Aberrigabetasun kasuak gutxitzeko Konbentzioa

Euslege

Aberri gabetasun kasuak gutxitzeko Konbentzioa

Ahalguztidunen Konferentziak, 1959an eta berriz 1961ean bildu zenak onetsia 1961eko abuztuaren 30ean, 1954ko abenduaren 4ko Biltzar Orokorraren 896 (IX) ebazpena betetzeko

Indarrean jartzea: 1975eko abenduaren 13an, 18. artikuluarekin bat etorriz.

Estatu kontratugileek,

Jardunez 1954ko abenduaren 4an Nazio Batuen Biltzar Orokorrak onetsitako 896 (IX) ebazpena betetzeko, eta

Kontuan harturik onuragarria dela aberri gabetasun kasuak gutxitzea nazioarteko erabakiaren bitartez,

Hurrengoa hitzartu dute:

1. artikulua

1. Estatu kontratugile guztiek emango diote naziotasuna bere lurraldean jaiotako pertsona orori, bestela pertsona hori aberrigabe izango litzateke. Naziotasuna emango da:

a) Eskubide osoz, jaiotzen den unean, edo

b) Interesdunak edo bere izenean beste batek agintari eskudunari halakoa eskatzen dionean, kasuan kasuko estatuaren legeriak agindutakoaren arabera. Artikulu honen 2. paragrafoan xedatutakoa salbu, eskabideari ezin izango zaio uko egin.

Estatu kontratugile orok, bere legearen arabera, naziotasuna eskabidearen bitartez ematea aurreikusten duenean, naziotasuna eskubide osoz eman ahal izango du, nazio-legeriak agindutako adin eta baldintzetan.

2. Estatu kontratugile orok, artikulu honen 1. paragrafoaren b atalaren arabera, jarri dezake naziotasuna ematea ondorengo baldintzetako baten edo gehiagoren mende:

a) Eskabidea aurkeztea estatu kontratugileak finkatutako aldian, aldi hori beranduen jota ere, 18 urterekin hasiko da eta ezin izango da bukatu 21 urte baino lehenago. Hainbatez, interesdunak gutxienez urtebeteko epea izango du eskabidea egiteko, bere kabuz eta inolako gaikuntzarik gabe.

b) Interesdunak ohiko bizilekua nazio-lurraldean izatea, estatuak finkatutako aldian; hala eta guztiz ere, ezin zaio eskatu, orotara 10 urte baino gehiago bertan bizitzea, ezta eskabidea aurkeztu baino aurreko aldiak bost urte gainditzea ere;

c) Interesdunak zigorrik jaso ez izana nazio-segurtasunaren aurka egindako delitu batengatik, ezta bost urte edo gehiagorako espetxealdia, egintza kriminal batengatik;

d) Interesdunak naziotasunen bat eskuratu ez izana jaiotzean edo geroko batean.

3. Artikulu honen 1. paragrafoko b atalean eta 2. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, estatu kontratugile baten lurraldean, ezkontzaren barruan jaiotako seme-alabek, amak estatu horren naziotasuna duenean, aipatu estatuko naziotasuna izango dute jaiotzen diren unetik beretik, bestela pertsona hori aberrigabe izango bailitzateke.

4. Estatu kontratugile orok emango dio bere naziotasuna bestela aberrigabea izango litzatekeen pertsonari, horrek ezin izan badu hartu jaio den estatu kontratugilearen naziotasuna, eskabidea egiteko finkatutako adina gainditu duelako edota eskatutako bizileku-baldintzak bete ez dituelako; hori guztiori interesduna jaiotzen den unean gurasoetako batek lehenik aipatu estatu kontratugilearen naziotasuna badu. Pertsona jaiotzen den unean, gurasoek ez badute naziotasun berbera, zein estatu kontratugileen naziotasuna eskatu eta estatu horren legeriak zehaztuko du pertsona horrek aitaren edo amaren naziotasuna izango duen. Horrela zehaztutako naziotasuna eskabidearen bitartez ematen bada, orduan eskabidea pertsona interesdunak edo bere izenean diharduenak aurkeztu beharko du agintari eskudunaren aurrean, estatu kontratugilearen legeriak agindutakoaren arabera.

5. Estatu kontratugile orok, artikulu honen 4. paragrafoaren arabera, jarri dezake naziotasuna ematea ondorengo baldintzetako baten edo gehiagoren mende:

a) Interesdunak eskabidea aurkeztea estatu kontratugileak zehaztutako adina baino lehen, adin hori ezin izango da 23 urte baino gutxiagokoa izan;

b) Interesdunak ohiko bizilekua estatu kontratugilearen lurraldean eskabidea aurkeztu aurretiko aldian izatea, estatu horrek zehazten duela aldi hori; halaber, ezin izango da eskatu aldi hori hiru urtekoa baino gehiagokoa izatea;

c) Interesdunak naziotasunen bat eskuratu ez izana jaiotzean edo geroko batean.

2. artikulua

Aurkako frogarik izan ezean, uste izango da estatu kontratugilearen lurraldean aurkitutako haurrak, guraso ezagunik ez dutenak, lurralde horretan jaio direla, estatu horren naziotasuna duten gurasoek sorturik.

3. artikulua

Konbentzio honen estatu kontratugileen betebeharrak zehazteko, ontzi edo aireontzi batean jaiotzea, kasu bakoitzaren arabera, ontziak zein estatuko bandera izan edota aireontzia zein estatutan matrikulatuta egon eta estatu horren lurraldean jaiotzea bezala hartuko da.

4. artikulua

1. Estatu kontratugile orok emango dio bere naziotasuna, bertako lurraldean jaio ez den pertsonari, bestela pertsona hori aberrigabe izango bailitzateke, baldin eta interesduna jaio zen unean gurasoetako batek lehenik aipatu estatuko naziotasuna bazuen. Pertsona jaio den unean, gurasoek ez bazuten naziotasun berbera, estatu kontratugile horren legeriak zehaztuko du pertsona horrek aitaren edo amaren naziotasuna izango duen. Paragrafo honek aipatu naziotasuna emango da:

a) Eskubide osoz, jaiotzen den unean, edo

b) Interesdunak edo bere izenean beste batek agintari eskudunari halakoa eskatzen dionean, kasuan kasuko estatuaren legeriak agindutakoaren arabera. Artikulu honen 2. paragrafoan xedatutakoa salbu, eskabideari ezin izango zaio uko egin

2. Estatu kontratugile orok, artikulu honen 1. paragrafoaren b atalaren arabera, jarri dezake naziotasuna ematea ondorengo baldintzetako baten edo gehiagoren mende:

a) Interesdunak eskabidea aurkeztea estatu kontratugileak zehaztutako adina baino lehen, adin hori ezin izango da 23 urte baino gutxiagokoa izan;

b) Interesdunak ohiko bizilekua estatu kontratugilearen lurraldean eskabidea aurkeztu aurretiko aldian izatea, estatu horrek zehazten duela aldi hori; halaber, ezin izango da eskatu aldi hori hiru urtekoa baino gehiagokoa izatea;

c) Interesdunak zigorrik jaso ez izana nazio-segurtasunaren aurka egindako delitu batengatik;

d) Interesdunak naziotasunen bat eskuratu ez izana jaiotzean edo geroko batean.

5. artikulua

1. Estatu kontratugile baten legeriak aurreikusten badu naziotasuna galtzea egoera zibilaren aldaketaren baten ondorioz, dela ezkontza, dela ezkontza desegitea, dela legitimazioa, dela aitortza edo adopzioa, galera hori beste estatuaren naziotasuna izatearen edo hartzearen mende geratuko da.

2. Seme-alaba naturalak, estatu kontratugile baten legeriarekin bat etorriz, estatu horren naziotasuna galtzen badu seme-alabatasunari buruzko aitorpenaren ondorioz, naziotasuna berreskuratzeko aukera emango zaio horri, agintari eskudunaren aurrean egindako eskabidearen bitartez; eskabide horrek ezin izango du konbentzio honen 1. artikuluaren 2. paragrafoan zehaztutako baldintzak baino zorrotzagoa izan.

6. artikulua

Estatu kontratugilearen legeriak aurreikusten badu pertsona batek naziotasuna galtzen duenean edo pertsona horri halakoa ukatzen zaionean, berarekin batera ezkontideak edo seme-alabek ere galduko dutela naziotasun hori, orduan azken horien naziotasunaren galera, beste naziotasun bat eduki edo eskuratzearen mende geratuko da.

7. artikulua

1. a) Estatu kontratugilearen legeriak aurreikusten badu naziotasunari uko egitea, uko egite hori eraginkorra izango da bakar-bakarrik interesdunak beste naziotasun bat duenean edo eskuratzen duenean;

b) Paragrafo honen a atalaren xedapena ez da aplikatuko bateragarria ez bada Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 13 eta 14. artikuluetan aipatu printzipioekin, adierazpen hori Nazio Batuen Biltzar Orokorrak 1948ko abenduaren 10ean onetsi zuela.

2. Estatu kontratugilearen nazional batek eskatzen badu herrialde atzerritar batean bertakotzea, horrek ez dio ekarriko bere naziotasunaren galera, herrialde horren naziotasuna eskuratzen ez badu edo halakoa eskuratuko duen ziurtasuna eman ez bazaio.

3. Artikulu honen 4 eta 5. paragrafoetan xedatutakoa salbu, estatu kontratugilearen nazional batek ezin izango du naziotasunik galdu, halakoa galduz gero aberrigabe bihurtzen bada, zein herrialdetako naziotasuna izan eta herrialde hori abandonatzearren, atzerrian bizi izatearren, kasuan kasuko erregistroan ez inskribatzearren edota antzeko beste edozein arrazoi dela bide.

4. Bertaratutakoek, atzerrian bizi badira, galdu dezakete naziotasuna estatu kontratugilearen legeriak finkatutako aldian; aldi hori ondoz ondoko zazpi urte baino gutxiagokoa ezin da izan, agintari eskudunei ez badiete adierazten naziotasuna gordetzeko asmoa.

5. Estatu kontratugile baten lurraldetik kanpo jaiotako nazionalen kasuan, estatuaren legeriak, interesdunak adin nagusitasuna lortu eta urte betera, naziotasuna gordetzea jar dezake hurrengoen mendean: edo, une horretan bertan estatuaren lurraldean bizileku izatea, edo, kasuan kasuko erregistroan inskribatuta egotea.

6. Artikulu honetan aipatu kasuak salbu, pertsona batek ez du estatu kontratugile baten naziotasunik galduko, galera horrek aberrigabe bihurtzen badu, nahiz eta galera horretarako berariazko debekurik ez barruratu, konbentzio honen xedapenetatik batek berak ere.

8. artikulua

1. Estatu kontratugileek ez diote euren naziotasuna inori kenduko, kentze horrek aberrigabe bihurtzen badu pertsona hori.

2. Artikulu honen 1. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, pertsona bati kendu ahal izango zaio estatu kontratugile baten naziotasuna:

a) Naziotasuna galtzea agindu daitekeen kasuetan, 7. artikuluaren 4. eta 5. paragrafoen arabera;

b) Naziotasuna adierazpen faltsu baten edo iruzurraren bidez lortu denean.

3. Artikulu honen 1. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, estatu kontratugileek ahalmena dute pertsona bati naziotasuna kentzeko, halakoa sinatu, berretsi edo atxikitzen duten unean estatuok zehazten badute ahalmen hori gordetzen dutela ondorengo arrazoietatik bat edo batzuengatik, betiere, une horretan nazio-legeriak arrazoi horiek aurreikusten baditu:

a) Estatu kontratugileari zor zaion leialtasunarekin bateragarriak ez diren baldintzetan, pertsonak,

i) Beste estatu bati zerbitzuak eman eta ematen jarraitu duenean, beste estatutik dirua jaso edo jasotzen jarraitu duenean, estatu kontratugileak beren-beregi halakoa egitea debekatu badu ere, edo

ii) Estatuaren oinarrizko interesei begira, oso modu kaltegarrian jokatu izan badu;

b) Pertsonak leialtasun-zina edo leialtasun-adierazpen formala egin badio beste estatu bati, edota erakutsi badu, froga erabakigarriak emanez, estatu kontratugileari zor zaion leialtasunari uko egitea.

4. Estatu kontratugileek bakar-bakarrik egikarituko dute pertsona bati naziotasuna kentzeko duen ahalmena, artikulu honen 2 edo 3. paragrafoetan zehaztutako baldintzetan, eta legearekin bat etorriz; bestalde, legeak berak emango dio interesdunari baliabide guztiak erabiltzeko aukera, auzitegi edo beste edozein organo independenteren aurrean bere defentsan jarduteko.

9. artikulua

Estatu kontratugileek ezin izango diote inori naziotasuna kendu, ezta pertsona-talde bati ere, arraza-, etnia- erlijio- edota politika-arrazoiengatik.

10. artikulua

1. Estatu kontratugileen artean lurralde baten transferentzia xedatzen duen tratatu orok barruratuko ditu xedapen egokiak, aipatu transferentziaren ondorioz, inor ere ez dadila aberrigabe bihurtu. Estatu kontratugileek ahalik eta ahalegin handiena egingo dute ziurtatzeko, zer eta, aipatu xedapenak egon daitezela, izaera bereko tratatu guztietan, tratatu horiek egiten direnean konbentzio honen alderdi ez den estatu batekin.

2. Halako xedapenik egon ezean, zein estatu kontratugileri eman lurraldea edota estatu horrek lurralde bat beste modu batean eskuratu badu, estatu horrek bere naziotasuna emango die, bestela aberrigabe bihur daitezkeen pertsonei, aipatu lurralde-transferentziaren edo -eskuratzearen ondorioz.

11. artikulua

Estatu kontratugileek konpromisoa hartzen dute, seigarren berrespen- edo atxikimendu-instrumentua gordailutu eta ahalik eta lasterren, Nazio Batuen inguruan erakunde bat sortzeko; erakunde horretara jo dezakete, euren ustez konbentzioaren bidez babestuak izateko eskubidea duten pertsonek, eta erakundeak aztertuko du euren uzia eta lagunduko die halakoei uzia aurkezten agintari eskudunen aurrean.

12. artikulua

1. Estatu kontratugile batek, Konbentzio honen 1. artikuluaren 1. paragrafoaren edo 4. artikuluaren arabera, pertsona bati ez badio ematen naziotasunik zuzenbide osoz, pertsona jaiotzen den unean, xedapenetatik bata edo bestea, kasuaren arabera, aplikatuko zaie konbentzio hau indarrean jarri den data baino lehen nahiz geroago jaiotako pertsonei.

2. Konbentzio honen 1. artikuluaren 4. paragrafoa aplikatuko zaie konbentzio hau indarrean jarri den data baino lehen nahiz geroago jaiotako pertsonei.

3. Konbentzio honen 2. artikulua bakar-bakarrik guraso ezagunik gabeko haurrei aplikatuko zaie, hain zuzen ere, estatu kontratugile baten lurraldean aurkitzen diren horiei, estatu horrentzat konbentzio hau indarrean jarri den datatik aurrera.

13. artikulua

Konbentzio honetan ezarritako deus ere ez da eragozpenik izango noiz eta, aberri gabetasun kasuak gutxitzeko estatu kontratugileetan indarrean dagoen edo indarrean jar daitekeen nazio-legeriaren xedapen onuragarrienak aplikatzeko orduan, edota bi estatu kontratugile edo gehiagoren artean indarrean dagoen edo indarrean jar daitekeen beste edozein tratatu, konbentzio edo akordio aplikatzeko orduan.

14. artikulua

Konbentzioaren interpretazioari edo aplikazioari dagokionez, estatu kontratugileen artean sortzen den eztabaida oro Justiziaren Nazioarteko Gortearen mende utziko da, eztabaidan alderdi den edozeinek hala eskatuta, betiere, eztabaida beste baliabide batzuen bidez konpondu ezin bada.

15. artikulua

1. Konbentzio hau aplikatuko zaie autonomoak ez diren lurraldeei, zainpeko lurraldeei, koloniei eta gainerako lurralde ez metropolitarrei, horien nazioarteko harremanen ardura edozein estatu kontratugilek badu; estatu kontratugile interesdunak, sinadura-, berrespen- edo atxikimendu-unean, eta artikulu honen 2. paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, adierazi beharko du zein lurraldetan edo ez metropolitar lurraldetan aplikatuko den ipso facto Konbentzioa, aipatu sinadura, berrespen edo atxikimenduaren ondorioz.

2. Naziotasun ondorioetarako, lurralde ez metropolitarra hartzen ez denean lurralde metropolitarraren osagaitzat, edo estatu kontratugile edo lurralde ez metropolitarraren legeen edo konstituzio egineren arabera, lurralde ez metropolitarraren adostasuna behar denean konbentzioa lurralde horretan aplikatzeko, orduan estatu kontratugilea saiatuko da lurralde ez metropolitarraren beharrezko adostasuna lortzen, estatu kontratugileak konbentzioa sinatu eta hamabi hilabeteko epean, eta adostasun hori lortu eta gero, estatu kontratugileak Nazio Batuen Idazkari Nagusiari emango dio horren berri. Konbentzioa jakinarazpen horretan aipatu lurraldeari edo lurraldeei aplikatuko zaie, Idazkari Nagusiak jakinarazpena jasotzen duen datatik aurrera.

3. Artikulu honen 2. paragrafoan aipatu 12 hilabeteko epea agortu ondoren, estatu kontratugile interesdunek zein lurralde ez metropolitarren nazioarteko harremanen ardura izan eta lurralde horietan egindako kontsulten emaitzak jakinaraziko dizkie Idazkari Nagusiari, lurralde horien adostasunaren zain dagoenean konbentzio hau aplikatzea.

16. artikulua

1. Konbentzio hau Nazio Batuen egoitzan sinatu ahal izango da, 1961eko abuztuaren 30etik 1962ko maiatzaren 31ra arte.

2. Konbentzio hau sinatu ahal izango dute:

a) Nazio Batuen estatu kide guztiek;

b) Etorkizunean aberri gabetasuna ezabatzeko edo gutxitzeko Nazio Batuen Konferentziara gonbidatutako edozein estatuk;

c) Nazio Batuen Biltzar Orokorrak, konbentzioaren sinadura edo atxikimenduaren ondorioetarako, zein estaturi gonbitea egin eta estatu horrek.

3. Konbentzio hau berretsi egingo da eta berrespen-instrumentuak Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utziko dira, horrek gordailu ditzan.

4. Artikulu honen 2. paragrafoak aipatu estatuek eman diezaiokete atxikimendua Konbentzio honi. Atxikimendua gauzatuko da atxikimendu-instrumentua Nazio Batuen Idazkari Nagusiaren esku utzita, horrek gordailu dezan.

17. artikulua

1. Sinadura-, berrespen- edo atxikimendu-unean, estatu orok erreserbak egin ditzake 11, 14 eta 15. artikuluei buruz.

2. Ezin izango zaio egin beste inolako erreserbarik Konbentzio honi.

18. artikulua

1. Hitzarmen hau indarrean jarriko da berrespen- edo atxikimendu-instrumentuetatik seigarrena zein datatan gordailutu eta bi urte geroago.

2. Konbentzio honi, berrespen- edo atxikimendu-instrumentuetatik seigarrena gordailutu eta gero, berrespen edo atxikimendua ematen duen estatu ororentzat, konbentzio hau indarrean jarriko da estatu horrek berrespen- edo atxikimendu-instrumentua gordailutu eta laurogeita hamar egun geroago, edo konbentzioa indarren jartzen den egunean, artikulu honen 1. paragrafoarekin bat etorriz, azken data hau geroagokoa bada.

19. artikulua

1. Estatu kontratugile orok salatu ahal izango du konbentzio hau edozein unetan, Nazio Batuen Idazkari Nagusiari horren inguruko jakinarazpen idatzia eginez. Salaketak, estatu horri dagokionez, ondorioak sortuko ditu, Idazkari Nagusiak jakinarazpena jaso eta urtebetera.

2. 15. artikuluarekin bat etorriz, Konbentzio hau estatu kontratugilearen lurralde ez metropolitarrari aplikatzen zaionean, estatu kontratugileak, kasuan kasuko lurraldearen adostasunarekin, une horretatik bertatik, eta edozein unetan jakinarazi ahal izango dio Nazio Batuen Idazkari Nagusiari Konbentzioa salatzen duela, lurralde horri dagokionez. Salaketak ondorioak sortuko ditu Idazkari Nagusiak jakinarazpena jaso eta urtebetera, eta hark emango dizkie beste estatu kontratugile guztiei jakinarazpenaren eta hori jasotako dataren berri.

20. artikulua

1. Nazio Batuen Idazkari Nagusiak jakinaraziko dizkie Nazio Batuen kide guztiei eta 16. artikuluan aipatu estatuei, hain zuzen ere, erakundearen kide ez direnei:

a) 16. artikuluan aurreikusitako sinadura, berrespen eta atxikimenduak:

b) 17. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egindako erreserbak;

b) Konbentzio hau indarrean jartzeko data, 18. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz;

d) 19. artikuluan aurreikusitako salaketak.

2. Nazio Batuen Idazkari Nagusiak Biltzar Orokorrari adieraziko dio, gehienez ere, berrespen- eta atxikimendu-instrumentuetatik seigarrena gordailutu eta gero, 11. artikulurekin bat etorriz, artikulu horretan aipatu erakundea sortzeko gaia.

21. artikulua

Konbentzio hau Nazio Batuen Idazkari Nagusiak erregistratuko du indarrean jartzen den datan.

HORI GUZTIORI AITORTUZ, behean sinatzen duten ahalguztidunek Konbentzio hau sinatzen dute.

New Yorken EGINA, mila bederatziehun eta hirurogeita bateko abuztuaren hogeita hamarrean, ale bakarrean, berori gordailutuko dela Nazio Batuen artxiboetan; berebat, aitortzen dira txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz egindako testuak; ildo beretik, Nazio Batuen Idazkari Nagusiak behar bezala ziurtatutako kopiak emango zaizkie Estatu Batuen estatu kide guztiei eta Konbentzio honen 16. artikuluak aipatu estatuei, hain zuzen ere, kide ez direnei.