102007forulegea,bateraezintasuneiburuzko

10/2007 Foru Legea, Bateraezintasunei buruzko 19/1996 Foru Legea aldatzen duena

Nafarroako Parlamentua

10/2007 FORU LEGEA, apirilaren 4koa, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK,

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, NAFARROAKO GOBERNUKO KIDEEN ETA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN ADMINISTRAZIOKO GOI KARGUEN BATERAEZINTASUNEI BURUZKO AZAROAREN 4KO 19/1996 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 artikuluko a) eta e) letretan ezartzen da Nafarroak, bere foru eraentza dela-eta, eskumen esklusiboa duela arautzeko; besteak beste, foru erakundeen osaera, eskurantzak, antolakuntza, funtzionamendua eta araubide juridikoa, bai eta Foru Diputazioaren, haren administrazioaren eta haren menpeko entitate publikoen araubide juridikoa ere.

Hasiera batean, goi karguen bateraezintasunen araubidea Nafarroako Foru Komunitateko gobernuari eta administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 27., 40. eta 47.2 artikuluetan arautu zen, Gobernuko lehendakaria, kontseilariak eta zuzendari nagusiak soilik aipatuz.

Eskumen horretaz baliatuz, apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 27. artikulua espresuki indargabetu zuen azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legea onetsi zen, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzkoa, bateraezintasunaren araubidearen gaineko arautzea osotua biltzen duena; lege horren xedapenek erregelamenduzko garapena izan dute honakoen bidez: 2/1997 Foru Dekretua, urtarrilaren 7koa, Nafarroako Gobernuko eta Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioko goi kargudunen jarduera eta interesen erregistroaren jardunbidea arautzen duena, eta 1/1997 Foru Dekretua, urtarrilaren 7koa, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legean aipaturiko zehapen prozeduraren Erregelamendua onesten duena.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko gobernua eta administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 31. artikuluak xedatzen du lehendakariak bere kargua uzten duenean eskubidea izanen duela, besteak beste, erregelamenduz erabakiko den prestazio ekonomikoa izateko. Era berean, lege testu horren 42.2 artikuluak ezarri zuen erregelamenduz arautu behar direla kargua uzten duten kontseilarien eskubideak.

Lege aurreikuspen horiek garatzeko Nafarroako Gobernuko lehendakari ohien eta kontseilari ohien estatutua arautzen duen abuztuaren 14ko 180/1984 Foru Dekretua onetsi zen, 3. eta 6. artikuluetan karguak utzi ondoren jaso beharreko prestazio ekonomikoak arautzen dituena; foru dekretu haren edukia ekainaren 19ko 143/1995 Foru Dekretuak, azaroaren 18ko 266/1998 Foru Dekretuak eta urtarrilaren 12ko 7/2004 Foru Dekretuak aldatu zuten.

Nafarroako Parlamentuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Batzordeak, 2004ko otsailaren 17an eginiko bilkuran, ponentzia bat sortzea erabaki zuen, garai hartan goi karguen bateraezintasunen arloan indarra zuen legeriaren aplikazioari eta haren erreforma eta garapena egiteko aukerari buruzkoa. Batzordeak 2004ko azaroaren 23an onetsi zuen ponentziaren txostena, zeinak amaieran proposatu baitzuen azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legea hein batean aldatzea, xede hauekin: goi karguen erregistroan bi atal sortu eta bertako datuak eskuratzeko araubidea aldatzea, kargu-uzteen ordainsariak jasotzeko eskubidea duten karguak eta ordainsari horien zenbatekoa zehaztea, eta aplikazio esparrua zabaltzea Nafarroako Foru Komunitateren sektore publikoaren parte diren entitateetako kargu exekutiboetara, legez ezarriko diren kasuetan.

Parlamentuko ponentzia horren txostena egin ondoren, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legea onetsi zen, eta bertan xedatu Nafarroako Gobernuko lehendakariaren eta kontseilarien bateraezintasunen araubidea foru legez zehaztu eta arautuko dela.

Ponentziaren txostena egin ondoren, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea onetsi zen. VIII. tituluan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen erakunde publikoak eta menpeko bestelako entitateak arautu zituen; besteak beste, erakunde autonomoak, enpresa-entitate publikoak eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen sozietate eta fundazio publikoak. Legearen laugarren xedapen iragankorrean ezarri zenez, bestalde, harik eta Nafarroako ondareari buruzko foru legeak sozietate publikoen kontzeptua arautu arte, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legean horri buruz ezarritakoa zen aplikatzekoa.

Azaldutakoari jarraikiz, bidezkoa da azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen edukia aldatzea, xede hauekin: aplikazio esparrua zabaltzea, sozietate eta fundazio publikoaren kontzeptuak foru lege honen ondorioetarako zehaztea, goi karguen jarduera eta interesen erregistroa bi ataletan antolatu eta haietako bakoitzeko datuak eskuratzeko araubidea aldatzea, eta ezartzea goi kargua utzi ondoren aplikatu beharreko araubidea, egoera horretan jaso beharreko ordainsarien zenbatekoa eta ordainsari horien onuradunak zein izanen diren.

1. artikulua. Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen 2., 4., 7. eta 9. artikuluak eta bigarren xedapen gehigarria aldatzea.

Bat. Azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen 2. artikulua aldatu da. Hau da testu berria:

"2. artikulua. Goi karguaren definizioa.

1. Foru lege honen ondorioetarako, honako hauek dira goi karguak:

a) Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta kontseilariak.

b) Nafarroako Gobernuko lehendakariaren eta kontseilarien kabineteetako kideak, administrazio langileak izan ezik.

c) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko zuzendari nagusiak eta maila organiko horretako postuen titularrak.

d) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren menpeko erakunde publikoetako lehendakariak, zuzendari kudeatzaileak eta izendapen libreko lanpostuen titularrak, salbu eta nahitaez funtzionarioek bete behar dituztenak.

e) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde publikoetako sozietate publikoen zuzendari nagusiak, zuzendari kudeatzaileak, zuzendari exekutiboak, kontseilari delegatuak eta parekatuak.

f) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen fundazio publikoetako lehendakariak, zuzendariak, kudeatzaileak, administratzaileak eta parekatuak, kargu horietan aritzeagatik lansari finko eta aldizkakoak jasotzen badituzte.

g) Nafarroako Irrati-Telebista entitate publikoaren zuzendari nagusia.

h) Behin-behineko beste langile oro, foru araudiarekin bat.

2. Foru lege honen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde publikoen sozietate eta fundazio publikoak dira Nafarroako ondarea arautuko duen foru legean eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean zehazten direnak, hurrenez hurren."

Bi. Azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen 4. artikuluko d) letra aldatu da. Hau da testu berria:

"d) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren ordezkari izatea erakunde publikoen, fundazio publikoen edo sozietate publikoen eta sozietate pribatuen zuzendaritza organoetan edo administrazio kontseiluetan, bere kargua dela-eta edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak parte hartzen duen entitateetan beroriek izendaturik."

Hiru. Azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen 7. artikulua aldatu da. Hau da testu berria:

"7. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko gobernuko eta administrazioko goi karguen jardueren eta interesen erregistroa.

1. Foru lege honetan xedatutakoa bete dadin sortu da Nafarroako Foru Komunitateko gobernuko eta administrazioko goi karguen jardueren eta interesen erregistroa.

2. Nafarroako Foru Komunitateko gobernuko eta administrazioko goi karguen jardueren eta interesen erregistroak bi atal izanen ditu:

a) Jardueren erregistroa: publikoa izanen da eta bertan inskribatuko dira foru lege honen 11. artikuluan aipatzen diren adierazpenak eta egintzak.

b) Ondasunen eta ondare eskubideen erregistroa: erreserbatua izanen da, eta bertan inskribatuko dira foru lege honen 12. eta 13. artikuluetan aipatzen diren adierazpenak eta egintzak."

Lau. Azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen 9. artikulua aldatu da. Hau da testu berria:

"9. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko gobernuko eta administrazioko goi karguen jardueren eta interesen erregistroko datuak eskuratzea.

1. Jardueren erregistroa publikoa da eta bertako datuak eskuratzeko bidea honakoetan xedatutakoari lotuko zaio: Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikulua, foru lege hau eta aipatutako legezko xedapenek garatzen dituzten arauak.

2. Jardueren erregistroko datuak eskuratzeko eskabidea idatziz eginen zaio Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari, argi azalduz zein den goi kargua, zein datu eskatzen diren eta eskaeraren arrazoia. Jardueren erregistroko datuak eskuratzeko araudia betetzen dela egiaztaturik, datuak berehala igorriko dira, haien segurtasuna bermatuta.

3. Ondasunen eta ondare eskubideen erregistroa erreserbatua da, eta bertako datuak eskuratzeko eskubidea honako hauek izanen dute soilik, interesdunaz gain:

a) Nafarroako Parlamentuak, bere Erregelamenduak ezartzen duenari jarraikiz, eta Comptos Ganberak, hura arautzen duen foru legeak ezartzen duenari jarraikiz.

b) Organo judizialek, erregistroan diren datuak ezagutzea beharrezkoa denean prozesuen instrukzioa egiteko edo ebazteko, prozedura-legeetan xedatutakoari jarraikiz.

c) Ministerio Fiskalak, bere eginkizunak betez, erregistroko datuak ezagutzea beharrezkoa duten ikerketa lanetan ari denean."

Bost. Azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarria aldatu da. Hau da testu berria:

"Bigarren xedapen gehigarria._Enpresa-entitate publikoen, sozietate publikoen eta fundazio publikoen betebeharrak.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde publikoen enpresa-entitate publikoek, sozietate publikoek eta fundazio publikoek erregistroa kudeatzen duen organoari jakinaraziko diote zein lagun hautatu eta izendatzen dituzten zuzendaritza organoetarako, foru lege honetako 2. artikuluan jasotakoen artean badaude, bai eta foru lege honetako 5.1 artikuluan adierazitako kontzeptuengatik esleitutako ordainsariak ere."

2. artikulua. Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legeari artikulu berri bat, 3. bis, gehitzea.

Azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legeari 3. artikuluko 4. idatz-zatia kendu eta artikulu berri bat, 3. bis, gehitu zaio. Hau da artikuluaren edukia:

"3. bis artikulua. Kargua utzi ondoren goi karguei aplikatu beharreko araubidea eta ordainsariak.

1. Kargua utzi eta hurrengo bi urteetan, goi karguek ez dute jarduera pribatuetan aritzerik izanen baldin eta jarduera horiek zerikusia badute kargua betetzen ari zirela haiek ebatzitako espedienteekin; era berean, ezin izanen dute laguntza teknikoko kontraturik izenpetu administrazio publikoekin, ez eta zerbitzukorik edo antzekorik ere.

Foru lege honen aplikazio esparruan sartutako goi karguetakoren batean aritutako pertsonek etorkizunean beteko duten jarduerari buruzko jakinarazpena eginen diote foru lege honetan ezarritako jardueren eta interesen erregistroari, aurreko lerrokadan adierazitako epean. Erregelamenduz zehaztuko dira jakinarazpen horren norainokoa eta edukia.

2. Kargua utzi eta hurrengo hilabetetik aurrera, Nafarroako Gobernuko kideek eskubidea izanen dute hilero honako prestazio ekonomiko hau jasotzeko: karguak urte bakoitzean finkatuak dituen urteko lansari guztien ehuneko 80aren hamabiren bat. Ordainsari hori karguan emandako denboraren erdiz eskuratuko dute, eta gehienez ere 24 hilabetez.

Idatz-zati honetan araututako prestazio ekonomikoak jasotzea bateraezina da beste hauekin: kargurako berriro ere izendatuz gero onuradunari legozkiokeenak; lanpostu finko batean arituz gero, sektore publikoan nahiz pribatuan, lor litzakeenak; gizarte aurreikuspeneko edozein araubide publikotako pentsioak; aldi baterako lan kontratuen ondorioz jaso litzakeenak eta edozein lanbide edo merkataritza jardueratatik etorritako dirusarrerak. Aipatutako prestazio ekonomikoak, pentsioak edo dirusarrerak, urte osokoak kontatuta, bigarren idatz-zati honen aurreko lerrokadan ezarritako ordainsariak baino txikiagoak balira, horien arteko aldea baizik ez dute jasoko. Erregelamenduz ezarriko da alderaketa ekonomiko hori egiteko prozedura eta kasuan kasuko diru kopuruak nola itzuli Nafarroako Ogasun Publikoari, hala egin behar izanez gero.

3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zuzendari nagusiek eta haren menpeko erakunde publikoen zuzendari kudeatzaileek, kargua uztean, eskubidea izanen dute prestazio ekonomiko bat jasotzeko, aurreko 2. idatz-zatian ezarritako baldintza beretan, baina hileko diru kopurua zuzendari nagusiaren karguak urte bakoitzean finkatuak dituen urteko lansari guztien ehuneko 80aren hamabiren batekoa izanen da.

4. Artikulu honen 2. idatz-zatian araututako prestazio ekonomikoa galarazi gabe, Nafarroako Gobernuko kideek, karguan eman duten denbora edozein dela ere, kargua uztean, behingoagatik bakarrik, hilabeteko lansaria jasoko dute.

5. Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde publikoen funtzionarioek artikulu honetako 2. eta 3. idatz-zatietan aipatzen diren karguetako batean bi urtetik gora aritzen badira jarraian edo hiru urtez etenak eginda, osagarri pertsonal bat jasoko dute jardunera itzultzen diren unetik aurrera, dagokion mailako lansarien 100eko 25ekoa. Osagarri hori urtero gaurkotuko da, oinarrizko lansari pertsonalak gaurkotzen diren portzentaje berean, eta zuzendaritza edo burutzako edozein lanpostu betetzeari dagokion lansariek xurgatuko dute. Idatz-zati honetan aurreikusitako osagarri pertsonalaren esleipena behin baizik ez da aplikatuko funtzionarioaren ibilbide profesional osoan.

Idatz-zati honetan xedatutakoa aipatutako karguetakoren batean 1983ko urtarrilaren 1etik aurrera aritu diren funtzionarioei izanen zaie aplikatzekoa, baina ordainsariei dagozkien ondorioak 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu."

3. artikulua. Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legean beste xedapen gehigarri bat sartzea.

Azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legeari xedapen gehigarri berri bat erantsi zaio. Hau da xedapenaren edukia:

"Hirugarren xedapen gehigarria._Foru lege honetako 3. bis artikulua aplikatzeari dagokionez, goi kargutzat hartuko dira, Nafarroako Gobernuko kideei parekatuta, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Comptos Ganberako lehendakaria eta arartekoa, erakunde horien izaeraren eta autonomiaren ondorioz egin beharreko egokitzapenak galarazi gabe".

Xedapen gehigarri bakarra._Erregistroko ataletako datuak eskuratzeko bidearen aldaketa aplikatzea.

Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legearen 9. artikulua, foru lege honetan ezarritako testuarekin, aplikatzekoa izanen zaie foru lege honek indarra hartu ondoren aurkezten diren jardueren eta ondasunen eta eskubideen jakinarazpenei eta adierazpenei.

Xedapen iragankor bakarra._Sozietate publikoa zer den.

Nafarroako ondareari buruzko foru legeak sozietate publikoen kontzeptua argitzen ez duen bitartean, foru lege honen ondorioetarako, halakotzat hartuko dira merkataritza sozietateak baldin eta Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde publikoen partaidetza, zuzenekoa nahiz zeharrekoa, sozietatearen kapitalaren gehiengo absolutua denean.

Xedapen indargabetzaile bakarra._Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditu dira foru lege honetan xedatutakoaren kontrako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak eta espresuki Nafarroako Gobernuko lehendakari-ohien eta kontseilari-ohien estatutua arautzen duen abuztuaren 14ko 180/1984 Foru Dekretuaren 3. eta 6. artikuluak.

Azken xedapenetan lehenbizikoa._Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau garatu eta gauzatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena._Indar hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2007ko apirilaren 4an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea