2000/78/EE Zuzentaraua, Enpleguan eta okupazioan tratu-berdintasunerako esparru orokorra ezartzeari buruzkoa

Euslege

KONTSEILUAREN 2000/78/EE ZUZENTARAUA, 2000KO AZAROAREN 27KOA, ENPLEGUAN ETA OKUPAZIOAN TRATU-BERDINTASUNERAKO ESPARRU OROKORRA EZARTZEARI BURUZKOA

(EBAO, L 303. zk., 2000ko abenduaren 2koa)

EUROPAR BATASUNAREN KONTSEILUAK,

Europako Erkidegoa eratzeko Tratatua, eta, bereziki, horren 13. artikulua azterturik,

Batzordearen proposamena azterturik,

Europako Parlamentuaren irizpena azterturik,

Ekonomia eta Gizarte Komitearen irizpena azterturik,

Eskualdeetako Komitearen irizpena azterturik,

Honako hau kontuan hartuta:

1) Europar Batasunaren Tratatuaren 6. artikuluarekin bat etorriz, Europar Batasunak oinarri ditu askatasunaren, demokraziaren, giza eskubideak nahiz oinarrizko askatasunak errespetatzearen eta zuzenbideko estatuaren printzipioak, erkide direnak estatu kide guztientzat; orobat, oinarrizko eskubideak errespetatzen ditu, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean bezala bermatuz, eta estatu kideen konstituzio-tradizio erkideetan bezala, zuzenbide erkidearen oinarrizko printzipio gisa.

2) Emakumeen eta gizonen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa irmotasunez ezarrita dago Europako Erkidegoko arau-multzo zabalean, bereziki, Kontseiluaren 1976ko otsailaren 9ko 76/207/EEE Zuzentarauan, enpleguaren, prestakuntzaren eta lanbide-aurrerakuntzaren arloan gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeari, eta lan-baldintzei buruzkoan.

3) Tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzean, Europako Erkidegoak, EEren Tratatuaren 3. artikuluko 2. paragrafoaren ondorioz, helburu izan behar du desberdintasunak ezabatzea eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna suspertzea, bereziki, kontuan hartuta, sarritan, emakumeak bereizkeria askoren biktima direla.

4) Pertsona orok duen eskubidea, legearen araberako berdintasuna eta bereizkeriaren aurkako babesa izateko, eskubide unibertsala da; eskubide hori aitortu da Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, emakumearen aurkako bereizketa-mota guztiak ezabatzeko Nazio Batuen Konbentzioan, Nazio Batuen Eskubide Zibil eta Politikoen eta Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Itunetan, bai eta Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean ere, beraietan estatu kide guztiak alderdi direla.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen 111. zenbakidun Hitzarmenak bereizkeria debekatu du enpleguan eta okupazioan.

5) Garrantzitsua da eskubide eta oinarrizko eskubide horiek errespetatzea.

Zuzentarau honek ez dio kalterik egingo elkartzeko askatasunari; askatasun horretara biltzen da beste batzuekin batera sindikatuak eratzeko eskubidea eta horietan afiliatzeko eskubidea, norberaren interesak defendatzeko.

6) Langileen oinarrizko gizarte-eskubideen Europako Erkidegoko Gutunak aitortu du bereizkeria-mota ororen aurka egiteak duen garrantzia, eta, batik bat, neurri egokiak hartzeko beharrizana, pertsona nagusiak eta desgai diren pertsonak gizartean eta ekonomian integratzeko.

7) EEren Tratatuak bere xedeen artean jaso du estatu kideetako enplegu-politiken arteko koordinazioa suspertzea.

Ondore horretarako, EEren Tratatura enpleguari buruzko titulu berri bat bildu da, enpleguari begira Europan estrategia koordinatua ezartzeko bide gisa, kualifikatutako, prestatutako eta egokigarria den lan-eskua indartzeko xedearekin.

8) Helsinkin, 1999ko abenduaren 10ean eta 11n, 2000. urteko enpleguari begira, Kontseilu europarrak onetsi zituen jarraibideek nabarmentzen dute gizarte-integrazioaren aldeko lan-merkatua sustatzeko beharrizana, koherenteak diren politikak gauzatuz, pertsona-multzoen bereizkeriaren aurka egiteko, esaterako, desgai diren pertsonen bereizkeriaren aurka.

Halaber, jarraibide horiek nabarmentzen dute adin nagusieneko langileengan arreta berezia jartzeko beharrizana, horiek biztanleria aktiboan jarrai dezaten.

9) Enplegua eta okupazioa oinarrizko osagai dira pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatzeko, eta pisu handia dute herritarrek ekonomia-, kultura- eta gizarte-bizitzan bete-betean parte har dezaten, bai eta herritarrak pertsona moduan gara daitezen ere.

10) Kontseiluak, 2000ko ekainaren 29an onetsi zuen 2000/43/EE Zuzentaraua, tratu-berdintasunaren printzipioa pertsonaren arraza- nahiz etnia-jatorria gorabehera aplikatzeari buruzkoa. Bada, zuzentarau horrek ere enpleguaren eta okupazioaren esparruan halako bereizkerien aurkako babesa bermatzen du.

11) Erlijio edo pentsaera, desgaitasun, adin nahiz sexu-joera arrazoien ondoriozko bereizkeriak arriskuan jar dezake EEren Tratatuaren xedeak betetzea, bereziki, erdiestea enpleguaren eta gizarte-babesaren tasa handia, bizitza-mailaren eta -kalitatearen gehikuntza, ekonomiaren eta gizartearen kohesioa, elkartasuna eta pertsonen joan-etorri askea.

12) Ondore horretarako, Europako Erkidego osoan debekatu beharko da edozein bereizkeria, zuzenekoa nahiz zeharkakoa, erlijio edo pentsaera, ezgaitasun, adin edo sexu-joera arrazoiak direla bide, zuzentarau honen esparruetan.

Bereizkeriaren debeku hori aplikatuko zaie, berebat, hirugarren estatuetako nazionalei. Alabaina, debekatze horrek ez ditu barneratzen naziotasunean oinarritutako tratu-bereizketak, eta ez die kalterik egiten hirugarren estatuetako nazionalen sarrera eta bizilekua arautzen duten xedapenei, ezta nazional horiek enplegua lortzea eta nazional horien okupazioa arautzen duten xedapenei ere.

13) Zuzentarau honen xedapenak ez zaizkie aplikatuko Gizarte Segurantzako eta gizarte-babeseko araubideei, baldin eta halakoen abantailak ez badaude parekatuta ordainsariekin, EEren Tratuaren 141. artikulua aplikatzean ordainsariek duten esanguran, ezta estatuak edozein izaerarekin egindako ordainketei ere, halakoak erabiltzen badira langileek enplegua lortzeko edo enpleguari eusteko.

14) Zuzentarau honek ez die kalterik egingo jubilazio-adina ezartzen duten xedapen nazionalei.

15) Zuzeneko edo zeharkako bereizkeria gauzatzearen inguruko presuntzioa egitate batzuei esker ondorioztatu ahal izango da; egitateok aintzat hartuko dituzte organo judizial edo eskumena duten beste organo nazional batzuek, legeria nahiz eginera nazionalekin bat etorriz.

Arau horiek xedatu ahal izango dute zeharkako bereizkeria ezartzea edozein bide erabilita, baita estatistika-frogak erabilita ere.

16) Lan egiteko lekuan, desgai diren pertsonen beharrizanetara egokitzeko neurriak hartzea oso garrantzitsua da, desgaitasunaren ondoriozko bereizkerien aurka egiteko orduan.

17) Zuzentarau honek ez du behartzen, pertsona bat kontratatzera, mailaz igotzera, lanpostu batean iraunaraztera edo pertsona bati prestakuntza ematera, baldin eta horrek ez badu gaitasunik edo ahalmenik nahiz prestasunik, kasuan kasuko lanpostuaren oinarrizko egitekoak gauzatzeko edo eskainitako prestakuntza jasotzeko; nolanahi ere, horrek ez dio kalterik egingo desgai diren pertsonei begira egokitze arrazoitsuak gauzatzeko betebeharrari.

18) Hain zuzen ere, zuzentarau honek ezin ditu behartu indar armatuak, ezta polizia-, espetxe- nahiz larrialdi-zerbitzuak ere, pertsonak kontratatzera edo euren lanpostuetan iraunaraztera, baldin eta pertsona horiek ez badute behar besteko ahalmenik kasuan kasuko eginkizunak gauzatzeko, zerbitzu horien eragingarritasunari eusteko xede legitimoari begira.

19) Halaber, estatu kideek erabaki ahal izango dute euren indar armatu guztiei edo horietako batzuei zuzentarau honen xedapenak ez aplikatzea, desgaitasunari eta adinari dagokienez, indar armatuen ahalmenari eusten jarraitu ahal izateko.

Aukera hori egiten duten estatu kideek salbuespenaren aplikazio-esparrua zehaztu beharko dute.

20) Beharrezkoa da neurri egokiak ezartzea, hau da, neurri eragingarri eta praktikoak, lan egiteko lekua ezgaitasunaren arabera egokitzeko, esaterako, instalazioak, ekipamenduak, laneko jarraibideak, eratxiki beharreko eginkizunak edo gauzatu beharreko prestakuntza- nahiz kokatze-neurriak moldatuz.

21) Kasuan kasuko neurriek zama gehiegi sorrarazten duten jakiteko, kontuan hartu beharko lirateke, bereziki, neurri horien finantza-kostuak edo beste mota bateko kostuak, erakundearen edo enpresaren tamaina, finantza-baliabideak eta negozio-kopuru osoa, eta diru-laguntza publikoak nahiz beste mota bateko laguntza baliatzeko aukera.

22) Zuzentarau honetan xedatutakoak ez die kalterik egingo egoera zibilaren gaineko legeria nazionalari eta egoera zibilaren araberakoak diren prestazioei.

23) Oso egoera gutxitan bada ere, tratu-bereizketa justifikatuta egon daiteke, erlijioari edo pentsaerei, ezgaitasunen bati, adinari edo sexu-joerari lotutako ezaugarri bat oinarrizkoa eta erabakigarria denean lanbide-betekizun gisa. Horrez gain, tratu-bereizketaren xedea legitimoa izan beharko da, eta lanbide-betekizuna proportzionala.

Egoera horiek jaso beharko dira estatu kideek Batzordeari emango dioten informazioan.

24) Europar Batasunak beren-beregi aitortu du, errespetatu egiten duela, aurreiritzirik egin gabe, zuzenbide nazionalaren ondorioz estatu kideetan elizei eta elkarte nahiz komunitate erlijiosoei aitortutako estatutua, eta errespetatu egiten duela, berebat, erakunde filosofiko eta ez-konfesionalen estatutua. Hori guztiori aitortu da Europar Batasunaren 11. Adierazpenean, elizen eta erakunde ez-konfesionalen estatutuari buruzkoan; adierazpen hori Amsterdameko Tratatuaren azken Agiriari erantsi zaio.

Ildo horretatik, estatu kideek xedapen bereziak iraunaraz ditzakete edo halakoak ezar ditzakete, lanbide-jarduera bat gauzatzeko eska daitezkeen lanbide-betekizun oinarrizko, legitimo eta justifikatuen gainean.

25) Adinaren ondoriozko bereizkeriaren debekua oinarrizko osagaia da enpleguaren inguruko jarraibideen xedeak erdiesteko eta langileen artean aniztasuna suspertzeko.

Hala ere, inguruabar batzuetan, adinaren ondoriozko tratu-bereizketak justifika daitezke; hori dela eta, halakoek xedapen bereziak behar dituzte, estatu kideen egoeraren arabera desberdinak izan daitezkeenak.

Horrenbestez, funtsezkoa da bereiztea, bateko, justifikatutako tratu-bereizketak, hain justu, halakoak gauzatzen direnean enplegu-politiken, lan-merkatuaren eta lanbide-prestakuntzaren xede legitimoak direla bide, eta, besteko, debekatu beharreko bereizkeria.

26) Bereizkeriaren debekuak ez du eragotzi behar neurri batzuk iraunaraztea edo neurri batzuk hartzea, aurreikusi edo konpentsatzeko pertsona-talde batek jasandako desabantailak, erlijio nahiz pentsaera, ezgaitasun, adin edo sexu-joera jakin bat izateagatik; halaber, neurri horiek ahalbide dezakete erlijio nahiz pentsaera, ezgaitasun, adin edo sexu-joera jakin bateko pertsonen arteko erakundeak izatea, halako erakundeen xede nagusia denean pertsona horien beharrizan bereziak sustatzea.

27) Kontseiluak orientabide-esparru bat ezarri zuen, 1986ko uztailaren 24ko 86/379/EEE Gomendioan, minusbaliatuek Europako Erkidegoan duten enpleguari buruzkoan, eta, bertan, minusbaliatuen enplegua eta lanbide-prestakuntza suspertzeko ekintza positiboen adibideak zerrendatu ziren. Halaber, 1999ko ekainaren 17ko Ebazpenean, pertsona minusbaliatuen lan egiteko aukera-berdintasunari buruzkoan, Kontseiluak adierazi zuen garrantzitsua dela arreta berezia jartzea, bereziki, minusbaliatuak kontratatzeko, halako langileen lanpostuei eusteko eta langile horiek trebakuntza eta etengabeko prestakuntza izateko.

28) Zuzentarau honen xedapenek gutxieneko betekizunak ezarri dituzte, eta estatu kideei aitortu diete xedapen mesedegarriagoak ezarri edo izateko ahalmena.

Zuzentarau honen aplikazioak ezin du atzera-egiterik justifikatu estatu kide bakoitzean aurretiaz zegoen egoerari begira.

29) Erlijioan edo pentsaeretan, ezgaitasunean, adinean edo sexu-joeran oinarrituta, bereizkeria jasan duten pertsonek babes juridikorako bide egokiak izan behar dituzte.

Babes-maila eragingarriagoa ziurtatzeko helburuarekin, elkarteei edo pertsona juridikoei ere ahalmena eman behar zaie, horiek prozedurak has ditzaten, estatu kideek xedatutakoaren arabera, edozein biktimaren izenean edo edozein biktima babesteko, betiere, prozedurari buruzko arautegi nazionalari kalterik egin gabe, auzitegietan izan beharreko ordezkaritza eta defentsari dagokionez.

30) Berdintasun-printzipioa eragingarritasunez aplika dadin, errepresalien aurkako babes judizial egokia ezarri behar da.

31) Froga-zamari buruzko arauak aldarazi behar dira, bereizkeria-kasuaren inguruko presuntzioa dagoenean, eta bereizkeria egiaztatzen denean, froga-zama alderdi demandatuak izan dezan.

Nolanahi ere, alderdi demandatuak ez du frogatu behar alderdi demandatzailea erlijio jakin bateko kide denik, pentsaera jakin batzuk dituenik, ezgaitasun jakin bat duenik, adin jakin batekoa denik edo sexu-joera jakin bat duenik.

32) Zenbait prozeduratan auzitegiei edo beste organo eskudun batzuei dagokie egitateak ikertzea; halakoetan, estatu kideek ez dute betebeharrik izango froga-zamaren gaineko arauak aplikatzeko.

Halako prozedurak dira demandatzaileari egitateak frogatzeko betebeharrik ezartzen ez diotenak, auzitegiari edo organo eskudunari dagokiolako halakoak ikertzea.

33) Estatu kideek elkarrizketa suspertu behar dute gizarte-solaskideen artean, eta, herrialde bakoitzeko egineren arabera, gobernuz kanpoko erakundeekin, lan egiten den lekuan bereizkeria-mota desberdinak aztertu eta horien aurka egiteko.

34) Ipar Irlandako komunitate nagusien artean bakea eta adiskidetzea sustatzeko beharrizana dela bide, zuzentarau honetan nahitaezkoa da xedapen bereziak jasotzea.

35) Estatu kideek zehapen eragingarri, proportzional eta disuasio-izaerakoak ezarri behar dituzte, zuzentarau honek eratorritako betebeharren aurka egiten denean.

36) Estatu kideek gizarte-solaskideen ardurapean utzi ahal izango dute zuzentarau honen aplikazioa, azken horiek aho batez hala eskatzen badute, hitzarmen kolektiboen esparrukoak diren xedapenei dagokienez. Horretarako, estatu kideek beharrezko neurri guztiak hartuko dituzte, une oro zuzentarau honek ezarritako emaitzak bermatu ahal izateko.

37) EEren Tratatuaren 5. artikuluan jasotako subsidiaritate-printzipioarekin bat etorriz, estatu kideek ezin dituzte behar bestean erdietsi zuzentarau honetako xedeak, eta horien artean, bereziki, Europako Erkidegoan enpleguari eta okupazioari begira berdintasun-esparrua ezartzea.

Horrenbestez, xede horiek hobeto gauza daitezke Europako Erkidegoaren esparruan, proposatutako ekintzaren dimentsioa eta ondoreak direla eta.

Proportzionaltasun-printzipioaren arabera, aipatu artikuluaren ildotik, zuzentarau honek xede hori lortzeko behar diren arauak baino ez ditu ezarri.

HURRENGO ZUZENTARAUA ONETSI DU:

LEHENENGO KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Xedea

Zuzentarau honen xedea da esparru orokor bat ezartzea, enpleguaren eta okupazioaren arloan, erlijio nahiz pentsaeraren, ezgaitasunaren, adinaren edo sexu-joeraren ondoriozko bereizkeriaren aurka egiteko, estatu kideetan tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeko asmoarekin.

2. artikulua. Bereizkeriaren kontzeptua

Zuzentarau honen ondoreetarako, tratu-berdintasunaren printzipio gisa ulertuko da zuzeneko nahiz zeharkako bereizkeria ororen gabezia, 1. artikuluan aipatu arrazoiei dagokienez.

1. paragrafoan xedatutakoaren ondoreetarako:

a) Zuzeneko bereizkeria egongo da, pertsona batek beste bati begira hain mesedegarria ez den tratua duenean, izan duenean edo izan lezakeenean, antzeko egoera batean, 1. artikuluan aipatu arrazoietako batengatik.

b) Zeharkako bereizkeria egongo da, itxuraz neutroa den xedapen, irizpide edo eginera batek aparteko desabantaila sor diezaiekeenean erlijio nahiz pentsaera jakin bateko pertsonei, ezgaitasunen bat dutenei, adin jakin batekoei, edo sexu-joera jakin bat dutenei, beste pertsona batzuei begira. Hala ere, salbuespen gisa:

i) helburu legitimo batek modu objektiboan justifika dezake xedapen, irizpide edo eginera hori, helburu hori lortzeko bideak egokiak eta beharrezkoak izanik; edo

ii) ezgaitasun jakin bat duten pertsonei begira, zuzentarau honen xedapenen aplikazio-esparruko enpresaburuak edo beste edozein pertsona nahiz erakundek betebeharra izan dezake, legeria-nazionalaren ondorioz, 5. artikuluan jasotako printzipioekin bat etorriz, neurri egokiak hartzeko, xedapen, irizpide edo eginera horrek dakartzan desabantailak ezabatzeko.

Jazarpena bereizkeriatzat hartuko da, 1. paragrafoan xedatutakoaren ondoreetarako, nahi ez den jokabide bat sortu eta jokabide horrek 1. artikuluan aipatu arrazoietako batekin zerikusia duenean, xede nahiz ondore izateagatik pertsonaren duintasunaren aurka egitea eta larderiakoa, etsaigokoa, apalesgarria, umilaziokoa edo ofentsakoa den ingurua sortzea.

Ildo horretatik, jazarpen-kontzeptua definitu ahal izango da, estatu kide bakoitzaren arautegi eta eginera nazionalekin bat etorriz.

1. artikuluan aipatu arrazoiren batengatik, pertsonen aurka bereizkeria egitearen inguruko agindu oro bereizkeriatzat hartuko da, 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

5. Zuzentarau honek ez die kalterik egingo nazio-legerian ezarritako neurriei, neurri horiek gizarte demokratiko batean beharrezkoak direnean, segurtasun publikorako, ordena defendatu eta arau-hauste penalak prebenitzeko, osasuna babesteko nahiz herritarren eskubide eta askatasunak babesteko.

3. artikulua. Aplikazio-esparrua

Europako Erkidegoari eratxiki zaizkion eskumenen barruan, zuzentarau hau pertsona guztiei aplikatuko zaie, sektore publikoari nahiz pribatuari dagokienez, antolakunde publikoak horien barne daudela, honako gai hauen eretzean:

a) Enplegua lortzeko, beregaineko jardueran hasteko eta lanbideari ekiteko baldintzak, horien barne direla hautatze-irizpideak eta kontrataziorako nahiz aurrerakuntzarako baldintzak, eta hori guztiori jarduera-adarra gorabehera, eta lanbide-sailkapenaren maila orotarako, baita aurrerakuntzarako ere.

b) Lanbide-orientazio, lanbide-prestakuntza, goi-mailako lanbide-prestakuntza eta birziklatze mota eta maila guztiak, lan-esperientzia praktikoa barne, lortzeko aukera.

c) Enplegu- eta lan-baldintzak, horien barne direla kaleratzeen eta ordainsarien inguruko baldintzak.

d) Afiliatzeko nahiz parte hartzeko aukera, langileen edo enpresaburuen erakunde batean, edo beste edozein erakundetan, non bertako kideek lanbide zehatz bat gauzatzen duten, eta halako erakundeek ematen dituzten prestazioak jasotzeko aukera.

Zuzentarau honek ez ditu aintzat hartuko naziotasun-arrazoien ondoriozko tratu-bereizketak, eta ez die kalterik egingo, hirugarren herrialdeetako nazionalak eta aberrigabeak estatu kideen lurraldean sartu eta bizitzea arautzen duten xedapen eta baldintzei, ezta hirugarren herrialdeetako nazionalen nahiz aberrigabeen egoerak eratortzen duen tratuari ere.

Zuzentarau hau ez zaio aplikatuko araubide publikoek edo horiekin berdinetsitakoek egindako ezein ordainketari; halako araubideen artean izango dira Gizarte Segurantzako edo gizarte-babeseko araubide publikoak ere.

Estatu kideek ezarri ahal izango dute indar-armatuei zuzentarau hau ez aplikatzeko aukera, ezgaitasunean eta adinean oinarritutako bereizkeriari dagokionez.

4. artikulua. Lanbide-betekizunak

2. artikuluko 1 eta 2. paragrafoetan xedatutakoa gorabehera, estatu kideek xedatu ahal izango dute, 1. artikuluko ezaugarriren batean oinarritutako tratu-bereizketak bereizkeria-izaerarik ez izatea, baldin eta, kasuan kasuko lanbide-jardueraren izaera edo jarduera hori gauzatzeko ingurua dela bide, ezaugarri hori oinarrizkoa eta erabakigarria bada lanbide-betekizun gisa. Horrez gain, tratu-bereizketaren xedea legitimoa izan beharko da, eta lanbide-betekizuna proportzionala.

Estatu kideek eutsi ahal izango diete, zuzentarau honen onespen-egunean euren legeria nazionalean indarrean zeuden xedapenei, edo xedapenak ezarri ahal izango dituzte, bihar-etzi zuzentarau honen onespen-eguneko eginera nazionalak jasoko dituen legerian, xedapenon ondorioz, elizen eta etikatzat erlijio edo pentsaera jakin bat hartzen duten beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuen lanbide-jardueren kasuan, ez denean bereizkeriatzat hartzen pertsona baten erlijioan edo pentsaeran oinarritutako tratu-bereizketa. Nolanahi ere, jarduera horien izaerarengatik edo horiek gauzatzeko inguruarengatik, pertsonaren erlijioa edo pentsaera hori oinarrizkoa, legitimoa eta justifikatua izan beharko da, lanbide-betekizun gisa, erakundearen etikari dagokionez.

Tratu-bereizketa hori egingo da, errespetatuz estatu kideen konstituzio-xedapen eta -printzipioak, bai eta Europako Erkidegoko zuzenbidearen printzipio orokorrak ere; halaber, tratu-bereizketa horrek ezin izango du justifikatu beste arrazoi batean oinarritutako bereizkeriarik.

Zuzentarau honen xedapenak errespetatzen diren heinean, zuzentarau honek ez dio kalterik egingo elizen eta erlijio edo pentsaera jakin bat hartzen duten beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuen eskubideari, konstituzio- eta legeria-xedapen nazionalekin bat etorriz, euren langileei eskatu ahal izateko onustez eta leialtasunez jardutea erakundearen etikarekin.

5. artikulua. Egokitze arrazoitsuak desgai diren pertsonentzat

Desgai diren pertsonei begira tratu-berdintasunaren printzipioa bermatzeko helburuarekin, egokitze arrazoitsuak gauzatuko dira.

Horrek esan nahi du enpresaburuek neurri egokiak hartuko dituztela, egoera bakoitzean dauden beharrizanen arabera, desgai diren pertsonei ahalbidetzeko enplegua lortzea, enpleguan parte hartzea edo lanbidean aurrerantz egitea, edo desgai diren pertsonei prestakuntza eskaintzeko, salbu eta neurri horiek zama astunegia direnean enpresaburuarentzat.

Zama ez da astunegitzat joko, kasuan kasuko estatu kidean desgaitasunei buruzko politiken esparruko neurriek hura behar beste arintzen dutenean.

6. artikulua. Adinaren ondoriozko tratu-bereizketak justifikatzea

2. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, estatu kideek ezarri ahal izango dute adinaren ondoriozko tratu-bereizketek ez dutela bereizkeriarik eragiten, baldin eta, zuzenbide nazionalaren esparruan, halakoak modu objektiboan eta arrazoitsuan justifikatuta badaude, helburu legitimo batengatik, eta, esangura horretan, enplegu-politikako, lan-merkatuko eta lanbide-prestakuntzako xede legitimoengatik. Nolanahi ere, helburu legitimo hori lortzeko bideak egokiak eta beharrezkoak izan behar dira.

Tratu-bereizketa horietara bildu ahal izango dira, bereziki:

a) Enplegua lortzearen eta lanbide-prestakuntza izatearen inguruan, enpleguaren nahiz lanaren inguruan, eta horien artean kaleratze- eta ordainsari-baldintzei dagokienez, baldintza bereziak ezartzea, gazteentzat, urte gehien duten langileentzat eta kargupean pertsonak dituztenentzat, euren lanbideratzea errazteko edo pertsona horien babesa bermatzeko.

b) Gutxieneko baldintzak ezartzea, adinari, lanbide-esperientziari edo laneko antzinatasunari dagokienez, enplegua edo enpleguari modu estuan lotutako zenbait abantaila lortzeko.

c) Kontratuak egiteko gehieneko adina ezartzea, oinarri hartuta kasuan kasuko lanpostuaren prestakuntza-betekizunak edo jubilazioa hartu aurretik lanean aritutako denbora behar bestekoa izatea.

2. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, estatu kideek ezarri ahal izango dute adinaren ondoriozko bereizkeriarik ez dela eragingo, Gizarte Segurantzako lanbide-araubideetan, adin jakin batzuk ezartzeagatik, jubilazio- edo ezgaitasun-prestazioen onurak jaso ahal izateko edo horretarako aukera izateko. Halaber, estatu kideek, araubide horiei dagokienez, adin desberdinak ezarri ahal izango dituzte langileentzat edo langileen talde nahiz kategorientzat, eta, araubide horien esparruan, adin-irizpideak erabili ahal izango dituzte kalkulu aktuarialetan. Nolanahi ere, horrek ez du eragin behar sexuaren ondoriozko bereizkeriarik.

7. artikulua. Ekintza positiboa eta neurri bereziak

Lanbide-bizitzan erabateko berdintasuna bermatzeko xedearekin, tratu-berdintasunaren printzipioak ez du eragotziko estatu kide batek neurri bereziei eustea edo neurri bereziak hartzea, 1. artikuluko edozein arrazoiren ondorioz sortutako desabantailak prebenitu nahiz konpentsatzeko.

Desgai diren pertsonei dagokienez, tratu-berdintasunaren printzipioak ez ditu oztopatuko, dela estatu kideen eskubidea, lan egiteko lekuan osasuna eta segurtasuna babesteari buruzko xedapenei eusteko edo xedapenak hartzeko, dela helburutzat xedapenak edo erraztasunak sortzea edo halakoei eustea duten neurriak, halako pertsonen laneratzea babestu nahiz suspertzeko.

8. artikulua. Gutxieneko betekizunak

Zuzentarau honetan jasotako xedapenen aldean, estatu kideek xede mesedegarriagoak ezarri ahal izango dituzte edo halakoei eutsi ahal izango diete, tratu-berdintasunaren printzipioa babesteko.

Zuzentarau honen aplikazioa ez da izango, inola ere, bereizkeriaren aurkako babes-maila gutxitzeko arrazoia, zuzentarau honen esparruetan estatu kideek aldez aurretik bereizkeriaren aurka bermatua duten babesari begira.

II. KAPITULUA

ERREKURTSOAK ETA BETEARAZTEA

9. artikulua. Eskubideak defendatzea

Estatu kideek zainduko dute prozedura judizial eta administratiboak izatea, eta, egoki iruditzen zaienean, baita adiskidetza-prozedurak ere, zuzentarau honetan ezarritako betebeharrak gauzatzea galdatzeko, tratu-berdintasunaren printzipioa ez dela bete uste duten pertsonen mesedetan, euren burua kalteduntzat dutenean. Estatu kideek beste horrenbeste egingo dute, ustezko bereizkeria zein harremanetan gauzatu eta harremanok amaituta daudenean ere.

Estatu kideek zainduko dute, zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideekin bat etorriz, zuzentarau hau betetzearen inguruan interes legitimoa duten elkarte, erakunde edo beste pertsona juridiko batzuek, demandatzailearen izenean edo hori babesteko, eta demandatzaile horren baimenarekin, edozein prozedura judizial edo administratibo hastea, zuzentarau honen ondoriozko betebeharrak gauzatzea galdatzeko.

1 eta 2. paragrafoek ez diete kalterik egingo arau nazionalei, errekurtsoak jartzeko epeei dagokienez, tratu-berdintasunaren inguruan.

10. artikulua. Froga-zama

Estatu kideek, euren antolamendu juridiko nazionalaren arabera, beharrezko neurriak hartuko dituzte, bermatzeko alderdi demandatuak egiaztatu behar duela tratu-berdintasunaren printzipioa hautsi izana, pertsona batek, bere burua kalteduntzat duenak, printzipio hori berari ez aplikatzeagatik, alegatzen dituenean, auzitegi edo beste organo eskudun batean, zuzeneko edo zeharkako bereizkeriaren presuntzioa sor dezaketen egitateak.

1. paragrafoan xedatutakoak ez du eragotziko estatu kideek arauak egitea alderdi demandatzailearentzat mesedegarriena den frogaren inguruan.

1. paragrafoan xedatutakoa ez zaie aplikatuko prozedura penalei.

1, 2 eta 3. paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaio, orobat, 9. artikuluko 2. paragrafoarekin bat etorriz hasitako akzio judizial orori.

Estatu kideek ez dute betebeharrik izango, 1. paragrafoan xedatutakoa aplikatzeko, kasuaren egitateak jurisdikzio-organoek edo beste organo eskudun batek aztertu behar dituenean.

11. artikulua. Errepresalien aurkako babesa

Estatu kideek, euren antolamendu juridikoetan, beharrezko neurriak hartuko dituzte, langileak babesteko kaleratzeen aurka edo enpresaburuak emandako beste edozein tratu kaltegarriren aurka, langileek enpresan egindako erreklamazioarengatik edo egikaritutako akzio judizialarengatik, tratu-berdintasunaren printzipioa betetzeko.

12. artikulua. Informazioa zabaltzea

Estatu kideek zainduko dute, zuzentarau honen ondorioz onartutako xedapenak, bai eta aldez aurretik indarrean zeuden xedapenak ere, komunikatzea xedapenok aplikatuko zaizkien pertsonei, egoki diren bide guztiak erabiliz, esate baterako, lantokietan, eta euren lurralde guztian.

13. artikulua. Gizarte-elkarrizketa

Estatu kideek, kasuan kasuko tradizio eta eginera nazionalen arabera, neurri egokiak hartuko dituzte, gizarte-solaskideen artean elkarrizketa suspertzeko, tratu-berdintasuna sustatzeko xedearekin. Halako neurrien artean izango dira, hala lan egiteko lekuko egineren, hitzarmen kolektiboen eta jokabide-kodeen kontrola, nola esperientzia eta jardunbide egokien ikerketa edo elkartrukea.

Estatu kideek, euren tradizio eta eginera nazionalekin bat etorriz gero, enpresaburuen eta langileen artean suspertuko dute, horien autonomiari kalterik egin gabe, kasuan kasuko maila egokian bereizkeriaren aurkako arauak ezartzen dituzten hitzarmenak egitea, 3. artikuluak aipatu esparruetan, betiere, esparru horiek negoziazio kolektibora biltzeko modukoak badira.

Hitzarmen horiek errespetatuko dituzte zuzentarau honetako gutxieneko betekizunak eta aplikagarri diren kasuan kasuko neurri nazionalak.

14. artikulua. Elkarrizketa, gobernuz kanpoko erakundeekin

Estatu kideek elkarrizketa suspertuko dute kasuan kasuko gobernuz kanpoko erakundeekin, halakoek, legeria eta eginera nazionalen arabera, interes legitimoa dutenean, 1. artikuluko arrazoietako batean oinarritutako bereizkeriaren aurkako borrokan laguntzeko, tratu-berdintasunaren printzipioa sustatzeko xedearekin.

III. KAPITULUA

XEDAPEN BEREZIAK

15. artikulua. Ipar Irlanda

Ipar Irlandako polizia-zerbitzuetan komunitate erlijiosorik garrantzitsuenetako batek duen infraordezkaritzari aurre egiteko, ez dira bereizkeria izango zerbitzu horietan kontratuak egitean gauzatutako tratu-bereizketak, ezta langile laguntzaileak kontratatzean ere, betiere, legeria nazionalak bereizketa horiek esanbidez baimendu baditu.

Ipar Irlandako irakasleen enplegu-aukeren orekari eusteko xedearekin, eta, aldi berean, bertan dauden komunitate erlijiosoen arteko banaketa historikoak gainditzen laguntzeko, zuzentarau honen erlijioari edo pentsaerei buruzko xedapenak ez dira aplikatuko Ipar Irlandako irakasleak kontratatzean, legeria nazionalak hori esanbidez ahalbidetzen duen heinean.

IV. KAPITULUA

AZKEN XEDAPENAK

16. artikulua. Betearaztea

Estatu kideek beharrezko neurriak hartuko dituzte, hurrengoak zaintzeko:

a) Tratu-berdintasunari buruzko printzipioaren aurkako lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak ezabatzea.

b) Kontratu nahiz hitzarmen kolektiboetako, enpresetako barne araudietako edo lanbide independente nahiz sindikatuen eta enpresaburuen erakundeen estatutuetako xedapen guztiak, tratu-berdintasunari buruzko printzipioaren aurkakoak izanez gero, deusezak direla adieraztea edo halakoak deusez eta baliogabetzat jotzeko aukera izatea, edo halakoak aldaraztea.

24. artikulua. Zehapenak

Estatu kideek zehapenen araubidea ezarriko dute, aplikatuko dena tratatu honen ondorioz ezarritako xedapen nazionalak hausten direnean; halaber, estatu kideek beharrezko neurri guztiak hartuko dituzte, xedapen nazional horiek betetzen direla bermatzeko.

Zehapen horiek eragingarriak, proportzionalak eta disuasio-izaerakoak izango dira, eta zehapen horien artean jaso ahal izango da biktimari kalte-ordaina ematea.

Estatu kideek xedapen horiek Batzordeari komunikatuko dizkiote, gehienez ere, 2003ko abenduaren 2rako, eta, atzerapenik gabe, jakinaraziko diote xedapen horien inguruko edozein aldarazpen.

18. artikulua. Aplikazioa

Estatu kideek zuzentarau honetan ezarritakoa betetzeko beharrezko lege-, erregelamendu- eta -administrazio-xedapenak emango dituzte, gehienez ere, 2003ko abenduaren 2rako, edo, hitzarmen kolektiboen mendekoak diren xedapenei dagokienez, gizarte-solaskideen esku utzi ahal izango dute zuzentarauaren aplikazioa, horiek osatzen dituzten alderdiek hala eskatzen dutenean, adostasunez.

Kasu horretan, estatu kideek ziurtatuko dute, gehienez ere, 2003ko abenduaren 2rako, gizarte-solaskideek adostasunez ezarri dituztela beharrezko xedapenak; estatu kide interesdunek beharrezko xedapen guztiak eman beharko dituzte, zuzentarau honek finkatutako emaitzak une oro bermatu ahal izateko.

Horren berri berehala emango diote Batzordeari.

Baldintza bereziak kontuan hartzeko xedearekin, estatu kideek, beharrezkoa denean, hiru urte gehiagoz luzatu ahal izango dute epea, 2003ko abenduaren 2tik aurrera, hau da, guztira sei urte izango dituzte, zuzentarau honen xedapenak aplikatzeko, adinaren eta desgaitasunaren ondoriozko bereizkeriaren inguruan.

Kasu horretan, berehala emango diote horren berri Batzordeari.

Epe gehigarri hori baliatzen duten estatu kideek urtero informatuko dute Batzordea, hartzen dituzten neurrien inguruan, adinaren eta desgaitasunaren ondoriozko bereizkeriaren aurka egiteko, eta zuzentarau hau aplikatzeko ematen dituzten aurrerapausoen inguruan.

Batzordeak urtero informatuko du Kontseilua.

Estatu kideek halako xedapenak ematen dituztenean, xedapenok zuzentarau honi egingo diote erreferentzia, edo erreferentzia horrekin batera ageriko dira argitalpen ofizialean.

Estatu kideek aipatu erreferentziaren modalitateak ezarriko dituzte.

19. artikulua. Txostena

Estatu kideek Batzordeari komunikatuko diote, gehienez ere, 2005eko abenduaren 2rako eta, gerogarrenean, bost urterik behin, beharrezko informazio guztia, Batzordeak zuzentarau honen aplikazioaren inguruko txosten bat egin dezan, Europako Parlamentuari eta Kontseiluari bidaltzeko.

Batzordearen txostenak kontuan hartuko ditu, bidezkoa denean, gizarte-solaskideen eta kasuan kasuko gobernuz kanpoko erakundeen ikuspuntuak.

Gizonaren eta emakumearen arteko aukera-berdintasunaren printzipioarekin bat etorriz, txosten horrek ahalbidetuko du, besteak beste, hartutako neurrien eragina ebaluatzea, gizonengan eta emakumeengan.

Jasotako informazioa aintzat hartuta, txostenak jasoko ditu, behar izanez gero, zuzentarau hau berrikusteko eta eguneratzeko proposamenak.

20. artikulua. Indarrean jartzea

Zuzentarau hau indarrean jarriko da Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

21. artikulua. Jasotzaileak

Estatu kideak izango dira zuzentarau honen jasotzaileak.

euskal legezalea