200612eezuzentaraua,hondakineiburuzkoa

2006/12/EE Zuzentaraua, hondakinei buruzkoa

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

2006/12/EE ZUZENTARAUA, EUROPAKO PARLAMENTUARENA ETA KONTSEILUARENA, 2006ko apirilaren 5ekoa, hondakinei buruzkoa

(Testu egokia EEEri dagokionez)

EUROPAKO PARLAMENTUAK ETA EUROPAR BATASUNEKO KONTSEILUAK,

Europako Erkidegoa eratzen duen Ituna —bereziki Itunaren 175. artikulua— aztertu dute,

baita Batzordearen proposamena ere,

Europako Ekonomia eta Gizarte Lantaldearen irizpena aztertu dute1,

Eskualdeetako Batzordeari kontsulta egin diote aurretik,

Itunaren 251. artikuluan ezarritako prozedurari jarraiki,

Honako hauek kontuan hartuta:

(1) Kontseiluaren 75/442/EEE Zuzentaraua, 1975eko uztailaren 15ekoa, hondakinei buruzkoa3, zenbaitetan aldatu izan da eta funtsezko aldaketak izan dira4. Komenigarria da, arrazionaltasunaren eta argitasunaren mesedetan, Zuzentarua kodetzea.

(2) Hondakinak kudeatzeari buruzko edozein arauren funtsezko helburuak gizakiaren osasuna eta ingurumena babestea izan behar du; hondakinak biltzeak, garraiatzeak, tratatzeak, biltegiratzeak eta gordetzeak eragindako ondorio kaltegarrien aurka babestea, hain zuzen ere.

(3) Erkidegoan hondakinen kudeaketa eraginkorragoa izan dadin, behar-beharrezkoa da terminologia bateratua eta hondakinen definizioa izatea.

(4) Hondakinak kudeatzeko eta balorizatzeko arau eraginkorrak eta koherenteak, salbuespenak salbuespen, ondasun hauei ezarri behar zaizkie: edukitzaileak botatzen dituen ondasun higigarriei, nahitaez bota behar dituen ondasun higigarriei edo botatzeko asmoa duen ondasun higigarriei.

(5) Garrantzitsua da hondakinak balorizatzeari eta balorizazio-materialak lehengai gisa erabiltzeari lehentasuna ematea, baliabide naturalak zaintzearren. Beharrezkoa izan daiteke arau bereziak ezartzea, berrerabil daitezkeen hondakinentzat.

(6) Ingurumena ahalik eta gehien babesteko, beharrezkoa da estatu kideek hondakinak arduraz ezabatzen eta balorizatzen direla bermatzeaz gain, hondakinen ekoizpena gutxitzea helburu duten neurriak hartzea; horretarako, bereziki, teknologia garbiak, eta birziklatu eta berrerabili daitezkeen produktuak sustatuko dituzte, hondakin balorizatuak komertzializatzeko gaur egun eta gerora izan daitezkeen aukerak kontuan hartuta.

(7) Gainera, estatu kideen legedien arteko desberdintasunek, hondakinen ezabapenei eta balorizazioei buruzkoek, eragina izan dezakete ingurumenaren kalitatean eta barne-merkatuaren funtzionamendu onean.

(8) Garrantzitsua da Erkidegoa bera osotasunean gai izatea berak sortzen dituen hondakinak ezabatzeko, eta desiragarria estatu kideek, nork bere modura, helburu hori izatea.

(9) Estatu kideek hondakinak kudeatzeko planak egin behar dituzte, helburu horiek bete daitezen.

(10) Komenigarria da hondakin-mugimenduak murriztea, eta, horretarako, estatu kideek beharrezko neurriak hartzea nork bere kudeaketa-planen baitan.

(11) Ahalik eta babes-mailarik handiena eta kontrol eraginkorra bermatzeko, behar-beharrezkoa da hondakinak ezabatzeko eta balorizatzeko enpresen baimena eta kontrola hitzartzea.

(12) Beren hondakin propioak tratatzen edo hondakinak balorizatzen dituzten zenbait establezimendu beharrezko baimena izatetik libre egon daitezke, baldintza jakinetan eta beti ere ingurumena babesteko betebeharrak betetzen badituzte. Establezimendu horiek erregistroan jasota egon behar dute.

(13) Hondakinak ekoizten direnetik behin betiko ezabatzen diren arteko jarraipena bermatzeko, komenigarria da, halaber, hondakinekin lotura duten bestelako enpresei baimena ematea eta horiek behar bezala ikuskatzea; esate baterako, hondakinak biltzen, garraiatzen eta komertzializatzen dituzten enpresei.

(14) Hondakinak ustiatu ondoren ordaindu ezin diren kostuak honako printzipioaren arabera ordainduko dira: "kutsatzen duenak ordaindu behar du".

(15) Zuzentarau hau ezartzeko beharrezko neurriak Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/468/EE Erabakiaren arabera onetsiko dira. Erabaki horrek Batzordeari dagozkion egikaritze-eskumenak gauzatzeko prozedura ezartzen du1.

(16) Zuzentarau honek ez die eragin behar zuzentarauak barne-zuzenbidean sartzeko transposizio-epeen inguruan estatu kideek dituzten betebeharrei; horiek III. eranskinean, B zatian, aipatzen dira.

HONAKO ZUZENTARAU HAU ONARTU DUTE:

1. artikulua

1. Zuzentarau honetan, hitz hauek definizio hau dute:

a) "hondakina": I. eranskinean aipatzen diren kategorietako bati dagokion edozein substantzia edo objektua, eta edukitzaileak bota duena, botatzeko asmoa duena edota nahitaez bota behar duena;

b) "ekoizlea": hondakinak ekoizten dituen edozein pertsona ("lehen ekoizlea") edota aldez aurretik tratamenduren bat, nahasketa edo bestelakoren bat egin eta hondakinen osaeran edo berezkotasunean aldaketaren bat eragiten duen pertsona oro;

c) "edukitzailea": hondakinak ekoizten dituena, edo hondakinak berekin dituen pertsona fisikoa edo juridikoa;

d) "kudeaketa": hondakinak biltzea, garraiatzea, balorizatzea eta ezabatzea, baita lan horiek nola egiten diren zaintzea eta, itxi ondoren, deskarga-lekuak zaintzea ere;

e) "ezabaketa": II. eranskinaren A zatian aipatzen diren lan guztiak;

f) "balorizazioa": II. eranskinaren B zatian aipatzen diren lan guztiak;

g) "bilketa": hondakinak biltzea, sailkatzea edota pilatzea, gero garraiatzeko.

2. Lehendabiziko paragrafoaren a) letra zehazteko, Batzordeak, 18. artikuluaren 3. idatz-zatian aipatutako prozeduraren arabera, I. eranskinean zerrendatutako kategoriei dagozkien hondakinen zerrenda osatuko du. Zerrenda aldian-aldian berrikusiko da, eta, behar izanez gero, aldatu egingo da prozedura berari jarraituz.

2. artikulua

1. Zuzentarau honen aplikazio-eremutik kanpo geratzen dira:

a) atmosferara isurtzen diren gas-efluenteak;

b) beste legediren batek araututakoak:

i) hondakin erradioaktiboak,

ii) baliabide mineralen prospekzio-, erauzketa-, tratamendu-, eta bilketa-lanek eragindako hondakinak, baita harrobiak ustiatzetik sortutako hondakinak ere,

iii) animalia-gorpuak eta nekazaritza-hondakin hauek: nekazaritza-ustiapeneko materia fekalak eta bestelako substantzia natural batzuk, arriskutsuak ez direnak,

iv) hondakin-urak, likido-egoeran dauden hondakinak izan ezik,

v) sailkapenetik kanpoko lehergailuak.

2. Berariazko xedapen bereziak edo zuzentarau honen osagarriak, zenbait hondakin-kategoriaren kudeaketa arautzeko emanak, berariazko zuzentarauen bidez ezarri ahal izango dira.

3. artikulua

1. Estatu kideek neurri aproposak hartuko dituzte honako hauek sustatzeko:

a) lehenik eta behin, hondakin-ekoizpena aurreikustea edo gutxitzea, baita horien kaltegarritasuna ere; bereziki neurri hauen bidez:

i) baliabide naturalak gehiago aurrezteko aukera ematen duten teknologia garbiak garatuz,

ii) fabrikazio, erabilera edo deuseztatze ezaugarriengatik, hondakinen kopurua edo kaltegarritasuna eta kutsadura-arriskuak saihesten edo gutxitzen dituzten produktuen garapen teknikoa eta komertzializazioa sustatuz.

iii) balorizatuko diren hondakinen substantzia arriskutsuak ezabatzeko teknika aproposak garatuz,

b) bigarrenik:

i) hondakinak balorizatzea birziklapenaren, beste erabilera baten, berreskurapenaren edo bigarren erabilerarako lehengaiak sortzeko bestelako jardueraren baten bidez, edo

ii) hondakinak energia-iturri gisa erabiltzea.

2. Estatu kideek Batzordeari jakinaraziko diote 1. paragrafoko helburuak lortzeko zein neurri hartuko dituzten, honako kasu honetan izan ezik: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 98/34/EE Zuzentarauaren xedapenak aplikatzen direnean —Zuzentaraua 1998ko ekainaren 22koa, arau eta arautegi teknikoen inguruko informazio-prozedura1 ezartzen duena—. Batzordeak horien berri emango die gainerako estatu kideei eta 18. artikuluan 1. paragrafoan aipatzen den lantaldeari ere bai.

4. artikulua

1. Estatu kideek beharrezko neurriak hartuko dituzte bermatzeko hondakinak balorizatu edo ezabatuko direla gizakiaren osasuna arriskuan jarri gabe, eta ingurumena kaltetu dezaketen prozedurak eta metodoak erabili gabe. Eta, bereziki, hau bermatuko dute:

a) urari, aireari, lurrazalari, faunari eta florari ez zaiola arriskurik eragiten;

b) zarata eta usain deserosorik ez dela eragiten;

c) interes berezia duten paisaiak eta tokiak ez direla arriskuan jartzen.

2. Estatu kideek beharrezko neurriak hartuko dituzte hondakinak kontrolatu gabe uztea, isurtzea eta ezabatzea debekatzeko.

5. artikulua

1. Estatu kideek behar bezalako neurriak hartuko dituzte —beharrezkoa edo komenigarria bada, gainerako estatu kideekin lankidetzan—, ezabatze-instalazio sare integratua eta egokia sortzeko; horretarako, eskura dauden teknologia hoberenak izango dituzte kontuan, gehiegizko gastua eragiten ez dutenak. Sare horrek, hondakinen ezabaketaren alorrean, Erkidego osoari autosufiziente izateko aukera eman behar dio, eta, halaber, estatu kide bakoitzari helburu horretara iristen lagundu, baldintza geografikoak eta hondakin-mota jakinentzat instalazio berezien beharra kontuan hartuta.

2. Sare horrek aukera eman beharko du gertuen dagoen instalazio aproposen batean hondakinak ezabatzeko, teknika eta metodo egokienak erabilita, ingurumena eta osasun publikoa ahalik eta gehien babestuko dutela bermatzeko.

6. artikulua

Estatu kideek Zuzentarau honen xedapenak aplikatzeaz arduratuko den agintari eskuduna ezarri edo izendatuko dute (bat edo bat baino gehiago izan daiteke).

7. artikulua

1. 6. artikuluak aipatutako agintari eskudunek 3., 4. eta 5. artikuluetan adierazitako helburuak lortzeko, hondakinak kudeatzeko plan bat edo batzuk ezarri beharko dituzte, ahalik eta lasterren ezarri ere. Plan horietan honako hau adierazi beharko dute bereziki:

a) balorizatu edo ezabatu beharreko hondakin-mota, -kopurua eta -jatorria;

b) agindu tekniko orokorrak;

c) hondakin bereziei buruzko aparteko xedapen guztiak;

d) ezabaketarako toki edo instalazio egokiak.

2. Lehenengo paragrafoan aipatutako planek, esate baterako, hau adieraz dezakete:

a) hondakinak kudeatzeko eskumena duten pertsona fisiko edo juridikoak;

b) balorizazio- eta ezabaketa-lanek eragindako kostuen estimazioa;

c) hondakinak arrazionaltasunez biltzeko, sailkatzeko eta tratatzeko neurri egokiak.

3. Estatu kideak lankidetzan arituko dira, hala badagokio, gainerako estatu kideekin eta Batzordearekin, aipatutako planak ezartzeko, eta Batzordeari jakinaraziko dizkiote.

4. Estatu kideek beharrezko neurriak har ditzakete beren hondakin-kudeaketarako planekin bat ez datozen hondakin-mugimenduak eragozteko. Neurri horien berri emango diete Batzordeari eta gainerako estatu kideei.

8. artikulua

Estatu kideek beharrezko xedapenak emango dituzte, hondakin-edukitzaileek hau egin dezaten:

a) hondakin-jasotzaile pribatu edo publikoren batera eraman edo II. eranskineko A eta B zatietan aurreikusitako lanak egiten dituen enpresaren batera eraman ditzan hondakinak; edo

b) balorizatzeko edo ezabatzeko ardura edukitzaileak berak har dezan, Zuzentarau honen xedapenen arabera.

9. artikulua

1. Bigarren eranskineko A zatian aipatutako lanak egingo dituen edozein establezimenduk edo enpresak 4., 5. eta 7. artikuluak aplikatzeari begira, 6. artikuluan adierazitako agintari eskudunak emandako baimena izan beharko du.

Baimen horretan, bereziki, hau adieraziko da:

a) hondakin-mota eta -kopurua;

b) agindu teknikoak;

c) segurtasunaren inguruan hartu beharreko arreta-neurriak;

d) hondakinak ezabatzeko tokia;

e) tratamendu-metodoa.

2. Baimenenekin bi gauza gerta daitezke: batetik, aldi jakin baterako ematea, berritzea eta baldintzei eta betebeharrei lotuta izatea; eta, bestetik, ukatzea, aurreikusitako ezabatze-metodoa onargarria ez bada ingurumenaren babeserako, batez ere.

10. artikulua

4. artikulua aplikatzeari begira, II. eranskineko B zatian aipatzen diren lanak egingo dituzten establezimendu eta enpresa guztiek horretarako baimena izan beharko dute.

11. artikulua

1. Kontseiluaren 91/689/EEE Zuzentarauaren xedapenek adierazitakoa baztertu gabe —1991ko abenduaren 12koa, hondakin arriskutsuei buruzkoa1—, 9. artikuluan edo 10. artikuluan adierazitako baimena honako hauei eman dakieke:

a) produkzio-tokietan beren hondakinak ezabatzeaz arduratzen diren establezimendu edo enpresei, eta

b) hondakinak balorizatzen dituzten establezimendu eta enpresei.

2. Lehenengo paragrafoan ezarritako salbuespena honako hauetan baino ezin izango da aplikatu:

a) eskumena duten agintariek jarduera-mota bakoitzerako arau orokorrak onartu badituzte eta, horietan, hondakin-mota eta -kopurua eta jardueraren baldintzak ezartzen badira baimenik gabe jardun ahal izateko, eta

b) hondakin-motek eta hondakin-kopuruak edo ezabatze- eta balorizazio-moduak 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

3. Lehenengo paragrafoan aipatzen diren establezimendu edo enpresek eskumena duten agintarien aurrean erregistratu behar dute.

4. Estatu kideek, 2. paragrafoko a) letran jasotakoa betez, ezarritako arau orokorren berri eman behar diote Batzordeari.

12. artikulua

Hondakinak modu profesionalean biltzen edo garraiatzen aritzen diren establezimendu edo enpresek, edo hirugarren batek (negoziatzaileak edo ordezkariak) eskatuta hondakinak ezabatzeaz edo balorizatzeaz arduratzen direnek, baimenik behar ez badute, eskumena duten agintarien aurrean erregistratuta egon behar dute.

13. artikulua

9. eta 12. artikulu artean aipatzen diren lanetan aritzen diren establezimenduak edo enpresak eskumena duten agintariek aldian-aldian ikuskatuko dituzte.

14. artikulua

1. Bederatzigarren eta hamargarren artikuluetan aipatzen den establezimendu eta enpresa orok honako hauek egin beharko du:

a) erregistro-liburua bete, eta horretan honako hauek adierazi: hondakinen kopurua, izaera, jatorria eta, beharrezkoa denean, helmuga, bilketa-maiztasuna, garraiobidea, I. eranskinean zerrendatutako hondakinen tratamendu-metodoa eta II. eranskinean A eta B zatietan zerrendatutako lanak;

b) horien guztien berri eman 6. artikuluan aipatutako agintari eskudunei, haiek eskatuz gero.

2. Estatu kideek ere eska diezaiekete ekoizleei 1. paragrafoko xedapenak betetzeko.

15. artikulua

"Kutsatzen duenak ordaintzen du" printzipioaren arabera, hondakin-ezabaketak eragindako kostuak honako hauek ordainduko dituzte:

a) hondakinak biltzaileren batera edo 9. artikuluan aipatzen den enpresa-motaren batera eramaten dituen edukitzaileak, edota

b) hondakinak lehendik zituzten edukitzaileek edo hondakinak eragin dituen produktuaren ekoizleak.

16. artikulua

Hiru urtean behin, estatu kideek Zuzentarau honen aplikazioari buruzko informazioa bidaliko dute Batzordera; arlokako txostena izango da, eta Erkidegoko gainerako berariazko zuzentarauak ere jasoko ditu. Batzordeak egindako galdetegi edo eskema batean oinarrituta prestatuko da Txostena, 18. artikuluan, 2. paragrafoan adierazitako prozedurari jarraituz. Galdetegia edo eskema estatu kideei bidaliko zaie txostenean jaso beharreko aldia hasi baino sei hilabete lehenago. Gero, txostena Batzordera bidaliko da, txostenean jaso beharreko hiru urteko aldia bukatu eta bederatzi hileko epea baino lehen.

Batzordeak Zuzentarauaren aplikazioari buruzko txosten bateratua argitaratuko du, estatu kideen txostenak jaso eta bederatzi hileko epean.

17. artikulua

Zuzentarauaren eranskinak aurrerapen zientifiko eta teknikoetara moldatzeko egin beharreko aldaketak 18. artikuluaren 3. paragrafoan adierazitako prozeduraren arabera onartuko dira.

18. artikulua

1. Batzordeak lantalde baten laguntza izango du.

2. Paragrafo hau aipatzen den kasuetan, 1999/468/EE Erabakiaren 4. eta 7. artikuluak aplikatuko dira, eta 8. artikuluan xedatutakoa ere kontuan hartuko da.

1999/468/EE erabakiaren 4. artikuluaren 3. paragrafoan aipatzen den epea hilabetekoa izango da.

3. Paragrafo hau aipatzen den kasuetan, 1999/568/EE Erabakiaren 5. eta 7. artikuluak aplikatuko dira, eta 8. artikuluan xedatutakoa ere kontuan hartuko da.

1999/468/EE Erabakiaren 5. artikuluaren 6. paragrafoan aipatzen den epea hiru hilekoa izango da.

4. Lantaldeak erabakiko du bere barne-araudia.

19. artikulua

Estatu kideek Batzordeari jakinaraziko diote Zuzentarau honek araututako alorrean onartzen dituzten barne-zuzenbideko xedapen nagusien testua.

20. artikulua

75/442/EEE Zuzentaraua indargabetua geratzen da, baina indargabetzeak ez die eragiten Zuzentarauak nork bere zuzenbidean sartzeko transposizio-epeen inguruan estatu kideek dituzten betebeharrei; horiek III. eranskinean, B zatian aipatzen dira.

Indargabetutako Zuzentarauari buruzko erreferentziak oraingo Zuzentarauan oinarrituta daudela ulertuko da, IV. eranskinean dagoen elkarrekikotasun-taularen arabera.

21. artikulua

Zuzentarau hau Europako Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hogei egunera jarriko da indarrean.

22. artikulua

Zuzentarau honen hartzaileak Europar Batasuneko estatu kideak dira.

Estrasburgon egina, 2006ko apirilaren 5ean.

Europako Parlamentuaren izenean,

Presidentea

J. BORRELL FONTELLES

Kontseiluaren izenean

,

Presidentea

H. WINKLER

I. ERANSKINA

HONDAKIN-KATEGORIAK

Q1. Jarraian zehazten ez diren ekoizpen- edo kontsumo-produktuak.

Q2. Arauak betetzen ez dituzten produktuak

Q3. Iraungitako produktuak

Q4. Istripuz isuri diren gaiak, galdu direnak edo bestelako gorabeheraren bat izan dutenak; ezbeharraren eraginez kutsatutako materialak, sistemak eta abar barne.

Q5. Nahita egindako jardueren ondorioz kutsatutako edo zikindutako gaiak (esate baterako, garbiketa-lanak egin ondorengo hondakinak, enbalaje-gaiak, edukiontziak eta abar)

Q6. Osagai erabilgaitzak (esate baterako, erabiltzen ez diren bateriak, katalizatzaile agortuak eta abar)

Q7. Gehiagotan erabili ezin daitezkeen substantziak (esate baterako, azido kutsatuak, disolbatzaile kutsatuak, tenplaketa-gatz agortuak eta abar)

Q8. Industria-prozesuetako hondakinak (esate baterako, zepak, destilazio-jalkinak eta abar)

Q9. Kutsaduraren kontrako prozesuetan sortutako hondakinak (esaterako, gas-garbiketako lohiak, aire-iragazkietako hautsa, iragazki gastatuak eta abar)

Q10. Mekanizazio/akabera-prozesuetatik sortutako hondakinak (esaterako, torneaketa- edo fresaketa-txirbilak eta abar)

Q11. Lehengaiak erauzten edo prestatzen sortutako hondakinak (esaterako, meatze- edo petrolio-ustiapeneko hondakinak eta abar)

Q12. Gai kutsatuak (esaterako, bifenilo polikloratuz -PCB- kutsatutako olioa eta abar)

Q13. Erabiltzea legez debekatuta dauden gai, substantzia edo produktu guztiak

Q14. Berez gehiagotan erabili ezin diren edo edukitzailearentzat erabilgarriak ez diren produktuak (esaterako, nekazaritza-lanetan, etxeetan, bulegoetan, biltegietan, tailerretan eta abarretan baztertzen diren gaiak)

Q15. Lurzoruen birsorkuntzarako jardueretan sortzen diren gai, substantzia edo produktu kutsatuak

Q16. Aurreko kategorietan ez dauden substantzia, gai eta produktu guztiak.

II. ERANSKINA A

EZABATZEKO LANAK

Oharra: Eranskin honen helburua errealitatean dauden ezabatzeko moduak zerrendatzea da. 4. artikuluaren arabera, gizakion osasuna arriskuan jarri gabe ezabatu behar dira hondakinak, eta ingurumenean kalteak eragin ditzaketen prozedurak eta metodoak erabili gabe.

D 1 Lurrazal gainean uztea edo barruan sartzea (esate baterako, isurketak eta abar)

D 2 Tratamendua lurrean (esate baterako, hondakin likidoen biodegradazioa edo lohia lurrazalean eta abar)

D 3 Sakonerako injekzioa (esate baterako, ponpa daitezkeen hondakinak putzuetan, gatz-meatzeetan edo faila geologiko naturaletan eta abarretan injektatzea)

D 4 Azaleko urtegietan isurtzea (esate baterako, hondakin likidoak putzuetara, urmaeletara eta abarretara isurtzea)

D 5 Propio egindako tokietan isurtzea (esate baterako, banakako gelaxka itxietan eta estalietan sartzea, elkarrengandik eta ingurumenetik isolatuak)

D 6 Isurketa uretan egitea, itsasoan izan ezik

D 7 Isurketa itsasoan egitea, itsas ohantzean txertatzea barne

D 8 Eranskin honetako gainerako paragrafoetan zehaztu ez den tratamendu biologikoa egitea, baldin eta D 1 eta D 7 artean eta D 9 eta D 12 artean zerrendatutako prozeduraren baten bidez ezaba daitezkeen konposatuak eta nahasketak sortzen baditu

D 9 Eranskin honetako gainerako paragrafoetan zehaztu ez den tratamendu fisikokimikoa egitea, baldin eta D 1 eta D 8 artean eta D 10 eta D 12 artean zerrendatutako prozeduraren baten bidez ezaba daitezkeen konposatuak eta nahasketak sortzen baditu (esate baterako, baporizazioa, lehortzea, kaltzinazioa eta abar)

D 10 Errausketa lehorrean egitea

D 11 Errausketa itsasoan egitea

D 12 Biltegi iraunkorrak sortzea (esate baterako, meategiren batean edukiontziak jarri eta abar)

D 13 Orain arte, D1 eta D 12 artean zerrendatutako edozein operazioren aurreko konbinazio edo nahasketa egitea

D 14 Orain arte, D1 eta D 13 artean zerrendatutako edozein operazioren aurreko berrontziratzea

D 15 Orain arte, D1 eta D 14 artean zerrendatutako edozein operazioren aurreko biltegiratzea (produkzio-lekutik bildu aurretik aldi baterako biltegiratzen denean izan ezik)

II. ERANSKINA B

BALORIZATZEKO LANAK

Oharra: Eranskin honen helburua errealitatean dauden balorizatzeko lanak zerrendatzea da. 4. artikuluaren arabera, gizakion osasuna arriskuan jarri gabe balorizatu behar dira hondakinak, eta ingurumenean kalteak eragin ditzaketen prozedurak eta metodoak erabili gabe.

R 1 Erregai gisa edo energia sortzeko bestelako bitarteko gisa erabiltzea nagusiki

R 2 Disolbagarriak berreskuratu edo birsortzea

R 3 Disolbagarri gisa erabiltzen ez diren substantzia organikoak birziklatu edo berreskuratzea (konpostajea eta bestelako eraldaketa biologikoak barne)

R 4 Metalak edo konposatu metalikoak birziklatu eta berreskuratzea

R 5 Bestelako materia ez-organikoak birziklatu edo berreskuratzea

R 6 Azidoak edo baseak birsortzea

R 7 Kutsadura gutxitzeko erabili diren osagaiak berreskuratzea

R 8 Katalizatzaileek izaten dituzten osagaiak berreskuratzea

R 9 Olioak birsortzea edo beste erabileraren bat ematea

R 10 Lurrazalaren tratamendua egitea, nekazaritzari onurak edo horiei hobekuntza ekologikoa eragiteko

R 11 Orain arte, R 1 eta R 10 artean zerrendatutako edozein lanetatik lortutako hondakinak erabiltzea

R 12 Hondakinak trukatzea, R 1 eta R 11 artean zerrendatutako lanetan erabiltzeko

R 13 Hondakinak pilatzea, R 1 eta R 12 artean zerrendatutako edozein lanetan erabiltzeko (produkzio-lekutik bildu aurretik aldi baterako biltegiratzen denean izan ezik)

III. ERANSKINA

A ZATIA

ZUZENTARAU INDARGABETUA, ALDAKETAK ETA GUZTI

(20. artikuluan jasoak)

B ZATIA

BARNE-ZUZENBIDERAKO TRANSPOSIZIO-EPEAK

(20. artikuluan jasoak)

IV. ERANSKINA

ELKARREKIKOTASUN-TAULA

OHARRAK:

1

EO C 112, 2004.4.30ekoa, 46. or.

2

Europako Parlamentuaren Irizpena, 2004ko martxoaren 9koa (EO C 102 E, 2004.4.28koa, 106. or.) eta Kontseiluaren Erabakia, 2006ko urtarrilaren 30ekoa.

3

EO L 194, 1975.7.25ekoa, 39. or. Azken buruan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1882/2003 Erregelamenduak (EE) (EO L 284, 2003.10.31koa, 1. or.) aldatu zuen Zuzentaraua.

4 Ikus III. eranskina, A zatia.

1 EO L 184 1999.7.17koa, 23. or. 23.

1

EO L 204, 1998.7.21ekoa, 37. or. Azken buruan 2003ko atxikitzetzo Aktak aldatu zuen Zuzentaraua.

1

EO L 377, 1991.12.31koa, 20. or. Azken buruan 94/31/EE Zuzentarauak (EO L 168, 1994.7.2koa, 28. or.) aldatu zuen Zuzentaraua.

euskal legezalea