132008forulegea

13/2008 Foru Legea, Eskubide sozialen gutun baterako 9/1999 Foru Legea aldatzekoa

Nafarroako Parlamentua

13/2008 FORU LEGEA, uztailaren 2koa, eskubide sozialen gutun baterako apirilaren 6ko 9/1999 Foru Legea aldatzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

FORU LEGEA, ESKUBIDE SOZIALEN GUTUN BATERAKO APIRILAREN 6KO 9/1999 FORU LEGEA ALDATZEKOA

ZIOEN AZALPENA

Eskubide sozialen gutun baterako apirilaren 9ko 9/1999 Foru Legearen helburua da Nafarroako Foru Komunitatean eskubide sozialen gutun bat ziurtatzea, gutxienez bi urtez hemen bizi izan diren herritar guztiei bide emanen diena lana eta oinarrizko errenta izateko, herritartasun eskubide guztiez baliatu ahal izan daitezen.

Eskubide sozialen gutunak herritartasun eskubide unibertsalen berrespenean du abiapuntu, ulerturik eskubide horiek bizimodu duina izan, kultura, etxebizitza, hezkuntza, osasun zerbitzuak jaso eta gainerako herritarren eskubide berekin gizartean erabat integratzeko baliabide ekonomiko nahikorik ez duten guztientzat direla ulertuta.

Une honetan aurrerapausoak ematen ari dira premia duten pertsonei zainketak egoki ematea bermatzen duten eskubideetan, baina egia da, halaber, modu efektiboan aitortu behar dela herritarrek eskubidea dutela guztion artean sortzen dugun aberastasunaren zati batean parte hartzeko, eta aberastasun horrek oinarrizko errenta duin baten bitartez iritsi behar duela premia handiena dutenengana.

Objektiboki, Nafarroako Foru Komunitatearen egoera ekonomikoak aukera ematen dio bere gain hartzeko gaixotasunen batengatik edo ezgaitasunen bat izateagatik, eta saiatu diren arren, lan merkatuan sartzerik izan ez duten pertsonek beharrezkoa duten hobekuntza hori.

1. artikulua. Eskubide sozialen gutun baterako apirilaren 6ko 9/1999 Foru Legeko 1. artikulua honelaxe geldituko da:

Foru lege honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko eremuan Eskubide Sozialen Gutuna aldarrikatzea, Nafarroan egoitza duten eta Nafarroan erroldatuta dauden herritar guztiei lan bat eta, Gizarte zerbitzuei buruzko Foru Legean eta bera garatzeko araudian ezarritako baldintzak betetzen badira, oinarrizko errenta eskuratzea segurtatuko diena, herritartasunak ematen dituen eskubideez bere osotasunean baliatzeko aukera izan dezaten.

2. artikulua. Eskubide sozialen gutun baterako apirilaren 6ko 9/1999 Foru Legeko 4. artikulua honelaxe geldituko da:

"4. artikulua. Zenbatekoak, epeak eta esleipenak.

1. Oinarrizko errentaren zenbatekoa zehazteko, erlazionatuko dira lanbide arteko gutxieneko soldataren ehunekoa -urtero ezarriko da-, dirusarrera propioak eta familia-unitatea osatzen duten kideen kopurua; zehaztapen hori hurrengo eskalen arabera eginen da, aipatzen den urte bakoitzerako.

2008. URTEA

1 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 85, gehienez.

2 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 105.

3 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 115.

4 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 125.

5 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 135.

6 pertsona edo gehiago: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 145.

Esleitutakoa ez da inoiz ere lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 10 baino gutxiago izanen.

2009. URTEA

1 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 90, gehienez.

2 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 110.

3 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 120.

4 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 130.

5 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 140.

6 pertsona edo gehiago: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 150.

Esleitutakoa ez da inoiz ere lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 10 baino gutxiago izanen.

2010. URTETIK AURRERA

1 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 100, gehienez.

2 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 120.

3 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 130.

4 pertsona: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 140.

5 pertsona edo gehiago: lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 150.

Esleitutakoa ez da inoiz ere lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 10 baino gutxiago izanen.

Inongo familiak ez du kobratuko oinarrizko errenta moduan lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 150 baino gehiago.

2. Gizarte gaietako departamentu eskudunari dagokio oinarrizko errenta esleitzea, eta sei hilabeterako esleituko da; sei hilabeteko epe hori beste horrenbesteko epe batzuekin luza daiteke modu jarraituan, gehienez ere bi urte egin arte.

3. Salbuespen gisa, gizarte gaietako departamentu eskudunaren titularraren foru aginduaren bidez, gainditu egin ahalko da aurreko idatz-zatian ezarritako laguntzaren gehieneko epea, baldin eta horretarako arrazoi bereziak badaude. Salbuespenezko egoera horietan ezarri ahalko da, halaber, artikulu honetako 1. idatz-zatian ezarritakoa baino ezberdina den zenbateko bat.

Arrazoi berezi horiek eta zenbatekoak erregelamendu bidez ezarriko dira.

4. Oinarrizko errenta esleitzeko gehieneko epea izanen da gizarte zerbitzu orokorren zorroan ezartzen dena, eta laguntza hau prestazio ziurtatutzat hartuko da.

5. Minusbaliotasunagatik oinarrizko errenta baino prestazio txikiagoa jaso eta modu jarraituan lanposturen bat eskuratzerik ez duten pertsonei ere ziurtatuko zaie prestazio ekonomiko osagarri bat; prestazio horren zenbatekoa, gutxienez, bien arteko aldeari dagokion kopurua izanen da, lanbide arteko gutxieneko soldataren 100eko 100era iritsi arte, oinarrizko errenta jasotzen duten gainontzeko pertsonen baldintza berberekin."

3. artikulua. Eskubide sozialen gutun baterako apirilaren 6ko 9/1999 Foru Legeko 5. artikulua honelaxe geldituko da:

"5. artikulua. Prestazioa jasotzeko betebeharrak.

5. artikulua. Oinarrizko errenta jasotzeko betebeharrak erregelamendu bidez ezarriko dira, eta gutxienez hauek eskatu beharko dira:

a) Hogeita bost urte baino gehiago eta hirurogeita bost baino gutxiago izatea.

Salbuespen gisa, eta espedientean objektiboki justifikatutako arrazoiengatik, familia unitate bat osatzen duten pertsonak prestazioaren onuradun izan ahalko dira, nahiz eta baldintza guztiak ez bete, baldin eta erregelamenduz zehaztuko diren behar larriko egoeretan badaude.Kasuotan, prestazioa ematen duen ebazpenak aski arrazoitua beharko du.

b) Gizarteratzeko eta laneratzeko akordio bat sinatu beharko da, sei hilabete baino gutxiagoko denboraldi batean.

c) Frogatu beharko da Nafarroan jarraian bizi izana eskabidea aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan, salbu eta eskatzailea gizarte-bazterketa egoeran dagoen familia-unitate bat bada eta adingabeak baditu bere kargu, kasu horretan salbuetsi egin baitaiteke baldintza hori eskatzetik.

2. Gizarteratzeko eta laneratzeko akordioen edukia eta sinatzeko epea erregelamenduz garatuko dira."

Xedapen iragankor bakarra.-Bizi izan beharreko denboraldia 2009ko urtarrilaren 1era arte.

Foru lege honetako 5.1 artikuluko c) letran oinarrizko errenta jasotzeko Nafarroan bizi izan beharreko denboraldia, 2009ko urtarrilaren 1era arte, hogeita lau hilabetekoa izanen da.

Azken xedapenetako lehenbizikoa.-Erregelamendu garapena.

Foru lege honen erregelamendu garapena indarrean sartu eta hurrengo sei hilabeteetan eginen da.

Azken xedapenetako bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den egun berean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2008ko uztailaren 2an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea