200640eezuzentaraua,ibilgailumotorduneta
2006/40/EE Zuzentaraua, Ibilgailu motordunetako aire girotuko sistemak eragiten dituen isurketei buruzkoa
Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala
2006/40/EE ZUZENTARAUA, EUROPAKO PARLAMENTUARENA ETA KONTSEILUARENA
2006ko maiatzaren 17koa, Ibilgailu motordunetako aire girotuko sistemak eragiten dituen isurketei buruzkoa eta Kontseiluaren 70/156 EEE Zuzentaraua aldatzen duena
(Testu egokia EEEari dagokionez)
EUROPAKO PARLAMENTUAK ETA EUROPAR BATASUNEKO KONTSEILUAK,
Europar Batasuna eratzen duen Ituna, eta, bereziki, haren 95. artikulua aztertuta.
Batzordearen proposamena aztertuta.
Europako Ekonomia eta Gizarte Lantaldearen irizpena aztertuta ().
Itunaren 251. artikuluan ezarritako prozedurari jarraiki (), Adiskidetze Komiteak 2006ko martxoaren 14an onarturiko testu bateratua aztertuta.
Honako hauek kontuan hartuta:
(1) Barne-merkatuak barne-mugarik gabeko esparrua dakar, eta, beraz, salgaien, pertsonen, zerbitzuen eta kapitalen zirkulazio askea bermatu behar da bertan; horretarako, hain zuzen, ibilgailu motordunak homologatzeko erkidegoko sistema bat dago. Aire girotuen sistemei dagokienez, ibilgailu motordunak homologatzeko baldintza teknikoak bateratu egin behar dira, estatu kideek estatu batetik bestera aldatzen diren eskakizunak ezar ez ditzaten eta barne-merkatuak behar bezala funtzionatzea bermatzeko.
(2) Gero eta estatu kide gehiagok nahi dute ibilgailu motordunetako aire girotuko sistemaren erabilera arautu. Asmo hori, hain zuzen, 2002ko apirilaren 25ean Kontseiluak hartutako 2002/358/EE Erabakiaren ondorio da; hau da, Europar Batasunaren izenean, Klima Aldaketari buruz Nazio Batuek sinatutako Esparru Hitzarmenean sartzen den Kiotoko Protokoloa onartzeari eta, Europar Batasun osorako, Protokoloari dagozkion konpromisoak betetzeari buruz hartutako erabakiaren ondorio(). hori dela-eta, 2008-2012 aldian, Erkidegoak eta horren estatu kideek nahitaez gutxitu beharko dituzte berotegi-efektua eragiten duten gasen isuri antropogenikoak (gas-mota horiek Kiotoko Protokoloaren A eranskinean daude jasota). Zehazki, 1990. urtearekin alderatuz, %8 gutxitu beharko da gas-isuri hori. Konpromiso horiek betetzeari dagokionez, koordinazio-falta nabari da, eta, beraz, hori arriskutsua izan daiteke, Erkidegoan ibilgailu motordunek modu askean zirkulatzeko oztopoak eragin baititzake. Horrenbestez, beharrezkoa da ibilgailuetan instalatuta dauden aire girotuen sistemek bete behar dituzten baldintzak zehaztea –horiek merkaturatzeko baimena emateko–; halaber, data jakin batetik aurrera, aire girotuko sistema-mota bat debekatu egin beharko da, berotegi-efektua sortzen duten eta 150 baino atmosfera-beroketa handiagoa eragiten duten gas fluoratuak dituzten sistemak, hain zuzen.
(3) Ibilgailu motordunetako aire girotuen sistemek sortzen dituzten 134a hidrofluorokarburoaren (HFC-134a) isurketek 1300eko ahalmena dute atmosfera-beroketan, eta, horren ondorioz, klima-aldaketan duten eragina aintzat hartuta, kezka-iturri nagusi bihurtzen ari dira. Etorkizun hurbil batean, 134a hidrokarburoaren (HFC-134a) alternatiba errentagarriak eta seguruak izango direla espero da. Aipatutako sistemek eragindako isurien isolamenduan izan den aurrerapena eta sistema horietan gas fluoratuak ordezkatzeko nahia kontuan hartuta, berrikusketa bat egin behar da; horrela, Zuzentarau hau beste era bateko ibilgailu motordunetara hedatu behar den edo gas horiek atmosfera-beroketan duten potentzialari buruzko xedapenak aldatu behar diren erabakiko da. Horretarako, aintzat hartuko dira teknologian eta zientzian izandako bilakaera eta industriek produktuak planifikatzeko duten egutegia errespetatzeko beharra.
(4) Berotegi-efektua duten zenbait gas fluoraturen debekuaren eraginkortasuna bermatzeko, berotegi-efektua eta atmosfera berotzeko 150 baino ahalmen handiagoa duten gas fluoratuetarako diseinatutako aire girotuen sistemak ibilgailu motordunetan gerora jartzeko aukera mugatu behar da; era berean, aire girotuen sistemak elikatzeko gas horiek erabiltzea ere debekatu egin behar da.
(5) Ibilgailu motordunetako aire girotuen sistemak eragindako berotegi-efektuko zenbait gas fluoraturen isurketa mugatzeko, isuri-indizean muga jarri behar da, eta, horrez gain, ibilgailu motordunetan instalatuta dauden aire girotuen sistemen isuria ebaluatzeko proba-prozedura bat ezarri behar da baldin eta sistema horiek berotegi-efektua eragiten badute eta atmosfera berotzeko 150 baino ahalmen handiagoa duten gas fluoratuetarako diseinatuta badaude.
(6) Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Hitzarmenean, Kiotoko Protokoloan eta 2002/358/EE Erabakian Erkidegoak eta estatu kideek zenbait konpromiso hartu zituzten, eta konpromiso horiek betetzen laguntzeko, honako erabaki hauek hartu eta Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu behar dira: batetik, 2006ko maiatzaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 842/2006/EE Erregelamendua, berotegi-efektuko gas fluoratu batzuei buruzkoa(), eta, bestetik, Zuzentarau hau. Izan ere, biek berotegi-efektuko gas fluoratuen isuriak gutxitzen laguntzen dute.
(7) Ibilgailuak egiten dituzten fabrikatzaile guztiek homologazio-agintariei eman beharko diete instalatutako aire girotuen sistemei eta horietan erabilitako gasei buruzko informazio tekniko guztia. Berotegi-efektua eragiten duten eta atmosfera berotzeko 150 baino ahalmen handiagoa duten gas fluoratuak dituzten aire girotuko sistemak badira, fabrikatzaileak sistema horien isuri-indizea ere jakinarazi beharko diete.
(8) Zuzentarau hau betetzeko beharrezko neurriak onartu behar dira, 1999ko ekainaren 28ko Kontseiluaren 1999/468/EE Erabakiari jarraiki; hau da, Batzordeari esleituriko eskumenak baliatzeko prozedurak ezartzen dituen erabakiari jarraiki().
(9) Zuzentarau hau Kontseiluaren 70/156/EEE Zuzentarauak (1970eko otsailaren 6koa) sortutako CE homologazio-prozeduraren zuzentarau berezietako bat da, estatu kideek ibilgailu motordunen eta horien atoien homologazioari dagokienez legedia apur bat bateratzeari buruzkoa, hain zuzen(). Beraz, 70/156/EEE Zuzentaraua horren arabera aldatu behar da.
(10) Zuzentarau honen helburuak –hau da, ibilgailuetako aire girotuen sistemek dituzten zenbait gas fluoraturen isuria kontrolatzea eta, data jakin batetik aurrera, berotegi-efektua eragiten duten eta atmosfera berotzeko 150 baino ahalmen handiagoa duten gas fluoratuak dituzten aire girotuko sistemak debekatzea– estatu kideek beraien aldetik behar bezala ezin dituztenez bete, eta, Zuzentarau honen garrantzia eta ondorioak kontuan hartuta, erkidego-esparruan hobeto lor daitezkeenez, Erkidegoak neurriak har ditzake, Itunaren 5. artikuluan zehaztutako subsidiariotasun-printzipioari jarraiki. Artikulu horretan aipatutako proportzionaltasun-printzipioaren arabera, Zuzentarau honek ez du helburu horiek lortzeko behar baino gehiago egiten.
(11) "Lege hobeak egin" Erakundeen arteko Akordioaren() 34. paragrafoan arautzen denari jarraiki, estatu kide bakoitzak bere koadroa egin dezan sustatu da; hau da, koadro batean jartzea, Zuzentarau honen eta transposizioa egiteko neurrien arteko bateragarritasuna, ahal den neurrian (bai estatu bakoitzaren intereserako, bai Erkidego osoaren intereserako); eta gero, taula horiek argitaratzea.
HONAKO ZUZENTARAU HAU ONARTU DUTE:
1. artikulua
Helburua
Zuzentarau honen bidez, ibilgailuen CE homologazioa eta homologazio nazionala egiteko baldintzak ezarri dira; zehazki, ibilgailuetan instalatutako aire girotuen sistemek eragindako isuriei eta sistema horien funtzionamendu seguruari dagokienez. Era berean, sistema horiek berregokitzeari eta berriz kargatzeari buruzko xedapenak ere ezarri ditu.
2. artikulua
Aplikazio-eremua
Zuzentaraua M1 eta N1 mailetako ibilgailu motordunetan aplikatuko da, 70/156/EEE Zuzentarauaren II. eranskinean zehaztutakoari jarraiki. Zuzentarau honetan, N1 mailako ibilgailuak I. mailako ibilgailuetara mugatuko dira, Kontseiluaren 70/220/EEE Zuzentarauaren() (1970eko martxoaren 20koa) I. eranskinaren 5.3.2.4 paragrafoko lehenengo taulan deskribatutako ibilgailuetara, hain zuzen. Zuzentarau horrek, ibilgailu motordunen isuriek eragindako atmosfera-kutsaduraren aurkako neurriak direla-eta, estatu kideek legedia apur bat bateratzeari buruzkoa da, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 98/69/EE Zuzentarauaren bidez txertatu da().
3. artikulua
Definizioak
Zuzentarau honetan, definizio hauek aplikatuko dira:
1) «Ibilgailua»: Zuzentarau honen aplikazio-eremuaren baitako edozein ibilgailu motordun.
2) «Ibilgailu-mota»: 70/156/EEE Zuzentarauaren II. eranskineko B atalean zehaztutako mota.
3) «Aire girotuko sistema»: ibilgailu bateko bidaiari-konpartimentuan, airearen tenperatura eta hezetasuna gutxitzea helburu nagusi duen edozein sistema.
4) «Lurruntze-sistema bikoitza»: bi lurrungailu dituen sistema, bata motorra dagoen konpartimentuan, eta bestea ibilgailuko beste konpartimentu batean. Gainerako sistema guztiek «lurruntze-sistema bakarra» dutela ulertuko da.
5) «Berotegi-efektua duten gas fluoratuak»: Kiotoko Protokoloaren A eranskinean dauden hidrofluorokarburoak (HFC), perfluorokarburoak (PFC) eta azufre-hexafluoruroa (SF6) nahiz substantzia horiek dituzten prestakinak, 2000ko ekainaren 29ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2037/2000 (EE) Erregelamenduari –ozono-geruza zulatzen duten substantziei buruzkoa ()– jarraiki araututako substantziak salbu.
6) «Hidrofluorokarburoa»: karbonoak, hidrogenoak eta fluorrak osatutako konposatu organikoa, sei karbono-atomo baino gutxiagoko molekula duena.
7) «Perfluorokarburoa»: karbonoak eta fluorrak osatutako konposatu organikoa, sei karbono-atomo baino gutxiagoko molekula duena.
8) «Atmosfera berotzeko ahalmena»: berotegi-efektuko gas fluoratu batek klima-beroketan duen ahalmena, karbono dioxidoarekin alderatuz. Atmosfera berotzeko ahalmena (PCA) gas-kilogramo baten berotze-ahalmena CO2ren kilogramo batek duen ahalmenarekin alderatuz lortzen da (100 urteko epean). Atmosfera berotzeko ahalmenaren kopuruak Klima Aldaketaren Adituen Gobernu arteko Taldeak egindako Ebaluazioaren Hirugarren Txostenean daude argitaratuta («IPCCk atmosfera berotzeko ahalmenari dagokionez 2001. urterako emandako balioak»)().
9) «Prestakinak»: bi substantzia edo gehiago nahastuz lortzen den nahastea da; horietako bat, gutxienez, berotegi-efektuko fluoratua da. Prestakinak atmosfera berotzeko duen ahalmen guztia eranskinaren 2. zatiaren arabera zehaztuko da().
10) «Berregokitzea»: aire girotuko sistema bat instalatzea ibilgailua matrikulatu ondoren.
4. artikulua
Estatu kideen betebeharrak
1. Aire girotuen sistemek eragindako isuriak direla-eta, Estatu kideek Zuzentarau honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten ibilgailu-motei soilik emango diete CE homologazioa eta homologazio nazionala.
2. 70/156/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluko 1. paragrafoaren a) idatz-zatiaren arabera ibilgailuei erabateko homologazioa emateko, estatu kideek ibilgailu motordun berrietan instalatutako aire girotuen sistemetan erabilitako hozte-sistemaren motari buruzko informazioa emanaraziko diete fabrikatzaileei.
3. Berotegi-efektua eta atmosfera berotzeko 150 baino ahalmen handiagoa duten gas fluoratuetarako diseinatutako aire girotuen sistemak dituzten ibilgailuak homologatzeko, estatu kideek zaindu egingo dute gas horien isuri-indizea ez dela 5. artikuluan zehaztutako gehienezko kopurua baino handiagoa; horretarako, hain zuzen, 7. artikuluko 1. paragrafoan aipatzen den isuriak hautemateko proba bateratua hartuko da kontuan.
5. artikulua
Homologazioa
1. Isurien proba bateratua onartzen den egunetik sei hilabete pasatzen direnean, estatu kideek ezingo dituzte aire girotuen sistemak eragindako isuriak alegatu,
a) ez ibilgailu-mota berri bati CE homologazioa edo homologazio nazionala ukatzeko,
b) ezta ibilgailu berriak matrikulatzea, saltzea edo zerbitzuan jartzea debekatzeko ere,
berotegi-efektua eta atmosfera berotzeko 150 baino ahalmen handiagoa duten gas fluoratuak izateko diseinatuta dauden aire girotuko sistema duten ibilgailuak Zuzentarau honen baldintzak betetzen baditu.
2.Isurien proba bateratua onartzen den egunetik 12 hilabete pasatzen direnean edo 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera (bietako azkena hartuko da kontuan), estatu kideek ez diete CE homologaziorik eta homologazio nazionalik emango berotegi-efektuko eta atmosfera berotzeko 150 baino ahalmen handiagoko gas fluoratuetarako diseinatutako aire girotuen sistema duten ibilgailu-motei, honako kasu honetan izan ezik: urtean, sistema horren berotegi-efektuko gas fluoratuen 40 gramo baino gutxiago isurtzen badira lurrintze-sistema bakarra dutenetan, edota gas-mota horien 60 gramo baino gutxiago isurtzen badira lurrintze-sistema bikoitza dutenetan.
3. Isurien proba bateratua onartzen den egunetik 24 hilabete pasatzen direnean edo 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera (bietako azkena hartuko da kontuan), berotegi-efektua eta atmosfera berotzeko 150 baino ahalmen handiagoa duten gas fluoratuetarako diseinatutako aire girotuko sistema duten ibilgailu berriak kontuan hartuta –urtean, sistema horren berotegi-efektuko gas fluoratuen 40 gramo baino gutxiago isurtzen badira lurrintze-sistema bakarra dutenetan, edota gas-mota horien 60 gramo baino gutxiago isurtzen badira lurrintze-sistema bikoitza dutenetan salbu–. estatu kideek:
a) 70/156/EEE Zuzentarauaren I. paragrafoko 7. artikuluari jarraiki, homologazio-ziurtagiriak iraungi egin direla erabakiko dute, eta
b) matrikulazioa ukatzeaz gain, ibilgailua saltzea eta zerbitzuan jartzea debekatuko dute.
4. 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, estatu kideek ez diete CE homologaziorik eta homologazio nazionalik emango berotegi-efektua eta atmosfera berotzeko 150 baino ahalmen handiagoa duten gas fluoratuak izateko diseinatutako aire girotuko sistema duten ibilgailu-motei.
5. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, berotegi-efektua eta atmosfera berotzeko 150 baino ahalmen handiagoa duten gas fluoratuetarako diseinatutako aire girotuen sistema duten ibilgailu-motei dagokienez, estatu kideek:
a) 70/156/EEE Zuzentarauaren I. paragrafoko 7. artikuluari jarraiki, homologazio-ziurtagiriak iraungi egin direla erabakiko dute, eta
b) matrikulazioa ukatzeaz gain, ibilgailua saltzea eta zerbitzuan jartzea debekatuko dute.
6. Erkidegoko dagokion Zuzenbideari kalterik eragin gabe (bereziki, laguntza publikoei buruzko erkidegoko arauak eta 1998ko ekainaren 22ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 98/34/EE Zuzentaraua –arau eta erregelamendu teknikoen eta informazio-gizartearen zerbitzuei buruzko arauen berri emateko informazio-prozedura abian jartzen duena–()), estatu kideek sustatu ahal izango dute aire girotuko sistema eraginkorrak eta berriztatzaileak, klima-inpaktua neurri handiagoan gutxituko dutenak, instalatzea.
6. artikulua
Berregokitzea eta berriz kargatzea
1. 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, berotegi-efektua eta atmosfera berotzeko 150 baino ahalmen handiagoa duten gas fluoratuetarako diseinatutako aire girotuen sistemak ez dira berregokituko data horretatik aurrera homologatutako ibilgailuetan. 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, aire girotuko sistema horiek ezingo dira ibilgailu bakar batean ere berregokitu.
2. 2011ko urtarrilaren 1etik aurrera homologatutako ibilgailuetan, aire girotuko sistemak ezin izango dira berotegi-efektuko eta atmosfera berotzeko 150 baino ahalmen handiagoa duten gas fluoratuz berriro kargatu. 2017. urteko urtarrilaren 1etik aurrera, berriz, ibilgailuen aire egokituko sistema bakar bat ere ezingo da berotegi-efektua eta atmosfera berotzeko 150 baino ahalmen handiagoa duten gas fluoratuz berriro kargatu, gas-mota hori duten eta ibilgailuetan data hori baino lehenago instalatu diren aire egokituko sistemetan izan ezik.
3. Sistematik ohiz kanpoko hoztaile-kopuru bat jariatzen bada, aire egokituko sistemak mantentzeko eta konpontzeko zerbitzuak ematen dituztenek ezingo dituzte aparatu horiek berotegi-efektuko gas fluoratuekin berriro kargatu, beharrezko konponketa egin arte.
7. artikulua
Betearazpen-neurriak
1. Gehienez ere, 2007ko ekainaren 4rako, Batzordeak 4. eta 5. artikuluak betearazteko neurriak hartuko ditu, eta, bereziki:
a) ibilgailuak EErako homologatzeko administrazio-xedapenak, eta
b) jarioa hautemateko proba bateratu bat, aire girotuko sistemetan dauden berotegi-efektua eta atmosfera berotzeko 150 baino ahalmen handiagoa duten gas fluoratuen jario-indizea neurtzeko.
2. Batzordeak horretarako neurriak hartuko ditu, 70/156/EEE Zuzentarauaren 13. artikuluan araututakoari jarraiki:
3. Batzordeak neurri horiek Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean argitaratuko ditu.
4. 2. paragrafoan aipatu den prozedura hori honako kasu hauetan aplikatuko da, hala badagokio:
a) Aire girotuko sistema mugikorretako hoztaileen funtzionamendu segurua eta zerbitzu egokia bermatzeko beharrezko diren neurriak hartzean.
b) Aire girotuko sistemak dituzten eta erabileran dauden ibilgailuak berregokitzeari nahiz aire girotuko sistemak berriro kargatzeari buruzko neurriak hartzean (6. artikuluak kontuan hartzen ez dituen heinean).
c) Prestakinek atmosfera berotzeko duten ahalmena zehazteko metodoa egokitzean.
8. artikulua
Berrikuspena
1. Gas fluoratuen isuriei eusteko nahiz ibilgailu motordunetan instalatutako aire girotuko sistemetan gas horiek ordezkatzeko egindako aurrerapenak kontuan hartuta, Batzordeak honako hauek aztertuko ditu:
—Legedi hau beste ibilgailu-kategoria batzuetara hedatu behar ote den; bereziki, M2 eta M3 kategorietara nahiz N1 kategoriako II eta III motetara.
—Berotegi-efektuko gas fluoratuek atmosfera berotzeko duten ahalmenari dagokionez erkidegoan dauden xedapenak aldatu egin behar ote diren; aldaketa oro egiteko, teknologian eta zientzian egindako aurrerapenak eta industria-produktuen plangintza egiteko epeak errespetatzeko beharra aintzat hartu beharko dira.
Gai horiek aztertu ondoren, txosten bat argitaratuko du (beranduenez ere, 2011ko ekainaren 4an), eta, hala badagokio, beharrezko lege-proposamenak aurkeztuko ditu.
2. Berotegi-efektua eta atmosfera berotzeko 150 baino ahalmen handiagoa duen gas fluoratua –3. artikuluko 8. paragrafoan aipatutako IPCCren txostenean kontuan hartu gabea– IPCCren etorkizuneko txostenean sartzen denean, horretarako indarrean dagoen Zuzentaraua aldatu egin behar ote den ebaluatuko du Batzordeak. Batzordeak beharrezko dela irizten badio, honako egiteko hauek beteko ditu, 70/156/EEE Zuzentarauaren 13. artikuluan araututakoari jarraiki:
— Beharrezko neurriak hartuko ditu
— Neurri horiek aplikatzeko behin-behineko epeak ezarriko ditu, eta oreka bilatuko du denbora-epe egoki baten premiaren eta berotegi-efektuko gas fluoratuek ingurumenerako duten arriskuaren artean.
9. artikulua
70/156/EEE Zuzentarauaren aldaketak
70/156/EEE Zuzentaraua aldatu egin da, Zuzentarau honen eranskinaren 1. zatian xedatutakoaren arabera.
10. artikulua
Zuzenbide nazionalean sartzea
1. Estatu kideek Zuzentarau honetan araututakoa betetzeko beharrezkoak diren xedapen legalak, arauzkoak eta administratiboak erabaki eta argitaratuko dituzte –beranduenez ere 2008ko urtarrilaren 4an–.
Xedapen horiek 2008ko urtarrilaren 5etik aurrera jarriko dira indarrean.
Estatu kideek xedapen horiek erabakitzen dituztenean, xedapenek Zuzentarau honi egingo diote erreferentzia, edo, bestela, erreferentzia horrekin batera agertuko dira ofizialki argitaratzen direnean. Beraz, estatu kideek aipatutako erreferentziako modalitateak ezarriko dituzte.
2. Bestalde, estatu kideek Batzordeari jakinarazi beharko dizkiote Zuzentarau honek araututako eremuan hartutako Zuzenbide nazionaleko xedapen nagusiak.
11. artikulua
Indarrean jartzea
Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean
argitaratzen denetik hogei egunera jarriko da indarrean Zuzentarau hau.
12. artikulua
Hartzaileak
Estatu kideak dira Zuzentarau honen hartzaileak.
Estrasburgon egina, 2006ko maiatzaren 17an.
Europako Parlamentuaren izenean,
Presidentea
J. BORRELL FONTELLES
Kontseiluaren izenean,
Presidentea
H. WINKLER
ERANSKINA
1. ZATIA
70/156/EEE Zuzentarauan honako aldaketa hauek egin dira: 1) IV. eranskinean, I. zatian, 61. paragrafo berria eta honako ohar hau gehitu dira:
(8) N1 kategoriako (1. mota) ibilgailuetarako soilik, 70/220/EEE Zuzentarauaren eranskinaren 5.3.1.4. paragrafoko lehenengo taulan deskribatu bezala; Zuzentarau hori, zehazki, 98/69/EE Zuzentarauaren bidez sartu da»
2)XI. eranskinean honako aldaketa hauek egin dira:
a) I. gehigarrian 61. paragrafoa gehitu da; honako hau, hain zuzen:
c)
3. gehigarrian 61. paragrafoa gehitu da; honako hau, hain zuzen:
d)«Idatz-zatien esanahia» atalean honako idatz-zati hau sartu da:
«WN1 kategoriako (1. mota) ibilgailuetarako soilik, 70/220/EEE Zuzentarauaren I. eranskinaren 5.3.1.4. paragrafoko lehenengo taulan deskribatu bezala; Zuzentarau hori, zehazki, 98/69/EE Zuzentarauaren bidez sartu da».
2. ZATIA
Prestakin batek atmosfera berotzeko duen ahalmena (PCA) kalkulatzeko metodoa
Atmosfera berotzeko duen guztirako ahalmena batez besteko haztatua da, honen batura, hain zuzen: substantziaren zatia (pisuan adierazita) bider haren PCA gehi beste substantziaren zatia bider haren PCA gehi...
Σ (X Substantziaren %
× PCA) + (Y Substantziaren % × PCA) + … (N Substantziaren % × PCA)
% pisuaren araberako ekarpena da, eta pisu-tolerantzia honako hau da: +/– %1.
Adibidez, formula hori gas trinkoen nahaste teoriko honi aplikatzean: %23 HFC-32; %25 HFC-125 eta %52 HFC-134a:
Σ (23 %
× 550) + (25 % × 3 400) + (52 % × 1 300)
→ PCA guztira=1 652,5.
OHARRAK:
EO C 108, 2004.4.30ekoa, 62. or.
Europako Parlamentuaren irizpena, 2004ko martxoaren 31koa (EO C 103 E, 2004.4.29, 600. or.), Kontseiluaren Jarrera Bateratua, 2005eko ekainaren 21ekoa (EO C 183 E, 2005.7.26, 17. or.) eta Europako Parlamentuaren Jarrera, 2005eko urriaren 26koa (Egunkari Ofizialean oraindik ere argitaratu gabea). Europako Parlamentuaren legegintzako ebazpena, 2006ko apirilaren 6koa eta Kontseiluaren Erabakia, 2006ko apirilaren 25ekoa.
EO L 130, 2002.5.15ekoa, 1.or.
Ikus Egunkari Ofizial honen 1. orrialdea.
EO L 184, 1999.7.17koa, 23. or.
EO L 42, 1970.2.23koa, 1.or.Azken buruan Batzordearen 2006/28/EE Zuzentarauak aldatutako zuzentaraua (EO L 65, 2006.3.7koa, 27. or.).
EO C 321, 2003.12.31koa, 1. or.
EO L 76, 1970.4.6koa, 1.or. Azken buruan, Batzordearen 2003/76/EE Zuzentarauak aldatutako zuzentaraua (EO L 206, 2003.8.15ekoa, 29. or.).
EO L 350, 1998.12.28koa, 1.or.
EO L 244, 2000.9.29koa, 1.or. Azken buruan, Batzordearen 29/2006 (EE) Erregelamenduak aldatutako Erregelamendua (EO L 6, 2006.1.11koa, 27.or.).
IPCCk klima aldaketari buruz egindako hirugarren Ebaluazio Txostena, 2001ekoa. Gobernu arteko Taldeko Adituek klima aldaketari buruz egindako txostena (http://www.ipcc.ch/pub/reports.htm).
Prestakinetan dagoen berotegi-efektuko gas ez fluoratuen PCA kalkulatzeko, IPCCren lehenengo Ebaluazio Txostenean argitaratutako balioak aplikatuko dira; ikus: Climate Change, The IPCC Scientific Assessment, J.T. Houghton, G.J. Jenkins, J.J. Ephraums (ed.), Cambridge University Press, Cambridge (RU) 1990.
EO L 204, 1998.7.21ekoa, 37.or. Azken buruan, 2003ko Atxikitze-aktak aldatutako zuzentaraua.