72005forulegea,

7/2005 Foru Legea, 16/2003 Foru Legeko lehen xedapen gehigarria, "laguntzak amatasunagatik", aldatzekoa

Nafarroako Parlamentua

7/2005 FORU LEGEA, ekainaren 16koa, martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legeko lehen xedapen gehigarria, "laguntzak amatasunagatik", aldatzekoa. Lege hori zenbait zerga hein batean aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzkoa da.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FORU LEGEA, MARTXOAREN 17KO 16/2003 FORU LEGEKO LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA, "LAGUNTZAK AMATASUNAGATIK", ALDATZEKOA. LEGE HORI ZENBAIT ZERGA HEIN BATEAN ALDATU ETA BESTE TRIBUTU-NEURRI BATZUK HARTZEARI BURUZKOA DA.

ZIOEN AZALPENA

Martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legearen lehen xedapen gehigarriaren bitartez ezarri ziren laguntza batzuk familia sustengatzeko; zehazkiago, beren gain edo besteren kontura jardueraren bat duten hiru urtez azpiko haurren amentzat eta lau ume edo gehiagoko familientzat. Bi helburu dituzte: jaiotza-tasa bultzatzea eta emakume langileen laneko denbora eta etxekoa bateragarri egitea.

Nafarroako Gobernuak laguntza horiek garatu zituen maiatzaren 20ko 126/2003 Foru Dekretuaren bidez.

Aipatu laguntzak abian jartzearekin arazoak sortu dira Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioan kudeaketaren zailtasunagatik, espedienteen kopurua oso handia delako eta aldez aurretik ordaintzen delako, batez ere. Ezinbestekoa da aldaketaren bat egitea ama langileentzat direnetan.

Gainera, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteriaren Departamentuko Familiaren Zuzendaritza Nagusiak zenbait datu eskuratu ditu eta argi gelditu da oso txikia izan dela laguntzen eragina lortu nahi ziren xedeei begira; errenta apalenetan bakarrik izan da eraginkorra emakume langileen laneko denbora eta familiakoa bateragarria izateari dagokionez.

Horrek guztiak gaur egungo laguntza sistema aldatzera eramaten du; batetik, errentaren arabera mugatu eta egokitu behar dira laguntzak, errenta handienentzat murriztuz, laguntzaren eraginkortasuna txikiagoa baita, eta errenta apalenentzat handituz, horietan ahalegin handiagoa egin behar baita; bestetik, aurretik ordaintzeko oraingo sistema aldatu behar da eta diru laguntzak emateko ohiko prozedura ezarri, deialdia egin ondotik.

Artikulu bakarra._Zenbait zerga hein batean aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legeko lehen xedapen gehigarria, "Laguntzak amatasunagatik" izenekoa, honela geldituko da:

"1. Familiari Laguntzeko Planaren barrenean, laguntza hauek emanen dira:

a) Beren gain edo besteren kontura jardueraren bat egiten duten hiru urtez azpiko haurren amei 1.800 euro bitarteko laguntza emanen zaie urtean, errentaren arabera, haur bakoitzeko. Jardueragatik alta emanda egon beharko dute Gizarte Segurantzaren edo Mutualitatearen araubidean eta haien errentak diru laguntzaren deialdian ezartzen diren mugen azpitik egon beharko du.

Urtero emanen da laguntza, haurrak hiru urte egin arte, jaiotegunetik, familia-harrera iraunkorra edo adopzioaurrekoa erabakitzen duen ebazpen administratibotik edo adopzioa onartzen duen ebazpen judizialetik kontatzen hasita.

b) Lau seme-alaba edo gehiagoko familiei 360 euro emanen zaizkie urtero 18 urtez azpiko seme-alaba bakoitzeko, laugarrenetik aitzina, laugarrena barne dela, haien errenta erregelamenduz ezartzen diren mugetatik gora ez badago.

Bi laguntzak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergatik salbuetsirik egonen dira.

2. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak eman eta kudeatuko ditu laguntzak, eta langileen laneko denbora eta etxekoa bateratzeko ezartzen direnekin eta jaiotza-tasa sustatzekoekin egokituz eratuko dira.

3. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuak, urtero, laguntza horiek emateko deialdia argitaratuko du, baldintzak, zenbatekoa eta ordaintzeko modua zehaztuta."

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetutako arauak

Indarrik gabe utzi da 126/2003 Foru Dekretua, maiatzaren 20koa, amatasunaren dirulaguntzak arautzen dituena, xedapen gehigarri honen a) letran ezarritako laguntzen aplikazioari dagokionez, eta maila bereko edo gutxiagoko beste xedapen guztiak, foru lege honetan aurreikusitakoaren aurka badaude.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Araubide iragankorra

Foru lege honek indarra hartu aurretik eskatutako laguntzak arautzeko, martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legearen "Laguntzak amatasunagatik" izeneko lehen xedapen gehigarrian agindutakoari jarraituko zaio, zenbait zerga hein batean aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzkoa baita lege hori; orobat, amatasunaren diru laguntzak arautzen dituen maiatzaren 20ko 126/2003 Foru Dekretuan xedakutakoari.

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2005eko ekainaren 16an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea