32007forulegea,

3/2007 Foru Legea, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko 13/1990 Foru Legea aldatzen duena

Nafarroako Parlamentua

3/2007 FORU LEGEA, otsailaren 21ekoa, Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

NAFARROAKO OIHAN ONDAREA BABESTU ETA GARATZEARI BURUZKO ABENDUAREN 31KO 13/1990 FORU LEGEA ALDATZEN DUEN FORU LEGEA.

ZIOEN AZALPENA

1

1990eko abenduan onetsi zenez geroztik, Nafarroako oihan ondarea arautzen duen abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea arau-esparru eraginkorra izan da oihanen arlorako, eta mendietako baliabideen aprobetxamendu arrazoizkoa eta haien babesa bateratzeko bide eman du.

Aitzitik, une honetan, hainbat arrazoi direla eta, abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legea egungo errealitatera egokitzea komeni da, zenbait agindu zehatz aldatuz, baina aldi berean arau horren mami nagusiaren balioa berretsiz.

Legeak indarra hartu zuenetik denbora luzea iragan da, eta tarte horretan aldaketa handiak gertatu dira mendietan eta haien baliabide, ondasun eta zerbitzu materialez eta ez-materialez baliatu eta gozatzen den gizartean. Aprobetxamendu desberdinen garrantzia ere aldatzen joan da, eta oihan jabeen ekonomietan eragin nabarmena izan dute gorabehera horiek. Era berean, jabe horiek, bai pribatuak bai publikoak, oihan ingurunearen kudeaketari begira duten erantzukizunaz jabetzen joan dira, eta haien mendiei eragiten dieten erabakietan inplikazioa handiagoa izan dadila eskatzen.

Nafarroako Parlamentuak 1998ko azaroan onetsi zuen Nafarroako Basoei buruzko Planean, jada, aurreko guztiari buruzko hausnarketa islatu zen, eta araudi indarduna egokitu beharra zegoela adierazi ere bertan.

Bestalde, Estatuak Mendiei buruzko azaroaren 21eko 43/2003 Legea onetsi zuen, ingurumenaren eta mendien babesari eta oihan aprobetxamenduei buruzko oinarrizko legeriaren arloan Estatuak dituen eskumenez baliatuz. Ondoren, lege horren zenbait artikulu aldatu ditu apirilaren 28ko 10/2006 Legeak.

Hortaz, beharrezkoa da foru araudia Estatukora egokitzea mendi pribatuen arloan. Horrez gain, komeni da mendi publikoen arloko foru araudia Estatuko araudiarekin nolabait ere bat etortzea.

Horregatik guztiagatik, eta oihan administrazioak 13/1990 Foru Legea aplikatu den denboran kudeaketaren arloan bildutako esperientzia ere aintzat hartuta, komenigarria da oihanen arloko foru legeriaren aldaketa egitea, zati zehatz batean.

2

Foru lege honen alderdi adierazgarrienei dagokienez, aldaketaren asmoa zenbait definizio Estatuko araudira moldatzea da, hala nola mendiarena edo oihan lurrarena, mendi pribatuarena eta oihan aprobetxamenduarena; horrekin batera, oihan eta ingurumen eskumenak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari atxiki zaizkio.

Mendi katalogatuen kasuan, estatuko araudiarekin bat, onura publikoko mendien oinarrizko ezaugarriak definitu dira, hau da, alienaezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak direla, eta haien titularitatea kargatuko duen ezein tribututatik salbuetsirik daudela. Mendi katalogatuetan gauzatu beharreko plan edo proiektuen onura publikoko deklarazioak arautu dira.

Foru lege hau naturguneetan dauden mendiak oihan arloan arautuko dituen markoa izanen dela ezarri da, eta aldi berean zehaztu oihan kudeaketarako tresnetan jaso beharko dela, mendi horientzat, naturgune babestu gisa duten araudi berariazkoan ezarritakoa.

Era berean, foru komunitateak eta toki entitateek oihan finkak lehentasunez eskuratzeko dituzten eskubideak arautzen dira.

Ibaietako oihan esparrua babestu eta lehengoratzeko xedeaz, natur ibilguetako inguruneen babesa ezarri da, proiektu publikoen eta erabilera aldaketen arloan.

Suteei dagokienez, herritar orok oihaneko suteen berri eman behar dutela ezartzen da. Sutea sortzeko arriskua dakarten jarduerei buruzko erregelamenduzko arauak ere zehaztu dira. Suteari aurrea hartzeko araubideari buruzko arau berriak ezarri dira, bai eta arautu ere oihan lurretan eta lehorreko landa-lurretan.

Oihan aprobetxamenduei dagokienez, arau marko berri bat ezarri da, titularitate publikoaren edo pribatuaren arabera, eta oihan antolakuntzako proiektua edo kudeaketarako plan teknikoa izan ala ez kontuan harturik. Arau horien artean, xedapen batzuk ezarri dira aprobetxamenduen besterentzea azkartzeko, hala nola baldintza teknikoetik kanpo uztea aprobetxamenduaren balorazio ekonomikoa eta besterentzeko modua.

Oihan jarduerarako laguntzen esparruan, aukera ezartzen da zenbait ekintza oihan administrazioak nahiz mendien titularrek, kasu honetan dirulaguntzak eskuratuz, gauzatu ditzaten: suteen kontrako oihanzaintza prebentiboa, zuhaiztiaren azalera handitzea babesteko xedeaz, edo mendien biodibertsitatea hobetzea.

Azkenik, zehapen araubideari buruzko V. titulua aldatu da, oihan arloan arau-hausteak eta zehapenak eguneratzeko.

Xedapen gehigarri bakarrean, aspaldian, 1923ko eta 1954ko laguntza oinarrien babesean eginiko basoberritzeei dagokienez, oihan titularren eta jabeen zorra mugaeguneratu gabeak barkatu dira.

Artikulu bakarra._Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen aldaketa.

Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak aldaketa hauek izanen ditu:

Bat. 4. artikuluko 1. idatz-zatiko d) letra aldatu da, eta e) letra berria gehitu zaio. Hauxe izanen da testua aurrerantzean:

"d) Berez birsortzen diren larreak, idoiak eta zoikaztegiak.

e) Mendiaren kudeaketarako eta erabiletarako eraikinak eta azpiegiturak."

Bi. 5. artikulua aldatu da, eta aurrerantzean hauxe izanen da testua:

"5. artikulua.

1. Mendiak, jabetzaren arabera, publikoak edo pribatuak izanen dira.

2. Mendi publikoak Estatuarenak, Nafarroako Foru Komunitatearenak, toki entitateenak eta oro har Nafarroako edozein entitate administratiborenak dira.

3. Mendi pribatuak, berriz, zuzenbide pribatuko pertsona fisiko edo juridikoenak dira, banaka eduki nahiz jabekidetzan.

4. Hauxe da mendien sailkapena, haien ezaugarrien arabera: a) naturgune babestuak eta babes bereziko beste mendi batzuk, b) onura publikoko mendiak, c) mendi babesleak eta d) mendi kalifikatu gabeak."

Hiru. 6. artikuluko 3. idatz-zatia aldatu da eta beste bi idatz-zati gehitu zaizkio, testu honekin:

"3. Nafarroako Gobernuak antolaketaren arloan dituen eskumenak galarazi gabe, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak izanen ditu foru lege honek oihan eta ingurumen administrazioari esleitzen dizkion eskumenak.

4. Toki entitateek, beraien lege berariazkoen esparruan eta oihan antolakuntzarako dituzten tresnekin bat, titularitatekoak dituzten mendiak eta herri mendiak kudeatuko dituzte, foru lege honetan ezarritako modu eta baldintzetan.

5. Mendien edo oihan lurren titularitatea duten administrazio publikoen arteko lankidetza eta koordinazioa bultzatuko dira."

6. Foru lege honetan araututako gaietan eragin zuzena duen edozein foru edo toki araubidek oihan administrazioaren txosten lotesle eta aginduzkoa beharko du aurretik."

Lau. II. tituluaren izena aldatu da, eta aurrerantzean hauxe izanen da:

"II. TITULUA

Mendien sailkapena eta araubide juridikoa"

Bost. II. tituluko I. kapituluaren izena aldatu da, eta aurrerantzean hauxe izanen da:

"I. KAPITULUA

Naturgune babestuak eta babes bereziko beste mendi batzuk"

Sei. 7. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"7. artikulua.

1. Naturgune babestuak edo haien zati diren mendiak edo oihan lurrak, haien babes eremuak barne, eta Natura 2000 sarekoak ere, foru lege honen menpe egonen dira oihan arloari dagokionez; oihan antolakuntzarako horiei buruz egiten diren planetan edo proiektuetan ingurumenaren ikuspuntutik dituzten balioak kontserbatu eta babesteari dagokionez horien arau berariazkoetan ezarritakoa jaso beharko da.

2. Oihan administrazioaren esku-hartzeari dagokionez, mendi edo oihan lur horiei emanen zaien tratamendua onura publikoko mendiei ematen zaien berbera izanen da."

Zazpi. 8. artikuluari 2. idatz-zatia gehitu zaio, testu honekin:

"2. Mendi horiek besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez daude haien titularitatea kargatuko duen inongo tributuren menpe."

Zortzi. 9. artikulua aldatu da eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"9. artikulua.

1. Onura publikoko deklarazioa duten mendiak eta hemendik aurrera deklaratuko direnak Nafarroako Onura Publikoko Mendien Katalogoan sarturik daude.

2. Nafarroako Gobernuak eginen du onura publikoaren deklarazioa, ofizioz edo titularrak eskatuta, eta oihan administrazioak proposaturik, administrazio prozedura bidez; prozedura horretan entzutea emanen zaie ukitutako entitate publikoari eta mendi horien gaineko eskubideen titularrei, halakorik balego, eta onura publikoko menditzat hartzea eragin duten ezaugarriak justifikatu beharko dira.

3. Mendi bat katalogotik aterako da katalogatzea eragin zuten ezaugarriak galtzen dituenean, aurreko idatz-zatian aurreikusitako prozeduraren moduko bat erabiliz.

Mendi bat katalogotik ez da inoiz aterako katalogatzea eragin zuten ezaugarriak sute baten ondorioz galtzen dituenean.

4. Oihan administrazioak baimena eman dezake mendi katalogatu baten mugaketa berriz egiteko, titularrari entzutea eman ondoren, betiere mendiaren azalera hobeki zehazteko edo kudeaketa eta kontserbazioa hobetzeko baldin bada.

5. Foru Komunitateko administrazioak tramitatzen ari den plan edo proiektuaren onura publikoa edo interes orokorra deklaratu nahi duenean eta horrek Nafarroako onura publikoko mendien katalogoan sartutako mendi edo oihan lur bati eragin ahal baldin badio, Nafarroako Gobernuak aurretik bien arteko bateragarritasun deklarazioa egin beharko du, edo bati bestearen gainetik lehentasuna ematekoa, oihan administrazioak txostena eman ondoren."

Bederatzi. 15. artikulua aldatu da eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"15. artikulua.

1. Onura publikoko mendien katalogoan bertan sartutako mendien gaineko zortasunak eta gainerako eskubide errealak agertu beharko dira.

2. Karga oro behar bezala justifikaturik egon beharko dira. Mendia kargatzen duten zortasunen eta eskubide errealen gainean auzia egonez gero, hala dela jasoko da katalogoan."

Hamar. II. tituluko III. kapituluaren izena aldatu da, eta aurrerantzean hauxe izanen da:

"III. KAPITULUA

Mendi pribatuak eta mendi babesleak"

Hamaika. 16. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"16. artikulua.

1. Mendi pribatuak titularrak kudeatuko ditu.

2. Mendi horien kudeaketa oihan kudeaketa edo planifikaziorako tresnari lotuko zaio, eta foru lege honetan ezarritako modu eta baldintzetan gauzatuko da."

Hamabi. 18. artikuluko 1. eta 3. idatz-zatiak aldatu dira. Hona testu berria:

"1. Nafarroako Gobernuak eginen du mendi babeslearen deklarazioa, oihan administrazioak proposaturik, administrazio prozedura bidez; prozedura hori ofizioz edo titularrak eskatuta tramitatuko da, eta bertan entzutea emanen zaie, beharrezkoa izanez gero, jabeei eta mendia dagoen toki entitateari.

3. Mendi bat Mendi Babesleen Katalogotik kenduko da, bertan jasotzeko inguruabarrak behin desagerturik direla, mendi babesle deklaratzeko erabilitakoaren espediente analogoa tramitatuz."

Hamahiru. 18. artikuluari 4. idatz-zatia gehitu zaio, testu honekin:

"4. Mendi babesleei aplikatzekoa izanen zaie foru lege honen 15. artikuluan ezarritakoa."

Hamalau. II. tituluari kapitulu berri bat gehitu zaio, IV.a:

"IV. KAPITULUA

Lehentasunez eskuratzeko eskubidea

19. artikulua.

1. Toki entitateek izanen dituzte lehentasunez eskuratzeko eskubideak berarekin dakartzan lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak beraien udal mugapean dauden mendi edo oihan lurren gaineko kostu bidezko transmisioetan. Nafarroako Foru Komunitatearen titularitateko mendien mugakide diren mendi edo lurren kasuan, eskubide horiek, lehenengo eta behin, Nafarroako Foru Komunitatearenak izanen dira, eta subsidiarioki lurrak zein udal mugapetan dauden, bertako toki entitatearenak.

2. Ondoren adierazten diren kostu bidezko transmisioetan Nafarroako Foru Komunitateak lehentasunez eskuratzeko eskubidea izanen du, betiere aurreko idatz-zatian toki entitateei aurreikusitako eskubidearen subsidiarioa:

a) 100 hektareatik gorako azalera duten mendiak.

b) Mendi babesle deklaratutakoak eta babes bereziko beste mendi batzuk.

c) Foru lege honen 7. artikuluan araututakoen mugakide diren mendi edo oihan lurrak.

d) Nafarroako Gobernuarekin partzuergoan diren mendiak, partzuergo horietan aurreikusitako baldintzetan.

20. artikulua.

1. Lehentasunez erosteko eskubidearen ondorioetarako, transmisio-egileak eskubidearen titular diren administrazio publikoei transmititzeko asmoa duela jakinarazi beharko die sinesgarriro, eta jakinarazpenean egin gogo duen transmisioaren prezioari eta ezaugarriei buruzko datuak agerrarazi beharko ditu.

2. Eskubidearen titular diren administrazio publikoak ez badira lehentasunez erosteko eskubideaz baliatzen jakinarazpena egin eta hiru hilabeteko epean, eskubidea iraungi eginen da jakinarazitako transmisioari dagokionez.

3. Notarioek eta erregistratzaileek ez dituzte eskriturak baimenduko ez inskribatuko, hurrenez hurren, aipatutako jakinarazpena egin dela aurretik inork frogatu gabe.

4. Transmisioa aldez aurretiko jakinarazpena egin gabe edo bertan islatutako baldintzak bete gabe gauzatuz gero, lehentasunez eskuratzeko eskubidearen titular den administrazioa atzera eskuratzeko eskubideaz baliatu ahalko da, transmisioa Jabetzaren Erregistroan inskribatu eta urtebeteko epean edo, horrelakorik ezean, transmisio horren baldintza errealen berri modu sinesgarrian izaten duenetik aurrera.

5. Lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubide horiek lehentasuna izanen dute beste edozeinen gainetik, Nafarroako foru lege zibiletan ezarritakoa ukatu gabe."

Hamabost. 23. artikulua aldatu da. Hauxe da testu berria:

"23. artikulua.

1. Interes orokorreko azpiegiturak eraikitzeko proiektuetan oihan azalera gutxitzerik agertzen bada, ukitutako eremurako basoberritzeko edo basoa lehengoratzeko proiektua erantsiko da, gutxienez ere okupatuko den lur saila adinako azalera batean.

2. Oihan administrazioak aztertu eginen du interes publikoko azpiegiturak eraikitzeko proiektuek hondatu edo urez hartuko luketen oihan azalera, eta aginduzko txosten loteslea emanen du horiekin batera aurkezten zaizkion basoberritzeko edo basoa lehengoratzeko proiektuen egokitasunari buruz.

3. Lurzati berrantolamenduko proiektu guztietan zehaztu eginen da zein diren gorde beharreko zuhaitz edo zuhaixken landaredi unitateak. Balio ekologiko berezikoaren kalifikazioa duten heskaiak ezin izanen dira kendu.

4. Proiektu publiko baten jarduketa esparruak ibai ibilgu batekin muga egiten duenean, ibilguaren ondo-ondoko zerrenda bat errespetatuko da, bost metro zabal gutxienez, ur-bazterreko berezko zuhaizti izan dadin."

Hamasei. 24. artikuluko 2. idatz-zatia aldatu da eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"2. Oro har, debekaturik dago ahuntz azienda sartzea zuhaitz edo zuhaixka espeziak dituzten mendietan. Salbuespen gisa, eta erregelamenduz ezarriko den moduan, baimena eman ahalko da ahuntz azienda bazkatzeko mendi horietan."

Hamazazpi. 25. artikuluaren 1. eta 4. idatz-zatiak aldatu dira, eta beste bi idatz-zati berri gehitu zaizkio artikuluari, testu honekin:

"1. Mendi edo oihan lur baten erabilera aldatzen duen edozein ekintza edo erabakitarako oihan administrazioaren baimena beharko da aurretik.

4. Mendi katalogatu gabekoen kasuan, interesatuak erabileraren aldaketa justifikatzen duen txostena aurkeztu beharko du. Horrelakoetan, isiltasun administratiboak ezespena ekarriko du.

5. Ibai ibilguen ondoan dauden berezko zuhaiztien erabilera aldatzea debekaturik dago, zein den ere lurraren sailkapena, salbu eta ibilgu horiek gurutzatzen dituzten azpiegiturak paratu edo aldatzeak dakartzanak, horietarako baimena eman ahalko baita.

6. Ur-bazterreko berezko zuhaiztietan jarduketak baimendu ahalko dira, betiere erabilera aldatzea eragin behar ez badute."

Hemezortzi. 26. artikuluko 2. idatz-zatia aldatu da, eta testua hauxe izanen da aurrerantzean:

"2. Hirigintza planeamenduko tresnek oihan lurren kalifikazioan, mugaketan edo arautzean eragina dutenean, oihan administrazioaren aginduzko txosten loteslea beharko da."

Hemeretzi. 29. artikuluko 1. idatz-zatia aldatu da, eta hauxe da testu berria:

"1. Interes publikoaren arrazoiak tarteko, kontzesio administratiboen kasuetan baimena emanen zaie mendi katalogatuen zortasun eta aldi baterako okupazioei, ondoko lerroaldeetan xedatutakoari jarraikiz eta, onura publikoko mendien kasuan, behin lehentasuna edo bateragarritasuna deklaraturik foru lege honen 9.5 artikuluan aurreikusitako moduan."

Hogei. 32. artikuluko 2. idatz-zatia aldatu da, eta hauxe da testu berria:

"2. Oihaneko izurrite edo gaitz batek ukitutako lurren jabeak beharturik daude horren berri ematera oihan administrazioari."

Hogeita bat. 37. artikulua aldatu da, eta hauxe da testu berria:

"37. artikulua.

1. Foru komunitateko administrazioaren eskumena da oihaneko suteei aurrea hartzeko eta haien aurka borroka egiteko behar diren neurriak planifikatu, koordinatu eta gauzatzea; horrek ez ditu beste administrazio publiko batzuen eskumenak galarazten, eta areago, lankidetza harremanak izanen ditu haiekin. Oihan administrazioari dagozkio oihaneko suteei aurrea hartzearen arloko eskumenak; era berean, Nafarroako Larrialdietako Agentziari aholkularitza teknikoa emanez sutea itzaltzeko lanetan parte hartzea ere badagokio.

2. Oihanean sute bat dagoela edo hasi dela ikusten duenak horren berri eman beharko dio agintari eskudunari edo larrialdietako zerbitzuei.

3. Erregelamenduz arautuko dira oihan lurretan eta mugakideetan dauden auzuneei, bestelako eraikinei, obrei, instalazio elektrikoei eta garraio azpiegiturei aplikatzekoak zaizkien segurtasun arauak, horiek sutea sortzeko edo haren eraginpean egoteko arriskua dagoenean.

4. Oihan administrazioak mugak jarri ahalko dizkio mendietan eta mugakide diren eremuetan sute arriskua eragin dezaketen jarduerei, bertatik iragateari barne."

Hogeita bi. 39. artikulua aldatu da eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"39. artikulua.

1. Hurrengo idatz-zati eta artikuluetan ezarritakoa ukatu gabe, debekaturik dago oro har sua erabiltzea mendietan eta oihan lurretan. Era berean, debekaturik dago sua erabiltzea lehorreko landa lurretan galondoak kentzeko.

2. Sua jostetako helburuetako erabiltzeko baimena dago. Halere, oihan administrazioak mugatu edo debekatu ahalko du erabilera hori eguraldiaren arabera."

Hogeita hiru. 40. artikulua aldatu da. Hauxe da testu berria:

"40. artikulua.

1. Debekaturik dago, halaber, ur-bazter, ezponda, muino eta, oro har, zuhaixka eta landareei su ematea.

2. Nekazaritzako hondakinen erretzea erregelamenduz arautuko da.

3. Salbuespen gisa, oihan administrazioak suaren erabilera baimendu dezake oihan edo nekazaritza kudeaketarako tresna gisa, haren ordez teknikoki beste bitartekorik erabiltzerik ez dagoenean."

Hogeita lau. 42. artikuluko 2. idatz-zatia aldatu da, eta hauxe izanen da testu berria:

"2. Oihan administrazioari dagokio oihaneko suteen ondorioz kaltea jasandako oihan aberastasuna bere hartara bueltatzea eta prebentzio neurriak betearaztea. Eskumen horiek galarazi gabe, oihan administrazioak dirulaguntzak eman ahalko ditu titularrek beraiek egindako lanetarako."

Hogeita bost. 44. artikulua aldatu da, eta hauxe da testu berria:

"44. artikulua.

1. Oihan administrazioari dagokio Nafarroako lehengoratze hidrologikoa eta oihan arlokoa gauzatzeko lanak planifikatu eta egitea, beste administrazio publiko batzuekin hitzarmenak ezartzeko aukera ukatu gabe.

2. Lehengoratzeko planak, lanak eta neurriak onura publikokoak izanen dira desjabetzeen ondorioetarako, eta nahitaezkoak ukitutako eremuetan lurrak dituztenentzat.

3. Desjabetutako lurrak, onura publikoko mendien edo haien mugakideen eremuan daudenean, mendi katalogatuaren titular den entitate publikoaren ondarean sartuko dira.

4. Higadura zuzentzeko proiektuak onesteko tramitean entzutea eman beharko zaie ukitutako mendi eta lurren titularrei.

5. Hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen den basoei buruzko planaren barrenean sartuko dira Nafarroan dauden higadura arazoak, kopuruak eta eremuak zehaztuta, baita lehengoratze hidrologikoa eta oihan arlokoa egiteko lanen lehentasuna eta programazioa ere."

Hogeita sei. 45. artikuluko 4. idatz-zatia aldatu da, eta hauxe izanen da testu berria:

"4. Oihan administrazioak onetsi beharko ditu basoberritzeko proiektuak, salbu eta onura publikokoak edo babesleak edo foru lege honen 7. artikuluan arautuak ez diren eta administrazioak berak onetsitako kudeaketa tresna bat duten mendien kasuan, betiere proiektuak aipatutako tresnak agintzen duenari lotuz betetzen badira; horrelakoetan aldez aurretik jakinaraztea izanen da betebehar bakarra."

Hogeita zazpi. 49. artikuluko 1. idatz-zatia aldatu da, eta testua hauxe izanen da aurrerantzean:

"1. Nafarroako Gobernuak, oihan arloan funtsezko eskumenak dituen kontseilariak proposaturik, eremu edo mendi batean egin beharreko basoberritzea onura publikokoa dela deklaratu ahalko du."

Hogeita zortzi. III. tituluko V. kapituluko 1. atalaren izena aldatu da, eta hauxe da berria:

"1. ATALA

Mendien antolakuntza"

Hogeita bederatzi. 50. artikulua aldatu da eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"50. artikulua.

1. Mendi publikoek eta pribatuek mendi antolakuntzako proiektua edo oihan kudeaketarako plan teknikoa eduki beharko dute, oihan administrazioak onetsia.

2. Oihan administrazioak emanen ditu antolakuntzako proiektuak eta plan teknikoak egiteko jarraibide orokorrak.

3. Mendi publikoetan, babesleetan eta foru lege honen 7. artikuluan araututakoetan, oihan administrazioak eginen ditu antolakuntzako tresnak. Mendiaren titularrak ere parte hartuko du horien prestaketan. Gainerako mendi pribatuetan titularrak eginen du.

4. Tresna horiek egiteko prozesua unibertsitate mailako oihan arloko titulazioa duten profesionalek zuzendu eta gainbegiratu beharko dute.

5. Tresna horien edukia nahitaezkoa eta bete beharrekoa izanen da foru lege honetan araututako gaietan, eta orientabide gisa erabiliko da beste edozein jarduketa, plan edo programa sektoriali begira.

6. Tresna berrikusteko edo aldatzeko prozedura berari jarraituko zaio."

Hogeita hamar. 2. atalaren izena aldatu da, eta 51. artikuluaren aurretik kokatuko da:

"2. atala Mendien aprobetxamenduak"

Hogeita hamaika. 51. artikulua aldatu da, eta hauxe da testu berria:

"51. artikulua.

1. Mendietako oihan aprobetxamenduak natur baliabide berriztagarriak direla kontuan hartuz eginen dira beti, eta haien erabilera arrazoizkoa eta natur ingurunearen zainketa egokia bateratuz.

2. Era berean, mendietako aprobetxamendu oro, haien sailkapena edozein izanik, oihan administrazioaren esku-hartzearen menpe egonen dira, foru lege honetan eta honen garapen xedapenetan ezarritako moduan."

Hogeita hamabi. 52. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"52. artikulua.

Foru lege honen ondorioetarako, hauexek dira oihan aprobetxamenduak: zur eta egurretarako direnak, oihan biomasa barne, larreak, fruituak, landare usaintsuak eta sendabelarrak, zizak eta boilurrak, erlezaintzaren produktuak, eta mendietako gainerako ohiko produktuak, zerbitzu eta jarduerak, jostetakoak, hezkuntza edo kultura arloetakoak, merkatuko balioa dutenak."

Hogeita hamahiru. 53. artikulua aldatu da. Hauxe da testu berria:

"53. artikulua.

1. Mendi publikoetan, foru lege honen 7. artikuluan aurreikusitako mendietan eta mendi babesleetan egindako zur eta egurretako aprobetxamendu guztiak oihan administrazioak onetsi beharreko aprobetxamendu eta hobekuntza planetan zehaztu beharko dira.

2. Mendi horiek antolatuak badira, oihan administrazioak eginen du ofizioz plan hori, mendiaren titularrekin batera. Salbuespen gisa, onetsitako antolakuntzako proiektuetan edo kudeaketarako plan teknikoetan aurreikusirik ez dauden aprobetxamenduetarako baimena eman ahalko da.

3. Mendi horiek antolaturik ez badaude, oihan administrazioak eginen du plana, titularrarekin batera eta hark eskatu ondoren. Salbuespen gisa, aprobetxamendu txikietarako baimena eman ahalko da prozedura erraztu baten bidez, hau da, aldez aurretik aprobetxamendua jakinarazita eta isiltasuna positiboa dela ulertuta, erregelamenduz ezartzen den moduan.

4. Titularrak nahitaez bete beharko du aprobetxamendu plana, behar bezala baimendutako arrazoi justifikatua dagoenean izan ezik; halaber, hobekuntzarako mozketak eta birsortzeko mozketak edo amaierakoak bereizi beharko ditu, eta deskribatu.

5. Planean dagoen baldintza teknikoen pleguan honakoak jasoko dira: oihanzaintzako jarraibideak, ustiategi motak eta egurra ateratzeko bideak. Aprobetxamenduaren balorazio ekonomikoa edo hura besterentzeko modua ez dira baldintza teknikotzat hartuko. Oihan administrazioak eginen du aprobetxamenduaren balorazio ekonomikoa, dagozkion kasuetan, eta balorazio hori orientabidezkoa izanen da, ez loteslea."

Hogeita hamalau. 54. artikulua aldatu da. Hauxe da testu berria:

"54. artikulua.

1. Oro har, eta aurreko artikuluan aurreikusitako mendietan, oihan administrazioak beteko ditu aprobetxamenduari datxezkion jarduketak. Jarduketa horiek zein diren erregelamenduz zehaztuko da.

2. Oihan administrazioari eskatuta eta haren adostasunarekin, titularrek jarduketa horiek bere gain hartu ahalko dituzte, hobekuntzarako mozketetan eta arraseko mozketetan.

3. Jarduketa horiek oihan administrazioak hartuko ditu bere gain birsortzeko mozketetan."

Hogeita hamabost. 55. artikulua aldatu da, eta hauxe da testu berria:

"55. artikulua.

1. Mendi pribatu antolatu guztietan, babesleetan eta foru lege honen 7. artikuluan araututakoetan izan ezik, zur eta egurretako aprobetxamendua titularrak hasiko du, oihan administrazioari jarduketa planaren berri emanez; oihan administrazioak bi hilabeteko epean eman beharko du baimena, eta haren baldintza teknikoak ezarri ahalko ditu, bai eta zuhaiztia birsortzeko behar diren ekintzak ere. Ebazpen espresua jakinarazi gabe bi hilabete iragan ondoren, plana isiltasun positiboaren bidez baimendu dela ulertuko da.

2. Antolatu gabeko mendi pribatuetan, berriz, babesleetan eta foru lege honen 7. artikuluan araututakoetan izan ezik, zur eta egurretako aprobetxamenduak egiteko oihan administrazioaren baimena beharko da, titularrak eskaera egin eta bi hilabeteko epean emana. Baimenean aprobetxamendurako baldintza teknikoak ezarri ahalko dira, bai eta zuhaiztia birsortzeko behar diren ekintzak ere. Ebazpen espresua jakinarazi gabe bi hilabete iragan ondoren, isiltasuna negatiboa dela ulertuko da.

3. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa galarazi gabe, eta aprobetxamendu txikietarako, baimenerako prozedura erraztu bat ezarriko da erregelamenduz, aurretiko jakinarazpenarekin eta isiltasun positiboarekin."

Hogeita hamasei. 56. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"56. artikulua.

1. Arraseko mozketetan, titularrak soildutako lurretako zuhaiztia 5 urteko epean lehengoratu beharko du, berezko birsortzea bultzatuz edo basoberritze artifizialaren bidez. Hala egiten ez badu, oihan administrazioak eginen du, jabearen kontura.

2. Mozketak ibai ibilguaren aldamenean egiten badira, ibilguaren ondo-ondoan zerrenda bat lehengoratu beharko da, bost metro zabal gutxienez, bertako landarekiko zuhaitz eta zuhaixkak sartuz."

Hogeita hamazazpi. III. tituluko V. kapituluko hirugarren atalaren izena aldatu da; 61. artikuluaren aurretik dago:

"3. atala Mendiak batzea"

Hogeita hemezortzi. 61. artikulua aldatu da, beste bi idatz-zati gehitzeko. Hauxe da horien testua:

"3. Oihan batasunek beraien entitatea izan behar dute, kideenetik bereizia, eta jarduera eta funtzionamendua oihan kudeaketako unitatearen printzipioari lotu beharko zaizkio, dagokien oihan antolakuntzako tresnaren bitartez.

4. Oihan batasunen erregistro bat ezarri ahalko da erregelamenduz, eta bertan inskribatu beharko dira."

Hogeita hemeretzi. III. tituluko V. kapituluari 4. atala gehitu zaio. 62. artikuluaren atzetik dago, izen honekin:

"4. ATALA

Oihan enpresak"

Berrogei. 63. artikulua aldatu da. Hauxe da testu berria:

"63. artikulua.

1. Nafarroako Gobernuak oihaneko lan- eta zerbitzu-enpresen birmoldaketa eta hobekuntza sustatuko ditu, bai eta lehen transformazioko industriena ere, honakoenak barne: zerrategiak, xaflak, oholak, orea, papera eta kortxoa. Sustapena honakoetan oinarrituko da:

a) Oihan ekoizpenaren sektorean eta egurraren lehen transformazioko industrian aritzen diren profesionalen arteko harremanak bultzatzea.

b) Industria horiek hobetu eta birmoldatzeko dirulaguntza araubide berariazkoa ezartzea.

c) Lankidetza hitzarmenak sustatzea oihaneko produktuen transformazioaren arloan ikertzen duten zentro publiko nahiz pribatuen eta sektoreko enpresen artean, behar den teknologia transferentzia eta transformazio prozesuen modernizazioa eta hobekuntza ahalbidetzeko.

2. Oihan kooperatiben, enpresen eta industrien erregistro bat sortuko da, eta horiek urtero emanen dituzte haien jarduerari buruzko datuak, bereziki oihaneko produktuen ekoizpen, transformazio eta merkaturatzeari buruzkoak, ondorio estatistikoetarako.

3. Nafarroako Gobernuak oihan arloko enpresaburuen, langileen eta jabeen prestakuntza bultzatuko du."

Berrogeita bat. Atal berri bat gehitu zaio III. tituluko V. kapituluari:

"5. ATALA

Oihaneko produktuak merkaturatzea

63.bis artikulua.

1. Oihan administrazioak mendien edo oihan aprobetxamenduen titularrek oihan ziurtagiria aplika dezaten bultzatuko du.

2. Oihan administrazioak egurraren eta mendietako beste produktuen erabilera sustatuko du, bai eta oihaneko produktu eta zerbitzuen erabilera berriak ezarri eta garatzea ere. Foru administrazioaren eta Nafarroako toki entitateen helburu nagusia izanen da egurraren erabilera sustatzea, nagusiki eraikinetan, etxebizitzetan eta altzari publikoetan. Era berean, bultzatu eta saritu eginen da oihan biomasa energia iturri gisa erabiltzea eraikin publikoetan, etxebizitzetan eta urbanizazioetan.

3. Era berean, oihaneko produktuak merkaturatzeko baldintzak hobetzea sustatuko du.

4. Nafarroako oihan ondarean sartutako mendietako oihan aprobetxamenduak erregelamenduz ezarriko den prozeduraren bidez besterenduko dira."

Berrogeita bi. IV. tituluaren izena aldatu da, eta hauxe izanen da aurrerantzean:

"IV. TITULUA

Mendien hobekuntza eta oihan sektorearentzako laguntzak"

Berrogeita hiru. 66. artikulua aldatu da eta hauxe da testu berria:

"66. artikulua.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, dagozkion aurrekontuen mugen barnean, laguntza teknikoa eta ekonomikoa emanen die mendi edo oihan lur publiko nahiz pribatuen titularrei, oihan aprobetxamenduen titularrei, oihan elkarteei eta oihan industria eta enpresei."

Berrogeita lau. 67. artikuluari 3. idatz-zatia gehitu zaio. Hauxe da testua:

"3. Oihanzaintzako hobekuntza lanak, hala nola, bakantzeak, sastrakak garbitzea, kimaketak, eta merkataritzako aprobetxamendurik ez duten gainerako tratamenduak, onetsitako aprobetxamendu eta hobekuntza planaren edo jarduketa planaren arabera eginen dira. Horrelako planik ez badago, edo hobekuntzak ez badaude planetan sarturik, oihan administrazioaren baimen espresua beharko da."

Berrogeita bost. 68. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"68. artikulua.

Foru lege honen 66. artikuluan xedatutakoari dagokionez, oihan administrazioak ekintza hauetaz arduratuko da:

a) Mendien eta oihan lurren erabilera, kudeaketa eta babesari buruzko plangintza orokorra.

b) Antolakuntza planak, horien aldizkako berrikuspenak, eta mendien erabilera eta aprobetxamendu antolatua, natura baliabideak zaintzearekin bat datozena, xede dituzten plan teknikoak.

c) Lurraren egonkortasun eta emankortasuna mantendu eta berreskuratzeko beharrezkoak diren zuzentze lanak, hidrologikoak eta oihan arlokoak.

d) Suteek edo beste gertaera batzuek suntsitutako oihanak berriz sortzea.

e) Oihaneko suteei aurrea hartzeko azpiegiturak eraiki eta zaintzea, bai eta oihanzaintza prebentiborako lanak ere.

f) Oihanari buruzko ikerketa eta esperimentazio lanak.

g) Oihaneko izurriteen kontrako borrokarako ekintzak, Nafarroako Gobernuak horien tratamendua onura publikokoa dela deklaratu duenean.

h) Nafarroako zuhaiztien azalera handitzea, birsortzeko eta zuhaizti heldu bilakatzeko gaitasuna duten basoak sortuz.

i) Mendien biodibertsitatea mantendu eta hobetzea eta oihaneko habitatak lehengoratzea eta zabaltzea.

j) Larreak eta mendietako beste produktu natural batzuk hobetzeko obrak eta lanak.

k) Oihanzaintzako hobekuntza lanak, bereziki basoa berez birsortzen laguntzekoak eta oihaneko suteei aurrea hartzekoak.

l) Oihaneko bideak egitea.

m) Nagusiki zur edo egurretako aprobetxamendurako egiten diren basoberritzeak.

n) Mendietako produktuak merkaturatzeko antolaketa arrazoizkoa izatea.

ñ) Mendiak jendearen beharretarako eta aisiarako erabiltzen laguntzeko proiektuak eta obrak egitea.

o) Oihan batasunak eta elkarteak bultzatzea, bai eta oihan kooperatibak ere.

p) Gizartea sentsibilizatzea eta mendiek dakartzaten onuren zabalkundea egitea.

q) Lehen transformazioko oihan industriak sustatzea, bai eta oihaneko zerbitzu- eta lan-enpresak ere."

Berrogeita sei. 69. artikulua aldatu da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:

"69. artikulua.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak programatu eta finantzatuko ditu osotara, Nafarroako aurrekontu orokorren kargura, aurreko artikuluko a), c), d), e), f) eta g) letretan aipatutako ekintzak, bai eta b) letran adierazitakoak ere mendi publikoen, babesleen eta foru lege honen 7. artikuluan aurreikusitakoen antolakuntza planei eta haien berrikuspenei dagokienez.

2. Mendi pribatu ez-babesleei dagokienez, b) letran adierazitako ekintza, bai eta aurreko artikuluan adierazi eta 69.1 artikuluan aurreikusi gabeko gainerako ekintzak ere, oihan administrazioak edo titularrek beraiek egin ahalko dituzte, kasuan kasuko dirulaguntzak jasoz. Dirulaguntza horiek inbertsio osoaren adinakoak izan daitezke.

3. Aurreko idatz-zatietan aipatutako ekintzek ukitutako mendien edo oihan lurren titular diren partikularrek lankidetza hitzarmenak sinatuko dituzte oihan administrazioarekin, sortutako azpiegiturak erabiltzeko, salbu eta gero batean mendien titularrek aprobetxatuko dituzten produkzioak."

Berrogeita zazpi. 70. artikulua aldatu da, eta hauxe da testu berria:

"70. artikulua.

Nafarroako Gobernuak 69.2 artikuluan aipatzen diren dirulaguntzei buruzko erregelamendua eginen du, ondoko hauek kontuan hartuta:

a) Onura publikoko mendiek eta oihan lurrek, mendi babesleek eta foru lege honen 7. artikuluko mendiek ingurumenean duten eragina dela eta, lehentasuna izanen dute laguntzak emateko garaian eta haien zenbatekoan, gainerako mendi edo oihan lurren aurretik. Mendi antolatuek ere lehentasuna izanen dute laguntzak emateko garaian.

b) Laguntzen mailaketa diruz lagundu beharreko ekintzaren onura publikoa kontuan hartuta eginen da.

c) Oihan jabeen batasun, elkarte edo kooperatibek, kudeaketa unitatea baldin badira, onura publikoko mendien edo mendi babesleen laguntza berdinak izanen dituzte.

d) Laguntzak bateragarriak izanen dira Europar Batasuneko legerian ezarritakoekin.

e) Laguntzak ematea aurrekontuaren mugen menpean egonen da, edozein kasutan ere."

Berrogeita zortzi. V. titulua aldatu da, eta testu hau izanen du:

"V. TITULUA

Zehapen araubidea

I. KAPITULUA

Arau-hausteak

75. artikulua.

Foru lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako honako hauek dira arau-hausteak:

a) Oihan erabilera baimenik gabe aldatzea.

b) Onura publikoko mendietan baimenik gabe egindako erabilera edo okupazioa.

c) Behar den titulu administratiboa izan gabe mendietan edo oihan lurretan zuhaitzak moztu, errotik atera, hondatu, eta egurra egin edo eramatea.

d) Mendietako fruituak, landare edo mea produktu edo materialak baimenik gabe ustiatu edo eramatea, legeak horretarako baimena izatea eskatzen duenean.

e) Mendian ezer erretzea, sua erabiltzea edo mendian sua sorraraz dezakeen jardueraren bat egitea baimenik gabe, edo baimenduetako jardueretan administrazioak ezarritako aginduak urratuz.

f) Suaren erabilera arautzen duten xedapenak, oihaneko suteen prebentzio eta itzalketarako emandakoak, ez betetzea.

g) Mendietan edo oihan lurretan, debekaturik dagoen tokian azienda bazkatzea, edo administrazioak ezarritako arauei lotu gabe.

h) Mendien edo oihan lurren titularrek ez betetzea foru lege honen arabera ezarri zaizkien betebeharrak.

i) Basotzeak edo basoberritzeak espresuki debekatutako ugalketa-materialekin egitea.

j) Baimenik gabeko tratamendu fitosanitarioak erabiltzea.

k) Egurra ateratzeko bideak, pistak edo beste edozein obra egitea antolakuntzako proiektuetan aurreikusirik ez badago edo administrazioak espresuki baimendua ez bada.

l) Mendien antolakuntzako proiektuen eta aprobetxamendu eta hobekuntza planen edukia ez betetzea, horrek mendiaren garapen ohikoari eragiten dionean, eta arrazoi tekniko justifikaturik gabe.

m) Mendiei eragindako kalteak konpondu eta lehengo egoeran uzteko betebeharrak eta horretarako emandako kautelazko neurriak ez betetzea.

n) Titularitate publikoko mendietan eta horretarako debeku espresua dagoen oihaneko bide edo eremuetan ziklomotoreak, motozikletak, quadak eta, oro har, motordun ibilgailuak zirkulatzea edo/eta egotea.

Debeku horrek ez du eraginik izanen oihanzaintza edo nekazaritzarekin lotutako lanetan.

ñ) Administrazio publikoek eta haien agenteek foru lege honen xedapenak eta garapen arauak betetzeari dagokionez egin beharreko ikerketa, ikuskapen eta kontrol jarduketak oztopatzea, ekintzez nahiz ez-betetzez.

o) Mendiko landare geruzaren funtsezko aldaketa egitea baimenik edo jakinarazpenik gabe.

p) Oihan lurretan isurketak egitea baimenik gabe.

q) Partikularrek administrazioari informazioa emateko duten betebeharra ez betetzea.

r) Foru lege honetan ezarritako beste betebehar edo debeku batzuk ez betetzea, zati batean nahiz osotara, ez eta administrazioak arau honetan jasotako gaietan ezarritako baldintzak ere.

76. artikulua.

1. Arau-hausteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

2. Arau-hauste arinak aurreko artikuluan tipifikaturiko arau-hausteak dira, arau-haustea eragin duten egitateek kalterik ekartzen ez diotenean mendiari edo kalteak 1.000 eurotik beherakoak badira edo horiek konpondu edo kaltea jasandakoa lehengoratzeko epea sei hilabetekoa denean gehienez.

3. Arau-hauste larriak aurreko artikuluan tipifikatutakoak dira, arau-haustea eragin duten egitateen kalteen balioa 1.000 eurotik 6.000 eurora bitartekoa denean edo kalteak konpontzeko edo kaltea jasandakoa lehengoratzeko epea gehienez ere 6 hilabetetik 10 urtera bitartekoa denean.

4. Arau-hauste oso larriak aurreko artikuluan tipifikaturikoak dira, arau-haustea eragin duten egitateen kalteak 6.000 eurotik gorako balioa duenean edo kaltea konpontzeko edo kaltea jasandakoa lehengoratzeko epea 10 urtekoa edo gehiagokoa denean.

77. artikulua.

1. Arau-hausteak preskribatzeko epea hiru urtekoa izanen da arau-hauste oso larrien kasuan, bi urtekoa arau-hauste larrien kasuan eta urtebetekoa arinen kasuan.

2. Preskripzio epea arau-haustea egin den egunean hasiko da. Segidako traktuko arau-hausteen kasuan, epea arau-haustea ekarri duten egintzak amaitu edo baimendu ziren unean hasiko da.

78. artikulua.

1. Foru lege honetan aurreikusitako arau-hausteen erantzuleak horien egile diren pertsona fisikoak edo juridikoak izanen dira, bi kasu hauetan: bata, arau-haustea ekarri duen jarduera zuzenean bete duelako edo hura gauzatzeko agindu duelako, egilearekin kontratu edo egitatezko harremana izanik, betiere egilea agindua eman duenaren menpean dagoela frogatzen bada; bestea, haren laguntza beharrezkoa delako arau-haustea gauzatzeko.

2. Arau-haustea batera egin duten pertsonetako bakoitzak zenbateraino parte hartu duen zehazterik ez dagoenean, erantzukizun solidarioa egotziko zaie, ezertan ukatu gabe erantzukizuna beren gain hartu dutenek gainerako parte-hartzaileekin banatzeko duten eskubidea.

II. KAPITULUA

Zehapenak

79. artikulua.

1. Arau-hauste baten erantzuleak bat baino gehiago direnean, zehapen bana ezarriko zaie.

2. Bi arau-hauste edo gehiagoren erantzuleari zehapen bat ezarriko zaio egindako arau-hauste bakoitzeko.

80. artikulua.

Foru lege honetan aurreikusitako arau-hausteei honako zehapen hauek ezarriko zaizkie:

a) Arau-hauste arinei 6.000 euro bitarteko isuna.

b) Arau-hauste larriei 6.001 eurotik 30.000 eurora bitarteko isuna.

c) Arau-hauste oso larriei 30.001 eurotik 100.000 eurora bitarteko isunak.

81. artikulua.

Honako zehapen osgarri hauek ere ezarri ahalko dira:

a) Kaltea eragin duten jarduerak edo instalazioak aldi baterako etetea, neurri zuzentzaileak abian jarri bitarte.

b) Jarduerak edo instalazioak behin betikoz ixtea, osotara nahiz zati batean.

c) Arau-haustea ekarri duten jardueretan aritzeko gaitzen duen lizentzia edo titulua ezeztatzea.

d) Lortutako produktuak konfiskatzea eta abelburuak atzematea, bai eta arau-hausterako erabilitako tresnak eta bitartekoak ere.

e) Arau-hausleak jasotako laguntzak eta dirulaguntzak galtzea.

82. artikulua.

Zehapenak ezartzerakoan, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egintzaren larritasunaren eta ezartzen zaion zehapenaren artean. Honako irizpideak hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:

a) Nahita egina den.

b) Berregintza.

c) Arau-hausleak lortutako etekin ekonomikoa edo irabazizko edukia.

d) Aldatutako errealitate fisikoa lehengoratzeko aukera.

83. artikulua.

Zehapena edo haren zenbatekoa murriztu ahalko da baldin eta arau-hausleak kasuan kasuko eskaeran ezartzen zaion epean zuzendu badu arau-hausteak eragindako egoera.

84. artikulua.

1. Arau-hauste oso larriengatik ezarritako zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, arau-hauste larriengatik ezarritakoek bi urteren buruan eta arau-hauste arinengatik ezarritakoek urtebeteren buruan.

2. Zehapenak preskribatzeko epea zehapena ezartzen duen ebazpena irmoa izan eta biharamunean hasiko da.

3. Interesatua jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak zehapenen preskripzioa etenen du, eta epeak iragaten segituko du prozedura hori hilabete baino gehiago geldiarazten bada, arau-hausleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik.

III. KAPITULUA

Zehapen prozedura

85. artikulua.

Foru lege honetan aurreikusitako zehapen eskumenaz oihan arloan eskuduna den zuzendari nagusia baliatuko da arau-hauste arin eta larrien kasuan, eta kontseilari eskuduna arau-hauste oso larrien kasuan.

86. artikulua.

1. Zehapen espedientea hasi baino lehen, hura abiarazteko eskumena duen organoak, gertaerak argitze aldera, aurretiazko informazioaldi bat irekitzeko agindu ahalko du, kasu zehatzaren nondik norakoak ikertu eta prozedura abiarazi behar den ala ez den erabakitzeko.

2. Aurretiazko informazio hori erreserbatua izan ahalko da, eta ez da hilabete batetik gora luzatuko, non eta espresuki erabakitzen ez den beste epe jakin baterako edo batzuetarako luzatzea.

3. Ikuskapen eta kontrol jarduketek, horiek jasorik uzteko egintza edo agiriek, administrazioak egindako analisi edo kontrolek eta lehenbiziko idatz-zatian aipatutako aurretiazko jarduketek ez diote hasiera emanen zehapen prozedurari.

87. artikulua.

1. Foru lege honetan aurreikusitako arau-hausteen espedienteen instrukzioa egiteko eta zehapenak ezartzeko administrazio prozedura ofizioz hasiko da beti eta hauxe izanen da:

a) Organo eskudunak emanen dio hasiera, ofizioz edo salaketaren ondorioz egindako jarduketak direla bide. Hasteko ebazpenean izendatuko da instruktorea, zeina zuzenbideko lizentziatu titulua izatea beharrezkoa den lanpostu batean aritzen den pertsona bat izan beharko baita.

b) Instruktoreak karguen plegua idatziko du, zehapena ezartzeko proposamena barne dela, eta ustezko arau-hausleari jakinaraziko zaio, hamabost eguneko epean bere eskubideen aldeko alegazioak aurkez ditzan.

c) Alegazioetarako epea iraganik, beharrezkotzat jotzen dituen eginbideak egin ondoren, instruktoreak espedientea igorriko dio ebazteko eskumena duen organoari eta honek hilabeteko epean emanen du ebazpena.

2. Aurreko zenbakian aipatutako karguen pleguak, zehapena ezartzeko proposamena barnean duenak, gutxienez ondokoak bilduko ditu:

a) Ustezko arau-hauslearen identifikazioa eta jakinarazpenetarako helbidea.

b) Egitate egiaztatuak, arau-haustea tipifikatzeko eta zehapena mailakatzeko garrantzizkoak direnak nabarmendurik.

c) Ustezko arau-haustea, hautsitako araua zein den zehazturik.

d) Proposatutako zehapena, haren maila eta zenbatekoa zehaztuta.

e) Bidezkoa denean, kalte eta galerengatik eman beharreko ordaina.

f) Zehapen osagarriak, bidezkoak direnean.

g) Atzeman edo konfiskatu diren arma, tresna eta aleekin zer eginen den.

h) Ebazteko organo eskuduna eta eskumena ematen dion araudia.

88. artikulua.

1. Foru Lege honi eta haren garapen legeei jarraikiz ikuskapen lanak betetzen dituzten administrazioko kideak agintaritzaren agenteak izanen dira.

2. Administrazioko kideek, ikuskapen edo zaintza eginkizunak betetzen ari direlarik, egiten dituzten ikuskapen-aktetan edo salaketetan azaltzen diren egitateak egiazkotzat hartuko dira, kontrako frogarik ezean.

89. artikulua.

1. Zehapen prozeduran ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, espedientea abiarazteko administrazio ebazpena ematen den egunetik hasita.

2. Ebazpena emateko eskumena duen organoak, administrazio ebazpen arrazoitua emanda eta bidezko arrazoiengatik, ebazteko epea luzatu ahalko du, hasierako epearen erdia gainditzen ez duen denborarako.

IV. KAPITULUA

Kautelazko neurriak eta kaltea konpontzea

90. artikulua.

1. Oihan administrazioak beharrezkotzat jotzen dituen behin-behineko neurriak hartu ahalko ditu, konfiskatzea barne, ustez arau-haustea eragin duen jarduerak sortutako kaltea geldiarazteko.

2. Prozeduraren hasieran espedientearen instrukzioa egiteko eskumena duen organoak neurri horiek berretsi beharko ditu. Era berean, kautelazko neurri gehiago ezarri ahalko ditu eman daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna bermatzeko.

91. artikulua.

1. Kasu bakoitzean bidezkoak izan daitezkeen zehapen penal edo administratiboak ezertan ukatu gabe, arau-hausleak egindako kaltea konpondu beharko du, zehapen organoak ezarritako moduan eta baldintzetan. Betebehar horrek ez du preskribatuko oihaneko jabari publikoari egindako kalteen kasuan.

2. Konponketaren helburua kaltea jasandako mendia edo oihaneko ekosistema arau-haustea gertatu aurretik zegoen egoeran uztea izanen da. Konponketa ezinezkoa denean administrazioak kalte-ordaina eskatu ahalko du.

3. Mendiari eragindako kalteak eta horiek konpondu edo mendia lehengoratzeko epea zehapen ebazpenean behar bezala arrazoituriko irizpide teknikoen bidez zehaztuko da.

4. Kaltetutako errealitate fisikoa lehengora bueltatzea edo lurra jatorrizko egoeran uzteko erantzuleak duen betebeharrak iraun eginen du arau-hausteak preskribatzen badu ere.

92. artikulua.

1. Kalte eta galeren erantzuleak, legez ezarritako isuna ez ezik, bidezkoak diren kalte-ordainak ere ordaindu beharko ditu, administrazioak irizpide teknikoen arabera horien balorazioa egin ondoren.

2. Suteen arloko arau-hausteen kasuan, erantzuleek bidezkoak diren kalte-ordainak ordaindu beharko dituzte, ordaindutakoaren zenbatekoa istripuaren zuzeneko ondorio gisa eskuratu duten irabazi adinakoa izan arte.

3. Kalte-ordaina eskatu ahalko da, halaber, arau-hausleak lortutako etekin ekonomikoa aurreikusitako gehieneko zehapena baino handiagoa denean. Kalte-ordain hori etekinaren zenbatekoaren bi halako izanen da, gehienez ere.

93. artikulua.

1. Arau-hausleek ez badute konponketa egiten edo kalte-ordaina ordaintzen foru lege honetan ezarritakorekin bat, eta kasuan kasuko errekerimenduan adierazitako epea iraganik, zehapen organoak behartzeko isunak ezartzea edo betearazpen subsiarioa ezar dezake.

2. Behartzeko isunak errepikatu ahalko dira, agindutakoa betetzeko behar adinakoak diren denbora-tarteak utziz, eta isun horietako bakoitzaren zenbatekoa ez da izanen egindako arau-hausteagatik ezarritako isunaren 100eko 20tik gorakoa.

3. Administrazioak betetzen badu agindutako konponketa, arau-hauslearen kargura izanen da."

Xedapen gehigarri bakarra. Basoberritzeen zorrak barkatzea.

Foru lege honek indarra hartzean besterik gabe barkatuta geldituko dira lehenago egindako basoberritzeengatik oihan jabe eta titularrek Nafarroako Gobernuarekin dituzten zorren saldo mugaeguneratu gabeak, Nafarroako Foru Diputazioak hartutako erabaki hauekin bat: 1923ko apirilaren 10ean hartutakoa, Nafarroako mendietako basoen lehengoratzeari buruzkoa, eta 1954ko maiatzaren 4koa, basoberritzeetarako laguntzei buruzkoa, 1966ko ekainaren 10eko Erabakiaren bidez gehitutakoarekin.

Xedapen iragankor bakarra. Hasitako prozeduren tramitazioa.

Foru lege honek indarra hartu aurretik hasitako prozeduren tramitazioak aurreko legeriarekin bat eginen du aurrera.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

1._Indarrik gabe gelditu dira Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen 27., 35., 41. eta 46. artikuluak, 45. artikuluko 5. idatz-zatia, 72. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatiak eta xedapen iragankorra.

2._Indarrik gabe gelditu da Nafarroako naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 27. artikuluko 2. idatz-zatia.

Azken xedapenetako lehenbizikoa. Erregelamendu bidezko garapenerako gaikuntza.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio behar adina xedapen eman dezan foru lege hau garatu eta betearazteko.

Azken xedapenetako bigarrena. Nafarroako Gobernuari baimena ematea lege testuak bategin ditzan.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege honek indarra hartzen duenetik hasita sei hilabeteko epean, gehienez ere, legegintzako foru dekretu baten bidez Nafarroako oihan ondarea babestu eta garatzeari buruzko legezko xedapen indardunen testu bategina taxutu eta onets dezan, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 21. artikuluaren babespean.

Azken xedapenetako hirugarrena. Indar hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta bi hilabetera hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2007ko otsailaren 21ean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea