Giltzapetuak tratatzeko gutxieneko Printzipioak

Euslege

Giltzapetuak tratatzeko oinarrizko printzipioak

Biltzar Orokorrak onetsiak eta aldarrikatuak, 1990eko abenduaren 14ko 45/111 ebazpenean

1. Giltzapetu guztiak begirunez tratatuko dira; begirune hori da gizakiei datxezkien duintasuna eta balioak merezi dutena.

2. Ez da inolako bereizkeriarik egongo arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, nazio- edo gizarte-jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo bestelako ezaugarriak direla bide.

3. Aurrekoari kalterik egin gabe, behar-beharrezkoa da giltzapetuak zein taldetakoak izan eta talde horien erlijio-sinesmenak eta kultura-manuak errespetatzea, tokian tokiko baldintzak halakoa eskatzen dutenean.

4. Espetxeetako langileek euren betebeharrak bete beharko dituzte giltzapetuen zaintzari dagokionez eta delituaren aurka gizartea babesteari dagokionez, Estatuaren bestelako gizarte-helburuekin bat etorriz, eta aintzat hartuta bere oinarrizko erantzukizuna, gizartearen kide guztien ongizatea eta garapena sustatzeko.

5. Kartzelaratzeak berez dituen mugak salbuetsita, giltzapetu guztiek giza eskubide eta oinarrizko askatasunak izaten jarraituko dute, horiek direla: Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasota daudenak, halaber, Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Itunean eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean eta bere Hautazko Protokoloan jasota daudenak, halakoetan kasuan kasuko estatua alderdi denean; eta, oro har, Nazio Batuen instrumentuetan xedatutako bestelako eskubideak ere izango dituzte.

6. Giltzapetu guztiek izango dute kultura- eta heziketa-jardueretan parte hartzeko eskubidea, halakoak gizakiaren nortasuna erabat garatzera bideratuta daudenean.

7. Ahaleginak egingo dira indargabetzeko edo murrizteko zigor-geletako isolamendua erabiltzea diziplina-zehapen gisa; hartara, horren indargabetzea edo murriztea indartuko da.

8. Halako baldintzak sortuko dira, besteak beste, ahalbidetzeko giltzapetuek lan-jarduera ordainduak eta baliagarriak egin ditzaten eta horiek erraztu ditzaten euren birgizarteratzea herrialdearen lan-merkatuan eta, orobat, eurek laguntza ekonomikoa ematea familiari eta euren buruen mantenuari.

9. Giltzapetuek eskuragarri izango dituzte herrialdeak dituen osasun-zerbitzuak, inolako bereizkeriarik gabe, euren egoera juridikoa dela eta.

10. Erkidegoaren eta gizarte-erakundeen partaidetzarekin eta laguntzarekin, eta biktimen interesei zor zaien errespetuarekin, baldintza onuragarriak sortuko dira giltzapetu ohia gizarteratu dadin ahalik eta baldintza hoberenekin.

11. Aipatu printzipioak inpartzialtasunez aplikatuko dira.