16!2007forulegea,jokoariburuzkoa

16/2006 Foru Legea, Jokoari buruzkoa

Nafarroako Parlamentua

16/2006 FORU LEGEA, abenduaren 5ekoa, Jokoari buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

JOKOARI BURUZKO FORU LEGEA.

AURKIBIDEA.

Zioen azalpena

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Xedea, esparrua eta printzipio orokorrak

1. artikulua._Xedea eta aplikazio esparrua.

2. artikulua._Printzipio orokorrak.

II. KAPITULUA

Jokoak eta apustuak eta haien arauak

3. artikulua._Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoa.

4. artikulua._Joko eta apustu baimenduak.

5. artikulua._Joko eta apustu debekatuak.

6. artikulua._Joko eta apustuetarako materialak.

7. artikulua._Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroa.

8. artikulua._Plangintza.

9. artikulua._Nafarroako Jokoaren Kontseilua.

10. artikulua._Jokoen publizitatea.

11. artikulua._Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanak.

III. KAPITULUA

Jokoak eta apustuak antolatu eta ustiatzeko araubidea

12. artikulua._Baimena.

13. artikulua._Baimenak eman edo onartzeko modua.

14. artikulua._Baimenen araubidea.

15. artikulua._Bermeak.

16. artikulua._Jokoak eta apustuak antolatu eta ustiatzeko ezgaituak daudenak.

II. TITULUA

Jokoak eta apustuak: definizioak eta betebeharrak

17. artikulua._Jokoak eta apustuak.

18. artikulua._Joko makinak.

19. artikulua._Apustuak.

20. artikulua._Loteriak eta txartel-jokoak.

21. artikulua._Zozketak eta tonbolak.

22. artikulua._Ausazko konbinazioak.

III. TITULUA

Jokoak eta apustuak egiteko baimenduriko toki, lokal eta establezimenduak

23. artikulua._Tokiak, lokalak eta establezimenduak.

24. artikulua._Kasinoak.

25. artikulua._Bingo aretoak.

26. artikulua._Joko aretoak.

IV. TITULUA

Baimenen titularrak diren enpresak, bertako langileak eta jokalariak

I. KAPITULUA

Joko enpresak

27. artikulua._Joko enpresak.

28. artikulua._Jakinarazi beharrak.

29. artikulua._Sozietate moduan antolatzen diren enpresak.

II. KAPITULUA

Joko enpresetako langileak

30. artikulua._Joko enpresetako langileen betebeharrak.

III. KAPITULUA

Jokalariak

31. artikulua._Eskubideak.

32. artikulua._Parte hartzeko debekuak.

33. artikulua._Erreklamazio liburua.

V. TITULUA

Jokoen eta apustuen ikuskapena eta kontrola

34. artikulua._Jokoen eta apustuen ikuskapena eta kontrola.

35. artikulua._Kontrolatzeko prozedurak.

VI. TITULUA

Zehapenen araubidea

I. KAPITULUA

Zehapenak ezartzeko ahalmena

36. artikulua._Zehapenen eskumena eta araubidea.

II. KAPITULUA

Arau-hausteak

37. artikulua._Arau-hauste administratiboak eta haien sailkapena.

III. KAPITULUA

Zehapen motak

38. artikulua._Arau-hauste oso larriak.

39. artikulua._Arau-hauste larriak.

40. artikulua._Arau-hauste arinak.

IV. KAPITULUA

Erantzuleak eta zehapenak

41. artikulua._Arau-hausteen subjektu erantzuleak.

42. artikulua._Zehapenak.

43. artikulua._Beste zehapen osagarri batzuk.

44. artikulua._Zehapenen mailaketa.

45. artikulua._Arau-hausteen preskripzioa.

46. artikulua._Zehapenen preskripzioa.

47. artikulua._Arau-hausteen eta zehapenen inskripzioa.

V. KAPITULUA

Kautelazko neurriak, delituak eta hutsegiteak

48. artikulua._Kautelazko neurriak edo aurreneurriak.

49. artikulua._Arau-hauste penalak.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Xedapen gehigarri bakarra._Genero edo efektu estankatuak.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehen xedapen iragankorra._Indarreko baimenen balioa.

Bigarren xedapen iragankorra._Tramitatzen ari diren zehapen prozedurak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Xedapen indargabetzaile bakarra._Indargabetzeen araubidea.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehenbizikoa._Betearazteko eta erregelamenduak emateko gaitasuna.

Azken xedapenetan bigarrena._Indar hartzea.

ZIOEN AZALPENA

I

Jokoari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legea onetsi zen Nafarroako Foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluaren 16. idatz-zatiaren arabera kasino, joko eta apustuen arloan Nafarroari dagokion erabateko eskumena garatzeko. Lege hark Nafarroan jokoa arautzeko esparru egoki bat osatu du luzaz.

II

Norberak jokatu edo ez jokatzeko duen askatasunetik abiaturik garai hartan bezala, egia da jokoa eta apustuak arautzeko zeuden inguruabarretariko batzuek dirautela gaur egun, bereziki babestea merezi duten balio batzuei eutsi beharrak eta sektorean diharduten interesak aldeztu beharrak. Eskuarki, inguruabar horiek direla-eta aginte publikoen esku-hartzea beharrezkoa da zuzenbideko arau-esparru bat ezartzeko, jardueraren garapen baketsua bermatu, jarduera horri muga batzuk finkatu, hartan parte hartzen duten guztien segurtasun juridikoa defendatu eta haien osasunean edo haien ekonomian kaltea hartzen dutenak babesten dituena.

Bestalde, azken urte hauetan, jokoa dinamismo handiko sektore ekonomikoa izan da. Berrikuntza teknologikoak, muga ekonomikoen desagertzeak negozioari dakarzkion aukerak, globalizazioa eta informazioaren gizartearen garapena _bereziki, telefoniaren, Interneten eta posta elektronikoaren erabileraren ondoriozko aukerak eta telebistako formatu batzuetako praktika_ direla eta, jokoak eboluzio arin eta hedakorra izan du, modu eta era berrietara bihurtuz. Modu horiek jokalarien artean arrakasta izan dute berehala. Hainbeste ezen gaur egungo gizartean jokatzeko baliabide eta aukerak askotarikoak eta ezberdinak baitira. Batzuetan, arauturik dauden esparruetatik kanpo antolatzen diren joko eta apustu egiazko edo birtualetan parte hartzeko aukera kontuan harturik, zaila da lehen aipatu diren balio eta interesak zaintzea.

III

Ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legeak indarra izan duen bitartean eskumen hori kudeatzen eta hari dagozkion eskumenak erabiltzen izaniko esperientziagatik, jokoaren araubidea indarra duen Zigor Kodera egokitu beharragatik, jokoa gero eta zail, nahasi eta sendotuagoa den errealitate bihurtu dela konturatzeagatik, arlo batzuk arautzean eta arautzeko atzeman diren arazoengatik eta enpresen ekintza askatasuna, gure sistema konstituzionalak onetsia, jardueraren kontrol administratiboarekin, beharrezkoa denarekin, bat etorrarazi nahi izateagatik, komeni da gaur egungo lege-esparrua aldatzea, beste bat, segurtasun juridikoa bermatzen duena eta jokoa gaur egungo egoera sozial eta ekonomikora egokitzeko gutxieneko bide juridikoak arautzen dituena, ezartzearren. Esparru berri horrek enpresen eskaintza eta gizartearen eskaria arautzen ditu, eta berrikuntza teknologiko eta garapen iraunkorraren menpe dagoen arlo baten arauzko eta beharrezko egokitzapenari aurre egiten ahalko dio. Labur bildurik, esparru horrek bide emanen du unean uneko inguruabarrekin bat datorren joko politika arintasunez garatzeko.

IV

Foru lege honek helburu horietarako erantzunak ematen ditu, eta honako egitura dauka: sei titulu, hamaika kapitulu, berrogeita bederatzi artikulu, xedapen gehigarri bat, bi xedapen indargabetzaile eta azken bi xedapen.

V

"Xedapen orokorrak" deritzon I. tituluan araubidearen xedea, aplikazio esparrua eta printzipio orokorrak zehazten dira. Jardueraren definizio zabal batetik abiatzen da. Gero, denbora-pasa edo josteta hutsak diren jarduerak baztertzen ditu. Izan ere, horietan ez da dirurik eskualdatzen edo, eskualdatuz gero, oihartzun gutxi dute gizartean eta garrantzi gutxi ekonomian, horietan entretenitzea garrantzitsuagoa baita jokalarientzat dirua irabaztea baino eta beraz horietan dihardutenen osasunak edo ekonomiak ez dute kalterik hartzen.

Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoa eta Erregistroa oinarrizko egiturak dira joko baimendu eta debekatuak zehazteko eta joko baimenduak kudeatu eta garatzeko. Hala ere, katalogoaren edukien oinarrizko eta orotariko definiziotik abiaturik, haien zurruntasuna malgutu nahi da. Izan ere, zurruntasun horrek bete-betean jotzen du sektorearen dinamismo handiaren kontra, eta sektorea irekia izatea bilatu nahi da. Labur bildurik, horrek bidea emanen du gaur egun baimendurik dauden joko eta apustuen zerrenda katalogo edo erregistroan biltzeko eta bertan sor litezkeen beste batzuk arintasunez sartzeko, gizartean edo ekonomian duten oihartzun eta garrantziagatik haiek arautzea komenigarritzat jotzen denean.

Titulu berean baimenak emateko oinarrizko araubidea eta haien titular ez izateko edo ezgaitzeko zergatikoak zehazten dira. Alde batetik, kontzeptuak Zigor Kodeari lotuko zaizkio. Bestetik, saihestuko da pertsona juridikoek berehala jokoak edo apustuak antolatu edo ustiatzeko baimena galtzeko aukera, haien bazkide edo partaideetariko baten bat inguruabar haietariko batean dagoenean. Ondorio hori bakarrik sortuko da joko enpresa zuzendu edo administratzeko eginkizun garrantzitsuak esleiturik dauzkatenendako, bazkideak izan edo ez.

Halaber, jokoan eta apustuetan erabiltzen diren material eta osagaiei buruzko araubidea eta haien publizitatea zehazten dira. Araubidea aldatzen da. Babesa eta publizitate informatiboa posible izanen dira.

Azkenik, jarduera planifikatzeko irizpideak aipatzen dira. Nafarroako Jokoaren Kontseiluaren sorrera ere mintzagai da. Foru Komunitatean jokoa eta apustuak arautzen eta kudeatzen interesaturik dauden sektore guztiek parte hartzeko organoa da.

VI

II. tituluak "Jokoak eta apustuak: definizioak eta betebeharrak" du izenburu. Araubidearen xede diren joko eta apustuen orotariko definizio zabala biltzen du. Joko eta apustuak Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoan zehatz jasoko dira. Definizioan baimentzen ahal diren joko guztiak sartzen dira. Joko makinak, apustuak, loteriak, txartel-jokoak, zozketak, tonbolak eta ausazko konbinazioak zehazten dituzten oinarrizko oharren berariazko zehaztapenarekin osatuko da.

VII

III. tituluak "Jokoak eta apustuak egiteko baimenduriko toki, lokal eta establezimenduak" du izenburu. Horretan xedatzen da toki horietan bakarrik bertarako berariaz baimenduriko joko eta apustuak egiten ahalko direla eta, bertan joko makinak paratzeko baimena emanez gero, enpresa operadoreek bakarrik ustiatzen ahalko dituztela, orain arte bezala.

VIII

IV. tituluak "Baimenen titularrak diren enpresak, bertako langileak eta jokalariak" du izenburu. Bertan bereizten dira, alde batetik, behin betikoz jokoak edo apustuak antolatzen eta ustiatzen jardun nahi duten pertsona fisiko edo juridikoak eta bakarrik aldi baterako eta, bestetik, bolada batez erregelamenduen bidez zehazten diren jokoetariko bat _ausazko konbinazioak, kasu_ antolatu nahi dutenak. Horrenbestez, lehenbizikoek bakarrik antolatu beharko dute joko enpresa gisa eta kasuan kasuko erregistroetan inskribatu. Horrekin batera, honako alderdiak biltzen dira: joko enpresen definizioa, sozietate moduan antolatzen diren enpresen betebeharrak eta horien partaidetza motak, zuzendaritza edo ordezkaritza organoak izendatu baino lehen hori administrazio publikoari jakinarazteko beharra, sozietate horien akzioen edo partaidetzen eskualdatzea ere jakinarazteko beharra, eta bestelako datu batzuk, halaber, administrazio publikoari jakinarazteko beharra. Halaber, jokoak eta apustuak antolatu eta egiteko baimenen titularrek bermeak emateko beharra ezartzen da, eta zer baldintza bete behar dituzten, horien artean, besteak beste, zuzendarien, akziodunen eta joko enpresetan diharduten langileen eta beren familien jardueren mugak, baita erabiltzaile edo jokalarien eskubideak eta debekuak ere.

IX

V. tituluak "Jokoen eta apustuen ikuskapena eta kontrola" du izenburu. Bertan jokoen eta apustuen ikuskapena eta kontrola arautzen da. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko funtzionarioen artetik eginkizun haiek dagozkienak agintaritzako agentetzat joko dira. Funtzionario horiek egiten dituzten ikuskapen aktek egiazkotasun ustea izanen dute eta bertan kontatzen diren egintzetarako frogatako balioko dute, bestela frogatu ezik. Presa handiko kautelazko neurriak hartzeko eskumena emanen zaie. Azkenik, jokoak eta apustuak kontrolatzeko ezar litezkeen sistema informatiko eta telematikoetako oinarriak finkatzen ditu.

X

Azkenik, VI. tituluak, "Zehapenen araubidea" izenekoak, honakoak biltzen ditu: arau-hauste administratiboen definizioa, arau-hausteen mailaketa (oso larriak, larriak eta arinak), haien erantzuleen salaketa, zehapenak ezartzeko prozedura eta zehapenen zenbatekoen mailaketa biltzen ditu.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

I. KAPITULUA

Xedea, esparrua eta printzipio orokorrak

1. artikulua. Xedea eta aplikazio esparrua.

1. Foru lege honen xedea da mota guztietako joko eta apustuak Nafarroako Foru Komunitatean arautzea, haren eskumenen arabera. Haietatik aparte, zuzenean edo zeharka dirua, ondasunak edo ekonomikoki ebaluatzekoak diren eskubideak arriskatu edo eskualdatzen direneko jarduerak ere arautzen dira, ausazko edo ia ausazko prozesuen emaitzetan oinarritzen badira edo gertatzen ahal den edo ez zerbaiten iragarpenean oinarritzen badira, edozein direlarik jokalariek parte hartu eta aukerak hautatzeko duten nahia adierazteko erabiltzen diren modu eta baliabideak eta edozein delarik haien gaitasun edo trebetasunak edo zori hutsak emaitzan duen eragina.

2. Denbora-pasa edo josteta hutseko joko edo apustuak foru lege honen esparrutik kanpo geldituko dira; hain zuzen ere, betebehar ekonomikorik sortzen ez dutenak eta, halaber, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren arabera gizartean oihartzun gutxi dutenak edo eginbehar ekonomikoei dagokienez garrantzi gutxikoak direnak.

2. artikulua. Printzipio orokorrak.

Nafarroako Foru Komunitatean jokoak eta apustuak arautu, antolatu, ustiatu eta egiteko printzipio hauei jarraitu beharko zaie:

a) Hirugarrenei jasan ditzaketen kalteak saihestea, bereziki sektorerik ahulenei, hala nola adingabeei eta ezgaituei.

b) Segurtasun polizia eta pertsonak eta ondasunak babesteko ardura.

c) Enpresaburuen eta jokalarien segurtasun juridikoa, jokoen erregulartasuna eta gardentasuna, eta iruzurra debekatzea jokoen garapenean eta enpresaburuen eta jokalarien jardueran.

d) Sariak pagatzeko bermea.

e) Jokoen eskaintza gizartearen eskariarekin eta errealitate ekonomikoarekin bat etortzea.

II. KAPITULUA

Jokoak eta apustuak eta haien arauak

3. artikulua. Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoa.

1. Nafarroako Gobernuari dagokio Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoa arautzea, bertan jokoak sartu eta, bidezko bada, bertatik kentzea, eta haietariko bakoitzari buruzko berariazko erregelamendua onestea.

2. Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoan foru lege honetan arautzen direnen ezaugarriak dituzten joko eta apustu guztiak sartuko dira, edozein delarik haiek egiten direneko baliabideak, materialak eta arauak, ausaz aukera batzuk sortzen dituen zoria eta ziurgabetasuna badute eta jokalariek ondoriozko betebehar ekonomikoak beren gain hartzen badituzte.

3. Ez dira Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoan sartuko pertsonen eskubideak urratzen ahal dituzten joko edo eskubideak, eta joko eta apustuak arautzeko foru lege honetako 2. artikuluan aipatzen diren printzipio orokorren edo interes publikoaren kontra jotzen dutenak ere ez.

4. artikulua. Joko eta apustu baimenduak.

Joko edo apustu bat baimendu ahal izateko, ezinbesteko betebeharra izanen da aldez aurretik Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoan sartzea, non haren izena, haren motak, haren deskripzioa eta hura garatzeko funtsezko arauak zehaztuko baitira eta, bidezko bada, haiek antolatu eta egiteko murriztapen eta mugak ere bai.

5. artikulua. Joko eta apustu debekatuak.

Nafarroako Joko eta Apustuen Katalogoan sarturik ez dauden joko eta apustuak eta sarturik egonik ere bertan ezarririko baldintza, murriztapen eta mugetatik aparte egiten direnak legez debekatuak izanen dira eta haiei loturiko dirua, efektuak eta materiala bahituko dira, kasu bakoitzean aplikatzekoak diren zehapenez gain.

6. artikulua. Joko eta apustuetarako materialak.

1. Jokoak eta apustuak betiere aldez aurretik homologaturiko ereduekin bat datozen materialekin eginen dira, salbu eta berariazko erregelamenduetan joko edo apustu batzuei dagokienez bestela xedatu ezik.

2. Arlo honetan eskumena duen Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko organoari dagokio joko eta apustuen material, osagai eta tresnak, Nafarroan erabili behar direnak, homologatzea.

7. artikulua. Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroa.

1. Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroak, publizitaterako, ohar batzuk bilduko ditu bere ataletan:

a) Jokoen material eta osagaien egileak.

b) Eredu homologatuak.

c) Joko enpresei buruzko eta joko eta apustuak antolatu eta kudeatzeko baimenen titularrak diren pertsona fisiko eta juridikoei buruzko datuak.

d) Joko makinen operadoreak.

e) Jokoak eta apustuak egiteko baimena duten toki, lokal eta establezimenduak.

f) Joko makinak instalatzeko baimenak.

g) Joko makinak ustiatzeko baimenak.

h) Titulartasun aldaketak.

i) Ireki diren zehapen prozedurak, baita ezarri diren zehapenak ere, behin irmo bilakatu ondoren, eta, orobat, zehapenen ezeztapenak, preskripzioaldia bukatzen denean.

j) Joko jarduerei eta apustuei buruzko beste datu interesgarri batzuk, baita inskribatzen diren datuen aldaketak ere.

2. Nafarroako Gobernuak Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroaren antolamendu eta funtzionamendurako arauak ezarriko ditu.

8. artikulua. Plangintza.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak jokoa eta apustuak planifikatzeko ahalmena izanen du, ondoko hauek kontuan harturik: gizarteko errealitatea eta jardueraren eragina, jardueraren ondorio ekonomikoak eta zerga arlokoak, jokoa dibertsifikatu beharra eta, azkenik, jokabide monopolistikoak edo lehiaren kontrakoak direnak saihestu beharra. Hori helburu, baimenak emateko irizpideak ezarriko ditu, bai kopuruari dagokionez, bai lurralde banaketari dagokionez, baita lortzeko behar diren baldintza objektiboei dagokienez ere.

9. artikulua. Nafarroako Jokoaren Kontseilua.

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Jokoaren Kontseilua eratuko du, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan jokoaren eta apustuen arloko eskumena esleitua duen departamentuari atxikia. Jokoaren eta apustuen arloan aholku eman eta parte hartzeko organoa izanen da eta bertan parte hartuko dute bai lehentxeago aipatutako administrazioaren departamentuak, bai jokoaren eta apustuen arloan eskumena duten beste departamentu batzuek, baita arlo horretan interesa duten enpresa erakunde, sindikatu eta gizarte erakunderik adierazgarrienek ere.

10. artikulua. Jokoen publizitatea.

1. Jokoari edo apustuei buruz eta/edo jokatzeko edo apustuak egiteko lokal eta tokiei buruz publizitatea egiteko eta jarduera horiei babesa emateko, aurretik arlo horretan Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan eskumena duen departamentuari jakinarazi beharko zaio. Jakinarazpenean egin nahi den kanpainaren edo jardueraren datuak adierazi beharko dira, hasi baino hilabete bat lehenago gutxienez.

2. Joko eta apustuen arloan eskumena duen departamentuak ahalmena izanen du proposatzen den jarduera debekatu edo baldintzatzeko, jardueraren ondorioz edo jarduerak bultzatutako indarkeriaren ondorioz antolamendu juridikoan ezarritako askatasun edo eskubideei kalte egiten bazaie edo sektore sentiberaren bat erabili edo haiei kalte egiten bazaie (adingabeei, ezintasunak dituztenei edo, ahulak izanik, babestu beharreko beste pertsona edo giza-taldeei).

11. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekiko harremanak.

Harremanak izateko eta espedienteak tramitatzeko, bide telematiko eta elkarreragileak erabil daitezke, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak ezartzen dituen irizpideei jarraikiz. Horiez gainera, administrazio prozedura erkideari buruzko legedian onartzen diren baliabide orokorrak ere erabil daitezke.

III. KAPITULUA

Jokoak eta apustuak antolatu eta ustiatzeko araubidea

12. artikulua. Baimena.

1. Katalogaturik dauden joko eta apustuak antolatu eta ustiatzea, eta, orobat, jokatzeko eta apustuak egiteko lokal edo establezimenduak ireki eta erabiltzea, edo horretarako guneak erabiltzea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren menpeko erakundeen esku edo joko enpresen esku egonen da bakar-bakarrik. Joko modalitate jakin batzuetan, hala ezarriz gero, pertsona fisiko edo juridikoek ere egiten ahalko dute, salbuespen gisa eta aldi baterako, baina horretarako, aurretik, kasuan-kasuan gaiaren arabera eskumena duen Foru Komunitateko organoaren administrazio baimena beharko dute.

2. Joko eta apustu modalitate batzuk komunikazio araubidearen menpe jartzen ahalko dira, ekonomian eta gizartean eragin txikiagoa badute, sustatzaileak joko enpresak ez badira eta azken helburua zein den begiratuta.

13. artikulua. Baimenak eman edo onartzeko modua.

1. Baimena lortu nahi dutenek behar bezala eskatu beharko dute, eskaerari erregelamenduz ezarrita dagoen dokumentazio guztia erantsiz. Artikulu honetako 2. artikuluan ezarritakoa aplikatu beharra dagoenean izan ezik, baimena eman edo ukatzeko epea hiru hilabetekoa izanen da. Epe hori ebazpen adierazirik eman eta jakinarazi gabe igarotzen bada, interesduna baimena administrazio-isiltasunez ukatu zaiola ulertzeko legitimatua egonen da, deusetan galarazi gabe organo eskudunak eman beharreko ebazpen adierazia.

2. Foru lege honen 8. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Nafarroako Foru Komunitatean joko jardueraren eta apustuen esparru jakin bateko baimen kopurua murrizten bada, baimenak lehiaketa publikoaren bidez emanen dira. Kasu horretan, baimena lortu nahi duten interesdun guztiek parte hartu beharko dute lehiaketan, deialdian ezartzen den moduan eta epean. Lehiaketa deialdiko oinarrietan ezarritakoaren arabera ebatziko da. Lehiaketa ebazteko deialdian ezartzen den epea bukatuz gero, interesduna legitimatua izanen da bere eskaera administrazio isilbidez ezetsi dela ulertzeko.

14. artikulua. Baimenen araubidea.

1. Baimenak jardunaldi batera edo batzuetara mugatutako ekintzetarako izan daitezke, edo joko eta apustuen arloan denbora mugatu batean etenik gabe jarduteko (kasua bada, epe hori bukatuta, baimena berritzen ahalko dena) edo epe-mugarik gabe jarduteko.

2. Foru lege honen VI. tituluan ezartzen denaren arabera jartzen diren zehapenak deusetan galarazi gabe, baimenak emateko jartzen diren baldintzak betetzen ez badira, baimenak ezeztatu eta indargabetzen ahalko dira, bai, halaber, baimena eman zeneko garaian gertatu izanez gero baimena ezesteko arrazoia izanen zatekeen arrazoiren bat gerora gertatzen bada. Horrelako kasuetan, titularrak ez du kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izanen, ez batean ez bestean.

3. Baimenak ezin dira laga eta ezin dira hirugarren pertsonen bidez ustiatu, eta eskualdaketak ezartzen diren kasuetan eta baldintzetan baizik ez dira onartuko.

4. Joko edo apustuen enpresa edo negozio baten titulartasuna edo joko makinak instalatzeko baimena eskualdatuz gero, titular berriak beretzat hartuko ditu foru lege honetan ezarritakoaren arabera lehengo jabeak zituen betebeharrak.

5. Baimenak honako kasuetan iraungiko dira:

a) Baimena ezeztatu eta zehapena jarriz gero, foru lege honetan ezarritako kasuetan.

b) Baimenak epe-mugara iritsiz gero, deusetan galarazi gabe bidezko luzapenak egitea.

c) Titularrak uko eginez gero, Foru Komunitateko administrazioari jakinaraziz.

d) Administrazio zehapen irmo baten bidez titularra gaitasunik gabe utzi edo establezimendua itxiz gero.

e) Baimena iraungiz gero, erregelamenduz ezartzen diren baldintzetan.

f) Titularra hil edo haren nortasun juridikoa iraungiz gero, bidezko eskualdaketak galarazi gabe.

g) Epaileen epai irmo baten ondorioz, hala erabakitzen bada.

15. artikulua. Bermeak.

1. Joko edo apustuak antolatu eta ustiatzeko baimenen titularrek eta, halaber, jokatzeko eta apustuak egiteko lokalak edo aretoak ireki edo erabiltzeko baimenen titularrek behar den bermeak jarri beharko dituzte eta joko edo apustu bakoitzerako ezartzen diren baldintzak eta betebeharrak bete.

2. Baimen horien titularrek Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren aldeko fidantza bat utzi beharko dute, erregelamenduz ezartzen diren baldintzen eta zenbatekoen arabera.

3. Fidantza horiek foru lege honetan ezartzen diren betebeharrak betetzearen pean geldituko dira; batez ere, zehapen araubidearen ondoriozko erantzukizunei eta sarien ordainketari buruz ezarritakoa bete beharko da eta jokoei eta apustuei dagozkien tributu berezien ondoriozko beharkizunak.

4. Fidantzetan eskatzen ahal den gehieneko diru kopuruak eguneraturik egon behar du.

16. artikulua. Jokoak eta apustuak antolatu eta ustiatzeko ezgaituak daudenak.

1. Ondoko egoeraren batean daudenek ezin izanen dute foru lege honetan araututuko joko edo apusturik antolatu edo ustiatu, ez eta horretarako behar diren baimenak lortu ere:

a) Eskaeraren egunaren aurreko bost urteko epean, epai irmo baten bidez kondenatua izatea honelako delitu bat egiteagatik: pertsona bat hiltzea, lesioak, askatasun sexualaren kontrako delitua, ondarearen kontrakoa, ordenamendu sozioekonomikoaren kontrakoa, Ogasun Publikoaren edo Gizarte Segurantzaren kontrakoa edo faltsutasuna.

b) Errehabilitaturik gabe dauden porrot eginak eta, legearen arabera ordainketen etendura edo hartzekodunen konkurtsoa aginduta, kaudimen gabekoak deklaratu direnak edo hartutako betebehar guztiak bete ez dituztenak.

c) Azkeneko bost urteotan ebazpen irmo baten bidez zehatuak izatea, jokoaren eta apustuen gaineko tributuen arloko bi arau-hausteren edo gehiagoren ondorioz.

d) Ebazpen irmo baten bidez jokoak edo apustuak antolatu edo ustiatzeko desgaikuntza ekarri duen zehapena jaso dutenak, desgaikuntzaldiak iraun bitartean.

2. Baimena eman edo onartu ondoren ezgaitasun egoeraren batean sartuz gero, baimena galduko da eta ezin izanen da hurrengo bost urteetan berriz eskatu.

3. Artikulu honetan bildutakoa pertsona juridikoei ere aplikatuko zaie, baldin eta horien administratzaile edo ahalordedunak, Zuzendaritza Batzordeko edo Administrazio Kontseiluko kideak edo kudeaketako, zuzendaritzako edo administrazioko kargudunak edo zuzendaritzako beste organo batzuetako kideak halako egoeraren batean baldin badaude, joko enpresen akziodun edo parte-hartzaile izan ala ez izan.

II. TITULUA

Jokoak eta apustuak: definizioak eta betebeharrak

17. artikulua. Jokoak eta apustuak.

1. Foru lege honen ondorioetarako, joko edo apustutzat hartuko dira ondoko baliabide hauek erabiliz garatzen direnak, jokalaria jokalekuan egon ala ez, eta are informatika edo baliabide telematiko edo elkarreragileen bidez egiten direnak ere: alternatibak zuzenean nahiz zeharka hautatzea, inprimakiak betetzea, kartoiak, bileteak, txartelak edo joko paperak erosi edo hautatzea edo, kasuan kasuko ondare eskualdaketen oinarri diren aurreikuspenen, alderaketen edo konparaketen emaitza ausaz emateko balio duten makina, erruleta, taula, karta, dado, pilota, bola, xafla, fitxa edo beste elementu erreal edo birtual batzuk erabiltzea jokoaren euskarri gisara.

2. Ondorio horietarako, joko publikoak edo titulartasun publikokoak dira administrazio publikoak edo haren menpeko erakundeek antolatu edo ustiatzen dituzten joko eta apustuak, eta joko pribatuak edo titulartasun pribatukoak, berriz, partikularrek antolatu eta ustiatzen dituztenak, baimena emateko erabiltzen diren teknikak kontuan hartu gabe.

18. artikulua. Joko makinak.

1. Honako hauek hartzen dira joko makinatzat: erregelamenduz ezarriko diren ezaugarri eta mugak betez, partidaren prezioaren truke, makina erabili eta, jokoaren programaren edo ausazko sistema baten bidez, sari bat jasotzeko aukera ematen duten mekanismo eta gailuak, eskuzkoak edo automatikoak.

2. Joko makinatzat hartuko dira, orobat, joko, apustu, enbite edo zorizko osagairen bat izateagatik halakotzat jotzen direnak, betiere hurrengo idatz-zatian aipatzen diren salbuespenetan sartuta ez badaude.

3. Foru lege honetatik kanpo daude salmenta makinak, baldin eta erosleak aurretik aukeratzen dituen produktuak, salgaiak edo beste zerbitzu jakin batzuk mekanikoki trukatu edo saldu besterik egiten ez badute, betiere baldin eta jarritako diruak makinan bertan produktu horietarako adierazten den prezioarekin bat egiten badu eta produktua zuzenean ateratzen bada, inolako baldintzaren, aposturen, ausazko konbinazioren edo zorizko jokoren pean egon gabe, eta bai josteta hutseko makinak ere, ez badute inolako saririk ematen, ez zuzenean, ez zeharka, erabilera denbora errepikatzeko aukeraz gainera.

4. Nafarroako Gobernuak joko makinek bete beharreko baldintzak ezarriko ditu, bai eta, behar izanez gero, toki, lokal edo establezimenduetan jartzeko baldintzak ere.

19. artikulua. Apustuak.

Apustutzat hartzen dira ondasunak, eskubideak edo dirua arriskatzen dituzten jarduerak, zalantzazko edo ausazko bukaera duen eta aurretik adostuta dagoen gertakari baten emaitza asmatzearen edo ez asmatzearen arabera antolatzen direnak.

20. artikulua. Loteriak eta txartel-jokoak.

1. Loteria zozketa batean oinarritzen den jokoa da, non zenbaki jakin bat edo gehiago ausaz atera edo finkatzen den. Zenbaki horiekin guztiekin edo batzuekin bat datorren numerazioa duen bilete edo txartelen jabeek diruzko sari bat jasotzen dute, aurretik onetsitako sari-plan baten arabera, zozketaren egunarekin batera jokoaren esku-orrietan eta billete edo txarteletan aditzera eman beharko dena.

2. Txartel-jokoak dira salneurri baten truke erosleari egokitu zaion diruzko saria _halakorik bada_ berariaz erakusten duten txartelak erosiz egiten direnak. Saria ezezaguna izanen da denontzat, txartela ireki edo eskuz karraskatzen den arte. Joko mota hau bakarrik egin daiteke edo, bestela, aurretik adostuta dagoen beste batekin konbinatuz, eta betiere txartelaren salneurria eta litezkeen sariak adierazi beharko dira.

21. artikulua. Zozketak eta tonbolak.

1. Zozketa salneurri jakin baten truke joko paperak hartu edo erosi dituztenen artean ondasun edo eskubideak zozketatzen dituen jokoa da, gero diruz trukatu ezin direnak.

2. Tonbolak askotariko gauzen zozketak dira. Sariak momentuan jasotzekoak izan daitezke, edo hainbat puntu batu ondoren, edo geroko zozketa batean.

22. artikulua. Ausazko konbinazioak.

Ausazko konbinazioak beti marketineko operazioetan edo merkatuko produktu batzuen kontsumoa sustatzeko kanpainetan egiten diren jokoak dira, eta honetan oinarritzen dira: elementu jakin batzuen konbinazioak epe jakin batean osatzea. Konbinazioen elementuak aurretik zehaztuko dira edo ausaz aterako dira, eta jokalariei iragarri edo helarazi beharko zaizkie, zeinahi bide erabiliz. Konbinazioa zozketaren arauetan ezarri bezala osatuz gero, jokalariek zuzeneko sari bat jasoko dute edo hura esleitzeko zozketa batean hartuko dute parte, onesten diren arauei jarraikiz.

III. TITULUA

Jokoak eta apustuak egiteko baimenduriko toki, lokal eta establezimenduak

23. artikulua. Tokiak, lokalak eta establezimenduak.

1. Foru lege honetan biltzen diren xedapenak bertan arautzen diren joko edo apustuak egiten diren toki, lokal eta establezimendu guztietan aplikatuko dira.

2. Joko eta apustu baimenduak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak baimenduriko toki, lokal eta establezimenduetan baizik ezin dira egin, hots, kasinoetan, bingo aretoetan, joko aretoetan eta, foru lege honen 12. artikuluaren arabera, erregelamenduz ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen dituztenetan, kasuan kasuko baimenean biltzen diren zehaztapenekin betiere. Areto horietan baimendu diren joko eta apustuak eginen dira, ez besterik. Era berean, debekatuta dago toki, lokal edo establezimendu horietan edo horietatik beste arau batzuen bidez baimenduriko joko edo apustuak egin edo ustiatzeko lanetan lagundu edo parte hartzea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren baimenik izan gabe.

3. Baimenduriko toki, lokal edo establezimenduetako joko makinak horrelako makinen enpresa operadoreek baizik ezin dituzte ustiatu.

24. artikulua. Kasinoak.

1. Batik bat, ausazko joko esklusiboak egiteko lokalak dira, non batzuetan, zerbait pagatuta, beste ikuskizun edo josteta jarduera osagarri batzuetan parte hartzeko aukera dagoen.

2. Kasinoak irekitzeko baimenak ematea Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari dagokio, berak ezartzen dituen baldintzetan.

3. Kasinoak baimendu aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak hango plangintza onartu behar du, foru lege honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera.

25. artikulua. Bingo aretoak.

Bingo aretoak bingo izeneko loteria jokatzeko lokalak dira.

26. artikulua. Joko aretoak.

Joko aretoak joko makinak ustiatzen dituzten lokalak dira.

IV. TITULUA

Baimenen titularrak diren enpresak, bertako langileak eta jokalariak

I. KAPITULUA

Joko enpresak

27. artikulua. Joko enpresak.

Foru lege honen ondorioetarako, joko enpresak dira, merkataritza eta tributu arloetako arauetan eskatzen diren betekizunak betetzeaz gainera, Nafarroako Joko eta Apustuen Erregistroan inskribaturik egon eta, nork bere izenean, foru lege honetan araututako joko edo apusturen bat antolatu eta ustiatzeko enpresa jardueretan aritzen diren pertsona fisiko eta juridikoak.

28. artikulua. Jakinarazi beharrak.

1. Joko enpresak, datu pertsonalen babesari buruzko araudia betetzeaz gainera, enpresan lan egiten duten pertsonen gainean erregelamenduz ezartzen diren datuak jakinarazi beharko dizkiote Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari, bai eta kontrol, koordinazio eta estatistika arloetan dagozkion eginkizunak betetze aldera hark eskatzen dion gainerako informazioa ere.

2. Era berean, joko enpresetako ordezkaritza eta zuzendaritza organoetan gertatzen diren aldaketen berri eman beharko diote Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari, erregelamenduz ezartzen den epean.

29. artikulua. Sozietate moduan antolatzen diren enpresak.

1. Merkataritza sozietate gisa eratzen diren joko enpresek kapital osoa ordainduta izan beharko dute, zenbatekoei eta baldintzei dagokienez erregelamenduz ezarriko den bezala. Kapital hori sozietatearen partaidetzetan edo akzio izendunetan banatuko da eta sozietatearen estatutuetan berariaz adierazi beharko dira jokoaren sektorean xedetzat dituen jarduerak.

2. Joko enpresen akzio edo partaidetzak eskualdatu aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren organo eskudunari idatziz jakinarazi beharko zaio.

II. KAPITULUA

Joko enpresetako langileak

30. artikulua. Joko enpresetako langileen betebeharrak.

Jokoak edo apustuak ustiatu eta kudeatzeko sektorean lanbide jardueraren bat egiten duten pertsonek, joko enpresa baten akziodun edo partaide izan ala ez izan, betebehar hauek izanen dituzte:

a) Zigor-aurrekaririk ez izatea foru lege honen 16.1.a) artikuluan adierazitako egoeraren bat dela kausa.

b) Lanbide jarduera horretan hasi aurreko bi urteko epean, foru lege honetan larri edo oso larritzat hartutako arau-hauste bat dela kausa, ebazpen irmo baten bidez administrazio zehapenik jaso gabea izatea.

III. KAPITULUA

Jokalariak

31. artikulua. Eskubideak.

1. Jokalariek eskubidea dute begirunezko eta adeitasunezko tratua izateko, jokoaren eta apustuaren garapenari buruz behar dituzten argibide guztiak jasotzeko, indarpean edo mehatxupean aritu gabe libreki jokatzeko eta jokoa garbitasunez eta erregelamenduei jarraikiz egiteko.

2. Halaber, jokalariek eskubidea dute sariak kobratzeko, jasotzeko eskubidea sortu eta berehala.

32. artikulua. Parte hartzeko debekuak.

1. Joko eta apustueterako baimenen enpresa titularreko jabeek, akziodunek eta partaideek ezin izanen dute inola ere joko eta apustu horietan parte hartu, ezta enpresetako zuzendaritza taldekoek eta enplegatuek, haien ezkontideek eta lehen eta bigarren mailako aurreko ahaideek eta ondorengoek ere.

2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak joko aretoetara sartzea debekatzen ahalko die foru lege honen xedapenak hautsi eta zehapena jaso duten pertsonei eta beren borondatez hala eskatzen dutenei, debeku hori kentzeko libreki eskatzen duten arte.

3. Joko aretoetara sartzea debekatuko zaie adingabekoei, horditasun, droga-intoxikazio edo erotasun sintomak dituzten pertsonei eta armak edo arma gisa erabil daitezkeen objektuekin sartu nahi dutenei. Pertsona horiek guztiek ezin izanen dute jokatu, saria duten joko makinak erabili eta apustuetan parte hartu.

4. Orobat, joko aretoetara sartzeko debekua izanen dute epailearen erabakiaz horrela ezarrita duten pertsonek, hala nola ezgai, zarrastel edo maulazko porrotaren errudun deklaratu direnek, birgaitzen ez diren bitartean.

5. Joko establezimenduen titularrek, joko aretoetara sartzeko artikulu honetan aipatutakoak ez bezalako baldintza eta debekuak ezarri nahi izanez gero, horretarako baimena eskatu beharko diote Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren organo eskudunari.

6. Joko aretoek bisitariak onartzeko kontrol-sistemak ezarri beharko dituzte erregelamendu bidez finkatzen diren kasu eta baldintzetan.

33. artikulua. Erreklamazio liburua.

1. Jokatzeko baimena duten establezimenduetan, erreklamazio liburu bat egonen da jokalarien eta jokoa eta apustuak ikuskatu eta kontrolatzeko ardura duten funtzionario publikoen eskura.

2. Liburu horretan jasotako erreklamazioak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan jokoen eta apustuen arloko eskumenak dituzten organoari igorriko zaizkio, horretarako ezartzen den epean.

V. TITULUA

Jokoen eta apustuen ikuskapena eta kontrola

34. artikulua. Jokoen eta apustuen ikuskapena eta kontrola.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan zein departamentuk dituen kasino, joko eta apustuen arloko eskumenak, horrexek izanen du jokoari eta apustuei loturiko jarduerak ikuskatu eta kontrolatzeko ardura eta, beraz, horiek aztertu eta egiaztatzekoa.

2. Foru Komunitatearen esparruan jokoa eta apustuak ikuskatu eta kontrolatzeko agindua duten Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren funtzionarioak agintaritzaren agentetzat hartuko dira, eta, hortaz, indarra duen legeriak ematen dien babesa izanen dute. Gainera, ahalmena izanen dute jokoaren arloan indarra duten arauak betetzen direla ikuskatu eta zaintzeko, hala nola joko areto, lokal eta establezimenduak, makinak, liburuak eta agiriak aztertu eta beren lana hobeki burutu eta arau-hausteen aktak egiteko balio dezakeen informazioa jasotzeko.

3. Agintea aitortu zaien funtzionarioek emandako ikuskapen aktetan jasotzen diren gertaerei berezko egia eta froga-indarra aitortuko zaie, besterik frogatzen ez den artean.

4. Esku hartzen duten agintaritzaren agenteek baimendu gabeko joko eta apustuetan aritzeko joko makinak, materialak eta elementuak prezintatu, bahitu eta gordailatzeko ahalmena izanen dute, kautelazko neurri premiazko gisara. Zehapen-espedientea hasteko eskumena duen organoak neurri hori berretsi beharko du, hartzen denetik hasita hamar egun balioduneko epean.

5. Dagozkion baimenen edo establezimenduen titular diren pertsona fisiko edo juridikoak, haien legezko ordezkariak, eta, azken batean, ikuskapena egiten denean jardueren ardura duten langileak behartuta egonen dira ikuskatzaileei eta haien laguntzaileei erraztasunak emateko, lokaletara eta bertako gela guztietara sartu eta ikuskapen lana egiteko behar diren liburu, erregistro eta dokumentuak azter ditzaten.

35. artikulua. Kontrolatzeko prozedurak.

Datu pertsonalak babestearen gainean indar duten legerian ezarritakoa bete beharra galarazi gabe, eta foru lege honetan eta hura garatzeko araudietan agindutakoa betetzen dela bermatzeko ezartzen diren kontrol neurriak osatzeko, informatika eta telematika bidezko loturak jartzen ahalko dira datuak transmititzeko.

VI. TITULUA

Zehapenen araubidea

I. KAPITULUA

Zehatzeko ahalmena

36. artikulua. Zehapenen eskumena eta araubidea.

1. Jokoaren eta apustuen arloko zehapenak jartzeko ahalmena Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari dagokio.

2. Zehapen prozedura hasi eta zehapenak jartzea Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren barruan jokoaren eta apustuen arloko eskumenak dituen departamentuari dagokio.

3. Foru lege honetan eta legea garatzeko erregelamenduetan aurreikusten ez den orotan, zehatzeko ahalmena Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoaren araberakoa izanen da.

II. KAPITULUA

Arau-hausteak

37. artikulua. Arau-hauste administratiboak eta haien sailkapena.

1. Jokoaren eta apustuen arloko arau-hauste administratiboak dira foru lege honetan ezarritako ekintzak eta omisioak, baita zabarkeria hutsezkoak badira ere.

2. Jokoaren eta apustuen arloko arau-hausteak oso larriak, larriak edo arinak izan daitezke.

III. KAPITULUA

Arau-hausteen motak

38. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Indarra duen legeria betetzen ez duten joko elementuak fabrikatu, biltegiratu, banatu, merkaturatu, saldu, instalatu edo ustiatzea.

b) Joko edo apustu debekatuak edo behar den administrazio baimena ez dutenak antolatu, ustiatu edo egitea, hala nola horiek baimenik ez duten lokaletan edo toki baimenduetatik kanpo antolatu, ustiatu edo egitea.

c) Joko makinak edo elementuak instalatu edo ustiatzea behar den baimena izan gabe edo baimendutako kopurua gandituta.

d) Informaziorik ez ematea edo gezurrezko datuak nahiz agiriak aurkeztea, baimena lortzearren.

e) Emandako baimenak eskuordetu edo lagatzea, foru lege honetan eta legea garatzeko xedapenetan finkatutako baldintzak bete gabe.

f) Baimendutako apustuen edo sarien mugak aldatzea.

g) Homologatu edo baimendu gabeko joko makina zein elementuak erabiltzea, hala nola jokatzeko materiala iruzurrez ordeztea.

h) Jokoak edo apustuak manipulatzea jokalarien, apustu-egileen nahiz Nafarroako Ogasun Publikoaren kalterako.

i) Jokalari edo apustu-egileei irabazitako diru kopurua edo haren zati bat ez ematea.

j) Jokoak egiten diren areto, lokal edo establezimenduetan, joko edo apustuen baimenen titular, antolatzaile edo ustiatzaile diren enpresek, haien zerbitzuko langileek, establezimenduen zuzendaritzako taldekideek nahiz enplegatuek indarkeriaz, koakzioaz eta larderiaz tratatzea jokalariak.

k) Jokoak egiten diren areto, lokal edo establezimenduetan, joko edo apustuen baimenen titular, antolatzaile edo ustiatzaile diren enpresek, haien zerbitzuko langileek, establezimenduen zuzendaritzako taldekideek nahiz enplegatuek jokalariei eta apustu-egileei maileguak edo kredituak ematea, edo eman dakizkiela baimentzea.

l) Langileek eta zuzendaritzako kideek eta jokoa kudeatu, antolatu eta ustiatzen duten enpresa edo entitateetako akziodun eta partaidetzadunek, jokalari gisa, zuzenean edo beste pertsona batzuen bidez, enpresa horiek kudeatu edo ustiatzen duten jokoan parte hartzea, baita haien ezkontideek eta lerro zuzeneko lehen graduko aurrekoek eta ondorengoek ere.

m) Adingabekoei jokoak eta apustuak egiteko baimena ematea.

n) Baimenik ez duten pertsonek jokatzeko kartoiak, txartelak, boletoak edo billeteak saltzea, hala nola baimendutakoaz beste prezioan saltzea.

ñ) Jokoen eta apustuen edo horiek egiten diren lokal edo establezimenduen publizitatea egitea, hori debekaturik badago, edo, baimenduta egonik, ezarritako mugetatik at egitea.

o) Foru lege honetan ezarritako arauak betetzen direla bermatzeko hartutako kontrol neurriak ez betetzea.

p) Bi arau-hauste larrirengatik administrazio bideko zehapen irmotik bi urte igaro baino lehen beste arau-hauste larri bat egitea.

39. artikulua. Arau-hauste larriak.

Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Baimenik gabeko lokaletan nahiz baimenik ez duten pertsonek jokoak edo apustuak egiteko baimena ematea, berariazkoa edo isilbidezkoa; orobat, lokal horietan baimenik izan gabe joko makinak edo elementuak jarri eta ustiatzea edo baimendutakoak baino gehiago jartzea.

b) Baimendutako joko edo apustuak bestelako esparruetan ustiatzen laguntzea, horretarako baimenik ez duten lokaletan edo lokaletatik aritzeko bidea emanez.

c) Beharrezko baimenak emateko erabilitako baldintzak eta arauak haustea.

d) Foru lege honetan eta garatzeko arauetan ezarritakoaren arabera debekaturik duten pertsonei joko aretoetan sartzeko baimena ematea.

e) Joko enpresetako akziodunen edo sozietateko partaidetzaren aldaketen berririk ez ematea horiek egin aurretik.

f) Joko enpresen ordezkaritzako edo zuzendaritzako organoen aldaketen berririk ez ematea horretarako epean.

g) Ezarritako mugetatik behera gutxitzea joko edo apustuetarako sozietateen kapitala edo enpresen fidantzak, bai eta administrazioari abisu eman gabe soziateko akzioen edo partaidetzen edozein transferentzia egitea ere.

h) Baimenik gabe Katalogoko jokoak erabiltzea salmenta sustapenetan.

i) Agintaritzaren agenteen nahiz horretarako gaiturik dauden funtzionarioen ikuskapen, kontrol eta zainketa jarduerei uko egitea edo horiek eragoztea.

j) Organo eskudunei jokoak eta apustuak kontrolatzeko behar den informazioa ez ematea.

k) Agindutako liburuak, dokumentazioa eta euskarri informatikoak ez izatea edo gaizki eramatea. Orobat, erregelamenduaren arabera sarrera erregistroa egin behar duten joko aretoetara joaten diren pertsonen fitxategiak edo euskarri informatikoak ez izatea edo gaizki eramatea.

l) Foru lege honen eta legea garatzeko xedapenen arabera eskatzen ahal den agiririk ez gordetzea lokalean.

m) Joko makinak eskualdatzea behar den baimena izan gabe.

n) Joko establezimenduan eta baimendutako makinetan ez erakustea, zehazten diren tokietan, foru lege honetan ezarritako baimenen ziurtagiriak, hala nola legea garatzeko ematen diren xedapenetan ezartzen diren bestelako agiriak.

ñ) Ordaindu ezin izan diren sariak Nafarroako Ogasun Publikoaren esku ez uztea.

o) Baimendu gabeko jokoetan aritzea jokalari gisa.

p) Jokoan eta apustuetan aritzeko baimendutako areto, lokal eta establezimenduetan erreklamazio orririk ez izatea.

q) Jokoaren eta apustuen arloko eskumenak dituen organoari erreklamazioak ez igortzea erregelamendu bidez ezarritako epean.

r) Urtebeteko epean, bi arau-hauste arinengatik administrazio bidean zehapen irmoa jaso eta beste arau-hauste arin bat egitea.

40. artikulua. Arau-hauste arinak.

Foru lege honetan eta legea garatzeko erregelamenduetan ezarritako baldintzak edo debekuak ez betetzea ekartzen duten ekintzak nahiz omisioak, arau-hauste oso larriak edo larriak ez badira.

IV. KAPITULUA

Erantzuleak eta zehapenak

41. artikulua. Arau-hausteen subjektu erantzuleak.

1. Foru lege honetan araututako arau-hausteen erantzuleak horien egileak dira, pertsona fisikoak edo juridikoak izan.

2. Baimenaren titularra den joko enpresako zuzendaritza taldekideek eta administrariek, hala nola lokal edo establezimendu horien titularren enplegatuek arau-hausterik eginez gero jokoan edo apustuetan aritzeko areto, lokal edo establezimenduetan nahiz joko makinak dauden lokaletan, horien zerbitzuak kontratatu dituzten pertsonak edo entitateak ere erantzule solidarioak izanen dira.

42. artikulua. Zehapenak.

1. Aurreko artikuluetan sailkaturiko arau-hausteengatik ondoko diru-isunak jasotzen ahal dira:

a) Arau-hauste oso larriak, hogeita hamar mila eurotik seiehun milara bitarte.

b) Larriak, hiru mila eurotik hogeita hamar milara bitarte.

c) Arinak, hirurogei eurotik hiru milara bitarte.

2. Nafarroako Gobernuak isunen zenbatekoa urtero berrikusten ahalko du, egoera ekonomikora egokitzeko.

3. Ezin izanen da, inolaz ere, arau-haustearen ondorioz ateratzen den etekina isuna baino handiagoa izan. Horrelakoetan, zilegi izanen da isuna handitzea, lortutako etekina halako bi egin arte.

43. artikulua. Beste zehapen osagarri batzuk.

1. Arau-hauste oso larrien kasuan, eta kontuan harturik haien inguruko gorabeherak, isunaz aparte ondoko zehapen osagarriak jartzen ahalko dira:

a) Arau-hausleak eskuratutako baimen guztiak ezeztatzea, eta behin betikoz galtzea jokoa eta apustuak antolatu eta ustiatzeko gaikuntza, foru lege honen 16. artikuluan ezarri bezala.

b) Jokoan eta apustuetan aritzeko lokal eta establezimenduak behin betikoz itxi edo ezgaitzea.

c) Jokoak edo apustuak ustiatu edo jokoan nahiz apustuetan aritzeko lokalak irekitzeko arau-hausleak lortutako baimenak aldi batez etetea, bost urtez gehienez.

d) Jokoa eta apustuak antolatu eta ustiatzeko aldi batez ezgaitzea, foru lege honen 16. artikuluan ezarri bezala, bost urtez gehienez.

e) Jokoan eta apustuetan aritzeko lokala edo establezimendua aldi batez itxi edo ezgaitzea, bost urtez gehienez.

f) Jokoan eta apustuetan aritzeko enpresa, toki, lokal eta establezimenduetan lan egiteko aldi batez ezgaitzea, bost urtez gehienez.

g) Joko lokaletara sartzeko debekua.

h) Arau-haustearen makinak, materialak edo elementuak konfiskatu, gordailatu edo, zehapena irmoa denean, haiek desegin edo baliogabetzea.

2. Arau-hauste larrien kasuan, eta kontuan harturik haien inguruko gorabeherak, isunaz aparte ondoko neurri osagarriak jartzen ahalko dira:

a) Jokoak edo apustuak ustiatu edo jokoan nahiz apustuetan aritzeko lokalak irekitzeko arau-hausleak lortutako baimenak aldi batez etetea, urtebetez gehienez.

b) Jokoa eta apustuak antolatu eta ustiatzeko aldi batez ezgaitzea, foru lege honen 16. artikuluan ezarri bezala.

c) Jokoan eta apustuetan aritzeko lokala edo establezimendua aldi batez itxi edo ezgaitzea, urtebetez gehienez.

d) Jokoan eta apustuetan aritzeko enpresa, toki, lokal eta establezimenduetan lan egiteko aldi batez ezgaitzea, urtebetez gehienez.

e) Joko lokaletara sartzeko debekua.

f) Arau-haustearen makinak, materialak edo elementuak konfiskatu, gordailatu edo, zehapena irmoa denean, haiek desegin edo baliogabetzea.

3. Establezimendu baten jarduera nagusia ez bada jokoa, ezin izanen da hura ixtea ebatzi, baina kasu horretan ezgaitze-zehapena ezartzen ahalko da, eta, hortaz, bertan jokoa eta apustuak egiteko debekua ezarri, artikulu honetan aipatutako baldintza eta epeetan.

44. artikulua. Zehapenen mailaketa.

1. Zehapenak mailakatzeko, kontuan hartuko dira arau-haustea sortu duten ekintzen ezaugarriak eta kasuko gorabehera pertsonalak edo materialak, bereziki arau-hausleak nahita egin duen ala ez, sortutako kaltea, ekintzaren ondorio sozialak eta ekonomikoak eta behin baino gehiagotan egin diren. Betiere, arau-haustearen eta zehapenaren zenbatekoaren eta ondorioen arteko proportzionaltasun irizpideari jarraikiz jokatuko da.

2. Isunaz gain, arau-hauste bat egiteak berekin dakar Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari edo kaltetuei bidegabe eskuratutako dirua itzuli beharra.

45. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

1. Arau-hauste oso larriek hiru urteren buruan preskribatuko dute, larriek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan.

2. Preskripzio epea arau-haustea egiten den egunean hasiko da zenbatzen, eta zehapen prozedura hasten denean eten eginen da, interesduna horren jakitun bada.

46. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

1. Arau-hauste oso larriengatiko zehapenek hiru urteren buruan preskribatuko dute, larriek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan.

2. Zehapenen preskripzio epea zehapena ezartzen duen ebazpena irmotu eta biharamunetik hasiko da kontatzen.

47. artikulua. Arau-hausteen eta zehapenen inskripzioa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak, ofizioz, arau-hausteak eta zehapenak Nafarroako Jokoaren eta Apustuen Erregistroan inskribatuko ditu, dagokien atalean.

2. Halaber, jarritako zehapenen preskripzioa ere Nafarroako Jokoaren eta Apustuen Erregistroan jasoko da, behin foru lege honen 46. artikuluan ezarritako epeak iragandakoan.

V. KAPITULUA

Kautelazko neurriak, delituak eta hutsegiteak

48. artikulua. Kautelazko neurriak edo aurreneurriak.

Prozedura ebazteko eskumena duen organoak ahalmena izanen du noiznahi behin-behineko neurri batzuk ezartzeko, zertarako eta geroko ebazpena eragingarria izanen dela eta prozedura ongi bukatuko dela bermatzeko, interes orokorra defendatzeko, arau-haustearen ondorioak galarazteko eta, betiere, legeak betetzen direla bermatzeko. Besteak beste, ondoko behin-behineko neurriak hartzen ahalko dira:

a) Jarduera guztiz edo partez etetea.

b) Zentro, zerbitzu, establezimendu edo instalazioak ixtea.

c) Jokoan aritzeko materialak prezintatu, gordailatu edo bahitzea.

d) Fidantza galdatzea.

Behin-behineko neurriak hartzeko ebazpena eman baino lehen, interesdunari entzunaldia emanen zaio, gutxienez hamar egun baliodunez.

49. artikulua. Arau-hauste penalak.

Zehapen prozedura baten tramitazioan delitua edo hutsegitea izan daitekeen egintzarik antzematen baldin bada, kasua aztertzen ari den administrazio organoak horren berri emanen dio dagokion organo judizialari edo Ministerio Fiskalari, eta administrazio prozedura etenen du, epai irmoa edo prozesua bukatzen duen ebazpena ematen den arte. Deliturik edo hutsegiterik ez dagoela erabakitzen bada, jarraipena emanen zaio zehapen espedienteari, auzitegietan frogatutzat eman diren egintzetan oinarriturik, ezer frogatutzat eman bada.

Xedapen gehigarri bakarra._Genero edo efektu estankatuak.

Bingo kartoiak eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak baimendutako jokoetarako inprimakiak, billeteak, txartelak edo paperak egin, banatu eta ematea, bestelako agindurik ematen ez den bitartean, administrazio horri dagokio monopolio araubidean. Material hori genero edo efektu estankatutzat joko da, kontrabandoari buruzko legeriaren ondorioetarako.

Lehen xedapen iragankorra._Indarreko baimenen balioa.

Foru lege honek indarra hartu aurretik emandako baimenek indarra izanen dute haietan ezarritako epea bukatu arte.

Bigarren xedapen iragankorra._Tramitatzen ari diren zehapen prozedurak.

Foru lege honek indarra hartu aurretik hasitako zehapen prozedurak lehengo araudiei jarraikiz tramitatuko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra._Indargabetzeak.

Indarrik gabe uzten dira Jokoari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legea eta foru lege honetan ezarritakoaren aurkako arau guztiak.

Azken xedapenetan lehenbizikoa._Betearazteko eta erregelamenduak emateko gaitasuna.

Foru lege honek gaia dela-eta eskudun den kontseilariari zuzenean ematen dizkion eskurantzak galarazi gabe, gainerako aferetan ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena._Indar hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2006ko abenduaren 14an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea