kodezibilaaldarazteko

Kode Zibila aldarazteko Legea, ezkontzeko eskubidearen arloan

© Lege-testu guztien itzulpena eta aurkibide analitikoak: Eba Gaminde, Begoña Landa, Gotzon Lobera, Andres Urrutia, Esther Urrutia eta IVAP/HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

© Deustuko Unibertsitatea. Euskal Gaien Institutua

© IVAP/HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

Uztailaren 1eko 13/2005 Legea, Kode Zibila aldaraztekoa, ezkontzeko eskubidearen arloan

(«EAO», 157. zk., uztailaren 2koa)

ZIOEN AZALPENA

I

Bikotekideen arteko harremanak eta elkarbizitza maitasunean oinarritzen direnean, horiek giza izaeraren berezko adierazpenak besterik ez dira, nortasuna garatzeko bide garrantzitsuak izatearekin batera. Horregatik, gure Konstituzioaren arabera, ordena politikoaren eta gizartebakearen euskarrien artean koka daitezke halakoak.

Horrekin bat etorriz, harreman horien isla aipagarria da ezkontza bera, Konstituzioaren 32. artikuluak jasotzen duena. Gure konstituzio-jurisprudentziari helduta, ezkontza gizarte-garrantzia duen erakunde juridikoa da, beraren bitartez gauzatzen baita bikotekideen arteko elkarbizitza.

Konstituzioak, beraz, ezkontza bermatzen du, eta, konstituzio-berme horren ondorioz, legegileak ezin dio erakundeari lepo eman. Era berean, legegileak ezin du ezkontza arautu, antolamendu juridikoaren balio gorenak alde batera utzita eta Konstituzioari helduta pertsonaren eskubide gisa duen izaera aintzat hartu gabe.

Egiatan, Konstituzioak aukera zabalak eskaintzen ditu, eta legea izango da, aukera zabal horien artean, eskubidea garatuko duena. Lege horrek zehaztuko du, une historiko bakoitzean nagusi diren balioekin bat etorriz, zein gaitasun izan behar den ezkontzeko, eta zein izango diren ezkontza horren edukia eta araubidea.

Egungo zuzenbide zibilak ezkontza arautu duenetan, Europako eta Mendebaldeko gizarteetan nagusi diren eredu eta balioak islatu izan ditu.

Arauketa horren jatorria Frantziako 1804. urteko Kode Zibila da; horixe da, zalantza-izpirik gabe, Espainiako 1889. urteko kodearen uztarria.

Testuinguru horretan, ezkontza erakunde gisa itxuratu da. Itxuraketa horretan, kontuan hartu da ezkontzaren ondoriozko harreman juridikoak sexu desberdineko pertsonen artean bakarrik ezar daitezkeela. Tradizioaren arabera, sexudesberdintasun hori izan da estatuaren zuzenbideak eta zuzenbide kanonikoak erakundea onartzeko abiapuntuetatik bat.

Hori dela medio, azken bi mendeetako kodeek pentsamolde nagusia bereganatu zuten, eta, ondorenez, ez zuten zertan debekatu, ezta aipatu ere, sexu berdineko pertsonen arteko ezkontza; izan ere, halakoen arteko harremanak ezin ziren inola ere izan ezkontzako harreman juridikoak.

Zernahi gisaz, legegileak ezin du bazterrean utzi ageri-agerikoa dena: gizartea bilakatu egiten da, elkarbizitza-eredu desberdinak eratu eta aitortzeko orduan, eta legegileak horren arabera jardun dezake, eta jardun behar du, zuzenbidea eta zuzenbide horrek arautu nahi dituen gizarte-balioak elkarrengandik urrundu ez daitezen.

Ildo horretatik, Espainiako gizarteerrealitatea, gaur egun, 1889. urteko Kode Zibilaren garaiko gizartea baino askoz aberatsagoa, anitzagoa eta dinamikoagoa da.

Sexu berdineko pertsonek bikotea osatu eta euren arteko elkarbizitza maitasunean oinarritzen dute, eta gizarteak hori gero eta gehiago aitortu eta onartzen du, ondo sustraitutako aurreiritziak eta estigmatizazioak gaindituz.

Egun zailtasunik gabe onartzen da, halako bikotekideen arteko elkarbizitzaren bidez, pertsona-kopuru handi baten nortasuna garatzea; elkarbizitza horri esker, pertsona horiek elkarri emoziozko laguntza eta laguntza ekonomikoa ematen diote. Orain arte, horren garrantzia harreman pribatu hertsietan agortu izan da, zuzenbideak ez baitzuen horren inguruan aitorpen formalik egiten.

Horretaz jabetu dena ez da izan Espainiako gizartea bakarrik. Eremu zabalagoetan ere hori berori gertatu da. Horixe atzeman daiteke, esate baterako, Europako Parlamentuak 1994. urteko otsailaren 8an emandako ebazpenean; ebazpen horretan beren beregi eskatzen zaio Europako Komisioari, horrek gomendio-proposamena egin dezan. Gomendio horren ondorioz, ezabatu egingo da sexu berdineko bikotekideek elkarrekin ezkontzeko duten debekua, eta ezkontzaren eskubide eta onura guztiak bermatuko zaizkie bikotekide horiei.

II

Historiak argiro-argiro erakusten du bereizkeria- ibilbide luzea egin dela sexu-orientazioan oinarrituta. Legegileak, ordea, bereizkeria hori ezabatzea erabaki du.

Horretarako, nork bere burua garatzeko esparrua onartu beharra dago; esparru horretan, norbaitzuek askatasunez hartzen badute sexu-aukera eta maitasun-aukera zehatz bat, euren sexu bereko pertsonen alde, orduan haiei euren nortasuna eta eskubideak garatzea ahalbidetu behar zaie, betiere berdintasun-baldintzetan. Hori gaur egungo herritarren eskakizun bilakatu da, eta lege honek eskakizun horri erantzun nahi dio.

Zinez, Konstituzioak legegileari agindua ematen dionean ezkontza arau bidez itxuratzeko, ez du baztertzen, inola ere, arauketa horrek beste modu batera mugatzea bikotekideen arteko harremanak, nahiz eta arauketa berri hori orain arte egon izan den horretatik aldendu. Arauketa berrian, maitasun-harreman berriek euren tokia izan behar dute.

Gainera, lege honetan islatutako aukerak Konstituzioan bertan ditu bere oinarriak, eta legegilea behartuta dago oinarri horiek aintzakotzat hartzera.

Oinarriok dira, besteak beste, herritarren arteko berdintasuna eragingarria izatea, herritarrok euren nortasuna garatu behar dutenean (Konstituzioaren 9.2 eta 10.1 artikuluak); askatasuna bermatzea, elkarbizitzaren formei dagokienez (Konstituzioaren 1.1 artikulua); eta, eskubideak egikaritzeko orduan, benetako berdintasun-esparrua ezartzea, inolako bereizkeriarik egin gabe, sexu, iritzi nahiz bestelako baldintza pertsonal nahiz sozialak aintzat hartuta (Konstituzioaren 14. artikulua). Horiek guztiak Konstituzioan onartutako balioak dira, eta, ondorenez, gizarte aske, anitz eta ireki batean, herritarren estatusa mugatzen duten arauetan islatu behar dira.

Ikuspegi zabal horren barruan, ezkontzaren arauketa berri honek asebete nahi du aise atzeman daitekeen errealitatea. Espainiako gizarteak berak errealitate horren aldaketak bereganatu ditu, eta, horretan, laguntza erabakigarria eman dute talde zehatz batzuek, talde horiek eskubideen arteko parekaketa osoa defendatu izan baitute guztiontzat, norberaren sexu-orientazioa edozein izanda ere. Errealitate horretan beharrezkoa da esparru berri bat eratzea, esparru horretan guztion eskubide eta betebeharrak finka daitezen, nork bere bikoteharremanak formalizatzen dituenean.

Aipatu testuinguru horren barruan, legeak onartzen du sexu berdineko nahiz desberdineko pertsonak elkarrekin ezkontzea; ezkontideen sexua edozein izanik ere, ezkontideon eskubideak eta betebeharrak oso-osokoak eta berdinak izango dira.

Ondorenez, ezkontzaren ondoreei euren osotasunean eutsi zaie, erakundearen itxuraketa objektiboa aldatu gabe. Ondore horiek berberak izango dira eremu guztietan, ezkongaien sexua zein den kontuan hartu gabe. Ondoreon artean aipa daitezke, hala nola, eskubide eta prestazio sozialak, bai eta adopzio-prozeduretan alderdi izateko aukera ere.

Era berean, Kode Zibilaren zenbait artikulu nahitaez aldatu behar izan dira horien terminologia egokitzeko, artikulu horiek ezkontza aipatzen baitute edo ezkontzaren ondoriozkoak baitira. Orobat esan behar kode berberaren beste arau batzuei buruz, horiek esanbidezko aipamenak egiten baitituzte ezkontideen sexuari buruz.

Lehenengo eta behin, senar-emazteei buruzko aipamenen ordez, ezkontideen gaineko aipamenak jarri dira.

Kode Zibilaren 44. artikuluak idazkera berria duenez gero, ezkontide hitzaren esanahi juridikoa izango da beste norbaitekin ezkonduta dagoen pertsona, ezkonduak sexu berdinekoak izan nahiz desberdinekoak izan.

Nolanahi den ere, senar-emazteek osatutako bikoteari buruzko aipamena bere horretan geratu da kodearen 116, 117 eta 118. artikuluetan; izan ere, artikulu horiek aipatzen duten egitezko kasua gerta dadin, nahitaezkoa da ezkontza heterosexuala izatea.

Bestalde, eta lege honen lehenengo xedapen gehigarriaren ondorioz, gure antolamendu juridikoan ezkontzari buruz egiten diren aipamen guztiak aplikagarriak izango dira, ezkontideak sexu berdinekoak direnean, eta sexu desberdinekoak direnean ere bai.

Artikulu bakarra.

Kode Zibila aldaraztea, ezkontzeko eskubidearen arloan

Kode Zibila honetara aldarazten da:

Bat. 44. artikuluari bigarren lerrokada gehitu zaio, eta lerrokada horren idazkera hauxe da:

“Ezkontzak betekizun eta ondore berberak izango ditu, bi ezkongaiak sexu berdinekoak izan zein desberdinekoak izan.”

Bi. 66. artikuluak honako idazkera hau izango du:

“66. artikulua

Ezkontideek eskubide eta eginbehar berberak dituzte.”

Hiru. 67. artikuluak honako idazkera hau izango du:

“67. artikulua

Ezkontideek begirunea eta laguntza eman beharko dizkiote elkarri, eta familiaren intereserako jardun behar dute.”

Lau. 154. artikuluaren lehenengo lerrokadak honako idazkera hau izango du:

“Seme-alaba emantzipatugabeak euren gurasoen ahalpean daude.”

Bost. 160. artikuluaren lehenengo lerrokadak honako idazkera hau izango du:

“Gurasoek, nahiz eta guraso-ahala egikaritu ez, eskubidea dute, euren seme-alaba adingabeekin harremanak izateko, salbu eta beste inork semealabok adoptatu dituenean edo epailearen ebazpenak besterik xedatu duenean.”

Sei. 164. artikuluaren 2. paragrafoak honako idazkera hau izango du:

“2. Oinordetza bidez eskuraturiko ondasunak, baldin eta bata, bestea edo bi-biok oinordetza horretan zuzen jaraunsgabetuak izan badira edo ezduintasun-arrazoia dela-bide ezin badira jaraunsle izan. Ondasun horiek administratuko ditu kausatzaileak izendaturiko pertsonak, eta, horrelakorik izan ezean, eta ondoz ondo, beste gurasoak edo epaileak bereziki izendaturiko administratzaileak.”

Zazpi. 175. artikuluaren 4. lerrokadak honako idazkera hau izango du:

“Pertsona batek baino gehiagok ezin dute batera inor adoptatu, salbu eta bi ezkontideek, batera nahiz ondoz ondo, adopzioa egiten dutenean.

Adopzioaren osteko ezkontzak ezkontideari ahalbidetzen dio bere ezkontidearen semealabak adoptatzea.

Adopzio-hartzailea hiltzen denean edo adopzio-hartzaile horri 179. artikuluan ezarritako baztertzea gertatzen zaionean, adoptatua berriz adopta daiteke.”

Zortzi. 178. artikuluaren 2. paragrafoak honako idazkera hau izango du:

“Salbuespenez, euren horretan diraute kasuan kasuko gurasoaren familiarengandiko loturok:

1) Adoptatua adopzio-hartzailearen ezkontidearen semea edo alaba denean, ezkontide hori hilda egon arren.

2) Legearen bidez guraso batengandiko semealabatasuna bakarrik zehaztu denean, baldin eta ondore hori eskatu badu adopzio-hartzaileak, hamabi urtekoa baino nagusiagoa den adoptatuak edo loturon iraupena nahi duen gurasoak.”

Bederatzi. 637. artikuluaren bigarren lerrokadak honako idazkera hau izango du:

“Xedapen horretatik salbuetsita geratzen dira bi ezkontideei batera egindako dohaintzak; ezkontideen artean gehiagotzeko eskubidea gertatuko da, dohaintza-emaileak ez badu aurkakorik xedatu.”

Hamar. 1323. artikuluak honako idazkera hau izango du:

“1323. artikulua

Ezkontideek, edozein tituluren bidez, ondasun eta eskubideak eskualda diezazkiokete elkarri, eta euren artean edozein motatako kontratuak egin ditzakete.”

Hamaika. 1344. artikuluak honako idazkera hau izango du:

“1344. artikulua

Irabazpidezko sozietatearen bidez, erkide egiten dira ezkontideentzat batak nahiz besteak lorturiko irabazi edo etekinak; ezkontza desegitean, horiek erdi bana eratxikiko zaizkie bi-bioi.”

Hamabi. 1348. artikuluak honako idazkera hau izango du:

“1348. artikulua

Urte-kopuru zehatzean kobratuko den kopuru edo kreditua ezkontide batena bakarrik bada ondasun pribatibo gisa, ez dira irabazpidezkoak izango ezkontza bitartean mugaeguneraturiko epeetan kobratzen diren kopuruak; kreditua zein ezkontiderena izan eta berorren kapitaltzat hartuko dira kopuruok."

Hamahiru. 1351. artikuluak honako idazkera hau izango du:

“1351. artikulua

Irabazpidezko sozietatearenak izango dira ezkontideetatik edozeinek jokoan lortzen dituen irabaziak, bai eta beste edozein arrazoiren bidez lortzen dituenak ere, horiek itzuli beharrik ez badago.”

Hamalau. 1361. artikuluak honako idazkera hau izango du:

“1361. artikulua

Ezkontzan dauden ondasunak irabazpidezkoak direla uste da, bi ezkontideetatik bati ondasun pribatibo gisa dagozkiola frogatzen ez den bitartean.”

Hamabost. 1365. artikuluaren 2. paragrafoak honako idazkera hau izango du:

“2. Lanbide, erti edo ogibidean modu arruntean aritzean, edo ondasun pribatiboak modu arruntean administratzean.

Ezkontideetatik bat merkataria bada, Merkataritza Kodean xedatutakoa beteko da.”

Hamasei. 1404. artikuluak honako idazkera hau izango du:

“1404. artikulua

Inbentariopeko ondasunetan aurreko artikuluek finkaturiko kenkariak egin eta gero, gerakinak irabazpidezko sozietatearen hartzekodun osatuko du, eta gerakin hori erdibanatu egingo da ezkontideen artean edo euren jaraunsleen artean.”

Hamazazpi. 1458. artikuluak honako idazkera hau izango du:

“1458. artikulua

Ezkontideek ondasunak sal diezazkiokete elkarri.

Lehenengo xedapen gehigarria.

Antolamenduan aplikatzea

Ezkontza aipatzen duten lege- nahiz erregelamendu- xedapenak aplikagarriak izango dira ezkongaien sexua edozein izanik ere.

Bigarren xedapen gehigarria.

1957. urteko ekainaren 8ko Legea, Erregistro Zibilari buruzkoa, aldaraztea

Bat. 46. artikuluak honako idazkera hau izango du:

“46. artikulua

Adopzioa, gaitasunaren aldaketa judizialak, konkurtso, absentzia edo heriotzari buruzko adierazpenak, naziotasunarekin edo auzotasunarekin zerikusia duten egitateak, eta, orokorrean, inskribatzeko modukoak diren gainerakoak, jaiotza-inskripzio egokiaren orribazterrean inskribatuko dira, horien inskripzioa Erregistroko beste atalen batean egin behar dela beren beregi ezartzen ez bada.

Guraso ahalaren gain eragina duten egitateak, gurasoen heriotza izan ezik, seme-alaben jaiotza-inskripzioaren orri-bazterrean inskribatuko dira.”

Bi. 48. artikuluak honako idazkera hau izango du:

“48. artikulua

Aitarengandiko edo amarengandiko semealabatasuna jaiotza-inskripzioan, eta, zehatzago, horren orri-bazterrean, jasoko da, gurasoen ezkontza-inskripzioari buruzko aipamena eginda edo aitorpena inskribatuta.”

Hiru. 53. artikuluak honako idazkera hau izango du:

“53. artikulua

Pertsonak euren izenarekin eta bi gurasoen abizenekin izendatzen dira; legeak guztien aurrean babesten ditu izen-abizenok.”

Azken xedapenetatik lehenengoa.

Eskumen-titulua

Lege hau Espainiako Konstituzioak 149.1.8 artikuluan estatuari aitortzen dion eskumen esklusiboaren itzalpean ematen da; eskumen esklusibo horrek ez dio kalterik egiten autonomia-erkidegoek zuzenbide zibilak, forudunak nahiz bereziak, iraunarazi, aldatu eta garatzeari, halakoak direnetan, ezta haiek zuzenbide zibilaren arloan dituzten eskumenak garatzeko onetsitako arauei ere.

Azken xedapenetatik bigarrena.

Indarrean jartzea

Lege hau indarrean jarriko da, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean.

euskal legezalea