Nazio Batuen jarraibideak, gazteen delinkuentzia prebenitzeko (Riad-eko jarraibideak)

Euslege

Nazio Batuen jarraibideak, gazteen delinkuentzia prebenitzeko (Riad-eko jarraibideak)

Biltzar Orokorrak onetsiak eta aldarrikatuak, 1990eko abenduaren 14ko 45/112 ebazpenean

I. Oinarrizko printzipioak

1. Gazteen delinkuentzia prebenitzea alde garrantzitsua da gizartean delitua prebenitzeko. Gazteak zilegiak eta gizartearen arabera erabilgarriak diren jardueretan ari badira, gizarteari begira bideratzen badituzte euren buruak eta euren bizitza antolatzen badute irizpide humanisten arabera, orduan eskuratu ahal izango dituzte kriminalitatea baztertzen duten jarrerak.

2. Gazteen delinkuentzia modu eraginkorrean prebenitzeko, behar-beharrezkoa da gizarte osoak lortzea nerabeen garapen orekatsua, eta errespetatzea eta lantzea euren izaera ume-umetatik.

3. Jarraibide hauek interpretatzeko, haurrarengan jarri behar da arreta guztia. Gazteen eginkizunak gizartean eraginkorra eta parte hartzailea behar du izan, eta horiek ezin dira bakar-bakarrik gizarteratze- edo kontrol-objektutzat hartu.

4. Jarraibide hauen aplikazioan, eta nazio-antolamendu juridikoekin bat etorriz, aurreneurrizko programek oinarri hartu behar dute gazteen ongizatea ume-umetatik.

5. Aintzat hartu beharko dira delinkuentzia prebenitzeko politika aurrerakoia aplikatzearen beharra eta garrantzia, bai eta modu sistematikoan neurri egokiak aztertu eta lantzea ere, haurra bere jokabideagatik kriminalizatzea eta zigortzea saihesteko, jokabide horrek bere garapenean kalte larririk eragiten ez duenean eta gainerakoak kaltetzen ez dituenean. Izaera hori duten politika eta neurriek barneratu behar dituzte:

a) Aukerak sortzea, batik bat, hezkuntza-arloan, gazteen beharrizan desberdinei erantzuteko eta babeserako esparrua izateko, gazteen garapen pertsonala zaintzeari begira, bereziki, perilean eta gizarte-arriskuan dauden eta arreta eta babes bereziak behar dituzten gazteen garapenari begira;

b) Doktrina eta irizpide espezializatuak azaltzea delinkuentzia prebenitzeko, lege, prozesu, erakunde, instalazio eta zerbitzu-sarean oinarritzen direnak eta helburua dutenak arau-hausteak egiteko arrazoiak, beharra eta aukerak murriztea edota halakoak egiteko bidea ematen duten baldintzak murriztea;

c) Esku hartze ofiziala, justiziak eta ekitatearen arabera gidatua, horren helburu nagusia dela gazteen interes orokorrak zaintzea;

d) Gazte guztien ongizatea, garapena, eskubideak eta interesak babestea;

e) Aitortzea gazteen portaera edo jokabidea, bat ez datozenean gizartearen balore eta arauekin, sarritan heldutasun- eta hazkuntza-prozesuan kokatu behar direla eta kasu gehienetan berez desagertzeko joera hartzen dutela, behin adin batera helduz gero;

f) Jakitun izatea, adituen artean nagusi den iritziaren arabera, gazte bat “baztertu”, “delitugile” edo “delitugile izateko zorian dagoela” esamoldeek sarritan lagundu egiten dietela gazteei portaera desegokietarako norabide iraunkor eta zitalak garatzera.

6. Gazteen delinkuentzia prebenitzeko, erkidegoa oinarri duten zerbitzuak eta programak sortu behar dira, dagoeneko horretarako erakunde ofizial aproposa eratu ez bada. Azken buruan jo behar da bakar-bakarrik gizarte-kontrolerako erakunde ofizialetara.

II. Jarraibideen noranahikoa

7. Jarraibide hauek interpretatu eta aplikatu behar dira hurrengoek osatzen duten esparru orokorrean: Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Ituna, Eskubide Zibil eta Politikoen Eskubideen Nazioarteko Ituna, Haurraren Eskubideen Adierazpena, Haurraren Eskubideei buruzko Konbentzioa, Adingabeen justizia-administraziorako Nazio Batuen gutxieneko Erregelen testuinguruan (Beijingo Erregelak), bai eta adingabe eta gazteen eskubide, interes eta ongizateari buruzko beste instrumentu eta arauak.

8. Jarraibide hauek aplikatu behar dira, berebat, kontuan hartuta estatu kide bakoitzean nagusi diren baldintza ekonomikoak, sozialak eta kulturalak.

III. Prebentzio orokorra

9. Prebentziorako plangintza orokorrak azaldu beharko dira gobernuaren maila guztietan eta horiek barneratuko dituzte, besteak beste:

a) Arazoaren azterketa sakona eta programa eta zerbitzuen berri, eta erabilgarri dauden erraztasun eta baliabideen aipamenak;

b) Prebentzio-jardueren ardura duten antolamendu, erakunde eta langile eskudunen eginkizunak, ondo zehaztuta;

c) Gobernu-erakundeen eta gobernuz kanpoko erakundeen arteko prebentzio-jarduerak egoki koordinatzeko mekanismoak;

d) Pronostiko-azterketetan oinarritzen diren politikak, estrategiak eta programak, etengabeko zaintza eta arreta handiko ebaluazioaren objektu direnak, aplikatzen diren bitartean;

3) Gazteei delinkuentzia-egintzak gauzatzeko aukerak modu eraginkorrean murrizteko metodoak;

f) Erkidegoaren esku hartzea, zerbitzu- eta programa-sorta zabal baten bitartez;

g) Diziplina arteko lankidetza estua, nazio-, estatu-, lurralde- eta toki-gobernuen artean, honako hauen parte hartzearekin batera, hau da, sektore pribatua, erkidego interesdunaren eta lan arloko erakundeen herritar aipatuak, haurraren zaintza, osasun-hezkuntza, gizartea, auzitegiak eta legea aplikatzeko zerbitzuak, euren arteko koordinaziopean neurriak hartzeko gazteen delinkuentzia eta delituak prebenitzeko.

h) Gazteen parte hartzea gazteen delinkuentzia prebenitzeko politika eta prozesuetan, erkidego-baliabideen erabilera barne, eta gazteek euren buruari laguntza emateko programen aplikazioa eta biktimentzako kalte-ordaina eta laguntza emateko programen aplikazioa;

i) Langile espezializatuak maila guztietan.

IV. Gizarteratze-prozesuak

10. Arreta berezia emango zaie prebentzio-politikei, horiek onuragarriak direnean haur eta gazte guztiak modu eraginkorrean gizarteratzeko eta integratzeko, batik bat,honako hauen bidez: familia, erkidegoa, antzeko baldintzetan dauden gazte-taldeak, eskola, lanbide-heziketa eta lan-arloa, bai eta boluntario-erakundeen egintzaren bidez. Behar bezala errespetatu beharko da haurren eta gazteen garapen pertsonala, eta haur eta gazte horiek onartu, berdintasun baldintzetan, gizarteratze- eta integratze-prozesuetan partaide diren heinean.

A.- Familia

11. Gizarteak lehentasuna emango beharko dizkie familiaren eta horren kide guztien beharrizanei eta ongizateari.

12.

Familia unitaterik garrantzitsuena denez gero, haurraren lehen gizarteratzeaz arduratzeko, gobernuek eta gizarteak ahaleginak egingo dituzte familiaren osotasuna babesteko, familia zabalarena barne.

Gizartearen betebeharra da familiari laguntza ematea haurra zaindu eta babesteko, eta horren ongizatea, fisikoa nahiz mentala, bermatzea. Hartara, zerbitzu egokiak eman beharko dira, haurtzaindegiak barne.

13. Gobernuek onartu beharko dute halako politika, horren bitartez haurrak haz daitezen familian, egonkortasun- eta ongizate-giroan. Zerbitzu egokiak eman beharko zaizkie laguntza behar duten familiei, ezegonkortasun- edo gatazka-egoerak konpontzeko.

14. Familian ez dagoenean egonkortasun- eta ongizate-girorik, erkidegoaren ahaleginek gurasoei laguntza emateko norabide horretan porrot egin dutenean eta familia zabalak ezin duenean eginkizun hori bete, orduan, beste familia-mota batzuk hartu beharko dira kontuan, haurrak horietan uzteko, hala nola, zaintza-etxeak edo adopzioa, eta horiek sortu beharko dute, ahal den neurrian, egonkortasun eta ongizate familia-giroa; era berean, haurrengan piztu beharko da bertan geratzeko gogoa, leku batetik bestera “lekualdatzeari” lotuta dauden arazoak saihesteko.

15. Arreta berezia emango zaie haurrei, horiek aldaketa ekonomiko, sozial eta kultural azkarrek eta desberdinek zein arazo sortu eta halakoetan barruraturik dauden familiakoak badira, batik bat, familia indigena, etorkinen eta errefuxiatuen familien haurrei. Aldaketa horiek nahasi dezakete familiaren gizarte-gaitasuna, seme-alaben tradiziozko hezkuntza eta hazkuntza ziurtatzeari begira, sarritan aitaren edo amaren zereginari lotuta dauden gatazka kulturalek eraginda; hartara, behar-beharrezkoa da modalitate berritzaileak eta gizarteari begira eraikitzaileak ere gauzatzea, haurrak gizarteratu daitezen.

16. Neurriak hartu beharko dira eta programak egin, familiei emateko aukera gurasoen eginkizunak eta betebeharrak ikasteko, euren seme-alaben garapenari eta zaintzari dagokienez; horrenbestez, gurasoen eta seme-alaben arteko harreman onak sustatuko dira eta ahaleginak egingo dira gurasoek har dezaten kontzientzia haurren eta gazteen arazoei begira eta, oro har, gazteen parte hartzea sustatuko da, familia eta erkidegoaren jardueretan.

17. Gobernuek neurriak hartuko dituzte familian batasuna eta harmonia sustatzeko eta seme-alabak etsiarazteko gurasoengandik banantzera, salbu eta seme-alaben ongizatea eta etorkizuna ukitzen dituzten inguruabarrek bestelako aukera bideragarriak uzten ez dituztenean.

18. Garrantzitsua da nabarmentzea familiak eta familia zabalak duen gizarteratzeko eginkizuna; garrantzitsua da, era berean, aitortzea gizartean gazteek duten etorkizuneko eginkizuna, euren erantzukizunak eta euren parte hartzea eta lankidetza.

19. Haurrek gizarteratze egokia izateko eskubidea bermatzeko, gobernuek eta bestelako erakundeek jada dauden gizarte-erakunde eta erakunde juridikoak hartuko dituzte oinarri; edonola ere, tradiziozko erakunde eta ohiturak nahikoak ez direnean, neurri berritzaileak aurreikusi eta ahalbidetuko beharko dituzte.

B. Hezkuntza

20. Gobernuen betebeharra da gazte guztiei hezkuntza publikorako sarbidea ematea.

21. Hezkuntza-sistemek, euren heziketa akademiko eta lanbide-heziketaren aukeren gain, kontuan hartu beharko dituzte:

a) Oinarrizko baloreak irakastea eta haurraren berezko izaera eta kultura-ezaugarriekiko errespetua sustatzea, eta, oro har, haurra bizi den herrialdeko gizarte-balore, bestelako zibilizazio eta giza eskubide eta oinarrizko askatasunenekiko errespetua sustatzea;

b) Ahal den guztian, gazteen nortasuna, ahalmenak eta gaitasun mentala nahiz fisikoa sustatzea eta garatzea;

c) Gazteek modu aktiboan eta eraginkortasunez hezkuntza-prozesuan parte har dezatela lortzea, prozesu horretan subjektu pasibo hutsak izan beharrean;

d) Nortasun-sentimendua eta eskola eta erkidegoko kideak direla sustatzen dituzten jarduerak garatzea;

e) Gazteak bultzatzea iritzi eta ikuspuntu desberdinak uler eta errespeta ditzaten, bai eta kultura eta bestelako desberdintasunak ere;

f) Informazioa eta orientazioa ematea lanbide-heziketari, enplegu-aukerei eta karrera-aukerei dagokienez;

g) Emozioen alorrean laguntza positiboa ematea gazteei eta tratu txar psikologikoa saihestea;

h) Diziplina-neurri gogorrak saihestea, batik bat, gorputz-zigorrak.

22. Hezkuntza-sistemek bideratuta egon behar dute gurasoekin, erkidego-erakundeekin eta gazteen jardueren ardura duten erakundeekin elkarlanean lan egitera.

23. Gazteei eta euren familiei informazioa eman behar zaie legeari eta euren eskubideei buruz eta legeari dagozkion betebeharrei buruz, bai eta balore unibertsalen sistemari buruz, Nazio Batuen instrumentuak barne.

24. Hezkuntza-sistemek zaindu egin beharko dituzte gizarte-arrisku egoeran dauden gazteak eta horiei modu berezian lagundu. Prebentzio-programak eta material didaktikoak, ikasketa-planak eta irizpide eta instrumentu espezializatuak prestatu beharko dira eta horiek osotasunean erabili.

25. Arreta berezia jarri beharko da politika eta estrategia bereziak ezartzeko, zertarako eta, gazteek alkohola, drogak eta bestelako substantziak bidegabe erabiltzea prebenitzeko. Trebakuntza eman beharko zaie maisuei eta bestelako profesionalei eta horiek baliabideez hornitu, halako arazoak prebenitu eta konpontzeko. Ikasleei enpleguari buruzko eta drogen bidegabeko erabilerari buruzko informazioa eman beharko zaie, alkohola barne.

26. Eskolek izan beharko dute informazio- eta kontsulta-zentroak, gazteei laguntza medikoa, aholkularitza eta bestelako zerbitzuak emateko, batik bat, premia gorrienean daudenei eta tratu txarrak, abandonua, biktimizazioa eta esplotazioa jasaten dutenei.

27. Hezkuntza-programa desberdinak aplikatuko dira erdiesteko maisuek, helduek eta ikasleek uler ditzaten gazteen arazoak, premiak eta kezkak, batez ere, honako hauena: premia gorrienean dauden taldeak, ahulenak, diru-sarrera gutxi duten taldeak eta etnia gutxiengoen eta gutxiengoan dauden taldeak.

28. Eskola-sistemek lortu behar dute lanbide- eta hezkuntza-mailarik gorenak, ikasketa-programei, metodo eta irizpide didaktikoei eta ikasketa-metodo eta -irizpideei eta gaitasuna duten irakasleen kontratazio eta formazioari dagokionez. Erregulartasunez emaitzak gainbegiratu eta ebaluatu beharko dira eta zeregin horren ardura lanbide-erakundeei eta organo eskudunei emango zaie.

29. Erkidego-taldeekin lankidetzan, hezkuntza-sistemek curriculumetik kanpo geratzen diren jarduerak planifikatu, antolatu eta garatu beharko dituzte, gazteen interesa pizten dutenak.

30. Laguntza berezia emango zaie ohikotasunez eskolara joateko arauak betetzeko zailtasunak dituzten haurrei eta gazteei, bai eta ikasketak bertan behera uzten dituztenei ere.

31. Eskolek sustatu behar dute politika eta arau egokiak eta bidezkoak hartzea; ikasleak, halaber, eskola-organoetan ordezkatuta egongo dira, organo horiek eskola-politika, diziplina alorreko politika barne, gauzatzeko ardura dutela, eta, oro har, erabakiak hartzen parte hartuko dute.

C. Erkidegoa

32. Erkidego-izaera duten zerbitzu eta programak ezarri beharko dira, edota jada daudenak indartu, gazteen premiei, arazoei, interesei eta kezkei erantzuteko eta haiei eta euren familiei aholkularitza eta orientazio egokiak eskaintzeko.

33. Erkidegoek neurri-sorta zabala hartu eta indartu beharko dute gaztei laguntza emateko, barne hartuta garapenerako erkidego-zentroak, instalazioak eta jolaserako zerbitzuak ezartzea, zertarako eta, gizarte-arriskuan dauden gazteen arazo bereziei aurre egiteko. Laguntza-mota hori eman beharko da bakoitzaren eskubideak errespetatuz.

34. Zerbitzu bereziak ezarri beharko dira ostatu egokia emateko euren etxeetan bizi ezin duten gazteei edota etxerik ez dutenei.

35. Laguntza-zerbitzu eta -sistema desberdinak antolatuko dira gazteak adin heldura ailegatu eta une horretan izan ditzaketen zailtasunei aurre egiteko. Halako zerbitzuen artean egon behar dira programa bereziak toxikomano gazteentzat eta programa horietan garrantzi berezia izango dute zaintzek, aholkularitzak, laguntzak eta terapeutika-izaerako neurriek.

36. Gobernuek eta bestelako erakundeek finantza-laguntza edota bestelakoa emango diete borondatezko erakundeei, horiek euren zerbitzuak gazteei ematen dizkietenean.

37. Tokian tokiko mailan, gazte-erakundeak sortu eta indartu beharko dira, bete-betean parte har dezaten erkidegoko gaien kudeaketan. Erakunde horiek gazteak bultzatu beharko dituzte egitasmo kolektiboak eta boluntarioak antolatzera, bereziki, egitasmo horien helburua denean premia duten gazteei laguntza ematea.

38. Gobernuen arteko erakundeek euren gain hartu beharko dute etxerik gabeko haurrak edo kalean dauden haurrak zaintzeko eta horiei behar dituzten zerbitzuak emateko ardura. Eskuragarri jarri behar zaie gazteei informazioa, tokiko zerbitzu, ostatu, enplegu eta bestelako laguntza-forma eta iturriei buruzkoa.

39. Antolatu behar dira jolaserako instalazio- eta zerbitzu -mota desberdinak, gazteentzako interesa dutenak eta horientzako eskuragarri direnak.

D.- Komunikabideak

40. Komunikabideak bultzatu behar dira bermatzera gazteek eskuragarri izango dituztela, nazio zein nazio arteko mailako iturri desberdinetatik datozen informazioa eta materiala.

41. Komunikabideak bultzatu behar dira, halaber, ezagutzera eman dezaten gazteek gizarteari egiten dioten ekarpen positiboa.

42. Komunikabideak bultzatu beharko dira zabal dezaten informazioa zeri buruz eta, gizartean gazteei zuzendutako zerbitzu, instalazio eta aukerei buruz.

43. Komunikabideei, orokorrean, eta telebista eta zinemari, bereziki, eskatuko zaie gutxienera murriztea pornografia-, drogadikzio- eta indarkeria-maila euren mezuetan eta indarkeriaren eta esplotazioaren irudi desegokia ematea eta erakustaldi apalesgarriak baztertzea, batik bat, haurren, emakumearen eta pertsonen arteko harremanen alorrekoak badira horiek, eta, aldiz, berdintasunezko printzipio eta ereduak sustatzea.

44. Komunikabideak gizartearekiko duten eginkizunaren eta erantzukizunaren garrantziaz ohartu beharko dira, bai eta eurek duten eraginaz, gazteen artean drogen eta alkoholaren erabilera bidegabekoarekin zer ikusia duten komunikazioetan. Euren boterea erabili beharko dute drogen bidegabeko erabilera prebenitzeko, irizpide orekatua barneratzen duten mezuen bitartez. Kanpaina eraginkorrak sustatu beharko dituzte drogen aurka, maila guztietan.

V.- Gizarte-politika

45. Gobernu-erakundeek, besteak beste, lehentasun handia eman beharko diete gazteei eskainitako plan eta programei eta funts eta bestelako baliabide nahikoak erraztu beharko dituzte, zerbitzu eraginkorrak emateko; berebat, instalazioak eta langileak egokitu, zerbitzu eraginkorrak eskaintzeko arlo hauetan: laguntza medikoa, osasun mentala, elikadura, etxebizitza eta beharrezko beste zerbitzuak, batik bat, drogen eta alkoholaren bidegabeko erabilera prebenitu eta tratatzeari begira, eta, oro har, baliabide horiek gazteengana heltzen direla eta zin-zinez euren onerako direla ziurtatu.

46. Gazteek erakundeetan giltzapetzea azken aukera gisa erabili beharko da eta behar den gutxieneko aldirako; bestalde, pisurik handiena emango zaie gaztearen berezko interesei. Halako izaera duen esku-hartze ofiziala baimentzeko irizpideak zehatz-mehatz finkatu beharko dira eta honako egoeretara mugatu: a) haurrak edo gazteak lesio fisikoak pairatu dituenean, gurasoek edo tutoreek eraginda; b) haurrak edo gazteak tratu txarrak jasan dituenean, guraso eta tutoreen aldetik, tratu txar horiek sexualak nahiz fisikoak edo emozionalak izan; c) gurasoek edo tutoreek haurra edo gaztea arduragabe hazi dutenean, edo bakarrik utzi edo ustiatu dutenean; d) haurrak edo gazteak bere burua mehatxatuta ikusi duenean gurasoen edo tutoreen jokabideak eragindako arrisku fisiko edo moral batengatik; e) haur edo gaztearen jokabideak berak adierazten duenean arrisku larri bat dagoela, fisikoa nahiz psikologikoa, haur edo gaztearentzat eta gurasoek, tutoreek, edota gazteak berak edo egoitzetatik at dauden erkidego-zerbitzuek ezin diotenean arrisku horri aurre egin, erakunde baten giltzapetzea ez den beste baliabide baten bidez.

47. Gobernu-erakundeek gazteei eman beharko diete aukera euren hezkuntzarekin egun osoan jarraitzeko eta estatuak finantzatuko du hezkuntza hori gurasoek edo tutoreek gazteei mantenua eman ezin dietenean; orobat, gazteei eman beharko zaie lanbide-esperientzia hartzeko aukera.

48. Delinkuentzia prebenitzeko programak planifikatu eta gauzatzeko, kontuan hartu beharko dira ikerketa zientifiko batetik ateratako ondorio fidagarriak; programa horiek, halaber, aldian-aldian berrikusi, ebaluatu eta berregokitu egin beharko dira, ondorio horiekin bat etorriz.

49. Lanbide-erkidegoaren eta orokorrean jendearen artean informazio zientifikoa zabaldu behar da jokabide- edo egoera-mota bati buruz, horrek ekartzen baditu gazteen biktimizazioa, euren aurkako kalte eta tratu txar fisiko edo psikologikoak edota haien esplotazioa.

50. Plan eta programa guztietan parte hartzea, orokorrean, borondatezkoa izan behar da. Gazteek eurek parte hartu beharko dute programa horiek azaldu, garatu eta gauzatzeko orduan.

51. Gobernuak hasi beharko dira politikak, neurriak eta estrategiak aztertzen edo jarraitu egin beharko dute halakoak ikertzen, azaltzen eta aplikatzen, zigor arloko justizia-sistemaren barruan eta sistema horretatik kanpo ere, gazteen aurkako indarkeria prebenitzeko familian bertan, eta halako indarkeriaren biktimei bidezko tratua bermatzeko.

VI.- Adingabeen justizia-legeria eta administrazioa

52. Gobernuek lege eta prozedura bereziak aldarrikatu eta aplikatu beharko dituzte gazte guztien eskubideak eta ongizatea sustatu eta babesteko.

53. Biktimizazioa, tratu txarrak eta haurren eta gazteen esplotazioa debekatzen dituzten legeak aldarrikatu eta aplikatu beharko dira, bai eta haur eta gazteak delitu-jardueretarako erabiltzea debekatzen dutenak ere.

54. Haurrak edo gazteak ezin dira neurri zuzengarri edo zigor-neurri gogor edo apalesgarrien xede izan, familian, eskolan edo bestelako erakunde batean ere.

55. Legeak onartu eta aplikatu beharko dira haurrek eta gazteek edozein motatako armak eskuratzea mugatzeko eta kontrolatzeko.

56. Gazteen estigmatizazioa, biktimizazioa eta kriminalizazioa saihesteko, legeak aldarrikatu beharko dira; lege horiek bermatuko dute gazte baten egintzak ez direla delitu gisa hartuko, ezta zehatu ere egingo, heldu batek halakoak egin eta delitu gisa hartzen ez bada eta zehapen baten objektua ez bada.

57. Kontuan hartu beharko da gazteentzako bitartekari-kargu edo antzeko organo independente bat ezartzeko aukera, euren egoera juridikoa, euren eskubideak eta euren interesarekiko errespetua bermatzeko; bai eta, kasuok jada dauden zerbitzuetara igortzeko aukera ere. Izendatua izan den bitartekariak edo beste organoak gainbegiratuko ditu, bestalde, Riadeko Jarraibideak, Beijingo Erregelak eta askatasunaz gabetutako adingabeen babeserako Erregelak. Bitartekariak edo beste organoak argitaratuko du aldian-aldian txosten bat, aplikazio-prozesuan lortutako aurrerapenei eta sortutako zailtasunei buruz. Ezarri beharko dira, halaber, haurraren defentsarako zerbitzu juridikoak.

58. Sexu bateko nahiz besteko langileak gaitu beharko dira legea betearazteko ardura eta beste eginkizun egokien ardura izan ditzaten; langile horiek gazteen premia bereziei erantzun bat eman ahal izateko gai izan behar dira eta jakitun egon behar dira gazteak beste zerbitzu batzuetara igortzeko programa eta aukeren inguruan eta zerbitzu horiek baliatu, ahal den neurrian, gazteak zigor arloko justizia-sistematik ateratzeko.

59. Legeak aldarrikatu eta zorrotz aplikatu beharko dira haurrak eta gazteak drogen bidegabeko erabileratik eta droga-trafikatzaileengandik babesteko.

VII.- Ikerketa, arauen moldaketa eta koordinazioa

60. Ahaleginak egingo dira elkarreragina eta koordinazioa sustatzeko, diziplina anitzeko eta diziplina barneko izaerarekin, noren artean eta, erakunde eta ekonomia-, gizarte-, hezkuntza- eta osasun-zerbitzuen eta justizia-sistema eta beste erakundeen artean, erakunde horien helburuak direla gazteak, erkidegoa eta garapena eta kasuan kasuko beste erakundeak; orobat, ondorio horretarako egoki diren mekanismoak ezarri beharko dira.

61. Areagotu egin beharko da, nazio- eta erregio- mailan nahiz nazioarteko mailan, informazioa, esperientzia eta ezaguera teknikoak trukatzea, horiek lortu badira gazteen delinkuentziarekin, delinkuentzia prebenitzearekin eta adingabeen justiziarekin lotuta dauden egitasmo, programa, eginera eta ekimenei esker.

62. Sustatu eta areagotu egin beharko da erregio eta nazioarte mailako lankidetza, gazteen delinkuentziari, gazteen delinkuentzia prebenitzeari eta adingabeen justiziari buruzko gaietan, profesional, aditu eta agintaritzen partaidetzarekin.

63. Gobernu guztiek, Nazio Batuen sistemak eta beste erakunde interesdunek zin-zinez babestu behar dute lankidetza teknikoa eta zientifikoa arauen azalpenarekin lotutako gai praktikoetan, batik bat, gaikuntza- eta erakusketa- proiektu esperimentaletan, gazteen delinkuentzia eta gazteek egindako delituak prebenitzeari dagozkion gai zehatzen gainean.

64. Lankidetza bultzatu behar da ikerketa zientifikoaren jardueretan, gazteen delinkuentzia eta gazteek egindako delituak prebenitzeko modalitate eraginkorrei dagokienez, eta horiek modu zabalean hedatu eta ondorioak ebaluatu.

65. Nazio Batuen organoek, institutuek, erakunde eta bulego eskudunek lankidetza eta koordinazio sendoa izan behar dute hainbat gaietan, horiek lotuta daudelako haurrekin, adingabeen justiziarekin eta gazteen delinkuentzia eta gazteek egindako delituak prebenitzearekin.

66. Jarraibide hauek oinarri hartuta, Nazio Batuen Idazkaritzak, erakunde interesdunen lankidetzarekin, lan eraginkorra egin beharko du ikerketari, lankidetza zientifikoari eta politika-aukeren moldaketari begira, horien aplikazioa aztertzen eta gainbegiratzen, eta, era berean, informazio sinesgarriaren iturri izan, delinkuentzia prebenitzeko modalitate eraginkorren inguruan.