42006legea,euskalautonomiaerkidegokologo

4/2006 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoa sortzeari buruzkoa

Eusko Legebiltzarra

4/2006 LEGEA, azaroaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoa sortzeari buruzkoa.

Eusko Legebiltzarrak 4/2006 Legea, azaroaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoa sortzeari buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Azaroaren 10eko 4/2006 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoa sortzeari buruzkoa.

ARRAZOIEN AZALPENA

Autonomia Estatutuko 10.22. artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoari Lanbide Elkargoen gaiari eta lanbide tituludunen jarduerari dagokienez, Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe. Estatutuko artikulu horri jarraiki onartu zen 18/1997 Legea, azaroaren 21ekoa, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzkoa, eta, lege horrek 29. artikuluan dioenez, profesionalen elkargo berriak sortzeko, Eusko Legebiltzarrak lege bat egin beharko du, profesional interesdunen multzo batek, behar beste ordezkatuta eta behar bezala kreditatuta, halaxe eskatzen dionean.

Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Lanbide Elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoa sortzea eskatu zuen. Jarraian, eskaria arrazoizkoa ote zen eta legezko baldintzak betetzen ote ziren egiaztatzeko izapide-lanei ekin zitzaien, eta bete beharreko baldintza nagusietako bat honako hau zen: interes publikoko nahikoa arrazoirik ba ote zegoen lanbide horretako elkargo bat sortzeko. Aurrerago, Elkargoa sortzeko prozedurari atxiki zitzaion Espainiako Logopeden Elkartea.

Abuztuaren 30eko 1419/1991 Errege Dekretuaren bidez, Logopedian diplomatu izateko unibertsitate-titulu ofiziala ezarri zen; ikasketa horien bitartez, dela haurrekin, dela helduekin, entzumenean, fonazioan eta hizkuntzan izaten diren arazoak prebenitzeko, ebaluatzeko eta osatzeko jarduerak behar bezala gauzatzeko prestakuntza teoriko/praktiko egokia jaso behar da.

Bestalde, titulua beharrezko duen lanbide sanitarioa da Logopedia, halaxe ezarrita baitago osasun-arloko lanbideak arautzen dituen azaroaren 21eko 44/2003 Legean; entzumenean, fonazioan eta hizkuntzan izaten diren arazoak prebenitzeko, ebaluatzeko eta osatzeko jarduerak garatzea, horixe da lanbide horren eginkizun espezifikoa, betiere, horretarako, diziplina horretan berariazkoak diren terapia-teknikak erabilita.

Gaur egungo gizartean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da Logopedia, eta lanbide horren kontrol eta garapen egokia bermatzeko eta zaintzeko premiak eraginda, Profesionalen Elkargoa sortzeko eskaera egin da, profesional arduratsuen interes orokorren eta partikularren mesederako.

Interes publikoaren ikuspuntutik, besteak beste, lanbidea behar bezala arautu behar dela eta gizartearen zerbitzurako deontologia-araubidea garatu behar dela jakinik, elkargo profesional hori sortzeko besteko nahikoa arrazoi badela ikusi da. Elkargoari atxikitzea borondatezkoa izango da.

Azaldutakoaren arabera, Lege honen bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoa sortu da.

1. artikulua.– Sorrera.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoa sortu da. Zuzenbide publikoko korporazioa da, nortasun juridiko propioa dauka, eta bere helburuak eta eginkizunak betetzeko gaitasun osoa ere bai, legearen barruan betiere.

2.– Lege honetan ezarritakoari jarraiki, Elkargoaren gobernu-organoak eratzen direnetik aurrera izango ditu elkargoak nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa.

2. artikulua.– Lurralde-eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoaren lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa izango da.

3. artikulua.– Profesionalen Kontseiluaren eginkizunak gauzatzea.

Elkargoaren lurralde-eremua kontuan izanda, eta azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 41.4. artikuluan xedatutakoaren arabera, Lege horrek Profesionalen Kontseiluei esleitzen dizkien eginkizunak beteko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoak, baldin eta lurralde-eremu horri eusten badio.

4. artikulua.– Langile-eremua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoan sar daitezke honako profesional hauek, denei baldintza berberak eskatuta:

a) Logopedian Unibertsitateko Diplomatu titulua lortu dutenak, abuztuaren 30eko 1419/1991 Errege Dekretuan xedaturikoari jarraiki lortu badute.

b) Aurrekoaren baliokidea den unibertsitate-titulu ofiziala dutenak, dagokion Agintaritza eskudunak onartu edo homologatu badu.

c) Laugarren Xedapen Iragankorraren barnean jasotako egoeraren batean daudenak.

5. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko harremanak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoak, lanbidearen edukiei loturiko alderdiei dagokienez EAEko Administrazio Orokorrarekin hartu-emana izan behar duenean, Osasun-arloko eskumenak gauzatzen dituen sailaren bitartez bideratuko du harreman hori, eta lanbideko alderdi orokorrei, erakundeei eta elkargoari buruzko gaiei dagokienez, berriz, Justizia-arloan eskuduna den sailaren bitartez.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Batzorde Kudeatzailea.

1.– Batzorde Kudeatzailea eratuko da, partaideak hauexek direla: Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Lanbide Elkarteak izendatutako bi kide, Espainiako Logopeden Elkarteak izendaturiko beste bi kide, eta Euskal Herriko Unibertsitateak izendatutako beste bi kide. Unibertsitateak izendaturiko kideetako bat izango da Batzordearen presidente; berak agindu eta bultzatuko ditu Batzordearen lanak, eta boto erabakigarria izango du.

2.– Besteak beste, honako hauek izango dira Batzordearen egitekoak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoaren lehenengo estatutuak idaztea.

b) Elkargoan izena emateko epea irekitzea eta agintzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoaren osoko bilkuraren deialdia egitea.

Bigarrena.– Elkargoan izena emateko epea.

Elkargoaren estatutuak argitaratzen direnetik kontatzen hasita hiru hilabeteko epean, elkargoan izena emateko bederatzi hilabeteko epea zabalduko du Batzorde Kudeatzaileak, Lege honetan xedaturiko eskakizunak betetzen dituzten profesionalek aukera izan dezaten Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoan sartzeko, betiere, eskakizun horiek betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztuta.

Interesdunen izen-ematea errazte aldera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta, gutxienez, Autonomia Erkidegoan irakurle gehien dituzten egunkarietako bitan iragarki bana argitaratu behar du Batzorde Kudeatzaileak, izena emateko epea eta lekua jakinarazteko.

Hirugarrena.– Osoko bilkuraren deialdia.

1.– Elkargoan izena emateko epea amaitu ostean, Batzorde Kudeatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoaren osoko bilkura baterako deia egin beharko du, gobernu-organoak osatuko dituzten kideak aukeratzeko.

2.– Gobernu-organoen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Laugarrena.– Profesionalak gaitzea.

1.– Lege honen 4. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe, salbuespen gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko Logopeden Elkargoko kide izan daitezke entzumenaren, fonazioaren eta hizkuntzaren arazoen eremuan lan egiten edo lan egin duten profesionalak, baldin eta, betiere, gutxienez hiru urteko lanbide-esperientzia izanda, honako titulazio hauetakoren bat badute:

a) Hizkuntzaren eta entzumenaren nahasmenduetan irakasle espezializatua izateko titulua, Hezkuntzaren arloan eskuduna den Ministerioak emandakoa.

b) Hizkuntzaren eta entzumenaren nahasmenduei buruzko espezialitatean eskuratutako diploma, Hezkuntzaren arloan eskuduna den Ministerioak homologatutakoa.

c) Osasunaren edo hezkuntzaren zientzietako unibertsitate-titulua, lizentziatura edo diplomatura.

2.– Batzorde Kudeatzaileak, Gaitze Batzordearen eginkizunak betez, Laugarren Xedapen Iragankor honetan ezarritako eskakizunak betetzen diren ala ez egiaztatu behar du, Elkargoan sartzeko eskaera egiten duten profesionalei dagokienez.

AZKEN XEDAPENA

Indarrean hastea:

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteizen, 2006ko azaroaren 13an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

euskal legezalea