39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena

BOE, 236.zk., 2015-10-02koa.

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue: Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta Nik berretsi egiten dudala:

I

Herritarrek administrazio publikoen jardueraren aurrean dituzten eskubideen esparru juridikoa babesten duten tresnetan, batzuk erreaktiboak dira, eta haien artean aipagarrienak administrazioarekiko errekurtsoen sistema eta epaile eta auzitegien kontrol-lana; beste batzuk, berriz, prebentiboak dira, administrazio-prozedura erkidearen bitartezkoak, zeinak argi erakusten baitu Administrazio Publikoak osotara legearen mende jarduten duela, Konstituzioaren 103. artikuluak dioen bezala.

Administrazio Publikoen Erreformarako Batzordeak 2013ko ekainean prestatutako txostena uste sendo batetik abiatzen da: ekonomia lehiakor baterako, beharrezkoa da administrazio publikoak eraginkorrak, gardenak eta bizkorrak izatea.

Ildo berean, 2014an Espainian egiteko erreformen Programa nazionalak espresuki jasoa du administrazio-lege berriak egin beharra, botere exekutiboko erakunde eta entitateen jarduera arrazionalizatzeko, baliabide publikoak efizientzia handiagoz erabiltzeko eta haien produktibitatea handitzeko bultzatu beharreko neurrien artean.

Espainiako administrazioei tradizioz leporatu izan zaizkien akatsak arrazoi bati baino gehiagori zor zaizkio, baina indarrean den ordenamenduak ere badu zerikusirik, zeren eta jarduera publikoaren arau-esparruak bikoiztasunak eta eraginkortasunik ezak agertzea eragin du, administrazio-prozedura sobera konplexuak direla tarteko, zeinek segurtasun juridikorik ezaren arazoak ere sortu baitituzte zenbaitetan.

Gabezia horiek gainditzeko, erreforma integral eta estruktural bat behar da, aukera emango duena ordenatzeko eta argitzeko nola antolatzen eta harremanetan jartzen diren administrazioak, bai kanpora begira, herritarrekin eta enpresekin, bai barrura begira, Estatuko gainerako administrazio eta erakundeekin.

Testuinguru horrekin koherente izanez, ordenamendu juridiko publikoaren erreforma bat proposatzen da, oinarrizko bi ardatzetan artikulatua: administrazio publikoen «ad extra» eta «ad intra» harremanak.

Horretarako, bi lege berri bultzatu dira aldi berean, Espainiako administrazio-zuzenbidearen zutabe izatekoak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legea.

Lege hau da bi ardatz horietako bat, osoki eta sistematikoki arautzen baititu administrazioen eta administratuen arteko «ad extra» harremanak, bai autotutoretza-ahala baliatzeari dagokionez, haren indarrez ematen baitira interesdunen esparru juridikoan eragin zuzena duten administrazio-egintzak, bai erregelamendu-ahala eta legegintza-ekimena baliatzeari dagokionez.

Horrela, lege-gorputz bakarrean bildurik gelditzen da administrazioek herritarrekin «ad extra» dituzten harremanen erregulazioa, erreferentziazko administrazio-lege gisa, aurrekontu-arauetan aurreikusten den guztiarekin osatzeko; bereziki aipatzekoak dira Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Jasangarritasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan aurreikusitakoa; Aurrekontu Orokorren 47/2003 Legea, azaroaren 26koa, eta Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legea.

II

Konstituzioak jasotzen du, IV. tituluan, «Gobernua eta Administrazioa» izenburupean, zer ezaugarrik bereizten dituzten nazioko Gobernua eta Administrazioa. Lehenengoa organo nagusiki politiko gisa definitzen du, zeinari gordetzen baitzaio gobernatzeko funtzioa, erregelamendu-ahala baliatzea eta Administrazioa zuzentzea, eta bigarrena Gobernuaren zuzendaritzaren mende dagoela ezartzen du.

Aipatutako konstituzio-tituluan, 103. artikuluak ezartzen du zer printzipiok gidatu behar duten administrazio publikoen jarduera, haien artean nabarmentzen direla eraginkortasuna eta legezkotasuna, agintzen baitu administrazio-jarduerak erabat legearen eta zuzenbidearen mende egon behar duela.

Printzipio horiek prozeduran gauzatzen dira. Prozedura, berriz, bide formal batzuk dira, zeinek bermatu behar baitute oreka egoki bat gorde dadila administrazio-jardueraren eraginkortasunaren eta herritarren eta enpresen eskubideen babes ezinbestekoaren artean, eskubideok oinarrizko berdintasun-kondizioetan baliatu behar baitira lurraldeko edozein lekutan, edozein administraziorekin daudela ere harremanetan haien titularrak.

Administrazioen «ad extra» jarduera horiek espresuki aipatuak daude Konstituzioaren 105. artikuluan, esaten baitu legeak arautuko duela herritarrei entzuera ematea, zuzenean edo legeak aitortutako erakunde eta elkarteen bidez, eragiten dieten administrazio-xedapenak egiteko prozeduran, eta orobat administrazio-egintzek segitu beharreko prozedura, hala dagokionean interesdunei entzuera emango zaiela bermatuz.

Horretaz gainera, Espainiako Konstituzioaren 149.1.18 artikuluak Estatuari esleitzen dio, beste zenbait gairen artean, administrazio-prozedura erkidea arautzeko eskumena, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoen berezko antolamendutik datozen berezitasunak, eta halaber administrazio publiko guztien erantzukizun-sistema.

Deskribatutako konstituzio-esparruarekin bat etorriz, lege honek arautzen du zer eskubide eta gutxieneko berme dituzten herritar guztiek administrazio-jarduerari dagokionez, bai autotutoretza-ahala baliatzearen aldetik, bai erregelamendu-ahalaren eta legegintza-ekimenaren aldetik.

Administrazio-prozedurari dagokionez, halakotzat harturik administrazio-egintza bat emateko edo Administrazioaren borondatea adierazteko formalki egindako izapide eta jarduketen multzo ordenatua, erregulazio berri honekin ez dira agortzen Estatuak eta autonomia-erkidegoek «ratione materiae» berezitasunak ezartzeko dituzten eskumenak edo zenbait alderdi zehazteko dituztenak, hala nola ebazteko eskumena duen organoa; administrazio-prozeduraren erkide-izaera, aitzitik, administrazio publiko guztiei eta jarduera guztietarako aplikatzetik dator.

Hala aitortu izan du Konstituzio Auzitegiak bere jurisprudentzian, adierazi baitu Estatuak administrazio-prozedura erkidea arautzeak ez duela eragozten autonomia-erkidegoek zuzenbide substantiboa aplikatzeko behar dituzten prozedura-arauak ematea, betiere errespetatzen badira Estatuaren eskumen esklusibo izateagatik administrazio-prozedura erkidearen oinarrizko kontzeptua osatzen duten erregelak.

III

Aurrekari bat baino gehiago ditu gai honen inguruko legegintzak.

Legegileak eboluzionarazi egin du administrazio-prozeduraren kontzeptua, administrazioen jarduteko era egokituz une bakoitzeko testuinguru historikora eta gizarte-errealitatera.

Alde batera utzita Azkarateren Legea deritzona, 1889ko urriaren 19koa, gure ordenamendu juridikoko administrazio-prozeduraren erregulazio osoetan lehena 1958ko uztailaren 17ko Administrazio Prozeduraren Legea da.

1978ko Konstituzioak administrazioaren kontzeptu berri bat sortu zuen, espresuki eta osotara legearen eta zuzenbidearen mende, herri-borondatearen adierazpen demokratiko gisa, eta haren izaera instrumentala berretsi zuen, interes orokorren zerbitzuan jartzean Gobernuaren zuzendaritzapean, zeinak erantzuten baitu politikoki haren kudeaketaz.

Alde horretatik, azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena, mugarri eta giltzarri izan zen administrazio-zuzenbideak konstituzio-esparru berrian izango zuen eboluziorako.

Horretarako, aurrerapen esanguratsuak egin zituen administrazioek administratuekin dituzten harremanetarako, administrazioen funtzionamendua hobetzearen bitartez eta, batez ere, herritarrek Administrazioaren autotutoretza-ahalaren aurrean dituzten eskubideen berme handiago baten bitartez; horren azken osagaia oinarrizko testuaren 106. artikuluaren indarrez haren jarduera berrikustea da.

Urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak, zeinak aldatu baitzuen azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoarena eta Administrazio Prozedura Erkidearena, birformulatu egin zituen administrazio-prozeduraren alderdi funtsezko batzuk, hala nola administrazio-isiltasuna, administrazio-egintzak berrikusteko sistema eta administrazioen ondare-erantzukizunaren araubidea, eta horrek handitu egin zuen interesdunen segurtasun juridikoa.

Informazioaren eta komunikazioaren teknologien garapenak ere eragin sakona izan du Administrazioak herritarrekin eta enpresekin dituen harremanen forman eta edukian.

Azaroaren 26ko 30/1992 Legea jada ohartu zen teknologia berriek administrazio-harremanetan duten garrantziaz, baina legezko aitortza ekainaren 22ko 11/2007 Legeak eman zien, herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzkoak, herritarrek administrazio publikoekin elektronikoki harremanetan jartzeko duten eskubidea ezarri baitzuen, eta orobat administrazioen betebeharra zela eskubide hori baliatzeko behar diren bitarteko eta sistemez hornitzea.

Hala ere, gaur egungo ingurumarian, izapidetze elektronikoa ezin da izan oraindik prozedurak kudeatzeko modu berezi bat; administrazioen ohiko jarduera-modua izan behar du.

Izan ere, paperik gabeko administrazio batek, funtzionamendu erabat elektronikoan oinarriturik, eraginkortasun- eta efizientzia-printzipioak egokiago zerbitzatzeaz gain, kostuak aurrezten baitizkie herritar eta enpresei, interesdunen bermeak indartu ere egiten ditu.

Hain zuzen ere, agiriak eta jarduketak artxibo elektroniko batean izateak erraztu egiten du gardentasun-betebeharrak konplitzea, aukera ematen baitu interesdunei unean uneko informazio bizkorra eta eguneratua eskaintzeko.

Bestalde, gai honen erregulazioak bazuen gabezia bat: arauak sakabanatuta zeudela eta araubide juridiko bat baino gehiago gainjartzen zirela, ez beti elkarrekin koherenteak. Horren erakusgarri da bata bestearen atzetik onetsi izana gaian eragina duten zenbait arau: besteak beste, 17/2009 Legea, azaroaren 23koa, zerbitzu-jardueretara irispide librea izateari eta haietan aritzeari buruzkoa; 2/2011 Legea, martxoaren 4koa, Ekonomia Jasangarriari buruzkoa; 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa; eta 20/2013 Legea, abenduaren 9koa, merkatu-batasunaren bermeari buruzkoa.

Legeria hori izanik, giltzarria da lege berri bat izatea administrazio-prozedurari buruzko erregulazio guztia sistematizatuko duena, aipatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen eta ekainaren 22ko 11/2007 Legearen edukia argituko eta integratuko duena eta prozedurak arinduko dituena funtzionamendu erabat elektronikoarekin.

Horrekin guztiarekin, hobeto beteko dira administrazio publikoen jarduera gidatu behar duten eraginkortasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipio konstituzionalak.

IV

Hogei urte baino gehiago egin ditu indarrean 30/1992 Legeak, eta, denbora horretan, Europako Batzordearen eta Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen barruan hobetuz joan da araugintza («Better regulation» eta «Smart regulation»).

Nazioartean gaiari buruz egin diren txostenek honela definitzen dute erregulazio adimenduna: kalitateko esparru juridiko bat, erregulazio-xedea betetzeko modua eskaintzearekin batera jarduera ekonomikoa dinamizatzeko pizgarri egokiak eskaintzen dituena eta prozesuak sinpletzeko eta administrazio-kargak gutxitzeko aukera ematen duena.

Horretarako, funtsezkoa da arauen inpaktuaren analisi bat egitea etengabe, bai «ex ante» eta bai «ex post», eta herritarrek eta enpresek parte hartzea arauak egiteko prozesuetan, haien gain joango baita gero legeak bete beharra.

Azkeneko hamarkadan, azaroaren 23ko 17/2009 Legeak eta martxoaren 4ko 2/2011 Legeak aurrerapena ekarri dute erregulazio onaren printzipioak ezartzean, batez ere jarduera ekonomikoetan aritzeari dagokionez.

Jada legegintzaldi honetan, abenduaren 9ko 20/2013 Legeak beste urrats batzuk gehiago egin ditu, herritarren eskura jarri baitu arauak egiteko prozedurari dagokionez garrantzi juridikoa duen informazioa.

Hala ere, beharrezkoa da beste erregulazio bat izatea, dagoen arau-sakabanaketa amaitzeko eta herritarren parte-hartzea, segurtasun juridikoa eta ordenamenduaren berrikuspena sendotzeko.

Helburu horiekin, lehen aldiz ezarri dira lege batean administrazio publikoen legegintza-ekimena eta erregelamendu-ahala gidatu behar duten oinarriak, helburutzat harturik erregulazio onaren printzipioen arabera baliatuko direla segurtatzeko, araugintzan herritarrei entzuera eta parte hartzeko aukera modu egokian emango zaiela bermatzeko, eta ordenamenduaren aurreikusgarritasuna eta ebaluazio publikoa lortzeko, segurtasun juridikorako eskubide konstituzionalaren ezinbesteko korolario gisa.

Berritasun hori funtsezkoa da, batez ere lurraldez deszentralizatua den estatu batean, zeinetan batera bizi baitira lurralde-administrazioaren hiru maila, beren araugintza-jarduera sarri bat datozen esparru subjektibo eta geografikoetan proiektatzen dutenak.

Erregulazio honetan, aintzat hartzen dira gai honetan Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE) 2014ko txosten honetan emandako gomendioak: «Spain: From Administrative Reform to Continous Improvement».

V

Lege honek 133 artikulu ditu, zazpi titulutan banatuak; bost xedapen gehigarri, bost xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta zazpi azken xedapen.

Atariko titulua, xedapen orokorrena, legearen esparru objektiboari eta subjektiboari buruzkoa da.

Haren berritasun nagusien artean, aipatzekoa da legearen objektuan sartu direla, oinarrizko izaerarekin, administrazio publikoen legegintza-ekimena eta erregelamendu-ahala baliatzeko modua informatzen duten printzipioak.

Lege honetan aurreikusitakoa aplikatuko zaie sektore publikoaren kontzeptuan sartzen diren subjektu guztiei, nahiz eta zuzenbide publikoko korporazioak beren berariazko araudiak gidatuko dituen esleitu zaizkien funtzio publikoak betetzean, eta ordezko moduan lege honek.

Aipagarria da, halaber, xedatu denaren arabera legez bakarrik ezar daitezkeela izapide gehigarriak edo arau honetan adierazitakoez bestelakoak, eta erregelamenduz zehaztu daitezkeela prozeduraren zenbait berezitasun, organo eskudunak identifikatzeari, epeei, hasteko eta amaitzeko moduei, argitaratzeari eta eskatu beharreko txostenei buruzkoak.

Horrek ez die eragiten indarrean dauden legeetan lehendik jasoak dauden izapide gehigarri edo bestelakoei, ez eta erregelamenduzko arauetan egin diren zehaztapenei ere, denek ere beren ondorioak mantenduko baitituzte: organo eskudunak, gaia dela-eta dagokion prozedura zehatzaren epeak, hasteko eta amaitzeko moduak, egintzen argitalpena edo eskatu beharreko txostenak.

Hala, besteak beste, aipagarria da indarren dirauela Neurri Fiskal, Administratibo eta Gizarte Arlokoei buruzko abenduaren 29ko 14/2000 Legearen hogeita bederatzigarren xedapen gehigarriak aipatzen duen 2. eranskinak, zeinak prozedura batzuk ezartzen baititu administrazio-isiltasun positiboaren erregela orokorretik salbuetsita geratzen direnak.

1. titulua prozedurako interesdunei buruzkoa da, eta hartan erregulatzen da, beste gai batzuen artean, zer berezitasun dituen jarduteko gaitasunak administrazio-zuzenbidearen arloan, lehen aldiz zabalduz hura eraginpeko-taldeetara, nortasun juridiko propiorik gabeko elkartze eta entitateetara eta ondare independente edo autonomoetara legeak espresuki hala adierazten duenean.

Ordezkaritzari dagokionez, administrazio publikoen esparru esklusiboan hura egiaztatzeko modu berriak sartu dira, hala nola «apud acta» ahalordetzea, aurrez aurrekoa edo elektronikoa, edo administrazio publikoaren edo erakunde eskudunaren ahalordetze-erregistro elektronikoan inskribatuta dagoela egiaztatzea.

Era berean, xedatzen da administrazio publiko bakoitzak ahalordetze-erregistro elektroniko bat eduki beharra daukala, eta lurralde-administrazioetakoak atxiki daitezkeela Estatukora, eraginkortasun-printzipioa aplikatuz, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Jasangarritasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 7. artikuluan aitortua.

Bestalde, titulu horretako artikuluen parte bat legearen berritasunik handienetako batek hartzen du: identifikazioa eta sinadura elektronikoa bereiztea eta bata eta bestea egiaztatzeko moduak sinplifikatzea, halako moldez non, oro har, lehena bakarrik izango baita beharrezko eta bigarrena, berriz, interesdunaren borondatea eta onespena egiaztatu behar denean eskatuko baita.

Oinarri gisa, administrazio guztiek erabili beharreko identifikazio- eta sinadura-bideen gutxieneko kategorien multzo bat ezartzen da.

Zehazki, sinadura-sistema gisa onartuko dira: sinadura elektroniko aitortu edo kualifikatu eta aurreratuko sistemak, sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko kualifikatuetan oinarrituak, zeinetan sartzen baitira bai pertsona juridikoaren ziurtagiri elektronikoak bai nortasun juridikorik gabeko entitatearenak; zigilu elektroniko aitortu edo kualifikatuko eta zigilu elektroniko aurreratuko sistemak, zigilu elektronikoko ziurtagiri kualifikatuetan oinarrituak; eta orobat administrazio publikoek baliozkotzat jotzen duten beste edozein sistema, ezartzen diren modu eta baldintzetan.

Identifikazio-sistema gisa onartuko da onartutako sinadura-sistemetako edozein, eta orobat gako itunduko sistemak eta administrazio publikoek ezartzen duten beste edozein.

Lege honetan aurreikusitako identifikazio-sistemak nahiz sinadura-sistemak guztiz koherenteak dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren uztailaren 23ko 910/2014 Erregelamenduan (EB) xedatutakoarekin. Erregelamendu hori identifikazio elektronikoari eta barne-merkatuko transakzio elektronikoetarako konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da, eta 1999/93/EE Direktiba indargabetzen du.

Gogoratu behar da estatu kideak behartuta daudela gainerako estatu kideek Europako Batzordeari jakinarazitako identifikazio elektronikoko sistemak onartzera, eta orobat Europar Batasuneko beste estatu kide batzuen konfiantzazko zerrendetan ageri diren zerbitzu-emaileek egindako ziurtagiri elektroniko kualifikatuetan oinarritutako sinadura eta zigilu elektronikoak.

II. titulua administrazio publikoen jarduerari buruzkoa da, eta bi kapitulutan egituratuta dago.

I. kapitulua jarduera-arau orokorrei buruzkoa da. Berritasun gisa, xedatzen du zer subjektu dauden beharturik administrazio publikoekin harremanak modu elektronikoan izatera.

Era berean, kapitulu horretan xedatzen da administrazio publiko guztiak behartuta daudela erregistro elektroniko orokor bat izatera edo, bestela, Estatuaren Administrazio Orokorrarenera atxikitzera.

Erregistro horiei laguntzeko daude gaur egun erregistro-gaietarako dauden bulegoak, aurrerantzean erregistro-gaietako laguntzarako bulego izendatuak, zeinek interesdunei aukera emango baitiete, hala nahi badute, eskaerak paperean aurkezteko, eta gero formatu elektronikora bihurtzeko.

Artxiboei dagokienez, berritasun gisa sartzen da administrazio publiko bakoitza behartuta dagoela artxibo bakar elektroniko batean izatera amaitutako prozedurei dagozkien agiri guztiak, eta behartuta daudela, orobat, espediente horiek agiriaren benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatuko duen formatu batean gordetzera.

Alde horretatik, aipatzekoa da artxibo bakar elektroniko hori sortzea bateragarria izango dela dauden artxibo-sistema eta -sareekin, indarrean den legerian aurreikusitako moduan, eta errespetatuko duela dagokion zaintza edo eskualdaketari buruzko erantzukizun-banaketa.

Bestalde, artxibo bakar elektronikoarekin bateragarria izango da Artxibo Historiko Nazionalak irautea, Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legean eta hura garatzeko araudian aurreikusitako moduan.

I. kapituluan ezartzen da, orobat, kopien balioaren eta eraginkortasunaren araubidea: argitu eta sinplifikatu egiten da gaur egungoa, eta definitzen da zer betekizun behar diren kopia bat kautoa izateko, baliozkotzat jotzeko zer ezaugarri izan behar dituzten administrazio publikoek emandako agiriek, eta zer interesdunek prozeduran ekarritakoek; oro har, betebehartzat ezartzen da administrazio publikoek ez eskatzea interesdunek lehenago jarritako agiririk, administrazio publikoek prestaturik edo jatorrizkorik, legean ezarritako salbuespenak salbu.

Beraz, interesdunak oro har agirien kopiak aurkeztu ahal izango ditu, izan berak digitalizatuak edo izan paperezkoak.

Nabarmentzekoa da, halaber, administrazio publikoak behartuta daudela erregistro bat edo beste sistema baliokide bat izatera kopia kautoak egiteko gaituta dauden funtzionarioen berri emango duena, hartara bermatzeko kopiak egoki eginak direla, eta hartan, administrazio bakoitzak hala erabakitzen badu, batera agertu ahal izango direla, orobat, interesdunei bitarteko elektronikoen erabileran laguntzen aritzen diren funtzionarioak; ez dago eragozpenik funtzionario batek bi funtzioak aitortuak izateko edo bietako bat bakarrik.

II. kapitulua epe-mugei eta epeei buruzkoa da, eta haiek zenbatzeko, zabaltzeko edo urgentziaz izapidetzeko erregelak ezartzen ditu.

Berritasun nagusi gisa, aipatzekoa da epeak orduka ere zenbatuko direla eta larunbatak egun baliogabetzat jo direla, horrekin esparru judizialeko eta administratiboko epeak zenbatzeko modua berdinduz.

III. titulua, administrazio-egintzei buruzkoa, hiru kapitulutan egituratuta dago. Administrazio-egintzen betekizunak, haien eraginkortasuna eta deuseztasunari eta deuseztagarritasunari buruzko erregelak arautzen ditu, bere horretan utzirik azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako arau gehien-gehienak.

Bereziki aipatzekoak dira jakinarazpen elektronikoen gaian sartutako berritasunak. Halako jakinarazpenek lehentasuna izango dute, eta, dagokionaren arabera, egoitza elektronikoan edo emandako helbide elektroniko bakarrean egingo dira.

Bestalde, interesdunen segurtasun juridikoa handitu da, zenbait neurri berri ezarriz jakinarazpenak eskura jarri direlako berri izatea bermatzeko; besteak beste, jakinarazpen-abisuak bidaltzea, ahal den guztietan, interesdunak eman dituen gailu elektronikoetara edo helbide elektronikora, eta bere jakinarazpenetarako irispidea izatea Administrazioaren Sarbide Puntu Nagusi Elektronikoaren bitartez, sarrerako atari baten moduan funtzionatuko baitu.

IV. tituluak administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak biltzen ditu, zazpi kapitulutan. Berritasun nagusien artean, aipatzekoa da orain administrazio-prozedura erkidearen berezitasun moduan integratu direla azaroaren 26ko 30/1992 Legeak titulu bereizitan erregulatzen zituen zehapen-ahalari eta ondare-erantzukizunari buruzko prozedura bereziak.

Planteamendu hori egin da legearekin bilatzen den helburu batengatik: administrazio-prozedurak sinplifikatzea eta berezitasun moduan integratzea administrazio-prozedura erkidean, segurtasun juridikoa handitzen laguntzeko.

Jarraitutako sistematikaren arabera, administrazio publikoen zehapen-ahalaren eta ondare-erantzukizunaren printzipio orokorrak, gehiago dagozkienez alderdi organikoei prozedurazkoei baino, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean erregulatzen dira.

Titulu horrek, bestalde, behartu egiten du bitarteko elektronikoak modu orokorrean erabiltzera prozedura hasteko, antolatzeko, instruitzeko eta amaitzeko faseetan.

Era berean, administrazio-espedientearen erregulazioa gehitu da, haren formatu elektronikoa eta zer agirik osatu behar duten ezarriz.

Titulu horren barruan, kapitulu berri bat sartu da administrazio-prozedura erkidearen izapidetze sinplifikatuari buruzkoa, zeinetan ezartzen baita haren aplikazio-eremu objektiboa, ebazteko gehieneko epea, hogeita hamar egun, eta zer izapide dituen.

Prozedura batean beste edozein izapide gehigarri egin behar bada, izapidetze arruntari jarraitu beharko zaio.

Era berean, modu sinplifikatuan izapidetu den prozedura batean nahitaezkoa baldin bada Estatu Kontseiluaren edo organo aholku-emaile baliokide baten irizpena, eta irizpen horretan ebazpen-proposamenaren funtsaren kontrakoa den irizpide bat adierazten bada, prozedurak jarraitu egin beharko du baina, interesdunen berme handiagorako, izapide arruntei jarraituz, ez laburtuari; hala, izapidetze sinplifikatuan aurreikusita ez dauden beste izapide batzuk egin ahal izango dira, hala nola interesdunen eskariz frogak egitea.

Horrek guztiak ez du eragozten aukera izatea prozedura urgentziaz izapidetzeko, jada azaroaren 26ko 30/1992 Legeak jasotzen zuen moduan.

V. titulua administrazio-bidean egintzak berrikusteari buruzkoa da. Azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako bide berak mantendu dira, eta indarrean diraute, beraz, ofiziozko berrikuspenak eta orain arte izan diren administrazio-errekurtsoen tipologiak (gora jotzekoa, berraztertzeko aukerakoa eta berrikuspen-errekurtso berezia).

Hala ere, berritasun gisa aipatzekoa da administrazio batek egintza beretik sortutako administrazio-errekurtso bat baino gehiago ebatzi behar dituenean eta errekurtso judizial bat jarri denean administrazio-ebazpen baten kontra edo dagokion presuntziozko ezespen-egintzaren kontra, administrazio-organoak erabaki ahal izango duela ebazteko epea etetea erabaki judiziala eman arte.

Administratuentzat beren eskubideak baliatzeko abantaila izan beharrean karga ziren izapideak gutxitzeko borondatearekin bat etorriz, legeak ez ditu aintzat hartzen jada bide zibileko eta lan-arloko bideko aurretiazko erreklamazioak, erabilgarritasun praktiko eskasa erakutsi baitute orain arte; beraz, kendu egin dira.

VI. titulua administrazio publikoen legegintza-ekimenari eta araugintza-ahalari buruzkoa da, eta jasotzen du zer printzipiori atxiki behar dion bere jarduera administrazio titularrak, esparru horretako eskubide konstituzionalak baliatuz.

Hierarkiari, arauak publiko egiteari eta erregulazio onaren printzipioei buruz indarrean den erregulazioan hobekuntza batzuk egitearekin batera, berritasun batzuk txertatu dira herritarrek parte-hartze handiagoa izan dezaten arauak lantzeko prozeduran. Nabarmentzekoa da, haien artean, araua egin aurretik herritarrei eta enpresei galdetu beharra dagoela zer iritzi duten ekimen horrekin konpondu nahi diren arazoez, arau hori onestearen beharrezkotasunaz eta egokitasunaz, arauaren helburuez eta izan litezkeen bestelako aukera erregulatzaile eta ez-erregulatzaileez.

Bestalde, segurtasun juridiko handiagoa eta ordenamenduaren aurreikusgarritasuna xedetzat harturik, «ex ante» araugintza-plangintza hobetzearen alde egin da.

Horretarako, administrazioek Urteko Araugintza Plan bat zabalduko dute, eta hartan jasoko dira hurrengo urtean onesteko igorri asmo diren lege- edo erregelamendu-mailako proposamen guztiak.

Aldi berean, indartu egin da «ex post» ebaluazioa, zeren eta, araudia erregulazio onaren printzipioetara egokitzen den etengabe berrikusteko eginbeharrarekin batera, betebehartzat ezartzen da indarrean diren arauen aplikazioa aldian behin ebaluatzea, helburuak bete diren ikusteko eta arauek ekarri dituzten kostuak eta kargak justifikatuta eta egoki balioetsita zeuden jakiteko.

Xedapen gehigarri, iragankor eta indargabetzaileei eta azken xedapenei dagokienez, aipatzekoa da autonomia-erkidegoak eta toki-erakundeak Estatuaren Administrazio Orokorrak ezarritako erregistro eta sistemetara atxiki beharrari buruzkoa, apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan aitorturiko eraginkortasun-printzipioa aplikatzearen ondorio.

Nabarmentzekoa da, halaber, gaiaren ondoriozko berezitasunei buruzko xedapena, zenbait jarduketa eta prozedura ezartzen baititu beren berariazko araudiak eraenduko dituenak eta ordezko moduan lege honek. Aipatzeko dira, haien artean, tributuen aplikazioari buruzkoak eta tributu- eta aduana-gaietako berrikuspenari buruzkoak, Gizarte Segurantzaren eta Langabeziaren gaietako kudeaketa, ikuskaritza, likidazio, diru-bilketa, aurkarapen eta berrikuspenari buruzkoak; horien artekotzat jotzen dira, besteak beste, Gizarte Segurantzan sartu eta afiliatzeko egintzak eta etekinak dituzten enpresetan berrogeita hamar urtetik gorako langileei eragiten dieten kaleratzeagatiko diru-ekarpenak, eta halaber tributu- eta aduana-gaietako, gizarte-arloko, trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloko eta atzerritartasun-arloko jarduketa eta zehapen-prozedurak.

Azkenik, legean jasota dago zuzenbide iragankorreko zer xedapen aplikatuko zaizkien hasitako prozedurei, indarrean jartzeari, artxibo eta erregistroei eta Sarbide Puntu Nagusi Elektronikoari, eta halaber lege honetan aurreikusitakoa garatzeko gaikuntza emateko xedapenak.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Legearen xedea

1.

Lege honen xedea honako hauek arautzea da: administrazio-egintzak baliozko eta eraginkor izateko betekizunak; administrazio publiko guztiek erkide duten administrazio-prozedura, barnean harturik zehapen-prozedura eta administrazio publikoen erantzukizuna erreklamatzeko prozedura; eta zer printzipiori jarraitu behar zaion legegintza-ekimena eta erregelamendu-ahala baliatzean.

2.

Lege bidez eta modu arrazoituan bakarrik sar daitezke izapide gehigarriak edo lege honetan aurreikusitakoez bestelako batzuk, hori eraginkorra, neurrizkoa eta beharrezkoa bada prozeduraren berezko xedeak lortzeko.

Erregelamenduz ezarri ahal izango dira prozeduraren zenbait berezitasun, hauei buruzkoak: organo eskudunak, gaiagatik zehazki dagokion prozeduraren epeak, hasteko eta amaitzeko moduak, argitaratzeko modua eta eskatu beharreko txostenak.

2. artikulua. Aplikazio-eremu subjektiboa

1.

Lege hau sektore publikoari aplikatzen zaio, haren barnean harturik:

a) Estatuaren Administrazio Orokorra.

b) Autonomia-erkidegoen administrazioak.

c) Toki-administrazioa osatzen duten entitateak.

d) Sektore publiko instituzionala.

2.

Hauek osatzen dute sektore publiko instituzionala:

a) Administrazio publikoei loturik edo haien mendean dagoen zeinahi organismo publiko eta zuzenbide publikoko erakunde.

b) Administrazio publikoei loturik edo haien mende dauden zuzenbide pribatuko erakundeak, zeinak lege honetako arauetan xedatutakoaren mende geldituko baitira berariaz haiei buruzkoak direnean eta, beti, administrazio-ahalak baliatzen dituztenetan.

c) Unibertsitate publikoak, zeinek beren berariazko araudiari jarraituko baitiote eta, ordezko moduan, lege honetan xedatutakoari.

3.

Administrazio publikotzat hartzen dira: Estatuaren Administrazio Orokorra, autonomia-erkidegoen administrazioak, toki-administrazioa osatzen duten entitateak, eta aurreko 2. zenbakiko a) letran aurreikusitako organismo publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak.

4.

Zuzenbide publikoko korporazioek beren berariazko araudiari jarraituko diote legez esleitu zaizkien edo administrazio publikoren batek eskuordetu dizkien funtzio publikoak betetzean, eta, ordezko moduan, lege honi.

I. TITULUA

Prozeduran interesdun direnak

I. KAPITULUA

Jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua

3. artikulua. Jarduteko gaitasuna

Lege honetan aurreikusitako ondorioetarako, administrazio publikoen aurrean jarduteko gaitasuna izango dute:

a) Arau zibilen arabera jarduteko gaitasuna duten pertsona fisiko edo juridikoek.

b) Adingabeek, beren eskubideez baliatzeko eta interesen alde egiteko, ordenamendu juridikoaren arabera hori guraso-agintea, tutoretza edo kuradoretza duen pertsona gabe egin dezaketen kasuetan.

Salbuespen da adingabe ezinduen kasua, ezintasunaren neurria eragozpen denean kasuan kasuko eskubideez baliatzeko edo interesen alde egiteko.

c) Legeak espresuki hala adierazten duenean, kaltetu-taldeek, nortasun juridikorik gabeko batasun eta erakundeek eta ondare independente edo autonomoek.

4. artikulua. Interesdun kontzeptua

1.

Administrazio-prozeduran interesdun direla jotzen da:

a) Norbanakoen nahiz taldeen eskubide edo interes legitimoen titular modura hura sustatu dutenak.

b) Prozedura berek ez hasi arren hartan hartuko den erabakiak uki ditzakeen eskubideak dituztenak.

c) Ebazpenak uki ditzakeen norbanakoen nahiz taldeen interes legitimoak dituztenak, behin betiko ebazpena eman baino lehen aurkezten badira prozeduran.

2.

Ekonomia- eta gizarte-interesen ordezkari diren elkarte eta antolakundeak talde-interes legitimoen titular izango dira legeak aitortutako moduan.

3.

Interesdun-kondizioa harreman juridiko eskualdagarriren baten ondorioz sortzen bada, eskubidedunak eskuratuko du kondizio hori, prozedura dagoen egoeran dagoela ere.

5. artikulua. Ordezkaritza

1.

Ordezkari bidez ere jardun dezakete jarduteko gaitasuna duten interesdunek, eta ordezkariarekin gauzatuko dira orduan administrazio-jarduketak, interesdunak espresuki aurkakorik adierazten ez badu.

2.

Jarduteko gaitasuna duten pertsona fisikoek, eta pertsona juridikoek, beren estatutuetan hala aurreikusia badute, beste batzuen ordezkari gisa jardun ahal izango dute administrazio publikoen aurrean.

3.

Beste pertsona baten izenean eskaerak egiteko, erantzukizunpeko adierazpenak edo jakinarazpenak aurkezteko, errekurtsoak jartzeko, akzioetan atzera egiteko eta eskubideei uko egiteko, ordezkaritza egiaztatu beharko da.

Izapide huts diren egintza eta kudeaketak, berriz, inolako egiaztapenik gabe egin ditzake ordezkariak.

4.

Ordezkaritza egiaztatzeko, hala dela sinesgarritasunez erakusten duen edozein bide erabili ahal izango da, zuzenbidean baliozkoa bada.

Ondorio horietarako, ordezkaritza egiaztaturik geldituko da «apud acta» ahalordetzearen bitartez egin bada, norbera agertuz edo dagokion egoitza elektronikoan agerraldi elektronikoa eginez, edo administrazio publiko eskudunaren ahalordetze-erregistro elektronikoan inskribatu izana egiaztatuz.

5.

Prozeduraren izapideak egiteko eskudun den organoak administrazio-espedienteari gehitu beharko dizkio ordezkaritzaren eta une horretan aitortuak dituen ahalordeen egiaztagiriak.

Ahalordetze-erregistro elektronikoan kontsulta egin izana egiaztatzen duen agiriak ondorio horietarako egiaztagiriaren izaera izango du.

6.

Ordezkaritza ez egiaztatzeak edo nahikoa ez egiaztatzeak ez du eragotziko dena delako egintza gauzatutzat hartzea, baldin eta ordezkaritza egiaztatzen edo akatsa zuzentzen bada hamar egunen epean, epe hori eman beharko baitu administrazio-organoak, edo epe handiagoan kasuak hala eskatzen badu.

7.

Administrazio publikoek gaikuntza orokor edo espezifikoa eman ahal izango diete interesdunen ordezkari gisa transakzio elektronikoak egiteko baimenduta dauden pertsona fisiko edo juridikoei.

Gaikuntza horretan, zehaztu beharko da zer baldintza eta betebeharretan konprometitzen diren ordezkaritza horrela hartzen dutenak, eta ordezkaritza baliozkoa delako presuntzioa ekarriko du, non eta aplikatzekoa den araudiak ez duen besterik aurreikusten.

Administrazio publikoek edozein unetan eskatu ahal izango dute ordezkaritza horren egiaztagiria.

Hala ere, beti izango da prozeduran interesduna bera agertzeko aukera.

6. artikulua. Ahalordetze-erregistro elektronikoak

1.

Estatuaren Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek ahalordetze-erregistro elektroniko orokor bat izango dute, eta hartan inskribatu beharko dira, gutxienez, administrazio-prozedura batean interesdun izan eta administrazio publikoen aurrean beraren izenean jarduteko ordezkari baten alde bera agertuz edo elektronikoki, «apud acta» ematen diren izaera orokorrekoak.

Ahalordearen askiestea ere jaso beharko da.

Estatuaren eremuan, erregistro hori Estatuaren Administrazio Orokorraren Ahalordetze Erregistro Elektronikoa izango da.

Ahalordetze-erregistro orokorrek ez dute eragotziko erregistro partikularrak izatea izapide espezifikoak egiteko ahalordeak inskribatzen diren organismo bakoitzean.

Organismo bakoitzak bere ahalordetze-erregistro elektronikoa izan dezake.

2.

Administrazio guzti-guztien ahalordetze-erregistro elektroniko orokorrak eta partikularrek elkarreragingarritasun osoa izan behar dute beren artean, eta bermatuta izan behar dute elkarrekiko konexioa, bateragarritasun informatikoa, eta orobat haietan sartzen diren eskaera, idatzi eta komunikazioen transmisio elektronikoa.

Ahalordetze-erregistro elektroniko orokorren eta partikularren bidez, baliozko moduan egiaztatu ahal izango da administrazio publikoen aurrean hirugarren baten izenean jarduten dutenen ordezkaritza, kontsulta eginez antzeko beste administrazio-erregistro batzuetan, merkataritza-erregistroan, jabetzaren erregistroan eta notario-protokoloetan.

Merkataritza-erregistroak, jabetzaren erregistroak eta notario-protokoloen erregistroak elkarreragingarriak izango dira ahalordetze-erregistro elektroniko orokor eta partikularrekin.

3.

Ahalordetze-erregistro orokor eta partikularretan egiten diren idazpenek honako informazio hau jaso beharko dute, gutxienez:

a) Ahalorde-emailearen izen-abizenak edo sozietatearen izena; nortasun-agiri nazionala, identifikazio fiskaleko kodea edo agiri baliokideren bat.

b) Ahalordedunaren izen-abizenak edo sozietatearen izena; nortasun-agiri nazionala, identifikazio fiskaleko kodea edo agiri baliokideren bat.

c) Inskripzioaren data.

d) Zenbat denborarako ematen den ahalordea.

e) Ahalorde mota, ematen dituen ahalmenen arabera.

4.

Ahalordetze-erregistro orokor eta partikularretan inskribatzen diren ahalordeek mota hauetakoren batekoak izan beharko dute:

a) Ahalorde orokor bat ahalordedunak ahalorde-emailearen izenean jardun ahal izan dezan edozein administrazio-jarduketatan eta edozein administrazioren aurrean.

b) Ahalorde bat ahalordedunak ahalorde-emailearen izenean jardun ahal izan dezan edozein administrazio-jarduketatan administrazio edo organismo jakin baten aurrean.

c) Ahalorde bat ahalordedunak ahalorde-emailearen izenean jardun ahal izan dezan ahalordean zehaztutako izapide jakin batzuetarako bakarrik.

Ondorio horietarako, Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministroaren agindu baten bitartez onetsiko dira, oinarrizko gisa, erregistroan inskriba daitezkeen ahalorde-ereduak; haietan, zehaztu egingo da ea administrazio guztien aurrean jarduteko aukera ematen duten, aurreko a) letran aurreikusitakoaren arabera, edo Estatuaren Administrazio Orokorraren aurrean, edo toki-erakundeen aurrean.

Autonomia-erkidego bakoitzak onetsiko ditu, erregistroan inskriba daitezkeen ahalorde-ereduetatik, haren administrazioaren aurrean soilik jarduteko direnak.

5.

«Apud acta» ahalordea emateko, agerraldi elektronikoa egin beharko da dagokion egoitza elektronikoan, legean aurreikusitako sinadura elektronikorako sistemak erabiliz, edo agerraldi pertsonala egin beharko da erregistro-gaietako laguntzarako bulegoetan.

6.

Erregistroan inskribatutako ahalordeek bost urterako balioa izango dute, gehienez, inskripzioa egiten den datatik aurrera.

Epe hori amaitu aurreko edozein unetan, nolanahi ere, ahalorde-emaileak errebokatu edo luzatu ahalko du ahalordea.

Ahalorde-emaileak erregistroari emandako luzapenek bost urterako balioa izango dute, gehienez ere, inskripzioa egiten den datatik aurrera.

7.

Ahalordea inskribatzeko, errebokatzeko, luzatzeko edo salatzeko eskaerak edozein erregistrotara zuzendu ahal izango dira. Eskaerok idatziz jasota geratu behar dute ahalordeak ondorioak dituen administrazio edo organismoaren erregistroan, eta inskripzioa egiten den datatik aurrera izango dituzte efektuak.

7. artikulua. Interesdun bat baino gehiago

Eskaera, idazki edo komunikazio batean interesdun bat baino gehiago bada, interesdun horiek espresuki adierazitako ordezkari edo interesdunarekin egingo da egin beharreko jarduna; ezer adierazten ez bada, berriz, idazkian agertzen den lehenengoarekin.

8. artikulua. Prozedurako interesdun berriak

Publiko egin ez den prozedura baten instrukzioan ikusten bada badirela beste pertsona batzuk eskubide edo interes legitimo eta zuzenekoen titular direnak, espedientean identifikatuak eta prozeduraren ebazpenak uki ditzakeenak, prozedura izapidetzen ari dela jakinaraziko zaie pertsona horiei.

II. KAPITULUA

Administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea

9. artikulua. Prozeduran interesdun direnak identifikatzeko sistemak

1.

Administrazio publikoak behartuta daude administrazio-prozeduran interesdun direnen nortasuna egiaztatzera, haien izen-abizenak edo sozietate-izena egiaztatuz ¿zer dagokion¿ nortasun-agiri nazionalean edo identifikazio-agiri baliokidean.

2.

Interesdunak elektronikoki identifika daitezke administrazio publikoen aurrean, aurrez erabiltzaile gisa erregistratzeko eta identitatea egiaztatzeko modua eskaintzen duen edozein sistemaren bidez.

Bereziki, sistema hauek onartuko dira:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritzen diren sistemak. Ziurtagiri horien emaileek sartuta egon behar dute «ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendan».

Ondorio horietarako, aipatutako ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuen artekotzat jotzen dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko erakundearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritzen diren sistemak. Ziurtagiri horien emaileek sartuta egon behar dute «ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendan».

c) Gako itunduko sistemak eta administrazio publikoek baliozkotzat jotzen duten beste edozein sistema, ezartzen diren termino eta kondizioetan.

Administrazio publiko bakoitzak erabaki ahal izango du ea sistema horietako bat edo beste bakarrik onartzen duen izapide edo prozedura batzuk egiteko; c) letran aurreikusitako identifikazio-sistemetakoren bat onartuz gero, aurreko a) eta b) letretan aurreikusitako guztiak onartu beharko dira izapide edo prozedura horretarako.

3.

Betiere, Estatuaren Administrazio Orokorrak sistema horietakoren bat onartzeak balioko du administrazio publiko guztien aurrean egiaztatzeko, kontrako frogarik ezean, administrazio-prozeduran interesdun direnen identifikazio elektronikoa.

10. artikulua. Administrazio publikoek onartutako sinadura-sistemak

1.

Beren borondatearen eta onespenaren adierazpena benetakoa dela eta agiria osoa eta aldaezina dela egiaztatzeko aukera ematen duen edozein bitartekoren bidez sinatu ahal izango dute interesdunek.

2.

Interesdunek erabakitzen badute bitarteko elektronikoen bidez izatea harremana administrazio publikoekin, sinadurarako baliozkotzat joko dira:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritzen diren sinadura elektroniko aitortu edo kualifikatu eta aurreratuko sistemak. Ziurtagiri horien emaileek sartuta egon behar dute «ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendan».

Ondorio horietarako, aipatutako ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuen artekotzat jotzen dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko erakundearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritzen diren zigilu elektroniko aitortu edo kualifikatuko eta zigilu elektroniko aurreratuko sistemak. Ziurtagiri horien emaileek sartuta egon behar dute «ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendan».

c) Administrazio publikoek baliozkotzat jotzen duten beste edozein sistema, ezartzen diren termino eta kondizioetan.

Administrazio publiko, organismo edo entitate bakoitzak erabaki ahal izango du sistema horietako batzuk bakarrik onartzen dituen bere eskumen-esparruko zenbait izapide edo prozedura egiteko.

3.

Aplikatzekoa den araudi erregulatzaileak espresuki hala xedatzen duenean, administrazio publikoek sinadura-sistema gisa onartu ahal izango dituzte lege honetan aintzat hartutako identifikazio-sistemak, interesdunen borondatearen adierazpena eta onespena benetakoa dela egiaztatzeko aukera ematen dutenean.

4.

Interesdunek artikulu honetan aurreikusitako sinadura-sistemetako bat erabiltzen dutenean, haien nortasuna egiaztatutzat joko da sinatze-egintzarekin berarekin.

11. artikulua. Administrazio-prozeduran identifikatzeko eta sinatzeko bitartekoak erabiltzea

1.

Oro har, administrazio-prozeduran aurreikusitako edozein jarduketetarako, nahikoa izango da interesdunek aurrez beren nortasuna egiaztatzea lege honetan aurreikusitako identifikazio-bideetako edozeinen bitartez.

2.

Administrazio publikoek hauetarako bakarrik eskatuko diete interesdunei sinadura nahitaez erabiltzea:

a) Eskaerak egiteko.

b) Erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko.

c) Errekurtsoak jartzeko.

d) Akzioetan atzera egiteko.

e) Eskubideei uko egiteko.

12. artikulua. Interesdunei bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzea

1.

Administrazio publikoek bermatu egin beharko diete interesdunei bitarteko elektronikoen bidez izan dezaketela harremana administrazioarekin. Horretarako, haien esku jarriko dituzte beharrezko diren irispide-kanalak eta kasu bakoitzerako erabakitzen diren sistema eta aplikazioak.

2.

Bitarteko elektronikoak erabiltzeko laguntza emango diete administrazio publikoek 14. artikuluko 2. eta 3. zenbakietan sartzen ez diren interesdunei, hala eskatzen badute; batez ere, identifikazioari eta sinadura elektronikoari, eskaerak erregistro elektroniko orokorraren bidez aurkezteari eta kopia kautoak lortzeari dagokionez.

Halaber, interesdun horietakoren batek ez badauzka behar diren bitarteko elektronikoak, funtzionario publiko batek egin dezake baliozko moduan hura administrazio-prozeduran identifikatzeko edo sinadura elektronikoa emateko eran, berak erabil dezakeen sinadura elektronikoko sistemaren bitartez.

Kasu horretan, behar den baliabide elektronikorik ez dauzkan interesdunak identifikatu egin beharko du funtzionarioaren aurrean, eta onespen espresua eman hala jarduteko; hala jasota geratu beharko du desadostasuna edo auzia gertatzen den kasurako.

3.

Estatuaren Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek eguneraturik edukiko dute erregistro bat, edo beste sistema baliokideren bat, artikulu honetan arautzen den identifikazio edo sinadurarako gaitutako funtzionarioak jasoko dituena.

Erregistro edo sistema horiek elkarreragingarritasun osoa izan beharko dute, eta elkarrekiko konexioa, gainerako administrazio publikoenekin, aipatutako gaikuntza horien baliozkotasuna egiaztatzeko.

Erregistro edo sistema baliokide horretan agertuko dira, gutxienez, erregistro-gaietako laguntzarako bulegoetan lan egiten duten funtzionarioak.

II. TITULUA

Administrazio publikoen jarduera

I. KAPITULUA

Jarduera-arau orokorrak

13. artikulua. Pertsonek administrazio publikoekiko harremanetan dituzten eskubideak

3. artikuluaren arabera administrazio publikoen aurrean jarduteko gaitasuna dutenek eskubide hauek dituzte haiekiko harremanetan:

a) Administrazio publikoekin komunikatzea administrazioaren sarbide-puntu nagusi elektroniko baten bitartez.

b) Baliabide elektronikoak erabiltzeko laguntza jasotzea administrazio publikoekiko harremanetan.

d) Norberaren autonomia-erkidegoko lurraldean ofizialak diren hizkuntzak erabiltzea, lege honetan eta gainerako ordenamendu juridikoan aurreikusitakoaren arabera.

d) Informazio publikora, artxiboetara eta erregistroetara irispidea izatea, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta gainerako ordenamendu juridikoan aurreikusitakoaren arabera.

e) Errespetuz eta begirunez tratatuak izatea agintarien eta enplegatu publikoen aldetik, erraztasunak emanez beren eskubideez baliatzeko eta eginbeharrak betetzeko.

f) Administrazio publikoen eta agintarien erantzukizuna eskatzea, legez hala dagokionean.

g) Lege honetan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako aurreikusitako bitartekoak lortzea eta erabiltzea.

h) Izaera pertsonaleko datuak babestea, eta bereziki administrazio publikoen fitxategi, sistema eta aplikazioetan jasota dauden datuen segurtasuna eta konfidentzialtasuna izatea.

i) Konstituzioak eta legeek aitortzen dizkieten gainerako eskubide guztiak.

Eskubide horiek ez dituzte eragozten administrazio-prozeduran interesdun direnei 53. artikuluan aitortutakoak.

14. artikulua. Administrazio publikoekin harreman elektronikoa izateko eskubidea eta betebeharra

1.

Pertsona fisikoek noiznahi erabaki dezakete beren eskubideak eta betebeharrak baliatzeko administrazio publikoekin komunikatzean bitarteko elektronikoak erabili edo ez, non eta ez dauden behartuak administrazio publikoekiko harremana bitarteko elektronikoen bidez izatera.

Administrazio publikoekin komunikatzeko aukeratu duen bidea noiznahi aldatu ahal izango du norberak.

2.

Betiere, administrazio-prozedura baten edozein izapidetarako administrazio publikoekin harremana bitarteko elektronikoz izatera behartuak egongo dira honako hauek, gutxienez:

a) Pertsona juridikoak.

b) Nortasun juridikorik gabeko erakundeak.

c) Diharduten lanbidean jarduteko elkargo bateko kide izan behar dutenak, jarduera hori dela-eta administrazio publikoekin egin behar dituzten izapide eta jarduketetarako.

Kolektibo horretakotzat joko dira beti notarioak, jabetzaren erregistratzaileak eta merkataritza-erregistratzaileak.

d) Administrazioarekiko harremana elektronikoki izatera behartua dagoen interesdun baten ordezkari direnak.

e) Administrazio publikoetako enplegatuek enplegatu publiko izateagatik administraziookin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako, administrazio bakoitzak erregelamenduz zehazten duen eran.

3.

Erregelamenduz, administrazioek haiekin harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta modua badutela.

15. artikulua. Prozeduretako hizkuntza

1.

Gaztelania izango da Estatuaren Administrazio Orokorrak izapidetzen dituen prozeduretako hizkuntza.

Dena den, Estatuaren Administrazio Orokorrak autonomia-erkidego batean dituen organoetara jotzean, autonomia-erkidego horretan ofiziala den beste hizkuntza ere erabil dezakete interesdunek.

Kasu horretan, interesdunak aukeratutako hizkuntzan izapidetuko da prozedura.

Prozeduran interesdun bat baino gehiago bada eta hizkuntza bera aukeratzen ez badute, gaztelaniaz izapidetuko da prozedura, baina berek aukeratutako hizkuntzan emango zaizkie interesdunei agiri edo lekukotasunak.

2.

Autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako administrazioek izapidetutako prozeduretan, dagokion legeria autonomikoan ezarritakoari lotuko zaio hizkuntzaren erabilera.

3.

Administrazio publiko instruktoreak gaztelaniara itzuli beharko ditu autonomia-erkidegoko lurraldetik harago eragina izan behar duten agiri edo espedienteak edo haien atalak eta espresuki hala eskatzen duten interesdunei zuzendutako agiriak.

Gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizialkide bera duen autonomia-erkidego batean izan behar badute eragina, ez da beharrezko izango itzultzea.

16. artikulua. Erregistroak

1.

Administrazio bakoitzak erregistro elektroniko orokor bat izango du, hartan idazpena egiteko edozein agiri aurkezten edo jasotzen dela ere administrazio horri lotutako edo haren mendeko edozein administrazio-organo, organismo publiko edo entitatetan.

Erregistro horretan jaso ahal izango da, halaber, beste organo edo herritar batzuei zuzendutako agiri ofizialen irteera ere.

Administrazio bakoitzari lotutako edo haren mendeko erakunde publikoek beren erregistro elektronikoa eduki ahal izango dute, menderaturik dauden administrazioaren erregistro elektroniko orokorrarekin lotua eta osotara elkarreragingarria.

Administrazio bakoitzaren erregistro elektroniko orokorrak atari baten moduan funtzionatuko du, erakunde bakoitzari erregistro elektronikoetarako irispidea erraztuz.

Legeriak izaera pertsonaleko datuen babesari dagokionez aurreikusten dituen bermeak eta segurtasun-neurriak bete beharra daukate bai administrazio bakoitzaren erregistro elektroniko orokorrak eta bai erakunde bakoitzaren erregistro elektronikoek.

Erregistro elektronikoak sortzeko xedapenak dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko dira, eta haien testu osoak kontsultatzeko eskuragarri egon behar du erregistrorako sarbidea dagoen egoitza elektronikoan.

Betiere, erregistro elektronikoak sortzeko xedapenek zehaztu behar dute zer organo edo unitatek duen haien kudeaketaren ardura, zein den data eta ordu ofiziala, eta zer egun diren baliogabeak.

Erregistro bakoitzerako sarbidea dagoen egoitza elektronikoan agertuko da hartan has daitezkeen izapideen zerrenda eguneratua.

2.

Agirien sarrera- edo irteera-egunaren hurrenkera errespetatuz egingo dira idazpenak, eta sarrera edo irteeraren data adieraziko da haietan.

Agiriak erregistratzeko izapidea amaitutakoan, hartzaileei eta dagozkien administrazio-unitateei bidaliko zaizkie, geroratu gabe, jaso diren erregistrotik bertatik.

3.

Administrazio edo organismo bakoitzaren erregistro elektronikoak bermatu behar du egiten den idazpen bakoitzean jasotzen direla honako hauek: zenbakia, izaera adierazten duen izenburua, aurkezpen-data eta -ordua, interesdunaren identifikazioa, administrazio-organo igorlea, hala badagokio, eta nori edo zer administrazio-organori igortzen zaion eta, behar izanez gero, erregistratzen den agiriaren edukiaren aipamena.

Horretarako, jaso-agiri gisa emango da, berehala, agiriaren kopia kautotu bat, aurkezpen-data eta -orduarekin eta erregistroaren sarrera-zenbakiarekin, eta orobat harekin batera doazen ¿hala bada¿ bestelako agirien jaso-agiri bat ere, haien osotasuna eta gaitzespenik eza bermatuko duena.

4.

Interesdunek toki hauetan aurkeztu ahal izango dituzte administrazio publikoetako organoetara zuzentzen dituzten agiriak:

a) Zuzentzen zaizkion administrazio edo organismoaren erregistro elektronikoan, eta 2.1 artikuluan aipatzen diren subjektuetako edozeinen gainerako erregistro elektronikoetan.

b) Posta-bulegoetan, erregelamenduz ezartzen den moduan.

c) Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsuletxe-bulegoetan.

d) Erregistro-gaietako laguntzarako bulegoetan.

e) Indarrean dauden xedapenetan ezarritako beste edozein tokitan.

Administrazio guzti-guztien erregistro elektronikoek osotara elkarreragingarriak izan behar dute, hartara berma dadin haien bateragarritasun informatikoa eta elkarrekiko konexioa, eta orobat erregistro-idazpenen eta edozein erregistrotan aurkezten diren agirien transmisio telematikoa.

5.

Administrazio publikoen aurrean eskura aurkezten diren agiriak digitalizatu egin beharko ditu, 27. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan aurreikusitakoaren arabera, erregistro-gaietako laguntzarako bulegoak; zein bulegotan aurkeztu diren administrazio-espediente elektronikoari gehitzeko, bulego horrek digitalizatuko ditu, hain zuzen. Jatorrizko agiriak interesdunari itzuliko zaizkio, hargatik eragotzi gabe zenbait kasutan arauak agintzen duenaren arabera Administrazioak zaindu behar izatea aurkezten diren agiriak edo nahitaezkoa izatea objektu edo agiri batzuk euskarri espezifikoren batean aurkeztea eta ondorioz ezin digitalizatu izatea.

Erregelamenduz, administrazioek zenbait agiri bitarteko elektronikoz aurkeztu beharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea eta modua badutela.

6.

Dagokion bulego publikora zuzendutako transferentzia baten bidez ordaindu ahal izango da agiriak administrazio publikoen aurrean aurkezteko unean ordaindu beharreko edozein diru-kopuru, hargatik eragotzi gabe beste bideren batetik ordaintzeko aukera.

7.

Agiriak elektronikoki aurkezteko laguntza emango den bulegoen zerrenda bat publiko egin behar dute administrazio publikoek, eta eguneraturik mantendu.

8.

Ez dira erregistroan aurkeztutzat joko beren araubide bereziaren arabera beste aurkezpen-moduren bat behar duten agiriak eta informazioa.

17. artikulua. Agiriak artxibatzea

1.

Amaitutako prozedurei dagokien artxibo bakar elektroniko bat izan beharko du administrazio bakoitzak, aplikatzekoa den araudian ezarritako moduan.

2.

Agiri elektronikoak haien benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatuko dituen formatu batean gorde behar dira, eta orobat bermatu behar da haiek kontsultatzeko modua izango dela, eman zenetik igaro den denbora gorabehera.

Segurtatu behar da, beti, aukera izan dadila datuak beste formatu eta euskarri batzuetara aldatzeko, bestelako aplikazioen bitartez ere haietarako irispidea izateko.

Agiriak deuseztatzeko, baimena beharko da, aplikatzekoa den araudian xedatutakoaren arabera.

3.

Agiriak biltegiratzeko bitarteko edo euskarriek segurtasun-neurriak izan beharko dituzte, Segurtasun Eskema Nazionalean aurreikusitakoaren arabera, biltegiratutako agirien osotasuna, benetakotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea, babesa eta kontserbazioa bermatzeko.

Bereziki, erabiltzaileen identifikazioa eta sarbideen kontrola segurtatu beharko dute, eta, orobat, datuen babeserako legerian aurreikusitako bermeak betetzen direla.

18. artikulua. Pertsonen laguntza

1.

Pertsonek lagundu egin behar diote Administrazioari, kasu bakoitzean aplikatzekoa den legeak aurreikusitako moduan, eta, aurreikuspen espresurik ezean, Administrazioaren eskura jarriko dituzte beren eskumenak baliatzeko behar dituzten txostenak, ikuskapenak eta gainerako ikerketa-egintzak, non eta Administrazioak eskatutako informazioa agerian jartzeak ez dion erasotzen ohoreari edo norberaren edo familiaren intimitateari edo ez dakarren hirugarren batzuen datu konfidentzialak zabaltzea, diagnostiko-, aholkularitza- edo defentsa-zerbitzu profesionalak ematean izan delarik haien berri, hargatik eragotzi gabe legeriak kapital-zuriketaren eta jarduera terroristen finantziazioaren gaian zedatzen duena.

2.

Prozeduran agertu ez diren beste interesdun batzuk identifikatzeko datuak dituzten interesdunak behartuta daude datu horiek diharduen administrazioari jakinaraztera.

3.

Interesdunaren egoitzan edo titularraren baimena beharrezko den gainerako lekuetan sartu beharra badago ikuskapena egiteko, 100. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

19. artikulua. Pertsonen agerraldia

1.

Pertsonak bulego publikoetan agertzea, bertara joanez edo bitarteko elektronikoz, lege-mailako arauren batean hala ezarrita dagoenean bakarrik izango da nahitaezkoa.

2.

Agerraldia egin beharra dagoenean, hartarako zitazioan espresuki adieraziko dira lekua, data, ordua, eskura dauden bitartekoak eta agerraldiaren xedea, bai eta zitazioari ez erantzutearen ondorioak ere.

3.

Agerraldia egin izana egiaztatzen duen ziurtagiria emango diote administrazio publikoek interesdunari, hala eskatzen badu.

20. artikulua. Izapideen erantzukizuna

1.

Gaiak ebazteko edo bideratzeko ardura duten administrazio-unitateetako arduradunak eta administrazio publikoetako langileak dira, zuzenean, izapideen erantzule, eta hartu beharreko neurriak hartuko dituzte izapideetan sor daitezkeen oztopoak kentzeko, interesdunek eragozpenik, zailtasunik edo atzerapenik izan ez dezaten beren eskubideez baliatzeari edo beren interes legitimoak errespetatzeari dagokionez. Hartu beharreko neurriak hartuko dituzte, beraz, prozedurak izapidetzean okerrik ez izateko eta, izan bada, ezabatzeko.

2.

Erantzukizun hori galdatzeko eska diezaiokete interesdunek eraginpeko pertsonala mendean daukan administrazio publikoari.

21. artikulua. Ebazteko betebeharra

1.

Administrazioa behartua dago ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua.

Preskripzioa, eskubideari uko egitea, prozedura iraungitzea edo eskaeran atzera egitea gertatzen denean, eta orobat prozeduraren objektua gerora desagertzen denean, kasuan kasuan gertatutakoa adieraztea izango da ebazpena, jazotako egitateak eta aplikatzekoak diren arauak zehaztuta.

Lehenengo paragrafoan aipatutako betebeharretik salbuetsita daude prozedura itun edo hitzarmen bidez amaitzen diren kasuak eta, orobat, erantzukizunpeko adierazpena edo Administrazioari jakinaraztea beste betebeharrik ez dakarten eskubideak baliatzeari dagozkion prozedurak.

2.

Ebazpen espresua jakinarazteko gehieneko epea, dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da.

Epe hori ezin da sei hilabete baino gehiago izan, non eta lege-mailako arau batek ez duen handiagoa ezartzen edo Europar Batasuneko zuzenbidean ez den hala aurreikusten.

3.

Prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea.

Epe hori eta aurreko zenbakian adierazitakoak honela zenbatuko dira:

a) Ofizioz hasitako prozeduretan, hasteko erabakiaren egunetik aurrera.

b) Interesdunak eskaturik hasitako prozeduretan, izapidetzeko eskumena duen administrazio edo erakundearen erregistro elektronikoan eskaera sartu den egunetik aurrera.

4.

Administrazio publikoek argitaratu eta eguneratuta eduki behar dituzte webgunean, jendearen informaziorako, beren eskumeneko prozeduren zerrendak, haien gehieneko iraupenak eta administrazio-isiltasunaren ondorioak adierazirik.

Betiere, administrazio publikoek interesdunei jakinarazi beharra daukate zer gehieneko epe dagoen ezarrita prozedurak ebazteko eta haiei amaiera ematen dieten egintzak jakinarazteko, eta, orobat, zer ondorio izan ditzakeen administrazio-isiltasunak.

Aipamen hori sartuko da ofizioz hasteko erabakiaren jakinarazpen edo argitalpenean, edo horretarako zuzenduko den jakinarazpenean, zeina interesdunari igorriko baitzaio izapidetzeko eskudun den administrazio edo erakundearen erregistro elektronikoan prozedura hasteko eskaera jaso eta hurrengo hamar egunen barruan.

Azken kasu horretan, jakinarazpenak adierazi behar du organo eskudunak eskaera zer datatan jaso duen ere.

5.

Egindako eskaeren edo eraginpeko pertsonen kopuruak ebazpena emateko gehieneko epea ez betetzea ekar lezakeenean, ebazteko eskumena duen organoak, organo instruktoreak ¿arrazoiturik¿ hala proposatuta, edo ebazteko eskumena duen organoaren goragoko mailakoak, haren proposamenez, egoki eta epean bideratzeko behar diren baliabide pertsonal eta materialak jarri ahal izango ditu.

6.

Gaiak bideratzeaz arduratu behar duten administrazio publikoen zerbitzuko langileek, eta orobat instrukzioa egin eta ebazpena emateko eskumena duten administrazio-organoetako titularrek, zuzeneko erantzukizuna dute, bakoitzak bere eskumen-esparruan, epe barruan ebazpen espresua emateko legez ezarrita dagoen betebeharra konpli dadin.

Betebehar hori konplitu ezean, diziplina-erantzukizuna galdatuko zaie, aplikatzekoa den araudian ezarritako erantzukizunaz gainera.

22. artikulua. Ebazteko gehieneko epea geldieran uztea

1.

Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko legez ezarri den gehieneko epea geldieran utz daiteke kasu hauetan:

judizio-elementuak bidal ditzan eskatu behar zaionean, epea geldieran egongo da interesdunari eskakizuna jakinarazten zaionetik agindutakoa bete arteko denboran edo betetzeko emandako epean, betiere lege honen 68. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta.

b) Aurrez Europar Batasuneko organoren batek nahitaez irizpena eman behar duenean, epea geldieran egongo da horretarako eskaria egiten denetik ¿interesdunei jakinarazi beharko zaie¿ irizpena administrazio instruktoreari jakinarazi arte ¿hori ere jakinarazi beharko zaie¿.

c) Europar Batasunaren esparruan amaitu gabeko prozeduraren bat baldin bada, eman beharreko ebazpenaren edukia zuzenean baldintzatzen duena, badela jakiten denetik ¿interesdunei berehala jakinarazi beharko zaie halako prozedura bat badela¿ ebazten den arte ¿hori ere jakinarazi beharko zaie¿.

d) Administrazio bereko edo beste bateko organo bati nahitaez txostena eskatu behar zaionean, epea etenda egongo da eskaria egiten denetik txostena jaso arte ¿interesdunei jakinarazi behar zaie gauza bat eta bestea¿.

Geldiera hori ezin izan daiteke inoiz hiru hilabete baino gehiagokoa.

Txostena ez bada adierazitako epean jasotzen, jarraitu egingo du prozedurak.

e) Interesdunek proposaturik proba teknikoak edo azterlan kontraesanezko edo erabakigarriak egin behar direnean, epea geldieran egongo da emaitzak espedientean sartzeko behar den denboran.

f) Itun edo hitzarmen baterako negoziazioak hasten direnean, betiere lege honen 86. artikuluan ezarritakoari jarraituz, epea geldieran egongo da negoziazioaren hasiera formala adierazten denetik negoziazioa ondoriorik gabe amaitu arte, hala gertatzen bada; hori jasota geratuko da administrazioak edo interesdunek egindako adierazpen baten bitartez.

g) Prozedura ebazteko ezinbestekoa bada jurisdikzio-organoak aldez aurretik irizpena ematea, epea geldieran egongo da irizpena eskatzen denetik ¿interesdunei jakinarazi beharko zaie¿ Administrazioak hura jasotzen duen arte ¿hori ere jakinarazi beharko zaie¿.

2.

Prozedura ebazteko eta ebazpena jakinarazteko legez ezarri den gehieneko epea geldieran utziko da kasu hauetan:

a) Administrazio publiko batek beste bati errekerimendua egiten badio legez kontrako deritzon egintza bat deusezta edo berrikus dezan, egintza hori izanik lehenak bere eskumenen barruan eman behar duen egintza baterako oinarria, lege honen 39. artikuluaren 5. zenbakian aipatzen den kasuan, epea geldieran utziko da errekerimendua egiten denetik erantzuten zaion arte edo, hala gertatzen bada, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan jarritako errekurtsoa ebazten den arte.

Interesdunei jakinarazi beharko zaie, bai errekerimendua egin dela, bai bete dela edo, hala gertatzen bada, dagokion administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ebatzi dela.

b) Ebazteko eskudun den organoak erabakitzen badu 87. artikuluan aurreikusitakoen osagarri den jardueraren bat egitea, epea eten egingo da interesdunei jarduerak hasteko erabaki arrazoitua jakinarazten zaienetik jarduera hori amaitzen den arte.

c) Interesdunek errekusazioa sustatzen badute prozedura bat izapidetzen ari den bitarteko edozein unetan, epea geldieran utziko da errekusazioa planteatzen denetik hasi eta errekusatuaren goragoko mailakoak hartaz ebazten duen arte.

23. artikulua. Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea zabaltzea

1.

Salbuespenezko moduan, 21. artikuluaren 5. zenbakian aipatzen diren baliabide pertsonal eta materialak agortu direnean, ebazteko eskudun den organoak, hala badagokio organo instruktoreak edo ebazteko eskudun den organoaren goragoko mailakoak proposaturik, erabaki ahal izango du, arrazoiturik, ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea zabaldu egin dela; inoiz ezin izango da, betiere, prozedura izapidetzeko ezarritako epea baino luzeagoa izan.

2.

Epea luzatzeaz ebazteko erabakia interesdunei jakinarazi behar zaie, eta haren aurka ezin izango da inolako errekurtsorik aurkeztu.

24. artikulua. Administrazio-isiltasuna interesdunak eskaturik hasitako prozeduretan

1.

Interesdunak eskaturik hasitako prozeduretan, hargatik eragotzi gabe Administrazioak artikulu honen 3. zenbakian aurreikusitako moduan eman behar duen ebazpena, gehieneko epea ebazpen espresurik gabe amaitzeak zilegitasuna ematen die interesdunei administrazio-isiltasunez baietsitzat jotzeko, non eta ez duen kontrakoa agintzen lege-mailako arauren batek edo Espainian aplikatzekoa den Europar Batasuneko zuzenbideko edo nazioarteko zuzenbideko arauren batek.

Prozeduraren gaia jarduera baterako irispidea izatea edo jarduera horretan aritzea denean, isiltasunak ezespen-balioa duela xedatzen duen legeak interes orokorreko arrazoi erabatekoetan oinarritu beharko du.

hirugarren batzuei jabari publikoaren edo zerbitzu publikoaren gaineko ahalmenak eskuratuko litzaizkiokeen prozeduretan, ingurumenari kalte egin liezaioketen jarduerak egitea dakartenetan eta administrazio publikoen ondare-erantzukizunari buruzko prozeduretan.

Isiltasunak ezespen-balioa izango du, orobat, egintza eta xedapenak aurkaratzeko prozeduretan eta interesdunen eskariz hasitako ofiziozko berrikuspenari buruzkoetan.

Hala ere, gora jotzeko errekurtsoa, epea igarotzeagatik eskaera bat administrazio-isiltasunez ezetsi izanaren aurka jarria bada, baietsitzat joko da ebazpen-epea heldutakoan eskumena duen administrazio-organoak ebazpen espresua eman eta jakinarazi ezean, non eta ez den zenbaki honen aurreko paragrafoan zerrendatutako gaiei buruzkoa.

2.

Administrazio-isiltasunez baiestea, ondorio guztietarako, prozedura amaitzen duen administrazio-egintzatzat joko da.

Administrazio-isiltasunez ezestearen ondorio bakarra zera izango da: interesdunek aukera izatea bidezko den administrazio-errekurtsoa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezteko.

3.

Ebazpen espresua emateko betebeharra, 21. artikuluko lehen zenbakian ezarria, araubide honi atxikiko zaio:

a) Administrazio-isiltasunaren ondoriozko baiespenaren kasuetan, egintzaren ondorengo ebazpen espresua hura berresteko baino ezin da izan.

b) Administrazio-isiltasunaren bidezko ezespenaren kasuetan, epea igaro ondorengo ebazpen espresua emateko orduan, Administrazioarentzat ez da loteslea isiltasunaren esanahia.

4.

Administrazio-isiltasunaren bidez gertatutako administrazio-egintzak baliarazi ahalko dira hala administrazioaren aurrean nola edozein pertsona fisiko edo juridiko, publiko edo pribaturen aurrean.

Egintza horiek ondorioak dituzte ebazpen espresua emateko eta jakinarazteko gehieneko epea ebazpenik eman gabe amaitzen denetik, eta egintza horien existentzia egiazta daiteke zuzenbidean onartutako edozein frogabideren bitartez, isiltasuna gertatu dela egiaztatzen duen ziurtagiria barne.

Ziurtagiri hori ofizioz emango du ebazteko eskudun den organoak, hamabost eguneko epean, prozedura ebazteko gehieneko epea amaitzen denetik aurrera zenbaturik.

Nolanahi ere, interesdunak noiznahi eskatu ahal izango du ziurtagiria, eta, aipatutako epea zenbatzeko, ebazteko eskudun den administrazio edo erakundearen erregistro elektronikoan eskaera sartu den egunaren hurrengoa hartuko da lehen eguntzat.

25. artikulua. Ebazpen espresurik eza ofizioz hasitako prozeduretan

1.

Ofizioz hasitako prozeduretan, gehieneko epean ebazpen espresua eman eta jakinarazi ez izateak ez du administrazioa salbuesten ebazteko betebehar legezkotik, eta hauek izango dira ondorioak:

a) Eskubideak aitortzea edo aldeko beste egoera juridikoren batzuk sortzea erator daitekeen prozeduretan, agertu diren interesdunek administrazio-isiltasunez ezetsitzat jo ditzakete beren uziak.

b) Zehatzeko ahalak edo, oro har, esku hartzeko ahalak baliatu baditu Administrazioak prozeduran, interesdunei ondorio kaltegarriak edo zorrak sorrarazteko modukoak, iraungi egingo da prozedura.

Kasu horietan, prozedura iraungi dela adierazten duen ebazpenak jarduketak artxibatzeko aginduko du, eta 95. artikuluan adierazitako ondorioak izango ditu.

2.

Prozedura interesdunari egotz lekiokeen arrazoiren bategatik geldiarazi den kasuetan, hasierara itzuliko da ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epearen zenbaketa.

26. artikulua. Administrazio publikoek agiriak ematea

1.

Administrazio-agiri publikotzat joko dira administrazio publikoen organoek baliozko moduan emandako agiriak.

Administrazio publikoek idatziz emango dituzte administrazio-agiriak, bitarteko elektronikoen bidez, non eta haien izaerak ez duen eskatzen adierazteko eta jasota geratzeko beste modu egokiagoren bat aukeratzea.

2.

Baliozkotzat jotzeko, baldintza hauek bete beharko dituzte administrazio-agiri elektronikoek:

a) Edozein eratako euskarri elektroniko batean artxibaturik izatea informazioa, identifikatzeko eta bereiziki tratatzeko modukoa den formatu baten arabera.

b) Indibidualizatzeko aukera ematen duten identifikazio-datuak izatea, hargatik eragotzi gabe espediente elektroniko batean sartzeko aukera.

c) Eman diren unearen denbora-erreferentzia bat izatea.

d) Eskatzen diren gutxieneko metadatuak izatea.

e) Aplikatzekoa den araudiaren arabera dagozkion sinadura elektronikoak izatea.

Baliozkotzat joko dira betekizun horiek betetzen dituzten eta hirugarren bati bitarteko elektronikoz helarazten zaizkion agiri elektronikoak.

3.

Ez dute sinadura elektronikoaren beharrik administrazio publikoek eman eta informazio hutserako argitaratzen diren agiri elektronikoek, eta orobat administrazio-espediente baten parte direnek.

Betiere, agiri horien jatorria identifikatu beharra dago.

27. artikulua. Administrazio publikoek egindako kopien baliozkotasuna eta eraginkortasuna

1.

Administrazio publiko bakoitzak erabakiko du zer organok dituzten eskumenak administrazio-agiri publiko edo pribatuen kopia kautoak egiteko.

Agiri pribatuen kopia kautoek ondorio administratibo hutsak dituzte.

Administrazio publiko batek egindako kopia kautoak baliozkoak izango dira gainerako administrazioetan.

Estatuaren Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek funtzionario gaitu baten bitartez edo administrazio-jarduera automatizatuaren bitartez egin ahal izango dituzte kopia kautoak.

Eguneraturik eduki beharko da erregistro bat, edo beste sistema baliokide bat, kopia kautoak egiteko gaituta dauden funtzionarioak agertuko dituena. Erregistro edo sistema horrek eta gainerako administrazio publikoetakoek erabat elkarreragingarriak izan behar dute, eta elkarrekin konektaturik egon, gaikuntza horren baliozkotasuna egiaztatzeko.

Erregistro edo sistema baliokidean agertuko dira, gutxienez, erregistro-gaietako laguntzarako bulegoetan zerbitzu egiten duten funtzionarioak.

2.

Administrazio-agiri publiko edo pribatu baten kopia kautotzat joko dira, edozein euskarritan eginda daudela ere, administrazio publikoetako organo eskudunek egindakoak, bermaturik geratzen bada kopia egin duen organoaren identitatea eta agiriaren edukia.

Kopia kautoek jatorrizko agirien baliozkotasun eta eraginkortasun bera izango dute.

3.

Kopia elektronikoen edo paperezkoen identitatea eta edukia bermatzeko, eta, beraz, kopia kautoak direla bermatzeko, administrazio publikoek bete beharra daukate Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean, Segurtasun Eskema Nazionalean eta haiek garatzeko arau teknikoetan aurreikusitakoa, eta orobat erregela hauek:

a) Jatorrizko agiri elektroniko baten edo kopia elektroniko kauto baten kopia elektronikoek, formatu-aldaketa izan edo ez, berekin eraman beharko dituzte kopia direla egiaztatzen duten eta agiria kontsultatzean bistaratzen diren metadatuak.

b) Paper-euskarria edo digitaliza daitekeen beste euskarri ez-elektroniko bat duten agirien kopia elektronikoen kasuan, agiriak digitalizatu egin beharko dira, eta kopiek berekin eraman beharko dituzte kopia direla egiaztatzen duten eta agiria kontsultatzean bistaratzen diren metadatuak.

Digitalizazioa prozesu teknologiko bat da zeinaren bitartez paper-euskarria edo beste euskarri ez-elektroniko bat duen agiri bat agiriaren irudi kodetu, leial eta osoa duen fitxategi elektroniko bihurtzen baita.

c) Agiri elektronikoen paper-euskarriko kopiek adierazi beharra daukate kopia direla, eta kode elektronikoki sortu bat edo beste egiaztapen-sistema bat izan behar dute, aukera emango duena kopiaren egiazkotasuna kontrastatzeko, kopia egin duen organo edo erakundearen artxibo elektronikoetan sartuz.

d) Paperean diren jatorrizko agirien paper-euskarriko kopiak Administrazioaren esku dagoen agiri elektronikoaren paperezko kopia kauto bat eginez emango dira, edo, bestela, jatorrizko agiriaren kopia kautoa daraman agerbide elektroniko baten bitartez.

Ondorio horietarako, administrazioek publiko egingo dituzte, dagokion egoitza elektronikoaren bitartez, egiaztapen-kode seguruak edo erabilitako bestelako egiaztapen-sistema.

4.

Interesdunek noiznahi eskatu ahal izango dute administrazio publikoek baliozko moduan emandako administrazio-agiri publikoen kopia kautoak ateratzeko.

Jatorrizko agiria eman zuen organoari zuzenduko zaio eskaera, eta, alde batera utzita abenduaren 9ko 19/2013 Legea aplikatzeak dakartzan salbuespenak, hamabost eguneko epean eman beharko dira, eskaera administrazio edo erakunde eskudunaren erregistro elektronikoan jasotzen denetik aurrera zenbaturik.

Era berean, administrazio publikoak behartuak daude kopia kauto elektronikoak ateratzera interesdunek aurkezten duten eta administrazio-espediente batean sartu behar den paperezko edozein agiritatik.

5.

Administrazio publikoek kopia kauto elektronikoak ateratzen dituztenean, espresuki hala adierazirik egon behar du kopiaren agirian.

6.

Notario-agiri publiko, erregistro-agiri publiko eta agiri judizial publikoen eta aldizkari ofizialen kopia kautoak ateratzeko modua bakoitzaren berariazko legeriaren araberakoa izango da.

28. artikulua. Administrazio-prozeduran interesdun direnek ekarritako agiriak

1.

Interesdunek administrazio-prozedurara ekarri beharko dituzte administrazio publikoek aplikatzekoa den araudiaren arabera eskatzen dituzten datu eta agiriak.

Komenigarritzat jotzen duten beste edozein agiri ere ekar dezakete interesdunek.

2.

Interesdunak ez daude beharturik administrazioren batek egina den agirien kopiak ekartzera, nahiz agiri horiek prozeduran aurkeztea nahitaezkoa izan nahiz aukerakoa izan, betiere interesdunak onespena adierazia badio agiri horiek kontsultatzeari edo ateratzeari.

Kontsultatzea edo ateratzea interesdunek baimendua delako presuntzioa egingo da, ez badute prozeduran kontrakotasun espresua adierazi edo aplikatzekoa den lege bereziak ez badu agintzen adostasun espresua adierazi beharra dagoela.

Interesdunaren kontrakotasunik ezean, administrazio publikoek elektronikoki atera beharko dituzte agiriak, beren sare korporatiboen bitartez edo datu-bitartekaritzarako plataformei edo hartarako prestatutako beste sistema elektronikoren bati kontsulta eginez.

Nahitaezko txosten bat lehendik egina duenean prozedura izapidetzen ari den administrazioaz beste batek, hamar eguneko epean bidali beharko du hark, eskatzen denetik aurrera zenbaturik.

Epe hori betetakoan, interesdunari jakinaraziko zaio ekar dezakeela txosten hori edo geldi daitekeela organo eskudunak bidaltzeko zain.

3.

Administrazioek ez diete interesdunei eskatuko jatorrizko agiriak aurkezteko, non eta, salbuespenezko moduan, aplikatzekoa den araudiak ez duen hala agintzen.

Era berean, administrazio publikoek ez diete interesdunei galdatuko aplikatzekoa den araudiak eskatzen ez duen edo interesdunak lehendik administrazioren bati ekarria dion datu edo agiririk.

Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen agiri horiek, eta administrazio publikoek elektronikoki atera beharko dituzte beren sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzarako plataformetan edo hartarako prestatutako gainerako sistema elektronikoen bidez kontsulta eginez.

Presuntzio egingo da kontsulta hori interesdunek baimendua dela, non eta prozeduran ez den haren kontrakotasun espresua jasotzen edo aplikatzekoa den lege bereziak ez duen eskatzen onespen espresua ematea; bi kasuetan ere, aurrez informazioa eman beharko zaie izaera pertsonaleko datuen babesaren aldetik dituzten eskubideei buruz.

Salbuespenezko moduan, administrazio publikoek ezin badituzte aipatutako agiriak atera, berriz ere eskatu ahal izango diote interesdunari ekar ditzala.

4.

Baldin eta, salbuespenezko moduan eta lege honetan aurreikusitakoaren arabera, administrazioak eskatzen badu jatorrizko agiri bat aurkezteko eta hura paperean badago, interesdunak kopia kauto bat lortu beharko du, 27. artikuluan ezarritako betekizunen arabera, elektronikoki aurkeztu baino lehen.

Ateratzen den kopia elektronikoak espresuki jasoko du xehetasun hori.

5.

Salbuespenezko moduan, agiriak prozeduran duen garrantziak hala eskatzen badu edo kopiaren kalitateak zalantza eragiten badu, administrazioek eskatu ahal izango dute, arrazoiturik, interesdunak ekarritako kopiak alderatzeko; horretarako, jatorrizko agiria edo informazioa erakusteko eskatu beharko dute.

6.

Interesdunek administrazio-prozedurara ekartzen dituzten kopiek administrazio publikoen jardueraren esparruan bakarrik izango dute eraginkortasuna.

7.

Interesdunak izango dira aurkezten dituzten agirien egiazkotasunaren erantzule.

II. KAPITULUA

Epe-mugak eta epeak

29. artikulua. Epe-mugak eta epeak bete beharra

Lege honetan edo beste batzuetan ezarritako epe-mugak eta epeak bete beharrekoak dira gaiak izapidetzeko eskumena duten administrazio publikoetako agintari eta langileentzat eta gai horietako interesdunentzat.

30. artikulua. Epeen zenbaketa

1.

Legeetan edo Europar Batasuneko zuzenbidean beste zenbaketarik adierazi ezean, epeak ordutan jartzen badira, ordu baliodunak direla joko da.

Baliodunak dira egun baliodun bateko ordu guztiak.

Ordutan adierazitako epeak orduz ordu eta minutuz minutu zenbatuko dira dena delako egintza jakinarazten edo argitaratzen den ordu eta minututik aurrera, eta ezin izango dira izan hogeita lau ordu baino gehiagokoak, hala izanez gero egunetan adieraziko baitira.

2.

Legez edo Europar Batasuneko zuzenbidean beste zenbaketarik adierazten ez den bitartean, epeak egunetan jartzen badira egun baliodunak direla ulertuko da; beraz, ez dira zenbatuko igandeak eta jaiegun izendatutakoak.

Epeak egun naturaletan adierazi badira, hala eskatzen duelako lege batek edo Europar Batasuneko zuzenbideak, datu hori jaso egin behar da jakinarazpenetan.

3.

Egunetan adierazitako epeak zenbatzeko lehen eguna egintza jakinarazten edo argitaratzen denaren biharamuna izango da, edo administrazio-isiltasunez baiesten edo ezesten denaren biharamuna.

4.

Epea hilabetetan edo urtetan jartzen bada, berriz, egintza jakinarazi edo argitaratu den egunaren biharamunetik aurrera zenbatuko da, edo administrazio-isiltasunez baiesten edo ezesten den egunaren biharamunetik.

Epearen amaierako hilabete edo urtean jakinarazpena, argitalpena edo administrazio-isiltasuna gertatu den egun berean amaituko da epea.

Muga-eguneko hilean ez bada hasierako egunaren baliokiderik, epea hilaren azken egunean bukatzen dela joko da.

5.

Epearen azken eguna egun baliogabea bada, hurrengo egun baliodunera luzatuko da epea.

6.

Egun bat balioduna bada interesduna bizi den udalerrian edo autonomia-erkidegoan, eta baliogabea administrazio-organoaren egoitzan, edo alderantziz, baliogabetzat hartuko da beti.

7.

Estatuaren Administrazio Orokorrak eta autonomia-erkidegoetako administrazioek, lan-egutegi ofizialari lotuz, epeak zenbatzeko baliogabe diren egunak ezarriko dituzte, bakoitzak bere eremuan.

Autonomia-erkidegoek onartutako egutegian, adierazita egongo dira egutegi hori aplikatuko den lurralde-eremuko toki-erakundeen egun baliogabeak.

Egutegia urtea hasi baino lehen argitaratu behar da dagokion aldizkari ofizialean, bai eta herritarrek horren berri izango dutela bermatuko duten bestelako hedabideetan ere.

8.

Epe-zenbaketarako egun bat baliodun edo baliogabe izateak ez du berez baldintzatzen ez administrazio publikoetako lantokietako jarduera, ez lan-orduen antolaketa, ez haietako lanaldi- eta ordutegi-araubidea ere.

31. artikulua. Epeen zenbaketa erregistroetan

1.

Administrazio publiko bakoitzak argitaratuko du zer egutegi eta ordutegitan egon behar duten irekita agirien aurkezpen elektronikorako laguntza emango duten bulegoak, eta bermatuko du interesdunek bitarteko elektronikoen erabileran laguntza jasotzeko duten eskubidea.

2.

Administrazio edo erakunde bakoitzaren erregistro elektronikoak, epeen zenbaketarako, sarbideko egoitza elektronikoaren data eta ordu ofiziala izango du; behar diren segurtasun-neurriak izango ditu haren osotasuna bermatzeko, eta modu irisgarrian eta ikusteko moduan agertu beharko du.

Erregistro elektronikoak erregela hauen arabera funtzionatuko du:

a) Aukera emango du agiriak aurkezteko urteko egun guztietan, eguneko hogeita lau orduetan.

b) Egun baliodunetan jarritako epeen zenbaketarako, eta interesdunek epeak betetzeari dagokionez, egun baliogabean aurkeztutakoa hurrengo egun balioduneko lehen orduan aurkeztutzat joko da, non eta arauren batek ez duen espresuki onartzen egun baliogabean jasotzea.

Egun baliogabean aurkeztu ziren ordu-hurrenkera berean aurkeztutzat joko dira agiriak.

Egun baliogabean aurkeztutako agiriak, hurrenkera berean, hurrengo egun baliodunean aurkeztutakoak baino lehenagokotzat joko dira.

c) Administrazio publikoek bete beharreko epeak zenbatzen hasteko, administrazio edo erakunde bakoitzaren erregistro elektronikoan aurkeztutako data eta ordua hartuko dira kontuan.

Betiere, agiria aurkeztu duenari jakinarazi egin behar zaio zer data eta ordutan hasten den epea zenbatzen.

3.

Administrazio publiko edo erakunde bakoitzaren egoitza elektronikoak erabakiko du, kontuan harturik haren titularrak eskumenak baliatzen dituen lurralde-eremua eta 30.7 artikuluan aurreikusitako egutegia, zer egun joko diren baliogabetzat artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako.

Hori izango da erregistro elektronikoetan epeak zenbatzean aplikatuko den egun baliogabeen egutegi bakarra, eta ez da erregistrootan aplikatzekoa izango 30.6 artikuluan xedatutakoa.

32. artikulua. Epea luzatzea

1.

Administrazioak, ofizioz edo interesdunen eskariz, luza dezake ezarritako epea, arauren batek kontrakoa ez badio, komenigarritzat jotzen bada eta hirugarren batzuen eskubideei kalterik egiten ez bazaie. Epearen erdia izan daiteke luzapena, gehienez ere.

Epea luzatzeko erabakia interesdunei jakinarazi behar zaie.

2.

Baimenduta dagoen denbora guztirako luzatu behar dira epeak beti diplomazia-ordezkaritzek eta kontsuletxe-bulegoek izapidetutako prozeduretan, eta halaber barruan izapidetu arren atzerrian izapideren bat bete behar den edo Espainiatik kanpo bizi diren interesdunek esku hartzen duten prozeduretan.

3.

Epea amaitu baino lehen egin behar du interesdunak epea luzatzeko eskaera, eta epearen barruan hartu behar da hari buruzko erabakia ere.

Inoiz ez da luzatuko amaituta dagoen epe bat.

Epeak luzatzeari edo hori ukatzeari buruzko erabakien kontra ezin daiteke errekurtsorik jarri, hargatik eragotzi gabe prozedura amaitzen duenaren kontra dagokiona jartzeko aukera.

4.

Gorabehera teknikoren batek eragotzi badu dagokion sistema edo aplikazioak ohi bezala funtzionatzea, arazoa konpontzen den bitartean, amaitu ez diren epeak luzatzea erabaki ahal izango du Administrazioak. Egoitza elektronikoan argitara eman beharko du, bai gertatutako gorabehera teknikoa, bai bete gabeko epea zehazki zenbat luzatzen den.

33. artikulua. Urgentziaz izapidetzea

1.

Interes publikoaren arrazoiak direla eta, prozedura urgentziaz izapidetzea erabaki daiteke, ofizioz edo interesdunaren eskariz. Horrelakoetan, erdira murriztuko dira prozedura arruntaren epeak, salbu eta eskaerak eta errekurtsoak aurkeztekoak.

2.

Ezin izango da errekurtsorik aurkeztu prozedura urgentziaz izapidetzekoa dela deklaratzen duen erabakiaren kontra, hargatik eragotzi gabe prozedura amaitzen duen ebazpenaren kontra dagokiona jartzea.

III. TITULUA

Administrazio-egintzak

I. KAPITULUA

Administrazio-egintzen betekizunak

34. artikulua. Egitea eta edukia

1.

Administrazio publikoen ofiziozko nahiz interesdunaren eskarizko egintzak eskumena duen organoak gauzatuko ditu, ezarritako betekizunei eta prozedurari jarraituz.

2.

Egintzen edukia ordenamendu juridikoan ezarritakoari lotuko zaio, eta beren helburuetarako zehaztua eta egokitua izango da.

35. artikulua. Arrazoitzea

1.

Arrazoitu egin behar dira, egitateak eta zuzenbideko oinarriak labur adieraziz:

a) Eskubide subjektiboak edo interes legitimoak murrizten dituzten egintzak.

b) Administrazio-xedapen edo -egintzak ofizioz berrikusteko prozedurak, administrazio-errekurtsoak eta arbitraje-prozedurak ebazten dituztenak eta onartzen ez direla deklaratzen dutenak.

c) Lehenagoko jarduketetan erabilitako irizpidearekin edo organo aholku-emaileek emandako irizpenarekin bat ez datozen egintzak.

d) Egintzak geldieran uzteko erabakiak, geldieraren arrazoia edozein dela ere, eta lege honen 56. artikuluan jasotako behin-behineko neurriak hartzekoak.

e) Urgentziazko izapidetzea aplikatzeko, epeak luzatzeko eta jarduketa osagarriak egiteko erabakiak.

f) Interesdunek proposatutako frogak baztertzen dituzten egintzak.

g) Gerora gertatutako arrazoiengatik jarraitzea materialki ezinezkoa delako prozedura amaitzea erabakitzen duten egintzak, eta ofizioz hasitako prozeduretan Administrazioak atzera egiten duela erabakitzen dutenak.

h) Zehapen-prozeduretako ebazpen-proposamenak, eta zehapen-prozedurak edo ondare-erantzukizuneko prozedurak ebazten dituzten egintzak.

i) Ahal diskrezionalak baliatuz emandako egintzak, eta lege edo erregelamenduetako xedapen espresuren baten ondorioz hala behar dutenak.

2.

Hautaketa-prozesuei eta norgehiagoka-prozedurei amaiera ematen dieten egintzak arrazoitzeko, deialdien arauei begiratuko zaie; betiere, prozeduran egiaztatuta gelditu behar dute ematen den ebazpenaren oinarriek.

36. artikulua. Forma

1.

Administrazio-egintzak idatziz emango dira, bitarteko elektronikoen bidez, non eta haien izaerak ez duen eskatzen adierazteko eta jasota geratzeko beste modu egokiagoren bat.

2.

Administrazio-organoek eskumena ahoz baliatzen dutenean, egintzak idatziz jasota geratu behar badu, mezua ahoz jaso duen beheragoko organoko titularrak edo funtzionarioak jasoko eta izenpetuko du, eta, egintza komunikatzean, adieraziko du zer agintarik emana den.

Ebazpenak badira, eskumenaren titularrak baimendu behar du ahoz eman dituen ebazpenen zerrenda bat, edukia azalduz.

3.

Izaera bereko administrazio-egintza bat baino gehiago eman behar denean, hala nola izendapenak, emakidak eta lizentziak, denak egintza bakarrera biltzea erabaki dezake eskumena duen organoak, interesdun bakoitzarentzat egintzak dituen ondorioak indibidualizatzen dituzten pertsonak edo bestelako inguruabarrak zehaztuta.

II. KAPITULUA

Egintzen eraginkortasuna

37. artikulua. Bakarrarentzat indargabetu ezina

1.

Administrazio-ebazpen partikularrek ezin dute urratu xedapen orokor batean ezarritakoa, nahiz eta xedapen orokorra eman zuenaren maila bereko edo goragoko organo batenak izan.

2.

Deusezak dira erregelamendu-xedapen batean ezarritakoa urratzen duten administrazio-xedapenak, eta orobat 47. artikuluan jasotako kausetakoren batean sartzen direnak.

38. artikulua. Bete beharra

Administrazio-zuzenbideari dagozkion administrazio publikoen egintzak lege honetan xedatutakoaren arabera izango dira bete beharrekoak.

39. artikulua. Ondorioak

1.

Administrazio-zuzenbideari dagozkion administrazio publikoen egintzak presuntzioz baliozkotzat hartuko dira eta ondorioak izango dituzte ematen diren egunetik, haietan besterik xedatzen ez bada.

2.

Egintzaren eraginkortasuna geroratu egingo da egintzaren edukiak hala eskatzen badu edo jakinarazpenaren, argitalpenaren edo goragoko onespenaren mende badago.

3.

Salbuespenezko moduan, atzeraeragina eman dakieke egintzei, deuseztatutako egintzaren baten ordezkoak direnean, eta orobat interesdunaren aldeko ondorioak dakartzatenean, betiere, batetik, egintzak eraginkortasuna izateko jarri den data berrian egitatezko baldintzak jadanik existitzen baziren, eta, bestetik, eraginkortasunak kalterik egiten ez badie beste inoren eskubide edo interes legitimoei.

4.

Administrazio publikoetako organoek bete egin behar dituzte gainerako administrazio publikoetako organoek beren eskumena baliatuz emandako arau eta egintzak, nahiz eta hierarkia-mendekotasunik ez izan haien artean edo beste administrazio batekoak izan.

5.

Administrazio publiko batek, bere eskumena baliatuz, egintzaren bat eman behar badu nahitaez oinarritzat hartu behar duena beste administrazio publiko batek emandako beste bat, eta hura legez kanpokoa dela irizten badio, administrazio horri errekerimendua egin diezaioke egintza deuseztatu edo berrikus dezan, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta, errekerimenduari uko egiten badiote, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du.

Halako kasuetan, prozedura geldieran utziko da ebazpena emateko.

40. artikulua. Jakinarazpena

1.

Administrazio-ebazpenak eta -egintzak ematen dituen organoak jakinarazi egingo dizkie beren eskubide eta interesak ukitzen dizkien interesdunei, ondorengo artikuluetan aurreikusitako moduan.

2.

Jakinarazpena hamar eguneko epean egin beharko da, egintza ematen den egunetik zenbatuta. Jakinarazpenean, erabakiaren testu osoa jaso behar da, eta adierazi behar da administrazio-bidetik behin betikoa den ala ez, zer errekurtso jar daitezkeen, hala badagokio, administrazio-bidean eta bide judizialean, zer organoren aurrean eta zer epetan, hargatik eragotzi gabe interesdunek egoki deritzoten beste edozein errekurtso baliatzeko aukera.

3.

Jakinarazpena egitean egintzaren testu osoa jaso arren bete gabe geratu bada aurreko zenbakian aipatutako gainerako betekizunetako bat, jakinarazpenak une honetatik izango ditu ondorioak: interesdunak jakinarazpenaren xede den ebazpen edo egintzaren edukia eta irismena zer den badakiela erakusten duen jardueraren bat egiten duenetik, edo egoki den edozein errekurtso jartzen duenetik.

4.

Aurreko zenbakian ezarritakoaren kalterik gabe, eta prozeduraren gehieneko epearen barruan jakinarazteko betebeharra beteta dagoela jotzearen ondorio hutsetarako, nahikoa izango da jakinarazpenak, gutxienez, ebazpenaren testu osoa izatea, eta jakinarazpena egiten saiatu direla egiaztatzea.

5.

Administrazio publikoek egoki deritzoten neurriak hartu ahal izango dituzte administrazio-ebazpen eta egintzetan jasotako datu pertsonalak babesteko, interesdun bat baino gehiago denean jakinarazpenaren hartzaile.

41. artikulua. Jakinarazpenak egiteko baldintza orokorrak

1.

Jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egingo dira, ahal dela; interesduna behartua baldin badago bide horretatik jasotzera, beti.

Aurrekoa gorabehera, bitarteko ez elektronikoz egin ditzakete administrazioek jakinarazpenak kasu hauetan:

a) Jakinarazpena egiteko arrazoia interesduna edo haren ordezkaria erregistro-gaietako laguntzarako bulegoetan agertzea bada eta une horretan eskatzen badu komunikazio edo jakinarazpen pertsonala.

b) Administrazio-jarduketaren eraginkortasuna ziurtatzeko beharrezkoa bada jakinarazpena egiten duen administrazioko enplegatu publiko batek zuzenean emanez egitea jakinarazpena.

Erabiltzen den metodoa erabiltzen dela ere, jakinarazpenak baliozkoak izango dira aukera ematen badute jasota geratzeko bidali dela edo eskura jarri dela, interesdunak edo haren ordezkariak jaso duela edo hartara irispidea izan duela, data eta ordua, eduki osoa, eta bidaltzailearen eta hartzailearen identitate fidagarria.

Egindako jakinarazpenaren egiaztagiria espedienteari gehituko zaio.

Jakinarazpen elektronikoa jasotzera beharturik ez dauden interesdunek noiznahi erabaki ahal izango dute, eta administrazio publikoei jakinarazi, hartarako jartzen diren eredu normalizatuen bidez, handik aurrerako jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egin daitezela edo hala egiteari utzi dakiola.

Erregelamenduz, administrazioek jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egiteko betebeharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, beren gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea badutela eta erabil ditzaketela.

Horrez gain, interesdunak gailu elektroniko bat edo posta elektronikoko helbide bat eman ahal izango du, zeinak balioko baitu artikulu honetan erregulatutako abisuak bidaltzeko baina ez jakinarazpenak egiteko.

2.

Inoiz ez dira bitarteko elektronikoz egingo honako jakinarazpen hauek:

a) Jakinarazi beharreko egintzarekin batera formatu elektronikora ezin bihur daitekeen elementuren bat igorri behar denekoak.

b) Betebehardunaren aldeko ordainketa-moduren bat daramatenak, hala nola txekeak.

3.

Interesdunaren eskariz hasitako prozeduretan, hark eskatutako bitartekoaren bidez egingo da jakinarazpena.

Jakinarazpen hori elektronikoa izango da Administrazioarekin harremana hala izateko betebeharra dagoen kasuetan.

Ezin bada eskatu bezala egin jakinarazpena, horretarako egokia den edozein lekutan egingo da, eta interesdunak edo ordezkariak jaso duela segurtatzeko aukera ematen duen edozein bitartekoren bidez, eta orobat egiaztatzen duena data, identitatea eta jakinarazitako egintzaren edukia.

4.

Ofizioz hasitako prozeduretan, eta hasteko bakarrik, administrazio publikoek datuak eskuratu ahal izango dituzte, Estatistika Institutu Nazionalaren datu-baseetan kontsulta eginda, interesdunaren bizilekuari buruz udal-erroldan jasoak dituztenetatik, toki-erakundeek bidaliak Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak dioena betez.

5.

Interesdunak edo haren ordezkariak uko egiten badiote administrazio-jarduketa baten jakinarazpena hartzeari, hala jasoko da espedientean, eta jakinarazteko ahaleginaren inguruabarrak eta bitartekoa zehaztuko dira. Horrekin, izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak jarraitu egingo du.

6.

Jakinarazpena paperean egin nahiz bitarteko elektronikoz egin, administrazio publikoek abisua bidaliko dute interesdunak eman duen gailu elektronikora edo posta elektronikoko helbidera, eta, abisu horretan, adieraziko diote jakinarazpen bat eskura jarri diotela dagokion administrazio edo erakundearen egoitza elektronikoan edo eman duen helbide elektroniko bakarrean.

Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

7.

Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

42. artikulua. Jakinarazpenak paperean egitea

1.

Paperean egiten diren jakinarazpen guztiak interesdunaren eskura jarri beharko dira jarduten ari den administrazioaren edo erakundearen egoitza elektronikoan, nahi badu haien edukia ikusteko modua izan dezan.

2.

Jakinarazpena interesdunaren bizilekuan egiten bada eta une horretan hura ez badago, bizilekuan dagoen hamalau urtetik gorako edozein pertsonak har dezake, nor den jasota utzirik.

Inor ez bada jakinarazpenaren kargu egiten, hala jasoko da espedientean, jakinarazpena egiteko ahaleginaren eguna eta ordua ere adierazirik. Beste ahalegin bat egingo da, bakarra, hurrengo hiru egunen barruan eta beste ordu batean.

Lehenbiziko jakinarazpen-ahalegina hamabost orduak baino lehen egin bada, bigarren ahalegina hamabost orduak baino geroago egingo da, eta alderantziz, betiere hiru orduko tartea utzirik, gutxienez, bi ahaleginen artean.

Bigarren ahaleginean ere huts egiten bada, 44. artikuluan aurreikusitako moduan jokatuko da.

3.

Interesdunak egoitza elektronikoan eskuratzen badu jakinarazpenaren edukia, aukera emango zaio gainerako jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egiteko.

43. artikulua. Jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egitea

1.

Bitarteko elektronikoz egindako jakinarazpenak diharduen administrazioaren edo erakundearen egoitza elektronikoan agertuz egingo dira, emandako helbide elektroniko bakarraren bidez edo bi sistemen bidez, administrazio edo erakunde bakoitzak erabakitzen duenaren arabera.

Artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, egoitza elektronikoan agertzea zera da: interesdunak edo haren ordezkariak, behar bezala identifikaturik, jakinarazpenaren edukia eskuratzea.

2.

Haien edukira sartzen den unean egintzat joko dira bitarteko elektronikozko jakinarazpenak.

Jakinarazpena bitarteko elektronikoz egitea nahitaezkoa denean, edo interesdunak espresuki hori aukeratu duenean, ez onartutzat joko da haren edukia ez bada eskuratu jakinarazpena eskura jarri zenetik hamar egun natural igarotakoan.

3.

40.4 artikuluan adierazitako betebeharra konplitutzat emango da jakinarazpena eskura jartzen denean diharduen administrazio edo erakundearen egoitza elektronikoan edo emandako helbide elektroniko bakarrean.

4.

Interesdunek jakinarazpenak eskuratu ditzakete Administrazioaren Sarbide Puntu Nagusi Elektronikoan, zeinak sarbideko atari baten moduan funtzionatuko baitu.

44. artikulua. Jakinarazpen hutsegina

Ez bada jakiterik prozedura bateko interesdunak nor diren, edo jakinarazpena non egin behar den, edo jakinarazpena saiatu baina huts egin bada, Estatuko Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratuz egingo da jakinarazpena.

Era berean, aurrez eta aukerako moduan, administrazioek iragarki bat argitara dezakete autonomia-erkidegoko edo probintziako aldizkari ofizialean, interesdunak azken bizileku ezaguna izandako udaletxeko iragarki-taulan edo dagokion enbaxadako kontsuletxeko edo atal kontsularreko iragarki-taulan.

Administrazio publikoek balia ditzakete jakinarazpenak egiteko modu osagarri batzuk, gainerako hedabideen bitartez, baina horrek ez ditu salbuesten Estatuko Aldizkari Ofizialean dagokion iragarkia argitaratzeko betebeharretik.

45. artikulua. Argitaratzea

1.

Administrazioaren egintzak argitaratu beharrekoak dira hala ezartzen badute prozedura bakoitzaren arauek edo, eskumena duen organoaren iritziz, hala eskatzen badu interes publikoak.

Administrazio-egintzak beti argitaratu beharko dira, eta horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu, honako kasu hauetan:

a) Pertsona-multzo zehaztugabe bati zuzendutako egintza denean, edo, administrazioaren iritziz, interesdun bakar bati zuzendutako jakinarazpenak denei jakinarazi zaiela bermatzen ez duenean; azken kasu horretan, banakako jakinarazpenaren osagarri izango da argitalpena.

b) Edozein motatako hautaketa-prozesu edo norgehiagoka-prozeduretako egintzak direnean.

Kasu horietan, prozeduraren deialdian esan beharko da zer hedabidetan argitaratuko diren jakinarazpenak aurrerantzean; handik kanpo egindako jakinarazpenek ez dute baliorik izango.

2.

Egintza bat argitaratzean ere jaso beharrekoak dira 40.2. artikuluan jakinarazpenetarako eskatzen diren zehaztasun guztiak.

Artikulu beraren 3. zenbakiak ezarritakoa ere aplikatzekoa da argitalpenean.

Zenbait elementu komun dituzten egintzak argitaratzean, batera argitaratu ahal izango dira elementuok, eta egintza bakoitzari dagozkion parte berezia bakarrik zehaztu.

3.

Jakinarazi beharreko egintza, zein administraziotatik datorren, hari dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko da.

4.

Hargatik eragotzi gabe 44. artikuluan xedatutakoa, lege- edo erregelamendu-xedapen batengatik iragarki-taula edo ediktuetan argitaratu beharreko egintza eta komunikazioen argitalpena egintzat emango da dagokion aldizkari ofizialean argitaratzearekin.

46. artikulua. Jakinarazpen eta argitalpenen abisua

Organo eskudunaren iritziz egintza bat iragarki bidez jakinarazteak edo hura argitaratzeak kalte egiten badie eskubide edo interes legitimo batzuei, soil-soilik egintzaren edukiaren berri labur bat argitaratuko du dagokion aldizkari ofizialean, eta hartan adieraziko du interesdunek nora jo dezaketen, ezartzen den epean, eduki osoaren berri jakiteko eta jakinaren gainean daudela jasoarazteko.

Horrez gain, aukerako moduan, administrazio publikoek beste jakinarazpen-modu osagarri batzuk ezar ditzakete, gainerako hedabideen bitartez; horrek ez ditu salbuetsiko dagokion aldizkari ofizialean argitaratzeko betebeharretik.

III. KAPITULUA

Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna

47. artikulua. Erabateko deuseztasuna

1.

Administrazio publikoen egintzak erabat deusezak izango dira kasu hauetan:

a) Konstituzioak babesten dituen eskubide eta askatasunei kalte egiten badiete.

b) Gaiagatik edo lurraldeagatik argi eta garbi eskumenik ez duen organoren batek eman baditu.

c) Ezinezko edukia badute.

d) Zigor-zuzenbideko arau-hauste badira edo halako baten ondorioz eman badira.

e) Legez ezarritako prozedura erabat alde batera utziz edo kide anitzeko organoek erabakiak hartzeko funtsezko arauak guztiz bazterturik eman badira.

f) Funtsezko betekizunak bete gabe ahalmen edo eskubide batzuk eskuratzeko bide ematen duten egintza espresu edo presuntziozkoak, ordenamendu juridikoaren aurkakoak.

g) Lege-mailako xedapen batean espresuki halakotzat jotako beste edozein.

2.

Erabat deusezak izango dira orobat honako administrazio-xedapen hauek: Konstituzioa, legeak edo administrazioaren goragoko mailako xedapenak urratzen dituztenak; lege-erreserbako gaiak arautzen dituztenak; eta aldekoak ez diren edo norbanakoen eskubideak murrizten dituzten zehatze-xedapenen atzeraeragina ezartzen dutenak.

48. artikulua. Deuseztagarritasuna

1.

Deuseztagarriak dira ordenamendu juridikoaren edozein arau hausten duten administrazio-egintzak, aginte-desbideratze direnak barne.

2.

Hala ere, forma-akatsak kasu hauetan bakarrik egiten du deuseztagarri egintza: helburua lortzeko formazko baldintza ezinbestekoak betetzen ez dituenean edo interesdunen defentsa-gabezia eragiten duenean.

3.

Epez kanpo egindako administrazio-jarduketen kasuan, epearen izaerak hala eskatzen duenean bakarrik izango da egintza deuseztagarri.

49. artikulua. Egintzen deuseztasunaren edo deuseztagarritasunaren mugak

1.

Egintza bat deusez edo deuseztagarri izateak ez dakar prozedurako ondorengoak ere deusez edo deuseztagarri izatea, aurrekoarekin zerikusirik ez badute.

2.

Administrazio-egintzaren parte bat deusez edo deuseztagarri izateak ez dakar parte horrekin zerikusirik ez duten gainerako zatien deuseztasuna edo deuseztagarritasuna, non eta parte akastuna gabe egintza ez den eman gabea gertatzen, haren garrantzia dela eta.

50. artikulua. Egintza akastunen bihurketa

Egintza deusez edo deuseztagarriek, beste egintza desberdin bat osatzen duten elementuak baldin badituzte, azken egintza horren ondorioak sorraraziko dituzte.

51. artikulua. Egintza eta izapideak mantentzea

Jarduketak deusez deklaratzen dituen edo haiek deuseztatzen dituen organoak mantendu egingo ditu, beti, arau-hausterik izan ez balitz eduki berarekin mantenduko ziren egintza eta izapideak.

52. artikulua. Baliozkotzea

1.

Egintza deuseztagarriak baliozkotu ahal izango ditu Administrazioak, haien akatsak zuzenduz.

2.

Egiten den egun beretik izango ditu ondorioak baliozkotzeak, 39.3 artikuluak administrazio-egintzen atzeraeraginaz ezarritakoa salbu.

3.

Akatsa eskumenik eza bada, deuseztasunik ez dakarrena, eskumena duen organoak baliozkotu dezake egintza, akastuna eman zuenaren goragoko mailakoa bada.

4.

Akatsa baimenen bat falta izatea bada, eskumena duen organoak baimena emanda baliozkotu daiteke egintza.

IV. TITULUA

Administrazio-prozedura erkideari buruzko xedapenak

I. KAPITULUA

Prozeduraren bermeak

53. artikulua. Administrazio-prozeduran interesdun denaren eskubideak

1.

Lege honetan aurreikusitako gainerako eskubideez gain, administrazio-prozedura batean interesdun direnek honako eskubide hauek dituzte:

a) Noiznahi jakitea interesdun diren prozeduren izapidetzea nola doan; administrazio-isiltasunak zer esanahi duen, Administrazioak ez badu epean ebazpen espresurik ematen ez jakinarazten; zer organo den eskudun instrukziorako, hala badagokio, eta ebazpena emateko; eta zer izapide-egintza eman dituen.

Eskubidea izango dute, orobat, prozeduretan jasotako agiriak eskuratzeko eta haien kopia lortzeko.

Administrazio publikoekiko harremana bitarteko elektronikoz dutenek eskubidea izango dute aurreko paragrafoan aipatzen den informazioa kontsultatzeko Administrazioaren Sarbide Puntu Nagusi Elektronikoan, zeinak sarbide-atari baten moduan funtzionatuko baitu.

Prozeduretan sartutako agirien kopiak emateko Administrazioak duen betebeharra konplitutzat joko da haiek eskura jartzen direnean administrazio eskudunaren Sarbide Puntu Nagusi eEektronikoan edo dagozkion egoitza elektronikoetan.

b) Prozedurak izapidetzeko ardura duten administrazio publikoetako agintari eta langileak identifikatzea.

c) Jatorrizko agiriak ez aurkeztea, non eta, salbuespenezko moduan, aplikatzekoa den araudiak ez duen kontrakoa ezartzen.

Salbuespenezko moduan jatorrizko agiri bat aurkeztu behar badute, haren kopia kautotua eskuratzeko eskubidea dute.

d) Prozedurari aplikatzekoak diren arauetan eskatzen ez den datu eta agiririk ez aurkeztu behar izatea, administrazio publikoen esku badaude jada edo haiek prestatuak baldin badira.

e) Prozeduraren edozein alditan, betiere entzunaldiaren izapidea egin aurretik, alegazioak aurkeztu, ordenamendu juridikoak onartzen dituen defentsa-bideak erabili eta agiriak aurkeztea; organo eskudunak ebazpen-proposamena idaztean kontuan hartu beharrekoak, denak ere.

f) Informazioa eta aholkuak lortzea indarrean dauden xedapenen arabera proiektu, jarduketa edo eskaerak egitean bete beharreko baldintza juridiko eta teknikoei buruz.

g) Aholkulari batek lagundurik jardutea beren interesen alde egiteko komeni zaiela deritzotenean.

h) Ordainketa-betebeharrak 98.2 artikuluan aurreikusitako bitarteko elektronikoen bidez betetzea.

i) Konstituzioak eta legeek aitortzen dizkieten gainerako eskubide guztiak.

2.

Aurreko zenbakian aurreikusitako eskubideez gain, zehapen-prozeduren kasuan, presuntziozko erantzuleek eskubide hauek izango dituzte:

a) Jakinarazpen batean jasotzea: zer egitate leporatzen zaien, egitate hori zer arau-hauste izan daitekeen eta zer zehapen ezar dakiekeen; orobat, instruktorea nor den, zehapena jartzeko eskumena zer agintarik duen, eta zer arauk esleitzen dion eskumen hori.

b) Administrazio-erantzukizunik ezaren presuntzioa, kontrakoa frogatu ezean.

II. KAPITULUA

Prozeduraren hasiera

1. atala

Xedapen orokorrak

54. artikulua. Prozedura hasteko moduak

Prozedurak ofizioz edo interesdunaren eskariz has daitezke.

55. artikulua. Aurretiazko informazioa eta jarduketak

1.

Prozedura hasi aurretik, eskumena duen organoak informaziorako edo aurretiazko jarduketetarako aldi bat ireki dezake, kasuaren inguruabarrak zein diren eta prozedura hastea komeni den jakiteko.

2.

Zehapen-prozeduren kasuan, aurretiazko jarduketen bitartez, ahalik eta zehaztasunik handienarekin ikusi behar da zein egitate izan daitezkeen prozedura hasteko arrazoi, nor edo nortzuk izan daitezkeen erantzule, eta zer inguruabar adierazgarri dituzten batzuek eta besteek.

Aurretiazko jarduketak egiteaz, gaia aztertzeko, ikertzeko eta ikuskatzeko funtzioak esleituak dituzten organoak arduratuko dira, eta, halakorik ezean, prozedura hasteko edo ebazteko eskudun den organoak erabakitzen duen pertsona edo administrazio-organoa.

56. artikulua. Behin-behineko neurriak

1.

Prozedura hasi ondoren, ebazteko eskumena duen administrazio-organoak, ofizioz edo alderdi baten eskariz eta modu arrazoituan, ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko egoki deritzen behin-behineko neurriak har ditzake, horretarako datu nahikoa baldin baditu proportzionaltasunaren, eraginkortasunaren eta kalterik txikienaren printzipioen arabera.

2.

Administrazio-prozedura hasi aurretik, prozedura hasteko edo instruitzeko eskumena duen organoak, ofizioz edo alderdi baten eskariz, urgentzia geroraezineko kasuetan eta ukitutako interesak behin-behinekoz babesteko, beharrezko eta proportziozko gertatzen diren neurriak hartu ahal izango ditu modu arrazoituan.

Behin-behineko neurri horiek berretsi, aldatu edo kendu egin beharko dira prozedura hasteko erabakian. Erabaki hori hamabost egunen barruan hartu beharko da, behin-behineko neurriak hartzen direnetik aurrera, eta dagokion errekurtsoa jarri ahal izango da haren kontra.

Nolanahi ere, neurri horiek baliorik gabe geratuko dira prozedura ez bada hasi aipatutako epe horretan, edo prozedura hasteko erabakian ez bada espresuki ezer esan neurriei buruz.

3.

Aurreko bi zenbakietan aurreikusitakoaren arabera, behin-behineko neurri hauek hartu ahala izango dira, Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean aurreikusitako moduan:

a) Jarduera aldi baterako geldieran uztea.

b) Fidantza jartzea.

c) Ekoizpen-ondasunak erretiratzea edo haietan esku hartzea, edo zerbitzuak aldi baterako etetea osasun-, higiene- edo segurtasun-arrazoiengatik; establezimendua aldi baterako ixtea arrazoi horiengatik edo aplikatzekoa den araudian aurreikusitako beste batzuengatik.

d) Dirutan neur daitezkeen ondasun, errenta eta gauza suntsikorrak prebentzioz enbargatzea, prezio zehatzak aplikatuz.

e) Gauza higigarri bat gordailuan jartzea, atxikitzea edo immobilizatzea.

f) Legez kanpokotzat jotzen den eta debekatu edo utzarazi nahi den jarduera baten bitartez lortutako diru-sarreretan esku hartzea edo gordailuan jartzea.

g) Erreklamatzen diren diru-kopuruak kontsignatzea edo gordailuan jartzea.

h) Administrazio publikoek ordaindu beharreko konturako sarrerak atxikitzea.

i) Beste neurri batzuk, interesdunen eskubideak babesteko xedez legeek espresuki aurreikusiak edo ebazpena eraginkor izango dela segurtatzeko beharrezkotzat jotzen direnak.

4.

Ezin da behin-behineko neurririk hartu interesdunei kalte konpongaitza edo konponezina dakarkienik edo legeek babestutako eskubideak zapaltzen dituenik.

5.

Behin-behineko neurriak kendu edo aldatu ahal izango dira prozedura izapidetzen den bitartean, ofizioz edo interesdunak eskaturik, baldin eta neurriak hartu zirenean kontuan hartu ezin ziren gorabeherak edota gerora gertatutakoak azaltzen badira.

Betiere, neurri horiek baliorik gabe geratuko dira prozedura amaitzeko administrazio-ebazpena eraginkor bihurtzen den unean bertan.

57. artikulua. Metatzea

Prozedura hasten edo izapidetzen duen administrazio-organoak, prozedura hasteko modua edozein dela ere, erabaki dezake, ofizioz edo interesdunaren eskariz, prozedura hori metatzea oinarri bera edo lotura estua duten beste batzuekin, organo berak izapidetu eta ebatzi behar badu prozedura.

Metatzeko erabakiaren aurka ezin da errekurtsorik aurkeztu.

2. atala

Administrazioak prozedura ofizioz hastea

58. artikulua. Ofizioz hastea

Prozedurak ofizioz hasiko dira eskumena duen organoak hala erabakita, izan bere ekimenez edo izan goragoko agindu baten indarrez, beste organo batzuen eskaera arrazoituaren ondorioz edo salaketa baten ondorioz.

59. artikulua. Prozedura norberaren ekimenez hastea

Norberaren ekimenez jardutea da prozedura hasteko eskumena esleitua duen organoak jardutea prozeduraren gai diren inguruabar, jokaera edo gertaeren berri izanda, zuzenean edo zeharka.

60. artikulua. Prozedura goragoko agindu baten ondorioz hastea

1.

Goragoko agindutzat hartzen da prozedura hasteko eskumena duena baino goragoko mailako administrazio-organo batek emandakoa.

2.

Zehapen-prozeduretan, aginduan adierazi beharko da, ahal den neurrian, nor edo nortzuk diren presuntziozko erantzuleak; zer jokaera edo egitate izan daitezkeen arau-hauste administratibo, eta zer tipifikazio duten; eta egitateak zer lekutan gertatu diren eta noiz ¿eguna, egunak edo denbora jarraitua¿.

61. artikulua. Prozedura beste organo batzuen eskaera arrazoituaren ondorioz hastea

1.

Eskaera arrazoitutzat jotzen da prozedura hasteko proposamen bat, hura hasteko eskumenik ez duen edozein administrazio-organok egina prozeduraren gai diren inguruabar, jokaera edo egitateen berri izan duelarik, bai halabeharrez edo bai ikuskatze-, azterketa- edo ikerketa-funtzioak esleituak dituelako.

2.

Eskaerak ez du prozedura hastera behartzen organo eskuduna, baina, ez hastea erabakitzen badu, horren arrazoiak jakinarazi beharko dizkio eskaera egin dion organoari.

3.

Zehapen-prozeduretan, eskaeran adierazi beharko da, ahal den neurrian, nor edo nortzuk diren presuntziozko erantzuleak; zer jokaera edo egitate izan daitezkeen arau-hauste administratibo, eta zer tipifikazio duten; eta egitateak zer lekutan gertatu diren eta noiz ¿eguna, egunak edo denbora jarraitua¿.

4.

Ondare-erantzukizunari buruzko prozeduretan, eskaerak indibidualizatu egin beharko du pertsona bati edo pertsona-multzo bati egindako kaltea, horrek zerbitzu publikoaren funtzionamenduarekin duen lotura, kaltearen ebaluazio ekonomikoa ¿ahal bada¿ eta kaltea zehazki zer unetan gertatu zen.

62. artikulua. Prozedura salaketa baten ondorioz hastea

1.

Salaketa egintza bat da zeinaren bidez edozein pertsonak, legezko betebehar bategatik edo bestela, administrazio-organo bati jakinarazten baitio badela egitate bat administrazio-prozedura bat ofizioz hastea justifika lezakeena.

2.

Salaketan, adierazi behar da nor den edo diren hura aurkezten duten pertsonak, eta adierazi beharko da zer egitateren berri ematen zaion Administrazioari.

Egitate horiek arau-hauste administratibo izan badaitezke, salaketan adierazi behar da noiz gertatu diren eta, ahal denean, presuntziozko erantzuleak nor diren.

3.

Salaketak administrazio publikoen ondarearen kalte bat argudiatzen duenean, prozedura ez hastea arrazoitu egin beharko da, eta salatzaileei jakinarazi beharko zaie beti prozedura hasteko edo ez hasteko erabakia.

4.

Salatzaileak parte hartu badu halako arau-hauste batean eta beste arau-haustaile batzuk baldin badira, prozedura ebazteko eskumena duen organoak salbuetsi egin beharko du salatzailea legokiokeen isuna ordaintzetik edo diruzkoa ez den beste zehapenen batetik, bera baldin bada prozedura hasteko edo arau-haustea egiaztatzeko froga-elementuak ekartzen dituen lehena, betiere elementu horien berri emateko unean ez bada daturik aski zehapen hori agintzeko eta egindako kaltea konpontzen bada.

Halaber, ebazteko eskumena duen organoak gutxitu egin beharko du legokiokeen isunaren zenbatekoa edo, hala badagokio, diruzkoa ez den zehapena, baldin eta, aurreko baldintzetakoren bat betetzen ez delarik, salatzaileak froga-elementu batzuk aurkezten baditu lehendik daudenen aldean balio erantsi adierazgarria dutenak.

Bi kasuetan, beharrezkoa da salatzaileak arau-haustean parte hartzeari utzi izana eta salaketaren xedearekin lotutako froga-elementurik ez desegin izana.

5.

Salaketa bat aurkezteak ez du inor, besterik gabe, interesdun bihurtzen prozeduran.

63. artikulua. Zehapen-prozeduren hasierako berezitasunak

1.

Zehapen-prozedurak ofizioz hasiko dira beti, organo eskudunaren ekimenez, eta behar den bezala bereiziko dira haietan instrukzio-fasea eta zehapen-fasea; organo banaren esku utziko dira bata eta bestea.

Organo bat prozedura bat hasteko eskudun dela joko da hala xedatzen badute hura erregulatzen duten arauek.

2.

Inoiz ezin da zehapenik ezarri dagokion prozedura izapidetu gabe.

3.

Ezin da zehapen-prozedura berririk hasi arau-haustaileak behin eta berriz egiten dituen eta arau-hauste gisa tipifikatuta dauden gertaera eta jokaerengatik, artean ez bada ebatzi lehenbiziko zehapen bat, betearazpen-indarrekoa.

64. artikulua. Zehapen-prozedurak hasteko erabakia

1.

Hasteko erabakia prozeduraren instruktoreari komunikatuko zaio, hari buruz dauden jarduketa guztiak helaraztearekin batera, eta interesdunei jakinaraziko zaie, beti halakotzat harturik erruztatua.

Era berean, hasieraren berri emango zaio salatzaileari, prozedura erregulatzen duten arauek hala aurreikusten dutenean.

2.

Prozedura hasteko erabakiak honako hauek jaso beharko ditu, gutxienez:

a) Nor den edo diren presuntziozko erantzule.

b) Zer egitatek eragin duten prozedura hastea, zer kalifikazio izan lezaketen eta zer zehapen legozkiekeen, hargatik eragotzi gabe instrukziotik ondorioztatzen dena.

c) Nor den prozeduraren instruktorea, eta, baldin bada, idazkaria, espresuki adierazirik haien errekusazio-araubidea.

d) Zer organo den prozedura ebazteko eskudun, eta zer arauk esleitzen dion eskumen hori. Adierazi behar da ustezko erantzuleak baduela aukera borondatez bere erantzukizuna aitortzeko, 85. artikuluan aurreikusitako ondorioekin.

e) Zer behin-behineko neurri erabaki dituen zehapen-prozedura hasteko eskudun den organoak, hargatik eragotzi gabe prozeduran zehar 56. artikuluaren arabera har daitezkeenak.

f) Adieraziko da alegazioak egiteko eskubidea eta prozeduran entzuna izateko eskubidea badela, eta haiek baliatzeko zer epe dauden; orobat ohartaraziko da ezen, prozedura hasteko erabakiaren edukiaz aurreikusitako epean alegaziorik egin ezean, erabaki hori ebazpen-proposamentzat hartu ahal izango dela egotzitako erantzukizunari buruzko irizpen zehatz bat duenean.

3.

Salbuespenezko moduan, prozedura hasteko erabakia hartzeko unean ez bada elementu nahikorik prozedura hastea eragiten duten egitateen hasierako kalifikazioa emateko, geroagoko fase batean egin ahal izango da kalifikazio hori, kargu-orri baten bitartez, eta interesdunei jakinarazi.

65. artikulua. Ondare-erantzukizunari buruzko prozeduren ofiziozko hasierako berezitasunak

1.

Administrazio publikoek ondare-erantzukizunari buruzko prozedura bat hastea erabakitzen dutenean, beharrezkoa da ez preskribatuta egotea interesdunaren erreklamaziorako eskubidea, 67. artikuluan aipatua.

2.

Prozedura hasteko erabakia jakinarazi behar zaie ustez kaltetuak diren partikularrei, eta hamar eguneko epe bat eman, eskubidez egoki deritzeten alegazio, agiri edo informazio guztiak azal ditzaten eta eskubide hori aitortzeko behar diren froga guztiak proposa ditzaten.

Hasitako prozedura instruitu egingo da ustez kaltetuak diren partikularrak epean pertsonatzen ez badira ere.

3. atala

Prozedura interesdunaren eskariz hastea

66. artikulua. Prozedura hasteko eskaerak

1.

Eskaeretan honako hauek adierazi behar dira:

a) Interesdunaren izen-abizenak eta, baldin badu, ordezkariarenak.

b) Zer bitarteko elektronikoren bidez edo bestela zer lekutan nahi duen jakinarazpena egitea.

Horrez gain, interesdunek beren posta elektronikoaren helbidea edo gailu elektronikoa eman ahal izango dute, administrazio publikoek abisa diezaieten jakinarazpena bidali edo eskura jarri dela.

c) Egitateak, arrazoiak eta eskaera zehatza, argi eta garbi adierazirik.

d) Lekua eta data.

e) Eskatzailearen sinadura, edo benetan bere borondatea adierazi duela erakusteko edozein eratako egiaztapena.

f) Administrazioko zer organo, erakunde edo unitateri bidaltzen zaion eskaera, eta zein den haren identifikazio-kodea.

Erregistro-gaietako laguntzarako bulegoak behartuta daude interesdunari identifikazio-kodea ematera, interesdunak ez badaki zein den.

Indarrean diren identifikazio-kodeen zerrenda bat mantendu eta eguneratu beharko dute administrazio publikoek dagokion egoitza elektronikoan.

2.

Pertsona bat baino gehiagoren uziak, eduki eta oinarri bera edo funtsean antzekoa badute, eskaera berean aurkez daitezke, non eta berariazko prozeduretako arauek besterik ez dioten.

3.

Elektronikoki edo Administrazioak erregistro-gaietako laguntzarako dituen bulegoetan aurkezten dituzten eskaera, komunikazio eta idazkien egiaztagiria eskatu ahal izango dute interesdunek, aurkezpen-data eta ordua egiaztatzen dituena.

4.

Eskaera-multzoak aurkezteko ereduak eta sistemak prestatu beharko dituzte administrazio publikoek, interesdunek aukera izan dezaten aldi berean eskaera bat baino gehiago aurkezteko.

Eredu horiek, betiere borondatez erabiltzekoak, interesdunen esku egongo dira dagozkien egoitza elektronikoetan eta administrazio publikoek erregistro-gaietako laguntzarako dituzten bulegoetan.

Eskatzaileek nahi adina datu erants dezakete eskaera-ereduan jasotakoak zehazteko eta osatzeko, eta organo hartzaileak onartu eta kontuan izan behar ditu.

5.

Eskaera-sistema normalizatuek modua eskain dezakete ematen den informazioa automatikoki egiaztatzeko administrazioaren beraren edo beste administrazio batzuen sistemetan biltegiratutako datuekin, edo formularioa guztiz edo partez beterik eskain dezakete, interesdunak informazioa egiazta dezan edo, hala badagokio, alda eta osa dezan.

6.

Administrazioak eskaerak aurkezteko eredu berezi batzuk ezartzen baditu berariaz prozedura jakin batean, interesdunek eskaera horiek erabili beharko dituzte nahitaez.

67. artikulua. Ondare-erantzukizuneko prozedurak hasteko eskaerak

1.

Interesdunek ez dute ondare-erantzukizuneko prozedura bat eskatzerik izango harik eta beren erreklamatzeko eskubidea preskribatuta egon arte.

Erreklamazioa egiteko eskubidea urtebeteren buruan preskribatuko da, kalte-ordaina ekarri duen egitate edo egintza izan zenetik edo kaltearen ondorioak agertu zirenetik aurrera.

Pertsonei kalte fisiko edo psikikoak eginez gero, sendatzen direnetik edo kalte horien ondorioak zehazten diren egunetik hasiko da zenbatzen epea.

Administrazio-bidean edo administrazioarekiko auzien bidean izaera orokorreko egintza edo xedapen bat deuseztatu delako kalte-ordain bat aitortzea dagokion kasuetan, erreklamatzeko eskubidea urtebeteren buruan preskribatuko da, administrazio-ebazpena edo behin betiko epaia jakinarazten denetik aurrera zenbatuta.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 32. artikuluko 4. eta 5. zenbakietan aipatzen diren ondare-erantzukizuneko kasuetan, erreklamatzeko eskubidea urtebeteren buruan preskribatuko da, araua Konstituzioaren kontrako edo Europar Batasuneko zuzenbidearen kontrako deklaratzen duen epaia Estatuko Aldizkari Ofizialean edo Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean ¿zer dagokion¿ argitaratzen denetik aurrera.

2.

66. artikuluan aurreikusitakoaz gainera, interesdunen eskaeran zehaztu beharko da zer kalte gertatu diren, zer kausa-lotura dagoen haien eta zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren artean, ondare-erantzukizunaren ebaluazio ekonomikoa, ahal bada, eta zer unetan gertatu zen egiazki kaltea; horrekin batera adieraziko dira egoki iritzitako alegazio, agiri eta informazio guztiak, eta froga proposatuko da, erreklamatzaileak baliatu asmo dituen bitartekoak aipatuz.

68. artikulua. Eskaera zuzendu eta hobetzea

1.

Prozedura hasteko eskaeran ez badira betetzen 66. artikuluko baldintzak eta, hala badagokio, 67. artikuluan adierazitakoak edo aplikagarri den berariazko legedian eskatutako beste batzuk, interesdunari errekerimendua egingo zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eramateko, eta adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela, horretarako ebazpena 21. artikuluan jasotako moduan eman ondoren.

2.

Hautaketa-prozesuetan edo norgehiagoka-prozeduretan izan ezik, hamar eguneko epe hori luza daiteke zuhurtasunez, beste bost eguneraino, interesdunak eskaturik edo organoaren ekimenez, agiriak aurkezteko zailtasun berezirik baldin bada.

3.

Interesdunen eskariz hasitako prozeduretan, eskaeran jasotakoa borondatez aldatzeko edo hobetzeko iradoki diezaioke eskumena duen organoak eskatzaileari.

Horren akta jasoko da, labur, eta prozedurari gehitu.

4.

14.2 eta 14.3 artikuluetan aipatzen direnetako subjekturen batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko diote administrazio publikoek interesdunari.

Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

69. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpena eta komunikazioa

1.

Lege honen ondorioetarako, erantzukizunpeko adierazpena da interesdunak sinatutako agiri bat zeinetan adierazten baitu, bere erantzukizunaren pean, betetzen dituela indarrean den araudiak eskubide edo ahalmen bat aitortzeko edo hura baliatzeko ezarritako betekizunak, badituela hori egiaztatzen duten agiriak, Administrazioaren esku jarriko dituela hark hala eskatzen dionean, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebehar horiek betetzeko aitorpen edo baliatze horri dagokion denbora guztian.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren betekizunek espresuki jasota egon behar dute, argi eta zehatz, dagokion erantzukizunpeko adierazpenean.

Administrazioek noiznahi eskatu ahal izango dute aipatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak emateko, eta interesdunak eman egin beharko ditu.

2.

Lege honen ondorioetarako, komunikazioa da agiri bat zeinaren bitartez interesdunek administrazio publiko eskudunari jakinarazten baitizkiote beren identifikazio-datuak edo jarduera bat hasteko edo eskubide bat baliatzeko esanguratsua den beste edozein datu.

3.

Erantzukizunpeko adierazpenek eta komunikazioek aukera emango dute aurkezten diren egunetik aurrera eskubide bat aitortzeko edo baliatzeko edo jarduera bat hasteko, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoek esleituak dituzten egiaztapen-, kontrol- eta ikuskapen-ahalmenak.

Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, jarduera hasi ondorengo epe batean ere aurkeztu ahal izango da komunikazioa, dagokion legeriak hala aurreikusten badu espresuki.

4.

Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Halaber, Administrazioak halako zerbait gertatu dela adierazten dueneko ebazpenak xedatu ahal izango du interesduna behartuta dagoela egoera juridikoa leheneratzera eskubidea aitortu edo baliatu edo jarduera hasi aurreko unera, eta ezinezkoa dela xede bereko beste prozedura bat hastea legeak zehaztutako epe batean; hori guztia, aplikatzekoak diren arau sektorialetan ezarritako moduan.

5.

Administrazio publikoek argitaraturik eta eguneraturik izango dituzte, etengabe, erantzukizunpeko adierazpenaren eta komunikazioaren ereduak, interesdunek erraz eskuratzeko moduan.

6.

Erantzukizunpeko adierazpena bakarrik edo jakinarazpena bakarrik eskatu ahal izango da jarduera bera hasteko edo eskubide edo ahalmen bera baliatzeko aukera aitortzeko; ez dago biak batera eskatzerik.

III. KAPITULUA

Prozeduraren antolamendua

70. artikulua. Administrazio-espedientea

1.

Administrazio espedientea agiri eta jarduketen multzo ordenatu bat da, administrazio-ebazpenaren aurrekari eta oinarri izateko balio duena eta hura betearazteko eginbideak ere jasotzen dituena.

2.

Espedienteak formatu elektronikoa izan behar du, eta haren osagai izan behar duten agiri, froga, irizpen, txosten, erabaki, jakinarazpen eta gainerako eginbideak ordenaturik batuz osatu behar da, eta barnean dituen agiri guztien aurkibide zenbakitu batekin joan behar du bidaltzen denean.

Espedientean jaso behar da, orobat, hartutako erabakiaren kopia elektroniko ziurtatua.

3.

Arau baten ondorioz espediente elektroniko bat bidali beharra dagoenean, Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalean eta Elkarreragingarritasun Arau Teknikoetan aurreikusitakoaren arabera bidaliko da, osorik, orrialdekaturik, autentifikaturik eta dituen agiri guztien aurkibide orobat orrialdekatu batez lagundurik.

Aurkibide hori autentifikatzeak bermatzen du sortutako espediente elektronikoa osorik eta aldaezin egongo dela sinatzen den unetik, eta aukera emango du behar den guztietan berreskuratzeko. Onargarria da agiri bat bera administrazio-espediente bat baino gehiagoren parte izatea.

4.

Ez da administrazio-espedientearen parte izango informazio lagungarria edo osagarria, hala nola baita aplikazio, fitxategi eta datu-base informatikoetakoa, ohar, zirriborro, iritzi, laburpen, komunikazio eta txostenetakoa, izan txostenok barrukoak edo administrazio-organo edo erakundeen artekoak, eta orobat administrazio publikoek emandako balio-judizioak, non eta ez diren prozedurari amaiera ematen dion administrazio-ebazpena baino lehen eskatutako txostenak, nahitaezkoak eta aukerakoak.

71. artikulua. Prozedura bultzatzea

1.

Prozedura, bizkortasun printzipioa zainduz, ofizioz bultzatuko da izapide guztietan, eta bitarteko elektronikoen bidez, gardentasun- eta publikotasun-printzipioak gordez.

2.

Espedienteak bideratzean, antzeko izaera duten auzietan zorrotz gordeko da hasieraren araberako hurrenkera, administrazio-unitateko titularrak ez badu kontrako agindurik ematen, arrazoiturik, jasota geratzeko moduan.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa ez betetzeak arau-hausleari diziplina-erantzukizuna galdatzea ekarriko du, eta, hala badagokio, lanpostutik kentzeko arrazoi izango da.

3.

Organo instruktore gisa izendatutako pertsonak edo, hala badagokio, funtzio hori izendatua duten administrazio-unitateen titularrak, zuzeneko erantzule izango dira prozedura izapidetzeari dagokionez, eta, bereziki, ezarritako epeak betetzeari dagokionez.

72. artikulua. Izapideak kontzentratzea

1.

Sinplifikatze administratiboaren printzipioarekin bat, egintza bakar batean erabakiko dira izaeragatik batera bultza daitezkeen eta nahitaez bata bestearen ondoren bete beharrekoak ez diren izapide guztiak.

2.

Beste organo batzuek bete beharreko izapideak eskatzean, komunikazioan adierazi behar da zer epe ezartzen duen legeak izapiderako.

73. artikulua. Izapideak betetzea

1.

Interesdunek bete beharreko izapideak hamar eguneko epean egin beharko dira, dagokion egintza jakinarazi eta biharamunetik zenbaturik, dagokion arauak bestelako eperik ezartzen ez badu.

2.

Prozeduraren edozein unetan, Administrazioak, irizten badio interesdunen egintzaren batek ez dituela betetzen behar diren baldintzak, hala jakinaraziko dio egintzaren egileari, eta hamar eguneko epea emango dio egintza hori behar bezala betetzeko.

3.

Aurreko zenbakietan xedatutakoa betetzen ez duten interesdunek dagokion izapiderako eskubidea galdu dutela joko da.

Hala ere, interesdunaren jarduketa onartuko da, eta legezko ondorioak izango ditu, baldin eta epea iragantzat jotzen den ebazpena jakinarazten den eguna baino lehen edo egun horren barruan gertatzen bada.

74. artikulua. Intzidente-arazoak

Prozeduran sortzen diren intzidente-arazoek, are jarduketen deuseztasunari buruzkoak badira, ez dute geldieran utziko prozesua; errekusazioak, ordea, bai.

IV. KAPITULUA

Prozeduraren instrukzioa

1. atala

Xedapen orokorrak

75. artikulua. Instrukzio-egintzak

1.

Ebazpena eman beharra eragin duten egitateak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko behar diren instrukzio-egintzak ofizioz eta bitarteko elektronikoz egingo ditu prozedura izapidetzen ari den organoak. Interesdunek eskubidea dute, nolanahi ere, beren esku-hartzea eskatzen duten edo legez edo erregelamenduz ezarritako izapideak diren jarduketak proposatzeko.

2.

Prozeduren instrukzioa egiteko erabilitako aplikazioek eta informazio-sistemek bermatu behar dute denbora eta epeen kontrola, erantzule diren organoen identifikazioa eta espedienteak modu ordenatuan izapidetzea, eta erraztasunak eman behar dituzte prozedurak sinplifikatzeko eta publiko egiteko.

3.

Interesdunek parte hartu behar duten instrukzio-egintzak haiei komenigarrien zaien moduan egin behar dira, eta haien lanarekin edo betebehar profesionalekin ahal den neurrian bateragarri izateko moduan.

4.

Betiere, organo instruktoreak behar diren neurriak hartuko ditu prozeduran osotara errespeta daitezen prozedurako interesdunen kontraesan- eta berdintasun-printzipioak.

76. artikulua. Alegazioak

1.

Interesdunek aukera izango dute prozeduraren edozein urratsetan, entzunaldiaren izapidea egin baino lehen, alegazioak egiteko eta agiriak edo bestelako judizio-elementuak aurkezteko.

Horiek guztiak kontuan hartuko ditu organo eskudunak ebazpen-proposamena idaztean.

2.

Interesdunek prozeduraren edozein urratsetan alega ditzakete izapide-akatsak, eta, bereziki, haien ondorioz prozedura gelditzea, nahitaezkotzat jarritako epeak ez betetzea edo gaiari buruzko behin betiko ebazpena eman aurretik konpon daitezkeen izapideak ez egitea dakartenak.

Alegazio horiek diziplina-erantzukizuna galdatzea ekar dezakete, horretarako arrazoirik badago.

2. atala

Frogatzea

77. artikulua. Frogabideak eta frogaldia

1.

Zuzenbidean onargarri den edozein frogabidez egiazta daitezke prozedura ebazteko garrantzizko diren egitateak. Frogabideak balioesteko irizpideak Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legean aurreikusitakoak dira.

2.

Administrazioak ez baditu egiazkotzat jotzen interesdunek alegatutako egitateak, edo prozeduraren izaerak hala eskatzen badu, prozeduraren instruktoreak frogaldi bat hastea erabakiko du, gehienez hogeita hamar egunekoa eta gutxienez hamarrekoa, egoki deritzon froga guztiak egin daitezen.

Halaber, beharrezko irizten dionean, ezohiko frogaldi bat egitea erabaki dezake instruktoreak, interesdunen eskariz, gehienez ere beste hamar egunekoa.

3.

Interesdunek proposatutako frogak nabarmen desegokiak edo alferrikakoak direnean bakarrik erabaki dezake instruktoreak, ebazpen arrazoitu baten bidez, haiek ez onartzea.

4.

Zehapen-prozeduretan, epaileen zigor-ebazpen irmoz frogatutzat jotako egitateak lotesleak izango dira administrazio publikoentzat berek bideratzen dituzten zehapen-prozedurei dagokienez.

5.

Egitateen frogatzat hartuko dira, kontrakoa egiaztatzen ez bada, autoritate-kondizioa aitortzen zaien funtzionarioek formalizaturik dauden eta, dagozkien legezko eta betebeharrak gorderik, haiek egiaztatutako egitateak jasotzen dituzten agiriak.

6.

Froga txosten bat baldin bada, administrazio-organo, erakunde publiko edo zuzenbide publikoko entitate batek egina, nahitaezkotzat hartuko da.

7.

Egindako frogen balioespena funtsezko oinarria izan badaiteke prozeduran erabakia hartzeko, egitateak zuzen ebaluatzeko pieza ezinbestekoa delako, ebazpen-proposamenean sartu beharko da.

78. artikulua. Froga egitea

1.

Administrazioak behar besteko aurrerapenez jakinaraziko die interesdunei noiz hasiko diren onartutako frogak gauzatzeko behar diren jarduketak.

2.

Jakinarazpenean jasoko da frogak non, zer egunetan eta zer ordutan egingo diren, eta ohartaraziko da, hala badagokio, interesdunak teknikariak izenda ditzakeela lagundu diezaioten.

3.

Interesdunak eskaturik frogak egin behar direnean eta froga horiek administrazioak ordaindu behar ez dituen gastuak badakartzate, administrazioak dirua aurreratzeko eska diezaioke interesdunari, eta, frogak egindakoan, gastuen behin betiko kitapena egingo da.

Gastuak benetan egin direla eta hainbestekoak izan direla egiaztatzeko agiriak aurkeztuta egingo da gastuen kitapena.

3. atala

Txostenak

79. artikulua. Txostenak eskatzea

1.

Prozedura ebazteko, lege-xedapenen arabera nahitaezko diren txostenak eskatuko dira, eta ebazteko beharrezko iritzitakoak, nahitaezkotzat zer arauk jotzen dituen adieraziz edo, eskatu behar badira, eskatzea zergatik komeni den arrazoituz.

2.

Txostena eskatzean, zehaztu behar da zer alderdi aztertu behar den edo diren.

80. artikulua. Txostenak egitea

1.

Txostenak aukerakoak dira, eta ez lotesleak, espresuki kontrakoa xedatzen ez bada.

2.

Txostenak bitarteko elektronikoz eta 26. artikuluan adierazitako betekizunen arabera egingo dira, hamar eguneko epean, non eta xedapenen batek edo prozeduraren gainerako epeak betetzeak ez duen ahalbidetzen edo eskatzen epea luzeagoa edo laburragoa izatea.

3.

Txostena ez bada ematen adierazitako epean, eta atzerapenaren erantzuleak izan dezakeen erantzukizuna gorabehera, jarraitu ahal izango da jarduketak egiten, non eta ez den nahitaezko txosten baten kasua; nahitaezko txostena bada, prozedura ebazteko legezko gehieneko epea geldieran utzi daiteke, 22. artikuluaren 1. zenbakiko d) letrak ezarritako moduan.

4.

Prozedura izapidetzen ari denaz beste administrazio publiko batek egin behar badu txostena, bere eskumenei dagokien ikuspuntua adierazteko, eta, epea amaitu bada txostena egin gabe, jarraitu dezakete jarduketek.

Epez kanpo egindako txostena ez da nahitaez kontuan hartu behar ebazpena ematean.

81. artikulua. Ondare-erantzukizuneko prozeduretan txostenak eta irizpenak eskatzea

1.

Ondare-erantzukizunari buruzko prozeduretan, nahitaezkoa da txostena eskatzea ordaindu daitekeen kaltea ustez eragin duen funtzionamendua izan duen zerbitzuari, eta txostena emateko epea ezin da izan hamar egun baino gehiagokoa.

2.

Eskatzen den kalte-ordainaren zenbatekoa 50.000 euro edo gehiago denean, edo dagokion legeria autonomikoak ezartzen duena baino gehiago, eta halaber Estatu Kontseiluari buruzko apirilaren 22ko 3/1980 Lege Organikoan hala xedatzen den kasuetan, nahitaezkoa izango da irizpena eskatzea Estatu Kontseiluari edo, hala badagokio, autonomia-erkidegoko organo aholku-emaileari.

Ondorio horietarako, organo instruktoreak, entzunaldi-izapidea amaitu eta hurrengo hamar egunen epean, organo eskudunari bidaliko dio, irizpena eskatzeko, ebazpen-proposamen bat, 91. artikuluan aurreikusitakoaren araberakoa, edo, hala badagokio, prozedura modu hitzartuan amaitu lezakeen akordio baten proposamena.

Irizpena bi hilabeteko epean emango da, eta adierazi beharko du kausalitate-loturarik baden edo ez zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren eta gertatutako kaltearen artean, eta, hala badagokio, sortutako kaltearen balioespena zein den eta lege honetan ezarritako irizpideen araberako kalte-ordainaren zenbatekoa eta modua zein diren.

3.

Estatuak Justizia Administrazioaren ezohiko funtzionamenduagatik duen ondare-erantzukizuna erreklamatzen den kasuetan, nahitaezkoa izango da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren txostena, eta gehienez bi hilabeteko epean eman beharko du hark.

Ebazpena emateko epea geldieran utziko da txostena eskatzen denetik jasotzen den bitartean, eta denbora hori ezin da izan bi hilabete baino gehiago.

4. atala

Interesdunen parte-hartzea

82. artikulua. Entzunaldiaren izapidea

1.

Prozeduren instrukzioa amaitutakoan, eta ebazpen-proposamena idatzi aurretik, haien berri emango zaie interesdunei edo, hala badagokio, haien ordezkariei, kontuan harturik abenduaren 9ko 19/2013 Legean aurreikusitako mugapenak.

Interesdunen entzunaldia aholkularitza juridikorako eskudun den organoari txostena eskatu baino lehen izango da, edo, autonomia-erkidegoak prozeduraren parte direnean, Estatu Kontseiluaren edo autonomia-erkidegoko organo aholku-emaile baliokidearen txostena eskatu baino lehen.

2.

Egoki irizten dieten agiri eta justifikazioak alega ditzakete interesdunek, gutxienez hamar egun eta gehienez hamabost egun iraungo duen epe batean.

3.

Epea amaitu aurretik interesdunek adierazten badute ez dutela alegaziorik egingo ez beste agiri edo justifikaziorik aurkeztuko, izapidea egintzat joko da.

4.

Entzunaldiaren izapidea egin gabe utz daiteke prozeduran ez bada azaltzen eta ebazpenean ez bada kontuan hartu interesdunak azaldutako egitate, alegazio eta frogak besterik.

5.

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 32.9 artikuluan aipatzen den ondare-erantzukizunari buruzko prozeduretan, beharrezkoa da beti entzunaldia ematea kontratistari, prozeduran egiten diren jarduketa guztien berri emanez, prozeduran pertsonatu dadin, bere eskubideei dagokiena azaldu dezan eta egoki deritzen frogabide guztiak proposa ditzan.

83. artikulua. Informazio publikoa

1.

Ebazpena eman behar duen organoak, hala eskatzen badu prozeduraren izaerak, erabaki dezake informazio publikorako aldi bat izatea.

2.

Horretarako, iragarki bat argitaratuko da dagokion aldizkari ofizialean, edozein pertsona fisiko edo juridikok aztertu ahal izan dezan espedientea edo erabakitzen den espediente-partea.

Iragarkian, adierazi behar da erakustaldia non egingo den, eta hala eskatzen duten pertsonen eskura jarri beharko da, bitarteko elektronikoz, dagokion egoitza elektronikoan. Alegazioak egiteko epea ere zehaztu behar du iragarkiak, inoiz ez hogei egun baino gutxiagokoa.

3.

Izapide horretan ez agertzeak ez die interesdunei eragotziko prozeduraren behin betiko ebazpenaren aurka dagozkien errekurtsoak aurkeztea.

Informazio publikoaren izapidean agertzeagatik ez da inor, besterik gabe, interesdun bihurtzen.

Nolanahi ere, izapide horretan alegazioak edo oharrak aurkezten dituztenek Administrazioaren erantzun arrazoitua jasotzeko eskubidea dute; erantzun bakarra eman dakieke funtsean arazo bera agertzen duten alegazio guztiei.

4.

Legeetan ezarritakoarekin bat etorriz, administrazio publikoek beste era, bitarteko eta bide batzuk ezar ditzakete herritarrek parte har dezaten ¿zuzenean edo legeek onartutako erakunde eta elkarteen bitartez¿ administrazio-egintzak ematen diren prozeduran.

V. KAPITULUA

Prozedura amaitzea

1. atala

Xedapen orokorrak

84. artikulua. Amaiera

1.

Prozedura amaitzeko aukerak hauek dira: ebazpena, atzera egitea, eskaeraren oinarri den eskubideari uko egitea ¿ordenamendu juridikoak uko hori debekatzen ez badu¿ eta iraungitzat jotzea.

2.

Prozedura amaitu egingo da, halaber, jarraitzea materialki ezinezkoa bada gerora gertatutako arrazoiengatik.

Ematen den ebazpenak arrazoitua izan behar du beti.

85. artikulua. Zehapen-prozeduren amaiera

1.

Zehapen-prozedura bat hasitakoan, arau-haustaileak bere erantzukizuna onartzen badu, dagokion zehapena ezarriz amaitu ahal izango da prozedura.

2.

Zehapena diruzkoa soilik baldin bada, edo aukera baldin badago diruzko zehapen bat eta diruzkoa ez den beste bat ezartzeko baina bigarrena egokia ez dela justifikatu bada, presuntziozko erantzuleak ebazpena baino lehenagoko edozein unetan borondatez ordaintzeak amaitu egingo du prozedura, salbu eta aldatutako egoera leheneratzeari dagokiona edo arau-hausteagatik sortutako kalte-galeren ordaina erabakitzeari dagokiona.

3.

Bi kasuetan, zehapena diruzkoa soilik denean, prozedura ebazteko eskumena duen organoak murriztapenak aplikatuko ditu, gutxienez % 20koak, proposatutako zehapenaren gainean, eta murriztapenak elkarrekin bateratu daitezke.

Murriztapen horiek zehaztuta egon behar dute prozeduraren hasierako jakinarazpenean. Haietaz baliatzeko, bestalde, zehapenaren aurka administrazio-bidean jarritako akzio edo errekurtsoetan atzera edo uko egin beharra dago.

Zenbaki honetan aurreikusitako murriztapen-ehunekoa handitu ahal izango da erregelamenduz.

86. artikulua. Amaiera itundua

1.

Administrazio publikoek akordioak, itunak, hitzarmenak eta kontratuak egin ditzakete zuzenbide publikoko zein pribatuko pertsonekin, baldin eta ordenamendu juridikoaren aurkakoak ez badira, transakziorik onartzen ez duten kontuen gainekoak ez badira, eta babestu behar duten interes publikoari erantzutea badute xede; betiere, kontuan izango dituzte prozedura arautzen duen xedapenean ezarritako irismena, ondorioak eta araubide juridikoa. Egintza horiek administrazio-prozedura amaitzen dutela jo daitezke edo bestela prozeduran sartu, aurretiko moduan, prozedura amaitzen duen ebazpena baino lehen, lotesle gisa edo ez.

2.

Agiri horietan adierazi behar dira, gutxienez: parte hartzen duten alderdiak zein diren, eremu pertsonala, eremu funtzionala eta lurralde-eremua; eta indarraldia. Argitaratu behar diren edo ez, izaeraren eta helburuko pertsonen arabera erabakiko da.

3.

Onespen espresua eman beharko die Ministro Kontseiluak, edo autonomia-erkidegoetako organo baliokide batek, bere eskumen zuzeneko gaiei buruzko akordioak diren kasuetan.

4.

Egiten diren akordioek ez dituzte aldatuko, ez administrazio-organoek esleituak dituzten eskumenak, ez agintari eta funtzionarioek zerbitzu publikoen funtzionamenduan dituzten erantzukizunak.

5.

Ondare-erantzukizuneko prozeduren kasuan, aldeen arteko akordioak kalte-ordainaren zenbatekoa eta modua zehaztu behar du, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren legearen 34. artikuluak hura kalkulatzeko eta ordaintzeko ezartzen dituen irizpideen arabera.

2. atala

Ebazpena

87. artikulua. Jarduketa osagarriak

Ebazpena eman aurretik, ebazteko eskumena duen organoak, akordio arrazoitu baten bidez, erabaki dezake prozedura ebazteko ezinbestekoak diren jarduketa osagarriak egitea.

Ez dira jarduketa osagarritzat hartuko prozeduraren amaierako ebazpena eman aurre-aurreko txostenak.

Jarduketa osagarriak egiteko erabakia interesdunei jakinaraziko zaie, eta amaitu ondorengo zazpi egun izango dituzte haiek egoki deritzoten alegazioak aurkezteko.

Jarduketa osagarriak gehienez ere hamabost eguneko epe batean egin beharko dira.

Prozedura ebazteko epea geldieran utziko da jarduketa osagarriak amaitu bitartean.

88. artikulua. Edukia

1.

Prozedura amaitzen duen ebazpenean erabakiko dira, bai interesdunek planteatutako gai guztiak, bai prozeduratik eratorritakoak.

Lotura duten baina interesdunek planteatu ez dituzten gaiak agertzen baldin badira, organo eskudunak erabaki dezake haiei buruz, aurrez interesdunei adierazirik, gehienez ere hamabost eguneko epe batean, nahi dituzten alegazioak egin eta, hala badagokio, frogabideak aurkez ditzaten.

2.

Interesdunen eskariz izapidetutako prozeduretan, interesdunak eskatutakoaren harikoa izango da ebazpena, eta ezein kasutan ezin izango du interesdunaren hasierako egoera okerragotu, hargatik eragotzi gabe administrazioak ofizioz beste prozedura bat hasteko ahala izatea, hala badagokio.

3.

Ebazpenean, erabakia jaso behar da, eta erabaki arrazoitua izan behar du 35. artikuluan aipatutako kasuetan.

Horrez gain, ebazpenetan jaso behar da zer errekurtso aurkeztu daitezkeen haren aurka, zer administrazio-organori edo organo judiziali aurkeztu behar zaizkion eta zer epetan, hargatik eragotzi gabe interesdunek egoki iritzitako beste errekurtsoren bat aurkezteko aukera.

4.

Interesdunak jakinarazpenetarako adierazitako modua eta lekua gorabehera, prozeduraren ebazpena elektronikoki emango da; organo eskudunaren identitatea bermatuko du ebazpenak, eta orobat bermatuko du benetakoa eta osoa dela agiria, lege honetan aurreikusitako tresnetakoren bat erabiliz formalizatua.

5.

Administrazioa inoiz ezin da ebazpena eman gabe gelditu, aitzakiatzat harturik kasuan aplikatzekoak diren lege-aginduen hutsunea, iluntasuna edo murriztasuna. Hala ere, administrazioak erabaki dezake ez onartzea eskubideak aitortzeko eskaerak, eskubide horiek ez badaude aurreikusita ordenamendu juridikoan edo oinarria falta bazaie nabarmen, hargatik eragotzi gabe Konstituzioaren 29. artikuluan jasotako eskariak egiteko eskubidea.

6.

Txosten edo irizpenak onartzeak ebazpena arrazoitzeko balioko du haren testuari gehitzen zaizkionean.

7.

Prozeduraren instrukzioa egiteko eskumena eta ebazpena ematekoa ez direnean organo berarenak, ebazpen-proposamen bat bidali beharko dio instruktoreak ebazteko eskudun den organoari.

Zehapen-prozeduretan, ondorengo artikuluan aurreikusitako moduan jakinarazi beharko zaie ebazpen-proposamena interesdunei.

89. artikulua. Ebazpen-proposamena zehapen-prozeduretan

1.

Organo eskudunak prozedura amaitzea eta jarduketak artxibatzea ebatziko du, ebazpen-proposamena formulatu beharrik gabe, prozeduraren instrukzioan agerian jartzen denean honako inguruabar hauetakoren bat gertatzen dela:

a) Arau-hauste izan litekeen egitaterik ez egotea.

b) Egitateak ez egiaztaturik gelditzea.

c) Frogatutako egitateak ez arau-hauste administratibo izatea, modu agerikoan.

d) Erantzule den pertsonarik ez izatea, edo ezin identifikatu izatea, edo erantzukizunik ez dutela agertzea.

e) Arau-haustea preskribatu dela ondorioztatzea, edozein unetan.

2.

Zehapen-prozeduretan, prozeduraren instrukzioa amaitutakoan, organo instruktoreak ebazpen-proposamen bat egingo du, eta interesdunei jakinarazi beharko zaie.

Ebazpen-proposamenean, adierazi beharko da prozedura agerian jarri dela eta zer epe dagoen alegazioak egiteko eta egoki iritzitako agiriak eta informazioak aurkezteko.

3.

Ebazpen-proposamenean adieraziko da, modu arrazoituan, zer egitate ematen diren frogatutzat eta zer kalifikazio juridiko duten zehazki, zehaztuko da zer arau-hauste diren, hala badira, nor den edo diren erantzule eta zer zehapen proposatzen den, zein den egindako frogen balioespena, batez ere erabakiaren oinarri funtsezko direnena, eta behin-behineko zer neurri hartu den, hartu bada.

Instrukziotik ondorioztatzen bada ez dagoela arau-hausterik edo erantzukizunik, eta ez bada baliatzen lehenengo zenbakian aurreikusitako ahalmena, hala jasoko da proposamenean.

90. artikulua. Berezitasunak zehapen-prozeduren ebazpenean

1.

Zehapen-prozeduretan, aurreko bi artikuluetan aurreikusitako edukiaz gain, ebazpenean sartuko da egindako frogen balioespena, batez ere erabakiaren oinarri funtsezko direnena, zehaztuko da zer egitate diren eta, hala badagokio, nor den edo diren erantzule, zer arau-hauste egin den edo diren eta zer zehapen ezartzen den edo diren, edo, bestela, arau-hausterik edo erantzukizunik ez dagoelako adierazpena.

2.

Ebazpenean ezin da onartu prozeduran erabakitakoez bestelako egitaterik, haien balioespen juridiko desberdina gorabehera.

Hala ere, ebazteko eskumena duen organoak uste badu arau-haustea edo zehapena larriagoa dela ebazpen-proposamenean erabaki dena baino, erruztatuari jakinaraziko zaio hori, egoki deritzon alegazioak aurkez ditzan hamabost eguneko epean.

3.

Prozedura amaitzen duen ebazpena betearaztekoa izango da haren kontrako administrazio-bideko ezein errekurtso jartzerik ez dagoenean, eta kautela-neurriak har daitezke, hartan, betearaztekoa ez den bitartean haren eraginkortasuna bermatzeko; kautela-neurria izan daiteke behin-behineko neurriei eustea, halakorik hartu denean.

Ebazpena, betearaztekoa denean, kautelazko geldieran utz daiteke interesdunak Administrazioari adierazten badio asmoa duela administrazio-bidean irmoa den ebazpenari administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko.

Kautelazko geldiera hori amaituko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko legez aurreikusitako epea halakorik jarri gabe amaitu denean.

b) Interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri badu:

1) Izapide berean aurkaratutako ebazpenaren kautelazko geldiera eskatu ez denean.

2) Organo judizialak irizpena ematen duenean eskatutako kautelazko geldieraz, hartan aurreikusitako moduan.

4.

Zehatutako jokaerek kalteak edo galerak eragin badizkiete administrazioei eta kalte horiek ordaintzera bideratutako kopurua ez bada espedientean zehaztu, zenbateko hori prozedura osagarri baten bitartez erabakiko da, eta prozedura horretako ebazpena berehala betearaztekoa izango da.

Prozedura hori modu itunduan amaitu daiteke, baina ez itunak ez arau-haustaileak ebazpena onartzeak ez dakarte borondatez bere erantzukizuna aitortzea.

Prozeduraren ebazpenak amaitu egingo du administrazio-bidea.

91. artikulua. Berezitasunak ondare-erantzukizuneko prozedurak ebaztean

1.

Behin 81.2 artikuluak aipatzen duen irizpena jasotakoan, edo, irizpen hori nahitaezkoa ez denean, entzunaldiaren izapidea amaitutakoan, organo eskudunak ebatzi egingo du edo akordio-proposamena igorriko dio interesdunari eta hartarako eskudun den administrazio-organoari, formalizatzeko.

Ez bada egokitzat jotzen amaiera itundurako proposamena formalizatzea, ondorengo zenbakian aurreikusitako moduan ebatziko du organo eskudunak.

2.

88. artikuluan aurreikusitakoaz gainera, ondare-erantzukizunari buruzko prozeduren kasuan, ebazpenak adierazi beharra dauka kausalitate-loturarik baden edo ez den zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren eta eragindako kaltearen artean, eta, hala badagokio, balioespena egin behar du sortutako kalteaz, kalte-ordainaren zenbatekoaz eta ordaintzeko moduaz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen 34. artikuluan hura kalkulatzeko eta ordaintzeko ezartzen diren irizpideen arabera.

3.

Prozedura hasi eta sei hilabeteren buruan ebazpen espresurik eman eta jakinarazi ez bada, edo akordioa formalizatu ez bada, ebazpena partikularrari kalte-ordaina ematearen aurkakoa dela jo daiteke.

92. artikulua. Ondare-erantzukizuneko prozedurak ebazteko eskumena

Estatuaren Administrazio Orokorraren esparruan, dagokion ministerioak edo Ministro Kontseiluak ebatziko ditu ondare-erantzukizuneko prozedurak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 32.3 artikuluak adierazitako kasuetan edo lege batek hala xedatzen duenean.

Autonomia-erkidegoen eta toki-administrazioaren esparruan, autonomia-erkidegoetako edo toki-administrazioa osatzen duten erakundeetako dagokien organoek ebatziko dituzte ondare-erantzukizunari buruzko prozedurak.

Zuzenbide publikoko erakundeen kasuan, haien araubide juridikoa erabakitzen duten arauek ezar dezakete nori dagokion ondare-erantzukizuneko prozedurak ebaztea.

Bestela, artikulu honetan aurreikusitako arauak aplikatuko dira.

3. atala

Atzera egitea eta uko egitea

93. artikulua. Administrazioak atzera egitea

Ofizioz hasitako prozeduretan, Administrazioak atzera egin ahal izango du, arrazoiturik, legeetan aurreikusitako kasuetan eta aurreikusitako betekizunekin.

94. artikulua. Interesdunek atzera egitea eta uko egitea

1.

Interesdun orok atzera egin dezake bere eskaeran, edo, ordenamendu juridikoan debekatuta ez badago, uko egin diezaieke bere eskubideei.

2.

Hasierako idazkia interesdun bik edo gehiagok aurkeztua denean, norbaitek atzera egiteak edo uko egiteak hari bakarrik eragingo dio.

3.

Bai atzera egitea, bai uko egitea, gauzatu daitezke jasota geratzeko edozein bitartekoren bidez, baldin eta aplikatzekoa den araudian aurreikusitakoaren arabera behar diren sinadurak badituzte.

4.

Administrazioak bere horretan onartuko du atzera egitea edo uko egitea, eta amaitutzat emango du prozedura, non eta, prozeduran hirugarren interesdun batzuk pertsonatuta egonik, haiek ez duten eskatzen prozedurak jarraitzeko, atzera egitearen edo uko egitearen berri eman ondorengo hamar egunen barruan.

5.

Prozedurako gaia interes orokorrekoa bada edo gai hori mugatzeko eta argitzeko komeni bada hezurmamitzea, administrazioak erabaki dezake interesdunari baino ez eragitea atzera egiteak edo uko egiteak, eta aurrera jarraitzea prozedurak.

4. atala

Iraungitzea

95. artikulua. Betekizunak eta ondorioak

1.

Prozedura interesdunaren eskariz hasia denean, hari lepora dakiokeen arrazoiren bategatik gelditzen bada, Administrazioak adieraziko dio prozedura iraungi egingo dela hiru hilabete igarotakoan.

Hiru hilabeteok igaro eta interesdunak ez badu egin prozedura ostera izapidetzeko egin behar duena, ordura arte egindakoa artxibatzea erabakiko du Administrazioak, eta horren berri emango dio interesdunari.

Prozedura iraungitzat jotzen duen ebazpenaren aurka, dagozkion errekurtsoak aurkez daitezke.

2.

Ezin da prozedura iraungi dela erabaki interesdunak izapideak egiten ez dituelako bakarrik, izapide horiek ez badira behintzat ebazpena emateko ezinbestekoak.

Ez egite horrek ez du beste ondoriorik izango izapide horretarako eskubidea galtzea baino.

3.

Prozedura iraungitze hutsak ez du besterik gabe ekarriko norbanakoaren edo administrazioaren akzioak preskribatzea, baina iraungitako prozedurek ez dute etengo preskripzio-epearen zenbaketa.

Preskripzioa gertatu ez denez beste prozedura bat has daitekeen kasuetan, prozedura horri gehitu ahal izango zaizkio iraungitzea gertatu ezean edukia berdin mantenduko zuten egintza eta izapideak.

Prozedura berrian, betiere, bete beharreko izapideak izango dira alegazioak, froga-proposamena eta interesdunaren entzunaldia.

4.

Gerta daiteke iraungitzea ez aplikagarri izatea, sortutako arazoa interes orokorrekoa bada edo arazoa mugatzeko eta argitzeko komeni bada bideratzea.

VI. KAPITULUA

Administrazio-prozedura erkidearen izapidetze sinplifikatua

96. artikulua. Administrazio-prozedura erkidearen izapidetze sinplifikatua

1.

Interes publikoa tartean badago edo prozedura ez bada konplexua, modu sinplifikatuan izapidetzea erabaki dezakete administrazio publikoek, ofizioz edo interesdunaren eskariz.

Prozedura ebatzi aurreko edozein unetan, izapidetze arruntaren arabera jarraitzea erabaki ahal izango du izapidetzeko eskudun den organoak.

2.

Prozedura modu sinplifikatuan izapidetzea erabakitzen badu Administrazioak ofizioz, hala jakinarazi beharko die interesdunei.

Haietakoren bat kontra agertzen bada espresuki, izapidetze arruntari jarraitu beharko dio Administrazioak.

3.

Interesdunek eska dezakete prozedura modu sinplifikatuan izapidetzeko.

Izapidetzeko eskudun den organoak ikusten badu ez dela betetzen 1. zenbakian aurreikusitako arrazoietakoren bat, ezetsi ahal izango du eskaera, aurkeztu ondorengo bost egunen epean, interesdunak errekurtsorik jartzeko aukerarik gabe.

Bost eguneko epea amaitutakoan, ezetsitzat joko da eskaera.

4.

Administrazio publikoen ondare-erantzukizunari buruzko prozeduretan, administrazio-prozedura hasitakoan hura izapidetzeko eskumena duen organoak irizten badio zalantzarik gabea dela zerbitzu publikoaren funtzionamenduaren eta kaltearen arteko kausalitate-lotura, eta zalantzarik gabea orobat kaltearen balioespena eta kalte-ordainaren kalkulua, ofizioz erabaki ahal izango du prozedura orokorra geldieran uztea eta prozedura sinplifikatua hastea.

5.

Zehapen-prozeduren kasuan, prozeduraren izapidetze sinplifikatua hautatu ahal izango da prozedura hasteko eskumena duen organoak irizten badio ezen, hura erregulatzen duen araudiaren arabera, judizio-elementu nahikoa dagoela arau-haustea arintzat jotzeko; ez da aukerarik izango interesdunak 2. zenbakian aurreikusitako aurkakotasun espresua adierazteko.

6.

Izapidetze arrunterako denbora gutxiago geratzen ez bada behintzat, hogeita hamar egunez ebatzi beharko dira modu sinplifikatuan izapidetutako prozedurak, prozeduraren izapidetze sinplifikaturako erabakia interesdunari jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbaturik epea, eta izapide hauek bakarrik egingo dira haietan:

a) Prozedura hastea, ofizioz edo interesdunaren eskariz.

b) Aurkeztutako eskaera zuzentzea, hala badagokio.

c) Prozeduraren hasierari bost eguneko epean aurkeztutako alegazioak.

d) Entzunaldiaren izapidea, ebazpenak interesdunaren kontrakoa izan behar duen kasuan bakarrik.

e) Zerbitzu juridikoaren txostena, nahitaezkoa denean.

f) Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren txostena, nahitaezkoa denean.

g) Estatu Kontseiluaren edo autonomia-erkidegoko kontsulta-organo baliokidearen irizpena, nahitaezkoa den kasuetan.

Irizpena Estatu Kontseiluari edo organo baliokideari eskatzen zaionetik ematen den arte, ebazteko epea geldieran utziko da automatikoki.

Prozedura ebazteko epea betetzeko moduko epe batean eskatuko du organo eskudunak irizpena eman dadila.

Hamabost eguneko epean eman ahal izango da irizpena, hala eskatzen badu organo eskudunak.

Betiere, Estatu Kontseiluari edo organo aholku-emaile baliokideari bidaltzen zaion espedientean sartuta egongo da ebazpen-proposamen bat.

Irizpena ebazpen-proposamenaren funtsaren kontrakoa denean, irizpide hori aintzat hartu edo ez, ebazteko eskumena duen organoak prozedurak izapidetze arruntaren bitartez jarraitzea erabakiko du, eta hala jakinaraziko die interesdunei.

Kasu horretan, baliozkotutzat joko dira prozeduraren izapidetze sinplifikatuan egin diren jarduketa guztiak, salbu eta Estatu Kontseiluaren edo organo aholku-emaile baliokidearen irizpena.

h) Ebazpena.

7.

Aurreko zenbakian aurreikusi gabeko izapideren bat egitea eskatzen duten prozedurak modu arruntean izapidetu beharko dira.

VII. KAPITULUA

Ebazpenak betearaztea

97. artikulua. Titulua

1.

Administrazio publikoek ez dute herritarren eskubideak murrizten dituen jarduketarik hasiko erabakiak betearaztean, ez bada aurretik eman jarduketa horren oinarri juridikoa den ebazpena.

2.

Ebazpenen betearazte materialerako egintza bat agintzen duen organoa behartuta dago interesdunari jakinaraztera administrazioaren jarduketa baimentzen duen ebazpena.

98. artikulua. Betearazi beharra

1.

Administrazio-zuzenbidearen mende dauden administrazio publikoen egintzak berehala betearaztekoak izango dira, salbu:

a) Egintzaren betearazpena geldieran uzten denean.

b) Zehapen-prozedura baten ebazpena denean, administrazio-bideko errekurtsoren bat jar dakiokeena, aukerako berraztertzeko errekurtsoa barne.

c) Xedapenen baten kontrakoa agintzen duenean.

d) Goragoko onespen edo baimena behar denean.

2.

Administrazio-ebazpen batetik edo legeak administrazio-prozedura amaitzeko aurreikusitako beste moduren batetik ordaintzeko betebehar bat sortzen denean, diruzko zehapen baten, isun baten edo Ogasun Publikoari ordaindu beharreko beste edozein eskubideren ondorioz, ordainketa hori honako bitarteko elektroniko hauetako baten bitartez egingo da ahal dela, ezinezkoa dela justifikatu ezean:

a) Kreditu- eta zorduntze-txartela.

b) Banku-transferentzia.

c) Banku-helbideratzea.

d) Ogasun Publikoaren gaian eskudun den organoak baimendutako beste edozein.

99. artikulua. Nahitaezko betearazpena

Administrazio publikoek, kasuan-kasuan eskumena duen organoaren bitartez, administrazio-egintzen nahitaezko betearazpena egin dezakete, aurrez ohartarazita, salbu eta betearazpena legearen arabera geldieran uzten den kasuetan edo Konstituzioak edo legeek organo judizial batek esku hartzea eskatzen dutenean.

100. artikulua. Nahitaez betearazteko bitartekoak

1.

Administrazio publikoek, nahitaezko betearazpenetan, proportzionaltasun-printzipioa zaindu behar dute beti, bitarteko hauekin:

a) Ondarearen gaineko premiamendua.

b) Betearazpen subsidiarioa.

c) Hertsatzeko isuna.

d) Pertsonak derrigortzea.

2.

Betearazteko bitarteko bat baino gehiago onargarri denean, norbanakoaren askatasuna gutxien murrizten duena aukeratuko da.

3.

Interesdunaren etxebizitzan sartu beharra badago, edo titularraren baimena behar den bestelako lekuetan, haren onespena lortu behar dute administrazio publikoek, edo, halakorik ezean, epailearen baimena.

101. artikulua. Ondarearen gaineko premiamendua

1.

Administrazio-egintza baten ondorioz dirua ordaindu behar izanez gero, premiamendu-prozedura erregulatzen duten arauetan aurreikusitako prozedurari jarraituko zaio.

2.

Administratuei ezein kasutan ezin ezarriko zaie lege-mailako arau baten arabera ezarrita ez dagoen diruzko betebeharrik.

102. artikulua. Betearazpen subsidiarioa

1.

Betearazpen subsidiarioa erabiltzeko aukera izango da egintza oso pertsonalak ez izateagatik betebeharra duenaz beste norbaitek egin ditzakeenean.

2.

Kasu horretan administrazio publikoek egingo dute egintza, beren kabuz edo izendatzen dituzten pertsonen bitartez, betebeharra duenaren kontura.

3.

Gastu, kalte eta galeren zenbatekoa aurreko artikuluan ezarritako moduan ordainaraziko da.

4.

Zenbateko hori behin-behinekoz kita daiteke eta egintza betearazi aurretik ordaindu, eta gero behin betiko kitapena egin.

103. artikulua. Hertsatzeko isuna

1.

Legez baimenduta dagoenean, eta legeetan jarritako moduan eta zenbatekoz, hertsatzeko isunak ezar ditzakete administrazio publikoek egintza jakin batzuk betearazteko, eta agindutakoa betetzeko behar besteko tartea utzita errepikatu isunok, kasu hauetan:

a) Egintza oso pertsonaletan, betebeharra daukan pertsona zuzenean derrigortzea egoki ez denean.

b) Derrigortzea egoki izanda ere administrazioak komenigarritzat jotzen ez duenetan.

c) Betebeharra daukanak beste bati egintzak betetzeko mandatua eman diezaiokeenean.

2.

Hertsatzeko isuna ez dago lotua ezar daitezkeen izaera bereko zehapenekin, eta bateratu daiteke haiekin.

104. artikulua. Pertsonak derrigortzea

1.

Zerbait ez egiteko edo jasateko betebehar oso pertsonala ezartzen duten administrazio-egintzak betearaz daitezke herritarrak zuzenean behartuz, legeak hori espresuki baimentzen duen kasuetan, eta beti gizakiaren duintasuna eta Konstituzioan aitortutako eskubideak behar bezala zainduz.

2.

Zerbait egiteko betebehar oso pertsonalen kasuan, betetzen ez bada, kalte eta galerak ordaindu beharko ditu betebeharra daukanak. Administrazio-bidetik egingo dira kalte-galeren kitapena eta kobrantza.

105. artikulua. Edukitza-akzioen debekua

Ez da izapidetzeko onartuko edukitza-akziorik administrazio-organoek beren eskumenen eremuan eta legez ezarritako prozedurarekin bat etorriz egindako jarduketen aurka.

V. TITULUA

Egintzak administrazio-bidetik berrikustea

I. KAPITULUA

Ofiziozko berrikuspena

106. artikulua. Xedapen eta egintza deusezak berrikustea

1.

Administrazio publikoek, noiznahi, beren ekimenez edo interesdunek eskaturik, eta aurrez aldeko irizpena emanik Estatu Kontseiluak edo autonomia-erkidegoko organo aholku-emaile baliokideak, halakorik bada, deuseztzat joko dituzte, ofizioz, administrazio-bidea amaitu duten administrazio-egintzak edo epe barruan aurkako administrazio-errekurtsorik izan ez dutenak, 47.1 artikuluan jasotako kasuetan.

2.

Era berean, noiznahi, administrazio publikoek aukera izango dute ofizioz, eta aurrez aldeko irizpena emanik Estatu Kontseiluak edo autonomia-erkidegoko organo aholku-emaile baliokideak, halakorik bada, administrazio-xedapenak deuseztzat jotzeko 47.2 artikuluan jasotako kasuetan.

3.

Ofizioz berrikusteko eskumena duen organoak, Estatu Kontseiluaren edo autonomia-erkidegoko organo aholku-emailearen irizpena eskatu beharrik gabe, interesdunek egindako eskaerak izapidetzeko ez onartzea erabaki dezake, arrazoiak azalduta, honako kasu hauetan: eskaerak 47.1. artikuluaren arabera deuseztzat jotzeko arrazoiren batean oinarritzen ez direnean, edo argi eta garbi funtsik gabeak direnean, edo oinarri berdintsuko beste eskaera batzuk funtsari dagokionez ezetsita daudenean.

4.

Administrazio publikoek, xedapen edo egintza bat deuseztzat jotzeko ebazpenean, zehaztu dezakete zer kalte-ordain jaso behar duten interesdunek, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legearen 32.2 eta 34.1 artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen badira, hargatik eragotzi gabe, xedapena denean, xedapen horren ondorioz emandako egintza irmoek irautea.

5.

Prozedura ofizioz hasia denean, hasi denetik sei hilabeteko epea betetzen bada ebazpenik eman gabe, iraungi egingo da prozedura.

Interesdunaren eskariz hasten denean, berriz, administrazio-isiltasunez ezetsitzat jo daiteke.

107. artikulua. Egintza deuseztagarriak kaltegarri deklaratzea

1.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzien jurisdikzioan aurkaratu ahal izango dituzte interesdunen alde eman diren egintzak, deuseztagarriak baldin badira 48. artikuluan xedatutakoaren arabera, aurrez interes publikorako kaltegarri deklaratuta.

2.

Kaltegarritasun-deklarazioa ezin egingo da administrazio-egintza eman zenetik lau urte igaro badira. Deklarazioa egin aurretik, entzunaldia eman beharko zaie interesdun gisa agertzen diren guztiei, 82. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Prozesu judizialean egintza onargarria den aurresateko aztertzeko aukera gorabehera, kaltegarritasun-deklarazioari ezin izango zaio errekurtsorik jarri, baina jakinarazi ahal izango zaie interesdunei, informazio-ondorio hutsetarako.

3.

Prozedura hasi denetik sei hilabete igaro eta epe horretan egintza kaltegarri deklaratu ez bada, iraungi egingo da prozedura.

4.

Estatuaren Administrazio Orokorrarena edo autonomia-erkidegoena bada egintza, administrazio bakoitzean gaian eskudun den organoak egingo du kaltegarritasun-deklarazioa.

5.

Toki-administrazioa osatzen duten erakundeetako batena bada egintza, udalbatzaren osoko bilkurak egingo du kaltegarritasun-deklarazioa, edo, halakorik ez badago, erakundeko kide anitzeko organo gorenak.

108. artikulua. Geldieran uztea

Hasita badago 106. eta 107. artikuluetan jaso den ofizioz berrikusteko prozedura, deuseztasuna edo kaltegarritasuna deklaratzeko eskumena duen organoak geldieran utzi ahal izango du egintzaren betearazpena, kalte konponezin edo konpongaitzak sor litzakeenean.

109. artikulua. Egintzak errebokatzea eta hutsak zuzentzea

1.

Administrazio publikoek edozein unetan erreboka ditzakete, preskripzio-epea bete ez den bitartean, kargak ezartzen dituzten edo inoren kalterako diren beren egintzak, betiere errebokazio hori ez bada legeek onartzen ez duten lekapen edo salbuespena, eta ez bada berdintasun-printzipioaren, interes publikoaren edo ordenamendu juridikoaren aurkakoa.

2.

Administrazio publikoek edozein unetan zuzendu ditzakete, ofizioz edo interesdunen eskariz, beren egintzetako errakuntza materialak, egitezkoak edo aritmetikoak.

110. artikulua. Berrikuspenaren mugak

Kapitulu honetan xedatutako berrikuspen-ahalmenak baliatzerik ez dago baldin eta, akzioak preskribatu direlako, denbora igaro delako bestelako gorabeherengatik, ahalmen horiek baliatzea ekitatearen, fede onaren, herritarren eskubideen edo legeen aurkakoa bada.

111. artikulua. Administrazio-xedapen eta -egintza deusez eta deuseztagarriak ofizioz berrikusteko eskumena Estatuaren Administrazio Orokorrean

Estatuaren eremuan, administrazio-xedapen eta -egintza deusez eta deuseztagarriak ofizioz berrikusteko eskudun izango dira:

a) Ministro Kontseilua, bere egintza eta xedapenei dagokienez eta ministroek emandako egintza eta xedapenei dagokienez.

b) Estatuaren Administrazio Orokorrean:

1) Ministroak, estatu-idazkaritzaren egintza eta xedapenei dagokienez eta estatu-idazkaritza baten mende ez dauden bere departamentuko zuzendaritza-organoek emandakoei dagokienez.

2) Estatu-idazkariek, haien mendeko zuzendaritza-organoek emandako egintza eta xedapenei dagokienez.

c) Estatuaren Administrazio Orokorrari loturik edo haien mendean dauden erakunde publiko eta zuzenbide publikoko erakundeetan:

1) Erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak adskribaturik dauden organoak, haien zuzendaritza-organo nagusiak emandako egintza eta xedapenei dagokienez.

2) Erakunde publikoen eta zuzenbide publikoko erakundeen zuzendaritza-organo nagusiak, haien mendeko organoek emandako egintza eta xedapenei dagokienez.

II. KAPITULUA

Administrazio-errekurtsoak

1. atala

Printzipio orokorrak

112. artikulua. Errekurtsoaren objektua eta errekurtso motak

1.

Ebazpenen eta izapide-egintzen aurka, azken horiek gaiaren funtsa erabakitzen badute zuzenean edo zeharka, prozedurak jarraitu ezina eragiten badute, defentsa-gabezia edo eskubide eta interes legitimoen kalte konponezina sortzen badute, interesdunek aukera izango dute gora jotzeko errekurtsoa eta aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezteko, oinarritzat harturik deuseztasunari eta deuseztagarritasunari buruz lege honen 47 eta 48. artikuluetan azaldutako arrazoietakoren bat.

Gainerako izapide-egintzen aurka egonez gero, interesdunek alegatu egin behar dute, prozedurari amaiera ematen dion ebazpenean hori kontuan hartzeko.

2.

Kasu eta arlo sektorial jakin batzuetan, eta gaiaren berezitasunak hala eskatzen duenean, gora jotzeko errekurtsoaren ordez beste prozedura batzuk ezar ditzakete legeek: aurkarapena, erreklamazioa, adiskidetzea, bitartekotza eta arbitrajea. Goragoko instrukzioen mendean ez dauden kide anitzeko organoetara edo berariazko batzordeetara jo beharko da horretarako, lege honek pertsonei eta administrazio-prozeduretan interesdun direnei aitortzen dizkien printzipio, berme eta epeak zainduz.

Baldintza berberetan, berraztertzeko errekurtsoa ere ordezka daiteke aurreko paragrafoan azaldutako prozedurekin, betiere aukerakoa izanik interesdunarentzat.

Prozedura horiek toki-administrazioaren esparruan aplikatzeak ezin ekarriko du legeak ordezkaritza-organo hautetsiei aitortzen dizkien ebazte-ahalmenak ez aintzat hartzea.

3.

Administrazio-xedapen orokorren aurka ezin da errekurtsorik aurkeztu administrazio-bidean.

Administrazio-egintza baten aurkako errekurtsoen oinarri bakarra administrazioaren xedapen orokorren baten deuseztasuna bada, xedapen orokor hori eman zuen organoari aurkez dakizkioke zuzenean errekurtsoak.

4.

Administrazioarekiko diru-erreklamazioak aurkeztean, haien berariazko legedian ezarritako prozedurei jarraituko zaie.

113. artikulua. Berrikuspen-errekurtso berezia

Administrazio-bidean irmoak diren egintzen aurka, 125.1 artikuluan adierazitako kasuetan bakarrik aurkez daiteke berrikuspen-errekurtso berezia.

114. artikulua. Administrazio-bidearen amaiera

1.

Administrazio-bidea amaituko dute:

a) Gora jotzeko errekurtsoen ebazpenek.

b) 112.2 artikuluan jasotako prozeduren ebazpenek.

c) Mailaz goragokorik ez duten administrazio-organoen ebazpenek, legeren batean aurkakorik ezartzen ez bada.

d) Prozedura amaitzekotzat jotzen diren akordio, itun, hitzarmen edo kontratuek.

e) Ondare-erantzukizuneko prozeduretan, administrazio-ebazpenak amaitu egiten du administrazio-bidea, edozein dela ere prozedura ekarri duen harreman mota, publikoa nahiz pribatua.

f) 90.4 artikuluan jasotako zehapen-gaietako prozedura osagarriek.

g) Administrazioko organoen gainerako ebazpenek, legezko edo erregelamenduzko xedapenen batek hala aginduz gero.

2.

Aurreko zenbakian aurreikusitakoaz gain, estatuaren eremuan administrazio-bideari amaiera ematen diote honako egintza eta ebazpen hauek:

a) Gobernuko kide eta organoen administrazio-egintzek.

b) Ministroek eta estatu-idazkariek beren ardurapeko organoei esleitutako eskumenak baliatzean egindakoek.

c) Zuzendari orokorraren maila edo goragokoa duten zuzendaritza-organoek pertsonalaren arloan dituzten eskumenekin loturik emandakoek.

d) Estatuaren Administrazio Orokorrari loturik edo haren mende dauden erakunde publiko eta zuzenbide publikoko erakundeetan, pertsona bakarreko edo kide anitzeko zuzendaritza-organo nagusiek beren estatutuek ezartzen dutenaren arabera emandakoek, legez besterik ezartzen ez bada.

115. artikulua. Errekurtsoa jartzea

1.

Errekurtsoa aurkeztean, adierazi behar dira:

a) Errekurtso-jartzailearen izen-abizenak eta hura identifikatzeko datuak.

b) Zer egintzaren aurka jartzen den errekurtsoa eta zergatik.

c) Tokia, eguna, errekurtso-jartzailearen sinadura, jakinarazpenak jasotzeko bidea eta, hala badagokio, lekua.

d) Administrazioko zer organo, erakunde edo unitateri zuzentzen zaion, eta zein den haren identifikazio-kodea.

e) Xedapen berezietan ezarritako gainerako zehaztasunak, halakorik baldin bada.

2.

Errekurtso-jartzaileak errekurtsoari okerreko kalifikazioa jartzea, edo kalifikaziorik ez jartzea, ez da eragozpen izango errekurtsoa izapidetzeko, garbi badago behintzat zein den bere benetako izaera.

3.

Egintza bat deuseztagarri bihurtzen duten huts edo akatsak eragin dituenak ezin izango ditu gero huts edo akats horiek alegatu.

116. artikulua. Ez onartzeko kausak

Ez onartzeko kausa dira honako hauek:

a) Administrazio-organoa ez eskudun izatea, eskuduna beste administrazio publiko batekoa denean.

Organo eskudunari bidali beharko zaio errekurtsoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko legearen 14.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) Errekurtso-jartzailearen legitimaziorik eza.

c) Errekurtsorik ezin jarri zaion egintza bat izatea.

d) Errekurtsoa jartzeko epea igaro izana.

e) Errekurtsoak funtsik ez izatea, nabarmen.

117. artikulua. Betearazpena geldieran uztea

1.

Edozein errekurtso aurkezteak ez du geldieran utziko aurkaratutako egintzaren betearazpena, xedapenen batean bestelakorik adierazten ez bada.

2.

Aurreko zenbakian xedatutakoa gorabehera, errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoak geldieran utzi ahal izango du aurkaratutako egintza, ofizioz edo errekurtso-jartzaileak eskaturik, aurretik modu aski arrazoituan haztatuta, alde batetik, geldierak zer-nolako kalteak eragin diezazkiekeen interes publikoari edo hirugarren batzuei, eta, bestetik, errekurtso-jartzaileari zer kalte egiten zaion egintzaren berehalako eraginkortasunaren ondorioz, inguruabar hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Betearazpenak kalte konponezin edo konpongaitzak ekartzea.

b) Aurkarapenaren oinarria lege honen 47.1 artikuluan erabateko deuseztasunerako aurreikusitako arrazoietakoren bat izatea.

3.

Aurkaratutako egintzaren betearazpena geldieran utzi dela ulertuko da baldin eta, hilabete igaro delarik egintza geldieran uzteko eskaera ebazteko eskumena duen administrazioaren edo organoaren erregistro elektronikoan sartu denetik, errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoak ez badu hari buruzko ebazpen espresurik eman eta jakinarazi.

Halako kasuetan, ez da aplikatuko lege honen 21.4 artikuluko bigarren paragrafoan ezarritakoa.

4.

Geldieran uzteko erabakia ematean, behar diren kautela-neurriak har daitezke interes publikoa edo hirugarren batzuena babesteko eta aurkaratutako ebazpen edo egintzaren eraginkortasuna ziurtatzeko.

Geldieraren ondorioz kalteren bat etor badaiteke, edozein eratakoa dela ere, geldierak ez du ondoriorik izango harik eta kalte horiei erantzuteko nahiko kauzio edo berme ematen den arte, erregelamenduz ezarritako moduan.

Administrazio-bidea amaituta ere luzatu ahal izango da geldiera, baldin eta, interesdunak aurrez eskaturik, kautela-neurriak hartuta badaude eta neurri horien ondorioak administrazioarekiko auzibidera ere zabaltzen badira.

Interesdunak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen badu prozesuaren xede den egintza geldieran utz dadila eskatzeko, eskaerari buruz epaileak dagokiona esan arte eutsiko zaio geldierari.

5.

Errekurtsoaren xedea pertsona-multzo zehaztugabe bati eragiten dion administrazio-egintza bat aurkaratzea bada, egintza agertu zen aldizkari ofizialean argitaratu egin behar da egintza horren eraginkortasuna geldieran utzi dela.

118. artikulua. Interesdunen entzunaldia

1.

Jatorrizko espedientean jaso ez diren beste egitate edo agiri batzuk hartu behar badira kontuan, haien berri emango zaie interesdunei, gutxienez hamar egun eta gehienez hamabost iraungo duen epe batean alegazioak egin eta egoki deritzoten agiri eta egiaztagiriak aurkez ditzaten.

Errekurtsoak ebaztean, ez da kontuan hartuko errekurtso-jartzaileak alegazioen izapidean aurkeztu ez duen egitate, agiri eta alegaziorik, alegazioen izapidean aurkezteko aukera izan bazuen.

Ezin eskatuko da frogak egiteko, orobat, errekurritutako ebazpena eman zen prozeduran ez egin izana interesdunari egotz dakiokeenean.

2.

Beste interesdunik izanez gero, errekurtsoa helaraziko zaie, lehen esandako epean egoki iritzitako guztia alega dezaten.

3.

Errekurtsoa, txostenak eta proposamenak ez dira agiri berritzat hartuko artikulu honen ondorioetarako.

Ez dira agiri berritzat hartuko, orobat, aurkaratutako ebazpena eman aurretik interesdunek espedienteari erantsitakoak.

119. artikulua. Ebazpena

1.

Errekurtsoaren ebazpenean, errekurtsoan azaldutako eskaerak guztiz edo partez baietsiko dira, ezetsiko dira edo errekurtsoa ez onartzea erabakiko da.

2.

Formazko akats bat dela-eta edukiari buruzko ebazpena ematea egokitzat jotzen ez bada, prozedura ostera akatsa egin zen urratsera itzultzeko aginduko da. Aukera izango da, hala ere, baliozkotzeko eskumena duen organoak erabaki dezan jarduketak baliozkotzea, 52. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.

Errekurtsoa ebazten duen organoak prozedurako arazo guztiak argituko ditu, bai formazkoak bai edukizkoak, interesdunek alegatuak izan edo ez.

Interesdunek alegatu ez dituzten arazoen gainean ebatzi baino lehen, entzun egingo zaie interesdunei.

Nolanahi ere, errekurtso-jartzaileak eskatutakoaren harikoa izango da ebazpena, eta ezin izango du inoiz okerragotu haren hasierako egoera.

120. artikulua. Administrazio-errekurtso bat baino gehiago

1.

Administrazio-errekurtso bat baino gehiago ebatzi behar direnean, administrazio-egintza beretik sortuak, eta errekurtso judizial bat jarri denean administrazio-ebazpen baten kontra edo dagokion presuntziozko ezespen-egintzaren kontra, administrazio-organoak erabaki ahal izango du ebazteko epea geldieran uztea erabaki judiziala ematen den arte.

2.

Epea geldieran uzteko erabakia interesdunei jakinarazi behar zaie, eta haiek errekurtsoa jartzeko aukera izango dute.

Interesdun batek errekurtsoa jartzeak ez die eragingo administrazio-egintza beretik datozelako geldieran dauden gainerako errekurtso-prozedurei.

3.

Erabaki judiziala iritsitakoan, interesdunei jakinaraziko zaie, eta ebazteko eskumena duen organoak ebazpena eman ahal izango du izapide gehigarririk egin beharrik gabe, salbu eta entzunaldiarena, egoki denean.

2. atala

Gora jotzeko errekurtsoa

121. artikulua. Objektua

1.

112.1 artikuluan adierazitako ebazpen eta egintzen aurka, administrazio-bidea amaitzen ez dutenean, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke eman zituen organoaren goragoko mailakoan.

Ondorio horietarako, administrazio publikoetako langileak hautatzeko epaimahai eta organoak, edo haien mendean autonomia funtzionalez diharduten beste edozein, atxikita dauden organoaren edo, bestela, haietako burua aukeratu duenaren mendekoak direla ulertuko da.

2.

Aurkaratzen den egintza eman zuen organoaren edo hari buruz ebazteko eskumena duen organoaren aurrean jar daiteke errekurtsoa.

Aurkaratutako egintza eman zuen organoari aurkeztu bazaio errekurtsoa, hark, hamar eguneko epean, ebazteko eskumena duen organora igorri behar dio, bere txostenarekin eta espedientearen kopia oso eta ordenatuarekin batera.

Errekurritutako egintza eman zuen organoaren titularra izango da aurreko paragrafoan adierazitakoa betetzeko zuzeneko erantzulea.

122. artikulua. Epeak

1.

Gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da, egintza espresua denean.

Epe hori amaitu eta errekurtsorik jarri ez bada, ebazpena irmoa izango da ondorio guztietarako.

Egintza espresua ez bada, eskatzaileak eta izan litezkeen beste interesdun batzuek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, noiznahi, berariazko araudiaren arabera administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik aurrera.

2.

Errekurtsoaren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabete izango da.

Epe hori amaitu eta ebazpenik eman ez bada, uler daiteke errekurtsoa ezetsi egin dela, salbu eta 24.1 artikuluko hirugarren paragrafoan aurreikusitako kasuan.

3.

Gora jotzeko errekurtsoaren ebazpenaren aurka, ezin izango da bestelako administrazio-errekurtsorik jarri, salbu eta, 125.1 artikuluan ezarritako kasuetan, berrikuspen-errekurtso berezia.

3. atala

Aukerako berraztertze-errekurtsoa

123. artikulua. Objektua eta izaera

1.

Administrazio-bidea amaitzen duten administrazio-egintzen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke egintza eman zuen organoari berari, edo zuzenean aurkaratu daitezke administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

2.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsorik ezin aurkeztuko da ebazpen espresua eman arte edo jarritako berraztertze-errekurtsoaren presuntziozko ezespena gertatu arte.

124. artikulua. Epeak

1.

Berraztertzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabete izango da, egintza espresua bada.

Epe hori amaitutakoan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bakarrik jar daiteke, hargatik eragotzi gabe egoki bada berrikuspen-errekurtso berezia jartzeko aukera.

Egintza espresua ez bada, eskatzaileak eta izan litezkeen beste interesdun batzuek berraztertzeko errekurtsoa jar dezakete, noiznahi, berariazko araudiaren arabera presuntziozko egintza gertatu eta biharamunetik aurrera.

2.

Errekurtsoaren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea hilabete izango da.

3.

Berraztertzeko errekurtsoaren ebazpenaren aurka ezin da berriz berraztertzeko errekurtsorik jarri.

4. atala

Berrikuspen-errekurtso berezia

125. artikulua. Objektua eta epeak

1.

Administrazio-bidetik irmoak diren egintzen aurka, berrikuspen-errekurtso berezia aurkez dakioke egintza horiek eman zituen administrazio-organoari, ebazteko eskumena ere hark izango baitu, baldintza hauetakoren bat betetzen bada:

a) Egintza ematean egitezko errakuntzaren bat gertatzea, espedienteari erantsitako agiriei lotua.

b) Gaia ebazteko funtsezko balioa duten agiriak agertzea, errekurritutako ebazpenaren okerra agerian uzten dutenak, geroago bada ere.

c) Ebazpenean funtsezko eragina izan zuten zenbait agiri edo lekukotasun faltsuak zirela deklaratzea epai irmo batek, ebazpenaren aurretik edo ondoren.

d) Prebarikazio, funtzionario-eroskeria, indarkeria, iruzurrezko azpikeria edo bestelako jokabide zigorgarri baten ondorioz ematea ebazpena, eta epai irmo batek hala aitortzea.

2.

Berrikuspen-errekurtso berezia, aurreko zenbakiko a) kasuan, ebazpen aurkaratua jakinarazi ondorengo lau urteko epean jarriko da.

Gainerako kasuetan, epea hiru hilabetekoa izango da, agirien berri izaten denetik edota epaia irmoa denetik hasita.

3.

Artikulu honetan ezarritakoak ez du eragotziko interesdunek eskubidea izatea lege honen 106 eta 109.2 artikuluetan jasotako eskaera eta eskabidea egiteko, eta haiek bideratuak eta ebatziak izateko.

126. artikulua. Ebazpena

1.

Errekurtsoa ebazteko eskumena duen organoak, Estatu Kontseiluaren edo autonomia-erkidegoko organo aholku-emailearen irizpen beharrik gabe, eta erabaki hori hartzeko arrazoiak azalduta, errekurtsoa izapidetzeko eskaera ez onartzea erabaki dezake honako kasu hauetan: errekurtsoa aurreko artikuluko lehen zenbakian aurreikusitako arrazoietakoren batean oinarritzen ez denean edo oinarri berdintsuko beste eskaera batzuk funtsari dagokionez ezetsita daudenean.

2.

Berrikuspen-errekurtso berezia ebazteko ardura duen organoak erabaki behar du, bai errekurtsoaren egokitasunaz, bai, egokia bada, errekurtsoa jarri zaion egintzaren bidez ebatzitako arazoaren funtsaz.

3.

Berrikuspen-errekurtso berezia aurkeztu eta hiru hilabetean ebazpena eman eta jakinarazi ez bada, errekurtsoa ezetsitzat joko da, eta zabalik geratuko da administrazioarekiko auzien jurisdikzioko bidea.

VI. TITULUA

Legegintza-ekimena eta erregelamenduak eta bestelako xedapenak emateko ahala

127. artikulua. Legegintza-ekimena eta lege-mailako arauak emateko ahala

Nazioko gobernuak Konstituzioan aurreikusitako legegintza ekimena baliatuko du, lege-aurreproiektuak prestatuz eta onetsiz eta gero lege-proiektuak Gorte Nagusietara igorriz.

Autonomia-erkidegoetako gobernu-organoek Konstituzioan eta beren autonomia-estatutuetan ezarritako moduan baliatuko dute legegintza-ekimena.

Nazioko gobernuak, halaber, errege lege-dekretuak eta legegintzako errege-dekretuak onetsi ahal izango ditu, Konstituzioan aurreikusitako moduan.

Autonomia-erkidegoetako gobernu-organoek, berriz, aurrekoen baliokide diren arauak onetsi ahal izango dituzte beren lurralde-eremuan, Konstituzioan eta beren autonomia-estatutuetan ezarritakoarekin bat etorriz.

128. artikulua. Erregelamendu-ahala

1.

Erregelamendu-ahala baliatzea hauei dagokie: nazioko gobernuari, autonomia-erkidegoetako gobernu-organoei, beren estatutuetan ezarritakoaren arabera, eta tokiko gobernu-organoei, Konstituzioan, autonomia-estatutuetan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 1/1985 Legean aurreikusitakoaren arabera.

2.

Administrazioaren erregelamenduek eta xedapenek ezin dituzte urratu Konstituzioa edo legeak, eta ezin dute erregulatu Konstituzioak edo autonomia-estatutuek Gorte Nagusien edo autonomia-erkidegoetako legebiltzarren eskumenekotzat jotako gairik.

Hargatik eragotzi gabe legearekiko duten garapen- eta lankidetza-funtzioa, ezin izango dute delitu, falta edo arau-hauste administratiborik tipifikatu, zehapen edo zigorrik ezarri, ez eta tributu, ordainarazpen parafiskal edo izaera publikoko beste karga edo prestazio pertsonal edo ondarezkorik ere.

3.

Legeek ezarritako hierarkia-hurrenkerari lotuko zaizkio administrazio-xedapenak.

Administrazioaren xedapenek ezin dute urratu goragoko mailako araurik.

129. artikulua. Erregulazio onaren printzipioak

1.

Legegintza-ekimena eta erregelamendu-ahala baliatzean, administrazio publikoek printzipio hauen arabera jokatu behar dute: beharrezkotasuna, eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Zioen azalpenean edo atarikoan ¿lege-aurreproiektua den edo erregelamendu-proiektua¿ behar bezala justifikatu beharko da printzipio horiei lotzen zaiela.

2.

Beharrezkotasun- eta eraginkortasun-printzipioen arabera, araugintza-ekimenak interes orokorreko arrazoi batekin justifikatuta egon behar du, lortu nahi diren xedeen definizio argi batean oinarritua izan, eta haiek lortuko direla bermatzeko tresnarik egokiena izan.

3.

Proportzionaltasun-irizpidearen arabera, proposatzen den ekimenak arauarekin bete nahi den beharrari erantzuteko ezinbestekoa den erregulazioa izan beharko du, eta egiaztatu beharko da, lehenago, ez dagoela beste neurririk eskubideak gutxiago murriztuko dituenik edo xede diren pertsonei betebehar gutxiago ezarriko dienik.

4.

Segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko, araugintza-ekimena gauzatzean koherentzia gorde behar da gainerako ordenamendu juridikoarekin, izan Espainiakoa zein Europar Batasunekoa, araugintza-esparru egonkor, aurresangarri, integratu, argi eta segurtasuneko bat sortzeko, eta erraztasunak emango dituena ezagutzarako eta ulermenerako eta, ondorioz, pertsonek eta enpresek jarduteko eta erabakiak hartzeko.

Administrazio-prozeduraren gaian araugintza-ekimenak izapide gehigarriak edo lege honetan aurreikusitakoez bestelakoak ezartzen dituenean, haiek justifikatu beharra dago gaiaren berezitasunagatik edo proposamenean lortu nahi diren xedeengatik.

Lege baten erregelamendu-garapenerako gaikuntzak, oro har, dagokion gobernuari edo gobernu-kontseiluari emango zaizkio.

Salbuespenezkoa izango da zuzenean Gobernuko ministerioen edo kontseilaritzen titularrei esleitzea, edo haien mendeko edo haiei subordinatutako beste organo batzuei, eta esleipen hori justifikatu egin beharko da gaikuntza ematen duen legean.

Legeek gaikuntza eman ahal izango diete zuzenean agintari independente batzuei edo ahal hori esleitua duten beste organo batzuei, legeok garatzeko edo aplikatzeko arauak onartzeko, gaiak hala eskatzen duenean.

5.

Gardentasun-printzipioa aplikatuz, administrazio publikoek erraztasunak emango dituzte irispide erraza, unibertsala eta eguneratua izan dadin indarrean den araudia eta hura prestatzeko prozesuari dagozkion agiriak eskuratzeko, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritako moduan; argi definituko dituzte araugintza-ekimenen helburuak eta justifikazioa, arauen atarikoan edo zioen azalpenean; eta aukera emango dute hartzaile izan daitezkeenek parte-hartze aktiboa izan dezaten arauen prestakuntzan.

6.

Efizientzia-printzipioa aplikatuz, araugintza-ekimenak saihestu egin behar ditu karga administratibo alferrikakoak edo ezinbesteko ez direnak, eta baliabide publikoen kudeaketa arrazionalizatu aplikatzeko orduan.

7.

Araugintza-ekimenak uneko edo etorkizuneko diru-sarrera edo -gastu publikoei eragiten dienean, zenbatetsi eta balioetsi egin beharko dira eragin eta ondorio horiek, eta aintzat hartu aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren printzipioak bete beharra.

130. artikulua. Arau-ebaluazioa eta indarrean den araudia erregulazio onaren printzipioei egokitzea

1.

Administrazio publikoek berrikusi egingo dute aldian behin beren araudia, erregulazio onaren printzipioetara egokitzeko eta egiaztatzeko ea indarrean diren arauek lortu dituzten aurreikusitako helburuak eta ea justifikatuta eta egoki kuantifikatuta zeuden haietan ezarritako kostu eta kargak.

Ebaluazio horren emaitza txosten batean jasoko da, eta txosten hori publiko egingo da, dagokion administrazioaren araudi erregulatzaileak erabakitzen duen xehetasunarekin, maiztasunarekin eta organoaren bidez.

2.

Administrazio publikoek sustatu egingo dute erregulazio onaren printzipioak aplikatzea, eta laguntza emango dute araugintzaren analisi ekonomikoa susta dadin eta, bereziki, ez dadin justifikaziorik gabeko edo neurriz gaineko murrizketarik ezarri jarduera ekonomikoan.

131. artikulua. Arauak publiko egitea

Lege-mailako arauak, erregelamenduak eta administrazio-xedapenak dagokion aldizkari ofizialean argitaratu beharko dira indarrean jartzeko eta ondorio juridikoak izateko.

Horretaz gain, aukerako moduan, beste argitarabide osagarri batzuk ezarri ahal izango dituzte administrazio publikoek.

Egunkari edo aldizkari ofizialak administrazio, organo, erakunde publiko edo entitate eskudunaren egoitza elektronikoetan argitaratzeak edizio inprimatuaren ondorio berak izango ditu, administrazio publiko bakoitzak erabakitzen duen baldintzetan eta bermeekin.

Estatuko Aldizkari Ofiziala erakunde eskudunaren egoitza elektronikoan argitaratzeak izaera ofiziala eta benetakoa izango du erregelamenduz erabakitzen diren baldintzetan eta bermeekin, eta argitaratze horretatik Kode Zibilaren atariko tituluan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan aurreikusitako ondorioak izango ditu.

132.artikulua. Arau-plangintza

1.

Urtez urte, administrazio publikoek argitara emango dute arau-plangintza bat, eta hartan jasoko dira hurrengo urtean onesteko igorriko diren lege- edo erregelamendu-ekimenak.

2.

Onetsitakoan, arau-plangintza argitaratu egingo da, dagokion administrazio publikoaren gardentasun-atarian.

133. artikulua. Herritarrek lege-mailako arauak eta erregelamenduak prestatzeko prozeduran parte hartzea

1.

Legearen edo erregelamenduaren proiektua edo aurreproiektua prestatu baino lehen, kontsulta publiko bat bideratuko da administrazio eskudunaren web-atariaren bitartez, eta jasoko da zer iritzi duten etorkizuneko arauaren eraginpean gerta litezkeen subjektuek eta erakunderik ordezkagarrienek puntu hauei buruz:

a) Ekimenarekin konpondu nahi diren arazoak.

b) Arau hori onestea beharrezko eta egoki den.

c) Arauaren helburuak.

d) Izan litezkeen bestelako aukera erregulatzaile eta ez-erregulatzaileak.

2.

Ekimenaren testua idatzi aurreko kontsultaren kalterik gabe, arauak pertsonen eskubide eta interes legitimoei eragiten dienean, zuzendaritza-zentro eskudunak dagokion webgunean argitaratuko du testua, eraginpeko herritarrei entzunaldia emateko eta beste pertsona eta erakunde batzuek egin ditzaketen ekarpen gehigarriak jasotzeko.

Era berean, zuzenean eska dakieke iritzia arauaren eraginez beren eskubide edo interes legitimoak ukitzen zaizkien pertsonak biltzen edo ordezkatzen dituzten eta beren helburuak arauaren objektuarekin zerikusi zuzena duten erakunde edo elkarte legez onartuei.

3.

Artikulu honetan araututako kontsulta, audientzia eta informazio publikoa halako moldez egin beharko dira non arauaren hartzaile potentzialek eta hari buruz ekarpenak egiten dituztenek beren iritzia emateko aukera izango baitute. Horretarako, haien esku jarri beharko dira behar diren agiriak; agiri argiak, zehatzak eta gaiari buruz iritzia emateko informazio guztia biltzen dutenak.

4.

Artikulu honetan aurreikusitako kontsultaren, entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapideak egin gabe utzi daitezke Estatuaren Administrazio Orokorraren, administrazio autonomikoaren, toki-administrazioaren edo haien mendeko edo haiei lotutako erakundeen aurrekontuei edo antolaketari buruzko arauetan edo hala justifikatzen duten interes publikoko arrazoi larriak daudenean.

Arau-proposamenak jarduera ekonomikoan eragin nabarmenik ez daukanean, xede dituen hartzaileei betebehar handirik ezartzen ez dienean edo gai baten alderdi partzialak arautzen dituenean, egin gabe utzi daiteke artikulu honen lehenengo zenbakian araututako kontsulta publikoa.

Administrazio batek legegintza-ekimena edo erregelamendu-ahala baliatzea erregulatzen duen araudiak aurreikusten badu prozedura horiek urgentziaz izapidetu behar direla, horregatik izapidea kenduz gero hartan dioenari jarraituko zaio.

Lehen xedapen gehigarria. Gaiaren ondoriozko berezitasunak

1.

Gaia dela-eta bereziak diren legeetan erregulatutako administrazio-prozedurak, lege honetan aurreikusitako izapideetakoren bat eskatzen ez badute edo izapide gehigarriak edo bestelakoak erregulatzen badituzte, lege berezi horietan xedatutakoari jarraituko zaizkio.

2.

Honako jarduketa eta prozedura hauek berariazko araudiari jarraituko diote eta, ordezko moduan, lege honetan xedatutakoari.

a) Tributu- eta aduana-gaietan tributuak aplikatzeari buruzko jarduketak eta prozedurak, eta halaber haiek administrazio-bidean berrikustea.

b) Gizarte Segurantzaren eta Langabeziaren gaietako kudeaketa, ikuskaritza, likidazio, diru-bilketa, aurkarapen eta berrikuspenari buruzko jarduketak eta prozedurak.

c) Tributu- eta aduana-gaietako, gizarte-arloko, trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloko eta atzerritartasunaren arloko jarduketa eta zehapen-prozedurak.

d) Atzerritartasun- eta asilo-gaietako jarduketak eta prozedurak.

Bigarren xedapen gehigarria. Autonomia-erkidegoak eta toki-erakundeak Estatuaren Administrazio Orokorraren plataforma eta erregistroetara atxikitzea.

Ahalordetze-erregistro elektronikoari, erregistro elektronikoari, artxibo bakar elektronikoari, datu-bitartekaritzako plataformari eta Administrazioaren Sarbide Puntu Nagusi Elektronikoari buruz aurreikusitakoa betetzeko, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek aukera izango dute beren borondatez eta bitarteko elektronikoz atxikitzeko hartarako Estatuaren Administrazio Elektronikoak ezarritako plataforma eta erregistroetara.

Ez atxikitzea efizientzia-irizpideetan oinarrituta justifikatu beharko dute, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Jasangarritasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 7. artikuluaren arabera.

Autonomia-erkidego batek edo toki-erakunde batek Ogasun eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren aurrean justifikatzen badu modu efizienteago batean eman dezakeela zerbitzua, aurreko paragrafoan adierazitako irizpideen arabera, eta erabakitzen badu bere erregistro edo plataformari eustea, aipatutako administrazioek bermatu beharko dute betetzen dituela Elkarreragingarritasun Eskema Nazionalaren betekizunak eta haren garapen-arau teknikoak, halako moldez non bermatuko baita haren bateragarritasun informatikoa eta elkarrekiko konexioa, eta orobat dagozkion erregistro eta plataformetan egiten diren eskaera, idazki eta komunikazioen transmisio telematikoa.

Hirugarren xedapen gehigarria. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarkiaren bidezko jakinarazpena

1.

Estatuko Aldizkari Ofizialak administrazio publikoen esku jarriko du bidalketa eta kudeaketa telematikorako sistema automatizatu bat, haren bitartez argitaratzeko lege honen 44. artikuluan eta xedapen gehigarri honetan aurreikusitako jakinarazpen-iragarkiak.

Sistema horrek lege honetan eta berau garatzeko araudian ezarritakoa bete beharko du, eta bermatu beharko du argitalpenaren bizkortasuna, iragarkiaren txertatze egoki eta leiala, eta organo igorlearen identifikazioa.

2.

Berariazko araudia duten administrazio-prozeduren kasuan, lege honen 44. artikuluan aurreikusitako kasuak gertatzen badira, jakinarazpena beti Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez egingo da, hargatik eragotzi gabe aurrez eta aukerako moduan berariazko araudi horretan aurreikusitako moduan egitea.

3.

Aurreko bi paragrafoetan aipatzen diren iragarkiak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzean, hori eskatzen dutenek ez dute ezer ordaindu behar.

Laugarren xedapen gehigarria. Erregistro-gaietako laguntzarako bulegoak.

Administrazio publikoek etengabe eguneraturik eduki behar dute, dagokion egoitza elektronikoan, direktorio geografiko bat, interesdunari ahalbidetuko diona bere bizilekutik gertuen duen erregistro-gaietako laguntzarako bulegoa zein den jakitea.

Bosgarren xedapen gehigarria. Estatuaren organo konstituzionalen eta legegintza- eta kontrol-organo autonomikoen administrazio-jarduera

Diputatuen Kongresuko, Senatuko, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko, Konstituzio Auzitegiko, Kontu Auzitegiko, Herriaren Defendatzaileko, autonomia-erkidegoetako legebiltzarretako eta Kontu Auzitegiaren eta Herriaren Defendatzailearen gisako erakundeetako organo eskudunen administrazio-jarduerak haien berariazko araudiari jarraituko dio, lege honen arabera administrazio-jarduera oinarritzen duten printzipioen esparruan.

Lehen xedapen iragankorra. Agiriak artxibatzea

1.

Lege hau indarrean jarri aurretik hasitako administrazio-prozedurei dagozkien agiriak artxibatzeari dagokionez, aurreko araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

2.

Lege hau indarrean jarri baino lehen amaitutako administrazio-prozedurei lotutako paperezko agiriak, ahal den guztietan, digitalizatu egin behar dira, aplikatzekoa den araudian ezarritako betekizunen arabera.

Bigarren xedapen iragankorra. Erregistro elektronikoa eta artxibo bakar elektronikoa

Erregistro elektronikoari eta artxibo bakar elektronikoari buruzko xedapenak indarrean jartzen ez diren bitartean, erregela hauek aplikatuko dira Estatuaren Administrazio Orokorraren esparruan.

a) Legea indarrean jarri ondorengo lehen urtean, eutsi ahal izango zaie lege hau indarrean sartzean egon badauden erregistro eta artxiboei.

b) Legea indarrean jarri ondorengo bigarren urtean, gehienez ere erregistro elektroniko bat eta artxibo elektroniko bat izango da ministerio bakoitzeko, eta erregistro elektroniko bat erakunde publiko bakoitzeko.

Hirugarren xedapen iragankorra. Prozeduren araubide iragankorra.

a) Lege hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurei ez zaie aplikatuko lege hau, eta, beraz, aurreko araudiari jarraituko zaio halakoetan.

b) Lege hau indarrean jarri ondoren hasitako ofizioz berrikusteko prozedurak lege honetan ezarritako moduan bideratuko dira.

c) Lege hau indarrean jarri ondoren emandako egintza eta ebazpenek lege honetan ezarritako errekurtso-araubidea izango dute.

d) Lege hau indarrean jartzean betearazteke dauden egintza eta ebazpenek, betearazpenari dagokionez, eman zirenean indarrean zegoen araudiari jarraituko diote.

e) Dagozkion lege- eta erregelamendu-xedapenetan aurreikuspen espresurik ez bada, administrazio-prozeduraren arloan sortzen diren zuzenbide iragankorreko arazoak aurreko puntuetan ezarritako printzipioen arabera ebatziko dira.

Laugarren xedapen iragankorra. Artxiboen, erregistroen eta sarbide-puntu orokorraren araubide iragankorra

Ahalordetze-erregistro elektronikoari, erregistro elektronikoari, Administrazioaren Sarbide Puntu Nagusi Elektronikoari eta artxibo bakar elektronikoari buruzko xedapenak indarrean jartzen ez diren bitartean, administrazio publikoek gai horiei buruz indarrean diren kanal, bitarteko edo sistema elektroniko berak mantenduko dituzte, pertsonek administrazioekiko harremana elektronikoki izateko duten eskubidea bermatzeko.

Bosgarren xedapen iragankorra. Arau bat Konstituzioaren kontrako edo Europar Batasuneko zuzenbidearen kontrako deklaratzetik eratorritako ondare-erantzukizuneko prozedura.

Arau bat Konstituzioaren kontrako edo Europar Batasuneko zuzenbidearen kontrako deklaratzetik eratorritako ondare-erantzukizuneko prozedurak, lege hau indarrean jarri aurretik hasita badaude, hasi zirenean indarrean zegoen araudiaren arabera ebatziko dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arau-indargabetzea

1.

Indargabeturik geratzen dira lege honetan xedatutakoarekin kontraesanean dauden edo haren aurka doazen maila bereko edo apalagoko arauak.

2.

Espresuki indargabeturik geratzen dira xedapen hauek:

a) 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

b) 11/2007 Legea, ekainaren 22koa, herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzkoa.

c) Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legearen 4. artikulutik 7.era bitartekoak.

d) 429/1993 Errege Dekretua, martxoaren 26koa, administrazio publikoek ondare-erantzukizunari buruzko prozeduren erregelamendua onesten duena.

e) 1398/1993 Errege Dekretua, abuztuaren 4koa, Zehapen Ahala Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua onesten duena.

f) 772/1999 Errege Dekretua, maiatzaren 7koa, zeinaren bidez arautzen baita Estatuaren Administrazioaren aurrean eskaerak eta idazkiak eta komunikazioak aurkeztea, agirien kopiak egitea eta jatorrizkoak itzultzea eta erregistro-bulegoen araubidea.

g) Herritarrek zerbitzu publikoetara sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea partez garatzen duen azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretutik: 2.3, 10, 13, 14, 15, 16, 26, 27, 28, 29.1.a), 29.1.d), 31, 32, 33, 35, 36, 39, 48 eta 50. artikuluak, lehen xedapen gehigarriaren 1., 2. eta 4. zenbakiak, hirugarren xedapen gehigarria, lehen xedapen iragankorra, bigarren xedapen iragankorra, hirugarren xedapen iragankorra eta laugarren xedapen iragankorra.

Lege honen azken xedapenetatik zazpigarrenak dioenaren arabera ahalordetze-erregistro elektronikoari, erregistro elektronikoari, Administrazioaren Sarbide Puntu Nagusi Elektronikoari eta artxibo bakar elektronikoari buruzko xedapenek ondorioak izaten dituzten bitartean, indarrean jarraituko dute aipatutako gaiei buruz a), b) eta g) letretan aurreikusitako arauen artikuluak.

3.

Espresuki indargabetutako xedapenei buruz indarrean dauden arauetan egindako aipamenak lege honetan arlo hori bera arautzen duten xedapenei egindakotzat hartu behar dira.

Azken xedapenetatik lehena. Eskumen-titulua

1.

Lege hau Espainiako Konstituzioaren 149.1.18 artikuluan xedatutakoaren babesean onetsi da, zeinak Estatuari eskumena esleitzen baitio administrazio publikoen araubide juridikoaren oinarriak emateko, eta orobat esleitzen baitio eskumena administrazio-prozedura erkidearen eta administrazio publiko guztien erantzukizun-sistemaren gaian.

2.

VI. titulua, legegintza-ekimenari eta erregelamenduak eta bestelako xedapenak emateko ahalmenari buruzkoa, eta bigarren xedapen gehigarria, autonomia-erkidegoak eta toki-erakundeak Estatuaren Administrazio Orokorraren plataforma eta erregistroetara atxikitzeari buruzkoa, 149.1.14 artikuluan Ogasun orokorrari buruz xedatutakoaren babesean onetsi dira, eta 149.1.13 artikuluaren arabera, Estatuari eskumena esleitzen baitio jarduera ekonomikoaren plangintza orokorraren oinarrien eta koordinazioaren gaian.

3.

Estatuaren Administrazio Orokorrari soilik aplikatzekoak izango dira 92. artikuluaren lehenengo paragrafoan, 111. artikuluan eta 114.2 artikuluan aurreikusitakoa, eta orobat aplikazio-eremu esklusibotzat Estatuaren Administrazio Orokorra aipatzen duten xedapenen gainerako atalak.

Azken xedapenetatik bigarrena. Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legea aldatzea

Sinadura Elektronikoari buruzko abenduaren 19ko 59/2003 Legean, 3. artikuluari 11. zenbaki bat gehitzen zaio, honela idatzia:

«11. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean jasota dauden identifikaziorako eta sinadura elektronikorako sistema guztiek ondorio juridiko beteak izango dituzte.»

Azken xedapenetatik hirugarrena. Gizarte-arloko jurisdikzioa arautzen duen urriaren 10eko 36/2011 Legea aldatzea

Honela idatzita geratzen da 36/2011 Legea, urriaren 10ekoa, gizarte-arloko jurisdikzioa arautzen duena:

Bat.

Honela idatzirik geratzen da 64. artikulua:

«64. artikulua. Salbuespenak proposatutako adiskidetzean edo bitartekaritzan

1.

Adiskidetze-ahaleginetik edo, hala badagokio, bitartekaritzatik salbuetsita geratzen dira administrazio-bidea agortzea eskatzen duten prozesuak, Gizarte Segurantzari buruzkoak, langileen ordezkariek kaleratze kolektiboa aurkaratzeari buruzkoak, oporrei buruzkoak eta hauteskunde-gaiak, mugigarritasun geografikoa, lan-baldintzen aldaketa funtsezkoak, arrazoi ekonomiko, tekniko, antolakuntzako edo ekoizpenekoengatik edo ezinbestezko arrazoiengatik kontratua etetea eta lanaldia murriztea, 139. artikuluan jasotako bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko eskubideak, ofizioz hasitakoak, hitzarmen kolektiboak aurkaratzekoak, sindikatuen estatutuak edo haien aldaketak aurkaratzeari buruzkoak, oinarrizko askatasunen eta askatasun publikoen babesa, arbitraje-laudoak deuseztatzeko prozesuak, adiskidetze-, bitartekaritza- eta transakzio-akordioak aurkaratzekoak, eta orobat genero-indarkeriatik babesteko lan-arloko akzioak baliatzen direnekoak.

2.

Salbuetsita geratzen dira orobat:

a) Estatua edo beste erakunde publiko bat alderdi demandatua izanik pertsona pribatuak ere demandatuak diren prozesuak, baldin eta uzia administrazio-bidea agortu beharrekoa bada eta bide horretan erabaki baliteke auzia.

b) Prozesuaren edozein unetan, demanda pertsona jakin batzuen kontra zuzendu ondoren, hasieran demandatutakoez beste pertsona batzuei zuzendu edo zabaldu behar den kasuak.

3.

Baliatutako uziaren izaeragatik eraginkortasun juridikoa izan badezake lor litekeen adiskidetze- edo bitartekaritza-akordioak, nahiz eta prozesua salbuetsita egon aipatutako aurretiazko ahaleginaren betekizunetik, alderdiek garai egokian jotzen badute borondatez eta elkarren adostasunez halako aurretiazko bideetara, geldieran utziko dira iraungitze-epeak edo eten egingo dira preskripzio-epeak, hurrengo artikuluan ezarritako moduan.»

Bi.

Honela idatzirik geratzen da 69. artikulua:

«69. artikulua. Gizarte-arloko auzibidearen aurreko administrazio-bidea agortzea

1.

Estatua, autonomia-erkidegoak, toki-erakundeak edo haien mendeko zuzenbide publikoko erakunde nortasun juridiko propiodunak demandatzeko, bete beharreko baldintza da aurrez administrazio-bidea agortzea, hala dagokionean, aplikatzekoa den administrazio-prozeduraren araudian ezarritakoaren arabera.

Betiere, administrazio publikoak interesdunei jakinarazi beharko dizkie haien eskubide eta interesei eragiten dieten administrazio-ebazpen eta -egintzak, jakinarazpenean jasorik erabakiaren testu osoa, administrazio-bidetik behin betikoa den ala ez, zer errekurtso jar daitezkeen, zer organori aurkez dakizkiokeen eta zer epetan egin beharko litzatekeen, hargatik eragotzi gabe interesdunek egoki iritzitako beste edozein errekurtso aurkezteko aukera.

Jakinarazpena egitean egintzaren testu osoa jaso arren bete gabe geratu bada aurreko paragrafoan aipatutako gainerako betekizunetako bat, geldieran mantenduko dira iraungitze-epeak eta eten egingo dira preskripzio-epeak, eta ez dute ondoriorik izango harik eta interesdunak jakinarazpenaren xede den ebazpen edo egintzaren edukia eta irismena zer den badakiela erakusten duen jardueraren bat egiten duen edo egoki den edozein errekurtso jartzen duen arte.

2.

Administrazio-bidea amaitutzat jo behar den datatik aurrera, bi hilabeteko epean formalizatu ahal izango du interesdunak demanda, epaitegi edo sala eskudunaren aurrean.

Demandarekin batera aurkeztu behar da ezespen-ebazpenaren kopia edo administrazio-errekurtsoa jarri edo ebatzi dela egiaztatzen duen agiria, zer dagokion, eta horren guztiaren kopia gehitu behar da erakunde demandatuarentzat.

3.

Kaleratzeetatik eratorritako akzioetan eta iraungitze-epea duten gainerako akzioetan, demanda jartzeko epea hogei egun baliodunekoa edo aplikatzekoa den berezia izango da, egintza edo aurkaratutako ebazpenaren jakinarazpena gertatu denaren hurrengo egunetik aurrera zenbaturik, edo administrazio-bidea agorturik jo behar denetik aurrera gainerako kasuetan.»

Hiru.

Honela idatzirik geratzen da 70. artikulua:

«70. artikulua. Salbuespenak administrazio-bidea agortzeari dagokionez

Ez da beharrezko izango administrazio-bidea agortzea oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen babeserako demanda jarri nahi bada administrazio publikoek lan-arloan eta sindikatuen arloan dituzten ahalak baliatuz gauzatutako egintzen aurka, baina demanda jartzeko epea hogei egunekoa izango da, egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita edo ebazteko ezarritako epea amaitu eta biharamunetik hasita, beste izapiderik gabe; oinarrizko eskubidearen kaltea administrazioaren jarduerarik ezetik edo egitate-bideko jokaera batetik baldin badator, hogei eguneko epea jarduerarik ezaren edo egitate-bidearen kontrako erreklamaziotik hogei egun igarotakoan hasiko da, edo errekurtsoa aurkezten denetik hogei egun igarotakoan.»

Lau.

Honela idatzirik geratzen da 72. artikulua:

«72. artikulua. Gizarte Segurantzako prestazioen gaiko aurretiazko administrazio-erreklamazioarekiko edo aurretiazko administrazio-bidearekiko lotura

Prozesuan, alderdiek ezin izango dute aldaketa funtsezkorik egin administrazio-prozeduraren eta interesdunen edo Administrazioaren jarduketen objektu diren denbora, zenbateko edo kontzeptuei buruz, izan Gizarte Segurantzako prestazioen gaiko aurretiazko erreklamazioaren fasean edo izan administrazio-bidea agortzen duen errekurtsoaren fasean, ez bada egitate berri edo lehenago ezin jakin izan ziren batzuei buruz.»

Bost.

Honela idatzirik geratzen da 73. artikulua:

«73. artikulua. Aurretiazko administrazio-erreklamazioaren ondorioak Gizarte Segurantzako prestazioen gaian

Gizarte Segurantzako prestazioen gaiko aurretiazko erreklamazioak eten egingo ditu preskripzio-epeak, eta geldieran utziko ditu iraungitze-epeak; bigarren horiek ebazpena jakinarazi ondorengo egunean jarraituko dute, edo hura ezetsitzat ulertu behar den epea igaro ondorengoan.»

Sei.

Honela idatzirik geratzen da 85. artikulua:

«85. artikulua. Epaiketa

1.

Adiskidetzean adostasunik ez badago, epaiketara pasatuko da, eta jardundakoaren kontu emango da.

Lehenago ebatziko dira, arrazoiturik, ahoz eta alderdiei entzunik, egintza horretan formula litezkeen aurretiazko arazoak, eta orobat ebazteko duden errekurtsoak edo bestelako gorabeherak, hargatik eragotzi gabe geroago labur funtsatzea epaian, egoki bada.

Orobat entzungo zaie alderdiei eta, hala badagokio, bidezko dena ebatziko da, arrazoiturik eta ahoz, epaileak edo auzitegiak une horretan bere eskumenaz plantea ditzakeen arazoei, demandaren aurrekontuei edo formulatutako uziaren irismenari eta mugei dagokienez, alderdien berme prozesalak errespetatuz eta gaiaren funtsaz aurrejuzgurik egin gabe.

Gero, demandatzaileak berretsi edo zabaldu egingo du bere demanda; ezein kasutan ezin izango du hartan aldaketa funtsezkorik egin.

2.

Demandatuak demandako egitateak zehazki baieztatuz edo ukatuz erantzungo du, eta egoki deritzon salbuespen guztiak alegatuz.

3.

Errekonbentzioa formulatzeko aukera izateko, iragarri egin behar da hura prozesuaren aurreko adiskidetzean edo Gizarte Segurantzako prestazioen gaiko aurretiazko erreklamazioaren erantzunean edo administrazio-bidea agortzen duen ebazpenean, eta funtsean adierazia izan behar da zer egitatetan oinarritzen den eta zer eskaera zehatz egiten den.

Ez da onartuko errekonbentzioa baldin eta: organo judiziala ez bada eskudun; baliatzen den akzioa bestelako modalitate prozesal batean argitu behar bada eta akzioa ez bada metagarria; eta ez badago loturarik haren uziaren eta demanda nagusiaren gai diren uzien artean.

Ez da beharrezko izango errekonbentzioa zorren konpentsazioa eskatzeko, betiere epez kanpokoak eta galdagarriak badira eta ez bada errekonbentzio-kondenaren uzirik aurkezten, eta oro har demandatuak aurkezten duen uziaren xede bakarra demanda nagusiaren gai den uziaren edo uzien absoluzioa jasotzea bada; aski izango da demandaren erantzunean alegatzea.

Betebeharrak epailearen erabakia eskatzen badu, ez delako likidoa, epaiketaren aurretik, zehazki adierazi beharko dira salbuespena funtsatzen duten egitateak eta zorra likidatzeko modua, eta, halaber, hura iragarri beharko da aurretiazko adiskidetze edo bitartekaritzan, edo Gizarte Segurantzako prestazioen gaiko erreklamazioan edo administrazio-bidea agortzen duen ebazpenean.

Errekonbentzioa aurkeztutakoan, gainerako alderdiei helaraziko zaie, demandan ezarritako moduan erantzun dezaten.

Helarazteko izapide bera erabakiko da salbuespen prozesalei erantzuteko, halakorik alegatzen bada.

4.

Alderdiek hitza hartuko dute epaileak edo auzitegiak beharrezko irizten dion bezainbeste aldiz.

5.

Era berean, ekitaldi honetan, alderdiek egoki deritzoten guztia alegatu ahal izango dute 191. artikuluaren 3. zenbakiko b) letran xedatutakoari dagokionez, eta beren alegazioak funtsatzeko behar diren judizio-elementuak eskainiko dituzte une prozesal egokirako.

Ez da frogarik aurkeztu beharrik izango, gai jakin horri buruz, prozesuaren izaeragatik nabarmena baldin bada langile edo onuradun askori eragiten diela.

6.

Ez bada arazo prozesalik planteatzen edo, planteatu direlarik, erantzun bazaie, alderdiek edo haien defentsariek auzitegiarekin finkatuko dute zer egitateren inguruan dagoen auzilarien adostasuna edo desadostasuna. Beharrezko bada, aktan edo hala badagokio eginbidez jasoko da adostasuna dagoen puntuen aipamen laburra, geroagoko errekurtsoen ondorioetarako.

Orobat eskaini ahal izango dituzte alderdiek zenbakizko datuen kalkulu edo laburpen gisako ohar batzuk.

7.

Amore-emate oso edo partzialaren kasuan, jurisdikzio-organoak onetsiko du, gainerako alderdiei entzunik, ez bada gertatu eskubideei uko egin zaiela hori debekatua delarik, edo lege-iruzurra edo hirugarren batzuentzako kaltea, edo ez bada interes publikoaren kontrakoa. Ebazpen bidez erabakiko da, eta ahoz eman ahal izango da ebazpen hori.

Amore-ematea osoa bada, kondena-epaia emango da, auzi-jartzailearen uzien arabera.

Amore-ematea partziala bada, onarpen-autoa eman ahal izango da, eta behin-behineko betearazpen partzialaren izapideen bitartez gauzatu ahal izango da hura, betiere amore-ematearen gai diren uzien izaeragatik posible bada irizpen bereizi bat adieraztea amore eman ez den gainerako arazoen aurrejuzgurik egiten ez duena, haiei buruz jarraitu egingo baitu epaiketa-ekitaldiak.

8.

Epaile edo auzitegiak, froga egindakoan baina ondorioak baino lehen, alderdietakoren bat kontra ez badago, proposatu ahal izango du akordio batera iristea, eta akordio hori lortu ezean jarraitu egingo du epaiketak.»

Zazpi.

Honela idatzirik geratzen da 103. artikulua:

«103. artikulua. Kaleratze-demanda aurkeztea

1.

Langileak kaleratzearen kontrako erreklamazioa aurkeztu ahal izango du kaleratzea gertatu ondorengo hogei egun baliodunen barruan.

Epe hori iraungitze-epea izango da ondorio guztietarako, eta ez dira zenbatuko larunbatak, igandean eta jurisdikzio-organoaren egoitzan jaiegun direnak.

2.

Adiskidetze-agiria edo bitartekaritza-eskaera edo kaleratze-demanda jarri bazaio pertsona bati oker baten ondorioz enpresaburutzat jota, eta gerora egiaztatu bada, bai epaiketan edo bai prozesuaren ondorengo uneren batean, hirugarren bat zela enpresaburua, langileak beste demanda bat jarri ahal izango du haren aurka, edo demanda zabaldu ahal izango du epaiketa artean egin gabe badago, eta iraungitze-epearen zenbaketa ez da hasiko harik eta enpresaburua nor den erabaki arte.

3.

Kapitulu honetako arauak aplika dakizkieke enpresaburuen kontratu-azkentzeko erabakien aurkarapenei, behar diren berezitasunekin, hargatik eragotzi gabe 120. artikuluan aurreikusitakoa eta kontratu-azkentze mota bakoitzaren ondorio substantiboak.»

Zortzi.

Honela idatzirik geratzen da 117. artikulua:

«117. artikulua. Auzibidearen aurreko administrazio-bidea agortzearen betekizuna

1.

Izapidetze-aldiko soldatengatik Estatua demandatzeko, aurretiazko betekizuna da administrazio-bidean erreklamatzea ezarritako modu eta epeetan. Erreklamazioari ezezkoa eman bazaio, enpresaburuak edo, hala badagokio, langileak, dagokion akzioa baliatu dezake kaleratze-prozesuaz auzialdian arduratu zen epaitegiaren aurrean.

2.

Demandarekin batera aurkeztu behar da ezezko administrazio-ebazpenaren edo ordainketa-eskaerako orriaren kopia.

3.

Akzio horren preskripzio-epea Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 59. artikuluko 2. zenbakian aurreikusitakoa da, eta epearen zenbaketaren hasiera, enpresaburuak egindako erreklamazioaren kasuan, izapidetze-aldiko soldatak ordaintzeak eragindako ondare-galera jasaten duen unean izango da; langileak egindako erreklamazioaren kasuan, berriz, enpresaburua kaudimengabe dela adierazten duen auto judiziala jakinarazten zaion data.»

Azken xedapenetatik laugarrena. Arau-erreferentziak

Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeari egindako erreferentziak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen legeari edo Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legeari egindakotzat joko dira, zer dagokion.

Azken xedapenetatik bosgarrena. Arau-egokitzapenak

Lege hau indarrean jarri eta urtebeteko epean, egokitu egin beharko dira lege honetan aurreikusitakoarekin bateraezinak diren Estatuko, erkidegoetako eta tokiko prozeduren erregulazio-arauak.

Azken xedapenetatik seigarrena. Legearen arau-garapena

Ahalmena ematen zaie Ministro Kontseiluari eta Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministroari, zeini bere eskumenen esparruan, lege hau garatzeko beharrezko diren erregelamenduzko xedapen guztiak eman ditzaten, eta orobat lege honen aurreikuspenak egiazki betearazteko eta ezartzeko behar diren neurriak erabaki ditzaten.

Azken xedapenetatik zazpigarrena. Indarrean jartzea

Lege hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta urtebetera jarriko da indarrean.

Hala ere, ahalordetze-erregistro elektronikoari, erregistro elektronikoari, gaitutako enplegatu publikoen erregistroari, Administrazioaren Sarbide Puntu Nagusi Elektronikoari eta artxibo bakar elektronikoari buruzko xedapenek legea indarrean sartu eta bi urteren buruan izango dituzte ondorioak.

Horrenbestez,

Lege hau bete eta betearaz dezatela agintzen diet espainiar guztiei, partikular zein agintariei.

Madrilen, 2015eko urriaren 1ean.

FELIPE E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY