172007forulegea,uholdeenondoriozkokaltet

17/2007 Foru Legea, uholdeen ondoriozko kaltetuei laguntzeko neurriak

Nafarroako Parlamentua

17/2007 FORU LEGEA, maiatzaren 16koa, Aurtengo maiatzeko lehenengo astean Nafarroako Foru Komunitateko iparraldean gertatutako uholdeen ondoriozko kaltetuei laguntzeko neurriak ezartzen dituena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela,

FORU LEGEA, AURTENGO MAIATZEKO LEHENENGO ASTEAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO IPARRALDEAN GERTATUTAKO UHOLDEEN ONDORIOZKO KALTETUEI LAGUNTZEKO NEURRIAK EZARTZEN DITUENA.

Maiatzeko lehenengo astean Nafarroako iparraldean gertatu diren uholdeen ondorioz, zenbait udalerrik kalteak eta galerak jasan dituzte toki azpiegituretan, auzoen ondareetan, jarduera ekonomikoaren sektore batzuetan eta Foru Komunitatearen zenbait azpiegituratan. Hori dela medio, beharrezkoa da neurriak hartzea pertsonek eta entitateek izandako kalteak arintzeko.

Berriki, martxoan eta apirilean Nafarroako Foru Komunitateko zenbait tokitan izandako uholdeen ondorioz, Nafarroako Parlamentuak maiatzaren 4ko 16/2007 Foru Legea onetsi zuen, uholde horietan kalteak jasan zituztenei laguntzeko neurriak ezartzeko.

Bi kasuak nahiko antzekoak direla kontuan harturik, izan ere kasu bietan ibaiek gainezka egin eta hondamendia ekarri baitute, bidezkoa da maiatzaren 4ko 16/2007 Foru Legean aurtengo martxoan eta apirilean gertatutako uholdeetarako ezarritako neurri berberak aplikatzea maiatzeko uholdeei ere.

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da aurtengo maiatzeko uholdeetan kalte hartutako pertsona eta entitateen aldeko neurri batzuk ezartzea, euriteak kalteak eragin baititu Nafarroako Foru Komunitateko herri batzuetan. Nafarroako Gobernuak onetsiko duen zerrendan agertuko dira pertsona eta udalerri horiek.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Aurreko artikuluan aipatutako pertsona eta entitateei maiatzaren 4ko 16/2004 Foru Legean ezarritako neurriak aplikatuko zaizkie. Foru lege horren bidez, zenbait neurri hartu ziren aurtengo martxoan eta apirilean Nafarroako Foru Komunitatean izandako uholdeen ondoriozko kaltetuei laguntzeko.

3. artikulua. Kreditu berezia Toki Administrazioko Departamentuarentzat.

5.136.000 euroko kreditu berezia onetsi da Toki Administrazioko Departamentuak dituen beharrei aurre egiteko. Orobat, diru horren kontura 1. artikuluan aipatutako entitateei dirulaguntzak ematea onetsi da, udalen eta kontzejuen eskumenekoak diren zerbitzuetako azpiegituren konponketa %100ean finantzatzeko, betiere azpiegitura horiek 2005-2008 aldirako Toki Azpiegituren Planari buruzko urriaren 29ko 12/2004 Foru Legean badaude.

Dirulaguntzak emateko behar den kreditu berezia 2007ko gastuen aurrekontu indarduneko kontusail berri bati aplikatuko zaio; hain zuzen, "Hitzarmenak maiatzeko ohiz kanpoko uholdeek ukitutako toki entitateekin, oinarrizko toki azpiegiturak konpontzeko" izeneko 211003-21300-7609-942400 kontusailari.

4. artikulua. Kreditu osgarria Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuarentzat.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari 300.000 euroko kreditu osagarria eman zaio, ibaiak hobetzeko eta obra hidraulikoak egiteko Nafarroako toki entitateei ematen zaizkien laguntzen 2007ko deialdiko diru-zuzkidura handitzeko. Laguntza deialdi hori Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren martxoaren 5eko 117/2007 Foru Aginduaren bidez onetsi zen.

Kreditu osagarri hori 2007ko gastuen aurrekontu indarduneko "Ibaiak hobetzea eta obra hidraulikoak egitea" izeneko 330001- 31100-7609-452300 kontusailaren kargura ordainduko da.

5. artikulua. Kreditu osagarria Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuarentzat.

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari 2.584.000 euroko kreditu osagarria eman zaio, uholdeen ondorioz kaltetutako bide-azpiegitura publikoak konpontzeko lanak egiteko.

Kreditu osagarri hori 2007ko gastuen aurrekontu indarduneko "Uholdeek kaltetutako herri lanetako azpiegiturak garbitu eta berritzeko obrak" izeneko 621001-61210-6010-453307 kontusailaren kargura ordainduko da.

6. artikulua. Kreditu osagarria Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuarentzat.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari 700.000 euroko kreditu osagarria eman zaio, nekazaritzako azpiegituretan eragindako kalteei eta nekazaritzako ustiapenetan izandako errenta galerari aurre egiteko finantza beharrei erantzuteko.

Kreditu osagarri hori 2007ko gastuen aurrekontu indarduneko kontusail hauei aplikatuko zaie: 600.000 euro "Titulartasun publikoko nekazaritza azpiegituretan eragindako kalteak konpontzeko laguntzak" izeneko 720001-72120-7609-414305 kontusailari eta 100.000 euro "Ohiz kanpoko uholdeengatik azpiegitura pribatuetan izandako kalteak ordaindu eta errenta galera arintzeko laguntzak" izeneko 710000-71210-4700-412107 kontusailari.

7. artikulua. Finantziazioa.

Aurreko artikuluetan adierazitako kreditu bereziaren eta kreditu osagarrien finantziazioa 2007ko aurrekontu indardunean "Aurreko ekitaldietako soberakina aplikatzea" izena duen 112001-11410-8700- 000000 kontusailean dauden soberako diru-sarreren kargura eginen da, guztira 8.720.000 euro.

Azken xedapenak

Lehenbizikoa._Garapenerako baimena.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena._Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2007ko maiatzaren 16an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea