nafarroakoforuzibilarenkonpilazioa

Nafarroako Foru Zibilaren Konpilazioa

© Nafarroako Foru Berriaren itzulpena eta lan honetako aurkibide

analitiko guztiak: Begoña Landa, Gotzon Lobera,

Andres Urrutia, Esther Urrutia, Nafarroako Parlamentuko

itzultzaileak eta Nafarroako Gobernuko Itzulpen Ataleko

zenbait itzultzaile, eta IVAP/HAEEko Itzultzaile Zerbitzu

Ofiziala

© Deustuko Unibertsitatea. Euskal Gaien Institutua

© IVAP/HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioa edo Nafarroako Foru Berria

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako foru zuzenbide zibilari buruzko konpilazio honekin buru ematen zaio Espainiako foru zuzenbideen bildumari. Azken hogeita bost urteetan zehar gogor lan egin ondoren erdietsi da bilduma hori. Egitate historiko nabari eta berezkoa zen, izan ere, nazioaren batasun politikora modu harmonikoan bilduriko erregio zuzenbideen aniztasuna; egitate hori esanbidez aitor zedin eragozteko aurreiritziak bazter utzita, 1946. urtean, Zaragozan zuzenbide zibilari buruzko kongresua egin zen. Kongresu horretan, bultzakada ofiziala eman nahi izan zitzaion Espainiako aniztasun juridikoaren normalizazioari

Horren ondotik, 1947ko maiatzaren 23ko Dekretuaren bidez, tokian tokiko juristen batzorde desberdinak eratzeko agindu zen, horiek konpilazioei buruzko proiektuak idatz zitzaten.

Foruen kodeketa egiteko asmoarekin, Nafarroako araubidearen berezitasuna antzeman zen; horren ondorioz, 1948ko otsailaren 10eko Aginduak Foru Diputazioari eratxiki zion batzorde eskuduna izendatzeko ardura; horren lehendakaria Iruñeko Lurralde Entzutegiaren lehendakaria izan behar zen. Gainerako foru erregioei begira, beraz, desberdintasun hori gertatu zen. Desberdintasuna, egia esateko, 1841eko abuztuaren 16ko Lege Itunduaren zuzeneko ondorioa baino ez zen. Lege horrekin bat etorriz, Nafarroan itun-prozedura bete behar zen legeak aldatzeko.

1959tik 1977rako urteetan, Bizkaia eta Araba, Katalunia, Balearretako, Galizia eta Aragoiko konpilazioak aldarrikatu ziren; horien ondotik, Nafarroakoa baino ez zen geratzen.,

1959an, Foru Bildumaren Proiektuak lehen urratsa eman zuen foru erregio horretako juristek ikerketa berriztatua egin zezaten. Lanari buru-belarri ekin ondoren, azkenik, 1971n, izaera pribatuarekin, «Bilduma» edo «Nafarroako Foru Berria» idatzi zen. Foru Diputazioak Batzorde Ofiziala izendatu zuen konpilazioa egiteko, eta horrek, 1971ko ekainaren 30eko erabakiaren bidez, Aurreproiektuaren izaera eman zion bildumari. Foru Diputazio txit Garaiak, bestalde, abuztuaren 4ko «Aldizkari Ofizialean» aurreproiektua argitaratzeko agindu zuen; aldi berean, informazio- epea ireki zuen, urte bereko urriaren 15a arte.

Aurreproiektuari hamalau zuzenketa bakarrik egin zitzaizkion, eta horiek lege gutxi batzuei buruzkoak izan ziren. Horrekin, beraz, argi geratu zen aurreproiektuaren idazkerak bat egin zuela Nafarroan benetan gauzaturiko zuzenbidearekin.

Nafarroako araubide itunduarekin bat etorriz, aurreproiektua behar bezala onesteko, 1971ko azaroaren 24 eta abenduaren 6ko aginduen bidez, Kodegintzarako Batzorde Orokorraren atal bereziaren kideak izendatu ziren, eta kideok, testua aztertu ondoren, erabaki behar zuten hori itunaren objektu gisa onesteko modukoa zen ala ez.

Urtebetean zehar, bi batzordeak, kodeak egiteko batzorde berezia eta Nafarroako konpilazioa egitekoa, elkarlanean aritu ziren, 596 legez osaturiko proiektuaren testu bategina finkatzeko; testu horretan, zuzenketak ez ezik, 616 legedun aurreproiektuari begira hobekuntzak ere nabari daitezke. Horren inguruan, argitu behar da konpilazio honetako xedapenei «lege» deitzeak agerian jartzen duela Nafarroako lege-tradizioari eutsi nahi izana.

Aurreproiektuaren testuari erantsi zitzaizkion bost xedapen iragankor eta, horiez gain, beste bi xedapen, azken xedapen deitzen diren horietakoak. Lehenengoetan, konpilazio hau aldarrikatu aurretik sorturiko egoera eta harremanak arautzen dira, eta, azken xedapenetan, aldiz, Lege Itunduarekin bat eginez etorkizunean izan daitezkeen lege-aldaketak gauzatzeko prozesua; azken horietan ere, Batzorde Konpilaziogileari egonkortasuna ematen zaio, bildutako zuzenbideari buruzko informazioa aldizka jasotzeko eta horri, behar izanez gero, aldaketak egiteko

Konpilazio honetan aurki daiteke Nafarroan benetan indarrean dagoen zuzenbide zibilaren erakusgarri argia, ez, ordea, berezitasun juridiko gutxi batzuen zerrendaketa hutsa. Ondorenez, Nafarroako zuzenbidearen ibilbide historikoaren harira, konpilazio honi «Nafarroako Foru Berria» deritzo.

Foru honek alde batera utzi ditu Nafarroako legezko erakunde asko, bai eta Nafarroan osagarria den zuzenbide erromatarretik datozen beste erakunde batzuk ere, horiek erabiltzen ez direlako. Baina, aldi berean, Foruak bere barruan hartu ditu ohiturazko erakundeak eta eguneroko eginerek sorrarazitakoak, horiek guztiek gaurkotasun handiko irtenbide juridikoak ematen dituztelako; erakundeok doktrina zorrotzaren agindupean landu eta zentzuz harmonizatu izan dira Nafarroako zuzenbidearen sistema orokorrarekin. Adierazgarria da, izatez, Espainiaren batasun politikoa bultzatu eta defendatu duen erregioak bere zuzenbide zibilaren formulazio berezia egitea, horrekin agerian jartzen baita foru antolamendu guztiek eragin handia izan dezaketela Espainiako zuzenbidearen aurrerapen bateratua lortzeko bidean.

Asmoa oso zabala izan arren, bildumaren hedadura ez da gehiegizkoa. Nahita uko egin zaie legearekin baino doktrinarekin zerikusia duten adierazpenei, bai eta kasu zehatzei ere, horiek zehaztu behar baitira iruzkingile eta epaileek emandako doktrinaren arabera.

Konpilazio hau hiru liburutan zatiturik dago, horien atarian beste liburu bat ere izanik.

Lehenengo liburuan, pertsonak eta familia arautzen dira. Horrekin, Nafarroan betidanik izan den ulerkeraren oinarria antzematen da; horren arabera, familiaren egitura eta lege-oinarria, bai eta etxearen batasuna ere, nortasunaren eta gizarte antolamenduaren euskarri dira. Lehenengo titulua pertsona juridikoei buruzkoa da; horretan agerrarazten diren erakunde nafarrei tradizioz aitortu zaie nortasuna. Bigarren titulura bildutakoa egun indarrean dagoen errealitatea da, hain zuzen ere, legeriak orain arte baztertuta izan duena, nortasun juridikorik gabeko subjektu kolektiboei buruzkoa. III eta IV. tituluek norbanakoen eta ezkontideen gaitasun orokorra arautzen dute; horietan, bereziki finkatzen dira emakumeak senarraren baimenik gabe gauza ditzakeen egintzak (57. legea).

V. tituluak errealismoz finkatzen du, guraso-ahalari buruzko kontzeptua, zuzenbide erromatarrak araututakoarekin desberdintasun ugari dituena, bai eta legebidezko eta odoleko seme-alaben egoera ere. Horren ondoren (VI. tituluan), adopzioa eta umeordetzea arautzen dira; erakundeok Nafarroan egun indar handia dute, eta horiek zabal arautu dira, Nafarroako zuzenbideak zabal arautu eta onartzen baititu, orobat, adopzio-hartzaile eta adoptatuaren arteko oinordetza-itunak.

Hurrengo tituluetan, familiako ondasun- eraentzari buruz, oinarrizko printzipioak aipatzen dira (VII), ezkontideen arteko dohaintza eta kontratuak arautuz. Horren ondotik, ezkontzako itunak jorratzen dira (VIII); horiek, Nafarroako zuzenbidean, edonoiz aldaraz daitezke. Ondoren, ezkontzako ondasun-eraentza (IX) arautu da; bereziki «konkistak» izeneko eraentza, osagarria dena (I. kapitulua) eta familia-sozietate izan daitekeena (II. kapitulua), eta erkidego unibertsala (III. kapitulua), eta ondasunen banantze-eraentza ere (IV. kapitulua). Nafarroako zuzenbidean, garrantzi berezia du bigarrenez edo gehiagogarrenez ezkondutakoen ondasun-eraentzak (X. titulua), zuzenbide horrek defentsa gogorra ezartzen baitu aurreko ezkontzako seme-alaben mesederako, oinordetza zuzenbidearen oinarrizko printzipio den xedatze-askatasuna mugatuz.

XI. tituluan propter nupcias dohaintzak arautu dira, eta, XII.ean, ezkonsaria eta erresak.

Azkenik, XIII. titulua familia-erkidegoak desegiteari buruz ari da; XIV. titulua, Nafarroan ohikoa den etxe-harrerari eta zuzkidura izenekoei buruz; eta XV. titulua, Ahaide Nagusien erakundeari buruz. Ahaideon esku-hartzea zehatzago aipatzen da konpilazio honetako beste lege askotan.

II. liburuan dohaintzak eta oinordetzak elkarrekin lotzen dira. Lotura hori ezbairik gabekoa da, Nafarroako zuzenbidearen ikusmiratik. Horretan, eskuzabaltasunari dagokionez, orotariko forma eta aldaerak agertzen dira, direla inter vivos dohaintzak, direla alde bakarreko testamenturik solemneena, ezkontzako itunak, oinordetza-itunak, ermandadeko testamentuak eta abarrekoak barne, horien arteko lotura inondik inora hautsi gabe. I. tituluak, oinarrizko printzipioei buruzkoak, Nafarroako zuzenbidean indarrik handiena duten erakundeak aipatzen ditu; kasurako, testamentua egiteko askatasuna, dohaintza- hartzaile unibertsala jaraunsletzat hartzea, oinordetza-fiduzia, post mortem emandako ahalordea, etorkizuneko jarauntsiari uko egitea etab. Jarraian, II. tituluan, inter vivos dohaintzak aztertzen dira, bai eta horiek ezeztatzeari buruzko arazoa ere; III. tituluan, mortis causa dohaintzak; IV. tituluan, oinordetza- itun edo —kontratuak, halakoak Nafarroako juristek bereziki prestaturiko erakundeak baitira; V. Tituluan, testamentua eta horrek dituen formak, horien artean kodiziloak (III. kapitulua), testamentuko memoriak (IV. kapitulua) eta, batik bat, Nafarroan ohikoa den ermandadeko testamentua (V. kapitulua) aipatuz, nafarrek halakoa atzerrian ere egin baitezakete. Mortis causa xedapenen deuseztasun eta eragingabetasunaren inguruan, VI. titulua ari da, eta VII eta VIII. tituluek, hurrenez hurren, euren barruan hartzen dituzte jaraunsle-izendapena, ordezpen arrunta (II. kapitulua) eta fideikomisozko ordezpena (III. kapitulua); horren aldaera bat «zurtz ordezpena» da (IV. kapitulua), Nafarroan egin ohi den moduan (227. legea), eta hondakinaren gaineko ordezpena (IV. kapitulua).

Zuzenbide erromatarrean, banakako tituluaren bidezko fideikomisoak arautu ziren, eta horiekin berdinetsitako legatuei buruzkoa da IX. titulua. X. tituluan, nafarrek testamentua egiteko duten askatasunaren mugak ezartzen dira, besteak beste fideltasun-gozamena (I. kapitulua). Nafarroan, gozamen hori oinordetzako erakundea da, ez, ordea, ezkontzako ondasun-eraentzarena; ondorenez, hori zehaztuko da, kausatzaileari heriotza-unean dagokion lege pertsonalaren arabera. Erakunde horren indarra Nafarroan hain handia da ezen bestelako gozamenen eredu nagusitzat har baitaiteke. Horren ondotik dator ondorengoen seniparte formala (II. kapitulua). Erakunde hori dela bide, xedatzaileak ezin izanen ditu ondorengoak preteritu; erakunde horrek ez du galdatzeko moduko ondare- edukirik, eta, horren ondorioz, egokitzat hartu da antzinako foru formula honi eustea: «ondasun higigarriei dagokienez, bost alokairu feble, eta, ondasun higiezinei dagokienez, herri- -mendietako erregu bat lur». Horrekin, agerian geratu da senipartearen erakundeak duen izaera formala. Mugapen horri gehitu behar zaizkio garrantzitsuagoak diren beste batzuk; hain zuzen ere, aurreko ezkontzako seme-alaben eskubideak (III. kapitulua), erreserbak (IV. kapitulua) eta ondasunen lehengoratzea.

Horren ondorengo tituluek euren barruan hartzen dute mortis causa xedapenak betearazteko bitartekariei buruz Nafarroan indarrean dagoen zuzenbidea: fiduziario-komisarioak (XI. titulua), konfiantzazko jaraunsleak (XII. titulua) eta albazeak (XIII. titulua).

Oinordetzaren ondoreetarako, jakina denez, borondateak garrantzi handia du. Garrantzi hori kontuan hartuta, bistakoa da Nafarroan «legezko» oinordetza izenekoaren garrantziak txikiagoa izan behar duela, hori legearen aginduz zehazten delako. Zernahi gisaz, legezko oinordetza ez da «legitimoa»; hala izanen balitz, oinordetza berezkoa izanen litzateke, baina oinordetzarako delazioak ez du halako izaerarik Nafarroan. Era berean, legezko oinordetza ez da «testamenturik gabekoa»; izan ere, legezko oinordetza hori bazter daiteke, testamentuaren bidez ez ezik, borondatezko oinordetza gauzatzeko beste aldaera batzuen bitartez ere. Legezko oinordetzari buruz ari da XIV. titulua; horretan, bereziki arautu da ondasun tronkalen gaineko oinordetza (III. kapitulua) eta ondasun ez-tronkalen gainekoa (II. kapitulua). Eta, zuzenbide erromatarraren aurka, ezkontideari lehenespena eman zaio, alboko ahaideen aurretik.

Ordezkapen-eskubidea dela medio, ondorengoak aurreko baten eskubidean subrogatzen dira, azken horrek oinordetza eskuratu ez duenean, aurrez hiltzeagatik edo ezgaitasunaren ondorioz. Nafarroan, eskubide horrek legezko oinordetzaren eremua gainditzen du (XV. titulua), eta, horrekin, gehiagotze-eskubidearen norainokoa arras urritzen da.

II. liburuko azken tituluek honako gai hauek jorratzen dituzte: jarauntsia eskuratu eta horri uko egitea (XVII. titulua), hereditatis petitio izenekoa (XVIII. titulua), jarauntsia lagatzea (XIX. titulua) eta horren banaketa (XX. titulua).

III. liburua luzeena da, eskubide erreal (I-VII, tituluak) eta betebeharrei (VIII-XI, tituluak) buruzko kontu guztiak arautzen baititu. Ondasunen gaineko jabetza eta edukitzari dagokionez (I. titulua), azpimarratzekoa da landetatik fruituak eskuratzeko araubide berezia, horiek agerikoak direnetik (354. legea). II. tituluan, ondasun eta eskubideen erkidegoak arautzen dira; arauketa horretan, argiro-argiro azaltzen da aldaera berezien araubidea. Nafarroan, sarritan sortzen dira halako erkidegoak, eta horien gaineko interpretazioak ez dira beti modu egokian egiten. Erkidego horien artean ditugu, besteak beste, bazkalekuak (IV. kapitulua), fazeriak, iralekuak, kontzeju-jaba ria eta kanpoko auzotartasunak (V. kapitulua). Horiei buruz, jurisprudentziak okerreko moduan adierazi du eskubideok zortasun «pertsonalak» direla; horrek erakundeon izaera desitxuratu du, horien askatzea eragotziz. Doktrinarik garbienarekin bat etorriz, zortasun dira (III. titulua) lurraren gainekoak bakarrik, eta horiei buruz zenbait berezitasun jaso dira, Nafarroan betidanik indarrean egon direlako. Eskubide erreal berezien artean, gozamena, biztantzea, erabiltzea eta horien antzekoak aipatzekoak dira (IV. titulua).

Azalera-eskubidearen eta antzeko beste eskubide batzuen arauketa (V. titulua) oso erabilgarria da, hiriaren garapenarekin eskubideok berriro aplikatu izan baitira. Eta Konpilazioak antolaketa berria ematen du, inoren eraikinaren gainean edo azpian eraikitzeari buruzko kontuetan, egunean-egunean gauzaturiko egineren adierazgarri gisa (III. kapitulua).

IV. tituluan, atzera-eskuratzeko eskubideari eta lehenespenez eskuratzeko beste eskubideei buruzko kontuak barneratu dira. Horietan, konplexutasuna areagotzen da, mota bereziak agertzen baitira elkarrekin pilaturiko eskubideen artean.

Azkenik, VII. titulua berme errealez arduratzen da. Horren barruan jaso dira, besteak beste, berme gisa eta atzera-eskuratzeko itunarekin egindako salmenta (IV. kapitulua), xedatzeko debekuak (V. kapitulua), jabari-erreserbarekin egindako salmenta (VI. kapitulua) eta komiso-itunarekin egindako salmenta (VII. kapitulua).

Betebeharren gaineko sistematikak —betebeharren printzipio orokorrak hirugarren liburuko VII. titulura biltzen dira— bereizten ditu, lehenik eta behin, alde bakarreko hitzemateak; horiei zuzenbide erromatarretik datorren hizpaketa izena eman zaie (IX. titulua). Bigarrenik, horiei gehitzen zaizkie, batetik, antzekoa den egintza, fidantza hain zuzen (II. kapitulua), eta, bestetik, mailegu motak ere (X. titulua) —horien ondoren, zainpeketa-zentsuari buruzko arauketa ematen da (XI. titulua)—. Eta, hirugarrenik, zaintza (XII. titulua), mandatu (XIII. titulua), salerosketa eta trukaketa (XIV. titulua) eta errentamenduari buruzko kontratuak (XV. titulua, hori Konpilazioaren azken titulua izanik) arautzen dira.

Horrela, bada, «kuasikontratuen» kategoria alde batera utzi da; horren ordez, arrazoirik gabe aberastea (IV. kapitulua) betebeharrei buruzko titulu orokorrean arautu da (VII), eta negozioen kudeaketa, aldiz, mandatuaren antzeko erakunde gisa (XIII. tituluko 560 eta 561. legeak).

Tankera berean, aipatzeko modukoa da zerbitzu-errentamendua desagerrarazi egin dela; errentamendu hori lan-kontratu gisa arautzen ez den neurrian, mandatuari buruzko erregelen menpe geratuko da (562. legea); horrekin, autoreen artean alferreko suertatu den eztabaida ezerezean geratu da, aspaldidanik ahazturik egon beharko litzatekeen eztabaida baita hori.

Hiru liburu horien egitura organikoaren aitzinean, atariko titulua agertzen da. Horren berrogeita bat legeak lau titulutan banatzen dira; hurrenez hurren, iturriak (I. titulua), pertsona fisiko eta juridikoen forudun-izaera (II. titulua), eskubideen egikaritza (III. titulua) eta akzioen preskripzioa (IV. titulua). Aipamen berezia egin behar da ohiturari buruz, hori lehendabiziko iturritzat hartzen baita (2. legea), zuzenbidearen aurkakoa izan arren, baldin eta morala edo ordena publikoa urratzen ez badu (3. legea). Itxuraz, aitorpen horren eraginez, Konpilazioaren beraren indarra ahuldu egiten da. Hala ere, Nafarroako berezko zuzenbideak ezartzen du hori hala izateko beharra, eta horrek agerian jartzen du Nafarroako antolamendua, etorkizunean, praktikak agindutako moduan garatuko dela. Horrek ez dakar inolako oztoporik, alabaina, Nafarroako zuzenbide osagarri berezia bertako tradizio juridikoarekin integratzeko; tradizio horretara biltzen dira Nafarroako antzinako legeak eta zuzenbide erromatarra, zuzenbide horretatik egungo praktikan hartu diren erakundeei dagokienez. Hala denean, tradizio horren osagarri dira, berebat, Espainiako Kode Zibila eta lege orokorrak (6. legea).

Gainerakoan, gogoan izan behar da orokorrean esku-emaileak direla Konpilazio honetako legeak eta Nafarroan indarrean dauden beste guztiak ere (8. legea). Borondate pribatuaren lehentasuna Nafarroako zuzenbidearen printzipio eta oinarri nagusia da, «paramiento fuero vienze» antzinako erregelan adierazten den moduan (7. legea).

Kodegintza ezin da inola ere azken jomugatzat hartu, baizik eta zuzenbidearen garapenerako prozesutzat; hala ere, Konpilazio honekin lortu nahi izan da Nafarroako zuzenbidearen edukia adierazpide garbiago batez argitu eta berriztatzea. Eta, behin horretarako izendatu diren juristek proiektuaren testua arretaz aztertu ondoren, eta zuzenketak aintzat hartu eta gero, esan daiteke horrek bat egiten duela egun indarrean dagoen zuzenbidearekin.

ATARIKO LIBURUA

I. TITULUA NAFARROAKO ZUZENBIDEAREN ITURRIAK

1. legea Konpilazioa Foru Zuzenbide Pribatuari buruzko Konpilazio edo Nafarroako Foru Berri honek bere barnean hartzen du antzinako erresumaren zuzenbidetik egun indarrean dagoen zuzenbide zibila, betiere, tradizioarekin eta bertako ohitura, foru eta legeen praktikarekin bat etorriz.

Nafarroako tradizio juridikoa Nafarroako foru zuzenbide pribatuaren esangura historikoaren eta zuzenbide horren iraupenaren adierazpen gisa, Konpilazioko legeen interpretazio eta integrazioa egiteko lehenespena dute, jarraiko hurrenkeraren arabera, honako hauek: Bilduma Berri-berriaz geroztik, Gorteetan emandako legeek; Bilduma Berri-berriak; Foruaren hobetze izene koek; Nafarroako Foru Orokorrak; gainerako legeek, besteak beste, toki foruek eta Foru Laburrak; bai eta zuzenbide erromatarrak ere, ohiturak edo konpilazio honek zuzenbide horretatik jasotako erakunde edo manuei dagokienez.

2. legea Iturri hurrenkera Nafarroan, zuzenbidearen iturri-hurrenkera jarraikoa da:

1. Ohitura.

2. Konpilazio honetako legeak.

3. Nafarroako zuzenbidearen printzipio orokorrak.

4. Zuzenbide osagarria.

3. legea Ohitura Ohitura moralaren edo ordena publikoaren aurkakoa ez bada, legearen aurkakoa izan arren, lehentasuna du zuzenbide idatziaren aurretik. Tokiko ohiturak lehenespena du ohitura orokorrari begira.

Ohitura nabaria ez bada, alegatu eta frogatu beharko da auzitegietan.

4. legea Printzipio orokorrak Printzipio orokorrak dira zuzenbide natural edo historikoak eratorri eta Nafarroako antolamendu zibil osoa eratzen dutenak, bai eta antolamendu horren xedapenetatik datozenak ere.

5. legea Analogia Zuzenbide osagarria aplikatu baino lehen, berezko zuzenbidea integratu beharko da, berorren xedapenen hedatze analogikoa zentzuz eginez.

6. legea Zuzenbide osagarria Espainiako Kode Zibila eta lege orokorrak zuzenbide osagarri izanen dira, konpilazio honi eta 1. legeak adierazitako tradizio juridiko nafarrari begira, eta ez dira aplikatuko beraietan esanbidez arauturiko kasuetatik kanpo.

7. legea «Paramiento» «Paramiento fuero vienze» edo «paramiento ley vienze» printzipioarekin bat etorriz, alde bakarreko edo kontratuzko borondateak lehentasuna du, zuzenbidearen iturri guztien aurretik, salbu eta borondate hori moralaren edo ordena publikoaren aurkakoa denean, hirugarrenari kalte egiten dionean, edota konpilazio honetako debekuzko manuen aurkakoa izan eta manu horiek deuseztasun-zehapena dakartenean.

8. legea Askatasun zibila Askatasun zibila oinarrizkoa da Nafarroako zuzenbidean; askatasun horren ondorioz uste da legeak esku-emaileak direla.

9. legea Eskubideei uko egitea Eskubideei uko egitea baliozkoa da, salbu eta horrekin ordena publikoa hausten denean edo lege-maulaz egiten denean.

10. legea Estatutuak Konpilazio honek arautzen ez dituen kontuetan, Kode Zibilaren xedapenek eraenduko dituzte estatutu pertsonal, erreal eta formalaren zehaztapena eta ondoreak, betiere, elkarrekikotasun- -printzipioarekin bat etorriz.

II. TITULUA NAFARROAKO FORUDUNAREN IZAERA ZIBILA

11. legea Izaera zibilaren elkarrekikotasuna Nafarroako forudunaren izaera eskuratu, horri eutsi, galdu eta berreskuratzeari dagokionez, legeria orokorrak eraenduko ditu konpilazio honek arautzen ez dituen kontuak, betiere, elkarrekikotasun- printzipioarekin bat etorriz.

12. legea Nafarrak atzerrian Nafarrek, bizilekua atzerrian izan arren, ez dute forudunaren izaera galtzen, Espainiako naziokotasunari eusten dioten bitartean. Nafarrek, Espainiako naziokotasuna galdu gabe, atzerrikoa eskuratzen dutenean ere, Nafarroako forudunaren izaerari eutsiko diote.

Nafarrek, Espainiako naziokotasuna galdu eta gero, hori berreskuratzen dutenean ere, forudunaren izaera berreskuratuko dute.

13. legea Atzerritar naziokotuak Espainiako naziokotasuna eskuratzeko edo berreskuratzeko espedientean, uste izanen da atzerritarrak, Nafarroan bizilekua badu, Nafarroako forudunaren izaera eskuratzen duela, Espainiako naziokotasuna lortzean.

14. legea Presuntzioa Nafarroako forudunaren izaera ezin denean argiro zehaztu, horrek lehentasuna izanen du, jaiolekuaren ondorioz hari hala badagokio.

15. legea Pertsona juridikoak Nafarroako forudunak izatea Egoitzak zehaztuko du pertsona juridikoak Nafarroako forudun izatea.

16. legea Forudun-izaeraren ondoreak Norbaitek Nafarroako forudunaren izaera baldin badu, pertsona hori Nafarroako zuzenbide zibilaren menpe eta bertako administrazio- nahiz zerga-xedapenen menpe geratuko da.

Izaera-aldaketak Norbaitzuk forudunak badira, eta zenbait egintza burutzen badituzte, egintza horiek ez dute baliozkotasunik galduko, gero pertsona horiek beste zuzenbide baten menpe geratu arren; baina egintzon ondoreak beste zuzenbide horren eskakizunei egokitu beharko zaizkie.

Era berean, egintzak gauzatu eta gero, horien egileek forudunaren izaera eskuratzen badute, orduan, egintzok ondoreak sortuko dituzte Nafarroako zuzenbidearekin bat etorriz, nahiz eta egintza gauzatzeko bete den zuzenbidea Nafarroakoaz bestelakoa izan.

III. TITULUA ESKUBIDEAK EGIKARITZEA

17. legea Askatasuna eta mugapenak Eskubideak askatasunez egikari daitezke, eta egikaritza horren mugapen bakarrak dira eskubidearen izaerak, onusteak, ohitura zuzenek eta beste pertsona batzuen kalterik gabeko erabilerak dakartzatenak, eta legeetan esanbidezko debekuen bidez ezarritakoak.

18. legea Burutze formala Borondatea adierazteko forma edozein izanda ere, aitorpen hori baliozkoa eta zuzenbidearen araberakoa da, berorrek erakarritako eskubideak egikaritzeko.

Dena den, legeak ez badu forma zehatzik ezartzen egintza edo kontratu jakin batzuentzat, baina forma hori esanbidez hitzartu bada, egintza edo kontratu horiek ez dira burututzat joko, forma hori betetzen ez bada. Egintza bati forma zehatza eman ohi bazaio, uste izanen da alderdiek egintzaren burutzapena jarri nahi izan dutela forma hori betetzearen menpe.

Konpilazio honen aginduz forma jakina bete behar den kasuetan, hori solemnetzat hartuko da.

19. legea Deuseztasun, deuseztakortasun eta hutsalketa 50. legean xedatutakoari kalterik egin gabe, deusezak dira adingabeko emantzipatugabeek eta zentzutasunik ez dutenek egindako borondate-aitorpenak, bai eta helburu ezinezkoa edo moralaren aurkakoa dutenak, eta legez debekaturik daudenak ere.

Deuseztakorrak dira okerraren, doloaren nahiz indarkeria fisiko edo moral larriaren eraginez akastun diren aitorpenak; baina ezin izanen da alegatu egitezko edo zuzenbideko oker barkaezina.

Hutsalkorrak dira borondate-aitorpenak, legeak hala xedatzen duenean.

20. legea Isiltasuna edo ez-egitea Isiltasuna edo ez-egitea ez dira borondate- aitorpentzat hartuko, salbu eta hori horrela interpretatu behar denean legearekin, ohiturarekin nahiz usadioekin, edota alderdiek hitzarturikoarekin bat etorriz.

21. legea Itxura egitea Egintzek sortzen dituzte alderdiek agertutako aitorpenei dagozkien ondoreak; baina, horiek itxurazkoak badira, baliozkoa izanen da alderdiek benetan egin nahi izan duten hori bakarrik, baldin eta zilegia bada, eta horretara biltzen badira legeak ezarritako betekizun formal guztiak.

Itxurazko aitorpenaren deuseztasuna ezin da alegatu hirugarren onustedunen aurka.

22. legea Hirugarrenei iruzur egitea Egintzak gauzatu badira hirugarrenaren eskubidea bidegabe baztertzeko asmoarekin, egintza horiek aurkara daitezke, eta, aldi berean, zein eskubideri iruzur egin nahi, eta eskubide hori egikari daiteke.

23. legea Eskubideak pilatzea Gauza beraren gain hori erabiltzeko zenbait eskubide pilatzen direnean, titular bakoitzak, bere eskubideari dagokionez, amore eman beharko du, guztien egikaritza ahalbidetzeko, eskubide horien guztien izaera eta kategoriarekin bat etorriz, eta pilatzea ekitatez gauzatuko dela kontuan hartuta.

24. legea Presuntzioak Konpilazio honetan ezarritako presuntzioak «iuris tantum» erakotzat hartuko dira, salbu eta legeak esanbidez baztertzen duenean kontrako froga egiteko aukera.

25. legea Ez erabiltzea Eskubideak ez erabiltzeagatik azken daitezke, itunak, ohiturak edo legeak ezarritako kasuetan.

TÍTULO IV DE LA PRESCRIPCIÓN DE ACCIONES

26. legea Iraungitzea. Preskripzioa Akzio jakin batzuetarako epe zehatza ezarri bada, akziook ezin izanen dira egikaritu epe hori igaro eta gero. Akzioak legearen aginduz preskribaezinak ez badira, titulu honetan ezarritako epeetan preskribatuko dira.

27. legea Itunak eta uko egitea Hitzarmen edo xedapenek ez dute ondorerik izanen beren helburua legean ezarritako preskripzio-epeak aldaraztea bada. Alabaina, irabazitako preskripzioari uko egin dakioke.

28. legea Epeak: a) Zerbitzu eta hornidurak egitea Profesionalak zerbitzuak egiteagatik, eta merkatariak merkatari ez den inori merkatu-gaiak edo animaliak saltzeagatik, zorrak sortzen badira, orduan, hiru urte igarotakoan preskribatuko dira zor horiek galdatzeko akzioak, betiere, zerbitzua egin denetik edo gauza eman denetik zenbatuta. Zorra agiri batean agerrarazi bada, akzioa hamar urteko epean preskribatuko da; zerbitzua egin denetik edo gauza eman denetik hasita zenbatuko da epe hori, agirian bestelakoa ezartzen denean izan ezik.

29. legea b) Maileguak Korritudun maileguetan, hamar urte igarotakoan preskribatzen da kapitala erreklamatzeko akzio pertsonala, eta korrituak erreklamatzeko akzioa, bost urte igarotakoan. Mailegua korriturik gabekoa denean, 39. legean xedaturikoa aplikatuko da.

30. legea c) Akzio hipotekarioa Akzio hipotekarioa hogei urte igarotakoan preskribatzen da.

31. legea d) Betearazpen-tituluak Epaiketako tituluetan, edo epaiketatik kanpoko tituluek betearazpena dakartenean, betearazpen-akzioa hamar urte igarotakoan preskribatzen da, eta akzio arruntak indarrean dirau 39. legeak ezarritako epean zehar.

32. legea e) Zentsuak Zentsuen kredituak erreklamatzeko akzioa bost urte igarotakoan preskribatzen da, eta zentsuen kapitala erreklamatzekoa, berrogei urte igarotakoan.

33. legea f) Kaltearen ondoriozko hutsalketa Kalte larriaren ondoriozko hutsalketa- akzioa hamar urte igarotakoan preskribatzen da, eta kalte larri-larriaren ondoriozkoa, hogeita hamar urte igarotakoan.

34. legea g) Hutsaltzea eta aurkaratzea Aurreko legera biltzen ez diren hutsalketa- akzioak eta egintza deuseztakorrak aurkaratzekoak lau urte igarotakotan preskribatzen dira.

35. legea h) Saneamendua Saneamendu-akzioak preskribatzen dira: tratua hausteko akzioa, sei hilabetean, eta «quanti minoris» akzioa, urtebetean.

36. legea i) Irain eta kalumnia Irain edo kalumnien ondoriozko erantzukizuna galdatzeko akzioa urtebete igarotakoan preskribatzen da.

37. legea f) Edukitza-akzioak Edukitza atxiki edo berreskuratzeko akzioa urtebete igarotakoan preskribatzen da.

38. legea k) Preskripzioari buruzko beste lege batzuetara igortzea Hurrengo akzioak lege hauetan ezarritako epeetan preskribatzen dira:

1. Jarauntsia eskatzeko akzioa, 324. legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Atzera-eskuratzeko itunarekin egindako salmentetan, atzera-eskuratzeko akzioa, 480. legearekin bat etorriz.

3. Epe mugagabeko edo betiko grazia- agiriaren ondoriozko akzioa, 583. legeak xedatutakoarekin bat etorriz.

4. Kontratuz kanpoko erruaren ondoriozko erantzukizuna galdatzeko akzioa, 488. legearen bigarren lerrokadan xedaturikoarekin bat etorriz.

39. legea Preskripzio orokorra

a) Akzioak Akzio pertsonalen inguruan ez bada epe berezirik ezarri, akziook hogeita hamar urte igarotakoan preskribatzen dira; horretan ez da kontuan hartuko kasuan-kasuan eratutako berme errealak zein preskripzio-epe duen.

b) Akzio errealak Akzio errealen inguruan ez bada epe berezirik ezarri, horiek usukapioa ren ondorioz bakarrik preskribatzen dira, usukapioa akzio errealekin bateraezina den neurrian.

40. legea Preskripzioa geldiaraztea Hogei edo hogeita hamar urteko preskripzioa geldiarazten da demandatuari demanda jakinarazten zaionean; berrogei urtekoa, demandatuak demandari erantzuten dionean. Bestelako epea ezarri bada akzioa egikaritzeko, ulertu behar da akzio hori egikaritu dela, demanda edo legez horren parekoa den prozesu-egintza jarri denean.

Era berean, hogei urtetik beherako epeen preskripzioa geldiaraziko da, zordunari epaiketatik kanpo egindako erreklamazioaren ondorioz. Zordunak zorra aitortzen badu, modu inplizituan bada ere, horrek preskripzioa geldiarazten du beti.

41. legea Akzio preskribaezinak Preskribaezinak dira:

1. Egoera zibilari buruzko akzioak, horiek egikaritzeko eperik ezarri ez denean.

2. Jaraunsle-izaera deklaratzeko akzioa.

3. Erkide eta jaraunskideei dagozkien zatiketa-akzioak eta mugaketa-akzioak, betiere, eragindako ondasunen gaineko preskripzio eskuratzaileari kalterik egin gabe.

I. LIBURUA PERTSONAK ETA FAMILIA

I. TITULUA PERTSONA JURIDIKOAK

42. legea Foru Diputazioa Nafarroako Foru Diputazioa Zuzenbide publikoko pertsona juridiko oso eta autonomoa da, eta nortasun juridikoa eman edo aitor diezaieke, korporazio, elkarte nahiz fundazio gisa, Nafarroan dauden orotariko erakunde eta zerbitzuei, Diputazioak berak horiek eratu edo aitortu baditu.

43. legea Pertsona juridikoak Zenbait erakundek nortasun juridikoa dute, legeak hori aitortzen duelako; horiez gain, halako nortasuna dute, antzinako ohituraren ondorioz:

1. Kontzejuek, Nafarroako udal, barruti, haran, zendea eta almiradioak osatzen dituztenek.

2. Baztango Haran eta Unibertsitate nobleak, eta Erronkari eta Zaraitzuko haranetako Batzarreek ere, horiek osatzen dituzten udalen nortasun juridikoari kalterik egin gabe. Korporaziook beti jardunen dute, euren ordenantzek zer ezarri eta horrekin bat etorriz.

3. Errege Bardeako Batzarreak, beren ordenantzek eraenduta.

4. Santutegi, baseliza, kofradia eta horien antzeko erakundeen batzarreek edo «mere legos patronatuek», zuzenbide kanonikoak horiei ematen dien izaerari kalterik egin gabe.

5. Baserritarren kutxek, ermandadeek eta gizarte-nekazaritzako elkartzeek, legez debekaturik ez badaude.

6. Fundazio pribatuek, hurrengo legearekin bat etorriz eratu badira.

44. legea Fundazioak Inter vivos edo mortis causa egintzen bitartez, Nafarroan edonork era ditzake, Administrazioaren onespenik gabe, karitate- fundazioak, sustapen-fundazioak edota ageriko beste gizarte-interesen bat duten fundazioak; horretarako, eratzaileak adierazi behar du fundazioari nortasun juridikoa emateko borondatea duela, horren xedea zehaztu eta horri ondarea esleitzeko unean; ondare hori orotariko ondasun edo eskubideez osaturik egon daiteke.

Inter vivos egintzaren bidezko fundazioa eskritura publikoan eratu behar da; eskritura horretan estatutuak agerrarazi behar dira, eta, horietan, Patronatuaren izendapen, berriztatze, jardunbide eta aginpideak zehaztu behar dira.

Mortis causa egintzaren bidezko fundazioetan, eratzaileak bere kabuz antola ditzake estatutuak edo, bestela, horien antolaketa, osorik edo zati batez, lehenengo Patronatuaren edo beste inoren ardurapean utz dezake. Era berean, eratzaileak ondasunez zuzki dezake fundazioa, dela eratze egintzan bertan, dela egintza bananduan, dela ondasunak esleitzeko ardura beste pertsona batzuei eskuordetuz, titulu unibertsalaren nahiz banakako tituluaren bidez.

45. legea Araubidea Eratzailearen borondateak eraenduko du fundazioa; borondate hori eraketa- egintzan bertan eta estatutuetan adierazi behar da; eta, konpilazio honetako II. liburuan jasotako xedapenak erabiliko dira, borondate horrek arautzen ez dituen kontuak ordezteko eta horren interpretazioa integratzeko.

46. legea Patronatuaren ahalmenak Estatutuetan bestelakorik xedatu ezean, Patronatuari dagozkio, bete-betean eta inolako mugapenik gabe, ondoko ahalmenak:

1. Fundazioaren ondarea administratu eta xedatzekoak.

2. Eratzailearen borondatea interpretatzekoa.

3. Ondasunekin inbertsioak egin, horiek diru bihurtu, transformatu edo gordailupean jartzekoak, bai eta ondasunak fundazioaren xedeetarako erabiltzekoa ere.

4. Aurrekontuak egin, eta bere kabuz eta eragingarritasun osoz kontuak onestekoak.

Fundazioak borondate pribatuaren bidez eratzen direnean, eratzaileak Administrazioaren esku-hartzetik kanpo utz dezake fundazioa. Dena den, nor baitek hala eskatuz gero, Fiskaltzak fundazioaren kudeaketa ikuska dezake, eta akzio egokiak eragin eta egikari ditzake.

47. legea Lehengoratzea Eraketa-egintzak edo estatutuek ondasunen lehengoratzea ezar dezakete, eratzailearen jaraunsle edo pertsona jakin batzuen mesederako, pertsona horiek eratzailearen ahaide izan zein ez, betiere, 224. legean ezarritako mugarekin.

Azkentzea Fundazioa azkentzen denean, ez badago zehazturik zein xede izan behar duten horren ondasunek, Nafarroako Foru Komunitateak eskuratuko ditu ondasunok, eta horiek erabiliko ditu, eratzaileak ezarritako xedeen antzekoak iristeko.

II. TITULUA NORTASUN JURIDIKORIK GABEKO ERAKUNDE ETA SUBJEKTU KOLEKTIBOAK

48. legea Etxea Etxea ez da pertsona juridikoa, baina izen berezia du, eta eskubide eta betebeharren subjektu da auzotartasun-harremanetan, zerbitzu-egiteetan, herri-aprobetxamenduetan, finken identifikazio eta mugaketetan, eta tokiko ohitura eta usadioek ezarritako bestelako harremanetan ere.

Etxeko jaun-andreei dagozkie etxea gobernatzea, horren batasunari eustea, eta etxearen ondarea eta izena iraunarazi eta defendatzea.

49. legea Nortasunik gabeko sozietate eta elkartzeak Sozietate edo elkartzeek, horiei nortasuna aitortu ez bazaie ere, zuzenbideko subjektu gisa jardun dezakete, pertsona jakin batzuen bitartez, horiei esanbidez edo isilbidez ordezkaritza eman dien neurrian.

Subjektu kolektiboek eskubideak eskuratzen badituzte, eskubide horien titulartasuna kide guztiei batera dagokiela ulertuko da, eta kideon ahobatekotasuna nahitaezkoa izanen da, halako eskubideak xedatzeko. Subjektu kolektiboek betebeharrak hartzen badituzte, betebeharron gain subjektuon kide guztiek izanen dute erantzukizun solidarioa.

III. TITULUA NORBANAKOEN GAITASUNA

50. legea Gaitasuna Gaitasun osoa adin nagusitasunarekin eskuratzen da, hemezortzi urte betetakoan.

Adingabe puberrek gaitasuna izanen dute konpilazio honetan zehazturiko egintzak gauzatzeko. Pubertzat hartuko dira hamalau urtekoak baino nagusiagoak direnak, horiek sexu batekoak zein bestekoak izan.

Puber emantzipatugabeek euren kabuz onar ditzakete orotariko eskuzabaltasunak, horiekin ez badute inolako betebeharrik hartzen, nahiz eta eskuzabaltasunaren objektu diren ondasunen gainean mugapen edo debekuak izan.

51. legea Ordezkapena Pertsona gai orok ahaldunaren bidez burutu ahal ditu berak bere kabuz burutu ahal izanen lituzkeen egintza guztiak, eta konpilazio honetan ezarritako mugapenak baino ez ditu izanen.

52. legea Ezeztakortasuna Ahalmen-emaileak askatasunez ezezta dezake ordezkaritza-ahalordea, salbu eta ahalordea izaera ezeztaezinaz eman denean ahaldunaren legebidezko interesaren ondorioz, edota, ahaldunaren eta ahalmen-emailearen artean kontratuzko harremanak izanik, harremanok ezeztaezintasuna justifikatzen dutenean.

IV. TITULUA EZKONTIDEEN GAITASUNA

53. legea Gaitasuna Ezkontzako itunetan hitzarturikoa eta konpilazio honetan bereziki xedatu rikoa salbu, ezkontide bakoitzak bere kabuz egikari eta defenda ditzake eskubideak, eta bere izenean edo inoren izenean gauza ditzake epaiketako nahiz epaiketatik kanpoko administrazio-, xedatze- eta ordezkaritza-egintzak ere.

54. legea Etxeko ahala Ezkontideetatik edozeinek bere kabuz ondasun erkideak xeda ditzake, eta ezkontzako sozietatea behartu dezake, presako nahiz aparteko gastuei aurre egitera eta familiaren ohiko beharrizanak asetzera, familiaren inguruabarrekin eta tokiko usadioarekin bat etorriz, eta bidezkoak diren itzulketei kalterik egin gabe.

Ondasunen gain eragina izatea Ezkontide batek bakarrik, borondatez onarturiko betebeharrak betetzeko, zenbait egintza burutzen baditu, egintzon gaineko erantzukizunak eragina izanen du betebeharpekoaren ondasun pribatiboetan bakarrik, salbu eta horiek beste ezkontidearen adostasunarekin hartu direnean; kasu horretan, erantzukizunak eragina izanen du ezkontzako sozietatearen ondasunetan ere, 85. legean xedaturikoari kalterik egin gabe.

Ezkontide batek bakarrik, egikaritza barkaezina duten legezko betebeharrak betetzeko, betebeharrak hartu baditu, betebeharroi aurre eginen zaie, modu solidarioan, betebeharra hartu duen ezkontidearen eta ezkontzako sozietatearen ondasunekin, eta, modu subsidiarioan, beste ezkontidearen on dasunekin, bidezkoak diren itzulketei kalterik egin gabe.

55. legea Etxebizitza eta ostilamendua Bi ezkontideen adostasuna edo, halakorik izan ezean, epailearen baimena izan behar da, ezkontideen ohiko etxebizitzaren edo bertako altzarien gaineko eskubideak inter vivos xedatzeko edo horiek erabilera erkidetik kanpo uzteko, nahiz eta halakoak ezkontide baten ondasun pribatiboak izan.

Ezkontide titularrak erruz edo faltsukeriaz adierazten badu etxebizitza ez dela ohikoa, horrek ez die kalterik eginen hirugarren onustedunei.

56. legea Erkidego unibertsala eta ondasunen banantzea Erkidego unibertsalari eta ondasunen banantze-eraentzari buruz, 101 eta 103. legeetan xedaturikoa bete beharko da, hurrenez hurren.

57. legea Mortis causa xedapena Mortis causa egintzen bidez, ezkontide bakoitzak xeda ditzake bere ondasun pribatiboak, bai eta ezkontzako sozietatea desegitean konkista-ondasunetik dagokion zatia ere.

Konkista-ondasun zehatzak xedatzen direnean, 251. legeak legatuari buruz ezarritakoa bete beharko da.

58. legea Gaikuntza judiziala Ezkontideetatik edozeinek, egintza jakin batzuk gauzatzeko, itun edo legearen ondorioz, bestearen adostasuna behar badu, hori epaileak ordeztu ahal izanen du; epaileak, eskaera oinarriduna egiten bazaio, ordezpen hori bidezkoa den ebatzi beharko du informazio laburra jaso ondoren eta bi ezkontideak zitatuta.

59. legea Berrespena Ezkontide batek, besteak eman beharreko adostasunik gabe, egintzak gauzatzen baditu, azken horrek edo beraren jaraunsleek egintzok berretsi ahal izanen dituzte, eta baliozkoak izanen dira, hark edo horiek ez badituzte aurkaratzen lau urteko epean, ezkontzaren desegitea edo legezko banantzea gertatu den egunetik zenbatuta.

60. legea Adostasuna Senarrak eta emazteak adostasuna eman diezaiokete elkarri, egintza jakin bat edo batzuk gauzatzeko, edo orokorrean. Egintzaren bat burutzen bada adostasun hori aurreraturik emateko, egintza hori ezeztakorra izanen da, ezkontzako itunetan eman denean izan ezik.

Ezkontideek ahalordeak eman ditzakete, batak bestearen mesederako edo bi-biek elkarren mesederako, eurek egoki deritzeten ahalmenekin, egintza jakin bat edo batzuk gauzatzeko, edo orokorrean. Ahalorde horiek ezeztakorrak izanen dira beti.

61. legea Fidantza ematea Ezkontideetatik edozeinek fidantza eman, bestelako betebeharra bere gain har edo berme erreala eman dezake, beste ezkontidearen edo hirugarrenen mesederako.

Ezkontide batek bakarrik berme horiek ematen baditu hirugarrenen mesederako, bermeok ezkontide horren ondasun pribatiboetan bakarrik izanen dute eragina. Bi ezkontideek ematen dituztenean bermeak, bermeok ondasun pribatiboetan eta ondasun erkideetan izanen dute eragina.

62. legea Kode Zibila osagarri moduan aplikatzea Ezkontideen absentzia, ezgaitasun, zarrastelkeria edo legezko banantzearen kasuetan, Kode Zibilaren xedapenak aplikatuko dira.

Bikote egonkorreko kideak eta ezkondutako bikoteetako kideak egoera berean egonen dira gai hauekin lotutako akzioez baliatzeari dagokionez: ezgaitzea, absentzi deklarazioa eta zarrasteltasun deklarazioa*.

* Uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzkoak, lerrokada hori gaineratu du; dena den, konstituzioaurkakotasun-errekurtsoa jarri da lege horren aurka.

V. TITULUA GURASO-AHALA ETA SEME-ALABATASUNA

63. legea Titulartasuna eta edukia Guraso-ahala aitari eta amari batera dagokie, nola seme-alaba adingabeko emantzipatugabeen gain, hala seme-alaba ezgaituen gain, eta ahal horrek bere barruan hartzen ditu ondoko eginbehar eta ahalmenak:

1. Seme-alabak jagotea, eurokin izatea, mantenua ematea, seme-alabok heztea, zentzuz eta neurriz zuzentzea, eta heziketa egokia ematea.

2. Seme-alabei dagozkien egintzetan, eurak ordezkatzea, euren kabuz ezin dituztenean legearen aginduz halako egintzak gauzatu, salbu eta egintzok gurasoen administraziotik kanpo dauden ondasunei buruzkoak direnean, betiere, 64. legeak xedatutakoari kalterik egin gabe.

3. Seme-alaben ondasunak administratu eta xedatzea, 65. legeak ezarritako baldintzetan, eta horien gaineko gozamena izatea, jasotako fruituak ondasunen jabe diren seme-alaben eta familiaren interesaren arabera erabiliz, familia mantentzen lagundu behar baitute proportzio egokian.

Era berean, gurasoei dagokie ernalduta baina jaio gabe dauden seme-alaben interes eta igurikimenak defendatzea, bai eta ernaldu gabe daudenenak ere.

Seme-alabek, bestalde, gurasoen esanak egin behar dituzte, horien ahalpean dauden bitartean; haiek errespetatu behar dituzte beti, eta familia mantentzen lagundu behar dute horrekin bizi diren bitartean.

Egikaritza Aitak eta amak bete behar dituzte, hitzartutakoaren arabera, guraso-ahalari datxezkion eginkizunak, eta, itunik izan ezean, bi-biek batera.

Baliozkoak izanen dira, hala ere, horietatik edozeinek bere kabuz gauzaturiko egintzak, horiek egin badira seme-alaben ohiko beharrizanak asetzeko, familiaren inguruabarren eta tokiko usadioaren arabera, edo presako konponbidea behar duten egoeretan.

Guraso baten absentzia- edo ezgaiketa- adierazpena ematen denean, besteak egikarituko du guraso-ahala; guraso baten ezintasun kasuan, besteak epaileari eska diezaioke guraso-ahalaren egikaritza esklusiboa berari eratxikitzeko.

Desadostasuna izanez gero, Ahaide Nagusiek, bi gurasoek batera hala eskatuta, eta epaileak, gurasoetatik edozeinek hala eskatuta, desadostasun hori konponduko dute, interesdunei entzun eta berradiskidetze ahaleginak egin eta gero; beren erabakimenaren menpe jarritako kasu zehatzean, aitari edo amari eratxikiko diote erabakitzeko ahalmena, ondoren errekurtsoa jartzeko aukerarik izan gabe. Inguruabarren arabera komenigarri denean, epaileak haien artean banatu ahal izanen ditu guraso- ahalaren eginkizunak edo bietatik bati eratxiki bi urtetik gorakoa ez den eperako.

64. legea Defendatzaile judiziala Gurasoen eta euren ahalpeko seme- -alaben interesak elkarren aurkakoak direnean, beharrezkoa izanen da defendatzaile judizialaren esku-hartzea. Interesen arteko aurkakotasuna guraso bati begira bakarrik gertatzen bada, besteari dagokio seme edo alabaren ordezkaritza, izendapen judizialaren beharrik izan gabe.

Epaileak defendatzailea izendatuko du, berak zehazturiko ahalmenekin, tutoretzaren egikaritza izan dezaketen pertsonen artetik, halakoak badira.

Defendatzaile judizialaren esku- -hartzea ez da beharrezkoa izanen, interesak elkarren aurkakoak izan arren, ezkontzako itunak edo jaraunsle-izendapenak egiten direnean, ezta dohaintza- emaileen eta dohaintza-hartzaileen arteko elkarbizitza-itunarekin dohaintzak egiten direnean ere.

65. legea Administrazioa Gurasoek euren ahalpeko seme-alaben ondasunak administratuko dituzte, ondokoak izan ezik:

1. Eskuzabaltasunaren objektu diren ondasunak, horren emaileak gurasoen administrazioa baztertu badu. Era berean, egileak gurasoen gozamena bazter dezake, eta bere ustez halako ondasunak administratu eta xedatzeko egoki den araubidea ezar dezake, bai eta epailearen baimenaren eta defendatzaile judizialaren esku-hartzearen beharrak baztertu ere.

2. Mortis causa eskuratutako ondasunak, baldin eta aitak, amak edo bi-biek ezin badituzte horiek eskuratu, ezduintasunaren ondoriozko ezgaitasunarengatik. Ondasun horiek beste gurasoak administratuko ditu eta, horrelakorik izan ezean, epaiketa bidez izendaturiko administratzaileak.

Gurasoen administrazioak arriskuan jartzen badu seme edo alabaren ondarea, epaileak galda diezaieke, alderdi interesdunak edo Fiskaltzak hala eskatuta, gurasoek berme egokia eman dezaten, edo ondasunen segurtasunerako beste neurri batzuk ere har ditzake; halaber, gurasoei administrazioa kendu ahal die eta administratzailea izendatu.

Administrazioa bukatzean, seme-alabek, epai administratzaileak edo Fiskaltzak gurasoei eska diezaiekete administrazio horren kontuak emateko, eta, bidezkoa denean, kalte eta galeren ordaina emateko. Horretarako akzioa hiru urte igarotakoan preskribatzen da.

Xedapena Gurasoek ezin diezaiekete ukorik egin seme-alaben titulartasunpeko eskubideei, eta, era berean, ezin dituzte besterendu edo kargatu ondasun higiezinak, industria nahiz merkataritzako establezimenduak, horien oinarrizko osagaiak eta aparteko baliodun objektuak, non eta aldez aurretik epaileak, Fiskaltzari entzun eta gero, horretarako baimenik eman ez duen. Baimen hori ez da beharrezkoa izanen, kreditu bermatua kobratu ondoren, hipoteka edo beste berme erreal bat ezerezteko, le gezko nahiz borondatezko atzera-eskuratzeko eskubidea egikaritzeko, ezta nahitaez bete behar diren xedatze-egintzak gauzatzeko ere.

Gurasoek euren kabuz onar ditzakete seme-alaben mesederako dohainik egindako xedapen guztiak, epailearen baimenaren beharrik gabe; hori beharrezkoa izanen da, alabaina, halakoak arbuiatzeko.

Adingabeak hamasei urte bete baditu, eta agiri publikoan bere adostasuna eman badu, ez da beharrezkoa izanen aurreko bi lerrokadetan aipaturiko epailearen baimena.

66. legea Guraso-ahala azkentzea Seme-alaben gaineko ahala azkentzen da:

1. Semearen, alabaren edo bi gurasoen heriotzaren ondorioz edo horien heriotza-adierazpenaren ondorioz.

2. Seme edo alabaren emantzipazioaren ondorioz.

3. Seme edo alabaren gaineko adopzioaren ondorioz.

Berpiztea Seme edo alabaren heriotza-adierazpena egin eta hori adin nagusitasunera heldu baino lehen berragertzen bada, guraso-ahala besterik gabe berpiztuko da. Gurasoaren heriotza-adierazpena egin bada, eta, semea edo alaba oraindik adingabea dela, guraso hori berragertzen bada, guraso horrek ahala berreskuratuko du.

Adingabe emantzipatuaren gaitasuna Adingabe emantzipatuak bere kabuz gauza ditzake orotariko egintza edo kontratuak, bai eta epaiketan agertu ere, baina ezin du dirua maileguan hartu, ezta ondasun higiezinak, merkataritza nahiz industriako establezimenduak, horien oinarrizko osagaiak eta aparteko baliodun objektuak besterendu edo kargatu ere; egintza horiek gauzatzeko, eta ondasun horiei buruzko epaiketan edo mota horietako ondasunen gaineko epaiketan agertzeko, gurasoetatik edozeinen laguntza beharko du edo, hala behar denean, Ahaide Nagusiena nahiz kuradorearena.

Hamasei urtekoa baino nagusiagoa beregain bizi bada gurasoen adostasunarekin, emantzipatutzat hartuko da ondore guztietarako. Gurasoek adostasun hori ezezta dezakete, horretarako arrazoi zuzenik izanez gero.

Guraso-ahala kentzea Aitari edo amari guraso-ahala osorik zein zati batez kendu ahal zaio epai irmoaren bidez. Auzitegiek, seme edo alabaren onura eta intereserako, guraso- ahalaren berreskuraketa erabaki dezakete, baldin eta kentzea eragin duen arrazoia amaitu bada.

67. legea Guraso-ahal luzatua Seme-alaba adingabeak ezgaituak izan badira, horien gaineko guraso-ahala luzaturik geratuko da lege-aginduz, haiek adin nagusitasunera heltzean.

Birgaikuntza Guraso-ahala birgaituko da, lege- -aginduz ere, seme-alaba ezkongabeen gainean, adin nagusiko nahiz emantzipatu izan, horiek guraso bat bizirik dagoela ezgaituak izan badira. Ezgaiketa- -ebazpenean finkatuko da guraso-ahal horrek zein eduki eta muga dituen.

66. legeak aipaturiko arrazoiez gain, guraso-ahal luzatua azkenduko da ezgaiketaren amaiera dekretatzen denean, eta ezgaitua ezkontzen denean.

68. legea Seme-alabatasun motak Seme-alabatasuna naturaren araberakoa eta adopzio bidezkoa izan daiteke; halaber, lehena ezkontzakoa eta ezkontzaz kanpokoa izan daiteke.

Ezkontzako seme-alabatasunak eta ezkontzaz kanpokoak ondore berberak sortzen dituzte, konpilazio honetako legeek xedatutakoarekin bat etorriz.

Ezkontzako seme edo alabatzat hartzen dira:

1. Ezkontza egin denetik ehun eta laurogei egun igaro ondoren, eta ezkontza hori desegin denetik edo ezkontideak benetan banandu direnetik hirurehun egun igaro baino lehen jaio direnak.

2. Ezkontza egin, eta hurrengo ehun eta laurogei egunetan jaio direnak, senarrak ez badio aitatasunari ukorik egin agiri kautoan formalizaturiko adierazpenaren bidez, erditzearen berri izan zuenetik sei hilabeteko epean. Senarrak ezin dio aitatasunari uko eragingarririk egin, baldin eta aldez aurretik aitatasun hori esanbidez edo isilbidez aitortu badu.

3. Ezkontza desegin denetik edo ezkontideak benetan banandu direnetik hurrengo hirurehun egunetan jaio direnak, frogatzen baldin bada ernaldia ohikoa baino luzeagoa izan dela, banandutako ezkontideak berriro batu direla edota horiek ezkontzako seme edo alaba gisa inskribatzeko adostasuna eman dutela.

Erregistro Zibilari buruzko legerian xedaturikoari kalterik egin gabe, ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna guraso bakoitzarentzat zehazten da, horrek egindako aitorpenaren bidez edo epai irmoaren bitartez.

Gurasoen ezkontzaren aurretik jaiotako semea edo alaba ezkontzako seme edo alabatzat hartuko da gurasoak ezkondu direnetik, horren seme-alabatasuna, aitari eta amari begira, legez zehaztu bada.

Seme-alabatasunaren zehaztapena ez da eragingarria izanen, aldez aurretik ezarrita dagoen eta horren aurkakoa den beste seme-alabatasun bat baliogabetzen ez den bitartean.

69. legea Aitorpena Seme-alabatasuna aitor daiteke Erregistro Zibilaren arduradunari egindako adierazpenaren bidez edota testamentu nahiz beste agiri publiko baten bidez.

Gurasoek seme-alabatasuna aitor dezakete, biek batera edo bananduta. Bananduta eginez gero, horretan ezin izanen dute adierazi beste gurasoa nor den, hori aldez aurretik zehaztuta dagoenean izan ezik.

Subjektuak Aitorpena puber orok egin dezake; puberra adingabea bada edo ezgaiturik badago, beharrezkoa izanen da epailearen onespena, Fiskaltzak esan beharrekoa entzunda.

Adin nagusikoaren seme-alabatasuna aitortzeko, beharrezkoa izanen da horren esanbidezko edo isilbidezko adostasuna; adingabe edo ezgaituaren seme-alabatasuna aitortzeko, horren adostasunaren ordez ez da beste betekizun osagarririk gauzatu behar, baina haren legezko ordezkariak edo berak gaitasun osoa eskuratu edo berreskuratzean, aitorpena aurkara dezake, 70. legean ezarritako forman eta epeetan.

70. legea Seme-alabatasunari buruzko akzioak: xedapen orokorrak Aitatasuna eta amatasuna erreklamatu edo aurkaratu ahal izanen dira orotariko frogabideak erabiliz eta konpilazio honetako xedapenen arabera. Epaileak ez du demanda onartuko, horrekin batera ez bada aurkezten berorren oinarri diren egitateei buruzko froga-abiaburua.

Ezin da erreklamatu legez zehazturiko seme-alabatasunaren aurkako seme- alabatasunik, aldi berean hura aurkaratzen ez bada. Hala ere, ezin aurkara daiteke epai irmoaren bidez zehazturiko seme-alabatasuna.

Prozedura bitartean, epaileak bere ustez egoki diren neurriak hartuko ditu, demandaren gaia zein adingabe edo ezgaituren seme-alabatasuna izan, eta adingabe edo ezgaitu hori bera eta haren ondasunak babesteko.

Adingabe edo ezgaituari dagozkion akzioak horren legezko ordezkariak edo Fiskaltzak egikari ditzakete, batak zein besteak betiere.

Demandatzailea hildakoan, horren jaraunsleek ekin diezaiekete aurretiaz jarritako akzioei.

Aurkarapena: a) Amatasuna Jaiotzari buruzko inskripzioan agertzen den amatasuna auzibide zibilean aurkara daiteke, frogatzen baldin bada erditzea sinestarazi dela edo ustezko seme edo alaba eta benetan jaio dena pertsona berberak ez direla. Amatasunak bat egiten badu egoera-edukitzarekin, amatasun hori seme edo alabak eta emakumeak bakarrik aurkaratu ahal izanen dute zuzenean; horretarako, emakumeak ez du modu kontzientean eta borondatez parterik hartu behar izan, amatasunari edo horrek zehazturiko seme-alabatasunari buruzko inskripzioa faltsua izanik, faltsutasun hori eragin duten egitateetan. Amatasunarekin bat egiten duen egoera- edukitzarik ez badago, amatasun hori aurkaratu ahal izanen dute interes zilegi eta zuzenekoa dutenek ere.

b) Ezkontzaz kanpokoa Amaren senarraren aitatasuna aurkaratu ahal izanen du senar horrek, seme- alabatasuna Erregistro Zibilean inskribatu eta hurrengo urtebetean; baina, epe horren zenbaketa ez da hasiko senarrak jaiotzaren berri izan arte. Amaren senarra hiltzen bada, jaiotzaren berririk izan gabe edo horri buruzko inskripziorik egin gabe, haren jaraunsleek epe berean aurkara dezakete aitatasuna. Seme edo alabak berak ere aitatasuna aurkara dezake urtebeteko epean, gaitasun osoa eskuratu edo berreskuratzen duenetik edo, bestela, beraren jaiotza inskribatzen denetik, hori geroagokoa izanez gero.

c) Aitorpena Seme-alabatasuna aitortzean, adostasunaren inguruko akatsa izan bada, aitorleak hori aurkaratu ahal izanen du, akatsa desagertzen denetik urtebeteko epean; adingabe edo ezgaituak egindako aitorpena aurkaratu ahal izanen du, horretarako arrazoi zuzena izanik, adingabe edo ezgaitu horren legezko ordezkariak, eta aitortuak berak aukeran izanen du adin nagusitasunera heltzean edo gaitasuna berreskuratzean; horretarako, lau urteko epea izanen da, kasuan-kasuan akzioa egikari daitekeenetik zenbatuta. Era berean, ezkontzaz kanpoko seme-alabatasunari buruzko aitorpena aurkara dezakete horrekin kaltetu gertatu direnek, aitorpen hori inskribatzen denetik hurrengo lau urteetan.

71. legea Seme-alabatasuna aitortzeko akzioa: a) Ezkontzako seme-alabatasuna Aitak, amak eta semeak edo alabak edonoiz erreklama dezakete ezkontzako seme-alabatasuna, semearena edo alabarena. Egoera-edukitza izanez gero, akzioa egikari dezakete interes zilegi eta zuzenekoa duten hirugarrenek ere.

b) Ezkontzaz kanpoko seme-alabatasuna Ezkontzaz kanpoko seme-alabek akzioak egikari ditzakete, aitatasun edo amatasunari buruzko adierazpena lortzeko, ondoko kasuetan:

1. Ustezko ama eta aita elkarrekin ageri-agerian bizi izan direnean, ernalkuntza garaian.

2. Semeak edo alabak egoera-edukitza duenean, demandatuari begira.

3. Ustezko gurasoak adierazpena egin duenean.

4. Guraso eta seme-alaben arteko harremanei buruz, froga biologikoak daudenean.

5. Amatasunari dagokionez, erditzeari buruzko frogak daudenean.

Akzioa egikari dezakete ezkontzaz kanpoko seme edo alabaren ondorengoek ere, seme edo alaba hori hil bada, adingabea edo ezgaitua izanik.

Legitimazioa Aita edo ama hilda badago, haren jaraunsleen aurka egikaritu ahal izanen da epaiketan aitatasuna edo amatasuna deklaratzeko akzioa.

72. legea Gurasotasunaren edukia eta ondoreak Aitatasun edo amatasunak, behar bezala zehaztuz gero, guraso-ahala eratxikitzen die gurasoei, 63. legetik 67.erakoekin bat etorriz; seme edo alabari, abizenak, Erregistro Zibilari buruzko legeriarekin bat etorriz; eta horiei guztiei, konpilazio honetan aitortutako eskubide eta eginbeharrak

Aitatasuna edo amatasuna epaiketa bidez gurasoaren borondatearen aurka zehaztu bada, edota guraso hori kondenatzen duen epai penalaren bidez, orduan, guraso horrek ez du izanen guraso- ahalik, seme edo alabaren gaineko beste babes-eginkizunik, ezta lege-aginduzko eskubiderik ere, haren ondarearen gain edota horren mortis causa oinordetzaren gain. Eta seme edo alabari gurasoaren abizenak jarriko zaizkio, seme edo alabaren beraren edo horren legezko ordezkariaren borondatez bakarrik.

Aitak eta amak, nahiz eta gurasoahalaren titular izan ez edo horren egikaritza eduki ez, euren seme-alaba adingabe edo ezgaituak jagoteko betebeharra dute, bai eta horiei mantenua ematekoa ere.

Gurasoa, epailearen erabakiz, seme- alaba adingabe edo ezgaituekin batera bizi ez bada ere, guraso horrek seme-alabekin harremanak izan ditzake, epaileak onartu edo, hala denean, erabakitako baldintzetan.

VI. TITULUA ADOPZIOA ETA UMEORDETZEA

73. legea Adopzioa Edonork, gaitasuna izanez gero, adopzioa egin dezake, lege orokorrekin bat etorriz. Adopzioa formalizatu bada adopzio-hartzailearen bigarren edo geroagoko ezkontza bitartean, adopziopeko seme-alabei aplikatu behar zaie geroko ezkontzetan jaiotako seme-alabei buruz konpilazio honetan xedaturikoa. Norbait puberra baldin bada 50. legearekin bat etorriz, horrek adostasuna eman beharko du adoptatua izateko.

Adopzioaren ondoreak hori formalizatzeko eskrituran itundutakoak eta legeetan ezarritakoak izanen dira. Borondate pribatuak eta, halakorik izan ezean, konpilazio honetan ezarritakoak eraenduko ditu adoptatuaren eta adopzio- hartzailearen jarauntsi-eskubideak, eta bi-bion artean egindako oinordetza- itunak.

Seme-alabak adopzio osoaren bidez adoptatu badira, euren eskubideak eta aurreko ezkontzan izandako seme-alaben eskubideak berberak dira adopzio-hartzailea berriro ezkonduz gero.

Umeordetza Babes- edo ongintza-establezimenduek forma egokian pertsona batzuk beste batzuen eskuetan jartzen badituzte, eta lehen horiek umeordetzan hartu badira, orduan, eurak eta adopzio soil edo erdi osoaren bidez hartutakoak parekoak dira, baldin eta umeordetza- hartzailearen eta umeordearen arteko harremanek hamar urteko epean iraun badute eta, hori egitean, umeordetza- hartzaileak ez badu izan naturaren araberako edo adopzio osoaren bidezko seme edo alabarik.

74. legea Araubide osagarria Aurreko legeak eta konpilazio honetako beste legeek xedatzen ez dituzten kontuetan, Kode Zibilak edo lege bereziek ezarritakoa aplikatuko zaie adopzioari eta umeordetzari.

VII. TITULUA FAMILIAREN ONDASUN-ERAENTZARI BURUZKO OINARRIZKO PRINTZIPIOAK

75. legea Etxearen batasuna eta iraunarazpena Itunak edo borondatezko xedapenak, ohiturak eta legeak interpretatzeko, bete beharko da etxearen eta horren nekazaritza, abeltzaintza edo basoko ustiategien batasunari buruzko printzipioa, bai eta halakoak familiaren barruan iraunarazi eta artatzeari buruzkoa ere.

76. legea Ezkontideen arteko egintza juridikoak Ezkontideek euren artean egin ditzakete orotariko hizpaketa, kontratu eta dohaintzak.

Ezeztapena Ezkontideen edo ezkongaien artean egindako dohaintzak ezeztatu ahal izanen ditu ezkontide errugabeak, baldin eta dohaintza-hartzailea Kode Zibilaren 855. artikuluko jaraunsgabetze-arrazoietan sartu bada edo ezkontide horri banantze- edo dibortzio-arrazoietatik edozein egotzi ahal bazaio.

77. legea Aurreko ezkontzako seme-alaben eskubideak Bigarrenez edo gehiagogarrenez ezkondutakoek hizpaketa, xedapen edo ukoak egiten badituzte euren artean edo hirugarrenekin, halakoek ez diete kalterik eginen aurreko ezkontzan izandako seme-alaba edo ondorengoentzat konpilazio honek aitortzen dituen eskubideei.

VIII. TITULUA EZKONTZAKO ITUNAK

78. legea Denbora Ezkontzako itun edo kontratuak egin daitezke, ezkondu aurretik edo geroago. Ezkontza bitartean egiten badira, itunoi atzeraeraginezko ondoreak eratxiki dakizkieke ezkontzaren datatik aurrera, hirugarrenek eskuraturiko eskubideei kalterik egin gabe.

Eragingabetasuna Itunak eraginik gabe geratuko dira, ezkontzarik ez bada egiten. Ezkontzaren deuseztasunak haien eragingabetasuna dakar deuseztasuna adierazten duen epaia irmo denetik.

Gaitasuna Ezkontideek edo ezkontzeko gaitasuna duten ezkongaiek ezkontzako itunak egin ditzakete. Ezkontide batek edo ezkongai adingabe batek bestearen mesederako xedapenak egiten baditu, eta xedapen horiek ondasunak unean bertan eskualdatzea badakarte, 66. legean xedaturikoa bete beharko da.

79. legea Forma Ezkontzako itunak deusezak dira eskritura publikoan egin ez badira. Ezkontzako itunetan jasotzen badira hirugarrenek ezkontide baten mesederako edo ezkontideek euren artean egindako dohaintzak, horien objektu diren ondasunak deskribatu behar dira, eskrituran bertan edo, bestela, horri erantsitako errolda nahiz inbentarioan.

80. legea Edukia Ezkontzako itunetan askatasunez ezar daiteke familiako ondasunen gaineko eraentzetatik edozein, bai eta hurrengoak ordenatu ere:

1. Propter nuptias dohaintzak.

2. Ezkonsari eta zuzkiduren seinalamendu edo emateak.

3. Eskubideei egindako ukoak.

4. Ezkon-hitzezko dohaintzak, erresak eta ezkontideen arteko dohaintzak.

5. Oinordetza-itunak.

6. Fideltasun-gozamenari buruzko xedapenak.

7. Ezkontzaren ondoriozko beste edozein xedapen.

81. legea Aldarazpena Ezkontzako itunak edonoiz aldaraz daitezke, baldin eta 79. legeak ezarritako forma betetzen bada, eta ezkontideek edo ezkongaiek eta aldarazpena egiteko unean bizirik dauden beste egileek horretarako adostasuna ematen badute, aldarazpenak azken horiek eman edo jasotako ondasun edo eskubideetan eragina duen neurrian.

Ezkontide bat hil edo ezgaitu bada, ezkontzako itunak ezin izanen dira aldarazi. Jaraunsle-izendapen, dohaintza, ezkonsari edo zuzkiduren egilea ezgaitua izanez gero, horren adostasuna antolamendu juridikoaren arabera ordeztu edo osatuko da.

Lege honetan ezarritakoari begira, salbuespen gisa har daitezke esanbidezko itunaren ondorioz edo berez ezeztakorrak diren hizpaketak.

Ezkontideek oinordetza-itunak egiten badizkiote elkarri, ezkontideek eurek aldaraz edo ezezta ditzakete itun horiek, eta ez da beharrezkoa itunon gainerako egileen adostasuna.

IX. TITULUA EZKONTZAKO ONDASUN-ERAENTZA

I. KAPITULUA Konkisten gaineko ezkontza-sozietatea

82. legea Lege-eraentza osagarria Ezkontzako itunetan bestelako ondasun- eraentzarik ezarri ezean, konkistena beteko da, eta konpilazio honetako xedapenek eraenduko dituzte bereziki itundu ez diren kontuak.

Konkista-ondasunak Konkista-eraentzan, bi ezkontideenak dira:

1. Itun edo xedapen bidez, konkistetara bildutako ondasunak.

2. Ezkontza bitartean, ezkontideetatik edozeinek kostu bidez eta konkista- ondasunen kontura eskuraturiko ondasunak.

3. Kostu bidez eta banakako ondasunen kontura eskuratutako ondasunak, baldin eta ezkontideen erabakiz horiek konkista-ondasun badira, ondasunon truk emandako prezio, kontraprestazio edo eskubidearen izaera edozein izanda ere.

4. Ezkontza bitartean, ezkontideek euren lanaren bidez edo bestelako jardueraren bidez irabazitako ondasunak.

5. Ondasun erkideen nahiz ondasun pribatiboen fruitu eta etekinak.

6. Ezkontza bitartean egindako kontratuen ondorioz, maizterrari dagozkion eskubideak.

7. Hitzarmenezko edo legezko atzera- eskuratzeko eskubidea, aukera-eskubidea, jabetza lortzeko eskubidea, lehenespenez harpidetzeko eskubidea edota konkista-sozietateari dagozkion bestelako eskuratze-eskubideak erabilita eskuraturiko ondasunak.

8. Konkista-ondasunen akzesio edo gehikuntzak.

9. Hurrengo legearekin bat etorriz, pribatiboak ez diren beste ondasunak.

Presuntzioa Ondasunak konkistakoak direla uste da, horiek pribatiboak direla egiaztatzen ez den bitartean.

3 eta 7. zenbakietan ezarritakoa hala ulertuko da, kasuan-kasuan bidezkoak diren itzulketei kalterik egin gabe.

83. legea Ondasun pribatiboak Ezkontidearen ondasun pribatibo dira:

1. Itun edo xedapenen bidez konkistetatik baztertutakoak.

2. Ezkontzaren aurretik eta kostu bidezko tituluaren bitartez ezkontide bati datozkion ondasunak, nahiz eta ondasun horien eskuraketa ezkontza bitartean gertatu, edo ondasunon truk emandako prezioa zein kontraprestazioa beste ezkontidearen edo konkista- sozietatearen funtsekin osorik zein zati batez ordaindu.

Familia-etxebizitza edo -ostilamenduaren kasuan, eskuratutako ondasuna indibisoan dagokie konkista-sozietateari eta ezkontideari edo ezkontideei, eurek egindako ekarpenen balioen arabera.

3. Ezkondu aurretik edo ezkontza bitartean dohainik eskuraturikoak.

4. Erosketa, trukaketa, ordainean emate, salmenta edo transakzioaren bidez, eta ondasun pribatiboen gaineko beste edozein subrogazioren bidez eskuratutakoak.

5. Konkista-ondasunen kontura eskuratutakoak, baldin eta eskuratze-tituluan bi ezkontideek agerrarazi badute horietako bati ondasun pribatibo gisa egindako eratxikipena.

6. Hitzarmenezko edo legezko atzera- eskuratzeko eskubidea, aukera-eskubidea, jabetza lortzeko eskubidea, lehenespenez harpidetzeko eskubidea edota ezkontide bati dagozkion bestelako eskuratze- eskubideak erabilita eskuraturiko ondasunak.

7. Ondasun pribatiboen akzesio edo gehikuntzak.

8. Ezkontide bati dagozkion ondasun pribatiboetan egindako eraikinak, landaketa berriak eta bestelako hobekuntzak.

9. Ezkontideari berari edo horren ondasun pribatiboei eragindako kalte eta galeren ordaina.

10. Pertsonari datxezkion ondasunak eta ondare-eskubideak, eta inter vivos eskualdatu ezin direnak.

2, 6, 7 eta 8. zenbakietan ezarritakoa hala ulertuko da, kasuan-kasuan bidezkoak diren itzulketei kalterik egin gabe.

84. legea Zamak eta erantzukizuna 1. Konkista-sozietatearen ardurapeko eta erantzukizunpeko dira ondoko gastu eta betebeharrak:

1) Familia mantentzea; bi ezkontideen seme-alabak elikatu eta heztea, bai eta ezkontide batek aurreko ezkontza bitartean izandako seme-alabak elikatu eta heztea ere, ezkontide horrek ez baditu egin 105. legeak arauturiko ondasunen banaketa eta ematea.

2) Ondasun erkideak administratzeko gastu arruntak eta apartekoak.

3) Ezkontideen ondasun pribatiboak administratzeko gastu arruntak.

4) Ezkontide bakoitzaren negozioetan, ustiapen erregularrak dakartzan gastuak, eta horien lanbide, erti edo ogibidean aritzeak sortzen dituenak.

5) Hirugarrenen aurka bi ezkontideek familiaren probetxurako diren auziak dituztenean, edo auzia batek bakarrik duenean, auzi horietan sorturiko nahitaezko gastuak.

6) 54. legearekin bat etorriz, ezkontide batek bere gain hartutako betebeharrak.

7) Ezkontideek kontratuz kanpo hartutako betebeharrak, horiek konkista- sozietatearen intereserako edo horren onurarako sortu badira, ondasun erkideei buruzko administrazioaren eremuan.

2. Ondasun pribatiboen administrazioari lotuta, edo ezkontide zordunaren doloaren edo erru astunaren ondorioz, kontratuz kanpo harturiko betebeharrak sozietatearen erantzukizunpekoak izanen dira, baina ez horren ardurapekoak.

Bi ezkontideek edo ezkontide batek bestearen adostasunarekin hartutako betebeharrak konkista-sozietatearen erantzukizunpekoak dira, kasuan-kasuan bidezkoak diren itzulketei kalterik egin gabe.

85. legea Zama pribatiboak Ezkontide bakoitzaren ardurapekoak dira hurrengo gastu eta betebeharrak:

1. Ezkontide batek aurreko ezkontza bitartean izandako seme-alabak mantendu, elikatu eta heztea ondasunen banaketa eta ematea egin badira, hori bidezkoa izanik, 105. legearekin bat etorriz.

2. Ezkontide batek ezkontzaz kanpo izandako seme-alabak elikatu eta heztea.

3. Ezkontide batek bestearen adostasunik gabe hartutako betebeharrak, horiek 54 eta 84. legeekin bat etorriz konkista-sozietatearen ardurapekoak ez direnean.

4. Ezkontideetatik edozeinek jokoan galdu eta ordaindutakoa, edo jokoan galdu eta ordaintzen ez dena, legeak akzioa ematen badu jokoan irabazitakoa erreklamatzeko.

Ezkontide bakoitzak berak egindako zorrak ordainduko ditu bere ondare pribatiboarekin, eta hori nahiko ez bada, hartzekodunak konkista-ondasunen enbargoa eska dezake; hori berehala jakinaraziko zaio beste ezkontideari. Exekuzioa ondasun erkideen gain gauzatuz gero, ulertuko da ezkontide zordunak bere partaidetzaren kontura jaso duela ondasun horien balioa, hala bere ondasunekin horiek ordaintzen dituen unean, nola ezkontzako sozietatea likidatzeko unean. Hala ere, zordun ez den ezkontideak galda dezake, jakinarazpena jaso eta hurrengo bederatzi egunetan, enbargopeko ondasun erkideen ordez konkista- -sozietatetik ezkontide zordunari dagokion zatia jartzeko; kasu horretan, enbargoak konkista-sozietatearen desegite eta likidazioa eraginen ditu, eta ondasunen banantze-eraentza aplikatuko da, 103. legeak agindutakoaren arabera.

86. legea Administrazioa eta xedapena Ezkontzako itunetan edo eskritura publikoan hitzarturikoak eraendu ditu konkista-ondasunak administratu eta xedatzeari buruzko kontuak. Ezer hitzartu ezean, bi ezkontideei batera dagozkie halakoak, jarraiko idatz-zatietan ezarritakoari kalterik egin gabe:

1. Ezkontide batek ezintasunen bat badu eta, horren ondorioz, ezin badu adostasunik eman, konkista-ondasunak administratu edo xedatzeko egintza bati edo batzuei begira, edota hori egiteari ezezkoa ematen badio arrazoirik gabe, orduan, epaileak erabakiko du

2. Ezkontide batek bere kabuz egin ditzake konkista-sozietatearen ondasun edo eskubideen gaineko administrazio- egintzak eta izaera bereko diruaren edo balore-tituluen gaineko xedatze- egintzak, baldin eta horiek beraren eskuetan edo izenean badaude, eta berarentzat eraturiko kreditu-eskubideak egikari ditzake; hori hala da, kasuan-kasuan egin beharreko itzulketei kalterik egin gabe.

3. Bi ezkontideak adingabeak badira, horien gurasoen laguntza edo, hala behar denean, Ahaide Nagusiena edo kuradorearena beharrezkoa izanen da, ondasun higiezinak, merkataritzako nahiz industriako establezimenduak, horien oinarrizko osagaiak edo aparteko baliodun objektu erkideak besterendu edota kargatzeko.

Aurreko lerrokadak aipatzen duen laguntza ez da beharrezkoa izanen ezkontide bat bakarrik adingabea denean; halakoetan, nahiko da bi ezkontideen adostasuna.

4. Administrazio eta xedapena ezkontide bati eskualdatuko zaizkio lege- aginduz, hori beste ezkontidearen tutorea edo legezko ordezkaria denean.

5. Ezkontideen adostasuna ezin izanen da ordeztu konkista-ondasunak dohainik besterendu edo kargatzeko. Hala ere, bi ezkontideek euren kabuz egin ditzakete dohaintza neurrizkoak, familiaren mailarekin eta gizarte usadioekin bat etorriz.

87. legea Desegitea Konkisten gaineko ezkontza-sozietatea desegiteko arrazoi dira:

1. Ezkontzako itunetan ezarritakoak

2. Bi ezkontideen arteko adostasuna; baina, aldez aurretik ezkontzako itunak egin badituzte, 81. legean ezarritakoa bete beharko da.

3. Ezkontza desegitea edo ezkontideetako bat hiltzea, salbu eta, azken kasu horretan, ezkontzako itunetan hizpatu denean sozietatearen iraupena luzatzea.

4. Ezkontzaren deuseztasunari buruzko adierazpena eta ezkontideen banantzea dekretatzen duten epai-ebazpen guztiak.

5. Ezkontide batek hala eskatuta, hori dekretatzen duen epai-ebazpena, hurrengo kasuetan:

a) Beste ezkontidea epai bidez ezgaitua izan denean, edo horren inguruan absentziari, porrotari zein hartzekodunen konkurtsoari buruzko adierazpena eman denean.

b) Beste ezkontideak bere kabuz zenbait egintza burutzea eta egintza horiek desegitea eskatu duen ezkontideari iruzur, kalte edo arriskua ekartzea, konkista- sozietatean dagozkion eskubideetan.

c) Ezkontideak egitez urtebete baino gehiago banandurik daudenean, elkarren arteko adostasunarekin edo ezkontide batek etxea bertan behera uzteagatik.

d) Konkista-ondasunen gainean enbargoa dekretatu denean beste ezkontidearen betebehar pertsonalen ondorioz, 85. legearen azken lerrokadak araututakoarekin bat etorriz. Zenbaki honetara bildutako kasu guztietan, desegite- arrazoiari buruzko auzia sortzen bada, behin horren izapidetza hasi eta gero, epaileak inbentarioa egiteko aginduko du, eta neurri egokiak hartuko ditu konkista- sozietatearen ondasunak administratzeko; halaber, epailearen baimena beharrezkoa izanen da, administrazio arrunta gainditzen duten egintzak gauzatzeko.

88. legea Arrazoirik gabeko irabaziak itzultzea Edozein kasutan, konkista-sozietatea desegin ez bada ere, ondare pribatiboaren eta konkista-ondarearen artean itzulketak egin beharko dira, ondare baten mesederako eta bestearen kalterako irabaziak gertatu badira inolako arrazoirik gabe.

Itzulketen zenbatekoa eguneratu beharko da, horiek egiten diren uneari begira, hala ezkontzako sozietateak dirauen bitartean, nola berori likidatzean.

89. legea Likidazioa Behin sozietatea desegin eta gero, horren likidazioa egin beharko da, eta likidazioari hasiera emanen zaio, aktibo eta pasiboaren inbentarioa eginez. Inbentarioa ez da beharrezkoa izanen, interesdun guztiek onartu badute alargunak berari dagokion gozamena delaeta egin duena.

Aktiboa Aktiboak bere barruan hartuko ditu desegite-unean diren konkista-ondasun guztiak, bai eta sozietateak ezkontideen aurka dituen kredituak ere.

Pasiboa Pasiboak bere barruan hartuko ditu, sozietatearen ardurapekoak izanik, ordaindu gabe dauden betebeharrak, ezkontideek sozietatearen aurka dituzten kredituen ondoriozkoak barne.

Ordainketa Behin inbentarioa amaitu eta gero, sozietatearen zorrak ordainduko dira, horrek ezkontideekin dituenak barne, kredituen pilaketa eta hurrenkerari buruzko xedapenekin bat etorriz.

Sozietatearen hartzekodunek horren likidazioan izanen dituzte jarauntsia likidatu eta banatzean legez dagozkien eskubide berberak.

Mantenua Ondasunen masa erkidetik mantenua emanen zaie ezkontideei edo, hala denean, alargun eta seme-alabei, masa horren hartzekoa osatzen duten ondasunak eman arte. Emandako mantenuak hartzekoaren fruitu eta etekinetatik kenduko dira; azken horiek baino gehiago izanez gero, hartzekotik bertatik ere kenduko dira.

90. legea Zatiketa Konkista-ondasunen gerakin likidoa zatituko da ezkontideek itundutako proportzioan edo, ezer itundu ezean, senarraren eta emaztearen edo horien jaraunsleen artean erdibana.

Abantaila-eskubideak Hobetzeko eskubidea edo abantaila dela bide, alargunaren jabetzapekoak izanen dira, konkistetatik berari dagokion zatian zenbatu gabe, jantziak eta norberak erabiltzeko bestelako tresnak, bai eta etxeko ostilamenduaren gainerako objektuak ere, horien balioa ez bada gehiegizkoa, familiaren mailarekin eta gizarte usadioekin bat etorriz. Era berean, abantaila gisa ere ken daitezke, ondare erkidearekin alderatuz gero, neurriz kanpoko baliorik ez duten lanabesak ere.

91. legea Lehenespeneko adjudikazioa Konkista-sozietatearen likidazioan, ezkontide bakoitzak eskubidea izanen du hurrengo ondasunak berari adjudikatzeko, bere hartzekoaren ordain gisa eta horren neurrian, betiere, ondasunok erkideak direnean:

1. Ezkontideetatik edozeinek konkista- sozietatera itun bidez erantsitako ondasun pribatiboak.

2. Etxeko ostilamendua osatzen duten objektu eta lanabesak, 90. legearekin bat etorriz horiek ezkontideari ez badagozkio abantaila-eskubidea dela bide.

3. Ezkontidearen ardurapeko ustiategia, hori nekazaritza, abeltzaintza, baso, merkataritza nahiz industriakoa izan.

4. Lanbide, erti edo ogibidean aritzeko, ezkontideak erabili izan duen lokala.

5. Beste ezkontidea hiltzen denean, ezkontideon ohiko bizilekua izan den etxebizitza.

1, 4 eta 5. zenbakietako kasuetan, alargunak galda dezake ondasunen jabetza osoa eratxikitzeko edo, bestela, horien gaineko erabiltze- edo biztantze- eskubidea bakarrik. Jabetzaren balioak edo kasuan kasuko eskubidearenak gainditzen badu ezkontide adjudikazio- hartzailearen hartzekoa, ezkontide horrek diruz ordaindu beharko du gaindikina. Norbait bigarrenez edo gehiagogarrenez ezkondu eta alargun gelditu bada, ezin izanen du erabiltze- edo biztantze-eskubiderik galdatu hildakoak aurreko ezkontza bitartean izandako seme-alaba edo ondorengoei adjudikatu zaizkien ondasunen gainean.

II. KAPITULUA Konkisten familia-sozietatea

92. legea Presuntzioa Ezkontzako itunetan, ondasunak dohaintzan emateaz gain edo jaraunslea izendatzeaz gain, dohaintza-emaile edo kausatzaileak eta dohaintza-hartzaile edo jaraunsleak elkarrekin biziko direla hitzartzen bada, uste izanen da horiek guztiek parte hartzen dutela ezkontza bitartean lorturiko konkistetan, salbu eta eskrituran bertan azaltzen direnean familia-sozietate horren aurkako itunak edo sozietate horrekin bateratu ezin direnak.

93. legea Araubidea Konkisten familia-sozietatea eraentzen dute itundutakoak eta ohiturak edo, halakorik izan ezean, kapitulu honetako xedapenek.

94. legea Ondasunak Familia-sozietatea osatzen duten pertsonen konkista-ondasunak eta ondasun pribatiboak zeintzuk diren zehazteko, 82 eta 83. legeek ezkontideei buruz xedaturikoa bete beharko da.

95. legea Zamak Konkisten familia-sozietateak dituen zamei dagokienez, 84. legean xedaturikoa aplikatuko zaie partaide guztiei.

96. legea Administrazioa Aurkako itunik izan ezean, konkista- ondasunen administrazioa dagokie dohaintza-emaile edo izendatzaile guztiei, edo horietatik bizirik daudenei.

Besterendu eta kargatzea Konkistapeko ondasun higiezinak, industria edo merkataritzako establezimenduak edota horien oinarrizko osagaiak besterendu nahiz kargatzeko, beharrezkoa da partaideen adostasuna.

97. legea Desegitea Konkisten familia-sozietatea desegiteko arrazoi dira:

1. Ezkontzako itunetan ezarritakoak.

2. Partaide guztien erabakia, itunak aldarazteko 81. legean agindutako formalitateekin hartu bada.

3. Ezkontzaren deuseztasunari buruzko adierazpena, itunak ezkontza horri begira egin badira.

Sozietate jarraitua 4. Ezkontide dohaintza-hartzaile edo izendatu baten heriotza, eta 87. legeko 5. zenbakian banantzeko ezarritako arrazoiak, arrazoiok haietan eragina dutenean, baldin eta dohaintza-emaile edo izendatzaileak ez badira beste ezkontidearekin bizi. Elkarbizitzarik dagoen ala ez zalantzan izanez gero, Ahaide Nagusiek erabakiko dute.

98. legea Dohaintza-emaileen heriotza Dohaintza-emaile edo izendatzaileetatik batzuk hil arren, familia-sozietateak indarrean dirau, aurkako itunik izan ezean, gainerako partaideen artean.

Dohaintza-emaile edo izendatzaile guztiak hilez gero, sozietateak indarrean dirau ezkontideen artean, eta titulu honetako lehenengo kapituluak eraenduko du sozietate hori.

Lege honetan xedaturikoak ez dio kalterik eginen kasuan-kasuan egin beharreko likidazio partzialari.

99. legea Zatiketa Konkista-ondasunen gerakin likidoa zatituko da itundutako proportzioan eta, ezer itundu ezean, sozietatearen partaideen artean, buruko bana.

100. legea Aplikazio osagarria Kapitulu honek arautzen ez dituen kontuetan, konkisten familia-sozietateari aplikatuko zaio aurreko kapituluan ezkontzako sozietateari buruz ezarritakoa.

III. KAPITULUA Ondasunen erkidego unibertsalari buruzko eraentza

101. legea Ondoreak Ezkontideek itun dezakete ondasunen erkidego unibertsalari buruzko eraentza, bai ezkontzaren aurretik bai ondoren egindako itunetan.

Itunik ezarri ezean, jarraiko erregelak aplikatuko dira:

1. Eraentza honen bidez erkide bihurtzen dira ezkontideen oraingo eta etorkizuneko ondasun guztiak, horiek eskuratzeko titulua edozein izanda ere, kostu bidezkoa nahiz dohainekoa, inter vivos zein mortis causa.

2. Erkidegoaren kontura ordainduko dira bi ezkontideek edo horietako batek hartutako zama eta betebehar guztiak, horiek ezkontzaren aurrekoak zein ondokoak izan.

3. Ondasun erkideak administratu eta xedatzeari dagokionez, 86. legean konkista-ondasunei buruz arauturikoa aplikatuko da.

4. Ezkontza desegitean, ondasun erkideen gerakin likidoa banatuko da, ezkontideek hitzarturiko proportzioan eta, ezer itundu ezean, senar eta emaztearen artean edo horien jaraunsleen artean, erdi bana.

5. Ezkontideek itundu ez dituzten kontuetan edo lege honek arautzen ez dituenetan, analogiaz aplikatuko dira konpilazio honetan konkista-eraentzari buruz ezarritako xedapenak, eraentza hori ondasunen erkidego unibertsalarenaren aurkakoa edo horrekin bateraezina ez den neurrian.

102. legea Inskripzioa Ezkontzako erkidegoaren ondasunak Jabetza Erregistroan inskribatuko dira, bi ezkontideen izenean batera. Ezkontide baten izenean bakarrik inskribaturik badaude, inguruabar hori bazterreko oharraren bidez agerrarazi ahal izanen da, aldez aurretik ezkontzako itunen eskritura aurkeztuz.

IV. KAPITULUA Ondasunen banantze-eraentza

103. legea Hitzarmenezko banantzea Ezkontideek ondasunen banantze- -eraentza itun dezakete, ezkontzaren aurretik zein horren ondoren egindako itunetan.

a) Kontzeptua Aurkako itunik izan ezean, eraentza horrek ezkontide bakoitzari aitortzen dio, hala ezkontzaren hasierako unean zituen ondasunen jabetza, nola gero edozein tituluren bidez eskuratzen dituenena; orobat, ondasun pribatiboak bere kabuz lupertu, administratu eta xedatzeko aukera ere bai, eta ezkontide horri eratxikitzen dio berorrek harturiko betebeharren gaineko erantzukizun esklusiboa; hala ere, ezkontide zordunaren konkurtsoa edo porrota gertatuz gero, ez zaie hartzekodunen akzioei kalterik eginen, hartzekodunei iruzur egin bazaie.

Hala ere, ezkontide batek betebeharrak hartzen baditu, familiak bere mailarekin eta tokiko usadioekin bat etorriz, izan ohi dituen beharrizanak asetzeko, eta ezkontide zordunaren ondarea nahiko ez bada, orduan, beste ezkontidearen ondasunek erantzukizun subsidiarioa izanen dute, kasuan-kasuan egin beharreko itzulketei kalterik egin gabe.

b) Familiaren zamei aurre egitea Familia mantentzeari eta horri laguntzeari dagokienez, itunetan hitzarturikoa bete beharko da; ezer hitzartu ezean, ezkontide batek besteari parte hartzeko galda diezaioke, horren dirusarreren arabera eta, diru-sarrerarik ez badu edo horiek nahiko ez badira, haren ondasunen arabera. Eskubide hori bere-berezko eta eskualdaezina da, baina kausatzaileak demanda jarri izan badu, jaraunsleek akzioaren egikaritzari eutsi ahal izanen diote.

Aurreko lerrokadan xedaturikoaren ondoreetarako, ezkontideetatik edozeinek familiaren etxean egindako lana zenbatu beharko da.

c) Jabekidetasuna Ondasun eta eskubideak, erdi bana eta indibisoan, bi ezkontideei dagozkiela uste izanen da, horiek pribatiboak direla egiaztatzen ez den bitartean.

104. legea Epaiketazko banantzea Banantzea epaiketa bidez dekreta daiteke, 87. legeko 5. zenbakian ezarritako arrazoien ondorioz, ezkontzako ondasun-eraentza edozein izanda ere.

Halako kasuetan, ezkontideen arteko ondasun-banantzeak ez dakar inolako eragozpenik, indarrean iraun dezan 97. legeko 4. zenbakian arauturiko konkisten familia-sozietateak.

Likidazioa konpilazio honetako erregelekin bat etorriz eginen da, kasuan kasuko eraentzaren arabera.

X. TITULUA BIGARRENEZ EDO GEHIAGOGARRENEZ EZKONDUTAKOEN ONDASUN-ERAENTZA

105. legea Aurreko ezkontza-sozietatearen likidazioa Bigarrenez edo gehiagogarrenez ezkondutako aitak edo amak ezkontzako sozietate deseginaren likidazioa egin behar du aurreko ezkontzako seme-alaba edo ondorengoekin batera, eta horiei formaz egoki eta eragin osoz eman behar dizkie eurei dagozkien ondasunak.

Defendatzaile judizialak ordezkatuko ditu seme-alaba adingabeko emantzipatugabeak.

106. legea Seme-alabek konkistetan parte hartzea Berriro ezkondu baino lehen, aitak edo amak ez badu betetzen aurreko lege horrek ezartzen dion betebeharra, likidazioa galdatu ahal izanen dute aurreko ezkontzako seme-alaba edo ondorengoek; likidazioa egiten ez den bitartean, seme-alaba edota ondorengook parte hartuko dute ezkontza berria bitartean lortutako konkisten herenean, baina galerak izanez gero, horiek ez dute seme- alaba horien gain eraginik izanen.

Lege honetan xedaturikoa bete beharko da, ezkontza berriaren ondasun-eraentza edozein izanda ere.

107. legea Salbuespena Aurreko legeetan xedaturikoa ez da aplikatuko honako kasu hauetan:

1. Ezkontide bat hiltzean, alarguna horren jaraunsle bakar eta unibertsala denean.

2. Ezkontzako sozietatea desegiteko unean, behar besteko ondasunik ez dagoenean, geroko ezkontza bitartean horiekin irabaziak lortu direla uste izateko. Bigarrenez ezkondutako ezkontideak notario-aktan edo adiskidetze-ekitaldian agerrarazi behar du halako ondasunik ez dagoela, interesdunei edo horien legebidezko ordezkariei jakinarazpena edo zitazioa eginez.

108. legea Partaidetzaren amaiera Behin likidazioa egin eta gero, aurreko ezkontzako seme-alaba edo ondorengoei formaz egoki eta eragin osoz eman bazaizkie eurei dagozkien ondasunak, horiek ez dute inongo partaidetzarik izanen, ezkontide berriek aurrerantzean lortutako konkisten gainean.

109. legea Konkista-sozietateen likidazioa egitea, aurreko beste ezkontza batzuetako ondorengoak daudela Konkisten ezkontza-sozietateari begira, aurreko beste ezkontza batzuetako seme-alaba edo ondorengoek interesa badute, banan-banan eta ondoz ondo eginen da konkista-sozietate bakoitzaren likidazioa.

Ezkontza bakoitzeko seme-alaba edo ondorengoei dagozkien hartzekoetara bilduko dira:

1. Geroko ezkontza egin aurretik, 105. legearekin bat etorriz horiei eman behar zitzaizkien ondasunak.

2. Hurrengo edo geroko ezkontzen konkistetan, 106. legearekin bat etorriz eurek duten partaidetza.

Lehenengo zenbakian zehazturiko hartzekoak kobratzeko, lehenespena dute ezkontzarik zaharreneko seme-alaba edo ondorengoek.

Bigarren zenbakiko hartzekoei dagokienez, lehenespenik gabe parte hartuko dute aurreko ezkontzetako seme-alaba edo ondorengo guztiek.

110. legea Banaketa Aurreko beste ezkontza batzuetako seme-alaba edo ondorengoak batera pilatzen badira, horiek ezkontide batenak nahiz bienak izan, konkisten herena buruko banatuko da seme-alaba horien artean; aurrez hildako seme edo alabaren ondorengoek ordezkapen-eskubidea izanen dute.

111. legea Konkisten familia-sozietatea Aurreko legeetan xedaturikoa aplikatuko zaio IX. tituluko II. kapituluanarauturiko konkisten familia-sozietateari.

XI. TITULUA «PROPTER NUPTIAS» DOHAINTZAK

112. legea Edukia Ezkontide baten edo bien mesederako egindako «propter nuptias» dohaintzak izan daitezke oraingo eta etorkizuneko ondasun guztien eskualdaketa, oraingo ondasunena bakarrik edo horietako batzuena, edota dohaintza-emailea hiltzean geratzen diren ondasunena; horien gaineko jabetza osoa eman daiteke edo gozamena erreserba daiteke; askatasunez xedatzeko aukerarekin ala mugapenak eta guzti eman daiteke; ezeztatzeko edo lehengoratzeko klausulen menpe egin daiteke; oinordetzarako deiak eta fideikomisorako deiak erabil daitezke; zuzkidurak seinala daitezke, mantenua emateko agindupean edo seme-alabek nahiz beste pertsona batzuek etxean bizitzeko duten eskubidearekin; edota bestelako baldintza zilegien menpe egin daiteke.

Era berean, «propter nuptias» dohaintzek euren barruan har ditzakete dohaintza-emaile eta dohaintza-hartzaileen arteko elkarbizitzaren ondorioz sorturiko familia-sozietatearen eraketa, zuzendaritza, administrazio, aldarazpen eta desegiteari, eta elkarbizitza hori hausteari buruzko itunak, ondasunen gaineko gozamen eta xedapenari buruzko itun eta hizpaketak, konkisten gaineko partaidetzak eta, orokorrean, bestelako itun zilegiak.

113. legea Epea eta forma «Propter nuptias» dohaintzak egin daitezke bai ezkontzaren aurretik bai ondoren, eta ezkontzako itunetan egin beharko dira edo halako itunetatik kanpo, betiere, eskritura publikoan; edozein kasutan, ondasunak deskribatu beharko dira eskrituran bertan edo, bestela, eskriturari erantsitako errolda nahiz inbentarioan.

114. legea Onarpena «Propter nuptias» dohaintzetan, nahitaezkoa da dohaintza-hartzailearen onarpena dohaintzaren eskrituran bertan edo bestelako eskritura bananduan.

Onarpena egin ahal izanen da, dohaintza- emailea bizirik dagoela edo hori hil ondotik.

Dohaintza-emaileak edo horren jaraunsleek dohaintza ezezta dezakete onarpenaren berririk ez badute, salbu eta, notario-aktaren bidez dohaintza-hartzaileari agindeia egin eta hori jasotzearekin batera, horrek onarpena ematen duenean.

115. legea Araubidea «Propter nuptias» dohaintzei hurrengo erregelak aplikatuko zaizkie:

1. Dohaintza-hartzaile unibertsala ondasunen oinordekoa da, jaraunsle gisa; baina ez du inolako erantzukizunik dohaintza-emaileek dohaintzaren ondorik egindako zorren gain, horiek etxearen onurarako direnean izan ezik.

2. Oraingo eta etorkizuneko ondasun guztien gaineko dohaintza unibertsalean, eta aurkako itunik izan ezean, uste izanen da dohaintza-hartzaileak etorkizunekoak eskuratzen dituela dohaintza- emailea hildakoan bakarrik.

3. Dohaintza unibertsalean, dohaintza- emaileek eurentzat erreserbatu badute ondasun edo kopuruak askatasunez xedatzeko ahalmena, hauxe uste izanen da:

a) xedapen askea inter vivos zein mortis causa egin daitekeela;

b) erreserba hori dohaintza-emaile guztientzat batera egin dela, eta dohaintza-emaile bat bakarrik badago bizirik, horrentzat oso-osorik;

c) dohaintza-emaile guztiak hiltzean erreserbapeko ondasunak xedatu gabe gelditzen badira, horiek dohaintza- hartzaileari dagozkiola dohaintzaren osagai gisa;

d) dohaintza-emaileek, dohaintza egitean, zorrak ezkutatu badituzte, zor horiek lehenespenez ordainduko direla dohaintza-emaile horiek eurentzat erreserbaturiko ondasunekin.

4. Norbaitek dohaintza egiten badu bera hiltzeko unean geratuko den horren gain, orduan, bere ondasunak kostu bidezko inter vivos egintzen bitartez bakarrik xedatu ahal izanen ditu.

5. Dohaintza-emaileek eurentzat erreserbatu badituzte gozamena eta administrazioa, uste izanen da, aurkako xedapenik izan ezean, erreserba dohaintza-emaile guztiontzat batera egin dela, eta dohaintza-emaile bat bakarrik badago bizirik, horrentzat oso-osorik.

6. Bestelako xedapenik izan ezean, dohaintza-hartzaileak dohaintza-emaileen lurperatze, hileta eta arimakariak ordenatu eta ordaindu beharko ditu, tokiko usadioarekin bat etorriz eta etxeari dagokionaren arabera.

7. Dohaintzaren bidez, dohaintza-hartzaileari etxean bizitzeko zama ezartzen bazaio, etxea bertan behera uzteak dohaintza- emaileei edo horietatik bizirik dagoenari ahalbidetzen die dohaintza ezeztatzea. Ezeztapen-eskritura egilesteko, aldez aurretik etxea bertan behera utzi dela egiaztatuko da, bai notarioak egindako nabaritasun-aktaren bidez, bai «ad perpetuam memoriam» informazioa erabiliz. Dohaintza-emaileak hil ondoren, norbaitek etxe-harrerapean hartua izateko eskubidea badu, 131 eta 132. legeetan xedatutakoa bete beharko da.

8. Etorkizuneko gizabanakoentzat egindako lehengoratzeetan eta fideikomisozko ordezpenetan, 224. legean xedaturikoa bete beharko da.

9. Edozein pertsonari egindako oinordetza- deiak dohaintza moduan hartuko dira, esanbidez hala agerrarazten denean. Gainerako kasuetan, deiok oinordetzarako deien balio hutsa izanen dute; hori dela eta, dei horiek ez dakarte inongo debekurik, ondasunak kostu bidez xedatzeko, eta oinordetzara deituak oinordeko izanen dira, baina dohaintza- emailea hiltzean geratzen diren ondasunetan bakarrik.

10. Dohaintza-emaileak ez badu behar beste ondasunik erreserbatzen berak eman beharreko ezkonsari edo zuzkidurei aurre egiteko, ulertuko da halakoak dohaintza-hartzailearen ardurapean geratzen direla, nahiz eta hori esanbidez adierazi ez. Dohaintza-emaileak ezin dio dohaintza-hartzaileari betebehar hori kendu, salbu eta onuradunak horri uko egiten dionean.

11. Dohaintzan emandako ondasunen administrazio eta zuzendaritzari buruz ez bada ezer itundu, ulertuko da horiek dagozkiela dohaintza-emaile guztiei edo horietatik bizirik dagoenari, betiere, horiek eurentzat gozamena erreserbatzen dutenean.

12. Dohaintza-emaileak eta dohaintza- hartzaileak etxean elkarrekin bizi badira, ondasunen gaineko luperketa dutenek mantenua zor diete besteei, etxearen ondasunekin eta ahalarekin bat etorriz, eta tokiko usadioaren arabera.

13. Dohaintza-hartzaile eta dohaintza- emaileen artean elkarbizitza-ituna egin bada, eta azken horiek eurentzat erreserbatu badute dohaintzan emandako ondasunen gozamena, horietatik inork ezin izanen du, gainerakoen adostasunik gabe, jabetza soila besterendu, horren gaineko luperketa laga, ezta horietako bakoitzari dagozkion eskubideak kargatu ere.

116. legea Xedapena Tituluan ez bada bestelakoa agindu, dohaintza-hartzaileak, dohaintza zein ezkontzari begira egin, eta ezkontza horretako seme-alabek, edota dohaintzan emandako ondasunak jarauntsiaren bidez eta ondoz ondo zein ondorengok jaso, eta horrek, ondasunok xedatu ahal izanen dituzte kostu bidez edozein kasutan; dohainik xedatu ahal izanen dituzte dohaintza-hartzaileak edo beraren ondorengoek, testamentua egiteko gaitasuna badute, bai eta horiek ere, ondorengorik izan ez arren.

Lehengoratzea Dohaintza-hartzaileak edo berorren ondorengoek ez badituzte baliozkotasunez eta aurreko lerrokadaren arabera xedatu dohaintzan jasotako ondasunak, dohaintza-emaileari lehengoratuko zaizkio haietatik azkena hiltzen denean. Ezkontide dohaintza-emaileen konkista-ondasunak izanez gero, lehengoratzea erdi bana gauzatuko da bi ezkontideen mesederako.

Dohaintza-emailea hiltzen bada, dohaintzan emandako ondasunak ahaiderik hurbilenei lehengoratuko zaizkie, lehengoratzea egiteko unean horiek dohaintza-emailearen legezko jaraunsleak badira.

Gozamena baztertzeko itunik egin ezean, lehengoratzea gauzatuko da, dohaintza- hartzailearen alargunarentzat eraturiko fideltasun-gozamenari kalterik egin gabe edo, dohaintza-emailea ezkontidearen aurretik hilez gero, ezkontideari legokiokeen gozamenari kalterik egin gabe; bi gozamenok aldi berean pilatuz gero, bigarren horrek izanen du lehenespena.

Lege honetan xedaturikoa hala ulertuko da, dohaintza-tituluan bestelakoa ezartzen ez denean, eta lehengoratzea ez da gertatuko, dohaintza-emaileak eskubide horri uko egiten dionean edo, legezko hurrenkeraren arabera, dohaintza- emailearen oinordeko izateko ahaiderik ez dagoenean.

117. legea Eragingabetasuna «Propter nuptias» dohaintzak eraginik gabe geratuko dira, gero ezkontza egiten ez bada edo ezkontzaren deuseztasun- adierazpena ematen bada.

118. legea Ezeztapena «Propter nuptias» dohaintzak ezezta daitezke:

1. Itundutako arrazoien ondorioz.

2. Dohaintza-hartzaileari ezarritako zamak ez betetzeagatik, zamok oinarrizkoak direnean; gainerako zamei dagokienez, dohaintza-emaileak horien betetzea galda dezake. Behin dohaintza-emailea hil eta gero, 162. legearen lehenengo lerrokadan xedaturikoa bete beharko da.

Ezeztatzeko ahalmena eskualdaezina da; baina dohaintza-emaileek demanda jartzen badute hil baino lehen, akzioaren egikaritzari euts diezaiokete ezeztapenak aurrera egitekotan ondasunetara deituko liratekeen pertsonek.

Dohaintza-emaile bat baino gehiago izanik, guztiek batera egiten badute dohaintza, horiek guztiek edo horietatik bizirik daudenek egin beharko dute ezeztapena; ezeztapenak ondasun guztiak hartuko ditu.

XII. TITULUA EZKONSARIA ETA ERRESAK

I. KAPITULUA Ezkonsaria

119. legea Kontzeptua Ezkonsaria osatzen dute emakumeak izaera horrekin eta forma egokian, ezkontzaren aurretik nahiz horren ondoren, ezkontzara ekartzen dituen ondasun guztiek.

120. legea Ezkonsariaren araubidea Ezkonsaria eraentzen du horren inguruan ezarri edo itundutakoak eta, ezer ezarri edo itundu ezean, hurrengo erregelek:

1. Senarrak ezkonsariaren gaineko jabetza eskuratuko du, hori diruz edo gauza kontsumikorrez osaturik dagoenean. Gainerako ondasunei dagokienez, balioesteak berez ez dakar senarrak ondasunon gaineko jabetza eskuratzerik.

2. Ezkonsariko ondasunen administrazioa senarrari dagokio.

3. Senarrak bere kabuz xeda dezake ezkonsaria horren gaineko jabetza eskuratu duenean, baldin eta hori dirua bada, ezkonsariko ondasunen itzulketa ziurtatu bada edota senarra itzulketa ziurtatzeko betebeharretik askatu bada. Bestelako kasuetan, xedapen hori emaztearen adostasunarekin bakarrik egin ahal izanen du.

4. Emazteak, senarraren adostasunarekin, ezkonsariko ondasunak xeda ditzake, horien gaineko jabetzari eutsi badio.

121. legea Bermea Senarrak ezkonsariaren itzulketa ziurtatu beharko du, hipoteka-legerian ezarritakoarekin bat etorriz.

Ezkonsaria balioetsita dagoela, hori osatzen duten ondasun guztiak ala batzuk efektu publikoak edo balore-tituluak badira, eta horien zenbatekoa senarrak eman beharreko hipotekarekin bermatuta ez dagoen bitartean, orduan, halakoen adierazle diren agiriak emaztearen izenean gordailatuko dira, senarra horren jakitun izanik, horretarako dauden establezimendu publikoetatik batean.

122. legea Itzulketa Ezkontzaren deuseztasun-, banantze- edo desegite-kasuetan, ezkonsaria emazteari edo horren jaraunsleei itzuliko zaie, auzitegiek xedaturikoari, halakorik bada, kalterik egin gabe.

Emaztea hilez gero, fideltasun-gozamenak indarrean iraunen du, baldin eta konpilazio honen xedapenekin bat etorriz eskubide hori senarrari badagokio.

Ezkonsariaren fruitu edo errentak banatzeke baldin badaude, likidatu eginen dira, gozamenaren azkentzeari buruz 420. legean ezarritakoarekin bat etorriz.

123. legea Lehengoratzea Ezkonsariari aplikatuko zaio 116. legean ezarritako lehengoratze-eskubidea.

124. legea Aurreko ezkontzako alabak Aurreko ezkontzako alabari ezkonsaria eman bazaio, bigarrenez ezkondutako aitak edo amak ezin izanen die ezkonsari handiagorik eman geroko ezkontzako alabei; horietako bati ezkonsaria eman bazaio, ezin izanen die aurreko ezkontzakoei ezkonsari txikiagorik eman.

Bigarren edo geroagoko ezkontzako alaben mesederako eskuzabaltasunak egin badira, eskuzabaltasun horiek zenbatzeko, kontuan hartuko da lege honetan xedaturikoa, 272. legean ezarritakoaren ondoreetarako.

II. KAPITULUA Erresak

125. legea Kontzeptua Erresak dira senarrak ezkontzaren aurretik nahiz horren ondoren emazteari egindako dohaintzak, ezkonsariaren kontraprestazio gisa.

Muga Erresek ezin dute gainditu ezkonsariaren zortzirena. Zinez emandako ezkonsariaren zortzirena gainditzen duten erresen jabetzarik ez du eskuratuko emazteak.

Administrazioa Aurkako itunik izan ezean, erresen administrazioa senarrari dagokio.

Lehenespeneko kreditua Erresekin ez zaie aurre eginen senarraren zorrei; emazteak lehenespeneko kreditua izanen du, konkurtso, porrot edo ondasunen exekuzio kasuetan.

126. legea Xedapena a) Inter vivos Inter vivos egintzen bitartez, emazteak erresak xeda ditzake, 120. legeko 4. zenbakian ezkonsariari buruz ezarritakoarekin bat etorriz.

b) Mortis causa Baliozkoak dira erresen gain emazteak mortis causa burututako xedatze- -egintzak, nahiz eta senarraren ondotik hil, seme eta alabarik izan gabe.

127. legea Galera Ezkontzaren deuseztasun kasuan, eta ezkontideak dibortziatu edo banantzen direnean, emazteak erresen gaineko eskubidea galduko du, salbu eta, auzitegiek, kasuan kasuko inguruabarrak kontuan izanik, aurkakoa erabakitzen dutenean. Galera-kasuan, ezkontideen ondorengoek erresen jabetza eskuratuko dute; ondorengorik ez badago, senarrari lehengoratuko zaizkio erresok.

XIII. TITULUA FAMILIA-ERKIDEGOAK DESEGITEA

128. legea Forma egokian eraturiko erkidegoak Familia-erkidegoak forma egokian eratu badira, beren eraketa-tituluan ezarritako erregelek eta, halakorik izan ezean, ondoko hauek eraenduko dute horien desegitea:

1. Erkidegoa desegiteko arrazoi zuzentzat hartuko da Ahaide Nagusiek konpondu ezin duten desadostasun larria; ahaideoi dagokie desadostasuna kalifikatzea, aurretiaz alderdi interesdunak horretarako notario-agindeia egiten badie.

2. Ahaide Nagusiek erabakiak hartuko dituzte gizabanakoen arteko banantzeari buruz, eta ahaleginak eginen dituzte etxeko «jaun-andre zaharrak» etxean bertan gera daitezen. Ondasunei dagokienez, tokiko usadioa hartuko dute kontuan, eta, ahal den neurrian, etxearen batasunari eutsiko diote, eta erkidego deseginaren kideei ondasun eta eskubideak adjudikatuko dizkiete, horiek etxean zein epetan lan egin, eta epe horren arabera, etxearen ondasun eta ahalaren arabera, eta kideok euren ardurapean dituzten pertsonen kopuruaren arabera, bai eta gainerako inguruabarren arabera ere.

Pentsioa adjudikatzen bada, Ahaide Nagusiek erabakiko dute pentsio hori egonkortasun- klausularekin edo beste berme batekin ziurtatu behar den ala ez.

129. legea Egitezko erkidegoak Pertsonen eta familien artean elkarbizitza eta elkarlan egonkorrak izan badira horiek arautzeko erregelarik ezarri gabe, hurrengoak aplikatuko dira:

1. Une oro, erkidego horren kideetatik edozeinek amaiera eman diezaioke erkidegoari, askatasun osoz.

2. Erkidegoan egindako lanaren ondorioz onura eta hobekuntzak lortu badira, eta erkidegoa desegiteko unean horiek bertan badiraute, erkidegoaren kideei adjudikatuko zaizkie tokiko usadioaren arabera; horretarako, kontuan izan beharko dira erkidegora ekarritako ondasunak edo lana, kide bakoitzak jadanik eskuraturiko onurak, desegite-arrazoiak eta gainerako inguruabarrak.

3. Aurreko erregelen ondoreetarako, ez dira erkidegoaren kidetzat hartuko gurasoekin bizi diren seme-alaba ezkongabeak.

130. legea Mantenua ematea Elkarbizitza izan zein ez, seme-alabek euren gurasoei mantenua eman badiete edo euren beharrizan pertsonalak ase badituzte, haiek ezin izanen diete ezer erreklamatu gurasoei nahiz horien jaraunsleei.

XIV. TITULUA ETXE-HARRERA ETA ZUZKIDURAK

131. legea Harrera Ezkontzako itunetan, testamentuan edo bestelako xedapenetan, norbaiten mesederako ezartzen badira etxean bizitzeko, mantenua eskuratzeko eta osasuntsu, gaixo edo horien antzeko egoeretan laguntza jasotzeko eskubideak, etxean lan egiteko betebeharraren menpe edo halakorik gabe, orduan, eskubideok emateko erabili den xedapena eta tokiko ohitura bete beharko dira.

132. legea Arazoak eta horien konponbidea Aurreko legean aipaturiko eskubideen interpretazioari buruz eta horien betetze edo edo ez-betetzeari buruz arazoak sortzen badira, Ahaide Nagusien erabakimenaren menpe egonen dira, eta ahaideok honela jokatuko dute:

1. Betebeharpekoaren eta eskubide- onuradunen artean desadostasuna badago, alderdietatik edozeinek hala eskatuta, liskarraren arrazoiak aztertuko dituzte, eta, halakorik denean, betebeharpeko, onuradun edo bi-bion ez-betetzea zehaztu eta kalifikatuko dute, eta, arrisku nabariaren edo indarkeria moral larriaren ondorioz elkarbizitza hausten bada, egoera hori ere zehaztu eta kalifikatuko dute.

2. Erabakiko dute, etxea, etxebizitza eta, hala denean, familiaren etxaldea edo horren zati bat besterendu edo kargatzeko beharrizanik dagoen edo hori egokia den, bai eta betebeharpeko, onuradun edo bi-bion egoera zein den, baldin eta eragotzi edo oztopatzen badute betebeharrak betetzea, baldintzapetzea, betetzeke egotea edo gauzatzea.

Arazo horietan guztietan Ahaide Nagusiek eskubideei buruzko balioesteak eginen dituzte, eta eskubideok ziurta edo likida ditzakete, horiek kapital edota pentsio batekin ordeztuz, eta, onuradunaren ez-betetzea izan bada, horien azkentzea adieraz dezakete.

133. legea Zuzkidurak a) Kontzeptua eta araubidea Ezkontzako itunetan, testamentuan edo beste xedapen batzuetan, kopuru, ondasun edo eskubideak askatasunez esleitzen bazaizkio etxearen jaraunsle, dohaintza-hartzaile edo legatu-hartzaile izendatuaz besteko pertsona bati, esleipenok zuzkiduratzat hartuko dira, eta euren eraketa-tituluak eraenduko ditu halakoak.

134. legea b) Zenbatekoa Zuzkidurak ezartzen badira etxearen jaraunsle, dohaintza-hartzaile edo lega tuhartzailearen kontura, horien zenbatekoa edo horiek finkatzeko modua zehaztu gabe, hori guztia zehaztuko dute:

1. Izendatzaileek, edo horietatik bizirik dagoenak, betebeharpekoarekin ados etorriz.

2. Halakorik izan ezean, betebeharpekoak eta zuzkiduraren onuradunak, tokiko usadioaren, eta etxearen ondasunen eta ahalaren arabera.

3. Aurreko kasuetatik edozeinetan, eta bertan aipaturiko pertsonak ados jarri ezean, Ahaide Nagusiek finkatuko dute zenbatekoa, bai eta hori emateko epea eta forma, eta euren ustez beharrezkoak diren bermeak ere.

135. legea c) Muga Seme edo alabentzat egindako zuzkidurei 124. legean ezarritako mugapena aplika dakieke.

d) Lehengoratzea Ezkontzaren ondorioz egindako zuzkidurei 116. legeak ezarritako lehengoratze- eskubidea aplikatuko zaie.

136. legea e) Eskualdaezintasuna Zuzkidura-eskubidea ezin izanen da eskualdatu, horren onuradunak ez badu hori galdatu eta bera etxean bizi izan bada hil arte. Kasu horretan, jaraunsle edo dohaintza-hartzailea behartuta egonen da lurperatze, hileta eta arimakariak ordaintzera, tokiko usadioaren, eta etxearen ondasunen eta ahalaren arabera.

XV. TITULUA AHAIDE NAGUSIAK.

137. legea Aplikatu beharreko erregelak Borondatezko xedapenaren ondorioz, tokiko ohituraren ondorioz edo lege-aginduz, familiaren arazo zehatza Ahaide Nagusien erabakimenaren menpe jarri bada, xedapen haietan ezarritakoa aplikatuko da, eta, horrelakorik izan ezean, titulu honetan jasotako erregelak aplikatuko dira

138. legea Zein ahaideri deitu behar Bi ahaiderik hurbilenei deitu zaiela ulertuko da, horiek adin nagusikoak izan eta Nafarroan bizi badira; ahaideok zehaztuko dira ondoko erregelekin bat etorriz:

1. Bat aitarengandiko lerrotik aukeratuko da eta bestea amarengandiko lerrotik; arazoa ahaide ezberdinak dituzten pertsonen artean sortzen bada, bat aukeratuko da alderdi bakoitzeko.

2. Edozein kasutan, lehenespena izanen dute gradurik hurbileneko ahaideek; gradu berekoak direnean, lotura bikoitzekoek lotura bakarrekoen gainetik; eta, egoera berean daudenean, ahaide zaharrenek.

139. legea Adoptatuak Adopzio osoan harturiko pertsonen kasuan, adopzio-hartzailearen edo adopzio-hartzaileen ahaideei deituko zaie beti.

140. legea Hutsuneak betetzea Inork ere ez baditu legezko baldintzak betetzen eta, horren ondorioz, ezin bada lerro edo alderdi bateko ahaiderik izendatu, honetara jardun beharko da:

1. Aitarengandiko lerroan ahaiderik ez badago, hutsune hori amarengandiko lerroko ahaidearekin beteko da, eta alderantziz.

2. Alderdi batek ahaiderik izan ezean, hutsune hori betetzeko, interesdunak beste pertsona bat izendatuko du, ahaide izan zein ez.

141. legea Bere-berezko izaera; eskuordetza Ahaide Nagusien eginkizuna bere-berezkoa da. Hala ere, beste inori eskuordetu ahal zaio Ahaide Nagusiek hartutako erabakiaren betearazpena edo formalizazio hutsa, baldin eta ahalorde egokian jasotzen bada funtsean zein eduki duen haien borondateak.

142. legea Eskumena Ahaide Nagusien eskumenekoak dira konpilazio honetako legeek eratxikitako arazoak, bai eta horien antzekoak diren bestelako familia-arazoak ere, horiek borondatezko xedapenaren ondorioz edo tokiko ohituraren aginduz ahaideon ardurapean jarri badira.

143. legea Uko egitea eta ezespena Ahaide Nagusiek ezin diote ukorik egin euren eginkizunari, ezta euren esku-hartzeari ezezkoa eman ere, euren kudeaketa eragotzi edo modu larrian zailtzen duen arrazoia izan gabe; eta ahaideok ezin izanen dira ezetsi, zuzeneko interes pertsonalik edo begibistako areriotasunik ez badago.

Barkatzeko edo ezesteko arrazoiak balioetsiko dituzte beste Ahaide Nagusiak eta ordezpenerako deia jaso duenak.

Ordezko izanen da lehenespen-hurrenkeran ordeztuaren hurrengo dagoen ahaidea.

144. legea Erabakia Ahaide Nagusiek, horretarako dei egiten zaienetik, euren erabakia eman beharko dute, ahalik eta epe laburrenean, arazoaren izaeraren arabera.

Jaraunslea aukeratu behar bada seme-alaben artean edo dei generikoa jaso duten pertsonen artean, ahaideok ez dute izanen aukera egiteko betebeharrik, harik eta deia jaso duten pertsonetatik gazteenak egoera eskuratu edo adin nagusitasunera heldu arte.

Erabakia eskritura publikoan jaso beharko da, betiere, ondasun higiezinei buruzkoa denean edo eskritura publikoan jasotako itunetan eragina duenean.

145. legea Hirugarren ahaide baten esku-hartzea Ahaide Nagusiak ez badira ados jartzen arazo zehatz bati buruz, ahaideok hirugarren ahaide baten esku-hartzea eskatuko dute; ahaideek eurek izendatuko dute ahaide hori, euren arteko adostasunez; bestela, zozketa eginen dute euren berehalako ordezko izatera deituak direnen artean, eta erabakia gehiengoz hartuko dute desadostasuna eragin duten bi irtenbideen artean.

146. legea Lehenespenaren ondoriozko erreklamazioa Lehenespeneko ahaideren bat badagoela ahazteagatik edo hori ez jakiteagatik beste ahaide batek esku hartzen badu, erabakitakoa baliozkoa izanen da, salbu eta Ahaide Nagusiei eurei erreklamazioa egiten zaienean; erreklamazio hori egiteko epea hamabost egunekoa da, erabakia zein eskritura publikotan edo agiritan jaso, eta horren egilespenaren berri jaso denetik zenbatuta.

147. legea Aurkarapena Ahaide Nagusien erabakia auzitegietan aurkara daiteke, hori doloz edo iruzurrez hartu bada, edota horrekin ohitura nahiz legea hautsi bada.

Erantzukizuna Edozein kasutan, Ahaide Nagusiek erantzukizun pertsonala izanen dute, kalte-galerak eragin badituzte, euren eginkizunak doloz edo zabarkeriaz betetzeagatik.

II. LIBURUA DOHAINTZAK ETA OINORDETZAK

I. TITULUA OINARRIZKO PRINTZIPIOAK

148. legea Aplikatu beharreko legea Konpilazio honek eraenduko ditu dohaintzak eta mortis causa xedatzeko egintzak, xedatzaileek forudunaren izaera badute. Dena den, oinordetza konpilazio honekin bat etorriz antola dadin, beharrezkoa izanen da kausatzaileak, heriotza-unean, forudunaren izaera edukitzea; hala ere, egintzok baliozkoak izan daitezke, formari dagozkionez, horiek egiteko unean zein zuzenbideren menpe egon, eta horren arabera.

149. legea Xedatzeko askatasuna Nafarrek askatasunez xeda ditzakete euren ondasunak, eta ez dituzte izanen liburu honetako X. tituluan ezarritako murrizketak baino.

Dohaineko xedapenak ordenatzeko, inter vivos nahiz mortis causa dohaintzak, oinordetza itunak, testamentuak edo konpilazio honetan ezarritako xedatze- egintzetatik beste edozein erabil daitezke. Halako xedapenik ez dagoenean bakarrik aplikatuko da legezko oinordetza.

Dohaineko xedapen oro huts-hutsean egin daiteke, bai eta moduarekin nahiz baldintza edo epe-muga etengarri zein suntsiarazlearen menpe jarrita ere. Egun zehaztugabea baldintza moduan hartuko da.

150. legea Dohaintza-hartzaile unibertsala Dohaintza-emailearen oraingo eta etorkizuneko ondasunak hartzen dituzten dohaintzek, inter vivos nahiz mortis causa erakoak izan, jaraunsle-izaera eratxikitzen diote dohaintza-hartzaileari.

151. legea Oinordetza-fiduzia Kausatzaileak fiduziario-komisarioari edo konfiantzazko jaraunsleari eskuorde diezaioke jarauntsia xedatu edo ordenatzeko ahalmena, bai askatasunez, bai isilpeko jarraibideekin bat etorriz, liburu honetako XI eta XII. tituluetan ezarritakoaren arabera.

«Post mortem» ahalordea Kausatzaileak ahalordea ematen badu bera hil eta geroko, hori baliozkoa izanen da, baldin eta ahalorde hori ezeztatzen ez badu hildakoaren borondatea betearazteko lehenespenez izendatua denak, betiere, ahaldunaren ardurapean jarritako kudeaketa oso-osorik betetzeari kalterik egin gabe. Geroko ahalordeak aurrekoa ezeztatuko du, horiek bateraezinak badira, eta uste izanen da, halaber, geroko testamentu baliozkoak aurreko ahalordea ezeztatzen duela, geroko testamentu horretan aurreko ahalordea baieztaturik agertzen ez bada.

152. legea Xedatzea, beharrizana dagoenean Eskuzabaltasun-egintzaren bitartez, inori xedatze-ahalmena ematen bazaio hori beharrizan-egoeran egikaritzeko, bestelakorik ezarri ezean, hauxe ulertuko da:

1. Pertsona horrek bere erabakimen askearen arabera egin behar duela beharrizanaren balioestea.

2. Xedatze hori gauzatzeko, pertsona fisiko jakin baten edo batzuen baimena beharrezkoa denean, mugapen hori ondorerik gabe geratuko dela, halako pertsonak hil badira, baimena emateari uko egin badiote edo ezgaiturik geratu badira, salbu eta adostasuna eman behar duten horiek euren kargu edo eginkizuna dela-eta zehaztu direnean.

153. legea Eskuratzeko gaitasuna Pertsona orok dohainik eskura dezake, inter vivos nahiz mortis causa, horretarako debekupean dauden pertsona hauek izan ezik:

1. Egintzaren formalizazioan esku hartu duten pertsonek.

2. Tutoreek, euren tutoretzapekoei begira, Kode Zibilaren 753. artikuluak testamentuaren inguruan xedatutakoarekin bat etorriz.

3. Kode Zibilaren 756. artikuluan aipaturiko arrazoien ondorioz, oinordeko izateko gai ez diren pertsonek, salbu eta frogatzen denean xedatzaileak arrazoi hori bazekiela eskuzabaltasuna ordenatzeko unean.

154. legea Nasciturusarentzako xedapenak Inter vivos nahiz mortis causa egintzen bidez, dohaineko xedapenak egin daitezke ernalduarentzat, bai eta oraindik ernaldu ez diren seme-alabentzat ere, horien gurasoa zehazturik eta bizirik badago dohaintza egin edo testamentugilea hiltzeko unean.

Inter vivos egintzen bidezko xedapenetan, eta dohaintza-emaileak ezarritakoa salbu, dohaintzan emandako ondasunen administrazioa dohaintza-emaileari edo beraren jaraunsleei dagokie.

Dohaintza-hartzailea jaio baino lehen fruituak sortu direnean, horiek dohaintza- hartzaileari erreserbatzen zaizkio, dohaintza jadanik ernaldurik dagoenarentzat egin bada; ernaldugabearentzat egin bada, fruituak dohaintza-emaileari edo beraren jaraunsleei erreserbatzen zaizkie, dohaintza-hartzailea jaio arte.

Dohaintza-emailearen jaraunsleek fruituak administratu edo jasotzen badituzte, behartuak izan daitezke behar adinako bermea eratzera.

63 eta 65. legeetan xedaturikoak eraenduko ditu xedapen horien onarpena eta seme-alaben interesen defentsa, eskuzabaltasunaren objektu diren ondasunei begira.

155. legea Etorkizuneko jarauntsiari uko egitea: a) Forma Baliozkoa da etorkizuneko jarauntsiari uko egitea edo horren gain transakzioa egitea, eskritura publikoan eginez gero.

156. legea b) Ondoreak Uko-egilea lege bidez ordenatutako oinordetzatik kanpo geratuko da; hala ere, onar ditzake berarentzat kausatzaileak agindu dituen xedapenak.

157. legea Aurreko ezkontzako seme-alaben eskubideak Bigarrenez edo gehiagogarrenez ezkondutakoek euren artean edo hirugarrenekin egindako dohaineko xedapenek ez dute eraginik izanen aurreko ezkontzako seme-alaba eta ondorengoen eskubideetan.

Xedatzaileak ezar dezake aurreko ezkontzako seme-alaba eta ondorengoen eskubideak diruz ordaintzeko, nahiz eta jarauntsian halakorik izan ez.

II. TITULUA INTER VIVOS DOHAINTZAK

158. legea Kontzeptua Inter vivos dohaintzak dira dohaintza- emailearen heriotza aintzat hartu gabe egindakoak.

159. legea Dohaintza-emailearentzako erreserba Dohaintza-emaileak ez badu behar besteko jabetzarik edo eskubiderik erreserbatu bere egoera eta inguruabarren arabera dituen beharrizanak asetzeko, urripen-akzioa egikaritu ahal izanen du dohaintza-hartzaile edo horren jaraunsleen aurka.

Akzio hori bere-berezko eta eskualdaezina da, baina dohaintza-hartzailearen jaraunsleek akzio horren egikaritzari euts diezaiokete, hark demanda jarri badu.

160. legea Dohaintza unibertsalak Dohaintza unibertsalak hurrengoetan bakarrik izanen dira baliozkoak: ezkontzaren ondorioz edo jaraunslea izendatzeko eskrituran egiten direnean, edo, bestela, familia-erkidegoari buruz edo dohaintza-emaile eta dohaintza- hartzaileen arteko laguntzari buruz itunak ezartzen direnean.

Dohaintzoi 114, 115 eta 118. legeetan xedaturikoa aplikatuko zaie, eta horiek 113. legean arauturiko forman egin beharko dira.

161. legea Burutzea: a) Ondasun higiezinen gaineko dohaintzak Deusezak dira ondasun higiezinen gaineko dohaintzak, horiek ez badira eskritura publikoan egiten. Halako dohaintzak ezeztaezinak izanen dira, dohaintza-hartzailearen onarpena eskrituran bertan agerrarazten denean, edo dohaintza-emaileari onarpen hori eskritura bananduan jakinarazten zaionean.

b) Ondasun higigarrien gainekoak Ondasun higigarrien gaineko dohaintzak ezeztakorrak dira, dohaintza- -emaileak ondasunak ematen ez dituen bitartean, edo dohaintza-emaile horri dohaintza-hartzailearen onarpena jakinarazten ez zaion bitartean.

c) Etorkizuneko gizabanakoen mesederako egindakoak Ondasun higigarri edo higiezinen gaineko dohaintzak egiten badira etorkizuneko gizabanakoen mesederako, dohaintza horiek ezeztaezinak izanen dira, onarpenaren beharrik izan gabe, bestelakoa ezarri denean salbu.

162. legea Ezeztatzeko arrazoiak Aurreko legean ezarritakoa gorabehera, inter vivos dohaintzak ezeztatu ahal izanen dira dohaintza-emaileak esanbidez ezarritako arrazoien ondorioz, edo dohaintza-hartzaileari ezarritako zamak ez betetzeagatik. Dohaintza- hartzaileak ez baditu zamok bete dohaintza-emailea hil aurretik, ulertuko da horiek barkatu direla, dohaintza-emailearen mesederako ezarri badira; hirugarrenen mesederako ezarri badira, horiek legatutzat hartuko dira.

Dohaintzak ezeztatu ahal izanen dira, berebat, Kode Zibilaren 648. artikuluan ezarritako arrazoien ondorioz.

163. legea Fiduziapeko dohaintza Dohaintza-emaileak dohaintza-hartzaileari ezartzen badio jarraika edo aldizka bete beharreko zama, fiduziapeko dohaintzaren betearazpena bermatu ahal izanen du, konfiantzazko dohaintza- hartzaileak ondoz ondo izendatuz. Dohaintzoi 293. legean xedaturikoa aplikatuko zaie.

164. legea Bigarrenez ezkondurikoak egindako dohaintzak Bigarrenez ezkondurikoak dohaintzak egiten baditu, bere ezkontidearentzat edo bigarren nahiz geroagoko ezkontzako seme-alaba eta ondorengoentzat, dohaintza horiek baliozkoak dira, aurreko ezkontzako seme-alaba edo ondorengoen eskubideei kalterik egiten ez badiete. Eskubide horiei kalte egiten zaienean, dohaintzok urritu ahal izanen dira, kaltedunek eta horien kausadunek hala eskatuz gero. Akzio hori egikaritzeko epea lau urtekoa da, dohaintza- emailea hil denetik zenbatuta.

Akzio horri uko egin dakioke dohaintza- emailea bizirik dagoela, esanbidezko adierazpena eginez edo dohaintzari adostasuna emanez.

III. TITULUA MORTIS CAUSA DOHAINTZAK

165. legea Kontzeptua Mortis causa dohaintzak dira dohaintza- emailearen heriotza aintzat hartuz egindakoak.

Dohaintza-emailearen heriotza aintzat hartuz egin dela uste izanen da, baldin eta dohaintzan emandako ondasunen eskuraketa haren heriotza arte geroratu bada.

166. legea Gaitasuna Mortis causa dohaintzak egiteko, nahiko da dohaintza-emaileak testamentua egiteko gaitasuna izatea, salbu eta dohaintzaren ezeztaezintasuna ituntzen denean edo, dohaintza egitearekin batera, ondasunak ematen direnean; kasu horietan, inter vivos xedatzeko gaitasuna ere izan beharko du dohaintza-emaileak.

167. legea Forma Mortis causa dohaintzak eskritura publikoan egin behar dira; bertan, bi lekukok egon behar dute, eta lekuko horiek bete behar dituzte 185 eta 186. legeekin bat etorriz notarioaren aurreko testamentuetan beharrezkoak diren baldintzak.

168. legea Onarpena Mortis causa dohaintzak eragingarriak izan daitezen, beharrezkoa da dohaintza- hartzailearen edo horren legezko ordezkarien onarpena. Onarpena egin daiteke, esanbidez zein isilbidez, dohaintza-emailea bizirik dagoela edo hori hil ondoren.

169. legea Ezeztapena Dohaintza-emaileak edonoiz eta askatasunez ezezta dezake dohaintza, salbu eta aurkako ituna dagoenean edo ezeztatzeko ahalmenari uko egin zaionean.

a) Esanbidezkoa Halako dohaintzak ezeztatzeko eta beroriek egiteko, formalitate berberak bete beharko dira. Dohaintza-emaileari dohaintzaren onarpenaren berri eman bazaio edo horrek ondasunak eman baditu, ezeztapenak ez du ondorerik sortuko, hori dohaintza-hartzaileari jakinarazten ez zaion bitartean.

b) Isilbidezkoa Bestelakoa xedatu ezik, mortis causa dohaintzak ezeztaturik geratuko dira, inolako formalitaterik gabe, baldin eta dohaintza-hartzailea hiltzen bada, dohaintza- emailea bizirik dagoela, haren ondorengoek izan dezaketen ordezkapen- eskubidea salbu. Berebat, ez da esanbidezko ezeztapenik behar, dohaintza egin bada dohaintza-emailea une jakin batean hilgo dela uste izanik eta hori ez bada gertatzen aurreikusitako unean.

170. legea Edukitza eskuratzea Ondasunak mortis causa dohaintzaren bidez eman badira, horiek ez dira jarauntsiaren osagai, eta dohaintza-hartzaileak horien edukitza eskura dezake, dohaintza-emailearen jaraunsle edo albazeen esku-hartzerik gabe.

171. legea Dohaintzak egitea, hirugarren baten heriotzaren menpe Dohaintzak hirugarren baten heriotzaren menpe egiten badira, dohaintzok inter vivos eta baldintzapeko dohaintza moduan hartuko dira.

IV. TITULUA OINORDETZAKO ITUN EDO KONTRATUAK

I. KAPITULUA Xedapen orokorrak

172. legea Kontzeptua Oinordetza-itunaren bidez, jarauntsi osoaren edo zati baten gainean, mortis causa oinordetzako eskubideak ezar, aldaraz edo azken daitezke, eta horiei uko egin dakieke, oinordetza horren kausatzailea bizirik dagoela. Egintza horiek eskubideok hirugarren bati lagatzea badakarte, beharrezkoa izanen da kausatzailearen adostasuna.

173. legea Gaitasuna Edozein oinordetza-itunen egileek adin nagusiko izan behar dute. Ezkontzako itunetan jasotakoei dagokienez, ordea, 78. legean ezarritakoa beteko da.

Bere-berezko izaera. Eskuordetza Oinordetza-itunaren egilespena bere- berezko egintza da. Hala ere, beste inori eskuorde dakioke haren formalizazioa, baldin eta ahalordearen agerkai egokian jasotzen bada borondatearen eduki nagusia.

174. legea Forma Deusezak dira ezkontzako itunen bidez edo bestelako eskritura publikoaren bidez egiletsi ez diren oinordetza- -itunak.

175. legea Ezkontzako itunetan jasotako oinordetza-itunak Lehenengo liburuko XI. tituluaren legeek eta, horiez gain, titulu honetan ezarritakoak eraentzen dituzte ezkontzako itunetan jasotako oinordetza-itunak.

176. legea Interpretazioa eta integrazioa Oinordetza-itunak tokiko ohiturarekin bat etorriz interpretatu eta integratuko dira, eta, osagarri moduan, azken nahiaren egintzei buruz konpilazio honetan jasotako xedapenen arabera.

II. KAPITULUA Xedapen bereziak, jaraunslea izendatzeko itunei buruz

177. legea Edukia eta motak Oinordetza-itunek edozein motatako mortis causa xedapenak jaso ditzakete bi kontratugileen, horietako baten edo hirugarren baten mesederako, titulu unibertsalaren nahiz banakako tituluaren bidez, eta egileek ezarritako ordezpen, aldaera, erreserba, lehengoratze-klausula, zama eta betebeharrekin.

Izendapena egin ahal izanen da, jarauntsira deitutako pertsonak itunean bertan zehaztuz, jarauntsia etorkizunean antolatzeko erregelak ezarriz, edota pertsona bati zein gehiagori oinordetza ordenatzeko ahalmena eskuordetuz.

Halaber, jaraunslea izendatzeko itunek jarauntsirako dei hutsak jaso ditzakete edo, horiek jasotzearekin batera, ondasun guztien edo batzuen oraingo eskualdaketa eragin dezakete.

178. legea Ezeztaezintasuna Bi pertsonak edo gehiagok, elkarren mesederako edo hirugarren baten mesederako, jaraunsle-izendapenak egin badituzte, izendapen horiek ezeztaezinak dira. Jaraunslea izendatzeko kontratua alde bakarrekoa baldin bada, horri 114. legean xedaturikoa aplikatuko zaio.

179. legea Ondoreak Oinordetza-itunekin batera ez badira ondasunak eskualdatzen, itun horiek kontratuzko jaraunslearen izaera baino ez dute ematen; izaera hori besterenduezin eta enbargaezina izanen da. Izendatzaileak ondasunen gaineko jabetzari eutsiko dio hil arte; baina ezin izanen ditu horiek dohainik xedatu izendatuaren adostasunik gabe.

Oinordetza-itunek ondasunen eskualdaketa badakarte, itun horietan izendatzaileak bere buruarentzat erreserba dezake edozein tituluren bidez edo bakarrik kostu bidez xedatzeko ahalmena.

Erreserbatu ez diren xedatze-egintzak deusezak izanen dira, izendatuaren esanbidezko adostasunik gabe. Izendatuak eta beraren kausadunek bakarrik egikari ditzakete deuseztasun-akzioak, baita izendatzailea bizirik dagoela ere.

180. legea Eskualdatzeko eskubidea Oinordetza-itunean jaraunsle izendatu dena izendatzailea baino lehen hiltzen bada ondorengoak dituela, horiei eskualdatzen zaie haren eskubidea, itunean bertan ezarritakoa salbu.

Ondorengoak bat baino gehiago badira, eta jaraunslea izendatzearekin batera ez badira ondasunak eskualdatu, orduan, izendatzaile guztiei, horietatik bizirik dagoenari edo, halakorik izan ezean, Ahaide Nagusiei dagokie izendatuaren eskubideetan subrogatuko dena izendatzea; baina, izendapena egitearekin batera ondasunak eskualdatu badira, izendatuak berak egin dezake halako izendapena; izendatua hori egin gabe hiltzen bada, ahalmena izendatzaileei dagokie eta, halakorik izan ezean, Ahaide Nagusiei.

Edozein kasutan ere, jaraunsle izendatuak ondorengo bat bakarrik badu, hori izanen da oinordeko, eta horrek izendatzaileei edo, halakorik izan ezean, Ahaide Nagusiei galda diezaieke, bere jaraunsle izaera adieraz dezaten. Oinordeko bakarraren izaera notarioak emandako nabaritasun-aktaren bitartez edo ad perpetuam memoriam informazioaren bitartez frogatuko da.

181. legea Ordezpen-klausulak Oinordetza-itunetan ezarritako ordezpen- klausulei dagokienez, liburu honetako VIII. tituluan ezarritakoa beteko da.

182. legea Ezeztapena eta aldarazpena Oinordetza-itunak ezin izanen dira ezeztatu edo aldarazi, horien egile guztiek, inter vivos nahiz mortis causa egintzaren bidez, adostasuna adierazten ez badute.

Oinordetza-itunetan jasotako xedapenak ezeztaturik geratuko dira, izendatua aurrez hiltzen bada; salbuespen da eskualdatze-eskubidea, 180. legeak xedatutakoarekin bat etorriz hori bidezkoa denean.

Xedapen horiek 118. legean «propter nuptias» dohaintzei buruz ezarritako arrazoien ondorioz ezeztatu ahal izanen dira; eta, izendatzaileek akzio hori egikaritzen badute, lege horretan xedatutakoari egokituko zaio egikaritza hori.

Oinordetza-itunak ezkontzako itunetan ordenatu izan badira, 81. legean ezarritakoa beteko da.

183. legea Jaraunslea izendatzeko hitzematea Jaraunsle-izendapentzat hartuko da oinordetza-itunean hori izendatzeko egin den hitzematea, eta berberak izanen dira horren ondoreak, eta ondasunak eskualdatu gabe egindako oinordetza-itunei buruz 179 eta 180. legeetan ezarritakoak.

V. TITULUA TESTAMENTUA ETA HORREN FORMAK

I. KAPITULUA Xedapen orokorrak

184. legea Testamentua egiteko ezgaitasuna Testamentua egiteko ezgai dira:

1. Inpuberrak.

2. Testamentua egiteko unean, zentzutasunik ez dutenak. Argialdian egindako testamentuari dagokionez, Kode Zibilean xedaturikoa beteko da.

185. legea Lekukoen egokitasuna eta lekuko horiek eskari bidez izendatzea Nafarroan egindako testamentuetan, lekukoak egokiak eta eskari bidez izendatuak izan behar dira.

186. legea Lekukoek bete beharreko baldintzak, testamentuz testamentu Notarioaren aurrean egiten ez diren testamentuetan, lekukoek testamentugilea ezagutu eta horren gaitasuna balioetsi behar dute; testamentu horiek lekukoen aurrean bakarrik eginez gero, aurrekoaz gain, lekukook testamentugilearen auzotartasun bera izan beharko dute.

Notarioaren aurrean egindako testamentuetan, ez da beharrezkoa lekukoek testamentugilearen gaitasuna balioestea, ezta, lekuko instrumental gisa, horiek testamentugilea ezagutzea ere, egilespen-lekuko auzotarrak badira. Lekuko izan daitezke notarioaren enplegatu edo mendekoak ere.

Notarioaren, parrokoaren edo presbitero ordena duen elizgizonaren aurrean egindako testamentuetan, lekuko bat gutxienez, irakurri eta idazteko gauza izan behar da. Lekukoen aurrean bakarrik egindako testamentuetan, horietatik bi gutxienez, irakurri eta idazteko gauza izan behar dira.

187. legea Erruki-agintzak Notarioaren, parrokoaren edo presbitero ordena duen elizgizonaren aurrean egindako testamentu irekietan, testamentugileari ohartaraziko zaio erruki edo ongintza-agintzarik egin nahi duen ala ez, eta hori testamentuan bertan jasoko da.

II. KAPITULUA Testamentuaren formak

188. legea Notarioaren aurreko testamentua Notarioaren aurrean egindako testamentu irekietan, nahitaezkoa da bi lekukoren esku-hartzea.

Notarioak eskuetsitako testamentu itxietan, nahitaezkoa da zazpi lekukoren esku-hartzea.

Gainerakoetan, Kode Zibilaren xedapenak aplikatuko dira.

189. legea Parrokoaren aurreko testamentua Testamentugilea hur-hurreko heriotza arriskuan badago, eta ezin bada lortu notarioa bertan izatea, testamentua egin ahal izanen da tokiko parrokoaren edo presbitero ordena duen elizgizonaren aurrean; eta, edozein kasutan, bi lekuko egon beharko dira bertan.

190. legea Lekukoen aurreko testamentua Aurreko legeak ezarritako kasu berean, ezin bada lortu parrokoa edo presbitero ordena duen elizgizona bertan egotea, testamentua egin ahal izanen da, hiru lekukoren esku-hartzearekin.

191. legea Parrokoaren aurreko eta lekukoen aurreko testamentu guztietarako betekizunak Aurreko bi legeek aipaturiko testamentuei hurrengo erregelak aplikatuko zaizkie:

1. Idatziz jaso beharko dira, eta bertan eguna, hilabetea eta urtea adierazi beharko dira, egintza berean edo, bestela, testamentugileak bere azken nahia hitz xedatzaileen bidez adierazi eta berehalaxe.

2. Testamentuotan sinatuko dute testamentugileak eta egintza horretan esku hartuko duten pertsona guztiek. Horietatik edonork ez badaki sinatzen edo ezin badu sinatu, agirian bertan jasoko da inguruabar hori.

3. Parrokoak, elizgizonak edo, hala denean, lekukoek euren eskuetan gorde beharko dute agiria; bestela, notarioari eskatu behar diote agiria zaintzeko.

4. Testamentuok eragina galduko dute, testamentugilea heriotza-arriskutik onik atera eta bi hilabete igaro ondoren

5. Urtebete eta egun bateko epean, testamentugilearen heriotza-datatik zenbatuta, testamentuak aurkeztu beharko dira horiek ontzat hartu eta egiaztarazteko; hori egin gabe, testamentuak eraginik gabe geratuko dira. Ondore horretarako, testamentua eskuetan duenak hori aurkeztu behar du, egilespen- -tokiari dagokion barrutiko lehen auzialdiko epaitegian. Aurkezpen hori egitea galda dezake Fiskaltzak, edo beste edonork ere bai, horretarako interesa duela uste badu.

192. legea Euskaraz egindako testamentuak Nafarrek euskaraz egin dezakete testamentua.

Testamentua notarioaren aurrean egiten bada, eta horrek ez badaki euskaraz, beharrezkoa izanen da testamentugileak aukeraturiko bi interpretatzaileren esku-hartzea, horiek testamentugilearen xedapena gaztelaniara itzul dezaten; testamentua bi hizkuntzotan idatziko da, Notario Erregelamenduak ezartzen duenarekin bat etorriz.

193. legea Beste testamentu batzuk Testamentuei dagozkienez, Kode Zibilaren 688. artikulutik 693.erako, 697 eta 698. artikulu, 701 eta 702. artikulu, eta 716. artikulutik 736.erakoen xedapenak aplikatuko dira Nafarroan.

III. KAPITULUA Kodiziloa

194. legea Kontzeptuak Azken nahiaren egintzak kodizilo dira, baldin eta testamentuari, testamentua bera ezeztatu gabe, zerbait gehitzen badiote edo horren xedapenak aldatzen badituzte.

Forma Kodiziloak eginen dira testamentuetarako arauturiko formetatik edozein erabiliz eta horiei buruz ezarritako betekizunekin.

195. legea Edukia Kodiziloek euren barruan har ditzakete azken nahiaren xedapen guztiak, salbu eta jaraunsle-izendapena, jarauntsi- ordezpenak, haren eta horien aldarazpenak, jaraunsgabetzeak eta foru-senipartearen gaineko izendapena.

IV. KAPITULUA Testamentuko memoriak

196. legea Kontzeptua Testamentuko memoriak egin daitezke aurreko testamentuaren zuzenketa edo osagarri gisa, baldin eta testamentugileak edo testamentugileek eurentzat erreserbatu badute halakoak egiteko ahalmena, eta, aldi berean, zehaztu badituzte memorion eragingarritasunerako horietan nahitaez jaso behar diren ikurritz, zeinu edo bestelako betekizunak.

Forma Testamentugileak edo testamentugileek memorien orri guztietan sinatuko dute, eta memoriotan jaso beharko dira testamentuan adierazitako ikurritz, zeinu edo bestelako betekizunak. Era berean, halako memoriak egin daitezke, azken nahiaren egintzetatik beste edozeinen osagarri gisa.

197. legea Edukia 195. legean kodiziloei buruz ezarritakoa aplikatuko zaie memoriei.

198. legea Egiaztaraztea Bost urteko epean, testamentugilearen heriotza-datatik zenbatuta, testamentuko memoriak aurkeztu beharko dira horiek ontzat hartu, egiaztarazi eta protokolatzeko; hori egin gabe, eraginik gabe geratuko dira.

Bi pertsonak edo gehiagok batera egindako memorietan, horietatik azkena hiltzen denetik hasita zenbatuko da epe hori, salbu eta testamentuan edo memorian bertan bestelakoa agindu denean.

Protokolatzea Memoriak protokolatzeko, Prozedura Zibilaren Legean ezarritako izapideak bete beharko dira. Memoriak atzerrian egin badira, horiek protokolatzeko eginbideak Espainiako kontsularen nahiz kontsulordearen aurrean burutu ahal izanen dira.

V. KAPITULUA Ermandadeko testamentua

199. legea Kontzeptua Ermandadekoa da bi pertsonak edo gehiagok agerkai berean egindako testamentua.

Formak Forma olografoa salbu, konpilazio honetan onarturiko formetatik edozein izan dezake ermandadeko testamentuak, baldin eta forma horietako bakoitzari buruz ezarritako betekizun guztiak betetzen badira.

189 eta 190. legeetan xedatutakoaren ondoreetarako, nahiko da egileetatik batek bakarrik betetzea hur-hurreko heriotza-arriskua.

200. legea Lege pertsonala Nafarrek ermandadeko testamentua egin dezakete Nafarroan nahiz Nafarroatik kanpo, Espainian zein atzerrian.

201. legea Eragingabetasuna Senar-emazteek ermandadeko testamentua egiten badute eta, geroago, ezkontzaren deuseztasunari edo dibortzio zein banantzeari buruz epaia ematen bada, epai horrek eraginik gabe uzten ditu testamentu hartan ezkontideek elkarri egindako eskuzabaltasunak, bai eta testamentugile batek bere jarauntsiaren gainean ezarritako xedapen guztiak ere, horien arrazoia beste ezkontideak egindako xedapena izan bada.

Ezeztatzea a) Egile guztiak bizirik daudela Egile guztiak bizirik daudela, ermandadeko testamentua ezeztatu ahal izanen dute:

1. Horiek guztiek batera.

2. Horietatik edonork, bere kabuz; kasu horretan, ezeztapenak ez du ondorerik izanen, gainerakoek horren berri izan dutela sinesgarriro agerrarazi arte. Norbaiti ezeztapenaren berri eman behar bazaio eta horren egonlekua ezezaguna bada, jakinarazpena ediktuen bitartez egin ahal izanen da; horretarako, aldez aurretik egoera hori justifikatu beharko da, notarioak emandako nabaritasun- aktaren bidez edo ad perpetuam memoriam informazioaren bidez.

Ediktuok argitaratu beharko dira, Estatuko Aldizkari Ofizialean, probintziako aldizkarian eta azken egoitza ezaguna dagoen tokian gehien saltzen diren egunkarietatik batean.

Edozein kasutan ere, ezeztapenak eraginik gabe utziko ditu testamentuan jasotako xedapen guzti-guztiak, horretan bestelakoa ezarri denean izan ezik.

Lege honetan xedaturikoa aplikatuko da, nahiz eta egileetatik batek edo horiek guztiek forudunaren izaera galdu.

202. legea b) Egileetatik bat hil eta gero Testamentugileetatik bat hilez gero, ermandadeko testamentua ezeztaezina izanen da, horretan bestelakoa ezarri denean salbu.

Dena den, bizirik dagoenak salbuespenez ezeztatu edo berriro ordenatu ahal izanen ditu:

1. Edozein kasutan, ezgai suertatu edo aurrez hil denaren mesederako egindako xedapenak, kasuan-kasuan izan beharreko ordezkapenei eta gehiagotze- eskubideei kalterik egin gabe.

2. Norberaren jarauntsiaren gain edozein izaeraz ezarritako xedapenak, horien arrazoi ez badira izan beste testamentugile batek egindako xedapenak.

203. legea Ondoreak. a) Kostu bidezko xedapena Ermandadeko testamentuak aurkako klausula ezartzen badu ere, testamentugile bakoitzak kostu bidez xedatu ahal izanen ditu bere ondasunak, nahiz eta hori gainerako testamentugileen edo horietako baten heriotzaren ondotik egin.

Aurkako klausularik izan ezean, testamentugile orok xedatu ahal izanen ditu, kostu bidez, aurrez hildako beste testamentugile batengandik jasotako ondasunak.

Testamentuak elkarrekiko izendapena eta jaraunsle erkidearen izendapena jaso baditu besterentzeko debekupean, ulertuko da aurrez hildako testamentugilearen ondasunei buruzkoa bakarrik dela debekua.

204. legea b) Dohainik Testamentugileetatik batek ere ezin ditu bere ondasunak dohainik xedatu, ondoko kasuetan izan ezik:

1. Ermandadeko testamentuan bestelakoa ezarri denean.

2. Xedapena egiten duenean, gainerako testamentugile guztien adostasunarekin.

3. Ondasunon xedapena testamentu bidez egin denean, baldin eta xedapen horren arrazoia ez bada izan beste testamentugile batek ezarritakoa.

205. legea Legatuak Aurkako xedapenik izan ezean, ermandadeko testamentuan, testamentugile batek beste testamentugile bat edo batzuk izendatu baditu jaraunsle, hark ordenaturiko legatuak ez dira galdatzeko modukoak izanen izendatuetatik azkena hil arte; baina legatu-hartzaileak legatuaren gainean fidantza emateko galda dezake, testamentugileak betebehar hori kendu ez duenean.

VI. TITULUA MORTIS CAUSA XEDAPENEN DEUSEZTASUN ETA ERAGINGABETASUNA

206. legea Deuseztasuna Deusezak dira testamentuak eta gainerako mortis causa xedapenak, horien egilespenean ez badira bete legeak agindutako betekizunak.

207. legea a) Osoa Jaraunslearen kontratu-izendapena deuseza edo eragingabea bada, deuseztasun edo eragingabetasun horrek berarekin ekarriko du kontratuan jasotako xedapen guztiena ere.

b) Zatikakoa Oinordetza-itunean jasotako xedapenetatik beste edozein deuseza edo eragingabea bada, deuseztasun edo eragingabetasun horrek berarekin ekarriko du horretan oinarria duten besteena ere.

Heriotzaren ondoriozko beste egintzetan, horietako xedapenen bat deuseza edo eragingabea bada, horrek ez du eraginik izanen gainerakoen baliozkotasun edo eragingarritasunean.

208. legea Testamentuaren ezeztakortasuna Testamentuko xedapenak berez ezeztakorrak dira, ermandadeko testamentuari buruz ezarritakoa salbu.

a) Ad cautelam klausula Klausulak jarrigabekotzat hartuko dira, baldin eta horiek indarrik gabe uzten badituzte etorkizuneko xedapenak.

Hala ere, testamentua egiteko unean, testamentugileak xedatu ahal izanen du baliogabeak izatea edo ezeztaturik geratzea itxuraz berak eginikotzat ager daitezkeen testamentu olografo edo testamentu- memoriak, horietan ez badira adierazi ikurritz, zeinu edo bestelako betekizun jakinak.

209. legea b) Seme-alabatasunari buruzko aitorpena Mortis causa egintzaren ezeztapenak ez du eraginik izanen horretan seme-alabatasunari buruz jasotako aitorpenaren baliozkotasun eta eragingarritasunean, halako aitorpenik baldin bada.

210. legea c) Ezeztapena, geroko testamentu, itun, mortis causa dohaintza eta abarren bidez Testamentua zuzenbide osoz ezeztatu dela ulertuko da, horren ondoren beste testamentu edo oinordetza-itun baliozko bat egiten bada, salbu eta horietan xedatu denean testamentuak oso-osorik edo zati batez indarrean irautea.

Mortis causa dohaintza, kodizilo eta testamentu-memoriek testamentuaren xedapenak ezeztatzen dituzte, baina elkarrekin bateraezinak diren neurrian bakarrik.

211. legea Oinordetza-itunak ezeztatzea Oinordetza-itunak ezeztatzeari dagokionez, 182. legean ezarritakoa beteko da.

212. legea Kodiziloak eta testamentuko memoriak ezeztatzea Kodiziloak eta testamentuko memoriak ezeztaturik geratuko dira geroko testamentuen eraginez, horietan baieztaturik agertzen direnean izan ezik.

Aurkako frogarik izan ezean, datarik gabeko testamentu-memoriak kodiziloen eta datadun memorien aurrekoak direla ulertuko da.

Testamentuko memoriak eta kodiziloak ez dira ezeztaturik geratuko geroko beste batzuen eraginez, batzuk eta besteak bateraezinak diren neurrian baino.

213. legea Testamentu eta memoriak ezeztatu eta bestelakotzea Testamentuaren ezeztapenak berarekin dakar horretan oinarria duten testamentu- memoriena ere. Testamentuaren baliogabetasuna gorabehera, horri lotuta egiten diren testamentu-memoriek testamentu olografoen balioa izanen dute, horietan beharrezkoak diren betekizunak badituzte.

214. legea Mortis causa dohaintzak ezeztatzea Mortis causa dohaintzen ezeztapenari dagokionez, 169. legean ezarritakoa beteko da.

VII. TITULUA JARAUNSLE-IZENDAPENA

215. legea Nahitaezko ez izatea Oinordetza-ituna eta testamentua baliozkoak izanen dira, nahiz eta horietan jaraunsle izendapenik jaso ez, edo horrek ondasun guztiak hartu ez. Testamentua eragingarria izanen da, orobat, izendatua jaraunsle izateko gai izan ala ez, edo horrek jarauntsia onartu ez arren. Oinordetza-itunei dagokienez, 207. legean xedaturikoa beteko da.

216. legea «Institutio ex re certa» Jaraunslea gauza zehatzaren gainean izendatu bada, eta jaraunsle hori ez bada pilatzen titulu unibertsalaren bidez izendatu den beste batekin edo batzuekin, ulertuko da hari jarauntsi osora deitu zaiola; baina, beste batekin edo batzuekin pilatzen bada, legatu-hartzailetzat hartuko da.

Jaraunsle guztiak gauza zehatzaren gainean izendatu badira, hainbana jarauntsiko dute, eta gauza zehatzaren gaineko seinalamendua baliozkoa izanen da aurrelegatu gisa.

Erregela horiek beroriek aplikatuko zaizkio gozamenaren gainean bakarrik izendatu denari.

217. legea Erreserbapeko izendapena Jaraunsle-izendapenean, baliozkoa da gauza zehatzaren gaineko erreserba, baina hori jarrigabekotzat hartuko da, izendatzaileak erreserbapeko gauza xedatzen ez badu. Bi pertsonak edo gehiagok batera egiten badute izendapena, eta horietako bat hiltzen bada erreserbapeko zatia oso-osorik edo zati batez xedatu gabe, bizirik dagoenak edo daudenek xeda dezakete zati hori, bestelakoa ezarri denean izan ezik.

218. legea «Institutio excepta re certa» Jaraunsle-izendapena baliozkoa da, gauza zehatza beste pertsona baten mesederako salbuetsi arren, baina salbuespen hori jarrigabekotzat hartuko da, onuradunak gauza salbuetsia eskuratzen ez badu.

219. legea «Legatum partitionis» Zati alikuotaren gaineko oinordetza- xedapen guztiak legatutzat hartuko dira, salbu eta izendatzaileak hori jaraunsle- tituluaren bitartez ordenatu duenean, edo jarauntsi osoa legatuetan banatzen duenean jaraunslerik izendatu gabe.

Jaraunsleak berak nahi duen moduan ordain dezake zati alikuotaren gaineko legatua, jarauntsiko ondasunez edo diruz, testamentugileak bestelakoa xedatu duenean izan ezik.

VIII. TITULUA ORDEZPENAK

I. KAPITULUA Printzipio orokorrak

220. legea Ordezpenak ordenatzeko askatasuna Inter vivos nahiz mortis causa erako eskuzabaltasun-egintzetan xedatzaileak ordezpenak ordena ditzake bere ondasun guztien edo batzuen gainean.

221. legea Ondoreak Ordezpen orok ordezkapen-eskubidea eta gehiagotzeko eskubidea baztertzen ditu.

222. legea Aurreko ezkontzako seme-alaben eskubideak Ordezpenak eragingabeak dira, kalte egiten badiete aurreko ezkontzetako seme-alaben eskubideei, 272. legearekin bat etorriz.

II. KAPITULUA Ordezpen arrunta

223. legea Kontzeptua eta ondoreak Xedatzaileak ordezpen bat edo batzuk ezar ditzake deitua izan dena bera edo ordezkoak xedatzailea baino lehen hiltzen direnerako, edota horiek eskuzabaltasuna onartu nahi ez edo onartu ezin dutenerako.

Bat baino gehiago izan daitezke bakar baten ordezko, edo bat bakarra izan daiteke zenbaiten ordezko, edo deituak izan direnak euren artean izan daitezke elkarren ordezko.

Zati desberdinetara deituak izan direnak elkarren ordezko badira ordezpenean zatiei buruzko aipamenik egin gabe, orduan, izendapenean ezarritakoen proportziozko zatiak dagozkie ordezko gisa.

Bi pertsonari eskuzabaltasun berberera deitzen bazaie batera, eta horietatik batek bestea ordezten badu, horren ordezkoari bi zatietara deitu zaiola ulertuko da.

III. KAPITULUA Fideikomisozko ordezpena

224. legea Kontzeptua Xedatzaileak agin dezake fideikomisodun bati edo batzuei ondoz ondo eskualdatzeko, berak zehazturiko epe eta forman, berarengandik fiduziarioak eskuratu dituen ondasunak.

Muga Ez dago kopuruaren inguruko mugarik ondoz ondoko fideikomisodunak izendatzeko, hori egiten bada lehenengo fiduziarioak ondasunak eskuratzen dituen unean bizirik edo, gutxienez, ernaldurik dauden pertsonen mesederako. Ordezpenak egin badira une horretan izaterik ez duten pertsonen mesederako, ordezpenok ezin dute laugarren deia gainditu; muga hori gainditzen duten neurrian, ulertuko da horiek ez direla egin.

225. legea Fideikomisodunek eskuratzea Fideikomisodunek fideikomisogilearengandik eskuratzen dute beti, nahiz eta fideikomisodun horiek ondoz ondoko deien ondoriozkoak izan.

Fiduziarioak elkarren fideikomisodun izan daitezke, fideikomisogileak zehazturiko kuotaren gainean eta, halakorik izan ezean, fiduziario gisa eskuratuko dutenaren arabera.

226. legea Fideikomisozko ordezpena eta ordezpen arrunta Fideikomisozko ordezpen oro baliozkoa izanen da, fideikomisodunarentzat egindako ordezpen arrunt gisa, fiduziarioak ondasunak eskuratzen ez dituenean.

Fiduziarioaren ordezpen arrunta ez da fideikomisozko ordezpena izanen ordezko arruntaren mesederako. Ordezko arruntak ondasunak eskuratzen baditu, horrek bere gain izanen du berak ordezturiko fiduziarioa zein izan eta horri dagokion fideikomisoaren karga.

227. legea Inpuber eta ezgaia ordeztea Fideikomisozko ordezpentzat hartuko dira aurreko batek bere ondorengoari utzitako ondasunen gain xedatzen dituenak, ondorengoa pubertarora heldu aurretik hiltzen denerako edo, ondorengoari buruz zorotasunaren ondoriozko adierazpena egin bada, horrek baliozko testamenturik egin ez duenerako.

228. legea Presuntzioak Zalantzazkoa bada xedatzaileak fideikomisoa ezarri, gomendioa eman edo erregu hutsa egin duen, uste izanen da azken hori egin duela. Zalantzan badago ordezpena arrunta ala fideikomisozkoa den, arrunta dela uste izanen da.

229. legea Baldintzak betetzeko unea Xedapenaren hitzez-hitzezkotasunak argiro-argiro bestelakoa erakartzen ez badu, fideikomisozko ordezpenei jarritako baldintzen inguruan ulertuko da baldintzok fiduziarioaren heriotza-unean bete behar direla; baldintzok izan daitezke, kasurako, «seme-alabarik ez izatea», horiek «testamentu egiteko adinera ez heltzea» edo antzekoak.

230. legea Seme-alabak «baldintza gisa» jartzea Eskuzabaltasun-egintzaren baldintza gisa ezarri bada eskuratzaileak seme- alabak izatea, ulertu behar da, horien aldeko susmo bat edo batzuk izan arren, baldintzaren objektu diren seme- alabok ez direla xedapenean aipatu edo horiei ez zaiela eskuratzeko deirik egin, salbu eta esanbidez hala ezarri denean.

231. legea Fideikomisodunentzako bermeak Xedatzaileak aurkakoa ezartzen duenean izan ezik, fideikomisodunek fiduziarioari galda diezaiokete edozein unetan eskuraturiko ondasunen inbentarioa egiteko eta horiek itzuliko dituela bermatzeko.

Fideikomisodunekin akordiorik lortu ezean, bermea izanen da:

1. Ondasun higiezinak Jabetza Erregistroan inskribatzea, inskripzio horretan fideikomisoa agerraraziz.

2. Balore-tituluak banku-establezimenduan gordailatzea, horren gordekinetan fideikomisoa agerraraziz.

3. Epailearen ustez nahiko den kauzioa ematea, bestelako ondasunak direnean.

232. legea Fiduziarioaren eskubideak Hurrengo legeetan ezarritako mugapenak izan ezik, fiduziarioak jabeari dagozkion eskubide guztiak ditu; baina fideikomisodunari itzuli beharko dizkio eskuraturiko ondasunak, subrogatuak, eta berezko akzesioek eta hobekuntza banaezinek dakartzaten gehikuntzak. Banantzeke dauden fruituei eta fiduziarioak izandako gastuei dagokienez, fiduziarioak gozamendunaren eskubide berberak izanen ditu.

233. legea Besterentze eta kargatzea Fiduziarioak ondasunak besteren eta karga ditzake, kargarik gabeko ondasun gisa, hurrengo kasu eta moduetan:

1. Bere kabuz, xedatzaileak horretarako baimena eman badio; kasu horretan, eskuratutako ondasunak subrogatuko dira besterenduen lekuan.

2. Fideikomisodun guztien adostasunarekin, xedatzaileak ez duenean horretarako baimenik eman, ezta esanbidez debekurik ezarri ere. Fideikomisodun guztien adostasunik izan ezean, edo fideikomisodun horietako bat zalantzazkoa, etorkizunekoa edo orain zehaztugabea bada, fiduziarioak egin ahal izanen du, epaile eskudunak horretarako baimena emanda; epaileak, betiere, ageriko beharrizan- edo onura-kasuetan bakarrik emanen du baimena, borondatezko jurisdikziopeko egintzan, eta subrogazioa ziurtatzeko neurri egokiak hartuz.

234. legea Fiduziarioak bere kabuz dituen ahalmenak Fiduziarioak bere kabuz:

1. Eskatu eta egin ahal izanen ditu jarauntsiaren banaketa, gauza erkidearen zatiketa eta mugaketa edota mugarriak jartzea, baldin eta horiek banaketa-, zatiketa- edo mugaketa-egintza hutsak badira; hala ez bada, beharrezkoa izanen da fideikomisodunen adostasuna edo epailearen baimena, aurreko legean xedaturikoarekin bat etorriz.

2. Kreditu hipotekario edo pignoratizioak kobratzean, horiek kitatu ahal izanen ditu, bai eta grazia-agiriarekin nahiz atzera-eskuratzeko itunarekin erositako ondasunak atzera-saldu ere.

3. Fideikomisogileak bere gain hartu badu besterentze batzuk egiteko betebeharra, fiduziarioak besterentze horiek egin ahal izanen ditu; halaber, jabetzari datxezkion eginbeharrak betetzeko, fiduziarioak egintzak buru ditzake, eginbeharrok fiduziario horren eskuraketa gertatu baino lehenagokoak izan arren.

4. Dirua maileguan eman dezake, eta zordunaren kaudimenaren gaineko erantzukizuna izanen du.

5. Fideikomisoari kalterik egin gabe, ondasun kontsumikorrak eta erabileraren erabileraz narriatu edo gastatzen direnak ordez ditzake.

235. legea Subrogazioa Aurreko legeekin bat etorriz, fiduziarioak kargarik gabeko ondasun gisa besterendu edo ordezten baditu fideikomisoaren objektu diren ondasunak, fideikomisoari lotuta geratuko dira horien ordez subrogaturiko dirua edo ondasunak.

236. legea Fiduziarioari baimena ematea, fideikomisodunak aukeratzeko Xedatzaileak baimena eman diezaioke fiduziarioari berak zehazturiko pertsonen artean fideikomisodun bat edo batzuk askatasunez aukera ditzan, eta ondasunak hainbana edo zati desberdinetan banatzeko erabakia har dezan.

Xedatzaileak baimena eman ezik, fiduziarioak ezin izanen die mugapenik ezarri fideikomisodunei, salbu eta halakoak ezarri direnean xedatzaileak zehazturiko beste fideikomisodunen onurarako.

Fiduziarioak testamentu bidez fideikomisoduna aukeratu badu eta ondasunak banatu baditu, aukeraketa eta banaketa horiek askatasunez ezeztatu ahal izanen ditu. Aukeraketa eta banaketa oinordetza-itunetan edo inter vivos egintzetan eginez gero, ezeztaezinak izanen dira; dena den, beste fideikomisodun bat izendatu ahal izanen da, izendatua hil edo ezgaiturik suertatzen bada, edo horri uko egiten badio fideikomisoa gauzatu baino lehen.

Fiduziarioak ez badu ahalmen hori erabiltzen, fideikomisodun guztiak izanen dira halakoak, hainbana. Kasu horretan, eta xedatzaileak ez baditu fideikomisodunen izenak aipatu, haiek izendatzeko, zehaztapena egin ahal izanen da, notarioak emandako nabaritasun-aktaren bitartez edo ad perpetuam memoriam informazioaren bitartez.

237. legea Uko egitea Fideikomisozko ordezpenak epe-mugadunak badira, fiduziarioak, uko eginda, fideikomisoaren delazioa aurreratu ahal izanen du.

Lagapena Fiduziarioak eta fideikomisodunak euren eskubideak laga ahal izanen dituzte.

Fiduziarioaren lagapena mugatuta geratuko da, fideikomisoari ezarritako baldintza bete edo epe-muga heldu arte, eta fideikomisodunaren lagapenak eragina izanen du, une horretatik aurrera.

Hirugarren bati egindako lagapenak ez dio inola ere horri jaraunsle-izaerarik ematen, eta liburu honetako XIX. tituluan jarauntsiaren lagapenari buruz xedaturikoa aplikatuko da.

238. legea Fideikomisoa zuritzea Bestelakoa xedatzen ez bada, fideikomisoa zuriturik geratuko da, eta, ondorenez, fiduziarioa itzulketa-betebeharretik aske egonen da, fideikomisodunak hil edo ezgai suertatzen badira fiduziarioa bizirik dagoela, edota fiduziarioaren mesederako fideikomisoari uko egiten bazaio edo fideikomiso hori lagatzen bada.

IV. KAPITULUA Hondakinaren gaineko ordezpena

239. legea Izendatuak ondasunak xedatzea Hondakinaren gaineko ordezpenetan bestelakoa agintzen ez bada, izendatuak inter vivos egintzen bitartez eta kostu bidez bakarrik xedatu ahal izanen ditu ondasunak. Izendatuari xedatzeko baimena eman bazaio, bai eta dohainik xedatzekoa ere, uste izanen da inter vivos nahiz mortis causa egintzen bidez xedatzeko baimena duela.

Hondakina Izendatuak ez baditu ondasun batzuk baliozkotasunez xedatu, ondasun horiek eskualdatuko zaizkie, ezarritako unean edo aurreikusitako jazokuntza gertatzean, horien jasotzaile gisa izendaturiko pertsonari edo pertsonei.

IX. TITULUA LEGATUAK

240. legea Araubidea Borondatezko xedapenik edo lege berezirik izan ezean, konpilazio honetan legatuak arautzen dituzten legeak aplikatuko zaizkie banakako tituluaren bidezko eskuzabaltasun guztiei.

241. legea Kontzeptua Agintza edo legatu dira mortis causa eta banakako tituluaren bidez egindako eskuzabaltasunak, baldin eta horiek jaraunsle-izaerarik eratxikitzen ez badute, eta horiek ezartzen bazaizkie xedatzailearen eskutik, beraren borondatez edo legez, ondasunak dohainik jasotzen dituzten pertsonei.

242. legea Ondoreak Legatu moduan ematen bada xedatzailearen beraren gauza jakin eta zehatz bat, legatu horrek eragingarritasun erreala du, eta legatu-hartzaileak jabetza eskuratzen du kausatzailea hildakoan.

Bestelako legatuetan, legatu-hartzaileak akzio pertsonala bakarrik du legatua bete dadin galdatzeko.

243. legea Edukitza Legatu-hartzaileak bere kabuz ezin du legatupeko gauzaren edukitza eskuratu; aitzitik, hori galdatu beharko dio legatuarekin kargaturiko pertsonari edo edukitza emateko ahalmena duenari. Pertsona horiek edukitza berreskuratzeko interdiktua erabili ahal izanen dute, legatu-hartzaileak, ematea gertatu baino lehen, legatupeko gauzaren edukitza eskuratu badu.

Hala ere, legatu-hartzaileak legatuaren edukitza eskuratu ahal izanen du:

1. Xedatzaileak horretarako baimena eman duenean.

2. Jaraunslerik izan ez, eta legatu- -hartzailea zati alikuotaren edo gozamen unibertsalaren gainean izendatu denean.

3. Jarauntsi osoa legatuetan banatuta egonik, legatu-hartzaile guztiak ados daudenean, eta zati alikuotaren gaineko legatu-hartzailerik edo ematea gauzatzeko ahaldunik ez dagoenean; ados jartzen ez badira, legatu-hartzaileek epailearengana jo ahal izanen dute emate hori eskatzeko.

244. legea Urripena Xedatzaileak bestelakorik ezarri ezean, legatuak urritu behar badira jarauntsiko zorrak ordaintzeko, edo jarauntsiko ondasunak nahiko ez badira legatu guztiak ordaintzeko, legatu horiek lainean urrituko dira.

Urripena eginen da, orobat, zorrak badaude eta jarauntsia oso-osorik banatu bada, zati alikuotaren gaineko legatuaz besteko legatuetan.

245. legea Fruituak Legatu-hartzaileek fruitu nahiz errentak bereganatzen dituzte epaiketan edo epaiketatik kanpo legatuaren ematea galdatu dutenetik.

Salbuespenez, legatuek erruki- edo ongintza-xedea badute, fruitu edo korrituak zorko dira testamentugilea hiltzen den unetik.

246. legea Unibertsaltasunaren gaineko legatua Legatua unibertsaltasun baten gainekoa bada, legatu-hartzaileari dagozkio xedatzailearen heriotza-unean unibertsaltasun horren osagai ziren gauza edo eskubide guztiak.

247. legea Gauza generikoaren gaineko legatua Gauza generikoaren gaineko legatuan, legatu-hartzaileari dagokio aukeratzea, xedatzaileak ezarritakoari kalterik egin gabe.

248. legea Hautabidezko legatua Hautabidezko legatuek eragingarritasun erreala dutenean, legatu-hartzaileari dagokio aukeratzea, eta, eragingarritasun pertsonala dutenean, jaraunsleari, xedatzailearen borondatea bestelakoa izan ezik.

249. legea Inoren gauzaren gaineko legatua Inoren gauzaren gaineko legatua edo inoren gauzaren gainean eskubide erreala eratzeko legatua baliozkoa izanen da, bakar-bakarrik, legatu-hartzaileak frogatzen badu testamentugileak bazekiela gauza inorena zela. Legatua baliozkoa denean, jaraunslea bere betebeharretik askatu ahal izanen da balioa zenbatespen zuzenaren arabera ordainduz.

250. legea Gozamen unibertsalaren gaineko legatua Aurkako xedapenik izan ezean, gozamen unibertsalaren gaineko legatuak bere barruan hartuko ditu kausatzaileak utzitako ondasun guztiak, 255 eta 256. legeek baztertutakoak izan ezik.

255. legeko 5, 6 eta 7. zenbakietan aipaturikoez besteko legatuak gozamen unibertsalarekin lotuta geratuko dira, eta ondasunok emanen dira eskubide hori azkentzean bakarrik.

Testamentugileak gozamenduna aska dezake inbentarioa egiteko eta bermea emateko betebeharretatik.

Gozamendunari xedatze-ahalmenak eman bazaizkio esanbidez, ahalmenon egikaritzari aplikatuko zaio 239. legean ezarritakoa, eta, jarauntsiko hartzekodunen ordainketari, 318 eta 319. legeetan xedaturikoa.

251. legea Konkista-ondasunen gaineko legatua Konkista-ondasunen gaineko legatuan, ezkontide batek ondasunok legatuan ematen baditu bestearen mesederako, edo biek batera egiten badute legatua hirugarren baten mesederako, ulertuko da horietako bakoitzak legatuan ematen duela legatupeko objektuaren erdia.

Ezkontide batek, bere kabuz, hirugarren bati legatuan ematen badio objektu osoa, legatua baliozkoa izanen da, oso-osorik; baina, konkista-sozietatea likidatzean kausatzailearen jarauntsiari adjudikatzen ez zaion zatiaren gainean, eragina pertsonala izanen da huts-hutsean, inoren gauzaren gaineko legatu baliozko gisa.

252. legea Legatua azkentzea Legatuan eman bada xedatzailearen beraren gauza jakin eta zehatza, legatu hori azkenduko da, haren heriotza-unean gauzaren jabetza beste pertsona batena bada. Hala ere, legatu-hartzaileak gauza kostu bidez eskuratzen badu xedatzaileaz bestelako pertsona batengandik, ulertuko da legatupekoa dela legatu-hartzaileak emandako kontraprestazioaren prezio edo balioa.

X. TITULUA XEDATZEKO ASKATASUNAREN MUGAPENAK

I. KAPITULUA Fideltasunaren ondoriozko lege-gozamena

253. legea Kontzeptua Alargunak fideltasun-gozamena du aurrez hildakoari heriotza-unean dagozkion ondasun eta eskubide guztien gainean.

Ondorio hauetarako, legeak onartutako bikote egonkorraren kide bat hilez gero, alargun gelditzen den kidearen egoera ezkontide alargunaren egoeraren parekotzat joko da*.

* Uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzkoak, lerrokada hori gaineratu du; dena den, konstituzioaurkakotasun-errekurtsoa jarri da lege horren aurka.

Lege pertsonala Fideltasun-gozamena alargunarentzat gertatuko da, aurrez hildakoak Nafarroako forudunaren izaera baldin badu heriotza-unean.

Besterenduezintasuna Eskubide hori besterenduezina da; dena den, jabe soilek eta gozamendunak, guztiek batera, besterendu edo kargatu ahal izanen dute gozamenpeko ondasunen jabari osoa.

Uko egitea Baliozkoa da fideltasun-gozamenari aurretiaz egindako ukoa, hori eskritura publikoan egin bada, ezkontzaren aurretik edo horren ondoren.

254. legea Gozamenetik baztertzea Ez du fideltasunaren ondoriozko lege- gozamenik izanen:

1. Egitezko banantze-kasuetan:

a) Ezkontideetatik inork ere ez, biek hitzartu edo adostu badute banantze hori; ez da ulertuko bertan behera utzitako ezkontideak adostasuna eman duenik, nahiz eta horrek bertan behera uztea salatu ez, edo epaiketazko banantzea eragin ez, salbu eta, beste ezkontideak agindei sinesgarria eginda, sei hilabeteko epean banantzearen aurkako borondaterik agertu ez duenean.

b) Banantzea eragin duen ezkontideak, hori gertatu bada fideltasunik ez izateagatik, familia-eginbeharren ezbetetze larriarengatik, edo beste ezkontidearen biziaren aurka atentatzeagatik.

2. Zuzenbidezko banantzean:

a) Ezkontideetatik inork ere ez, biek hitzartu edo adostu badute banantze hori.

b) Banantze-arrazoian sartu den ezkontideak, hori gertatu bada familiaren etxea bertan behera uzteagatik, ezkontideen artean fideltasunik ez izateagatik, ezkontzako nahiz familiako eginbeharren ez-betetze larri edo errepikatuarengatik, edo beste ezkontidearen bizitzaren aurka atentatzeagatik.

c) Banantzea eskatu duen ezkontideak, hori eskatzeko arrazoia izan bada besteak adostu ez duen egitezko banantzea.

d) Ezkontideetatik batek ere ez, gainerako banantze-kasuetan.

3. Betearazpen-bidean kondenatua izan den ezkontideak, hori gertatu bada bestearen bizitzaren aurka atentatzeagatik.

4. Epai irmoaren bidez, bi ezkontideen seme-alaben gaineko guraso-ahala galdu duenak.

Testamentuan edo oinordetza-itunean, ezkontide batek besteari ken diezaioke fideltasun-gozamena, azken hori sartu denean lege honetako 2.b idatz-zatian aipaturiko arrazoietatik batean, nahiz eta banantzerik egon ez.

255. legea Hedadura Gozamena hedatzen da, aurrez hildako ezkontideari dagozkion ondasun eta eskubideetara, nahiz eta horiek dei, lehengoratze edo itzulketari lotuta egon, jarraiko ondasun eta eskubideak salbu:

Baztertutako ondasunak 1. Fideikomisozko ordezpenaren mendeko ondasunak, xedatzaileak aurkakoa ezartzen duenean izan ezik.

2. Gozamena, erabili eta biztantzeko eskubideak edota bizi arteko izaera pertsonala duten beste eskubideak.

3. Aurrez hildako ezkontideak dohainik eskuraturiko ondasunak, horiek fideltasun-gozamenetik esanbidez baztertu badira.

4. Mortis causa dohaintzaren objektu izan diren ondasunak.

5. Erruki-legatuak edo lurperatzea eta hiletak ordaintzeko emandakoak.

6. Seme-alabei zuzkidura egiteko legatuak edo, testamentugileak ahaideei zuzkidura emateko betebeharra badu, betebehar hori gauzatzeko legatua.

7. Eta ordain gisa emandako legatuak, ziurra bada ordaindu beharreko zerbitzua egin dela.

256. legea Bigarrenez ezkondurik egotea Aurrez hildakoaren bigarren edo gehiagogarren ezkontzakoa bada alarguna, alargun horri dagokion gozamenetik baztertuta geratzen dira hurrengo ondasunak:

1. Aurreko ezkontzako seme-alaba edo ondorengoentzat erreserbatu beharrekoak, 274 eta 275. legeetan ezarritakoarekin bat etorriz.

2. Bigarrenez ezkondurikoak seme- alaba eta ondorengo berberentzat lehenespenez utzi beharrekoak, geroko ezkontzakoen aurretik, 272. legean ezarritakoaren arabera.

3. Bigarrenez ezkondutakoak dohainik eskuratu dituenak, baldin eta aurreko ezkontzako seme-alaba edo ondorengoei oinordetzara deitu bazaie eta horiek bizirik badaude. Salbuespen gisa har daiteke, bigarrenez edo gehiagogarrenez ezkontzeko, deia ordenatu duten pertsona guztiek edo horietatik bizirik daudenek euren adostasuna ematea.

257. legea Inbentarioa Alargunak ez du fideltasun-gozamenik eskuratuko, baldin eta gozamen horren hedadura ezagunean sartzen diren ondasun guztiekin ez badu inbentarioa egiten.

Inbentarioa eskritura publikoan agerrarazi behar da, eta horri hasiera emanen zaio, ezkontidearen heriotza gertatu edo horren heriotza-adierazpena egin eta hurrengo berrogeita hamar egunetan, eta amaiera emanen zaio beste berrogeita hamar egunetan. Ehun eguneko epe horretan, inbentario berrien bidez gehi daitezke sartu gabe geratu diren ondasunak. Ezinbesteko kasuetan, epeok eten eginen dira arrazoiak dirauen artean.

Fideltasun-gozamenak ez badu hasi behar beste pertsona batzuentzat ezarritako gozamena azkendu arte, epeon zenbaketa hasiko da borondatezko gozamena azkentzen denean.

Testamentua, oinordetza-ituna edo halako egintzetan ordenaturiko jaraunsle-izendapena deuseza bada, inbentarioa egiteko epeen zenbaketa hasiko da deuseztasuna deklaratzeko epai irmoa alargunari jakinarazten zaionean.

Jabe soilak hala eskatuta, gozamendunak nahitaez adierazi beharko du zein notarioren aurrean egin duen inbentarioa edo horri egindako gehikuntza. Jabe soilak inbentarioaren kopia lortzeko eskubidea du, eta gozamendunari eskatu ahal izanen dio ongi ditzan eskritura publikoaren bidez inbentarioan izandako oker eta hutsuneak.

258. legea Eskubideak Alargunak izanen ditu gozamendunari orokorrean dagozkion eskubide guztiak, hirugarren liburuko IV. tituluaren lehenengo kapituluarekin bat etorriz, bai eta, hala denean, aurrez hildako ezkontideak, borondatez, berari eman dizkionak edo itundu dituenak ere.

Gainera, fideltasun-gozamena sozietate anonimoen akzioen gainean eratzen bada, eta sozietatearen estatutu, itun edo erabakiek bestelakoa xedatzen ez badute, hurrengo erregelak beteko dira:

1. Jabe soilari dagokio, eta berari bakarrik, akzio berriak harpidetzeko lehenespen-eskubidea; baina horrek ez badu eskubidea erabiltzen, gozamendunak bere kabuz egin ahal izanen du harpidetza, jabe soilaren izenean, ordainketa edo gastu egokiak eginez, eta, ahalmen hori egikaritzen ez badu, besterendutako harpidetza-eskubideen balioa galda dezake.

2. Gozamena hedatuko da harpidetu diren akzio berrietara; gozamendunak jabe soilari eman beharko dizkio harpidetzaren ondorioz horrek izan dituen ordainketa eta gastu guztiak, eta ez badu hori egiten jabe soilaren agindeitik hogeita hamar eguneko epean, ez du gozamenik izanen akzio berrien gainean; kasu horretan, jabe soilak besterendutako harpidetze-eskubideen zenbatekoa bakarrik hartuko du. Gozamendunak jabe soilari eman behar badizkio horrek egindako gastu eta ordainketak, ez du itzulketa eskubiderik izanen.

3. Tituluak ordeztu edo akzioak amortizatzen badira, gozamena titulu berrien gainekoa edo amortizazioaren zenbatekoaren gainekoa izanen da, subrogazio bidez.

4. Gozamena eratu bada akzio bihur daitezkeen obligazioen gainean, gozamena akzioen gainekoa izanen da, eta aurreko zenbakietan xedaturikoa aplikatuko da.

Akzioen gaineko gozamenari buruz lege honetan ezarritako xedapenak aplikatuko zaizkie, horien izaeraren arabera aplikagarri diren neurrian, bestelako gozamenei ere, horiek erantzukizun mugatuko sozietateen partaidetzen gain eta sozietate kolektibo, komanditako sozietate edo sozietate zibilen kuoten gain eratu badira.

259. legea Betebeharrak Ezkontide gozamendunak ondokoak egin behar ditu:

1. Ondasunak administratu eta ustiatu, familiako guraso on batek egingo lukeen moduan.

2. Aurrez hildako ezkontidearen azken gaixoaldi, lurperatze, hileta eta arimakarien ondoriozko gastuak ordaindu.

3. Mantenua eman, luperketaren mugen barruan, aurrez hildako ezkontidearen seme-alaba eta ondorengoei, aurrez hildakoak hori emateko betebeharra bazuen, betiere, mantenu-hartzaileek hori galdatzeko legezko egoera betetzen dutenean.

4. Aurrez hildako ezkontidearen zorrak jarauntsiaren diruarekin ordaindu, zorrok galdatzeko modukoak direnean. Ez badago behar beste dirurik, jarauntsiko ondasunak besterendu ahal izanen ditu, aldez aurretik jabe soilekin akordioa eginez; akordiorik lortu ezean, jabe soilak ezezagunak badira edo absente badaude, beharrezkoa izanen da epailearen baimena ondasunak besterentzeko.

5. Gozamenari datxezkion zama guztiak ordaindu.

260. legea Transformazioa Gozamendunak ez badie jaramonik egiten jabe soilek administrazio eta ustiapenaren inguruan emandako jarraibide edo oharrei, horiek epailearengana jo ahal izanen dute.

Alargun gozamendunak ezin badu epailearen erabakia bete edo hori bete nahi ez badu, jabe soilek ondasunak emateko eta gozamena errenta batez ordezteko eskatu ahal izanen dute; errenta hori jabe soilaren kontura emanen da eta ezin izanen da izan azken bost urteetan lorturiko batez besteko etekina baino txikiagoa, eta hori berrikusteko modukoa izan beharko da inguruabar objektiboak aldatzen direnean.

261. legea Azkentzea Fideltasun-gozamena azkentzen da:

1. Gozamenduna hiltzen denean.

2. Horri eskritura publikoan esanbidez uko egiten zaionean.

3. Gozamenduna berriro ezkontzen denean, aurrez hildako ezkontideak aurkako itun edo xedapena egin duenean izan ezik.

262. legea Gozamena galtzea Alargunak, jabe soilek hala eskatuta, fideltasun-gozamena galduko du:

1. Beste norbaitekin ezkondu-bizimodua egiten duenean.

2. Ageri-agerian bizimodu lizuna duenean, edo seme-alabak gaizpideratzen dituenean.

3. Ondasunak besterendu edo kargatzen dituenean, 253. legeak eta 259. legeko 4. zenbakiak ezarritako kasuetan salbu, eta itun bidez nahiz aurrez hildako ezkontidearen xedapen bidez horretarako baimen egokia ematen zaionean izan ezik.

4. Bere betebeharrak betetzen ez dituenean, doloaz edo zabarkeria astunaz.

5. Urtebete eta egun bateko epean zehar, orokorrean eta zabarkeriaz, fideltasun- gozamenari datxezkion betebeharrak betetzen ez dituenean, 259. legearekin bat etorriz.

263. legea Interdiktua Fideltasun-gozamena bukatu eta gero, jabe soilek ondasunen edukitza eskura dezakete interdiktuaren bitartez.

264. legea Borondatezko aldarazpenak Xedatzailearen borondatez edo itun bidez, ondokoa gerta daiteke:

1. Inbentarioa egiteko betebeharra kentzea, salbu eta, bigarren edo geroagoko ezkontza izanik, aurreko ezkontzaren seme-alaba edo ondorengoak daudenean.

2. Ondasunak besterendu edo kargatzeko ahalmena ematea.

3. Gozamenari eusteko baimena ematea, nahiz eta gozamenduna berriro ezkondu.

4. Gozamena egikaritu ahal izateko, bermea era dadin galdatzea.

5. Epe, baldintza eta zamak ezartzea, edo eskubidearen eskuraketa, egikaritza eta azkentzea edozein modutan aldaraztea.

4 eta 5. zenbakietan arauturiko kasuetan, beharrezkoak izanen dira ezkontide gozamendunaren adostasuna eta onarpena.

265. legea Analogia Edozein pertsonari, alarguntasun- -baldintzaren menpe, borondatezko gozamen unibertsala nahiz ondasun zehatzen gaineko gozamena eman bazaio, gozamen horri kapitulu honetako legeak aplikatuko zaizkio, legeok gozamena emateko itun edo xedapenaren aurkakoak ez diren neurrian.

266. legea Arau subsidiarioak Kapitulu honek ezartzen ez dituen kontuetan, fideltasun-gozamena hirugarren liburuko IV. tituluaren I. kapituluan gozamenari buruz emandako xedapen orokorren menpe dagoela ulertuko da.

II. KAPITULUA Senipartea

267. legea Kontzeptua Nafarroako senipartea dela bide, nahitaezko jaraunsle bakoitzari forma egokian eratxikitzen zaizkio, ondasun higigarriei dagokienez, bost alokairu «feble» edo «carlin» eta, ondasun higiezinei dagokienez, herri-mendietako erregu bat lur. Seniparte horrek ez du galdatzeko moduko ondare-edukirik, eta ez du jaraunsle-izaerarik eratxikitzen; senipartearen gainean izendatuak ez du inolako erantzukizunik izanen jarauntsiko zorren gainean, eta ezin izanen du jaraunslearen beraren eskubiderik egikaritu.

268. legea Senipartedunak Testamentuaren bidez eta oinordetza- itunen bidez, foru-senipartearen gain izendatu behar dira:

1. Ezkontzako seme-alabak, ezkontzaz kanpokoak eta adopzio osoan hartutakoak.

2. Halakorik izan ezean, horien gradurik hurbileneko ondorengoak.

269. legea Forma Foru-senipartearen gaineko izendapena senipartedun guztientzat egin daiteke modu kolektiboan.

270. legea Salbuespenak Ez da beharrezkoa foru-senipartearen gaineko izendapenik egitea, xedatzaileak senipartedunei zuzkidura eman dienean, mortis causa tituluaren bidez edozein eskuzabaltasun eratxiki dienean, arrazoi zuzena dela-eta horiek jaraunsgabetu dituenean, senipartedunok haren jarauntsiari uko egin diotenean, edota horiekaurrez hil direnean seniparte-eskubidedun ondorengorik utzi gabe. Jaraunsgabetzeko arrazoi zuzen izanen dira Kode Zibilaren 852 eta 853. artikuluetara bildutakoak

271. legea Preterizioa Preterizioak ondore gisa dakar jaraunsle- izendapenaren deuseztasuna; baina preterizio horrek ez die kalterik eginen gainerako xedapenei. Senipartedun preterituak edo horren jaraunsleek bakarrik egikari dezakete aurkaratze- akzioa.

III. KAPITULUA Aurreko ezkontzako seme-alaben eskubideak

272. legea Xedapenak mugatzea Aurreko ezkontzako seme-alabek ezin dute euren gurasoengandik jaso geroko ezkontzako seme-alaba edo ezkontidearen artetik onura gehien lortu dituenak baino gutxiago. Ezkontza horretako seme-alabak aurrez hiltzen badira, beti ordezkapen-eskubidea gertatuko da haien ondorengoen mesederako.

Gutxiago eskuratuz gero, akatsa zuzenduko da kaltedun guztiak berdinetsiz, onuradunen kontura eta gainerakoen partaidetzak aldatu gabe. Ez-ofiziosotasunaren ondoriozko akzioa egikaritu ahal izanen dute seme-alaba edo ondorengo kaltedunek edo horien kausadunek bakarrik, eta hori jarri beharko dute xedatzailea hil eta hurrengo lau urteetan zehar. Kausatzaileak, inter vivos nahiz mortis causa egintzetan, ezkontide berriari edo geroko ezkontzan izandako ondorengoei eratxiki badizkie ondasun jakin batzuk, eta horien balioa gehiegizkoa bada, konpentsazioa eman ahal izanen diete aurreko ezkontzako ondorengoei, jarauntsiko ondasunekin edo diruarekin.

Aurreko ezkontzako seme-alaben eskubide hori ez da gertatuko beste pertsona batzuentzako xedapenei dagokienez.

Lege honetan ezarritakoa ez zaie aplikatuko aurreko ezkontzako seme-alabei, horiek testamentu bidez edo oinordetza- -itunaren bidez jaraunsgabetu badira, Kode Zibilaren 852 eta 853. artikuluetako arrazoietatik edozein dela bide.

273. legea Baztertutako ondasunak Aurreko legearen ondoreetarako, ez dira zenbatuko:

1. Hurrengo kapituluan ezarritakoarekin bat etorriz, bigarrenez ezkondutako aitak edo amak aurreko ezkontzan izandako seme-alabentzat erreserbatu beharreko ondasunak, horien esku geratu behar baitira oso-osorik.

2. Bigarrenez ezkondutako aitak edo amak ezkontide berriaren edo horren aurreko zein ondorengoen eskutik dohainik harturiko ondasunak, hark ondasunok askatasunez xeda baititzake.

IV. KAPITULUA Bigarrenez ezkondutakoak egin beharreko erreserba

274. legea Erreserbatzeko betebeharra Berriro ezkondutako aitak edo amak aurreko ezkontzan izandako seme-alaba edo horien ondorengoei erreserbatu eta utzi behar die berak aurreko ezkontidearen, horrekin izandako seme-alaben edo horien ondorengoen eskutik eta dohaineko edozein tituluren bidez eskuratu dituen ondasun guztien jabetza, erresen gainekoa salbu.

Betebehar horrek indarrean dirau, ondorengo erreserba-hartzaileak dauden artean, nahiz eta bigarrenez ezkondutako aita edo ama alargun geratu eta egoera horretan hil.

Deuseza izanen da erreserba egiteko betebeharra kentzea, hori ezkontide batek bestearen mesederako egiten badu berriro ezkontzen den kasurako.

Era berean, deuseza izanen da bigarrenez ezkonduriko aitak edo amak egindako xedapena, lege honetan ezarritakoa urratzen badu.

Bigarrenez ezkondutako aitak edo amak erreserbapeko ondasunak askatasunez xeda ditzake seme-alaba edota ondorengo erreserba-hartzaileen artean. Ondasunak xedatzen ez baditu, erreserba-hartzaileak ondasunon jaraunsle izanen dira, legezko oinordetzari buruz ezarritakoarekin bat etorriz.

275. legea Erreserba-hartzaileak nortzuk diren zehaztea Erreserba-hartzaileek jaraunsle izan behar badute legezko oinordetzarako hurrenkerarekin bat etorriz, horiek nortzuk diren zehaztu ahal izanen da, notarioak egindako nabaritasun-aktaren edo ad perpetuam memoriam informazioaren bitartez.

276. legea Erreserba azkentzea Erreserba egiteko betebeharra azkenduko da erreserba-hartzaile guztiek euren eskubideei uko egiten dietenean, horiek oinordeko izateko gaitasunik ez dutenean, legez jaraunsgabetuak izan direnean edota erreserbagilea baino lehenago hil direnean, aurrez hiltze kasuetarako ordezkapen-eskubidea salbu.

277. legea Erreserbapeko ondasunak besterentzea Erreserbapeko ondasun higiezin edo higigarrien gainean, besterentze- edo kargatze- egintzak burutu badira, horiei Kode Zibilaren eta hipoteka legeriaren xedapenak aplikatuko zaizkie. Hala ere, baliozkotasuna eta behin betiko eragingarritasuna izanen dute erreserbagileak gauzaturiko egintzek, baldin eta, besterentzea edo kargatzea gauzatzeko unean, aurrez hildakoen seme-alaba erreserba- -hartzaile edo ondorengo diren guztien adostasuna badu.

Erreserbapeko ondasunak besterenduz gero, erreserbaren objektu izanen dira subrogatutako ondasunak.

278. legea Arau osagarriak Kapitulu honetan ezarritako erreserbari aplikatuko zaizkio Kode Zibilean eta Hipoteka Legean inbentarioari buruz eta erreserba-hartzaileen bermeei buruz ezarritako xedapenak.

V. KAPITULUA Ondasunak lehengoratzea

279. legea Aurrekoei eskuzabaltasunak lehengoratzea Dohaintza-emailearen uko egiterik izan ezean, edo aurkako xedapenik izan ezean, aurrekoak ondasun batzuk eskualdatu badizkio dohainik naturaren araberako edo adopzio osoaren bidezko seme-alabari edota dohaintza-emailea baino lehen eta ondorengorik gabe hildako ondorengoari, ondasunok aurrekoari lehengoratuko zaizkio. Ondasunok besterendu badira, lehengoratzearen objektu izanen dira subrogatutako ondasun edo eskubideak bakarrik.

280. legea Lehengoratzea kasu berezietan Kausatzaileak ondasun batzuk eskuratu baditu propter nuptias dohaintzaren bidez edo ezkonsari nahiz zuzkiduraren bidez, orduan, 116 eta 123. legeetan, eta 135. legeko bigarren lerrokadan xedaturikoa beteko da.

XI. TITULUA FIDUZIARIOKOMISARIOAK

281. legea Kontzeptua Kausatzailea hiltzen bada oinordetza bestelako moduan ordenatu gabe, kausatzaile horrek fiduziario-komisario bati eskuorde diezazkioke testamentuan, ezkontzako itunetan edo beste eskritura publiko batean, jaraunsle edo dohaintza-hartzaile unibertsala izendatzeko ahalmenak, bai eta zuzkidurak seinalatu eta legatuak xedatzekoak ere, eskuordetzan ezarritako mugen barruan eta titulu honetan xedatutakoarekin bat etorriz. Eskuordetza ezkontideari edo beste pertsona batzuei eman dakieke, banaka, guztiei batera edo modu subsidiarioan; «ahaideei» modu generikoan eman bazaie, ulertuko da Ahaide Nagusiei utzi zaiela.

Interpretazioa Oinordetza-fiduzian, kausatzailearen borondateari buruz egindako interpretazioa eta integrazioa tokiko ohiturei eta familiaren usadioei egokitu behar zaizkie. Bestelakorik ezarri ezean, hurrengo legeak beteko dira.

282. legea Eskuordetzea Fiduziario-komisarioaren eginkizuna bere-berezkoa da; baina egintzaren betearazpen edo formalizazio hutsa beste inori eskuorde dakioke, baldin eta ahalordearen agerkai egokian jasotzen bada borondatearen eduki nagusia.

283. legea Jarduteko modua Fiduziarioak bat baino gehiago badira, horiek gehiengoz hartuko dituzte erabakiak. Ahaide Nagusiak badira fiduziario, 145. legean xedaturikoa beteko da.

284. legea Gaitasuna Fiduziarioak adin nagusiko izan behar du bere eginkizuna betetzeko unean, baina ezkontidea bada fiduziario, nahiko izanen da horrek testamentu egiteko gaitasuna izatea.

Berriro ezkondutako alargunak fiduziario- izaera galduko du.

Halaber, ezkontide batek bestea izendatu badu fiduziario, izendapen hori eraginik gabe geldituko da, deuseztasun, banantze edo dibortzioaren gaineko epai irmoaren bidez.

285. legea Ahalmenak Kausatzaileak fiduziario izendatu baditu beste pertsona batzuk, banaka edo ezkontidearekin nahiz aurrekoekin batera, jaraunsle edo dohaintza-hartzaile unibertsalaren izendapenak egin beharko dira, 144. legean Ahaide Nagusiei buruz xedatutakoarekin bat etorriz.

Fiduziarioak edozein izanda ere, izendapenak egin baino lehen, fiduziario horiek, egintza batean edo batzuetan zuzkidurak edo bestelako eskubideak seinala eta eman ditzakete etxearen kontura. Seinalamendu horiek ez dakarte inolako eragozpenik geroago onuradunetatik bat jaraunsle edo dohaintza-hartzaile izendatzeko, seinalamenduak egitean bestelakoa ezarri ez bada.

286. legea Forma Fiduziarioek izendapenak egin behar dituzte testamentuan edo eskritura publikoan; azken kasu horretan, izendapenok ezeztaezinak izanen dira, 114. legean xedaturikoa salbu.

287. legea Mendekotasun-egoera Fiduziarioak badira kausatzailearen ezkontidea edo aurrekoak, euren eginkizuna oso-osorik betetzen ez duten bitartean administratzeko eta xedatzeko ahalmenak izanen dituzte oraindik xedatu ez dituzten ondasunen gainean.

Fiduziarioak bestelakoak badira, jarauntsi-erkidegoari buruzko erregelak aplikatuko dira deituen artean, baina horietako bat adingabea edo ezgaia bada, adjudikazio- hartzaileen adostasuna beharrezkoa izanen da xedatze-egintzak gauzatzeko.

288. legea Betearazteko ezintasuna Heriotza, uko egite, ezintasun edo beste arrazoi baten ondorioz, fiduziarioek ezin badute jaraunsle edo dohaintza- hartzaile unibertsala izendatu, eta ezinezkoa bada Ahaide Nagusiek izendapen hori egitea, seme edo alaba nagusiak eska dezake bera jaraunsle izendatzeko edo, halakorik ez badago, etxean bizi diren ondorengoetatik nagusiak, horiek ez badira baztertu edo ez badute ukorik egin. Inork ere ez badu halakorik eskatzen, legezko oinordetza irekiko da.

XII. TITULUA KONFIANTZAZKO JARAUNSLEAK

289. legea Kontzeptua Testamentugileak konfiantzazko jaraunsle edo fiduziario izenda ditzake norbanakoak edo pertsona juridikoak, baldin eta horiei ahalmenak ematen badizkie jarauntsi osoaren edo zati baten ardura euren gain hartzeko eta jarauntsia xedatzeko; betiere, testamentugileak idatziz edo hitzez sekretupean eman dizkien jarraibideetan adierazitako xedearekin bat etorriz.

290. legea Konfiantza jendaurrean agertzea Aurkako xedapenik izan ezean, jaraunsle- fiduziarioak ez du inongo bete-beharrik berak jasotako konfiantza jendaurrean agertzeko, ezta bere kudeaketaren kontuak emateko ere.

Zerga-legerian ezarritako epeen ondorioz, fiduziarioak konfiantza jendaurrean agertu behar badu, nahiko izanen da horri buruz adierazpen generikoa egitea.

Izendapenaren eragingarritasunari buruz edo jaraunsle-fiduziarioak egindako kudeaketari buruz liskarra izanez gero, testamentugileak xeda dezake hori jaraunsletzat besterik ez hartzea.

291. legea Izaera Konfiantzazko jaraunsleak, konfiantza jendaurrean agertzen ez duen artean, jaraunsleari dagozkion eskubide guztiak egikari ditzake. Behin konfiantza adierazi eta gero, jaraunslea testamentugilearen borondatearen betearazletzat hartuko da izendapenera bildutako ondasunei begira; jaraunsle horrek izanen ditu albazeari, kontulari-banatzaileari eta jarauntsiaren ordezkoari dagozkien ahalmenak, eta horiek egikaritu ahal izanen ditu iraupen mugaturik gabe, salbu eta testamentugileak horretarako epea zehaztu duenean.

292. legea Jarduteko modua Besterik ezarri ez bada, konfiantzazko jaraunsleek gehiengoz jardunen dute; jaraunsleok bi badira, bi-biok batera; eta bat bakarrik geratuz gero, bere kabuz.

Eskuordetza Testamentugileak esanbidez baimena eman badu, konfiantzazko jaraunsleak, mortis causa egintzaren bitartez, bere eginkizuna osorik edo zati batez eskuorde diezaieke beste pertsona bati edo batzuei, dela konfiantza jendaurrean agertuz, dela testamentugilearengandik jasotako jarraibideak isilpean eskualdatuz, hitzez ala idatziz.

293. legea Fiduzia jarraitua Testamentugileak fiduzia jarraitua ezar dezake, eta hori ez da azkenduko, konfiantza jendaurrean agertze hutsagatik edo fiduziarioaren pertsona desagertzeagatik. Fiduzia horretan, ondokoa beteko da:

1. Testamentugileak fiduziaren aldi baterako iraupena edo iraupen mugagabea ziurta dezake, bai konfiantzazko jaraunsleentzat ordezkoak izendatuz, bai ondoz ondoko ordezpenak egiteko modua zehaztuz, bai lehenengo edo ondoz ondoko jaraunsle-fiduziarioei geroko izendapenak egiteko ahalmena emanez.

2. Ondasunen gaineko titulartasuna kausatzailearen konfiantzazko jarauntsiari dagokio beti, eta fiduziarioak ondoz ondo aldatzeak ez dakar ondasun horiek eskualdatzerik.

3. Testamentugileak beste modu batera ordenatu ezik, konfiantza jendaurrean agertzeak ez die lehenengo edo ondoz ondoko fiduziarioei kentzen testamentugilea epaiketan nahiz epaiketatik kanpo ordezkatzeko ahalmena, ezta ondasunen edukitza, administrazioa edo horien gaineko xedapen askea ere, horiek testamentugilearen borondatea betetzeko beharrezkoak diren neurrian.

4. Aurkako xedapenik izan ezean, fiduzia eratzean eskubide-igurikimenak sortzen badira, pertsona jakinentzat edo baldintza zehatzak dituzten pertsonentzat, horiek erreklamazioa egin ahal izanen diote fiduziarioari.

5. Fiduzia azkentzen denerako, testamentugileak ondasunen xedea ezar dezake; bestela, fiduziarioei ahalmena eman diezaieke hori zehaztu dezaten.

Zehaztapenik izan ezean, oinordetza irekiko da testamentugilearen ahaide hurbilenekoen mesederako, fiduzia azkentzeko unean ahaideok haren legezko jaraunsleak diren neurrian.

294. legea Ordainsaria Jaraunsle-fiduziarioak testamentugilearen eskuzabaltasunen bat hartu badu ere, ulertuko da testamentugileak hura ahaldundu duela, bestelakoa xedatu ezik, beraren lanaren arabera egokia den ordainsaria bere buruari esleitzeko, jarauntsiaren edo horren fruituen kontura.

295. legea Oinordetza-itunaren aplikazioa Titulu honetako xedapen guztiak aplikatuko zaizkio oinordetza-itun bidez izendaturiko fiduzia edo konfiantzazko jarauntsiari.

XIII. TITULUA ALBAZEAK

296. legea Ahalmenak Albazeak izendatu badira kausatzailearen borondatea betearazteko, kausatzaileak eurei emandako ahalmen guztiak izanen dituzte albazea horiek; besterik ezarri ez bada, euren kabuz egikaritu ahal izanen dituzte ahalmenok, nahiz eta horrekin ondasun higiezinak xedatu.

a) Albazea bereziak Albazea bereziak izendatu badira egintza edo xede zehatz eta jakinak gauzatzeko, albazea horiek izanen dituzte euren ardurapean jarritako eginkizuna betetzeko beharrezkoak diren ahalmenak bakarrik.

b) Albazea unibertsalak Albazea unibertsalak izendatu badira orokorrean, xede zehatzei buruzko aipamenarekin edo halako aipamenik gabe, orduan, kausatzaileak eurei esanbidez emandako ahalmenak ez ezik, ondoko eginkizunak ere izanen dituzte albazea horiek, kausatzaileak bestelakoa xedatu duenean izan ezik:

1. Jarauntsiaren edukitza hartu, eta jarauntsiko ondasunak administratu, inbentarioa egin, kredituak kobratu eta zorrak ordaintzea.

2. Jarauntsia ordezkatu, epaiketan nahiz epaiketatik kanpo, eta prokuradoreak izendatzea, akzio egokiak egikari ditzaten.

3. Orotariko zergak likidatzeko beharrezkoak diren adierazpenak egitea, horiek ordaintzea eta bidezko errekurtsoak jartzea.

4. Testamentua eta kausatzaileak azken nahian ordenaturiko beste egintzak interpretatzea.

5. Testamentu olografoak eta testamentuko memoriak egiaztarazi eta protokolatzeko eskatzea.

6. Testamentuaren baliozkotasunari eta kausatzailearen azken nahia jasotzen duten egintzetatik beste edozeinen baliozkotasunari epaiketan eustea.

7. Lurperatzeari, hiletei eta erruki-arimakariei buruzko guztia xedatu eta ordaintzea, kausatzaileak ordenaturikoarekin bat etorriz edo, halakorik izan ezean, tokiko usadioaren arabera.

8. Diruaren edo bestelako ondasunen gaineko legatuak ematea.

9. Orotariko ondasun higigarriak besterentzea gastu, zor, zama nahiz diruzko legatuak ordaintzeko, baldin eta jarauntsian ez badago behar adina dirurik, eta jaraunsleek ez badute behar besteko neurrian ekartzen.

10. Orokorrean, kausatzailearen azken nahia betearaztea, nahi hori betez eta bete dezaten galdatuz.

297. legea Epea Albazeek euren eginkizunak beteko dituzte kausatzaileak emandako epean; kausatzaileak epe hori luza dezake inolako mugarik gabe.

Epaileak edo jaraunsleek emandako luzapenari dagokionez, Kode Zibilaren 905. artikuluko bigarren lerrokadan eta 906. artikuluan ezarritakoa beteko da.

Ermandadeko testamentuan, testamentugile guztien albazeari ezarritako epearen zenbaketa, oinordetza bakoitzari begira, horren kausatzailea hiltzen denetik hasiko da.

298. legea Ordainsaria Albazeei ordainsaria emateko, kausatzaileak besterik xedatu ez duenean, tokiko ohitura beteko da edo, halakorik izan ezean, ekitatezkoa dena.

299. legea Ongintza-agintzak jakinaraztea Albazeak, bi hilabeteko epean, kargua onartzen duenetik zenbatuta, testamentugilearen azken nahian jasotako erruki- eta ongintza-agintzak jakinarazi behar dizkie interesa duten pertsona nahiz erakundeei edo haiek betetzeko ardura dutenei.

Betebehar bera dagokio jarauntsia onartu edo banatzeko eskriturak egiletsi dituen notarioari, egilespenaren ondorengo bi hilabeteetan.

XIV. TITULUA LEGEZKO OINORDETZA

I. KAPITULUA Guztietarako xedapenak

300. legea Kontzeptua Legezko oinordetza gauzatzen da, noiz eta jarauntsi osoa edo zati bat baliozkotasunez xedatzen ez den, dela testamentu bidez, dela oinordetza-itunen bidez, dela, konpilazio honekin bat etorrita, oinordetza gauzatzeko beste formetatik edozein erabiliz. Legezko oinordetza ez da irekiko 216. legeko kasuan.

301. legea Baztertutako pertsonak Legezko oinordetzatik baztertuta geratzen dira, kausatzailea bizirik dagoela edo bera hildakoan, horren oinordetzaren gaineko eskubideari uko egiten diotenak.

302. legea Lehengoratzea Lehengoratzearen mendeko ondasunei aplikatuko zaizkie, kasuan-kasuan, 116 eta 123. legeen, 135. legeko bigarren lerrokadaren eta 279. legearen xedapenak.

303. legea Erreserba Erreserbapeko ondasunei aplikatuko zaizkie, kasuan-kasuan, 274. legetik 278.erakoen xedapenak.

II. KAPITULUA Ondasun ez-tronkalen gaineko oinordetza

304. legea Oinordeko izateko hurrenkera Ondasun ez-tronkalen gainean, legezko oinordetza hurrengo deien hurrenkeraren arabera gauzatuko da; dei bakoitzak eragina izanen du aurreko deirik izan ezean, eta ondokoak baztertuko ditu:

1. Ezkontzako seme-alabak, adopzio osoaren bidez adoptatuak eta ezkontzaz kanpokoak, horien seme-alabatasuna legez zehaztu denean, hainbana, eta euren ondorengoek ordezkapen-eskubidea izanen dute.

2. Lotura bikoitzeko anaia-arrebak, hainbana, eta aurrez hildakoen ondorengoak, ordezkapenaren bidez.

3. Lotura bakarreko anaia-arrebak, hainbana, eta aurrez hildakoen ondorengoak, ordezkapenaren bidez.

4. Gradurik hurbileneko aurrekoak. Horiek lerro desberdinetakoak badira, jarauntsia bi lerroen artean erdibanatuko da, eta, lerro bakoitzaren barruan, hainbanatu.

5. 254 Legeari jarraikiz, fideltasun usufruktutik bazterturik ez dagoen ezkontidea edo bikote egonkorraren kidea*.

* Uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzkoak, paragrafo hori aldatu du; dena den, konstituzioaurkakotasun-errekurtsoa jarri da lege horren aurka.

6. Bigarren eta hirugarren zenbakietara biltzen ez diren alboko ahaideak, seigarren graduraino, lotura bikoitzaren eta bakarrekoaren nahiz lerro desberdinen arteko bereizketarik egin gabe, gradurik hurbilenekoek urrunekoak baztertuz, ordezkapenik gabe eta hainbana beti.

7. Aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen da oinordeko; horrek jarauntsia erabiliko du ongintza, irakaspen, gizarte-ekintza nahiz lanbideko erakundeen mesederako, Nafarroako Komunitateko eta udalerrietako erakundeen artean erdi bana.

III. KAPITULUA Ondasun tronkalen gaineko oinordetza

305. legea Noiz gertatzen den Ondasun tronkalen gaineko oinordetza gertatzen da, 304. legeko lehenengo zenbakiarekin bat etorriz, kausatzailea ondasun horiek xedatu gabe hiltzen denean jaraunsle izan daitekeen ondorengorik ez duela.

306. legea Ondasun tronkalak Ondasun tronkalak dira kausatzaileak dohainik eta laugarren gradurainoko ahaideengandik eskuratutako ondasun higiezinak edo beste ondasun tronkal batzuen truk lortutakoak. Izaera tronkalari eutsiko diote atzera-eskuratze jentilizioaren bidez eskuratutako ondasun higiezinek.

307. legea Ahaide tronkalak Ondasun tronkalen oinordeko izateko, kausatzailearen ahaideei deitzen zaie, ondasunak zein familiatatik etorri, eta familia horretako ahaideei, ondoko hurrenkerarekin bat etorriz:

1. Anaia-arrebak, lotura bikoitzekoek lehenespenik izan gabe eta ordezkapen- eskubidearekin.

2. Gradurik hurbileneko aurrekoak.

3. Gainerako alboko ahaideak, laugarren graduraino, gradurik hurbilenekoek urrunekoak baztertuz, ordezkapen- eskubiderik gabe eta beti hainbana; baina, kausatzailearen aurreko ez-tronkalekin pilatuz gero, berriro ezkondu arren, bizi arteko gozamena izanen dute ondasun tronkalen gainean.

Halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da, 304. legearekin bat etorriz.

XV. TITULUA ORDEZKAPEN-ESKUBIDEA

308. legea Kontzeptua Ordezkapen-eskubidea da aurreko baten lekuan subrogatzekoa, horri jarauntsia edo mortis causa erako beste eskuzabaltasunen bat eskuratzeko deitu zaionean eta, aurrez hiltzeagatik edo ezgai izateagatik, ezin izan duenean halakoa eskuratu.

309. legea Noiz sortzen den Ordezkapen-eskubidea gertatuko da kausatzaileak hala ezarri duenean; kausatzaileak, halaber, edozein kasutan bazter dezake eskubide hori.

Kausatzailearen xedapenik izan ezean, legezko nahiz borondatezko oinordetzan, honela gertatuko da ordezkapen- eskubidea: haren ondorengoen mesederako mugarik gabe, eta haren anaia-arreben ondorengoen mesederako, laugarren graduraino, kausatzailearengandik zenbatuta.

310. legea Leinuak Ordezkapen-eskubidea leinuko gertatuko da beti, nahiz eta eskubide horretan pilatzen diren guztiak gradu berekoak izan. Leinu bakoitzaren barruan, banaketa hainbana eginen da gradu berekoen artean.

311. legea Baztertzea Ez dute ordezkapen-eskubiderik izanen jarauntsiari nahiz mortis causa erako beste eskuzabaltasun bati uko egin dion pertsonaren ondorengoek.

Hala ere, ondorengoek bere kausatzailearen jarauntsiari uko egiten badiote, uko horrek ez die eskubiderik kenduko beste ahaide baten oinordeko izateko, haren ordezkari gisa.

Aurreko batek egindako jaraunsgabetzeak ez du baztertuko jaraunsgabetuaren ondorengoen ordezkapen-eskubidea, hark bestelakoa xedatu ezik.

XVI. TITULUA GEHIAGOTZE-ESKUBIDEA

312. legea Noiz sortzen den Ordezpenei, ordezkapen-eskubideari eta xedatzailearen aurkako borondateari kalterik egin gabe, jaraunsle batek ez badu bere kuota eskuratzen, hori jaraunskideei gehiagotuko zaie, eurek eskuratuko lituzketen kuoten arabera. Xedatzaileak taldeka ezarri baditu deiak, gehiagotze-eskubidea talde bereko jaraunskideen mesederako gertatuko da eta, halakorik izan ezean bakarrik, gainerakoen mesederako.

Gehiagotze-eskubideari ezin zaio ukorik egin jarauntsitik bananduta.

Gehiagotzeak berarekin dakar, orobat, hutsik dagoen kuotaren gainean ezarritako zametan subrogazioa gertatzea, salbu eta kuota eskuratu ez duen jaraunsleak bakarrik bete ahal dituenean zama horiek.

313. legea Legatukideen artean Legatukideei ondasun berberetara batera deitu zaienean, horien artean gehiagotze- eskubidea gertatuko da, jaraunskideen artean gertatzen den modu berean.

314. legea Legezko oinordetzan Legezko oinordetzan, jaraunskide batek eskuratu ez duen kuota beste jaraunskideei gehiagotuko zaie, salbu eta ordezkapen-eskubidea gertatu behar denean.

Aurrekoentzako oinordetzan, gehiagotze- eskubidea gertatuko da lerro berekoen artean, eta, halakorik izan ezean, eta orduan bakarrik, beste lerrokoen artean.

XVII. TITULUA JARAUNTSIA ETA BESTE ESKUZABALTASUN BATZUK ESKURATZEA EDO HORIEI UKO EGITEA

315. legea Onarpena eta uko egitea Ulertzen da jaraunsleak jarauntsia kausatzailearen heriotzatik eskuratzen duela.

Jaraunsleak jarauntsiari uko egin diezaioke, hori esanbidez edo isilbidez onartzen ez duen bitartean; ordu arte, ezin izanen da haren aurka inolako akziorik egikaritu, aldez aurretik epaiketazko nahiz epaiketatik kanpoko agindeia egiten ez bazaio, hogeita hamar eguneko epean jarauntsia onar dezan edo horri uko egin diezaion; epaileak, jaraunsleak hala eskatuta, epe hori luzatu ahal izanen du, bere sen onaren arabera.

Epe hori igarotzen bada jaraunsleak ukorik egin gabe, ulertuko da jarauntsia behin betiko eskuratu dela.

Uko egitearen ondoreek atzera eginen dute, kausatzailearen heriotza arte.

Onarpena eta uko egitea ezeztaezinak dira, jarauntsi osoari buruzkoak izan behar dira, eta ezin izanen dira eperako egin, ezta baldintzapean ere.

316. legea Uko egitearen ondoreak Norbaitek uko egiten badio kausatzailearen borondatez antolaturiko jarauntsiari, haren legezko oinordetzatik baztertuta geratuko da.

Legezko oinordetzari uko egiten dionak borondatezkoari ere uko egiten dio, salbu eta deiaren berririk ez duenean.

317. legea Eskualdatzeko eskubidea Jaraunsleak bere jaraunsleei eskualdatzen die jarauntsia onartu edo horri uko egiteko duen eskubidea, baina jaraunsleok ez dute halako eskubiderik izanen euren kausatzailearen jarauntsiari uko egin badiote; bat baino gehiago badira, bakoitzak bere aldetik egikaritu ahal izanen du eskubidea.

318. legea «Intra vires» erantzukizuna Jaraunsleak erantzukizuna izanen du, jarauntsiko ondasunen balioarekin bakarrik, jarauntsiaren hartzekodun eta legatu-hartzaileei begira, baina hartzekodunei ordaintzean balio hori gainditzen badu, horiek ez dute izanen itzulketa- betebeharrik. Jarauntsiaren hartzekoduntzat hartuko dira azken gaixoaldi, lurperatze eta hiletek eratorritako gastuen ondorioz hartzekodun direnak ere.

319. legea Banantze-onura a) Nork eska dezakeen Jarauntsiaren hartzekodunek, sei hilabeteko epean, kausatzailearen heriotzatik zenbatuta, epaileari eska diezaiokete jarauntsiko ondasunen inbentarioa eta banantzea egin ditzan, ondasunokin euren kredituak asetzeko, horien lehentasunaren arabera, eta jaraunslearen beraren hartzekodunak baztertzeko, kredituak oso-osorik ordaindu arte.

Bien bitartean, ez dira bateratuko jaraunsle eta kausatzailearen arteko zor eta kredituak, eta berme egokiak ere ez dira azkenduko.

Legatu-hartzaileek ere eskubide hori izanen dute, zertarako eta, halako hartzekodunei ordaindu ondoren geratzen den jarauntsiarekin, legatuen betetzea ziurtatzeko.

b) Ondoreak Jarauntsiko ondasunen banantzeak horietan eragina izanen du, banantzea eskatu duten hartzekodun eta legatuhartzaileei lehenespenez ordaintzeko izanen dira eta. Epaileak, interesdunek hala eskatuta, inbentarioa egiteko epea zehaztuko du, eta aurreneurrizko idatzohar eta enbargoak, jakinarazpenak eta gainerako ziurtasun-neurriak dekretatuko ditu.

Banantzea eskatu duten hartzekodun eta legatu-hartzaileei ordaindu ondoren, ordainketa eginen zaie banantzerik eskatu ez duten hartzekodun eta legatu-hartzaileei; horien artean, lehenespen- hurrenkera ezarriko da, euren kredituen izaerarekin bat etorriz edo Hipoteka Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

320. legea Eskuraketa a) Mortis causa itun edo dohaintzaren bidez Jarauntsia oinordetza-itunaren bidez utzi bada, jarauntsi horren eskuraketa eraentzen du, 178. legean xedatutakoarekin bat etorriz, «propter nuptias» dohaintzei buruz 114. legean ezarritakoak, eta mortis causa dohaintzen bidezkoa, 168. legean xedaturikoak.

321. legea b) Legatuak Legatuak kausatzailearen heriotzaunean bertan eskuratuko dira, eta 315, 316 eta 317. legeetan jarauntsia eskuratzearen inguruan xedaturikoa aplikatuko zaie.

Testamentugilearen borondatea bestelakoa izan ezean, norbait aldi berean legatu-hartzaile eta jaraunsle bada, horrek jarauntsia onartu, legatuari uko egin diezaioke; eta, legatu-hartzaileak legatu bat baino gehiagoren onura badu, horietatik batzuei uko egin diezaieke eta beste batzuk onar ditzake; baina, xedapen horietatik bat kargaduna bada, uko egitea edo onartzea baterakoa izan beharko da.

XVIII. TITULUA JARAUNTSIA ESKATZEKO AKZIOA

322. legea Legitimazioa Jaraunsleak jarauntsia eskatzeko akzioa du jarauntsiko ondasunen edozein edukitzaileren aurka, jarauntsiko zordunen aurka edo jarauntsitik irabazien bat lortu duen pertsonaren aurka, baldin eta horrek demandatzaileari jaraunsle- izaera ukatzen badio.

323. legea Edukitzaileak jarauntsiko ondasunak saltzea Demandatuak jarauntsiko ondasunak besterendu baditu, horien truk lorturikoa itzuli beharko du, salbu eta ondasunok gaitzustez besterendu dituenean; kasu horretan, berak eragindako kalte guztien gaineko erantzukizuna izanen du. Fruitu eta hobekuntzei dagokienez, 362. legea aplikatuko da.

324. legea Preskripzioa Jaraunsle-izaera deklaratzeko akzioa preskribaezina da. Jarauntsia eskatzeko akzioa hogeita hamar urte igarotakoan preskribatzen da.

XIX. TITULUA JARAUNTSIA LAGATZEA

325. legea Ondoreak Jarauntsia lagatzeak ez dio lagapen- -hartzaileari jaraunsle-izaerarik ematen.

Lagatzaileak eta lagapen-hartzaileak erantzukizun solidarioa dute jarauntsiko zamen gainean, lagatzaileak duen itzulketa- eskubideari kalterik egin gabe.

326. legea Akzioak Lagapen-hartzaileak bere kabuz egikari ditzake lagatako jarauntsiaren gaineko akzioak, jarauntsia eskatzeko akzioa barne; baina, banaketan lagatzaileak ere esku hartu behar du, bere kabuz edo ordezkari bidez.

327. legea Forma Jarauntsiaren lagapena deuseza izanen da, ez bada eskritura publikoaren bidez egiten.

328. legea Edukia Aurkako itunik izan ezean:

1. Ulertzen da jarauntsia laga dela horrek lagapen-unean zuen egoera berean.

2. Lagapenaren barruan sartuko dira lagapen-hartzaileak besterendutako ondasunen ordez subrogatu diren diru edo ondasunak, eta jasotako fruituak; era berean, gehiagotze-eskubidearen ondoriozko gehikuntzak ere bai.

3. Lagapen-hartzaileak erantzukizuna izanen du jarauntsiaren urripen guztien gainean, baldin eta haren doloaz gertatzen badira.

4. Lagatzaileak lagapen-hartzaileari galda diezaioke jarauntsiko ondasunen ondoriozko inpentsak eta nahitaez egin beharreko gastuak itzul ditzan.

5. Kostu bidezko lagatzaileak erantzukizuna izanen du, lagapen-hartzaileari begira, bere titulartasunaren gainean bakarrik, eta ez du betebeharrik izanen jarauntsiko ondasunen ebikzioarengatik erantzuteko; hala ere, beharrezkoak diren egintza guztiak gauzatu beharko ditu, jarauntsira bildutako ondasunen eskualdaketa erabat eragingarria izan dadin.

6. Dohaineko lagatzaileak, dohaintza zamapekoa denean edo ordain gisa ematen denean, bere tituluaren gaineko erantzukizuna baino ez du izanen, ezarritako zamaren edo ordaindutako zerbitzuaren balioa bete arte.

329. legea Atzera-eskuratzea Jarauntsi indibisoan, jaraunsle batek bere eskubidea prezioaren truk lagatzen badio gainerako jaraunskideez besteko pertsona bati, jaraunskideek izanen dute 372. legeak atzera-eskuratzeko emandako eskubide bera.

330. legea Zati alikuotaren legatu-hartzailea Zati alikuotaren legatu-hartzaileak bere kuota laga badu eta, 219. legearen arabera, ez badu jaraunsle-izaerarik, orduan:

1. Lagapen horri 328. legean ezarritakoa aplikatuko zaio.

2. Legatu-hartzaileak zatiketan esku hartu beharko du, 326. legeak jaraunsle- lagatzailearentzat adierazitako modu berean.

3. Lagatzailearekin batera legatukideari ere dei egin bazaio, legatukide horrek atzera-eskuratzeko eskubidea izanen du, eta, legatukiderik izan ezean, jaraunsleek egikaritu ahal izanen dute eskubide hori, 329. legean xedaturikoarekin bat etorriz.

XX. TITULUA JARAUNTSIAREN BANAKETA

I. KAPITULUA Xedapen orokorrak

331. legea Zatiketa-akzioa Jaraunsleetatik edozeinek edonoiz galdatu ahal izanen du jarauntsiaren zatiketa, ondoko kasuetan izan ezik:

1. Kausatzaileak indibiso-egoera ordenatu duenean, dela alargunari emandako fideltasun-gozamenak indarrean dirauen eperako, dela adingabeko jaraunsleak egoera eskuratu arte edo, halakorik hartu ez arren, hogeita bost urte bete arte, dela, beste edozein kasutan ere, gehienez hamar urteko eperako heriotzatik zenbatuta.

2. Jaraunsleek hala erabakitzen dutenean, 1. zenbakian arauturiko eperako eta hor adierazitako kasuetan.

Beste erabaki baten bidez, epe horiek luza daitezke, baina luzapen bakoitza ezin da hamar urtetik gorakoa izan.

332. legea Kolazioa Kolazionatzeko betebeharrari buruz ez dago presuntziorik.

Kolazioa gertatuko da, esanbidez hala ezarri denean bakarrik, edo, ondorengo jaraunskideei dagokienez, kausatzailearen borondateak argi eta garbi hala ondorioztatzen duenean. Edozein kasutan ere, borondate hori agerrarazi behar da, eskuzabaltasun-egintzan bertan edo beste egintza batean, eskuzabaltasun horren jasotzaileak egintzaren ondoreak onartu baditu.

Eskuzabaltasuna kolazionatze-betebeharpean egin bada ere, kausatzaileak betebehar hori kendu ahal izanen du geroko egintza batean, inter vivos nahiz mortis causa.

333. legea Eskuzabaltasun kolazionaezinak Kausatzaileak eskuzabaltasunak egin eta horien kolazioa xedatu badu, ulertuko da horretara ez direla biltzen, esanbidez hala adierazi ezik, elikagai, jantzi eta osasun-laguntzaren ondoriozko gastuak, ohituraren arabera egindako opari xumeak, eta hezkuntza, ikasketa edo karreraren ondoriozko gastuak.

334. legea Kolazioa eta ordezkaritza Oinordetzako ordezkapen-kasuetan, kolazioa bidezkoa bada, horretara bilduko da ordezkatuak eskuraturikoa, bai eta horren heriotzaren ondoren ordezkariak jasotakoa ere.

335. legea Kolazionatzeko moduak Kolazioa eginen da, betebeharpekoak hala aukeratuta, bai eskuzabaltasunaren objektu diren ondasunak eragingarritasun osoz ekarriz, bai kausatzailearen heriotza-unean halako ondasunek duten balioa edo aldez aurretik besterenduek izanen luketen balioa zenbatuz.

Ondasunak eurak kolazionatzen direnean, kausatzailearen heriotza-unetik sorturiko fruituak ere zorko dira.

Ondasunen balioa zenbatzen bada, horren legezko korrituak zorko dira, lehen aipatutako unetik aurrera.

Hobekuntzei dagokienez, 362. legean edukitzaile onustedunari buruz ezarritakoa aplikatuko da.

Kolazionatzeko betebeharra duenak ez du erantzukizunik izanen ondasunen galera edo narriaduren gain, doloaz jardun duenean izan ezik.

336. legea Banaketa hutsaltzea Banaketa kaltearen ondorioz hutsaldu ahal izanen da, kalte hori izan bada gauzek adjudikazio-unean duten balioaren prezio zuzenaren erdia baino handiagoa. Hutsalketa eskatzeko akzioari 34. legean xedaturikoa aplikatuko zaio.

337. legea Zati alikuotaren legatu-hartzailea Banaketaren ondoreetarako, zati alikuotaren gaineko legatu-hartzailea jaraunsletzat hartuko da.

II. KAPITULUA Kausatzaileak egindako banaketa

338. legea Formak Kausatzaileak bere ondasunen banaketa egin ahal izanen du mortis causa erako xedatze-egintzan bertan edo bestelako egintza bananduan, egintza horren forma bada heriotzaren ondoriozko xedapenei buruz konpilazio honetan onartutako formetatik bat.

Banaketa egiten bada xedatze-egintzan bertan, eta kontraesana badago xedapen- klausulen eta banaketa-klausulen artean, azken horiek lehentasuna dute haien aurretik kontraesaneko kontuetan.

Banaketa egintza bananduan egiten bada, banaketa-klausulek ezin izanen dute xedatze-egintzan jasotako klausuletatik bat ere aldarazi, salbu eta egintza hori ezeztakorra denean eta hori ezezta daitekeenean banaketa-egintza gauzatzeko erabili den formaren bitartez.

339. legea Aurreko ezkontzako seme-alaben eskubideak Edonola ere, ez zaie kalterik eginen 106 eta 272. legeek aurreko ezkontzako ondorengoentzat ezarritako eskubideei.

III. KAPITULUA Kontulari-banatzaileak egindako banaketa

340. legea Ahalmenak Kausatzaileak, mortis causa erako egintzetatik edozeinen bidez, kontulari- banatzaile bat edo batzuk izendatu ahal izanen ditu, eta horiek, kausatzaileak ezarritakoa salbu, ahalmenak izanen dituzte jarauntsiaren banaketa euren kabuz egiteko; alargunarekin batera, hala denean, ezkontzako sozietatea likidatzeko; eta, oro har, beharrezko diren gainerako ahalmenak izanen dituzte kausatzailearen ondasunak banatzeko edo horri eskubidez dagozkion ondasunen zatiketan parte hartzeko.

Testamentugileak kontulari-banatzaileari ahalmenak eman diezazkioke, epaileak banaketari onespena eman edo horretan esku hartzeko beharrik gabe, jarauntsiko ondasun guztiak edo batzuk jaraunsle bati nahiz batzuei adjudikatzeko, eta gainerakoei dagokien kuota diruz ordaindu edo osatzeko.

341. legea Ezgaitasunak Oinordekoa, parte alikuotaren legatu- hartzailea, ezkontide alarguna edo legeak onartutako bikote egonkorrean alargun gelditutako kidea ezin dira kontulari- partitzaile izan*.

* Uztailaren 3ko 6/2000 Foru Legeak, Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzkoak, lerrokada hori aldatu du; dena den, konstituzioaurkakotasun-errekurtsoa jarri da lege horren aurka.

342. legea Inbentarioa Jaraunsleetatik bat adingabe edo ezgaitua bada, edota horren absentziaadierazpena egin bada, kontulari-banatzaileak jarauntsiko ondasunen inbentarioa egin beharko du, kausatzaileak hori salbuetsi ezik, jaraunsle, hartzekodun eta legatu-hartzaileak zitatuz.

343. legea Epea eta ordainsaria Kontulari-banatzaileen eginkizuna betetzeko epeari buruz, horien ordainsariari buruz eta erruki- edo ongintza- -agintzak jakinarazteko betebeharrari buruz, 297, 298 eta 299. legeetan xedaturikoa beteko da, hurrenez hurren.

344. legea Kontularia baztertzea Kausatzaileak bestelakorik ezarri ezean, jaraunsleek aho batez adostuta egin dezakete banaketa, kontulari-banatzailearen beharrik gabe.

Kontulari datiboa Kausatzaileak ez badu banaketarik egin, ez badu kontulari-banatzailerik izendatu, edo kargu hori hutsik geratu bada, jaraunsleek eta jarauntsiko ondasun likidoen bi herenak ordezkatzen dituzten legatu-hartzaileek epailearengana jo dezakete, banaketa egiteko kontularia izenda dezan; epaileak onetsi beharko du banaketa hori, baldin eta jaraunsle eta legatu-hartzaile guztiek aurrez berresten ez badute behintzat.

IV. KAPITULUA Jaraunsleek egindako banaketa

345. legea Banaketa egiteko moduak Banaketa ez bada egiten III. kapituluan arauturiko formetatik bat erabiliz, jaraunsleek, aho batez adostuta, euren ustez komenigarri den moduan bana dezakete jarauntsia.

Hurrenez hurreneko kasuetan, jaraunsle adingabe edo ezgaituak legez ordezkaturik badaude banaketan, baliozkoa eta erabat eragingarria izanen da, epailearen esku-hartze edo onespenaren beharrik gabe.

Jaraunsleek ez badute aho batez hori adosten, horietako bakoitzaren eskubidea kalterik gabe geratuko da, eta eskubide hori Prozedura Zibilaren Legean ezarritako moduan egikaritu ahalko da.

III. LIBURUA ONDASUNAK

I. TITULUA GAUZEN GAINEKO JABETZA ETA EDUKITZA

I. KAPITULUA Xedapen orokorrak

346. legea Jabetza pribatua eta publikoa Jabetza pribatukoak dira norbanakoen edo pertsona juridikoen ondarearen barruan dauden ondasunak, bai eta estatuari edo 42 eta 43. legeetan ezarritako korporazioei dagozkien «bakarreko ondasunak» ere.

Publikoak dira herri-ondasunak eta auzotar guztiei dagozkienak, bai eta estatu edo gainerako korporazio publikoenak ere, aurreko lerrokadan aipaturik ez badaude.

347. legea Ondasun higiezin eta higigarriak Ondasun higiezin dira finkak eta horien gaineko eskubideak, bai eta, aurkako frogarik izan ezean, horiekin modu banaezinean lotuta dagoen guztia eta horien zerbitzupean dauden erantsiak ere.

Gainerako gauzak ondasun higigarri dira. Fruituak ondasun higigarritzat hartzen dira, 354. legearekin bat etorriz horiek agerikoak diren unetik.

348. legea Finkak ixtea Jabe orok eskubidea du bere finkak ixteko, baina errespetatu beharko du finka horien gaineko eskubide errealen egikaritza.

Finka itxita dagoela ulertuko da, hori pezo-horma edo hormaz, alanbredun sarez, palaxu edo oholesiz nahiz beste modu batera inguraturik badago, eta horretan atea, «langa» edo «kereta» jarri bada, tokiko usadio edo ohiturarekin bat etorriz.

Hesia berrezartzen denean, 368. legean xedaturikoa beteko da.

349. legea Mugaketa Ondasun higiezinaren jabeak eta ondasun horren gaineko eskubide errealaren titular guztiek epaileari eska diezaiokete euren finka mugatu eta horretan mugarriak jartzeko. Finka baten ageriko mugei buruz ez bada eztabaidarik izan hogeita hamar urtetan, muga horiek ezin izanen dira ondore horietarako berrikusi.

350. legea Obra berria salatzea Jabeak auzotar baten obra berria salatzen badu bere eskubidearen aurkakoa izateagatik, eraikitzeari ekin ahal izanen zaio, egin behar litekeen errauspenaren edo eman behar litekeen kalte- ordainaren gaineko bermea emanez gero; bestelakoetan, Prozedura Zibilaren Legeak obra berriaren gaineko interdiktuaren inguruan xedaturikoa beteko da.

351. legea Alboko finkak eragindako kalteak Ondasun higiezinaren edukitzaileak ezin izanen ditu albokoaren kalterako aldatu bere finkatik zein ur igaro eta ur horien oraingo forma eta norabidea.

Nola edo hala beldur izan badaiteke finka batek, alboko baten eraginez, kalteak jasanen dituen, eta Administrazioak ez badu ezartzen balizko kalte horren arrazoiaren konponketa, orduan, kaltearen beldur den jabeak beste finkaren edukitzaileari galda diezaioke kalterik eraginen ez delako bermea.

352. legea Gauza suntsikorrak Gauzak zehazten dira beren banakakotasun jakinaren arabera, edo, bestela, horiek zein generotakoak izan, eta horren kopuruaren arabera; azken horiei gauza suntsikor deritze.

Gauza kontsumikorrak Gauzak kontsumikorrak dira, baldin eta egitez kontsumitu gabe edo horien gaineko jabetza galdu gabe ezin badira modu egokian erabili.

353. legea Fruituak a) Orokorrean Fruituak gauza nagusiaren jabeari dagozkio. Jabeaz besteko norbaitek fruituen gaineko eskubidea badu, fruitu naturalak eskuratzen ditu horiek jasotzean, hurrengo legean xedaturikoa salbu; diru-kopuruak badira, egunean-egunean.

Fruituak apartzeroaren bitartez jasotzen badira, fruitu naturalei buruz xedaturikoa beteko da.

Edukitzaile onustedunak jabeari itzuli behar dizkio berak jasotako fruituetatik kontsumitu ez dituenak.

354. legea b) Landetan Landak fruituak ematen baditu, eta jabeak edo fruituak jasotzeko eskubidea duen beste norbaitek landa hori edukitzeari utzi behar badio, fruituak berari dagozkio ageriko gisa, hurrengo erregelekin bat etorriz:

1. Landa lur zurikoa bada, edo zerealak haztera destinaturik badago, edukitzeari uzten dionean, martxoaren 25aren ondoren, hau da, Andre Mariaren Iragartze egunaren ondoren.

2. Mahastiak edo olibadiak badira, edukitzeari uzten dionean ekainaren 24aren ondoren, hau da, done Joan Bataiatzailearen egunaren ondoren.

3. Beste edozein motatako lugintzetan, edukitzeari uzten dionean tokiko usadioen arabera fruituak agerikotzat jo ondoren.

Fruituak edukitzaile hasi berriari badagozkio, edukitzaile izateari utzi dionari ordaindu beharko dizkio lugintzaren eta gainerako lanen gastuak.

355. legea Jabetza eskuratzea Gauzen gaineko jabetza eskuratzen da mortis causa erako xedatze-egintzen bidez edo, eskualdaketa justifikatzen duen hitzarmena dela eta, jabeak gauza horiek emanez.

Era berean, eskuraketa gerta daiteke, usukapioaren edo preskripzio eskuratzailearen bitartez, gauza bat beste gauza nagusi baten gauza erantsi bihurtzeagatik eta legearen aginduz.

356. legea Usukapioa a) Epeak Ondasun higigarrien gaineko usukapioa hiru urtekoa da. Ondasun higiezinena hogei urtekoa da, edukitza galdu duen jabearen egoitza Nafarroan badago, eta hogeita hamar urtekoa, bestelako kasuetan. Hogei urteko usukapioan ez da zenbatuko absentzia-epea.

357. legea b) Betekizunak Jabetza usukapioaren bidez eskuratzeko, beharrezkoa da eskuratzaileak gauza jabe gisa edukitzea, arrazoi zuzenaz eta onustez. Edukitza justifikatzen duen arrazoia frogatuz gero, uste izanen da edukitza onustekoa dela, eta ez da onartuko edukitza hasi ondotik hori galdu delako frogarik. Norbait onusteduna dela ulertuko da, baldin eta horrek uste badu eskubidearen titular gisa edukitzeko ahalmena duela.

Preskripzio berezia Ezin bada frogatu arrazoi zuzenik dagoen, jabetza eskuratuko da jabe gisa berrogei urteko edukitza baketsua izateagatik, salbu eta jabea Nafarroatik kanpo egon denean denbora horretan guztian.

358. legea Erakunde publikoen ondasunak Ez da beharrezkoa epea igarotzea, estatuaren erakundeen edo erakunde publikoen eskutik jasotako gauzak eskuratzeko.

359. legea Geldiarazpena Usukapioa geldiarazten da edukitza galtzean edo epaiketazko erreklamazioa egitean.

360. legea Eskubide-itxura Norbaitek, bere kabuz edo beste inoren bitartez, aurkatasunik gabe egikaritzen badu berak itxuraz duen eskubidea, uste izanen da horren titularra dela, aurkakoa frogatzen ez den bitartean.

Abolengo-liburuak «Abolengo-liburuek» froga egiten dute finkaren jabari-titulartasun jatorrizkoari buruz.

361. legea Edukitzaren gaineko oinordetza Jaraunslea jarauntsiko ondasunen edukitzaile hutsa da horien ardura bere gain hartzen duenetik, baina kausatzailearen edukitza-epea onuragarria izanen da berarentzat, usukapioaren ondoreetarako.

Era berean, banakako tituluaren bidezko eskuratzailearentzat onuragarria da kausatzailearen edukitza- epea. Edozein kasutan, edukitzaren betekizunak, kasuan kasuko usukapioarentzat beharrezkoak direnak, gertatu beharko dira kausatzaile eta kausadunaren gainean.

362. legea Onusteko edukitza Edukitzaile onustedunak edukitako gauza itzuli behar badu, gauza atxikitzeko eskubidea du nahitaezko gastuen eta gauza horretan egindako hobekuntza onuragarrien ordainketa galdatzeko, horiek konpentsatzen ez direnean berak harturiko fruituekin.

Gauzari erantsitako apaingarriei edo luxuzko hobekuntzei dagokienez, edukitzaile onustedunak horiek kentzeko eskubidea izanen du, halakoak gauza nagusitik banandu ahal badira horri kalterik egin gabe.

Gaitzusteko edukitza Edukitzaile gaitzustedunak, baldin eta edukitza hori ostuta lortu ez badu, nahitaezko gastuak erreklamatu ahal izanen ditu, eta, modu berean, gauzatik gastu erabilgarri edo apaingarriak kendu ahal izanen ditu.

363. legea Edukitzailea ordezkatzea Edukitza eskura eta atxiki daiteke beste inoren bitartez; horrek gauzaren gainean ahalmena egikaritzen du, ordezkari gisa. Horrek ezin du gauza modu pertsonalean eduki, jabe gisa, edukitzailearen baimen berezirik gabe.

364. legea Edukitza galtzea Edukitza galtzen da hori eskualdatu edo bertan behera uzten denean, edota eskubidearen egikaritza eragingarria amaitzen denean beste norbaiten onurarako.

Ondasun higiezinaren ukantza galduz gero, ulertuko da edukitza galdu dela, baldin eta beste norbaitek, urtebete eta egun batean zehar, gauzaren edukitza eragingarria badu.

II. KAPITULUA Jabetzaren mugapenak

365. legea Motak Jabetzaren mugapenak legez edo borondatez ezartzen dira, hala nola, zortasunak edo inoren gauzaren gainean eratutako eskubide errealak.

366. legea Gauza auzigaiak Gauza auzigaiak ezin dira saldu, dohaintzan eman, ezta orokorrean xedatu ere, horretarako eskubidea nork duen adierazi arte, salbu eta hori egiten denean xedatzailearen jabetza baieztatzeko baldintza etengarripean.

367. legea Ondasun higiezinen mugapenak a) Printzipio orokorra Ondasun higiezinen jabeek edo beste erabiltzaileek ezin diete euren auzotarrei arriskurik eragin, ezta eskubidearen zentzuzko erabilerak dakarrena baino deserosotasun handiagoa jasanarazi, finka bakoitzaren beharrizanak, tokiko usadioa eta ekitatea kontuan harturik.

b) Zuhaitzak Zuhaitz baten sustraiak alboko finkaren lurrean sartzen badira, finka horren jabeak zuzenean moztu ahal izanen ditu sustraiok, muga gainditzen duten neurrian.

Adarrak sartuz gero, zuhaitzaren jabeak horiek moztu beharko ditu, salbu eta finka kaltedunaren jabeak hobesten duenean hari kalte-ordain gisa ematea adarrotatik sorturiko fruituen erdia.

e) Larrainak Larrainaren jabeak eragotz dezake finka mugakideetan eraikinak egitea, frogatzen baldin badu horiek bere lanarentzat kaltegarriak direla eta larraina modu eragingarrian erabiltzen duela.

368. legea Itxitura berregitea Jabeak bere finkako itxiturak berregin edo hobetu nahi baditu, finka mugakidean okupatu ahal izanen du horretarako behar duen lurraren erdia; baina aldez aurretik ez badira itxiturak egon, horiek altxatu nahi dituenak bere lurrean bakarrik jaso beharko ditu, salbu eta jabe mugakideak bere lurretik beharrezkoa den zatia lagatzen duenean.

369. legea Erlauntzak Ezin da erlauntz berririk, «menturahodirik » edo erlekumeak erakartzeko trikimailu berezirik jarri, berrehun eta hogeita hamabost metroko tartean gutxienez, beste erlauntz okupatu batetik edo finka biztanledunetik neurtuta.

II. TITULUA ONDASUN ETA ESKUBIDEEN ERKIDEGOAK

I. KAPITULUA Printzipio orokorrak

370. legea Eraketa Erkidegoak eratzen dira:

1. Bi pertsonak edo gehiagok batera ondasun nahiz eskubideak eskuratzen dituztenean borondatezko edo legezko edozein tituluren bidez.

2. Gauzaren jabe bakarrak edo eskubidearen titularrak kuota indibisoa besterentzen duenean.

3. Bi pertsonak edo gehiagok erkidegoan jartzen dituztenean euren jabetzapeko ondasunak, eurei guztiei batera ondasunok kuota indibisoetan esleitzeko.

Finka mugakideak jartzen badira erkidegoan, horiek batu daitezke finka bakarra eratzeko, eta finka hori erkideei dagokie kuota indibisoetan, eurek egindako ekarrien arabera.

371. legea Araubidea Ondasun edo eskubideen erkidegoa horren eraketa-tituluak eraentzen du, eta, halakorik izan ezean, usadio eta ohiturek, eta titulu honetako xedapenek.

Erkidego indibisoaren arau osagarriak III eta IV. kapituluetako xedapenek eta, osagarri moduan, titulu honetako II. kapitulukoek eraentzen dituzte, hurrenez hurren, erkidego bereziak eta bazkalekuak.

II. KAPITULUA Erkidego indibisoa

372. legea Xedatze-egintzak Jabetza indibisoan, titular bakoitzak bere kuota xeda dezake, gainerako jabekideek atzera-eskuratzeko duten eskubideari kalterik egin gabe, Kode Zibilean xedatutakoarekin bat etorriz.

Zortasuna edo bestelako eskubide zatiezina eratu ahal izateko, beharrezkoa da jabekide guztien aho bateko xedapena; baina zatikako eraketak horren egilea behartzen du, eratu nahi izan den eskubidearen egitezko egikaritza jasatera. Kasu horretan, eskuratzaileak ez badu lortzen gainerako jabekideen eraketarik, kontratuaren suntsiarazpena eskatu ahal izanen du. Jabekide eratzailea gauza osoaren jabe edo halako eskubideak benetan kargatzen duen zatiaren jabe suertatuz gero, horren eskuratzaileak galdatu ahal izanen du eskubidea osorik eratzeko, prezioaren osagarriaren bidez, hori bidezkoa bada.

Erabili edo administratzeko egintzak Gauza erkidea huts-hutsean erabili, administratu edo modu materialean aldarazteko egintzetan, titular bakoitza jar daiteke, epaiketa bidez, halakoak gauzatu nahi dituenaren aurka, eta jadanik gauzaturiko kudeaketa oro eraginik gabe geratuko da, hori erkidegoaren interesetarako kaltegarri den neurrian, epailearen erabakimenaren arabera.

373. legea Hitzarmenak Titularrek erkidegoaren eraentza aldaraz dezakete hitzarmen bidez, eta horrek titularren artean sozietate-kontratuaren balioa izanen du. Hitzarmenik egin ezean, uste izanen da kuotak berberak direla, bai zamei begira, bai erkidegoaren probetxuei begira.

374. legea Zatigarritasuna Erkidego indibisoa edozein unetan zati daiteke, titular batek edo gehiagok hala eskatuta. Dena den, onustea zor zaio erkidegoak esanbidez edo isilbidez hartutako erabakiari, eta, onuste horren aurka, zatiketa eskatzen bada, eragindako kalteen ordaina eman beharko da.

Ituna egiten bada zatiketa-akzioari aldi baterako uko egiteko, itun hori baliozkoa da, eta betebeharpean jartzen ditu, jabekideak ez ezik, horien kausadunak ere bai; hala ere, ituna eraginik gabe utzi ahal izanen da, epaileak erabakitzen badu indibisoak ez duela erabilgarritasunik.

Gauza bera gertatuko da, baldin eta jabetza indibisoaren eratzaileak adierazten badu hori zatitu gabe iraunarazteko borondatea. Zatiezintasuna aldi baterakoa dela ulertuko da, laurogeita hemeretzi urtetik gorakoa ez denean.

Titularrek zatiketa itun dezaten, hori aho batez onetsi beharko da.

Akordiorik ez badago, zatiketa epaiketa bidez eginen da, eta, gauza zatiezina izanez gero, epaileak proposatu ahal izanen du gauza osoa jabekide bati esleitzea, jabekide horrek hori onartzen badu, tasazio judizialaren truk betiere, gainerako jabekideei konpentsazio egokia diruz ordaintzeko baldintza etengarripean.

Adjudikaziotik zenbatuta, sei eguneko epean, jabekideetatik edozeinek eska dezake gauza berari adjudikatzeko, tasazio judizialaren prezioa zainpean jarriz, seiren batean hobeturik, gutxienez. Eskubide hori jabekide batek baino gehiagok egikaritzen badute, ondorengo lau egunetan enkantea eginen da jabekide guztien artean, eta horren errematea behin betikoa izanen da.

Zatiketa judiziala egiteko unean, eta beharrezkoa izanez gero, jabekideetatik bati gozamena adjudika dakioke, eta besteari jabetza soila, eta, zatiketaren ondorioz sorturiko finken artean, zortasunak era daitezke.

Adjudikazioa ezin bada egin jabekideetatik baten mesederako, epaileak jendaurreko enkantean salduko du gauza, 575. legearekin bat etorriz.

Gauza erkidearen zatiketak ez du eraginik izanen horretan parterik izan ez dutenen eskubide errealetan.

375. legea Beste eskubide batzuen gaineko erkidegoa Aurreko legeen erregelak aplikatuko zaizkio beste eskubide zatigarri batzuen gainean eraturiko erkidegoari.

III. KAPITULUA Erkidego bereziak

376. legea Osagai erkideak Aho bateko adostasuna izan ezik, erkidegoa badago finka batzuen zerbitzupeko osagaien gainean, esaterako, mehelin diren horma, murru, hesi edo itxituren, eta errota, labe, larrain, putzu, noria, erreten edo antzeko osagaien gainean, erkidego hori zatiezina izanen da, eta erkideetatik inork ere ezin izanen du bere zatia xedatu, halako osagaiak zein finkaren zerbitzupekoak izan, eta finka horretatik bananduta.

Uste izanen da eraikinen osagai erkideak direla hiri-finken arteko baoak, alegia, «belena» edo «etxekoarte» izenaz ezagutzen direnak, eta lege honetan eta 404. legeko bigarren lerrokadan xedaturikoak eraenduko ditu halakoak.

377. legea Erkidego komuna Erkidego komuna ohituraz eratu bada, edo eratzaileen borondateak ezarri badu, erkidego hori zatiezina izanen da, aho bateko itunik izan ezean. Erkide batek ere ezin du bere zatia xedatu gainerako titular guztien adostasunik gabe.

378. legea Erkidego solidarioa Jabetzaren edo eskubide erreal baten gainean erkidegoa eratu bada titular batzuen mesederako, erkidego hori solidarioa izanen da, horren eraketa-tituluak hala xedatu duenean.

Erkidego solidarioan, erkide bakoitzak bere kabuz egikari dezake eskubidea bete-betean, bai eta hori oso-osorik xedatu ere, gainerako titularrei begira duen erantzukizunari kalterik egin gabe.

IV. KAPITULUA «Bazkalekuak»

379. legea Kontzeptua Finka baten edo finka-multzo baten izaera nahiz xedea adierazteko, «bazkaleku» adierazmoldea erabiltzen denean izan ezik, ulertu behar da «bazkaleku » direla, dela inoren finka zatika aprobetxatzeko eskubidea, dela jabariaren titular batzuk pilatzean eraturiko erkidego zatiezina, baldin eta titular horietako bati edo batzuei eratxikitzen bazaizkie bazka, belar, ur, egur, ereintzak edo antzeko aprobetxamendu bereziak.

Eskubide berezi horiek inter vivos nahiz mortis causa eskualda daitezke.

«Bazkalekuak» herri-finken gain eratu badira, lurraren jabetza udalerriari dagokiola uste izanen da, aurkakoa ondorioztatzen denean izan ezik.

380. legea Araubidea «Bazkalekua» eraentzen dute tituluak eta usadioek, eta, halakorik izan ezean, tokiko ohiturak edo ohitura orokorrak.

Horiek bestelakoa ondorioztatzen ez badute, titular bakoitzak bere aprobetxamendua erabili ahal izanen du, gainerako titularrek zein luperketa izan eta luperketa horrek ahalbidetzen duen hedadura osoan.

381. legea Ohiko mugapenak Aurkako itun, usadio edo ohiturarik izan ezean, «bazkalekuen» gaineko bazka-eskubidea mugatuta dagoela ulertuko da, uztak zein epetan bildurik egon, eta epe horretara; eskubide hori «urgainak» eta «zuhain-lurrak» errespetatuz egikaritu beharko da.

382. legea Askatzea «Bazkalekuak» askatu ahal izanen dira:

1. Partaideen aho bateko borondatez.

2. Herri-finkak kargatzen dituztenean, udalerriak hala eskatuta.

3. Gainerako finketan, epaileak auzibidezko epaiketan erabakitzen duenean eskubide horien iraupenak ageri- -agerian oztopatzen duela finkak euren izaeraren arabera zentzuz landatu edo ustiatzea.

4. Eta, edozein kasutan, bazkaleku- -eskubidedunak finketan egindako aldarazpenen aurka jartzen direnean, baldin eta halakoak finkak hobetzeko egin badira, eta horiek oso-osorik edo zati batez bateraezinak badira «bazkaleku» eskubidearen egikaritzarekin.

Bi, hiru eta laugarren zenbakietan aipaturiko kasuetan, bazkalekutik askatzeagatik kapitala ordaindu behar da, eta kapital hori zehaztuko da, aprobetxamenduen balioa eta askatzeak lurraren jabeari dakarzkion onurak kontuan hartuta. Epaileak egoki baderitzo, zenbatespenaren ordainketaren ordez, lurraren jabetza adjudika dezake.

383. legea Atzera-eskuratzea Titular batek bere eskubidea besterentzen duenean, partaideek erkideen arteko atzera-eskuratzea egikaritu ahal izanen dute, eta, pilatzea badago, titular atzera-eskuratzaileak lehentasuna izanen du, bere titulartasunpeko aprobetxamendua eta besterendutakoa izaera berekoak badira.

Finkaren lurzati zehatza landatzeko eskubidea besterentzen denean, atzera-eskuratzeko lehenespena emanen zaio luze-zabalik handiena duen lurzatia landatzeko eskubidea duenari.

V. KAPITULUA «Fazeriak», «iralekuak», «kontzeju-jabaria» eta «kanpoko auzotartasunak»

384. legea «Fazeriak» «Fazeria» da jabetza kolektibo edo pribatupeko finka batzuen gainean elkarrekiko eraturiko zortasuna.

«Fazeriak» eraentzen dituzte berorien tituluak, aldez aurretik ezarritako itun edo hitzarmenek, haiei buruz konpilazio honetan jasotako xedapenek eta, arauturik gabe dauden kontuetan, zortasunei edo, hala denean, erkidegoei buruz xedatutakoak.

385. legea Ohiko mugapenak «Fazeria» izenekoetan abelburuek bazka egin dezakete argi hastetik ilundu arte fazeriako eremuan, baina abelburuok ezin izanen dira hurbildu ereindako lurretara edo biltzeke dauden lur fruitudunetara.

386. legea «Fazeriako erkidegoa» «Fazeriako erkidegoa» da jabariaren titular batzuk pilatzea, aprobetxamendu solidario jakin baterako erkidegoa eratzeko; 377 eta 378. legeetan xedaturikoak eratzen du erkidego hori, kapitulu honek ezarritakoaren aurkakoa ez bada.

387. legea Zatigarritasuna «Fazeriako erkidegoa» zatigarria da, salbu eta hori eratu izan denean epe zehatz baterako edo, zatiezin gisa, betiko; kasu horretan, hori zatitu ahal izanen da, salbuespenez bakarrik, epailearen ustez erabat kaltegarria denean indibiso- egoerari eustea.

«Fazeriako erkidegoak» hiribildu edo herrien artekoak badira, eta horien kuota edo ekarriak ez badira agerrarazi, orduan, bestelako erregela aplikagarririk izan ezean, kontuan izan beharko da hiribildu edo herri bakoitzaren auzotarren kopurua, zatiketa eskatzeko unean.

388. legea «Iralekuak». Kontzeptua «Iraleku» adierazmoldea modu esklusiboan erabiltzen ez bada finka baten izaera edo xedea adierazteko, ulertu behar da izen horretara biltzen direla herri-mendietan berez sortutako irak aprobetxatzeko eskubideak.

389. legea Ohiko mugapenak Aprobetxamenduaren jabeak ezin du iralekuan itxitura, landaketa edo ereiterik egin, ezta lurraren jabeak aprobetxamenduarentzat kaltegarri den egintzarik gauzatu ere.

390. legea Atzera-eskuratzea eta askatzea «Iralekuak» askatu eta horiek atzera- eskuratzeari buruz, kontuan izan beharko da 382 eta 383. legeek «bazkalekuei » buruz xedaturikoa.

391. legea «Kontzeju-jabaria» Erronkari eta Zaraitzuko haranetako Batzarreen baso-ondareak edo bestelako jabetza, aprobetxamendu edo eskubideek xede badute haran horietako auzotarren beharrizan kolektiboak asetzea, horiek «kontzeju-jabarikoak» dira; jabari hori arautzen dute ordenantzek, legebidez hartutako akordioek, hitzarmenek eta tokiko ohiturek. «Kontzeju-jabaria » zatiezina da.

Batzarreari dagozkio administratu eta xedatzeko ahalmen guztiak, eta horiek egikarituko ditu, haranak nahiz bertako auzotarrek zuzenean edo zeharka dituzten beharrizan eta egokierak asetzeko.

392. legea «Kanpoko auzotartasuna» Udalerriek «kanpoko auzotartasun» gisa eman badute herri-ondasunen luperketan parte hartzeko eskubidea, parte- hartze horrek izaera zibila du nahiz eta administrazio-tituluaren bidez eratu, eta eskubide erreala da.

Herri-lurrak «kanpoko auzotartasunarekin » kargatuta badaude, herri horiek kargetatik aska ditzakete lurrok, kargen gaineko eskubidea duenari euren balioa ordainduz. Hitzarmenik izan ezean, askatzeko kapitala zehaztuko da, aprobetxamenduen balioa eta askatzeak dakarren onura kontuan hartuz.

«Kanpoko auzotartasuna» besterentzen bada, udalerriak eskubidea du hori auzotarren erkidegoarentzat atzera-eskuratzeko.

Epeei dagokienez, eskubide hori eraenduko du 458. legean atzera-eskuratze jentilizioari buruz ezarritakoak, eta lehenespena izanen du horren gainetik.

Trukaketa kasuan, auzotartasunaren balioa zehaztuko da, alderdiek —bakoitzak bat— izendaturiko bi adituren tasazioa erabiliz, eta, aurkatasuna azalduz gero, hirugarren adituaren tasazioa erabiliz, haien adostasunez aukeratuta, edo, adostasunik izan ezean, epailearen erabakiz.

Aurrerantzean ezin izanen da «kanpoko auzotartasunik» eratu.

Erosleak jabetza eskuratzeko, beharrezkoa da saldutako gauza ematea.

III. TITULUA ZORTASUNAK

393. legea Kontzeptua Zortasunak dira finka baten gain ezarritako eskubide errealak, mugakide den edo alboan dagoen beste baten onurarako; zortasunon bitartez, haren erabilera jakinen bat egikaritzen da, edo jabearen ahalmenetatik edozein mugatzen da.

394. legea Bereizketa Ez dira zortasun:

1. Auzotartasunaren ondoriozko legezko mugapenak.

2. Pertsona batentzat inoren finkaren gain ezarritako erabilera eta aprobetxamendu eskubideak, lurren artean inolako harremanik ez badago; liburu honetako IV. tituluaren II. kapituluan ezarritakoak eraentzen ditu halakoak.

395. legea Berezitasunak Zortasun-eskubidea ezin da zatitu edo banandu funts nagusitik, eta horren izaera iraunkorra da epe edo baldintzapean eratu ez denean. Ulertu behar da baldintzapean eratu direla, bai etorkizunean eraiki edo eraitsiko diren ondasun higiezinen gaineko zortasunak, bai eta eduki gisa etorkizuneko erabileren bat dutenak ere.

396. legea Eraketa Zortasunak era daitezke inter vivos nahiz mortis causa egintzen bidez, bai eta zatiketa-epaiketan egindako adjudikazio judizialaren bidez edo banaketa- -egintzaren bidez ere.

Eraketa-egintzan ez bada argi zehaztu zein den zortasunaren edukia, zehaztapen hori interesdunak horretan ados jartzen ez direnean gauzatuko da, eratzaileak horretarako ahaldundu duen pertsonaren eskutik edo, halakorik izan ezean, epailearen erabakiz, betiere, ageriko zeinuak, lurren inguruabarrak eta tokiko usadioak kontuan hartuta.

397. legea Preskripzioa Zortasunak eskuratzen dira, ondasun higiezinen gaineko preskripzio arruntaren bidez edo preskripzio bereziaren bitartez.

Epearen zenbaketa hasiko da, zortasun positiboetan, hori egikaritzeko gauzatu den lehenengo egintzatik; ageriko zortasun negatiboetan, zortasunaren zeinuak agertu direnetik; eta, agerikoak ez diren zortasun negatiboetan, zortasunak eragozten duen egintza zein izan, eta horixe gauzatzeko debeku formala ezarri denetik.

Epe luzea Edozein kasutan ere, ageriko zortasunaren erabilera errespetatuko da, hori epe luzean zehar aurkakotasunik gabe erabili bada, eta uste bada erabilerak iraun ahal duela horren mendeko finkari kalterik egin gabe.

Era berean, zortasuntzat hartuko dira jabe berberaren finken artean ageriko zeinuarekin ezarritako zerbitzuak, finka horien gaineko jabetza inter vivos nahiz mortis causa egintzen bidez banantzen denean, baldin eta banantzea gertatzeko unean zeinuak bere horretan badirau, eta xedatze-tituluak ez badu zortasuna esanbidez baztertzen.

398. legea Preskripzioa geldiaraztea Preskripzioa geldiaraziko da, 40. legearekin bat etorriz, epaiketaren bidez erreklamazioa egiten denean, eta egintza eragozlea formalizatzen denean edo debekuzko zeinu nabaria dagoenean.

399. legea Legez eratu edo aldaraztea Lege-aginduz zortasuna eratu edo aldarazi behar bada, finka onuradunaren titularrak bakarrik galda dezake eraketa edo aldarazpena, hori jasan behar duenari ahalik eta kargarik gutxien eginez, eta beti aurretiaz kalte-ordain zuzena ordainduz. Hitzarmenik izan ezean, zortasuna eratu edo aldaraziko da epailearen edo Administrazioaren erabakiaren bidez, kasuan-kasuan.

Bide-zorra era dadin, eskubide bera izanen du finka batzuen artean kokatutako finkaren jabeak, eta halakoa ezarriko da zortasunarekin ahalik eta kargarik txikiena jasanen duten landen gainean.

400. legea Zortasuna zabaltzea Bide-zorra nahiko ez bada lur nagusiaren beharrizanak asetzeko, lur horren jabeak zortasuna zabaltzeko eskatu ahal izanen du, beharrizan horiek betetzeko beharrezkoa den neurrian, betiere, zortasunpeko lurraren egoerak kalte larririk eragin gabe hori ahalbidetzen duenean, eta horren truk kalte-ordain zuzena emanez.

401. legea Zortasuna aldaraztea Zortasunarekin kargaturiko finkaren jabeak ezin dio finkaren erabilerari kalterik egin, baina auzibidean horren forma aldatzeko eskatu ahal izanen du, zortasunak eragindako finka-zatiaren gaineko xedapen osoa zentzuz behar duenean, horrekin zortasunaren titularrari kalterik egiten ez dionean betiere.

402. legea Bazkak Bazka-zortasunarekin kargaturiko finkaren jabeak hori itxi ahal izanen du, baina jabe horrek bidea, «langa» edo «kereta» zabaldu beharko du, lur nagusiko abelburuak bertara sar daitezen.

403. legea Argi-bistak Argi-bisten zortasunek horien titularrari eskubidea ematen diote beraren horman zuloak zabalik izateko, eta zortasunpeko funtsetik argia jasotzeko edo funts horren gainetik begiratzeko.

Halako zortasunek zortasunpeko lurraren jabeari eragozten diote horma edo hegalkinetik hiru metro baino tarte laburragoan eraikitzea, horrekin argiak edo bistak urritu edo oztopatzen diren neurrian.

404. legea Argiak hartzeko zuloak Funts baten jabeak, horren alboko funtsarekin mugakide den horman, zuloak zabal ditzake kana beteko zabaleradun laukian; zulook estalita egon behar dira hormara jositako burdinez eta alanbre-sarez, tokiko ohitura bestelakoa denean salbu. Zulo horiek itxi ahal izanen dira alboko finkan eraikina egiten denean, eta horiek ez dira zortasunaren ageriko zeinutzat hartuko preskripzioaren ondoreetarako.

Jabe batzuei dagozkien «belena» edo «etxekoarte» erkideetan, jabe horietatik edozeinek bere horman ireki ditzake hegalkinik gabeko zuloak, gainerako jabeei enbarazurik ez egiteko mugapean.

405. legea Zortasunpeko finkaren jabeak dituen betebeharrak Zortasunek ahalmena ematen badute inoren horma edo egituren bat eraikin baten euskarri gisa erabiltzeko, zortasunpeko funtsaren jabeak bere kontura egin behar ditu zortasunpeko egituraren sendotasunari eusteko beharrezkoak diren konponketak.

Gainerako zortasunetan, zerbitzuaren erabilera onerako beharrezkoak diren obrak jasan behar ditu.

Bertan behera uzte askatzailea Zortasunpeko finkaren jabea gera daiteke aurreko lerrokadan aipaturiko eginbeharretik aske, bai eta berak esanbidez harturiko konponketa betebeharretatik ere, zortasunaren titularrarentzat finka bertan behera utziz gero.

406. legea Azkentzea Zortasunak azkentzen dira titularrak uko egiten duenean, uko egitea ondasun higiezinen gaineko egintza gisa formalizatuz, bai eta jabetzak esku berera heltzen direnean ere.

Azken kasu horretan, nahiko da zortasunak zehatz-mehatz eragiten duen lurra bakarrik eskuratzea, eta horretatik aske geratuko da kargapeko finkaren gainerako zatia.

Eragindako lurraren zati bat bakarrik eskuratzen bada, zortasuna azkendutzat hartuko da, baina zati horretan bakarrik.

Eskuratutakoa zati indibisoa bada, zortasuna ez da azkendutzat joko.

Zortasunak azkentzen dira, halaber, preskripzio-epean zehar horiek ez erabiltzeagatik.

Zortasun positiboetan, preskripzio askatzailea zenbatuko da, horiek erabiltzeari utzi zaion unetik, eta, negatiboetan, egintza eragozlea gauzatu denetik.

407. legea Aldi baterako ezintasuna Finken egoeraren ondorioz zortasunak erabilgarritasuna galdu badu eta preskripzio azkentzailerako epea igaro ez bada, zortasuna berriro erabili ahal izanen da, egoera eragozlea amaitzearekin batera.

IV. TITULUA GOZAMENA, BIZTANTZEA, ERABILTZEA ETA ANTZEKO BESTE ESKUBIDEAK

I. KAPITULUA Gozamena

408. legea Kontzeptua Gozamen eskubide errealak horren titularrari ematen dizkio, epe mugatuan zehar, jabari-ahalmenak, gozamenpeko gauza xedatzeko ahalmena salbu. Gozamendunak, helburu horrekin, egokiak diren akzio guztiak egikaritu ahal izanen ditu, eta jabe soilari eskatu ahal izanen dio egikaritza horretarako beharrezkoa den guztia.

Gozamendunak ezin izanen du bere eskubidea laga; bai, ordea, horren egikaritza, gozamenak dirauen eperako.Gozamendunak ezarritako errentamendua suntsiarazi eginen da, edozein kasutan, gozamena azkentzean; baina landa-errentamenduek indarrean diraute, nekazaritzako urtea amaitu arte.

409. legea Eraketa Gozamena eratzen da legearen aginduz edo jabearen borondatez, borondate hori mortis causa nahiz inter vivos egintzetan agerturik, bai zuzenean beste inoren onurarako, bai eskubide hori erreserbatuz, jabetza eskualdatzeko egintzaren bidez.

Gozamena era daiteke, berebat, epaileak zatiketa-epaiketan egindako adjudikazioaren bidez edo banaketa- -egintzaren bidez ere era daiteke.

410. legea Objektua Gozamena era daiteke mota guztietako ondasunen gainean, nahiz eta horiek fruiturik eman ez, eta ondare oso baten gainean edo horren zati alikuotaren gainean.

Gozamena gauza kontsumikorren gainekoa denean, gozamendunak erabateko xedapena eskuratuko du horien gainean, baina genero eta kalitate bereko beste horrenbeste itzuli beharko du.

Inbentarioa eta bermea Gozamendunari ondasunak emateko unean, edo beste edozein unetan, jabeak inbentarioa egiteko galda dezake eta, horrez gain, bermea eratzeko ere bai, ondasunok itzuli eta eragindako kalteen ordaina emateko betebeharra ziurtatze aldera. Inbentarioa egitea edo bermea eratzea ez da beharrezkoa izanen, baldin eta gozamenduna betebehar horretatik aske geratu bada lege-aginduz edo eratzailearen borondatez, edota epaileak horiek alferrekoak direla uste izan badu.

Bermea eratzeko, kontuan izan behar da 231. legeak fiduziarioari buruz xedaturikoa.

411. legea Iraupena Gozamena bizi artekoa izanen da, salbu eta gozamen hori epe zehatzerako eratu dela agerrarazi denean.

Titularra pertsona juridikoa bada, eta gozamenak beste eperik ez badu, gozamen hori ehun urte igarotakoan azkentzen da.

412. legea Pertsona batzuen mesederako eraturiko gozamena Gozamena ezar daiteke, batera nahiz ondoz ondo, hori eratzeko unean bizirik edo ernaldurik dauden pertsonen mesederako.

Beste pertsona batzuei begira, gozamena eratu ahal izanen da 224. legearen bigarren lerrokadak ezarritako mugen barruan bakarrik.

Gozamena pertsona batzuen mesederako eratzen denean, horiek modu solidarioan erabili ahal izanen dituzte euren eskubidepeko gauzak, eta fruituak euren artean hainbanatuko dituzte, gozamena eratzeko tituluan bestelakoa xedatu denean salbu. Gozamenkide baten eskubidea azkendutakoan, horren zatia beste titularrei gehiagotuko zaie.

413. legea Askatzea Eraketa-tituluak aurkakoa ezarri ezik, gozamen eskubidea ezin izanen da askatu gozamendunaren borondatearen aurka.

414. legea Zamak. Aseguruak Zama eta kontribuzioek jabetza kargatzen dutenean, jabe soilak ordaindu behar ditu zama eta kontribuzio horiek.

Gainerakoak eta nahitaezko gastuak gozamendunak ordaindu behar ditu, aldizkako izaerarik ez dutenak izan ezik; halakoak bi-biok ordainduko dituzte, eurei dagozkien eskubideen balioaren arabera.

Proportzio berean ordainduko dira gozamenpeko gauzaren aseguruprimak, haietatik edozeinek halakoak ituntzea galdatu duenean.

415. legea Fruituak Gozamendunak fruituak eskuratzen ditu, 353 eta 354. legeetan xedatutakoarekin bat etorriz. Gozamena amaitzean, kalte-ordaina galdatu ahal izanen du, berak zenbait fruitu eskuratu ez baina fruitu horiek ekoizteko egin dituen gastuen arabera.

416. legea Abere-taldearen gaineko gozamena Abere-taldearen gozamendunak, hori oso-osorik iraunarazteko, kontsumitutako abelburuak birjarri beharko ditu, eta bere eginen ditu gaindikinak.

417. legea Mendien gaineko gozamena Mendien gaineko gozamenean, eraketa- tituluak bestelakoa agintzen ez badu, ondoko erregelak beteko dira:

1. Gozamendunak aprobetxamendu arruntak egin ahal izanen ditu lurraren izaeraren eta tokiko usadioen arabera.

2. Mendietatik zura atera daitekeenean, meazketa eta ebaketak egin ahal izanen ditu, aurreko zenbakian adierazitakoarekin bat etorriz. Mendietan ez badira landareak berez hazten, eta mendi horietan errotik ebaketak egiten badira, gozamendunak birlandatzeko eginbeharra izanen du.

3. Ebaketen onura gozamendunari dagokio, horrek gozamenean dirauen denboraren arabera; betiere, zuhaitzen ekoizpen-epea kontuan hartuta.

4. Edozein kasutan ere, gozamendunak, jabe soilari aldez aurretik horren berri emanez, zuhaitzak oinetik ebaki ahal izanen ditu, lurrean gauzatu nahi dituen konponketa eta hobekuntzak egiteko. Jabe soila hobekuntzaren ondoriozko ebaketaren aurka jarri ahal izanen da, eta konponketen ondoriozkoa egitearen aurka ere bai, horiek bere ardurapean hartzen baditu.

418. legea Kredituaren gaineko gozamena Kredituaren gaineko gozamenean, ulertzen da horren zenbatekoaren gainean eratu dela eskubidea. Gozamendunak jasoko ditu kredituak sortutako korrituak, eta kredituaren kobrantzari 410. legearen bigarren lerrokadan xedatutakoa aplikatuko zaio.

Errentaren gaineko gozamena Errentaren gozamendunak errenta eskuratzen du mugaegunetik mugaegunera, gozamena azkendu arte.

Akzioen gaineko gozamena Gozamena sozietatearen akzio, partaidetza edo kuoten gainekoa bada, 258. legean ezarritakoa aplikatuko da.

419. legea Atzera-eskuratzeko eskubidearen gaineko gozamena Gozamen unibertsala ondarearen gainekoa bada eta, ondare horretan, atzeraeskuratzeko eskubidea badago atzera-eskuratzeko itunarekin edo grazia-agiriko itunarekin saldutako ondasunak direla eta, atzera-eskuratzea egikaritu ahal izanen dute, bai jabe soilak bai gozamendunak, eta gozamena hedatuko da atzera- eskuratutako ondasunetara; gozamendunak egikaritu badu atzera-eskuratzea, horren zenbatekoa itzultzeko galda dezake gozamena amaitutakoan.

Gozamenaren gainerako kasuetan, atzera-eskuratzea jabe soilari dagokio modu esklusiboan, eta gozamena ez da hedatuko atzera-eskuratutako ondasunetara.

420. legea Atxikitzeko eskubidea Ondasunen gain gozamena badago, eta ondasun horiek zehazturik ez dagoen pertsonari eman edo itzuli behar bazaizkio, orduan, gozamena azkentzean, gozamendunak edo horren jaraunsleek ondasun horien administratzaile gisa iraun behar dute, halakoak nori eman behar zaizkion zehaztu arte; gastuak kobratu ahal izanen dituzte jasotako fruituen kontura, bai eta edukitza atxiki ere, haiek guztiak ordaindu arte.

421. legea Azkentzea Gozamen-eskubidea honela azkentzen da: gozamenduna hildakoan edo horrek uko egindakoan, jabetza usukapitzeko epe arruntean gozamena egikaritu gabe utzitakoan, epe-muga heldutakoan edo baldintza suntsiarazlea betetakoan, gozamena eta jabetza soila bateratutakoan, edota gozamenpeko gauza galdutakoan.

422. legea Transformazioa Nahitaez jabetza kendu edo ordezpena gertatzen denean, edota erabateko nahiz zati bateko galeraren ondorioz kalte-ordaina ematen denean, gozamen- eskubideak kargatuko ditu kalte- ordainak edo beste ondasun subrogatu batzuk.

II. KAPITULUA Biztantzea, erabiltzea e ta antzeko beste eskubide batzuk

423. legea Araubidea Biztandu, erabili eta inoren gauza zatika aprobetxatzeko eskubideak eraentzen ditu horien eraketa-tituluan ezarritakoak eta, horrelakorik izan ezean, ondoko xedapenek:

Eraketa 1. Halakoak era daitezke gozamena eratzeko bide berberetatik, baina 410. legeak bermeari buruz ezarritakoa bakar-bakarrik aplikatuko zaie eratzaileak hala agindu duenean edo eskubideotara ondasun higigarriak bildu direnean; azken kasu horretan, inbentarioa egin beharko da, eratzaileak betebehar hori salbuetsi ezik.

Gastuak 2. Eskubide horiek dohaineko eta bizi artekoak direla uste izanen da. Titularraren betebehar bakarra izanen da kontribuzioak ordaintzea, kontribuzio horiek kargatzen badute berak gauzaren gainean izandako erabilera esklusiboa; era berean, titularrak konponketak egin beharko ditu, eguneroko erabileraren ondorioz haren higadura gertatzen bada.

Azkentzea 3. Eskubide horiek azkenduko dira, gozamena azkentzeko arrazoi berberak direla bide, bai eta gauzaz bidegabe abusatzeagatik ere. Eskubideok azkenduko dira, orobat, eskubidepeko erabilera edo aprobetxamendu zehatza ezinezko suertatzen denean, baina jabeak kalte-ordaina eman beharko du, eskubidepeko gauza aldarazten badu eta, horren ondorioz, eskubideon egikaritza galarazi edo urritzen bada. Biztantzeko eskubidea ezin da inola ere askatu horren titularraren borondatearen aurka.

Eskubideak ez badira epe zehatzerako eratu, horiek askatzeko modukoak izanen dira, 382. legean «bazkalekuei» buruz ezarritakoarekin bat etorriz.

424. legea Edukia a) Biztantzeko eskubidea Tituluak biztantze-eskubidea mugatzen duenean izan ezik, uste izanen da eskubide horrek titularrari ahalmena ematen diola, etxebizitza osorik eta modu esklusiboan okupatzeko, berarentzat eta berarekin batera bizi direnentzat, bai eta etxebizitza osorik edo zati batez errentan emateko ere; errentamendua amaituko da, biztantzeko eskubidea azkentzean, inolako luzapenik gabe.

425. legea b) Erabiltzeko eskubidea eta beste eskubide batzuk Aurreko legeak biztantzeari buruz ezarritakoa izan ezik, halako eskubideen titularren egikaritza pilatuko da jabearen edo hori ordezten duen pertsonaren erabilera arruntarekin; haiek ezin izanen dute euren eskubidea osorik laga, baina eskubide horien egikaritza beste pertsona batzuekin elkarbanatu dezakete, horren truk ordainketa jasoz edo hori jaso gabe.

426. legea Fruitu eta produktuak Eskubideak ez badira fruituen edo berezko produktuen gaineko aprobetxamendu jakin bati buruzkoak, titularrak aprobetxatu ahal izanen ditu gauzak ekoizten dituen guztiak; betiere, eskubidearen egikaritzan parte hartzen duten pertsonen kontsumo arruntaren neurrian bakarrik eta horiek saltzeko ahalmenik gabe.

V. TITULUA AZALERA-ESKUBIDEA ETA ANTZEKO BESTE ESKUBIDE BATZUK

I. KAPITULUA Xedapen orokorrak

427. legea Printzipio orokorra Lurrari modu banaezinean batutakoa horren jabetzapean sartzen dela uste izanen da, baina inoren lurrean eraikitakoaren edo landatutakoaren gainean izan daiteke eskubide errealen bat, besteak beste, azalera-eskubidea, inoren eraikinaren gainean edo azpian eraikitzeko eskubidea, jabetza horizontalaren gaineko eskubidea eta landatzeko eskubidea.

Aplikatu beharreko legea Jabetza horizontalaren araubideari dagokionez, Kode Zibilean eta hori garatzen duten legeetan xedaturikoa beteko da.

Aipaturiko beste eskubideei buruz, titulu honetan xedaturikoa beteko da.

428. legea Araubidea Ondoko erregelek eraenduko dituzte aurreko legean aipatutako eskubideak:

1. Eskubideok inter vivos nahiz mortis causa egintzen bidez era daitezke, kostu bidez nahiz dohainik, dela zuzenean besterentze edo ematearen bidez, dela erreserba edo atxikitzearen bidez jabetza eskualdatzeko egintzan bertan.

2. Epe mugaturako edo betiko ezar daitezke; aurkakoa xedatzen ez denean, azken hori uste izanen da.

3. Jabetza Erregistroan inskriba daitezke, nahiz eta aldian aldiko osagaiak zehaztu ez; esaterako, egiteke dagoen obra hasi edo amaitzeko epeak, horren berezitasunak, aurrekontuak, hobekuntzak, erabilerak, ustiapena, xedea edo artapena.

4. Inter vivos nahiz mortis causa egintzen bidez eskualda daitezke, salbu eta bere-berezko gisa eratu direnean, horien eskualdaketa jabearen adostasunaren baldintzapean jarri denean edota euren eskualdagarritasuna bestelako moduan mugatu denean.

5. Hipotekatzeko modukoak dira, eskualdagarriak diren neurrian. Eskubide horiek egikarituz zerbait eraiki edo landatzen bada, hori ere hipotekaren menpe geratuko da.

6. Gozamenaren eta antzeko eskubideen objektu izan daitezke, baina ezin dira zortasunekin kargatu jabearen adostasunik gabe. Halako adostasuna izan ez arren, eskubideok ezartzen badira, 372. legeak erkidegoari buruz xedaturikoa aplikatuko da.

7. Titularrak bere kabuz era ditzake zortasunak, eskubideon objektu den ondasun higiezinaren mesederako, eta jabeak ezin ditu inola ere bere kabuz zortasunak azkendu halako eskubideen kalterako.

8. Aurkako xedapenik izan ezean, eskubideok ezin daitezke askatu horien titularraren borondatearen aurka.

9. Eskubide horiek edo jabetza besterentzen direnean, ez da egonen eroslehentasunik, ezta atzera-eskuratzerik ere.

429. legea Bateratzea Titular berberak eskuratzen baditu lurraren jabetza eta horren gaineko eskubide berezietatik batzuk, batari eta besteei eragiten dieten eskubideek modu bananduan kargatzen jarraituko dute.

II. KAPITULUA Azalera-eskubidea

430. legea Kontzeptua Azalera-eskubide errealak ahalmena ematen du inoren lurrean eraikitzeko, bai eta eraikitakoaren jabetza bananduari eusteko ere. Eskubide hori lurpean eraikitzekoa ere izan daiteke.

Hedadura Azaleradunaren eskubidearen hedadurak bere barruan hartzen du lurpea, lurpe hori azalera aprobetxatzeko beharrezkoa izan ohi den neurrian, eta, betiere, eraikinaren zimendu-, hustubide-, aireztapen-ondoreetarako, bai eta eraikinak bere izaeraren arabera dituen gainerako beharrizanenetarako ere.

431. legea Zamak Aurkako itunik izan ezean, azaleradunak, eraikuntzari hasiera ematen dionetik, ondasun higiezinaren ondoriozko zerga, kontribuzio eta zama guztiak ordainduko ditu.

Eraikin anitz izanez gero, titular bakoitzak ordainduko ditu oso-osorik eta berak bakarrik bere eraikinari dagozkionak.

432. legea Jabetza horizontala Azaleradunak eraikina egin badu eta eraikin horrek jabetza horizontalaren araubidea badu, araubide hori ez da lurrera hedatzen.

433. legea Eraikina suntsitzea Eraikina suntsitu arren, ez da azalera- eskubidea azkenduko, eta azaleradadunak berreraikitzeari ekin ahal izanen dio.

434. legea Lehengoratzea Azalera-eskubidea epe jakinerako edo baldintza suntsiarazlearen menpe ezartzen bada, orduan, horiek mugaeguneratutakoan, eraikitakoa jabetzari lehengoratuko zaio, konpentsaziorik gabe edo konpentsazioarekin, kasuan- -kasuan itundu denaren arabera.

III. KAPITULUA Eraikin baten gainean eta azpian eraikitzeko eskubideak

435. legea Kontzeptua Eraikin baten gainean edo azpian eraikitzeko eskubide errealek ahalmena ematen diote horien titularrari eraikin baten gainean edo azpian solairu bat edo gehiago eraikitzeko, hurrenez hurren, jadanik eginda dagoen edo etorkizunean eginen den eraikinean.

Egikaritza Eskubide horiek egikaritzeko, beharrezkoa da beti, Administrazioaren onespen egokia ez ezik, eraikinaren osagai erkideen gaineko eskubideen zehaztapena ere, obraren izaerari, eraikinaren segurtasunari eta legezko mugapenei lotuta.

Edozein kasutan, eraikinaren jabe, maizter edo beste erabiltzaileei eman beharko zaie eskubide horien egikaritzak eragin dizkien kalte-galeren ordaina.

436. legea Jabekidetasuna eta jabetza horizontala Eraikina jabekidetasunaren edo jabetza horizontalaren araubidepean badago, jabekideei dagokie horren gainean edo azpian eraikitzeko ahalmena; betiere, jabetzan edo osagai erkideetan dituzten kuoten arabera. Bi kasuotan, halako eskubideak emateko, beharrezkoa izanen da partaide guztien adostasuna.

437. legea Edukia Titularrak eraiki dezake tituluan zehazturiko solairu-kopurua.

Zehaztapenik egin ezean, ulertuko da titularrak baimena duela, eraiki ahal diren solairu guztiak egiteko; horretarako, Administrazioak eta eraikinaren segurtasunak ezarritako mugapenak baino ez ditu izanen.

Aurkako itunik izan ezean, eskubideok azkenduko dira, horiek egikarituz eraikitako egitura amaitu ondoren.

438. legea Administrazio-mugapenak Administrazio-mugapenek titularrari eragozten badiote bere eskubidea oso-osorik edo zati batez egikari dezan, mugapen horiek ez dute eskubidea azkenduko eta eskubide-emaileari ez diote erantzukizunik ekarriko, aurkako itunik izan ezean.

439. legea Eraikin berrien gaineko araubidea Eskubide horiek egikarituz zerbait eraikitzen bada, eraikitakoa jabetza horizontalaren araubidepean jarriko da eraikin osoarekin batera.

Osagai erkideen gaineko kuotak ez badira tituluan ezarri, eta titulu horretan ez bada finkatu kuotok zehazteko prozesurik, beharrezkoa izanen da eraikinaren jabe guztien adostasuna. Hala eta guztiz ere, lurpeko eraikinei dagokienez, hitzartu ahal izanen da horiek jadanik eginda dauden beste eraikin batzuen erantsiak izatea, osagai erkideen gainean ezarritako kuotak aldarazi gabe.

440. legea Obra berriari buruzko adierazpena Aurkako itunik izan ezean, titularrak bere kabuz egin ditzake obra berriari buruzko adierazpenaren eskritura publikoa eta eraikinaren deskripzioa zuzentzekoa.

441. legea Eraikina suntsitzea Eraikina suntsitu arren, ez dira eskubide horiek azkenduko, eta, eraikitako egiturari begira, haien titularrek aldez aurretik zuten eskubide bera izanen dute.

442. legea Hiri antolamendua Lurraren antolamendu edo urbanizazioaren ondorioz, ondasun higiezinaren lekuan subrogatzen bada bestelako eraikigarritasun- bolumena duen lurzatia, orduan, eraikin baten gainean edo azpian eraikitzeko eskubideen titularrak bolumen berri horretan izanen du aurretiaz zuen eskubidearen proportziozko zatia.

IV. KAPITULUA Inoren lurrean landatzeko eskubidea

443. legea Kontzeptua Inoren lurrean landatzeko eskubide erreala eratu ahal izanen da. Kasu horretan, emakidadunari landaketaren gaineko jabetza dagokio, lurraren jabaritik bananduta.

444. legea Askatzea Eskubide hori epe mugarik gabe eratu bada, ez da aplikatuko 428. legeko zortzi eta bederatzigarren zenbakietan xedaturikoa; aitzitik, eskubidea askatzeko modukoa izanen da, eta atzera- eskuratzeko eskubidea egikaritu ahal izanen da, 382 eta 383. legeek «bazkalekuei» buruz ezarritakoarekin bat etorriz.

VI. TITULUA ATZERA-ESKURATZEAK ETA LEHENESPENEZ ESKURATZEKO BESTE ESKUBIDE BATZUK

I. KAPITULUA Xedapen orokorrak

445. legea Ondorea Eroslehentasun-eskubideek, legezko atzera-eskuratzekoek eta lehenespenez eskuratzeko gainerako eskubide errealek mugatu egiten dute gauzaren jabeak duen xedapen-ahalmena, eta euren titularrari gauza eskuratzeko ahalmena ematen diote, hirugarrenen aurretik, gauza hori kostu bidez eskualdatzen denean.

Atzera-eskuratzeko eskubideak berez dakar beti eroslehentasun-eskubidea; baina, eroslehentasun-eskubidea egikaritzeko beharrezkoa den jakinarazpena egiten bada eta gero eskubide hori erabiltzen ez bada kasuan-kasuan egoki den epean, atzera-eskuratzeko eskubidea baztertuta geratuko da.

446. legea Lehenespena Legezko eta grazia bidezko atzera- -eskuratzeek, «kanpoko auzotartasun», «bazkaleku» eta «iralekuei» buruzkoek, eta atzera-eskuratze jentilizioak, hurrenkera horretan, lehentasuna dute erkide, mugakide, maizter eta enfiteusidunen atzera-eskuratzeen aurretik, bai eta lehenespenez eskuratzeko bestelako eskubideen aurretik ere, horiek zibilak nahiz administraziokoak izan.

Legezko atzera-eskuratzeek lehentasuna dute hitzarmenezko aukera- eta eroslehentasun-eskubideen, eta atzera- eskuratzekoen aurretik.

447. legea Uko egitea Baliozkoa da eroslehentasun-eskubideari eta legezko atzera-eskuratzeari uko egitea, besterentze jakin bati begira, nahiz eta uko hori besterentzea baino lehenago egin.

448. legea Egikaritza Baldintza edo epe-muga etengarripeko besterentzeetan, atzera-eskuratzeko eskubidea egikaritu ahal izanen da baldintza betetzen denetik edo epe-muga heltzen denetik bakarrik.

Atzera-eskuratzea gertatuko da, nahiz eta besterentzea epaiketazko edo epaiketatik kanpoko enkantean gauzatu.

449. legea Prezioa aurkaratzea Prezioa aurkaratzen bada, atzera-eskuratzea egikaritzeko epea etenda geratuko da harik eta hura erabaki arte.

450. legea Prezioa, gastuak eta fruituak Atzera-eskuratzeko akzioa egikaritzeko, beharrezkoa da atzera-eskuratzaileak besterentzearen prezioa zainpean jartzea edo, prezio hori ezaguna ez bada, eskaintza egitea, hori ezaguna denean berori zainpean jartzeko, eta, edozein kasutan, legebidezko ordainketaren gastuak ordaintzeko.

Fruituak eratxikitzeko, 353 eta 354. legeetan xedaturikoa beteko da.

II. KAPITULUA Grazia bidezko atzera-eskuratzea

451. legea Kontzeptua eta epea Ondare-exekuzioaren kasu guztietan, exekuziopeko zordunak behin betiko adjudikatu diren ondasunak atzera- eskuratu ahal izanen ditu bederatzi eguneko epean, prezioaren eta legebidez ordaindu beharreko gastuen pagamendua eginez.

III. KAPITULUA Atzera-eskuratze jentilizioa

452. legea Kontzeptua Atzera-eskuratze jentilizioa, ahaideen artekoa nahiz odolekoa, egikaritu ahal izanen da ondasun higiezin zehatzak edo horien gaineko kuota indibisoak berreskuratzeko.

Aplikatu beharreko legea Atzera-eskuratzeko eskubide hori gauzatuko da Nafarroan dauden ondasun higiezinen gainean, eta Nafarroako forudunaren izaera duten pertsonen mesederako bakarrik.

453. legea Atzera-eskuratzaileak Atzera-eskuratzeko eskubidea egikari dezakete, bakar-bakarrik:

1. Abolorio- edo ondare-ondasunei dagokienez, besterentzailearen ondorengoek, eta horren alboko ahaideek ere bai, baldin eta horiek laugarren gradurainokoak badira, ondasunak zein lerrotatik etorri, eta lerro horretakoak.

2. Besterentzaileak edo horren gurasoek konkistatu edo eskuraturiko ondasunei begira, haren ondorengoek.

Ondore horietarako, ulertzen da abolorio- ondasun direla, besterentzaileak, bere aitonarenak izanik, dohainik eta zuzenean aitona horrengandik hartu dituenak; ondare-ondasun dira, ordea, aitonarenak izanik, besterentzaileak dohainik aitarengandik edo aitonaren beste ondorengo batengandik hartutakoak; eta ondasun konkistatuak, azkenik, besterentzaileak edo horren gurasoek dohainik nahiz kostu bidez eskuraturiko ondasun guztiak.

454. legea Ahaideari besterentzea Ondasunak besterentzen bazaizkio horiek atzera-eskuratzeko eskubidea duen ahaideari, gainerako ahaideek ezin izanen dute atzera-eskuratzerik egikaritu, nahiz eta ahaide horiek lehenespenekoak izan.

455. legea Atzera-eskuratzaileen aniztasuna Atzera-eskuratzean gradu desberdinetako ahaideak pilatzen badira, lehenespena izanen du gradurik hurbilenekoak; gradu berekoak izanik, lehenespena izanen du aurrekoak, eta, alboko lerroan, aurrekoaren oin beretik datorren ahaideak. Bi kasuotan, lehenespena izanen du, baldintza berberetan, ahaiderik zaharrenak.

456. legea Demanden aniztasuna Atzera-eskuratzeari buruzko demandak modu bananduan jarri badira demandatu berberaren aurka eta finka berberari begira, demanda horien arteko hurrenkerak ez du aldaraziko demandatzaileen arteko hurrenkera.

Era berean, hurrenkera hori ez da aldatuko, ezta egikaritzen diren akzioetatik bati demandatuak amore ematen badio ere.

457. legea Objektuen aniztasuna Finka bat baino gehiago prezio bakarraren truk besterentzen badira, atzera- eskuratze jentilizioa egikaritu ahal izanen da, prezioaren mendeko finken aurka bakarrik; ondore horretarako, prezio osotik horiei dagokien zatia zehaztuko da.

Ezin izanen da atzera-eskuratze jentilizioa egikaritu besterendutako finka baten edo batzuen aurka bakarrik, atzera- eskuratzearen mendeko beste finkak alde batera utzita.

458. legea Epea Atzera-eskuratze hori egikaritzeko, ondokoak izango dira iraungitze-epeak:

1. Besterentzea sinesgarriro jakinarazi bada prezioa, ordaintzeko modua eta kontratuaren gainerako baldintzak zehaztuz, bederatzi egun, jakinarazpena egiten denetik zenbatuta.

2. Jakinarazpen hori egin ezean, hogeita hamar egun, Jabetza Erregistroan egindako inskripzioaren egunetik.

3. Jakinarazpenik eta inskripziorik egin ezean, urtebete eta egun bat, besterentzea egin denetik zenbatuta, salbu eta hori asmo gaiztoz ezkutatu denean; halakoetan, akzioa ez da iraungiko, preskripzio eskuratzaileari kalterik egin gabe. Dena den, atzera-eskuratzaileak jasotako informazioa osatugabea izan bada, hogeita hamar eguneko epea du eskualdatzaileari eskualdaketaren inguruko informazio osoa eskatzeko; behin informazioa jaso eta gero, bederatzi eguneko epea du akzioa egikaritzeko.

448. legeak arauturiko kasuetan, epe horien zenbaketa ez da hasiko atzera-eskuratzeko eskubidea egikaritzeko aukera izan arte.

459. legea Besterentzeko debekua Ondasun higiezina atzera-eskuratze jentilizioaren bitartez eskuratu bada, ondasun hori ezin da inter vivos eskualdatu bi urtean.

IV. KAPITULUA Borondatezko aukera, eroslehentasun eta atzera-eskuratzea

460. legea Izaera eta berezitasunak Aukera-eskubideak, eroslehentasun- eskubideak eta borondatez atzeraeskuratzeko eskubideak izaera erreala izanen dute hala ezarri denean; izaera pertsonalarekin eratu badira, liburu honetako IX. liburuaren xedapenek eraenduko dituzte eskubide horiek. Inter vivos nahiz mortis causa egintzen bidez eskualdatzeko modukoak izanen dira, horren aurkako xedapenik izan ezean.

Inter vivos edo mortis causa egintzen bidez era daitezke, kostu bidez nahiz dohainik, dela zuzenean, besterenduta edo emanda, dela jabetza eskualdatzeko egintzan bertan erreserbatuta edo atxikituta.

Eskubideok ondasun higiezinen gainekoak edo merkataritza nahiz industriako establezimenduen gainekoak izan daitezke, bai eta sozietateen akzio, partaidetza edo kuoten gainekoak, jabetza industrial nahiz intelektualaren gainekoak, eta identifikatzeko modukoak diren orotariko ondasun higigarrien gainekoak ere.

Eragingarriak izateko, horietara bildu behar dira legearen arabera kasuan- -kasuan izan beharreko forma-betekizunak. Eskubide horiek inskribatu ahal izanen dira Jabetza Erregistroan, edo, bestela, euren objektuaren araberako erregistro eskudunetan.

461. legea Aukera Aukera-eskubide erreala epe jakin baterako era daiteke, hamar urtetik gorakoa ez bada. Aukera-eskubidea Jabetza Erregistroan inskribatzeko gehieneko epea lau urtekoa izanen da, baina isilbidez beste horrenbeste luza daiteke.

Aurreko lerrokadan xedaturikoa gorabehera, erosteko aukera-eskubidea eranskin gisa eratzen bada, errentamenduari, azalerari, hipotekari edo Jabetza Erregistroan inskriba daitezkeen eskubide errealetatik beste edozeini begira, haren iraupenak horien epe osoa hartu ahal izanen du, bai eta borondatezko luzapenak ere, esanbidezkoak nahiz isilbidezkoak.

Erosteko aukera egikaritu beharko da, finkatutako prezioa edo hori zehazteko prozesuan ezarritakoa ordainduz eta, hala behar denean, egonkortasunklausulekin bat etorriz, halakoak izanez gero.

Aukera-eskubidea gauzaren gainekoa bada eta gauza horren jabeak xedapen- egintzak burutzen baditu, egintza horiek ez diote aukera-eskubideari kalterik eginen; eskubideak indarrean iraunen du, harik eta epea mugaeguneratu arte.

462. legea Eroslehentasun eta atzera-eskuratzea Eroslehentasun-eskubideak berarekin dakar atzera-eskuratzeko eskubidea ere, baldin eta jakinarazpena ez bada forma egokian gauzatu edo eskualdaketa jakinarazitakoez bestelako baldintzetan egin bada.

Eskubide horiek era daitezke epe jakin baterako, eperik gabe edo «betiko ».

Bestelakoa xedatzen ez bada, eskubideok egikaritu ahal izanen dira horien mendeko ondasunak lehenengoz besterentzen direnean bakarrik.

Ez bada eroslehentasun-eskubidea edo atzera-eskuratzea egikaritzeko eperik zehaztu, ulertuko da horiek hogeita hamar egunean iraungitzen direla, jakinarazpena zein egunetan egin, edo, bestela, besterentzearen berri zein egunetan izan, eta biharamunetik zenbatuta.

VII. TITULUA BERME ERREALAK

I. KAPITULUA Printzipio orokorrak

463. legea Bermeak Betebeharraren betetzea ziurtatzeko edo horren ez-betetzearen ondoreak ziurtatzeko, hauek erabili ahal izanen dira: fiduzia, erresak, bahia, hipoteka, antikresia, atxikitzeko eskubidea, berme gisa egindako gordailua, atzera-eskuratzeko ituna, jabari-erreserba, baldintza suntsiarazlea, xedatzeko debekua edo berme erreal nahiz pertsonaletatik beste edozein.

464. legea Araubidea Ondasun higigarri edo higiezinen gaineko hipotekari eta edukitzaren lekualdaketarik gabeko bahiari dagokienez, kasuan kasuko legeria berezian xedaturikoa beteko da. Fidantza 525. legetik 531.erakoen menpe jarriko da. Bestelako berme-motei buruz, titulu honetan xedaturikoa beteko da.

465. legea Oinarria Berme erreala eratzeko betebeharraren oinarri izan daiteke hizpaketa, kontratua, mortis causa xedapena edota legea bera.

II. KAPITULUA Berme fiduziarioa eta erresen bermea

466. legea Fiduzia Berme-fiduzia dela bide, hirugarrenengan eragina duen formaren bitartez, hartzekodunari eskualdatzen zaio gauza baten jabetza edo eskubide baten titulartasuna.

Betebehar bermatua bete ondoren, eskualdatzaileak fiduziarioari galda diezaioke lagatako jabetza edo eskubidea berriro eskualdatzeko; fiduziarioak, hala denean, itzulketa-betebeharra eta erantzukizuna ditu, 470. legeak hartzekodun pignoratizioari buruz ezarritakoaren arabera. Dena den, hala ituntzen bada, eta zorduna berandutza- -egoeran jarriz gero, hartzekodunak modu ezeztaezinean eskuratu ahal izanen du gauzaren jabetza edo eskubidearen titulartasuna, eta bermatutako betebeharra azkenduko da.

467. legea Erresak a) Zigor gisa itundutakoak Kontratuan erresak edo seinalea eman badira, eta esanbidez hala ezarri denean, orduan bakarrik, alderdietatik edozeinek, hitzartutakoaren arabera, kontratua suntsiarazi ahal izanen du, eta horren ondorio bakarra izanen da emandako erresak galtzea edo jasotakoak bikoiztuta itzultzeko betebeharra izatea.

b) Erresak baiesleak direlako presuntzioa Halako itunik izan ezean, alderdi batek berari dagokion betebeharra betetzen ez badu, besteak aukeran du, edo kontratua bete dadin eta kasuan kasuko kalte-ordaina eskura dezan galdatzea, edo, bestela, kontratua suntsiaraztea, aurreko lerrokadan xedatutakoarekin bat etorriz. Kontratuaren betetzea galdatzen badu, erresak prezioari egotziko zaizkio edo, hala denean, kalte-ordainari.

III. KAPITULUA Edukitzaren lekualdaketadun bahia, hipoteka, antikresia, atxikitzeko eskubidea eta berme gisa egindako gordailua

468. legea Bahia a) Eraketa Bahia eratzen da gauza higigarri edo higiezinaren edukitza emanez.

469. legea b) Saltzeko eskubidea Ordaintzeko agindei sinesgarria egin eta gero, betebeharraren ez-betetzea gertatzen bada, hartzekodun pignoratizioak gauza pignoratua saldu ahal izanen du epaiketazko enkantean, edo, bestela, epaiketatik kanpoko enkantean, dela notarioaren esku-hartzearekin, dela kanbio eta burtsako agentearen edota merkataritzako artekariaren bitartez.

Gauza saltzeko beste forma bat itun daiteke, objektuaren izaerak hala ahalbidetzen duenean; baina deuseza da ordainketa ez egiteagatik gauzaren jabetza hartzekodunari eratxikitzeko ituna.

Hartzekodunak ezin izanen du gauza bestelako moduan xedatu, ezta pignoratzailearen baimenik gabe erabili ere, fruituak eskuratzea izan ezik, 471. legearekin bat etorriz.

470. legea c) Erantzukizuna Hartzekodunak, aurkako itunik izan ezean, erantzukizuna izanen du ebasketaren gainean; ez, ordea, lapurretaren edo ezusteko kasuaren gainean.

d) Itzulketa Hartzekodunak gauza itzuli beharko du, berak eskuratu zuen egoera berean; berak jasotako fruituen egozketa egiaztatu beharko du, hala behar denean.

471. legea Antikresi-ituna Bahi edo hipotekaren kasuetan, antikresia itun daiteke eta, horren bitartez, zorraren korrituekin konpentsatu ahal izanen da gauzaren nahiz horren fruituen erabilera. Bestelako kasuetan, hartzekodunaren edukitzapeko gauzak fruituak ematen baditu, hark eskuratuko ditu fruituok, horiek korrituen zorrari eta, gero, kapitalaren zorrari egozteko.

Antikresia Era berean, bahi edo hipotekarik eratu gabe, itun daiteke diruzko zorra gauza higigarri edota higiezinaren erabilera edo luperketarekin konpentsatzea.

Inskripzioa Antikresi-itun horiek inskriba daitezke, euren objektuaren arabera, Jabetza Erregistroan edo bestelako erregistroetan.

472. legea «Pignus Gordianum» Bahia azkentzen bada betebehar bermatua bete delako, hartzekodunak gauza pignoratuaren edukitza atxiki dezake zordun berberaren beste zor baten betetzea bermatzeko.

473. legea Hitzarmenezko atxikitzea Betebeharrak bermatzeko, itun daiteke, orobat, hartzekodunak gauza edo eskubidearen edukitza atxikitzea betebeharraren betetzea gertatu arte, baina horien gainean xedatze-ahalmenik izan gabe.

Eskubide hori inskribatu ahal izanen da objektuaren izaerak hala ahalbidetzen duenean.

Behin betebeharra bete eta gero, hartzekodunak itzulketa egin eta kalte- ordaina eman beharko du, 470. legeak hartzekodun pignoratizioari buruz ezarritakoarekin bat etorriz.

474. legea Berme gisa egindako gordailua Betebehar baten betetzea bermatzeko, diruaren edo bestelako gauza suntsikorren gordailua era daiteke hartzekodunaren mesederako. Hartzekodunaren eskuetan gordailatu badira gauzak, hartzekodun horrek gauzen jabetza eskuratzen du, gauzok gordailugileari itzultzeko betebeharpean, hori bidezkoa bada, kontratuan ezarritakoarekin bat etorriz.

Gordailua hirugarren baten eskuetan egiten bada, horrek izanen du gordailua hartzekodunari eman edo gordailugileari itzultzeko betebeharra, itundutakoaren arabera egoki dena aintzat hartuta.

IV. KAPITULUA Salmentan, berme gisa, atzera-eskuratzeko ituna jasotzea

475. legea Atzera-eskuratzeko itunarekin egindako salmentaren bitartez, bermea izatea Diruzko betebeharraren betetzea berma daiteke, salmenta atzera-eskuratzeko itunarekin edo grazia-agiriko itunarekin egiten bada, eta zordunak berarentzat erreserbatzen badu saldutako gauza atzera-eskuratzeko eskubidea betebeharra asebete edo azkentzen denean.

Presuntzioa. Araubidea Salmenta atzera-eskuratzeko itunarekin edo grazia-agiriko itunarekin egin bada, itun hori berme errealtzat hartuko da, tituluan esanbidez halakotzat ezarri denean ez ezik, kontratuak hori ondorioztatzen duenean edo 584. legearekin bat etorriz halako presuntzioa dagoenean ere bai; itun horri kapitulu honetako xedapenak aplikatuko zaizkio, bai eta 578, 579 eta 580. legeetakoak ere.

476. legea Edukitza, luperketa eta gastuak Salmenta atzera-eskuratzeko itunaren bermearekin egin bada, eta aurkako itunik izan ezean, uste izanen da saltzaileak gauza eduki eta lupertzeko eskubidea duela; saltzaileak betebeharra du haren ondoriozko gastu, aseguru eta kontribuzioak ordaintzeko.

477. legea Gauzatzea Betebehar bermatuaren epea igarotze hutsak ez dakar hartzekodunak jabetza behin betiko eskuratzea; aitzitik, hori gertatuko da hilabete eta egun bateko epea edo kontratuan ezarritako epe luzeagoa igarotzen denean bakarrik, eta horren zenbaketa hasiko da hartzekodunak zordunari betebeharraren betetzea galdatzeko agindei sinesgarria egin dionetik.

Agiri sinesgarriak egiaztatzen badu agindeia egin eta epea igaro dela, agiri hori behar adinako titulua da, Jabetza Erregistroan idazkun egokia egiteko.

Lege honetan araututakoa beteko da, nahiz eta kontratuan ezer ezarri ez edo aurkakoa itundu. Kalterik gabe geratuko dira beti zordunarentzat onuragarriagoak diren itunak.

478. legea Kalte larria baztertzea Aurreko legearekin bat etorriz eskuraketa irmoa gauzatzen bada, eskuraketa hori ezin izanen da hutsaldu prezioak izandako kaltearen ondorioz.

479. legea Fruituak Behin hartzekodunak jabetza eskuratu eta gero, 353 eta 354. legeetan ezarritakoa aplikatuko zaio fruituen banaketari.

480. legea Preskripzioa Bestelako epea itundu ez bada, atzera- eskuratzeko akzioaren preskripzioepea hogeita hamar egunekoa izanen da.

V. KAPITULUA Xedatzeko debekuak

481. legea Dohaineko egintzetan Xedatzeko debekua ezarri bada, inter vivos nahiz mortis causa erako dohaineko egintzetan, pertsona jakinen mesederako, edo, bestela, 224. legearen bigarren lerrokadako mugen barruan zehazteko moduko pertsonen mesederako, debeku horrek eragingarritasun erreala izanen du, eta erregistroan inskribatu ahal izanen da.

482. legea Kostu bidezko egintzetan Xedatzeko debekua kostu bidezko egintzetan ezarri bada, debeku horrek betebehar-izaerako eragingarritasuna du hamar urteko gehieneko epean, betiere, une honetan zehaztuta dauden pertsonen mesederako egiten denean.

Debeku hori inskribatzeko modukoa da, horretarako esanbidezko hitzarmena badago; behin erregistroan inskribatutakoan, debekuak eragingarritasun erreala izanen du, lau urteko gehieneko epean.

VI. KAPITULUA Salmenta egitea, jabaria erreserbatzeko itunarekin

483. legea Kontzeptua. Ondoreak Jabaria erreserbatzeko itunaren bidez, saltzaileak eusten dio berak saldutako gauzaren jabetzari, prezioa oso-osorik kobratu arte, eta egikaritu ahal izanen ditu, bai jabari-hirugarrengoa, bai eta bere eskubidea defendatzeko gainerako akzioak ere. Kontratua burututa egonen da, hori egiten denetik, baina gauzaren eskualdaketa geroratuta geratuko da, ordainketa oso-osorik egin arte. Bien bitartean, erosleari dagozkio saldutako gauzaren edukitza eta luperketa, itundutako mugapenen menpe, halakorik itundu bada bederen, eta haren ardurapekoak izanen dira gauzari datxezkion arrisku eta gastu guztiak; saltzaileak, bestalde, gauza ez xedatzeko betebeharra izanen du.

Salmenta Jabetza Erregistroan edo bestelako erregistroan inskribatu eta gero, saltzaileak gauza xedatzeko egintzetatik edozein burutzen badu, egintza horrek ez dio kalterik eginen eroslearen eskubideari.

Ondasunak enbargatzen direnean, edo saltzailearen inguruan konkurtso edo porrota gertatzen denean, erosleak jabetza eskuratzeko eskubidea izanen du prezioa hitzarturiko epeetan oso-osorik ordainduz.

484. legea Suntsiarazpena Erosleak ez badu prezioaren epeetarik edozein ordaintzen, ordainketa ezak saltzaileari ahalmena emanen dio kontratua suntsiarazteko; baina suntsiarazpena gertatuko da hilabete eta egun bateko epea igaro ondoren edo, bestela, itundutako epe luzeagoa igarotakoan, saltzaileak erosleari betebeharraren betetzea galdatzeko agindei sinesgarria egiten dionetik zenbatuta.

Suntsiarazpena gertatzean, saltzaileak gauzaren gaineko xedapen askea berreskuratuko du, eta berak jasotako kopuruak itzuli beharko ditu; era berean, eskubidea izanen du, gauzaren erabileraren eta eragindako kalte-galeren konpentsazioa itundutakoarekin bat etorriz atxiki edo erreklamatzeko, edo, itunik izan ezean, kalte-ordain egokia eskatzeko.

485. legea Lagapena Bestelakorik itundu ezean, erosleak bere eskubidea inter vivos laga badu eta saltzaileak ez badu adostasunik eman, lagapen horrek ez du saltzailearengan eraginik izanen.

Betearazpena Eroslearen hartzekodunek ezin dute subrogazio bidez egikaritu gauza eskuratzeko eskubidea; aitzitik, epaiketa bidez jardun beharko dute, eskubide horren kontura euren kredituak kobratzeko.

VII. KAPITULUA Komiso-itunarekin egindako salmenta

486. legea Kontzeptua Salmentaren prezioa osorik edo zati batez geroratzen bada, komiso-ituna ezar daiteke, eta, horren bidez, hitzarturiko epean prezio osoa edo horren zati bat ez ordaintzeak saltzaileari ahalmena emanen dio kontratuaren suntsiarazpena zuzenbide osoz gauzatzeko; suntsiarazpen hori gertatuko da, hilabete eta egun bateko epea edo itundutako epe luzeagoa betetzen denean bakarrik, saltzaileak erosleari betebeharraren betetzea galdatzeko agindei sinesgarria egiten dionetik zenbatuta.

Saltzaileak aukeran du kontratua suntsiarazi edo, prezio geroratua jasoz, kontratuaren betetzea eskatu.

487. legea Suntsiarazpena Suntsiarazpenaren kasuan, behin hori jakinarazi eta gero, gauza saldugabekotzat joko da, eta ondorerik gabe geratuko dira gauza besterendu eta kargatzeko egintzak, bai eta erosleak hitzarturiko errentamenduak ere.

VIII. TITULUA BETEBEHARRAK OROKORREAN

I. KAPITULUA Betebeharren iturriak eta ondoreak

488. legea Iturriak Betebeharrak ezar daitezke hitzarmenaren bidez, dohaintzaren bidez, mortis causa xedapenen bidez nahiz ezkontzako ondasun-eraentzaren gaineko xedapenen bidez, edo lege-aginduz.

Norbaitek zabarkeriaz kalteak eragiten baditu inoren ondarean, kalte-ordaina eman beharko dio kaltedunari kasuan kasuko inguruabarren arabera. Kalte-ordaina galdatzeko akzioa urtebete igarotakoan preskribatzen da.

489. legea Deuseztasun, deuseztakortasun eta hutsalkortasuna Betebeharrak deusez, deuseztakor edo hutsalkorrak izanen dira, 19. legean xedaturikoarekin bat etorriz.

490. legea Interpretazioa Betebeharrak interpretatu beharko dira horiek eratzeko aitortu den borondatearekin, usadioarekin eta onustearekin bat etorriz.

Aurkako itunik izan ezean, prestazioa gauzatzeko betebeharra duenak bere kontura bete beharko ditu titulazioaren formalitate guztiak; esaterako, erregistro eta bulego publikoetan traktua berriro hastea, agiriak ematea eta betebeharra oso-osorik betetzeko egintzetatik beste edozein gauzatzea, bai eta zama nahiz mugapen azkenduei buruzko inskripzioak ezereztea ere.

Itunak zordunaren mesederako egin direla uste izanen da, salbu eta presuntzio hori egintzaren izaeraren edo inguruabarren aurkakoa denean.

491. legea Berandutza-korrituak Diruzko zor guztiek, korrituei buruzko hizpaketarik izan ez arren, legezko korrituak sortzen dituzte betebeharra mugaeguneratzen denetik.

492. legea Zatigarritasunari buruzko presuntzioa Legeak edo itunak halakoa adierazten ez badu, hau da, betebeharrean esku hartzen duten zordun edo hartzekodunak solidarioak direla, edo betebeharraren izaerak nahiz inguruabarrek hori bera ondorioztatzen ez badute, ulertuko da, modu aktibo nahiz pasiboan, bakoitzari dagokion heinean direla zordun edo hartzekodun.

Banakako betebeharrak Prestazioa berez zatiezina bada, erreklamazioa modu baterakoan egin beharko da, baina zordun baten kaudimengabeziak ez die gainerako zordunei kalterik eginen.

II. KAPITULUA Betebeharrak betetzea eta azkentzea

493. legea Betebeharra betetzea Betebeharrak azkentzen dira betetzen direnean. Era berean, azkentzen dira, zordunarekin zerikusirik ez duen arrazoiaren ondorioz eta haren errurik gabe, betebeharrak betetzea ezinezko suertatzen denean; beste edozein kasutan, zordunak kalte-ordaina eman beharko du bere ez-betetzea gertatuz gero.

Betebeharra zatigarria izan arren, hartzekodunak ezezkoa eman diezaioke betetze osatugabea egiteko edo zor den objektuaz bestelakoa emateko eskaintzari.

Hala ere, hartzekoduna behartu daiteke kopuru baten ordainketa partziala onartzera, baldin eta zordunak gainerako kopuruaren ordainketa bermatzen badu. Era berean, diru-kopuruaren hartzekodunak diruaz bestelako objektua onartu beharko du, epailearen ustez ordezpena zuzena bada zor den prestazioak karga handiegia ekartzeagatik.

Epe luzerako betebeharretan edo segidako traktudunetan, betetze-epean zehar goitik behera eta modu larrian aldatzen bada betebeharraren eduki ekonomikoa edo prestazioen arteko proportzionaltasuna, ustekabeko inguruabarrak gertatu direlako eta inguruabar horiek karga handiegia dakartelako alderdietako batek betebeharrak bete ditzan, alderdi horrek epaileari eskatu ahal izanen dio betebeharra ekitatez berrikusteko, eta hori aldarazteko edo horren suntsiarazpena adierazteko.

494. legea Ordainketari buruzko aitorpena Norbaitek agiri bidez aitortzen badu kopuru bat kobratu duela, ezin izanen du galdatu horren ordainketa eragingarriari buruzko frogarik, baina agiria aurkaratu ahal izanen du halako ordainketa egin ez dela frogatuz.

495. legea Ordainean ematea Hartzekodunak onartzen badu zor den objektuaz besteko gauza ordainean ematea, betebeharra azkendutzat joko da hartzekodun horrek gauza subrogatuaren jabetza eskuratzen duenetik; baina betebeharraren bermeak onarpena eman denetik azkenduko dira, horiei esanbidez eutsi zaienean salbu.

Ordaintzeko ematea Ordaintzeko emateak zorduna askatzen du, baina lagatako ondasunen zenbateko likidoaren neurrian bakarrik.

496. legea Ordainketa, epailearen zainpean jarrita Hartzekodunak bidegabe ezezkoa ematen badio berari zor zaion kopuruaren edo gauza higigarriaren ordainketa onartzeari, zorduna erantzukizunetik aske geratuko da, kopuru edo gauza hori epailearen zainpean jarriz. Gauza higiezina bada, zorduna erantzukizunetik askatuko da gauza hori epailearen eskura jarriz.

497. legea Hirugarrenek egindako ordainketa Betebeharraren izaeraren ondorioz edo itunaren bidez beharrezkoa ez bada zordunaren betetze pertsonala, betebeharra hirugarren batek bete ahal izanen du, baita zordunak horren berririk ez badu ere. Hirugarrenak ordainketa egin badu, zorduna horren jakitun izanik eta horren aurka jarri gabe, edo ordainketa egin badu betetze horretan interesa izan duelako, hirugarren hori subrogatuko da hartzekodunaren eskubidean.

Gainerako kasuetan, berreskaera- eskubidea erabili ahal izanen du zordunaren aurka, ordainketaren ondorioz horrek izan duen onura erreklamatzeko bakarrik.

498. legea Azkentzeko beste modu batzuk Betebeharrak azkentzen dira, berebat, aldaberriketa edo konpentsazioa gertatzen denean, zordunaren eta hartzekodunaren titulartasunak bateratzen direnean, eta zorra barkatzen denean.

III. KAPITULUA Kaltearen ondoriozko hutsalketa

499. legea Kontzeptua Norbaitek kalte larria jasan badu premiazko beharrizanean edo esperientziarik ezarengatik kostu bidezko kontratua onartu duelako, horren hutsalketa eskatu ahal izanen du.

Kalte larritzat hartuko da prestazioak duen balioaren erdia baino zati handiagoari eragindakoa; prestazioa kontratua egiteko unean zenbatetsiko da.

Kalteak balio horren bi herenak gainditzen baditu, hori larri-larria dela ulertuko da.

500. legea Subjektua Kontratugile guztiak nafarrak direnean, kaltearen ondoriozko hutsalketa bidezkoa da, objektuaren kokalekua eta kontratua egiteko lekua edozein izanda ere.

Kontratugileetatik bat bakarrik bada nafarra, hutsalketa bidezkoa izanen da kontratua Nafarroako legepean jarri behar denean.

Edozein kasutan ere, ezin du kaltearen ondoriozko hutsalketarik eskatu kontratuaren objektu diren gauzen trafikoan lanbidez nahiz ohikotasunez dabilenak edo gauzon inguruan aditu gisa diharduenak.

501. legea Objektua Hutsalketa gertatuko da, ondasun higiezinen gaineko kontratuetan ez ezik, higigarrien gainekoetan ere, baldin eta akzioa bidezkotzat jotzen bada, gauzon balioa eta kontratuak ondareari begira eragindako kaltea aintzakotzat hartuta.

502. legea Gauza batzuen gainean baterako moduan egindako kontratua Gauza batzuen gainean, baterako moduan eta prezio bakarraren truk egiten den kontratua hutsaldu ahal izanen da oso-osorik kaltearen ondorioz, nahiz eta gauza bakoitzaren prezio, balio edo zenbatespena modu bananduan zehazturik egon.

503. legea Salbuespenak Ez da hutsalketarik gertatuko eskuzabaltasun hutseko kontratuetan, ausazkoetan edo objektu auzigaien gainekoetan.

Salmentak atzera-eskuratzeko itunarekin edo grazia-agiriko itunarekin egin badira, epea iraungi edo atzera-eskuratzeko eskubidea azkentzen denean, eta orduan bakarrik, gertatuko da salmenten hutsalketa. Epea finkatu ez denean, 578. legean xedaturikoa beteko da.

504. legea Akzioa Kaltearen ondoriozko hutsalketa-akzioa pertsonala da, eta jaraunsleei eskualda dakieke.

Ez da halako akziorik izanen, baldin eta bidezkoak badira gauzaren akats edo hutsen ondoriozko saneamendu-akzioak nahiz kontratuaren deuseztasun-akzioak.

Kaltearen ondoriozko hutsalketa-akzioa 33. legean ezarritako epeetan preskribatuko da.

505. legea Uko egitea Hutsalketa-akzioari uko egiten bazaio, kontratuarekin batera edo horren ondoren, uko hori baliozkoa izanen da, kontratua egiteko forma behintzat betetzen badu. Hala ere, uko egitea ez da baliozkoa izanen, premiazko beharrizanarengatik edo esperientziarik ezarengatik gauzatzen bada.

506. legea Itzulketa a) Fruituak Behin hutsalketa adierazi eta gero, gauza bere fruituekin batera itzuliko da; horiei dagokienez, 353 eta 354. legeetan ezarritakoa aplikatuko da.

b) Hobekuntzak Ez da inolako eskubiderik izanen hobekuntzen ordainketa eskatzeko, baina demandatuak hobekuntzok kendu ahal izanen ditu, euren euskarri den gauzari kalterik egin gabe banan badaitezke.

c) Prezioaren osagarria Itzulketa ezin bada gauzatu demandatuak gauza bere esku ez izateagatik, prezio, balio edo zenbatespenaren osagarria bakarrik ordaindu beharko du, legezko korrituekin batera.

Kalte-ordaina Edozein kasutan, aurreko lerrokadan aipaturiko kalte-ordaina emanez, hutsalketa saihestu ahal izanen da.

507. legea Akzioaren zatiezintasuna Hutsalketa-akzioa zatiezina da, eta modu baterakoan egikaritu beharko dute horretarako eskubidea duten guztiek betebeharpeko guztien aurka, edo haietatik edozeinek kontratu osoari begira.

Ez da hutsalketarik gertatuko betebeharpeko guztiak kalte-ordaina ematearekin ados daudenean; kalte-ordain hori eman beharko dute bakoitzari dagokion proportzioa errespetatuz.

Batek bakarrik badu akzioa egikaritzeko asmoa, aldez aurretik asmo hori jakinarazi behar die hutsalketarako eskubidea duten gainerakoei, auzian parte hartzeko aukera izan dezaten.

Horietatik batek bakarrik akzioa egikaritu ondoren, gainerakoekin banatu behar du berak egikaritutako akzioaren emaitza onuragarria, auziaren gastuak kenduta.

IV. KAPITULUA Arrazoirik gabe aberastea

508. legea Motak Norbaitek arrazoirik gabe eskuratu edo atxikitzen badu beste pertsona batengandik jasotako irabazia, hori itzultzeko betebeharrra du.

Ulertzen da arrazoirik gabeko eskuraketa dela egintza ez-zilegi, hitzarmen debekatu edo eskuratzailearentzat moralaren aurkakoa den hitzarmenaren ondorioz gauzaturikoa; eskuratzaileak betebeharra du berak jasotakoa itzultzeko eta eragindako kalteen ordaina emateko, ezusteko galeraren ondoriozko mugapenik egin gabe, salbu eta eskuratzailea ezgaia denean, halakoetan aberastearen gaineko erantzukizun hutsa baitu.

Ulertzen da arrazoirik gabe atxikitzen dela gauza bat jaso denean kontraprestazio bat gauzatzeko eta hori ez denean gauzatu, edo ordaindu eta kobratu dutenen okerra dela-eta zor ez den betebeharra kobratzeko, eta, berebat, gauza bat jaso denean, jatorrian baliozkoa izan den arrazoiaren ondorioz, baina gero arrazoi horrek ez duenean justifikatzen eskuratutakoaren atxikipena.

Kasu horietan, eskuratzaileak betebeharra du bere aberastea itzultzeko.

509. legea Zor ez denaren ordainketari buruzko froga Norbaitek berreskaera-eskubidea badu zor ez denaren ordainketari begira, frogatu behar du ordainketa hori egin duela eta ez dela horretarako betebeharrik izan.

Kobratu duenak forma egokian ukatzen badu berak kobratu duela, behin ordainketa frogatu eta gero, frogatu beharko du horretarako betebeharra izan dela.

Zor ez dena kobratu duenak atxiki ahal izanen du kobratutakoa, baldin eta frogatzen badu ordainketa egin duenak okerrik gabe egin duela.

Kobratu duenaren gaitzustea frogatzen bada, bera hartuko da egintza ez- -zilegiaren ondoriozko eskuratzailetzat.

510. legea Betebehar naturalak Ordainketaren ondorioz ez da berreskaera- eskubiderik izanen, ordainketa hori eginbehar morala betetzeko egin bada edo usadioaren eraginez ezarri bada, nahiz eta ordainketa epaiketan galdatzeko modukoa izan ez. Betebehar naturalei buruzko aitorpenak, aldaberriketak, konpentsazio eta bermeak ondore zibilak sortzen dituzte.

Moralaren aurkako arrazoia, ordaindu duenarentzat Era berean, berreskaezina da ordaindu duenarentzat, moralaren aurkakoa den hitzarmenaren ondorioz emandakoa, nahiz eta kobratu duenarentzat ere halakoa izan.

V. KAPITULUA Betebeharrak lagatzea

511. legea Kredituak lagatzea Hartzekodunak laga dezake berak zordunaren aurka duen eskubidea; baina lagapena kostu bidezkoa bada, zorduna aske geldituko da, lagapen-hartzaileari ordaintzen badizkio horrek ordaindutakoa, legezko korrituak eta kreditua erreklamatzean berak izandako gastuak.

512. legea Zorrak bereganatzea Hirugarrenak inoren betebeharra bereganatzen badu, hirugarren hori betebeharpean geratzen da betebeharra bereganatzea hitzartu duen zordun edo hartzekodunarekin; bestelakorik ezarri ezean, hirugarrenak bere gain hartzen ditu betebehar erantsi guztiak eta betebehar nagusiak erakarritakoak.

Hartzekodunak ez badu bereganatzea onartu, bereganatze horrek ez du zorduna erantzukizunetik askatzen betebeharra betetzen ez den bitartean.

Hartzekodunak zorduna ordezteari onarpena eman ahal izanen dio, esanbidez edo lehenengo hartzekoduna* ezbairik gabe askatzen duten egintzen bidez.

* Testuak «hartzekodun» hitza erabiltzen du okerretara; horren ordez, «zordun» hitza jarri behar da.

Hirugarrenek betebeharraren betetzea bermatu badute, hirugarren horiek aske geratuko dira bereganatzearen ondorioz, salbu eta horri euren adostasuna eman diotenean.

513. legea Kontratua lagatzea Kontratugile orok hirugarren bati laga diezaioke kontratua, horrek kontratugilea ordez dezan, gauzatzeke dauden eta bere-berezkoak ez diren harremanetan.

Alderdi batek aurreneurri gisa adostasuna eman badio kontratua hirugarren bati lagatzeari, ordezpena eragingarria izanen da hari begira, hori jakinarazten zaion unetik; ez badio aurreneurri gisa adostasunik eman lagapenari, lagapen horrek alderdiarengan eragina izanen du hori onartzen duenean bakarrik.

Jakinarazpenaren edo onarpenaren bidez, kasuan-kasuan, ordezpena eragingarria denetik, lagatzailea kontratutik aske geratzen da eta lagapen-hartzailea horren lekuan subrogatzen da.

Lagatako kontratugileak lagapen- -hartzailearen aurka jar ditzake kontratuak ondorioztaturiko salbuespen guztiak; ez, ordea, lagatzailearekin dituen beste harremanetan oinarritutakoak.

Hirugarrenek kontratuaren betetzea bermatu badute, hirugarren horiek aske geratzen dira lagapenaren ondorioz, salbu eta horri euren adostasuna eman diotenean.

514. legea Subrogatzeko ahalmena dakarren kontratua Kontratuaren bidez, kontratugileetatik edozeini ahalmena eman dakioke beraren eskubide eta betebeharretan gero subrogatuko den pertsona izendatzeko.

Beste kontratugileak edozein unetan eskatu ahal izanen dio ahaldunari izendapena egin dezan urtebete eta egun bateko gehieneko epean, eskaera egiten denetik zenbatuta, kontratuan edo lege-aginduz beste epe bat ezarri denean izan ezik.

Pertsona izendatzeko adierazpena epean jakinarazi behar zaio besteari.

Behin jakinarazpena egin eta gero, pertsona izendatua subrogatzen da izendapen hori egin duenaren eskubideetan, eta bere gain hartzen ditu haren betebeharrak, kontratua egiten denetik ondoreak izanik.

Pertsonaren izendapena ez bada epean jakinarazten, kontratuak ondore guztiak sortuko ditu izendapen hori egin duten alderdien artean.

IX. TITULUA HIZPAKETAK

I. KAPITULUA Hitzemateak orokorrean

515. legea Kontzeptua Hizpaketak dira norbaitek bere hitzematearen bidez gauzaturiko egintzak, baldin eta horien ondorioz pertsona hori beste inoren zordun bihurtzen bada, kontraprestazioa betetzeko kontratuzko betebeharra hartu gabe.

516. legea Kontratua egiteko hitzematea Norbaitek etorkizunean kontratu bat egiteko hitza ematen badu, hitzemate horrek betebeharpean jartzen du bere egilea; betiere, hitza zein kontraturen onarpenerako eman, eta kontratu horren oinarrizko osagaiak zehaztu direnean.

Etorkizuneko kontratua prestatzeko adostasuneko hitzarmena egin bada, hitzarmen horrek, nahiz eta kontratua egiteko beharrezkoak diren betekizun guztiak izan ez, bi alderdiak jartzen ditu betebeharpean.

Hitzemate horietatik kontratatzeko betebeharra sortzen da, eta betebehar hori eraentzen dute hitzemandako kontratuari aplikatu behar zaizkion erregelek.

Hitzematean ez badira aipatu kontratuaren aldian aldiko osagaiak, horiek zehaztuko dira usadio, ohitura eta legearekin bat etorriz; halakorik izan ezean, epailearen erabakiz.

517. legea Erosteko aukera Erosteko aukerari buruzko hitzemateak ondore errealak sortzen baditu, hitzemate hori 460 eta 461. legeek eraenduko dute.

518. legea Hizpaketa penala Prestazio zilegiaren ez-betetzeagatik, zigor gisa, kopuru bat ordaintzeko beharra hizpatu bada, hizpaketa horrek betebeharpean jartzen du hitz-emailea, eta hitzarturiko zigorra ezin izanen da urritu epailearen erabakimenez. Zorduna ez da zigor-betebeharretik askatuko, nahiz eta betebehar nagusitik askatzeko arrazoiren bat gertatu.

Zigorra ordaintzeko betebeharrak, aurkako itunik izan ezean, ez du hautabidezko izaerarik, subsidiarioa baizik; hartzekodunak ezezkoa eman diezaioke zigor hizpatuaren ordainketaren gain egindako eskaintzari, eta kalte-ordaina galda dezake, betebehar nagusia ez-betetzeagatik hori zor bazaio.

Hartzekodunak betebeharraren betetzea onartzen badu, nahiz eta hori zati batekoa izan, ulertuko da hizpaketa penalari uko egiten zaiola, bestelakoa itundu denean izan ezik. Zigorra kobratu ondotik, ez-betetzeagatiko kalte- ordaina eskatuz gero, kobraturiko zigorra kenduko da kontratuaren ondorioz zor den kalte-ordainetik.

519. legea Baldintza eta epe-muga Hitzemateak baldintza eta epe-mugapean jar daitezke. Baldintzapekoak ez dira sortzen, harik eta baldintza bete arte; baina horrek atzeraeraginezko ondorea du.

Epe-mugapekoak hasiera-hasieratik sortzen dira; baina ezin da horien betetzea galdatu epe-muga heldu baino lehen. Hitzemateei baldintza jarri bazaie eta baldintza hori egitate ezinezko, moralaren aurkako edo ez-zilegia bada, hitzemateok deuseztzat hartuko dira.

520. legea Errentaren gaineko hizpaketa Diru-kopurua edo gauza suntsikorra aldizka ordaintzeko hitzematea nahitaez mugatu behar da, edo amaierako epe-muga heldu arte, edo, bestela, hartzekodunaren edo beste pertsona jakin baten heriotza gertatu arte; azken hori bizirik dagoena edo etorkizunekoa izan daiteke, eta pertsona hori badela egiaztatu beharko da aldizkako diru-kopuruaren ordainketa eskatzen denean.

Betebehar hori era daiteke, halaber, horren truk ondasunak lagatzeko kontratua eginez.

Lagapena egitean ez bada bestelakorik itundu behin betebeharraren betetzea hasi eta gero, kontratua ezin izanen da suntsiarazi geroko ez-betetzearen ondorioz; baina lagatzaileak galdatu ahal izanen du etorkizunean sortuko diren kopuruen ordainketaren bermea. Itun bidez erabaki bada ez-betetzeak baldintza suntsiarazlearen baliozkotasuna izatea, itun horrek ondore erreala izanen du, eta Erregistroan inskribatu ahal izanen da.

Suntsiarazpen-akzioa egikaritu beharko da, atzera-eskuratzeko ituna duen salmentari buruzko 477. legeak ezarritako modu eta betekizunekin.

Aurkako itunik izan ezean, lagapen-hartzaileak ezin izanen ditu berreskaera-eskubidearen bitartez erreklamatu berak ordaindutako kopuruak.

521. legea Eskaintza publikoa Gauza baten gain eta baldintza zilegipean hitza eman bada, hitzemate horrek betebeharpean jartzen du hitz-emailea, hitzemate horri nahiko publizitatea ematen zaionetik, nahiz eta inork onarpena jakinarazi ez. Hitz-emaileak ez badu eperik finkatu, ulertuko da eskaintzari eusten zaiola epailearen erabakimenaren arabera beharrezkoa den epean zehar.

Pertsona jakinak hitz-emaileari bere onarpena jakinarazten badio eskaintza iraungi baino lehen, ulertuko da eskaintzari eusten zaiola, onartzaileari begira, urtebete eta egun bateko epean, salbu eta onarpena egiteko unean beste epe bat hitzartu denean.

522. legea Hizpaketak, hitz-emailea hil eta geroko Hizpaketa egiten bada hitz-emailea hil eta geroko, hitzemate horrek hitz-emailearen jaraunslea jartzen du betebeharpean, eta egiten bada hartzekoduna hil eta geroko, onuragarria da horren jaraunslearentzat.

523. legea Hirugarrenaren mesederako egindako hizpaketa Baliozkoa da hirugarrenaren mesederako egindako hizpaketa, hirugarren hori hizpaketagilearen jaraunslea bada; era berean, pignoratzailearen mesederako eginikoa baliozkoa da, pignoratu eta saldutako objektua berreskuratzeko denean. Hizpaketa baliozkoa da, berebat, hori egiten denean, dohaintza-hartzailea kargatzeko edota ezkonsariaren nahiz komodatu edo gordailupeko gauzaren itzulketari buruzko kreditua eratzeko, eta, edozein kasutan, hirugarrenaren zentzuzko interesa atzeman daitekeenean.

Betebehar hori betetzea galdatu ahal izanen du, hizpaketagileak ez ezik, betebeharra noren mesederako eratu, eta pertsona horrek ere bai, horren aurretiazko onarpena beharrezkoa izan gabe; dena den, hizpaketagileari onarpena jakinarazi baino lehen, horrek hizpaketa ezezta dezake, salbu eta hizpaketa egin denean, hizpaketagileak hizpaketaren onuradun den hirugarrenari begira aurretiaz hartu duen betebeharra betetzeko.

Hizpaketagileak bat baino gehiago badira, eta aurkako itunik izan ezean, ulertuko da horietako bakoitzak hizpaketa egin duela, elkarrekiko betebeharraren betetzea gauzatzeko; ondorenez, hizpaketagile guztiek batera bakarrik egin dezakete ezeztapena; horietako bat hildakoan, hizpaketa ezeztaezina izanen da bizirik daudenentzat.

524. legea Hizpaketak, hirugarrenen kontura Hizpaketak hirugarrenaren kontura egin badira, hizpaketa horiek ez dute betebeharpean jartzen hirugarren hori, hitz-emailearen jaraunsle ez bada, ezta hizpaketagilea bera ere; baina, kontratuetan, alderdi batek bere gain betebeharra har dezake hirugarren batek prestazioa egin dezan, eta alderdiak horren gaineko erantzukizuna du hirugarrenaren ez-betetzearengatik.

Hirugarrenak onartzen badu bere kontura hizpaturiko betebeharra, betebehar pertsonala izanen du hitz-emaile gisa.

II. KAPITULUA Fidantza

525. legea Fidantza-hitzematea Fidantza-hitzematearen bidez, hitzemaileak bere gain hartzen du betebeharra betetzeko ardura, zordun nagusiak hori egiten ez badu.

Onurak a) Eskusioa Aurkako itunik izan ezean, fidantza- emailea hartzekodunaren erreklamazioaren aurka jar daiteke, horrek aldez aurretik ez badu zordun nagusiaren kaudimena agortu.

b) Atzerabidezkoa Fidantza-emaileak zordun nagusia askatu badu, horren aurka izanen du atzerabidezko akzioa.

c) Zatiketa Fidantza-emaileak bat baino gehiago badira eta aurkakoa itundu ez bada, hartzekodunak horien artean zatitu beharko du erreklamazioa, baina horietatik bakoitza gainerakoen fidantza-emaile ere bada.

526. legea Kreditu-mandatua Norbaitek inori ezartzen badio hirugarren bati diru-kopurua maileguan eman edo kreditu jakina emateko mandatua, hura bihurtzen da beste horrek hartutako betebeharraren fidantza- -emaile. Mandataria mandatutik askatu ahal izanen da, baldin eta mandatugile edo hirugarrenaren ondare-egoerak txarrera egiteagatik zailago suertatzen bada zorraren ordainketa egitea.

527. legea Ezgaitasunak Ezin dira fidantza-emaile izan botoak egin dituzten erlijiosoak, baldin eta, boto horien ondorioz, nabaria bada ondarerik ez dutela.

Fidantza-emaileek ezin dute auzietan abokatu gisa jardun, auzi horiek eurengan eragina badute bermearen ondorioz.

528. legea Kaudimena Legearen aginduz fidantza-emaileak aurkeztu behar badira, eta hartzekodunaren ustez zordunak aurkezturikoak kaudimendunak ez badira, epaileak erabakiko du fidantza-emaileen kaudimenari buruz.

529. legea Luzamendua Hartzekodunak fidantza-emailearen aurka egiten badu, zordunaren egonlekua ezezaguna dela alegatuz, fidantza- emailea hogeita hamar eguneko legezko luzapenaz balia daiteke zordun nagusia non dagoen ikertzeko.

530. legea Bermeak Fidantza-emaileak auzibidean eska dezake, bai zordunaren ondasunak besterendu edo kargatu ez daitezen, bai Erregistroan aurreneurrizko idatzoharra egin dadin, salbu eta zordunak horri fidantza ematen dionean kasuan kasuko itzulketa-betebeharraren gain.

531. legea Jaraunsleen erantzukizuna Fidantza-emailearen betebeharra horren jaraunsleei eskualdatzen zaie.

Hala ere, fidantzaren ondoriozko erantzukizunak karga handiegia badakarkie jaraunsleoi, eskatu ahal izanen dute epaileak betebeharra berrikus dezan, 493. legearen azken lerrokadak ezarritakoaren arabera.

TITULUA MAILEGUAK

532. legea Ondorea Norbaitek inori gauza ematen badio hori dohaintzan emateko asmorik gabe, horren itzulketa erreklamatu ahal izanen du. Prestazioa hitzartu bada jasotako gauzaren truk, eta prestazio hori ez bada egiten, gauza eman duenak aukeran du horren itzulketa erreklamatu edo kontratuaren betetzea galdatzea.

Norbaitek maileguan hartu badu gauza suntsikorretan halako kopurua, askatasunez xeda dezake kopuru hori, eta genero eta kalitate bereko beste horrenbeste itzultzeko betebeharra izanen du.

533. legea Maileguari buruzko aitorpena Norbaitek agiri bidez aitortzen badu kopurua maileguan hartu duela, hori itzultzeko betebeharraren menpe geratzen da, salbu eta agiria aurkaratu eta ematerik gertatu ez dela frogatzen duenean.

534. legea Itunak Mailegu orotan, epeak eta baldintzak itun daitezke, bai eta itzulketa ziurtatu ere, orotariko bermeen bitartez.

Epea Itzulketarako eperik ez bada itundu, ulertu behar da betebeharra hasierako unetik sortzen dela, baina epaileak ekitatezko epea finka dezake hura betetzeko.

535. legea Korritua Diruzko maileguan, korrituak itun daitezke muga zilegien barruan; korrituon zenbatekoa ez bada zehaztu, legezkoak bakarrik sortuko dira; korrituei buruzko hizpaketarik izan ezean, legezkoak sortuko dira zorduna berandutza- egoeran jartzen denetik.

536. legea Bihurketa Kopuru jakinaren gaineko zor mugaeguneratu guztiak mailegu-zor bihur daitezke alderdien arteko erabaki hutsaren bitartez. Kasu horretan, uste izanen da legezko korrituak erabakia hartu den unetik sortzen direla.

537. legea Salmenta egitea, atzera-eskuratzeko itunarekin Salmenta atzera-eskuratzeko itunarekin edo grazia-agiriko itunarekin egin bada, eta 584. legearekin bat etorriz uste izan behar bada horrek bermexedea duela, ulertuko da prezio gisa adierazitako kopuruaren mailegua eratu dela; berme gisa, saldutako objektuaren jabetza atxiki eta objektuaren jabetza behin betiko eskuratuko da, kopuru hori itzultzen ez bada itundutako epean.

538. legea Familiako seme edo alabari emandako mailegua Seme edo alaba emantzipatugabea gurasoarekin batera bizi bada, eta norbaitek seme edo alaba horri mailegua ematen badio, horretarako gurasoaren adostasunik gabe, horrek ez du inolako akziorik mailegupeko kopurua erreklamatzeko, nahiz eta geroago ezgaitasunarrazoiak desagertu; baina, diru-kopuru hori borondatez ordaindu bada, ezin izanen da berreskaera-eskubiderik erabili, zor ez den kopuru gisa hori erreklamatzeko.

Salbuespen gisa har daiteke 536. legearekin bat etorriz maileguan bihurketa gertatzea, edo mailegupeko kopuruaren ondorioz gurasoa aberastea.

539. legea Komodatua Erabilera-mailegua edo komodatua dela bide, dohainik ematen da gauza higigarri edo higiezin jakin baten erabilera zehatza, gauza hori inorena izan arren; komodatudunak bere gain hartzen du gauza itzultzeko betebeharra, behin hitzarturiko erabilera amaitu eta gero.

540. legea Komodatudunaren erantzukizuna Komodatudunak ordaindu behar ditu mailegupeko gauza artatu eta konpontzeko gastu arruntak, eta erantzukizuna du gauzaren galeraren gain, salbu eta hori gertatzen denean ezinbesteko kasuaren ondorioz; halakoetan, ezbehar beretik bere jabetzapeko gauza batzuk onik atera dituenean, orduan bakarrik, izango du erantzukizuna. Abereak eman badira maileguan, eta komodatudunak erantzukizuna badu horien galeraren gain, komodatudun horrek ordaindu beharko du aurreko urtean abereek izan duten gehieneko balioa, edo komodatugileak horiek eskuratzeko ordaindu duena.

Komodatudunak gauza erabiltzen badu hitzarturikoaz bestelako moduan, edota gauza tasaziopean jasotzen badu, erantzukizuna izanen du orotariko gertaeren gainean.

541. legea Gastuak. Atxikitzeko eskubidea Komodatugileak ordaindu behar ditu kontribuzio eta aseguruak; era berean, komodatudunari eman behar dizkio, bai gauzak erakarritako aparteko gastuak, bai mailegupeko gauzaren akatsek eragindako kalteen ordaina, komodatugileak akatson berririk eman ez badu horiek ezagutu arren. Komodatudunak mailegupeko gauza atxiki ahal izanen du komodatugileak betebehar hori bete arte.

XI. TITULUA ZAINPEKETA-ZENTSUA

542. legea Eraketa Zainpeketa-zentsua ezarri ahal izanen da ondasun higiezin fruitudunen gainean bakarrik; horretarako, eskritura publikoan jaso beharreko egilespenegintzan bertan, kapitala eman behar da, diruz edo hori ordezkatzen duen beste edozein zeinuren bidez.

543. legea Laudemio eta komisoa Zainpeketa-zentsupeko finka saldu ahal izanen da laudemio edo luismorik ordaindu gabe; pentsioa ez ordaintzeagatik, ez da komisorik gertatuko; betiere, ordainketa erreklamatzeko akzio pertsonal edo errealari kalterik egin gabe.

544. legea Itun debekatuak Deusezak dira pentsioak aurreraturik ordaintzeko ituna eta ezusteko kasuak zentsu-hartzailearen ardurapean jartzeko ituna.

545. legea Askatzea Zentsu-hartzaileak edozein unetan askatu ahal izanen du zentsua, hori gertatu baino bi hilabete lehenago zentsu- -emaileari hori jakinarazten badio. Behin urtebete igaro eta gero, ezin izanen da askatzea gauzatu beste abisu bat egin gabe.

Akordiorik izan ezean, askatzeko kapitala zehaztuko da, kontuan hartuta diruaren balioa eta askatzeak zentsu- -hartzaileari ekarriko dion onura.

XII. TITULUA ZAINTZA-KONTRATUAK

546. legea Kontzeptua Zaintza-kontratuen bidez, norbaitek gauza bat uzten du bere konfiantzapeko pertsona baten ardurapean, horrek gauza zintzo zain dezan, ordainsariaren truk edo halakorik gabe.

Betebeharrak Gordailuzainak bere gain hartzen du gauza zaintzeko betebeharra, bai eta gauza artatzekoa ere, itundutakoarekin bat etorriz; baina, edozein kasutan, erantzukizuna izanen du, doloaren edo erru astunaren ondorioz gertatutako galerarengatik.

547. legea Eraketa Gordailua eratzen da norbaiti gauza higigarri bat eman eta jasotzen duenak zaintzeko helburuz hartzen duenean.

Norbaitek gauza bat gordailupean jasotzeko hitza eman badu, hitzemate horrek betebeharpean jartzen du hitz-emailea, hizpaketa gisa.

Doakotasuna Kostu bidezkotasunari buruzko hitzarmenik izan ezean, gordailua dohainekoa dela ulertu behar da; hala ere, gordailuzainak horrelako eragiketak egin ohi baditu, kostu bidezkoa dela uste izanen da.

548. legea Itzulketa Gordailupeko gauza gordailugileari edo horrek izendaturiko pertsonari itzuli behar zaio berak hala eskatzen duenean, nahiz eta zehazturiko epea igaro ez.

a) Gordailugileak bat baino gehiago izatea Gordailugileak bat baino gehiago badira, itzulketa egin behar zaie guztiei batera, salbu eta itzulketa horietatik bati egitea itundu denean; gordailugile hori aldez aurretik zehaztuta egon daiteke edo geroko jazokuntzaren bitartez zehaztu daiteke.

549. legea b) Gordailugilea hil eta gero Gordailugilea hil eta gero, eta bestelakoa ezartzen denean izan ezik, gordailuzainak gordailupeko gauza itzuli ahal izanen die albazeei, jarauntsia ordezkatzeko ahalmenak dituzten beste pertsonei edo, hala denean, gozamendun unibertsalari edo gordailupeko gauzaren legatu- hartzaileari, horretarako baimena baldin badu. Halako pertsonarik izan ezean, jaraunsleari egin beharko zaio itzulketa, eta, jaraunsleak bat baino gehiago izanez gero, horiei guztiei batera edo, horien artean aho bateko akordiorik ez badago, 345. legearekin bat etorriz izendaturiko kontulariari.

550. legea c) Gordailuzain bat baino gehiago izatea Gordailua bi pertsonaren edo gehiagoren eskuetan eratu bada batera, gordailugilearen akzioa horietatik edozeinen aurka zuzendu ahal izanen da, gordailu osoa eskatzeko.

551. legea Gastuak Gordailuzainak akzioa izanen du gordailugileari gordailuaren ondorioz izandako gastu eta galeren ordaina erreklamatzeko.

Dena den, ezin izanen du gordailupeko gauza atxiki eskubide horren ondorioz edo gordailugilearen aurka duen beste edozein eskubideren ondorioz.

552. legea Gordailua eta hirugarrenaren interesa Gordailua hirugarrenaren intereserako egin bada, eta horrek gordailugileari eta gordailuzainari onarpena jakinarazi badie, gordailuzainak ezin izanen dio gordailugileari gauza itzuli, hirugarren interesdunaren adostasunik gabe. Kontratu horretan bete beharko da hirugarrenaren mesederako egindako hizpaketari buruz 523. legean ezarritakoa.

553. legea Aplikazio analogikoa Harremanek zaintza-betebeharra ezartzen badute, gordailuzainari dagozkion betebeharrak galdatzeko modukoak izanen dira, itunak, legezko xedapenek edo egintzaren izaerak bestelakoa erakartzen dutenean izan ezik.

554. legea Gordailu irregularra Gauza suntsikorraren gordailuan, esanbidez nahiz isilbidez gordailuzainari xedatze-ahalmenak eman bazaizkio, 532, 534 eta 535. legeek diruzko maileguari buruz xedaturikoa aplikatuko da.

XIII. TITULUA MANDATU-KONTRATUA ETA NEGOZIOEN KUDEAKETA

555. legea Kontzeptua Mandatu-kontratua dela bide, mandatariak onartu egiten du mandatugilearen intereseko kudeaketa egiteko ardura, eta bere gain hartzen du kudeaketa hori arretaz betetzeko betebeharra, bai eta horren kontuak ematekoa ere, baina ez du erantzukizunik hartzen horren emaitzaren gainean.

Beste inoren arazoan esku hartzen bada horrek hala eskatuta, baina mandatua onartzeko asmorik gabe, orduan, norberaren doloaz eragindako kaltearen gainean, eta horretan bakarrik, egongo da erantzukizuna.

Kalte-ordaina Edozein kasutan, norbaitek inoren ardurapean jartzen badu kudeaketa, hark mandatariari eman behar dizkio, bai horrek kudeaketaren ondorioz izandako gastu eta galeren ordaina, bai eta kudeaketa egiteko behar diren diru-kopuruak ere.

556. legea Mandatugilearen interesa Mandatua interesekoa izan behar da mandatugilearentzat, eta interesekoa dela ulertzen da 526. legean arauturiko kasuetan.

Aholku hutsak ez dakarkio horren emaileari doloaz eragindako kaltearen ordaina emateko betebeharra baino.

557. legea Mandatugilearentzako ondoreak Mandatariaren jardunak berarekin dakar mandatugileak eskubide eta betebeharrak eskuratzea, baldin eta frogatzen bada horrek aldez aurretiko edo geroagoko adostasuna eman duela.

558. legea Doakotasuna Mandatua dohainekoa dela uste da, mandatariak antzeko kudeaketetan jardun ohi duenean izan ezik.

559. legea Azkentzea Mandatua azkentzen da mandatugile edo mandatariaren heriotzarengatik.

Mandatariak bere gain hartzen du mandatugilea hil eta geroko berari agindutakoa betetzeko betebeharra.

Mandatua azken daiteke mandatugile edo mandatariaren borondate hutsaren ondorioz.

Behin mandatua azkendu eta gero, mandatariak ezin du kudeaketa berririk egin, eta mandatugileari itzuli behar dizkio horrek aldez aurretik emandako agiri guztiak, bai eta, hala denean, berari eman dion ahalordea ere. Mandatugileak eta mandatariak edo, hala denean, horien jaraunsleek erantzukizuna dute euren erruz eragindako kalteen gainean, kontratua amaitu edo likidatzean.

560. legea Negozioen kudeaketa Norbaitek beste inoren intereserako kudeaketa egiten badu horren agindurik jaso gabe, berak hasitako kudeaketa amaitzeko betebeharra du, eta horri buruzko kontuak eman beharko ditu. Kudeaketa noren intereserako egin, eta pertsona horrek gastu eta galera guztien ordaina eman beharko dio kudeatzaileari, baldin eta kudeaketa zentzuz bereganatu eta gauzatu bada, nahiz eta lortu nahi den emaitza bete ez, eta uste izan badaiteke kudeatzaileak ez duela eskuzabaltasun asmoz jardun.

561. legea Berrespena Kudeaketa noren intereserako egin, eta pertsona horrek kudeaketa berresten badu, betebeharpean geratzen da mandatugile baten moduan.

Aldez aurretik kudeaketa debekatu badu, ordea, ez da behartuta egonen kalte-ordaina ematera.

562. legea Zerbitzuak egiteko kontratua Titulu honetako xedapenak zerbitzuak egiteko kontratuari aplikatuko zaizkio, hori xedapen berezietan arauturik ez dagoen neurrian.

XIV. TITULUA SALEROSKETA ETA TRUKAKETA

I. KAPITULUA Salerosketa

563. legea Burutzea Salerosketa burutzen da alderdiek horren oinarrizko osagaien gain adostasuna ematen dutenean; baina gauza suntsikorrak saltzen badira unitate bakoitzeko diru kopuru baten truk, salerosketa ez da burutuko unitateak zenbatu, pisatu edo neurtu arte. Salerosketa burutzeko forma zehatza betetzea hitzartzen bada, 18. legean xedaturikoa aplikatuko da.

564. legea Jabetza eskuratzea Erosleak jabetza eskura dezan, beharrezkoa da saldutako gauza ematea.

565. legea Baldintza etengarria Salerosketan jabaria erreserbatzeko ituna egin ez bada ere, saltzaileak* prezioa ordaintzen ez duen bitartean, uste izanen da jabariaren eskualdaketa baldintza etengarripean geratzen dela, salbu eta prezioa ordaintzeko epe jakina finkatu, prezioa mailegupeko kopurutzat hartu edota berme erreal nahiz pertsonala eratzen denean.

* Testuak «saltzaile» hitza erabiltzen du okerretara; horren ordez, «erosle» hitza jarri behar da.

566. legea Salmenta bikoitza Zenbait kontraturen bitartez, bi pertsonak edo gehiagok onustez gauza bera erosi badute, gauzaren gainean lehenespena izanen du horren edukitza lehenik eskuratu duenak. Pertsona horietatik inork ere ez badu edukitzarik, hitzarturiko moduan saltzaileari ordaindu dionak, eta, batek baino gehiagok ordaindu badiote, data sinesgarrietatik antzinakoena duen kontratua egin duenak. Edozein kasutan, erosle onustedunak lehenespena izanen du, gaitzustedunaren gainetik, eta, horiek guztiak gaitzustedunak badira, guztiak onustedunak izanez gero aplikatuko litzaizkiekeen erregelak aplikatuko zaizkie.

Aurreko lerrokadarekin bat etorriz, erosle batzuk gauzatik baztertuta geratu badira, kalte eta galeren ordaina bakarrik erreklamatu ahal izanen diote erosleok saltzaileari.

Lege honetan ezarritakoa aplikatuko zaie trukaketari, ordainean egindako adjudikazioari, bai eta kostu bidez eskualdatzeko beste kontratuei ere.

Erosleetatik batek Jabetza Erregistroan egin badu inskripzioa, Hipoteka Legean xedaturikoa beteko da.

567. legea Saltzailearen betebeharrak Salerosketa-kontratuaren bidez, saltzaileak bere gain hartzen du saldutako gauzaren edukitza askea emateko betebeharra; era berean, bere esku dagoen guztia egin behar du, erosleak gauzaren gaineko jabetza eskura dezan.

Halaber, saltzailea betebeharpean geratzen da ebikzioaren eta ezkutuko akatsen saneamenduari begira, alderdiek horren aurkakoa itundu dutenean izan ezik.

568. legea Gauza ematea Saldutako gauza eman dela ulertuko da hori eroslearen esku jartzen denean, gauzaren izaeraren arabera eta tokiko usadioekin bat etorriz.

Erosleak gauza erabiltzea edo eskubidea egikaritzea ematearen parekoa da. Salerosketaren eskritura publikoa egitea ere, aurkako itunik izan ezean, ematearen parekoa da.

569. legea Arriskuak Behin salmenta burutu eta gero, saltzaileak arretarekin zaindu behar du saldutako gauza, hori eman arte, eta gerta daitezkeen arriskuen berri eman behar dio erosleari; erantzukizuna izanen du bere zabarkeriaz betebehar hori betetzean gertaturiko galera edo eragindako kalteen gain. Gainerako arriskuak eroslearen ardurapekoak izanen dira, nahiz eta hori, ematea onartzean, berandutza-egoeran izan ez. Saltzailea berandutza-egoeran izanez gero, saldutako gauzatik geratzen dena bakarrik eman beharko du.

Baldintza etengarripeko salmentetan, gauza galtzen bada baldintza bete baino lehen, kontratua ondorerik gabe geratuko da; alabaina, baldintza betez gero, eroslearen ardurapekoa izanen da gauzak aurretiaz izandako urripena.

570. legea Ebikzioa Saldutako gauzaren ebikzioa gertatzen bada, saltzaileak erosleari eman beharko dio horrek ebikzioaren ondorioz jasandako ondare-urripenaren ordaina.

571. legea Erosleak bere gauza erostea Erosleak bere gauza erosten badu, erosketa hori deuseza da, salbu eta erosleak gauzaren jabetza galduko duelako baldintza etengarripean egiten denean, edo, besterik gabe, saltzaileari gauzaren gainean dagozkion edukitza edo eskubideak eskuratzeko asmoz egiten denean.

572. legea Ados ez egoteko ahalmena Alderdiek eurentzat erreserbatu badute salerosketarekin ados ez egoteko eskubidea, salerosketa ondorerik gabe uztekoa, eta ez bada zehaztu eskubide hori egikaritzeko eperik, ulertuko da eskubidea iraungitzen dela hilabete eta egun bat igarotakoan, alderdioi agindei sinesgarria egin zaienetik zenbatuta.

573. legea Salmentak berme-eginkizuna betetzea Salmentak atzera-eskuratzeko itunarekin, jabaria erreserbatzeko itunarekin edo baldintza suntsiarazlearekin egin badira, eta salmenta horiek berme- eginkizuna betetzen badute, liburu honetako VII. tituluaren IV, VI eta VII. kapituluetan xedaturikoa beteko da hurrenez hurren.

574. legea Eskrituraren gastuak Aurkako itunik izan ezean, erosleak eta saltzaileak ordainduko dituzte erdi bana eskritura edo bestelako agiriren bat egiteagatik sortzen diren gastuak.

Baliozkoak dira eta ondore guztiak sortuko dituzte salerosketaren gaineko zergei eta salerosketaren ondoriozko beste gastuei buruzko itunek, legezko xedapenetan ezarritakoa gorabehera.

575. legea Jendaurreko enkantean egindako salmenta Gauzen salmenta, borondatezko zein nahitaezkoa, jendaurreko enkantean eginez gero, salmenta hori eraenduko du baldintzen pleguan ezarritakoak eta, halakorik izan ezean, hurrengo erregelek:

1. Enkanteak plegu itxien bidez egin badira, aurkeztu ondoren ezin dira enkantetik atera, eta eurok irekitzeko egintza jendaurrekoa izanen da. Errematea behin-behinean adjudikatuko zaio proposamenik abantailatsuenari; proposamenak berdinak badira, egintza berean ahozko posturen bidezko lizitazioa eginen da proposamengileen artean, hamar minutuan zehar; epe hori amaitutakoan, berdintasunak bere horretan badirau, behin-behineko adjudikazioa zozketaz erabakiko da.

2. Enkanteak gauzatu badira ozenki edo ahoz egindako posturen bidez, lizitatzaileak posturaka arituko dira usadio eta ohiturekin bat etorriz.

3. Bilera amaitu baino lehen, enkantearen akta eginen da, bete beharreko formalitateekin. Behin akta irakurri ondoren, akta sinatu beharko dute adjudikazio- hartzaileak, hori egin nahi duten interesdunek eta, hala denean, egilesleak ere.

4. Enkantearen emaitza jendaurrean agertuko da, udaletxeko iragarki-oholean edo, bestela, enkantea zein herritan egin, eta herri horretan erabili ohi den bestelako moduan.

5. Behin-behineko adjudikazioa egiten denetik, hurrengo sei eguneko epean, lizitatzaileetatik edozeinek eska dezake gauza berari adjudikatzeko, behin-behineko adjudikazioaren prezioa zainpean jarriz, seiren batean hobeturik, gutxienez. Eskubide hori batek baino gehiagok egikaritu badute, hurrengo lau egunetan beste enkante bat eginen da prezioa hobetzen dutenen artean, eta horren errematea behin betikoa izanen da.

6. Prozedura Zibilaren Legean eta Nafarroako Udal Administrazioarentzako Erregelamenduan xedaturikoek eraenduko dituzte, hurrenez hurren, epaiketako enkanketak eta administrazioko enkanteak.

7. Prozedura Zibilaren Legean eta Hipoteka Legean xedaturikoa izan ezik, eskritura publiko bihurtu beharko dira enkantean eskuraturiko ondasun higiezinen gaineko salmentak.

II. KAPITULUA Salmenta atzera-eskuratzeko itunarekin egitea

576. legea Kontzeptua Salmenta-kontratua atzera-eskuratzeko itunarekin edo grazia-agiriko itunarekin egin bada, saltzaileak berarentzat erreserbatzen du, kontratu horren bitartez, saldutako gauza berreskuratzeko eskubide erreala; horretarako, itzuli egin beharko ditu berak jasotako prezioa, legebidez ordainduriko gastuak, nahitaezko gastuak eta gastu onuragarriak.

577. legea Epea Saltzaileak gauza berreskuratzeko eskubidea duenean, eskubide hori ezar daiteke epe jakin baterako, epe-mugarik gabe edo betiko.

Betiko ezarri dela ulertuko da, baldin eta esanbidez erabiltzen badira «betiko», «beti», «noiz- -nahi eta nolanahi gogo duenean» edo antzeko hitzak, berbok halako izaera argiro adierazten duten neurrian.

578. legea Prezioa Atzera-eskuratzeko eskubidea betiko edo epe-mugarik gabe ezarri bada, atzera-eskuratzaileak ordaindu beharko ditu gauza atzera-eskuratzeko unean horrek duen balioespen zuzenaren bi herenak; betiere, kopuru hori berak eskuraturiko prezioa baino handiagoa denean.

579. legea Eskualdagarritasuna Atzera-eskuratzeko eskubidea eskualdatzeko modukoa da inter vivos nahiz mortis causa egintzen bidez, eta hipotekatu edo adjudikatzeko modukoa ere bada, bere-berezko eskubide gisa ezarri denean izan ezik.

Eskubide hori egikaritu ahal izanen da eroslearen aurka eta horren eskutik eskuratu duten guztien aurka ere bai.

580. legea Pertsonen aniztasuna Atzera-eskuratzea zati bateko egikaritu nahi denean, eroslea horren aurka jarri ahal izanen da.

Atzera-eskuratzekoa den gauza pertsona bat baino gehiagori badagokio, atzera-eskuratzea egikaritu ahal izanen da horietako bakoitzaren aurka, bakoitzari dagokion zatiaren gainean.

Atzera-eskuratzeko eskubidea pertsona bati baino gehiagori batera badagokio, horietatik edozeinek modu solidarioan egikari dezake eskubidea, gauza osoaren gainean; titularkideek, eskubide hori erabili ez duten neurrian, atzera-eskuratzaileari erreklamatu ahal izanen diote atzera-eskuratutako gauzatik eurei dagokien zatia; jakinarazpena egin denetik, hogeita hamar eguneko epean egin beharko dute hori, edo, epe hori luzeagoa bada, atzera-eskuratzea egikaritzeko epea agortzeko falta den epean, edo, atzera-eskuratzeko eskubide hori epe-mugarik gabe edo betiko ezarri bada, urtebete eta egun bateko epean, jakinarazpena egin denetik zenbatuta.

Luzapenak izateko aukera ezarri bada, eta titularkide batek atzera-eskuratzeko eskubidea egikaritzen badu, horrek gainerakoei eragotziko die luzapen berriak haren aurka baliaraztea.

Titularkideek eskubide hori erabiltzen badute, atzera-eskuratzaileari ordaindu behar diote preziotik eurei dagokien zatia, bai eta korrituak eta gastuak ere.

581. legea Saltzailearen hartzekodunek eskubidea egikaritzea Saltzailearen hartzekodunek ezin dute subrogazio bidez atzera-eskuratzeko eskubidea egikaritu; aitzitik, hartzekodunok epaiketa bidez jardun beharko dute euren kredituak eskubide horren kontura kobratzeko.

582. legea Fruituak Eskubide hori egikaritzean, eta fruituak eratxikitzeko, 353 eta 354. legeetan ezarritakoa aplikatuko da.

583. legea Preskripzioa Epe-mugarik gabeko edo «betiko» grazia-agiriari dagokionez, atzera-eskuratzeko akzioa hogeita hamar urte igarotakoan preskribatuko da.

584. legea Grazia-agiria, berme gisa Salmenta atzera-eskuratzeko itunarekin edo grazia-agiriko itunarekin egin bada epe jakin baterako, salmenta horri buruz uste izanen da berori berme erreal gisa egin dela, baldin eta saltzaileak edozein tituluren bidez gauzaren edukitzari eusten badio; kasu horretan, liburu honetako VII. tituluko II. kapituluaren xedapenak aplikatuko zaizkio salmentari.

III. KAPITULUA Trukaketa

585. legea Kontzeptua Trukaketan, kontratugileek beren gain hartzen dute zenbait gauzaren gaineko jabetza elkarri emateko betebeharra, eta ulertuko da alderdi bakoitza bestearen erosle eta saltzaile dela aldi berean.

586. legea Ebikzioa Trukaketan emandako gauza ebikzioaren objektu izanez gero, gauza hori jasotzen duenak aukeran du kontratua suntsiarazi ala ebikzioaren ondoriozko kalte-ordaina eskuratzea, 570. legearekin bat etorriz.

587. legea Araubide osagarria Bateratzeko modukoa den neurrian, kontratu horri salerosketari buruzko xedapenak aplikatuko zaizkio.

XV. TITULUA GAUZEN ERRENTAMENDUA

588. legea Araubidea Gauzen errentamenduak eraentzen dituzte itundutakoak, tokiko usadio eta ohiturek, eta, osagarri moduan, konpilazio honetako xedapenek, horiek Nafarroan jasotako lege berezien aurkakoak ez badira.

Lege bereziak baztertzea Lege berezietatik baztertuta geratzen dira: orubeen errentamenduak; 596. legean aipaturiko establezimendu eta ustiategien gainekoak; eta merkataritza, industria, nekazaritza, abeltzaintza edo meatzaritzako jardueren osagarriak, nahiz eta horiek eurekin ekarri halako jarduerak gauzatzeko erabili ohi den lokal- edo finka-zatiaren luperketa edo edukitza.

589. legea Iraupena Itunik izan ezean, ulertuko da berdinak direla kontratuaren iraupen-epea eta horretan finkaturiko ordainsariari dagokion denbora-unitatea.

Ondasun higiezinen errentamenduetan, kontratua isilbidez luzatu dela ulertuko da, alderdi batek ez badio besteari aurkako borondaterik jakinarazi lege edo ohituretan ezarritako epeetan.

Landa-lurren errentamenduak lugorrika egiten badira, kontratuen iraupena izanen da, gutxienez, lugorrion epea.

Kontratuak irailaren 29an amaitu behar badira, done Mikel egunean, isilbidez luzatu direla ulertuko da, alderdietatik edozeinek ez badu aurkako borondaterik jakinarazten ekainaren 24a, done Joan Bataiatzailearen eguna, baino lehen.

Hiri-finken errentamendua isilbidez eta eperik gabe luzatzen dela ulertuko da, errentatzaileak onartzen badu maizterrak finkaren okupazioari eustea.

Hiri-finkaren errentamendua indarrean dagoen epean, errentatzaileak finka hori behar badu bertan bizitzeko, horrek kontratua suntsiaraz dezake, eta maizterrak zor duen errenta urrituko da ondasun higiezina okupatu duen epeari dagokion neurrian.

590. legea Konponketak Maizterrak konponketak ordaindu behar ditu, horiek egin behar badira erabileraren erabileraz gauza gastatzeagatik.

591. legea Gauza batzuen errentamendua Gauza bat edo batzuk batera errentan ematen badira errenta berberaren truk eta xede independenteetarako, kontratu bakoitzean horren araubidea beteko da; kontratu horietatik bati edo batzuei buruzko deuseztasun- edo suntsiarazpen- arrazoiek ez dute gainerakoen gain eraginik izanen.

Xede nagusi bat edo batzuk eta bigarren mailako beste xede bat edo batzuk ituntzen badira, lehentasuna izanen du xede nagusiari edo nagusiei dagokien araubideak; gainerako araubideak aplikatuko dira xede nagusiarekin bateraezinak ez diren neurrian.

592. legea Azkentzea Errentamendu-kontratua amaitzen da, Hipoteka Legean xedaturikoari kalterik egin gabe, errentan emandako gauzaren gainean errentatzaileak duen xedatze- edo administratze-ahalmena azkentzen denean.

593. legea Salmenta egitea, atzera-eskuratzeko itunarekin Norbaitek atzera-eskuratzeko itunarekin erosten badu errentan emandako gauza, ezin izanen du, jabetza behin betiko eskuratzen ez duen bitartean, errentamendu-kontratua suntsiarazi.

594. legea Azpierrentamendua eta lagapena Azpierrentamendua eta errentamendu- kontratuaren lagapena onartzen dira, aurkako itunik izan ezean; hala ere, lagapena egiteko, nahitaezkoa izanen da errentatzailearen adostasuna.

595. legea Mortis causa eskualdaketa Aurkako itunik ez denean, edo kontratutik ateratzen denean horretarako maizterraren inguruabar pertsonalak hartu direla kontuan, horren harreman juridikoak mortis causa eskualdatzeko modukoak izanen dira errentamendu-kontratua indarrean dagoen artean.

596. legea Establezimendu edo ustiategien gaineko errentamendua Merkataritza nahiz industriako establezimenduen eta baso, abeltzaintza, nekazaritza edo meatzaritzako ustiategien errentamenduak eraentzen dituzte, aurkako itunik izan ezean, ondoko xedapenek:

1. Errentatzailearen adostasunik gabe, errentan emandako ondasunen xedea ezin da izan itundutako jardueraz bestelakoa edo kontratua egin aurretik izandako erabileraz bestelakoa.

2. Maizterrak gauzak berari emateko unean zuten egoera berean artatu eta itzultzeko betebeharra du, eta, kontribuzio eta zergek zuzenean kargatzen badute errentan emandako negozioaren jarduera, kontribuzio eta zerga horiek ordaindu beharko ditu.

3. Gisa berean, negozioa ustiatu beharko du errentatzaileari kalte larririk eragin gabe; kasu horretan, eta maizterra kaudimengabea denean ere, errentatzaileak kontratuaren suntsiarazpena eskatu ahal izanen du.

4. Maizterrak ezin izanen du azpierrentamendurik egin, ez osorik ez zati batez.

5. Errentamendua eskualdatzeko modukoa izanen da, 595. legearekin bat etorriz.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa. Printzipio orokorra Konpilazio honek Nafarroako zuzenbide zibila ezarri du, eta berori aplikatuko zaie konpilazioa aldarrikatu baino lehen burututako egintzei eta epe horretan sortutako harremanei; konpilazio honen aurka ez dute ondorerik izanen lege- nahiz erregelamendu-mailako xedapen zibil eta administrazioedo zerga-xedapenek, orokorrak izan nahiz forukoak izan, haren aurkakoak badira.

Bigarrena. Adostasun uxorioa Emazteak, konpilazio hau aldarrikatu baino lehen, senarrari adostasuna eman badio, soil-soilik edo Kode Zibilaren 1413. artikuluaren arabera, konkista- ondasunak nahiz irabazpidezko ondasunak kostu bidez xedatzeko, adostasun horrek ondoreak izanen ditu, 86. legearekin bat etorriz.

Hirugarrena. Fideltasun-gozamena Bigarrenez edo gehiagogarrenez ezkondutako alargunak fideltasun-gozamena du, eta gozamen horri ez zaio aplikatuko 256. legean xedaturikoa, baldin eta, konpilazio hau aldarrikatu baino lehen, inbentarioa egin bada, jabe soilak horren aurka jarri gabe.

Laugarrena. Legezko oinordetza Kausatzailea konpilazio hau aldarrikatu baino lehen hil bada, jarraikoa beteko da kausatzaile horren legezko oinordetzari dagokionez:

1. Kode Zibilaren xedapenekin bat etorriz, oinordetzetan auto irmoa eman bada ab intestato jaraunsleen adierazpenari emateko, ez zaie kalterik eginen adierazpen horrek eratorritako eskubideei.

2. Aurreko zenbakian xedatutakoa gorabehera, adierazpenok eragingabetzat hartuko dira, horietan jaraunsle izendatu direnek jarauntsiari uko egin badiote, konpilazio honetan xedaturikoarekin bat etorriz, kausatzailea hil aurretik edo horren ondoren.

3. Konpilazio honetako 300. legetik 307.erakoek eraentzen dituzte aurretiaz kausaturiko jarauntsiak, halakoetan ez bada eman jaraunsle adierazpenari buruzko auto irmorik.

Bosgarrena. Salmenta atzera-eskuratzeko itunarekin egitea, berme gisa Salmenta atzera-eskuratzeko itunarekin egin bada berme gisa, 475. legetik 480.erakoetan eta 584. legean ezarritakoa aplikatuko zaie aurretiaz egindakoei, eta ondoko itunak deuseztzat hartuko dira:

1. Atzera-eskuratzeko eskubidea egikaritzeko epea mugaeguneratutakoan, salerosketa besterik gabe eta zuzenbide osoz gauzatzen dela ezartzen duen ituna.

2. Atzera-eskuratzeko eskubidea egikaritzeko epea mugaeguneratutakoan, erosleak gauza saltzeko jendaurreko enkantea eragin behar duela ezartzen duen ituna.

Edozein kasutan, salerosketa ez da gauzatuko, 477. legeak ezarritakoarekin bat etorriz ez bada, salbu eta eroslearen preskripzio-eskuratzailea gertatzen denean, edo gauzatze hori jadanik Jabetza Erregistroan agerrarazi denean.

Orotariko itunak baliozkoak izanen dira, baldin eta itun horiek zordunarentzat konpilazio honetakoa baino araubide onuragarriagoa ezartzen badute.

XEDAPEN GEHIGARRIA Konpilazio honek Kode Zibilaren artikuluetara egiten dituen igorpenetan, ulertu behar da horiek egiten direla foru-lege hau indarrean jartzeko unean Kode Zibilak duen idazkerara.

euskal legezalea