3/2009 Legea, Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko Legea aldatzekoa

Eusko Legebiltzarra

3/2009 LEGEA, ABENDUAREN 23KOA, HAURRAK ETA NERABEAK ZAINTZEKO ETA BABESTEKO LEGEA ALDATZEKOA

EHAA 251/2009.12.31

ZIOEN AZALPENA

Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen xedea da haurrak eta nerabeak zaindu eta babestea, eta, hala, haien eskubide eta erantzukizunen erabilera bermatzea. Zehazki, honako hau du xede:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean bizi diren edo dauden haur eta nerabeei hau bermatzea: Konstituzioak, Haurren Eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioak, Haurren Eskubideen Europako Gutunak eta zuzenbide-antolamendu osoak ezagutzen dizkieten eskubideak erabili ahal izango dituztela.

b) Haurren eta nerabeen eskubideak eta ongizatea sustatzeko jarduerak edo haiek zaintzeko eta babesteko esku-hartzeak zein esparrutan egin behar diren ezartzea, haurrek eta nerabeek familia- eta gizarte-inguruneetan behar duten garapena bermatze aldera.

c) Babesgabezia-egoeran edo arrisku-egoeran dauden haur eta nerabeak babesteko arloan eta arau-hausle adingabeekin egin behar diren esku-hartzeen arloan jarduteko printzipioak zehaztea, bai eta eginkizun horretan eskumenen eta erakundeen esparrua mugatzea ere.

Lege horrek, V. tituluko I. kapituluan, erakunde-antolamendua ezartzen du, eta Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundea aurreikusten du haurren eta nerabeen eskubideak mehatxatzen edo urratzen diren egoeren aurkako defentsa-organo gisa, eta orobat Euskal Autonomia Erkidegoan bi gizatalde horiei buruzko sentikortzea eragiteko eta bi gizatalde horiek sustatzeko. Horretarako, legearen 96. artikuluan erakunde horren izaera juridikoa ezartzen da; 97. artikuluan haren eginkizunak arautzen dira; 98. artikuluan haren antolamendua ezartzen da eta 99. artikuluan haren finantzabidea aurreikusten da, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan urtero-urtero diru-izendapen bat eginez gauzatuko dena.

Hori gorabehera, indarrean dagoen zuzenbide-antolamenduari dagokionez, Arartekoaren Erakundea Sortu eta Arautzen duen otsailaren 27ko 3/1985 Legeak honako eginkizun hau esleitzen dio Arartekoari: herritarren eskubideak bermatzea administrazio publikoekin dituzten harremanei dagokienez.

Gainera, otsailaren 18ko 3/2005 Legeak berak, VI. tituluan, eskumen jakin batzuk esleitzen dizkie foru-aldundiei eta udalei haurren eta nerabeen eskubideen defentsaren inguruko sentiberatzearen arloan. Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak berretsi egin ditu eskumen horiek.

Hau da, lege horrek Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundeari aitortzen dizkion eginkizunak ondo betetzen dituzte dagoeneko udalek, foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak, edo Arartekoak berak. Hala bada, Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundea izateak eskumen-gatazkak sortzea eta eginkizunak edo zereginak gainjartzea ekar ditzake aipatutako administrazioei eta erakundeari dagokienez; hori aintzat hartuta komenigarria da, beraz, defentsarako erakunde hori kentzea.

Asmo horrekin, lege-aldaketa honen xedea da otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 96, 97, 98 eta 99. artikuluak indargabetzea.

Euskal Herriko Autonomia Estatutuari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak, "Euskal Herriari dagozkion konpetentziak" izeneko I. tituluko 10. artikuluaren 12 eta 39. paragrafoetan, eskumen esklusiboa ematen dio Euskal Autonomia Erkidegoari gizarte-laguntzaren eta komunitate-garapenaren arloan, baita emakumearen egoeraren arloan eta haurrentzako, gazteentzako eta hirugarren adinekoentzako politikaren arloan ere.

Artikulu bakarra. Indargabeturik geratzen dira Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen V. tituluko I. kapituluko 96, 97, 98 eta 99. artikuluak, lehenengo xedapen iragankorra, laugarren xedapen gehigarria eta bosgarren xedapen gehigarria, eta ezabatu egiten dira Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundeari buruz lege horretako 17.2.c, 80.2.k eta 93.2.k artikuluetan egiten diren aipamenak.

Xedapen Gehigarria

Lege hau indarrean sartzen den unean, Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundeari atxikitako baliabide ekonomikoak eta materialak Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari itzuliko zaizkio. Langileei dagokienez, funtzio publikoari buruzko arautegian ezarritako prozedurari jarraituko zaio funtzionarioentzat gordetako lanpostuak berratxikitzeko kasuetan.

Xedapen Iragankorra

Haurrek eta nerabeek jasaten dituzten mehatxu eta eskubide-urraketengatik sortutako kexa eta salaketen gainean Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundean kudeatzen ari diren espedienteak Arartekoari bidaliko zaizkio, aztertu eta ebatz ditzan. Gainerako espedienteak, berriz, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari helaraziko zaizkio.

Xedapen Indargabetzailea

Indarrik gabe geratuko dira maila bereko edo txikiagoko arau guztiak, lege honetan xedatutakoari aurka egiten diotenean edo harekin kontraesanean daudenean, eta, bereziki, Haurren eta Nerabeen Defentsarako Erakundearen antolamenduaren eta funtzionamenduaren erregelamendua ezartzen duen apirilaren 1eko 56/2008 Dekretua. Orobat, askatasunaz gabetzen duten neurriak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoko heziketa-zentroei buruzko apirilaren 21eko 80/2009 Dekretuaren 5.4 eta 40. artikuluek erakunde horri buruz egiten dituzten berariazko aipamenak.

Azken Xedapena

Indarrean sartzea

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

euskal legezalea