantzetan, baldin euskal lurraldean baimendu edo ematen badituzte.

Aurreko paragrafoan jartzen duena bete egin behar bada ere, Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko karga-kuota gradualari lotuta dauden kasuetan, baldin eta ondasunak edo egintzak inskribatzeko erabili behar den erregistroa Euskadiko lurraldean badago.

7. Truke-letra eta ordezko balioa edo igorpen-zeregina duten agirietan eta ordaindukoetan, bonoetan, obligazioetan eta antzeko tituluetan, Euskadin igortzen edo jaulkitzen badira; atzerrian igortzen badira, lehenengoz eduki dituenak ohiko bizilekua edo zerga-egoitza Euskadiko lurraldean baldin badauka.

8. Anotazio prebentiboetan, Euskadin kokatutako erregistro publikoetan egiten badira.

9. ATALA.- ASEGURU-SARIEN GAINEKO ZERGA

32. artikulua.- Aplikatu beharreko arauak eta zergaren ordainarazpena.

Bat. Aseguru-Sarien gaineko Zerga itundutako zerga da eta Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen funtsezko eta formazko arau berberak erabiliko dira hura eraentzeko.

Nolanahi ere, lurralde historikoetako erakunde eskudunek aitorpenak eta sarrerak egiteko ereduak onetsi ahal izango dituzte, baina eredu horietan lurralde erkideko ereduetako datu berberak jasoko dira, gutxienez; eta sarrerak egiteko epeak jarri ahal izango dituzte likidazio-aldi bakoitzerako, baina epe horiek ez dute alde handirik izango Estatuko Administrazioak ezartzen dituenekin.

Bi. Foru-aldundiek ordainaraziko dute Zerga baldin eta arriskua edo konpromisoa, aseguru eta kapitalizazio eragiketetan, euskal lurraldean kokatzen bada.

Hiru. Hori dela eta, arriskua euskal lurraldean kokatuta dagoela uste izango da hurrengo baldintzak betetzen direnean:

Lehenengoa. Asegurua higiezinei badagokie, ondasun higiezinak Euskadiko lurraldean egotea. Arau bera erabiliko da asegurua higiezinei eta horien edukiari dagokienean, baldin eta aseguru-poliza batek berak estaltzen baditu higiezinak eta edukia. Asegurua higiezinean dauden ondasun higikorrei soilik badagokie, merkataritzako igarobidean dauden ondasunak izan ezik, ondasun higikorrak barruan dituen higiezin hori Euskadiko lurraldean egotea.

Aseguru batek berak estaltzen baditu lurralde erkidean eta euskal lurraldean dauden higiezinak, lurralde bakoitzean kokatutako higiezinen balioa kontuan hartuta kokatuko da bakoitzean.

Bigarrena. Asegurua edozein ibilgailu motari badagokio, ibilgailua bere izenean matrikulatuta daukan pertsonak edo erakundeak ohiko bizilekua edo zerga-egoitza Euskadin edukitzea.

Hirugarrena. Asegurua bidaietan edo aseguru-hartzailearen ohiko bizilekutik kanpo gerta litezkeen ezbeharrei badagokie, eta aseguruaren iraupena gehienez lau hilabetekoa bada, aseguru-hartzaileak aseguru-kontratua euskal lurraldean sinatzea.

Laugarrena. Aurreko arauetan berariaz azaldu gabeko kasu guztietarako: aseguru-hartzailea pertsona fisikoa bada, beraren ohiko bizilekua Euskadiko lurraldean egotea; eta bestela, kontratuan ageri den sozietatearen egoitza edo sukurtsala Euskadiko lurraldean egotea.

Lau. Konpromisoa euskal lurraldean kokatutzat joko da baldin eta, bizitza-aseguruei dagokienez, aseguruaren kontratatzaileak lurralde horretan badu ohiko bizilekua, pertsona fisikoa izanez gero; pertsona juridikoa izanez gero, euskal lurraldean izan behar du bere sozietate-egoitza edo sukurtsala, kontratua sukurtsalari buruzkoa bada.

Bost. Aurreko zenbakietan kokapenari buruzko berariazko araurik egon ezik, aseguru eta kapitalizazio eragiketak euskal lurraldean eginak direla ulertuko da baldintza hauek betetzen direnean: kontratatzailea enpresari edo profesionala izatea; eragiketa horiek bere enpresa edo lanbide jardueretan ari denean hitzartzea; eta bere ekonomia-jardueraren egoitza Euskadiko lurraldean edukitzea, edo establezimendu iraunkorren bat edukitzea lurralde horretan, edo, bestela, bere bizilekua bertan edukitzea.

10. ATALA.- ZERGA BEREZIAK

33. artikulua.- Aplikatu beharreko arautegia eta zergen ordainarazpena.

Bat. Zerga Bereziak itundutako zergak dira eta Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen edukizko eta formazko arau berberak erabiliko dira horiek eraentzeko. Lurralde historikoetako erakunde eskudunek, hala ere, aitorpen- eta sarrera-ereduak onesteko eta likidazio-aldi bakoitzeko sarrera-epeak zehazteko gaitasuna izango dute. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan behar dira; eta epe horiek, berriz, ez dira Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak izango.

Bi. Fabrikazio Zerga Bereziak foru-aldundiek eskatuko dituzte, zerga horien sortzapena Euskadin baldin bada.

Kuota eskuratu duen administrazioaren eginkizuna izango da Fabrikazio Zerga Bereziak Itzultzea, eskatzen zaizkionean. Dena dela, ezin baldin bada jakin kuotak zein administraziotan sartu ziren, itzultzeko eskubidea duenaren lurraldeko administrazioak itzuli beharko ditu.

Euskadin dauden establezimenduak kontrolatzea eta horiei baimena ematea, araubidea edozein dela ere, kasuan kasuko aldundiaren eginkizuna izango da. Dena dela, aurretik jakinarazpena egin beharko zaie Estatuko Administrazioari eta Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordeari.

Hiru. Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Berezia foru-aldundiek eskatuko dute, garraiobideak euskal lurraldean matrikulatzen baldin badira behin betiko.

Aurreko Bat idatz-zatian xedatutakoa gorabehera, lurralde historikoetako erakunde eskudunek karga-tasak gehitu ahal izango dituzte, Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen tasen %10eko gehikuntza izan arte, gehienez.

Matrikulazioa egiteko, gaiari buruz indarrean dagoen legeriak ezarritako irizpideak bete beharko dira. Zehazki, pertsona fisikoek ohiko bizilekua duten probintzian matrikulatuko dute garraiobidea.

11. ATALA.- ZENBAIT HIDROKARBUROREN TXIKIZKAKO SALMENTAREN GAINEKO ZERGA

34. artikulua.- Aplikatu beharreko arauak eta Zergaren ordainarazpena.

Bat. Zenbait Hidrokarburoren Txikizkako Salmentaren gaineko Zerga itundutako zerga da eta Estatuak une bakoitzean ezarrita dituen funtsezko eta formazko arauak erabiliko dira hura eraentzeko.

Aurrekoa gorabehera, lurralde historikoetako erakunde eskudunek Zergaren karga-tasak ezarri ahalko dituzte, lurralde erkidean une bakoitzean indarrean daudenen mugen barruan.

Lurralde historikoetako erakunde eskudunek, halaber, aitorpen- eta sarrera-ereduak onesteko eta likidazio-aldi bakoitzeko sarrera-epeak zehazteko gaitasuna izango dute. Baina eredu horietako datuak, gutxienez, lurralde erkidean erabiltzen diren berberak izan behar dira; eta epe horiek, berriz, ez dira Estatuko Administrazioak ezarritakoez oso bestelakoak izango.

Bi. Foru-aldundi eskudunak ordainaraziko du Zenbait Hidrokarburoren Txikizkako Salmentaren gaineko Zerga kasu hauetan:

a) Zergaren eremu objektiboak barruan hartzen dituen ekoizkinen salmentak edo emateak, euskal lurraldean kokatutako txikizkako salmenta-establezimendu publikoetan egindakoak, salbu eta ekoizkinok lurralde horretatik kanpo jaso eta kontsumitzeko beharrezko instalazioak dituzten azken kontsumitzaileei egiten zaizkien horniketak. Alderantziz, foru-aldundiek ordainaraziko dute zerga, kanpotik ekarritako ekoizkinak Euskadiko lurraldean jaso eta kontsumitzeko beharrezko instalazioak dituzten azken kontsumitzaileei lurralde erkidetik egiten zaizkien horniketak direla-eta.

b) Zergaren eremu objektiboak barruan hartzen dituen ekoizkinen inportazioak eta Erkidego barruko eskuraketak, baldin eta inportatzaileak edo eskuratzaileak berak zuzenean kontsumitzen baditu ekoizkinok, bere kontsumorako establezimenduan, eta establezimendu hori Euskadiko lurraldean badago.

12. ATALA.- ZEHARKAKO BESTE ZERGA BATZUK

35. artikulua.- Aplikatu beharreko arauak.

Zeharkako gainerako zergei dagokienez, Estatuak unean-unean ezarrita dituen oinarrizko abiaburu, arau substantibo, zerga-egitate, salbuespen, sortzapen, oinarri, tasa, tarifa eta kenkariak eurak izango dira manuzkoak.

13. ATALA.- JOKOAREN GAINEKO ZERGAK

36. artikulua.- Aplikatu beharreko arauak.

Jokoaren gaineko zergak itundutako zergak dira eta araudi autonomoa aplikatu behar zaie, baimena Euskadin eman behar zaien kasuetan. Estatuak unean-unean ezarrita duen arautegia aplikatuko da zerga-egitateari eta subjektu pasiboari dagokienez.

37. artikulua.- Zergen ordainarazpena.

Bat. Lurraldearen arabera eskumena daukan foru-aldundiak ordainaraziko du Zori, Enbido eta Adur Jokoen gaineko Tasa, zerga-egitatea Euskadin egiten denean.

Bi. Lurraldearen arabera eskumena daukan foru-aldundiak ordainaraziko du Zozketa, Tonbola, Apustu eta Ausazko Konbinazioen gaineko Zerga Tasa, halako jokoak egiteko baimena Euskadin eman behar den kasuetan.

14. ATALA.- TASAK

38. artikulua.- Tasak ordainarazteko eskumena.

Foru-aldundiei dagokie eska daitezkeen tasak ordainaraztea euren jabariko gune publikoen erabilera edo aprobetxamendu bereziagatik, zerbitzuak betetzeagatik eta Zuzenbide publikoko araubidean foru-aldundiek eurek egiten dituzten jarduerengatik.

15. ATALA.- TOKI OGASUNAK

39. artikulua.- Ondasun Higiezinen gaineko Zerga.

Ondasun Higiezinen gaineko Zerga lurralde historikoetan eskumena duten erakundeek emandako arauen bidez arautuko da. Zerga horrek kasuan kasuko lurralde historikoan dauden landa-ondasun eta hiri-ondasunak zergapetuko ditu.

40. artikulua.- Ekonomia-jardueren gaineko Zerga.

Bat. Ekonomia-jardueren gaineko Zerga lurralde historikoetan eskumena duten erakundeek emandako arauen bidez arautuko da.

Bi. Lurralde historikoetan eskumena duten erakundeen eginkizuna izango da kasuan kasuko lurraldean aurrera eramandako jarduerengatik Ekonomia-jardueren gaineko Zerga ordainaraztea, ondorengo arauak beteta:

a) Gutxieneko udal-kuotak direnean, edo gehitutakoak, kuota horiek lurralde historikoko udalen alde sortzen direnean.

b) Probintzia-kuotak direnean, jarduera lurralde historikoan burutzen baldin bada.

c) Probintzia batean baino gehiagotan jarduteko aukera eskaintzen duten kuotak baldin

badira, subjektu pasiboak ohiko bizilekua edo zerga-egoitza Euskadin baldin badu, egoeraren arabera. Kuota hori lurralde erkideko edo foru-lurraldeko administrazioari ordaindu ondoren, jarduera bi lurraldeetan eraman ahal izango da aurrera.

41. artikulua.- Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga.

Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga lurralde historikoetan eskumena duten erakundeek emandako arauen bidez arautuko da, zirkulazio-baimenean ageri den egoitza lurralde horretako udalerriren batekoa baldin bada.

42. artikulua.- Beste toki-zerga batzuk.

Lurralde historikoetan eskumena duten erakundeek toki-erakundeen gainerako zerga propioen araubidea mantendu, ezarri eta arautu ahal izango dute, bakoitzak bere lurraldearen barruan, ondoren aipatzen diren irizpideak beteta:

a) Araubide erkideko tokiko zerga-sistemarentzako ezarritako egitura orokorra eta egitura

horren printzipioak kontuan izatea, gai honetan ezartzekoak izan eta 3. artikuluan aurreikusitako harmonizazio-arauak errespetatuta.

b) Araubide erkidekoez gainera, zeharkako bestelako zerga-modurik ez ezartzea, zerga-modu horien etekina Euskadiko lurraldetik kanpora beste batengan isla badaiteke edo eragina izan badezake.

16. ATALA.- KUDEAKETA ETA JARDUNBIDEKO ARAUAK

43. artikulua.- Ohiko bizilekua eta zerga-egoitza.

Bat. Ekonomia-itun honetan xedatutakoari begira, Euskadin bizi izaten diren pertsona fisikoek ohiko bizilekua Euskadin dutela pentsatzeko, ondoren aipatzen diren arauak aplikatuko dira, hurrenez hurren:

Lehenengoa. Lurralde horretan zergaren ezarraldiko egun gehien ematea, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez; sortzapen egunaren bezperan amaitzen den urtebeteko egun gehien ematea, urtearen edozein egunetatik hasita zenbatuta, Oinordetza eta Dohaintzen gaineko Zergari, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari eta Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Bereziari dagokienez.

Pertsona fisikoen ohiko bizilekua , gainerako zergei dagokienez, dena delako zergaren sortzapen-egunean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondoreetarako duten ohiko egoitza bera izango da.

Lurralde jakin batean pertsona batek zenbat denbora eman duen zehazteko, aldi batez kanpoan izandako denbora hartuko da kontuan.

Kontrako frogarik ez dagoen artean, pertsona fisiko bat Euskadiko lurraldean dagoela pentsatuko da bere ohiko etxebizitza bertan baldin badu.

Bigarrena. Lurralde horretan baldin badu bere eginkizunen zentro nagusia; leku hori zein den jakiteko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ezarpen-oinarriaren zatirik handiena zein lurraldetan eskuratzen duen ikusiko da; kasu honetarako, ez dira kontuan hartuko higigarrien kapitalak emandako errentak eta ondare-gehikuntzak, ez eta zerga-gardentasunaren araubidean —profesionala alde batera utzita— egotzitako oinarriak ere.

Hirugarrena. Lurralde horretan baldin badu aitortutako bere azken bizilekua, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondorioetarako.

Bi. Espainiako lurraldean bizi diren pertsona fisikoen kasuan, egutegiko urtean zehar ez badute lurralde horretan 183 egun baino gehiago egiten, Euskadiko lurraldean bizi direla joko da bertan baldin badute enpresa- edo lan-jardueren edo interes ekonomikoen gune nagusia edo oinarria.

Hiru. Dena delako pertsona fisikoa Espainian bizi dela uste baldin bada, ezkontidearekin legez banandu gabe dagoelako eta ezkontideak eta haren menpe dauden adin txikiko seme-alabek ohiko bizilekua Euskadiko lurraldean dutelako, pertsona fisiko horrek ohiko bizilekua Euskadiko lurraldean daukala joko da.

Lau. Ekonomia-itun honen ondorioetarako, jarraian aipatuko direnek zerga-egoitza Euskadin dutela uste izango da.

a) Ohiko bizilekua Euskadin duten pertsona fisikoak.

b) Pertsona juridikoak eta Sozietateen gaineko Zergaren menpean dauden gainerako erakundeak, Euskadin baldin badute sozietate-egoitza eta, beti ere, sozietate-egoitza horretan baldin badute zentralizatuta administrazio-kudeaketa eta negozioen zuzendaritza, edo bestela, kudeaketa edo zuzendaritza hori Euskadin egiten bada. Irizpide horiek erabilita bizilekua non duten jakiterik ez badago, ibilgetuaren baliorik handiena non daukaten hartuko da kontuan.

c) Establezimendu iraunkorrak, Euskadin egiten badute euren negozioen administrazio-kudeaketa edo zuzendaritza. Irizpide hori erabilita bizilekua non duten jakiterik ez badago, ibilgetuaren baliorik handiena non daukaten hartuko da kontuan.

d) Sozietate zibilak eta nortasun juridikorik gabeko izakiak, Euskadin baldin badute kudeaketa eta zuzendaritza. Irizpide hori erabilita zerga-egoitza non duten jakiterik ez badago, ibilgetuaren baliorik handiena zein lurraldetan duten hartuko da kontuan.

Bost. Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboek eta erakunde ez-egoiliarren establezimendu iraunkorrek zerga-egoitzaren aldaketak bi administrazioei jakinarazi behar dizkiete, baldin eta egoitzaren aldaketak honako zerga ordainarazteko eskumenean aldaketaren bat badakar. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari dagokionez, zergaren aitorpena aurkeztea nahikoa izango da jakinarazpen hori egiteko.

Sei. Zergapekoen egoitza zein den erabakitzeko orduan administrazioen artean auziak sortzen baldin badira, Arbitraje Batzordeak konponduko ditu arazoak, zergapekoek diotena entzun ondoren. Arbitraje Batzorde hori ekonomia-itun honen III. kapituluko 3. atalean dago araututa.

Zazpi. Lurralde erkidean edo foru-lurraldean bizi diren pertsona fisikoek beren ohiko bizilekua lurralde horietako batetik bestera aldatzen baldin badute, zerga-betebeharrak bizileku berriaren arabera beteko dituzte aurrerantzean, bizileku berri hori lotura-puntua baldin bada.

Gainera, idatz-zati honetan aurreikusitakoagatik bizilekurik ez dela aldatu pentsatu behar baldin bada, pertsona fisikoek kasuan kasuko aitorpen osagarriak aurkeztu beharko dituzte, eta atzerapenek sortarazitako korrituak ere gehitu beharko dituzte.

Bizilekua aldatzearen helburu nagusia zerga gutxiago ordaintzea baldin bada, aldaketa horiek ez dute ondoriorik edukiko.

Bizileku berrian jarraian emandako denbora gutxienez hiru urtez luzatzen den kasuetan izan ezik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Ondarearen gaineko Zergaren ondorioetarako, aldaketarik ez dela izan pentsatuko da ondorengo inguruabarrak gertatzen direnean:

a) Bizilekua aldatzen den urtean edo hurrengoan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ezarpen-oinarria aldaketaren aurreko urtean izandako ezarpen-oinarria baino 100eko 50 handiagoa izatea, gutxienez. Zerga-ordainketa batera egiten denean, banakotzeari buruzko arauak erabiliz zehaztuko da.

b) Egoera hori sortzen den urtean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondoriozko tributazio efektiboa aldaketa izan aurreko lurraldean aplikatu beharreko araudiarekin gertatuko litzatekeen tributazio efektiboa baino txikiagoa izatea.

c) Ohiko bizilekua berriz ere hasierako lurraldean edukitzea a) letran azaldutako egoera sortzen den urtearen hurrengoan, edo honen hurrengoan.

Zortzi. Kontrako frogarik egon ezik, pertsona juridikoen zerga-egoitza ez dela aldatu ulertuko da baldin eta aldaketaren aurreko edo ondoko urtean batere jarduerarik egiten ez badute edo jarduerari uzten badiote.

Bederatzi. Administrazio interesatuetatik edozeinek zergadunaren egoitza aldaketa eragin ahal izango du. Administrazio horrek bere proposamena besteari helaraziko dio, jakin beharreko aurrekariak erantsita, eta bi hilabeteko epea emango dio egoitza aldaketari buruz duen iritzia azaltzeko eta ondoreak zein egunetatik sortuko diren adierazteko. Besteak proposamenari baietza ematen badio, administrazio eskudunak zergadunari jakinaraziko dio.

Bi administrazioak ados jartzen ez badira ere, prozeduran aurrera jarraitu ahal izango da artikulu honetako Sei idatz-zatian azaldutako eran.

44. artikulua.- Delitu fiskala.

Zerga-administrazioak uste baldin badu arau-hausteak, Kode Penalean araututakoaren arabera, Ogasun Publikoaren aurkako delituak izan daitezkeela, eskumena duen jurisdikzioari bidaliko dio erruduntasun-testigantza eta ez du jarraituko administrazio-jardunbidearekin agintaritza judizialak epai irmoa eman arte, jarduketak itxi edo artxibatu arte edo Ministerio Fiskalak espedientea itzuli arte.

45. artikulua.- Finantza-etxeen lankidetza zergen kudeaketan, eta zergen ikuskatzailetzaren jarduketak.

Bat. Euskadiko foru-aldundien eskumenekoak diren zergak ordainaraztea dela eta, beren eginkizuna izango da bankako trafikoan edo maileguen trafikoan diharduten finantza-etxeen eta pertsona fisiko eta juridikoen kontuak eta eragiketak, aktiboak zein pasiboak, zergen arloan ikertzea.

Aurreko paragrafoan aipatutako informazioa lortzeko jarduketei dagokienez, euskal lurraldetik kanpora egin behar badira, hurrengo Bi idatz-zatian xedatutakoa bete beharko da.

Bi. Ekonomia-itun honek Euskadiko foru-aldundiei emandako eskumenak direla eta, daturen bat egiaztatzeko edo ikertzeko Euskadiko lurraldetik kanpora jarduketaren bat egin behar baldin bada, eginkizun hori Estatuko Zergen Ikuskatzailetzak eramango du aurrera, edo lurraldearen arabera eskumena duen autonomia-erkidegoko ikuskatzailetzak, berari utzitako zergei buruz bada, foru-aldundietan aginpidea duen organoak hala eskatzen dienean.

Estatuko edo foru-aldundietako zergen ikuskatzailetzek, egiaztatzeko edo ikertzeko jarduketen ondorioz, beste administrazioan zergen arloan eragina duten gertakarien berri izaten baldin badute, horren berri emango diote batak besteari, arauz zehaztuko den moduan.

46. artikulua.- Informatu beharra.

Bat. Egiten diren atxikipenen eta konturako sarreren laburpenak berauetan jaso behar diren atxikipenak eta konturako sarrerak ordainarazteko eskumena daukan administrazioari aurkeztu behar zaizkio, administrazio bakoitzaren arautegia betez.

Balore-errenten gordailu-zainak edo haien kobrantzaren kudeatzaileak diren erakundeek, baldin eta, aplikatu beharreko arautegiaren arabera, errenta horiek direla-eta atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena aurkeztu beharra badute, halako erakundeak egiaztatu eta ikertzeko eskumena daukan Administrazioari aurkeztu beharko dizkiote laburpenok, bakoitzari dagokion arautegia betez.

Estatuak eta foru-aldundiek eska dezaketen Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboak diren erakundeek atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpenak aurkeztu behar dituzte, ekonomia-itun honetako 7.Bat.c) eta 9.Bat.Lehenengoa.a) artikuluetan aipatutako etekinei dagozkienean, eta kasuan kasu Zerga ordainarazteko eskumena daukan administrazioak aitorpenak aurkezteko lekuari, erari eta epeari buruz ezarritako arauak betez.

Bi. Zerga-informazioa orokorrean emateko betebeharrak betetzeko diren legez eskatutako aitorpenak Estatuko Administrazioari edo lurraldearen arabera eskumena daukan foru-aldundiari aurkeztu behar zaizkio, irizpide hauek kontuan harturik:

a) Zergadunek ekonomia-jarduerak egiten badituzte, eurek egiten dituzten enpresa- edo lanbide-jarduerak egiaztatu eta ikertzeko eskumena daukan administrazioari.

b) Zergadunek ez badute ekonomia-jarduerarik egiten, zerga-egoitza non daukaten hartu behar dute kontuan, lurralde erkidean edo foru-lurraldean.

Hiru. Zentsu-aitorpenak, bestalde, egin behar dituen pertsonak edo erakundeak bere zerga-egoitzako administrazioari aurkeztu behar zaizkio, bakoitzaren arautegiaren arabera; baita pertsona edo erakunde horrek, ekonomia-itun honetan ezarritako arauen indarrez, honako aitorpenen bat aurkeztu behar dion administrazioari ere:

- Atxikipenen eta konturako sarreren aitorpena.

- Sozietateen gaineko Zergaren ziozko aitorpen-likidazioa.

- Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ziozko aitorpen-likidazioa.

- Ekonomia-jardueren gaineko Zergaren ziozko aitorpena.

47. artikulua.- Enpresak batzea eta banatzea.

Enpresak batzeko eta banatzeko eragiketetan, aurreko 14. artikuluan aipatzen diren zerga-irizpideei jarraituta, kasuan kasuko zerga-onurak bi administrazioek onetsi behar baldin badituzte, foru-aldundiek aplikatuko duten araudia une bakoitzean lurralde erkidean indarrean egongo denaren berdina izango da, eta kasuan kasuko administrazio-espedienteak izapidetuko dira administrazio bakoitzean.

II. KAPITULUA.- FINANTZA-HARREMANAK

1. ATALA.- ARAU OROKORRAK

48. artikulua.- Printzipio nagusiak.

Estatuaren eta Euskadiren arteko finantza-harremanek ondoko printzipioak izango dituzte:

Lehenengoa. Euskadiko erakundeek euren eskumenak garatu eta erabiltzeko autonomia izango dute zergen eta finantzen eremuetan.

Bigarrena. Elkartasunari eutsiko zaio, Konstituzioan eta Autonomia Estatutuan ezarritako moduan.

Hirugarrena. Aurrekontu-egonkortasunaren arloan Euskadiko erakundeak Estatuarekin koordinatuko dira eta berarekin lankidetzan arituko dira.

Laugarrena. Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ez dituen Estatuaren zamak direla-eta, Euskadik kontribuzioa egingo du, ekonomia-itun honetan zehaztu den eran.

Bosgarrena. Toki-erakundeen eremuan Estatuak une bakoitzean egikaritzen dituen finantza-tutoretzako ahalmenak Euskadiko erakunde eskudunei dagozkie; horrek ez du esan nahi, inola ere, Euskadiko toki-erakundeen autonomia araubide erkidea duten toki-erakundeena baino txikiagoa izango denik.

49. artikulua.- Kupoa: kontzeptua.

Euskadik Estatuari egindako ekarpena kupo orokor bat izango da, eta kupo hori lurralde historiko bakoitzari dagokionak osatuko du. Euskadiko Autonomia Erkidegoak bere egiten ez dituen estatuaren karga guztiei dagokien kontribuzioa da kupoa.

50. artikulua.- Kupoaren aldizkakotasuna eta eguneratzea.

Bat. Bost urtero, Gorte Nagusietan bozkatutako legearen bidez, eta aldez aurretik Ekonomia-itunaren Batzorde Mistoak akordioa lortuta, bosturtekoan aginduko duen kupoa zehazteko metodologia zein izango den erabakiko da, ekonomia-itun honetan jasotako printzipio orokorrekin bat. Era berean, bosturtekoaren lehenbiziko urteko kupoa ere onetsiko da.

Bi. Lehenbiziko urtearen ondorengo urte bakoitzean, Ekonomia-itunaren Batzorde Mistoak kupoa eguneratu egingo du, aurreko idatz-zatian aipatutako legean onartutako metodologia aplikatuta.

Hiru. Itun honetan jasotako kupoa zehazteko metodologia bideratzen duten printzipioak aldatu egin ahal izango dira Kupoari buruzko Legean, unean uneko egoerak eta hura aplikatzean izandako esperientziek hala egitea gomendatzen badute.

51. artikulua.- Itundu gabeko zergak direla-eta izandako diru-sarreretatik Euskadiko toki-erakundeei eman beharrekoa.

Itundu gabeko zergetan duten parte hartzea dela-eta izan beharreko zeharkako ekarpenen kasuan, banaketako arau orokorren arabera banatu beharreko diru-kopuruak foru-aldundiek zabalduko dituzte beren lurralde historikoetako toki-erakundeen artean.

2. ATALA.- KUPOA ZEHAZTEKO METODOLOGIA

52. artikulua. Autonomia Erkidegoak bereganatu ez dituen Estatuko kargak.

Bat. Autonomia Erkidegoak bereganatu ez dituen Estatuko kargak Autonomia Erkidegoak hortaz baliatzeko benetan bereganatu ez dituen eskumenei dagozkienak dira.

Bi. Karga horien zenbateko osoa zein den zehazteko, eragiketa hau egingo da: kasuan kasuko dekretuetan finkatutako transferentzien efektibitatearen egunetik Autonomia Erkidegoak bereganatutako eskumenei estatu mailan dagokien aurrekontuko zati osoa kenduko zaio Estatuaren aurrekontuko gastu osoari.

Hiru. Beste batzuen artean, hauek hartuko dira Autonomia Erkidegoak bereganatu gabeko kargatzat:

a) Konstituzioaren 158.2. artikuluan aipatutako Lurralde-arteko Konpentsazio Fondorako Estatuaren Aurrekontu Orokorretan izendatutako kopuruak.

Karga hori dela-eta egin beharreko ekarpena Kupoari buruzko Legean zehaztutako bidearen araberakoa izango da.

b) Estatuak ente publikoentzako egindako transferentziak edo ente horiei emandako dirulaguntzak, baldin eta ente horiek dituzten eskumenak ez baditu Euskadiko Autonomia Erkidegoak bereganatu.

c) Estatuaren zorren korrituak eta amortizazio-kuotak, Kupoari buruzko Legean zehaztutakoaren arabera.

Lau. Autonomia Erkidegoak bereganatu gabeko karga lurralde historikoen artean nola banatuko den jakiteko, hurrengo 57. artikuluan aipatzen diren indizeak erabili beharko dira.

53. artikulua.- Balio Erantsiaren gaineko Zerga kontsumoari doitzea.

Bat. Balio Erantsiaren gaineko Zerga dela-eta lortzen diren sarreren egozketa hobetzeko asmoarekin, Euskadiko zerga-bilketarako ahalbidearen indizea eta kontsumo indizea elkarri doitzeko mekanismoa ezarri da.

Bi. Doikuntza hori eragiketa matematiko honen emaitza izango da:

RFPV = RRPV + a* RRAD + (a - b) * H

Non:

RRPV RRPV d

H = -------- baldin eta --------- < -----

d RRTC 1 - d

RRTC RRPV d

H = -------- baldin eta --------- > -----

1 - d RRTC 1 - d

RFPV = Urteko azken zerga-bilketa Euskadin.

RRPV= Urteko benetako zerga-bilketa Euskadin.

RRTC = Urteko benetako zerga-bilketa lurralde erkidean.

RRAD = Urteko benetako zerga-bilketa inportazioak direla-eta.

Euskadiko Egoiliarren Kontsumoa

a = -----------------------------------------------

Estatuko Egoiliarren Kontsumoa

(Kanariak, Zeuta eta Melilla kontuan hartu gabe)

v – f – e + i

b = -----------------------

V – F – E + I

v= Euskadiko faktoreen kostuari erantsitako balio gordina.

V= Estatuko faktoreen kostuari erantsitako balio gordina (Kanariak, Zeuta eta Melilla kontuan hartu gabe).

f= Euskadiko kapital-eraketa gordina.

F= Estatuko kapital-eraketa gordina (Kanariak, Zeuta eta Melilla kontuan hartu gabe).

e= Euskadiko esportazioak.

E= Estatuko esportazioak (Kanariak, Zeuta eta Melilla kontuan hartu gabe).

i= Euskadik Erkidegoan egindako ondasun-eskuraketak.

I= Estatuak Erkidegoan egindako ondasun-eskuraketak (Kanariak, Zeuta eta Melilla kontuan hartu gabe).

Hiru. Kupoari buruzko Legean zehaztuko da, epealdi bakoitzerako, aurreko Bat idatz-zatian aipatu diren indizeen balioa.

Lau. Aurreko doikuntza behin-behinean egozteko eta hurrengo ekitaldian behin betiko erregularizatzeko, Ekonomia-itunaren Batzorde Mistoak onetsitako eta une bakoitzean indarra duen prozedura erabiliko da.

54. artikulua. Fabrikazioaren gaineko Zerga Bereziak kontsumoari doitzea.

Bat. Alkoholaren eta Edari Eratorrien, Tarteko Ekoizkinen, Garagardoaren, Hidrokarburoen eta Tabako Moten Fabrikazioaren gaineko Zerga Bereziak direla-eta lortzen diren sarreren egozketa hobetzeko asmoarekin, Euskadiko zerga-bilketarako ahalbidearen indizea eta kontsumo-indizea elkarri doitzeko mekanismoa ezarri da.

Bi. Doikuntza hori eragiketa matematiko honen emaitza izango da, arestian aipatutako

zergetariko bakoitzean:

RFPV = RRPV +c * RRAD + (c - d) * H

Non:

RRPV RRPV d

H = -------- baldin eta --------- < -----

d RRTC 1 - d

RRTC RRPV d

H = -------- baldin eta --------- > -----

1 - d RRTC 1 - d

RFPV= Urteko azken zerga-bilketa Euskadin, Alkoholaren, Edari Eratorrien eta Tarteko Ekoizkinen, edo Garagardoaren, edo Hidrokarburoen, edo Tabakoaren Fabrikazioaren gaineko Zerga Berezia dela-eta.

RRPV= Urteko benetako zerga-bilketa Euskadin, Alkoholaren, Edari Eratorrien eta Tarteko Ekoizkinen, edo Garagardoaren, edo Hidrokarburoen, edo Tabakoaren Fabrikazioaren gaineko Zerga Berezia dela-eta.

RRTC = Urteko benetako zerga-bilketa lurralde erkidean, Alkoholaren, Edari Eratorrien eta Tarteko Ekoizkinen, edo Garagardoaren, edo Hidrokarburoen, edo Tabakoaren Fabrikazioaren gaineko Zerga Berezia dela-eta.

RRAD = Inportazioen ziozko urteko benetako zerga-bilketa, Alkoholaren, Edari Eratorrien eta Tarteko Ekoizkinen, edo Garagardoaren, edo Hidrokarburoen, edo Tabakoaren Fabrikazioaren gaineko Zerga Berezia dela-eta.

Euskadiko Egoiliarren Kontsumoa

c = --------------------------------------------------

Estatuko Egoiliarren Kontsumoa

(zergaren ezarpen-eremua)

Euskadiko Bilketarako Ahalbidea

d = --------------------------------------------------

Estatuko Bilketarako Ahalbidea

(zergaren ezarpen-eremua)

Hiru. Kupoari buruzko Legean zehaztuko da, epealdi bakoitzerako, aurreko Bat idatz-zatian aipatu diren indizeen balioa.

Lau. Aurreko doikuntzak behin-behinean egozteko eta hurrengo ekitaldian behin betiko erregularizatzeko, Ekonomia-itunaren Batzorde Mistoak onetsitako eta une bakoitzean indarra duen prozedura erabiliko da.

55. artikulua.- Beste doikuntza batzuk.

Bat. Zeharkako zergapetzea hobetzeko, doikuntza egingo da, ekonomia-itun honen 9.Bat.Lehenengoa.b) eta 7.Bi artikuluetan ageri diren balizkoak kontuan hartuta ateratako kopuruen gainean.

Bi. Halaber, Kupoari buruzko Legean, behar izanez gero, beste doikuntza-mekanismo batzuk ezarri ahal izango dira, Euskadiri eta Estatuko gainerakoari egotzi beharreko sarrera publikoen zenbatespena hobetzeko.

Hiru. Bidezkoak diren doikuntzak eginda ateratzen diren kopuruak izango dira lurralde historiko bakoitzaren kupoa.

56. artikulua.- Konpentsazioak.

Bat. Lurralde historiko bakoitzari dagokion kupotik, konpentsazio gisa ondorengo kontzeptuei dagozkien kenketak egingo dira:

a) Itundu gabeko zergen zati egozgarria.

b) Izaera ez tributarioa duten aurrekontuko diru-sarreren zati egozgarria.

c) Estatuaren Aurrekontu Orokorrek izan dezaten defizitaren zati egozgarria, Kupoari buruzko Legean zehaztuko den moduan. Superabita izanez gero, justu kontrako moduan jardungo da.

Bi. Halaber, lurralde historikoen kupoei kenduko zaio, konpentsazio gisa, Gizarte Segurantzako osasun-arloan eta gizarte-zerbitzuen arloan Euskadiri intsuldatu zaizkion eginkizunak eta zerbitzuak finantzatzeko diren sarreretatik Euskadiri egotzi behar zaion zatia. Sarrera horiek, lege hau indarrean jarri aurretik, Euskadiri ordaindu izan zaizkio Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren transferentzien bitartez, azaroaren 6ko 1.536/1987, urriaren 2ko 1.476/1987, abuztuaren 23ko 1.946/1996 eta apirilaren 2ko 558/1998 errege dekretuetan araupetutako aurrekontu-araubidea aplikaturik.

Hiru. Aurreko zenbakietan aipatu diren kontzeptuak egozteko, hurrengo 57. artikuluan ezarritako indizeak erabiliko dira.

57. artikulua.- Egozpen-indizeak.

Bat. Aurreko 52, 55.Bi eta 56. artikuluetan aipatzen diren egozpenak egiteko indizeak lurralde historikoetako errenta eta Estatuko errenta erkatuta zehaztuko dira batez ere.

Bi. Indize horiek Kupoari buruzko Legean zehaztuko dira eta lege hori indarrean dagoen artean aplikatuko dira.

58. artikulua.- Bereganatutako eskumenak aldatzeak behin-behineko kupoan duen eragina.

Bat. Kupoa, aurreko araudiaren arabera zehaztuta, urtero indarrean dagoen bitartean Euskadiko Autonomia Erkidegoak eskumenen bat bereganatu badu, eta eskumen horren estatu mailako urteroko kostua Kupoaren behin-behineko kopurua zenbatekoa izango zen jakiteko erabili ziren Estatuaren kargen barruan sartuta baldin bazegoen, urteroko kostu hori murriztu egingo da, Euskadik aginpide horiek bereganatu dituen urteko unearen proportzioaren arabera. Era berean, eta aurrekoaren ondorioz, kupoa ere murriztu egingo da kasuan kasuko kopuruan.

Aipatu den murrizte proportzional horrek gastu arruntak benetan zenbatean behin sortzen diren kontuan izango du, eta baita Estatuaren inbertsioak benetan zenbateraino burutu diren.

Bi. Modu berean jardungo da Autonomia Erkidegoak behin-behineko kupoaren zenbatekoa zehazteko orduan zituen eskumenen batzuk erabiltzeari uzten badio. Hala gertatuko balitz, kupoa bidezkoa den beste handituko litzateke.

59. artikulua.- Behin-behineko eta behin betiko likidazioak.

Hasieran eta behin-behingoz kupoa eta bidezkoak diren konpentsazioak zenbatekoak izango diren zehazteko, kasuan kasuko urterako onetsitako Estatuaren aurrekontuko kopuruak hartuko dira kontuan.

Ekitaldia amaitu ondoren eta Estatuaren aurrekontuen likidazioa egin ostean, egin beharreko zuzenketa guztiak egingo dira ekonomia-itun honetako 52, 55 eta 56. artikuluetan aipatzen diren magnitudeetan.

Zuzenketa horien ondorioz alde edo kontra izango diren ezberdintasunak ezberdintasun horiek gauzatu diren urtearen hurrengo urteko behin-behineko kupoan gehituko dira algebraikoki.

60. artikulua.- Kupoa ordaintzea.

Euskadiko Autonomia Erkidegoak ordaindu beharreko kopurua hiru zenbateko berdinetan abonatuko zaio Estatuko Ogasun Publikoari. Urtero, maiatzean, irailean eta abenduan izango da hori.

III. KAPITULUA.- EKONOMIA-ITUNAREN BATZORDEAK

ETA ARBITRAJE BATZORDEA

1. ATALA.- EKONOMIA-ITUNAREN BATZORDE MISTOA

61. artikulua.- Kideak eta erabakiak.

Ekonomia-itunaren Batzorde Mistoa honela egongo da osatuta: batetik, foru-aldundietako ordezkari bana eta Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkari; bestetik, Estatuko administraziotik aurreko guztiak beste ordezkari egongo dira.

Ekonomia-itunaren Batzorde Mistoak erabakiak hartu ahal izateko, batzordekide guztien aho batezkoa behar da.

62. artikulua.- Eginkizunak.

Ekonomia-itunaren Batzorde Mistoak eginkizun hauek izango ditu:

a) Ekonomia-itunaren aldarazpenak erabakitzea.

b) Aurrekontu-egonkortasunaren arloko lankidetza eta koordinazioari buruzko konpromisoak erabakitzea.

c) Bosturteko bakoitzean kupoa ezartzeko metodologia erabakitzea.

d) Kapitulu honetako 3. atalean araututako Arbitraje Batzordeko kideen izendapena eta araubidea erabakitzea, eta bai Batzordearen jardunbideari, biltzeko deialdiei, bilerei eta erabakiak hartzeko araubideari dagokiena ere.

e) Zerga- eta finantza-gaiei buruz une bakoitzean hartu beharreko erabakiak hartzea, itun

honetan ezarritakoa behar bezala aplikatu eta garatu dadin.

2. ATALA.- ARAUGINTZA KOORDINATU ETA EBALUATZEKO BATZORDEA

63. artikulua.- Kideak.

Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordea era honetan egongo da osatuta:

a) Estatuko Administrazioaren lau ordezkari.

b) Autonomia Erkidegoaren lau ordezkari, Eusko Jaurlaritzak izendatutakoak; lau horietatik hiru foru-aldundiek proposatuko dituzte, bakoitzak bana.

64. artikulua.- Eginkizunak.

Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Zergen arloko arauak Ekonomia-itunari egokitzen zaizkion aztertzea horiek argitaratu aurretik.

Hori dela eta, ekonomia-itun honen 4. artikuluko Bat idatz-zatian azaldu den bezala administrazioek euren araugintza-proiektuak elkarri erakusten dizkiotenean, proiektuotan jasotako proposamenak direla-eta inork oharren bat egiten badu, Batzordean ordezkariak dituzten erakunde eta administrazioetariko edozeinek, idatziz eta zioak azaldurik, Batzordearen bilerarako deialdia egin dadila eskatu ahal izango du. Deialdia egiteko eskatzen den egunetik hasita, Batzordeak 15 eguneko epean egin behar du bilera, proposatutako araudia Ekonomia-itunarekin bat datorren aztertzeko, eta ahaleginak egingo ditu, araua argitaratu baino lehen, bere baitan ordezkatuta dauden erakunde eta administrazio guztiek zerga-araudiaren edukiaren inguruan desadostasunik balego akordioa lor dezaten.

b) Ekonomia-itun honetan aipatutako lotura-puntuen aplikazioari buruz egiten zaizkion kontsultei erantzutea. Kontsultaren bat jasotzen denean, bi hilabeteko epean kontsulta bera eta beraren ebazpenerako proposamena gainerako administrazio interesatuei helaraziko zaizkie, azter ditzaten. Inork ez badu oharrik egiten ebazpen-proposamenari buruz, beste bi hilabete igarotakoan proposamena onetsitzat joko da. Inork oharren bat egiten badu, berriz, Araugintza Koordinatu eta Ebaluatzeko Batzordearen bilerarako deia egingo da, eta batzorde horrek akordiorik lortu ezik proposamena Arbitraje Batzordeari helaraziko zaio.

c) Egoki deritzon azterlanak egitea araubide autonomikoa eta Estatuko marko fiskala egokiro uztartzeko, egituraren eta eginkizunen aldetik.

d) Administrazio eskudunei euren jardunak elkarri egokitzeko irizpideak, planak eta informatikako programak eskaintzea, eta lankidetzaren eta informazio-trukearen printzipioa benetan gauzatu dadin erabili behar diren tresnak, bitartekoak, prozedurak edo metodoak artikulatzea.

e) Ikuskapen gaietan Estatuko Administrazioaren eta foru-aldundien artean sortutako auziak edo arazoak aztertzea, eta bai zergen ondoreetarako egindako balorazioen inguruko arazoak ere.

f) Txostenak egitea Ogasun Ministerioari, Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako ogasun-sailei eta Arbitraje Batzordeari, eskatuz gero.

g) Ekonomia-itun hau aplikatu eta betearaztearekin zerikusia duten beste eginkizun guztiak.

3. ATALA.- ARBITRAJE BATZORDEA

65. artikulua.- Kideak.

Bat. Arbitraje Batzordeak hiru kide izango ditu. Horien izendapena Ogasun Ministroak eta Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak formalizatuko dute.

Bi. Kide horiek sei urterako izendatuko dira. Aldi hori amaitutakoan ezin izango dira berriro hautatu kargurako, salbu eta karguan egin duten aldia hiru urte baino laburragoa denean.

Hiru. Karguren bat hutsik geratzen denean, izendapenerako prozedura bera erabiliko da hura betetzeko. Kargua utzi duen kideari agintaldia amaitzeko geratzen zaion denborarako izendatuko da haren ordezko kide berria.

Lau. Arbitraje Batzordeko kideak itzal handiko adituak izan behar dira, zergen edo ogasunaren arloan lanbidez aritutakoak hamabost urtean, gutxienez.

66. artikulua.- Eginkizunak.

Bat.- Arbitraje Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:

a) Estatuko Administrazioaren eta foru-aldundien artean edo hauen eta beste autonomia erkidegoetako administrazioen artean sortzen diren auziak ebaztea, bai zerga itunduen lotura-puntuen aplikazioari dagokionez, bai administrazio bakoitzari zenbateko zatia dagokion zehazteko, Sozietateen gaineko Zerga edota Balio Erantsiaren gaineko Zerga administrazio bati baino gehiagori ordaindu behar zaionean.

b) Banako zerga harremanetako arazo zehatzetan ekonomia-itun hau interpretatzeko eta aplikatzeko orduan administrazio interesatuen artean sor litezkeen auziak erabakitzea.

c) Zergadunen egoitza dela-eta sor litezkeen desadostasunak ebaztea.

Bi. Eskumenak direla-eta gatazkaren bat sortzen denean, ukitutako administrazioek interesatuei jakinaraziko diete; horrenbestez preskripzio-epea eten egingo da eta hortik aurrera administrazio horiek ez dute inongo jarduketarik egingo.

Gatazkak ebazteko prozedura arau bidez ezarriko da. Prozedura horretan interesatuei entzun egingo zaie.

67. artikulua.- Arbitraje Batzordearen erabakiak.

Arbitraje Batzordeak Zuzenbidearen arabera ebatziko ditu espediente bakoitzak agerian jartzen dituen auzi guztiak, exekuzio formulak barne direla, berdin da auzi horiek gatazkako alderdiek edo interesatuek aurkeztutakoak izan edo ez; eta ebazpenetan ekonomia, arintasun eta eraginkortasun printzipioen arabera jardungo du.

Arbitraje Batzorde horrek hartutako erabakiei, betetze-indarrekoak badira ere, administrazio-auzigaietako errekurtsoa baino ezin izango zaie aurkeztu Auzitegi Goreneko arlo horretako salan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.

Lurralde historikoetan eskumena duten erakundeek ekonomia-itun hau aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak ematen ez dituzten artean, lurralde erkidean indarrean dauden arauak aplikatuko dira. Arau horiek, dena dela, zuzenbide osagarri izango dira beti.

Bigarrena.

Bat. Ekonomia-itun honetan aldaketaren bat egin behar bada, bera onartzeko erabilitako bide bera jarraitu beharko da.

Bi. Estatuak zergei buruz duen antolamendu juridikoan berrikuntzaren bat gertatuko balitz eta berrikuntza horrek zergen itunari eragingo balio, edo araugintzarako eskumenen banaketa aldatuko balitz eta aldaketak zeharkako zergapetzearen eremuari eragingo balio, edo zerga-figura edo konturako ordainketa berriren bat sortuko balitz, bi administrazioek, ados jarrita, antolamendu horretan izandako aldaketetara egokituko lukete ekonomia-itun hau.

Inoiz ekonomia-ituna era horretara egokitzen bada, egokitzapenaren finantza-ondoreak zehatz azaldu beharko dira.

Hirugarrena.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru-aldundiek 1906ko abenduaren 13ko Errege Dekretuaren 15. artikuluan onartu zitzaizkien ekonomia eta administrazio arloko ahalmenak izango dituzte, Konstituzioaren lehenengo xedapen gehigarrian aurreikusten den foru-araubidea eguneratzeko prozesua dela-eta indarrean daudenez. Dena dela, kontuan izan beharko dira Konstituzioaren 149.1.18. artikuluan aipatzen diren oinarriak ere.

Laugarrena.

Euskadin egin beharreko inbertsio batzuk elkarrekin finantzatzea erabaki dezakete Estatuak eta Euskadiko Autonomia Erkidegoak, era horretan jardutea komenigarria dela erakusten badute hainbat arrazoik: inbertsioaren zenbatekoak, balio estrategikoak, interes orokorrak, Euskadiko Autonomia Erkidegoaz kanpoko beste lurralde batzuei ere eragiteak, edo beste arrazoi berezi batzuk egoteak.

Era berean, Euskadiko lurraldeaz kanpoko beste leku batzuetan egin beharreko inbertsioetan Euskadik parte hartzea ere erabaki dezakete Estatuak eta Euskadiko Autonomia Erkidegoak, aurreko paragrafoan aipatzen diren arrazoi berak gertatzen badira.

Egoera batean zein bestean, diru-ekarpen horiek kupoan izango duten eragina kasu bakoitzean hitzartuko dena izango da.

Bosgarrena.

Lurralde historikoetan itundutako zergak kudeatu, ikuskatu, berrikusi eta biltzeko eskumena duten erakundeek Estatuko Ogasun Publikoak dituen ahalmen eta eskubide berak izango dituzte.

Seigarrena.

Ekonomia-itun honen 14, 15, 19 eta 27. artikuluetan aipatutako eragiketa-kopurua bost urtean behin edo sarriago eguneratuko da, Ekonomia-itunaren Batzorde Mistoak hartuko dituen erabakien bidez.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.

Ekonomia-itun honetan -eragiketen zenbatekoa zehazteko kopurua 2002ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren ekitaldietan aplikatuko da.

Bigarrena.

Ekonomia-itun hau indarrean jarri baino lehen sortzapena izan duten zergak direla-eta, manuzkoak izango dira horien sortzapenaren unean indarrean egon ziren lotura-puntuak.

Arau bera erabiliko da atxikipenekin, konturako sarrerekin eta zatikako ordainketekin ere, atxikipena, konturako sarrera edo zatikako ordainketa egin beharra ekonomia-itun hau indarrean jarri aurretik sortua den kasuetan.

Ekonomia-itun hau indarrean jartzen denean burutu gabe egongo diren prozeduretan manuzkoa izango da eurak hasi zirenean indarrean zegoen arautegia.

Hirugarrena.

Aurreko xedapen iragankorrean esandakoa gorabehera, ekonomia-itun honen III. kapituluan aipatu diren organoek erabakiko dituzte, honako honetan ezarri zaizkien prozeduren eta eskumenen arabera, ekonomia-itun hau indarrean jartzen denean bi administrazioek konpondu gabe izan litzaketen auzi guztiak.

Laugarrena.

Ogasun Ministerioaren eta Arabako Foru-Aldundiaren ordezkariek osatutako Batzorde Misto Parekatuak zehaztuko du zenbateko konpentsazioa hartu behar duen foru-aldundi horrek Euskadiko Autonomia Erkidegoak bereganatu gabeko eskumenak garatzen eta zerbitzuak egiten diharduen bitartean, araubide erkideko probintzietan Estatuak egiten baititu lan horiek. Halaber, batzorde mistoak arauak ezarriko ditu konpentsazio hori urtero berrikus dadin, Euskadiko Autonomia Erkidegoari eskumenak eskualdatzeko egutegian oinarrituta.

Konpentsazioa zehaztu eta aplikatuko bada ere, horrek ez du eraginik izango kupoa zehazteari buruz itun honetan ezarri diren arauetan. Konpentsazioa, nolanahi ere, Autonomia Estatutuaren 41. artikuluko Bi idatz-zatiko e) letraren arabera Arabari dagozkion kupoen zenbatekoak murriztuz gauzatuko da.

Bosgarrena.

Ekonomia-itun hau indarrean jarri aurretik eratutako ekonomia-intereseko elkartzeei eta aldi baterako enpresa-elkarteei aplikatu beharreko zerga-araubidea Euskadiri dagokiona bera izango da, baldin eta Euskadiko lurralde-eremua gainditzen ez badute.

Seigarrena.

Zerga-taldeek, baldin eta 2002ko urtarrilaren bata baino lehen zerga-baterakuntzako araubidean eta arautegi erkidearen edo foru-arautegiaren arabera ordaintzen bazuten zerga, zerga-ordainketaren araubide horri eutsi ahal izango diote 2006ko abenduaren 31 arte, maiatzaren 13ko 12/1981 Legeak onetsitako Ekonomia-itunaren 25. artikuluan xedatutakoa dela bide. Beti ere, artikulu hori beraiei aplikatu ahal izateko, zerga-baterakuntzaren alorrean 2001eko abenduaren 31n indarrean zegoen arautegian ezarritako baldintzak bete behar dituzte.

Zazpigarrena.

Harik eta Tabako Moten fabrikazioaren eta salerosketaren egungo araubidea aldatu arte, Tabako Moten Fabrikazioaren gaineko Zerga berezia dela-eta egin behar den doikuntza, ekonomia-itun honen 54. artikuluan dagoena, hain zuzen ere, eragiketa matematiko honen bidez kalkulatuko da:

RFPV = RRPV +c’ * RRTC – [(1-c’) * RRPV]

Non:

RFPV = Urteko azken zerga-bilketa Euskadin, Tabako Motak direla-eta.

RRPV= Urteko benetako zerga-bilketa Euskadin, Tabako Motak direla-eta.

RRTC = Urteko benetako zerga-bilketa lurralde erkidean, Tabako Motak direla-eta

Euskadiko tabako eta tinbre saltokiei

emandako tabako-motak

c’= -------------------------------------------------------------------

Zergaren ezarpen-eremuan kokatutako

tabako eta tinbre saltokiei

emandako tabako-motak

AZKEN XEDAPENA

Zergei aplikatu behar zaizkien Ekonomia-ituneko arauak indargabetu edo aldatzeko aukera

badago ere, horrek ez du aldaraziko administrazioek duten eskubidea lehenago sortutako

zorrak aurretik zeuden lotura-puntuen arabera eskatzeko.

euskal legezalea