Askatasunaz gabetutako adingabeak babesteko Nazio Batuen Erregelak

Euslege

Askatasunaz gabetutako adingabeak babesteko Nazio Batuen Erregelak

Biltzar Orokorrak onetsiak, 1990eko abenduaren 14ko 45/113 ebazpenean

I. Oinarrizko ikuspegiak

1. Adingabeen justizia-sistemak adingabeen eskubideak eta segurtasuna errespetatu beharko ditu eta horien ongizate fisikoa eta mentala sustatu.Kartzelaratzea azken aukera izango da.

2. Adingabeei askatasuna kendu ahal izango zaie bakar-bakarrik Erregela hauetan ezarritako printzipio eta prozeduren arabera, bai eta adingabeen justizia-administraziorako Nazio Batuen gutxieneko Erregeletan (Beijingo Erregelak)ezarritakoaren arabera. Adingabe bat askatasunaz gabetzea azken aukera gisa erabakiko da eta behar den gutxieneko aldirako, eta, oro har, salbuespen kasuetara mugatuko da. Zehapenaren iraupena agintari judizialak zehaztu beharko du, denbora hori baino lehen aske geratzeko aukera baztertu gabe.

3. Erregela hauen xedea da Nazio Batuek onesten dituzten gutxieneko arauak ezartzea askatasunaz gabetutako adingabeak arlo guztietan babesteko. Arau horiek, bestalde, bateragarriak dira giza eskubide eta oinarrizko askatasunekin, edozein motatako atxiloketaren ondorio kaltegarriak arintzeari begira eta gizartean berriro sartzeko ahaleginak sustatzeari begira.

4. Erregelak adingabe guztiei aplikatuko zaizkie, inpartzialtasun osoz eta inolako bereizkeriarik gabe arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, naziotasuna, politikako edo bestelako iritzia, kultura-eginerak edo -sinesmenak, ondarea, jaiotza, familia-egoera, etnia- edo gizarte-jatorria edo ezgaitasuna direla bide. Adingabeen erlijio- eta kultura-sinesmenak errespetatu beharko dira, bai eta eginera eta manu moralak ere.

5. Erregelak erreferentziazko eredu praktikoak izateko sortu dira eta adingabeen justizia-sistemaren administrazioan parte hartzen duten profesionalei interesa eta orientazioa eskaintzeko.

6. Erregelak adingabeen justizia-langileen esku egongo dira euren hizkuntza nazionaletan. Atxiloketa-tokiko langileek hitz egiten duten hizkuntza behar beste ezagutzen ez duten adingabeek interprete baten doako zerbitzuak behar diren guztietan izateko eskubidea izango dute, batik bat azterketa medikoak egiten diren bitartean eta diziplina-jardueretan.

7. Hala behar denean, estatuek kontuan hartuko beharko dituzte Erregela hauek euren legerian eta, ondorioz, legeria hori eraldatu, eta eurok betetzen ez direnean baliabide eraginkorrak ezarri, kalte-ordaina barne, adingabeei kalteak eraginez gero. Estatuek, halaber, Erregelen aplikazioa zaindu beharko dute.

8. Agintaritza eskudunek ahaleginak egingo dituzte jendea sentsibiliza dadin honako honen inguruan, atxilotutako adingabeen zaintza eta horiek gizartean berriro sartzeko prestakuntza lanak garrantzi handiko gizarte-zerbitzuak direla eta, horien ondorioetarako, neurri eraginkorrak hartu beharko direla adingabeen eta tokiko erkidegoaren arteko harreman irekiak sustatzeko.

9. Erregela hauetan jasotako xedapenak ezin izango dira interpretatu Nazio Batuen instrumentuen eta arau egokien aplikazioa baztertzeko moduan edota giza eskubideei dagozkienen aplikazioa baztertzeko moduan ere; izatez, halakoak nazioarteko erkidegoak aitortzen ditu eta hobeto zaindu ditzakete adingabeen, haurren eta gazte guztien eskubideak, arreta eta babesa.

10. II.etik V. era arteko ataletan, biak barne, ezarritako erregela berezien aplikazio praktikoa bateragarria ez denean atal honetan ezarritako erregelekin, azken hauek nagusituko dira lehenbizikoen aurrean.

II. Erregelen noranahikoa eta aplikazioa

11. Erregela hauen ondorioetarako, honako definizio hauek aplikatu behar dira:

a) Adingabea da 18 urtetik beherako pertsona oro. Haur bat askatasunaz gabetzeko adin-muga legeak finkatuko du eta muga horretatik behera ezin izango zaio askatasunik kendu.

b) Askatasunaz gabetzea esamoldea honetara ulertzen da: atxiloketa eta kartzelaratze forma oro, bai eta adingabea establezimendu publiko edo pribatuan sartzea, bertatik bere borondatez ateratzeko baimena ez duela, edozein agintari judizial edo administratiboren aginduz edo beste agintari publiko baten aginduz.

12. Askatasunaz gabetzea adingabeen giza eskubideekiko errespetua bermatzen duten baldintza eta inguruabarretan egin beharko da. Zentroetan giltzapetutako adingabeei bermatu behar zaie jarduera eta programa onuragarriak gozatzeko eskubidea, halakoak baliagarriak direnean euren garapen osasuntsu eta euren duintasuna sustatzeko eta ziurtatzeko, euren erantzukizun sena indartzeko eta eurei gizartekide gisa izan ditzaketen aukeren garapenerako jarrerak eta ezaguerak irakasteko.

13. Askatasunaz gabetutako adingabeei ezin izango zaizkie ukatu, euren egoera dela bide, nazio-legeriaren edo nazioarteko zuzenbidearen arabera eurei dagozkien eskubide zibil, ekonomiko, politiko, sozial edo kulturalak, eskubide horiek bateragarriak direnean askatasunaz gabetzearekin.

14. Adingabeen banakako eskubideen babesa, batez ere, atxiloketa-neurriak egikaritzeko legezkotasunari dagokionez, agintaritza eskudunak bermatuko du; gizarteratzearen xedeak, ordea, arauzko ikuskapenen eta beste kontrol-bide batzuen bitartez bermatuko dira; halakoek nazioarteko arauen arabera eta nazio-legeriaren eta erregelamenduen arabera burutuko ditu behar bezala eratutako organo batek, baimena duenak adingabeei bisita egiteko ; organo hori, halaber, ez da izango atxiloketa-zentroko administrazioaren kidea.

15. Erregela hauek askatasunaz gabetutako adingabeak dauden zentro eta atxiloketa-toki guztietan aplikatuko dira. I, II, IV eta V. zatietako Erregelak aplikatzen dira adingabeak atxilotuta dauden barneratze-zentro edo -establezimendu guztietan, III. zatia, ordea, atzipenaldian edo epaiketaren zain dauden adingabeei aplikatuko zaizkie.

16. Erregelak aplikatuko dira estatu kide bakoitzean indarrean dauden baldintza ekonomikoak, sozialak eta kulturalak kontuan hartuta.

III. Atxilotuta edo aurreneurrizko espetxealdian dauden adingabeak

17. Uste da atzipenaldian dauden atxilotutako adingabeak edota epaiketaren zain daudenak errugabeak direla eta errugabe gisa tratatuko dira.Ahal den neurrian, epaiketa aurreko atxiloketak saihestu egin beharko dira eta halakoak salbuespenezko egoeretara mugatu. Horrenbestez, ahal den guztia egin beharko da ordezko neurriak aplikatzeko. Hala ere, aurreneurrizko espetxealdia baliatzen denean, adingabeen auzitegiek eta ikerketa-organoek lehentasun handiena eman beharko diote kasu horiek ahalik eta azkarren izapidetzeari, atxiloketa ahalik eta laburrena izan dadin.Epaiketaren zain dauden atxilotutako adingabeak banandu egin beharko dira erruduntzat jo direnengandik.

18. Epaitua izan ez den adingabearen atxiloketa-baldintzak bat etorri beharko dira hurrengo erregelekin eta beharrezkoak eta egokiak diren beste xedapen zehatzekin, kontuan hartuta errugabetasun-presuntzioaren beharrizana, atxiloketaren iraupena eta egoera juridikoa eta adingabeen inguruabarrak. Xedapen horien artean daude hurrengoak, zerrenda hori itxia ez bada ere:

a) Adingabeek aholkularitza juridikorako eskubidea izango dute eta doako laguntza juridikoa eskatu ahal izango dute, halakoa badago, eta, orobat, euren aholkulari juridikoekin komunikatu ahal izango dira. Komunikazio horien izaera pribatua eta isilpekoa errespetatu beharko da;

b) Ahal denean, adingabeei ordaindutako lan bat egiteko eta euren ikasketekin edo trebakuntzarekin jarraitzeko aukera eman beharko zaie, betiere halakoa egitera behartu gabe. Inola ere ez du atxiloketak jarraituko lan-, ikasketa- edo trebakuntza-arrazoiengatik.

c) Adingabeek baimena izango dute entretenimendu eta jolaserako materialak jaso eta gordetzeko, betiere halakoak justizia-administrazioaren interesekin bateragarriak badira.

IV. Adingabeen zentroen administrazioa

A. Aurrekariak

19. Txosten guztiek, erregistro juridikoek eta medikoek barne, diziplina-jardueren aktak, bai eta tratamenduaren forma, edukia eta datuekin lotuta dauden gainerako dokumentuek espediente pertsonal eta isilpekoa osatuko dute; espediente hori eguneratuta egongo da, bakar-bakarrik horretarako baimena duten pertsonen esku eta erraz ulertu daitekeen erara sailkatuta. Ahal den guztietan, adingabe orok izango du eskubidea bere espedientean jasota dagoen edozein gertaera edo iritzi aurkaratzeko, zehaztugabeko adierazpenak, oinarririk gabekoak edo bidegabekoak zuzendu ahal izateko moduan. Eskubide hori egikaritzeko behar-beharrezkoa da prozedurak ezartzea, horien bitartez hirugarren batek, egokia denak, eskura izan dezan espedientea eta kontsulta egin, hala eskatzen badu. Adingabe bat aske geratzen denean, espedientea itxi egingo da eta, behar den unean, suntsitu ere.

20. Atxiloketa-zentro batean ezin izango da adingaberik onartu, agintari judizial edo administratibo baten edo beste agintari publiko baten baliozko agindurik gabe. Agindu horren xehetasunak erregistroan agerrarazi beharko dira berehala. Adingaberik ezin izango da zentro baten atxilotu, zentro horretan erregistrorik ez badago.

B. Sartzea, erregistroa, joanaraztea eta lekualdatzea

21. Atxilotutako adingabeak dauden toki guztietan erregistro osoa eta fidagarria eraman beharko da eta erregistro horretan jasoko da onartutako adingabe bakoitzari buruzko hurrengo informazioa:

a) Adingabearen nortasunari buruzko datuak;

b) Barneratzearen inguruabarrak, bai eta horren arrazoiak eta zein agintaritzaren aginduz egin zen;

c) Adingabea sartu, lekualdatu eta aske utzi den eguna eta ordua;

d) Adingabearen sartze, lekualdatze eta askatasunaren xehetasunak, adingabearen gurasoei edo barneratze-unean zein tutoreen mende egon eta tutore horiei jakinarazitakoak.

e) Adingabearen osasun fisiko eta mentalari buruz ezagutzen diren arazoen xehetasunak, barne hartuta drogen eta alkoholaren bidegabeko erabilera.

22. Sartze, barneratze-toki, lekualdatze eta askatzeari buruzko informazioa atzerapenik gabe jakinaraziko zaie adingabearen gurasoei edo tutoreei edo ahaiderik hurbilenekoari.

23. Adingabea atxiloketa-tokian sartu ondoren, ahalik eta arinen, txosten osoak eta gainerako informazio egokia prestatuko dira adingabe bakoitzaren egoera pertsonalaren eta xehetasunen inguruan eta guztia zuzendaritzari aurkeztuko zaio.

24. Sartze-unean, adingabe guztiek jaso beharko dute atxiloketa-zentroak arautzen duen araubidearen kopia eta euren eskubide eta betebeharren idatzizko zehaztapena, eurek ulertzen duten hizkuntzan eta horrekin batera zein agintaritza eskudunen aurrean kexak aurkezteko aukera duten eta horren helbidea, bai eta laguntza juridikoa eskaintzen duten erakunde edo antolakunde publiko nahiz pribatuenak. Analfabetoak diren adingabeei edo idatzizko hizkuntza ulertzen ez dutenei, eurek informazio hori argi eta erraz ulertzeko moduan jakinaraziko zaie.

25. Adingabe guztiei laguntza emango zaie honako hauek ulertzeko: zentroaren barneko antolakuntza arautzen duten erregelamenduak; emandako tratamenduaren helburuak eta metodologia; diziplina-eskakizunak eta -prozedurak; informazioa lortzeko eta kexak aurkezteko baimendutako metodoak eta barneratze-aldian euren eskubideak eta betebeharrak zentzutasunez ulertzera bideratutako beste edozein gai.

26. Adingabeen garraioa administrazioaren kontura egin beharko da, behar bezala aireztatu eta argiztatutako ibilgailuetan eta inola ere ez sufrimendu fisikoak edo moralak eragin ditzaketen baldintzetan. Adingabeak ezin izango dira nahierara lekualdatu zentro batetik bestera.

C.- Sailkapena eta esleipena

27. Behin adingabea onartu eta gero, ahalik eta lasterren elkarrizketa bat egingo zaio eta txosten psikologiko eta sozial bat prestatuko da; txosten horretan agerraraziko dira adingabeak behar dituen tratamendu eta programa mota eta maila zehatzen datu egokiak. Txosten hau, adingabea sartze-unean aztertu duen funtzionario medikuak prestatutakoarekin batera, zuzendariari aurkeztuko zaio adingabea zentroan kokatzeko tokirik egokiena erabakitzeko eta aplikatu beharreko tratamendu eta programa mota eta maila egokienak zehazteko. Errehabilitazioko tratamendu berezia behar denean, erakundean dagoen denborak ahalbidetzen badu, erakundearen funtzionario adituek prestatu beharko dute idatziz banakako tratamendurako plan bat, eta bertan zehaztuko dituzte tratamenduaren helburuak, epea eta baliabideak, eta helburuak lortzeko aldiak eta epeak.

28. Adingabeak atxilotzeko baldintza batzuk bete beharko dira. Baldintza horiek oso-osorik kontuan hartuko dituzte euren beharrizan eta egoera zehatzak eta euren adinak, nortasunak, sexuak eta delitu-motak eskatzen dituzten betekizun bereziak eta, berebat, eragin kaltegarrien eta arrisku-egoeren aurka euren babesa bermatzen dutenak. Askatasunaz gabetutako adingabe-talde desberdinak banantzeko irizpide nagusia izan behar da zer eta, interesdunen beharrizan zehatzei hobeto egokitzen den laguntza-mota ematea eta euren ongizatea eta osotasun fisikoa, mentala eta morala babestea.

29. Atxiloketa-zentro guztietan, adingabeak helduengandik bananduta egon beharko dira, familia berekoak izan ezik. Kontrolpean dauden egoeretan, ahal izango da adingabeak arreta handiz aukeratutako helduekin batu, programa berezi baten esparruaren barruan, betiere, frogatzen bada programa hori baliagarria dela adingabe interesdunentzat.

30. Atxiloketa-zentro irekiak antolatu behar dira adingabeentzat. Atxiloketa-zentro irekiak dira segurtasun-neurriak bakanak edo deusezak dituztenak. Atxiloketa-zentro horien bizilagun kopurua ahalik eta urriena izango da. Zentro itxietan barneratutako adingabeen kopurua ere behar besteko txikia izango da, tratamenduak banakako izaera izan dezan. Adingabeen atxiloketa-zentroak deszentralizatuta egon behar dira eta adingabeen familiaren sarrera eta euren arteko harremanak errazteko moduko tamaina izango dute. Komenigarria izango da atxiloketa-zentro txikiak ezartzea, eta horiek integratzea erkidegoaren ingurune sozial, ekonomiko eta kulturalean.

D. Ingurune fisikoa eta ostatua

31. Askatasunaz gabetutako adingabeek garbitasun eta giza duintasun eskakizun guztiak asetzen dituzten lokal eta zerbitzuak izateko eskubidea dute.

32. Adingabeen atxiloketa-zentroen diseinua eta ingurune fisikoa bat etorri beharko dira horrelako zentroen helburuarekin, hau da, barnetegi-tratamenduan dauden adingabeak birgaitzearekin, betiere kontuan hartuta adingabearen intimitate-premia, zentzumen-pizgarrien premia eta bere kideekin elkartzeko eta aisialdi-jardueretan parte hartzeko aukerak. Adingabeen atxiloketa-zentroen diseinuak eta egiturak sute arriskua gutxienera murriztu beharko dute eta ebakuazioa modu seguruan egitea bermatu. Alarma-sistema eraginkorra egon beharko da sute kasuetarako, eta adingabeen segurtasuna bermatzen dituzten alerta-prozedurak eta -zerbitzuak ezarri beharko dira. Atxiloketa-zentroak ez dira egongo kokatuta osasunarentzat arriskutsuak izan daitezkeen gunetan edo beste arriskuak egon daitezkeen gunetan.

33. Lo egiteko lokalak eskuarki talde gutxi batzuentzako logelak edo banakako logelak izan behar dira, tokiko arauak kontuan hartuta. Gauez, logela kolektiboak dauden guneak arauzko eta zentzuzko zaintzapean egongo dira, adingabe guztien babesa ziurtatzeko. Adingabe bakoitzak, tokiko edo nazioko ohituren arabera, banakako oherako arropa nahikoa izango du; arropa hori garbi eman beharko da eta egoera onean gorde eta erregulartasunez aldatu, garbitasun arrazoiak direla eta.

34. Osasun-instalazioak maila egokia izan eta kokatuta egon behar dira halako molde batez, adingabeak bere beharrizan fisikoak intimitatean, garbi eta txukun egin ditzan.

35. Bakoitzak bere gauzak edukitzea intimitate-eskubidearen oinarrizko osagaia da eta nahitaezkoa, adingabearen ongizate psikologikoari begira. Erabat aitortu eta errespetatu beharko da adingabearen eskubidea bere gauzak edukitzeko eta eurok gordetzeko toki seguruak izateko. Adingabeak bere gauzetatik batzuk ez gordetzea erabakitzen badu edo bere gauzetatik batzuk berari konfiskatzen bazaizkio, halakoak toki seguruan gordailutu beharko dira. Gauza horiekin inbentario bat egingo da eta adingabeak inbentario hori sinatu eta gero, beharrezko neurriak hartuko dira gauzok egoera onean egon daitezen. Adingabea aske geratzen denean, gauza guzti horiek eta dirua ere, berari itzuliko zaizkio, salbuespen batzuk gorabehera, hala nola, gastatu duen dirua, horretarako baimena izan baitu edota kanpora igorri dituen objektuak. Adingabeak botikak jaso baditu edo atzematen bada halakoak dituela, orduan, medikuak erabaki beharko du horien erabilera.

36.

Ahal den neurrian, adingabeek eskubidea izango dute euren jantziak erabiltzeko.

Atxiloketa-zentroak arduratuko dira adingabe guztiek izan ditzaten jantzi egokiak, klimaren arabera, eta nahikoak osasun ona izateko. Jantzi horiek ezin izango dira, inola ere, apalesgarriak edo umiliagarriak izan. Zentrotik ateratzen diren adingabeek edota edozein helbururekin bertatik ateratzeko baimena dutenek euren jantziak erabili ahal izango dituzte.

37. Atxiloketa-zentro guztiek bermatu behar dute adingabe orok izango duela egoki prestatutako janaria, ohiko orduetan zerbitzatua,kalitateari eta kopuruari dagokienez, nutrizio-, higiene- eta osasun-arauak betetzen dituena eta, ahal den neurrian, erlijio- eta kultura-eskakizunak ere. Adingabe guztiek izango dute uneoro ur garbia eta edateko ura.

E.- Hezkuntza, lanbide-heziketa eta lana

38. Nahitaez eskolatzeko adina duten adingabeek eskubidea izango dute irakaskuntza jasotzeko, euren beharrizanei eta gaitasunei egokitzen zaiena eta adingabea birgizarteratzera bideratuta dagoena. Ahal den guztietan, irakaskuntza hori zentrotik kanpo emango da, erkidegoko eskoletan eta beti maisu adituen ardurapean, heziketa publikoaren sisteman bildutako programen bidez, adingabeak aske geratzen direnean jarrai ditzaten zailtasunik gabe euren ikasketak. Establezimenduetako administrazioak arreta berezia emango dio adingabeen irakaskuntzari, horiek atzerritarrak direnean edo kultura- edo arraza-beharrizan bereziak dituztenean. Adingabeak analfabetoak badira edo adimen- edo ikaskuntza-arazoak baditu, orduan irakaskuntza berezia jasotzeko eskubidea izango dute.

39. Nahitaez eskolatzeko adina gainditu eta ikasketekin jarraitzea nahi duten adingabeei horretarako baimena eman beharko zaie eta hori egitera bultzatu; halaber, ahal den guztia egin beharko da eskura izan ditzaten irakaskuntza-programa egokiak.

40. Adingabeei, atxilotuta egon diren bitartean, emandako diplometan edo ikasketa-ziurtagirietan inola ere ez da adieraziko adingabea giltzapetuta egon denik.

41. Atxiloketa-zentro orok ahalbidetuko du adingabeek eskura izatea liburutegi bat, liburu irakasgarri eta jolaserako liburu eta egunkari nahikoak eta egokiak dituena; halaber, liburutegi-zerbitzuak bultzatuko dira eta atxilotuak ahalbidetu zerbitzu horiek ahalik eta gehien erabiltzea.

42. Adingabe orok du heziketa jasotzeko eskubidea, zertarako eta, etorkizuneko zeregin batean lanbide baten jarduera aurrera eramateko.

43. Kontuan izanik lanbide-hautatze zentzudun bat eta establezimenduko administrazioaren eskakizunak, adingabeek aukera dezakete egin nahi duten lan-mota.

44. Askatasunaz gabetutako adingabeei aplikatuko zaizkie haurren lanari eta langile gazteei aplikatzen zaizkien nazio eta nazioarteko babes-arau guztiak.

45. Ahal den guztietan, adingabeei ordaindutako lan bat egiteko aukera emango zaie, ahal dela tokiko erkidego-esparruan; lan horrek osotuko du jasotako lanbide-heziketa eta euren erkidegoetara itzultzen direnean enplegu egokia bilatzeko aukera areagotu. Adingabeek lan-mota horren bitartez lortuko dute heziketa egokia eta baliagarria aske geratzen direnerako. Atxiloketa-zentroko lan-antolaketa eta -metodoak, ahalik eta neurri zabalenean, lan berdintsuari aplikatzen zaizkionen antzekoak izan beharko dira, adingabeak prestatuta egon daitezen ohiko lan baldintzetarako.

46. Lan egiten duen adingabe orok du eskubidea bidezko ordainsaria jasotzeko. Adingabeen interesa eta euren lanbide-heziketa ezin izango dira atxiloketa-zentroaren edo hirugarren baten mesedetan onurak lortzeko asmoaren mende egon. Adingabearen ordainsariaren zati bat normalean funts bat eratzeko gorde beharko da, funts hori adingabeari itzuliko zaiola, aske geratzen denean. Adingabeak eskubidea izan beharko du ordainsariaren gerakina erabiltzeko, besteak beste, bere erabilerarako gauzak erosteko, bere delituak kaltetu duen biktimari kalte-ordaina emateko, edota bere familiari edo zentrotik kanpo beste pertsona batzuei bidaltzeko.

F. Jolas-jarduerak

47. Adingabe orok izan beharko du egunero denbora nahikoa kanpoaldean ariketa fisikoak egiteko, eguraldia lagun; tarte horretan emango zaizkio eskuarki heziketa fisiko eta jolas-heziketa egokiak. Jarduera horiek egiteko eskura izango ditu eremu nahikoa eta beharrezko instalazio eta ekipoa.Adingabe orok egunero izan beharko du denbora gehigarria aisialdi-jarduerak egiteko, horietako batzuk erabili beharko dira arte eta lanbiderako trebetasunak garatzeko, adingabeak hala nahi badu.

Atxiloketa-zentroaren ardura izango da adingabe bakoitzak izan ditzan baldintza fisiko egokiak, heziketa fisikoari begira dauden programetan parte hartzeko.

Heziketa fisiko zuzengarria eta terapeutikoa eskaini beharko zaie, halakoa behar duten adingabeei, betiere, medikuaren gainbegiratzepean.

G. Erlijioa

48. Adingabe orori baimena eman beharko zaio bere erlijio-betebeharrak betetzeko eta bere betebehar espiritualak asetzeko; era berean, onartuko zaio establezimenduan antolatutako zerbitzu eta bileretan parte hartzea edota bere zerbitzuak egitea eta bere esku edukitzea bere sinesmenaren erlijio-kultu eta -heziketarako liburu eta objektuak. Atxiloketa-zentro batean adingabe kopuru nahikoa badu erlijio zehatz batek, orduan, kultu horren ordezkari baimendu bat edo gehiago izendatu edo onartu beharko dira; orobat, izendatu horiek baimena izango dute aldian-aldian erlijio-zerbitzuak antolatzeko eta artzain-bisita partikularrak egiteko erlijio bereko gazteei, eurek hala eskatuta. Adingabe orok du eskubidea bere hautazko edozein erlijioren ordezkari adituaren bisita izateko, erlijio-zerbitzuetan parte ez hartzeko eta erlijio-irakaskuntza, -aholkularitza eta -doktrinamendua askatasun osoz ez onartzeko.

H.- Mediku-laguntza

49. Adingabe orok jaso beharko du mediku-laguntza egokia, prebentziorako nahiz zuzengarria, barne hartuta odontologia- eta oftalmologia-laguntza eta osasun mentalerako laguntza, bai eta mediku batek agindutako botikak edo dieta bereziak. Adingabeko giltzapetuei mediku-laguntza hori ahal den guztietan eman behar zaie eta horretarako atxiloketa-zentroa zein erkidegotan kokatuta egon eta erkidego horren osasun-zerbitzu eta -instalazio egokiak erabiliko dira, adingabearen bereizkeria saihesteko eta bere giza duintasuna eta bere gizarteratzea sustatzeko.

50. Adingabe orok eskubidea izango du, adingabeen zentroan sartu eta berehala mediku batek bera aztertzeko, jasota gera dadin aurretiaz eginiko tratu txarren edozein froga eta baiezta dadin mediku-laguntza eskatzen duen edozein egoera fisiko edo mentala.

51. Adingabeen eskura dauden zerbitzu medikoek ahaleginak egin beharko dituzte gaixotasun fisiko edo mentalak atzemateko eta horiek tratatzeko, eta, oro har, substantzia kimikoen bidegabeko erabilera eta beste edozein egoera atzemateko eta tratatzeko, halakoek oztopatu ahal badute adingabearen gizarteratzea. Adingabeen atxiloketa-zentro guztiek, bertan bizi direnen kopuru eta beharrizanen arabera, eskura izan beharko dituzte mediku-instalazioak eta ekipo medikoa, bai eta prebentziozko osasun-laguntzarako eta larrialdi medikoen tratamendurako gaitasuna duten langileak ere. Gaixo dauden adingabeak, gaixotasunaz kexatzen direnak edo zailtasun fisiko edo mentalen sintomak dituztenak berehala aztertuko ditu funtzionario mediku batek.

52. Funtzionario medikuek arrazoiak badituzte uste izateko adingabeen osasun fisiko edo mentalean eragina izan dutela, edo izan dezaketela, iraupen luzeko barneratzeak, gose-grebak edo barneratzearen beste edozein inguruabarrek, berehala emango dio horren berri establezimenduaren zuzendariari eta adingabearen ongizatearen agintaritza arduradun independenteari.

53. Gaixotasun mentala duen adingabe orok tratamendua jaso beharko du erakunde espezializatu batean, gainbegiratze mediko independente baten pean. Neurriak hartuko dira, erakunde eskudunekin bat etorriz, osasun mentalerako edozein tratamendu jarraitu ahal izateko, behin aske geratu eta gero.

54. Adingabeen atxiloketa-zentroek antolatu beharko dituzte prebentzio- eta errehabilitazio-programak, drogen bidegabeko erabilerari begira; programa horiek langile adituek administratuko dituzte. Programa horiek kontuan hartu beharko dituzte adingabe interesdunen adina, sexua eta bestelako inguruabarrak; era berean, adingabe toxikomanoei edota alkoholikoei desintoxikazio-zerbitzuak eskaini beharko zaizkie, zerbitzuotan langile adituak daudela.

55. Botikak bakar-bakarrik beharrezko tratamendurako emango dira edo arrazoi medikoengatik eta, ahal dela, adingabea jakitun izanik emandako adostasuna lortu ondoren. Zehatzago, botikak ezin izango dira eman informazioa edo aitormena lortzeko, ezta zehapen gisa edo adingabea zigortzeko. Adingabeak ezin izango dira sekula erabili botiken edo tratamenduen erabilerarekin saiakuntzak egiteko. Edozein botika emateko mediku aditu baten baimena beharko da beti.

I.- Gaixotasuna, istripua edo heriotza jakinaraztea

56. Adingabearen familiak edo tutoreak, edo adingabeak berak izendatutako beste edozein pertsonak eskubidea dute adingabearen osasun egoerari buruzko informazioa jasotzeko, hala eskatzen dutenean edota bere osasunean aldaketa garrantzitsu bat izan denean. Atxiloketa-zentroaren zuzendariak berehala jakinarazi beharko die adingabearen familia edo tutoreari edo berak izendatutako beste edozein pertsonari, dela heriotza, dela adingabea beste zentro batera, zentrotik at, eramatea eskatzen duen gaixotasuna, dela atxiloketa-zentroaren zerbitzu klinikoan 48 ordu baino gehiagoko tratamendua behar duen egoera. Adingabea atzerritarra bada, zein estatuko herritarra izan eta aurreko informazioa estatu horren kontsuletxeetako agintaritzari ere jakinaraziko zaio.

57. Adingabea hiltzen bada askatasunaz gabetutako aldian, orduan ahaiderik hurbilenekoenak eskubidea izango du heriotza-ziurtagiria aztertzeko, hilotza ikustea eskatzeko eta azken xehetasunak antolatzeko, berak erabakitzen duen eran. Adingabea barneratze-aldian hiltzen bada, ikerketa independente bat egin beharko da heriotzaren arrazoiak argitzeko eta ikerketa horren emaitzak ahaiderik hurbilenekoaren esku geratuko dira.Ikerketa hori egin beharko da adingabearen heriotza gertatu denean atxiloketa-zentrotik aske geratu eta hurrengo sei hilabetean eta arrazoiak daudenean uste izateko heriotzak zer ikusia duela giltzapetze-aldiarekin.

58. Adingabeari berehala jakinaraziko zaio hur-hurreko familia-kide baten heriotza, edo gaixotasuna edo istripu larria eta aukera emango zaio hildakoaren hiletara joateko, eta ahaide baten gaixotasun larriaren kasuan, gaixoa bisitatzeko haren ohe aldian.

J.- Erkidegoarekiko harremanak, orokorrean

59. Ahal diren neurri guztiak erabili beharko dira, adingabeek izan ditzaten kanpo-harreman egokiak, horiek osatzen baitute bidezko tratamendua eta tratamendu humanitarioa izateko duen eskubidea eta nahitaezkoa baita adingabeen birgizarteratzea prestatzeko. Adingabeei baimena eman beharko zaie harremanetan jartzeko euren familiekin, lagunekin eta bestelako pertsonekin edota kanpoko erakunde entzutetsuen ordezkariekin; atxiloketa-zentroetatik ateratzeko, euren etxea eta euren familia ikus ditzaten; berebat, baimen bereziak emango dira establezimendutik atera daitezen hezkuntza-, eta lanbide-arrazoiengatik edota beste arrazoi garrantzitsuengatik. Adingabea zigorra betetzen badago, establezimendu batetik kanpo igarotako denbora ere epaia betetzeko aldiaren zati gisa zenbatuko da.

60. Adingabe orok du eskubidea aldizka eta sarri-sarri bisitak hartzeko, hasieran astean behin eta gutxienez hilean behin, eta betiere baldintza batzuk kontuan hartuta, hala nola, adingabearen intimitate-beharrizana eta murrizketarik gabeko harremanak eta komunikazioa, familiarekin eta abokatu defentsariarekin.

61.

Adingabe orok du eskubidea harremanetan jartzeko berak aukeratutako pertsonarekin, idatziz edo telefonoz, gutxienez astean birritan, salbu eta eskubide hori egikaritzeko debekua legez jaso duenean; edonola ere, adingabeak beharrezko laguntza jaso beharko du, eskubide hori modu eraginkorrean egikaritzeko.

Adingabe orok du eskubidea gutuneria jasotzeko.

62. Adingabeek aukera izan beharko dute aldian-aldian gertakizunen inguruan informazioa jasotzeko, bai egunkariak, aldizkariak edo bestelako argitalpenen irakurketaren bitartez, bai irrati- eta telebista-programen bitartez eta zinemaren bitartez, edota edozein klub edo erakundearen ordezkarien bisiten bitartez, halakoak zilegiak direnean eta adingabearentzat interesgarriak.

K.- Hertsadura fisikoaren eta indarkeriaren erabileraren mugak

63. Debekatu egin beharko da hertsadura-baliabideak eta indarkeria baliatzea edozein helbururekin, 64. infra artikuluan ezarritako kasuetan izan ezik.

64. Indarkeria eta hertsadura-baliabideak bakar-bakarrik salbuespen-kasuetan erabiliko dira, gainerako kontrol-bide guztiak agortu direnean edo huts egin dutenean eta lege edo erregelamendu batek beren-beregi baimendu eta deskribatzen duenaren arabera. Baliabide horiek ezin izango dute irainik edo laidorik eragin eta modu murriztailean erabiliko dira eta doi-doi behar-beharrezkoa den denboran. Administrazioaren zuzendariaren aginduz, baliabide horiek ahal izango dira erabili saihesteko zer eta, adingabeak beste batzuei edo bere buruari min ematea edo kalte material garrantzitsuak egitea. Kasu horietan, zuzendariak berehala medikuari edo langile eskudunari kontsulta egingo dio eta administrazioaren goi agintaritzari jakinarazi.

65. Adingabeak atxilotuta dauden zentroetan, langileei debekatu egin behar zaizkie armak eraman eta erabiltzea.

L.- Diziplina-prozedurak

66. Diziplina-neurri eta -prozedura guztiek lagundu beharko diote segurtasunari eta erkidegoko bizitza egokiari; orobat, bateragarriak izan beharko dute adingabeari dagokion duintasunaren errespetuarekin eta erakundearen tratamenduaren oinarrizko helburuarekin, hau da, justizia-zentzua eta norberarekiko eta gizaki guztien oinarrizko eskubiderekiko errespetua sorrarazi beharko dute.

67. Modu hertsienean debekatuta daude tratu krudel, anker edo apalesgarriak diren diziplina-neurriak, barne hartuta, gorputz-zigorrak, zigor-gela ilunean sartzea eta isolamendu-zigorrak edo zigor-gela bakartiak, bai eta adingabearen osasun fisiko edo mentala kaltetu dezakeen beste edozein zehapen ere. Debekatuta egongo dira, edozein dela horien helburua, elikagaiak murriztea eta familia-harremanak murriztea edo ukatzea. Beti ulertuko da lana dela hezkuntza-baliabidea eta adingabeak bere buruarekiko errespetua sustatzeko baliabidea, birgizarteratzeko prestaketa gisa, eta sekula ere ezin izango da diziplina-zehapen gisa ezarri. Adingabea ezin izango da zigortu behin baino gehiagotan, diziplina arau-hauste berberagatik. Zehapen kolektiboak debekatu egin beharko dira.

68. Legeek edo Administrazioaren agintaritza eskudunak onetsitako erregelamenduek ezarri behar dituzte arauak, hurrengo osagaiei buruz, erabat kontuan hartuta adingabearen ezaugarriak, beharrizanak eta oinarrizko eskubideak:

a) Zein jokabide den diziplinaren arau-haustea;

b) Aplika daitezkeen zehapenen izaera eta iraupena;

c) Zein izan behar den agintari eskuduna zehapen horiek ezartzeko.

d) Zein izan behar den agintaritza eskuduna gora jotzeko mailan.

69. Jokabide makurreko txostenak berehala aurkeztuko zaizkio agintaritza eskudunari, eta berorrek hartuko ditu horri buruzko erabakiak, arrazoi gabeko atzerapenean sartzeke. Agintaritza eskudunak aztertuko du kasua xehe-xehe.

70. Adingabeak ez dira egongo diziplina-zehapenen mende, zehapen horiek modu hertsian bat ez badatoz indarrean dauden lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin. Adingabea ezin izango da zigortu, behar bezala jakinarazi ez bazaio leporatzen zaion arau-haustea, adingabeak zehatz-mehatz ulertzeko moduan eta berari eman ez bazaio bere defentsa aurkezteko aukerarik, agintaritza inpartzial eskudunera gora jotzeko eskubidea barne. Diziplina-jarduera guztien akta osoa jasoko da.

71. Adingabeak ez ditu bere gain hartuko diziplina-eginkizunak, gizarte-, hezkuntza- edo kirol-jarduera batzuen gainbegiratzea izan ezik edota autogestio-programak izan ezik.

M.- Ikuskaritza eta erreklamazioak

72. Ikuskatzaile adituek edo behar bezala eratutako agintaritzak, lehenengoen maila baliokidea duenak eta zentroaren administrazioan ez dagoenak ahalmena izan beharko dute aldizkako bisitak egiteko, eta halakoak egin ere, aurretiaz abisurik eman gabe, eta euren kabuz; eta, oro har, erabateko independentzia-bermeak izateko euren eginkizuna betetzeko orduan. Ikuskatzaileek murrizketarik gabeko sarbidea izango dute enplegatu guztienganako edo askatasunaz gabetuta dauden edo egon daitekeen eta establezimendu edo instalazioetan lan egiten dutenenganako eta adingabe guztienganako; halaber, establezimenduetako agiri guztiak eskura izango dituzte.

73. Ikuskaritzetan funtzionario mediku adituek parte hartuko dute, horiek erakunde ikuskatzailearen edo osasun publikoaren zerbitzuaren kide direla, eta horiek ebaluatuko dute arauak bete diren honako arloetan, hau da, egoera fisiko, higiene, ostatu, janaria, mediku-jarduna eta mediku-zerbitzuetan. Adingabe guztiek dute eskubidea ikuskatzaileekin hitz egiteko isilpeko baldintzetan.

74. Behin ikuskaritza amaitu eta gero, ikuskatzaileak txosten bat aurkeztu beharko du bere ondorioei buruz. Txosten horrek bilduko ditu ebaluazio bat adierazteko atxiloketa-zentroak nola betetzen dituen erregela hauek eta nazio-legeriaren kasuan kasuko xedapenak, eta gomendioak, erregela horiek betetzen direla bermatzeko beharrezkoak ikusten dituen neurriei buruz. Ikuskatzaileak aurkitutako egitatearen ondorioz, uste bada lege-xedapenak urratu direla, adingabeen eskubideei edo adingabeentzako atxiloketa-zentroaren funtzionamenduari dagokienez, agintaritza eskudunei eman beharko zaie horren berri, eurek iker dezaten eta eska ditzaten kasuan kasuko erantzukizunak.

75. Adingabeak uneoro aukera izan behar du establezimenduaren zuzendariari edo bere ordezkari baimenduari eskabideak edo kexak aurkezteko.

76. Adingabe orok eskubidea izango du eskabide edo kexa bat igortzeko adingabeentzako establezimenduaren administrazio nagusiari, epai-agintariari edota beste edozein agintari eskudunari, ezarritako bidea erabilita eta zentsurarik gabe mamiari dagokionez, eta , berebat, atzerapenik gabe erantzunaren berri izateko eskubidea.

77. Ahaleginak egin beharko dira bitartekari-kargu independente bat sortzeko, ahalmena duena askatasunaz gabetutako adingabeek zein kexa egin eta horiek jasotzeko eta ikertzeko eta ekitatearen araberako irtenbideak lortzen laguntzeko.

78. Kexa bat adierazteko ondorioetarako, adingabe orok eskubidea izango du ahal denean, laguntza eskatzeko bere familiakoei, aholkulari juridikoei eta talde humanitarioei eta bestelakoei. Laguntza emango zaie adingabe analfabetoei erakunde edo antolakunde publiko zein pribatuen zerbitzuak behar dituztenean, horiek baitira aholkularitza juridikoa eskaintzen dutenak eta erreklamazioak jasotzeko eskumena dutenak.

N.- Birgizarteratzea

79. Adingabe guztiek baliatu beharko dituzte zer eta, eurek aske geratu eta gero berriro gizartean, familiako bizitzan, hezkuntzan eta lanean sartzen laguntzeko hartutako neurriak. Helburu horretarako, prozedura eta ikastaro bereziak ezarri beharko dira, aurretiazko askatasuna barne.

80. Agintaritza eskudunek zerbitzuak sortu beharko dituzte, adingabeei birgizarteratzen laguntzeko, eta adingabe horien aurka dauden aurreiritziak arintzeko. Zerbitzu horiek, ahal den neurrian, adingabeari emango dizkiote ostatu, lan eta jantzi egokiak, bai eta beharrezko baliabideak ere, aske geratu ondoren, bere burua mantendu dezan eta bere birgizarteratzea zoriontsua izan dadin. Zerbitzu horiek ematen dituzten erakundeen ordezkariei kontsulta egingo zaie; bestalde, adingabeak barneratuta dauden bitartean, ordezkari horiek adingabeenganako sarbidea izango dute, horiei laguntza emateko, birgizarteratu daitezen.

V.- Langileak

81. Langileak trebeak izan beharko dira eta horien artean aditu kopuru nahikoa egon beharko da, hala nola, hezitzaileak, lanbide-irakasleak, aholkulariak, gizarte laguntzaileak, psikiatrak eta psikologoak. Eskuarki, behin betiko langileak funtzionario horiek eta beste aditu batzuk dira, kanpoan utzi gabe lanaldi partziala duten laguntzaileak edo boluntarioak, horien lana egokia eta onuragarria denean, horiek eman dezaketen laguntzaren eta prestakuntzaren mailagatik. Atxiloketa-zentroek laguntza-aukera eta -modalitate guztiak baliatu beharko dituzte, hala nola, zuzengarriak, hezitzaileak, moralak , espiritualak edo beste izaerakoak, erkidegoan eskuragarri daudenean eta egokiak direnean, adingabe giltzapetuen beharrizanen eta arazo berezien arabera.

82. Administrazioak arreta handiz hautatu eta kontratatu beharko ditu maila eta kategoria guztietako langileak, atxiloketa-zentroen ibil bide egokia horien mende baitago eta, batez ere, horiek eskaintzen dituzten zintzotasuna, jarrera humanitarioa, adingabeekin tratatzeko lanbide-gaitasuna eta -trebetasuna, bai eta lanerako dohain pertsonalak ere.

83. Helburu horiek lortzeko, lanbide-funtzionarioak izendatu beharko dira eta horiek ordainsari nahikoa izango dute gizon-emakume trebeak erakartzeko eta atxikitzeko. Adingabeen atxiloketa-zentroen funtzionarioak uneoro suspertu beharko dira euren eginkizunak eta betebeharrak bete ditzaten gizatasunez, ardura handiz, profesionaltasun osoz, zuzen eta modu eraginkorrean eta euren jokaera izan dadin beti adingabeen errespetua merezi eta irabazteko modukoa eta horiei eskaini diezazkieten eredu eta ikuspegi baikorrak.

84. Administrazioak onartu beharko ditu antolaketa- eta kudeaketa-moduak, atxiloketa-zentro bakoitzaren langile-kategoria desberdinen arteko harremanak errazten dituztenak; era berean, modu horiek adingabeen ardura duten hainbat zerbitzuren arteko lankidetza indartuko dute, bai eta langileen eta administrazioaren arteko harremanak ere; horien xedea da adingabeekin zuzeneko harremanak dituzten langileen jarduera-baldintzak euren zereginetan eraginkorrak izan daitezen laguntzak ematea.

85. Langileek heziketa jaso beharko dute, euren eginkizunak modu eraginkorrean betetzeko, bereziki, haurraren psikologiaren arloko gaikuntza, haurren babesa eta giza eskubide eta haurraren eskubideen nazioarteko irizpide eta arauak, Erregela hauek barne. Langileek zaindu eta hobetu egin beharko dituzte euren ezaguerak eta lanbide-gaitasuna eta horretarako heziketa-ikastaroak egin beharko dituzte zerbitzuan bertan, halakoak karrera osoan antolatuko direla tarte egokietan.

86. Zentroko zuzendaria gai izan behar da bere eginkizuna betetzeko, aintzat hartuta haren administraziorako ahalmena, prestakuntza egokia eta halako gaietan duen eskarmentua; halaber, bere denbora guztia eskaini beharko dio eginkizun ofizial horri.

87. Atxiloketa-zentroetako langileek, euren eginkizunak betetzean, errespetatu eta babestu egin beharko dituzte adingabe guztien duintasuna eta oinarrizko giza eskubideak eta batez ere:

a) Atxiloketa-zentroko edo erakundeko funtzionarioek ezin izango dute inolako tortura-egintzarik edota beste tratu, zigor edo neurri zuzengarrik edo diziplina-neurri zorrotz, krudel, anker edo apalesgarririk ezarri, eragin edo onartu, inolako aitzakiarik edo beste edozein inguruabarrik aipatuz.

b) Langileek zorrotz galarazi eta eragotzi beharko dituzte ustelkeria-egintza guztiak eta atzerapenik gabe jakinaraziko die halakoa agintaritza eskudunei.

c) Langile guztiek errespetatu beharko dituzte erregela hauek. Langileek arrazoiak badituzte uste izateko erregela hauek larri urratu direla edo urratu daitezkeela, goragoko agintaritzari edo organo eskudunei jakinaraziko diete, halakoek egoera hori ikuskatu edo konpontzeko ahalmenak badituzte.

d) Langile guztien ardura izango da adingabeen osasun fisikoa eta mentala erabat babestea, esplotazio eta tratu txar fisiko, sexual eta emozionalaren aurkako babesa barne, eta, oro har, langileek berehala hartu beharko dituzte neurriak haiei mediku-laguntza emateko, behar den guztietan.

e) Langile guztiek errespetatu beharko dute adingabeen intimitate-eskubidea eta, batez ere, errespetatu beharko dituzte isilpeko gaiak, adingabeei edo euren familiei dagozkienak eta langileek ezagutzen dituztenak euren lanbide-jarduera gauzatzeagatik.

f) Langile guztiak,ahal den neurrian, gutxienera ekartzen ahaleginduko dira zer eta, atxiloketa-zentroaren barruko eta kanpoko bizimoduaren arteko desberdintasunak, baldin eta desberdintasun horiek beheratzen badute adingabeen duintasunari zor zaion errespetua, horiek gizakiak baitira.