14/2009 Foru Legea, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 103. eta 104. artikuluak aldatzen dituena

Nafarroako Parlamentua

14/2009 FORU LEGEA, azaroaren 9koa, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 103. eta 104. artikuluak aldatzen dituena.

NAO 152 - 2009ko abenduaren 11a

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO ONDAREARI BURUZKO APIRILAREN 4KO 14/2007 FORU LEGEAREN 103. ETA 104. ARTIKULUAK ALDATZEN DITUENA.

Zioen azalpena

Beharrezkotzat jotzen dugu sozietete publikoaren definizioa formalki egokitzea Europar Batasuneko zuzenbidean eta jurisprudentzian halakoak erregulatzen dituzten arauetara eta ematen zaien tratamendura, Europako Parlamentuaren, Kontseiluaren eta Batzordearen zuzentarauetan ezarri den bezala. Hori dela eta, gure arauak xede hori dela-eta aldatu behar ditugu.

Sozietate publikoa zer den zehazteko aldaketa horrek, definizioa Europar Batasuneko zuzenbidearen arabera egokitzea bilatzen duenak, berarekin dakar Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legean jasotako kontzeptua zabaltzea. Foru lege hau onetsi ondoren, honakoa joko da enpresa publikotzat: jabetza, finantza partaidetza edo enpresaren arauak direla-eta botere publikoek zuzenean edo zeharka nagusitasunezko eragina gauzatu ahal duteneko edozein enpresa.

Artikulu bakarra.-Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen aldaketa.

Bat. 103. artikuluko b) letra aldatu eta testu hau jartzea:

"b) Sozietate publikoak. Nafarroako Foru Komunitateko eta haren menpeko erakunde publikoetako sozietate publikoak dira Foru Komunitateko Administrazioaren edo/eta haren menpeko erakunde autonomoen zuzeneko nahiz zeharkako partaidetza duten sozietateak, partaidetza horrek sozietatearen kapitalaren gehiengo osoa osatzen badu. Orobat dira sozietate publikoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo/eta haren menpeko erakunde publikoek administrazio, zuzendaritza edo zaintza organoetako kideen erdia baino gehiago zuzenean nahiz zeharka izendatzeko gaitasuna dutenak; edo sozietateak jaulkitako partaidetzei dagozkien botoen gehiengoa dutenak".

Bi. 104. artikuluari beste idatz-zati bat, 4.a, gehituko zaio, testu honekin:

4. Artikulu honetan xedatuaren ondorioetarako, jasotako akzio-partaidetzak titular berriaren kontabilitatean erregistratuko dira, eta, Nafarroako Gobernuak eskualdatze hori onetsi zuen egunean lehengo titularraren kontabilitatean zuten kontabilitateko balio garbi berbera izanen dute; hori, halere, ez da eragozpen izanen ekitaldiaren amaieran egin beharreko balorazio-zuzenketak egiteko.

Azken xedapena.-Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2009ko azaroaren 9an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea