6/2010 Foru Legea, barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez zenbait foru lege aldatzen dituena

Nafarroako Parlamentua

6/2010 FORU LEGEA, apirilaren 6koa, barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez zenbait foru lege aldatzen dituena.

NAO 46.- 2010ko apirilaren 14a

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako.

Foru Legea, barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko xedez zenbait foru lege aldatzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Europar Batasuna eratzeko itunek bermatzen dute salgaien, pertsonen, zerbitzuen eta kapitalen zirkulazio librea barne mugarik gabeko eremu batean, barne merkatuan alegia.

Lisboako estrategiaren barruan, 2006ko abenduaren 12an Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006/123/EE Zuzentaraua onetsi zen, barne merkatuko zerbitzuei buruzkoa (376. EBAO L, 2006ko abenduaren 27koa). Aurrerantzean Zerbitzuen Zuzentaraua deituko diogu.

Zuzentarau horren aplikazioa nahitaezkoa da, Batasuneko zuzenbide eratorria den aldetik, eta aukera paregabea ere bada bere maila guztietan Batasuneko ekonomiarako garrantzi handikoa den sektore horretan aldaketa sakona egiteko, Europan zerbitzuen sektorearen ahalmen guztia desblokeatzeko funtsezko tresna baita.

Zerbitzuen Zuzentarauak helburu hau du: zerbitzuen egiazko merkatu bakarra lortzea, Batasuneko kide diren estatuen arteko jarduerak egun mugatzen dituzten oztopoak kenduz, bai lege aldetikoak bai administratiboak. Funtsean, zerbitzuen barne merkatuak hauxe dakar: Batasuneko kide den estatu bateko herritar eta enpresek kide den beste estatu baten lurraldean ezartzeko eta zerbitzuak emateko askatasuna izatea, horiek ematen diren estatuan ezartzeko beharrik gabe. Arau hori zerbitzu jarduera ia guztiei aplikatu ahal zaie.

Horrekin batera, Zerbitzuen Zuzentarauak beste xede garrantzitsu batzuk ditu, besteak beste: administrazio lanak erraztea, prozedurak eta izapideak bide elektronikotik egitea ezarriz eta horiek betetzeko "leihatila bakarrak" sortzea bultzatuz; kontsumitzaileen eskubideak sendotzea, zerbitzuen erabiltzaile diren aldetik, eta zerbitzu horien kalitatea bermatzea; eta Batasuneko kide diren estatuen arteko lankidetza administratibo eraginkorrari eustea, bai nazio mailan bai erregio edo toki mailan.

Estatuak ekin dio zuzentaraua Espainiako antolamendu juridikoan sartzeko prozesuari, eta horretarako oinarrizko izaera duen lege bat eman du, zerbitzuen jarduerak libreki jarri eta betetzeari buruzkoa; legean bilduta daude Zerbitzuen Zuzentarauaren printzipio orokorrak, eta arauen egokitzapen prozesua autonomia erkidegoetan gauzatzeko irizpide komunak finkatzen dira bertan.Estatuko Administrazioak lege sektorial batekin burutu du zuzentarauaren transposizio prozesua, haren bitartez Zerbitzuen Zuzentarauaren xedapenek ukitzen dituzten estatuko lege batzuk aldatzeko.

Aipatutako arauek ezartzen dituzten irizpide orokorrak, orokorrean azaldutakoak, proposatutako lau xedeetan aplikatzen dira. Lehenengo eta behin, aldez aurretiko baimen prozesuak ezabatzea eta, beharrezkoa denean, haien ordez ondorengo jakinarazpena edo agintari eskudunek jarraipena egiteko adierazpenak erabiltzea, zeinetan zerbitzu-emaileak bere gain hartzen baitu bere jarduera modu egokian garatzeko behar diren baldintzak betetzeko erantzukizuna. Zerbitzuak libreki emateko zenbait baldintza bete beharra izanen dute soilik osasun publikoa, ingurumenaren babesa, ordena publikoa edo segurtasun publikoa direla-eta behar bezala justifikaturik dasudenean; betiere, baldintza proportzionatuak izanen dira eta ez dute bereizkeriarik eraginen nazionalitatea edo sozietatearen helbidea dela medio.

Bigarrenik, administrazio lanak errazteko pausoak ematea, beharrezkoak ez diren izapide guztiak kenduz eta herritarrentzat traba gutxien ekartzen dituzten alternatiben alde eginez; esate baterako, bide telematikoak baliatuz eta urrutitik tramitatzeko aukerak emanez. Horretarako, leihatila bakarra sortzea aurreikusten da, bertan bizkor egin ahal izateko zerbitzuen jarduera Europako edozein herrialdetan betetzeak ekartzen dituen izapide administratibo guztiak -europarrak, nazionalak, autonomikoak zein tokikoak-.

Hirugarrenik, kontsumitzaileen eskubideak eta bermeak sendotzen dira, zerbitzu-emaileari eta haren zerbitzuei buruzko informazioaren arloan betebehar handiagoak ezartzen direlako. Horrez gain, erreklamazioak aurkezten direnetik hilabeteko epean erantzuteko beharkizuna ere ezartzen da.

Azkenik, Espainiako agintarien eta gainerako estatu kideetakoen arteko lankidetzarako lanabesak indartzen dira. Europar Batasuneko herrialde guztietako administrazioek elkarrekin lankidetzan aritu behar dute, euren lurraldean ezarririk dauden zerbitzu-emaileen inguruko informazioan, kontrolean, ikuskapenean eta ikerketan, bai eta Europako Batzordearekin ere.

Foru lege honen helburua da, aipatutako arau multzoak ezarritakoaren ildotik, Zerbitzuen Zuzentaraua Nafarroako antolamendu juridikoan sartzeko prozesua burutzea, foru legedia sei foru lege aldatuz egokitzeko.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen egokitzapena beste foru lege baten bidez egin da -hartan biltzen dira Nafarroako Gobernuak igorritako proiektuan foru lege horri egindako aldaketak-, kontuan hartu behar baita hura onesteko gehiengo osoa behar dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 20.2 eta 18.2 artikuluei jarraikiz. Hortaz, proiektu hartatik honako foru lege hau eta Toki Administrazioari buruzko Foru Legea aldatzekoa atera dira, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduko 151.3 artikuluan xedatuari jarraikiz.

Barne Merkatuko Zerbitzuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentarauaren transposizioa egitean, autonomia erkidegoetako arauak egokitu beharra gertatzen da, zuzentarauak horien edukian eragina duen heinean.

Aldatu beharreko arauen artean nabarmentzekoa da, merkataritzak Nafarroako Foru Komunitatearen egitura ekonomikoan duen garrantziarengatik, Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea.

Zuzentarauaren ondorioz egin beharreko aldaketek norabide bikoitza dute, funtsean: merkataritza gune handiak ezartzeko irizpide ekonomikoak kentzea eta izapidetze administratiboa erraztea.

Horrenbestez, lege aldaketa honek bilatzen du azaldutako xedeak betetzea, azaldutako edukiaren bitartez.

Lehenbizi, printzipio zuzentzaileak eta sustatzaileen betebeharrak aldatzen dira, eta kontzeptu berrien arabera gaurkotzen dira (zerbitzuaren kalitatea), merkataritza-mota ekonomiko baten lehenespen gisa interpreta daitezkeen erreferentziak kenduta.

Bigarrenik, erregulazio zehatz eta berria egiten da merkataritza-establezimenduei eta haien ezarpenari buruz, ingurumen- nahiz lurralde-antolamenduko irizpideetan oinarritua. Honako alderdi hauek, zehatz esanda:

a) Merkataritza-establezimenduaren definizioa. Errazagoa eta objektiboagoa izan dadin nahi da, segurtasun ezeko eta iruzurreko egoerak saihestuz, nola izan baitira poligonoak edo txikizkako eta handizkako jarduerak batera egotea.

b) Merkataritza-establezimenduak jartzeko printzipioak. Europako zuzenbideari egokitutako printzipioak.

c) Merkataritza-erabileraren lurralde antolaketari eta hirigintza antolaketari buruzko araupetzea.

Beharrezkotzat jotzen da bai lurralde-antolamenduko tresnek (lurraldearen antolamenduko planak) bai udal planeamenduak merkataritza-erabilerak arautzea, ezartzen diren irizpideen arabera, bereziki merkataritza-establezimenduaren baimena behar duten establezimenduetarako merkataritza-erabilerak.

d) Ezarpena baimentzeko prozedura erraz eta azkarra (gutxieneko izapideak eta epe laburrak), udalez gaindiko plan sektorial baten bitartez.

e) Merkataritza-establezimenduen ezarpena baimentzeko irizpide objektiboak, interes orokorra ardatz harturik.

Hirugarrenik, merkataritzarako ordutegiak arautzen dira, Estatuko oinarrizko legediaren arabera.

Laugarrenik, Nafarroako Txikizkako Merkataritzaren Behatoki Aholku-emailea sortzen da. Haren xedea aholkua emateko eginkizunetan eta sustapen lanetan jardutea da, merkataritza dinamizatzeko eta hobetzeko.

Bosgarrenik, merkataritza laguntzeko neurriak aldatzen dira, eraginkortasun handiagoa eta emaitza hobeak lortzeko. Horien artean, merkataritza-erakarpeneko planak daude.

Seigarrenik, merkataritza-establezimenduen errolda aurreikusten da, merkataritza garatzeko funtsezko tresna eta tresna erabilgarri gisa, Europako arauen aurkako guztia deuseztatuz.

Zazpi artikuluren bidez, foru lege honek gai hauetako erregulazioa aldatzen du: lanbide elkargoak, jokoa, osasuna, turismoa eta merkataritza. Beraz, foru lege hauek aldatuko dira, hurrenez hurren: apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzkoa; abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legea, Jokoari buruzkoa; azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea, Osasunari buruzkoa; otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legea, Turismoari buruzkoa; uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legea, Nafarroako Egoitza Finkorik gabeko Merkataritzari buruzkoa, eta uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legea, Nafarroan Merkataritza arautzen duena.

Amaitzeko, foru lege honek, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat eta bi azken xedapen ez ezik, xedapen indargabetzaile bat ere badu, Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen zenbait artikulu indarrik gabe uzten dituena. Merkataritzaren arloan egindako aldaketaren ondorio zuzena da, berriz, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen lau artikulu ere indarrik gabe uztea.

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko legeria egokitzea, batetik, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak barne merkatuko zerbitzuei buruz emandako 2006/123/EE Zuzentaraura, eta bestetik zerbitzu jarduerak libreki jarri eta ematea arautzen duen azaroaren 23ko 17/2009 Legera.

2. artikulua. Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legearen aldaketa.

Bat. 3. artikuluko 2. idatz-zatiko h) letra aldatu eta honela geldituko da:

"h) Lan profesionalak sinatu, indarra duen araudiari jarraikiz bidezkoak diren kasuetan eta bidezkoa den edukiarekin".

3. artikulua. Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen aldaketa.

Bat. 39. artikuluaren h) letraren testua hauxe izanen da:

"h) Jakinarazpenik edo baimenik gabe Katalogoko jokoak erabiltzea salmenta sustapenetan".

4. artikulua. Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen aldaketa.

Bat. 23. artikuluko b) letra aldatu da, eta testua hauxe izanen da aurrerantzean:

"b) Nafarroako Foru Komunitatean dauden elikagaien sektoreko establezimenduen jarduerei buruzko jakinarazpenetarako edo establezimendu horiek osasun baimena izateko baldintzak zehaztea.

Erregelamendu bidez arautuko dira Nafarroako Elikagaien arloko Jardueren Osasun Zentsuak -bertan inskribatuko dira elikagaien arloko jardueren jakinarazpenak-, eta Nafarroako Elikagaien arloko Jardueren Osasun Erregistroak jarduteko arauak; erregistro horretan inskribatuko dira, jarduerari ekin baino lehen, jarduteko osasun baimena behar duten eta Foru Komunitateko lurraldean establezimenduren bat duten elikagaien arloko enpresak".

5. artikulua. Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen aldaketa.

Bat. 13. artikuluaren testua honela geldituko da:

"13. artikulua. Jarduera turistikoen araubide juridikoa.

1. Jarduera turistikoak libreak dira. Muga bakarrak aplikatzekoak diren lege eta erregelamenduen ondoriozkoak dira.

2. Aurreko idatz-zatia gorabehera, enpresa eta establezimendu turistikoek, jarduera hasi baino lehen, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik egon beharko dute eta bestelako erakundeek zeinek bere eskumenen arabera eskatu ahal dizkieten lizentzia edo baimenak eduki.

3. Halere, Nafarroan zerbitzu turistikoak establezimendurik gabe emateko, Europar Batasuneko kide diren estatuetako nazionalitatea izan, eta zeinek bere herrialdean foru lege honetan aipatzen diren zerbitzu turistikoak emateko gaikuntza dutenek, ez dute Nafarroako Turismo Erregistroan izena eman beharrik izanen, horrek ezertan galarazi gabe turismoaren arloko eskumena duen departamentuaren gainbegiratze ahalmenak.

4. Jarduera klandestinotzat hartuko da Nafarroako Turismo Erregistroan aldez aurretik inskribatu behar diren zerbitzu turistikoak foru lege honen 14. artikuluan aurreikusitako erantzukizuneko aitorpena aurkezteko beharkizuna bete gabe egiaz ematea edo, edozein bitarteko erabiliz, zerbitzu horien publizitatea egitea.

5. Jarduera turistikoek ematen dituzten zerbitzuen prezioak libreak dira. Prezioen tarifak betiere erabiltzaileen eskura izanen dira eta establezimendu turistikoan ikusgai.

6. Establezimendu turistiko guztiak publikoak dira; edonor sartu ahal da haietan. Muga bakarrak izanen dira haien izaera eta tamaina, indarra duten legeak eta, kasua bada, zerbitzu eta instalazioak erabiltzeko establezimenduko barne arauak.

Establezimendu turistiko publikoetan sartzeko askatasuna ezin izanen da mugatu jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi edo pertsonaren edo giza taldearen beste edozein gorabehera edo izaera kontuan hartzen duen bereizkeriazko inolako irizpideren arabera".

Bi. 14. artikuluaren testua honela geldituko da:

"14. artikulua. Nafarroako Turismo Erregistroa.

1. Nafarroako Turismo Erregistroa erregistro publiko administratibo bat da. Haren xedea da inskribatzea establezimendu turistikoak, enpresa turistikoak, enpresaz bestelako entitate turistikoak eta bere jarduera turistikoagatik erregelamendu bidez zehazten den beste edozein establezimendu edo pertsona.

2. Inskripzioa nahitaezkoa izanen da enpresa turistikoentzat eta haien establezimenduentzat eta arauturik dauden jarduera turistikoentzat. Gainerako kasuetan inskripzioa aukerakoa izanen da.

Betiere, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea nahitaezko baldintza izanen da turismoaren alorreko dirulaguntzak kobratu ahal izateko.

3. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko, interesdunek erantzukizuneko aitorpen bat aurkeztuko dute, bertan adieraziz zerbitzuari edo establezimenduari eta haren sailkapenari dagokienez indarra duen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituztela, eta jardueraren indarraldi osoan beteko dituztela hitz ematen dutela; kasuan kasuko ziurtagiriak ere eskura izanen dituzte.

Erregelamendu bidez zehaztuko da erantzukizuneko aitorpenarekin batera aurkeztu beharko den dokumentazio osagarria.

4. Aurreko idatz-zatian aipatzen den erantzukizuneko aitorpena aurkeztea aski izanen da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko beharkizuna betetzat emateko.

5. Turismoko eskumena duen departamentuak jarduera edo establezimendua inskribatuko du Nafarroako Turismo Erregistroan, erantzukizuneko aitorpenaren edukiaren eta, kasua denean, dokumentazio osagarriaren arabera; halaber, jarduera sailkatuko du, hala aurreikusita dagonenean. Horrez gain, bere kontrol ahalmenaz baliatu ahal izanen da eta kautelazko nahiz zehapeneko neurriak hartuko ditu, beharrezkoa denean.

6. Erregistroan sailkatu eta inskribatzeko kontuan hartutako baldintzak eta betebeharrak nabarmen aldatuz gero, aldaketa hori ere bertan adierazi beharko da, aurreko idatz-zatietan aurreikusitako prozedurarekin bat. Betiere, "nabarmen"tzat hartuko dira establezimendu turistikoetako postuen kopurua aldatzea, zerbitzuak gehitzea eta erabilera turistikoa eta titulartasuna aldatzea.

7. Inskripzioaren xede izan den jarduera elkarren segidan bi urtetik goiti utziz gero inskripzioa ofizioz indargabetuko da.

8. Erregelamendu bidez ezarriko dira Nafarroako Turismo Erregistroaren antolaketa, prozedura eta funtzionamenduko arauak".

Hiru. 26. artikuluaren testua honela geldituko da:

"26. artikulua. Bidaia-agentziak.

1. Bidaia-agentziak dira modu profesional eta komertzialean zerbitzu turistikoen bitartekotzan eta antolamenduan diharduten enpresak.

2. Bidaia-agentziaren legezko izaera eta izendapen hori aurreko idatz-zatian aipatzen diren enpresek baizik ez dute izanen. Legez bidaia-agentzia direnek bakarrik erabili ahalko dituzte "bidaia" eta "bidaiak" hitzak beren jardueren izenburu edo azpi-izenburu oso gisa edo haien zati gisa.

3. Bidaia-agentziak, beren jardueren arabera, hiru motatakoak izan daitezke:

a) Handizkakoak: Txikikazko agentziei eskaintzeko xedez era guztietako zerbitzu eta zerbitzu-sorta turistikoak proiektatu, prestatu eta antolatzen dituztenak. Beren produktuak ezin dizkiote zuzenean eskaini erabiltzaileari edo turistari.

b) Txikizkakoak: handizkako agentzien produktua merkaturatu eta zuzenean erabiltzaile edo kontsumitzaileari saltzen dizkiotenak edo erabiltzaileentzat zuzenean zerbitzu eta zerbitzu-sorta turistikoak proiektatu, prestatu, antolatu eta/edo saltzen dituztenak. Beren produktuak ezin dizkiete eskaini beste agentziei.

c) Handizkako-txikizkakoak: Aurreko bi taldeen jarduerak egin ditzaketenak.

4. Erregelamendu bidez ezarriko dira bidaia-agentziei eskatu beharreko baldintzak eta beharkizunak".

Lau. 53. artikuluko o) letra aldatu da eta p) eta q) letra berriak erantsi dira. Testu hau dute:

"o) Nafarroako Turismo Erregistroan aldez aurretik inskribatu behar diren zerbitzu turistikoak egiaz ematea edo, edozein bitarteko erabiliz, haien publizitatea egitea, foru lege honen 14. artikuluan aurreikusitako erantzukizuneko aitorpena aurkezteko beharkizuna beteta baina turismoaren arloko arauetan eskatzen diren agiriak izan gabe.

p) Foru lege honen 14. artikuluan aurreikusitako erantzukizuneko aitorpenean adierazitako datuak okerrak izatea.

q) Oro har, turismoari buruzko araudian ezarririko baldintza, betebehar eta debekuak ez betetzea, baldin eta larriak edo oso larriak ez badira".

Bost. 54. artikuluko 1. idatz-zatiaren a) eta b) letrak aldatu dira. Hona testu berria:

"a) Zerbitzu turistiko bat modu klandestinoan egin edo ematea, foru lege honen 13.4 artikuluan zehaztuta dagoen bezala.

b) Jarduera turistiko bat sailkatu edo bertan jardun ahal izateko bete beharreko inskripzio edo gaikuntza beharkizunak edo baldintzak ez betetzea edo aldatzea".

Sei. 55. artikuluko 1. idatz-zatiaren c) letra aldatu da, eta hauxe izanen da testu berria:

"c) Turismo establezimendu bat inskribatu edo jarduera turistikoan irekitzeko nahitaezko gaikuntza inskribatu edo emateko funtsezko kontuak doloz aldatzea".

Zazpi. 57. artikuluko 1. eta 2. idatz-zatien testu berria hauxe izanen da:

"1. Foru lege honetan eta turismoaren alorreko beste xedapenetan ezarritakoaren kontrako arau-hauste administratiboek zehapen hauek sortuko dituzte.

a) Ohartarazpena.

b) Isuna.

c) Jarduera turistikoak etetea edo establezimendua aldi baterako ixtea.

d) Establezimendua behin betikoz ixtea.

2. Ez da zehapena izanen establezimenduak edo instalazioak Nafarroako Turismo Erregistroan, indarra duen araudiarekin bat, inskribatuta ez egoteagatik ixtea edo jarduna etetea inskripzioa egin arte, hala erabakitzen bada. Turismoaren alorrean eskudun den departamentuko titularrak erabakiko du ixtea edo etetea, interesatuari entzun ondoren. Neurri hori hartuko da zehapen espedientea irekitzeko aukera deusetan galarazi gabe".

Zortzi. 58. artikuluko 5. idatz-zatia aldatu da eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"5. Arau-hauste oso larrietan berreroriz gero, establezimendua behin betikoz itxi ahal izanen da, zehapen osagarri edo nagusi gisa".

Bederatzi. 61. artikuluko b) letrak testu hau izanen du:

"b) Nafarroako Gobernua, establezimendua behin betikoz ixtea ekartzen duten arau-hauste oso larriak direnean".

6. artikulua. Nafarroako Egoitza Finkorik Gabeko Merkataritzari buruzko uztailaren 3ko 13/1989 Foru Legearen aldaketa.

Bat. 4. artikulua aldatu da, eta hauxe da testu berria:

"4. artikulua.

1. Udalek, zeinek bere udalerrian, egoitza finkorik gabeko merkataritza arautu ahal izanen dute, foru lege honetan xedatutakoari jarraikiz betiere.

2. Udal arau horiek zehaztuko dute zein diren baimendutako tokiak, maiztasuna, ordutegia eta salgaiak, eta ezarriko dituzte, halaber, egoitza finkorik gabeko merkataritza moten ezaugarriak, foru lege honen 3. artikuluan aipatzen diren hiru motak bereiziz.

3. 3. artikuluaren a) letran aurreikusitako azokak, aldizkakotasun zehaztua dutenak, astean behin baizik ez dira eginen.

4. Baimenak denbora mugaturako emanen dira, egindako inbertsioa eta inbertitutako kapitalen bidezko ordainsariak kalkulatu ondoren. Prozedurak bermatuko du prozesua gardentasunez eta inpartzialtasunez hasi, garatu eta amaitzen dela eta, zehazki, haren publizitate egokia egiten dela.

5. Udalak identifikaziorako txartel bat emanen dio bere udalerrian egoitza finkorik gabeko merkataritzan aritzeko baimena jasotzen duenari; txartelak baimenaren funtsezko datuak agertuko ditu eta bezeroen eskura eta haiek ikusteko moduan jarriko da. Txartel horretan adierazita egonen da, orobat, kontsumitzaileek zein tokitan aurkeztu ahal izanen dituzten erreklamazioak. Helbide hori salmentaren fakturan edo ziurtagirian ere agertu beharko da.

6. Egoitza finkorik gabeko merkataritzan aritzeko baimena duen titular bakoitzak erantzukizun zibileko aseguru bat eduki beharko du, jardueraren arriskuak estaliko dituena".

7. artikulua. Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen aldaketa.

Bat. 2. artikulua aldatu da, eta hauxe da testu berria:

2. artikulua. Printzipio gidariak.

Bat.

Foru lege honek hurrengo oinarrizko printzipioak izanen ditu, eta hurrengoak bultzatuko:

a) Nafarroako udaletako hiriguneetan txikizkako merkataritzaren sistemari eustea.

b) Merkataritzaren eskaintzan eta aniztasunean berdintasun eta aniztasun baldintzak betetzea.

c) Merkataritza-jardueren hazkundea harmoniatsua eta orekatua izatea, hiri ingurunean garapen iraunkorra lortzea helburu.

d) Zerbitzuen kalitatean maila handiari eustea.

e) Agente sozialen -bereziki, kontsumitzaileen- parte-hartzea merkataritzaren garapenean".

Bi. 5. artikulua aldatu da, eta hauxe da testu berria:

"5. artikulua. Txikizkako merkataritzaren jarduera eta produkzioa nahiz handizkako banaketaren jarduera batera izatea.

1. Foru lege honen eraginetarako, handizkako merkataritza-jardueratzat ulertzen da hartzaile gisa beste merkatari edo enpresari batzuk dituena, amaierako kontsumitzaileez bestekoak direnak.

2. Txikizkako jarduerak eta handizkako jarduerak establezimendu berean batera izateak ondorio gisa izanen du establezimendu horretako azalera osoa foru lege honetan ezarritakoei lotuta egotea, txikizkako jarduerarako erabiltzen den azalera establezimenduaren azalera osoaren hirutik bat baino gehiago denean".

Hiru. 10. artikulua aldatu da, eta hauxe da testu berria:

"10. artikulua. Merkataritzako operadorea.

Operadoretzat hartuko da merkataritza-establezimenduaren baimena behar duen merkataritza-establezimendu baten titularra den pertsona fisikoa nahiz juridikoa".

Lau. 12. artikulua aldatu da, eta hauxe da testu berria:

"12. artikulua. Sustatzaileen eta operadoreen betebeharrak.

Sustatzaileek eta operadoreek hurrengo betebeharrak dituzte:

a) Saihestu egin beharko dute edozein motatako lehia desleiala edo publizitate engainagarria.

b) Saihestu egin beharko dute monopolio gisa aritzea edo merkatua mendean balute bezala aritzea.

c) Merkataritza-instalazioaren ezarpenak sortzen dituen hirigintza-obra guztien gastuak bere kargura egitea, ingurumenaren gaineko eraginen zuzenketatik sortutako gastuak finantzatzea eta bere kontura zirkulazioa eta eskaerak eta baimenak adierazten dutenaren arabera sarbideak antolatzeko neurriak hartzea".

Bost. II. titulua, Merkataritza-establezimenduak, aldatzen da. Hona izanen duen testua:

"BIGARREN TITULUA

Merkataritza-establezimenduak

I. KAPITULUA

Merkataritza-establezimendua: kontzeptua eta motak

13. artikulua. Kontzeptu orokorra.

Honakoak hartuko dira merkataritza-establezimendutzat: merkataritza-jarduera baliatu ohi duten lokalak eta izaera finko eta iraunkorreko instalazioak nahiz eraikuntzak, alde batera utzita banaka nahiz taldekako guneetan eginak diren eta alde batera utzita modu iraunkorrean nahiz egun edo sasoi jakinetan eginak diren.

Merkataritza-establezimendu izatetik kanpo geratzen dira bide publikoan kokatutako guneak, toki entitate eskudunen baimena dutenak txikizkako salmenta-jarduera ez-egonkorrean jarduteko.

14. artikulua. Sailkapen orokorra.

Txikizkako merkataritza-establezimenduak, oro har, banakakoak edo kolektiboak izan daitezke; kolektiboen artean, berriz, bereizi behar dira merkataritza-guneak eta merkataritza-barrutiak.

15. artikulua. Merkataritza-establezimendu kolektiboak.

1. Merkataritza-establezimendu kolektibotzat hartuko dira, foru lege honen eraginetarako, merkataritza-eremu bereko eraikin batean edo eraikin batzuetan kokaturiko establezimenduen multzo batek osatutakoak, non hainbat gisatako merkataritza-jarduerak egiten baitira.

Bi establezimendu edo gehiago merkataritza-eremu berekotzat joko dira baldin eta inguruabar hauetako bat gertatzen bada:

a) Sarbide komuna, bide publikotik, merkataritza-eremu bateko merkatariek edo bezeroek bakarrik edo lehentasunez erabiltzen dutena.

b) Aparkaleku partekatuak edo elkarren ondokoak, betez ere merkataritza-eremuko bezeroek erabiltzekoak.

c) Merkatarientzako nahiz merkataritza-eremuko bezeroentzako zerbitzu komunak;

d) Izen komuna edo irudi komuna emanen dioten bestelako elementuak egotea.

2. Betiere, merkataritza-establezimendu kolektibotzat hartuko dira merkataritza-guneak eta merkataritza-barrutiak.

3. Merkataritza-gunea da batasun baten moduan kokatutako, pentsatutako eta kudeatutako merkataritza-establezimenduen, salmenta-guneen edo zerbitzuen multzo bat da.

4. Merkataritza-barrutia merkataritza-eremu berean bildutako merkataritza-establezimenduen multzo bat da.

Orobat hartuko dira merkataritza-barrutitzat merkataritza-poligonoak edo -kontzentrazioak, hau da, banakako merkataritza-establezimenduen nahiz merkataritza-establezimendu kolektiboen multzoa, egoitza-erabilera nagusiki duten lurzoru urbanizagarrietatik edo hiri lurzoruetatik kanpo daudenak eta haien artean 300 metro linealeko distantzian dauden txikizkako bi merkataritza-establezimendu edo gehiago daudenean.

Distantzia hori neurtuko da establezimenduko edozein puntutatik hasi (horren barne direla zerbitzuak eta aparkalekuak) eta establezimenduaren beste edozein puntutaraino, oinezkoentzako ibilbide ahalik eta laburrenetik joanda edo, oztopo fisiko nabarmenak daudenean, ibilgailuz eginiko ibilbidetik.

5. Honakoak ez dira merkataritza-establezimendu kolektibotzat hartuko:

a) Mugaz haraindiko eremuetako merkataritza-establezimenduak, nahiz eta merkataritza-eremu bakarrean egon.

b) Etxebizitzetarako, hoteletarako edo bulegoetarako eraikinen etxabeetan kokaturiko merkataritza-establezimenduak, baldin eta etxebizitzetarako erabilera nagusia duen hiri-lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian badaude.

II. KAPITULUA

Merkataritza-establezimenduak jartzea

1. atala

Aplikatu beharreko printzipioak

16. artikulua. Merkataritza-establezimenduak jartzeko bete beharreko printzipioak.

Txikizkako merkataritza-establezimenduak jartzeko edo ezartzeko, honako printzipioak bete beharko dira:

a) Zerbitzuak ematen dituztenek libreki ezartzeko askatasuna izatea eta enpresa-askatasuna egotea merkatuko ekonomiaren esparruan.

b) Zerbitzuen jarduera batean hasteko izapideak eta zerbitzu horietaz baliatzea erraza izatea.

c) Proportzionaltasuna baimenak ematerakoan, interes orokorraren alde.

d) Merkataritza erraztea udaletako hirigunearen barruan; halaber, hiriaren berritzea eta birsortzea erraztea.

e) Egoitza-erabileren eta merkataritza-jardueren artean harmonia daukan hiri-eredua indartzea.

f) Merkataritza-jardueren hazkunde harmoniatsua eta orekatua izatea, hiri ingurunean garapen iraunkorra lortzea helburu, lurraldearen gaineko ezarpenen eragina ahal den guztian gutxituz.

g) Mugikortasuna gutxitzea, azpiegitura publikoak kongestionatzen dituzten eta kutsadura atmosferikoa areagotzen duten beharrik gabeko joan-etorriak saihesteko.

h) Eskaintzaren eta operadoreen aniztasuna bermatzea, eta sektore guztietako herritar guztiei ahal diren aukera zabalenak eskaintzea, bereziki menpekotasun egoeran daudenei.

i) Aurrezkia eta efizientzia energiaren kontsumoan, eta energia berriztagarriak bultzatzea.

2. atala

Merkataritza-erabileraren lurralde antolaketari

eta hirigintza antolaketari buruzko araupetzea

17. artikulua. Lurraldearen antolamenduko planak.

Lurraldearen antolamenduko planek lurraldean merkataritza-establezimenduak antolatzeko irizpideak jaso beharko dituzte beren determinazio lotesleen artean, eta aurreko artikuluan jasotzen diren aplikazio-printzipioei lotuko zaizkie.

Ondoko hauek hartuko dira irizpide orokor gisa:

a) Saltokiak non ezarri erabakitzean, udaletako hiriguneek lehentasuna izanen dute; hori horrela izanen da baita foru lege honen ondorioz udalez gaindiko planen menpe gelditzen diren establezimenduetarako ere.

b) Dotazio osagarria eta etxebizitza-erabilerei eta merkataritza-jarduerei lotutakoa.

c) Merkataritza-jardueren lurraldeko ezarpenak daukan eragina gutxitzea, zehazki honako esparruetan: mugikortasuna, kutsadura atmosferikoa, energiaren kontsumoa eta zoruaren okupazioa.

18. artikulua. Udal plan orokorrak.

1. Udal plan orokorrek merkataritza-erabileraren araberakoak izan beharko dute, eta Lurraldearen Antolamenduari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea ere bete beharko dute, bai eta foru lege honetan ezarritako printzipio eta irizpideak eta lurraldearen antolamenduko planak ere.

2. Udal planeamendu orokorrak, merkataritza-erabilera dela eta, honako determinazioak bete beharko ditu:

a) Merkataritza-erabilera generikora eta merkataritza-establezimendu handiaren erabilera berariazkora ondoen egokitzen den hiri lurzoruen eta urbanizagarrien mugaketa, foru lege honetako 16., 17. eta 19.6 artikuluetan jasotzen diren printzipioekin bat.

b) Merkataritza-erabilerako dotazio bat, etxebizitza kolektiboen eraikin bateko etxabeetan jarria, etxebizitza bakoitzeko 3 metro koadrokoa. Dotazio horretan ezin izanen da baimendu establezimendurik, baldin eta bere ezaugarriak direla-eta udalez gaindiko plan sektorial baten xede baldin bada.

c) Merkataritza antolatzeko eta hartara erakartzeko plan bat. Hiriguneetako eta dentsitate demografiko handiko etxebizitza-esparruetako merkataritza guneak edertzeko eta hirigintzaren aldetik hobetzeko neurriak edukiko ditu.

3. atala.

Establezimendua baimentzea

19. artikulua. Merkataritza-establezimenduak baimentzea eta ezartzea udalez gaindiko plan sektorial baten bidez.

1. Merkataritza-establezimendua jartzeko, oro har, ez da baimenik beharko.

2. Operatzaileak edo sustatzaileak sustatutako udalez gaindiko plan sektorial bat izapidetzearen mende geratuko da merkataritza-establezimendu handiak jartzea, bai eta jadanik jarrita daudenak handitzea ere, baldin eta hasierako azalera 500 metro koadro baino gehiago handitzen bada, eta behin bakarrik, fou lege honetan ezarritako irizpideekin bat.

3. Txikizkako merkataritza-establezimendu handitzat hartuko dira txikizkako merkataritzan aritzen diren establezimendu indibidual edo kolektiboak, baldin eta produktuak saltzeko eta erakusteko duten azalera erabilgarria 2.500 metro koadro baino handiagoa bada".

4. Azalerak zenbatzerakoan, produktuak saldu eta erakusteko azalera erabilgarritzat edo zerbitzuak erakusteko azalera erabilgarritzat hartuko da produktuak erakusgarri izaten dituena, ohiz ala noizik behinka, bai eta pertsonen pasabide diren lekuak, eta, orobat, produktuak aurkeztu, eman eta kobratzeko diren lekuak. Ez dira azalera erabilgarritzat hartuko, inola ere, bulegoak, aparkalekuak, jendeak bisita ez ditzakeen zamalanetarako eremuak eta biltegiak, eta, orokorrean, jendearen sarrera murriztuta duten leku edo instalazio guztiak.

5. Merkataritza-establezimendu handien kontzeptutik at geratzen dira udal merkatuak eta ibilgailuen nahiz erregaien, makineria industrialaren, lorezaintzako gaien eta eraikuntza nahiz saneamenduko gaien salmentakoak, bai eta mugaz haraindiko eremuetakoak ere.

6. Merkataritza-establezimendu handiak egoitza-erabilera nagusiko lurzoru urbanizagarrietan edo hiri lurzoruetan soilik instalatu ahal izanen dira. Egoitza-erabilera nagusitzat hartuko da ondokoa: etxebizitza kolektibo jarraituko 250 etxebizitzako edo 600 biztanleko egoitza-eremua, hektarea bakoitzeko 40 etxebizitzako egoitza-dentsitatea duena. Salbuespen gisa, orobat jarri ahal izanen dira berreskuratutako industria-eremuetan, hiriaren edo hiri-bilbearen zati badira.

7. Artikulu honetako 2. idatz-zatian aipatzen diren plan sektorialek jarduketa-eremuan indarrean diren lurraldearen antolamenduko tresnen determinazioak bete beharko dituzte, eta, betiere, sortzen den mugigarritasunari buruzko azterlan bat jasoko dute, bai eta Lurraldearen Antolamenduari buruzko Planak eta Nafarroako Gobernuko departamentuek eska ditzaketenak ere.

20. artikulua. Merkataritza-establezimendu bat jartzeko baimena udalez gaindiko plan sektorial baten bidez lortzeko eskabidea.

1. Merkataritza-establezimendu bat jartzeko baimena udalez gaindiko plan sektorial baten bidez lortu nahi duten interesdunek kasuan kasuko eskabidea aurkeztu beharko dute lurraldearen antolamendu eta hirigintza arloko eskumena duen departamentuan edo, hala badagokio, instalatuko den udalerriko udalean.

2. Eskaria behar den bezala sinatuta aurkeztuko da eta, interesdunen ordezkariak dauden kasuetan edo interesdun anitz dagoenean, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 32. eta 33. artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da.

3. Eskaria bide telematikoak erabiliz aurkeztu ahal izanen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4 11/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

4. Interesdunek, eskabidean, adierazi ahal izanen dute posta elektronikoko zein helbidetan jaso nahi dituzten kasuko jakinarazpenak. Kasua bada, Administrazioak behar diren jakinarazpenak eginen ditu, apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

5. Interesdunek eskariak aurkezteko bide telematikoa aukeratzen baldin badute, eskariaren ale bat baizik ez dute aurkeztu beharko, eta behar den dokumentazioa erantsi beharko dute. Baldin eta eskaria aurkeztu izana ziurtatuko duen eskariaren kopia zigilatua lortu nahi badute, eskariaren beste kopia bat aurkeztu beharko dute, bai eta erantsitako dokumentazioaren ale bakoitzaren kopia bat ere.

6. Interesdunek, eremu euskaldunean, Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen otsailaren 10eko 29/2003 Foru Dekretuan araututakoaren arabera, eskaria gaztelaniaz, euskaraz edo elebitan aurkeztu ahal izanen dute.

7. Eskaria, erantsi beharreko dokumentu guztiak edo erantsi beharreko dokumenturen bat Europako Batasuneko hizkuntza ofizialen batean aurkeztu nahi duten interesdunek dokumentu horien gaztelaniazko itzulpena, zinpekoa izan gabe ere, aurkeztu beharko dute.

21. artikulua. Merkataritza-establezimendu bat jartzeko baimena udalez gaindiko plan sektorial baten bidez lortzeko eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

1. Merkataritza-establezimendua jartzeko baimena udalez gaindiko plan sektorial baten bidez lortzeko eskabidean, interesdunek beren identifikazioari dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko dute, bai eta arau honetan zehaztutako dokumentazio teknikoa eta administratiboa ere.

2. Honakoa izanen da eskatzailearen edo interesdunaren identifikazioari buruzko dokumentazioa.

a) Eskatzailea pertsona fisiko bat denean, NANaren kopia konpultsatua erantsi beharko da.

Eskatzailearen NANean agertzen den helbidea helbide fiskalaz beste bat denean, gainera, helbide horren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

b) Eskatzailea pertsona juridikoa denean, honakoak aurkeztu beharko dira:

Lehena. Entitatearen eratzeari buruzko notarioaren eskritura, bai eta eskritura hori aldatzeko geroan egiletsi diren gainerako eskriturak ere, halakorik balitz.

Aurkezten diren eskrituren kopiek kasuko erregistroan inskribatuta egon beharko dute, eta inskripzio hori egiaztatu beharko da.

Eratzeari buruzko eskrituran edo haren ondorengo aldatze-eskrituretan agertzen den eskatzailearen helbidea bere helbide fiskalaz beste bat denean, gainera, helbide horren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

Bigarrena. Entitate eskatzailearen izenean agertzen denaren ordezkaritza-ahalordeari buruzko notario-eskritura.

Hirugarrena. Bidezkoa den kasuetan, Administrazioaren organoak edo entitate eskatzailearen eskumen asimilatuak dituen organoak emandako ziurtagiria aurkeztuko da. Ziurtagiri horretan, entitatearen kalifikazioaren berri emanen da, hain zuzen ere enpresa txikia edo ertaina den, eta haren akzioen osaeraren berri ere emanen da, eskaria aurkezten deneko egunari dagokiona.

3. Honakoa izanen da exijitzekoa den dokumentazio tekniko eta administratiboa:

a) Oroitidazkia eta oinarrizko proiektua, teknikari eskudunak sinatua, arau hauen arabera eta Eraikuntzaren Kode Teknikoa onesten duen martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren arabera exijitzekoa zaion gutxieneko edukiarekin.

b) Eraikina kokatu nahi den lurralde-eremuari dagokion udalaren txostena, egin nahi den hirigintza-planeamenduaren erabilerarekin eta proiektuarekin ados dagoela adierazten duena.

c) Eraikina edo eraikinak ezarri nahi diren lursailak horretarako erabil daitezkeela behar adina ziurtatuko duen dokumentazioa.

d) Teknikari eskudunak sinaturiko azterlana, proiektuaren eraginak sorrarazitako mugikortasuna eta mugikortasun horrek ekarritako CO2ren emisio atmosferikoak ebaluatuko dituena.

Azterlanak osotasunez baloratu beharko du proiektuak sorrarazitako mugikortasuna eta, gainera, mugikortasunaren ondoriozko CO2ren emisio atmosferikoei buruzko gutxi gorabeherako kalkulu bat ere jaso beharko du, arauz baimendutako metodologia edo sistemak erabiliz. Emisio atmosferikoei buruzko kalkuluak, nolanahi ere, honako informazioa azalduko du: joan-etorriaren batez besteko distantzia; aurreikusten den ibilgailu-kopurua; ibilgailu motak/km banaketa; kongestionatutako bideetan -nagusietan nahiz bigarren mailakoetan- egonen diren joan-etorrien ehunekoaren kalkulua; ibilgailu motaren araberako batez besteko abiadura.

e) Nafarroako Gobernuko energiaren arloko departamentu eskudunak emandako ziurtagiria, egiaztatzeko proiektua energia aurrezteko gomendagarrienak diren irizpideekin diseinatu dela.

f) Ingurumen eraginaren azterlana eta, kasua bada, ingurumen eraginari buruzko adierazpena, betiere Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean eta hura garatzeko arauetan erregulatutakoari jarraituz.

g) Eskatzaileak emandako ziurtagiria, zeinean zehaztuko baita, behin establezimendua ezarri ondoren, establezimenduaren eragin-eremuan salmentarako azaleran zenbateko ehunekoa izanen duen.

h) Sortzen den tasari dagokion zenbatekoa ordaindu izanari buruzko ziurtagiria.

4. Interesdunak ez ditu aurkeztu beharko jada merkataritzaren arloko eskumenak dituen Nafarroako Gobernuko departamentuaren eskuetan dauden dokumentuak, baina, behar izanez gero, departamentu horri dokumentuak aurkitzeko behar diren datu guztiak eman beharko dizkio.

5. Interesdunak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkatu ahal izanen du aurreko ataleko b), c), g) eta h) ataletan zehaztutako dokumentuak lortu ez izana.

22. artikulua. Izapidetzeko onartzea merkataritza-establezimendu bat jartzeko baimena udalez gaindiko plan sektorial baten bidez lortzeko eskabidea.

1. Organo eskudunak egiaztatuko du interesdunak aurkeztutako dokumentazioa foru lege honetan eskatzen dena dela.

2. Aurkeztutako dokumentazioa legez exijitzekoa dena baldin bada, ebazpen bat emanen da, zeinaren bidez izapidetzeko onartuko baita merkataritza-establezimendu bat udalez gaindiko plan sektorial baten bidez jartzeko baimenaren eskabidea.

3. Interesdunak exijitzekoa den dokumentazioa aurkeztu ezean, Administrazioak huts hori zuzentzeko errekerimendua eginen dio, eta gutxienez ere hamar eguneko epea emanen dio horretarako.

Administrazioak errekerimendua egin ondoren eta interesdunak aintzat hartzen ez badu, Administrazioak baimena ezesteko ebazpena emanen du, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

4. Eskaria bestelako izapiderik gabe ezetsi ahal izanen da, aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren eta interesdunari entzun ondoren, ondorioztatzen denean nabarmen urratzen direla legedia eta lurralde antolamendu indarduna.

5. Egokitzat jotzen badu, Administrazioak interesdunari, irizpenak edo txostenak sinatzen dituzten teknikariei eta eraikina egin nahi den udal dermioko toki administrazioari errekerimendua egin ahal izanen die, aurkeztutako dokumentuak argitu edo osa ditzaten, eta horretarako epe bera emanen die.

Errekerimendua interesdunari zuzenduz gero, hura ez betetzeak 3. idatz-zatian zehaztutako akats-zuzenketa ez betetzeak izanen lituzkeen eragin berak izanen lituzke.

Errekerimendua toki administraziora zuzenduz gero, berriz, epea errekerimendu hori bete gabe iragan bada, ebazteko epea deuseztatu eta interesdunari beste errekerimendu bat igorriko zaio, epe berdinarekin. Bigarren errekerimenduari ere erantzunik ematen ez bazaio, prozedurak bere bidea eginen du eta administrazio eskudunak gaitasuna izanen du langile arduradunei diziplina-erantzukizuna exijitzeko, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.7 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

23. artikulua. Udalez gaindiko plan sektorialaren edukia.

1. Udalez gaindiko plan sektorialak Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 43. artikuluan ezarritako gutxieneko edukia izanen du. Halaber, foru lege honetako 25. artikuluan ezarritako irizpideen balorazioa bilduko du.

2. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 43.3 artikuluan jasotzen den jardueraren bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlana urbanizazio-jarduerari dagokiola ulertuko da, eta inola ere ez merkataritza-establezimendu handiaren bideragarritasun ekonomikoari.

24. artikulua. Udalez gaindiko plan sektorialak egiteko prozedura.

Udalez gaindiko plan sektorialak Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 45. artikuluan ezartzen den moduan egin eta onetsiko dira.

25. artikulua. Udalez gaindiko plan sektoriala onesteko irizpideak.

1. Udalez gaindiko plan sektoriala onesteko, honako irizpideak eta alderdiak baloratu beharko dira.

a) Foru lege honetan eta Lurraldearen Antolamenduko Planetan ezarritako irizpideei jarraituz prestatu izana.

b) Proiektuak hiri-ingurunean eta hiri-esparruan duen eragina.

c) Lurraldeen arteko oreka.

d) Ingurumenean duen eragina. Ingurumenaren arloko arau sektorialen araberakoa dela ebaluatuko da. Halaber, eragindako mugikortasunetik heldu diren CO2ren emisio atmosferikoen kalkulua hartuko da kontuan; izan ere, proiektua kokatuta dagoen eremuko emisioen batez bestekoaren 100eko 20az azpikoak izan beharko dute, salbu eta ezarrita dagoen eremuko inguruabar bereziek ezinezkoa egiten badute emisio maila horretara iristea.

Betiere, establezimenduaren funtzionamendutik eta sortutako mugikortasunetik heldu diren CO2ren emisioari buruzko kalkuluak hirigintza-garapena bukatzen denerako kalkulatzen diren emisioen batez bestekoa baino ehuneko hogeitik beheitikoa izan beharko du.

e) Bide-sarea eta irisgarritasuna. Horretarako bereziki hartuko dira kontuan bide publiko kolektiboen bitartez iristeko modua egotea eta joan-etorriak larriago ez bihurtzea. Behar adinako bide publiko eta proportziozkoak (mugikortasun azterlanean aurreikusitako neurketaren 100eko 30) ez egoteak udalez gaindiko plan sektoriala ez onartzea ekarriko du, horretarako ezintasuna edo aparteko inguruabarrak justifikatu ezean.

f) Hondakinen kudeaketa eta eragin akustikoa. Eta sortzekoa den merkataritza-gunearen energia-kontsumoaren zenbatespena.

g) Merkataritza-kokapena eta formatuen aniztasuna, herritarrei ahal den aukera gehien bermatze aldera.

2. Halaber, merkataritza-establezimendu handiek honako baldintzak bete beharko dituzte:

a) Teknologikoki eskueran daudenean, ibilgailu elektrikoak kargatzeko hornigailu bat jartzea salmentarako azalera erabilgarriko 2.500 metro koadro bakoitzeko.

b) Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak eskatzen duen efizientzia energetikoaren sailkapena edukitzea.

26. artikulua. Udalez gaindiko plan sektorialaren indarraldia.

Merkataritza-establezimendu handi bat ezartzea baimentzen duen udalez gaindiko plan sektorialak mugarik gabeko indarraldia izanen du, hurrengo artikuluan araututako salbuespen bakarrarekin.

27. artikulua. Udalez gaindiko plan sektoriala iraungitzea.

1. Nafarroako Gobernuak merkataritza-establezimendu handi bat ezartzea baimendu duen udalez gaindiko plan sektorial bat iraungitzea erabaki ahal izanen du, baldin eta interesdunak ez badu hiru urteko epean jarduera abian jarri, betiere hari egoztekoa den arrazoiren batengatik.

2. Iraungitzeari buruzko deklarazioak espresa beharko du izan, eta interesdunari entzunaldia eman ondoren emanen da.

3. Iraungitzeari buruzko deklarazioa interesdunari eta jarduera kokatu nahi zen dermioko udalari jakinaraziko zaie.

28. artikulua. Merkataritza-establezimendua jartzeko baimena eskualdatzea.

1. Merkataritza-establezimendua jartzeko baimena behar duten establezimenduak eskualdatzeko, Nafarroako Gobernuko merkataritzaren arloko departamentu eskudunari jakinarazi beharko zaio aurretik.

2. Interesdunak, aurreko idatz-zatian araututako komunikazioarekin batera, lehiaren defentsaren arloan exijitzen diren betebeharrak betetzen dituela egiaztatuko duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

29. artikulua. Tasa.

1. Merkataritza-establezimendua jartzeko baimena lortzeko eskabideak honako tasa hau sortuko du: proiektaturiko establezimenduaren erakustokiko eta salmenta-guneko azalera erabilgarriko metro koadro bakoitza bider 4 euro egitearen emaitza.

2. Tasa hori kasuko eskariarekin batera ordaindu beharko da. Tasa ez ordaintzeak prozedura ez abiatzea ekarriko du.

3. Foru lege honetako 22.4 artikuluaren arabera eskaria izapidetzeko ez onartzeari buruzko erabakiak ordaindutako tasa itzultzea ekarriko du".

Sei. 32. artikulua aldatzen da, eta hauxe da testu berria:

"32. artikulua. Lanegunetako ordutegia.

Merkataritza-establezimenduak lanegunetan eta jarduera garatzeko gainerako egunetan irekitzeko eta ixteko ordutegia, zeina gehienez ere hamabi ordukoa izanen baita, merkatari bakoitzak libreki hautatuko du, betiere lan-araubidean langileei aitorturiko eskubideak ezertan kaltetu gabe.

Beren jarduera garatzeko saltokiek asteko lanegunetan izanen duten ordutegi orokorrak ezin izanen du 72 orduko kopurua gainditu".

Zazpi. 33. artikulua aldatzen da, eta hauxe da testu berria:

"33. artikulua. Jaiegunetan irekitzea.

1. Igandeak eta jaiegunak ez dira egun baliodunak izanen Nafarroako Foru Komunitatean merkataritza-jardueran aritzeko, berariaz baimendutakoak izan ezik.

2. Merkataritzaren arloan eskumenak dituen departamentuak urtero, Nafarroako Txikizkako Merkataritzaren Behatokiari entzun ondoren eta urteroko irailaren 1a baino lehen, hurrengo urteko egutegia ezarriko du, horren barne direla egun balioduntzat hartuko diren igandeak eta jaiegunak. Zortzi izanen dira egun balioduntzat joko diren igande eta jaiegunak.

3. Egutegia departamentu horren foru agindu baten bidez aldatu ahal izanen da, kasuko udal dermioetan interesdunak diren udalek bi hilabeteko aurrerapenarekin aurkeztutako eskari arrazoitu bat aurkeztuta.

4. Jaiegunetako irekitzeko eta ixteko ordutegia merkatariak libreki finkatuko du, baina ezin izanen du eguneko hamabi orduko kopurua gainditu".

Zortzi. Zortzigarren titulua aldatzen da. Hona testu berria:

"ZORTZIGARREN TITULUA

Nafarroako Txikizkako Merkataritzaren Behatoki Aholku-emailea

63. artikulua. Behatokiaren eratzea eta osaera.

1. Nafarroako Txikizkako Merkataritzaren Behatoki Aholku-emailea eratzen da, Nafarroako Foru Komunitateak arlo horretarako duen organo aholku-emaile gisa. Haren osaera, antolaketa eta funtzionamendua erregelamendu bidez garatuko dira.

2. Honakoak izanen dira Behatokiaren eginkizunak:

a) Arloko administrazio eskudunek merkataritzari buruz eskatutako txostenak eta kontsultak egitea.

b) Merkataritza-sektorearen gaineko foru lege proiektuei buruz eta Nafarroako Gobernuaren gainerako xedapenei buruz informazioa ematea.

c) Urtero Nafarroako Foru Komunitatearen merkataritzaren egoerari buruzko txosten bat egitea, eta bereziki sektorea modernizatzeko planen garapenaren jarraipena egitea. Halaber, udal planetan sarturiko erakarpen planen jarraipena egitea.

d) Nafarroako merkataritza-establezimenduen erroldaren mantentze zuzena sustatzea, merkataritza lurraldean izanen duen banaketa egokiaren jarraipena egiteko tresna gisa, betiere sektorea ordezkatzen duten entitateekin eta Nafarroako toki entitateekin lan eginez.

e) Lurraldearen antolamenduko planen merkataritza-banaketaren printzipioak bete daitezen sustatzea eta foru lege honetako printzipioak lurralde-ekintzako planen idazketan integratzea.

f) Saltoki txikiak babesteko neurrien garapena sustatzea, hura laguntzeko planak garatuz lau urtez behin egin beharreko modernizazio eta lehiakortasun planen bitartez.

g) Nafarroako toki entitateei zuzendutako merkataritza ekintzako planen garapena sustatzea. Plan horiek erregio mailako ardatz-gune eta erregio-azpiko ardatz-gune gisa definituko dira Nafarroako Lurraldearen Antolamenduko Planaren barruan, betiere dentsitate handiko bizitoki-eremuetan eta 4.500 biztanletik gorakoetan.

h) Erregelamendu bidez ezarritako bestelakoak.

3. Kontseilu Aholku-emailean behar bezala ordezkatuta egonen dira Nafarroako Foru Komunitatean sektoreko ordezkaritza duten eragile ekonomiko eta sozialak; alegia, Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofiziala, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Merkatari Elkarteen Federazioa, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak, eta sektorean presentzia duten erakunde sindikalak eta enpresa erakundeak.

4. Nafarroako Txikizkako Merkataritzaren Behatoki Aholku-emailea Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari atxikiko zaio.

5. Nafarroako Gobernuak, aurrekontuetako mugen barrenean, behar diren bitarteko ekonomikoak jarriko ditu Merkataritzaren Behatokiko kideek eskatutako azterlan eta txostenak garatzeko eta, bereziki, ordezkaritza duten eragile ekonomiko eta sozialek sektoreari laguntzeko proposaturiko neurriak lortze aldera interesekoak diren azterlanak egiteko.

Bederatzi. 69. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letra aldatu da, eta hauxe da testu berria:

"b) Merkataritza-establezimendu bat udalez gaindiko plan sektorial baten bidez baimentzeko baldintzak urratzen dituzten jardueretan aritzea, arau-hauste larriak edo oso larriak ez badira".

Hamar. 69. artikuluko 4. idatz-zatiko b) letra aldatu da, eta hauxe da testu berria:

"b) Eraikuntza jarduerak egiten hastea, nahiz eta obretarako udal lizentzia batez baimenduta egon, kasuko merkataritza-establezimendua jartzeko baimena lortu ez bada merkataritza-establezimendu handi bat jarri, zabaldu edo lekualdatzeko udalez gaindiko plan sektorial baten bidez ".

Hamaika. 76. artikulua aldatzen da, eta hauxe da testu berria:

"76. artikulua. Helburuak.

1. Aurreko artikuluan aipatutako jarduerek helburu izanen dute merkataritza-formula desberdinen arteko oreka bilatzea eta merkataritza-sektore tradizionala eta haren lehiakortasuna mantentzea, bultzatzea eta modernizatzea, lehia librea ezertan kaltetu gabe. Horiezaz gainera, beste helburu hauek ere izanen dituzte:

a) Banaketaren arloko enpresa txiki eta ertainen gaitasun teknologikoa hobetzea.

b) Saltoki txiki eta ertainen produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea.

c) Saltoki txikien eta ertainen enpresa-integrazioa sustatzea, sektoreko eta tokiko enpresa taldeetan, erosketa-zentraletan eta enpresa-integraziorako bestelako moduetan.

d) Nafarroako udaletan merkataritza-erakarpeneko planen garapena sustatzea. Plan horiek erregio mailako ardatz-gune eta erregio-azpiko ardatz-gune gisa definituko dira Nafarroako Lurraldearen Antolamenduko Planaren barruan, betiere dentsitate handiko bizitoki-eremuetan eta 4.500 biztanletik gorakoetan.

e) Enpresen dibertsifikazioa sustatzea eta kalitate eta prestakuntza planak bultzatzea, bereziki bezeroaren arretari dagozkionak, enpresa txikiaren bereizgarri gisa.

f) Espezializaziorako, modernizaziorako eta kudeaketa hobetzeko neurriak eta tresnak sustatzea.

2. Helburu horiek garatzeko, Nafarroako Gobernuak, erakunde sozial, enpresarial eta profesionalekin ados jarrita, merkataritza txikia laguntzeko plan bat prestatuko du. Plan horretan, besteak, beste, foru lege honetan jasotako laguntza-neurriak jasoko dira".

Hamabi. 77. artikulua aldatzen da, eta hauxe da testu berria:

"77. artikulua. Laguntza neurriak.

1. Nafarroako Gobernuak, behar den erregelamendu bidezko garapenaren bitartez, merkataritzaren sektorera zabalduko ditu sektore industrialerako dauden laguntzak -esate baterako, inbertsioa eta enpleguaren sorrera sustatzea-, Nafarroako merkataritza txikia eta ertaina laguntzeko planetan aurreikusitako laguntza- eta lehiakortasun-neurriak garatzearen bitartez, betiere sektorearen berezko ezaugarriak kontuan harturik.

2. Nafarroako Gobernuak, eragile eta erakunde enpresarialekin batera, prestakuntza orokorreko plan bat eginen du, lanerako prestatzeko eta langileak birziklatzeko beharrizanei eta enpresa-kudeaketa hobetzeko prestakuntza berariazkoa izateko beharrizanei erantzuteko.

3. Nafarroako Gobernuak behar diren jarduerak eginen ditu saltoki txikien elkarteak sustatzeko, Nafarroako herrietako hiri-bilbea dinamizatzeko eta sektoreko modernizazioa laguntzeko bide gisa.

4. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako toki entitateekin eta merkatarien ordezkaritza duten elkarteekin batera, merkataritza-erakarpeneko planak garatuko ditu, Nafarroako herrietako merkataritzaren erakarpena antolatzeko, dinamizatzeko eta hobetzeko, horren barne direla irisgarritasunerako, mugigarritasunerako eta enpresa-ehunaren dinamizaziorako planak.

5. Nafarroako Gobernuak behar diren ekimen eta jarduerak abiaraziko ditu sektorea nazioan edo erkidegoan dauden programetara eta baliabideetara erraztasunez eta osotasunez iristeko, beste eremu batzuetan dauden laguntzak eta finantziazioa homogeneizatzeko xedez.

6. Egun dauden merkataritza ekipamenduen modernizazioa sustatzeko eta merkataritza-establezimendu handien kokapenak ukitutako merkataritza-eremuen gaineko jarduera-programak egiteko, Nafarroako Gobernuak Nafarroako tokiko tributuei buruzko legedi berekia alda dadin bultzatuko du, eta horretarako, behar diren sustapen neurriak eta integratutako administrazio eta entitateekiko itunak sustatuko ditu.

Tributu horiekin biltzen den dirua hiri-merkataritza berritzeko eta hobetzeko programetara bideratuko da, lurraldearen antolamenduko jarraibideen arabera hartarako prestatzen den merkataritza-jarduerarako planean ezartzen diren lehentasunekin eta helburuekin bat".

Hamahiru. Bosgarren xedapen gehigarria aldatzen da. Testu hau izanen du:

"Nafarroako merkataritza-establezimenduen errolda sortzen da, Nafarroako Gobernuko Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuari atxikia.

Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean merkataritza-establezimenduen titularrak diren pertsonek eta edozein eratako izaera juridikoko entitateek horren berri eman beharko diote merkataritza-establezimenduen erroldari. Horretarako komunikazio bat igorri beharko diote foru erkidegoko kudeaketa bateratuko bulegoari edo sektorea ordezkatzen duten eta lurraldean behar adinako presentzia duten enpresa-elkarteei. Elkarte horiek aldez aurretik entitate laguntzaile gisa gaitu beharko ditu merkataritzaren arloko eskumena duen departamentuak. Erroldarako eginiko komunikazioak erregelamendu bidez ezartzen diren moduaren eta baldintzen arabera egin beharko dira.

Gobernuak behar diren baliabide ekonomikoak jarriko ditu Nafarroako merkataritza-establezimenduen errolda garatzeko eta gaurkotuta edukitzeko".

Lehen xedapen gehigarria.-Udal planeamendu orokorra berrikustea.

Udal planeamendua berrikusten den unean edo foru lege hau indarrean sartzen denetik lau urteko gehieneko epean, administrazio eskudunak behartuta daude Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeko 18.2 artikuluan ezartzen diren determinazioak sartzera, foru lege honetan duten idazketa berriaren arabera".

Bigarren xedapen gehigarria.-Ebaluazio txostena.

Foru lege honek indarra hartu eta, gehienez ere, urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak Parlamentuari txosten bat igorriko dio, non ebaluatuko baitira foru lege honen aplikazioak merkataritza-establezimenduak jartzerakoan izan dituen ondorioak. Kasua bada, arlo horretako erregulazioan hobekuntzak proposatzeko erabili ahal izanen da txostena.

Xedapen iragankor bakarra.-Aldi baterako araubidea.

1. Foru Lege honek indarra hartu aurretik hasitako baimen prozedurak eskabidea aurkeztu zen unean indarra zuen araudiaren arabera tramitatu eta ebatziko dira.

2. Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, interesdunak atzera egin dezake bere eskaeran eta araudi berria aplikatzea aukeratu, betiere ebazpena eman aurretik.

3. Foru lege honek indarra hartzen duen egunean gaikuntza duten zerbitzu-emaileek jardunean jarraitu ahal izanen dute Nafarroan.

4. Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legeko 19.6 artikuluan -foru lege honetan eman zaion testuaren arabera- xedatutakoa dela eta (merkataritza-establezimendu handiak egoitza-erabilera nagusiko lurzoru urbanizagarrietan edo hiri lurzoruetan soilik jarri ahal izatea), Nafarroako Gobernuak salbuespenak ezarri ahal izanen ditu, foru lege honek indarra hartu eta hamabi hilabeteko epean.

Salbuespena, zeina justifikatua eta haztatua izanen baita, merkataritza-establezimendu handi bat ezartzeko plan sektorialaren udalez gaindiko eraginari buruzko deklarazioa egiteko unean eginen da. Horretarako, betiere, establezimenduak honako baldintzak bete beharko ditu:

a) Hiri lurzoruan edo foru lege honek indarra hartzeko garaian halakotzat sailkaturiko lurzoru urbanizagarrian egotea, eta urbanizazioari buruzko kudeaketa tresna guztiak eta proiektu guztiak behin betiko onetsita egotea foru lege honek indarra hartu baino lehen edo, gehienez ere, foru lege honek indarra hartu eta zortzi hilabeteko epean.

b) Establezimendua ezartzeko obrak udalez gaindiko plan sektorialaren behin betiko onespenetik urtebeteko epean hasi behar izatearen baldintzapean emandako baimena.

Nolanahi ere, ezarpen horretarako, aplikatzekoak izanen dira halakoak onesteari buruz foru lege honetan jasotako gainerako irizpide guztiak.

Xedapen indargabetzaile bakarra.-Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten lege edo erregelamenduzko xedapen guztiak, bereziki:

a) Nafarroan Merkataritza arautzen duen uztailaren 12ko 17/2001 Foru Legearen artikulu hauek: 7. artikuluko 2. idatz-zatia, bigarren tituluko III. kapitulua, Baimena behar duten beste saltoki batzuk, (30. eta 31. artikuluak), 51. artikulua, 52. artikuluko 2. idatz-zatiko b) letra, 53. artikulua, 54. artikulua eta zazpigarren titulua, Merkataritza lehiaketak (57. artikulutik 62.era bitartekoak).

b) Nafarroako Saltoki Handien Lurralde Ereduaren Erregelamendua onesten duen martxoaren 29ko 150/2004 Foru Dekretua.

c) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 169., 170., 171. eta 172. artikuluak.

Azken xedapenetan lehena.-Erregelamenduzko ahalmena.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren erregelamendu-arau guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena. Indar-hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2010eko apirilaren 6an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea