82002forulegea

8/2002 Foru Legea, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileentzako neurriei buruzkoa

Nafarroako Parlamentua

8/2002 FORU LEGEA, apirilaren 3koa, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileentzako neurriei buruzko maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legea eta Nafarroako polizia kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legea aldatzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela:

FORU LEGEA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEENTZAKO NEURRIEI BURUZKO MAIATZAREN 24KO 10/2001 FORU LEGEA ETA NAFARROAKO POLIZIA KIDEGOEI BURUZKO OTSAILAREN 13KO 1/1987 FORU LEGEA ALDATZEKOA.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileentzako neurriei buruzko maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legeko 6. artikuluaren bitartez testu berria ezarri zaio Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuko hamabosgarren xedapen gehigarriari - estatutu horren testu bateratua abuztuaren 30eko 251/1993 legegintzako foru dekretuaren bitartez onetsi zen-, eta Nafarroako administrazio publikoen menpeko Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuak osatzen dituzten funtzionarioentzat lanpostuz igotzeko berariazko sistema bat taxutu da.

Hain zuzen ere, maiatzaren 24ko 10/2001 foru legeak indarra hartu zuenetik, Nafarroako administrazio publikoetako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko langileentzat honako lanbide-kategoria hauek ezarri dira: suhiltzailea (C maila), suhiltzaile-kabua (C maila), suhiltzaile sarjentua (B maila), suhiltzaile-ofizialordea (B maila) eta suhiltzaile-ofiziala (A maila).

Lanbide-karrera horren oinarri dira, batetik, maila beraren barruan kategoriaz igotzeko lehiaketa-prozedurak, eta, bestetik, goragoko mailara igotzeko oposizio-lehiaketa, titulazioa daukatenentzat nahiz halakorik ez daukatenentzat. Horrela, ofizialordeen postu hutsak betetzeko Nafarroako edozein administrazio publikotako suhiltzaile- sarjentuen artean kategoriaz igotzeko lehiaketa eginen da.

Alabaina, maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legeko IV. kapituluak beste kolektibo batzuetarako ezartzen duenez bestela, foru lege horrek indarra hartu zuenean suhiltzaile-sarjentu lanpostuetan jadanik ziharduten Nafarroako administrazioetako zerbitzuko langileak ez dira birsailkatuak izan Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuak ezarritako B mailan, eta, ondorioz, C mailakoak izaten segitzen dute. Hori dela-eta, aipaturiko foru legeak indarra hartu ondoren sarjentu lanpostura igotzen diren kabuek beste inork ezin izanen du parte hartu ofizialorde kategoriara igotzeko lehiaketan.

Beraz, maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legeari buruz Parlamentuan egin zen eztabaidan legegileak adierazi zuen borondatearen aurka, foru lege honek indarra hartu zuenean suhiltzaile-sarjentu zirenak, B mailarako birsailkapenetik kanpo utziak izateaz gain (gogoan izan zein izan den jokabidea polizia-sarjentuekin), taxuturiko igoera-sisteman parte hartu ezinik geratuko dira, zeren eta, ofizialorde-lanpostu hutsak betetzeko kategoria-igoerako lehiaketa barne-igoera izanik, C mailan dauden sarjentuek inoiz ezin izanen baitute parte hartu: Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuko 18. artikuluaren aginduz, funtzionarioak maila beraren barnean bakarrik igo ahalko dira kategoriaz.

Halaber, kategoria berriak mailaz maila arautzen direnez, ofizialorde lanpostuak B mailan sartzen dira, eta A mailan suhiltzaile-ofizial lanpostuak, kontuan izan gabe gaur egungo ofizialak, zeinak B mailan baitaude, zein egoeratan dauden.

Hori guztia dela-eta, maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legea onestean izan den borondatearekin koherentzia izatearren, premiazkoa da Nafarroako administrazio publikoen menpeko Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuetako langileentzat taxuturiko lanbide-karrerari birsailkapen berrien ondorioz gertatzen diren egoera iragankorrak egokitzea, suhiltzaileekin eta suhiltzaile-kabuekin egin den bezalaxe.

Bestalde, euren lanpostuko ardurak zein diren ikusita, bidezko da agintarientzako gidariak C mailan sartzea.

Halaber, beharrezkotzat jotzen dugu zaindari nagusi eta mendi zaindari lanpostuak B mailan jartzea, haien eginkizun eta erantzukizunei begiratuta, bai eta lanpostu horiek betetzeko araubideari buruzko zenbait alderdi arautzea ere.

Eta Nafarroako polizia kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legeko 12. artikulua aldatzen duen uztailaren 5eko 19/2001 Foru Legeak nahi gabe eragindako ondorio batzuk zuzentzearren, aipatu artikulua beste modu batera idatziko da. Helburua da, segurtasun juridiko handiagoa lortzeko, albienteen polizia-eginkizunak zehaztea eta horiei betetzen uztea bestelako administrazio eginkizunak, uztailaren 5eko 19/2001 Foru Legea onetsi aitzin betetzen zituztenak hain zuzen ere.

Lehen artikulua. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileentzako neurriei buruzko maiatzaren 24ko 10/2001 Foru Legeko ondoko artikuluak jarraian adierazten den bezala aldatuko dira:

Bat.-6. artikuluko 7. idatz-zatiari bigarren lerrokada bat gehitzea. Lerrokada horrek honako testu hau izanen du:

"Hala ere, foru lege honek indarra hartzean Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuan B mailako ofizial gisa izendatuta dauden langileek kategoria horri eutsiko diote, iraungitzeko bidean dagoen egoera pertsonal gisa. Funtzionario horiek A mailako suhiltzaile-ofizial lanpostuak betetzeko deituriko oposizio- lehiaketetako deialdietan parte hartu ahalko dute, ofizialordeekin batera, goi mailako titulazioa izatearen baldintza bete behar izan gabe, baldin eta Nafarroako edozein administrazio publikotan ofizial gisa egiaz zerbitzuak ematen gutxienez bost urte eman dituztela frogatzen badute."

Bi.-18. artikuluari idatz-zati berri bat, lehena izanen dena, gehitzen zaio, eta oraingo testua bigarren idatz-zatia izanen da. Hona testua:

"1. Foru lege honek indarra hartzean Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuan suhiltzaile-sarjentu lanpostuan diharduten langileak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuan ezarritako B mailari atxikiko zaizkio."

Hiru.-Artikulu berri bat gehitzea, 18 bis zenbakiarekin. Hona testua:

"18 bis artikulua. Foru lege honek indarra hartzean Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren nahiz haren menpeko erakunde autonomoen zerbitzuan agintarientzako gidari nahiz korporazioko gidari lanpostuan lan kontratu finkoarekin diharduten langileak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuan ezarritako C mailari atxikiko zaizkio."

Lau.-Artikulu berri bat gehitzea, 19 bis zenbakiarekin. Hona testua:

"19 bis artikulua. 1. Foru lege honek indarra hartzean Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren nahiz haren menpeko erakunde autonomoen zerbitzuan zaindari nagusi nahiz mendi zaindari lanpostuan diharduten langileak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuan ezarritako B mailari atxikiko zaizkio.

2. Ingurumenzainen eta mendi zaindariordeen lanpostu hutsak funtzio publikoan sartzeko oposizio edo oposizio-lehiaketa bidez beteko dira.

Zaindari nagusien eta mendi zaindarien lanpostu hutsak oposizio- lehiaketa bidez beteko dira ingurumenzainen eta mendi zaindariordeen artean, hurrenez hurren. Mailaz igotzeko lehiaketan parte hartu ahal izateko nahitaezko baldintza izanen da ingurumenzain edo mendi zaindariorde lanpostuan bost urteko zerbitzua eman dutela kreditatzea.

Ingurumenzain nagusi koordinatzaile lanpostu hutsa mailaz igotzeko lehiaketa bidez beteko da, ingurumenzain nagusien artean, baldin eta ingurumezain nagusi lanpostuan hiru urteko zerbitzua eman dutela kreditatzen badute.

3. Mendi zaindariak eta mendi zaindariordeak edo ingurumenzain edo ingurumen zaindari nagusiak 55 urte betetakoan destino hauetako bat aukeratu ahal izanen dute:

a) Jardunean jarraitzea, orokorrean erretiro adinera heldu arte. Horretarako, osasun azterketa bat gainditu beharko du urtero.

b) Bere mailari dagozkion zerbitzuak ematea administrazio- edo kudeaketa-lanetan, eskualde berdinetan eta bere lanpostuaren lansari osagarriak mantenduz.

Bigarren artikulua. Uztailaren 5eko 19/2001 Foru Legeak Nafarroako polizia kidegoei buruzko otsailaren 13ko 1/1987 Foru Legeko 12. artikuluari emandako testua aldatzea. Hona testu berria:

12. artikulua. 1. Udaltzaingorik ez duten toki entitateek guardia, zaindari, agente, albiente eta gisakoak izan ahalko dituzte, artikulu honetako 3. idatz-zatian ezarritako eginkizunak betetzeko. Langile horiei "albiente" izen generikoa emanen zaie Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Albienteak, armak eraman ala ez, agintearen agentetzat hartuko dira euren eginkizunak betetzean, eta agente izate hori agiri bidez kreditatu beharko dute.

3. Albienteek, berezko dituzten eginkizunez gain, ondokoak bete ahalko dituzte:

a) Udalaren zerbitzu, instalazio eta egoitzak jagon eta zaintzea.

b) Hiriguneko trafikoa antolatzea, zirkulazio arauekin bat.

c) Babes zibileko eta herritarrei laguntza emateko zereginetan parte hartzea, legeek xedatuarekin bat.

d) Erregelamendu, ordenantza, bando, ebazpen eta udalaren gainontzeko xedapen eta egintzak betetzen direla zaintzea.

4. Albienteak foru lege honetan espresuki aplikatzekoa zaienari eta Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutua erregulatzen duten arauetan xedatuari lotuko zaizkie. Hautatu eta sartzeko prozeduran Nafarroako Segurtasun Eskolak emandako prestakuntza ikastaro berariazkoa gainditu beharko da, bestela ezin izanen baitute izendapena jaso.

5. Udaltzaingoa eratzeko beharrezkoak diren baldintzak bete arren, euren plantillan zaindari, agente, albiente, gauzain edo gisako lanpostuak dituzten toki entitateek udaltzain izateko hautaprobak egin ahalko dituzte, behin bakarrik, funtzionario horiei mugaturik, baldin eta ondoko baldintzak betetzen badituzte:

a) Deialdia egin aitzin toki entitateak Udaltzaingoa sortzea.

b) 30.2 artikuluan aipatzen den prestakuntza ikastaroa egin beharra ezarriko du deialdiak, ondoko kasuetan: izangaiek ikastaroa egin ez badute eta ikastaroa gainditu izan arren -zein lanpostutatik igo diren, harexetan sartzeko- ikastaroa egin zenetik hiru urte baino gehiago igaro badira.

Deialdi horren ondorioz ezinezkoa bada Udaltzaingoa sortzeko erregelamenduak eskatzen duen behar adina udaltzain izendatzea, toki entitateak urtebeteko epean egin beharko du, gehienez ere, hutsik geratu diren lanpostuak betetzeko deialdia.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Nafarroako Gobernuak, urtebeteko epean gehienez ere, foru lege honek indarra hartzen duenean B mailako suhiltzaile-ofizial izendapena eduki eta egiaz emandako zerbitzuetan bost urteko antzinatasuna duten Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioentzako murriztutako oposizioa deituko du. Oposizio hori -NAPIk emandako prestakuntza ikastaroa sartuko da- gaindituz gero, funtzionario horiek A mailako suhiltzaile-ofizial gisa sailkatuta geratuko dira, eta B mailan zituzten lanpostuak kenduko dira. Oposizioa gainditzen ez badute, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuko hamabosgarren xedapen gehigarriak arautzen duen egoeran geldituko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Nafarroako Gobernua baimentzen da foru lege hau garatu eta betetzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.-Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadila agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, bi mila eta bateko azaroaren hogeita zazpian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea