Emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeari buruzko Adierazpena

EUSLEGE

Biltzar Orokorrak

Aitortuz, emakumeari, berdintasun, segurtasun, askatasun, osotasun eta gizaki guztien duintasunari buruzko eskubide eta printzipioen aplikazio unibertsalaren presazko beharrizana,

Erreparatuz eskubide eta printzipio hauek nazioarteko instrumentuetan jaso eta horien artean daudela Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala 1/, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna 2/, Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Ituna 2/, emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko Konbentzioa 3/ eta Torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako Konbentzioa 4/,

Aitortuz emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko hitzarmenaren aplikazio eragingarriak emakumearen aurkako indarkeria ezabatzen lagunduko lukeela eta emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeari buruzko adierazpenak, ebazpen honetan aipatutakoak, prozesu hori indartu eta osatuko lukeela,

Kezkaturik, emakumearen aurkako indarkeria oztopoa dela, bateko, berdintasuna, garapena eta bakea lortzeko, emakumearen aurrerapenerako etorkizunera bideratutako Nairobiko Estrategietan 5/ aitortzen den bezala, bertan emakumearen aurkako indarkeria ezabatzera zuzendutako neurri multzoa gomendatu zirela, eta besteko, emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko Konbentzioa osotasunez aplikatzeko,

Baieztatuz, emakumearen aurkako indarkeria giza eskubideen eta oinarrizko eskubideen urratzea dela, eta oso-osorik zein zati batean emakumeak eskubide eta askatasun horiek izateko oztopo direla, eta kezkaturik emakumearen aurkako indarkeria kasuetan eskubide eta askatasun horien babesak eta garatzeak izan duten aspaldiko arduragabekeriaz,

Aitortuz, emakumearen aurkako indarkeria, historian zehar, gizonaren eta emakumearen artean ezberdinak izan diren botere harremanen adierazpena dela, eta horiek ekarri dutela emakumea menpean egotea eta gizonaren aldetiko diskriminazioa izatea, era berean, haren aurrerabidea eragotziz, eta orobat, emakumearen aurkako indarkeria gizartearen oinarrizko tresna dela, horren bitartez emakumea behartu egiten dela gizonarekiko mendekotasun egoera horretara,

Kezkaturik, emakume talde batzuk, esaterako, gutxiengoen artean dauden emakumeak, emakume indigenak, errefuxiatuak, emakume migratzaileak, nekazaritza-guneetako eta urruneko erkidegoetan bizi diren emakumeak, emakume behartsuak, erakundeetan giltzapetutako edo atxilotutako emakumeak, neskatoak, desgaitasunen bat duten emakumeak, adineko emakumeak eta gatazka armatu egoeretan dauden emakumeak, bereziki erasokorrak direlako,

Gogoratuz 1990ko maiatzaren 24ko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren 1990/15 ebazpenaren eranskinean jasotako 23. paragrafoko ondorioa; horretan aitortzen da familian eta gizartean emakumearen aurkako indarkeria orokortu egin dela eta diru-sarrera, gizarte-mailak eta kulturetatik haratago doala, eta presazkoak eta eragingarriak diren neurriekin aurkaratu behar dela, horien eragina ezabatzeko,

Gogoratuz, era berean, 1991ko maiatzaren 30eko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren 1991/18 ebazpena; horretan Kontseiluak esparru orokorra prestatzea gomendatu zuela, emakumearen aurkako indarkeriari modu esanbidezkoan heltzen dion nazioarteko instrumentu bat izateko,

Ikusiz atsegin handiz emakumearen aldeko mugimenduek bultzaturiko lana, emakumearen aurkako indarkeriaren arazoak dituen izaera, larritasuna eta handitasuna arreta gehiagorekin begira daitezen,

Arranguraturik, emakumeak, berdintasun juridikoa, soziala, politikoa eta ekonomikoa lortzeko dituen aukerak gizartean mugatuak daudelako, beste kontu batzuen artean, indarkeria jarraitu eta endemikoarengatik,

Konbentziturik, aurrekoak aintzat hartuta behar direla, besteak beste, emakumearen aurkako indarkeriaren definizio argia eta osoa, emakumearen aurkako indarkeria bere forma guztietan ezabatzeko asmoarekin ezarri beharreko eskubideen adierazpen zehatza, estatuen konpromisoa euren erantzukizuna bereganatzeko, eta nazioarteko erkidegoaren konpromisoa emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeko,

Aldarrikatzen du, ospe handiz, emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeari buruzko ondorengo Adierazpena eta mundu osoan zehar ezaguna eta errespetatua izateko ahalegin guztiak egin daitezen agintzen du:

1. artikulua

Adierazpen honen ondoreetarako, “emakumearen aurkako indarkeria” esamoldea honetara ulertzen da: emakumeengan oinarritutako edozein indarkeria egintza, emaitza moduan, emakumearentzat kalte edo sufrimendu fisikoa, sexuala edo psikologikoa duena edo izan dezakeena, eta baita, egintza horien mehatxuak, derrigortzea edo nahierara askatasunaz gabetzea, hori bizitza publikoan zein pribatuan gertatu.

2. artikulua

Emakumearen aurkako indarkeriak ondorengo egintzak barneratzen dituela ulertuko da, nahiz eta hauetara soil-soilean mugatu ez:

a) Familian gertatzen den indarkeria fisiko, sexuala eta psikologikoa, tratu txarrak barne, etxean neskatoei egindako sexu abusua, ezkonsariarekin lotura duen indarkeria, senarrak eginiko bortxaketa, emakumearen genitalak moztea eta emakumearentzat kaltegarriak diren beste tradiziozko eginerak, familiako beste kide batzuek gauzatutako indarkeria egintzak eta ustiaketarekin lotutako indarkeria;

b) Erkidegoaren barruan, orokorrean, gauzatutako indarkeria fisiko, sexuala eta psikologikoa, baita ere bortxaketa, sexu-abusua, jazarpena eta lanean, hezkuntza erakundeetan eta beste leku batzuetan egindako sexu larderia, emakumeen salerosketa eta derrigortutako prostituzioa;

c) Estatuak egin edo onartutako indarkeria fisikoa, sexuala edo psikologikoa, edozein lekutan gertatzen delarik.

3. artikulua

Emakumeak eskubidea du berdintasun baldintzetan, esparru politikoan, ekonomikoan, sozialean, kulturalean, zibilean edo beste izaerakoan giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztiez gozatu eta horien babesa izateko. Eskubide hauen artean daude:

a) Bizitza eskubidea 6/;

b) Berdintasun eskubidea 7/;

c) Pertsonaren askatasun eta segurtasunerako eskubidea 8/;

d) Legearen aurrean babes berdina izateko eskubidea 7/;

e) Bereizkeria mota guztietatik aske izateko eskubidea 7/;

f) Osasun fisiko eta adimen-osasun mailarik ahalik handiena izateko eskubidea 9/;

g) Lan-baldintza bidezkoak eta mesedegarriak izateko eskubidea 10/;

h) Torturarik edo bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarririk ez izateko eskubidea 11/.

4. artikulua

Estatuek emakumearen aurkako indarkeria gaitzetsi behar dute eta ezin izango dute inolako usadio, tradizio edo erlijio arrazoirik aipatu, zertarako eta saihesteko indarkeria hori ezabatze-betebeharrak. Estatuek, eskura dituzten bide guztien bitartez eta atzerapenik gabe, emakumearen aurkako indarkeria ezabatzera zuzendutako politika bat ezarri behar dute. Xede honekin, ondorengoa egin beharko dute:

a) Emakumearen aurkako bereizkeria-mota guztiak ezabatzeko Konbentzioa berresteko aukera aintzakotzat hartzea, oraindik egin ez dutenek, berari atxiki edo Konbentzio horri egindako erreserbak kentzea;

b) Emakumearen aurkako indarkeria ez gauzatzea;

c) Behar den arretarekin jardun, emakumearen aurkako indarkeria egintza guztiak saihestu, ikertu eta, nazio-legeriarekin bat etorriz, horrelako egintza guztiak zigortzeko, egintza horiek Estatuak edo partikularrek gauzatuak izan;

d) Nazio-legerian, zigor zehapenak, zehapen zibilak, lan arlokoak eta administraziokoak ezarri, indarkeria jasaten duten emakumeek izan dituzten kalteak zigortu eta konpontzeko, hauei justiziaren mekanismoetara heltzeko laguntza eman behar zaie eta, nazio-legegintzan xedatutakoaren arabera, jasan izan duten kalteagatik ordainketa bidezko eta eragingarria egin; gainera, Estatuek emakumeak jakinaren gainean jarri behar dituzte emakumeek dituzten eskubideei buruz, hain zuzen ere, mekanismo horien bitartez ordainketa eskatzeko;

e) Nazioko ekintza-egitasmoak lantzeko aukera kontuan hartzea, edozein indarkeria motaren aurka emakumearen babesa bultzatzeko, edo helburu honekin, dagoeneko existitzen diren egitasmoetan xedapenak gehitzeko, kontuan izanda, kasuan-kasuan, gobernuz kanpoko erakundeek eskain dezaketen laguntza, bereziki, emakumearen aurkako indarkeriaren inguruan jarduten dutenak;

f) Izaera orokorrarekin, indarkeria mota guztien aurka emakumearen babesa susta dezaketen prebentzio motako ikuspuntuak moldatu eta neurri guztiak landu, horien izaera dela juridikoa, politikoa, administratiboa eta kulturala, eta legeen ondorioz, legea aplikatzearen egineren ondorioz eta emakumearen aurkako bereizkeria kontuan hartu ez duten beste esku-hartze batzuen ondorioz, emakumearen biktimizazioan berrerortzea eragingarritasunez saihestea;

g) Ahaleginak egin ahalik eta gehien bermatzeko, indarkeria jasan duten emakumeak eta, ahala behar denean, euren seme-alabak, espezializatutako laguntza izan dezaten, esaterako, birgaikuntza-zerbitzuak, haurren zaintza eta mantenurako laguntza, sendabidea, aholkularitza, zerbitzuak, hornikuntzak eta gizarte- eta osasun-programak, eta baita laguntza-egiturak ere eta, halaber, euren segurtasuna eta birgaikuntza fisiko eta psikologikoa sustatzeko neurri egoki guztiak hartzea, betiere estatuek dituzten baliabideen arabera eta, beharrezkoa denean, nazioarteko lankidetzaren esparruan;

h) Emakumearen aurkako indarkeria ezabatzearekin zerikusia duten egintzen inguruan baliabide egokiak ezarri Estatuaren aurrekontuetan;

i) Legea betearazi behar duten agintari arduradunek eta emakumearen aurkako indarkeria saiheste-, ikerketa- eta zigortze-politikak ezarri behar dituzten funtzionarioek, emakumearen beharrizanen inguruan haiek sentsibilizatuko dituen heziketa jaso dezaten neurriak hartzea;

j) Neurri egoki guztiak hartu, hezkuntzaren alorrean bereziki, gizonaren eta emakumearen jokabidearen inguruko gizarte- eta kultura-ereduak aldatzeko, sexuetatik bat bestea baino gutxiago edo gehiago dela uste izanagatik edo gizonen eta emakumeen zeregin estereotipatuak direla eta, izan daitezkeen aurreiritziak eta ohiturazko nahiz bestelako eginerak ezabatzeko;

k) Ikerketa sustatzea, datuak jasotzea eta estatistikak biltzea, bereziki, etxeko indarkeriari buruzkoak, emakumearen aurkako indarkeria modu ezberdinen maiztasunari lotuak, eta zeri eta indarkeria horren arrazoiei, izaerari, larritasunari eta ondorioei buruz ikerketak sustatzea, halaber, indarkeria hau saihestu eta bere ondorioak konpontzeko ezarritako neurrien eragingarritasunari buruz, estatistika horiek argitaratu egin behar dira eta baita ikerketen ondorioak ere;

l) Neurriak hartzea bereziki ahulak diren emakumeen aurkako indarkeria ezabatzera bideratutakoak;

m) Giza eskubideei buruzko Nazio Batuen instrumentuen arabera aurkeztutako txostenetan, emakumearen aurkako indarkeriari buruzko informazioa eta Adierazpen hau praktikan jartzeko hartutako neurrien ingurukoa barneratzea;

n) Adierazpen honetan zerrendatutako printzipioak ezartzen laguntzeko jarraibide egokien elaborazioa sustatzea;

o) Mundu guztian zehar, emakumearen aldeko mugimenduak eta gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lana, emakumearen aurkako indarkeriaren arazoaren inguruan kontzientzia sortzen eta arazo hori arintzeko burutzen duten zeregin garrantzitsua aitortzea,

p) Emakumearen aldeko mugimenduaren eta gobernuz kanpoko erakundeen zeregina erraztu eta sustatu, eta udalerri mailan, nazio mailan eta erregio mailan horiekin lankidetzan aritzea;

q) Alderdi diren erregio mailako gobernuen arteko erakundeei eskatzea, euren programetan barneratzea, komeni den neurrian, emakumearen aurkako indarkeriaren ezabaketa.

5. artikulua

Nazio Batuen sistemaren organo eta erakunde espezializatuek lagundu beharko dute, bakoitzak bere eskumenen esparruan, Adierazpen honetan ezarritako eskubideak aitortu eta egikaritzera eta printzipioak aplikatzera eta, xede honekin, besteak beste, ondorengoa egin beharko dute:

a) Nazioarteko eta erregio mailako lankidetza sustatzea indarkeriaren aurka egiteko, esperientziak elkar trukatzea eta emakumearen aurkako indarkeria ezabatzearekin zerikusia duten programak finantzatzea, hori guzti hau erregio estrategiak zehaztera zuzenduta.

b) Bilera eta mintegiak bultzatzea emakumearen aurkako indarkeriaren inguruan biztanleria guztiarengan kontzientzia sortu eta hori sendotzera bideratutakoak ;

c) Nazio Batuen sistemaren barnean, giza eskubideen hitzarmenak jarraituz sortutako organoen arteko koordinazio eta elkar trukatzea sustatzea, emakumearen aurkako indarkeriaren gaia eraginkortasunez ekiteko helburuarekin;

d) Gizarte- joera eta -arazoen inguruan Nazio Batuen sistemaren erakunde eta organoek egindako azterketetan, esaterako, munduko gizarte egoerari buruzko aldizkako txostenetan, emakumearen aurkako indarkeriaren joeren azterketa barneratzea;

e) Nazio Batuen sistemaren erakunde eta organoen arteko koordinazioa bultzatzea, emakumearen aurkako indarkeriaren arazoa aribideko programetan integratzeko, indarkeriaren aurrean bereziki ahulak diren emakume taldeei aipamen berezia eginez;

f) Emakumearen aurkako indarkeriari lotutako gida-lerro edo gidaliburuen formalizazioa sustatzea, Adierazpen honetan aipatutako neurriak kontuan izanda;

g) Emakumearen aurkako indarkeriaren ezabaketa kontuan hartzea, halakoa bidezkoa denean, giza eskubideen instrumentuak aplikatzeari buruzko manuak betetzean;

h) Gobernuz kanpoko erakundeekin lankidetzan aritzea emakumearen aurkako indarkeriaren gaiari dagokion guztian.

6. artikulua

Adierazpen honetan jasotako orok ez dio kalterik egingo Estatu baten legeriaren zatiren edozein xedapeni, ezta ere Estatu horretan indarrean egon daiteken nazioarteko Konbentzio, Hitzarmen edo instrumenturi, baldin eta halakoa emakumearen aurkako indarkeria ezabatzeko eragingarriago bada.

1993ko abenduaren 20a, 85. osoko bilkura

____________

1/ 217 A (III) Erabakia.

2/ 2200ª (XXI) erabakiaren eranskina ikusi.

3/ 34/180 Erabakia, eranskina.

4/ 39/46 Erabakia, eranskina.

5/ Nazio Batuen Hamarkadan Emakumearentzako Lorpenen Azterketa eta Ebaluaziorako Mundu-konferentziaren txostena: Berdintasuna, Garapena eta Bakea, Nairobi, 1985ko uztailaren 15etik 26ra (Nazio Batuen argitalpena; salmenta zenbakia: S.85.IV.10), cap. I, secc. A.

6/ Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, 3. artikulua, eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna, 6. artikulua.

7/ Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna, 26. artikulua.

8/ Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, 3. artikulua, eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna, 9. artikulua.

9/ Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Ituna, 12. artikulua.

10/ Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, 23. artikulua; eta Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Ituna, 6 eta 7. artikuluak.

11/ Giza Eskubideen Nazioarteko Adierazpena, 5. artikulua; Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna, 7. artikulua; eta Torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako Konbentzioa.

euskal legezalea