5/2012 Errege Lege Dekretua, auzi zibil eta merkataritzazkoetako bitartekaritzari buruzkoa

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

5/2012 Errege Lege Dekretua, martxoaren 5ekoa, auzi zibil eta merkataritzazkoetako bitartekaritzari buruzkoa

ZIOEN AZALPENA

Zuzenbide estatuaren funtsezko eginkizunetako bat herritarren eskubideen babes judiziala bermatzea da.

Eginkizun hori betetzeko, ezinbestekoa da kalitateko justizia ezartzea, gizarte moderno eta, aldi berean, konplexuan sortzen diren gatazka guztiak konpontzeko gauza izango dena.

Hori dela eta, iragan mendeko 70eko hamarkadaz geroztik, ordezko sistema berrietara jo du gizarteak gatazkak konpontzeko orduan; sistema horien artean, bitartekaritza nabarmentzen da, gero eta garrantzi handiagoa hartu baitu Justizia Administrazioaren tresna osagarri modura.

Bitartekaritzak dituen abantailen artean, azpimarratzekoa da alderdien arteko gatazka jakin batzuei irtenbide praktiko, eraginkor eta errentagarriak emateko duen ahalmena; horregatik, hain zuzen, prozesu judizialaren edo arbitraje bidearen ordezko aukera da, bai eta ezberdina ere.

Bitartekaritzan, profesional neutral batek esku hartzen du, alderdiei gatazka beren kabuz modu ekitatiboan konpontzen laguntze aldera; hala, azpiko harremanei eusteko eta gatazkaren amaiera kontrolatzeko aukera ere izaten dute alderdiek.

Figura horrek Espainian azken urteotan gorakada handia izan duen arren –autonomia erkidegoen esparruan bereziki–, orain arte ez da egon gai zibiletan eta merkataritzakoetan aplikatzeko moduko bitartekaritzaren antolamendu orokorrik; ez zuen, bestalde, jurisdikzio arruntarekiko lotura bermatzen, era horretan bitartekaritzaren lehenengo ardatza garatu ahal izateko: gai jakin batzuk auzitegietatik ateratzea, alegia.

Bitartekaritza, autokonposizio formula gisa, eztabaidak konpontzeko tresna eraginkorra da, gatazka juridikoak eskubide subjektibo erabilgarriei eragiten dienean.

Bake juridikoa erdiestera zuzendutako erakundea denez, antolamendu juridikoaren sektore honetan, justizia auzitegiak azken aukera gisa hartzen laguntzen du, egoera alderdien borondate hutsez konpontzerik ez dagoen kasuetarako. Era berean, oso baliagarria izan daiteke auzitegien lan karga murrizteko, eta haien esku hartzea alderdiak eztabaida akordioaren bidez konpontzeko gauza izan ez diren kasuetara mugatzeko.

Errege lege dekretu honek, bestalde, Espainiako Zuzenbidean txertatu du Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko maiatzaren 21eko 2008/52/EE Zuzentaraua, gai zibilen eta merkataritza-gaien inguruko bitartekaritzako alderdi batzuei buruzkoa.

Dena den, bitartekaritzaren erregulazioa Europar Batasuneko arau horren edukitik harago doa, eta uztailaren 8ko 15/2005 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren ildoa hartu du; horren bidez, aldaketak egin zitzaizkien Kode Zibilari eta Prozedura Zibilaren Legeari banantze eta dibortzio arloetan, eta bitartekaritzari buruzko lege proiektua Gorte Nagusietara igortzeko ardura eman zitzaion Gobernuari.

2008/52/EE Zuzentaraua gutxieneko arau batzuk finkatzera mugatzen da, gai zibilekin eta merkataritzakoekin lotutako mugaz haraindiko auzietan bitartekaritza sustatzeko.

Errege lege dekretu honek xedatutako araubide orokorra Espainian gauzatzen diren eta ondorio juridiko loteslea izan nahi duten bitartekaritza guztiei aplikatu ahalko zaie, baina gai zibilen eta merkataritzakoen esparruan betiere. Bestalde, bitartekaritzarako finkatutako ereduak kontuan hartu ditu Nazio Batuetako Nazioarteko Merkataritza Zuzenbiderako Batzordeak (UNCITRAL) 2002an nazioarteko merkataritza adiskidetzeari buruz onartutako eredu legearen aurreikuspenak.

2008/52/EE Zuzentaraua Espainiako antolamendu juridikoan txertatzeko epea 2011ko maiatzaren 21ean bukatu zen; horregatik, egoki da bitartekaritzaren figura honako Errege lege-dekretu honetan xedatzea, arau egokia delako gure Zuzenbidean beharrezko egokitzapena egiteko. Horrenbestez, konponduta gelditu da betebehar hori betetzeari zegokionez Espainiar Estatuak zeukan atzerapena; ondorio negatiboak baino ez zituen herritarrentzat eta Estatuarentzat berarentzat, Europar Batasuneko erakundeek zigorra ezartzeko arriskua baitzegoen.

Bitartekaritza ereduan, alderdien borondatea eta erabaki askea dira oinarri, eta bitartekari baten esku hartzea. Aktiboki esku hartzea eskatzen zaio bitartekariari, alderdiei eztabaida beren kabuz konpontzen lagun diezaien.

Errege lege-dekretu honetako araubideak malgutasuna eta alderdien borondatearen autonomiarekiko errespetua aldarrikatzen ditu. Alderdiek eztabaida amaitutzat emango duen akordioan adieraziko dute beren borondatea, eta, alderdiek nahi izanez gero, titulu betearazle izaera hartu ahalko du akordio horrek, eskritura publikoan egiletsita.

Arau honen xedea ez da, inolaz ere, bitartekaritzaren aniztasun eta aberastasun guztia biltzea, baizik eta haren oinarriak finkatzea eta gatazkak auzitegietan ebaztearen ordezko aukera gisa sendotzea.

Eta hortxe dago, hain zuzen ere, bitartekaritzaren bigarren ardatza: deslegeztatzea, alegia; bestela esanda, legeak bere funtsezko eginkizuna galtzea, xedapen printzipioaren mesedetan, printzipio horrek gatazkaren objektu diren harremanak ere zuzentzen baititu.

Ereduaren pieza nagusia bitartekariaren figura da, bera delako alderdiei elkarrizketaren bidez eta beren borondatez konponbidea aurkitzen laguntzen diena.

Arlo profesional eta sozial askotan jotzen da bitartekaritzara, eta bitartekariak izan beharreko trebetasunak gatazka motarekin lotuta egoten dira askotan.

Hortaz, bitartekariak prestakuntza orokorra izan behar du eginkizun hori bete ahal izateko, eta, batez ere, zalantzarik gabeko bermea eskaini behar die alderdiei, erantzukizun zibila sor baitezake.

Errege Lege Dekretuak modu orokorrean erabili du bitartekari hitza; bat edo batzuk izan daitezke, hala ere.

Horrez gain, garrantzi berezia aitortu die bitartekaritza zerbitzu eta -erakundeei, funtsezko lana egiten dutelako bitartekaritza prozedurak antolatu eta sustatzeko orduan.

Erregulazio honetan, gainera, titulu betearazlea aitortu zaio bitartekaritza akordioari; hori horrela, akordioa eskritura publikoan egiletsitakoan, zuzenean eskatu ahal izango zaie auzitegiei betearaz dezatela.

Bitartekaritzaren hirugarren ardatza bitartekaritza akordioaren erregulazioarekin lotuta dago: desjuridifikazioa, hain zuzen; hots, ez du zehazten lehengoratzeko edo konponarazteko akordioak nahitaez izan beharreko edukia.

Bitartekaritzara jotzeko pizgarri modura eskaintzen du Errege Lege Dekretuak halako esparru malgua, ez dezan ondorengo prozesu kostuetan eraginik izan, eta alderdiek ez dezaten euren arteko kontratu betebeharren betetzea atzeratzeko estrategia gisa erabil.

Horrela, bada, prozedurari hasiera ematen zaionean, preskripzioa eteteko aukera dago, arau orokorra preskripzioa etetea bada ere. Lehenengo aukera horren helburua hauxe da: alderdiek atzera ez egitea, eta bitartekaritzak nahi ez duten ondorio juridikorik ez sortzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuak merkataritza legegintzaren, prozesu legegintzaren eta legegintza zibilaren arloetan dituen eskumenen esparrura mugatzen da; arlo horietarako jaso du bitartekaritzara jotzeko aukera, autonomia erkidegoek beren eskumenak gauzatuz ematen dituzten xedapenei kalterik egin gabe.

Bitartekaritzara jotzeko erraztasunak ematearren, izapidetzen erraza den prozedura aurreikusi du arauak, kostu txikikoa eta iraupen laburrekoa.

Errege lege-dekretu honen artikuluak bost titulutan egituratuta daude.

I. tituluan, «Xedapen orokorrak», alderdi hauek daude araututa: arauaren esparru materiala eta espaziala, mugaz haraindiko gatazketan duen aplikazioa, bitartekaritzak preskripzio eta iraungipen epeetan dituen ondorioak, eta bitartekaritza erakundeak.

II. tituluan, bitartekaritzaren printzipio informatzaileak daude zerrendatuta; hots:

borondatez eta askatasunez erabiltzearen printzipioa, inpartzialtasun printzipioa, neutraltasun printzipioa eta konfidentzialtasun printzipioa.

Printzipio horiekin batera, badira alderdiek bitartekaritzan jardutean bete beharreko arau edo zuzentarauak ere, hala nola fede ona, elkarrekiko errespetua, eta bitartekaria lagundu eta babesteko beharra.

III. tituluan, bitartekariaren gutxieneko estatutua dago jasota; bertan, bitartekariak bete beharreko baldintzak eta jardun printzipioak daude zehaztuta.

Bitartekariak, bere inpartzialtasuna bermatzearren, alderdiei jakinarazi beharreko zenbait inguruabar jaso ditu arauak, bitartekarientzako Europako Jokabide Kodearen ereduari jarraiki.

IV. tituluan, bitartekaritza prozedura dago araututa.

Prozedura xume eta malgua da, eta bitartekaritzaren funtsezko faseak askatasun osoz erabakitzeko aukera ematen die alderdiei.

Alderdiek lortutako akordioa baliozkoa izan dadin, nahitaez bete beharreko eskakizunak finkatzera mugatzen da araua, kontuan izanik alderdiak ez daudela akordioa lortzera behartuta; izan ere, erakunde honen esperientziak aski ongi erakusten duen bezala, zenbaitetan, bitartekaritzaren bidez harremanak hobetzea baino ez dute helburu alderdiek, eta ez eduki zehatzeko akordio bat lortzea.

Azkenik, V. tituluan, akordioak betearazteko prozedura dago jasota. Prozedura hori Espainiako Zuzenbidean dauden aurreikuspenetara egokituta dago, eta ez du desberdintasunik beste estatu batean bete beharreko mugaz haraindiko bitartekaritza akordioak betearazteko araubidearekiko. Edonola ere, titulu betearazlea izan dadin, eskritura publiko bihurtu beharko da akordioa.

Azken xedapenetan, bitartekaritzaren erregulazioa prozedura judizialekin bateratzeko modua azaltzen da.

Horrela, bada, erreformatu egin da martxoaren 22ko 3/1993 Oinarrizko Legea, Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialei buruzkoa, haien eginkizunen artean bitartekaritza sartzeko, arbitrajearekin batera; era horretan, bitartekaritza erakunde gisa jardun ahal izango dira.

Bitartekaritza prozesu zibilaren esparruan errazago aplikatu ahal izateko hainbat aldaketa ere egin ditu arauak.

Horrenbestez, auziaren xedea zehazteko eta bitartekaritzaren mende jartzeko ahalmena eman die alderdiei, eta epaileari aukera ematen dio alderdiei akordioa lor dezaten gonbidapena egiteko, bitartekaritzara jotzeko aukera dutela jakinarazita.

Berritasun horren bitartez, auziak bitartekaritzaren eta adiskidetasunaren bidez konpontzeko bideak sustatu nahi dira, alderdien borondatea errespetatuta betiere.

Bestalde, bitartekaritzari men egiteko itunak betetzen ez direnerako eta bitartekaritza bideratuta dagoela demanda aurkezten denerako, deklinatoria erabiltzea aurreikusten du.

Prozedura Zibileko Legean, era berean, hainbat manu aldatu ditu, betearazpena bideratzeko eskubidea ematen duten tituluetan bitartekaritza akordioa jasotzeko.

Aldaketa horien bitartez, modu egokian egituratu da bitartekaritzaren eta prozesu zibilaren arteko lotura, eta, bidenabar, indartu egin da bitartekaritzaren eraginkortasuna.

Azkenik, Errege lege dekretu honek urriaren 30eko 34/2006 Legea, abokatutzan eta auzitegietako prokuradoretzan sartzeari buruzkoa, erreformatu du, erantzun egokia ematearren lege hori argitaratu zenean unibertsitate ikasketetan matrikulatuta zeuden Zuzenbide ikasleei, legea argitaratzean goitik behera aldatuta ikusi baitzituzten abokatutzan eta prokuradoretzan sartzeko baldintzak.

34/2006 Legearen arabera, abokatu edo auzitegietako prokuradore titulu profesionala lortzeko, beharrezkoa da Zuzenbidean lizentziadun unibertsitate titulua edo dagokion gradu titulu edukitzea eta lanbide gaitasuna egiaztatzea; azken horretarako, prestakuntza espezializatu ofiziala jaso beharra dago –Justizia Ministerioak eta Hezkuntza Ministerioak egiaztatutako prestakuntza ikastaroen bitartez–, eta ondorengo ebaluazio bat gainditu.

Egindako aldaketa bat dator 34/2006 Legearen zioen azalpenak adierazitakoarekin; horren arabera, hauxe da legearen helburua: «Zuzenbide lizentziaturako edo graduko ikasleen egungo itxaropenak» ez zapuztea.

Legeak hasiera batean finkatu zuen bost urteko vacatio legisa, ordea, ez da nahikoa izan ikasketak bost urteko aldi horretan bukatzerik izan ez duten ikasleen itxaropenari erantzuteko.

Hortaz, Zuzenbide lizentziaturetan 2006ko urriaren 31 baino lehen matrikulatu ziren eta ikasketak epe horretan bukatzerik izan ez duten ikasleen arazoak konpondu nahi ditu arauak –data horretan, titulu profesionalak ez ziren beharrezko abokatutzan eta prokuradoretzan aritzeko–.

Legegilearen borondatez kanpoko ez-egitearen ondorioz, ikasle horiek bereizkeria pairatzen dute, zapuztu egin zaizkielako zuzenbide ikasketei ekin zietenean zeuzkaten bidezko itxaropenak.

Bide batez, gainera, jarduera profesionalean sartzeko araubide berezia aitortu die arauak Zuzenbidean lizentziadun direnei, edonoiz hasi edo bukatu dituztela ere ikasketak; horrela, Parlamentuan aurkeztutako ekimen ugari hartu ditu aintzat arauak.

Halaber, Zuzenbidean lizentziadunaren Espainiako tituluarekin homologa daitezkeen atzerriko tituluak dituztenen egoera ere jaso du; hartarako, xedapen gehigarri berri bat sartu du, homologazio prozedura Legea indarrean sartu baino lehen hasi dutenek lanbide juridikoetan sartzeko aukera izan dezaten.

Etorkizuneko aldaketan jasoko da titulu profesionalak Justizia Ministerioak emango dituela.

Orobat, legearen hirugarren xedapen iragankorraren 3. paragrafoak eragindako ziurgabetasuna ezabatzeko, hobekuntza teknikoa egin zaio idazketari; hala, orain xedatzen du ez dela beharrezkoa Zuzenbidean lizentziadun edo gradu titulua edukitzea, eta aski dela eskuratzeko moduan egotea; hots, ez dela beharrezkoa titulua materialki edukitzea, legea indarrean sartzean ikasketak burututa izatea baizik.

Era horretan, babestuta gelditzen dira ikasketak burututa dauzkaten lizentziadunen eskubideak, unibertsitateei tituluak eskatzeko orduan atzeratu edo deskuidatu direlako legearen xedapen iragankorraren esparrutik kanpo gelditu direnean.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan jasotako baimenaz baliatuz, Justizia Ministerioaren proposamenari jarraiki, eta Ministroen Kontseiluak 2012ko martxoaren 2ko bileran eztabaidatu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.?Kontzeptua.

Bitartekaritza eztabaidak konpontzeko bidea da, edozein izendapen ematen zaiola ere, non, bitartekari batek esku hartuta, bi alderdi edo gehiago beren borondatez eta beren kabuz akordioa lortzen saiatzen diren.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Errege lege-dekretu hau gai zibiletako edo merkataritzakoetako bitartekaritzetan aplikatuko da, baita mugaz haraindiko gatazketan ere; betiere, aplikatu beharreko araudiaren arabera, alderdien esku ez dauden eskubide eta betebeharrei eragiten ez badiete.

Alderdiek errege lege-dekretu honi espresuki edo tazituki men egin ezean, berau aplikatuko da gutxienez alderdietako batek helbidea Espainian duenean eta bitartekaritza Espainiako lurraldean egiten denean.

2. Nolanahi ere, ondoko hauek errege lege-dekretu honen eremutik kanpo geldituko dira:

a) Zigor arloko bitartekaritza.

b) Herri administrazioekiko bitartekaritza.

c) Lan arloko bitartekaritza.

d) Kontsumo arloko bitartekaritza.

3. artikulua. Mugaz haraindiko gatazketako bitartekaritza.

1. Gatazka bat mugaz haraindikoa izango da gutxienez alderdietako baten egoitza edo ohiko bizilekua beste alderdietako edozeinen egoitzaren estatua ez den beste batean dagoenean, baldin eta bitartekaritzara jotzea erabaki badute edota, aplikatu beharreko legediaren arabera, bitartekaritzara jo beharra badaukate.

2. Mugaz haraindiko auzia Europar Batasuneko estatu kide berean bizi ez diren alderdien artekoa denean, egoitza zehazteko, Kontseiluaren 2000ko abenduaren 22ko 44/2001 Erregelamenduaren (EE) 59. eta 60. artikuluak hartuko dira kontuan; arau hori arlo zibileko eta merkataritzako ebazpen judizialen eskumen judizialari, aintzatespenari eta betearazpenari buruzkoa da.

4. artikulua. Bitartekaritzak preskripzio eta iraungipen epeetan dituen ondorioak.

Bitartekaritzari hasiera ematean, eten egingo da akzioen preskripzioa edo iraungipena.

Ondorio horietarako, bitartekaritzari hasiera emango zaio alderdietako batek eskaera aurkezten duenean edota, hala badagokio, eskaera bitartekaritza erakundearen aurrean uzten duenean.

Etenaren iraupena bitartekaritza akordioa edo, horrelakorik ezean, azken akta sinatzen den egunera artekoa izango da, edota bitartekaritza errege lege-dekretu honetan aurreikusitako zergatiren batengatik bukatzen denera artekoa.

Bitartekaritza hasten denetik hamabost egun naturaleko epean ez bada eratze saioaren akta sinatzen, berriz hasiko da epeak kontatzen.

5. artikulua. Bitartekaritza erakundeak.

1. Xedeen artean bitartekaritza bultzatzea duten erakunde publiko edo pribatuak dira bitartekaritza erakunde, bai eta zuzenbide publikoko korporazioak ere; hots, besteak beste bitartekaritza erraztea, kudeatzea eta bitartekariak izendatzea dutenak helburu.

Gardentasuna bermatu beharko dute bitartekariak izendatzeko orduan, eta subsidiarioki onartuko dute beren jardueratik eratorritako erantzukizuna.

Haien xedeen artean arbitrajea ere egonez gero, neurriak hartuko dituzte bi jarduerak bereizteko.

Bitartekaritza erakundeek beren esparruan jarduten diren bitartekariak nor diren ezagutaraziko dute, gutxienez haien prestakuntza, espezialitatea eta esperientzia jakinarazita.

2. Erakunde horiek bitarteko elektronikoen bidezko bitartekaritza sistemak ezarriko dituzte; bereziki, diruzko erreklamazioak diren eztabaidetarako.

3. Botere publikoek zaindu beharko dute bitartekaritza erakundeek, beren eskumen esparruan, errespetatu egiten dituztela errege lege-dekretu honetan ezarritako bitartekaritza printzipioak, eta bitartekariak modu egokian jarduten direla, beren arau erregulatzaileetan ezarritako moduan.

II. TITULUA

Bitartekaritzaren funtsezko printzipioak

6. artikulua. Borondatez eta askatasunez erabiltzea.

1. Bitartekaritza borondatezkoa da.

2. Alderdiek idatzizko hitzarmen batean jaso dutenean euren artean sortu diren edo sor litezkeen eztabaidak bitartekaritzaren bidez konpontzeko konpromisoa, bitartekaritza prozedura fede onez jarraitzeko ahalegina egingo dute alderdiek, jurisdikziora edo judizioz kanpoko beste irtenbide batera jo baino lehen.

Klausula horrek ondorioak izango ditu, baita eztabaida jasota dagoen kontratuaren baliozkotasunari edo existentziari buruzkoa denean ere.

3. Inor ez dago bitartekaritza prozeduran jarraitzera edo akordio bat lortzera behartuta.

7. artikulua. Alderdien berdintasuna eta bitartekarien inpartzialtasuna.

Bitartekaritza prozeduran, alderdiek erabateko aukera berdintasuna izango dute, haien jarrerek orekatuak izan beharko dute, eta errespetatu egingo dira adierazi dituzten ikuspuntuak. Bitartekariak ezin izango du alderdietako baten kaltetan edo alde aritu.

8. artikulua.?Neutraltasuna.

Gatazkan dauden alderdiek bitartekaritza akordioa beren kabuz lortzera egongo da bideratuta bitartekaritza, eta bitartekariak 14. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo du.

9. artikulua.?Konfidentzialtasuna.

1. Bitartekaritza prozedura eta bertan erabilitako dokumentuak isilpekoak izango dira.

Bitartekariak eta esku hartzen duten alderdiek izango dute konfidentzialtasun betebeharra; horren arabera, ezin izango dute prozeduraren bidez eskuratutako informazioa zabaldu.

2. Bitartekaritza eta bere edukia isilpekoak direnez, bitartekariak eta bitartekaritza prozeduran parte hartzen duten pertsonak ez daude behartuta prozedura judizial batean edo arbitraje batean deklaratzera edo dokumentazioa aurkeztera, prozedura judiziala edo arbitrajea bitartekaritza prozesu batetik eratorritako informazioari buruzkoa edo harekin lotutakoa denean, ondoko kasu hauetan salbu:

a) Alderdiek betebehar hori espresuki eta idatziz salbuetsi dutenean.

b) Zigor arloko jurisdikzioko epaileek eskatzen dutenean, ebazpen judizial motibatu baten bidez.

3. Konfidentzialtasun betebeharra urratzeak antolamendu juridikoan aurreikusitako erantzukizuna sortuko du.

10. artikulua. Bitartekaritzako alderdiak.

1. Alderdiek egoki deritzoten moduan antolatuta egongo da bitartekaritza; edonola ere, Errege lege-dekretu honetan adierazitako printzipioak errespetatu beharko dituzte beti.

2. Gatazkan dauden alderdiek fede onaren eta elkarrekiko errespetuaren printzipioen arabera jokatuko dute.

Bitartekaritzak irauten duen denboran, alderdiek ezin izango dute bitartekaritzaren xedearen gainean akzio judizialik edo judizioz kanpokorik aurkeztu elkarren aurka.

Alderdiek bitartekaritzara jotzeko hartutako konpromisoaren ondorioz, bitartekaritzari hasiera ematen zaionetik, eta horrek irauten duen denboran, auzitegiek ezin izango dute bitartekaritzaren mende jarritako eztabaidez arduratu, interesa duen alderdiak deklinatoria bidez aldarrikatzen duenean.

Deklinatoria aurkezteak ez du bitartekaritza jarduerak hasi edo jarraitzea eragotziko.

3. Alderdiek etengabeko laguntza eta babesa eman beharko dizkiote bitartekariari bere jardunean, eta begirunez jokatuko dute harekiko.

III. TITULUA

Bitartekariaren estatutua

11. artikulua. Bitartekari gisa aritu ahal izateko baldintzak.

1. Eskubide zibil guztiak aitortuta dituzten pertsona naturalak izan ahalko dira bitartekari; betiere, haien lanbidean bete beharreko legeriak kontrakorik adierazten ez badu.

2. Bitartekariak prestakuntza berezia eduki beharko du bitartekaritzan aritzeko; prestakuntza hori behar bezala egiaztatutako erakundeek emandako ikastaro berezi bat edo batzuk eginez eskuratuko du.

Prestakuntza berezi horren bitartez, bitartekariek beharrezko diren ezagutza juridikoak, psikologikoak, komunikazio teknikakoak, gatazkak konpontzekoak eta negoziaziokoak bereganatuko dituzte, baita bitartekaritzaren etikari buruzkoak ere, arlo teorikoan nahiz praktikoan.

3. Bitartekariak aseguru bat edo berme baliokide bat izenpetu beharko du, esku hartzen duen gatazketan duen jardunak eragin lezakeen erantzukizun zibila estaltzeko.

12. artikulua. Bitartekaritzaren kalitatea eta autoerregulazioa.

Justizia Ministerioak eta herri administrazio eskudunek, bitartekaritza erakundeekin elkarlanean, bitartekarien hasierako eta etengabeko prestakuntza egokia sustatuko dute eta borondatezko jokabide kodeak prestatuko dituzte; halaber, ahaleginak egingo dituzte bitartekariek eta bitartekaritza erakundeek jokabide kode horiekin bat egin dezaten.

13. artikulua. Bitartekariaren jarduna.

1. Bitartekariak alderdien arteko komunikazioa erraztuko du, eta behar beste informazio eta aholku eskaintzeaz arduratuko da.

2. Bitartekariak alderdien arteko desadostasunak murriztera zuzenduko du bere jarduna, aktiboki; betiere, errege lege-dekretu honetan jasotako printzipioak errespetatuz.

3. Bitartekariak uko egin ahal izango dio bitartekaritzan aritzeari; kasu horretan, horren berri jasotzen duen akta eman beharko die alderdiei.

4. Bitartekariak ezin izango du bitartekaritza lanetan hasi, edo utzi egin beharko dio bitartekari izateari, haren inpartzialtasunari eragiten dioten inguruabarrak daudenean.

5. Bitartekariak, bitartekaritza lanari hasiera edo jarraipena eman baino lehen, bere inpartzialtasunari eragin diezaiokeen edo interes gatazka sor dezakeen inguruabar ororen berri eman beharko die alderdiei.

Inguruabar horien barruan, ondoko hauek egongo dira:

a) Alderdietako batekin izandako pertsona , kontratu edo enpresa harreman mota oro.

b) Bitartekaritzaren emaitzan zuzenean edo zeharka duen edozein interes.

c) Bitartekariak edo bere enpresa edo erakundeko kide batek, aurrez, edozein inguruabarretan, alderdietako baten alde jardun izana, bitartekaritzan salbu.

Horrelakoetan, bitartekaritza onartu edo jarraitu ahal izateko, erabateko inpartzialtasunez arituko dela bermatu beharko du bitartekariak, eta alderdiek onartu eta espresuki jaso beharko dute.

Bitartekaritza prozedura osoan egongo da informazio hori jakinarazteko betebeharra.

14. artikulua. Bitartekarien eta bitartekaritza erakundeen erantzukizuna.

Bitartekariek, bitartekaritzan aritzea onartzen dutenean, fideltasunez bete behar dute mandatua; hala egin ezean, gaitzustez, ausarkeriaz edo doloz eragindako kalte galeren erantzule izango dira.

Kaltetuak zuzenean jo ahal izango du bitartekariaren aurka eta, hala badagokio, dagokion bitartekaritza erakundearen aurka; azken horrek, berebat, ordaintze akzioak izan litzake bitartekarien aurka.

15. artikulua. Bitartekaritzaren kostua.

1. Bitartekaritza akordio baten bidez bukatu edo ez, alderdiek erdi bana edo, gehiago direnean, neurri berean ordaindu beharko dute bitartekaritzaren kostua, bestelakorik hitzartu dutenean salbu.

2. Bitartekariak zein bitartekaritza erakundeak bitartekaritzaren kostua ordaintzeko beharrezko deritzoten funtsa hornitzeko eskatu ahal izango diete alderdiei.

Alderdiek edo alderdietako batek ez baditu eskatutako funtsak epearen barruan hornitzen, bitartekariak edo erakundeak bukatutzat eman ahal izango dute bitartekaritza.

Nolanahi ere, alderdietakoren batek ez baditu funtsak hornitu, bitartekariak edo erakundeak, bitartekaritza bukatutzat eman baino lehen, horren berri emango die gainerako alderdiei, interesa izan bailezakete funtsa finkatutako epearen barruan hornitzeko.

IV. TITULUA

Bitartekaritza prozedura

16. artikulua. Hasiera emateko eskabidea.

1. Bitartekaritza prozedura honela hasi ahalko da:

a) Alderdiek elkarrekin adostuta.

Kasu horretan, ondoko alderdi hauek zehaztu beharko dira eskabidean: bitartekaria edo bitartekaritza erakundea zein izango den, saioak non egingo diren, eta jardueren hizkuntza edo hizkuntzak zein izango diren.

b) Alderdietako batek eskatuta, bitartekaritzara jotzeko egindako hitzarmenari jarraiki.

2. Alderdietako batek gainerakoei proposaturiko bitartekaritza erakundearen edo bitartekariaren aurrean aurkeztu beharko da eskabidea, edota alderdiek jada izendatutakoaren aurrean.

3. Alderdiek, prozesu judizial bat bidean dagoela, beren borondatez bitartekaritzari hasiera ematen diotenean, prozesu hura eteteko eskaera egin ahal izango dute elkarrekin adostuta, prozesu araudian ezarritakoaren arabera.

17. artikulua. Informazioa eta informazio saioak.

1. Bitartekariak edo bitartekaritza erakundeak, eskabidea jasotakoan, eta alderdiek aurkakoa itundu dutenean salbu, informazio saioa egiteko deia egingo die alderdiei.

Alderdietakoren bat, justifikaziorik gabe, informazio saiora joaten ez bada, bitartekaritzan atzera egin duela joko da.

Saiora zein alderdi agertu ez den edo ez diren zehazten duen informazioa ez da isilpekoa izango.

Saio horretan, ondoko alderdi hauen berri emango die bitartekariak alderdiei: bere inpartzialtasunari eragin diezaioketen zergatiak, bere lanbidea, prestakuntza eta esperientzia; era berean, bitartekaritzaren ezaugarriak, kostua, prozeduraren antolaketa, lor dezaketen akordioaren ondorio juridikoak eta eratze saioaren akta sinatzeko epea ere adieraziko dizkie.

2. Bitartekaritza erakundeek informazio saio irekiak antolatu ahal izango dituzte eztabaidak konpontzeko sistema honetara jotzeko interesa duten pertsonentzat; dena den, saio horiek ez dira inoiz lehen paragrafoan aurreikusitako informazioaren ordezko izango.

18. artikulua. Bitartekari aniztasuna.

1. Bitartekaritzan, bitartekari bat edo batzuk aritu ahalko dira.

2. Prozedura berean hainbat bitartekarik esku hartuz gero, gaia konplexua delako edota alderdiek hala nahi dutelako, bitartekari horiek koordinatuta aritu beharko dira.

19. artikulua. Eratze saioa.

1. Bitartekaritza prozedurari eratze saio baten bidez emango zaio hasiera; bertan, alderdiek bitartekaritza erabili nahi dutela adieraziko dute, eta ondoko alderdi hauek zehaztuko dituzte:

a) Alderdiak zein diren.

b) Bitartekaria edo bitartekaritza erakundea zein izango den, edota alderdietako batek izendatutakoa onartzen dutela.

c) Bitartekaritza prozeduraren menpe jarritako auzia.

d) Prozedurarako aurreikusitako jardueren egitaraua eta gehieneko iraupena; edonola ere, aukera izango dute xehetasun horiek aldatzeko.

e) Bitartekaritzaren kostuari buruzko informazioa, edo kostu hori zehazteko oinarriak; bitartekariaren lansariak eta egon daitezkeen beste gastu batzuk bereiz adierazi beharko dira.

Alderdien adierazpena, bitartekaritza borondatez onartzen dutela eta bertatik sortutako betebeharrak ere onartzen dituztela dioena.

g) Prozedura gauzatzeko tokia eta hizkuntza.

2. Eratze saioaren akta egin beharko da, zehaztasun horiek guztiak jasotzen dituena, eta alderdiek zein bitartekariak edo bitartekariek sinatu beharko dute.

Horrela egin ezean, bitartekaritzara jotzen ahalegindu direla, baina ondoriorik izan ez duela adieraziko du aktak.

20. artikulua. Prozeduraren iraupena.

Bitartekaritza prozeduraren iraupena ahalik eta laburrena izango da, eta jarduerak ahalik eta saio gutxienetan egingo dira.

21. artikulua. Bitartekaritza jardueren garapena.

1. Bitartekariak behar besteko aurrerapenarekin egingo die alderdiei saio bakoitzerako deia, eta hark zuzenduko ditu saioak; bestalde, erraztasunak emango dizkie alderdiei, euren jarrerak modu berdin eta orekatuan azal eta jakinaraz ditzaten.

2. Bitartekariaren eta gatazkan dauden pertsonen arteko komunikazioak ez dira nahitaez aldi berekoak izango.

3. Bitartekariak alderdi guztiei jakinaraziko dizkie alderdietakoren batekin bereiz izandako bilerak; dena den, bilera horietan aztertutakoa isilpekoa izango da.

Bitartekariak ezin izango du alderdiak eman dion informazioa edo dokumentazioa jakinarazi edo banatu, alderdiak berariaz baimena eman dionean salbu.

22. artikulua. Prozeduraren amaiera.

1. Bitartekaritza prozedura akordio baten bidez edota akordiorik gabe amai daiteke. Akordiorik gabe amaituko da alderdi batek edo guztiek jarduerak bukatutzat emateko eskubidea egikaritu dutelako, eta bitartekariari hala jakinarazi diotenean, edota alderdiek prozedura gauzatzeko adostutako gehieneko epea igaro delako; halaber, bitartekaritza prozedura amaituko da bitartekariak justifikatzen duenean alderdien jarrerak bateraezinak direla, edota prozedura amaiarazten duen beste edozein egoera sortzen denean.

Prozedura amaitzean, alderdi bakoitzak aurkeztu dituen agiriak berreskuratuko ditu.

Alderdiei itzuli beharrekoak ez diren agiriekin, espediente bat osatuko du bitartekariak edo bitartekaritza erakundeak, eta prozedura amaitzen denetik sei hilabeteko epean gorde eta zaindu beharko du.

2. Bitartekariak prozedura jarraitzeari uko egiten badio edota alderdiek bitartekaria errefusatzen badute, soilik bitartekari berria izendatzen ez dutenean amaituko da prozedura.

3. Azken aktak bukatutzat emango du prozedura, eta modu argi eta ulergarrian jasoko ditu lortutako akordioak, halakorik lortu bada; prozedura beste edozein modutara bukatu denean, horren berri jasoko du.

Alderdi guztiek eta bitartekariak edo bitartekariek sinatu beharko dute akta, eta bakoitzak jatorrizko ale bana jasoko du.

23. artikulua. Bitartekaritza akordioa.

1. Bitartekaritza akordioa bitartekaritzaren mende jarritako gai guztiei edo batzuei buruzkoa izan ahalko da.

Bitartekaritza akordioan, ondoko zehaztasun hauek adierazi beharko dira: alderdien identifikazioa eta helbidea, akordioa sinatu duten tokia eta eguna, alderdi bakoitzak bere gain hartutako betebeharrak, errege lege-dekretu honetako xedapenen araberako bitartekaritza prozedura jarraitu dutela, esku hartu duen bitartekaria edo bitartekariak, eta, hala badagokio, prozeduraren egoitza izan den bitartekaritza erakundea.

2. Bitartekaritza akordioa alderdiek edo beren ordezkariek sinatu beharko dute, eta azken akta egin zutenetik gehienez ere hamar eguneko epean aurkeztu beharko diote bitartekariari, berak ere sina dezan.

3. Alderdi bakoitzak bitartekaritza akordioaren ale bana jasoko du, eta bitartekariak beste bat gordeko du.

Lortutako akordioa loteslea dela adieraziko die bitartekariak alderdiei, eta, titulu betearazle bihurtu nahi izanez gero, eskritura publiko bihurtzeko aukera daukatela.

24. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidez egindako jarduerak.

1. Bitartekaritzako jarduera guztiak edo batzuk bitarteko elektronikoen bidez egitea erabaki ahal izango dute alderdiek; betiere, esku hartzen dutenen nortasuna eta errege lege-dekretu honetan jasotako bitartekaritza printzipioak bermatzen badira.

2. Bitarteko elektronikoen bidez gauzatuko dira xedetzat gehienez ere 600 euroko erreklamazioak dituzten bitartekaritzak, alderdietakoren batek bitarteko horiek erabiltzerik ez duenean salbu.

V. TITULUA

Akordioak betearaztea

25. artikulua. Titulu betearazlea formalizatzea.

1. Alderdiek eskritura publiko bihurtu ahal izango dute bitartekaritza prozeduran lortutako akordioa.

Horretarako, notario bati aurkeztu beharko diote bitartekaritza akordioa, bitartekaritzaren eratze saioaren eta prozeduraren bukaeraren akten kopiarekin batera.

2. Notarioak, bitartekaritza akordioa eskritura publiko bihurtu aurretik, errege lege-dekretu honetan eskatutako baldintzak bete direla egiaztatuko du, eta akordioaren edukia ez dela Zuzenbidearen aurkakoa.

3. Bitartekaritza akordioa beste estatu batean betearazi behar denean, beharrezkoa izango da, eskritura publiko bihurtzeaz gain, Espainia kide den nazioarteko hitzarmenetan eta Europar Batasuneko arauetan jasotako baldintzak ere betetzea.

4. Alderdiek prozesu judiziala hasia zela gauzatutako bitartekaritzan lortu dutenean akordioa, berau homologatzeko eskatu ahal izango diote auzitegiari, Prozedura Zibileko Legean ezarritakoaren arabera.

26. artikulua. Bitartekaritza akordioak betearazteko auzitegi eskuduna.

Prozesu bat bidean zegoela hasitako bitartekaritzaren ondorioz lortutako akordioa betearazteko eskaera, akordioa homologatu zuen auzitegiari eskatu beharko diote alderdiek.

Bitartekaritza prozedura baten ostean formalizatutako akordioen kasuan, bitartekaritza akordioa sinatu duten tokiko lehen auzialdiko epaitegia izango da eskudun, Prozedura Zibileko Legearen 545. artikuluaren 2. paragrafoan aurreikusitakoaren arabera.

27. artikulua. Mugaz haraindiko bitartekaritza akordioak betearaztea.

1. Europar Batasuneko araudiak eta Espainian indarrean dauden nazioarteko hitzarmenek xedatzen dutenari kalterik egin gabe, beste estatu batean indar betearazlea hartu duten bitartekaritza akordioak Espainian betearazi ahal izateko, beharrezkoa izango da indar betearazlea eman dien agintariak Espainiako agintariek dituzten eginkizunen antzekoak izatea.

2. Atzerriko agintariek betearazletzat jo ez dituzten bitartekaritza akordioak Espainian betearazi ahal izateko, beharrezkoa izango da notario espainiar batek berau eskritura publiko bihurtzea, alderdiek hala eskatu diotelako edota alderdietako batek eskatu diolako, gainerakoen berariazko adostasunarekin.

3. Atzerriko dokumentua argi eta garbi Espainiako ordena publikoaren aurkakoa denean, ez da betearaziko.

28. artikulua. Bitartekaritza akordioak betearazteko ukoa.

Zuzenbidearen aurkako edukia duten akordioak ez dira betearaziko.

Lehen xedapen gehigarria. Bitartekaritza erakundeak edo zerbitzuak aintzatestea.

Herri administrazioek legediaren arabera ezarritako edo aintzatetsitako bitartekaritza erakundeek edo zerbitzuek errege lege-dekretu honetan aurreikusitako bitartekaritza eginkizunak bete ahal izango dituzte.

Bigarren xedapen gehigarria. Bitartekaritza bultzatzea.

1. Justizia Administrazioaren zerbitzurako bitarteko materialak hornitzeko eskudun diren herri administrazioek bitartekaritzari buruzko informazioa jarriko dute organo jurisdikzionalen eta herritarren esku, prozesu judizialaren ordezko aukera gisa.

2. Herri administrazio eskudunek ahaleginak egingo dituzte bitartekaritza prozesuaren aurretiko doako aholkularitzaren eta orientazioaren barruan sartzeko –Doako Laguntza Juridikoari buruzko urtarrilaren 10eko 1/1996 Legearen 6. artikuluan daude jasota–, auzien kopurua eta kostuak murriztea ahalbidetzen duelako.

Hirugarren xedapen gehigarria. Bitartekaritza akordioak formalizatzeko eskritura publikoak.

Bitartekaritza akordioak formalizatzeko eskritura publikoaren notario lansariak kalkulatzeko, notario zergak onartzen dituen azaroaren 17ko 1426/1989 Errege Dekretuaren 1. paragrafoan aurreikusitako muntarik gabeko dokumentuei dagozkien zergak aplikatuko dira.

Azken xedapenetako lehena. Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganbera Ofizialari buruzko martxoaren 22ko 3/1993 Oinarrizko Legearen aldaketa.

Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 2. artikuluaren 1. paragrafoaren i idatz-zatiak:

«i) Espainian eta nazioartean, merkataritzako bitartekaritza eta arbitraje eginkizunak betetzea, indarrean dagoen legedian ezarritakoaren arabera».

Azken xedapenetako bigarrena. Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen aldaketa.

1. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 19. artikuluaren 1. paragrafoak:

«1.?Auzilariek epaiketaren objektuaren gainean xedatzeko ahalmena daukate, eta uko egiteko, epaiketan atzera egiteko, amore emateko, bitartekaritzapean edo arbitrajepean jartzeko, eta epaiketaren objektuaren gainean transakzioa egiteko ere bai, salbu eta legeak hori debekatu duenean, edota interes orokorrarengatik nahiz hirugarrenaren onurarengatik legeak mugak ezarri dituenean.»

2. Aldatu egin da 39. artikulua, eta horrela idatzita egongo da hemendik aurrera:

«39. artikulua. Nazioarteko eskumenik eza edo jurisdikziorik eza, alderdiak hala eskaturik aintzat hartzea.

Demandatuak, deklinatoriaren bidez, nazioarteko eskumenik eza edo jurisdikziorik eza sala dezake, auzia beste jurisdikzio ordena bati dagokiolako edota gatazka arbitrajepean edo bitartekaritzapean jarri delako.»

3. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 63. artikuluaren 1. paragrafoaren lehenengo lerrokadak:

«1. Deklinatoriaren bidez, demandatuak eta jada eragindako epaiketan alderdi legitimo izan daitezkeenek sala dezakete auziaz arduratzen ari den auzitegiak ez duela jurisdikziorik, demanda hori ezagutzea atzerriko auzitegiei, beste ordena jurisdikzional bateko organoei, arbitroei edota bitartekariei dagokielako.»

4. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 65. artikuluaren 2. paragrafoaren bigarren lerrokadak:

«Auzitegiak modu berean jardungo du, auzia arbitrajepean edo bitartekaritzapean jarrita dagoela adierazten duen deklinatoria baiesten badu.»

5. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 66. artikuluak:

«66. artikulua. Nazioarteko eskumenari, jurisdikzioari, arbitraje edo bitartekaritzapean jartzeari eta eskumen objektiboari buruzko errekurtsoak.

1. Auziaz arduratzeari uko egiten dion autoaren aurka apelazio errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, auzitegiak uko egin duenean nazioarteko eskumenik ez duelako, gaia beste ordena jurisdikzional bateko auzitegiari dagokiolako, auzia arbitrajepean edo bitartekaritzapean jarri delako, edota eskumen objektiborik ez duelako.

2. Auzitegiak nazioarteko eskumenik, jurisdikziorik edo eskumen objektiborik ez duela ezesten duen autoaren aurka berraztertzeko errekurtsoa bakarrik jar daiteke; hala ere, behin betiko epaiaren aurkako apelazioan, aukera egongo da prozesuaren oinarri horiek ez daudela alegatzeko.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa aplika daiteke, halaber, autoak ezetza ematen dionean auzia arbitrajepean edo bitartekaritzapean jartzeari.»

6. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 206. artikuluaren 2. paragrafoaren 2. arauak:

«2. Autoa emango da, ondoko hauei buruzko ebazpena eman behar bada: probidentzien edo dekretuen aurkako errekurtsoei buruz, demanda onartzeari edo ez onartzeari buruz, errekonbentzioari eta akzioen pilaketari buruz, froga onartzeari edo ez onartzeari buruz, transakzioen onarpen judizialari buruz, bitartekaritza akordioei eta hitzarmenei buruz, kautelazko neurriei buruz, eta jardueren deuseztasunari edo baliozkotasunari buruz.

Auto modura emango dira, orobat, prozesuaren oinarriei buruzko ebazpenak, erregistroko idatzohar eta inskripzioei buruzkoak, eta intzidente arazoei buruzkoak, lege honetan izapidetze berezia zehaztuta eduki edo ez, baldin eta legeak erabakia hartzera behartzen badu auzitegia; era berean, auto modura emango dira auzialdi edo errekurtso baten jardunari amaiera ematen dioten ebazpenak, horien izapidetza arrunta bukatu aurretik, non eta, azken horiei dagokienez, legeak dekretu bidez bukatu behar dutela xedatzen ez duen.»

7. Hirugarren paragrafoa erantsi zaio 335. artikuluari, hau dioena:

«3. Alderdiek aurkakoa erabaki ezean, ezin izango zaio irizpenik eskatu gai berarekin lotutako bitartekaritza edo arbitraje batean esku hartu duen adituari.

8. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 347. artikuluaren 1. paragrafoaren bigarren lerrokadak:

«Auzitegiak ondoko kasu hauetan bakarrik baztertuko ditu parte hartzeko eskabideak: euren helburu edo edukiagatik desegokiak edo alferrikakoak badira, edota konfidentzialtasun betebeharra dagoenean, adituak alderdien arteko beste bitartekaritza prozedura batean parte hartu duelako.»

9. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 395. artikuluaren 1. paragrafoaren bigarren lerrokadak:

«Nolanahi ere, gaitzustea dagoela ulertuko da, baldin eta, demanda aurkeztu aurretik, demandatuari ordaintzeko errekerimendu fede emaile justifikatua egin bazaio, edota bitartekaritza prozedura hasi bada, edota beraren kontra adiskidetze demanda zuzendu bada.»

10. Aldatu egin da 414. artikuluaren 1. paragrafoaren bigarren lerrokada; hemendik aurrera, hauxe izango da bere idazketa:

«Deialdi horretan, alderdiei jakinaraziko zaie, aurrez jakinarazi ez bazaie, negoziazio bidera jo dezaketela gatazka konpontzen saiatzeko; besteak beste, bitartekaritzara. Horrela eginda, alderdiek entzunaldian adieraziko dute aukera horren inguruan hartutako erabakia, eta erabaki horren zergatiak.

Entzunaldi hori gauzatu behar da, hurrengo artikuluetan xedatutakoaren arabera, alderdien artean prozesua amaituko duen akordio edo transakzioa lortzen saiatzeko, prozesuak aurrera egitea eta prozesuaren objektuari buruzko epaiarekin amaitzea oztopa dezaketen prozesu arazoak aztertzeko, objektu hori eta alderdien artean gatazka eragiten duten egitezko edo zuzenbidezko gaiak zehatz finkatzeko, eta, hala badagokio, froga proposatu eta onartzeko.

Auzitegiak, prozesuaren xedea aintzat hartuta, prozesua amaituko duen akordioa lortzen saiatzera bultzatu ahal izango ditu alderdiak, adibidez bitartekaritza prozeduraren bidez; hartara, informazio saio batean parte hartzeko eskatuko die.»

11. Hemendik aurrera, idazketa hau izango dute 415. artikuluaren 1. eta 3. paragrafoek:

«1. Alderdiak agertu direnean, auzitegiak adieraziko du ekitaldia irekita dagoela, eta alderdien artean auzia oraindik ere badela egiaztatuko du.

Alderdiek adierazten badute ados jarri direla edo berehala adostasuna lortzeko prest daudela, prozesuan atzera egin ahal izango dute, edota adostutakoa homologa dezala eskatu ahal izango diote auzitegiari.

Alderdiek, elkarrekin adostuta, eta 19.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, prozesua eteteko ere eskatu ahal izango diote auzitegiari, bitartekaritzaren edo arbitrajearen menpe gelditzeko.

Horrela gertatuz gero, auzitegiak, aurrez, aztertuko du ekitaldian parte hartzen duten alderdiek edo behar bezala egiaztatutako ordezkariek gaitasun juridikoa eta xedatzeko gaitasuna badituzten.»

«3. Alderdiek akordiorik lortu ez badute edo berehala lortzeko prest ez badaude, entzunaldiak aurrera egingo du, ondorengo artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Prozedura bitartekaritzara jotzeko eten bada, bitartekaritza bukatutakoan, etena bertan behera uzteko eskatu ahal izango du alderdietako edozeinek, eta entzunaldiarekin jarraitzeko eguna adierazteko.»

12. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 517. artikuluaren 2. paragrafoaren 2. zenbakiak:

«2. Arbitrajeko laudo edo ebazpenek eta bitartekaritza akordioek; azken horiek eskritura publiko bihurtuta egon beharko dira, auzi zibil eta merkataritzazkoetako bitartekaritzari buruzko legearen arabera.»

13. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 518. artikuluak:

«518. artikulua. Epai judizialean, arbitraje ebazpenean edo bitartekaritza akordioan oinarritutako akzio betearazlea iraungitzea.

Transakzio judiziala edota prozesuan, arbitraje ebazpenean edo bitartekaritza akordioan lortutako akordioa onartzen duen akzio betearazlea, auzitegiaren epaian edo ebazpenean edo idazkari judizialaren ebazpenean oinarritutakoa, iraungi egingo da, baldin eta epaia edo ebazpena irmo bihurtu denetik bost urteko epean demanda betearazle egokia aurkeztu ez bada.»

14. Lerrokada berri bat erantsi zaio 539. artikuluaren 1. paragrafoari, hau dioena:

«Bitartekaritza akordioa edo arbitraje laudoa betearazteko, abokatua eta prokuradorea beharko dira, betearazi beharreko zenbatekoa 2.000 eurotik gorakoa bada.»

15. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 545. artikuluaren 2. paragrafoak:

«2. Titulua arbitraje laudoa edo bitartekaritza akordioa denean, laudoa eman den edo bitartekaritza akordioa sinatu den tokiko lehen auzialdiko auzitegiak izango du laudoa edo akordioa betearaztea onesteko edo ezesteko eskuduntza, eta betearazpena agintzeko.»

16. Aldatu egin da 548. artikulua:

«548. artikulua. Prozesuko ebazpenak, arbitraje ebazpenak edo bitartekaritza akordioak betearazteko itxaronaldia.

Auzitegiak ez du aginduko prozesuko ebazpenak, arbitraje ebazpenak edo bitartekaritza ebazpenak betearaztea, alderdi exekutatuari kondena ebazpena, hitzarmena onesteko ebazpena edo akordioa sinatzeko ebazpena jakinarazi eta hurrengo hogei egunetan.»

14. Paragrafo berri bat erantsi zaio 550. artikuluaren 1. paragrafoaren 1. lerrokadari, hau dioena:

«Titulua eskritura publiko bihurtutako bitartekaritza akordioa denean, eratze saioaren eta prozeduraren bukaeraren akten kopia ere aurkeztu beharko da.»

18. Aldatu egin dira 556. artikuluaren izenburua eta 1. paragrafoa; hemendik aurrera, idazketa hau izango dute:

«556. artikulua. Prozesu ebazpenak, arbitraje ebazpenak edo bitartekaritza akordioak betearaztearen aurka egitea.

1. Titulu betearazlea kondenazko prozesu edo arbitraje ebazpen bat edo bitartekaritza akordio bat bada, alderdi exekutatuak, betearazpena agindu duen autoa jakinarazi eta hurrengo hamar egunetan, horren aurka egin ahal izango du; horretarako, idatziz alegatu eta agiri bitartez egiaztatu beharko du epaian, laudoan edo akordioan agindutakoa bete edo ordaindu duela».

19. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 559. artikuluaren 1. paragrafoaren 3. lerrokadak:

«3. Agindutako betearazpena erabat deuseza izatea, epaiak edo arbitraje laudoak kondena erabakirik ez jasotzeagatik, laudoak edo bitartekaritza akordioak betearazpena eragiteko legezko eskakizunak ez betetzeagatik, edota betearazpena agintzean lege honen 520. artikuluan xedatutakoa hausteagatik.»

20. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 576. artikuluaren 3. paragrafoak:

«3. Aurreko paragrafoetan ezarritakoa aplikatuko zaie edozein jurisdikzio ordenatako ebazpen judizial mota guztiei, arbitraje laudoei eta bitartekaritza akordioei, kopuru likidoa ordaintzera behartzen badute. Hala ere, aintzat hartu behar dira ogasun publikoentzat legeak ezarritako berezitasunak.»

21. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 580. artikuluak:

«580. artikulua. Ordainketa agindeia noiz ez den bidezkoa.

Titulu betearazlearen oinarri badira diru kopuru zehatzak emateko betebeharra ezarri duten ebazpenak (idazkari judizialaren ebazpenak, ebazpen judizialak edo arbitraje ebazpenak, edota prozesuan lortutako transakzioak nahiz hitzarmenak onesteko ebazpenak), ez da beharrezkoa izango alderdi exekutatuari bere ondasunak enbargatzeko ordainketa agindeia egitea.»

Azken xedapenetako hirugarrena. Abokatutzan eta auzitegietako prokuradoretzan sartzeari buruzko urriaren 30eko 34/2006 Legearen aldaketa.

Bat. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du 2. artikuluaren 3. paragrafoak:

«Justizia Ministerioak emango ditu Lege honetan araututako titulu profesionalak.»

Bi. Zortzigarren xedapen gehigarria erantsi zaio, hau dioena:

«Zortzigarren xedapen gehigarria. Zuzenbidean lizentziadunak.

1. Lege honetan araututako titulu profesionalak ez zaizkie eskatuko berau argitaratzean Zuzenbidean lizentziadun titulua eskuratzeko unibertsitate ikasketetan matrikulatuta daudenei, betiere gehienez bi urteko epean, Zuzenbideko lizentziadunaren titulu ofiziala emateko eskatzeko moduan dauden unetik zenbatzen hasita, elkargokide egiten badira, jardule edo ez jardule gisa.

2. Aurreko paragrafoan jasota ez dauden ikasleek, lege hau indarrean sartu ondoren eskuratu badute Zuzenbidean lizentziadun titulua, titulu profesionalak eskuratu ahal izango dituzte, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) 6. artikuluan aurreikusitako kanpo praktikak egitea.

b) Lanbide gaitasuna egiaztatzea, 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Gobernuak erregelamendu bidez garatuko ditu pertsona horiek prestakuntzarako eta lanbide gaitasuna ebaluatzeko prozesuetan parte hartzearen ondorioz sortutako espezialitateak.

Hiru. Bederatzigarren xedapen gehigarria erantsi zaio, hau dioena:

«Bederatzigarren xedapen gehigarria. Atzerriko titulu homologatuak.

Lege hau indarrean sartzen denean atzerriko titulua Zuzenbidean lizentziadun tituluarekin homologatzeko eskatu dutenei ez zaizkie lege honetan araututako titulu profesionalak eskatuko, betiere bi urteko gehieneko epearen barruan, homologazio hori lortzen dutenetik zenbatzen hasita, elkargokide egiten badira, jardule edo ez jardule gisa.»

Lau. Hemendik aurrera, idazketa hau izango du xedapen iragankor bakarraren 3. paragrafoak:

«3. Lege hau indarrean sartzean Zuzenbidean lizentziadun- edo gradudun titulua dutenek edo berau eskatzeko moduan daudenek, betiere aurreko paragrafoan jasota ez badaude, gehienez bi urteko epea izango dute, legea indarrean hasten denetik zenbatzen hasita, elkargokide egiteko, jardule edo ez jardule gisa, eta ez zaizkie legean araututako titulu profesionalak eskatuko.»

Azken xedapenetako laugarrena. Zenbatekoak erreklamatzeko bitarteko elektroniko bidezko bitartekaritza prozedura sinplifikatua.

Gobernuak, Justiziako ministroaren ekimenez, diru kopuruak erreklamatzeko gatazkak bitartekaritza prozedura sinplifikatuaren bitartez konpontzea sustatuko du; prozedura hori bitarteko elektrikoen bidez gauzatuko da.

Alderdiek bitartekaritza prozedurara jotzeko eginiko eskabidean zehaztuko dituzte beren jarrerak, eta bitartekaritza erakundeak, interesdunei emango dien erantzunean. Alderdien jarrerak ezin izango dira Zuzenbidearen aurkakotasun argudioetan oinarritu.

Prozedurak gehienez hilabeteko iraupena izango du, bitartekaritza erakundeak eskabidea jaso ondoko egunetik zenbatzen hasita. Ez da egongo iraupen hori luzatzeko aukerarik.

Azken xedapenetako bosgarrena. Errege Lege Dekretuan eskatutako bitartekaritza baldintzak betetzearen gaineko kontrola erregelamenduz garatzea.

1. Gobernuak, Justiziako ministroaren ekimenez, erregelamendu bidez zehaztu ahal izango ditu errege lege-dekretu honetan bitartekariei eta bitartekaritza erakundeei eskatutako baldintzak eta publizitate eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko beharrezko tresnak.

Tresna horien artean, bitartekarien eta bitartekaritza erakundeen erregistroa sor daiteke, Justizia Ministerioaren mende egongo dena, eta autonomia erkidegoetako bitartekaritza erregistroekin koordinatuko dena; hala bada, errege lege-dekretu honetan aurreikusitako baldintzak betetzen ez dituen bitartekariari baja eman ahal izango zaio bertan.

2. Gobernuak, Justizia Ministerioaren ekimenez, bitartekariek bitartekaritza lanak egin ahal izateko aurrez egin beharreko prestakuntza ikastaroaren edo ikastaroen gutxieneko edukia eta iraupena zehaztu ahal izango ditu, baita jaso beharreko etengabeko prestakuntzarenak ere.

Bitartekarien erantzukizun zibileko asegurua izateko betebeharraren irismena erregelamendu bidez garatu ahal izango da.

Azken xedapenetako seigarrena. Eskumen titulua.

Estatuak, Konstituzioaren 149.1.6 eta 149.1.8 artikuluen arabera, merkataritza legegintzaren, prozesu legegintzaren eta legegintza zibilaren arloetan duen eskumen esklusiboaren babesean onartu da errege lege-dekretu hau.

Dena den, Konstituzioaren 149.1.1, 149.1.6 eta 149.1.30 artikuluen babesean aldatu da 34/2006 Legea.

Azken xedapenetako zazpigarrena. Europar Batasunaren arauak txertatzea.

Errege lege-dekretu honen bidez, Espainiako Zuzenbidean txertatu da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko maiatzaren 21eko 2008/52/EE Zuzentaraua, gai zibilen eta merkataritza-gaien inguruko bitartekaritzako alderdi batzuei buruzkoa.

Azken xedapenetako zortzigarrena. Indarrean jartzea.

Errege lege-dekretu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondorengo egunean sartuko da indarrean.

Madrilen emana, 2012ko martxoaren 5ean.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

euskal legezalea