14/2010 Foru Legea, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea aldatzekoa
Nafarroako Parlamentua
14/2010 FORU LEGEA, uztailaren 1ekoa, Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legea aldatzekoa.
NAO 85. ALDIZKARIA - 2010ko uztailaren 14a
NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK,
Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:
FORU LEGEA, OSASUNARI BURUZKO AZAROAREN 23KO 10/1990 FORU LEGEA ALDATZEKOA.
ZIOEN AZALPENA
Datuak esanguratsuak dira, eta zeharo argigarriak. 2007an, zazpiehun emakume nafarrek borondatez eten zuten beren haurdunaldia, eta guzti-guztiek gure erkidegotik kanpo egin behar izan zuten hori. Nafarroan gertatzen den egoera Espainiako Estatuaren osotasunarekin alderatuta atipikoa da, Nafarroako Gobernuak bere morala inposatzen baitu emakumeek legez daukaten eskubidearen gainetik, eta emakumeak behartzen ditu beste autonomia erkidego batzuetara joatera, hala nola Euskadira, Madrilera edo Aragoira, zertarako eta Nafarroan ere legez ziurtatuta dagoen osasun-prestazio bat izateko.
Paradoxa da ezen, inposaturiko zama morala gorabehera, Foru Administrazioa dela zerbitzu hori ordaintzen diona hala eskatzen duenari. Alegia, ordaintzen duenaren helburua da Nafarroan indarreko legediaren babesean egin beharko litzatekeena beste erkidego batzuetan egiteko. Eta hori ageriko hipokrisia da.
Egoera horren aurrean, eta emakumeek Espainiako gainerako emakumeen baldintza beretan duten eskubidea defendatzeko, beharrezkoa da legedi argi eta zehatza taxutzea, interpretazioak egiten ibiltzea galaraziko duena eta osasun-prestazio horiek gure erkidegoan egiazki ematen direla ziurtatuko duena, moralarekin loturiko inolako zamak eragotz ez dezan legearen egiazko betetzea.
Azken batean, kontua da, adibide argigarri batzuk ipintzearren, Corteseko herritar diren emakumeek mugakide den Mallén herrikoen eskubide bera izatea, edo San Adriango herritar diren emakumeek Calahorrakoen eskubide bera izatea, edo Altsasuko herritar direnek Aguraingokoen eskubide bera izatea, edo Berakoek Irunekoena.
Artikulu bakarra.-Aldatu egin da azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 5.14 artikulua. Honela geldituko da:
"Gaixotasun fisiko nahiz psikiko guztien osasun-estaldura orokorra edukitzeko eskubidea, legeek ezarritakoaren barruan. Emakumezkoak diren herritarrek, eskubideen subjektu gisa, aitortuak dituzte, Nafarroako osasun publikoaren barruan eta itunpeko osasunaren barruan, besteak beste, haurdunaldiaren borondatezko etetearen osasun-prestazioa, betiere legez aurreikusitako baldintzetan.
Osasun-arloko agintariek bermatuko dute zerbitzu hori ematea zerbitzu-sare publikoan eta Nafarroaren osasun-eskualdearen barrenean, berekiak nahiz kanpoan kontratatuak diren lan-talde mediko eta osasunekoen bidez, horrela osasun-prestazio hori bermatzeko.
Foru Komunitateko Osasun Administrazioak prestazio osagarriak ezarri ahalko ditu, aurretik programazio berekia eta aurrekontu-zuzkidura berezia izanda gauzatuko direnak, eta helburu gisa izanen dute arrisku bereziko faktoredun gizarte-taldeak babestea, lan-osasuna bereziki kontuan hartuz".
Xedapen gehigarria.-Foru lege honek indarra hartu eta hilabeteko epean, abian jarriko dira foru lege hau erabat aplikatua izateko beharrezkoak diren bitarteko eta antolabide guztiak.
Xedapen indargabetzailea.-Foru lege honen aurka doazen lege- nahiz erregelamendu-xedapen guztiak indarrik gabe gelditzen dira.
Azken xedapena.-Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen den unean bertan.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.
Iruñean, 2010eko uztailaren 1ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.
euskal legezalea