Torturaren eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako Konbentzioaren Hautazko Protokoloa
Euslege
Torturaren eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako Konbentzioaren Hautazko Protokoloa
Biltzar Orokorrak onetsi eta sinadura, berrespen eta atxikimendurako irekia, 2002ko abenduaren 18ko 77/199 ebazpenean
Indarrean jartzea: 2006ko ekainaren 22an
Atarikoa
Protokolo honen estatu alderdiek,
Berretsiz tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriak debekatuta daudela eta giza eskubideen urraketa larriak direla;
Sinetsita beharrezkoa dela beste neurri batzuk hartzea Torturaren eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako Konbentzioaren (aurrerantzean Konbentzioa deituko dena) helburuak lortzeko eta tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurka, askatasunaz gabetutako pertsonen babesa indartzea,
Gogoratuz Konbentzioaren 2 eta 16. artikuluek estatu alderdi bakoitza behartzen dutela neurri eraginkorrak hartzera tortura-egintzak eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriak prebenitzeko, bere jurisdikziopeko lurralde osoan,
Aitortuz estatuei dagokiela artikulu horiek aplikatzeko erantzukizun garrantzitsua, askatasunaz gabetutako pertsona pribatuen babesa eta giza eskubidearekiko errespetu osoa indartzea guztion erantzukizun dela, guztion artean partekatua, eta nazioarteko aplikazio-mekanismoek osotu eta indartu egiten dituztela nazio-mailako neurriak,
Gogoratuz tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriak modu eraginkorrean prebenitzeko beharrezkoak direla hezkuntza eta legegintza-, administrazio- eta epaiketa-neurri desberdinen eta bestelako neurrien konbinazioa,
Gogoratuz halaber, Giza Eskubideen Munduko Konferentziak tinko adierazi zuela tortura erro-errotik kentzeko ahaleginak, batez ere, horren prebentzioan batu behar direla, eta eskatu zuela onetsi zedila Konbentzioaren hautazko protokolo bat, protokolo hori bideratuta dagoela atxiloketa-tokietarako aldian aldiko bisiten prebentzio-sistema ezartzera,
Sinetsita askatasunaz gabetutako pertsonen babesa, tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurka, indartu daitekeela baliabide ez judizialen bitartez, prebentzio-izaera dutenak eta atxiloketa-tokietarako aldian aldiko bisitak egiteko aukera oinarri dutenak,
Hurrengoa erabaki dute:
I. Zatia
Printzipio orokorrak
1. artikulua
Protokolo honen helburua da askatasunaz gabetutako pertsonak dauden tokietan aldian aldiko bisita-sistema bat ezartzea, nazioarteko eta nazioetako organo independenteen ardurapean, tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriak prebenitzeko.
2. artikulua
1. Azpikomite bat (aurrerantzean Prebentziorako Azpikomitea deituko dena) ezarriko da Tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriak prebenitzeko. Azpikomite horren eginkizunak Protokolo honetan aurreikusten dira.
2. Prebentziorako Azpikomiteak Nazio Batuen Gutunaren esparruan egingo du bere lana eta Gutun horretan adierazitako asmo eta printzipioak jarraituko ditu, bai eta Nazio Batuen arauak ere, askatasunak gabetutako pertsonen tratuari buruzkoak.
3. Halaber, Prebentziorako Azpikomiteak isilpekotasun-, inpartzialtasun-, unibertsaltasun- eta objektibotasun- printzipioak eta bereizketa ezaren printzipioak beteko ditu.
4. Prebentziorako Azpikomiteak eta estatu alderdiek lankidetzan jardungo dute Protokolo hau aplikatzeko.
3. artikulua
Estatu alderdi bakoitzak ezarri eta izendatuko ditu, nazio-mailan, bisita-organo bat edo batzuk, tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriak prebenitzeko (aurrerantzean prebentziorako nazio-mekanismoa deituko dena) eta horiei eutsiko die.
4. artikulua
1. Estatu alderdi bakoitzak ahalbidetuko ditu bere jurisdikziopean eta kontrolpean dagoen edozein tokirako bisitak toki horietan askatasunaz gabetutako pertsonak daudenean edo egon daitezkeenean (aurrerantzean atxiloketa-tokia deituko dena), agintaritza publikoaren aginduz edo berak bultzatuta edota bere esanbidezko nahiz isileko adostasunarekin. Bisita horiek burutuko dira, beharrezkoa bada, pertsona horien babesa indartzeko, tortura eta tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurka.
2. Protokolo honen ondorioetarako, askatasunaz gabetzea esamoldea honetara ulertzen da: pertsona bat, erakunde publiko nahiz pribatu batean atxilotu edo kartzelaratzeko edo zaintzapean edukitzeko forma oro, agintaritza judizialaren edo administrazio-agintaritzaren aginduz, erakunde horretatik askatasunez atera ezin denean.
II. zatia
Prebentziorako Azpikomitea
5. artikulua
1. Prebentziorako Azpikomitea hamar kidek osatzen dute. Protokolo honen berrogeita hamargarren berrespena erregistratu edo horri atxikimendua eman eta gero, Prebentziorako Azpikonitearen kideen zenbatekoa hogeita bosteraino igoko da.
2. Prebentziorako Azpikomitearen kideak honako pertsonen artean hautatuko dira, hau da, moral aldetik zintzotasun handikoak eta Justizia Administrazioan trebetasun nabarikoak direnen artean, batez ere honako arloetan, hala nola, zigor kodea, espetxe- edo polizia-administrazioa edota askatasunaz gabetutako pertsonen tratamenduarekin zer ikusia duten arlo desberdinetan.
3. Prebentziorako Azpikomitea hautatzeko orduan, kontuan hartuko dira kideen banaketa orekatsua, geografiaren arabera, eta zibilizazio-mota desberdinen eta sistema juridiko nagusien ordezkaritza.
4. Osaera horretan kontuan hartuko da generoren araberako ordezkaritza orekatsuaren beharra ere, berdintasun eta bereizkeriarik ezaren printzipioak oinarri hartuta.
5. Prebentziorako Azpikomiteak ezin izango du naziotasun bereko bi kide izan.
6. Prebentziorako Azpikomitearen kideek euren eginkizunak modu pertsonalean gauzatuko dituzte, askatasun eta inpartzialtasun osoz arituko dira eta denbora izan beharko dute Prebentziorako Azpikomitean eraginkortasunez zerbitzuak emateko.
6. artikulua
1. Estatu alderdi bakoitzak gehienez bi hautagai izendatu ditzake, artikulu honen 2. paragrafoaren arabera; horiek 5. artikuluan adierazitako kalifikazioak badituzte edo baldintzak betetzen badituzte; halaber, hautagaiak izendatzen dituztenean, horien kalifikazioei buruzko txosten zehatza aurkeztu beharko dute.
2. a) Hautagaiek Protokolo honen estatu alderdi baten naziotasuna izan beharko dute.
b) Bi hautagaietatik batek, gutxienez, zein estatuk proposatu eta estatu horren naziotasuna izan beharko du.
c) Ezin izango da proposatu estatu alderdi baten bi nazional baino gehiago duen hautagaitzarik;
d) Estatu alderdi batek, beste estatu alderdi baten naziotasuna duen hautagaitza proposatu aurretik, estatu horren adostasuna eskatu eta lortu beharko du.
3. Estatu alderdiek hautaketa egiteko bileraren data noiz jarri eta bost hilabete lehenago, gutxienez, Nazio Batuen Idazkari Nagusiak gutun bat bidaliko die estatu alderdiei, euren hautagaitzak hiru hilabeteko epean aurkezteko gonbitea eginez. Idazkari Nagusiak zerrenda bat aurkeztuko du, bertan jasoko direla, hurrenkera alfabetikoaren arabera, modu horretan proposatutako hautagai guztiak, hautagai horiek proposatu dituzten estatu alderdiak zehaztuz.
7. artikulua
1. Prebentziorako Azpikomitearen kideen hautaketa modu honetan egingo da:
a) Lehendabiziko ardura izango da hautagaiek betetzea Protokolo honen 5. artikuluaren baldintzak eta irizpideak;
b) Hasierako hautaketa egingo da, gehienez ere, Protokolo hau zein datatan indarrean jarri eta data horretatik sei hilabete igaro ondoren.
c) Estatu alderdiek isilpeko boto-ematearen bidez hautatuko dituzte Prebentziorako Azpikomitearen kideak.
d) Prebentziorako Azpikomitearen kideen hautaketa estatu alderdien bileretan egingo da; bilera horiek bi urterik behin egingo dira eta Nazio Batuen Idazkari Nagusiak egingo ditu horretarako deialdiak. Bilera horretarako estatu alderdien bi herenak osatuko du quoruma, eta Azpikomiterako hautatutzat joko dira boto gehien lortzeaz gain, bilerako estatu parte-hartzaile eta boto-emaileen ordezkarien artetik botoen erabateko gehiengoa lortzen duten hautagaiak.
2. Hautaketa-prozesua egin bitartean, zehazten bada estatu alderdi baten bi nazionalek betetzen dituztela Prebentziorako Azpikomitearen kidea izateko ezarritako baldintzak, orduan boto gehien lortzen duen hautagaia hautatuko da Prebentziorako Azpikomiteearen kide. Bi hautagaiek boto kopuru bera lortzen badute, orduan hurrengo prozedura aplikatuko da:
a) Zein estatu alderdiren nazionalak izan hautagaiak eta estatu alderdiak horietatik bakar-bakarrik bat proposatu badu, hautagai hori hautatuko da kide.
b) Zein estatu alderdiren nazionalak izan hautagaiak eta estatu alderdiak bi-biak proposatu baditu, orduan isilpeko boto-ematea egingo da, bananduta, bietatik kidea nor izango den zehazteko.
c) Zein estatu alderdiren nazionalak izan hautagaiak eta estatu alderdiak horietatik inor ez badu proposatu, orduan isilpeko boto-ematea egingo da, bananduta, kidea nor izango den zehazteko.
8. artikulua
Prebentziorako Azpikomiteko kideren bat hiltzen bada edo kide horrek karguari uko egiten badio, edo beste edozein arrazoirengatik ezin baditu bere eginkizunak gauzatu Prebentziorako Azpikomitean, hautagai-zerrendan berau aurkeztu zuen estatu alderdiak beste hautagai bat proposatu ahal izango du, betiere hautagai horrek 5. artikuluan adierazitako kalifikazioak baditu eta baldintzak betetzen baditu, kontuan hartuta beharrezkoa dela oreka egokia gordetzea eskumenen esparru desberdinetan, estatu alderdien hurrengo bilerara arte bere eginkizunak gauza ditzan, estatu alderdien gehiengoak hala onartzekotan. Izendapen hori onartutzat joko da, salbu eta estatu alderdien erdiak edo gehiagok ezezkoa emanez erantzuten badu, sei asteko epean, Nazio Batuen Idazkari Nagusiak proposatutako hautagaitza jakinarazten dienetik zenbatzen hasita.
9. artikulua
Prebentziorako Azpikomitearen kideen agintaldiak lau urte iraungo du.
Beste behin hautatu ahal izango dira, euren hautagaitza berriro aurkezten bada.
Lehenengo hautaketan hautatutako kideen erdiaren agintaldia bi urte igaro ondoren amaituko da; lehenengo hautaketa egin eta berehala, 7. artikuluaren 1. paragrafoaren d) atalean aipatu bileraren lehendakariak izendatuko ditu kide horiek, zozketa bidez.
10. artikulua
1. Prebentziorako Azpikomiteak hautatuko du bere mahaia, bi urterako. Mahaiko kideak berriro hautatu ahal izango dira.
2. Prebentziorako Azpikomiteak bere araudia ezarriko du, araudi horretan, besteak beste, hurrengoak xedatuko dira:
a) Kideen erdiek gehi batek osatuko dute quoruma;
b) Prebentziorako Azpikomitearen erabakiak hartuko dira bertan dauden kideen botoen gehiengoarekin;
c) Prebentziorako Azpikomitearen bilkurak pribatuak izango dira.
3. Nazio Batuen Idazkari Nagusiak egingo du Prebentziorako Azpikomitearen lehenengo bilerarako deialdia. Lehenengo bilera eta gero, Prebentziorako Azpikomitea bilduko da bere araudian ezarritako aldietan. Prebentziorako Azpikomiteak eta Torturaren aurkako Komiteak aldi berean egingo dituzte euren bilera aldiak, gutxienez, urtean behin.
III. zatia
Prebentziorako Azpikomitearen mandatua
11. artikulua
Prebentziorako Azpikomitearen mandatua honako hau izango da:
a) 4. artikuluan aipatu tokietara bisita egitea eta estatu alderdiei gomendioak egitea tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurka, askatasunaz gabetutako pertsonen babesari begira;
b) Prebentziorako nazio-mekanismoei dagokienez:
i) Estatu alderdiei aholkua eta laguntza ematea, hori beharrezkoa denean, halako mekanismoak ezartzeko;
ii) Prebentziorako nazio-mekanismoekin zuzeneko harremanak izatea, eta beharrezkoa denean isilpekoa ere, eta horiei eskaintzea heziketa- eta laguntza-teknikoa, euren gaitasuna areagotzeari begira;
iii) Prebentziorako nazio-mekanismoei laguntza eta aholkua ematea ebaluatzeko zer eta, tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurka, askatasunaz gabetutako pertsonen babesa indartzera bideratutako beharrizanak eta neurriak;
iv) Estatu alderdiei gomendioak eman eta oharrak egitea, tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriak prebenitzeko nazio-mekanismoen gaitasuna eta agintaldia indartzeko;
c) Nazio Batuen organo eta mekanismo egokiekin lankidetzan jardutea tortura orokorrean prebenitzeko, bai eta nazioarteko eta erregio- nahiz nazio-mailako erakunde eta antolakundeekin ere, horien helburua denean tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurka pertsona guztien babesa indartzea.
12. artikulua
Prebentziorako Azpikomitean 11. artikuluan ezarritako mandatua betetzeko ondorioetarako, estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute:
a) Prebentziorako Azpikomitea hartzeko bere lurraldean eta horri sarbidea emateko, Protokolo honen 4. artikuluan aipatu atxiloketa-toki guztietara;
b) Informazio egoki guztia partekatzeko, Prebentziorako Azpkomiteak eskatzen duena hartu beharreko beharrizan eta neurriei buruz, zertarako eta, tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurka, askatasunaz gabetutako pertsonen babesa indartzeko.
c) Prebentziorako Azpikonmitearen eta prebentziorako nazio-mekanismoen arteko harremanak sustatzeko eta errazteko;
d) Prebentziorako Azpikomitearen gomendioak aztertzeko eta horrekin elkarrizketa bat hasteko, gomendio horiek aplikatzeko har daitezkeen neurriei buruz.
13. artikulua
1. Prebentziorako Azpikomiteak ezarriko die estatu alderdiei, lehendabizi zozketa bidez, aldian aldiko bisita-programa bat, bere mandatua betetzeko, 11. artikuluarekin bat etorriz.
2. Kontsulta egokiak egin eta gero, Prebentziorako Azpikomiteak bere programa jakinaraziko die estatu alderdiei, hauek, atzerapenik gabe, har ditzaten beharrezko xedapen praktikoak bisitak egiteko.
3. Bisitak, gutxienez, Prebentziorako Azpikomitearen bi kidek egingo dituzte.
Kide horiek, beharrezkoa denean, aditu batzuk eraman ditzakete beraiekin bisitak egiteko, aditu horiek, lanbide aldetik, Protokolo honek aipatu gaietan, esperientzia nabarmena eta egiaztatutako ezaguerak badituzte; halaber, aditu horiek aditu-zerrenda batetik hautatuko dira; zerrenda, bestalde, honako hauek egindako proposamenen arabera prestatuko da: estatu alderdiek, Giza Eskubideetarako goi Komisiodunaren Bulegoak eta nazioarteko mailan delitua prebenitzeko Nazio Batuen Zentroak. Zerrenda prestatzeko, estatu alderdi interesdunek gehienez bost nazio-aditu proposatuko dituzte. Estatu alderdia zein izan eta alderdi hori egon daiteke aditu jakin bat bisitan sartzearen aurka, kasu horretan Prebentziorako Azpikomiteak beste aditu bat proposatuko du.
4. Prebentziorako Azpikomiteak, egokia dela uste badu, proposa dezake jarraipen-bisita labur bat egitea, aldian aldiko bisitaren atzetik.
14. artikulua
1. Prebentziorako Azpikomiteak mandatua betetzeko ondorioetarako, Protokolo honen estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute hari emateko:
a) Murrizketarik gabeko informazioa izateko sarbidea zeri buruz eta, atxiloketa-tokietan askatasunaz gabetuta dauden pertsonen kopuruari buruz, 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta tokien kopuruari eta horien kokalekuari buruz;
b) Murrizketarik gabeko informazioa izateko sarbidea zeri buruz eta, pertsona horiei eskaintzen zaien tratuari buruz eta euren atxiloketaren baldintzei buruz;
c) 2. infra paragrafoan xedatutakoa kontuan hartuta, murrizketarik gabeko sarbidea atxiloketa-toki guztietara eta toki horietako instalazio eta zerbitzuetara;
d) Askatasunaz gabetutako pertsona guztiekin elkarrizketa izateko aukera, lekukorik gabe, aurrez aurre edo beharrezkoa denean interprete baten laguntzarekin, bai eta beste edozein pertsonarekin, Prebentziorako Azpikomiteak uste badu pertsona horrek informazio egokia eman dezakeela.
e) Askatasuna izatea, bisitatu nahi dituen tokiak eta elkarrizketatu nahi dituen pertsonak aukeratzeko.
2. Atxiloketa-toki jakin batera bisita bakar-bakarrik oztopa dezakete berehalako eta premiazko arrazoiek, besteak beste, nazio-defentsak, segurtasun publikoak, hondamendi naturalek edota bisitatu behar den tokian gertatutako istilu larriek, halakoek behin behinean eragozten badute bisita hori. Estatu alderdiak ezin izango du salbuespen-egoera baliatu bisita bat eragozteko.
15. artikulua
Agintariek edo funtzionarioek ezin izango dute inola ere agindu, aplikatu, baimendu edo onartu inolako zehapenik ezartzea pertsona edo erakunde bati, horiek Prebentziorako Azpikomiteari edo horren kideei edozein informazio jakinarazteagatik, informazio hori benetakoa zein faltsua izan; orobat, pertsona edo erakunde horiek ez dute arrazoi horregatik inolako kalterik jasoko.
16. artikulua
1. Prebentziorako Azpikomiteak bere gomendioak eta oharrak jakinaraziko dizkie isilean estatu alderdiari eta, egokia bada, prebentziorako nazio-mekanismoari ere.
2. Prebentziorako Azpikomiteak bere txostena argitaratuko du, estatu alderdi interesdunek egin ditzaketen oharrekin batera, baldin eta estatu alderdiak eskatzen badio halakoa egitea. Estatu alderdiak argitaratzen badu txostenaren zati bat, Prebentziorako Azpikomiteak txostena oso-osorik edota horren zati bat argitara dezake. Hala ere, ezin izango dira pertsona interesdunaren datu pertsonalak argitaratu, bere esanbidezko baimenik gabe.
3. Prebentziorako Azpikomiteak urteko txosten publiko bat aurkeztuko dio Torturaren aurkako Komiteari, bere jardunei buruz.
4. Estatu alderdiak uko egiten badio Prebentziorako Azpikomitearekin lankidetzan jarduteari, 12 eta 14. artikuluekin bat etorriz, edota egoera hobetzeko neurriak hartzeari, Prebentziorako Azpikomitearen gomendioen arabera, orduan Torturaren aurkako Komiteak erabaki ahal izango du, Prebentziorako Azpikomiteak hala eskatuta, adierazpen publiko bat egitea Prebentziorako Azpikomitearen txostena argitaratzeari buruz, behin estatu alderdiak aukera izan duenean bere iritziak ezagutarazteko.
IV. zatia
Prebentziorako nazio-mekanismoak
17. artikulua
Estatu alderdi bakoitzak gorde, izendatu edo sortuko ditu nazio-mekanismo independente bat edo gehiago, tortura prebenitzeko nazio-mailan, Protokolo hau indarrean jarri, berretsi edo atxikitzen denetik, gehienez ere, urtebete geroago. Erakunde deszentralizatuek ezarritako mekanismoak prebentziorako nazio-mekanismo bihur daitezke Protokolo honen ondorioetarako, baldin eta Protokoloaren xedapenekin bat badatoz.
18. artikulua
1. Estatu alderdiek bermatuko dute prebentziorako nazio-mekanismoen independentzia funtzionala, bai eta bere langileen independentzia ere.
2. Estatu alderdiek beharrezko neurriak hartuko dituzte bermatzeko zer eta, prebentziorako nazio-mekanismoen adituek izan ditzaten horretarako eskatzen diren lanbide-gaitasun eta -ezaguerak. Kontuan hartuko dira, halaber, generoaren oreka eta ordezkaritza egokia, herrialdeko herri talde etniko eta gutxiengoena.
3. Estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute beharrezko baliabideak emateko, prebentziorako nazio-mekanismoek egoki jardun dezaten.
4. Prebentziorako nazio-mekanismoak ezartzerakoan, estatu alderdiek kontuan hartuko dituzte halako Printzipioak, giza eskubideen sustapenerako eta babeserako nazio-erakundeen estatutuari buruzkoak.
19. artikulua
Prebentziorako nazio-mekanismoek, gutxienez, honako ahalmenak izango dituzte:
a) Aldian-aldian aztertzea atxiloketa-tokietan askatasunaz gabetutako pertsona pribatuen tratua, 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, euren babesa indartzeari begira, tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurka.
b) Agintaritza eskudunari gomendioak egitea askatasunaz gabetutako pertsona pribatuen tratua eta baldintzak hobetzeko xedearekin eta tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarri prebenitzeko xedearekin, kontuan hartuta Nazio Batuen arau egokiak;
c) Proposamenak eta oharrak egitea indarrean dagoen legeriari buruz edota gai horretako lege-proiektuei buruz.
20. artikulua
Prebentziorako nazio-mekanismoek mandatua betetzeko ondorioetarako, Protokolo honen estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute haiei emateko:
a) Informazio osorako sarbidea, zeri buruz eta, atxiloketa-tokietan askatasunaz gabetuta dauden pertsonen kopuruari buruz, 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta tokien kopuruari eta horien kokalekuari buruz;
b) Informazio osorako sarbidea zeri buruz eta, pertsona horiei eskaintzen zaien tratuari buruz eta euren atxiloketaren baldintzei buruz;
c) Murrizketarik gabeko sarbidea atxiloketa-toki guztietara eta toki horietako instalazio eta zerbitzuetara;
d) Askatasunaz gabetutako pertsona pribatu guztiekin elkarrizketa izateko aukera, lekukorik gabe, aurrez aurre edo beharrezkoa denean interprete baten laguntzarekin, bai eta beste edozein pertsonarekin, Prebentziorako Azpikomiteak uste badu pertsona horrek informazio egokia eman dezakeela. Askatasunaz gabetutako pertsona guztiekin elkarrizketa izateko aukera, lekukorik gabe, aurrez aurre edo beharrezkoa denean interprete baten laguntzarekin, bai eta beste edozein pertsonarekin, prebentziorako nazio-mekanismoak uste badu pertsona horrek informazio egokia eman dezakeela;
e) Askatasuna izatea, bisitatu nahi dituen tokiak eta elkarrizketatu nahi dituen pertsonak aukeratzeko.
f) Prebentziorako Azpikomitearekin harremanak izateko eskubidea, berari informazioa bidaltzeko eskubidea eta berarekin biltzeko eskubidea.
21. artikulua
1. Agintariek edo funtzionarioek ezin izango dute inola ere agindu, aplikatu, baimendu edo onartu inolako zehapenik ezartzea pertsona edo erakunde bati, horiek Prebentziorako nazio-mekanismoei edozein informazio jakinarazteagatik, informazio hori benetakoa zein faltsua izan; orobat, pertsona edo erakunde horiek ez dute arrazoi horregatik inolako kalterik jasoko.
2. Prebentziorako nazio-mekanismoak jasotako isilpeko informazioak ezkutuko izaera du. Hartara, ezin izango dira pertsona interesdunaren datu pertsonalak argitaratu, bere esanbidezko baimenik gabe.
22. artikulua
Estatu alderdi interesdunaren agintaritza eskudunek aztertuko dituzte prebentziorako nazio-mekanismoen gomendioak eta mekanismo horrekin elkarrizketa bat izango dute har daitezkeen aplikazio-neurriei buruz.
23. artikulua
Protokolo honen estatu alderdiek konpromisoa hartzen dute prebentziorako nazio-mekanismoen urteko txostenak argitaratzeko eta hedatzeko.
V. zatia
Adierazpena
24. artikulua
1. Protokolo hau berretsi eta gero, estatu alderdiek adierazpen bat egin ahal izango dute euren betebeharrak betetzeko epea luzatzeko, III edo IV. zatiaren arabera.
2. Luzapen hori baliagarria izango da, gehienez ere, hiru urterako. Estatu alderdiak kasua aurkeztu eta gero eta aurretiaz Prebentziorako Azpikomiteari kontsulta eginda, Torturaren aurkako Komiteak epe hori beste bi urte luzatu ahal izango du.
VI. Zatia
Finantza-xedapenak
25. artikulua
1. Prebentziorako Azpikomiteak Protokolo hau aplikatzeko egiten dituen gastuak, Nazio Batuek ordainduko dituzte.
2. Protokolo honen arabera, Prebentziorako Azpikomiteari dagozkion eginkizunak eragingarritasunez gauza daitezen, Nazio Batuen Idazkari Nagusiak behar adina langile eta zerbitzu ezarriko ditu.
26. artikulua
1. Funts Berezi bat eratuko da, arlo horretan Biltzar Orokorraren prozeduren arabera; funts hori Nazio Batuen Finantza Erregelamenduaren eta Finantza Arauketaren arabera administratuko da, horren bitartez finantzatzeko zer eta, Prebentziorako Azpikomiteak, bisita baten ondoren, estatu alderdi bati egindako gomendioen aplikazioa, bai eta prebentziorako nazio-mekanismoen hezkuntza-programak ere.
2. Funts Berezi hori finantzatu ahal izango da gobernuek, gobernuen arteko erakundeek eta gobernuz kanpokoek eta beste erakunde pribatu zein publikoek egiten dituzten borondatezko kontribuzioen bitartez.
VII. zatia
Azken xedapenak
27. artikulua
1. Protokolo hau Konbentzioa sinatu duten estatu guztiek sinatu ahal izango dute.
2. Protokolo hau Konbentzioa berretsi duen edo horri atxikimendua eman dion edozein estaturen berrespenaren mende geratzen da. Berrespen-instrumentuak Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utziko dira, horrek gordailutu ditzan.
3. Protokolo honi atxikimendua eman ahal izango dio Konbentzioa berretsi duen edo horri atxikimendua eman dion edozein estatuk.
4. Atxikimendua gauzatuko da atxikimendu-instrumentua Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utzita, horrek gordailutu dezan.
5. Nazio Batuen Idazkari Nagusiak protokolo hau sinatu duten edo protokolo honi atxikimendua eman dieten estatu guztiei jakinaraziko die berrespen- edo atxikimendu-instrumentu bakoitzaren gordailua.
28. artikulua
1. Protokolo hau indarrean jarriko da, berrespen- edo atxikimendu-instrumentuetatik hogeigarrena zein datatan gordailutu, Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utzita, eta hogeita hamargarren egunean.
2. Berrespen-, edo atxikimendu-instrumentuetatik hogeigarrena gordailutu ondoren, Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utzita, protokoloa berretsi duen edo horri atxikimendua eman dion estatu bakoitzarentzat protokolo hau indarrean jarriko da, estatu horrek zein datatan gordailutu bere berrespen- edo atxikimendu-instrumentua eta hurrengo hogeita hamargarren egunean.
29. artikulua
Protokolo honen xedapenak aplikagarriak dira estatu federalak osatzen dituzten alderdi guztietan, mugarik eta salbuespenik gabe.
30. artikulua
Ez da onetsiko Protokolo honi egindako inolako erreserbarik.
31. artikulua
Protokolo honen xedapenek ez dute eraginik izango estatu alderdiek, erregio-konbentzio baten arabera, bereganatu ahal izan dituzten betebeharretan, konbentzio horrek ezarri duenean atxiloketa-tokietarako bere bisita-sistema. Prebentziorako Azpikomiteari eta erregio-konbentzio horien arabera ezarritako organoei eskatzen zaizkie euren artean kontsulta egitea eta elkarlanean aritzea bikoiztasunak saihesteko eta Protokolo honen helburuan eraginkortasunez sustatzeko.
32. artikulua
Protokolo honen xedapenek ez dute eraginik izango estatu alderdien betebeharretan honako hauen arabera, hala nola, Genevako lau Hitzarmenak,1949. urteko abuztuaren 12koak eta bere Protokolo osagarriak, 1977. urteko ekainaren 8koak, ezta edozein estatu alderdik duen aukeran ere, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitea baimentzeko atxiloketa-tokietara bisita egitera, nazioarteko zuzenbide humanitarioak barneratzen ez dituen egoeretan.
33. artikulua
1. Estatu alderdi orok sala dezake Protokolo hau edozein unetan, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari horren inguruko jakinarazpen idatzia eginez; Idazkari Nagusiak, halaber, berehala emango die horren berri Protokolo eta Konbentzio hauen gainontzeko estatu alderdiei. Salaketak ondorioak sortuko ditu, Idazkari Nagusiak jakinarazpena jaso eta urtebetera.
2. Salaketa horrek ez du estatu alderdia askatuko Protokolo honek ezartzen dizkion betebeharretatik, salaketak ondorioak sortu aurretik gertatutako edozein egintza edo egoerari dagokionez; edota Prebentziorako Azpikomiteak zein neurri hartu izana edo hartzeko erabakia eta horrek ondorioak sortu aurretik, kasuan kasuko estatu alderdiari dagokionez; salaketak, halaber, ez du ekarriko Prebentziorako Azpikomiteak aztertzen hasitako edozein gairen azterketa etetea, baldin eta azterketa hori bada salaketak ondorioak sortu aurrekoa.
3. Estatu alderdiaren salaketak ondorioak sortzen dituen datatik aurrera, Prebentziorako Azpikomitea ez da hasiko aipatu estatuari buruzko inolako gairik aztertzen.
34. artikulua
1. Protokolo honen estatu alderdi orok zuzenketak proposa ditzake eta, horiek Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku gordailutu. Idazkari Nagusiak jakinaraziko dizkie proposatutako zuzenketak protokolo honen estatu alderdiei; aldi berean, eskatuko die jakinarazi diezaiotela estatu alderdien Konferentziarako deialdia egitea nahi duten, bertan proposamenak aztertu eta horien inguruko botazioa egin dadin. Jakinarazpen hori zein datatan egin eta data horren ondorengo lau hilabeteetan estatu alderdietatik, gutxienez, herenak deialdi horren alde egiten badu, Idazkari Nagusiak konferentzia antolatuko du, Nazio Batuen babespean. Konferentzian izan eta boto-emaile diren estatu alderdien bi hereneko gehiengoarekin zein zuzenketa onetsi eta Idazkari Nagusiak zuzenketa hori estatu alderdi guztien mende utziko du onartua izan dadin.
2. Artikulu honen 1. paragrafoarekin bat etorriz onetsitako zuzenketa indarrean jarriko da, zuzenketa Protokolo honen estatu alderdien bi hereneko gehiengoarekin onartzen denean, estatu horietako kasuan kasuko konstituzio-prozedurekin bat etorriz.
3. Zuzenketa horiek, indarrean jartzen direnean, nahitaezkoak izango dira halakoak onartu dituzten estatu alderdientzako; gainerako estatu alderdiek, ordea, Protokolo honen xedapenak eta aldez aurretik eurek onartutako zuzenketak betetzen jarraituko dute.
35. artikulua
Prebentziorako Azpikomitearen eta prebentziorako nazio-mekanismoen kideei aitortuko zaizkie beharrezko pribilegioak eta ukiezintasunak, euren eginkizunetan modu independentean jarduteko. Prebentziorako Azpikomitearen kideei honako pribilegioak eta ukiezintasunak aitortuko zaizkie,1946. urteko otsailaren 13ko, Nazio Batuen Pribilegio eta Ukiezintasunei buruzko Konbentzioaren 22. atalean zehaztutakoak, aipatu Konbentzioaren 23. atalaren xedapenen mende.
36. artikulua
Estatu alderdi batera egindako bisitak dirauen bitartean, eta Protokolo honen xedapenei eta helburuei eta baliatu daitezkeen pribilegio eta ukiezintasunei kalterik egin gabe, Prebentziorako Azpikomitearen kideek hurrengoa egin beharko dute:
a) Zein estatu bisitatu eta estatu horren legeak eta erregelamenduak bete;
b) Bere eginkizunen izaera inpartzial eta nazioartekoarekin bateraezinak diren egintza edo jarduerarik ez egitea.
37. artikulua
1. Protokolo hau Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utziko da, hark gordailutu dezan; berebat, Protokoloaren testuak kautoak dira, arabieraz, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz egindakoak.
2. Nazioen Idazkari Nagusiak Protokolo honen kopia ziurtatuak bidaliko dizkie estatu guztiei.