8/1983 Legea, Euskadiren ereserki ofizialari buruzkoa

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

8/1983 LEGEA, APIRILAREN 14KOA, EUSKADIREN ERESERKI OFIZIALARI BURUZKOA

(itzulpen eguneratua)

ZIOEN ADIERAZPENA

Herriek, beren herri-nortasunaren adierazgarri, batzutan bere-berez eta beste batzutan historiaren gertakarien eraginez, herrikideen elkartasun-sentimena eta iraun-nahia gorpuzten duten ikur, ikurrin, ereserki eta horrelako irudibideak beretzakotzen dituzte.

Euskal herriak ez du jokabide hori arrotz izan, eta noiz nola bere nortasunaren adierazgarri eta herri-izaeraren irudi izan diren zenbait ereserkiren bidez adierazi izan du bere herri-nortasuna.

Xede eta asmo horietxek izan dituzte, eta horretarako erabili izan dira, ikurriña bezala sentipen horietxen ezaugarri izan diren beste sinbolo batzuk ere.

Ikurriña eta ereserkia ditugu berez, biak batean, herri baten herri-nortasuna símbolo bidez gauzatzeko bide, eta herrien kondairan aldakor badira ere, egiten zaien aitorpena eta eginarazten zaizkien aldakuntzak, beti, ikur horien aldakuntzen berezko iturri diren egoera eta gora beherei erantzuten diete.

Euskal Herriaren ariman errotu izan eta horren erakusbide eta ikur izan diren ereserkien aldeko arrazoiak izan daitezke, beraz, eta ez litzateke bidezko ereserki bat berri-berritan egin eta erabiltze-hutsez onartu dezan Euskal Herriari eskaintzea; aitzitik, lehen onartutako pilo ugarian herriaren onarpenaz gainera nagusiarazten dioten arrazoi historikoak dituena aukeratzea dugu arrazoizkoena eta arauzkoena.

Horiegatik guztiegatik, historian zehar alderdikeria nabarmenezko esangura izandakoak bazter utzi beharra dago, ereserki batek alderdi-ereserki ez baina herri-ereserki izan behar baitu, horren ezean zaila bailitzateke politika-iritzi ezberdinetakoek beretzakotzea.

Hala ere, askotan, herri baten berezko sentimenaren eta herri horrek ereserki bat beretzakotu izanaren ondorioz, politika-alderdi edo -iritzi desberdinetakoek bakoitzak bere hitzak ezarrita erabiltzea gertatu izan da, hori Euskal Herriak doinua gogo onez beretzakotu izanaren inolako eragozpen ez dela.

Lege-proposamen hau izenpetzen duten Legebiltzar Taldeen iritziz, Euzko Abendaren Ereserkia hitzekin hasten den eta Euskadiko behin-behingo Jaurlaritza eratzerakoan EAJ-ren, PSOE-ren, Alderdi Errepublikarraren, Eusko Abertzake Ekintzaren eta Alderdi Komunistaren kontzentrazioko Jaurlaritzak beretzakotu zuenak, egoera hura bukatu eta Euskal Herriko Autonomia Estatutua onartu ondoren Joan Karlos I Erregeari Gernikan harrera egiteko eta Carlos Garaikoetxea lehendakariak Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko lehendakaria Ajuria-Enea jauregian hartzeko erabili zenak betetzen ditu baldintza guzti horiek.

Euskal Herriak Estatutua erreferendum bidez onartu zuenean ikurrin gurutzedunari alderdi-kutsu guztiak kendu zizkion eta aitzikeriak gainditzeko jokabide eredugarriaz hori beretzakotu zuen; gaur Eusko Legebiltzarrari dagokio Erkidegoaren ezaugarri izan behar duen ereserkiari buruz ereduzko jokabide horixe izatea.

Artikulu bakarra

Eusko Abendaren Ereserkia deritzan doinua izango du Euskadik bere ereserki ofizial, eraskinean ematen den doinuarekin.

Xedapen gehigarria

Euskadiren Ereserkiaren jokera bat ofialtzat aldarrikatzeko eskua ematen zaio Eusko Jaurlaritzari.

euskal legezalea