Legez kanpo, nahierara eta modu laburtuan egindako exekuzioak modu eraginkorrean prebenitu eta ikertzeari buruzko printzipioak

Euslege

Legez kanpo, nahierara eta modu laburtuan egindako exekuzioak modu eraginkorrean prebenitu eta ikertzeari buruzko printzipioak

Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak gomendatua, 1989. urteko maiatzaren 24ko bere 1989/65 ebazpenean

1. Gobernuek legez debekatuko dituzte legez kanpo, nahierara eta modu laburtuan egindako exekuzioak eta zainduko dute exekuzio horiek tipifikatu daitezen delitu gisa euren zigor-zuzenbidean eta zehatu daitezen zigor egokiekin, kontuan hartuta delituen larritasuna. Exekuzio horiek justifikatzeko ezin izango da inola ere aipatu salbuespenezko inguruabarrik, hala nola, gerra-egoera edo gerra-arriskua, barneko ezegonkortasun politikoa edota beste edozein larrialdi publiko. Exekuzio horiek ezin izango dira gauzatu inolako inguruabarretan, dela barruko gatazka armatuaren egoeretan, dela funtzionario publiko batek edo beste pertsona batek, izaera ofizialarekin jardun duenak, edo honek zirikatuta edo honen adostasuna eta onespenarekin jardun duen pertsona batek indarkeriaren gehiegikeriaz edo legez kanpo jokatu duenean, dela heriotza espetxean gertatzen den egoeretan ere. Debeku honek agintari betearazleek aldarrikatzen dituzten dekretu guztiak gailentzen ditu.

2. Legez kanpo, nahierara eta modu laburtuan egindako exekuzioak saihesteko xedearekin, gobernuek bermatuko dute funtzionario guztien kontrol zorrotza, agintearen hierarkia argi eta garbi zehaztuta, atzemate, atxiloketa, atzipenaldia, zaintza eta espetxeratzearen arduradunak diren funtzionario guztiena, bai eta legearen arabera indarkeria eta suzko armak erabiltzeko baimena duten funtzionario guztiena ere.

3. Gobernuek debekatuko diete goragoko funtzionarioei edo agintaritza publikoei aginduak ematea, agindu horiek baimena ematen badiete beste pertsona batzuei edo pertsona horiek bultzatzen badituzte legez kanpo, nahierara eta modu laburtuan egindako edozein exekuzio gauzatzera. Pertsona orok du halako aginduak betetzeari uko egiteko eskubidea eta eginbeharra. Legea betearazteko ardura duten funtzionarioen heziketan azpimarratu egin beharko dira azaldutako xedapenak.

4. Babes eraginkorra, judiziala edo beste mota batekoa bermatu beharko zaie legez kanpo, nahierara eta modu laburrean egindako exekuzioak gauzatzeko arriskuan dauden partikularrei eta taldeei, batik bat, heriotza-mehatxuak jasan dituztenei.

5. Inor ez da behartuko herrialde batera itzultzera, ezta estraditatu ere herrialde horretara, arrazoi sendoak daudenean uste izateko herrialde horretan legez kanpo, nahierara eta modu laburtuan egindako exekuzio baten biktima izan daitekeela.

6. Gobernuak arduratuko dira askatasunaz gabetutako pertsonak egon daitezen giltzapetuta jendearentzat ezagunak diren tokietan, eta berehala eman diezaieten giltzapetuen familiei eta abokatuei eta konfiantzazko pertsonei informazio zehatza, euren atxiloketa eta egoerari buruz, lekualdaketak barne.

7. Ikuskatzaile adituek, medikuek barne, edo antzeko agintaritza independente batek, aldian-aldian ikuskatuko dituzte giltzapetze-tokiak; halaber, ahalmena izango dute ikuskapenak egiteko aurretiaz abisurik eman gabe eta euren ekimenez, eta independentzia berme guztiak izango dituzte euren eginkizunaren jardunean. Ikuskatzaileek askatasun osoa dute giltzapetze-toki horietan dauden pertsonengana hurreratzeko, bai eta horien aurrekariak eskuratzeko ere.

8. Gobernuek ahalegin guztiak egingo dituzte legez kanpo, nahierara eta modu laburtuan egindako exekuzioak saihesteko, eta horretarako baliatuko dute, esaterako, bitartekaritza diplomatikoa, eskatzaileei gobernu arteko organo eta organo judizialenganako bidea zabalduz eta salaketa publikoak eginez. Gobernu arteko mekanismoak erabiliko dira exekuzio bakoitzaren txostenak aztertzeko eta eginera horien aurka neurri eraginkorrak hartzeko. Gobernuek, barne hartuta legez kanpo, nahierara eta modu laburtuan egindako exekuzioak gauzatzen dituztelako susmoa gainean duten herrialdeenak ere, lankidetza osoan arituko dira horiei buruzko nazioarteko ikerketetan.

Ikerketa

9. Ikerketa zehatza, berehalakoa eta inpartziala egingo da legez kanpo, nahierara eta modu laburrean egindako exekuzioak gauzatzen direlako susmoa dagoen kasu guztietan, barne hartuta heriotza-kasuak, familiarteko kexen arabera edota txosten fidagarrien arabera, uste denean heriotza hori ez dela gertatu arrazoi naturalen ondorioz, ezta azaldu diren inguruabarretan ere. Gobernuek azterketa horiek egiteko ikerketa-organoak eta -prozedurak sustatuko dituzte. Ikerketaren xedea da heriotzaren arrazoia, forma eta unea zehaztea eta, berebat, heriotzaren eragilea eta erabilitako prozedura edo eginera zehaztea. Ikerketak iraun bitartean, autopsia egoki bat egingo da eta froga material eta dokumental guztiak bildu eta aztertuko dira eta lekukoen adierazpenak ere batuko dira. Ikerketak bereiziko ditu arrazoi naturalen ondorioz gertatuko heriotza, istripu baten ondorioz gertatutako heriotza, nork bere burua hiltzea eta erailketa.

10. Agintaritza ikertzaileak ahalmenak izango ditu ikerketarako behar den informazio guztia eskuratzeko. Ikerketa egiten dituztenek eskuragarri izango dituzte beharrezko aurrekontu- nahiz teknika-baliabide guztiak, ikerketa eraginkortasunez egiteko; halaber, ahalmenak izango dituzte ustez halako exekuzioetan nahastuta dauden funtzionarioak behartzeko epailearen aurrean agerraraztera eta lekukotza ematera. Gauza bera aplikatuko zaie lekukoei. Helburu horretarako, ikertzaileek lekukoak deitu ditzake, ustez ukituta dauden funtzionarioak barne, eta frogak aurkezteko agindu.

11. Ezarri diren ikerketa-prozedurak nahikoak ez direnean, gaitasun edo inpartzialtasun ezagatik, gaiaren garrantziagatik edota neurriz kanpoko jokabidea ohikoa delako susmoak izateagatik, bai eta familiartekoen kexak dauden kasuetan, aipatu gabeziengatik edota funtsezko bestelako arrazoiengatik, gobernuek ikerketak egingo dituzte galdeketa independenterako batzorde baten bitartez edota antzeko beste prozedura baten bitartez. Batzorde horren kideak aukeratuko dira, euren inpartzialtasuna, gaitasuna eta independentzia pertsonalaren arabera. Batez ere, ez dute loturarik izango inolako instituzio, erakunde edo pertsonarekin, horiek ikerketaren xede izan daitezkeen neurrian. Batzordeak ahalmena izango du ikerketarako beharrezkoa den informazio guztia eskuratzeko, ikerketa, halaber, Printzipio hauetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

12. Gorpua ezin izango da hobiratu, ez erraustu, ez bestelakorik egin, mediku batek, ahal dela auzitegi-mediku aditu batek, autopsia egokia gauzatu arte. Autopsia egiten dituenek eskuragarri izango dituzte, besteak beste, ikerketaren datu guztiak, eta iritsi ahal izango dira gorpua aurkitu zen lekura eta heriotza ustez non gertatu eta bertara ere. Gorpua hobiratu eta gero, beharrezkoa bada beste ikerketa bat, orduan hobitik atera egingo da gorpua, atzerapenik gabe eta autopsia egiteko modu egokian. Gorpuzkiak aurkitzen diren kasuetan, lurpetik beharrezko neurriak hartuta aterako dira eta antropologia-teknika sistematikoen arabera aztertuko dira.

13. Gorpua autopsia egiten dutenen eskura egongo da behar den beste denbora, ikerketa zehatza egin ahal izateko. Ahaleginak egin beharko dira autopsiaren bidez zehazteko, gutxienez, hildakoaren nortasuna eta heriotzaren arrazoia eta modua. Ahal den neurrian, zehaztu beharko da, berebat, heriotza gertatu zen unea eta tokia. Autopsiaren txostenaren barruan sartu beharko dira hildakoaren argazki zehatzak koloretan, ikerketaren ondorioak dokumentatu eta baieztatzeko helburuarekin. Autopsiaren txostenean adierazi beharko dira hildakoak dituen lesioetako bakoitza eta guztiak eta barruratu beharko du edozein tortura-susmo.

14. Emaitzen objektibotasuna bermatzeko helburuarekin, behar-beharrezkoa da autopsia egiten dutenek inpartzialtasunez jardutea, inolako loturarik gabe, kasuan ukituta egon daitezkeen edozein pertsona, antolamendu eta erakunderekin.

15. Auzi-jartzaileek, lekukoek, ikerketa egiten ari direnek eta euren familiek babesa jasoko dute edozein indarkeria-egintza edo -mehatxuen aurrean edota beste larderia-forma baten aurrean. Ustez legez kanpo, nahierara eta modu laburtuan egindako exekuzioetan ukituta daudenak banandu egingo dira kontrola edo boterea, zuzenean edo zeharka, dituzten karguetatik, kargu horiek eragina dutenean auzi-jartzaileen, lekukoen eta euren familien gainean, bai eta ikertzaileen gainean ere.

16. Hildakoaren familiartekoek eta euren lege-ordezkariek izango dute horretarako egiten diren entzunaldien berri; halaber, eskura izango dute horietarako sarbidea, bai eta ikerketaren inguruko informaziora ere, eta, oro har, froga guztiak aurkezteko eskubidea izango dute. Hildakoaren familiak eskubidea izango du mediku bat edo bere ordezkari aditu bat aurrean egon dadin autopsia egiten den bitartean. Hildakoaren nortasuna zehaztu ondoren, jendaurrean iragarriko da eta berehala familiari edota senideei emango zaie horren berri. Behin ikerketa osotu eta gero, gorpua familiartekoei emango zaie.

17. Zentzuzko epean txosten bat idatziko da ikerketen metodoei eta ondorioei buruz. Txostena berehala argitaratuko da eta bertan adieraziko dira, besteak beste, ikerketaren noranahikoa, frogak ebaluatzeko erabili diren prozedurak eta metodoak, eta ondorio eta gomendioak, oinarri hartu dituztenak egitatearen emaitzak eta aplikagarri den legeria. Txostenak zehatz-mehatz adieraziko ditu, halaber, gertatutako egitate zehatzak, ikerketaren emaitzen arabera, bai eta ondorioak zein frogetan oinarritu eta froga horiek. Estatuak bidezko epe batean erantzuna emango dio ikerketaren txostenari edota txosten horren ondorioz onartuko diren neurriak adieraziko ditu.

Prozedura judizialak

18. Gobernuen ardura izango da ikerketak legez kanpo, nahierara eta modu laburtuan egindako exekuzioetan parte hartzaile gisa identifikatu dituen pertsonak epaitzea, bere jurisdikziopean dagoen edozein lurraldetan. Gobernuek auzitegietara eramango dituzte pertsona horiek edota elkarlanean arituko dira pertsona horiek estraditatzeko nora eta, eurok epaitzeko asmoa duten herrialdetara. Printzipio hau aplikatuko da aintzat hartu gabe, besteak beste, zein diren delitugileak edo biktimak, horiek non dauden, euren naziotasuna zein izan edota delitua non egin zen.

19. 3 supra printzipioan ezarritakoari kalterik egin gabe, legez kanpo, nahierara eta modu laburtuan egindako exekuzioak justifikatzeko ezin izango da alegatu goragoko funtzionario baten edo agintari publiko baten agindurik. Goragoko funtzionarioak, ofizialak edo beste funtzionario publikoak euren agintepean dauden funtzionarioek egindako egintzen arduradunak izango dira, haiek halako egintzak saihesteko arrazoizko aukera izan bazuten. Legez kanpo, nahierara eta modu laburtuan egindako exekuzioetan ukituta dauden pertsonei ez zaie inolako inguruabarretan prozeduraren aurretik ukiezintasun orokorrik aitortuko, ezta gerra-egoeran, setio-egoeran edo larrialdi publiko egoeran ere.

20. Legez kanpo, nahierara eta modu laburtuan egindako exekuzioen biktimen ardurapean dauden familiek eta pertsonek, bidezko epe batean,ordain zuzena eta nahikoa jasotzeko eskubidea izango dute.