12008legea,familia-bitartekaritzakoa
1/2008 Legea, Familia-bitartekaritzakoa
Eusko Legebiltzarra
1/2008 LEGEA, otsailaren 8koa, Familia Bitartekaritzakoa.
Eusko Legebiltzarrak otsailaren 8ko 1/2008 Legea, Familia Bitartekaritzakoa, onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei
OTSAILAREN 8KO 1/2008 LEGEA, FAMILIA BITARTEKARITZAKOA
ZIOEN AZALPENA
Lege honek familia-bitartekaritza arautzen du, familiaren barruan sortzen diren gatazkak epailetzaz kanpo ebazteko prozedura gisa.
Joan den mendeko hirurogeita hamarretako bigarren erdialdean hasi zen, Estatu Batuetan eta gero Europan, familia-gatazkak konpontzeko bitartekaritzaren teknika erabiltzen.
Bitartekaritza egokiro ari da sartzen Europar Batasuneko herrialde gehienetan, eta hainbat aldaera agertzen ditu izaeraren arabera eta esparruetan zehar. Europan, bizikidetzako gatazkak bideratzeko tresna eraginkorra izan da, gatazka horiei aurrea hartzeko nahiz konponbidea aurkitzeko. Horregatik familia-bitartekaritza gizarte-zerbitzuetan egoten da sartuta eta, aldi berean, gizarte-babeseko beste sistema batzuekin koordinatuta.
Mota horretako prozeduren bitartez justiziarako bideak hobetu egiten dira, funtsean baliabideak ahalik eta ondoen erabiltzeko asmoa dagoelarik. Jurisdikzio-prozeduren osagarriak edota alternatibak dira prozedura hauek, izan ere, aldeen arteko elkarrizketa sustatzen duten neurrian, gatazka jakin batzuk konpontzeko egokiagoak dira; hori dela eta, ebatzi beharreko gaiei zor zaien kalitateaz eraman behar dira. Horrela adierazita geratu zen Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak estatu kideei emandako R (86) 12 gomendioan, epaitegietako gehiegizko lan-karga murrizteko eta prebenitzeko neurriei buruzkoan.
Bestalde, une hauetan bat egiten ari dira, era egokian egin ere, familia-bitartekaritzaren garapena batetik eta gizarte-zerbitzuen sendotze- eta unibertsalizatze-prozesua bestetik, gizarte-zerbitzuen norabidea gero eta gehiago familiari eta gizarteari zuzenduta dagoelako; hartara, gizarte-zerbitzuen esparrua oso egokia da bitartekaritza-zerbitzuak kokatzeko.
Bitartekaritza bake sozialerako tresna gisa jasota dago honako hauetan: Europako Batzordearen 2001eko apirilaren 4ko gomendioan, kontsumo arloko auziak konponbide adostuez ebazten dituzten epailetzaz kanpoko organoetan aplikatu beharreko printzipioei buruzkoan; Ministroen Batzordeak estatu kideei emandako R (98) 1 gomendioan, familia-bitartekaritzari buruzkoan; eta 2002ko apirilaren 19ko Liburu Berdean, Zuzenbide Zibileko eta Merkataritza Zuzenbideko arloan auziak konpontzeko modalitate alternatiboei buruzkoan. Auzian dauden alde batekoek nahiz bestekoek jarrera aktiboa hartzen dute beren asmoak hurbiltzeko eta gehien komeni zaien konponbidea bilatzeko. Gatazka adostasun-ikuspegi horretatik konponduz gero, errazagoa izaten da gero alde batekoek nahiz bestekoek harremanetan jarraitzea. Gomendioek, nahiz eta informazio-izaera duten, bitartekaritzaren araubide juridikoko oinarriak ezartzen dituzte. Eta bitartekaritza-araubide horren izaerak, borondatez, inpartzialtasunez, neutraltasunez eta isilpekotasunez aritzea eskatzen duenez, bide berriak irekitzen ditu desadostasunak era zalu eta malguan konpontzeko, eta, horrela, familia-harremanetarako arazo eta gatazkei konponbide egokiak aurkitzeko aukera eskaintzen du.
Beraz, bitartekaritzaren bidez, alde batekoek nahiz bestekoek zuzenean hartzen dute parte haiei dagozkien familia-arazoak konpontzeko irtenbideak bilatzean, eta horrek, alde batetik, familiako kideen arteko komunikazioa sustatzen du eta, bestetik, aldeen arteko giro gatazkatsua arintzen du eta konponbiderako denbora murriztu Esan liteke, beraz, bitartekaritzak lagundu egin behar duela konponbide egingarriak eta alde guztiek onartzeko modukoak lortzen, aldeek etorkizunean ere beren arteko harremanei euts diezaieten.
Laurogeita hamarretatik hona familia-bitartekaritzako esperimentu aitzindariak egin dira gure Autonomia Erkidegoan, arlo publikokoak nahiz gizarte-ekimenez sortutakoak. Horiek guztiek familiako gatazkak elkarrizketaren bitartez konpontzeko kultura eta praxia hedatzen lagundu dute eta, horiei esker, familietako indarkeria-egoerak modu eraginkorrean prebenitu eta murriztu ahal izan dira.
Gure lege-esparruaz denaz bezainbatean, Estatuan oraindik bitartekaritzari berariazko marko juridikoa emango dion araudirik ez dagoen arren, autonomia-erkidego batzuetan dagoeneko arlo hau lege-mailan arautzea erabaki dute. Euskal ekimena, beraz, gertuen dugun inguruan sendotzen ari den joeraren ildotik doa, eta, bere arauzko jardunbidean, alde batetik, Konstituzioan aurkitzen du babesa, 39. artikuluan (horren arabera, botere publikoek segurtatzen dute familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa, bai eta babes osoa izango dutela seme-alabek), eta, bestetik, Autonomia Estatutuan jasotako gizarte-laguntzari buruzko eskumenetan.
Bitartekaritza, azken batean, prozedura bat da. Prozedura horretan inpartzialak eta arloan adituak diren hirugarren pertsona batzuek esku hartzen dute auzia duten aldeei laguntzeko, haien arteko gatazkari adostutako irtenbidea eman diezaioten. Bitartekaritzan diharduen profesionalak ez du bere kabuz inolako erabakirik hartzen; auzia duten aldeek berek erabaki behar dute, eta, adostekotan, haiek adostu behar dute beren arteko gatazka hori nola konpondu. Hau da, profesional espezializatu, inpartzial eta independentea da familia-bitartekaria; gatazka duten aldeek eskatuta arituko da, haien artean komunikazio-bideak ireki daitezen ahalbidetzeko, eta, helburu hori kontuan hartuta, familian bizi dituzten gatazka-egoeretarako konponbide asebetegarriak lortzearren, negoziazio-prozedura eskainiko die aldeei. Beraz, bitartekariari ez zaio nahitaez erabakitzeko eta ebazteko ahalmenik esleitu behar.
Lege honetan erabaki da bitartekaritza aplikatzeko eremua zabaltzea, hartara, bikotea, senar-emazteak izan nahiz izatezko bikotea izan, hausten denean sortzen diren gatazkak ez ezik, familia-ingurunean gerta daitezkeen beste gatazka-egoera batzuk ere aintzat hartu ahal izango dira. Horrenbestez, lege honen aplikaziorako aurreikusten diren egoeren artean honako hauek daude: gurasoen eta seme-alaben arteko gatazkak; familia biologikoaren eta harrera-familiaren arteko gatazkak; mantenua dela-eta senideen artean sortzen diren gatazkak; gurasoek aitona-amonei ilobekin harreman normalizatuak izatea galarazteagatik sortzen diren gatazkak; jarauntsiak, oinordetzak edo familiako negozioak direla-eta familietan sortzen diren gatazkak edota lege honen ondorioetarako zehaztutako bizikidetza-taldeen artean sortutako gatazkak ere.
Familia-bitartekaritzaren jarduera zerbitzu publikoa da, eta zerbitzu publiko eta sozialek bideratuko dute, betiere arlo honetan egon daitezkeen ekimen pribatuei kalte egin gabe; ekimen horiek lege honetan ezarritakoari jarraituz burutuko dira.
Administrazio publikoek herritarrak familia-bitartekaritzaz baliatu ahal izango direla eta zerbitzu hori legeak dioenaren arabera doakoa izango dela bermatuko dute.
Era berean, familia-gatazka bat konpontzeko, beharrezkoa da batzuetan gizarte-babeseko beste sistema batzuekin batera modu koordinatuan esku-hartzea; horrexegatik egon behar du familia-bitartekaritzak gizarte-zerbitzuetan sartuta. Eta horretarako, funtsezkoa da bideratze-agenteekiko koordinazioa lantzea eta jarraipenean sakontzea.
Horrez gainera, aipatu beharra dago lege honen bidez Bitartekarien Erregistroa sortzen dela, eta Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordea ere bai.
Bitartekarien Erregistroa sortuta, bitartekaritza-lana kalitate-maila jakin batez beteko dela bermatu nahi da, zeregin hori lege honetan eskatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek egingo dutela eta arlo horretan profesional horiek bakarrik jardungo dutela kontrolatzeko beharra dagoelako. Beste alde batetik, Bitartekarien Erregistro honen bidez, herritarrek erraz jakin dezakete nortzuk ari diren arlo horretan lanean, hau da, zein pertsonek eskaintzen dituzten bitartekaritza-zerbitzuak, bai eta eskuragarri dauden bitartekaritza-zerbitzu publikoak zein diren ere.
Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordea, berriz, Eusko Jaurlaritzan familia-bitartekaritzaren arloko eskumenak dituen sailari aholkuak emateko sortzen da, hori baitu helburu nagusia. Aholkularitza-zeregin hori beteko dela bermatzeko, Administrazio publikoko ordezkariek ez ezik, lanbide-elkargoek, unibertsitateek eta familia-bitartekaritzaren arloan diharduten erakundeek ere osatuko dute aholku-batzorde hori.
Lege honek 38 artikulu ditu, eta horiek ondoren zehazten diren sei kapituluetan banatzen dira; horiez gain, xedapen iragankor bakarra eta azken xedapen bi daude.
– Hasteko, I. kapituluan xedapen orokorrak jasotzen dira, hala nola, arauaren xedea, aplikazio-eremua, arloarekin zerikusia duten administrazioen arteko eskumen-banaketa, familia-bitartekaritzako zerbitzu eta programa publikoak, familia-bitartekaritzan aztertu daitezkeen gatazkak, familia-bitartekaritzaren prozesuan lortutako akordioen izaera eta familia-bitartekaritzaren printzipio gidariak.
– Ondoren, II. kapituluan, bitartekari izan ahal izateko beharrezkoak diren ezaugarriak arautzen dira, bitartekaritzan dihardutenek bete behar dituzten baldintzak zehaztuta. Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordea sortzen da eta lanbide-elkargoen parte-hartzea ere jasotzen da.
– Gero, III. kapituluan, bitartekarien eskubideak, eginbeharrak eta bateraezintasunak arautzen dira, baita bitartekaritzan parte hartzen duten aldeen eskubideak eta eginbeharrak ere.
– Hurrengoan, IV. kapituluan, Bitartekarien Erregistroa arautzen da.
– Jarraian, V. kapituluan bitartekaritzari berariaz dagozkion prozedura-ezaugarriak jasotzen dira: prozedurari ekitea, hasierako bileren garapena, akten osaera eta bitartekaritzaren iraupena.
– Azkenik, VI. kapituluan, bitartekariaren jardunean egin daitezkeen arau-hausteak eta horien zehapenen araubidea zehazten da.
Arautze hau dela medio, Euskal Autonomia Erkidegoak beharrezkoa den tresna izango du bitartekaritzaren beraren izaera sendotu eta indartzeko. Eta nahiz eta gure lurraldean eginkizun hau lehendik ere ezaguna den, bai Eusko Jaurlaritzak bultzatuta sendotu diren esperientzietatik –esaterako, Eusko Jaurlaritzaren Familia Bitartekaritzarako Zerbitzua–, bai arlo pribatuan aurrera eramandako era askotako esperientzietatik, beharrezkoa zen arlo honetan lege-esparru bat ezartzea, gatazkak konpontzeko bide hau erabiltzen dutenei nahiz modu profesionalean dihardutenei babes-bermeak emateko.
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Lege honen xedea familia-bitartekaritza eta arlo horretan lanean diharduten pertsonen jarduerak arautzea da; horretarako, aintzat hartzen ditu familia-bitartekaritzaz baliatzeko eskubidea eta familia-bitartekaritzako zerbitzuak egon beharra.
2.– Familia-birtartekaritza borondatezko prozedura da, profesional batek edo batzuek aurrera eramaten dutena. Kualifikatuak, inpartzialak eta erabakitzeko ahalmenik gabeak dira profesional horiek, eta familia-gatazka duten aldeei laguntza eta jarraibideak ematen dizkiete gatazka amaitzeko beharrezkoa den elkarrizketa bidezko prozeduraren bitartez irtenbide onargarriak aurki ditzaten.
3.– Familia-bitartekaritza integrala gizarte-zerbitzuetako sisteman dauden gainerako zerbitzuekin eta gizarte-babeseko beste sistemekin modu koordinatuan jardutea da, familia bateko edo bizikidetza-talde bateko kideen artean dauden gatazken konponbiderako beharrezkoa den esparru guztietan.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
1.– Zati batean nahiz osorik Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean aurrera eramaten diren familia-bitartekaritzako jardueretan aplikatu behar da lege hau.
2.– Aurreko paragrafoan ezarritakoari kalte egin gabe, aipatutako jarduerei dagokienez, familia-bitartekaritzako programa edota zerbitzuak erabili ahal izango dira baldin eta gutxienez familia-gatazka duten pertsonetako bat Euskal Autonomia Erkidegoan erroldaturik badago.
3. artikulua.– Eskumen-banaketa.
1.– Familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailak honako eskumen hauek izango ditu arlo horretan:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako administrazio publikoekin elkarlanean, eta bere eskumenen esparruan, familia-bitartekaritzako zerbitzu publiko integralak egongo direla eta herritar guztiek familia-bitartekaritzako zerbitzu eta programak erabili ahal izango dituztela bermatuko du. Halaber, arlo horri lotutako gizarte-ekimeneko programak sustatuko ditu baldin eta horiek beharrezkotzat jotzen badira zerbitzu publikoek aurreikusita dituzten jarduerak osatzeko.
b) Bitartekaritzako zerbitzuek berek garatzen dituzten jardueren kalitatea bermatuko du, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean era horretako zerbitzuak ematen dituzten pertsonen jardueren kalitatea ere.
c) Bitartekarien Erregistroa kudeatuko du eta erregistro horren etengabeko eguneratzea begiratuko du.
d) Zehatzeko ahala erabiliko du, lege honen VI. kapituluaren arabera arau-hauste diren egoeretan.
e) Dauden jarduerak planifikatu, arautu, koordinatu eta antolatuko ditu, herritarrek benetan dituzten beharrizanei egokitzen zaizkiela bermatzeko.
f) Familia-bitartekaritza garatzeko eta lege honetan ezarritako xede guztiak betetzeko egin beharrezko diren jarduera guztiak egingo ditu.
g) Bitartekariek berek edo bitartekaritza jaso duten pertsonek jarritako kexak kudeatuko ditu, horretarako ezarriko den prozedura erabilita.
h) Urtero estatistika-azterlan bat egingo du Bitartekarien Erregistroan izandako inskripzio, idatzohar eta ezabaketei buruz, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean ezarritako betekizunen arabera. Azterlan hori Legebiltzarrari bidaliko dio urtean-urtean.
i) Familia-bitartekari izateko kalifikazio profesionala lortze aldera beharrezko diren prestakuntza-betekizunak onartuko ditu.
j) Familia-bitartekaria izendatuko du aldeak ados jartzen ez badira, lege honen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.
k) Dagokion lanbide-elkargoari bidaliko dizkio, informazio-ondorioetarako, elkargoetako erregistroetan izena emandako bitartekarien jarduerak direla-eta jasotzen diren kexak eta salaketak, baita horien ondorioz ezartzen diren zehapenak ere.
2.– Toki- eta foru-erakundeek honako eskumen hauek izango dituzte familia-bitartekaritzaren arloan:
a) Familia-bitartekaritza sustatuko dute, arlo horretan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailarekin elkarlanean.
b) Familia-bitartekaritzaren arloan, eta beren eskumenen esparruan, zerbitzu edota programa propioak sor daitezen sustatuko dute eta, halakorik badago, abian diren bitartekaritza integralerako gizarte-ekimeneko programak babestuko dituzte, betiere horien ildotik sortutako jarduerak kalitatekoak izango direla eta erregelamenduz ezartzen den moduan lege honi egokitzen direla bermatuta.
c) Gai horiei buruzko ezagutzak, esperientziak eta berrikuntzak trukatzea sustatuko dute.
d) Eusko Jaurlaritzako sail eskudunarekin elkarlanean, familia-bitartekaritza garatzeko behar adina jarduera egingo dituzte.
e) Beren ardurapean dituzten familia-bitartekaritzako zerbitzu edo programen berri emango diote Bitartekarien Erregistroari.
f) Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordearekin elkarlanean arituko dira.
4. artikulua.– Familia-bitartekaritzako zerbitzu eta programa publikoak.
1.– Familia-bitartekaritzan eskudun den Jaurlaritzako sailak doako zerbitzu publiko integralak sortu eta mantenduko ditu, arlo horretan dauden eskariei erantzuteko; zerbitzua jasotzeko orduan, lehentasuna emango zaie beste gizarte-zerbitzu batzuetatik edo Justizia Administraziotik bideratutako pertsonei. Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legearen 9.2 artikuluan adierazten denerako, zuzeneko ekintzakotzat joko dira zerbitzu horiek, eta erregelamenduz garatuko dira. Familia-bitartekaritzaren arloan laguntza emateaz gainera, zerbitzu horiek beste zeregin batzuk ere izango dituzte, besteak beste, familia-bitartekaritza ikertu eta hedatzea, baita Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean familia-bitartekaritzari lotuta egiten diren gainerako zerbitzu eta programa guztiak koordinatzea ere.
2.– Foru-aldundiek eta udalek familia-bitartekaritzako doako eta berariazko zerbitzu eta programa publikoak edota sozialak sortu eta mantendu ahal izango dituzte. Zerbitzu eta programa horiek ere erregelamendu bidez garatuko ditu Eusko Jaurlaritzak.
3.– Administrazio horiek, halaber, familia-bitartekaritzako zerbitzu eta programa integralak eta gizarte-ekimenekoak babestuko ditu, beren eskumenen esparruan eta erregelamenduz ezartzen den moduan.
5. artikulua.– Familia-bitartekaritzan aztertu daitezkeen gatazkak.
1.– Familia-bitartekaritzan aztertu daitezkeen egoerak eta bitartekaritza erabilita lortzen diren akordioak gatazka hauei buruzkoak izango dira: odol bidez, adopzio bidez edo ezkontza bidez laugarren gradura arteko ahaidetasunezko lotura edo ezkontzazko lotura duten pertsonen arteko gatazkak, eta izatezko bikotea edo bizikidetza-taldea osatzen duten pertsonen artekoak; horretarako, aipatutako gatazka horiek Zuzenbide pribatuaren arloko gaiei lotuko beharko zaizkie, eta unean-unean indarrean dagoen ordenamendu juridikoak gai horiei dagokienez aitortu beharko du pertsona interesdunek xedatzeko ahalmen askea dutela edo, hala badagokio, judizialki homologatuak izateko aukera dutela.
Lege honen ondorioetarako, bizikidetza-unitatea da ezkontzaren antzeko harreman iraunkor batez lotuta dauden pertsonena, agiri sinesgarri batez egiaztatu beharko dena, bai eta, lehen adierazitako loturaren bat eduki ez arren, gizarte-zerbitzuek egiaztatu ahal izango dituzten premiengatik, elkarrekin etxebizitza edo bizitoki berean, urtebetez edo gehiago, etenik gabe bizitzen diren pertsonena ere.
2.– Bitartekaritzan, besteak beste, honako hauek aztertu ahal izango dira:
a) Bikote-harremana hausten denean sortzen diren familia-gatazkak; horien artean, banantze, dibortzio edo deuseztasun-prozeduretan hartutako neurri judizialak betetzetik eratorritakoak eta epailetzan nahiz epailetzaz kanpo hartutako erabakien ondorioz izandako aldaketek eragindakoak ere sartuta daude.
b) Gurasoen eta seme-alaben arteko gatazkak, seme-alabak biologikoak, adoptatuak edo harrerakoak direla ere, edo seme-alabek beren artean dituztenak, bai eta mantenua dela-eta senideen artean sortutakoak ere.
c) Harrera-familien eta familia biologikoen artean sortutako gatazkak.
d) Gurasoek aitona-amonei ilobekin harreman normalizatuak izatea galarazten dietenean sortzen diren gatazkak.
e) Jaraunspenak, oinordetzak edo familia-negozioak direla-eta lehen paragrafoan aipatutako pertsonen arteko gatazkak.
f) Mendeko pertsonen eta haiek zaintzen dituzten senideen arteko gatazkak, baldin eta pertsona horiek 1. paragrafoan aipatutakoen artean badaude.
g) Agintari judizialak aldeei bitartekaritza proposatu ahal izango die, legeria zibil eta prozesalean aurreikusitakoaren arabera, banantze, dibortzio edo deuseztasun-prozesuek irauten duten bitartean edo elkarbizitza hausten den beste edozein kasutan, baldin eta jarduketak aldeen nahiarekin eteten badira.
3.– Adoptatuek, beren seme-alabatasun biologikoari buruzko informazioa eskuratzeko duten eskubidea baliatu nahi izanez gero, isilpeko bitartekaritza-prozedura erabili ahal izango dute, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 84. artikuluari jarraituta.
4.– Familia-bitartekaritzatik kanpo geratzen dira bikotearekin, seme-alabekin edo familia-unitateko edozein kiderekin indarkeria edo tratu txarrak erabiltzen diren kasuak, edo ez-zilegi penal izan daitezkeen bestelako jarduerak.
6. artikulua.– Familia-bitartekaritzan lortutako akordioen izaera.
1.– Familia-bitartekaritzaren bidez gatazka bat konpontzeko lortzen diren akordioek aplikatzekoa den legerian adierazitako ondorioak izango dituzte, baldin eta ezarritako baliozkotasun- eta eragingarritasun-eskakizunak betetzen badituzte.
2.– Lortutako akordioek lehentasuna eman beharko diete seme-alaba adingabeen goreneko interesari eta ongizateari, eta, halakorik badago, ezgaituei edo mendekotasuna duten pertsonei.
7. artikulua.– Bitartekaritzaren izaera.
1.– Bitartekaritza borondatearen autonomian oinarritutako jarduera da, izan ere, gatazka dutenek berek eskatu behar dute, askatasunez, bitartekaritza izatea, eta edozein unetan utzi ahal izango dute hasita egon arren.
2.– Bitartekaritzaren helburua familia-gatazka duten aldeei laguntza ematea da, haien gatazkari amaiera emango dion elkarrizketa bidezko irtenbidea aurki dezaten. Bitartekaritzan diharduten profesionalek, gaitze horrek ematen dien babesean, aldez aurretik bukatutzat jo dezakete beren zeregina, gatazkaren irtenbidea adostu ezinezkoa bada edo beste arrazoi batzuengatik.
3.– Jarduketa judizialak hasi baino lehen sustatu eta hitzartu ahal izango da bitartekaritza, edo jarduketa horiek irauten duten bitartean, baina azken kasuan epaileak jakinaren gainean egon behar du.
4.– Bitartekaritzaren izaera lege honetan jasotakoarekin bat etorriko da.
8. artikulua.– Familia-bitartekaritzaren printzipio gidariak.
Familia-bitartekaritza gidatu behar duten printzipioak hauek dira:
a) Borondatezkoa izan behar du. Aldeek askatasun osoa dute prozedura hau aukeratzeko, edozein unetan erabiltzeko edo uzteko, eta azken kasuan ez dute horregatik inolako zehapenik jasoko. Bakar-bakarrik gatazka duten alde guztien adostasunez hasi ahal izango zaio bitartekaritza-prozedurari.
Epaileek, egoki iritziz gero, gatazka duten aldeei bitartekaritza-sistemari buruzko informazioa eman ahal izango diete, eta epe horretan, aldeek hala erabakiz gero, etenda geratuko da prozesu judiziala.
Bitartekariak ere borondatez jardun beharko du, izan ere, izendapenari ezetza eman diezaioke, bitartekaritza-prozedura hasteari uko egin diezaioke, edo, behin hasita dagoela, prozedura aurrera eramateko baldintza egokirik ikusten ez badu, eten egin dezake edo amaitutzat eman. Nahitaez uko egin beharko dio bitartekari izateari artikulu honetan azaldutako printzipio gidarietakoren bat betetzen ez dela ikusten badu.
b) Isilpekoa izan behar du. Bitartekaritza aurrera eramatean bildutako informazio guztia, ahozkoa nahiz agirietakoa, isilpekoa izango da; emaitza ere halakoa izango da, salbu eta aldeek betetzea, berrestea edo homologatzea adosten badute.
Bitartekariak printzipio hori bete gabe utz dezake bakarrik Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan horri dagokionez zehaztuta dauden egoeretan.
c) Gardena izan behar du. Aldeek informazio zehatza izan behar dute prozeduraren ezaugarriez eta jarduteko moduaz, prozeduraren irismenaz, ondorioez eta lor litezkeen akordioen balioaz.
d) Zuzenbidea errespetatu behar du. Bitartekaritza ezin da erabili legeria urratzeko edo iruzurra eginez haren aplikazioa saihesteko. Aldeek zuzenbideari jarraituz bilatu beharko dituzte gatazka konpontzeko egoki iritzitako irtenbideak. Aldeetako batek edo guztiek justiziara jo nahi izanez gero, ezin izango zaie ezein kasutan eskubide hori mugatu.
e) Inpartziala izan behar du. Bitartekariak ezin izango du pertsona edo alde batenganako interesik izan, beste baten gainetik igarota, lehenengoari onura ekartzeko, eta bere inpartzialtasuna, nahitaezkoa, zalantzan jartzen duen jarduerarik ez du egingo edo sustatuko. Era berean, ezin izango du portzentajerik gorde bitartekaritzan lortutako akordioaren ondorioz aldeek lor litzaketen onuretatik.
f) Neutrala izan behar du. Erabakitzeko ahalmena aldeei dagokie. Bitartekariak ezin izango du bere iritzia eman, iradokizunik egin edo akordiorik proposatu, eta aldeen ikuspuntua errespetatu beharko du eta negoziazioan aldeen arteko berdintasuna zaindu. Bitartekariaren egitekoa, bitartekaritzan azterkizun den gaiari dagokionez, aldeek irtenbideak beren kabuz aurki ditzatela lortzea izango da.
g) Malgua izan behar du. Bitartekaritza-prozedura malgua da, eta horri esker kasuan kasuko egoerara egokitzen da, baina betiere lege honetan jasotako gutxieneko arauak bete beharko ditu, kalitatea bermatzeko.
h) Kontraesaneko eztabaida. Aldeek aske sentitu behar dute prozedura osoan egoera gatazkatsuari buruz duten ikuspuntua azaltzeko. Bitartekariak berdintasunezko tratatua bultzatu behar du aldeen artean, eta haien parte-hartze orekatua bermatuko du bitartekaritzak irauten duen bitartean.
i) Berehalakoa izan behar du. Bitartekaritzan zuzenean parte hartu behar da, bertan egonda, eta aldeek ezin izango dute bitartekorik izendatu.
j) Aldeek fede onez, lankidetzaz eta errespetuz jokatu behar dute. Familia-bitartekaritzaren prozesuan parte hartzen duten pertsonek fede onez eta elkarrenganako errespetuaz jokatu behar dute.
II. KAPITULUA
FAMILIA BITARTEKARITZAKO
AGENTEAK
9. artikulua.– Bitartekariak.
1.– Bitartekari jardun ahal izateko beharrezkoa izango da Bitartekarien Erregistroan izena inskribatuta egotea. Inskripzio hori lortzeko, lizentzia eduki behar da Zuzenbidean, Psikologian, Pedagogian edo Psikopedagogian, edo diploma Gizarte Lanean edo Gizarte Hezkuntzan, edo Eusko Jaurlaritzak lege hau erregelamenduz garatzean izendatutako titulua, prestakuntzaren edukiagatik aurrekoen baliokidea izango dena; horrez gain, ezinbestekoa izango da familia-bitartekaritzan berariazko prestakuntza, nahikoa eta etengabekoa, erakustea.
2.– Aurreko paragrafoan aipatutako prestakuntzak, Eusko Jaurlaritzak erregelamenduz ere garatu beharko duenak, ikastaro teoriko eta praktiko bat eduki beharko du beti, gutxienez 200 ordukoa. Ikastaroan, besteak beste, honako gaiak sartuko dira: familia-zuzenbideari lotutakoak, familia-psikologiari buruzkoak, eta horien barruan familiako kideak gizabanako gisa aztertzen dituztenak; familia-psikosoziologiari buruzkoak, bitartekaritza oro har hartzen dituztenak eta gatazkei buruzkoak.
10. artikulua.– Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordea.
1.– Bitartekaritzaren arloan aholkuak emateko, Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordea sortzen da, familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita.
2.– Aholku-batzorde horretako kide izango dira administrazio publikoetako ordezkariak, unibertsitateak, lanbide-elkargoak, familia-bitartekaritzaren arloan nahiz familiako kideen arteko gatazkei arreta profesionala emateko arloan diharduten erakunde esanguratsuak eta, arlo horrekin lotura izanik eta aholkularitza emateko modua dutelarik, beharrezko iritzitako pertsona guztiak.
3.– Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordeak zeregin hauek izango ditu:
a) Lege hau garatzeko ematen diren erregelamendu-arauak direla eta, nahitaezko txostena igorriko du aurretiaz, 15 egun balioduneko epean, txostena eskatzen zaionetik hasita.
b) Bitartekari izateko prestakuntza-ikastaroetan aintzat hartu beharreko irizpideak agertuko ditu, ikastaro horiek prestakuntzaren kalitatea bermatzeko beharrezko diren betekizunen arabera egin daitezen.
c) Familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailari edozein eratako aholkularitza eta laguntza emango dio, sail horrek arlo horretako jarduerak garatzeko beharrezkotzat jo izanez gero.
d) Memoria bat prestatuko du urtero bere jarduerei buruz, baita Euskal Autonomia Erkidegoan familia-bitartekaritzak duen egoerari buruz ere.
11. artikulua.– Lanbide-elkargoak.
1.– Lanbide-elkargoak elkarlanean arituko dira familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailarekin, eta Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordeko kide izango dira, erregelamenduz erabakitzen den eran.
2.– Lanbide-elkargoek beren bitartekari-erregistroa sortu eta kudeatu ahal izango dute, baina bitartekariek, erregistro horretan izena eman aurretik, Eusko Jaurlaritzako Bitartekarien Erregistroan inskribatuta egon beharko dute.
3.– Lanbide-elkargoek, familia-bitartekaritzako lana kalitatez egingo dela bermatzeko, elkarlanean eta modu koordinatuan jardungo dute familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailarekin; horretarako, lanbide-elkargo bakoitzak kide dituen bitartekariak erregistroan inskribatuko ditu, interesdunek hala eskatzen dutenean, eta, aldian-aldian, aipatutako sailak eskatzen dionean, elkargoko erregistroan jasotako altak eta informazioan izandako aldaketak jakinaraziko dizkio sail horri.
4.– Artikulu honetan ezarritakoa betetzerakoan, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarrita dauden xedapenak bete behar dira beti.
III. KAPITULUA
ESKUBIDEAK ETA EGINBEHARRAK
12. artikulua.– Bitartekariaren eskubideak.
1.– Bitartekariak bere jardunarekiko errespetua izateko eskubidea du, baita bere eginkizunetan diharduela askatasunez eta independentziaz jokatzeko eskubidea ere.
2.– Bitartekariak, egoki dela iritziz gero, bitartekaritzaren xedearekin edo sorburuarekin zerikusia duten beste pertsona batzuk egotea proposa dezake, aholkulari gisa jardun daitezen, baina, betiere, aldeek onartu beharko dute aurretiaz partaidetza hori, baita horri dagozkion tarifak ere. Pertsona horiek lege honen 8. artikuluan jasotako printzipioak errespetatu beharko dituzte.
3.– Bitartekariak askatasun osoa du bitartekari-lana egiteari uko egiteko. Hala gertatuz gero, idatziz jakinaraziko ditu, modu argian, uko egiteko izan dituen arrazoiak.
13. artikulua.– Bitartekariaren eginbeharrak.
Bitartekariak eginbehar hauek ditu bere jardunean:
a) Independentziaz jokatu behar du.
b) Familia-bitartekaritzako printzipio gidariak errespetatu behar ditu, 8. artikuluan jasotakoari jarraituz.
c) Zuzenean egin behar du bitartekaritza-lana.
d) Tresna gisa erabili behar du bitartekaritzaren prozedura aldeek onartzeko moduko konponbideak adostu ditzaten.
e) Aldeen arteko komunikazioa sustatu behar du.
f) Begiratu beharko du lortutako akordioetan seme-alaba adingabeen goreneko interesa, ezgaituena eta mendekotasuna duten pertsonena lehentasunez errespetatuko direla.
g) Lagundu egin behar du bi aldeek askatasunez, borondatez eta bortxarik gabe akordioak lortzeko behar beste informazio eta aholkularitza izan dezaten. Bitartekariak ezin izango du inola ere aholkularitza hori eman, ezta aholkularitza juridikoa ere.
h) Akordiorik badago, akordioa jasotzen duen amaierako dokumentua idatzi behar du, sinatu eta eman.
i) Administrazioak egin beharreko ikuskapena edo jarraipena erraztu behar ditu, kontuan hartuta lanbide-sekretuari eta isilpekotasunari lotutako betebeharrak.
j) Arreta berezia jarri behar du aldeengan etxeko indarkeriaren seinalerik, fisikorik nahiz psikikorik, atzematen badu.
k) Zaindu egin beharko du, bere jarduerak direla eta, bitartekaritzaren irudiari kalterik ez egitea.
l) Familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailari jakinaraziko dizkio, erregelamenduz ezartzen den moduan, bitartekaritza-lan bakoitzaren datuak, estatistika-ondorioetarako, betiere Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritako printzipioak errespetatuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean ezarritakoaren arabera. Horretarako, familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailak zehazten dituen bitarteko telematikoak erabili ahal izango dira.
14. artikulua.– Bitartekariaren bateraezintasunak.
1.– Artikulu honetako hurrengo paragrafoan aurreikusitako egoeraren batean dauden bitartekariek ezin izango dute parte hartu bitartekaritza-prozeduretan, eta berehala eman beharko diote horren berri gaian eskudun den Eusko Jaurlaritzaren sailari, sail horrek dagokiona erabaki dezan.
2.– Bitartekaritzan parte ez hartzeko arrazoiak honako hauek dira:
a) Interes pertsonala izatea bitartekaritzan aztertzen den gaian, edo gai horretan zuzenean edo zeharka ondoriorik izan dezakeen beste edozein gaitan.
b) Ebatzi gabeko auziren bat izatea bitartekaritzan parte hartzen duen aldeetakoren batekin.
c) Odol bidez nahiz ezkontza bidez laugarren gradura arteko ahaidetasun-lotura honako hauekin izatea: bitartekaritzan parte hartzen duten aldeetakoren batekin edo haien aholkulariekin, legezko ordezkariekin edo mandatariekin. Orobat, horietakoren baten bulego profesionalean lan egitea edo horietakoren batekin aholkularitzarako, ordezkaritzarako edo mandaturako elkartuta egotea.
d) Aurreko idatz-zatian aipatutako pertsonaren batekin adiskidetasun estua edo ageriko etsaitasuna izatea.
e) Bitartekaritzaren aurreko prozesu judizialean peritu edo lekuko gisa aritzea.
f) Bitartekaritzan parte hartzen duten aldeekin zerbitzu-harremana izatea edo edozein motatako zerbitzu profesionalak eman izana edozein egoera eta lekutan, lege honen esparruko familia-bitartekaritzako zerbitzuak salbu, bitartekaritza-prozedura hasi aurreko bi urteetan.
3.– Bigarren paragrafoan jasotako arrazoiren bat gertatzen bada eta bitartekariak ez badio bere izendapenari uko egiten, aldeetako edozeinek, prozeduraren edozein unetan, errekusatu egin dezake haren izendapena, errekusatzeko arrazoia edo arrazoiak idatziz azalduta. Bitartekaria entzun ondoren, gaian eskudun den zuzendaritzaren titularrak ebatziko du errekusatzeari buruz.
4.– Bitartekaritzak irauten duen bitartean, edo behin bitartekaritza bukatu ondoren, bitartekariak ezin izango ditu bi aldeak hartu, gai bera aztertzeko, bitartekaritza ez den beste jardun profesional batean, salbu eta aldeek horrela onartzen badute eta familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailak aurretiaz baimendu beharreko salbuespen-egoeran badaude.
15. artikulua.– Aldeen eskubideak.
Bitartekaritzan parte hartzen duten aldeek honako eskubideak izango dituzte:
1.– Familia-bitartekaritza erabili ahal dute legez aurreikusitako baldintzetan.
2.– Erregistroan inskribatutakoen artean bitartekari bat aukeratu ahal dute.
3.– Familia-bitartekaritzaren prozedura utzi ahal dute edozein unetan.
4.– Prozedura edozein unetan dagoela, bitartekariarekiko beren desadostasuna adierazi ahal dute, eta haren esku-hartzea ez onartzea erabaki. Horrelakorik gertatuz gero, beste bitartekari baten izendapena adostu ahal izango dute.
5.– Bitartekaritza hasi aurretik, jarduera horren gehieneko kostua jakin ahal izango dute.
6.– Bitartekaritzak irauten duen bitartean, bitartekariarena ez den beste pertsona baten aholkularitza jaso ahal izango dute, egoki irizten badiote.
16. artikulua.– Aldeen eginbeharrak.
Bitartekaritzan parte hartzen duten aldeek eginbehar hauek izango dituzte:
a) 8. artikuluan adierazitako printzipioak errespetatu behar dituzte.
b) Bitartekaritza-prozeduran lortutako akordioak bete behar dituzte.
c) Bitartekariari bere lanbide-sariak ordaintzea, baita bitartekaritza-prozesuak eragindako gastuak ere, salbu eta bitartekaritzako zerbitzu publiko batera edo doako bitartekaritza eskaintzen duen zerbitzu pribatu batera joaten badira. Sari hori ordainduko da, halaber, legean jasotako arrazoiren batengatik bitartekaritza bukatu gabe geratu bada, betiere konpentsatu beharreko jarduera profesionalik eragin badu.
d) Bitartekariarekin egiten den hasierako bileran, zuzenbidean zilegi den bideetako edozein erabilita, ezkontza edo familia bidez lotuta daudela edo izatezko bikotea edo bizikidetza-taldea osatzen dutela egiaztatu beharko dute, 5.1 artikuluan eskatutakoari jarraituz.
e) Ez dute eskatuko bitartekariak epaian edo instrukzio judizialeko ekitaldietan alderen baten lekuko edo peritu gisa deklara dezala, bitartekariak izan behar duen neutraltasuna auzitan ez jartzeko, arlo penal eta prozesaleko legerian ezarritakoaren kalterik gabe.
IV. KAPITULUA
BITARTEKARIEN ERREGISTROA
17. artikulua.– Bitartekarien Erregistroa.
1.– Bitartekarien Erregistroa sortzen da, familia-bitartekaritzaren arloan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita. Erregistro horretan inskribatuko dira bitartekariak.
2.– Erregelamenduz zehaztuko dira erregistroaren osaera, zereginak eta izena emateko eta egiaztagiriak egiteko prozedura.
3.– Bitartekarien Erregistroa kudeatzeko organo eskudunak erregistro horretan izena eman nahi dutenen eskaerak jaso eta aztertuko ditu, eta, 9. artikuluan jasotako betekizunak egoki betetzen dituztela egiaztatuz gero, erregistroan inskribatuko ditu, betiere familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailak, Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordeak aurretiaz emandako aholkuak aintzat hartuta, ezartzen dituen irizpideei jarraituz. Inskribatu eta gero, Erregistroak horren ziurtagiria emango du.
4.– Aurreko paragrafoan aipatutako organo eskudunak zerrenda bat osatuko du familia-bitartekaritzaren arloan diharduten pertsonez eta programa nahiz zerbitzu publikoez, herritarrek informazio horren berri izan dezaten.
V. KAPITULUA
PROZEDURAREN EZAUGARRIAK
18. artikulua.– Aurretiazko eskakizunak.
1.– Babes judizial eragingarria izateko oinarrizko eskubidearen kalterik gabe, familia-bitartekaritzako prozedurari ekin ahal zaio bai prozesu judiziala hasi aurretik, bai horrek dirauen bitartean, baita ebazpen judizial irmoaren bitartez prozedura judiziala amaitu ondoren ere.
2.– Prozesu judiziala hasi aurretik, aldeek familia-bitartekaritzako prozedurara jotzen badute, bitartekariaren aurrean egiaztatu beharko dute, zuzenean edo beren ordezkarien bidez, prozesu hori eten egin dela bien nahiarekin. Bitartekaritza-prozedura amaitu ondoren, aldeek emaitzaren berri eman beharko diote epaitegiari, legeria prozesalean ezarritako moduan.
3.– Familia-bitartekaritzaren prozedura hasi ahal izateko, gutxienez sei hilabete igaro behar dira gai beraren gaineko beste bitartekaritza bat bukatutzat jo denetik edo, akordiorik lortu ez arren, bitartekaritzari ekin zaionetik. Eskakizun hori ez da beteko baldin eta gaiaz arduratuko den bitartekariak, gerora agertutako gorabeheraren bat dela-eta, egokiera ikusten badu epe hori baino lehen beste bitartekaritza-saio bat egiteko eta, batez ere, seme-alaba adingabeek, nagusi ahalmen-urrituek edo mendekotasuna duten pertsonek kalte larriren bat izatea ekiditeko.
19. artikulua.– Prozedura hastea.
1.– Idatzizko eskaera eginda hasiko da bitartekaritza-prozedura:
a) Aldeek, elkarrekiko adostasunez, eskatzen badute.
b) Bi aldeetako batek eskatuta; horrelakoetan, gaiaz arduratuko den bitartekariak beste aldeari edo aldeei horren berri emango die, eta eskatuko die idatziz adieraz dezatela, jakinarazpena egin eta hamar egun balioduneko epean, bitartekaritza onartzen duten ala ez. Epe horretan ez bada onartzen, bitartekaritza ez da hasiko.
2.– Aldeen eta bitartekariaren artean 14. artikuluan ezarritakoaren arabera bateraezintasun-arrazoiren bat badago, bitartekariak ezetza eman behar dio izendapenari edo bitartekaritzan jarraitzeari, salbu eta parte hartzen duten alde guztiek egoera hori idatziz onartzen badute, betiere 8. artikuluan azaldutako printzipio gidariak betetzen direla bermatuta.
20. artikulua.– Bitartekaria izendatzeko prozedura.
Arloan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailak bitartekaria izendatu behar baldin badu, Bitartekarien Erregistroan inskribatutako pertsonen zerrenda baliatuta egingo du. Lehenengo izendapena zozketaren bidez egingo da, eta hortik aurrerako izendapenak zerrendako ordenari jarraituz egingo dira.
21. artikulua.– Hasierako bilera.
1.– Bitartekaria izendatuta egon ondoren, berak deituko ditu alde guztiak bilera batera, eta, gutxienez, honako gai hauek hartuko dira kontuan bilera horretan:
a) Aldeek, zuzenbidean zilegi den bideetako edozein erabilita, beren nortasuna egiaztatuko dute eta, orobat, ezkontza bidez edo familia bidez lotuta daudela, edo izatezko bikotea edo bizikidetza-taldea osatzen dutela; bitartekariak ere bere izaera egiaztatuko du. Aldeek orduan daukate bitartekariaren izendapena berresteko edo ezesteko aukera.
b) Bitartekaritzari buruzko informazioa emango da: printzipio gidariak, bitartekaritza-prozedura onartzeak dakartzan ondorioak, gehieneko iraupena, akordioen baliozkotasuna eta aldeek nahiz bitartekariak dituzten eskubideak eta eginbeharrak.
c) Bitartekariak ez duela 14. artikuluan adierazitako bateraezintasunetarik bat ere ez begiratuko da.
d) Azalduko da aldeek kanpoko aholkularitza jaso ahal izango dutela, nahi duten erakoa.
e) Bitartekaritza-prozeduraren kostua adieraziko da, ordaindu beharrekoa bada.
f) Beharrezkoak izan daitezkeen saioak garatzeko plangintza.
2.– Bitartekaritzak irauten duen bitartean, aldeak eta bitartekaria hasierako bileran adostutako maiztasuna errespetatuta bilduko dira.
22. artikulua.– Familia-bitartekaritzaren aktak.
1.– Bitartekariak bitartekaritzaren hasierako bilerako akta egingo du, honako hauek jasota: bilerako tokia eta data, parte-hartzaileak, bitartekaritzaren xedea eta bitartekaritzaren printzipioen eta eginbeharren onarpena. Aldeek sinatu beharko dute dokumentu hori, bitartekaritzako baldintzak ulertu eta onartzen dituztela erakusteko. Bitartekariak kopia bana emango die aldeei, sinatuta, eta jatorrizko agiria espedientearen artxiboan gordeko du.
2.– Bitartekariak bitartekaritzaren bukaerako bilerako akta egingo du, honako hauek adierazita: bilkura-kopurua, -lekua eta -data, parte-hartzaileak eta, halakorik badago, lortutako akordioak, zati batekoak nahiz osokoak, edo akordiorik eza. Kopia bana emango zaie aldeei, sinatuta, eta jatorrizko agiria espedientearen artxiboan gordeko da. Agiri horrek isilpekotasun-izaera izango du 8.b artikuluan adierazitako moduan. Alabaina, akta hori bitartekaritzaren eraginpean egondako pertsonetako edozeinek erabili ahal izango du, lortutako akordioa epaitegietan eta bestelako erakunde eta administrazioetan baliozkoa izatea nahi izanez gero.
23. artikulua.– Iraupena.
Bitartekaritzaren iraupena gatazkako gaien izaeraren eta konplexutasunaren araberakoa izango da, eta ezin izango da lau hilabetetik gorakoa izan, bitartekariaren eta aldeen arteko hasierako bilera egiten denetik kontatzen hasita. Hala ere, zenbait egoeratan, epe hori igarota egon arren ikusten bada akordioetara iristeko aukera dagoela, eta bi aldeek hala eskatzen badute, bitartekariak luzatu ahal izango du bitartekaritzako denbora, gehienez ere beste bi hilabetez.
24. artikulua.– Familia-bitartekaritzaren prozeduraren amaiera.
1.– Gatazka duten aldeetako edozeinek erabaki dezake bitartekaritza-prozedurari amaiera ematea; bitartekariak ere halakorik erabaki ahal du, eta bitartekaritza amaitutzat jo dezake, aldeei jakinarazita, hauetakoren bat gertatzen bada:
a) Aldeetakoren baten lankidetza ez izatea.
b) Jarritako baldintzak ez betetzea.
c) Aldeetakoren bat, justifikatu gabe, ez agertzea.
d) Bitartekariak prozeduran jarri den helburua betetzerik ez dagoela iriztea.
e) Bitartekariak gatazkari bestelako esku-hartze edo tratamendu batetik heldu behar zaiola atzematea.
2.– Bitartekaritzaren emaitzak prozedura judizial batean eraginik izan dezakeenean, bitartekariak ziurtagiri bat emango die parte hartu duten aldeei, eta ziurtagiri horretan jasota egongo da prozedura zein egunetan hasi zen eta zein egunetan amaitu eta akordiorik lortu den ala ez, beste inolako daturik zehaztu gabe.
VI. KAPITULUA
ZEHATZEKO ARAUBIDEA
25. artikulua.– Izaera orokorreko xedapenak.
1.– Administrazioko arau-hausteak, lege honetan araututako gaiei eta erantzukizuna duten pertsonei dagokienez, hurrengo artikuluetan tipifikatzen eta zehatzen diren egite edo ez-egiteak dira.
2.– Lege honetan ezarritako administrazioko arau-hausteez gainera, erantzukizun zibil, penal edo bestelakorik ere izan dezakete arau-hausleek.
3.– Zehapen-prozedura tramitatu eta ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da hasiera-datatik kontatzen hasita. Epe hori gainditzen denean, prozedura iraungi egingo da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako eran eta moduan, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritako eran eta moduan.
26 artikulua.– Arau-hauste motak.
Arau-hausteak hiru eratakoak izan daitezke: arinak, larriak eta oso larriak.
27. artikulua.– Arau-hauste arinak.
Hauek dira arau-hauste arinak:
a) Familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzako sailari lege honen 13. artikulu l) idatz-zatian adierazitako estatistika-datuak emateari uko egitea.
b) Bitartekaritza-zeregina justifikatutako arrazoi bategatik baina aldez aurretik jakinarazi gabe bertan behera uztea.
c) Prozedura-hasieran, 21. artikuluan adierazitako gaiei buruzko informazioa ez ematea.
d) Lokalek, instalazioek, altzariek edo tresneriak zenbait gabezia izatea, funtzionamendu, garbitasun eta higieneari dagokienez, nahiz eta horrek erabiltzaileen segurtasunerako edo osasunerako arriskurik ez izan.
e) Lege honen bidez bitartekariei ezarri zaizkien eginbeharretako beste edozein bete gabe uztea, baldin eta ez badago arau-hauste larri edo oso larri modura sailkatuta.
28. artikulua.– Arau-hauste larriak.
Hauek dira arau-hauste larriak:
a) Bitartekaritza-jarduera kobratzea, zerbitzu hori doan eman behar den egoeretan.
b) Familia-bitartekaritzan eskudun den Eusko Jaurlaritzaren sailak eskatutako agiriak eta datuak faltsutzea.
c) Bitartekaritzari edo bitartekaritzan diharduten profesionalen jardunari kalte egin diezaieketen jarduerak garatzea.
d) Prozesua gehiegi luzatzea, bitartekariari bakarrik egotz dakiokeen arrazoiren bat dela-eta.
e) Bitartekaritzan parte hartu duten aldeekiko ardurarik edo begirunerik ez izatea.
f) Urtebeteko epean hiru arau-hauste arin egiteagatik zehapena jasotzea.
g) Bitartekaritza-zereginekin hastea aldeen aldez aurreko onarpena izan gabe.
h) Bitartekaritza-zeregina bertan behera uztea justifikaziorik gabe.
i) Bitartekaritza-prozesu batean esku hartzea bateraezintasunen bat edo parte ez hartzeko arrazoiren bat dagoenean.
j) Bitartekaritzan parte hartu duten pertsonenganako errespetu-galtze larria.
k) Prozeduraren hasierako eta bukaerako aktak idazteko eginbeharra bete gabe uztea.
l) Aldeei bitartekaritzarekiko konpromisoaren kopiarik ez ematea.
29. artikulua.– Arau-hauste oso larriak.
Hauek dira arau-hauste oso larriak:
a) Nabarmen legez kanpokoak diren akordioak egiten uztea.
b) Lege honen 5.4 artikuluaren arabera bitartekaritzatik kanpo utzitako egoeretan bitartekaritza-zereginekin hastea nahiz horiek aurrera eramatea.
c) Lege honen 8. artikuluan ezarritako printzipio gidariak betetzen ez direnean bitartekaritza-zereginekin hastea edota horiek aurrera eramatea.
d) Lege honen 14. artikuluan jasotako bateraezintasunen araubidea ez betetzea, 19.2 artikuluan adierazitako egoera alde batera utzita.
e) Familia-bitartekaritzaren arloan jardutea, Bitartekarien Erregistroan inskribatuta egon gabe.
f) Arraza, sexu, erlijio, edo bestelako gorabehera batengatik bitartekaritzan parte hartzen dutenei bereizketarik dakarkiekeen jarduerak aurrera eramatea.
g) Bitartekaritza-zeregina justifikatutako arrazoirik gabe bertan behera uztea, horrek aldeetakoren bati kalte larria eragiten badio.
h) Bitartekaritzari eustea printzipio gidarietako baten bat bete gabe edukita.
i) Arau-hauste larriak berriro egitea.
j) Bitartekaritza-prozeduretan parte hartzea horretarako gabetua egonik.
k) Bitartekaritza-prozesu batean esku hartzea aldeetako bati kalte nabarmena eta objektiboa eragiten dion bateraezintasunen bat edo parte ez hartzeko arrazoiren bat gertatzen denean.
l) Bitartekaritza-saioetara joateko ordezkariak edo bitartekariak erabiltzea, norbera joan ordez.
m) Isilpekotasuna gordetzeko betebeharra haustea.
n) Doako bitartekaritza eman behar duten zerbitzu publikoetan edo pribatuetan bitartekaritza-jardueraren truke edozein ordainsari, sari ekonomiko edo zenbateko jasotzea.
ñ) Esku hartu dutenei laguntza emateagatik, aldeengandik edozein ordainsari, ordain ekonomiko edo zenbateko jasotzea.
o) Bitartekaritzaren barruan, aldeek adingabeen, ahalmen-urrituen eta mendekotasuna dutenen interesak kontuan izan ditzaten eragoztea.
p) Bitartekaritza-zentro bat zabaldu edo ixtea, edota zerbitzu bat ematea, bitartekaritzaren arloko erakunde eskudunaren baimen administratiboa, behin-behinekoa nahiz behin betikoa, jaso gabe.
30. artikulua.– Arau-haustea berriro egitea.
Lege honen ondorioetarako, arau-haustea berriro egin dela esango da, arau-haustea egin duena, jakinarazi zaion egunetik bertatik bi urtera bitarteko epean, lege honetan ezarritako beste arau-hauste bat egiteagatik ebazpen irmoz zehatua izan denean.
31. artikulua.– Erantzukizuna.
Erantzule dira arau-hausteak bakarka, batera edo beste pertsona batez baliatuz egiten dituzten pertsona fisiko eta juridikoak.
Erantzule solidariotzat hartuko dira arau-haustea egin dutenak bat baino gehiago izan eta arau-haustean bakoitzaren erantzukizun-maila zehazterik ez dagoenean.
32. artikulua.– Zehapen motak.
Familia-bitartekaritzaren arloan egindako arau-hausteak direla-eta, honako zehapen hauek ezarriko dira:
a) Arau-hauste arinak direnean, idatzizko ohartarazpena egingo da.
b) Arau-hauste larriak direnean, bitartekari-lanetan jarduteko aldi bateko etendura ezarriko da, hiru eta hamabi hilabete arteko denborarako.
c) Arau-hauste oso larriak direnean, bitartekari-lanetan jarduteko aldi bateko etendura ezarriko da, urtebete eta egun batetik hiru urtera bitarteko denborarako, edo, arau-haustearen larritasunagatik edo arau-haustea berriro egiteagatik, ezarritako etendura hori behin betikoa ere izan daiteke.
33. artikulua.– Zehapenak mailaka sailkatzea.
Zehapenak aplikatzerakoan, organo eskudunak honako mailakatze-irizpide hauek hartuko ditu aintzat:
a) Eragindako kalte moralak eta materialak.
b) Eragindako arriskua.
c) Ekintzaren intentzionalitate- edo zabarkeria-maila.
d) Arau-haustearen ondorioak jasan dituzten pertsonen kopurua.
e) Aurrez egindako ohartarazpenak eta errekerimenduak ez betetzea.
f) Arau-haustea lege honen 31. artikuluaren arabera berriro egitea.
g) Egindako kaltearen edo galeraren larritasuna.
h) Ez-betetzeak adingabeei, ahalmen-urrituei edo mendekotasuna dutenei eragindakoaren garrantzia.
i) Arau-hausleak eskuratutako onura ekonomikoa.
Nolanahi ere, zehapenak erditik gorakoak izango dira arau-hauslearen jokabideak adingabe edo ahalmen-urritu baten interesak arrisku jakin batean jartzen dituenean.
34. artikulua.– Behin-behineko neurriak.
1.– Zehapen-prozedura hasitakoan, ebazteko eskumena duen administrazio-organoak, ematekoa den ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko, egoki iritzitako behin-behineko neurriak hartu ahal izango ditu, arrazoitutako erabaki baten bidez.
2.– Interesdunei kalterik ekarriko dien behin-behineko neurririk ezin izango da hartu, kaltea gerora konpontzen zaila bada edo atzeraezina bada.
35. artikulua.– Preskripzioen araubidea.
1.– Lege honetan jasotako gaiei dagokienez, Administrazioko arau-hausteak preskribitzeko epeak honako hauek izango dira:
a) Oso larriak direnean, bost urteko epea.
b) Larriak direnean, hiru urteko epea.
c) Arinak direnean, urtebeteko epea.
Egoera edozein dela ere, arau-haustea egin den egunaren biharamunean hasiko da kontatzen epea.
2.– Lege honi jarraituz ezarritako zehapenak preskribitzeko epeak honako hauek izango dira:
a) Oso larriak direnean, hiru urteko epea.
b) Larriak direnean, bi urteko epea.
c) Arinak direnean, urtebeteko epea.
Egoera edozein dela ere, zehapena ezartzeko eman den ebazpena irmo bihurtzen den egunaren biharamunean hasiko da kontatzen epea, edo zehapena hasita egonik hori betetzeari uzten zaionetik aurrera.
36. artikulua.– Zehapen-prozedura.
Zehatzeko ahalaren egikaritzea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zigortzeko Ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoari jarraituz burutuko da.
37. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa.
Familia-bitartekaritzaren arloan zehapen-prozedura ebazteko eskumena duen organoa arlo horretako zereginak esleituta dituen Eusko Jaurlaritzako sailaren titularra izango da arau-hauste arin eta larrietarako, eta oso larrietarako, berriz, Gobernu Kontseilua.
38. artikulua.– Zehapenak erregistroan jaso eta argitaratzea.
1.– Bitartekarien Erregistroan zehapenei buruzko atal berezi bat egongo da, eta era bateko nahiz besteko arau-hausteen ondorioz eman diren ebazpen irmoak jasoko dira atal horretan.
2.– Bitartekarien Erregistroan zehapenei buruz jasotako idatzoharrak erregelamenduz ezarritako moduan ezereztuko dira.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Lege hau indarrean sartzen denean abian dauden familia-bitartekaritzako zerbitzu edota programa publiko eta sozialek ordura arte bete izan dituzten zereginak bete ahal izango dituzte gerora ere, lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epean gehienez ere. Epe hori bukatzean, lege honen 4. artikuluan jasotakoari egokituko zaizkio erregelamenduz ezartzen den moduan, azken xedapenetako lehenengoan adierazitakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Erregelamendu bidezko garapena.
1.– Bitartekarien Erregistroaren antolamendua, garapena eta funtzionamendua eta Familia Bitartekaritzako Aholku Batzordearen antolamendua, garapena eta funtzionamendua lege hau indarrean hasi eta urtebeteko epean ezarriko da erregelamendu bidez.
2.– Familia-bitartekaritzako zerbitzu publiko eta pribatuetako alderdi materialak eta funtzionamenduari buruzkoak erregelamenduz arautuko dira urtebeteko epean, lege hau promulgatzen denetik kontatzen hasita.
Bigarrena.– Indarrean sartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko otsailaren 12a.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.