kodezibila:aurrekariak

Kode Zibila: aurrekariak

© Lege-testu guztien itzulpena eta aurkibide analitikoak: Eba Gaminde, Begoña Landa, Gotzon Lobera,

Andres Urrutia, Esther Urrutia eta IVAP/HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

© Deustuko Unibertsitatea. Euskal Gaien Institutua

© IVAP/HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

IZO: Kode Zibila: aurrekariak (ES/EU)

Deustuko Unibertsitatea: Kode Zibila (lehenengo argitaraldia, 2004ko urtarrilaren 31n itxia) (ES/EU)

atzera

hasierako orrira

KODE ZIBILA.- Legegintzazko aurrekariak

1888ko maiatzaren 11ko Oinarri-Legea, Gobernuari baimena eman diona, lege horretan ezarritako baldintza eta oinarriekin bat etorriz Kode Zibila argitaratzeko (1888ko maiatzaren 22ko Gazeta, 143. zk.)

Alfontso XIII.ak, Jainkoaren graziagatik eta Konstituzioaren aginduz Espainiako errege, eta, horren izenean, beraren adingabetasuna bitartean, erresumako erreginaordeak;

Lege hau ikusi eta ulertzen duten guztiei. Jakin ezazue Gorteek dekretatu dutela eta Guk berronetsi dugula honako hau:

1. Gobernuari eskuespena eman zaio, lege honetan ezarritako baldintza eta oinarriekin bat etorriz Kode Zibila argitaratzeko.

2. Kodeen Batzordeak idatziko du lege-testu hori. Batzorde horretako Zuzenbide Zibileko Atalak proiektuaren testua prestatuko du, eta, horretarako, batzordeko kide guztiei entzungo die, modurik argi eta egokienean. Ondoren, eta Gobernuaren ustez beharrezkoak diren aldarazpenak egin eta gero, testua «Madrilgo Gazetan» argitaratuko da.

3. Behin kodea argitaratu eta gero, Gobernuak jakinaren gainean jarriko ditu Gorteak, horiek bilduta badaude edo, bestela, euren lehenengo bilera-egunean. Gobernuak argiro-argiro adieraziko die Gorteei zeintzuk izan diren batzordearen proiektuan egindako aldarazpen, zabalkuntza eta aldaketak. Gorteei argitalpenaren berri eman zaienetik hirurogei egun igaro arte, proiektuak ez du lege-indarrik izango, eta ez du legezko ondorerik sortuko.

4. Herri-onurako arrazoi zuzenik izanez gero, Gobernuak hirurogei eguneko epe hori luza dezake, Gorteei kodearen berri ematen dienean edo gorte horietan azaldutako proposamenaren ondorioz.

5. Probintzia eta lurralde jakin batzuetan foru-zuzenbidea indarrean badago, probintzia eta lurralde horiek oso-osorik eutsiko diote zuzenbide horri oraingoz bederen, eta euren egungo araubidean ez da inolako aldaketarik izango kodea argitaratzearen ondorioz; Kode Zibila ordezkoa baino ez da izango, probintzia eta lurralde horietako lege berezietan ordezko beste zuzenbiderik ez dagoenean.

Nolanahi ere, kodearen atariko titulua bete beharrekoa izango da erresumako probintzia guztientzat, titulu horrek lege eta estatutuen ondoreak, eta aplikaziorako erregela orokorrak ezartzen dituen heinean.

Modu berean ere, bete beharrekoak izango dira ezkontzaren formei buruzko 3. oinarria garatzeko zein xedapen eman eta halakoak.

6. Kodeen Batzordeari entzun eta gero, Gobernuak Gorteei aurkeztuko dizkie, lege-proiektu bakarrean edo anitzetan, Kode Zibilaren eranskinak. Eranskin horietara bilduko dira probintzia edo lurralde desberdinetan iraunarazi beharreko foru-erakundeak, gaur egun halakorik izatekotan.

7. Aurreko artikuluan xedatutakoa gorabehera, Kode Zibilak Aragoin eta Balear Uharteetan eraenduko du, forugabeko probintzietan eraentzen duen une beretik, baldin eta kode hori ez bada Aragoin eta Balear Uharteetan gaur egun indarrean dauden xedapen forudun nahiz ohiturazkoen kontrakoa.

Zaragoza, Huesca, Teruel eta Balear Uharteetako probintzia-diputazioek eta aipatu probintzietako hiriburuetako abokatu-bazkunek txostena egin, eta Kodegintzarako Batzorde Nagusiari entzun eta gero, Gobernuak lege-proiektua aurkeztuko die Gorteei, kode berria argitaratu eta eperik laburrenean, Gorteek proiektu hori onets dezaten; proiektu horretan barneratu behar dira Aragoin eta Balear Uharteetan iraunarazi beharreko erakunde zibilak.

Txosten berdinak bildu beharko ditu Gobernuak, foru-legeria duten gainerako probintziei buruz.

8. Gobernuak eta batzordeak honako oinarri hauek izango dituzte kontuan, Kode Zibila idazteko:

1. OINARRIA

Kodearen oinarria 1851ko Proiektua izango da, proiektu horretan Espainiako zuzenbide historikoaren erakunde zibilei buruzko esangura eta muina azaltzen den ginoan. Hortaz, Espainiako kodegintza zibilaren lehendabiziko lege-testuak xede eta helburu zehatzak izan behar ditu, hala nola, bertako legeen manu desberdinak moldatu, argitu eta harmonizatzea; doktrinak emandako gida-lerroak biltzea, praktikan sortzen diren zalantzei irtenbidea eman ahal izateko; eta, modu berean ere, beharrizan berri batzuei aurre egitea. Horretarako ematen diren konponbideek oinarri zientifikoa izan behar dute edo ondo uztartu behar dira bertako nahiz kanpoko legerietan onarturiko aurrekariekin. Gainera, konponbideok Espainiako legelarien aho bateko onarpena jaso behar dute, edo, behinik behin, behar beste justifikatuta egon behar dira, erakunde legegilekide bi-biotan printzipio nahiz metodoei buruz egindako azalpenak ikusita.

2. OINARRIA

Konstituzioaren manuei eta gaur egun indarrean dauden lege-manuei egokitu behar zaizkie lege eta estatutuen ondoreak, eta pertsona juridikoen naziokotasuna, naturalizazioa, aitorpena eta haien izateari buruzko baldintzak, betiere beharrezkoak diren aldarazpenekin. Aldarazpen horien bitartez bazter utz daitezke jadanik erabiltzen ez diren formalitate eta debekuak. Horrela, gizaki guztiek onarturiko kontzeptu juridikoak argiturik geratuko dira, euren funtsezko oinarrietan bederen, eta kontzeptu juridiko berriak finkatuko dira. Horrekin, nazioarteko harreman zibilei oinarri sendoak emango zaizkie, eta Kode Zibilaren eta foru-legerien arteko lotura eta aplikazioa erraztuko dira, espainiarrei eurei eta haien ondasunei dagozkienez. Bide horretatik, zuzenbide desberdineko probintzietan, espainiarrek harremanak izan, eta euren bizilekua eta auzotartasuna alda ditzakete, eta, horrelakoetan, komeni da estatutuen nortasunari buruzko printzipioak eta doktrinaren irtenbideak ahalbidetzea.

3. OINARRIA

Kodean ezkontzaren bi formak ezarriko dira: ezkontza kanonikoa, katoliko guztiek egin beharrekoa; eta ezkontza zibila, kodeak berak estatuaren Konstituzioarekin bat etorriz ezartzen duen moduan egin beharrekoa.

Ezkontza kanonikoak ondore zibil guztiak sortuko ditu ezkontideei eurei eta haien ondasunei begira, bai eta ondorengoei begira ere, ezkontza hori egiten bada Eliza katolikoaren xedapenekin bat etorriz; xedapen horiek erresuman onartuta daude, Bilduma Berri-berriaren 1. liburuko 1. tituluko 13. legearen aginduz.

Ezkontzeko egintza horretara, udaleko epailea edo estatuko beste funtzionarioren bat joango da, eta ezkontza Erregistro Zibilean berehala inskribatuko da, egiaztatzeko helburu hutsarekin.

4. OINARRIA

Ezkontzak berak harreman juridikoak eratorriko ditu, ezkontideei eta euren ondorengoei eta batzuen eta besteen ondasunei dagokienez. Harreman horien barruan nabarmen daitezke, besteak beste, gurasotasuna, seme-alabatasuna, senarrak eta emazteak elkarren segidan eta seme-alaba emantzipatugabeen gainean duten guraso-ahala, kontratuaren ondore zibilak eta, oro har, familia-zuzenbidea osatzen dutenak. Horiek guztiak zehaztuko dira egungo lege-egoeraren uztarri diren funtsezko printzipioekin bat etorriz, 17, 18,22 eta 25. oinarrietan xedatutakoari kalterik egin gabe.

5. OINARRIA

Aitatasunaren ikerketa kasu jakin batzuetan besterik ez da onartuko, alegia, delitu-kasuetan eta, orobat, aitak, idazki baten bitartez eta zalantzarik gabe, bere seme-alabaren seme-alabatasuna aitortzeko borondate esanbidezkoa adierazi duenean; eta, era berean, egoera-edukitza dagoenean.

Amatasunaren ikerketa ahalbideratu eta, horrez gain, legitimazioa baimenduko da horrek dituen forma bietan, hots, geroko ezkontza eta errege-erreginen emakida. Bigarren forma hori gerta dadin, erabat ezinezkoa izan behar da lehenengoa erabiltzea. Halaber, hirugarren kaltedunei erreserbatuko zaie aitorpenak eta legitimazioak aurkaratzeko eskubidea, baldin eta aitorpen eta legitimazio horiek legean ezarritako baldintzetatik kanpo gertatu badira.

Era berean, eskritura publikoaren bidezko adopzioa baimenduko da, epailearen baimenarekin eginez gero. Eskubide horretaz abusatzeak eragozpenak ekar diezazkioke familiaren antolaketa naturalari, eta, ondorenez, eragozpen horiek saihesteko zein baldintza izan behar den zehaztuko da, batez ere, adin, adostasun eta debekuen inguruan.

6. OINARRIA

Absentziari eta heriotza-presuntzioei buruzko kasuak definitu, eta kasu horien ezaugarriak finkatuko dira. Aldi berean ere, zenbait berme ezarriko dira, absentearen eta beraren jaraunsleen eskubideak ziurtatzeko. Horretara, eskubide horiek lupertu ahal izango ditu gerogarrenean testamentuzko oinordetza edo oinordetza legitimoaren bidez halakoak eskuratzen dituenak. Heriotza-presuntzioak ez dio inoiz ere baimenduko bertan dagoen alargunari bigarrenez ezkon dadin.

7. OINARRIA

Adingabeko emantzipatugabeak, zoroak, zarrastelkeria-adierazpena duenak edo interdikzio zibilaren mendekoak tutoretzapean jartzeko, tutoretza hori testamentu bidez, lege bidez edo Familia Kontseiluaren bidez era daiteke. Tutoretza hori osatzeko, Espainiako zuzenbidean kontseilu hori berrezarri eta protutorearen erakundea sortuko da.

8. OINARRIA

Legeria zibilaren ondoreetarako, adin-nagusitasuna hogeita hiru urtekin eskuratuko da. Era berean, ezkontzaren ondoriozko emantzipazioa ezarri eta, borondatezko emantzipazioaren barruan, bizien arteko egintzen ondoriozkoa onartuko da, adingabeak hemezortzi urte betetzen dituen unetik.

9. OINARRIA

Egoera zibilaren erregistroak bere barruan hartuko ditu jaiotza, ezkontza, aitorpen eta legitimazioei buruzko inskripzioak, bai eta heriotza eta naturalizazioei buruzkoak ere. Erregistro hori udal epaileen edo beste funtzionario batzuen ardurapean egongo da; Espainian funtzionario horiek arlo zibilekoak izan behar dira, eta atzerrian, berriz, kontsulatu eta diplomaziako agenteak izan behar dira.

Erregistroko aktek ego era zibilari buruzko froga egingo dute. Akta horien ordez beste froga batzuk onartzeko, ez da aktarik izan behar, edo, horrelakorik izatekotan, aktok erregistroko liburuetatik desagertu behar dira; kontrara, akten ordez ezin da beste frogarik aurkeztu, auzitegietan eztabaida sortzen denean.

Ahal bezain laster, egintzak inskribatu eta egintzen inskripziorako beharrezkoak diren berriak erraztuko dira. Aurrerantzean ere betebehar horri eutsiko zaio, eta betebehar hori zehapen penalaren bidez bermatuko da.

Naturalizazioak ez badaude erregistroan inskribaturik, naturalizazio horiei ez zaie lege-ondorerik emango, halakoak egiaztatzeko froga eta beroriek emateko data edozein izanda ere.

10. OINARRIA

Espainiako zuzenbidearen oinarrizko printzipioekin bat etorriz, indarrean diraute gauzen jabetza eta zatiketari buruzko kontzeptuak, akzesio-printzipioak eta jabekidetza-printzipioak. Kode Zibilaren barruan sartuko dira, orobat, jabetza zehatz batzuei buruzko kontzeptu berezien oinarriak. Horrelako jabetzak dira, besteak beste, urak, meatzeak, ekoizpen zientifikoak, literaturako ekoizpenak eta ekoizpen artistikoak. Egungo egunean, horien esangura eta xedapenei aplikatu behar zaie lege bereziak errespetatzeko irizpidea. Gainera, jabetza berezi bakoitzetik atera behar da eskubide zibil eta substantiboentzat oinarri organikoa izan daitekeena, oinarri hori kodearen barruan sartu behar bai ta.

11. OINARRIA

Edukitzeko bi moduak definituko dira. Lehenengo modua erabatekoa da, jabariak eratortzen du eta jabariari lotuta dago. Bigarrena, berriz, mugatua da, eta joera jakin batek erakartzen du; joera horrek ondoriozta ditzake jabariari begira independente diren eta banandurik dauden egitateak. Bereizketa horren ondorioei eutsi egingo zaie, edukitzeko era eta bideei dagokienez ere bai. Jarauntsiko ondasunetan, ostera, bide bereziak ezarriko dira. Bestalde, edukitzaren arloan pertsona-batasuna errespetatuko da, indibiso-kasuetan izan ezik. Horrez gain, edukitzaren ondoreak zehaztu eta, horretarako, aintzakotzat hartuko dira herri-agintaritzak edukitzari zor dion babesa, edukitzaren inguruko presuntzioak, fruituak euren izaeraren arabera jasotzea, gas tu eta hobekuntzak ordaintzea eta, ildo beretik, edukitzeko eskubidearen galerari aplikatu behar zaizkion baldintzak, ondasun-mota desberdina denean.

12. OINARRIA

Gozamena, erabiltzea eta biztantzea definitu eta arautuko dira jabariaren mugapen gisa. Horiek zatitzeko, lehenengo eta behin, titulu eratzailea aplikatu behar da, eta, halakorik izan ezean, legea, hori borondatezko zehaztapenaren ordezkoa baita. Modu berean ere, gozamendunak fruituak jasotzeko orduan dituen eskubideak adieraziko dira, fruitu-moten arabera, eta gozamena hasi eta bukatzeko unean fruitu horien egoera zein den kontuan hartuz. Ildo beretik, printzipio bereziak ezarriko dira praktikan sortzen diren zalantza nagusiak konpontzeko, besteak beste, honakoak konpontzeko: gozamena bera, eta meatze, mendi, landaketa eta abelburuen erabilera; hobekuntza; narriadura; inbentarioa egin eta fidantza emateko betebeharrak; inskripzioa; kontribuzioen ordainketa; epaiketan nahiz epaiketatik kanpo gozamendunaren eta jabearen eskubideak babestea; eta, era berean, eskubide horiek guztiak azkentzeko modu natural eta legitimoak. Arazo horiek guztiak Gaztelako zuzenbidearen printzipio eta egineren menpe geratuko dira. Zernahi gisaz, zuzenbide hori, gai garrantzitsu batzuetan, aldarazi egingo da, publizitate- eta inskripzio-printzipioen ondorioz, printzipio horiek hipoteka-legeria berri-berrian jaso baitira.

13. OINARRIA

Zortasunei buruzko tituluan, sailkapena eta zatiketa hauek agertuko dira: zortasunak egikaritu eta lupertzeko baldintzen arabera, etengabekoak eta etenkakoak, positiboak eta negatiboak, agerikoak direnak eta ez direnak; zortasunak eratzeko jatorriaren arabera, legezkoak eta borondatezkoak. Gaur egungo doktrinak ere errespetatu egingo dira, beroriek jorratzen badituzte zortasunak eskuratzeko moduak, lur nagusi eta zortasunpeko lurren jabeek dituzten eskubide eta betebeharrak, eta zortasunak azkentzeko modua.

Halaber, kapitulu berezietan definituko dira legeak uren arloan eta landa- nahiz hiri-jabetzaren arloan finkatu dituen zortasun nagusiak. Lehenengo oinarrian ezarritakoaren ariora, ahaleginak egingo dira kodearen barruan Aragoi, Balear Uharteen, Katalunia, Galizia, Nafarroa eta probintzia euskaldunen xedapenak ahalik eta gehien barruratzeko.

14. OINARRIA

Eskuratzeko bide desberdinen artean, okupazioa definituko da, eta horrekin batera arautuko dira etxeko animalien gaineko eskubideak, altxorra ustekabean aurkitzea eta bertan behera utzitako gauzez jabetzea.

Horien osagarri gisa, ehiza eta arrantzari buruzko lege bereziak aplikatuko dira, eta kodeak berak beren beregi lege horiek aipatuko ditu.

15. OINARRIA

Oinordetzei buruzko atala, oinarrizko printzipioetan behinik behin, Kodegintzarako Batzorde Nagusian hartutako erabakiei egokituko zaie. Erabaki horiek osoko bilkuran hartu ziren, eta, zehatzago, 1882ko azaroan egindako bileretan; bertara mahaikide egokiak, eta diputatu eta senatoreak joan ziren. Erabakion aginduz, oinarrian indarreko legeriari eutsiko zaio, legeria horrek jorratzen baditu testamentuak orokorrean, horien forma eta solemnitateak, testamentu-motak --testamentu olografoaz landa, testamentu irekia, itxia, militarra, itsas testamentua eta atzerrian egindakoa--, testamentu bidez xedatu eta eskuratzeko gaitasuna, jaraunslea izendatzea, jaraunsgabetzea, agintza eta legatuak, baldintzapeko edo epe-mugako izendapena, albazeak, bai eta testamentuko xedapenen ezeztapena edo eragingabetasuna ere. Indarrean dagoen hori antolatu, metodopean jarri eta osatu egingo da, egia ziurtatu eta azken nahiak ahalik eta errazen adierazi ahal izateko.

16. OINARRIA

Eraldaketa iragarri horien gai izango dira, lehenengo lekuan, fideikomisozko ordezpenak. Zuzeneko lerroan, ordezpen horiek bigarren belaunaldiraino besterik ez dute iraungo, salbu eta testamentugilea hildakoan ordezpenon onuradun guztiak bizirik daudenean.

Jarauntsiko hartzekoa hiru zati berdinetan banatuko da: zati horietako bat seme-alaben senipartea izango da; beste bat gurasoak banatuko du hobekuntza gisa seme-alaben artean, berak nahi duen moduan; eta bestea askatasunez xedatu ahal izango da.

Ondorengo legitimorik izan ezean, jarauntsiaren erdiaren gaineko jabetza adjudikatuko da ahaideen arteko hurbiltasunaren arabera, erreserbei kalterik egin gabe. Jarauntsiaren erdi horrek aurrekoen senipartea osatuko du; aurrekoek senipartearen eta mantenuaren artean aukeratu ahal izango dute.

Odoleko seme-alaben seme-alabatasuna aitortu bada, seme-alaba horiek jarauntsi-zati baten gaineko eskubidea izango dute; odoleko horiek seme-alaba legitimoekin pilatzen badira jarauntsian, zatia ezin da sekula ere izan seme edo alaba legitimo bakoitzari seniparte gisa dagokionaren erdia baino handiagoa. Zernahi den ere, zati hori zabal daiteke, aurrekoak baino ez badira geratzen.

17. OINARRIA

Alargunaren aldeko gozamena ezarriko da, legeria berezi batzuetan egun gertatzen den bezala. Gozamen horrek, alabaina, muga bat izango du, gozamena ezin delako izan seme edo alaba bakoitzak, halakorik izatekotan, seniparte gisa jaso behar duen kuota baino handiagoa. Era berean, gozamena amaitzeko kasuak zehaztuko dira.

18. OINARRIA

Abintestato oinordetzara deituko zaie: 1. Ondorengoei.

2. Aurrekoei.

3. Odoleko seme-alabei.

4. Neba-arrebei eta horien seme-alabei.

5. Alargunari.

Alboko lerroan, oinordetza hori ezin da izan seigarren gradutik gorakoa.

Espainiako legeriak aita eta amaren artean odoleko seme-alabei begira ezarri duen desberdintasuna ezabatu egingo da, seme-alaba horiei aita eta amaren abintestato jarauntsietan eskubide berdinak emanez.

Oinordetza horretan estatuari dei tu behar zaionean, horren ordez, testamentugilearen egoitzako establezimenduei deituko zaie, establezimenduon helburua ongintza nahiz dohaineko heziketa bada; bertan halakorik izan ezean, probintziakoei; eta, batzuk eta besteak izan ezean, estatukoei.

Erreserbak, gehiagotzeko eskubidea, jarauntsia onartu eta arbuiatzea, inbentario-onura, kolazioa eta banaketa, eta jarauntsiko zorren ordainketa ahalik eta zehatzen garatuko dira, indarreko legeriaren doktrinak gogoan izanik, jurisprudentziak doktrina horiek azaldu eta osatu dituen moduan.

19. OINARRIA

Betebeharren izaera eta ondoreak orokorrean azalduko dira, azalpen orokorra bat badator jatorri desberdina duten harreman juridikoekin.

Mankomunitatearen kontzeptu historikoak indarrean iraungo du, eta printzipio orokorren bitartez konponduko dira hartzekodun eta zordunen arteko solidaritatetik sortzen diren arazoak, bai betebeharraren objektua gauza zatigarria denean, baita gauza zatiezina denean ere. Ildo beretik, zehatz-mehatz finkatuko dira betebehar-mota desberdinek -hautabidezkoek, baldintzapekoek, eperakoek eta zigor-klausuladunek- sortzen duten lege-loturaren ondoreak.

Gainera, betebeharrak azkentzeko moduak erraztuko dira, oinarri desberdina dutenak iraunaraziz. Gainerako moduak doktrina onartuen menpe geratuko dira, horiek osatzen dituzten osagaiei dagozkienez.

Azken buruan, betebeharren frogari buruzko printzipio orokorrak finkatuko dira, eta, hori egitean, kodearen zati hori harmonizatu behar da Prozedura Zibilaren Lege modernoak ezarritako xedapenekin. Orobat, indarreko notario-legerian ezarritako manu formalak errespetatuko dira. Gehienekoa ezarriko da, eta, gehieneko horretatik gora, idatziz jaso beharko dira zerbait eman edo itzultzeko betebeharra, eskubideak eratzekoa, obra-errentamenduari buruzkoa eta zerbitzuak egitekoa. Rala eginez gero, betebehar horien guztien betetzea edo betearazpena epaiketan eskatu ahal izango da.

20. OINARRIA

Kontratuak, betebeharren iturri diren aldetik, eskuratzeko titulu hutsak izango dira, euren helburua denean jabaria edo horren antzeko beste edozein eskubide eskualdatzea. Hori dela eta, kontratuok honako printzipio honen menpe iraungo dute: kontratugileen borondateek bat egiten dutenean, euren arteko lotura sortzen da, baita gauzak eskualdatzeko solemnitate jakin batzuk bete behar direnean ere; solemnitate horien artean sar daiteke, aurreko oinarrian adierazitako ondoreak lortzeko, eskritura egilestea.

Era berean ere, adostasunaren baldintzak ondo finkatuko dira, hala gaitasunari dagozkionez, nola adostasun hori emateko askatasunari dagozkionez. Aldi berean, legeria modernoetan finkaturiko printzipioak ezarriko dira, hitzarmenen izaera eta objektuari buruz, horien arrazoi, forma eta interpretazioari buruz, baita halakoak deuseztatu eta hutsaltzeko arrazoiei buruz ere.

21. OINARRIA

Kuasikontratuen kontzeptuari eutsiko zaio, eta borondatezko egitate desberdinek eragin ditzaketen erantzukizunak zehaztuko dira, justiziaren printzipio gorenekin bat etorriz. Antzinako zuzenbidearen doktrinarentzat printzipio horiek oinarri-oinarrizkoak izan dira, eta gaur egun aho batez jasota daude kode modernoetan ere. Bestealde, erru eta arduragabekeriaren ondoreak finkatuko dira, bi horiek delitu edo falta izan barik, hirugarrenari kalte egiten diotenean, nahiz eta gizaki errudun edo arduragabeak beste batzuen zaintza edo agintepean egon.

Delitu edo faltak eratorritako betebeharretan, Zigor Kodearen xedapenak aplikatuko dira, dela erruztatuei eskatu behar zaien erantzukizun zibilaren esparruan, dela erruztatuen gaineko zaintza eta agintea duten pertsonen inguruan.

22. OINARRIA

Ezkontzaren ondorioz ondasunen gaineko kontratua egiten bada, kontratu horren uztarri izango da bihar-etzi ezkontide izango direnen arteko hizpaketa-askatasuna. Askatasun horrek dituen mugak kodean ezarritakoak besterik ez dira izango. Horregatik, kontraturik ez dagoenean edo dagoena akastuna denean, ulertu beharko da senar-emazteek irabazpidezko lege-sozietatea ezarri nahi izan dutela.

23. OINARRIA

Ezkontzaren ondorioz eta ondasunen gainean kontratuak egin ahalko dituzte ezkontzeko gaitasuna duten adingabeek. Adingabe horien gaitasuna osatzeko, egite horretan parte hartu behar dute kodearen arabera ezkontzari adostasuna ematen behar dioten pertsonek. Kontratu horiek eskritura publikoan jaso beharko dira, kopuru zehatz batetik gorakoak direnean. Gehieneko horretara heltzen ez diren kontratuak, berriz, kautotasun-bermeren bat duen agiri batean jaso behar dira.

24. OINARRIA

Seniparteak zenbatzean, gurasoek seme-alabei egiten dizkieten dohaintzak kolazionatu beharko dira. Modu bertsuan, ezkontza bitartean senar-emazteen arteko dohaintzei aplikatu behar zaizkien erregelak zehaztuko dira.

25. OINARRIA

Ezkonsariaren eta ezkonsariaz bestelako ondasunen izaera hizpatuko da ezkontzako sozietatea eratzean. Ezkonsaria zenbatetsigabea dela ulertu behar da, horren kontrako hitzarmenik edo ezkontza-itunik ez dagoenean.

Senarrari dagokio ezkonsaria administratzea, eta hipoteka-bermeak eman beharko dira emaztearen eskubideak ziurtatzeko. Horiez gain, praktikan eragingarritzat jotzen diren bermeak hartu beharko dira, ondasun higigarri eta baloreei begira; eta, horretarako, erregela zehatzak finkatuko dira ezkonsaripeko ondasunak besterendu eta pignoratzeko, horien gaineko gozamena arautzeko eta haien gainean ezar daitezkeen zamak zehazteko. Bestalde, kodean Hipoteka Legearen printzipioak onartuko dira, esangura hertsian gai organikoak eta legegintza-gaiak diren horietan. Halaber, emazteak ezkontza bitartean dituen eskubideak behar bezala babestuko dira, senarraren zarrastelkeriari begira emaztearen eta seme-alaben ondasunak defendatzeko. Horiez landa, emazteari ezkontza bitartean beste eskubide batzuk eman ahal zaizkio, ondasun zehatz batzuk erabili, lupertu eta administratzeko.

26. OINARRIA

Kontratu-mota bakoitzaren forma, betekizun eta baldintzak garatu eta definituko dira, betebeharrei eta horien ondoreei buruzko arauketa orokorra aintzakotzat harturik. Irizpide horri helduta, indarreko legeria oinarritzat hartu behar da, legeria horren gainean jurisprudentziak egin dituen garapenak gogoan izanik. Era berean, kontuan hartu behar da Hipoteka Legeari berezko zaizkion doktrinak kodean sartu behar diren ala ez; horretarako, doktrinok behar bezala argitu beharko dira, batik bat, auzitegietan arazoak sortu dituzten gaietan eta lurraren gaineko kredituarentzat ziurtasunik eza dakarten gaietan ere bai.

Dohaintza definitzeko, aldez aurretik finkatu behar dira dohaintzaren izaera eta ondoreak; dohaintzaren emaile eta jasotzaile izan daitezkeen pertsonak; dohaintzaren muga, ezeztapen eta urripenak; dohaintzak egiteko bete behar diren formalitateak; dohaintza-emaileari eta dohaintza-hartzaileari hurrenez hurren dagozkien eginbeharrak; eta, oro har, dohaintzek dohaintza-emailearen seme-alabei, horren hartzekodun legitimoei edo hirugarrenen eskubideei kalte egitea saihestu dezaketen neurriak.

Lege bereziak garatuko du jabetzen arteko bateratzea, foro, azpiforo, azalera-eskubide eta horien antzeko beste edozein kargatan, horiek guztiak ondasun higiezinen gainean eratzen direnean.

27. OINARRIA

Kodeak arautzen dituen gai guztiei dagokienez, azken xedapen indargabetzailea orokorra izango da, lege-testu, usadio eta ohitura ororentzat, hain zuzen ere, Gaztelako zuzenbide zibil izeneko hori osatzen duten arau guztientzat. Nahiz eta arauok kodearen kontrakoak izan ez, ez dute lege-indarrik izango, zuzenean bete beharreko lege gisa, ezta ordezko zuzenbide gisa ere.

Aldaketek kalte egiten badiete eskuratutako eskubideei, aldaketok ez dute atzeraeraginezko ondorerik sortuko.

Xedapen gehigarrien barruan, beharrezkoak diren oinarri organikoak ezarriko dira, hamar urteko epealdietan Kodegintzarako Batzordeak eraldaketa egokiak azal ditzan eta Gobernuari halakoak aurkez diezazkion. Eraldaketa horiek komenigarriak izan daitezke, kontuan hartzen badira, besteak beste, kodearen aplikazioak ekarri duen eskarmentua; beste herri batzuetan izandako aurrerakuntzak, horiek Espainian erabiltzeko modukoak badira; eta, era berean, Auzitegi Gorenaren jurisprudentzia.

Horrenbestez:

Auzitegi, justizia, buru, gobernadore eta gainerako agintariei, dela zibilei, dela militarrei, dela Elizakoei, edozein mota eta mailatakoak direla, agintzen diet lege hau oso-osorik bete eta betearaz dezaten.

1888ko urriaren 6ko Errege Dekretua, Kode Zibila Madrilgo Gazetan argitaratzeko agindu duena (1888ko urriaren 8ko Gazeta, 282. zk.)

Andrea: Aurtengo maiatzaren 11ko Legeak Maiestate Horren Gobernuari eskuespena eman zion, lege horretan ezarritako oinarriekin bat etorriz Kode Zibila argitaratzeko. Horrela, bost gizaldi luzetan igarritako beharrizana asetzeko aukera dago, beharrizan hori oraindik asegabea baita, nahiz eta gure arbasoen belaunaldiek horretarako ahalegin laudagarriak egin.

Kode Zibila interesgarria da gizarte-maila guztientzat, eta, horregatik, ez da irrika iragankorra, ezpada Espainiako herriaren gurari iraunkorra. Areago oraindik, gerora begira ere, garaikideentzat ohorezko titulua izan daiteke kode hori, alegia, Maiestate Horrek daraman koroia apaintzeko lore ederra izan daiteke, zuk hala merezi baituzu, zeure bertute handi eta dohain apartekoengatik.

Dagoeneko, Espainian gutxi batzuk izango dira indarreko legeria zibila ordezteko beharrizana dagoela jakin ez dakitenak. Legeria hori testu arau-emaile desberdinetan barreiaturik dago. Testu horiek garai gotikoan, Erdi Aroan eta arestiagoko aldietan aldarrikatu dira, baina guregandik oso urruti daude. Nolanahi den ere, halakoetan gizarte-egoera desberdinak islatu dira; are gehiago, zenbait kasutan, egoera horiek elkarren aurkakoak ere badira. Horregatik, indarreko legeria horren ordez, legegintzazko lan betea onetsi beharra dago. Lan horren metodoa eta idazkera harmoniko, erraz eta argiak izan behar dira. Lan horretan zehatz-mehatz jaso behar dira gaur egun ditugun ideia eta ohiturak. Eta, horrez gain, lanak balio behar du Espainiako zibilizazio modernoak dituen beharrizan konplexuei aurre egiteko.

Hortaz, Maiestate Horrek bere sinadura jar dezake, barne-barnetiko atseginez, dekretuaren proiektu honetan. Estatuaren gorengo buruarentzat beti sortzen du halako atsegina Maiestate Horren aginte ohoragarria nazio osoaren zerbitzura jartzeak, ez, ordea, alderdikeria politikoaren zerbitzura.

Hori dela eta, proiektua sinatzen duen ministro honentzat, zoriak eskaintzen duen ohore eta ondra da Maiestate Horrek Kode Zibila onets dezan eskatzea. Urte asko joan dira kode hau idatzi duen atalaren buru naizela. Atalak kodea idatzi du, modurik aske eta egokienean, Kodegintzarako Batzordearen mahaikideei entzun eta gero. Batzorde horretako partaide guztiak, legelari jakintsu izateaz gain, eskola juridiko eta alderdi politiko desberdinetakoak dira.

Kodegintza zibilaren lana zorionez Espainiara heldu den une honetan, alferrekoak dira arrazoinamendu guztiak.

Eztabaidatzeko garaia agortu da.

Orain legearen manu eztabaidaezina betearazi besterik ez da egin behar. Honen azpian izenpetuko duenak, bertan agintzen dena zuzentasunez bete eta Maiestate Horri proposatzen dio dekretu honen proiektua, horretarako ohorea baitu.

Urte honetako maiatzaren 11ko Legeak Kode Zibila argitaratzeko eskuespena eman zion nire Gobernuari, lege horretan ezarritako baldintza eta oinarriekin bat etorriz Kode Zibila argitaratzeko. Lege horretan xedatutakoa kontuan hartuz, grazia- eta justizia-ministroak proposaturikoarekin bat etorriz, eta nire Ministro Kontseiluaren iritzia onartuz, Erresumako erreginaorde naizen aldetik, nire seme ohoragarriaren, Espainiako errege Alfontso XIII.aren izenean,

Honako hau dekretatu dut: aurtengo maiatzaren 11ko legearen 2. artikuluak agintzen duena betez, honekin batera datorren Kode Zibila «Madrilgo Gazetan» argitaratu behar da.

1888ko abenduaren 8ko Errege-Agindua, Kode Zibila eratzen lagundu duten guztiei errege-adeitasuna azaldu diena (1888ko abenduaren 9ko Gazeta, 344. zk.)

Jaun txit gorena: Maiestate Erregina Horri (J.Z.D.) azaldu dizkiot Kode Zibila egiteko azken zortzi urteotan Kodegintzarako Batzorde Nagusiak egin dituen lan luze eta eskergak. Urte horietan, batzordeak lehenengo eta bigarren liburuak idatzi ditu, hain zuzen ere, 1882. urtean Gorteei aurkeztu zitzaizkienak. Urte horretan bertan, batzordeak batzarrak egin zituen, bai mahaikide egokiekin, bai eta urte horretan mahaikide izendatu berri ziren senatari eta diputatuekin ere. Batzarraldi horren helburua izan zen legeria orokorretik aprobetxagarri gerta zitekeena Espainiako toki-legeriekin uztartzea. Geroenean, lehenengo eta bigarren liburuak berrikusi eta gero, eta Gorteei 1884. urtean berriz aurkeztutako oinarriekin bat etorriz, kodearen hirugarren eta laugarren liburuak idatzi ditu batzordeak.

Maiestate Hori oso pozik dago goi-mailako legelariek erdietsi duten meritu garrantzitsuarengatik. Legelari horien jakituria handiak, adimen egiaztatuak eta lan neketsuak amaiera ezin hobea izan dute, guztiok bilatu izan dugun lan handi hOrretan islatu baitira.

Haren seme ohoragarriaren, Espainiako errege Alfontso XIII.aren izenean (J.Z.D.), erreginak berak erregetzaren poza helarazi nahi die legelariei, euren buru-eskaintza eta arretaren ondorioz. Legelariek buru-eskaintza eta arreta horien lekukotza nabaria eman dute, euren txosten interesgarrietan eta kodearen liburu ezberdinei buruz egindako iruzkinetan, halakoak igorri izan zaizkienean. Aipamen berezia izan behar du Batzordearen Lehenengo Atalak, horren ardura izan baita gaur egun zorionez amaituta dagoen kodea idaztea.

Halaber, Maiestate HOrren borondatea da, errege-agindu honen ondotik, «Egunkari Ofizialean» argitaratzea mahaikide jaun horien guztien izenak. Eurek egin duten zerbitzu garrantzitsuarengatik titulu berriak eskuratu izan dituzte, jendearen begirune eta estimazioa izateko.

Hortaz, errege-agindu batez adierazi diot honako hau Gorentasun Horri, berorrek jakin eta atseginez har dezan, bai eta beste ondore guztietarako ere.

Madrilen, 1888ko abenduaren 8an.-Manuel Alonso Martínez.- Kodegintzarako Batzorde Nagusiko Lehenengo Ataleko lehendakari jaun gorena.

Kodegintzarako Batzorde Nagusiko Lehenengo Ataleko, alegia, Kode Zibila idatzi duen atal horretako mahaikideak.

Manuel Alonso Martínez, lehendakari jaun txit gorena.

Francisco de Cárdenas jaun txit gorena.

Salvador de Albacete jaun txit gorena.

Germán Gamazo jaun txit gorena.

Hilario de Igón jaun txit gorena.

Santos de Isasa jaun txit gorena.

José María Manresa jaun txit gorena.

Eduardo García Goyenajauna.

Lehenengo Ataleko mahaikide izanik, Kode Zibilaren idazketan parte hartu dutenak.

Francisco Silvela jaun txit gorena.

Benito Gutiérrez jaun txit gorena.

Cirilo Amorós jaun txit gorena.

Lehenengo Atalekoekin batera, 1882ko urriko eta azaroko batzarraldietara joan diren senatari, diputatu, Bigarren Ataleko mahaikide eta mahaikide egokiak.

Fernando Calderón y Collantes, Reinosako markes jaun txit gorena.

Alejandro Groizard jaun txit gorena.

Vicente Romero y Girón jaun txit gorena.

Manuel Danvila jaun txit gorena.

Emilio Bravo y Romero jaun txit gorena.

José María Fernández de la Hoz jaun txit gorena.

Pedro Nolasco Aurioles jaun txit gorena.

Telesforo Montejo y Robledo jaun txit gorena.

Justo Pelayo Cuestajaun txit gorena.

Eduardo Alonso Colmenares jaun txit gorena.

Antonio María Fabié jaun txit gorena.

Trinitario Ruiz Capdepón jaun txit gorena.

Augusto Comas jaun txit gorena.

Francisco de la Pisa Pajares jaun txit gorena.

Manuel Durán y Bas jaun txit gorena.

Luis Franco y López, Morako baroi jaun txit gorena.

Antonio Morales y Gómez jauna.

Rafael López de Lago jauna.

Pedro Ripoll y Palóu jauna.

Manuel de Lecanda y Mendieta jauna.

1889ko otsailaren 11ko Errege Dekretua, Kode Zibila indarrean jartzeko hirurogei eguneko epea luzatu duena, aribideko urteko maiatzaren bata arte (1889ko otsailaren 12ko Gazeta, 43. zk.)

1888ko maiatzaren 11ko Legearen 3. artikuluaren aginduz, «Madrilgo Gazetan» argitaraturiko Kode Zibila lege gisa indarrean jarriko da hirurogei eguneko epean. Epe hori betetzear dagoela, urte bereko urriaren 6ko Errege Dekretuan xedatutakoa betez, eta lege bereko 4. artikuluan ezarritako proposamena Gorteei aurkeztu zaiela;

Grazia- eta justizia-ministroak proposaturikoa onartuz, eta nire Ministro Kontseiluak adierazitako iritziarekin bat eginez;

Nire seme ohoragarriaren, Espainiako errege Alfontso XIII.aren izenean, erresumako erreginaordea naizen aldetik,

1888ko maiatzaren 11ko Legean ezarritako hirurogei eguneko epea aribideko urteko maiatzaren bata arte luzaturik geratuko dela adierazi dut.

1889ko maiatzaren 26ko Legea, Kode Zibilaren argitaraldi bat argitaratzeko agindu duena, Kodegintzarako Batzorde Nagusiaren ustez komenigarri diren zuzenketa eta eransketekin (1889ko maiatzaren 28ko Gazeta, 148. zk.)

Alfontso XIII.ak, Jainkoaren graziagatik eta Konstituzioaren aginduz Espainiako errege, eta, horren izenean, beraren adingabetasuna bitartean, erresumako erreginaordeak;

Lege hau ikusi eta ulertzen duten guztiei. Jakin ezazue Gorteek dekretatu dutela eta Guk berronetsi dugula honako hau:

1. Gobernuak Kode Zibilaren argitaraldia prestatuko du, Kodegintzarako Batzorde Nagusiko Atal Zibilaren iritziz beharrezko edo komenigarri diren zuzenketa eta eransketekin, bi erakunde legegilekideetan izandako eztabaiden emaitza gisa.

2. Argitaraldi hori ahalik arinen argitaratuko da bi hileko epearen barruan.

Halaber, «Gazetan» erantsiko dira Kode Zibilaren artikuluetatik zuzendu edo gehitu direnak.

Horrenbestez:

Auzitegi, justizia, buru, gobernadore eta gainerako agintaritzei, dela zibilei, dela militarrei, dela Elizakoei, edozein mota eta mailatakoak direla, agintzen diet lege hau oso-osorik bete eta betearaz dezaten.

1889ko uztailaren 24ko Errege Dekretua, Kode Zibilaren argitaraldi berriari buruzko testua Gazetan sartzeko agindu duena, Kodegintzarako Batzorde Nagusiko Atal Zibilak proposaturiko zuzenketa eta eransketekin (1889ko uztailaren 25eko Gazeta, 206. zk.)

Aurtengo maiatzaren 26ko Legean xedatutakoa aintzakotzat harturik; grazia- eta justizia-ministroak proposaturikoa onartuz, eta nire Ministro Kontseiluak adierazitako iritziarekin bat eginez;

Nire seme ohoragarriaren, Espainiako errege Alfontso XIILaren izenean, Erresumako erreginaordea naizen aldetik,

Honako hau dekretatzen dut: Madrilgo Gazetan argitaratu eta erantsi behar da Kode Zibilaren argitaraldi berriaren testua, Kodegintzarako Batzorde Nagusiko Atal Zibilak proposaturiko zuzenketa eta eransketekin batera, bi erakunde legegilekideetan izandako eztabaidaren emaitza gisa, eta aurtengo maiatzaren 26ko lege horretan agindutakoa betez.

1889ko uztailaren 29ko Errege-Agindua, Kodegintzarako Batzordearen Lehenengo Atalari, Kode Zibilaren zuzenketa eta eransketak idazteagatik, eskerrak eman dizkiona, eta eransketa eta zuzenketa horien oinarriak zein azalpenetan adierazi eta azalpen hori gazetan argitaratzea xedatu duena (1889ko uztailaren 30eko Gazeta, 211. zk.)

Jaun txit gorena: Maiestate Erregin Horri (J.Z.D.) jakinarazi diot Kodegintzarako Batzorde Nagusiko Lehenengo Atalak burutu duen zerbitzu garrantzitsua. Zerbitzu hori izan da, aurtengo maiatzaren 26ko Legea betez, argitaratu berri den Kode Zibilaren argitaraldi ofizialean jasotako zuzenketa eta eransketak idaztea.

Maiestate Horrek badaki zenbaterainoko meritua duten atal horretako kideek eta zer-nolako lana egin duten. Lan hori arretatsu, zail eta neketsua izan da oso, eta, hala ere, lege horrek ezarritako epe laburrean burutu da. Horrekin, Atalak ez dio hutsik egin bera osatzen duten legelari ospetsuengan jarritako konfiantzari.

Horretara, Maiestate Horrek, bere seme ohoragarriaren, Espainiako errege Alfontso XIII.aren izenean (J.Z.D.), bere errege-adeitasuna helarazi nahi die, bai Gorentasun Horri, atalburu gisa atal horren lanak zuzendu dituelako, bai atal horretako mahaikideei, hau da, Francisco de Cárdenas, Salvador de Albacete, Germán Gamazo, Hilario de Igón, Santos Isasa, José María Manresa eta Eduardo García Goyena jaunei. Era berean, errege-agindu honen ostean, «Madrilgo Gazetan» azalpen garden-gardena argitaratu behar da, Kode Zibilaren argitaraldi berriari egindako eransketa eta zuzenketen oinarriak argitzeko. Kode Zibilaren argitaraldi hori aurtengo maiatzaren 26ko Legea betez argitaratu da.

Errege-agindu batez adierazi diot honako hau Gorentasun Horri, berorrek jakin eta atseginez har dezan.

AZALPENA

Jaun txit gorena: Gorentasun Horrek batzorde honi komunikatu dio aurtengo maiatzaren 26ko Legea, batzordeak lege hori bete dezan. Lege horren aginduz, Kode Zibilaren argitaraldia prestatu behar da, Kodegintzarako Batzorde Nagusiko Atal Zibilaren iritziz beharrezko edo komenigarri diren zuzenketa eta eransketekin, bi erakunde legegilekideetan izandako eztabaiden emaitza gisa.

Agindu hori betez, Atalak geldiro-geldiro berrikusi du kode osoa, eta, bereziki, senatari eta diputatuen aldetik Parlamentuko azken eztabaidetan arazo eta kritika gehien izan dituzten xedapenak.

Azterketa sakon horren asmoa lana hobetzea izan da, lan horrek izan ditzakeen akatsak zuzenduz. Horretarako, inpartzialtasunik zorrotzena izan da irizpide bakarra.

Azterketa horren ondorioz sortu da Gorentasun Horri honekin batera aurkeztu dio dan lana; niretzat hori egitea benetako ohorea izan da.

Parlamentuan azaldutako ohar guztiak arreta handiarekin aztertu eta eztabaidatu izan dira Atalaren barruan, eta ohar bakoitzaren inguruan bidezkotzat jo den a erabaki izan da.

Ohar horiek era askotakoak izan dira, halakoak eratzeko espiritua ere desberdina delako. Zernahi gisaz, guztien oinarrian dago, neurri handiago zein txikiagoan, hurrengo akatsak konpondu behar direla: artikulu zehatz batzuen inguruan egindako interpretazio desberdinak; gizabanakoen iritzi desberdinak, arazo juridiko zehatz batzuen inguruan; eta, orobat, testu batzuetako adierazmoldeen iluntasuna edo estilo-akatsak.

Atalak badaki jakin bere lana ez del a perfektua, gizakien lanak ez baitira sekula ere halakoak. Kode Zibilarekin ere, zentzuzkoa denez, gauza bera gertatzen da, kode horrek hainbeste interes, ekandu eta ohitura desberdin jaso behar dituelako; areago oraindik, zenbait kasutan, interes, ekandu eta ohitura horiek elkarren artean kontraesanekoak dira. Hori dela eta, Atalak, berezko zaizkion zintzotasun eta inpartzialtasunarekin, aitortu du erakunde legegilekideek proposaturiko beste zuzenketa eta eraldaketa batzuk artez eta komenigarri direla.

Aldi berean ere, Atalak bazterrean utzi ditu zuzenketa eta eraldaketa batzuk, arrazoi desberdinen ondorioz horiek ez zaizkiolako beharrezko edo bidezko iruditu.

Egiatan, kodearen artikulu jakin batzuk eraldatzea zuzen edo, behinik behin, komenigarri da, helburu hauek guztiak betetzeko: kontzeptua ahalik eta argien azaltzeko; artikuluotan egiten diren aipamenekin kontraesanik ez sortzeko; artikulu horiek aplikatzean sor daitezkeen zalantzak saihesteko, zalantza horiek gertatu badira haiek aplikatu behar dituzten pertsonen fede txar eta asmo gaiztoarengatik; eta, azken finean, artikuluotan antzeman daitezkeen inprimategi-akatsak edo kopia-akatsak zuzentzeko.

Bide beretik, beste artikulu batzuetan, justizia edo komenigarritasunaren inguruko printzipio zalantzaezinak jasotzen dira. Horiek zabaldu eta garatzea nahitaezkoa da, euren aplikazioak jurisprudentzia desberdin eta kontraesanekorik eragin ez dezan.

Hori guztia gogoan izanik, Atalak konponbidea bilatzeko ahaleginak egin ditu, eta, horretarako, onartu egin ditu kritikarik zorrotzenak kontzeptu eta adierazmoldeetan egin nahi izan dituen aldarazpen guztiak.

Arazo gutxi batzuetan, Atalak ezin du bat egin testuaren azterlariekin, eskola edo asmo desberdinetakoak baitira batzuk eta besteak. Gainerako arazoetan, ordea, desberdintasunak, edukiaren aldetik etorri beharrean, kontzeptua azaltzeko moduan sustraitu dira.

Zinez, oharbide garrantzitsuak azaldu dira kodeak familiaren arloan, familiakideen arteko harreman juridikoetan eta jarauntsiko oinordetzetan egin ditu en berrikuntza garrantzitsuei buruz. Nolanahi den ere, Atalak ez ditu horiek eztabaidatu, hainbat arrazoi direla medio: berrikuntza horietatik gehienen jatorria da kodea idazteko onetsi zen oinarri-legea, eta lege hori errespetatu beharra dago; horrez gain, hau dagoeneko ez da abagune egokia, lan oso horren arrazoiak azaltzeko.

Behin aukera hori agortutakoan, Atalari bakarrik dagokio berrikuspena egiteko erabili izan diren hurrenkera eta metodoa azaldu, lanaren norainokoa eta mugak adierazi, eta onarturiko zuzenketa eta eransketa nagusiak zehaztea.

Metodoaren azalpena jadanik egina da. Lanaren norainokoari dagokionez, Atalak berrikusi ditu Gorteetan eztabaidatu eta kritikatu izan diren artikuluak bakarrik. Dena den, artikulu horietatik batzuk eztabaidatu eta kritikatu gabeko beste batzuei lotuta daudenez gero, ezinezko gertatu da azken horiek bete-betean alboratzea.

Horregatik, Gorentasun Horrek igarriko du orraztu egin direla Parlamentuko hizlariek kritikatu izan dituzten artikulu batzuk, eta, modu berean, hizlariek kritikatu ez dituztenak ere bai. Aukeraren aukeraz, kopia-akatsak edo inprimategi-akatsak zuzendu dira, argitaratutako testuan halakoak aurkitu izan direnetan.

Bi ganberetan, luze, zabal eta sutsu eztabaidatu zen foru-zuzenbidearen iraupenari dagokion autua, batik bat, halako zuzenbidea duten probintzia eta lurraldeetako biztanleen, eta zuzenbide erkidea duten probintzia eta lurraldeetako biztanleen arteko harremanetan.

Aurrenekoek susmo txarra hartu zioten, arrazoirik gabe, kodearen atariko tituluari. Titulu hori bete beharrekoa da erresumako probintzia guztientzat. Titulu horretako 12. artikuluak harako probintzia edo herrialdeen kontrako xedapenak jaso omen zituen. Artikulu horrek zioenez, gaur egungo foru-araubideak indarrean dirau oso-osorik; alabaina, ez zuen beren beregi aipatu ohiturazko foru-zuzenbidea, ohiturazko zuzenbide hori foru-araubidearen osagai izango ez balitz bezala. Probintzia edo herrialde haien ustez, foruen kontrako erasoa gogorragoa zen 15. artikuluan.

Horren aginduz, zuzenbide erkideko probintzietan jaioak kodearen menpe geratu ziren, estatuko Konstituzioak Espainian jaioak direnei espainiartasuna aitortzen dien modu berean.

12. artikuluak, bada, foru-araubidea oso-osorik iraunarazteko agindu du, eta, 15. artikuluko xedapena 12. artikulutik aparte interpretatuz gero, zentzuzkoa da 15. artikulu hori foruen kontrakoa del a ulertzea, foruek gurasoen izatea aitortzen baitie beti seme-alabei.

Nolanahi den ere, kodearen xedapenak ezin dira isolaturik interpretatu, baizik eta batzuek besteekin dituzten harremanak kontuan hartuz. Hori eginez gero, 15. artikulua uler zitekeen, 12. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe. Izan ere, azken horrek foru-araubidearen osotasuna aitortu du, 1888ko maiatzaren 11ko Legearen 5. artikuluko manu argi eta erabakigarria zuzen-zuzen betez.

Interpretazio horrek ez zuen behar beste baretu 15. artikulua beste modu batera ulertzen zutenen egonezina. Hori del a eta, Atalak ahaleginak egin ditu, artikulu hori argitu eta beraren egiazko esangura finkatzeko. Horrela, goganbehartsuenak ere ezin du zalantzarik izan, artikulu horren bitartez ez baita inolako berrikuntzarik sartu probintzia forudunetako araubidean.

Atalak, modu berean ere, 29. artikuluaren forma aldatu du, horren kontzeptua aldatu gabe; artikulu horrek hilondoko umeen izate eta eskubideak adierazi ditu.

Artikuluaren jatorrizko idatzaldiari helduta, jaiotzak giza nortasuna ekarri arren, legeak, kasu frankotan, jaioaren eskubideak atzeraeraginez aplikatzen zituen aurretiazko data batean.

Kasu horiek kodearen toki desberdinetan jaso ziren, eta, horietan guztietan, hilondoko umeak onuraren bat eskuratu ahal zuen. Xedapen berriak ez du aldatu antzinako legeriaren manua; antzinako horretan, hilondoko umea jaiotzat jotzen zen, berarentzat onuragarri izan zitezkeen autu guztietan.

Hori berori da, hain zuzen ere, 29. artikuluaren esangura. Horretan zalantzarik izan ez dadin, artikulu horren idatzaldia aldatu da, antzinako zuzenbideak hartutako formula generiko eta tradizionala barneratuz.

Ildo beretik, okerretara interpretatu izan da 54. artikulua. Okerreko interpretazio horren eraginez, artikulu hori dela medio, ezkontza frogatzeko nahikoa da egoera-edukitza osatzea seme-alabak legitimoak direla adierazten duten jaiotza-aktekin.

Edonondik begira dakiola ere, froga hori ordezkoa da, eta froga nagusirik ez dagoenean bakarrik onar daiteke. Froga nagusia 53. artikulura bildu da. Artikulu horrek adierazten duenez, bihar-etziko ezkontzak Erregistro Zibilaren akten bitartez frogatuko dira, eta, halakorik izan ezean, beste froga-mota batzuk onartu ahal izango dira.

Bada, kasu horretan bakarrik, eta ordezko froga gisa, 54. artikuluak egoera-edukitza onartu du.

Dena den, inork arazo horretan zalantzarik ez izateko, Atalak artikulu hori aldarazi du, eta, bertan, aurreko artikulura igorpena egin eta beren beregi ezarri da egoera-edukitza, aipatu inguruabarrekin batera, frogabide gisa erabili ahal izatea, edozein arrazoiren ondorioz Erregistro Zibilik ez dagoenean bakarrik.

Kodea kopiatu edo inprimatzean, bi hitz galdu ziren. Horrek eragin zuen jarraikoa uste izatea: 85. artikuluak Gobernuari eskuespena eman dio, ezkontza zibilaren kasuan ezkontzazko ahaidetasunaren eragozpena zuzeneko lerroan kentzeko.

Horregatik, galdutako hitzak erantsi behar dira, eta, horretara, benetako testua osatu eta artikulu horrek eragin duen okerra aienatuko da.

Atalak Ezkontzari Zibilari buruzko Legetik 102. artikulua hartu eta kodera bildu du; artikulu horren aginduz, ezkontzaren deuseztasuna eskatzeko akzioa publikoa da. Hori egitean, Atalak ulertu zuen, eta gaur egun ere horixe uste du, akzio publikoa ez del a herritar orok egikaritu ahal duena, ezpada Fiskaltzari dagokiona.

Zernahi gisaz, batzuen ustez, artikuluaren idazkera ikusita, edonork eragin ditzake deuseztasun-demandak, besterik gabe, asmo gaiztoa edo zilegi ez den interesa izanik. Ondorenez, Atalak berridatzi egin du artikulua, akzio hori egikaritzeko aukera mugatuz. Orain, akzio hori egikari dezakete ezkontideek, akzio horretan nolabaiteko interesa dutenek, eta, aipatu mugekin, Fiskaltzak ere bai.

Kodeak ez du baitaratu berezko mantenu eta mantenu zibilen arteko bereizketa zaharra. Kodeak aitortu du bi izen horiek esangura desberdina dutela, mantenu-betebeharrak bere barnean hartzen dituen zerbitzuei dagokienez.

Kodeak ez zuen behar beste aintzat hartu bereizketa hori, pertsona desberdinei mantenu-eskubidea ematen baitie, bai legeak edo aspaldiko jurisprudentzia baieztatuz, bai jurisprudentzia hori osatu nahiz finkatuz.

Modu horretan, Atalak mantenu osoa eman die ezkontideei, ondorengo eta aurreko legitimoei, gurasoei, eta odoleko seme-alabei ere bai, horiek legitimatuak izan direnean edo euren seme-alabatasuna aitortua izan denean. Kontrara, mantenua murriztu egin da, guraso eta seme-alaben artean, seme-alaba horiek, legitimoak ez izateaz gain, odolekoak ere ez direnean, bai eta neba-arreba odolkide edo sabelkideen artean ere, neba edo arreba horietako batek ezin badu bere biziraupena ziurtatu berari egotzi ezin zaizkion karien ondorioz.

Bigarren liburuaren 1. tituluko 3. kapituluak herri-jabariko ondasunak sailkatu zituen, baina sailkapen hori ez zen oro hartzailea izan, edo, behintzat, kasu berezietan zalantzak sor zitzakeen.

Hori dela bide, Atalak egokitzat jo du ondasunok euren destinoaren arabera definitzea, ez, ostera, horien izen eta euren arteko antzekotasunen arabera. Ondoren, Atalak adierazi du adibideak besterik ez direla lehen sailkapenaren arau esklusibo ziren horiek.

Estatuan dagozkio guztion erabilerarako destinaturiko ondasunak, eta, horiez gain, guztion erabilerarako izan gabe, herri-zerbitzurako destinaturik dauden ondasunak.

Batzuk eta besteak herri-jabariko ondasunak dira; ondare-ondasunak ere estatuari dagozkio, baina ez dute halako inguruabarrik.

Bereizketa bera antzeman daiteke herri eta probintzien ondasunen artean; desberdintasun bakarra da halako ondasunen jabetza probintzia edo herriena izatea.

570. artikuluak adierazten duenez, indarrean diraute ezarritako abeltzaintza-zortasunek. Artikulu hori zabaldu beharra dago, zortasun horiei bihar-etzi aplikatuko zaien araubidea argiro-argiro zehazteko. Horrela, ez da uste izango aurretiazko legerian aipaturiko zabalerak zortasun batzuentzat desagertuko direnik. Gainera, gerogarrenean ezarriko diren nahitaezko zortasunen neurriak finkatuko dira, zortasun horien destinoa abelburuentzako bidea eta uraska direnean.

Helburu horiek erdiesteko, eskuratutako eskubideak barne-barnetik errespetatu behar dira, eta, hori lortzeko asmoarekin, aipatu artikulua berregin du Atalak.

591. artikuluak ez du ahalbidetzen inoren lurretik hurbil zuhaitz handiak landatzea, hiru metroko tarterik uzten ez bada, ezta zuhaitz txikiak edo zuhaixkak landatzea ere, bi metroko tarterik uzten ez bada.

Tarte horiek bi lurrak banatzen dituen lerrotik neurtu behar dira. Tarteok gehiegizkotzat eta bidegabekotzat hartu izan dituzte batzuek; euren aburuz, tarte txikiagoak jarri arren, inoren jabetzapeko lurrean ez litzateke usurpazio edo kalterik gertatuko.

Atalak hori berori uste izan du, eta, horren ondorioz, harako tarteak murriztu ditu. Gaur egun, bi metroko eta berrogeita hamar zentimetroko tarteak ezarri dira, hurrenez hurren, salbu eta nekazaritzako ordenantzek kontrakoa xedatzen dutenean edo herriko ohiturak besterik baimentzen duenean.

Espainiako zuzenbide zaharra ez alboratzeko, Atalak onartu zuen jaraunsle izan eta testamentua egiteko debekua ezartzea monasterio-ordenetan txirotasun-boto solemneak egin dituzten erlijiosoei.

Zuzenbide kanonikoak jarauntsiak edukitzeko ahalmena kendu zien halakoei, baina ez zien kendu jarauntsiok eskuratzeko ahalmenik; beraz, eurek eskuraturiko jarauntsiak monasterioei eman behar zitzaizkien.

Bide horretatik, lege zibilak bi helburu lortu nahi zituen: manu kanonikoa bete dadin sustatzea eta, neurri batean, ondasun higiezinen amortizazioak zekartzan aurrerakuntzak geldiaraztea. Horretarako, lege zibilak erlijiosoei kendu zien atxiki ezin zuten hori eskuratzeko eskubidea; halakoaren jabaria nahitaez eman behar zitzaion kasuan kasuko erlijio-erkidegoari.

Debeku horren ondorioz, monasterioek erabateko gaitasuna zuten ondasun higiezinak eskuratu eta edukitzeko.

Lege zibil berriek monasterioei gaitasun hori kendu dietenetik, eta, are gehiago, monasterioak eurak ezabatu dituztenetik, eraginik gabe geratu da, egitez, manu kanonikoa.

Behar besteko justifikaziorik izan ez arren, legeek erlijiosoei debekatu diete testamentua egitea, eta testamentu bidez nahiz abintestato ondasunak eskuratzea ere bai. Ondorenez, behin baino gehiagotan, antzinako debekuak indarrik gabe utzi dira, eta bete-betean iraun dute, ordea, desamortizazio-legeek eta erlijio-korporazioei lege-aitorpena ukatu dieten legeek ere bai.

Dena den, guztion onerako aldatu egin dira estatu eta Elizaren arteko harremanak. Monasterio-ordenek estatuaren onarpen edo jasamena hartu dute. Hori dela eta, hurrengo zalantza sortu da: testamentua egiteko, eta oinordetza eta jarauntsi bidez ondasunak eskuratzeko, ea ezgaitasun zaharrak berrezarri diren.

Esan legez, Atalak baiezko erantzuna eman du, konponbide hori zuzenbide kanonikoarekin hobeto uztartzen delako.

Zernahi gisaz, gotzain itzaltsu batzuek euren haserrea erakutsi dute Senatuan, eta alderdi desberdinetako hizlari entzutetsu batzuek, arrazoi desberdinak direla medio, eta, are gehiago, elkarren aurkako arrazoiak direla medio, kontrako konponbidea eskatu izan dute. Euren aburuz, behin erlijio-erkidegoei jarauntsiak eskuratu eta edukitzeko eskubidea itzuli eta gero, zuzenbide kanonikoaren arau guztiak beteko dira, eta herritar guztiei zor zaien berdintasuna bermatuko da, lanbide edo egoeraren arabera, eta erlijioso eta laikoen artean inolako bereizkeriarik egin gabe.

Oharbide horiek guztiak kontuan izanik, Elizako prelatu duinekin bat egiteko asmoarekin, eta monasterioei jarauntsiak eskuratzeko eskubidea aintzatetsi eta gero, Atalak ezabatu egin du, testamentua egiteko eta jaraunsle izateko ezgaitasunen artetik, boto solemneei lotutako erlijiosoena.

Testamentuei buruzko kapituluan, Atalak beste aldakuntza batzuk egin ditu. Aldakuntza horien guztien helburua da euren kautotasuna ahalik eta ondoen zehaztu eta faltsukerien arriskua aienatzea.

Ikusmolde horretatik, eta Gorteetan egindako adierazpenak onartuz, Atalak murriztu egin du testamentu olografoa egiteko ahalmena. Adin nagusikoek bakarrik izango dute ahalmen hori; dena den, nahikoa izango da hamalau urtekoa izatea, beste forma baten bidez testamentua egiteko.

Modu berean ere, testamentu irekia egiteko egintza neurri egokiagoetara murriztu da. Halaber, pertsona ezezagunena beste betekizun batzuekin bermatu da. Aldi berean, halako egintzak eskuesten dituzten notarioen erantzukizuna muga zehatzenetan finkatu da.

Testamentugileen azken nahia beteko del a ziurtatzeko helburu berberarekin, murriztu egin dira, neurri batean behinik behin, testamentu itxien baliozkotasuna eta deuseztasuna zehazteko beharrezkoak diren baldintzak.

995. artikuluak baldintza zehatza ezarri zion emakume ezkonduari, hain zuzen ere, jarauntsiak inbentario-onuraren arabera onartzea nahitaez. Baldintza hori, gehiegizkoa izateaz gain, bidegabekoa ere bada.

Aurretiazko arauketa horretan, alaba behartuta zegoen bere guraso edo seme-alaben jarauntsia protesta horrekin onartzera. Hori, kasu frankotan, eta, are gehiago, kasurik gehienetan, kaltegarria zen alabek gurasoenganako dituzten begirune eta maitasun-sentimenduentzat, eta ez zegoen pisuzko arrazoirik hori justifikatzeko.

Zenbait inguruabarretan, aurreneurri hori beharrezkoa izan daiteke, eta, horrelakoetan, emakumearentzat onuragarri gertatzen bada, emakumeak neurri hori erabil dezake, horretara behartuta egon ez arren.

Batzordeak ulertu izan du ahalmen horrekin behar beste babesturik geratuko direla ezkontzako interesak; gainera, jarauntsia onartzean ezkontzako sozietatean dauden ondasun guztiak ez dira nahitaez geratu behar jarauntsiko Zorren erantzukizunaren menpe.

1280. artikuluak kontratu zehatz batzuk aipatzen ditu; kontratu horiek, euren objektu edo izaeraren arabera, agiri publikoan agerrarazi behar dira, horien zenbatekoa edozein izanik ere.

Xedapen horrek eragozpenak ekar ditzake, garrantzi txikiko kontratuak oztopaturik gera baitaitezke, horiek agiri publikoan jasotzeak eragin ditzakeen gastuen beldurrez.

Arrisku hori saihesteko, 1280. artikuluari eransketa bat egin zaio. Eransketa horren ondorioz, ez dute halako formalitaterik behar artikulu bereko sei zenbakietan jasotzen ez diren kontratuek; kontratu horiek idazki pribatuan agerrarazten badira, eurok baliaraz daitezke, nahiz eta euren zenbatekoa kopuru jakin batetik gorakoa izan. Zenbateko txikiagoko kontratuak izanez gero, ez da inolako solemnitaterik behar.

Era berean, 1296. artikulua zuzendu da. Artikulu horrek hutsalketatik kanpo utzi zituen adingabeek egindako ezkontza-itunak, itunok egitean adingabeen tutoreek parte hartuz gero. Izan ere, itun horietan ez dute tutoreek esku hartzen, eta, horren ondorioz, itunok ezin dira izan artikulu horrek arautzen dituen kontratu-motak.

1291. artikuluko 1. zenbakiari egindako aipamena okerrekoa da, artikulu bereko 2. zenbakia aipatu behar delako; beharbada horrek eragin ditu gaizki-ulertuak.

Azken zenbaki horretan, absenteen ordezkariek egindako kontratuak aipatzen dira, kontratu horiek epailearen baimenarekin egin direnean; inguruabar horiek berez nahiko dira, kontratu horietan hutsalketarik izan ez dadin.

Edonondik begiratuta, adingabeen ezkontza-itunak euren aurrekoen nahiz Familia Kontseiluaren esku-hartzearekin egiten dira, baina itun horiek ekitatearen aldetik ez dute behar besteko bermerik ematen, hutsalezinak direla adierazi ahal izateko.

Bestalde, Gorteetan eztabaidagaia izan zen 1523. artikuluan aipaturiko luze-zabala; elkarren ondoko lurrek luze-zabal hori izan behar zuten, mugakideen arteko atzera-eskuratzea egikaritu ahal izateko.

Atalak konponbidea eskaini nahi izan du, denboraren poderioz lurraren gaineko jabetza gehiegi zati ez dadin, batik bat, gehiegitasun horrek oztopo gaindiezinak jartzen dizkionean aberastasunaren garapenari. Horrela, beste nazio batzuen ereduari ekinez, jabe mugakideei atzera-eskuratzeko eskubidea eman zitzaien, euren ondoko lurrak bi hektareakoak edo txikiagoak zirenean.

Diputatu jaun batzuen iritziz, luze-zabal hori gehiegikoa da, eta 50 zentiareetara mugatu beharra dago.

Halaber, Atalak ezarri zuenez, bi jabek baino gehiagok eskatzen badu atzera-eskuratzea, lehenespena izango du finkarik txikiena duenak, ez, ordea, finkarik handiena duenak, harako artikulua kritikatu izan duten horietatik batzuek gerogarrenean proposatu izan dutenaren kontra.

Azaldu oharrak kontuan harturik, Atalak onartu du atzera-eskuratzeko eskubidearen menpe dauden lurren luze-zabala erdira murriztea. Edonola ere, Atalaren aburuz, bere horretan geratu behar da finkarik txikienaren ugazabak duen lehenespena, horixe baita atzera-eskuratzearen helburuekin ondoen uztartzen den konponbidea.

Aitzitik, Atalak gustura onartu du notario aren agindeiari buruzko formalitatea ezabatzea.

Kodeak ez du ezer xedatzen aurreko legeriaren menpe eratutako foro eta azpiforoei buruz; euren arauketa lege berezi batera bildu behar da, hain zuzen ere, hainbat aldiz iragarri eta oraindik egiteke dagoen lege berezi horretara.

Dena den, 1611. artikuluak tasa bat finkatu du kodea aldarrikatu baino lehen ezarritako zentsuak luditu ahal izateko. Hori del a eta, zalantzan jarri da xedapen hori foroak luditzeko erabil daitekeen ala ez.

Ez du ematen zalantza oinarriduna denik, artikuluak berak zentsuak bakarrik aipatzen dituelako. Dena den, zalantza hori argitzeko asmoarekin, Atalak eransketa bat egin dio artikuluari, foroak artikulu horretatik kanpo geratzen direla adieraziz.

Senatari eta diputatu jaun batzuek zenbait xedapen iragankorren falta nabaritu zuten kodean; xedapen horien helburua izango zatekeen erregulartasunez eta justiziaz zehaztea antzinako legeriatik legeria berrira eman beharreko pausoa; horrela, antzinako legeria horrek ez zukeen atzeraeraginezko ondorerik izango, eta errespetatu egingo ziratekeen aurreko araubidearen menpe lege bidez eskuratutako eskubideak.

Hizlari horien oharbidea oinarriduna da oso.

Izan ere, ez da nahiko 1976. artikuluak hurrengoa esatea: legerian izandako aldaketek kalte egiten badiete eskuratutako eskubideei, ez dute atzeraeraginezko ondorerik izango. Gaur egun eskubide horiek definitu eta zehaztea da, hain zuzen ere, legegintza-zientziak dituen arazoetatik zailenetarikoa.

Beharbada, egokiagoa izango zatekeen hori lege bereizi batean egitea. Horixe egin zuten Italian eta beste herri batzuetan ere bai; horietan, xedapen iragankorrak eman zituen, bai Botere Legegileak zuzenean, bai Gobernuak konstituzio-baimenarekin.

Espainian lege hori ez da eman, eta, are gehiago, berori prestatzeko lanak hasi ere ez dira egin. Atalak, nolanahi ere, kodean egin behar ditu bere ustez beharrezko eta komenigarri diren zuzenketa eta eransketak, bi erakunde legegilekideetan izandako eztabaidak aintzakotzat harturik. Hori dela eta, Atalak uste du bere eginbeharra del a erregela zehatz batzuk ematea; horien bitartez, xedapen berriak aplikatu ahal izango dira, xedapenok, neurri batean behintzat, aurretiaz eratutako zuzenbidea aldatzen duten heinean.

Lan zail hori burutzeko, bi sistema erabil daitezke: bata, aldaketa horiek guztiak xehetasunez aipatzea, kasuan-kasuan aplikatu behar den zuzenbidea aipatuz; eta, bestea, erregela orokorrak ezartzea, hau da, mota horretako kasu guztietan aplika daitezkeen erregela orokorrak ezartzea.

Sistema horietatik lehendabizikoan, kasukeria zehaztugabea eta, agian, akastuna ere gerta daiteke. Bigarrena, aldiz, hobeto uztartzen zaio sistemaren helburuari berari; hala ere, horren betearazpena zaila izan daiteke, eta ezin du emaitza oro hartzailerik ekarri, hots, ezin du erabat baztertu kasu zehatzentzat erregela bereziak emateko beharrizana.

Hortaz, lege-aldaketa batzuek kalte egiten badiete aurretiaz eskuratutako eskubideei, eta, ondorenez, lege horiek ez badira aplikatu behar atzeraeragintasunez, aldaketok identifikatzea nahitaezko gertatzen da.

Horretarako, ez da nahiko halako lege-xedapenen artean sartzea oraingo onura, interes edo akzio juridikoren bat galtzea dakarten guztiak. Eskubidearen izatea, eragingarritasuna edo hedadura ez bada titularraren borondatearen araberakoa, titular horrek igurikimena izan dezake, baina ez du benetako eskubiderik eskuratu.

Horregatik, bizirik dauden pertsonen jaraunsle legitimoek eta izendatutako jaraunsleek, baita legatu-hartzaileek ere, ez dute inolako eskubiderik eskuratzen, harako pertsonak hil arte. Gerogarrenean zerbait eskuratzea gertakizun desberdinen menpe geratzen da, dela harako pertsonen heriotzaren menpe, dela euren aberastasunak dituen gorabeheren menpe, del a testamentugileen borondate aske eta aldakorraren menpe ere.

Oharbide horiek oinarri moduan hartuz, batzordeak arriskutsutzat jo du eskuratutako eskubideei buruzko definizio abstraktua. Hori dela eta, batzordeak nahiago izan du gehiengoak onartzen dituen doktrinei eustea, agindu orokor batzuk onartu eta erregela zehatzak ezarriz; azken horiek kasurik ohikoenei aurre egiteko balio izango dute, eta horien antzeko kasuetan ere irizpide gisa erabili ahal izango dira.

Konpondu beharreko lehenengo arazoa da eskubideen abiapuntua zehaztea, antzinako legeriaren menpe zein eskubide geratzen den eta legeria berriaren menpe, berriz, zein geratzen den jakiteko.

Eskubide oro sortzen da, nahitaez, gizakiaren borondatezko egitate baten ondorioz, edo, bestela, borondatetik kanpoko egitate baten ondorioz; egitate horren data kodea aldarrikatu aurrekoa nahiz ondokoa izan daiteke. Data horrek zehaztuko du zein legeria aplikatu behar zaion harako egitateak eratortzen duen eskubideari.

Eskubidea aurretiazko legeriaren menpeko egitate baten ondorioz sortu bada ere, eskubide hori errespetatua izan dadin ez da beharrezkoa berori legeria horren menpe egikaritzen hastea. Eskubide horrek izate legitimoa du bera sortzean indarrean dagoen legeriarekin bat etorriz, eta titularraren borondatearen araberakoa da eskubide hori egikaritzen hastea ala ez hastea. Hori dela eta, eskubide hori eskuratuta dago, jadanik eragingarritasuna sortu duen edo sortzen ari den beste edozein eskubide bezala.

Dena den, eskubide berria izanez gero, hau da, kodean lehenengoz ezartzen den eskubidea izanez gero, eta aurretiazko legeriak ez badu halakorik aitortu, eskubide horri kodea bera aplikatu behar zaio, nahiz eta eskubide hori sorrarazi duen egitatea aurretiazko legeriaren menpe sortu. Salbuespena da eskubide horrek legeria berberaren menpeko beste eskubide bati kalte egitea; halakoetan, begirune handiagoa zor zaio kalteak izango dituen eskubideari, dohaineko onura jasoko duenari baino.

Behin 1. erregelak printzipio hori ezarri eta gero, ezin da inolako berrikuntzarik egin ama direnen lege-egoeraren gainean, baldin eta, ama horiek alargun izan eta guraso-ahala egikaritzen dihardutela, berriz ezkondu badira kodea indarrean jarri baino lehen; kodea indarrean jarri eta gero ezkontzen diren ama alargunei, ostera, kodeak berak guraso-ahala kentzen die.

Arrazoi bera dela bide, testamentugilea edo jarauntsiaren kausatzailea hiltzean indarrean dagoen legeriaren arabera kalifikatu behar dira jaraunsle izateko ezgaitasun erabateko nahiz erlatiboak.

Zio berbera dela medio, eta 1. erregela horrekin bat etorriz, ezin da ulertu in integrum berreskuraketaren onura galdu dutenik aurretiazko legeriaren arabera onura hori lortu zuten pertsonek, baldin eta konpondu beharreko galera zein egitatek ekarri eta egitate hori harako araubidearen menpe gertatu bada. Egitate hori geroago gertatu bada, ostera, kodearen IV. liburuko 2. tituluaren 5. kapituluko xedapenak aplikatu behar dira.

Modu berean ere, 1. erregela horrek ondorioztatzen du 7.a. Zazpigarren horri helduta, aita, ama eta aitona-amonek ezin dituzte kendu kuradoretzaren ondorioz eratutako fidantzak, kuradoretza horren egikaritza badute euren ondorengoen gainean.

Berme hori adingabe eta ezgaituek eskuratutako eskubidea da, eta, bidegabekeriarik egin gabe, ezin zaie eskubide hori kendu. Dena den, aurrerantzean lege berriak fidantza emateko betebeharra kentzen die lehen aipatutako pertsonei, horiei euren ondorengoen tutore izateko deitzen zaienetan.

Erregela orokor horretatik beste batzuk ateratzen dira, eta Atalak horiek ere jaso ditu, adibide gisa besterik ez bada ere.

Horrela, 2. erregelarekin bat etorriz, aurretiazko legeriaren araubidepean burututako egintza eta kontratuak baliozkoak badira legeria horren arabera, baliozkoak izan behar dira, era berean, kodea aldarrikatu eta gero, betiere xedapen iragankorretan halako egintza eta kontratuak betearazteko ezartzen diren mugekin.

Hori dela eta, baliozkoak izan behar dira harako legeriaren menpe eta beraren arabera egindako testamentuak, gerogarrenean modu kautoan egiletsi zein egiletsi ez.

Horregatik, nahiz eta kodeak onartu ez, testamentu mankomunatuak, testamentua egiteko ahalordeak, testamentuko memoriak eta ad cautelam deituriko klausulak baliozkoak dira, baldin eta horiek egin badira halakoak baimentzen zituzten legeak indarrean zeudenean; gauza bera esan daiteke fideikomisoen inguruan, horietan testamentugileak fiduziarioari agintzen badio bere ondasunei destino ezezaguna emateko.

Hala ere, kodea indarrean jarri eta gero, ezin dira halakoak aldatu, ezta aldarazi ere, kodearen arabera beste testamentu bat egiten ez bada; izan ere, aurretiazko araubidearen menpe lege bidez egin zitekeena ez da zilegi araubide berriaren menpe errepikatzea.

2. erregela horren ondorenez, ezin da aldatu mantenua eman edo jasotzen ari diren pertsonen lege-egoera, egoera hori sortu bada kodea aldarrikatu baino lehenagoko itun baten bidez. Halaber, aurreko legeriaren menpe adoptaturiko seme edo alabak ez du galduko guraso adopzio-hartzailearen abintestato jaraunslea izateko eskubidea, nahiz eta gerogarrenean adoptatutakoei kodeak halako eskubiderik aitortu ez.

Aurretiazko araubidearen menpe egindako ezkonsari eta dohaintza-mota guztiak kolazionatzeko ere, aurretiazko erregelak aplikatu behar dira, kodeak jasotzen dituen horietatik aldendu arren.

Ildo beretik, 2. erregelaren ondorioa da 6.a ere bai. Azken horri helduta, gurasoak semea edo alaba emantzipatu badu, eta hori egitean bere buruarentzat erreserbatu baditu seme edo alaba horrek dituen ondasun adbentizioen gaineko eskubideak, eskubideok dauden-daudenean iraungo dute.

Eskubide horiek guztiak sortu dira aurretiazko legeriaren menpe egindako itun edo hitzarmenen ondorioz. Horregatik, errespetu osoa zor zaie, nahiz eta kodeak halakorik aitortu ez edo beste modu batera aitortu.

Egoera berean izango dira beste eskubide batzuk ere, horiek sortu badira euren garaian zilegi ziren kontratuetatik, nahiz eta gero halako kontraturik onartu ez.

Arrazoi bera dela medio, aurretiazko legeriaren menpe gertaturiko egitateetatik eskubideak sortu badira, eskubide horiek errespetatu behar dira, eta euren ondoreak ekarri behar dituzte. Modu berean ere, aurretiazko legeriaren arabera zigor zibilik edo eskubide-galerarik ekartzen ez zutenek ez dute orain ere halakorik ekarri behar, garai hartan betearazi izan badira, nahiz eta kodeak gero harakoa ezarri.

Kasu horretan izan daitezke, besteak beste, pertsona egokiaren lizentzia edo aholkurik gabe egindako ezkontzak.

Hortaz, zuzena da aurretiazko legeriaren menpe eskuratutako eskubideak errespetatzea, nahiz eta eskubide horiek egikaritu gabe egon. Hala eta guztiz ere, ez dago justiziaren eskakizunen artean halako eskubideen geroko egikaritza, iraupena eta horiek baliarazteko prozedurak kodearen manuetatik kanpo geratzea.

Xedapen horiek guztiak prozedurari buruzkoak dira, eta jakinekoa da mota horretako legeak atzeraeraginezkoak izan daitezkeela.

Horretara, 4. erregelaren arabera, eskuratutako eskubideak oraindik ez badira egikaritu kodea indarrean jartzean, eskubide horiek baliarazteko erabili behar dira kodean bertan ezarritako prozedurak; baina prozedura horiek bukatzeke badaude garai horretan, interesdunei dagokie halakoen eta prozedura berrien artean aukeratzea.

Erregela berberaren ondorioa da S.a ere. Azken horrek dioenez, karguari euts diezaiokete kodea indarrean jarri aurretik izendatutako tutore eta kuradoreek, bai eta absenteen ondasunak aldi baterako eduki eta administratzen dituztenek ere; alabaina, kargu horren egikaritzaz denaz bezainbatean, legeria berriaren menpe geratuko dira karguok.

2. erregelak ere 9.ean xedatutakoa ondorioztatzen duo Azken horrek agintzen duenez, auzitegiek eman beharreko ebazpenaren zain badago tutoretza eta kuradoretza jakin batzuen eraketa, eraketa hori aurretiazko legeriaren arabera burutu beharko da. Hori gorabehera, karguan diharduten kuradoreei tutore izen generikoa emango zaie, eta, horrez gain, horiek guztiek euren karguak bete behar dituzte, kodearen xedapenekin bat etorriz.

Bide berean, 2. erregelatik ateratzen da 11.a. Horren aginduz, adopzio, borondatezko emantzipazio eta lege-barkatzeari buruzko espedienteek aurrera egin behar dute, horiek erabakitzeke badaude Gobernu edo auzitegietan.

Ondorenez, gai honetan oinarrizko erregela da eskubidea eskuratzeko unean indarrean dagoen legeria aplikatzea. Dena den, erre gel a horren zorroztasunak salbuespen batzuk izan behar ditu, garrantzi txikiko salbuespenak badira ere. Ez datoz beti bat kodearen arabera guraso-ahalak seme-alaben ondasunen gainean dituen ondoreak eta aurretiazko legeriaren arabera halako kasuetan sortzen zirenak. Horren ondorioz, ondoreen arteko desberdintasunak daudenean, aurretiazko legeria aplikatu behar da, baldin eta gurasoek euren ahala egikaritzen badihardute legeria horren arabera. Nolanahi den ere, zuzenbide modernoan, guraso-ahalak ez du legeria erromatarrak eman zion esangurarik, eta kodearen autoreek ere horixe uste izan dute. Gurasoek duten babes-ahalmenari guraso-ahal deitu ohi zaio. Ahal hori ez da gurasoen euren onurarako, ezpada gurasoek izaeraz eta legez seme-alabei begira dituzten eginbehar gorenak errazago betetzeko. Helburu hori erdiestera bideratuta daude gurasoen aginteari egindako aitorpena, eta ondareen luperketa eta administrazioa ere. Arrazoi berberaren ondorioz, gurasoari ahalmen horiek eman eta ziurtatu behar zaizkio, ahalmen horiek zein eginbehar betetzeko eman eta eginbehar horrek indarrean dirauen heinean. Hortaz, guraso-ahaletik irtetean, seme-alabek nahiago badute gurasoen agintepean eta egoitzan bizi, eta, kasu horietan logikoa denez, gurasoen zuzendaritza eta aholkuei men egitea, badirudi zentzuzkoa dela ondareen administrazioak eta gozamenak indarrean irautea, aurreko legeriaren arabera horiek izan behar zuten epe osoan zehar. Horrelakoetan, gurasoen aginte eta ahalmenak ez dira luzatuko legegilearen aginduz, baizik eta seme edo alabaren isilbidezko borondatearen ondorioz. Arrazoi berberaren ondorioz, hogeita hiru urtekoa baino nagusiagoa den seme edo alabak gurasoaren etxetik alde egin duenetik, ezerezean geratuko da 5. erregelaren uztarri den presuntzioa. Ondorenez, indarrik gabe geratuko dira gurasoari ondareko ondasunen gainean dagozkion administrazio- eta gozamen-eskubideak.

Edozein modutan ere, gurasoaren eskubideak sortu badira aurretiazko araubidearen menpe eta gurasoak berak, elkarrekiko baldintzekin, lege bidez eta borondatez, burutu duen egintza baten ondorioz, justiziak berak agintzen du egintza hori errespetatu eta horri eustea, inolako mugarik gabe. Horretara, gurasoak bere borondatez semea edo alaba emantzipatu badu ondasun adbentizioen gainean eskubideren bat bere buruarentzat erreserbatuz, guraso horrek eskubidearen luperketari eutsiko dio, harik eta aurretiazko legeriaren arabera zein epetan seme edo alabaren gaineko guraso-ahala azkendu eta epe hori bete arte.

Era berean, eta gai honetan agintzen duen printzipioari begira, salbuespenekoa da, nolabait, 10. erregela. Erregela horrek murrizketa batzuk jarri ditu Familia Kontseilua berehalakoan ezartzeko, tutoretza jadanik eratuta badago edo kodea indarrean jartzean eratzeke badago.

Erakunde berri hori guztiz ezezaguna da Espainian. Horregatik, berori arian-arian eta tentuz ezarri behar da; bestela, ez da arrakastatsua izango.

Hori dela medio, etorkizunean gertatuko den hori arautuz, kodeak xedatu du udal epaile eta fiskalek ofizioz izendatu behar dutela Familia Kontseilua, jakin dakitenean euren lurraldean norbait tutoretzapean dagoela. Atalak ulertu izan du manu hori adingabe edo ezgaituei aplikatu behar zaiela, noiz eta kodea indarrean jartzean euren gaineko tutoretza oraindik behin betiko eratu gabe dagoenean bakarrik. Dena den, kasu horretan eta tutoreak lanean diharduenean ere, kontseilua izendatu behar da, pertsona interesdunak hala eskatzen badu edo edozein egintza burutzeko beharrezkoa bada kontseilu horren esku-hartzea.

Erakunde berria ohituretan sartzen ez den bitartean, fiskalak bere ekimena erabiltzen badu kontseiluaren eraketa sustatzeko, ekimen horrek, onurak baino gehiago, kalteak ekar ditzake.

Arrazoi berberaren ondorioz, tutoretza jadanik eratuta badago aurretiazko legeriaren araubidepean, kontseilua izendatuko da, berori osatzeko eskubideak dituzten pertsonetatik edozeinek edo tutoreak berak hala eskatuta. Ziur asko, halako erakundeak sarritan sortuko dira, maiz gertatzen baita adingabearen egintzak edo beraren ondarearen administrazioa legez ezinezkoak izatea, Familia Kontseiluaren esku-hartzerik gabe.

Erakunde berriaren izatea eta praktika, denboraren poderioz, halako kasuen araberakoak izango dira, fiskalaren berezko akzioaren araberakoak baino gehiago.

12. erregela ere, neurri batean, salbuespenekoa da. Horrek agintzen duenez, testamentuaren bidez nahiz testamenturik gabe, hildakoen jarauntsietan norbaiti eskubide batzuk badagozkio kodea indarrean jarri baino lehenago, eskubide horiei aurretiazko legeria aplikatuko zaie. Aitzitik, kodearen arabera banatu eta adjudikatu behar dira gerogarrenean hil diren pertsonen jarauntsiak. Hori agindu eta gero, harako erregelak xedatzen du seniparte, hobekuntza eta legatuak errespetatu behar direla, baina euren kopurua urritu beharra dagoela, baldin eta jarauntsiko partaide bakoitzari ezin bazaio eman lege berriaren arabera dagokiona.

Aurretiazko legeriak, indarrekoak ez bezala, ez zien seniparte-zatirik eman ezkontideei, ezta odoleko seme-alabei ere; gainera, ez zion gurasoari biderik eskaini, bere hartzekoaren herena askatasunez xedatzeko.

Aurretiazko legeriaren araubidepean baliozko testamentua egin nahi zuenak, seme edo alabarik izanez gero, ezin zituen xedatu bere ondasunen bostenak baino gehiago, eta, seme edo alaben artean edozein hobetzeko, herena besterik ez zuen.

Pertsona hori kodea indarrean jarri eta gero hilez gero, bere heriotza data dela-eta handitu egingo da testamentugileak xeda dezakeen zatia, eta, ondorenez, txikiagotu egingo da senipartea, eta, hala denean, hobekuntzak handitu. Horregatik, testamentua bete beharko da jarauntsiko portzioak urrituz edo handituz, hori beharrezkoa den heinean. Horrela, jarauntsian nahitaez parte hartu behar duten guztiek eskura dezakete zuzenbide berriaren arabera eurei dagokiena.

Kodearen beraren eta antzinako zuzenbidearen xedapenen artean, gatazka-kasuak sor daitezke, eta Atala sakontasunez saiatu da kodean halakoak bilatzen. Atalaren aburuz, gatazka ezagun guztiak konpon daitezke, aipatu erregela iragankorren bitartez. Dena den, Atalaren iritziz, komeni da beste kasu batzuk arautzea, horiek praktikan gerta baitaitezke, eta ez baitaude, ziur asko, xedapen iragankorretan zuzen-zuzenean barneratuta.

Horrelakorik gertatuz gero, auzitegiei dagokie euren ustez egoki dena erabakitzea; baina, horretarako, auzitegiek ezin dute nahierara jokatu. Aitzitik, 13. erregelaren arabera, auzitegiek aplikatu behar dituzte gainerako xedapen iragankorren oinarrian dauden printzipioak.

Aipatu zuzenketa eta eransketetatik kanpo, Atalak zuzenketa txiki batzuk egin ditu, kodearen lehenengo argitaraldian egindako estilo-akatsak, inprimatze-errakuntzak edo kopia-okerrak konpontzeko.

Horiek antzematea erraza izan daiteke, honekin batera datozen testuak argitaratutakoekin alderatuz gero. Horrela ikus daiteke euren arteko desberdintasunak ez direla batere garrantzitsuak izan; beraz, halakoak zuzentzeko arrazoiak begi-bistakoak izan dira. Hori dela eta, ez du merezi horrelakoak sakontzea.

Aurretiazko oharbide guztiak azaltzean, ezagutarazi nahi izan da horiek aipatzen dituzten lanetan eta horiek egitea bultzatu duen espirituan azpimarragarriena dena. Hori egin ondoren, Atalak uste du bere ardurapean jarritako agindua bete eta horrekin bukatu duela.

euskal legezalea