200643eezuzentaraua,urtekokontuenetakont

2006/43/EE Zuzentaraua, Urteko kontuen eta kontu bateratuen legezko ikuskapenari buruzkoa

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

2006/43/EE ZUZENTARAUA, EUROPAKO PARLAMENTUARENA ETA KONTSEILUARENA, 2006ko maiatzaren 17koa, urteko kontuen eta kontu bateratuen legezko ikuskapenari buruzkoa eta Kontseiluaren 78/660/EEE eta 83/349/EEE Zuzentarauak aldatzen dituena eta Kontseiluaren 84/253/EEE Zuzentaraua indargabetzen

duena

(Testu egokia EEEri dagokionez)

EUROPAKO PARLAMENTUAK ETA EUROPAR BATASUNEKO KONTSEILUAK

Europar Batasuna eratzen duen Ituna, eta, bereziki, horren 44. artikuluaren 2. paragrafoko g) letra aztertu dute,

Batzordearen proposamena aztertu dute,

Europako Ekonomia eta Gizarte Lantaldearen irizpena aztertu dute (),

Itunaren 251. artikuluan ezarritako prozedurari jarraiki (),

Honako hau kontuan hartuta:

(1) Gaur egun, jarraian aipatuko diren zuzentarauek hala eskatuta, urteko kontuen eta kontu bateratuen ikuskapenak hori egiteko baimena duen pertsonak edo pertsonek egin behar dituzte. Hauek dira zuzentarauak: Kontseiluaren 78/660/EEE laugarren Zuzentaraua, 1978ko uztailaren 25ekoa, elkarte-mota jakinetako urteko kontuei buruzkoa (); Kontseiluaren 83/349/EEE zazpigarren Zuzentaraua, 1983ko ekainaren 13koa, kontu bateratuei buruzkoa (); Kontseiluaren 86/635/EEE Zuzentaraua, 1986ko abenduaren 8koa, bankuen eta beste finantza-erakunde batzuen urteko kontuei eta kontu bateratuei buruzkoa (); eta Kontseiluaren 91/674/EEE Zuzentaraua, 1991ko abenduaren 19koa, aseguru-enpresen urteko kontuei eta kontu bateratuei buruzkoa ().

(2) Legezko ikuskapena egiteko ardura duten pertsonei baimena emateko baldintzak Kontseiluaren 84/253/EEE zortzigarren Zuzentarauan ezarri ziren; zuzentaraua 1984ko apirilaren 10ekoa da, eta kontabilitate-agirien legezko kontrolaz arduratzen diren pertsonei baimena emateari buruzkoa da ().

(3) Erkidegoan legezko ikuskapenen inguruan planteamendu bateraturik ez zegoela-eta, jarraitu beharreko bidea proposatu zuen Batzordeak, Europar Batasuneko legezko ikuskapenei buruzko 1998ko komunikazioan (): ikuskapen-lantaldea eratzea, lantalde horrek neurri berriak garatu ahal izan ditzan kontularitzako profesionalekin eta estatu kideekin lankidetzan.

(4) Lantalde horrek egindako lanean oinarrituta, Batzordeak Gomendio bat argitaratu zuen 2000ko azaroaren 15ean, Europar Batasunean legezko ikuskapenen kalitatearen kontrolerako gutxieneko betekizunei buruz (), eta beste Gomendio bat 2002ko maiatzaren 16an, Europar Batasunean kontu-ikuskatzaileen independentziaren inguruko funtsezko printzipioei buruz ().

(5) Oraingo Zuzentarau honek legezko ikuskapenerako betekizunak bateratu nahi ditu neurri handi batean –guztiz izan ez arren–. Legezko ikuskapena eskatzen duten estatu kideek betekizun murriztaileagoak ezar ditzakete, Zuzentarau honetan kontrakoa erabakitzen ez bada.

(6) Legezko ikuskatzaileek Zuzentarau honetan oinarrituta lortutako ikuskapen-kualifikazioak baliokidetzat jo behar dira. Beraz, aurrerantzean, estatu kideek ezin izango dute eskatu ikuskapen-elkarte bateko boto-eskubideen gehiengoa esparru nazionalean baimendutako ikuskatzaileen esku egon behar izatea, edo ikuskapen-elkarte bateko administrazio- edo kudeaketa-organoko kideen gehiengoa esparru nazionalean baimenduta egon behar izatea.

(7) Legezko ikuskapenerako, Elkarteen Zuzenbideari, Zerga Zuzenbideari eta Gizarte Zuzenbideari buruzko jakintza egokia behar da. Beste estatu kide bateko legezko ikuskatzaile batek baimena jaso aurretik egiaztatu behar da jakintza hori.

(8) Hirugarrenak babesteko, baimendutako ikuskatzaile eta ikuskapen-elkarte guztiek erregistro batean izena eman behar dute; erregistro hori jendearentzako eskuragarria izango da eta legezko ikuskatzaileei eta ikuskapen-elkarteei buruzko oinarrizko informazioa edukiko du.

(9) Legezko ikuskatzaileek arau etikorik gorenekoak errespetatu behar dituzte. Beraz, etika profesional bati atxikita egon behar dute, eta etika horrek bere baitan hartzen ditu ikuskatzaileen interes publikoko funtzioa, euren zuzentasuna eta objektibotasuna, eta baita euren gaitasun profesionala eta behar bezalako ardura ere. Legezko ikuskatzaileen interes publikoko funtzioak esan nahi du, pertsona eta erakundeen komunitate zabalak konfiantza duela legezko ikuskatzailearen lanaren kalitatearengan. Ikuskapenen kalitate onak merkatuen funtzionamendu zuzenean laguntzen du, estatu finantzarioen zuzentasuna eta eraginkortasuna areagotzen baititu. Batzordeak, gutxieneko arau gisa, etika profesionalari buruzko egikaritze-neurriak hartu ahal izango ditu; horretarako, Kontularien Nazioarteko Federazioaren (IFAC) Etika Kodean ageri diren printzipioak kontuan hartu ahal izango ditu.

(10) Garrantzitsua da legezko ikuskatzaileek eta ikuskapen-elkarteek euren bezeroen intimitatea errespetatzea. Ondorioz, konfidentzialtasuneko eta lanbide-sekretuko arau zorrotzen arabera jokatu behar dute, baina arau horiek ez dute oztopatu behar Zuzentarau hau behar bezala aplikatzea. Era berean, ikuskapen jakin batean parte hartzeari uzten dion edozein legezko ikuskatzaile edo ikuskapen-elkarteri aplikatu behar zaizkio aipatutako konfidentzialtasun-arauak.

(11) Legezko ikuskatzaileek eta ikuskapen-elkarteek independenteak izan behar dute legezko ikuskapenak egiten dituztenean. Ikuskatutako erakundeari ikuskapenarekin lotutako kontuen berri eman ahal izango diote, baina ezin izango dute parte hartu ikuskatutako erakundeak barne erabakiak hartzeko abiarazten dituen prozesuetan. Euren independentziaren aurkako mehatxuak arintzeko segurtasun-neurriak aplikatu eta gero ere, mehatxu horiek handiegiak izango balira, ikuskapen-kontratuari uko egin beharko liokete edo ez lukete kontratua egikaritu beharko. Ikuskatzailearen independentzia arriskuan jartzen duen harreman bat egotearen ondorioa desberdina izan daiteke ikuskatzailearen eta ikuskatutako erakundearen arteko harremanerako eta sarearen eta ikuskatutako erakundearen arteko harremanerako. 2. artikuluaren 14. paragrafoaren ildotik kooperatiba bati, edo 86/635/EEE Zuzentarauaren 45. artikuluan aipatutako antzeko erakunde bati irabazi-asmorik gabeko ikuskapen-elkarte bateko kide izatea eskatzen edo baimentzen zaionean, alde objektibo, arrazoizko eta informatu batek ez luke ondorioztatu beharko legezko ikuskatzaileak bertako kide izateagatik daukan harremanak bere independentzia arriskuan jartzen duenik, betiere, ikuskapena egiten duten ikuskatzaileei eta legezko ikuskapenaren gainean eragina izan dezaketen pertsonei independentzia-printzipioak aplikatzen bazaizkie. Legezko ikuskatzaile baten edo ikuskapen-elkarte baten independentziaren aurkako mehatxutzat jo daitezke ikuskatutako erakundean finantza-interes zuzenak edo zeharkakoak izatea, edota ikuskapenarekin zerikusirik ez duten zerbitzu osagarriak ematea. Era berean, ikuskatutako erakundetik jasotako ordainsarien zenbatekoak edo ordainsarien egiturak legezko ikuskatzailearen edo ikuskapen-elkartearen independentzia mehatxa dezakete. Mehatxu horiek arintzeko edo desagerrarazteko aplika daitezkeen babes-neurriak honakoak izan daitezke: debekuak, murriztapenak eta bestelako politika edo prozedurak, eta baita informazioa eman ahal izateko betekizunak ezartzea ere. Legezko ikuskatzaileek eta ikuskapen-elkarteek uko egin behar diote euren independentzia arriskuan jar dezakeen bestelako edozein zerbitzu osagarri emateari. Batzordeak, gutxieneko arau gisa, independentziari buruzko egikaritze-neurriak hartu ahal izango ditu. Hala egingo balu, Batzordeak kontuan hartu ahal izango ditu aipatutako 2002ko maiatzaren 16ko Gomendioan ageri diren printzipioak. Ikuskatzailearen independentzia zehazteko, beharrezkoa da ikuskatzaileak barne hartzen dituen «sarearen» kontzeptua argitzea. Alde horretatik, zenbait gauza izan behar dira kontuan, hala nola, mozkinak edo kostuak partekatzeko helburua duelako, egitura bat sare moduan defini daitekeen kasuak. Sare bat dagoela frogatzeko irizpideak epaitzeko eta ebaluatzeko, ezagunak diren gertakari guztietan oinarritu beharra dago, adibidez ohiko bezero berdinak izatea.

(12) Autoberrikuspeneko edo norberaren intereseko kasuetan, legezko ikuskatzailearen edo ikuskapen-elkartearen independentzia babesteko komenigarria denean, legezko ikuskatzailearen edo ikuskapen-elkartearen ordez estatu kideak erabaki beharko du legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak bere bezeroen ikuskapenari uko egin behar dion edo ez duen haien ikuskapena egin behar. Hala ere, horrek ez du esan nahi estatu kideen betebehar orokorra denik legezko ikuskatzaileei eta ikuskapen-elkarteei eragoztea euren bezeroei ikuskapenarekin zerikusirik ez duten zerbitzuak ematea. Autoberrikuspeneko edo norberaren intereseko kasuetan legezko ikuskatzaile batek edo ikuskapen-elkarte batek, bere independentzia babesteko, legezko ikuskapenak ez egitea komenigarria dela zehaztu ahal izateko, zenbait faktore izan behar dira kontuan. Faktore horien artean egon behar da ea interes publikoko erakunde ikuskatuak balio negoziagarriak jaulki dituen ala ez honako Zuzentarau honek erregulatutako merkatu batean: finantza-tresnen merkatuei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 21eko 2004/39/EE Zuzentarauaren 4. artikuluaren 1. paragrafoaren 14. puntua ().

(13) Garrantzitsua da Zuzenbide komunitarioak eskatzen dituen legezko ikuskapen guztiek kalitate bikaina eta homogeneoa dutela bermatzea. Legezko ikuskapen guztiak, beraz, nazioarteko ikuskapen-arauetan oinarrituta egin behar dira. Aipatutako arauak Erkidegoan betetzeko neurriak Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/468/EE Erabakiaren arabera hartu behar dira; Erabaki horren bidez, Batzordeari esleituriko egikaritze-eskumenak baliatzeko prozedurak ezartzen dira (). Ikuskapenetarako lantalde edo talde tekniko batek Batzordeari lagundu behar dio nazioarteko ikuskapen-arau guztien baliozkotasun teknikoaren ebaluazioan; lantalde horretan, estatu kideetako gainbegiratze publikorako sistemek parte hartu behar dute. Bateratze-mailarik handiena lortu ahal izateko, estatu kideek ikuskapenetarako prozedura edo betekizun osagarriak eskala nazionalean ezartzeko aukera baino ez dute izan behar, prozedura edo betekizun horiek urteko kontuen edo kontu bateratuen legezko ikuskapenaren irispenarekin lotutako betekizunetan oinarritzen badira, eta betiere prozedura horiek ez badira aurreikusten existitzen diren nazioarteko ikuskapen-arauetan. Estatu kideek ikuskapenetarako prozedura osagarri horiek mantendu ahal izango lituzkete, geroago hartutako nazioarteko ikuskapen-arauek prozedurak edo betekizunak estaltzen dituztenera arte. Edonola ere, hartutako nazioarteko ikuskapen-arauetan agertzen diren prozeduren aplikazioak legedi nazionalari kontra egingo balio legezko ikuskapenaren irispenarekin lotutako betekizun nazional zehatzen ondorioz, estatu kideek aukera edukiko lukete nazioarteko ikuskapen-arauetako zati arazotsua ez aplikatzeko arazoa bere horretan dagoen bitartean, eta betiere 26. artikuluaren 3. paragrafoan ageri diren neurriak aplikatzen badira. Estatu kideek egindako gehikuntza edo ez aplikatze guztiek sinesgarritasun handia eman behar diete enpresen urteko kontuei eta interes publikoaren onurarako izan behar dute. Horren ondorioetako bat izango da, esate baterako, estatu kideek ikuskatzailearen txosten gehigarria eskatu ahal izango dutela gainbegiratze-organoarentzat, edota finantza-informazioko edo ikuskapeneko bestelako betekizunak preskribatu ahal izango dituztela (enpresa-gobernantzako arau nazionaletan oinarritutako betekizunak).

(14) Batzordeak Erkidegoan aplikatzeko nazioarteko ikuskapen-arau bat har dezan, modu orokorrean onartu behar da nazioartean, interesa duten alderdi guztien erabateko parte-hartzearekin landu behar da prozedura ireki eta gardena jarraituz, urteko kontuen eta kontu bateratuen sinesgarritasuna areagotu behar du eta interes publiko europarraren onurarako izan behar du. Arauaren parte gisa Ikuskapen Praktiken Nazioarteko Adierazpena egiteko beharrizana kasuz kasu aztertu behar da 1999/468/EE Erabakiaren arabera. Batzordeak bermatu egin behar du, adierazpena egiteko prozesuari ekin aurretik ebaluazio bat egingo dela betekizun horiek bete diren egiaztatzeko eta ebaluazio horren emaitzaren berri emango zaiola Zuzentarau honi jarraikiz osatutako Lantaldeari.

(15) Kontu bateratuei dagokienez, garrantzitsua da taldeko kideak ikuskatzen dituzten legezko ikuskatzaileen artean erantzukizunen definizio argia egotea. Horretarako, taldeko ikuskatzaileak ikuskapen-txostenaren erabateko erantzukizuna izan behar du.

(16) Kontularitza-arau berberak aplikatzen dituzten elkarteen arteko konparagarritasuna handitzeko eta ikuskapenen funtzioan jendeak daukan konfiantza hobetzeko, Batzordeak ikuskapen-txosten bakarra egin ahal izango du onartutako nazioarteko kontularitza-arauetan oinarrituta landu diren urteko kontuen edo kontu bateratuen ikuskapenerako, aipatutako txostenerako Erkidegoan arau egoki bat hartu denean izan ezik.

(17) Ikuskapen erregularrak bitarteko ona dira legezko ikuskapenetan kalitate bikaina eta homogeneoa lortzeko. Beraz, aztertutako legezko ikuskatzaileekiko eta ikuskapen-elkarteekiko modu independentean antolatuko den kalitatearen kontrol-sistema bati atxikita egon behar dute legezko ikuskatzaileek eta ikuskapen-elkarteek. Kalitatearen kontrol-sistemei buruzko 29. artikuluaren aplikazioaren inguruan, estatu kideek erabaki ahal izango dute, kalitatearen kontrol-politika bera duten banakako ikuskatzaileei dagokienez, ikuskapen-elkarteei zuzendutako betekizunak aplikatzea baino ez izatea beharrezko. Estatu kideek, era berean, banakako ikuskatzaileei kalitate-kontrola gutxienez sei urtetik behin egiteko moduan antola dezakete kalitatearen kontrol-sistema. Alde horretatik, kalitatearen kontrol-sistemaren finantzazioak egoki ez den edozein eraginetatik libre egon behar du. Batzordeak eskumena izan behar du egikaritze-neurriak hartzeko kalitatearen kontrol-sistemen antolaketarekin lotutako kontuetan eta sistemen finantzazioarekin zerikusia dutenetan, kalitatearen kontrol-sistemen konfiantza publikoa biziki arriskuan egon daitekeenean. Estatu kideen gainbegiratze publikorako sistemak bultzatu behar dira, kalitatearen kontrola egiteko moduaren inguruan planteamendu koordinatua lor dezaten, alderdiei beharrezkoak ez diren zamak inposatzea saihesteko.

(18) Ikerketa eta zigor egokiak lagungarriak dira legezko ikuskapen okerrak prebenitzeko eta zuzentzeko.

(19) Legezko ikuskatzaileek eta ikuskapen-elkarteek derrigorrez egin behar dute euren lana behar bezalako zuzentasunez, eta, ondorioz, zabarkeriak eragindako kalteen erantzule izango dira. Edonola ere, ikuskatzaileak eta ikuskapen-elkarteak finantza-erantzukizun mugagabeari lotuta egoteak eragina izan dezake erantzukizun profesionaleko aseguruaren estaldura eskuratzeko duten aukeran. Bestalde, estatu kideen erantzukizun-erregimenak ikaragarri alda daitezkeela aintzat hartuta, Batzordeak kontu horiek aztertzeko asmoa dauka.

(20) Estatu kideek legezko ikuskatzaileen eta ikuskapen-elkarteen gainbegiratze publikorako sistema eraginkorra ezarri behar dute jatorrizko herrialdeko kontrol-oinarriaren gainean. Gainbegiratze publikorako mekanismo arau-emaileek lankidetza eraginkorra ahalbidetu behar dute Erkidego osoan estatu kideen gainbegiratze-lanen artean. Legezko ikuskapenarekin lotutako gaiei buruzko jakintza duten eta lanbidetik kanpokoak diren pertsonek kudeatu behar dute gainbegiratze publikorako sistema. Lanbidetik kanpoko pertsona horiek sekula ikuskaritza-lanbideari lotuta egon ez diren adituak izan daitezke edo dagoeneko horretan ez diharduten aspaldiko profesionalak. Hala ere, estatu kideek onar dezakete sektoreko profesionalen gutxiengo batek gainbegiratze publikorako sistemaren gobernantzan parte hartzea. Estatu kideetako agintari eskudunek lankidetzan aritu behar dute euren artean, eurek baimendutako legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak gainbegiratzeko duten betebeharra gauzatzeko beharrezkoa den guztietan. Lankidetza horrek ekarpen garrantzitsua egin dezake Erkidegoan legezko ikuskapenaren kalitate bikain eta homogeneoa bermatzeko. Estatu kideek izendatutako agintari eskudunen artean Europa osoan lankidetza eta koordinazio eraginkorrak bermatzea beharrezkoa denez, lankidetza bermatzeaz arduratuko den erakunde bat izendatzeak ez du eragotzi behar agintari eskudun bakoitza estatu kideetako beste agintari eskudunekin zuzenean lankidetzan aritzea.

(21) Gainbegiratze publikorako printzipioei buruzko 32. artikuluaren 3. paragrafoa betetzen dela bermatzeko asmoz, kontuan izan behar da lanbidetik kanpokoa den pertsona batek legezko ikuskapenarekin lotutako gaien inguruko jakintza ona duela, bai gai horietan profesional legez jardun duelako, bai 8. artikuluan zerrendatutako gaietatik gutxienez baten inguruko jakintza duelako.

(22) Ikuskatutako erakundeko akziodunen edo kideen batzar nagusiak izendatu behar du legezko ikuskatzailea edo ikuskapen-elkartea. Ikuskatzailearen independentzia bermatzeko, garrantzitsua da arrazoi justifikatuak daudenean eta arrazoi horiek gainbegiratze publikoaz arduratzen den agintariari edo agintariei jakinarazten zaizkienean baino ez izatea posible ikuskatzailea kargutik kentzea.

(23) Interes publikoko erakundeek ikuspen handiagoa daukate eta ekonomikoki garrantzitsuagoak dira, eta ondorioz, betekizun zorrotzagoak aplikatu behar dira erakunde horien urteko kontuen edo kontu bateratuen legezko ikuskapenetan.

(24) Ikuskapen-lantaldeek eta barne-kontrolerako sistema eraginkor batek lagundu egiten dute arrisku finantzarioak, operatiboak eta betetzeari buruzkoak murrizten eta finantza-informazioaren kalitatea handitzen. Estatu kideek kontuan izan lezakete 2005eko otsailaren 15eko Batzordearen Gomendioa, administratzaile ez exekutiboen edo gainbegiratzaileen zereginari eta administrazio- edo gainbegiratze-kontseiluen lantaldeen zereginari buruzkoa eta burtsan kotizatzen duten enpresei aplikatu beharrekoa (); gomendio horren bitartez ikuskapen-lantaldeak nola ezarri behar diren eta nola funtzionatu behar duten erabaki zen. Estatu kideek erabaki ahalko dute ikuskapen-lantaldeari edo antzeko funtzioak egiten dituen organo bati esleitutako funtzioak administrazio- edo gainbegiratze-organoak osorik egin ditzala. 41. artikuluan ageri den ikuskapen-lantaldearen funtzioei dagokienez, legezko ikuskatzailea edo ikuskapen-elkartea inolaz ere ez da egon behar lantaldearen mende.

(25) Era berean, estatu kideek ikuskapen-lantaldea edukitzearen betekizunetik salbuetsi ahalko dituzte inbertsio kolektiboko organismo diren interes publikoko erakundeak baldin eta horien balio higikorrak negoziagarri moduan onartzen badira merkatu erregulatu batean. Aukera horrek aintzat hartzen du ikuskapen-lantalde baten erabilera ez dela beti egokia izango inbertsio kolektiboko organismoak balioak biltzeko asmoz baino ez badu funtzionatzen. Finantza-informazioa eta lotutako arriskuak ezin dira konparatu interes publikoko beste erakunde batzuei lotutakoekin. Gainera, balio higikorretan inbertsio kolektiboa egiten duten organismoak eta euren kudeaketa-elkarteak zorrotz zehaztutako arau-esparru batean aritzen dira eta gobernantzako mekanismo jakinen mende daude, adibidez, gordailuzainak egiten dituen kontrolen mende. Inbertsio kolektiboko organismoak ez badaude 85/611/EEE () Zuzentarauaren arabera bateratuta baina Zuzentarau horretan ezarritako bermeen antzekoen mende badaude, organismo horiek Erkidegoan bateratutako inbertsio kolektiboko organismoen tratu bera jaso beharko dute, eta kasu jakin horretan, estatu kideek zaindu behar dute hori hala izatea.

(26) Interes publikoko erakundeen ikuskatzaileen independentzia sendotzeko asmoz, bazkide ikuskatzaile nagusiak txandakatu behar dira. Txandakatze hori antolatzeko, estatu kideek eskatu behar dute ikuskatutako erakunde batekin lan egiten duten bazkide ikuskatzaile nagusiak aldatzeko, eta aldi berean, bazkide ikuskatzaile nagusia lotuta dagoen ikuskapen-elkarteari utzi behar diote erakunde horretako legezko ikuskatzailea izaten jarraitzea. Gauzatu nahi diren helburuak lortzeko estatu kide batek beharrezkoa deritzonean, estatu kideak ikuskapen-elkartearen aldaketa txandaka eskatu ahalko du, 42. artikuluaren 2. paragrafoari kalterik egin gabe.

Kapital-merkatuen arteko erlazioak agerian uzten du beharrezkoa dela beste herrialde batzuetako ikuskatzaileek kapital-merkatu komunitarioarekin lotuta egindako lanaren kalitatea ere bermatzea. Beraz, halako ikuskatzaileek erregistratuta egon behar dute kalitate-kontrolaren eta ikerketa- eta zigor-sistemaren mende egon daitezen. Elkarrekikotasunaren araberako salbuespenak egotea posible izan behar da, Batzordeak estatu kideekin lankidetzan egin behar duen baliokidetasun-proba bati jarraituz.

Edonola ere, 2004/39/EE Zuzentarauaren 4. artikuluaren 1. paragrafoaren 14. puntuak erregulatutako merkatu batean balio negoziagarriak jaulki dituen erakunde bati ikuskapena egin behar zaio beti, eta horretaz arduratuko den ikuskatzaileak estatu kide batean erregistratuta egon beharko du edo bestela ikuskatzailearen jatorrizko beste herrialde horretako agintari eskudunek gainbegiratu beharko dute, Batzordeak edo estatu kide batek onartzen badute beste herrialde horrek betekizun komunitarioen baliokideak dituela gainbegiratze-printzipioen, kalitatearen kontrol-sistemen eta ikerketa- eta zigor-sistemen esparruetan, eta hori guztia elkarrekikotasunean oinarrituta.

Estatu kide batek beste herrialde bateko kalitatearen kontrol-sistema baliokidetzat onartzeak ez du esan nahi beste estatu kideek ebaluazio hori onartu behar dutenik, eta ez du Batzordearen erabakia aurrez baldintzatzen.

(27) Nazioarteko talde-ikuskapenen konplexutasuna dela eta, ezinbestekoa da estatu kideetako eta beste herrialdeetako agintari eskudunen arteko lankidetza ona. Beraz, estatu kideek bermatu egin behar diete beste herrialdeetako agintari eskudunei eskuragarri izango dituztela ikuskapen-lanetarako paperak eta beste agiri batzuk agintari eskudun nazionalen bitartez. Honetan zerikusia duten alderdi guztien eskubideak babesteko eta agiri horiek eskuratzea errazteko, utzi egin behar zaie estatu kideei beste herrialde batzuetako agintari eskudunei sarbide zuzena ematen; sarbidea agintari eskudun nazionalaren akordioaren mende egongo da. Sarbidea onartzeko orduan kontuan hartu behar diren irizpideetako bat da, ea beste herrialde batzuetako agintari eskudunek Batzordeak egokitzat jo dituen betekizunak betetzen dituzten. Batzordeak ildo horretan hartuko duen erabakiaren zain, eta erabaki horri kalterik egin gabe, estatu kideek betekizun horiek egokiak diren ebaluatu ahal izango dute.

(28) 36. eta 47. artikuluen arabera ematen den informazioa, beste herrialde batzuei datu pertsonalen transferentzia egiteko araudiaren arabera eman behar da. Araudi hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 95/46/EE Zuzentarauak, 1995eko urriaren 24koak, ezarri zuen; Zuzentarau hori pertsona fisikoen babesari buruzkoa da, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio libreari dagokienez ().

(29) Zuzentarau hau aplikatzeko beharrezko neurriak 1999/468/EE Erabakiarekin bat ezarri behar dira eta 2002ko otsailaren 5ean Batzordeak Europako Parlamentuan egindako adierazpenarekiko behar den errespetuaz; adierazpen hori finantza-zerbitzuen esparruan legedia aplikatzeari buruzkoa da.

(30) Zuzenketa-proiektuen eta betearazpen-neurrien lehen transmisiotik hasita, hiru hilabeteko epea izan behar du Europako Parlamentuak horiek aztertu eta bere irizpena emateko. Hala ere, behar bezala arrazoitutako presazko kasuetan, aipaturiko epea laburtzeko aukera izan behar da. Europako Parlamentuak epe horren barruan ebazpen bat onartzen badu, Batzordeak zuzenketen edo betearazpen-neurrien proiektuak berraztertu beharra dauka.

(31) Zuzentarau honen helburuak —zehazki, nazioarteko ikuskapen-arauen multzo bakarra aplikatzeko eskatzea, prestakuntza-betekizunak eguneratzeko eskatzea, etika profesionalaren definizioa eskatzea eta estatu kideetako agintari eskudunen arteko eta agintari horien eta beste herrialde batzuetako agintarien arteko lankidetzaren aplikazio teknikoa eskatzea, Erkidegoan legezko ikuskapenen kalitatea areagotzen eta bateratzen jarraitzeko eta estatu kideen eta beste herrialde batzuen arteko lankidetza errazten jarraitzeko, legezko ikuskapenekiko konfiantza sendotzeko helburuz— estatu kideek ezin dituztenez behar bezala bete eta, ondorioz, Zuzentarau honen tamaina eta efektuak direla-eta Erkidego osoan hobe bete daitezkeenez, Erkidegoak neurriak onar ditzake Itunaren 5. artikuluan ezarritako subsidiariotasun-printzipioarekin bat. Artikulu horretan azaldutako proportzionaltasun-printzipioari jarraiki, Zuzentarau hau ez doa helburu horiek lortzeko beharrezkoa denaz harago.

(32) Legezko ikuskatzailearen edo ikuskapen-elkartearen eta ikuskatutako erakundearen arteko harremana gardenagoa egiteko asmoz, 78/660/EEE eta 83/349/EEE Zuzentarauak aldatu behar dira, ikuskapenaren ondorioz eta ikuskapena ez diren beste zerbitzu batzuen ondorioz emandako ordainsariak urteko kontuen eta kontu bateratuen oharretan ager daitezen eskatzeko.

(33) 84/253/EEE Zuzentaraua indargabetu egin behar da, izan ere, ez dauzka ikuskapenerako azpiegitura egokia bermatuko duten elementuak, hala nola, gainbegiratze publikoa, diziplina-sistemak eta kalitatearen kontrol-sistemak, eta ez du ezartzen estatu kideen eta beste herrialde batzuen arteko lankidetza erregulatzaileari buruzko arau zehatzik. Alabaina, segurtasun juridikoa bermatzeko, beharrezkoa da argi adieraztea ikuskatzaileak eta 84/253/EEE Zuzentarauaren arabera baimendutako ikuskapen-elkarteak baimendutzat jotzen direla Zuzentarau honen arabera.

HONAKO ZUZENTARAU HAU ONARTU DUTE:

I. KAPITULUA

HELBURUA ETA DEFINIZIOAK

1. artikulua

Helburua

Zuzentarau honek urteko kontuen eta kontu bateratuen legezko ikuskapenari buruzko arauak ezartzen ditu.

2. artikulua

Definizioak

Zuzentarau honi dagokionez, honako definizio hauek aplikatuko dira:

1) «legezko ikuskapena»: urteko kontuen edo kontu bateratuen ikuskapena, betiere Zuzenbide komunitarioak eskatzen duenean;

2) «legezko ikuskatzailea»: Zuzentarau honen arabera estatu kide bateko agintari eskudunek legezko ikuskapenak egiteko baimendutako pertsona fisikoa;

3) «ikuskapen-elkartea»: Zuzentarau honen arabera estatu kide bateko agintari eskudunek legezko ikuskapenak egiteko baimendutako pertsona juridikoa edo beste edozein erakunde, bere forma juridikoa edozein izanda ere;

4) «beste herrialde bateko ikuskapen-erakundea»: beste herrialde batean eratutako enpresa baten urteko kontuen edo kontu bateratuen ikuskapenak egiten dituen erakundea, bere forma juridikoa edozein izanda ere;

5) «beste herrialde bateko ikuskatzailea»: beste herrialde batean eratutako enpresa baten urteko kontuen edo kontu bateratuen ikuskapenak egiten dituen pertsona fisikoa;

6) «taldearen ikuskatzailea»: kontu bateratuen legezko ikuskapena egiten duen legezko ikuskatzailea edo ikuskatzaileak nahiz ikuskapen-elkartea edo –elkarteak;

7) «sarea»: egiturarik zabalena:

a. bere helburua lankidetza da eta ikuskatzailea edo ikuskapen-elkartea bertako kide da, eta

b. bere helburu argia mozkinak edo kostuak partekatzea da, eta honako hauek ere partekatzen ditu: jabegoa, kontrola edo kudeaketa; kontrolerako politikak eta prozedurak, enpresa-estrategia, izen komertzial berbera edo bere baliabide profesionalen zati nabarmena;

8) «ikuskapen-elkarte baten filiala»: jabego, kontrol edo kudeaketa bakarraren bidez ikuskapen-elkarte batekin lotuta dagoen edozein konpainia, bere forma juridikoa edozein izanda ere;

9) «ikuskapen-txostena»: 78/660/EEE Zuzentarauaren 51 bis artikuluan eta 83/349/EEE Zuzentarauaren 37. artikuluan aipatutako txostena, legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak landutakoa;

10) «agintari eskudunak»: legeak izendatutako agintariak edo organismoak dira eta legezko ikuskatzaileen eta ikuskapen-elkarteen erregulazioaz eta/edo gainbegiratzeaz edo horiekin lotutako kontuez arduratzen dira. Artikulu jakin batean «agintari eskudunei» egiten zaien edozein erreferentzia artikulu horretan aipatzen diren funtzioez arduratzen den agintariari zein organoari edo organoei egindako erreferentziatzat joko da;

11) «nazioarteko ikuskapen-arauak»: Nazioarteko Ikuskapen Arauak (NIA) eta horiekin lotutako adierazpenak eta arauak, legezko ikuskapenerako beharrezkoak direnean;

12) «nazioarteko kontularitza-arauak»: Nazioarteko Kontularitza Arauak (NIC), Nazioarteko Finantza Informazioko Arauak (NIIF) eta dagozkien interpretazioak (SIC-IFRIC edo CPI-CINIIF interpretazioak), arau horiei eta dagozkien interpretazioei geroago egindako aldaketak, eta Nazioarteko Kontularitza Arauen Kontseiluak (IASB) etorkizunean argitaratuko edo erabakiko dituen arauak eta dagozkien interpretazioak;

13) «interes publikoko erakundeak»: estatu kide baten legediaren mendeko erakundeak, baldin eta horien balioak negoziagarriak badira 2004/39/EE Zuzentarauaren 4. artikuluaren 1. paragrafoaren 14. puntuaren arabera erregulatutako edozein estatu kidetako merkatuan; 2000ko martxoaren 20ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000/12/EE Zuzentarauaren 1. artikuluaren 1. paragrafoan definitzen diren kreditu-erakundeak (Zuzentarau hori kreditu-erakundeen jardunerako eta lanerako sarbideari buruzkoa da); eta 91/674/EE Zuzentarauaren 2. artikuluaren 1. paragrafoaren araberako aseguru-enpresak. Estatu kideek interes publikoko erakunde izendatu ahal izango dituzte beste erakunde batzuk, esate baterako, euren enpresa-jarduerarengatik, tamainarengatik edo langile-kopuruarengatik garrantzi publiko nabarmena daukatenak;

14) «kooperatiba»: 2003ko uztailaren 22ko Kontseiluaren 1435/2003/EE Erregelamenduaren 1. artikuluak, Elkarte Kooperatibo Europarraren (EKE) Estatutuari buruzkoak (), definitzen duen Elkarte Kooperatibo Europarra, edo Zuzenbide komunitarioaren araberako legezko ikuskapena eskatzen duen beste edozein kooperatiba, adibidez, 2000/12/EE Zuzentarauaren 1. artikuluaren 1. paragrafoan definitzen diren kreditu-erakundeak eta 91/674/EE Zuzentarauaren 2. artikuluaren 1. paragrafoaren araberako aseguru-enpresak;

15) «lanbidetik kanpoko pertsona»: gainbegiratze publikorako sistemaren gobernantzan parte hartu aurreko hiru urteetan legezko ikuskaritzak egin ez dituzten, ikuskapen-elkarte batean boto-eskubiderik izan ez duten, ikuskapen-elkarte bateko administrazio- edo kudeaketa-organoko kide izan ez diren eta ikuskapen-elkarte bateko langile izan ez diren edo halako elkarte batekin lotuta egon ez diren pertsona fisiko guztiak;

16) «bazkide ikuskatzaile nagusia»:

a) ikuskapen-elkarte batek, ikuskapen jakin baterako, ikuskapen-elkartearen izenean legezko ikuskapena egiteko arduradun nagusi izendatu duen legezko ikuskatzailea edo ikuskatzaileak; edo

b) talde-ikuskapenei dagokienez, ikuskapen-elkarte batek legezko talde-ikuskapena egiteko arduradun nagusi izendatu duen legezko ikuskatzailea edo ikuskatzaileak eta filial mailan arduradun nagusi izendatutako legezko ikuskatzailea edo ikuskatzaileak gutxienez; edo

c) ikuskapen-txostena sinatuko duen legezko ikuskatzailea edo ikuskatzaileak.

II. KAPITULUA

BAIMENA, ETENGABEKO PRESTAKUNTZA ETA ELKARREN ARTEKO ONARPENA

3. artikulua

Legezko ikuskatzaileei eta ikuskapen-elkarteei baimena ematea

1. Legezko ikuskapena eskatu duen estatu kideak baimendutako legezko ikuskatzaileek edo ikuskapen-elkarteek baino ez dituzte egingo legezko ikuskapenak.

2. Estatu kide bakoitzak legezko ikuskatzaileei eta ikuskapen-elkarteei baimena emateaz arduratuko diren agintari eskudunak izendatuko ditu.

3. Agintari eskudunak elkarte profesionalak izan ahalko dira, VIII. kapituluan azaltzen denaren araberako gainbegiratze publikorako sistemaren mende badaude.

4. 11. artikuluan azaldutakoari kalterik egin gabe, gutxienez 4. artikuluan eta 6.etik 10.erakoetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoei baino ezin izango diete eman legezko ikuskatzailearen baimena estatu kideetako agintari eskudunek.

5. Estatu kideetako agintari eskudunek baldintza hauek betetzen dituzten erakundeei baino ezin izango diete eman ikuskapen-elkartearen baimena:

a) ikuskapen-elkarte baten izenean legezko ikuskapenak egiten dituzten pertsona fisikoek gutxienez 4. artikuluan eta 6.etik 12.erakoetan ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte, eta unean-uneko estatu kidean legezko ikuskatzaileen baimena eduki beharko dute;

b) erakunde bateko boto-eskubideen gehiengoa edozein estatu kidetan baimendutako ikuskapen-elkarteen esku egon beharko da edo 4. artikuluan eta 6.etik 12.erakoetan ezartzen diren baldintzak gutxienez betetzen dituzten pertsona fisikoen esku. Estatu kideek pertsona fisiko horiek beste estatu kide batean baimenduta egotea eskatu ahalko dute. Kooperatiben eta antzeko erakundeen legezko ikuskapenaren helburuetarako, 86/635/EEE Zuzentarauaren 45. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, estatu kideek boto-eskubideei buruzko beste xedapen espezifiko batzuk ezarri ahalko dituzte;

c) erakundeko administrazio- edo kudeaketa-organoko kideen %75eko gehiengoa askoz jota edozein estatu kidetan baimendutako ikuskapen-elkarteak izan beharko dira edo 4. artikuluan eta 6.etik 12.erakoetan ezartzen diren baldintzak gutxienez betetzen dituzten pertsona fisikoak. Estatu kideek pertsona fisiko horiek beste estatu kide batean baimenduta egotea eskatu ahalko dute. Aipatutako organo horrek kide bi baino ez badauka, euretako batek letra honetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu gutxienez;

d) elkarteak 4. artikuluan ezarritako baldintza bete beharko du.

Estatu kideek c) letrarekin lotutako baldintza gehigarriak baino ezin izango dituzte ezarri. Baldintza horiek lortu nahi diren helburuekiko proportzionatuak izango dira eta ez dira joango beharrezkoa denaz harago.

4. artikulua

Ospe ona

Estatu kide bateko agintari eskudunek baimena ospe ona duten pertsona fisikoei edo elkarteei baino ez emateko aukera daukate.

5. artikulua

Baimena kentzea

1. Ikuskatzaile bati edo elkarte bati baimena kenduko zaio pertsona edo enpresa horren ospe ona biziki arriskuan badago. Dena den, estatu kideek arrazoizko denbora-tarte bat ezarri ahal izango dute ospe onari dagozkion betekizunak gauzatu daitezen.

2. 3. artikuluaren 4. paragrafoaren b) eta c) letretan ezarritako baldintzak betetzeari utziz gero, ikuskapen-elkarteei baimena kenduko zaie. Dena den, estatu kideek arrazoizko denbora-tarte bat ezarri ahal izango dute baldintza horiek bete daitezen.

3. Edozein arrazoi tarteko legezko ikuskatzaile bati edo ikuskapen-elkarte bati baimena kentzen zaionean, baimena kendutako estatu kideko agintari eskudunak gertatutakoa jakinarazi beharko die eta erabakiaren arrazoien berri eman beharko die legezko ikuskatzailea edo ikuskapen-elkartea baimenduta dagoen beste estatu kideetako agintari eskudunei, betiere aipatutako estatu kideko erregistroan ageri badira 16. artikuluaren 1. paragrafoaren c) letrari jarraiki.

6. artikulua

Prestakuntza

11. artikuluan azaldutakoari kalterik egin gabe, pertsona fisiko batek baldintza hauek betez gero baino ezin izango du jaso legezko ikuskapena egiteko baimena: Unibertsitaterako edo maila baliokide baterako sarbide-maila lortzea, ondoren heziketa teorikoko ikastaro bat egitea, prestakuntza praktikoa egitea, eta unibertsitateko amaierako azterketa baten edo maila baliokide baten maila daukan gaitasun profesionaleko azterketa bat pasatzea, unean uneko estatu kideak antolatutako edo onartutako azterketa zehazki.

7. artikulua

Gaitasun profesionaleko azterketa

6. artikuluan aipatutako gaitasun profesionaleko azterketak bermatu egingo ditu legezko ikuskapenari dagozkion gaien jakintza teorikoaren beharrezko maila eta baita jakintza horiek praktikan aplikatzeko gaitasuna ere. Azterketa horren zati batek gutxienez idatzizkoa izan beharko du.

8. artikulua

Jakintza teorikoen proba

1. Azterketan egongo den jakintza teorikoen probak honako gai hauek hartuko ditu kontuan bereziki:

a) kontularitzako teoria eta printzipio orokorrak;

b) urteko kontuen eta kontu bateratuen prestaketari dagozkion betekizunak eta arau juridikoak;

c) nazioarteko kontularitza-arauak;

d) finantza-azterketa;

e) kostu- eta kudeaketa-kontularitza;

f) arriskuen kudeaketa eta barne kontrola;

g) ikuskapena eta kualifikazio profesionalak;

h) legezko ikuskapenari eta legezko ikuskatzaileei dagozkien betekizun juridikoak eta arau profesionalak;

i) nazioarteko ikuskapen-arauak;

j) etika eta independentzia profesionalak;

2. Honako gai hauek ere kontuan hartuko dira, ikuskapenerako beharrezkoak badira:

a) Elkarteen eta enpresa-gobernantzaren zuzenbidea;

b) kaudimen-gabeziari eta antzeko prozedurei buruzko legedia;

c) legedi fiskala;

d) Zuzenbide zibila eta merkataritza-zuzenbidea;

e) Gizarte Segurantzaren zuzenbidea eta lan-zuzenbidea;

f) informazioaren teknologia eta sistema informatikoak;

g) enpresa-ekonomia, ekonomia orokorra eta finantza-ekonomia;

h) matematikak eta estatistikak;

i) enpresen finantza-kudeaketarako oinarrizko printzipioak.

3. 48. artikuluaren 2. paragrafoan aipatutako prozedurari jarraiki, Batzordeak 1. paragrafoan aipatutako jakintza teorikoen proban sartu beharreko gaien zerrenda moldatu ahal izango du. Batzordeak, egikaritze-neurriak erabakitzen dituenean, kontuan izango ditu jardueren eta ikuskapen-lanbidearen garapena.

9. artikulua

Salbuespenak

1. 7. eta 8. artikuluetan azaldutakoa gorabehera, pertsona batek unibertsitateko azterketa edo baliokidea pasatu badu edo unibertsitateko titulua edo 8. artikuluan aipatutako gai baten edo batzuen inguruan prestakuntza baliokidea badauka, estatu kideek ezagutza teorikoen proba egitetik salbuets dezakete pertsona hori, baina bakarrik azterketa edo titulu horrek hartzen dituen gaiei dagokienez.

2. 7. artikuluan azaldutakoa gorabehera, pertsona batek unibertsitateko titulua edo 8. artikuluan aipatutako gai baten edo batzuen inguruan prestakuntza baliokidea badauka, estatu kideek pertsona hori jakintza teorikoa praktikan aplikatzeko gaitasun-probatik salbuets dezakete, gai horiei dagokienez, baldin eta gai horietako prestakuntza praktikoa jaso badu eta prestakuntza hori azterketa baten edo estatuak onartutako diploma baten bidez egiaztatuta badago.

10. artikulua

Prestakuntza praktikoa

1. Jakintza teorikoak praktikan aplikatzeko gaitasuna bermatzeko (horren inguruko proba bat egongo da azterketan), prestakuntza-fasean dagoen pertsonak gutxienez hiru urteko prestakuntza praktikoa egin beharko du, besteak beste, urteko kontuen, kontu bateratuen edo antzeko finantza-egoeren ikuskapenean. Prestakuntza praktiko horretako heren bi gutxienez, edozein estatu kidetan baimendutako legezko ikuskatzaile edo ikuskapen-elkarte batekin egingo dira.

2. Prestakuntza praktikoa emateko gaitasunari dagokionez beharrezko bermeak eskaintzen dituzten pertsonekin egingo da prestakuntza guztia eta estatu kideak hori ziurtatzeaz arduratuko dira.

11. artikulua

Esperientzia praktiko luzearen bitartez lortutako prestakuntza

Estatu kideek legezko ikuskatzailearen baimena eman ahal izango diote 6. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituen pertsona bati, baldin eta honako hauek egiazta baditzake:

a) hamabost urtez, finantzen, Zuzenbidearen eta kontularitzaren esparruetan esperientzia nahikoa hartzea ahalbidetu dioten jarduera profesionaletan aritu dela eta 7. artikuluan aipatutako gaitasun profesionaleko azterketa pasatu duela, edo bestela

b) zazpi urtez, esparru horietako jarduera profesionaletan aritu dela eta, gainera, 10. artikuluan aipatutako prestakuntza praktikoa egin duela eta 7. artikuluan aipatutako gaitasun profesionaleko azterketa pasatu duela.

12. artikulua

Prestakuntza praktikoaren eta heziketa teorikoaren arteko konbinazioa

1. Estatu kideek ezarri ahal izango dute, 8. artikuluan aipatu diren esparruetako heziketa teorikorako denbora-tarteek 11. artikuluan aipatu diren jarduera profesionaleko tarteek besteko balioa izango dutela, baldin eta heziketa hori estatuak onartutako azterketa batek berresten badu. Heziketa horrek ez du iraungo urtebete baino gutxiago eta ezin izango du ezta ere jarduera profesionaleko denbora-tartea lau urte baino gehiago murriztu.

2. Jarduera profesionaleko eta prestakuntza praktikoko denbora-tarteak ez du iraungo heziketa teorikoa eta 10. artikuluan eskatutako prestakuntza praktikoa batzen dituen denbora-tarteak baino gutxiago.

13. artikulua

Etengabeko prestakuntza

Estatu kideek ziurtatu egin beharko dute, batetik, legezko ikuskatzaileak etengabeko prestakuntzako programa egokietan parte hartzera derrigortuta daudela jakintza teorikoko, prestakuntzako eta etengabeko prestakuntzako maila nahiko handia manten dezaten, eta, bestetik, etengabeko prestakuntzako betekizunak bete ezik, 30. artikuluan aipatutako zigorrak jartzen direla.

14. artikulua

Beste estatu kide batzuetako legezko ikuskatzaileei baimena ematea

Estatu kideetako agintari eskudunek beste estatu kide batzuetan baimendutako legezko ikuskatzaileei baimena emateko prozedurak ezarriko dituzte. Prozedura horiek ez dira joango gaitasun-proba bat pasatzeaz harago. Proba hori Kontseiluaren 1988ko abenduaren 21eko 89/48/EE Zuzentarauaren 4. artikuluari jarraiki egingo da; gutxienez hiru urteko iraupena duten lanbide heziketak berresten dituzten goi-mailako hezkuntza-tituluak onartzeko sistema orokorrari buruzkoa da zuzentaraua (). Interesa duen estatu kidean aplikatu beharreko hizkuntza-arauek onartutako hizkuntzetako batean egingo da gaitasun-proba, eta ikuskatzaileak dagokion estatu kideko legeak eta arauak egoki ezagutzen dituen baino ez da aztertuko, betiere lege eta arau horiek legezko ikuskapenetarako beharrezkoak direnean.

III. KAPITULUA

ERREGISTROA

15. artikulua

Erregistro publikoa

1. Estatu kideek ziurtatu egin beharko dute baimendutako legezko ikuskatzaileak eta ikuskapen-elkarteak 16. eta 17. artikuluen araberako erregistro publiko batean erregistratuta daudela. Egoera berezietan, artikulu honetan eta 16.ean informazioa publikoki eskuratzeaz ezarritako betekizunak ez betetzeko aukera izango dute estatu kideek, baina edozein banakoren segurtasun pertsonalerako gertuko eta garrantzizko mehatxu bat arintzeko beharrezkoa den neurrian baino ez.

2. Estatu kideek ziurtatu egin beharko dute legezko ikuskatzaile eta ikuskapen-elkarte bakoitzak banakako identifikazio-zenbakia daukala erregistro publikoan. Erregistro publikoan dagoen informazioa formatu elektronikoan gordeko da bertan eta baliabide elektronikoen bidez egongo da eskuragarri jendearentzat.

3. Halaber, erregistro publikoan agertuko dira 3. artikuluan aipatutako baimenaz, 29. artikuluan aipatutako kalitate-kontrolaz, 30. artikuluan aipatzen diren legezko ikuskatzaileentzako eta ikuskapen-elkarteetarako ikerketez eta zigorrez eta 32. artikuluan aipatutako gainbegiratze publikoaz arduratzen diren agintari eskudunen izena eta helbidea.

4. Estatu kideek ziurtatu egingo dute erregistro publikoa beranduen jota 2009ko ekainaren 29an guztiz operatibo egongo dela.

16. artikulua

Legezko ikuskatzaileen erregistroa

1. Legezko ikuskatzaileei dagokienez, erregistro publikoak informazio hau edukiko du gutxienez:

a) izena, helbidea eta erregistro-zenbakia;

b) hala badagokio, legezko ikuskatzaileak enplegatu moduan lan egiten duen edo bazkide moduan nahiz beste era batean lotuta dagoen ikuskapen-elkartearen edo elkarteen izena, helbidea, Interneteko helbidea eta erregistro-zenbakia;

c) beste estatu kide batzuen agintari eskudunen aurrean legezko ikuskatzaile moduan dauzkan inskripzio guztiak eta beste herrialde batzuetan ikuskatzaile moduan dauzkanak, inskripziorako agintari eskudunen izenak eta, egonez gero, erregistro-zenbakiak barne.

2. 45. artikuluari jarraiki erregistratutako beste herrialde batzuetako ikuskatzaileak argi azalduko dira erregistroan halakotzat, eta ez legezko ikuskatzaile moduan.

17. artikulua

Ikuskapen-elkarteen erregistroa

1. Ikuskapen-elkarteei dagokienez, erregistro publikoak informazio hau edukiko du gutxienez:

a) izena, helbidea eta erregistro-zenbakia;

b) forma juridikoa;

c) harremanetarako informazioa, harremanetarako lehen pertsona eta, hala badagokio, Interneteko helbidea;

d) estatu kidean dagoen bulego bakoitzaren helbidea;

e) ikuskapen-elkarterako enplegatu moduan lan egiten duten edo bazkide moduan nahiz beste era batean lotuta dauden legezko ikuskatzaile guztien izena eta erregistro-zenbakia;

f) jabe eta akziodun guztien izenak eta laneko helbideak;

g) administrazio- edo kudeaketa-organoko kide guztien izenak eta laneko helbideak;

h) hala badagokio, sare bateko kide-izaera eta elkarteko kide diren enpresen eta filialen zerrenda, edo informazio hori publikoki eskuratu daitekeen lekuaren berri;

i) beste estatu kide batzuen agintari eskudunen aurrean ikuskapen-elkarte moduan dauzkan inskripzio guztiak eta beste herrialde batzuetan ikuskapen-erakunde moduan dauzkanak, inskripziorako agintari eskudunen izenak eta, egonez gero, erregistro-zenbakiak barne.

2. 45. artikuluari jarraiki erregistratutako beste herrialde batzuetako ikuskapen-erakundeak argi azalduko dira erregistroan halakotzat, eta ez ikuskapen-elkarte moduan.

18. artikulua

Erregistroan ageri den informazioaren eguneratzea

Estatu kideek ziurtatu egingo dute legezko ikuskatzaileek eta ikuskapen-elkarteek arrazoitu gabeko atzerapenik gabe jakinaraziko dietela Erregistro publikoko ardura duten agintari eskudunei Erregistro publikoan ageri den informazioaren edozein aldaketa. Erregistroa arrazoitu gabeko atzerapenik gabe eguneratuko da jakinarazpena egin eta gero.

19. artikulua

Erregistroan ageri den informazioaren erantzukizuna

16., 17. eta 18. artikuluei jarraiki agintari eskudunei jakinarazten zaien informazioa legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak sinatu beharko du. Agintari eskudunak informazioa formatu elektronikoan eskuragarri jar dadila erabakitzen duenean, hori posible egingo da, adibidez, sinadura elektroniko baten bitartez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1999ko abenduaren 13ko 1999/93/EE Zuzentarauaren 2. artikuluaren 1. puntuan ezartzen denaren arabera, horren bitartez ezarri baitzen sinadura elektronikorako esparru komunitarioa().

20. artikulua

Hizkuntza

1. Interesa duen estatu kidean aplikatu beharreko hizkuntza-arauek onartutako hizkuntzetako batean landuko da erregistro publikoan sartutako informazioa.

2. Erregistro publikoan informazioa Erkidegoko beste hizkuntza ofizialetako batean edo batzuetan ere sartzea onartu ahal izango dute estatu kideek. Estatu kideek informazioaren itzulpena zinpeko itzulpena izatea eskatu ahal izango dute. Interesa duen estatu kideak ziurtatu egingo du beti erregistroak zinpeko itzulpena dela adierazten duela.

IV. KAPITULUA

ETIKA PROFESIONALA, INDEPENDENTZIA, OBJEKTIBOTASUNA KONFIDENTZIALTASUNA ETA LANBIDE-SEKRETUA

21. artikulua

Etika profesionala

1. Estatu kideek ziurtatu egingo dute legezko ikuskatzaile eta ikuskapen-elkarte guztiak etika profesionaleko printzipioen mende daudela. Printzipio horiek euren baitan hartuko dituzte gutxienez elkartearen interes publikoko funtzioa, euren zuzentasuna eta objektibotasuna, eta baita euren gaitasun profesionala eta behar bezalako ardura ere.

2. Ikuskapen-funtzioarekiko konfiantza eta artikulu honen 1. paragrafoaren aplikazio uniformea bermatzeko, Batzordeak, 48. artikuluaren 2. paragrafoan ageri den prozedurari jarraiki, etika profesionaleko printzipioetan oinarritutako egikaritze-neurriak hartu ahal izango ditu.

22. artikulua

Independentzia eta objektibotasuna

1. Estatu kideek ziurtatu egingo dute, legezko ikuskapena egiten denean, legezko ikuskatzailea eta/edo ikuskapen-elkartea ikuskatutako erakundearekiko independente direla eta ez dutela parte hartzen erakundeak erabakiak hartzeko abiarazten duen prozesuan.

2. Estatu kideek ziurtatu egingo dute legezko ikuskatzaile edo ikuskapen-elkarte batek ez duela legezko ikuskapenik egingo, legezko ikuskatzailearen, ikuskapen elkartearen edo sarearen eta ikuskatutako erakundearen artean finantza-, merkatu- edo lan-harremanen bat edo beste motatakoren bat badago, zuzena ala zeharkakoa –ikuskapenarekin zerikusirik ez duten zerbitzu osagarriak ematea barne-, eta harreman horretan oinarrituta beste eragile objektibo, arrazoizko eta informatu batek legezko ikuskatzailearen edo ikuskapen-elkartearen independentzia arriskuan dagoela ondoriozta badezake. Autoberrikuspenarekin, norberaren interesarekin, abokatutzarekin, senidetasunarekin edo konfiantzarekin nahiz larderiarekin zerikusia duten faktoreen ondorioz legezko ikuskatzailearen edo ikuskapen-elkartearen independentzia arriskuan balego, legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak babes-neurriak jarriko ditu arrisku horiek arintzeko. Jarritako babes-neurrien aldean faktore horien garrantzia bere independentzia arriskuan jartzeko modukoa bada, legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak uko egin beharko dio legezko ikuskapena egiteari.

Gainera, interes publikoko erakundeen legezko ikuskapenei dagokienez, estatu kideek ziurtatu egin beharko dute, legezko ikuskatzailearen edo ikuskapen-elkartearen independentzia babesteko egokia denean, legezko ikuskatzaile edo ikuskapen-elkarte batek ez duela legezko ikuskapenik egingo autoberrikuspeneko edo norberaren intereseko kasuetan.

3. Estatu kideek ziurtatu egingo dute legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak ikuskapeneko lan-paperetan bere independentziarako mehatxu nabarmen guztiak biltzen dituela, eta baita mehatxuak arintzeko aplikatutako babes-neurriak ere.

4. Ikuskapen-funtzioarekiko konfiantza eta artikulu honen 1. eta 2. paragrafoen aplikazio uniformea bermatzeko, Batzordeak, 48. artikuluaren 2. paragrafoan ageri den prozedurari jarraiki, segidan azaltzen direnekin zerikusia duten printzipioetan oinarritutako egikaritze-neurriak hartu ahal izango ditu:

a) 2. paragrafoak erreferentzia egiten dien mehatxuak eta babes-neurriak;

b) 2. paragrafoan ageri diren mehatxuen garrantzia legezko ikuskatzailearen edo ikuskapen-elkartearen independentzia arriskuan jartzeko modukoa denean;

c) 2. paragrafoaren bigarren lerrokadak erreferentzia egiten dien autoberrikuspeneko edo norberaren intereseko kasuak, zeintzuetan legezko ikuskapenak egin daitezkeen edo ez.

23. artikulua

Konfidentzialtasuna eta lanbide-sekretua

1. Estatu kideek ziurtatu egin beharko dute legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak legezko ikuskapena egitean eskuratu ditzakeen informazio guztia eta agiri guztiak konfidentzialtasuneko eta lanbide-sekretuko arau egokiekin babestuta daudela.

2. Legezko ikuskatzaileei edo ikuskapen-elkarteei dagozkien konfidentzialtasuneko eta lanbide-sekretuko arauek ez dute eragotziko Zuzentarau honetako xedapenak aplikatzea.

3. Legezko ikuskatzaile bat edo ikuskapen-elkarte bat beste legezko ikuskatzaile batek edo ikuskapen-elkarte batek ordezkatzen duenean, lehenengoak ahalbidetuko du, legezko ikuskatzaile edo ikuskapen-elkarte berriak eskuratu dezala ikuskatutako erakundearekin zerikusia daukan beharrezko informazio guztia.

4. Ikuskapen-enkargu espezifiko batean parte hartzeari utzi dion legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak eta aspaldiko legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak 1. eta 2. paragrafoetan ageri diren xedapenen mende jarraituko dute ikuskapen-enkargu horri dagokionez.

24. artikulua

Ikuskapen-elkarteen izenean legezko ikuskapena egiten duten legezko ikuskatzaileen independentzia eta objektibotasuna

Estatu kideek ziurtatu egingo dute ikuskapen-elkarte bateko jabeek edo akziodunek eta elkarte horretako administrazio-, kudeaketa- eta gainbegiratze-organoetako kideek ez dutela esku hartuko ikuskapen-elkartearen izenean legezko ikuskapena egiten duen ikuskatzailearen independentzia eta objektibotasuna arriskuan jartzen duen inolako eratako legezko ikuskapenean.

25. artikulua

Ikuskapenarengatiko ordainsariak

Estatu kideek ziurtatu egingo dute arau egokiak daudela legezko ikuskapenengatiko ordainsariek honako baldintza hauek bete ditzaten:

a) ikuskatutako erakundeari zerbitzu gehigarriak emateagatik inolako eraginik ez izatea edo mugatuta egotea;

b) inolako gertakizunetan oinarritu ezin izatea.

V. KAPITULUA

IKUSKAPEN-ARAUAK ETA IKUSKAPEN-TXOSTENA

26. artikulua

Ikuskapen-arauak

1. Legezko ikuskatzaileek eta ikuskapen-elkarteek legezko ikuskapenak Batzordeak ezarritako nazioarteko ikuskapen-arauen arabera egitea eskatuko dute estatu kideek; nazioarteko arauok 48. artikuluaren 2. paragrafoan aipatutako prozedurari jarraiki ezarri zituen Batzordeak. Estatu kideek ikuskapen-arau nazional bat aplikatu ahal izango dute Batzordeak alderdi hori kontuan hartzen duen nazioarteko ikuskapen-araurik ezarri ez badu. Ezartzen diren nazioarteko ikuskapen-arau guztiak osorik argitaratuko dira Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean Erkidegoko hizkuntza ofizial guztietan.

2. Batzordeak nazioarteko ikuskapen-arauek Erkidegoan duten aplikagarritasunaz erabaki ahal izango du 48. artikuluaren 2. paragrafoan ageri den prozeduraren arabera. Batzordeak Erkidegoan aplikatzeko nazioarteko ikuskapen-arauak hartuko ditu baldin eta:

a) prozedura, gainbegiratze publiko eta gardentasun egokiak jarraituz garatu badira eta nazioartean oro har onartzen badira;

b) urteko kontuen eta kontu bateratuen sinesgarritasun- eta kalitate-maila handiei laguntzen badiete, 78/660/EEE Zuzentarauaren 2. artikuluaren 3. paragrafoan eta 83/349/EEE Zuzentarauaren 16. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako printzipioei jarraiki; eta

c) interes publiko europarraren aldekoak badira.

3. Nazioarteko ikuskapen-arauen gehigarri diren prozedurak edo betekizunak baino ezin izango dute ezarri estatu kideek edo, aparteko kasuetan, arau horien zati bat aplikatu gabe utzi ahal izango dute, arauak legezko ikuskapenaren irispenari buruzko betekizun juridiko nazional espezifikoetan oinarritzen badira. Estatu kideek ziurtatu egingo dute ikuskapenerako prozedura edo betekizun horiek 2. paragrafoaren b) eta c) letretan ezarritako baldintzak betetzen dituztela, eta horien berri emango diete Batzordeari eta estatu kideei indarrean jarri aurretik. Nazioarteko ikuskapen-lege baten zatiren bat aplikatzen ez deneko aparteko kasuan, euren betekizun nazional espezifikoak eta horiek mantentzeko arrazoiak jakinarazi beharko dizkiete estatu kideek Batzordeari eta beste estatu kideei betekizunen ezarpen nazionala baino sei hilabete lehenago gutxienez, edo nazioarteko ikuskapen-arau bat ezartzeko unean existitzen diren betekizunen kasuan, dagokion nazioarteko ikuskapen-araua ezarri eta hiru hilabete geroago askoz jota.

4. Estatu kideek urteko kontuei eta kontu bateratuei buruzko betekizun gehigarriak ezarri ahal izango dituzte 2010eko ekainaren 29an bukatuko den eperako.

27. artikulua

Kontu bateratuen legezko ikuskapena

Enpresa-talde baten kontu bateratuen legezko ikuskapenari dagokionez, estatu kideek ziurtatu egin beharko dute:

a) taldearen ikuskatzaileak kontu bateratuei buruzko ikuskapen-txostenaren ardura osoa hartuko duela bere gain;

b) beste herrialde batzuetako ikuskatzaileek, legezko ikuskatzaileek, beste herrialde batzuetako ikuskapen erakundeek edo ikuskapen-elkarteek taldearen ikuskapenerako egindako ikuskapen-lana taldearen ikuskatzaileak berrikusiko duela eta lan horretaz berak egin duen ebaluazioaren dokumentazioa gordeko duela. Taldearen ikuskatzaileak gordetako dokumentazioak taldearen ikuskatzailearen lana behar bezala berrikustea ahalbidetu behar dio agintari eskudunari;

c) 47. artikuluaren araberako lan-hitzarmena ez duten beste herrialde batzuetako ikuskatzaileek edo ikuskapen-erakundeek enpresa-talde bateko kide bat ikuskatzen dutenean, taldearen ikuskatzaileak bermatu egingo duela gainbegiratze publikoko agintariei, eskatzen dutenean, behar bezala emango zaiela beste herrialde bateko ikuskatzaileak edo ikuskapen-erakundeak egindako ikuskapen-lanaren dokumentazioa, taldearen ikuskapenerako beharrezko lan-paperak barne. Informazioa ematen dela bermatzeko asmoz, taldearen ikuskatzaileak dokumentazio horren kopia gordeko du, edo bestela, beste herrialdeko ikuskatzailearekin edo ikuskapen-erakundearekin hitzartu egingo du dokumentazioa egoki eta mugarik gabe eskuratu ahal izango duela eskatzen duenean, edo bestelako neurri egokiak hartuko ditu. Beste herrialde batek taldearen ikuskatzaileari ikuskapen-laneko paperak emateko legezko edo beste mota bateko trabak baleude, ikuskapenari dagokion dokumentazioa eskuratzeko prozedura egokiak aplikatu izanaren froga agertu beharko da taldearen ikuskatzaileak gordetako dokumentazioan, eta legezko trabak izan ordez legedi nazionalak jarritako trabak badira, traba horiek agerian uzten dituen froga.

28. artikulua

Ikuskapen-txostena

1. Ikuskapen-elkarte batek legezko ikuskapena egiten duenean, gutxienez ikuskapen-elkartearen izenean ikuskapena egin duen legezko ikuskatzaileak edo ikuskatzaileek sinatu beharko dute ikuskapen-txostena. Baldintza berezietan, estatu kideek sinadura hori jendaurrean hedatu behar ez izatea erabaki ahal izango dute, hedatzearen ondorioz edozein pertsonaren segurtasunerako berehalako mehatxu garrantzitsua agertu ahalko balitz. Edonola ere, dagokien agintari eskudunei jakinarazi beharko zaie pertsona horren edo horien izena.

2. 78/660/EEE Zuzentarauaren 51 bis artikuluaren 1. paragrafoan azaldutakoa gorabehera, Batzordeak ez badu ikuskapen-txostenetarako arau bakarra ezarri Zuzentarau honen 26. artikuluaren 1. paragrafoaren arabera, Zuzentarau honen 48. artikuluaren 2. paragrafoan azaldutako prozedurari jarraiki ikuskapen-txostenetarako arau bakarra ezarri ahal izango du ezarritako nazioarteko kontularitza-arauei jarraiki egindako urteko kontuetarako edo kontu bateratuetarako, iritzi publikoak ikuskapen-funtzioarekiko daukan konfiantza handitzeko asmoz.

VI. KAPITULUA

KALITATE-KONTROLA

29. artikulua

Kalitatearen kontrol-sistema

1. Estatu kideek ziurtatu egin beharko dute legezko ikuskatzaile eta ikuskapen-elkarte guztiak kalitatearen kontrol-sistema baten mende daudela eta sistema horrek gutxienez irizpide hauek beteko dituela:

a) kalitatearen kontrol-sistema antolatzean, kontrolatu beharreko legezko ikuskatzaileekiko eta ikuskapen-elkarteekiko independente izan behar du sistemak eta VIII. kapituluan ezarritakoaren araberako gainbegiratze publikoaren mende egon behar du;

b) kalitatearen kontrol-sistemaren finantzazioak segurua izan beharko du eta legezko ikuskatzaileen edo ikuskapen-elkarteen behar ez bezalako eragin posibleetatik libre egon beharko du;

c) kalitatearen kontrol-sistemak beharrezko baliabideak eduki beharko ditu;

d) kalitate-kontrolak egiten dituzten pertsonek prestakuntza profesional egokia eta beharrezko esperientzia eduki beharko dituzte legezko ikuskapenetan eta finantza-informazioan, kalitate-kontrolei buruzko prestakuntza zehatzarekin batera;

e) kalitate-kontrolak egiten dituzten pertsonak kalitate-kontroleko zeregin zehatzetarako hautatzen direnean, prozedura objektibo bati jarraiki egin beharko da hautaketa, eta prozedura horrek bermatu egingo du ez dela egongo interes-gatazkarik kontrolak egiten dituzten pertsonen eta kontrolaren helburu den legezko ikuskatzailearen edo ikuskapen-elkartearen artean;

f) kalitate-kontrolaren irismena hautatutako ikuskapen-artxiboen egiaztapenean oinarritzen da, eta bertan, honako hauen ebaluazioa sartu beharko da: ikuskapen-arauak eta aplikatu beharreko independentzia-betekizunak betetzearen ebaluazioa, erabilitako baliabideen kopuruarena eta kalitatearena, ikuskapen-ordainsariena eta ikuskapen-elkartearen kalitatearen barneko kontrol-sistemarena;

g) kalitate-kontrolari buruzko txostena egin beharko da eta bertan kalitate-kontrolaren ondorio nagusiek agertu beharko dute;

h) kalitate-kontrolak sei urtean behin egin beharko dira gutxienez;

i) kalitatearen kontrol-sistemaren emaitza orokorrak urtero argitaratu beharko dira;

j) legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak kalitate-kontrolen gomendioak jarraituko ditu arrazoizko epearen barruan.

Goiko j) letran aipatzen diren gomendioak jarraitzen ez badira, legezko ikuskatzailea edo ikuskapen-elkartea 30. artikuluan aipatzen den diziplinazko ekintzen edo zigorren sistemaren mende egongo da.

2. Iritzi publikoak ikuskapen-funtzioarekiko daukan konfiantza handitzeko eta 1. paragrafoaren a), b) eta e)-tik j)-rainoko letren aplikazio uniformea bermatzeko, Batzordeak, 48. artikuluaren 2. paragrafoan ageri den prozedurari jarraiki, egikaritze-neurriak hartu ahal izango ditu.

VII. KAPITULUA

IKERKETA ETA ZIGORRAK

30. artikulua

Ikerketa-sistema eta zigorren sistema

1. Estatu kideek ziurtatu egingo dute ikerketarako eta zigorretarako sistema eraginkorrak daudela legezko ikuskaritza oker egiten denean antzemateko, zuzentzeko eta prebenitzeko.

2. Estatu kideen erantzukizun zibileko erregimenei kalterik egin gabe, estatu kideek zigor eraginkorrak, proportzionatuak eta disuasiozkoak edukiko dituzte legezko ikuskatzaileentzat eta ikuskapen-elkarteentzat, legezko ikuskapenak ez direnean egiten Zuzentarau honen aplikaziorako ezarritakoari jarraiki.

3. Estatu kideek ezarri egingo dute legezko ikuskatzaileei eta ikuskapen-elkarteei jarritako neurriek eta ezarritako zigorrek hedapen publiko egokia izatea. Zigorren artean baimena kentzeko aukera ere egongo da.

31. artikulua

Ikuskatzaileen erantzukizun zibila

2007ko urtarrilaren 1a baino lehen, Batzordeak txostena aurkeztuko du esanez zein eragin daukaten erantzukizun zibilari buruz indarrean dauden arau nazionalek kapitalen merkatu europarretan eta legezko ikuskatzaileen eta ikuskapen-elkarteen aseguru-erregimenetan; txostenean finantza-erantzukizunaren mugen azterketa objektiboa ere egongo da. Beharrezkoa bada, Batzordeak galdeketa publikoa egingo du. Txosten hori kontuan hartuta, Batzordeak, hala badagokio, estatu kideentzako gomendioak aurkeztuko ditu.

VIII. KAPITULUA

GAINBEGIRATZE PUBLIKOA ETA HITZARMEN ERREGULATZAILEAK ESTATU KIDEEN ARTEAN

32. artikulua

Gainbegiratze publikoko printzipioak

1. Estatu kideek gainbegiratze publikorako sistema eraginkorra antolatuko dute legezko ikuskatzaileentzat eta ikuskapen-elkarteetarako 2.etik 7.erainoko paragrafoetan ezarritako printzipioetan oinarrituta.

2. Legezko ikuskatzaile eta ikuskapen-elkarte guztiak gainbegiratze publikoaren mende egongo dira.

3. Gainbegiratze publikorako sistema lanbidetik kanpoko pertsonek zuzenduko dute, legezko ikuskapenerako beharrezko esparruetako jakintza ona dutenak. Hala ere, estatu kideek onar dezakete sektoreko profesionalen gutxiengo batek gainbegiratze publikorako sistemaren gobernantzan parte hartzea. Gainbegiratze publikorako sistemaren gobernantzan parte hartuko duten pertsonak, izendapen-prozesu independente eta garden bati jarraiki hautatu behar dira.

4. Gainbegiratze publikorako sistemak azken erantzukizuna edukiko du hauek gainbegiratzean:

a) legezko ikuskatzaile eta ikuskapen-elkarteen baimena eta erregistroa;

b) etika profesionaleko, ikuskapen-elkarteen kalitatearen barneko kontrol-sistemako eta ikuskapeneko neurriak hartzea, eta

c) etengabeko prestakuntza, kalitate-kontrola eta ikerketa- eta diziplina-sistemak.

5. Gainbegiratze publikorako sistemak, beharrezkoa bada, legezko ikuskatzaileak eta ikuskapen-elkarteak ikertzeko eta neurri egokiak ezartzeko eskubidea edukiko du.

6. Gainbegiratze publikorako sistemak gardena izan beharko du, beraz, urteko lan-programak eta jarduera-txostenak argitaratu beharko dira.

7. Gainbegiratze publikorako sistemak finantzazio egokia eduki beharko du. Gainbegiratze publikorako sistemaren finantzazioak segurua izan beharko du eta legezko ikuskatzaileen edo ikuskapen-elkarteen behar ez bezalako eragin posibleetatik libre egon beharko du.

33. artikulua

Gainbegiratze publikorako sistemen arteko lankidetza Erkidegoan

Estatu kideek ziurtatu egingo dute gainbegiratze publikorako sistemetarako hitzarmen erregulatzaileek lankidetza eraginkorra ahalbidetzen dutela Erkidego osoan estatu kideen gainbegiratze-jardueren inguruan. Horretarako, estatu kideek erakunde jakin bati emango diote lankidetzaz arduratzeko erantzukizuna.

34. artikulua

Estatu kideen arteko hitzarmen erregulatzaileen onarpena elkarren artean

3. Estatu kideen hitzarmen erregulatzaileek erregulatze- eta gainbegiratze-printzipioa errespetatuko dute legezko ikuskatzailea edo ikuskapen-elkartea baimenduta dagoen eta ikuskatutako erakundeak egoitza soziala daukan estatu kidearen jatorrizko herrialdean.

4. Kontu bateratuen legezko ikuskapenari dagokionez, kontu bateratuen legezko ikuskapena eskatzen duen estatu kideak ezin izango dizkio eskatu beste estatu kide batean ezarritako filial baten legezko ikuskapena egiten duen legezko ikuskatzaileari edo ikuskapen-elkarteari, legezko ikuskapenari buruzko betekizun gehigarriak erregistroari, kalitate-kontrolari, ikuskapen-arauei, etika profesionalari eta independentziari dagokienez.

5. Enpresak egoitza soziala daukan estatu kidea ez den beste estatu kide baten merkatu erregulatuan balioak negoziagarri dituen enpresari dagokionez, balioak negoziatzen direneko estatu kideak ezin izango dizkio ezarri enpresa horren urteko kontuen edo kontu bateratuen legezko ikuskapena egiten duen legezko ikuskatzaileari edo ikuskapen-elkarteari, legezko ikuskapenari buruzko betekizun gehigarriak erregistroari, kalitate-kontrolari, ikuskapen-arauei, etika profesionalari eta independentziari dagokienez.

35. artikulua

Agintari eskudunen izendapena

1. Estatu kideek agintari eskudun bat edo batzuk izendatuko dituzte Zuzentarau honetan ageri diren funtzioetarako. Estatu kideek izendapen horien berri emango diote Batzordeari.

2. Agintari eskudunak antolatzean, interes-gatazkak saihestu behar dira.

36. artikulua

Lanbide-sekretua eta lankidetza arautzailea estatu kideen artean

1. Baimenaren, erregistroaren, kalitate-kontrolaren, ikerketen eta diziplina-erregimenaren ardura duten estatu kideetako agintari eskudunak lankidetzan arituko dira Zuzentarau honi jarraiki dauzkaten erantzukizunak betetzeko beharrezkoa den guztietan. Baimenaren, erregistroaren, kalitate-kontrolaren, ikerketen eta diziplina-erregimenaren ardura duten estatu kide bateko agintari eskudunek laguntza emango diete beste estatu kide batzuetako agintari eskudunei. Agintari eskudunek informazioa elkar trukatuko dute eta lankidetzan arituko dira legezko ikuskapenak egitearekin lotutako ikerketetan bereziki.

2. Lanbide-sekretua derrigorrezkoa izango da agintari eskudunentzat lan egiten duten edo lan egin duten pertsona guztientzat. Lanbide-sekretuak bere baitan hartzen duen informazioa ezin izango zaio eman beste pertsona edo agintari bati, estatu kide bateko legeek, erregelamenduek edo prozedura administratiboek hala eskatzen dutenean izan ezik.

3. 2. paragrafoan azaldutakoa ez da oztopo izango agintari eskudunek informazio konfidentziala elkar truka dezaten. Horrela trukatutako informazioa derrigorrez egongo da agintari eskudunen enplegatu diren edo izan diren pertsonek bete beharreko lanbide-sekretupean.

4. Eskatuz gero, agintari eskudunek atzerapenik gabe emango dute 1. paragrafoan aipatutako asmorako behar den edozein informazio. Beharrezkoa izanez gero, horrelako eskaria jasotzen duten agintari eskudunek atzerapenik gabe hartuko dituzte eskatutako informazioa biltzeko beharrezko neurriak. Horrela emandako informazioa derrigorrez egongo da informazioa jaso duten agintari eskudunen enplegatu diren edo izan diren pertsonek bete beharreko lanbide-sekretupean.

Informazioa eskatzen zaion agintari eskudunak ezin badu eskatutako informazioa atzerapenik gabe eman, eskaria egin duen agintari eskudunari jakinaraziko dizkio arrazoiak.

Agintari eskudunek informazio-eskari bati bide emateari uko egin ahal izango diote kasu hauetan:

a) informazioa emateak eskaria jaso duen estatu kideko subiranotasunari, segurtasunari edo ordena publikoari kalte egin diezaiokeenean edo segurtasun-neurri nazionalak urratu ditzakeenean, edo

b) eskaria jaso duen estatu kidearen agintarien aurrean ekintza berberetan eta legezko ikuskatzaile eta ikuskapen-elkarte berberen aurka prozedura judizialak hasi direnean, edo

c) eskaria jaso duen estatu kideko agintari eskudunek ekintza berberetan eta legezko ikuskatzaile eta ikuskapen-elkarte berberen aurka epai irmoa eman dutenean.

Prozedura judizialetan dauzkaten betebeharrei kalterik egin gabe, 1. paragrafoaren arabera informazioa jasotzen duten agintari eskudunek, informazioa, Zuzentarau honen esparruan dituzten funtzioak egiteko eta funtzio horiek egitearekin zehazki lotutako prozedura administratibo edo judizialen esparruan baino ezin izango dute erabili.

5. Agintari eskudun batek beste estatu kide baten lurraldean Zuzentarau honen aurkako jarduerak egiten ari direla edo egin direla ondorioztatzen duenean, ahalik eta zehatzen jakinaraziko dio beste estatu kideko agintari eskudunari. Beste estatu kideko agintari eskudunak beharrezko neurriak hartuko ditu. Emaitzaren eta, ahal den neurrian, tarteko aurrerapen nabarmenen berri ematen duen agintaritza eskudunari jakinaraziko dio.

6. Halaber, estatu kide bateko agintaritza eskudun batek beste estatu kide bateko agintaritza eskudunak beste estatu kide horretan ikerketa bat egin dezala eska dezake.

Gainera, ikerketaren bitartean bere langileetako batzuek beste estatu kide horretako agintaritza eskudunaren langileei laguntzea onar dadila eskatu ahal izango du.

Ikerketa, berau egiten den estatu kidearen kontrol orokorraren mende egongo da guztiz.

Agintari eskudunek uko egin ahal izango diote ikerketa bat egiteko eskariari erantzuteari, lehenengo paragrafoan ezartzen den bezala, edo beste estatu kide bateko agintari eskudunaren langileek bere langileei laguntzeari, bigarren paragrafoan ezartzen den bezala, honako hauetan:

a) ikerketa horrek eskaria jaso duen estatu kideko subiranotasunari, segurtasunari edo ordena publikoari kalte egin diezaiokeenean, edo

b) eskaria jaso duen estatu kidearen agintarien aurrean ekintza berberetan eta pertsona berberen aurka prozedura judizialak hasi direnean, edo

c) eskaria jaso duen estatu kideko agintari eskudunek ekintza berberetan eta pertsona berberen aurka epai irmoa eman dutenean.

7. Batzordeak, 48. artikuluaren 2. paragrafoan ageri den prozeduraren arabera, egikaritze-neurriak ezarri ahal izango ditu agintari eskudunen artean lankidetza errazteko informazio-trukeari buruzko eta artikulu honetako 2. paragrafotik 4.erainokoetan ezarritako mugaz haraindiko ikerketei buruzko prozedurei dagokienez.

IX. KAPITULUA

IZENDAPENA ETA KARGU-UZTEA

37. artikulua

Legezko ikuskatzaileen edo ikuskapen-elkarteen izendapena

5. Ikuskatutako erakundeko akziodunen edo kideen batzar nagusiak izendatuko ditu legezko ikuskatzailea edo ikuskapen-elkartea.

6. Legezko ikuskatzailea edo ikuskapen-elkartea izendatzeko beste sistema edo modu batzuk onartu ahal izango dituzte estatu kideek, baldin eta legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak ikuskatutako erakundeko administrazio-organoko kide exekutiboen edo kudeaketa-organoaren aurrean daukan independentzia bermatzea bada sistema eta modu horien helburua.

38. artikulua

Legezko ikuskatzaileen edo ikuskapen-elkarteen kargugabetzea eta dimisioa

1. Estatu kideek ziurtatu egingo dute legezko ikuskatzaileen edo ikuskapen-elkarteen kargugabetzea arrazoi justifikatuak daudenean baino ez izatea posible. Kontularitza-tratamenduei edo ikuskapen-prozedurei buruzko iritzien arteko desadostasuna ez da izango kargugabetzerako arrazoi justifikatua.

2. Estatu kideek zaindu egingo dute ikuskatutako erakundeak eta legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak gainbegiratze publikoaren ardura duen agintariari edo agintariei jakinaraziko dietela legezko ikuskatzailearen edo ikuskapen-elkartearen kargugabetzea edo dimisioa izendatu dituzten epearen bitartean, eta horretarako arrazoien azalpen egokia emango dietela.

X. KAPITULUA

INTERES PUBLIKOKO ERAKUNDEEN LEGEZKO IKUSKAPENERAKO XEDAPEN BEREZIAK

39. artikulua

Kotizazio ofizialik ez duten interes publikoko erakundeei aplikatzea

Estatu kideek kapitulu honetako betekizun batetik edo batzuetatik salbuetsi ahal izango dituzte 2004/39/EE Zuzentarauaren 4. artikuluaren 1. paragrafoaren 14. puntuaren arabera erregulatutako merkatu batean kotizatzeko onartu den balio negoziagarririk jaulki ez duten interes publikoko erakundeak eta euren legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak.

40. artikulua

Gardentasun-txostena

1. Estatu kideek ziurtatu egingo dute interes publikoko erakundeen legezko ikuskapena edo ikuskapenak egiten dituzten legezko ikuskatzaileek eta ikuskapen-elkarteek gardentasun-txostenak argitaratuko dituztela Interneteko euren guneetan, finantza-ariketa bakoitza amaitu eta hiru hil geroago askoz jota, eta txosten horietan gutxienez hau agertuko dela:

a) legezko egituraren eta jabetzaren deskribapena;

b) ikuskapen-elkartea sare batekoa denean, sarearen deskribapena eta sarearen legezko eta egiturazko hitzarmenena;

c) ikuskapen-elkartearen gobernantza-egituraren deskribapena;

d) ikuskapen-elkartearen kalitatearen barneko kontrol-sistemaren deskribapena eta administrazio- edo kudeaketa-organoak sistemaren funtzionamenduaren eraginkortasunari buruz egindako adierazpena;

e) 29. artikuluan aipatzen den azken kalitate-kontrola noiz izan zen argitzeko oharra;

f) ikuskapen-elkarteak aurreko urtean interes publikoko zein erakunderi egin dizkion legezko ikuskaritzak, zerrenda batean;

g) ikuskapen-elkartearen independentzia-praktikei buruzko adierazpena, zeinek baieztatuko duen independentzia-betekizunen barne-azterketa egin dela;

h) 13. artikuluan aipatutako legezko ikuskatzaileen etengabeko prestakuntzaz ikuskapen-elkarteak egindako politikari buruzko adierazpena;

i) finantza-informazioa, zeinek agerian utziko duen, batetik, ikuskapen-elkartearen garrantzia, eta bestetik, negozioen bolumen guztia honela xehatua: urteko kontuen eta kontu bateratuen legezko ikuskapenaren ordainsariak eta ikuskapenekoak ez diren beste zerbitzu batzuengatik jasotako ordainsariak, hala nola, egiaztapen-zerbitzuengatik, aholkularitza fiskaleko zerbitzuengatik eta bestelakoengatik;

j) bazkideen ordainketarako oinarriei buruzko informazioa;

Baldintza berezietan, estatu kideek f) letran azaldutako betekizunaren aplikazioa bertan behera utzi ahal izango dute, edozein pertsonaren segurtasunerako berehalako mehatxu garrantzitsuren bat saihesteko beharrezkoa den neurrian.

2. Legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak sinatuko du gardentasun-txostena, kasuaren arabera. Adibidez, sinadura elektroniko bidez egin ahal izango da, 1999/93/EE Zuzentarauaren 2. artikuluaren 1. paragrafoan zehazten den bezala.

41. artikulua

Ikuskapen-lantaldea

1. Interes publikoko erakunde bakoitzak ikuskapen-lantalde bat edukiko du. Estatu kideek zehaztu egingo dute ea administrazio-organoko kide ez exekutiboek eta/edo ikuskatutako erakundeko gainbegiratze-organismoko kideek eta/edo ikuskatutako erakundeko akziodunen batzar nagusiak izendatutako kideek osatzen dituzten ikuskapen-lantaldeak. Ikuskapen-lantaldeko kide bat gutxienez independentea izango da eta jakintza izango du kontularitzan, ikuskapenean edo bietan.

Estatu kideek onartu ahal izango dute, 2003/71/EE () Zuzentarauaren 2. artikuluaren 1. paragrafoaren f) letran ageri diren irizpideak betetzen dituzten interes publikoko erakundeetan, ikuskapen-lantaldeari dagozkion funtzioak administrazio-organoak edo gainbegiratze-organismoak oro har egin ditzala, eta horretarako gutxieneko baldintza izango da organismo horretako presidentea kide exekutiboa denean bera ez izatea ikuskapen-lantaldeko presidentea.

2. Administrazio- edo kudeaketa-organoko kideen, edo gainbegiratze-organismoko kideen zein ikuskatutako erakundeko akziodunen batzar nagusiak izendatutako beste kideen erantzukizunari kalterik egin gabe, ikuskapen-lantaldeak, besteak beste:

a) finantza-informazioaren aurkezpen-prozesua gainbegiratuko du;

b) enpresaren barne-kontrolaren eraginkortasuna, barne-ikuskapena, beharrezkoa denean, eta arriskuen kudeaketarako sistemak gainbegiratuko ditu;

c) urteko kontuen eta kontu bateratuen legezko ikuskapena gainbegiratuko du;

d) legezko ikuskatzailearen edo ikuskapen-elkartearen independentzia aztertu eta gainbegiratuko du eta, bereziki, ikuskatutako erakundeari zerbitzu gehigarriak ematea.

1. Legezko ikuskatzaile bat edo ikuskapen-elkarte bat izendatzeko interes publikoko erakunde baten administrazio-organoak edo gainbegiratze-organismoak egiten duen proposamena ikuskapen-lantaldeak aurkeztutako gomendioan oinarrituko da.

2. Legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak legezko ikuskapenean sortzen diren kontu garrantzitsuak jakinarazi beharko dizkio ikuskapen-lantaldeari, bereziki, barne kontrolak finantza-informazioaren aurkezpen-prozesuaren inguruan dauzkan ahulgune garrantzitsuak.

3. Estatu kideek onartu edo erabaki ahal izango dute 1etik 4rako paragrafoetan ezarritako xedapenak ez aplikatzea ikuskapen-lantaldearen antzeko organismoa daukaten interes publikoko erakundeei, betiere, organismo hori ikuskatutako erakundea erregistratuta dagoen estatu kideak erabakitakoaren arabera ezarrita badago eta horren arabera funtzionatzen badu. Halakoetan, erakundeak publiko egin beharko du funtzio horiek betetzen dituen organismoa eta bere osaera.

4. Estatu kideek ikuskapen-lantaldea derrigorrez edukitzetik salbuetsi ahal izango dituzte hauek:

a) 83/349/EEE Zuzentarauaren 1. artikuluaren arabera enpresa filiala den interes publikoko edozein erakunde, erakundeak artikulu honetako 1etik 4.erainoko paragrafoetan ezarritako betekizunak betetzen baditu talde-mailan;

b) 85/611/EEE Zuzentarauaren 1. artikuluaren 2. paragrafoan zehazten denaren arabera inbertsio kolektiborako organismoa den interes publikoko edozein erakunde. Halaber, publikoarengandik lortutako kapitalen inbertsio kolektiboa helburu bakartzat duten, arriskuen banaketaren printzipioaren mende funtzionatzen duten eta euren azpiko inbertsioen jaulkitzaileen lege- edo kudeaketa-kontrola euren gain hartu nahi ez duten interes publikoko erakundeak salbuetsi ahal izango dituzte estatu kideek, baldin eta inbertsio kolektiboko organismo horiek agintari eskudunen baimena badaukate eta agintari horien gainbegiratzearen mende badaude eta 85/611/EEE Zuzentarauan ageri diren funtzioen funtzio baliokideak betetzen dituen gordailuzain bat badaukate;

c) interes publikoko edozein erakunde baldin eta bere jarduera bakarra aktiboek bermatutako balioen jaulkitzaile moduan jokatzea bada, Batzordearen 809/2004 Erregelamenduaren (EE) 2. artikuluaren 5. paragrafoan () zehazten den bezala. Halakoetan, estatu kideek eskatu egingo diote erakundeari jendaurrean azal dezala zein arrazoirengatik ez duen egokitzat jotzen ikuskapen-lantalde bat edo ikuskapen-lantalde baten funtzioak egiteaz arduratuko den administrazio-organoa edo gainbegiratze-organismoa edukitzea;

d) edozein kreditu-erakunde, 2000/12/EE Zuzentarauaren 1. artikuluaren 1. paragrafoaren zentzuan, baldin eta horren akzioak kotizatzeko onartzen ez badira 2004/39/EE Zuzentarauaren 4. artikuluaren 1. paragrafoaren 14. puntuak erregulatutako inolako estatu kideren merkatuan, edota era jarraituan edo behin eta berriro kreditu-tituluak baino jaulki ez baditu —betiere kreditu-titulu horien zenbateko nominal guztia 100 000 000 eurotik beherakoa bada— eta liburuxkarik argitaratu ez badu 2003/71/EE Zuzentarauaren esparruan.

42. artikulua

Independentzia

1. 22. eta 24. artikuluetan ezarritako xedapenez gain, estatu kideek ziurtatu egingo dute interes publikoko erakunde baten legezko ikuskapena egiten duten legezko ikuskatzaileek edo ikuskapen-elkarteek:

a) ikuskatutako interes publikoko erakundearekiko euren independentzia egiaztatuko diotela urtero idatziz ikuskapen-lantaldeari;

b) ikuskatutako erakundeari emandako edozein motatako zerbitzu gehigarriak urtero jakinaraziko dizkiotela ikuskapen-lantaldeari, eta

c) ikuskapen-lantaldearekin aztertu egingo dituztela euren independentzia arriskuan jar dezaketen mehatxuak eta horiek arintzeko hartu diren babes-neurriak, 22. artikuluaren 3. paragrafoaren arabera.

2. Estatu kideek ziurtatu egingo dute legezko ikuskapena egiteaz arduratuko den bazkide ikuskatzaile nagusia edo nagusiak legezko ikuskapenaren kontratuaren txandakatzea edukiko dutela askoz jota zazpi urteko epean izendapenaren datatik aurrera, eta ikuskatutako erakundearen ikuskapenean berriro parte hartzeko baimena gutxienez urte biko epea igaro eta gero baino ez izatea.

3. Ez da onartuko legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkartearen izenean legezko ikuskapena egiten duen bazkide ikuskatzaile nagusiak kudeaketa-postu garrantzitsua hartzea ikuskatutako erakundean, gutxienez urte biko epea igaro arte legezko ikuskatzaile moduan edo ikuskapen-kontratuaren bazkide ikuskatzaile nagusi moduan dimisioa ematen duenetik.

43. artikulua

Kalitate-kontrola

29. artikuluan aipatutako kalitate-kontrola gutxienez hiru urtean behin egingo da interes publikoko erakundeetan legezko ikuskapenak egiten dituzten legezko ikuskatzaileentzat edo ikuskapen-elkarteentzat.

XI. KAPITULUA

NAZIOARTEKO GAIAK

44. artikulua

Beste herrialde batzuetako ikuskatzaileei baimena ematea

1. Elkarrekikotasunerako asmoz, estatu kide bateko agintari eskudunek legezko ikuskatzailearen baimena eman ahal izango diote beste herrialde bateko ikuskatzaileari, baldin eta 4. artikuluan eta 6.etik 13.erainokoetan ezarritako baldintzen baliokideak betetzen dituela egiaztatzeko probak aurkezten baditu.

2. Lehenengo paragrafoan ezarritako betekizunak betetzen dituen beste herrialde bateko ikuskatzaile bati baimena eman aurretik, estatu kideetako agintari eskudunek 14. artikuluan ezarritako betekizunak eskatuko dituzte.

45. artikulua

Beste herrialde batzuetako ikuskatzaileen eta ikuskapen-elkarteen erregistroa eta gainbegiratzea

1. Estatu kide bateko agintari eskudunek, 15.etik 17.erainoko artikuluen arabera, beste herrialde batzuetako ikuskatzaile eta ikuskapen-erakunde guztiak erregistratuko dituzte, baldin eta Erkidegotik kanpo osatutako enpresa baten urteko kontuen edo kontu bateratuen ikuskapenari buruzko txostena aurkezten badute eta enpresa horren balio negoziagarriak kotizatzeko onartu badira 2004/39/EE Zuzentarauaren 4. artikuluaren 1. paragrafoaren 14. puntuaren arabera erregulatutako estatu kide horretako merkatu batean, enpresak zor-tituluak baino jaulkitzen ez dituenean izan ezik, titulu horiek kotizatzeko onartu badira 2004/109/EE Zuzentarauaren 2. artikuluaren 1. paragrafoaren b) letraren () arabera erregulatutako estatu kide bateko merkatu batean eta euretako bakoitzaren balio nominala 50 000 eurokoa bada gutxienez edo, beste moneta batean izendatutako zor-tituluei dagokienez, gutxienez 50 000 eurokoa bada, jaulkipen-datan.

2. 18. eta 19. artikuluak aplikatu beharrekoak izango dira.

3. Estatu kideek euren gainbegiratze-sistemaren, kalitatearen kontrol-sistemaren, ikerketa-sistemaren eta zigorren sistemaren mende jarriko dituzte beste herrialde batzuetako erregistratutako ikuskatzaileak eta ikuskapen-elkarteak. Estatu kide batek beste herrialde bateko erregistratutako ikuskatzaile edo ikuskapen-elkarte bat bere kalitatearen kontrol-sistemaren mende egotetik salbuetsi ahal izango du, baldin eta beste estatu kide bateko kalitatearen kontrol-sistemak edo 46. artikuluaren arabera baliokidetzat jo den beste herrialde bateko kalitatearen kontrol-sistemak beste herrialde bateko ikuskatzaile edo ikuskapen-elkarte horri kalitate-kontrola egin badio aurreko hiru urteetan.

4. 46. artikuluan erabakitakoari kalterik egin gabe, artikulu honen 1. paragrafoan aipatutako urteko kontuei edo kontu bateratuei buruzko ikuskapen-txostenek, estatu kidean erregistratu gabeko beste herrialde batzuetako ikuskatzaileek edo ikuskapen-elkarteek egin badituzte, ez dute efektu juridikorik izango estatu kide horretan.

5. Estatu kide batek honakoetan baino ezin izango du erregistratu beste herrialde bateko ikuskapen-erakunde bat:

a) 3. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako betekizunen baliokideak betetzen dituenean;

b) beste herrialde bateko ikuskapen-erakundeko administrazio- edo kudeaketa-organoko kide gehienek 4.etik 10.erainoko artikuluetan ezarritako betekizunen baliokideak betetzen dituztenean;

c) beste herrialde bateko ikuskapen-erakundeko administrazio- edo kudeaketa-organoko kide gehienek 4.etik 10.erainoko artikuluetan ezarritako betekizunen baliokideak betetzen dituztenean;

d) 1. paragrafoan aipatutako urteko kontuen edo kontu bateratuen ikuskapenak 26. artikuluan aipatutako nazioarteko ikuskapen-arauen arabera eta 22., 24. eta 25. artikuluetan ezarritako betekizunen arabera egiten direnean edo arau eta betekizun baliokideen arabera egiten direnean;

e) Interneteko bere gunean, 40. artikuluan aipatutako informazioa jasotzen duen urteko gardentasun-txostena argitaratzen duenean edo informazioa emateari buruzko betekizun baliokideak betetzen baditu.

6. 5. paragrafoaren d) letran adierazitakoa era uniformean aplikatzen dela bermatzeko, bertan aipatzen den baliokidetasuna Batzordeak ebaluatuko du estatu kideekin lankidetzan; 48. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera hartuko du Batzordeak dagokion erabakia. Batzordearen erabaki horren zain, estatu kideek 5. paragrafoaren d) letran aipatzen den baliokidetasuna ebaluatu ahal izango dute, Batzordeak horri buruzko erabakia hartzen duenera arte.

46. artikulua

Salbuespena baliokidetasuna egonez gero

1. Estatu kideek elkarrekikotasunari buruzko 45. artikuluaren 1. eta 3. paragrafoetako betekizunak aldatzeko edo ez aplikatzeko aukera izango dute, baldin eta beste herrialde batzuetako ikuskatzaileak edo ikuskapen-erakundeak gainbegiratze publikorako, kalitate-kontrolerako, ikerketarako eta zigorretarako sistemen mende badaude beste herrialde horretan eta sistema horiek 29., 30. eta 32. artikuluetako betekizunen baliokideak betetzen badituzte.

2. Artikulu honen 1. paragrafoan adierazitakoa era uniformean aplikatzen dela bermatzeko, bertan aipatzen den baliokidetasuna Batzordeak ebaluatuko du estatu kideekin lankidetzan, eta Batzordeak berak hartuko du dagokion erabakia 48. artikuluaren 2. paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera. Batzordeak erabakirik hartzen ez duen bitartean, estatu kideek artikulu honen 1. paragrafoan aipatzen den baliokidetasuna ebaluatu ahal izango dute edo beste estatu kide batzuek egindako ebaluazioak hartu ahal izango dituzte kontuan. Batzordeak 1. paragrafo horretan aurreikusitako baliokidetasun-baldintzak asetzen ez direla erabakiz gero, baimena eman ahal izango die ikuskatzaileei eta ikuskapen-erakundeei euren ikuskapen-jarduerekin jarrai dezaten dagokion estatu kideak ezarritako baldintzetan eta iraupen egokia daukan trantsizio-epe baten bitartean.

3. Estatu kideek Batzordeari jakinaraziko dizkiote:

a) baliokidetasunari buruzko euren ebaluazioak 2. paragrafoan aurreikusitakoaren arabera;

b) beste herrialde batzuetako gainbegiratze publikorako, kalitate-kontrolerako, ikerketarako eta zigorretarako sistemekin lankidetzan aritzeko formulen elementu nagusiak, 1. paragrafoan ezarritakoan oinarrituta.

47. artikulua

Lankidetza beste herrialde batzuetako agintari eskudunekin

1. Estatu kideek onartu ahal izango dute beste herrialde bateko agintari eskudunei eurek baimendutako legezko ikuskatzaileen nahiz ikuskapen-elkarteen esku dauden ikuskapeneko lan-paperak edo beste agiri batzuk bidaltzea, baldin eta:

a) ikuskapeneko lan-paper horiek edo beste agiriak beste herrialde horretan balioak jaulki dituzten konpainien ikuskapenekin edo beste herrialde horretan kontu bateratuak hedatzen dituen talde bateko kideak diren konpainien ikuskapenekin lotuta badaude;

b) bidalketa hori jatorrizko herrialdeko agintari eskudunen bitartez egiten bazaie beste herrialdeko agintari eskudunei eta azken horiek eskatuta egiten bada;

c) dagokion beste herrialdeko agintari eskudunek 3. paragrafoaren arabera egokitzat jotzen diren betekizunak betetzen badituzte;

d) elkarrekikotasunean oinarritutako lan-akordioak badaude, eta akordio horiek dagokien agintari eskudunen artean adostu badituzte;

e) beste herrialdeari egindako datu pertsonalen transferentzia 95/46/EE Zuzentarauaren IV. kapituluaren arabera egin bada.

2. 1. paragrafoaren d) letran aipatutako lan-akordioek hau bermatuko dute:

a) ikuskapeneko lan-paperak edo beste agiri batzuk eskatu izanaren arrazoiari buruz azalpena emango dutela agintari eskudunek;

b) informazioa jasotzen duen beste herrialde horretako agintari eskudunen enplegatu diren edo izan diren pertsonek lanbide-sekretua zaindu beharko dutela derrigorrez;

c) beste herrialdeko agintari eskudunek ikuskapeneko lan-paperak eta beste agiriak euren funtzioak betetzeko baino ezin izango dituztela erabili, hau da, gainbegiratze publikorako, kalitate-kontrolerako eta ikerketetarako funtzioak, zeintzuek 29., 30. eta 32. artikuluetako betekizunen baliokideak beteko dituzten;

d) beste herrialde bateko agintari eskudunek legezko ikuskatzaileen nahiz ikuskapen-elkarteen esku dauden ikuskapeneko lan-paperak edo beste agiri batzuk jasotzeko egiten duten eskaria gaitzetsi ahal izango dela honelako zerbait gertatzen denean:

— lan-paper edo agiri horiek emateak Erkidegoko edo eskaria jaso duen estatu kideko subiranotasunari, segurtasunari edo ordena publikoari kalte egin diezaiokeenean, edo

— eskaria jaso duen estatu kidearen agintarien aurrean ekintza berberetan eta pertsona berberen aurka prozedura judizialak hasi direnean.

3. 1. paragrafoaren c) letran aipatutako egokitzapena Batzordeak erabakiko du 48. artikuluaren 2. paragrafoan aipatutako prozeduraren arabera, agintari eskudunen arteko lankidetza errazteko asmoz. Egokitzapenaren balorazioa estatu kideekin lankidetzan egingo da eta 36. artikuluko betekizunetan edo funtsezko gauzetarako baliokideak diren emaitza funtzionaletan oinarrituko da. Estatu kideek beharrezko neurriak hartuko dituzte Batzordearen erabakira egokitzeko.

4. Ez ohiko egoeretan, eta 1. paragrafoan ezarritakoa gorabehera, estatu kideek onartu ahal izango dute beste herrialde bateko agintari eskudunei eurek baimendutako legezko ikuskatzaileek nahiz ikuskapen-elkarteek ikuskapeneko lan-paperak edo beste agiri batzuk zuzenean bidaltzea, baldin eta:

a. agintari eskudunek beste herrialde horretan ikerketak hasi badituzte;

b. bidalketa horrek kontraesanik sortzen ez badu legezko ikuskatzaileek eta ikuskapen-elkarteek euren jatorrizko herrialdeko agintari eskudunari ikuskapeneko lan-paperak eta beste agiri batzuk bidaltzeko dauzkaten betebeharrekin;

c. beste herrialde horretako agintari eskudunekin lan-akordioak badaude estatu kideko agintari eskudunek ere beste herrialde horretako ikuskapen-elkarteen ikuskapeneko lan-paperak eta bestelako agiriak zuzenean eskuratu ahal izan ditzaten;

d. beste herrialde horretatik eskaria egin duen agintari eskudunak legezko ikuskatzailearen edo ikuskapen-elkartearen jatorrizko herrialdeko agintari eskudunari aurretik ematen badio informazio-eskari zuzen bakoitzaren berri arrazoiak azalduta;

e. 2. paragrafoan aipatutako baldintzak errespetatzen badira.

5. Batzordeak, 48. artikuluaren 2. paragrafoan aipatutako prozeduraren arabera, artikulu honen 4. paragrafoan aipatutako ez ohiko kasuak zehaztu ahal izango ditu, agintari eskudunen arteko lankidetza errazteko asmoz eta aipatutako 4. paragrafo horren aplikazio uniformea bermatzeko asmoz.

6. Estatu kideek 1. eta 4. paragrafoetan aipatutako lan-akordioak jakinaraziko dizkiote Batzordeari.

XII. KAPITULUA

XEDAPEN IRAGANKORRAK ETA AZKEN XEDAPENAK

48. artikulua

Lantaldearen Prozedura

1. Batzordeak lantalde baten laguntza izango du (aurrerantzean «Lantaldea» deitua).

2. Paragrafo hau aipatzen den kasuetan, 1999/468/EE Erabakiaren 5. eta 7. artikuluak izango dira aplikatzekoak, 8. artikuluan xedatutakoa kontuan hartuz. 1999/468/EE Erabakiaren 5. artikuluaren 6. paragrafoan bilduriko epea hiru hilabetekoa izango da.

3. Lantaldeak bere barne-araudia onartuko du.

4. Dagoeneko onartuta dauden betearazpen-neurriei kalterik egin gabe, eta 26. artikuluan ezarritako xedapenak izan ezik, Zuzentarau hau onartzen denetik urte biko epea amaitzen den unean eta, beranduenez ere, 2008ko apirilaren 1ean, bertan behera utziko da Zuzentarau honen xedapenen aplikazioa, baldin eta xedapen horiek, 2. paragrafoari jarraiki, arau teknikoak, zuzenketak eta erabakiak hartzea eskatzen badute. Batzordeak hala proposatuta, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak xedapen horiek berritzeko aukera izango dute Itunaren 251. artikuluak zehazten duen prozedura erabiliz, eta, helburu horrekin, goian aipatutako epea amaitu aurretik edo data heldu baino lehen berrikusi beharko dituzte xedapenok.

49. artikulua

78/660/EE Zuzentarauaren eta 83/349/EE Zuzentarauaren aldaketa

1. 78/660/EE Zuzentarauari aldaketa hauek egingo zaizkio:

a) 43. artikuluaren 1. paragrafoan honako puntu hau erantsiko da:

«15) bereizita, urteko kontuen legezko ikuskapena dela-eta legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-enpresak erantsitako ekitaldi ekonomikoko ordainsari guztiak, egiaztapeneko beste zerbitzu batzuengatik erantsitako ordainsari guztiak, aholkularitza fiskaleko zerbitzuengatik erantsitako ordainsari guztiak eta ikuskapenekoak ez diren beste zerbitzu batzuengatik erantsitako ordainsari guztiak.

Estatu kideek ezarri ahal izango dute eskari hau ez dadila aplikatu elkartea 83/349/EEE Zuzentarauaren 1. artikuluaren arabera eskatutako kontu bateratuen barruan sartzen bada, baldin eta informazio hori kontu bateratuen memorian ematen bada.».

b) 44. artikuluan, honako testu honek 1. paragrafoa ordezkatuko du:

«1. Estatu kideek onartu ahal izango dute 11. artikuluak erreferentzia egiten dien elkarte guztiek memoria laburtu bat egin dezatela eta bertan ez agertzea 43. artikuluaren 1. paragrafoaren 5.etik 12.erainoko puntuetan, 14. puntuaren a) letran eta 15. puntuan eskatzen diren datuak. Dena den, memorian, aipatutako partidetarako modu orokorrean adieraziko dira 43. artikuluaren 1. paragrafoaren 6. puntuan aurreikusitako datuak.».

c) 45. artikuluan, honako testu honek 2. paragrafoa ordezkatuko du:

«2. Lehen paragrafoaren b) letra berdin aplikatuko zaie 43. artikuluaren 1. paragrafoaren 8. puntuan preskribatutako oharrei.

Estatu kideek onartu ahal izango dute 27. artikuluak erreferentzia egiten dien elkarteek alde batera utz ditzatela 43. artikuluaren 1. paragrafoaren 8. puntuan preskribatutako oharrak. Era berean, estatu kideek onartu ahal izango dute 27. artikuluak erreferentzia egiten dien elkarteek alde batera utz ditzatela 43. artikuluaren 1. paragrafoaren 15. puntuan preskribatutako oharrak, baldin eta informazio hori gainbegiratze publikorako sistemari ematen bazaio sistemak eskatzen duenean; sistema horri erreferentzia egiten dio 2006ko maiatzaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006/43/EE Zuzentarauak, zein urteko kontuen eta kontu bateratuen legezko ikuskapenari buruzkoa den (*).

____________

(*) EO L 157, 2006.6.9koa, 87. or.

2. 83/349/EEE Zuzentarauaren 34. artikuluan puntu hau erantsiko da:

«16) Bereizita, kontu bateratuen legezko ikuskapena dela-eta legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-enpresak erantsitako ekitaldi ekonomikoko ordainsari guztiak, egiaztapeneko beste zerbitzu batzuengatik erantsitako ordainsari guztiak, aholkularitza fiskaleko zerbitzuengatik erantsitako ordainsari guztiak eta ikuskapenekoak ez diren beste zerbitzu batzuengatik erantsitako ordainsari guztiak.».

50. artikulua

84/253/EEE Zuzentaraua indargabetzea

2006ko ekainaren 29tik aurrera 84/253/EEE Zuzentaraua indargabetuta geratuko da. Indargabetutako Zuzentarauari eginiko aipamenak Zuzentarau honi eginak direla ulertuko da.

51. artikulua

Xedapen iragankorra

84/253/EEE Zuzentarauaren arabera eta 53. artikuluaren 1. paragrafoan aipatutako xedapenak indarrean jarri aurretik estatu kideetako agintari eskudunek baimendutako legezko ikuskatzaileak edo ikuskapen-elkarteak baimendutzat joko dira Zuzentarau honen arabera.

52. artikulua

Gutxieneko bateratzea

Legezko ikuskapena eskatzen duten estatu kideek betekizun murriztaileagoak ezar ditzakete, Zuzentarau honetan kontrakoa erabakitzen ez bada.

53. artikulua

Transposizioa

1. Estatu kideek 2008ko ekainaren 29a baino lehen erabaki eta argitaratuko dituzte Zuzentarau honetan ezarritakoa betetzeko beharrezko xedapenak. Batzordeari, berehala emango diote horren berri.

2. Estatu kideek onartu ondoren, xedapen horiek Zuzentarau honi egingo diote erreferentzia, edota erreferentzia horrekin batera azalduko dira haien argitalpen-euskarri ofizialean. Estatu kideek beraiek ezarriko dituzte aipaturiko erreferentziaren modalitateak.

3. Estatu kideek Batzordeari jakinarazi beharko diote Zuzentarau honek araututako eremuan estatu barruko zuzenbideko xedapen nagusien zein testu onartu dituzten.

54. artikulua

Indarraldia

Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratzen denetik hogei egunera jarriko da indarrean Zuzentarau hau.

55. artikulua

Hartzaileak

Zuzentarau honen hartzaileak estatu kideak dira.

Estrasburgon egina, 2006ko maiatzaren 17an

Europako Parlamentuaren izenean,

Presidentea

J. BORRELL FONTELLES

Kontseiluaren izenean,

Presidentea

H. WINKLER

OHARRAK

Jatorrizko testua, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratua, hauxe da : «DIRECTIVA 2006/43/CE DEL PARLAMENTO EUROPEO Y DEL CONSEJO de 17 de mayo de 2006 relativa a la auditoría legal de las cuentas anuales y de las cuentas consolidadas, por la que se modifican las Directivas 78/660/CEE y 83/349/CEE del Consejo y se deroga la Directiva 84/253/CEE del Consejo» (Diario Oficial de la Unión Europea, L157 de 9/6/2006)

EO C 157, 2005.6.28koa, 115. or.

Europako Parlamentuaren Irizpena, 2005eko irailaren 28koa (oraindik Egunkari Ofizialean argitaratu gabea) eta Kontseiluaren Erabakia, 2006ko apirilaren 25ekoa.

EO L 222, 1978.8.14koa, 11. or. Azken buruan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003/51/EE Zuzentarauak (EO L 178, 2003.7.17koa, 16. or.) aldatu zuen Zuzentaraua.

EO L 193, 1983.7.18koa, 1. or. Azken buruan 2003/51/EE Zuzentarauak aldatu zuen Zuzentaraua.

EO L 372, 1986.12.31koa, 1. or. Azken buruan 2003/51/EE Zuzentarauak aldatu zuen Zuzentaraua.

EO L 374, 1991.12.31koa, 7. or. 2003/51/EE Zuzentarauak aldatu zuen Zuzentaraua.

EO L 126, 1984.5.12koa, 20. or.

EO C 143, 1998.5.8koa, 12. or.

EO L 91, 2001.3.31koa, 91. or.

EO L 191, 2002.7.19koa, 22. or.

EO L 145, 2004.4.30ekoa, 1. or.

EO L 184, 1999.7.17koa, 23. or.

EO L 52, 2005.2.25ekoa, 51. or.

Kontseiluaren 85/611/EEE Zuzentaraua, 1985eko abenduaren 20koa, zeinaren bidez balio higikorretan inbertsio kolektiboak egiten dituzten organismo jakinen gaineko legezko, arauko eta administrazioko xedapenak koordinatzen diren (OICVM) (EO L 375, 1985.12.31koa, 3. or). Azken buruan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2005/1/EE Zuzentarauak (EO L 79, 2005.3.24koa, 9. or) aldatu zuen Zuzentaraua.

EO L 281, 1995.11.23koa, 31. or. Azken buruan 1882/2003/EE Erregelamenduak (EO L 284, 2003.10.31koa, 1. or.) aldatu zuen Zuzentaraua.

EO L 126, 2000.5.26koa, 1. or. Azken buruan Batzordearen 2006/29/EE Zuzentarauak (EO L 70, 2006.3.9koa, 50. or.) aldatu zuen Zuzentaraua.

EO L 207, 2003.8.18koa, 1. or

EO L 19, 1989.1.24koa, 16. or. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001/19/EE Zuzentarauak (EO L 206, 2001.7.31koa, 1. or.) aldatu zuen Zuzentaraua.

EO L 13, 2000.1.19koa, 12. or.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003/71/EE Zuzentaraua, 2003ko azaroaren 4koa, eskaintza publikoaren edo balioak kotizatzeko onartzearen ondorioz argitaratu behar den liburuxkari buruzkoa (EO L 345, 2003.12.31koa, 64. or.).

EO L 149, 2004.4.30ekoa, 1. or.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004/109/EE Zuzentaraua, 2004ko abenduaren 15ekoa, merkatu erregulatu batean negoziagarritzat onartzen diren balioak dauzkaten jaulkitzaileei buruzko informazioari dagozkion gardentasun-betekizunen bateratzeari buruzkoa (EO L 390, 2004.12.31koa, 38. or.).

euskal legezalea