1/2012 Errege Lege Dekretua, energia elektrikoa kogeneraziotik, energia berriztagarriko iturrietatik eta hondakinetatik sortzeko instalazio berrietarako ordainsariak aurrez esleitzeko prozedurak eten eta pizgarriak kentzen dituena

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

1/2012 Errege Lege Dekretua, urtarrilaren 27koa, energia elektrikoa kogeneraziotik, energia berriztagarriko iturrietatik eta hondakinetatik sortzeko instalazio berrietarako ordainsariak aurrez esleitzeko prozedurak eten eta pizgarriak kentzen dituena.

ZIOEN AZALPENA

Erregimen berezian bildutako teknologiek azken urteetan izan duten hazkundeak ahalbidetu du 2010ean erraz gainditzea 2005-2010 aldirako Energia Berriztagarrien Planean teknologia eolikorako eta, bereziki, eguzki-teknologia termoelektrikoetarako eta eguzki-teknologia fotovoltaikorako aurreikusitako potentzia instalatuaren helburuak.

Hala ere, garapen handi horrek kritikarik ere merezi du. Helburuak gainditzeak agerian utzi du ekoizpen-kostuen eta primen balioaren artean desoreka dagoela eta horrek sistemaren gainkostua handitzea eragiten duela; izan ere, 2010ean 2.000 milioi baino gehiagokoa zen eguzki-teknologietarako primetan eta kopuru hori 2.000 milioi euro handituko da urtean, 2014tik aurrera.

Apirilaren 30eko 6/2009 Errege Lege Dekretuak, energia-sektoreko zenbait neurri hartu eta gizarte-bonua onartzekoak, tarifa-defizitaren –alegia, garraio-sareetarako sarbide-ordainsarien eta energia elektrikoa banatzearen eta elektrizitatearen sektoreko jarduera arautuen kostuen arteko diferentziaren– hazkundeari mugak ezarri zizkion. Horrela, errege lege-dekretu horrek ezartzen du, 2013tik aurrera, sarbideko ordainsariek nahikoak izan behar dutela araututako jarduera guztien kostuak estaltzeko, ondorioz, momentu horretatik aurrera tarifa-defizitik egon ez dadin.

Ondoren, eta bat-batean agertutako egoera batzuen ondorioz –besteak beste, 2010ean eskaerak nabarmen egitea behera eta iturri berriztagarrietatik sortutako ekoizpen elektrikoak gora egitea eguraldiaren ondorioz, eragin nabarmena izan baitzuen elektrizitate-sistemaren tarifa-defizitaren aurreikuspen-parametroen gainean–, urgentziazko neurri berriak hartu ziren 14/2010 Errege Lege Dekretuan, elektrizitate-sistemaren tarifa-defizit hori zuzentzeko.

Hala eta guztiz ere, orain arte hartutako neurriak ez dira nahikoak, arriskuan jartzen dute 2013tik aurrera tarifa-defizita desagerrarazteko azken helburua.

Tarifa-defizita bere horretan oztopo bat da sektore guztiak garapen egokia izan dezan eta, bereziki, energia-iturri berriztagarrietatik eta efizientzia handikoetatik sortutako elektrizitate-ekoizpena sustatzeko politikekin jarraitzeko.

Bestalde, berriki onartutako Energia Berriztagarrien Planean bildutako 2020rako potentzia-helburuek Gobernuari aukera zabala ematen diote energia elektrikoa iturri berriztagarrietatik ekoizteko instalazioen ezarpenaren hemendik aurrerako joera finkatzeko.

Gaineratu behar da orain instalatutako sorkuntza-gaitasuna nahikoa dela datozen urteetarako aurreikusitako eskaerari erantzuteko.

Hartara, orain ez da ezinbestekoa teknologia horiek ezartzearen gaineko urteko tasekin jarraitzea, hamarkadaren amaieran aurreikusitako helburuak bete ahal izateko.

Egoera ekonomiko eta finantzario konplexuaren ondorioz, komeni da instalazio horiek eraikitzeko pizgarriak kentzea, aldi baterako, gutxienez, sistema elektrikoaren iraunkortasun ekonomikoa arriskuan jartzen duen arazo nagusia konpondu bitarte, alegia, sistema elektrikoaren tarifa-defizita konpondu bitarte.

Neurri horiek bat datoz gure ekonomiak berriz ere hazteko joera hartzeko gauzatzen ari diren doitze-neurriekin.

Bestalde, sorkuntza banatuko ereduak geroz eta garrantzi handiagoa du, teknologia horien ekoizpen-kostuak kontsumo-kostuetara hurbildu direlako eskala txikieneko segmentuetan. Horrela bada, arautzen ari diren elektrizitatearen balantze garbia deitutakoa ahalbidetzeko prozedura aukera ona da energia elektrikoaren autokontsumoa sustatzearen bidez instalazio txikiak garatzeko.

Ordainsari-eredu berria diseinatu behar da horrelako teknologietarako, kontuan izan dezan egoera ekonomiko berria, merkatu-bitartekoen bidez baliabideen esleipen eraginkorra egin dadin sustatuta. Horrela, kontua da etorkizunerako merkatuaren lehiakortasuna lagunduko duen sistema bat egituratzea, Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan erabiltzen diren eta sistemaren etorkizuneko bideragarritasuna bermatuko duten tresnak erabilita.

Halaber, esparru berriek kostu-murrizketa sustatu beharko dute, ikaskuntza-kurbaren malda aprobetxatuta eta teknologiaren zahartzapena atzematen lagunduta, horiek kontsumitzaileengana itzul daitezen.

Adierazitakoaren arabera, egokitzat jo da erregimen bereziko zenbait instalazio eta teknologia bereko eta erregimen arrunteko zenbait instalazio sustatzeko erregimen ekonomikoak kentzea, bai eta horietarako ordainsariak aurrez esleitzeko prozedura kentzea ere, sistema elektrikoaren tarifa-defizita altua izatearen arazoa ingurune egokiagoan konpondu ahal izateko. Neurri hori hartzeko, Gobernuak erabaki du irismena oraindik ere ordainsariak aurrez esleitzeko erregistroan inskribatu ez diren erregimen bereziko instalazioetara mugatzea, egoera hori Administrazioak ebazteko epea ez betetzearen ondorio den kasuak salbuetsita. Ildo berean, aurrez esleitzeko tresnaren mende ez dauden erregimen arrunteko instalazioei dagokienez, erabaki da neurriaren irismena mugatzea eta horren eraginpetik kanpo uztea jada burututako inbertsioak.

Neurri hori urgentziaz hartu behar da. Oraintxe, ebazteke daude 2012ko aurreko esleipen fotovoltaikoko lau deialdiak, 550 MW inguruko potentziakoak. Izan ere, neurri hori ohiko bidetik izapidetzea luze joango litzateke eta, ondorioz, 550 MW fotovoltaiko gehigarriko sisteman sartzea eta helburuak bete ez dituzten teknologietarako –kogenerazioa, biomasa, biogasa, hidraulikoa eta hondakinak– erakargarria izateko arriskua eragingo luke.

Errege lege-dekretu honek funtzionamenduan dauden instalazioetarako eta ordainsariak aurrez esleitzeko erregistroan inskribatuta dauden instalazioetarako ordenamendu juridikoan ezarritako ordainsari-erregimena mantentzen du.

Horren arabera, Konstituzioaren 86. artikuluko baimenaz baliatuta, Industria, Energia eta Turismoko ministroaren proposamenez eta Ministro Kontseiluak 2012ko urtarrilaren 27an eztabaidatuta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua. Xedea.

Errege lege-dekretu honen xedea da:

a) Energia elektrikoa erregimen berezian ekoizteko instalazioetarako eta 2.1 artikuluan zehazten diren erregimen berezikoen pareko teknologiak erabiltzen dituzten erregimen arrunteko instalazioetarako pizgarriak kentzea.

b) Erregimen ekonomiko nagusia esleitzeko ordainsariak aurrez esleitzeko prozedura etetea.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Errege lege-dekretu hau honako instalazio hauei aplikatu beharko zaie:

a) Errege lege-dekretu hau indarrean sartzerakoan energia-sektorerako zenbait neurri hartu eta bono soziala onartzen duen apirilaren 30eko 6/2009 Errege Lege Dekretuaren 4.1 artikuluan aurreikusitako ordainsaria aurrez esleitzeko erregistroan inskribatuta ez dauden erregimen bereziko instalazioak.

b) Errege lege-dekretu hau indarrean sartzerakoan irailaren 26ko 1578/2008 Errege Dekretuaren 4.1 artikuluan aurreikusitako ordainsariak aurrez esleitzeko erregistroan inskribatuta ez dauden erregimen bereziko instalazioak, teknologia fotovoltaikoa erabiltzen dutenak; errege-dekretu horrek energia elektrikoa sortzeko jardueren ordainsariak ezartzen ditu, hura eguzki-teknologia fotovoltaikodun instalazioen bidez sortu denean, maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuak teknologia horretarako ezartzen dituen ordainsarien amaierako data igaro ondoren.

c) Errege lege-dekretu hau indarrean sartzerakoan Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren administrazio-baimenik ez zuten erregimen arrunteko instalazioak.

2. Errege lege-dekretu hau ez zaie aplikatuko ordainsaria aurrez esleitzeko erregistroan inskribatzeko eskaera aurkeztu duten erregimen bereziko instalazioei, eskaera hori ebazteko epea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluaren 2 eta 3. paragrafoetan aurreikusitakoaren arabera, iraungi bada dekretu hau indarrean sartzerakoan.

3. artikulua. Instalazio berrietarako pizgarri ekonomikoak kentzea.

1. Energia elektrikoa erregimen berezian sortzeko jarduera arautzen duen maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuan aurreikusitako tarifa arautu, prima eta mugen balioak kentzen dira errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuan dauden instalazio guztietarako.

2. Efizientziagatiko eta energia erreaktiboagatiko osagarriak kentzen dira errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuan dauden instalazio guztietarako. Osagarri horiek maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren 28 eta 29. artikuluetan arautzen dira, hurrenez hurren.

3. Artikulu honen 1 eta 2. paragrafoetan aurreikusitakoaren kalterik gabe, Gobernuak berariazko erregimen ekonomikoak arauz ezarri ahal izango ditu erregimen bereziko zenbait instalaziorentzat, bai eta berariazko erregimen ekonomikoa izateko eskubidea eta, hala badagokio, sektore elektrikoari buruzko azaroaren 23ko 54/1997 Legearen 30. artikuluaren 1 eta 2. paragrafoetan araututako betebehar eta eskubideak ere, energia elektrikoa kogenerazio bidez edo lehen mailako energia, energia berriztagarri ez-kontsumigarriak edo ez-hidraulikoa, biomasa, bioerregaiak edo nekazaritzako, abeltzaintzako edo zerbitzuetako hondakinak erabilita ekoizteko instalazioetarako, nahiz eta energia elektrikoa ekoizteko instalazioek 50 MW baino gehiagoko potentzia instalatua izan.

Berariazko erregimen ekonomikoak zehazteko, kontuan izan ahalko dira honako hauek: potentzia instalatua, energia zein tentsio-mailatan ematen den sarera, ingurumena hobetzen, lehen mailako energia aurrezten eta energia efizientzia lortzen laguntzen duen, ekonomikoki justifikagarriak diren bero erabilgarriaren sorkuntza eta inbertsioko eta eragiketako gastuak, erabilitako lehen mailako energia-mota; betiere, kontuan izanda kapital-merkatuetan diruak duen kostuarekiko arrazoizko errentagarritasun-tasak.

4. artikulua. Ordainsaria aurrez esleitzeko prozedura etetea.

1. Etenda geratzen da errege lege-dekretu honen esparruko instalazioak apirilaren 30eko 6/2009 Errege Lege Dekretuaren 4.1 artikuluan aurreikusitako ordainsariak aurrez esleitzeko erregistroan inskribatzeko prozedura.

2. Etenda geratzen da 2012ko deialdietara aurkeztu diren teknologia fotovoltaikoko instalazioen eskaerak irailaren 26ko 1578/2008 Errege Dekretuaren 4.1 artikuluan aurreikusitako aurreko esleipeneko erregistroan inskribatzeko prozedura.

Halaber, eraginik gabe geratzen dira aurreko esleipenerako 2012ko eta hurrengo urteetarako deialdiak.

3. Errege lege-dekretu honen aplikazio-eremuan bildutako ordainsariak aurrez esleitzeko erregistroan inskribatzeko eskaera ebatzi gabe duten erregimen bereziko instalazioen titularrek, dekretua indarrean sartu ondorengo bi hilabeteko epean, erregistro horretako inskripzioan atzera egin ahal izango dute, bai eta sarerako sarbide-eskaeran ere, jarritako bermeak itzultzeko eskatuz, energia elektrikoa garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko jardunbideak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 59 bis eta 66 bis artikuluetan, irailaren 26ko 1578/2008 Errege Dekretuaren 9. artikuluan eta apirilaren 30eko 6/2009 Errege Lege Dekretuaren 4.3.i artikuluan xedatutakoaren arabera; atzera egite horien ondorioz ez dira berme horiek gauzatuko.

4. Artikulu honen 1 eta 2. paragrafoetan aurreikusitakoaren kalterik gabe, Gobernuak arauz berrezarri ahal izango du ordainsariak aurrez esleitzeko erregistroko inskripzioa, energiaren testuinguruak hala eskatzen duenean.

Xedapen gehigarri bakarra. Erregimen bereziko instalazioetarako jarritako bermeak itzultzea, ordainsariak aurrez esleitzeko erregistroan inskribatu badira eta bermeak ez badira gauzatuko.

Ordainsariak aurrez esleitzeko erregistroan inskribatutako erregimen bereziko instalazioetako titularrek, instalazioa ez gauzatzea erabakitzen dutenek, errege lege-dekretu hau indarrean sartu eta bi hilabeteko epean –betiere behin betiko inskripziorako eta energia saltzeko epea iraungi ez bada– ordainsariak aurrez esleitzeko erregistroko inskripzioari uko egin ahal izango diote eta horrek ez du eragingo bermeak gauzatzerik, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 59 bis eta 66 bis artikuluen, irailaren 26ko 1578/2008 Errege Dekretuaren 9. artikuluaren eta apirilaren 30eko 9/2009 Errege Lege Dekretuaren 4.3.i artikuluaren arabera.

Xedapen iragankor bakarra. Errege lege-dekretu hau indarrean sartu aurretik aldaketa nabarmen bat burutzeko administrazio-baimena lortu duten instalazioak.

Maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren 4. paragrafoaren eta 4 bis artikuluaren indargabetzea, xedapen indargabetzaile bakarrean aurreikusitakoa, ez zaie aplikatuko instalazioa nabarmen aldatzeko administrazio-baimena, maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren 4. artikuluan araututako baldintzetan, errege lege-dekretu hau indarrean sartu aurretik lortu duten instalazioei.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arau-indargabetzea.

Indargabetuta geratzen dira maiatzaren 25eko 661/2007 Errege Dekretuaren 4. artikuluaren 4. paragrafoa eta 4 bis artikulua, bai eta errege lege-dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoa dioen maila bereko edo txikiagoko beste edozein xedapen ere.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua.

Errege lege-dekretu honetan ezarritakoa oinarrizkoa da, Konstituzio Espainolaren 149.1.13 eta 25 artikuluen arabera Estatuari dagozkion eskumenen baitan; 149. artikuluaren lerrokada horiek Estatuari esleitzen diote jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarriak eta koordinazioa eta meatzeen eta energiaren erregimenaren oinarriak zehazteko eskumen esklusiboa, hurrenez hurren.

Azken xedapenetatik bigarrena. Araugintzako gaikuntza eta arau-garapena.

Gobernuari baimena ematen zaio, bere eskumenen baitan, errege lege-dekretu hau garatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetatik hirugarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Madrilen egina, 2012ko urtarrilaren 27an.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

euskal legezalea