22007forulegea,

2/2007 Foru Legea, 2007rako PREVER programa arautzen duena

Nafarroako Parlamentua

2/2007 FORU LEGEA, otsailaren 14koa, 2007rako PREVER programa arautzen duena sozietateen gaineko zergari eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokienez.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK,

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FORU LEGEA, 2007RAKO PREVER PROGRAMA ARAUTZEN DUENA SOZIETATEEN GAINEKO ZERGARI ETA PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGARI DAGOKIENEZ.

Foru lege honen xedea da 2007. urterako PREVER programaren onura fiskalak arautzea sozietateen gaineko zergari eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokienez, baina aplikazio esparrua gehieneko pisu baimendua sei tona baino gutxiagokoa duten ibilgailu industrial berrietara mugatuta.

PREVER programaren barrenean zenbait garraiobideren gaineko zerga berezia xedetzat duen zatia, zerga horren kuotari egiten zaion kenkariari dagokionez, 2007rako ere arautu da, eta 2.500 zentimetro kubikotik beherako zilindrada duten automobil berrien behin betiko lehen matrikulazioa egitean aplikatuko da. Aipatutako kenkaria Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Legearen 47.bis artikuluan arautu zen.

PREVER programa ibilgailuen parkea modernizatzeko, bide-segurtasuna hobetzeko eta ingurumena babesteko sortu zen; zenbait onura fiskal ematean datza programa, eta bi modutara gauzatzen da: kasu batzuetan, zenbait garraiobideren gaineko zerga bereziaren kuotari kenkaria eginez, eta beste batzuetan ibilgailuaren saltzailearen zerga pertsonalaren kuotari kenkaria eginez (sozietateen gaineko zergan edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan). Foru lege honek bigarren onura fiskal horiek ditu hizpide, hau da, sozietateen gaineko zergan edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kuota likidoari aplikatu ahalko zaion kenkaria.

PREVER programaren aplikazioa 2006ko abenduaren 31ra artekoa izatea aurreikusirik bazegoen ere _eta hala adierazten da kenkari hau foru araudian txertatu zuen martxoaren 29ko 3/2004 Foru Legearen atarikoan_, Estatuko araudian indarraldia izanen du 2007. urtean ere, ingurumenaren ikuspuntutik garraiobideetan eragina duen fiskalitatea birmoldatzeko irizpideak zehaztu bitarte. Kontuan harturik komeni dela arlo honetan foru araudia Estatukoarekin bat etortzea, martxoaren 29ko 3/2004 Foru Legea indargabetu da, eta sozietateen gaineko zergan edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kuota likidoari egin beharreko kenkaria araubide erkidean xedatutakoari egokitu zaio.

Hortaz, programa hori 2008ko urtarrilaren 1ean desagertzea aurreikusi da, eta sozietateen gaineko zergan edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan kuota likidoari egin beharreko kenkariari dagokionez, aplikatzea soilik gehieneko pisu baimendua sei tonatik beherakoa duten ibilgailu industrial berriak erosi edo finantza-errentamenduan eskuratu dituztenei, betiere erosleek edo finantza-errentatzaileek frogatzen badute baja eman diotela, desegitera eramateko, gehieneko pisu baimendua sei tonatik beherakoa duen eta haien titularitatekoa den beste ibilgailu industrial bati, eta foru lege honetan zehaztutako zenbait baldintza betetzen badira.

1. artikulua. Ibilgailuen ezaugarriak.

Ondorioak 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko eta soilik 2007ko abenduaren 31ra arte, 4. artikuluan aipatzen diren pertsonek honako kenkari hau egin ahalko diote sozietateen gaineko zergaren kuota likidoari edo pertsona fisikoen errentaren gaineko kuota likidoari: gehieneko pisu baimendua sei tonatik beherakoa duten ibilgailu industrial berriak erosi edo finantza-errentamenduan eskuratu dituztenei emandako hobarien zenbatekoa, betiere erosle edo finantza-errentatzaile horiek frogatzen badute baja eman diotela, desegitera eramateko, gehieneko pisu baimendua sei tonatik beherakoa duen eta haien titularitatekoa den beste ibilgailu industrial bati, eta baldintza hauek betetzen badira:

a) Desegitera eramateko ibilgailuak zazpi urte baino gehiago izatea behin betiko lehen matrikulaziotik. Behin betiko lehen matrikulazioa ez bada Espainian egina, nahitaezkoa da, aurreko lerrokadan aipatzen den antzinatasunaz gainera, desegitera eramateko ibilgailua Espainian behin betikoz matrikulatua izatea, desegiteko behin betiko baja baino urte bete lehenago gutxienez.

b) Bai ibilgailu berria bai desegitera eramateko ibilgailua Trafiko, Motoredun Ibilgailuen Zirkulazio eta Bide Segurtasunari buruzko martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren eranskineko 23. eta 26. idatz-zatietan sarturik egotea, bai eta Zenbait Garraiobideren gaineko zerga bereziko lotura-ezeko kasuetakoren batean ere, zehazki Zerga Bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legeko 42. artikuluko 1. idatz-zatiaren a) letran jasotzen diren horietakoren batean.

2. artikulua. Kenkariaren zenbatekoa.

Kuota likidoari dagokionez, aurreko artikuluak aipatzen duen kenkaria ez da 480,81 euro baino gehiago izanen.

3. artikulua. Kenkarirako baldintza.

Hobariaren zenbatekoa ez da kengarria izanen baldin eta ibilgailu zaharrari baja eman zaionetik berriaren matrikulazioa egin arte sei hilabete igaro badira.

4. artikulua. Kenkaria egin dezaketen pertsonak.

1. artikuluan aurreikusitako kenkaria fabrikatzaileak, Espainiako lehen hartzaileak edo, bestela, eta horien ordez, kontzesiodunarekin edo azken saltzailearekin banaketarako kontratu-harremanak dituenak eginen du.

Kasua hori bada, kontzesiodunak edo ibilgailuaren azken saltzaileak haren prezioan aplikatuko du hobaria, baina hobari horrek ez du eraginik izanen ez balio erantsiaren gaineko zergaren oinarrian, ez kuotan.

Finantza-errentamenduaren kasuan hobariaren zenbatekoa balio erantsiaren gaineko zergaren oinarrian sartuko da.

Foru lege honek aipatzen duen hobaria bereganatzen duen subjektu pasiboak kontzesiodunari edo azken saltzaileari itzuliko dio hobariaren zenbatekoa, 2. artikuluan kenkariaren zenbatekoari ezarritako mugarekin, eta azken horrek hari eman beharko dizkio kenkaria aplikatu izana frogatzen duten fakturak eta ibilgailuen baja-ziurtagiriak, saltzaileek sozietateen gaineko zergan edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan egiten dituzten kenkariak frogatzeko.

5. artikulua. Baldintzak betetzen direla frogatzea.

Aurreko artikuluetan eskatzen diren baldintzak betetzen direla agertaraziko da Trafiko Zuzendaritza Nagusiak edo haren menpeko organo eskudunek ibilgailuei buruz ematen dituzten baja-ziurtagirietan.

6. artikulua. Konturako ordainketatzat hartzea.

1. artikuluak aipatzen duen kenkariaren zenbatekoa konturako atxikipen eta sarreren parekotzat hartuko da abenduaren 30eko Sozietateen gaineko ergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 74. eta 86. artikuluetan eta Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen 91. artikuluak arautzen duten kenkaria egiteko eta, hala bada, ofiziozko itzulketarako, eta berdin subjektu pasiboak egin beharreko zatikako ordainketetarako.

Xedapen indargabetzaile bakarra._Martxoaren 29ko 3/2004 Foru Legean araututako ibilgailuen parkea modernizatzeko Prever programaren bukaera.

Ondorioak 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko, indarrik gabe gelditu da Prever programa luzatzen duen martxoaren 29ko 3/2004 Foru Legea, salbu eta lege horretako xedapen gehigarri bakarra.

Azken xedapen bakarra._Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, legean berean aurreikusitako ondorioak izateko.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2007ko otsailaren 14an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea