txandakakoaprobetxamenduenlegea

Txandakako Aprobetxamenduen Legea

© Lege-testu guztien itzulpena eta lan honetako aurkibide analitiko

guztiak: Aiora Aristondo, Arantza Etxebarria, Gotzon

Lobera, Andres Urrutia, Esther Urrutia eta IVAP/HAEEko

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala.

© Deustuko Unibertsitatea. Euskal Gaien Institutua

© IVAP/HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

Abenduaren 15eko 42/1998 Legea, Turismo Erabilerako Ondasun Higiezinen Txandakako Aprobetxamendu- eskubideena eta Zerga-Arauena

(EAO, 300. zk., 1998ko abenduaren 16koa)

ZIOEN AZALPENA

I

«Multijabetza» termino desegokiaren bidez izendatu izan dira urte bakoitzeko aldi zehatz batean eta bizitegi baten gaineko lupertze-eskubidea eskualdatzeko erabiltzen diren formula guztiak.

Izaera horretako eskuraketa egiteko interesaren justifikazioa izan ohi da ondasun higiezina oporretan erabiltzea: bateko, eskuratzaileak leku egonkor eta segurua du urteko oporretarako; besteko, ez du ondasun higiezinaren jabetza osorik eskuratu eta ordaintzeko premiarik. Modu horretan, inbertsioa asko murriztu eta luperketa benetako aukeretara egokitzen da.

Ikuspuntu juridikotik, figura horrek ondasuna lupertzeko eskubidea denboran zehar zatitzea dakar.

1960ko uztailaren 6an Industria Jabetzaren Erregistroan «udako poliza» izeneko batzuen asmakuntza-patentea inskribatu zen; poliza horien bidez, titularrei oporretarako bizitegi bat «aldi finko edo aldakorretan » lupertzeko eskubidea eratxiki zitzaien. Hala ere, ondasun higiezinen turismo-ustiapenerako sistema hori ezezaguna izan da Espainian oraintsu arte. Zernahi gisaz, beste eremu batzuetan badira antzeko ustiapen-formulak, besteak beste, dulen araubidea, Kanarietan ohikoa dena; formula hori datza uraren ustiapena titularren artean denbora baterako zatitze horretan; edo, pro-indibiso erkidegoak, negutegi, larre, bazkaleku eta nekazaritzarekin zerikusia duten jabetza-eskubideekin batera (bi, hiru edo sei urterik behin), jatorriz Extremadurakoak izanik; eta, zuzenbide historikoan, bazken aprobetxamendurako dula eta zenbait lugintza direla- -eta finka baten erabilera eta luperketa denbora baterako zatitzea.

Nolanahi den ere, figura hori, aplikatzen hasi zenetik, asko garatu da. Horren eraginez, Espainia da munduan era horretan ustiatutako eremu gehien dituen bigarren estatua.

Figura hori asmatu eta gutxira zabaldu zen ustea, hain zuzen ere, orduan zegoen legeria lege-esparru egokia emateko askieza zela zioena.

Ideia hori azkarregi sortu zen.

Eraketa juridikoa ez zen horrenbesteko arazoa, ezpada eskubide bakoitzaren luperketa eragingarria bermatzea.

Bestalde, aspalditik izan dira kezka- -iturri Europar Batasunerako sektore horretan egin izan diren abusuak; horretara datoz, ulerbidez, «multijabetzaren arloan dagoen hutsune juridikoa betetzeko beharrari buruzko ebazpen- -proposamena», Europako Parlamentuan 1986ko urriaren 17an aurkeztu zena, eta 94147/EE Zuzentaraua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 1994ko urriaren 26koa, «denbora banatuko araubidepean ondasun higiezinak erabiltzeko eskubidearen eskuratze- -kontratuetan, kontratuon zati batzuei dagokienez, eskuratzaileak babesteari buruzkoa».

Bide horretan, mugarri garrantzitsuak izan ziren Europako Parlamentuaren ebazpenak, 1988ko urriaren 13koa eta 1991ko ekainaren 11koa.

Era berean, 1989ko irailaren 14ko Ebazpena aipatu behar da, mugaz bestaldeko ondasun higiezinen eskuraketen eremuan sartzen dena.

Azkenean, Europar Batasunak onartu zuen arazoa ez zela legeriaren gutxiegitasun teorikoa, baizik eta sektore horretan zegoen kontsumitzailearen babesik eza. Hortaz, bidezkoa zen zuzentarau bat egitea, eta, bertan, salbuespen- -izaerako arauketa ezartzea, eremu horretan borondatearen autonomia mugatzeko, komeni zen mugaraino.

Hauek dira zuzentarauan hartutako neurri zehatzak:

Eskuratzailearen mesederako, kontratua egin eta hurrengo hamar egunetan, berak bakarrik atzera-egiteko eskubidea ezarri zen.

Zuzentarauak, espainierako itzulpenean, «suntsiarazte-eskubide» izendatu du hori, eta «ad nutum» ezaugarria gehitu dio, inongo arrazoirik alegatzeko beharrik gabe egikaritzen dela adieraziz.

Zernahi gisaz, eta inongo arrazoirik alegatzea beharrezkoa ez delako, zehatzago dirudi «atzera-egiteko» ahalmena dela esatea, alde bakarreko eta baldintzarik gabeko izaera hori azpimarratzen duen adierazmoldea da hori eta. Ez da beharrezkoa inongo arrazoirik alegatzea, horrelako arrazoirik egotea ez baita beharrezkoa; ahalmen hori eskuratzaileari ematen zaio eskuratzaile izateagatik, eta horrek askatasunez egikari dezake, gerorako baldintza-premiarik gabe.

Atzera-egiteko ahalmen horrez gain, zuzentarauak saltzaileari informazio- -betebeharra ezarri dio, eta betebehar horretan alderdi hauek bereiz daitezke: lehenengo eta behin, saltzaileak informazio- agiri bat izan behar du, halakoa eskatzen duen edonoren eskura, eta, horretan, gai jakin batzuk jaso behar dira; bigarren, kontratuan zenbait aipamen jaso behar dira, eskuratzaileari eskuratzen ari den horren funtsezko ezaugarriei buruzko informazioa emateko.

Informatzeko eginbehar hori eragingarria izan dadin, ezarri da kontratuak beharrezko aiparmenen bat izan ezean, eskuratzaileak berak bakarrik izango duela kontratua suntsiarazteko eskubidea hiru hilabeteko epean, kontratua egin denetik zenbatzen hasita.

Ahalmen horrek «suntsiarazte-ahalmen» izena du testuan, atzera-egiteko ahalmena baino, bestelako izaera duelako; izan ere, lehenengo horretan beharrezkoa da aurretiaz baldintza bat izatea, alegia, saltzaileak ez betetzea berari dagokion informazio-eginbeharra.

Atzera-egiteko ahalmenaren eta suntsiarazte-ahalmenaren xedapen osagarri moduan, zuzentarauak ezarri du, eskuraketa saltzailearen edo hirugarren baten maileguarekin finantzatu bada, hirugarrenaren eta saltzailearen artean aurretiaz hitzarmena eginda, atzera-egiteko ahalmenak edo suntsiarazte-ahalmenak, era berean, maileguaren suntsiaraztea ekarriko duela.

Amaitzeko, zuzentarauan beste gai batzuk jaso dira, besteak beste, eskuratzaileak sinatutako kontratua zein hizkuntzatan idatzi behar den edo zein foruren menpe egon behar den.

Figurak bi arazo juridiko eragiten zituen: terminologiaren arlokoa, bata; eta legegintza-politikakoa, bestea.

«Multijabetza» kontzeptuaren abantaila handia zen iritzi publikoan arrakasta izatea. Ondorioz, gure artean erakundea izendatzeko modurik ohikoena zen, nahiz eta kontzeptu horrek jabetza- mota baten edo eskubide pertsonal baten izaera gogoratu.

Ondorenez, kontzeptu desegokia da hori, ohiko moldez izaera globalizatzaile horrekin erabiltzen delako, batetik, eta jabetza- -mota zehatz bati aipamen egiten diolako, bestetik; hori guztia dela eta, adierazmolde hori zehaztugabekoa da.

Beste aukera bat zuzentarauan erabilitako formula erabiltzea zen: «erkidegopeko denbora».

Alabaina, erakundea izendatzeko modu hori ere ez da egokia.

Funtsean, «multijabetza» baino hitz orokorragoa dirudi, baina kontuan izan behar da «erkidegopeko denbora» ez dela «time sharing» ingeleseko formaren itzulpena baino.

«Erkidegopeko denbora» adierazpenak ez du, itxuraz, Frantziako zuzenbideko forma sozietarioa izendatzeko oztopo larririk; hala eta guztiz ere, ez da egokia bestelako formulak sartzeko, zuzenbide pertsonalekoak izan (Greziako multierrentamendua) zein zuzenbide errealekoak izan (Portugalgo aldizkako biztantze-eskubidea).

Gainera, oztopo bat du horrek, itxuraz adierazten duelako eskubide horien titularren artean denbora erkidegoan dagoela, eta, egiatan, guztiz alderantzizkoa da, titularrak titular direlako denboraldi desberdinetan, eta denboraldiok elkar baztertzen dutelako.

Hori horrela, komenigarriagoa da «txandakako aprobetxamendu- -eskubide» adierazmoldea, lehenengoz, hain zaila ez delako, orokorrago eta deskriptiboa baita, eta, bigarrenez, horri buruz egindako arauketari ezin hobeto egokitzen zaiolako.

Hala ere, aurrerantzean izendapen hori edo beste edozein erabiliko da, zehazki sustapen-ondoreetarako, baldin eta jabetza hitza barnean hartzen ez badu, edo aipatzen den eskubidearen adiera zehaztugabea ez bada, beraren edukiari dagokionez.

Legegintza-politikaren funtsezko arazoa zen formula instituzional batzuk edo bakarra arautzea, gainerakoak legetik baztertuz.

Erdiko bidea hautatu da, hots, txandakako aprobetxamenduaren beste eskubide erreal bat modu xehean arautzea eta, hala ere, eskubidea denboraldi bateko errentamenduaren aldagai gisa eratzea. Eskubide horri legearen xedapen guztiak aplikatuko zaizkio, beraren izaera juridikoaren aurkakoak ez badira.

Bestalde, legeak ez du zuzentaraua zehatz-mehatz jasotzen, erakundearen arauketa osoa jasotzen ahalegindu da eta.

Horrenbestez, legeak aukera zehaztu du izaera errealeko eskubide bat eratzeko. Eskubide horren bidez, ahalmena eskuratzen da, ondasun higiezin bat urteko aldi zehatz batean lupertzeko; legeak ondasun higiezina txandaka aprobetxatzeko araubidea nola eratzen den arautu du, eta xedatu du nola egikaritu behar diren Espainian Europako Zuzentarauak ezarri dituen atzera-egiteko eskubidea eta suntsiarazte-eskubidea.

Ez da lehenengo aldia Europar Batasunaren testu batek eskatutako barne arauketa baino zabalagoa eragiten duena, are gehiago, gutxieneko babes-bermeak ezartzen dituzten zuzentarauak izanda.

Arazo horiek guztiak sar daitezke estatuko zuzenbide pribatu zibilaren eta merkataritzakoaren barruan, eta, beraz, legea eman da Konstituzioaren 149.1.6.1, 8.1 eta 14.1 artikuluetan ezarritakoaren babesean.

Esan beharrik ez dago hori guztia ulertzen dela Konstituzioak autonomia-erkidegoetako zuzenbide zibilak gorde, aldatu edo garatzeko ezarri eskumenei kalterik egin gabe.

Horrez gain, legean berariazko aipamena egin zaio zerbitzu-enpresari, araubideak iraun dezan eta eskuratutako eskubidearen luperketa ganorazkoa izan dadin.

Zerbitzu-enpresarik ez badago edo hori modu desegokian badabil, eskubidea ezin da praktikan egikaritu, eta eskuratzailearentzat ez da nahikoa izango horren eduki juridikoa beste arazo batzuei begira erabat zehaztuta egotea.

II

Testuak baditu bi titulu (arau zibilak eta merkataritzakoak, eta zerga- -arauak), hogei artikulu, hiru xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor eta azken xedapen bat.

I. titulua hiru kapitulutan zatituta dago (xedapen orokorrak, araubidea eta zerbitzuak ez betetzea); II. kapitulua ere bi ataletan zatituta dago (eratzea, eta sustatze- eta eskualdatze-baldintzak).

I. kapitulua xedapen orokorrei buruzkoa da.

Aplikazio-eremua definitzean, legeak «bizitegiak» esamoldea erabili du araubidepeko osagaiak izendatzeko.

Esamolde horrek bizitegi gisa erabil daitezkeen osagaiak baino ez ditu hartzen.

Hori dela eta, gero, lokalak araubidearen eraketatik salbuetsi dira, hau da, helburu hori izan ezin duten osagai guztiak; horregatik, araubidea eratu aurretik, kasuan kasuko bizigarritasun-zedulak lortu behar dira, betekizun horrek bizitegi izatera bideratutako osagaietan baitu soil-soilik zin-zinezko esangura.

Ezarri da, bestalde ere, araubidea eraikin baten, ondasun higiezinen multzo baten edo multzo horien sektore baten —arkitekturari begira bereizita baldin badago— gain soilik gertatu ahal izatea. Modu horretan saihestu da eraikin batean edo eraikinen multzo batean bizitegi baten edo fisikoki sakabanatuta dauden bizitegi batzuen jabe denak horiek txandaka aprobetxatzeko eskubideen araubidea eratzea.

Ez da eragotzi araubidea zati batean azkentzea, izate fisiko hori eta aurretik dauden eskubideak errespetatzen badira.

Beraz, ondasun higiezina modu mistoan ustiatzea ahalbidetu da, txandakako aprobetxamendu-eskubideen araubidearekin batera iraun behar duen ustiapen-mota beste mota bateko turismo- ustiapena baldin bada; izan ere, kasu horretan, bi jarduerak, elkarbizitzaren ondore materialetarako, oso hurbilekoak dira, eta hortik ezin sor daiteke kalte larririk bezeroentzat, ez eskubideen titularrentzat ere.

Aplikazio-eremu murrizgarriaren eraginez, komenigarri izan da legeari lotu gabe eratu diren txandakako aprobetxamendu- eskubideen edo horien antzekoen araubidea zehazteko arau bat ezartzea. Izatez, nabaria izan arren horiek lege-maularen kasuak direla, eta, ondorenez, horiei Kode Zibilaren 6.4 artikuluko konponbidea aplikatu behar zaiela, badirudi arau hori, bera bakarrik, ez dela nahikoa, lege-maula praktikan saihesteko.

Hala eta guztiz ere, esandako moduan, denboraldi bateko errentamenduak legearen eremuan sartu dira ondore guztietarako, horiek xedetzat hiru denboraldi baino gehiago badituzte eta kontratatutako denboraldi batzuei edo guztiei dagozkien errentak aurreratzen badira.

Araubidearen gutxieneko iraupena (hiru urte) eta gehieneko iraupena (berrogeita hamar urte) ezarri dira.

Muga horien barruan sartzen dira arrazoizko denbora-aukera guztiak, eskuratzaileak dituen benetako lupertze- -aukera guztiak agortu ahal izateko.

Horrez gain, araubidearen iraupena mugatuta, araubide hori eratu duen jabeak ondasun higiezinari lotuta iraungo du, araubideak irauten duen bitartean.

Lotura hori desiratzeko modukoa da kontuan hartzen denetik jabeak ez duela ondasun higiezinari begira titulartasuna bakarrik eskaintzen; zerbitzu bat ere eskaintzen du, eskubideak irauten duen bitartean. Horrexek azaltzen du, hain zuzen ere, txandakako aprobetxamendu- eskubidea duen titularraren eta ondasun higiezinaren jabearen arteko lotura konplexua.

Horrenbestez, jabeak bermatu behar du eskubideen titularrek jasoko dituztela titulartasunak barnean daramatzan zerbitzuak.

Eska daitekeen gutxieneko berme horrek iraungo du jabea ondasun higiezinari lotuta dagoen bitartean, eta hori horrela izan daiteke, berak besterendutako eskubideak ez baitira osoak, mugatuak baino.

Eta, kasu horretan, mugapenak araubidearen iraupena soilik uki dezake.

III

Araubidea eskritura publikoan formalizatzea eratzailea dela ezarri da, eta nahitaezkoa da berori Jabetza Erregistroan inskribatzea; horrela eragotzi ahal izango da txandakako aprobetxamendu- eskubideen eskualdaketak hastea, bai fedemaile eskuesleak bai erregistratzaileak araubidearen legezkotasuna kontrolatu eta berori publiko egin aurretik.

Horrela, eskuratzaileak, eskuraketa egin aurretik edo ondoren, Erregistrora joan ahal izango dira, eskuraketaren gain ezarritako araubideari buruz funtsezko informazioa jasotzeko, eta berme osoa izango dute horren legezkotasunari dagokionez.

Eskritura arau-emailea egilestean, parte hartu behar du txandakako aprobetxamendu- eskubidearen funtsezko edukiaren zerbitzuak egin beharreko enpresak, salbu eta jabeak edo sustatzaileak berariaz adierazten duenean horiek egitea bere gain hartzen duela.

«Sustatze- eta eskualdatze-baldintzei » buruzko atalean, 1994ko Zuzentarauko arau gehienak jaso dira.

Borondatearen autonomia-printzipioa murrizteaz aparte, ez dago arazo berezirik, salbu eta kontratua zuzenean notarioaren aurrean egilesten denean.

Fedemaile publikoaren eskuespena nahikoa izango da, eskuratzaileari atzera-egiteko ahalmena ematea beharrezkoa ez dela uste izateko, fedemailea egotean beste alderdiak ezin duelako bere nagusitasuna baliarazi. Hala ere, zuzentarauak kontratu eskuetsien mesederako salbuespenik ezarri ez duenez, beharrezkoa izan da atzera-egiteko ahalmen horri eustea; nolanahi ere, berori notario-aktaren bidez egin behar da, agiri publiko gisa, eta agiri hori izango da txandakako aprobetxamendu- eskubideari buruzko kontratua formalizatzeko erabili den eskrituraren baliobestekoa.

Kontrako itunik egin ezean, txandakako aprobetxamendu-eskubidea eskuratzeko kontratuan eskualdatzaileari aitortu zaion suntsiarazte-ahalmena (13. artikulua) eskubide horren izaera bereziaren bidez justifikatzen da, eskubidearen balioa zerbitzuen eta horien edukiaren araberakoa izanik. Hori dela bide, guztiz logikoa da zerbitzuak ordaindu ezean eskubidea suntsiarazi ahal izatea.

Gisa berean, zigor-klausula bat itundu daiteke; horrek konpentsatuko du kontratua suntsiaraztea aukeratzen duen jabea edo sustatzailea, baldin eta eskuratzaileak ordaintzen ez baditu zerbitzuen emaileari zor dizkion kuotak.

IV

Legeak, hertsi-hertsian esparru zibilekoa baita, ez du administrazio-zehapenik ezarri, arauak betetzen ez diren kasurako.

Baina argi dago autonomia- -erkidegoek jarduera turismo-jarduera gisa kalifikatzen badute, edo kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko autonomia-arauketa garatuta, ez-betetze horiek kasuan kasuko legeriaren arabera zehatzeko moduko arau-hauste administratibo moduan har daitezkeela, legeak txandakako aprobetxamendu- eskubideen titularrei aitortutako eskubideei kalterik egin gabe.

Haatik, legeak lortu nahi du ez-betetze horiek isolatuak, edo, gutxienez, oso ohikoak ez izatea, eta, beraz, Administrazioak esku hartzeko beharra gutxienetan gertatzea. Hori lortzeko, beharrezkoak dira legearen aurretiazko betekizun zorrotzak, betekizunok araubidea eratzeko nahitaezkoak izanik, eta horien kontrola notarioei eta erregistratzaileei eratxikita.

V

II. tituluan, lege honetako eskubideei aplikatzeko moduko zerga-arau batzuk gehitu dira, eta horien xedea da bereizkeriarik ez egitea txandakako aprobetxamendu-eskubide errealen titularren aurka arlo fiskalean, ondasun higiezinak zati batean erabiltzeko bestelako formulen titularren aurrean.

Hain zuzen ere, arauketa hau sartu ezean, aipatu eskubide errealetan, izaera bereko eskubideetarako zergen lege ezberdinetan ezarritako araubidea aplikatuko litzateke, eta, ondasun higiezinak lupertzeko eskubide errealen izaeraren ondorioz, kasu batzuetan aplikatu ahal izango dira izaera pertsonaleko eskubideak eskualdatu edo eskuratzeko zerga-tasak baino handiagoak.

Aurrekoarekin bat etorriz, kontuan hartu behar da titulu honetan ezarritako arauen izaera berezia, arauok huts-hutsean ez baitute zerga-araubide zehatzik eratzen; berezitasun batzuk soil- -soilean biltzen dituzte. Berezitasun horiek ez dute eragozten aplikatzea, berariaz aurreikusi ez diren kasuetan, zerga-arauketa orokorra, bai eta titulu horretan aipatu Ondarearen gaineko Zergaren, Balio Erantsiaren gainerako Zergaren, eta Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren berezko xedapenak ere.

Ondarearen gaineko Zergan, eskubidearen izaera gorabehera, berori balioesteko irizpidea bateratu da, eskubidea zerga honen zerga-oinarrian sartzeko, eta balorazioa eskuraketa- -prezioaren arabera zehaztu da.

Balio Erantsiaren gaineko Zergan, ehuneko 7ra murriztutako tasaren aplikazioa zerbitzuen prestazioetara zabaldu da, besteak beste, ondasun higiezinak txandaka aprobetxatzeko eskubideak lagatzera, edota ondasun higiezinak urteko aldi zehatz batean edo zehazteko modukoan erabiltzeko bestelako moduetara, baldin eta hotel- -industriari dagokion zerbitzu osagarriren bat ere egiten bada.

Amaitzeko, Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren eremuan, 100eko 4ko karga-tasa aplikatzea ezarri da, izaera pertsonaleko eskubideen eskualdaketan aplikatzen dena.

Hainbatez, azken buruan, lege honetan ezarritako zerga-araubideak tratamendua berdinetsi du, legean bertan ezarri kasuetan; egin-eginean ere, xedea aurretiaz aipatutakoa da ondasun higiezinak txandaka aprobetxatzeko eskubide errealei buruzko kasuetan, eta aurrekoak modukoak ez diren izaera pertsonaleko eskubideei buruzkoetan, alegia, lehenengoen aurka bereizkeriarik ez egitea.

Helburu hori lege honen eta 94/47/EE Zuzentarauaren xedearekin guztiz bat dator; izan ere, arau horrek bultzatzen du, funtsean, ezarritako eskubideak eskuratzea.

VI

Bigarren xedapen gehigarria zuzentarauak berak justifikatu du, 9. artikuluan estatu kideei eskatu die-eta beharrezko neurriak hartzea, edozein kasutan, eskuratzailea zuzentarauak emandako babesik gabe ez geratzeko.

Izatez, xedapenak asmo hori du, Espainian kokatutako ondasun higiezinak txandaka aprobetxatzeko eskubideak izanez gero, eta saihestu egin da kontratua alderdiek itundutako jurisdikzioaren menpe jartzeko aukera.

Azken finean, lege-maulak saihestu nahi dira, «nazioarteko lege-maula» izenekoak; horrelakoak gertatzen dira, batez ere, espazio erkide baten barruko estatu batzuetan Europar Batasuneko zuzentaraua jasotzen ez denean, horretarako beharra ikusi ez delako, lurralde horietan eskubide mota hori ez baita merkaturatu.

Europar Batasunak bide bera hartu nahi du kontsumitzaileak babesteko, Europar Batasuneko zuzentarauei dagokienez; izan ere, saihestu nahi da estatu batzuetan zuzentarauon jasotze eza gainerakoek emandako arauak ez aplikatzeko baliabide izatea.

Horrela, bada ekimen bat, norabide hori duena, alegia, kontsumitzaileen interesak babesteko bukarazte-akzioei lotuta dagoen Europar Batasunaren ekimena.

Are gehiago, xedapenak oinarri du Bruselako 1968ko irailaren 27ko eta Luganoko 1988ko irailaren 16ko hitzarmenen 16. artikuluetan, bai eta Kontratu Betebeharrei Aplikatu Beharreko Legeari buruzko 1980ko ekainaren 19ko Erromako Hitzarmenaren 3 eta 4. artikuluetan ere.

VII

Araubide iragankorrari dagokionez, horren xedea da, jada diren araubideei begira, urtero denbora batez bizitegi baten lupertze-ahalmenak barnean hartutako eskubideak sustatzeari eta eskualdatzeari aplikatzeko modukoa izatea; gainera, araubide horietarako kasu guztietan ezarri da bi urtetan egokitzeko betebeharra, legea indarrean jartzen denetik zenbatuta.

Esan gabe doa, bigarren xedapen iragankorrean agindutako egokitzapenak ez duela nahi jada diren araubideak eraldatzea, horiei eta horiek ustiatzeko moduei publizitatea ematea baino, aurretiaz eskuratutako eskubideak erabat errespetatuz.

Horregatik, xedapenak 5. artikuluko betekizunak soilik ezartzen ditu, eta ez legeak ezarritako betebehar guztiak betetzea, legea indarrean jarri ondoren txandakako aprobetxamendu-eskubideen araubidea eratu nahi duenari begira; betekizun horiek ere aurretiazko araubidearen izaerarekin bat datozen neurrian beteko dira.

I. TITULUA

ARAU ZIBILAK ETA MERKATARITZAKO ARAUAK

LEHENENGO KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eremu objektiboa

Lege honen xedea da ondasun higiezinak txandaka aprobetxatzeko eskubidea eratzea, egikaritzea, eskualdatzea eta azkentzearen arauketa. Horren bidez, titularrari ahalmena ematen zaio, modu esklusiboan, urte bakoitzeko aldi zehatz batean, bide publikora edo eraikinaren osagai erkide batera irteera izateagatik modu independentean erabil daitekeen bizitegia lupertzeko, baldin eta modu iraunkorrean ondore horretarako altzari egokiak baditu, bai eta zerbitzu osagarriak jasotzeko eskubidea ere.

Lupertze-ahalmen horretan ez dira sartzen bizitegiaren edo altzarien aldakuntzak.

Txandakako aprobetxamendu- eskubidea era daiteke eskubide erreal mugatu gisa edo artikulu honen 6. paragrafoan xedatutakoaren arabera.

2. Txandakako aprobetxamenduaren araubidea gerta daiteke eraikin baten gain, ondasun higiezinen multzo baten gain, edo, arkitekturari dagokionez, bereizita dagoen sektore baten gain.

Horiek osatzen dituzten bizitegi independente guztiak, lokalak nahitaez alde batera utzita, araubide horren menpe egongo dira.

Beharrezkoa izango da multzoak, gutxienez, hamar bizitegi izatea.

Hala ere, ondasun higiezinen multzo bat egon daiteke, aldi berean, txandakako aprobetxamendu- eskubideen araubidepean eta bestelako turismo-ustiapenen menpean, baldin eta txandakako aprobetxamendu- eskubideak gertatzen badira bizitegi zehatzen gain eta aldi jakin batzuetarako.

3. Urteko aprobetxamendu-aldia ezin daiteke inoiz izan ondoz ondoko zazpi egunetakoa baino laburragoa.

Edonola ere, araubide beraren barruan, txandek iraupen bera izan behar dute.

Horrez gain, araubide honen menpeko bizitegi bakoitzeko, gutxienez, zazpi eguneko aldia erreserbatuta egon behar da hobekuntzetarako, garbiketarako edo bestelako xede erkideetarako.

4. Txandakako aprobetxamenduaren eskubide erreala inoiz ere ezin zaio lotu jabetzaren kuota indibisoari, ezta multijabetza izendatu, edota jabetza hitza erabiltzen duen beste modu batean ere.

Ondasun higiezinak txandaka aprobetxatzeko eskubidearen publizitatea egin, eskubide berori merkaturatu eta eskualdatu nahi bada, beste izendapen bat erabili ahal izango da, azken kontsumitzaileak nahasten ez baditu, eta izen horretan lupertze-ahalmenaren izaera, ezaugarriak eta baldintza juridiko eta ekonomikoak argi ikusten badira.

Txandakako aprobetxamenduaren eskubide erreal bakoitzak bizitegiaren edo ondasun higiezinaren jabetza osoa kargatuko du, horren gainean jabetza horizontala aurretik eratuta egon zein egon ez.

Aprobetxamendu-eskubide erreala eta jabetza edo horren kuota bat pertsona berarengan elkartzeak ez dakar eskubide erreal mugatua azkentzea, horrek araubidearen bizitza osoan iraungo du eta.

Ondasun higiezinaren jabeak jabetza- eskubidea askatasunez xedatu ahal izango du, zuzenbide pribatuko arauei lotuta, txandakako aprobetxamenduari buruzko araubidetik eta eskubideen titularrek dituzten ahalmenetatik sortutako mugapenak gorabehera.

5. Lege honetan xedatutakoa aplikatuko zaie jabeari, sustatzaileari eta txandakako aprobetxamendu-eskubideen eskualdaketan edo merkaturatzean modu profesionalean parte hartzen duen pertsona fisiko edo juridikoari.

6. Oporretako ondasun higiezinak denboraldika errentan emateko kontratuak lege honetan xedatutakoaren menpe geratuko dira, hiru denboraldi baino gehiagorako eta gehienez berrogeita hamar urterako egiten badira, edota kontratatutako denboraldi batzuei edo guztiei dagozkien errentak aurreratzen badira, betiere Hiri-errentamenduen Legean ezarritakoari kalterik egin gabe.

Kontratuok nahitaez izan behar dute urteko denboraldi zehatz bati buruzkoak, denboraldi horretako aldi zehatz bati edo zehazteko modukoari dagokiona barneratuz; halaber, bizitegiek zehatzak edo zehazteko modukoak izan behar dute, betiere eskubidea zein eraikinetan edo ondasun higiezinen multzotan lupertuko den zehaztuta.

7. Kontratu baten bidez beste edozein eskubide, erreal edo pertsonal, eratu edo eskualdatzen bada hiru urte baino gehiagorako, eta zerikusia badu urtero aldi zehatz batean edo zehazteko modukoan ondasun higiezin bat edo gehiago erabiltzearekin, orduan lege hau baztertuta, kontratu hori zuzenbide osoko deuseza izango da, eta eskuratzaileari edo lagapen-hartzaileari itzuli behar zaizkio ordaindutako errentak edo kontraprestazioak, eta eman behar zaio jasandako kalte-galeren ordaina.

2. artikulua. Ez-betetzearen mugak eta ondorioak

1. Deusezak dira lege honek eratxikitako eskubideei eskuratzaileak aurretiaz uko egiteko klausulak.

Era berean, deusezak izango dira klausula hauek, alegia, jabea edo sustatzailea edo ren eskualdaketan edo merkaturatzean modu profesionalean parte hartzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa, lege honen araberako erantzukizunetatik askatzeko klausulak.

2. Deusezak dira arazoak tartekaritzaren menpe jartzeko hizpaketak, salbu eta hizpaketa horiek hitzartzen direnean eztabaidapeko arazoa sortu ondoren, edota kontsumoko tartekaritza-sistemaren menpean jartzekoak direnean, edota tartekaritza-auzitegi espezializatu baten menpean jartzekoak, baldin eta hori osatzeko kontsumitzaileek berdintasun- egoeran parte hartzen badute.

3. artikulua. Iraupena

1. Araubidearen iraupena hiru urte eta berrogeita hamar urte bitartekoa izango da, araubidea inskribatzen den datatik, edo eraikitze-bidean dagoen ondasun higiezinaren gainean eratu bada, obraren amaiera inskribatzen den datatik zenbatuta.

2. Iraupen-epea igarotzeagatik araubidea azkendu bada, titularrek ez dute ezein konpentsaziorik jasotzeko eskubiderik izango.

II. KAPITULUA

Araubidea

1. ATALA

Eratzea

4. artikulua. Araubidea eratzea

1. Ondasun higiezinaren erregistrojabeak eratuko du txandakako aprobetxamenduaren araubidea.

Hori egin ahal izateko, aurretiaz:

a) Obraren amaiera Jabetza Erregistroan inskribatu behar du.

Obra hasita badago, eraikitze-bidean dagoen obra berriari buruzko adierazpena inskribatu beharko du.

b) Agintari eskudunengandik lortu behar ditu turismo-jarduera burutzeko eta irekitzeko lizentziak, bizitegiak, gune erkideak eta eraikinaren destinorako zerbitzu osagarriak lehenengoz okupatzeko beharrezko lizentziak, eta kasuan kasuko bizigarritasun-zedula.

Obra hasita baino ez badago, nahikoa izango da obra-lizentzia eta turismo- -jarduerarako beharrezko lizentzia lortzea.

Azken hori, bai obra amaituta egon, bai obra hasita egon baino ez, autonomia-erkidego batzuetan bakarrik izango da nahitaezkoa, bertako legeriaren arabera, lizentziapeko turismo- jardueratzat hartzen denean urtero denboraldi batean bizitegi bat lupertzeko ahalmena dakarten eskubideak merkaturatzea.

c) Lege honetan ezarritakoaren arabera, kontratua zerbitzu-enpresa batekin egin behar da, eta horrek, halako enpresak zein autonomia-erkidegoetan ezarrita egon eta autonomia-erkidego horietan nahitaezkoak diren betekizunak gauzatu behar ditu, salbu eta jabeak, betekizun horiek gauzatzean, zerbitzuok berak zuzenean bereganatzea erabakitzen duenean.

Zerbitzu-enpresen egoitzak ezin dira zerga-paradisuetan egon, eta, behintzat, Espainian izan behar dute sukurtsal baten egoitza.

d) 7. artikuluan aipatu aseguruak itundu behar dira.

2. Eraikitze-bidean dagoen ondasun higiezin baten jabeak, horren gainean araubidea eratzen duenean, gainera, bankuko abal bat kontratatu beharko du Espainiako Bankuan erregistratutako erakunde batekin, txandakako aprobetxamendu- eskubideen etorkizuneko eskuratzaileen mesederako, edo, bestela, kauzio-aseguru bat, erakunde baimendu batekin, horrek bermatuko duela eskubidea eskuratzeko asmoarekin kontura emandako diru-kopuruen itzultzea; diru-kopuru horiek kontsumo-prezioen urteko indizearen arabera eguneratuko dira, baldin eta obra amaitu ez bada finkatutako datan, edo eskritura arau-emailean deskribatutako altzariak gehitu ez badira, eskubidearen eskuratzaileak, lege honen 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, kontratua suntsiaraztea erabaki duenean.

Horrela jasotako diru-kopuruek ez dute zerikusirik jabeak edo sustatzaileak kalte-galeren ordain gisa eman behar dituen diru-kopuruekin, azken horiek betebeharrak ez betetzearen ondorio baitira.

Kontura emandako diru-kopuruen bermeak arautuko dira, aplikatzeko modukoa duten neurrian, uztailaren 27ko 57/1968 Legearen bidez, etxebizitzen eraikintzan eta salmentan diru- -kopuru aurreratuak jasotzeari buruzkoa, eta lege horren garapen-arauen bidez.

Obra amaitu dela agertzen duen notario- akta inskribatuta ez dagoen bitartean, ezin izango da askatu aurretiaz eratutako abala, eta aseguru-kontratua ere ez da azkenduko.

3. Ondasun higiezina txandaka aprobetxatzeko araubidea eskritura publikoan formalizatu eta eratuko da, eta Jabetza Erregistroan inskribatuko da.

Eskritura egilestean, zerbitzuak administratzea eta egitea bere gain hartu dituen enpresa agertu beharko da, salbu eta jabeak berak horiek zuzenean bereganatzen dituela beren beregi adierazten duenean.

Araubidea baliozkotasunez eratuta egon aurretik eskubideak kontratuaren bidez eratu edo eskualdatu direnean, kontratu horiei lege honen 1.7 artikuluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

4. Notarioek ez dute eskuetsiko txandakako aprobetxamenduari buruzko araubidearen eskritura arau-emailerik, eta erregistratzaileek ez dute araubidea inskribatuko, egiaztatzen ez zaien bitartean artikulu honen 1 eta 2. paragrafoetan ezarritako baldintzak bete direla.

5. artikulua. Eskritura arau-emailea

1. Txandakako aprobetxamenduari buruzko araubidearen eskritura publiko arau-emaileak, gutxienez, inguruabar hauek adierazi beharko ditu:

1) Txandakako aprobetxamenduaren araubidea zein finkaren gain eratu eta finka horren deskripzioa, bai eta bertan dagoen eraikinaren edo dauden eraikinen deskripzioa ere, aprobetxamenduen titularrek zein zerbitzu erkidetarako eskubidea duten adierazita.

Eraikuntza hasita baino ez badago, berori amaitzeko epe-muga adieraziko da.

2) Eraikin bakoitza osatzen duten bizitegi guztien deskripzioa. Horietako bakoitzari zenbaki korrelatiboa emango zaio, finkari erreferentzia eginda.

Ondasun higiezina turismo-ustiapenera bideratu behar bada, eta, aldi berean, ondasun higiezin hori txandaka aprobetxatzeko araubidea eratzen bada, zehaztuko da txandakako aprobetxamendu- -eskubideen kargak zein bizitegiren gain eta urteko zein alditarako ezar daitezkeen.

3) Txandakako aprobetxamendura bideratutako bizitegi bakoitzean adieraziko da aprobetxamenduen kopurua, iraupena, hasierako eta amaierako eguna eta ordua, txanda bakoitzari dagokion kuota bizitegiari begira, zatiketa horizontala aldez aurretik eratuta badago, edo ondasun higiezin osoari begira, horrelako zatiketarik eratuta ez badago, zein altzari duen, bai eta altzari horien balioa ere, eta urteko zein egun ez diren txandaka aprobetxatzekoak, bizitegi horretan hobekuntzetarako eta mantentzerako erreserbatuta izateagatik.

Horrez gain, aprobetxamendu bakoitzari zenbaki korrelatiboa emango zaio, bizitegi bakoitzari dagokionez.

4) Egin behar diren zerbitzuen aipamena, txandakako aprobetxamendu- -eskubideei datxezkienak. Horiek jabeak zuzenean edo zerbitzu-enpresa batek bereganatzen dituen adierazi behar da.

5) Hala denean, txandakako aprobetxamenduaren araubidea zein estatuturen menpe dagoen.

Estatutu horietatik ezin da atera eskubideen titularrentzat lege honetan ezarritakoaren aurkako betebeharrik edo mugapenik.

6) Ondasun higiezinak erregistroan, katastroan, hirigintzan eta, hala denean, turismoari dagokionez duen egoera.

Solairu bakoitzean bizitegiek duten banaketaren planoa ere gehituko da.

7) Zerbitzuen ordainketa, eta, hala denean, erkidegoko gastuak.

8) Araubidearen iraupena.

2. Horrez gain, eskrituran gehitu behar dira, jatorrizkoak izan zein lekukotza bidezkoak izan, zerbitzu-enpresarekin egindako kontratua eta 7. artikuluan aipatutako aseguru-kontratuak.

Horien kopia kautoa erantsi beharko da erregistroan artxibatzeko.

Ondasun higiezina eraikitze-bidean dagoenean, 4.2 artikuluan aipatu abala edo kauzio-asegurua eratu izanaren egiaztagiria erantsi beharko da.

Eskritura egilesten duen pertsona fisikoa edo egilesten duten pertsona fisikoak izango dira erantsitako kontratuen egiatasunaren erantzule.

3. Araubidea eratu bada eraikitze- -bidean dagoen ondasun higiezin baten gain, obraren amaiera Jabetza Erregistroan agerrarazi behar da hiru hileko epean, obrak amaitzen direnetik zenbatuta.

Agerrarazpen hori egiteko, beharrezkoa izango da 4.1 artikuluaren b) letrak aipatu lizentziak gehitzea, baldin eta horiek ekarri ez baziren eraikitze- bidean dagoen obra berria inskribatzeko unean.

Jabeak edo sustatzaileak jakinarazi beharko die, behin obraren amaiera inskribatuta, egitate hori ondasun higiezina txandaka aprobetxatzeko eskubideak eskuratu zituztenei, azken hori eraikitze-bidean zegoen bitartean.

6. artikulua. Araubidea inskribatzea eta horren aldarazpena

1. Eskritura arau-emailea Jabetza Erregistroan inskribatzeko aurkeztu ondoren, erregistratzaileak estatutuen paragrafo edo artikulu batzuen inskripzioa etengo du, baldin eta paragrafo edo artikulu horiek betebeharren edo mugapenen bat ezartzen badiete txandakako aprobetxamendu-eskubideen titularrei, lege honetan ezarritakoaren aurka.

Araubidea eskritura arau-emailearen bidez erregistroan inskribatzean, txandaka aprobetxatzera bideratutako bizitegiak erregistroko finka independente gisa agertzen ez badira, erregistratzaileak folioa irekiko die, eskritura arau- -emailean ondasun higiezinaren zatiketa horizontalik egin ez arren.

Hori egitean, horietako bakoitzean, aurreko artikuluaren 1. paragrafoko 3. zenbakian aipatutako txandak eta gainerako inguruabarrak adierazi beharko dira.

Txandakako aprobetxamendu- -eskubide baten lehenengo eskuraketa inskribatzean, era berean inskriba daiteke, eskrituran edo kontratu publikoan hala itunduz gero, ondasun higiezin osoaren gain ezarritako hipoteka-kredituaren proportziozko zatian subrogatzea; ez da behar hipoteka-hartzekodunaren adostasunik, baldin eta hipoteka egitean txandakako aprobetxamendu- -eskubide guztien artean hipoteka-erantzukizuna banatzeko sistema objektiboa itundu bazen, eskubide horiek araubidea eratzearen ondoriozkoak izanik.

2. Behin eskritura arau-emailea inskribatuta, eta aurkezleari titulua itzuli aurretik, erregistratzaileak artxibatuko du eskritura horri erantsitako kontratuen kopia; hori agerrarazi beharko du araubidearen inskripzioan, eta ondasun higiezinari eta txandakako aprobetxamendu- eskubideei buruz emandako publizitate guztian. Kontratu horien kopia gehitu behar da araubidea zein ondasun higiezinen gainean eratu eta ondasun higiezin horri buruzko ziurtagirietan, beren beregi hala eskatu bada ziurtagiria emateko eskabidean.

3. Araubidea eratu ondoren, zerbitzu- enpresarekin egindako kontratu berri bat Erregistrora ekartzen bada artxibatzeko, erregistratzaileak kopia artxibatuko du, eta araubidearen inskripzio- bazterrean oharraren bidez jasoko du, kontratuak artxibatuta dauden paper-sortari erreferentzia eginda, ondoko kasuotan: jabeak horren gaineko ardurarekin jarraitu nahi ez izanaren kasuan, kontratua azkentzen denean, edo suntsiarazte-kasuan, edo jabeak zerbitzuen gaineko zuzeneko ardura hartzeko duen adierazpen-akta baten kasuan, edo 8.2 artikuluan aipatutako informazio-agiria ekarriz gero.

Erregistratzaileak artxibatzea etengo du, aktan jabeak, edo kontratu berrian zerbitzu-enpresak, ez badituzte aurrekoaren baldintzak berariaz bereganatzen, kontratua araubidea eratu aurretik egin bada, edo informazio-agiriak ez baditu 8.2 artikuluan ezarritako aipamenak.

Era berean, erregistratzaileak eten egingo du kontratuok artxibatzea, horien sinadurak notario bidez legitimatuta ez badaude.

Ez da baliozkoa izango ezein aldaketarik, lege honek baimendu, eta aurreko kontratuetan eta agirian egindakoetatik, Jabetza Erregistroan agerrarazten ez den bitartean, aurreko paragrafoan xedatutakoaren arabera.

4. Araubidea erregistroko jabeak soilik aldatu ahal izango du, zerbitzu- -enpresaren eta titularren erkidegoaren adostasunarekin, lege honen 15.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Eraldaketa eskritura publikoan agertu eta Jabetza Erregistroan inskribatu behar da, 4.3 artikuluan adierazitakoaren arabera.

7. artikulua. Asegurua

Txandakako aprobetxamenduaren araubidea eratu aurretik, jabeak aseguru- poliza harpidetu eta indarrean iraunarazi behar du, eta horrek estali behar du arrisku jakin bat, alegia, sustapenak irauten duen denbora osoan eta txandakako aprobetxamendu-eskubide guztiak eskualdatu arte, berak edo beraren menpekoren batek, eskualdaketa hori gauzatu arte, hirugarrenei eragindako kalteen ordaina emateko betebeharraren sorrera-arriskua.

Horrez gain, asegurua harpidetu eta indarrean iraunarazi behar du, bizitegia erabiltzen duten okupatzaileek horiek erabiltzean eragin dezaketen erantzukizun zibila estaltzeko, baita sute-asegurua eta eraikinaren edo instalazio eta ekipoen multzoan eragindako bestelako kalte orokorren asegurua ere.

Jabeak edo sustatzaileak aseguru- konpainiarekin duen erantzukizunari kalterik egin gabe, hark eta zerbitzu- enpresak itun dezakete azkenak bere kontura hartzea aseguru horietako primen ordainketa.

2. ATALA

Sustatze- eta eskualdatze-baldintzak

8. artikulua. Informazio orokorra

1. Lege honen 1.4 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, debekatuta dago txandakako aprobetxamendu-eskubideak eskualdatzea multijabetza edo jabetza hitza duen beste edozein izendapen erabiliz.

2. Jabeak, sustatzaileak edo txandakako aprobetxamendu-eskubideen eskualdaketan modu profesionalean diharduen pertsona fisiko edo juridikoak eskubideok eskualdatu nahi baditu, autonomia-erkidego eskudunak, hala denean, informazio-agiria argitaratu behar du, kontsumo-arloan onetsitako arauketarekin bat etorriz, eskaintza loteslearen izaerarekin, eta doan emango dio, kasuan kasuko Jabetza Erregistroan artxibatu ondoren, informazioa eskatzen duen pertsona orori.

Agiri horretan, alderdi hauek aipatuko dira:

a) Jabearen edo sustatzailearen eta txandakako aprobetxamendu-eskubideen eskualdaketan edo merkaturatzean modu profesionalean parte hartzen duen pertsona fisiko edo juridikoaren nortasuna eta egoitza.

b) Eskualdatuko diren eskubideen izaera erreala edo pertsonala; Jabetza Erregistroak eskritura arau-emailearen oinean egindako oharraren arabera adierazi behar da araubidea zein datatan azkenduko den.

Nolanahi ere, eskubide horiek egikaritzeko ondasun higiezina non kokatu eta leku horretan nahitaezkoak diren betekizunak eta baldintzak adieraziko dira; horiek beteta dauden, edo, alderantzizko kasuan, artean bete gabe dauden betekizunak eta baldintzak.

c) Obra eraikitze-bidean badago, adierazi behar da berori amaitzeko epe-muga, hau ere eskritura arau-emailean ezarritakoaren arabera, eta araubidea azkentzeko aurreikusitako data, obra amaitzeko epe-mugaren arabera kalkulatuta.

d) Araubidea zein ondasun higiezinen gain eratu, eta horren eta kokapenaren deskripzio zehatza, eta obra amaituta dagoen ala eraikitze-bidean dagoen.

e) Ondasun higiezina erabiltzea ahalbidetzen duten zerbitzu erkideak, bai eta eskuratzaileak orain edo etorkizunean luper ditzakeenak ere, zein fasetan dauden eta luperketa horren baldintzak adieraziz.

f) Titularra erabilera erkideko zein instalaziotara sar daitekeen, eta, hala denean, sarbide horren baldintzak, zenbatekoa edo berori zehazteko oinarriak beren beregi adieraziz.

g) Hala denean, administrazioaren ardura hartuko duen zerbitzu-enpresa, horren izena eta Merkataritza Ganberako inskripzio-datuak adieraziz.

h) Txandakako aprobetxamendu- -eskubideen batez besteko prezioa eta garestienen prezioa; legez nahitaezkoak diren kargak, besteak beste, kontribuzioak edo zerga-ordainarazpenak; urteko gastuak edo horien zenbatespena, bai ondasun higiezina okupatzeagatik, bai instalazioak eta zerbitzu erkideak erabiltzeagatik, baita bizitegi eta osagai erkideak administratu, artatu eta mantentzeak sortutako gastuak ere, etorkizunean urtekoak kalkulatzeko prozedura adieraziz.

Era berean, txandakako aprobetxamendu- eskubideak eskuratzean ez da sortuko kontratuan bertan aipatu ordainketa, gastu edo betebeharrez besterik.

i) Txandaka aprobetxatzeko moduko bizitegien kopuruari eta bizitegi bakoitzeko txanda-kopuruari buruzko informazioa.

j) Eskuratzaileak atzera egiteko eta berak bakarrik suntsiarazteko dituen eskubideei buruzko informazioa, lege honen arabera eskubide hori egikaritzeko denbora adieraziz, gasturik ez duela izango eskubide hori bere kontura egikaritzeagatik, eta, eskubidea egikarituz gero, hori zein egoitzara komunikatu behar den.

Obra eraikitze-bidean badago, berorren amaiera bermatzeko eratutako abala edo asegurua adierazi beharko da.

k) Elkartruke-sistema batean parte hartzeko aukerarik dagoen ala ez, eta, horretarako aukera izanez gero, zerbitzuaren ardura hartuko duen hirugarrenaren izena, izendazioa edo sozietatearen izena; hirugarren horrek urtero luzatzen duen agiria aipatuko du, bertan araubideak elkartruke-programan izandako parte-hartzea egiaztatuz.

Agiria elkartruke-enpresaren legezko ordezkariak sinatuko du, eta aprobetxamendu- eskubidearen eskuratzaileak edo titularrak adieraziko du elkartruke- enpresarekin egindako kontratua independentea dela, eta, eskuratzailea eta txandakako aprobetxamendurako araubidearen sustatzailea edo jabea lotzen dituen kontratuarekin zerikusirik ez duela.

Agirian, gainera, elkartruke- -programan bazkide gisa parte hartzeko kuota eta kasuan kasuko elkartruke- -kuotak agerraraziko dira.

Agirian, berebat, elkartruke-programan afiliatutako bazkideen kopuru osoa adieraziko da, bai eta programa horretan parte hartzen duten araubideen kopurua eta sistemaren jardunbideari buruzko aipamen orokorra ere.

Artikulu honetan ezarritako informazio-agiriari erantsi eta horren zati osagarria izango da elkartruke-sozietatearen agiria.

1) Aukera badago parte hartzeko kontratuaren xedepeko eskubidea hirugarrenei lagatzeko sistema antolatu batean, eta sistema hori jabeak edo sustatzaileak antolatzen badu, bere kabuz edo txandakako aprobetxamendu-eskubideen eskualdaketan modu profesionalean diharduen pertsona fisiko edo juridiko baten bidez, lagatze horrek izan ditzakeen kostuak adieraztea.

3. Jabeak, sustatzaileak edo txandakako aprobetxamendu-eskubideen eskualdaketan modu profesionalean diharduen pertsona fisiko edo juridikoak, orobat, kontsumo-arloko autonomia- erkidego eskudunak onetsitako arauketarekin bat etorriz, eskuratzaileari informazioa eman beharko dio, hark dituen eskubideen inguruko informazio orokor eta doakoa erakundeei nahiz profesional ofizialei eskatzeko; horretarako, araubidea zein ondasun higiezinen gain eratu eta berori non egon kokatuta eta hortik hurbilen dauden hurrengoen helbidea eta telefonoa adieraziko ditu:

Turismo-bulegoak.

Kontsumoko Institutu Nazionala.

Turismo eta kontsumo-arloetan eskumena duten autonomia-erkidegoetako erakundeak.

Kontsumoko udal-bulegoak.

Jabetza erregistratzaileak.

Notarioak.

Hori guztia, arkitektoen elkargo ofizialek, ondasun higiezinen jabetzako agenteek, finken administratzaileek, abokatuek, notarioek eta erregistratzaileek eman dezaketen informazioari kalterik egin gabe.

4. Era berean, jabeak, sustatzaileak edo txandakako aprobetxamendu-eskubideen eskualdaketan modu profesionalean diharduen pertsona fisiko edo juridikoak, kontsumo-arloko autonomia- erkidego eskudunak onetsitako arauketarekin bat etorriz, kontratua egitea zein pertsonari proposatu eta horren eskura utzi beharko du bizitegiak dituen altzari, instalazio eta ostilamendu guztien inbentarioa, eta, bertan, horren guztiaren balio osoa agertu behar da.

5. Txandakako aprobetxamendu- -eskubideen publizitatean, artikulu honen 2. paragrafoak aipatu informazio- -agiria barne, sustapenean edo eskaintzan adierazi behar dira araubidea Jabetza Erregistroan inskribatzeko datuak, titulartasuna eta kargak adieraziz, eta ohartarazi behar da hura kontsultatu behar dela finkaren egoera juridikoa eta txandakako aprobetxamenduari buruzko araubidearen eduki osoa zein diren jakiteko.

9. artikulua. Kontratuaren gutxieneko edukia

1. Pertsona fisiko edo juridiko orok egindako kontratua, beraren lanbide- -jardueraren esparruan eta bizitegiak txandaka aprobetxatzeko eskubideekin zerikusia izanez gero, idatziz agertu beharko da, eta, horretan, gutxienez, alderdi hauek aipatuko dira:

1) Kontratuaren data, araubidea barneratzen duen eskrituraren datuak, egilespenaren eguna, notario eskueslea eta horren protokoloko zenbakia, eta Jabetza Erregistroko inskripzio-datuak.

2) Eskualdatutako eskubidearen izaera errealaren edo pertsonalaren berariazko aipamena, eta, lege honen xedapenekin bat etorriz, araubidea zein datatan azkenduko den agerraraztea.

3) Eraikinaren, beraren kokapenaren eta eskubidea zein bizitegiren gainekoa izan eta horren deskripzio zehatza, erregistroko datuei eta kontratuaren xede den txandari berariazko aipamena eginda, eta noiz hasi eta noiz amaituko diren egunok eta orduok.

4) Obra amaituta dagoela edo eraikitze- bidean dagoela adieraztea.

Azken kasu horretan, hurrengo hauek adierazi beharko dira:

a) Eraikuntza zein fasetan dagoen.

b) Ondasun higiezina amaitzeko epe-muga.

c) Obra-lizentziaren aipamena eta hori luzatu duen udalaren egoitza.

d) Ondasun higiezina erabiltzea ahalbidetzen duten zerbitzu erkideak zein fasetan dauden.

e) Eskuratzaileak adierazitako egoitza; bertara jakinaraziko da obra- -amaieraren inskripzioa eta araubidearen iraupena zein datatatik zenbatuko den.

f) Kontratuaren xede den bizitegiaren kalitateei buruzko txostena.

g) Bizitegiak izango dituen altzarien eta ostilamenduen zerrenda xehea, bai eta 4.2 artikuluak aipatu abalaren edo aseguruaren ondoreetarako eratxiki zaion balioa ere.

h) Abal edo aseguru horri berariaz egindako aipamena, eta bertan adierazi beharko da zein erakundetan eratu den, edo norekin kontratatu den, eta eskuratzaileak berori betearaz edo erreklama dezakeela, obra ezarritako epe-mugan amaitzen ez bada edo ezarritako altzariak bizitegira gehitzen ez badira.

5) Eskuratzaileak ordaindu behar duen prezioa, eta, eskubidea eskuratu ondoren, eskritura arau-emailearen arabera zerbitzu-enpresari edo zerbitzuen ardura hartu duen jabeari urtero ordaindu beharreko diru-kopurua, Estatistikaren Institutu Nazionalak argitaratzen duen Kontsumoko Prezioen Indizearen arabera eguneratuko dela adieraziz, salbu eta alderdiek eguneratzeko beste modu bat ezartzen dutenean; eguneratze hori ezin da alderdi baten esku utzi, eta, gutxi gorabeherako irizpide gisa, indize horrek azken 5 urteetan izandako batez bestekoa adieraziko da.

Era berean, zergen zenbatekoa aipatuko da, lege honen arabera eskuraketa horrekin batera ekarriz, bai eta zerbitzu- sariak eta erregistroko sariak azaletik aipatuz ere, baldin eta kontratua eskritura publikoan jaso eta Jabetza Erregistroan inskribatzen bada.

6) 10, 11 eta 12. artikuluetako testua hitzez hitz sartzea, eta artikulu horiek kontratuan aplikatzeko moduko lege-arauen izaera dutela agerraraztea.

7) Eskuratzaileak luper ditzakeen zerbitzuak eta instalazio erkideak, eta, hala denean, luperketa horretarako baldintzak.

8) Aprobetxamendu-aldiak elkarrekin trukatzeko zerbitzuetan parte hartzeko aukerarik dagoen ala ez.

Aukera hori dagoenean, balizko kostuak adieraziko dira, eta lege honetako 8.2.k) artikuluan elkartrukeari buruz ezarritako egiaztagiria aipatuko da.

9) Izena edo sozietatearen izena, Merkataritza Erregistroko inskripzio-datuekin sozietateak baldin badira, eta egoitza, hauen kasuan:

a) Jabea edo sustatzailea.

b) Eskualdatzailea; kontratua egiteko unean jabearekin edo sustatzailearekin duen lotura juridikoa zehatz adieraziko da.

c) Eskuratzailea.

d) Zerbitzu-enpresa.

e) Hala denean, elkartrukearen ardura hartzen duen hirugarrena.

Hirugarren hori pertsona juridikoa bada, Espainian sukurtsala irekita eta inskribatuta izan behar du.

10) Araubidearen iraupena, eskritura arau-emailea eta berori inskribatzeko data aipatuta.

Ondasun higiezina eraikitze- bidean badago, obraren amaierari buruzko akta inskribatzeko epe-muga.

11) Eskuratzaileak jarraikoak egiteko duen eskubidea adieraztea:

a) Ondasun higiezinaren titulartasuna eta kargak egiaztatzeko, erregistratzaile eskudunari informazioa eskatuta, horren egoitza eta fax-zenbakia beren beregi agertuz.

b) Eskritura publikoaren egilespena eskatzeko.

c) Eskuraketa Jabetza Erregistroan inskribatzeko.

12) Kontratuaren lekua eta sinadura.

13) Kontratuaren xedepeko eskubidea hirugarrenei lagatzeko sistema antolatu batean parte har daitekeen ala ez.

Aukera hori dagoenean, eskuratzaileari sistema horrek eragingo dizkion balizko kostuak, gutxi gorabeherakoak badira ere, adierazi behar dira.

2. Inbentarioa eta, hala denean, kontratuan jaso ez diren baldintza orokorrak, bai eta inskribatutako estatutu-klausulak ere, alderdiek sinatutako eranskin banaezin moduan agertuko dira.

3. Kontratua eta lege honetan ezarritako informazio-agiriak idatziko dira eskuratzailea Europar Batasuneko zein estatu kidetan bizi edo nongo naziotasuna izan eta bertako hizkuntzan edo hizkuntzetako batean, eskuratzaileak hala hautatuta, baldin eta Batasuneko hizkuntza ofizialetako bat bada.

Horrez gain, gaztelaniaz edo kontratua egiteko lekuan ofiziala den beste hizkuntza batez idatziko dira.

Era berean, eskualdatzaileak eskuratzaileari kontratua eman beharko dio, ondasun higiezina Europar Batasuneko zein estatu kidetan egon eta bertako hizkuntza ofizialera edo ofizialetako batera itzulita, baldin eta Batasuneko hizkuntza ofizialetako bat bada.

Atzerriko eskuratzaileak Europar Batasuneko estatu kideren batekoak ez badira eta bizilekua horietan ez badute, eskatu ahal izango dute kontratua eta gainerako agiriak Europar Batasuneko estatu kide bateko hizkuntzara itzultzea, haiek aukeratuta.

Jabeek, sustatzaileek edo txandakako aprobetxamendu-eskubideen eskualdaketan modu profesionalean diharduten pertsona fisiko edo juridikoek gorde behar dituzte, lege honen lehenengo xedapen gehigarrian ezarritako kontsumitzaileen erakundeentzat, eta, hala denean, turismo-agintarientzat ere, edozein eskuratzaileri eman beharreko agirien eta baldintza orokortzat hartzen diren klausulen itzulpenak.

Kasuan-kasuan sor daitezkeen erantzukizunei kalterik egin gabe, bertsio desberdinen artean desadostasuna baldin badago, eskuratzailearentzat mesedegarriena dena aplikatuko da.

4. Aurreko artikuluaren 2. paragrafoan ezarritako informazio-agiriaren eduki osoa gehitu eta kontratuaren zati osagarri bihurtu behar da.

Informazio-agiri horretan egindako aldaketak eskuratzaileari komunikatu behar zaizkio kontratua egin aurretik, alderdien berariazko adostasunik izan ezean, eskualdatzailearen borondatetik kanpo dauden inguruabarren ondoriozkoak izanik.

Betebehar hori ez betetzeak informazio- eginbeharra ez betetzea dakar, hurrengo artikuluan ezarritako ondoreetarako.

10. artikulua. Kontratuan atzera egitea eta berori suntsiaraztea

1. Txandakako aprobetxamendu- -eskubideen eskuratzaileak hamar egun ditu, kontratua sinatzen denetik zenbatuta, kontratu horretan askatasunez atzera egiteko.

Epe horren azken eguna baliogabea bada, zenbaketatik kanpo geratu eta epea hurrengo egun baliodunean amaituko da.

Atzera-egitea egikarituz gero, eskuratzaileak ez du kalte-ordainik emango edo gasturik ordainduko.

2. Kontratuak 9. artikuluko aipamenen edo agiriren bat ez badu, edo eskuratzaileari behar besteko informaziorik eman ez bazaio, 8.1 artikuluko debekua urratu edo artikulu bereko gainerako paragrafoetako betebeharren bat bete ez delako edo emandako informazio- agiria erregistroan artxibatutakoarekin bat ez datorrelako, eskuratzaileak kontratua suntsiaraz dezake hiru hilabeteko epean, kontratuaren datatik zenbatzen hasita, eta ezin izango zaio eskatu inongo zigor edo gasturik ordaintzerik.

Eskuratzaileari emandako informazioari buruz egiatasunik ez badago, eskuratzaile horrek, eskualdatzaileak izan dezakeen zigor-erantzukizunari kalterik egin gabe eta aurreko paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe, kontratuaren deuseztasun-akzioa eragin dezake, Kode Zibilaren 1300. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren arabera.

Aipatu epea agortu aurretik informazioa osatzen bada, eskuratzaileak atzera egin ahal izango du ongitze- -epearen hurrengo hamar egunetan, artikulu honen 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera.

Hiru hilabeteak informazioa osatu gabe eta eskuratzaileak suntsiarazte-eskubidea erabili gabe igaro badira, azken horrek epea agortu eta hurrengo hamar egunetan atzera egin ahal izango du, artikulu honetako aipatu 1. paragrafoan ezarritakoaren arabera.

3. Kontratuan atzera egitea edo berori suntsiaraztea jabeari edo sustatzaileari jakinarazi behar zaio, ondore horietarako kontratuan nahitaez agertzen den egoitzan.

Jakinarazpena egin daiteke komunikazioa jasotzea eta bidalketaren data agertzea bermatzen duten bideetatik edozein erabiliz.

Atzera egitearen kasuan, nahikoa izango da bidalketa- epea agortu aurretik egitea.

Kontratua notarioaren aurrean egiten bada, eta aurreko paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe, atzera-egitea notario-aktan agerrarazi ahal izango da, eta hori behar besteko titulua izango da aprobetxamendu-eskubidea berriro inskriba dadin eskualdatzailearen mesederako.

11. artikulua. Aurrerakinen gaineko debekua

1. Debekatuta dago eskuratzaileak eskualdatzaileari aurrerakinak ordaintzea, atzera-egiteko ahalmena egikaritzeko epea agortu aurretik edo lehenengoak aurreko artikuluan aipatu suntsiarazte-ahalmena duen bitartean.

Hala ere, alderdiek komenigarri dituzten itunak eta baldintzak ezarri ahal izango dituzte, geroratutako prezioaren ordainketa bermatzeko, debeku horren aurkakoak ez badira, eta, eskualdatzaileak, zuzenean edo zeharka, atzera-egiteko aipatu ahalmena egikarituz gero, kontraprestaziorik jaso behar ez badu.

2. Eskuratzaileak eskualdatzaileari diru-kopururen bat aurreratuz gero, eskuratzaileak eskubidea du, edozein unetan diru-kopuru hori bikoiztuta itzultzea eskatzeko, eta aukera du, kontratua egin eta hurrengo hiru hilabeteetan berori suntsiarazteko edo erabat betetzea eskatzeko.

12. artikulua. Eskuraketarako maileguen araubidea

Eskualdatzaileak edo horrekin ados jarrita jardun duen hirugarren batek eskuratzaileari emandako maileguak suntsiarazi egingo dira, azken horrek atzera egin edo kontratua suntsiarazten badu 10. artikuluan ezarritako kasuetako batean.

Maileguetan ezin izango dira klausulak sartu, horiek eskuratzaileari zehapena edo isuna ezartzen badiote atzera-egitearen kasuan edo suntsiarazte- kasuan.

Eskuratzailea subrogatuz gero eskualdatzaileari emandako maileguan, behin atzera-egitea edo suntsiarazpena egikarituta, maileguak azken horren kontura iraungo du.

13. artikulua. Suntsiaraztea, kuotak ez ordaintzeagatik

1. Aurkako itunik egin ezean, jabeak suntsiarazte-ahalmena izango du, txandakako aprobetxamendu-eskubidearen eskuratzaile titularrak, behin agindeia hartuta, emandako zerbitzuengatik, gutxienez, urtebetean zor dituen kuotak ordaintzen ez baditu.

Jabeak suntsiarazte-ahalmen hori egikaritu ahal izango du, zerbitzu-enpresak hala eskaturik, zordunari aurretiaz agindei sinesgarria eginda erregistroko egoitzan, edo, halakorik ez dagoenean, kontratuan xede horretarako agertzen den horretan, eta kontratua suntsiarazteko ohartarazpena egingo da, baldin eta erreklamatutako diru-kopuruak osorik ordaintzen ez badira egutegiko hogeita hamar egunetan.

2. Suntsiarazpena gauzatzeko, jabeak eskubidearen titularrarentzat zainpean utzi beharko du kontratua azkendu arte zenbat denbora geratu eta horri dagokion prezioaren proportziozko zatia.

Dena den, zigor-klausularen bidez itundu ahal izango da suntsiarazitako eskubidearen titularrari aurreko paragrafoaren arabera dagozkion diru-kopuruak erabat edo zati batean galtzea.

Hori guztia hala da, Kode Zibilaren 1154. artikuluaren arabera auzitegiek duten moldatze-ahalmenari kalterik egin gabe.

3. Artikulu honetan araututako suntsiarazte- ahalmena egikaritzen duen jabeak betebeharra du, ren titularrak zerbitzu-enpresari ordaindu beharreko zorren ardura hartzeko, salbu eta azken horrekin kontrako ituna egiten denean.

14. artikulua. Kontratua notarioaren bidez egitea eta kontratuaren erregistro- publizitatea

1. Txandakako aprobetxamendu- -eskubideak eskuratu eta eskualdatzea Jabetza Erregistroan inskriba daiteke, kontratua eskritura publikoaren bidez egin edo formalizatu bada eta erregistratzaileak aprobetxamendu-eskubidearen zein txanda eskualdatu eta horri buruzko folioa irekitzen badu, Hipoteka Legean xedatutakoari beti kalterik egin gabe.

Txandakako aprobetxamendu-eskubide baten lehenengo eskualdaketa inskribatzean, erregistratzaileak orribazterreko oharraren bidez agerraraziko du, eskubideari, izaera errealarekin, azken bi kuotak ordaintzeko karga ezarriko zaiola, epailearen edo notarioaren bidez erreklamazioa egiten den unetik zenbatuta, araubideak irauten duen bitartean.

Bermea kobratzeko, zerbitzu-egileak erabili ahal izango ditu jabeen erkidegoak gastu erkideak eskatzeko erabiltzen dituen betearazpen-bideak, Jabetza Horizontalari buruzko Legearen arabera, bai eta hipoteka-betearazpenaren epaiketaz kanpoko prozedura ere.

2. Kontratua notarioaren aurrean egiten bada, azken horrek ohartarazi beharko du badela 10. artikuluak eskuratzailearentzat ezarri atzera-egiteko eskubidea, notario-aktaren bidez egin daitekeena, eta ohartaraziko du badirela lege honetan ezarri gainerako eskubideak.

3. Notarioak ez du eskritura eskuetsiko, eta erregistratzaileak ez du eskubidea inskribatuko, kontratuak ez baldin baditu 9. artikuluan ezarritako aipamenak.

15. artikulua. Txandakako aprobetxamendu-eskubideen titularrak dituen ahalmenak

1. Txandakako aprobetxamendu-eskubide baten titularrak eskubide hori askatasunez xeda dezake, legeetan ezarri mugapenekin soilik, eta eskubide hori eskualdatzean araubideak eratorri betebeharrak ukitu gabe.

2. Txandakako aprobetxamendu-eskubideen titularrak modu profesionalean parte hartzen badu horien gain eratutako eskubide errealen eskualdaketan edo merkaturatzean, lege honen 2. artikuluan eta 8. artikulutik 12.erakoetan xedatutakoaren menpe egongo da.

Eskubide horien eskuratzaileak lege honen arabera ren titularrei dagozkien eskubideetan subrogatuko dira, eta, bereziki, ondasun higiezinaren jabearen aurrean dituen horietan.

3. Aurreko paragrafoaren kasuan, txandakako arobetxamendu-eskubidea ez badago inskribatuta eskubide errealaren eskualdatzailearen edo eskubide pertsonalaren lagatzailearen izenean, orduan eskuratzaileak edo lagapen- hartzaileak eska dezake txandakako aprobetxamendu-eskubidea eskualdatzailearen edo lagatzailearen izenean inskribatzea, Hipoteka Erregelamenduaren 312. artikuluan arautu prozedura erabilita.

4. Txandakako aprobetxamenduaren araubideari dagokion eskritura arau-emailean, titularren erkidegoa eratzea ezarri behar da.

Titularren erkidegoari aplikatuko zaizkio eskritura arau- -emailean ezarritako estatutuak edo eskubideen titularrek askatasunez hartzen dituztenak, eta erabakiei arau hauek aplikatu zaizkie:

1) Titularren bi hereneko gehiengoak hartu beharko ditu araubidea eraldatzen duten erabakiak.

2) Gainerako erabakietan, ren titularren gehiengo soila behar da.

3) Pertsona bakoitzak zenbat eskubideren titular izan eta beste horrenbeste boto izango ditu.

4) Gehiengorik lortu ez bada edo gehiengoaren erabakia interesdunentzat oso kaltegarria bada, epaileak bidezkoa dena erabakiko du, alderdiak hala eskatuta.

5) Jabetza Horizontalari buruzko Legearen arauak, jabeen erkidegoen jardunbidea arautzen dutenak, arau hauen ordezko eta subsidiarioak izango dira.

III. KAPITULUA

Zerbitzuak ez betetzea eta bukarazte-akzioa

16. artikulua. Zerbitzuak ez betetzea

Jabea edo sustatzailea da erantzule, txandakako aprobetxamendu-eskubideen titularren aurrean, zerbitzuak modu eragingarrian egiteko.

Zerbitzu-enpresak ez-betetzea eginez gero, jabeak edo sustatzaileak kontratua suntsiarazi eta kalte-galerak ordaintzea eskatu beharko du.

Suntsiarazte-akzioa jabeari edo sustatzaileari dagokio.

Betiere, txandakako aprobetxamendu-eskubide baten titularrak jabeari eska diezaioke zerbitzuak modu eragingarrian egitea, eta, horrelakorik egin ezean, kalte-ordainak ematea.

Hasierako zerbitzu-enpresarekin egindako kontratua suntsiarazi ondoren, jabeak edo sustatzaileak zerbitzua bere gain hartu behar du zuzenean, edo zerbitzuen beste enpresa batekin kontratatu.

Kontratuan izandako aldaketek, edonola ere, ez diete kalterik egingo txandakako aprobetxamendu- eskubideen titularrei.

16. artikulua bis. Bukarazte-akzioa

1. Lege honen aurkako jokabideak bukarazteko akzioa egikari daiteke, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes kolektibo eta zehaztugabeei kalte egiten bazaie.

2. Bukarazte-akzioaren bidez, demandatua kondenatzeko epaia lortu nahi da, lege honen aurkako jokabidea utzi eta etorkizunean berori errepikatzea debeka dadin.

Era berean, akzioa egikari daiteke, jokabide zehatz bat egitea debeka dadin, jokabide hori akzioa egikaritzeko unean amaitzen denean, baldin eta behar beste arrazoi badago jokabide hori berehala errepikatuko dela pentsatzeko.

3. Bukarazte-akzioa egikaritzeko legitimatuta daude:

a) Kontsumoko Institutu Nazionala, eta autonomia-erkidegoei eta kontsumitzaileak defenditzeko tokiko korporazio eskudunei dagozkien organoak edo erakundeak.

b) Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak, horiek uztailaren 19ko 26/1984 Legean, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Defenditzeari buruzkoan, edo, hala denean, kontsumitzaileak defenditzeari buruz autonomia-legerian ezarritako betekizunak betetzen badituzte.

c) Fiskaltza.

d) Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako erakundeak, kontsumitzaileen interes kolektiboak eta zehaztugabeak babesteko eratutakoak, «Europako Erkidegoetako Aldizkari Ofizialean» xede horretarako argitaratutako zerrendan sarturik, eta, horren ondorioz, horretarako gaituta badaude.

Epaileek eta auzitegiek zerrenda hori onartuko dute, alderdi izateko gaitutako erakundeak duen gaitasunaren froga gisa; hala ere, epaile edo auzitegiok aztertuko dute erakundearen xedeak eta ukitutako interesek akzioa egikaritzea legitimatzen duten.

Artikulu honetan aipatu erakunde guztiak aurkez daitezke horietako edozeinek sustatutako prozesuetan, erakundeok ordezkatzen dituzten interesak defenditzeko egokia dela uste badute.

II. TITULUA

ZERGA-ARAUAK

17. artikulua. Aplikazio-eremua

Lege honetan araututako eskubideei aplikatuko zaizkie titulu honetako zerga- arauak, barne antolamendua osatzen duten nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatutakoari kalterik egin gabe.

Titulu honetan ezarrita ez dagoenari zerga-xedapen orokorrak aplikatuko zaizkio.

18. artikulua. Ondarearen gaineko Zerga

Lege honetan ezarritako eskubideak balioetsiko dira, euren izaera edozein delarik ere, zelan eta Ondarearen gaineko Zergari buruzko ekainaren 6ko 19/1991 Legearen 10.31) artikuluan ezarritakoaren arabera, eskuratze-prezioaren arabera.

19. artikulua. Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta Kanarietako Zeharkako Zerga Orokorra

1. Eragiketa hauetan, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren 100eko 7ko tasa murriztua aplikatuko da:

1) Zerbitzu-egitearen gain, zerbitzuok badira lege honetako 1. artikuluan arauturiko ondasun higiezinak txandaka aprobetxatzeko eskubideak lagatzeko.

2) Urteko aldi zehatz batean edo zehazteko modukoan ondasun higiezinen beste edozein erabileratan, hotel-industriari dagokion zerbitzu osagarriren bat eginez.

3) Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legearen 91.bat.2.bigarrena artikuluak ezarritako zerbitzuetan, lege honen 4.3 artikuluan aipatu pertsona fisiko edo juridikoek egindakoetan.

2. Aurreko paragrafoan adierazitako eragiketei, Kanarietako autonomiaerkidegoan egiten direnean, legeriaren arabera Kanarietako Zeharkako Zerga Orokorrean ezarritako tasa orokorra aplikatuko zaie.

20. artikulua. Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga

Balio Erantsiaren gaineko Zerga edo Kanarietako Zeharkako Zerga Orokorraren menpe ez dauden norbanakoen arteko eskualdaketei, euren izaera edozein izanda ere, ehuneko 4ko karga- -tasa aplikatuko zaie, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren eretzean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erakundeak

Legearen arabera eratutako kontsumitzaileen eta erabiltzaileen erakundeek eskubidea dute, jabearen edo sustatzailearen kontura, lege honetako arauak betetzearen ondorioz, azken horrek egin dituen agiri guztien kopia jasotzeko, horiek bete diren egiaztatzeko.

Bigarrena. Legearen aginduzko izaera

Ondasun bat edo gehiago urteko aldi zehatz batean edo zehazteko modukoan erabiltzeko eskubideak aipatzen dituzten kontratu guztiak, ondasun higiezin horiek Espainian kokatuta egonez gero, lege honetako xedapenen menpe daude, horiek egin diren lekua eta data edozein direlarik ere.

Espainian egindako kontratuak Espainiatik kanpo kokatutako ondasun higiezinei buruzkoak badira, lege honen 1.3 eta 2. artikuluen menpe, eta 8. artikulutik 12. erakoen menpe daude.

Kasu horietan, eskuratzaileak eskatu ahal izango du, gainera, kontratua ondasun higiezina kokatuta dagoen estatuko hizkuntza ofizialen batean idatzia emateko, estatua Europar Batasuneko kidea baldin bada.

Hirugarrena. Foruetako zerga-araubideak

Ulertuko da lege honetan ezarritako zerga-arauak indarrean daudela, foruetako zerga-araubideen ekonomia-itunari eta ekonomia-hitzarmenari kalterik egin gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetan eta Nafarroako Foru Komunitatean, hurrenez hurren.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa. Sustatzea eta eskualdatzea

1. Lege hau indarrean jarri ondoren, urteko aldi zehatz batean edo zehazteko modukoan ondasun higiezin bat edo gehiago erabiltzeko eskubideen sustatzea, horiek eraikita egon zein eraikitze- -bidean egon, lege honetan ezarritakoaren menpe geratuko da.

2. Halako eskubideen eskualdaketan, legea indarrean jarri arte ondasun higiezinari aplikatutako araubidea ezarriko da.

Behin egokitze-aldia igarota, eskualdaketa egin ez bada, lege hau aplikatuko da.

Egokitze hori egin bada, horren datatik aurrera, eskualdaketa egingo da erregistroan argitaratutako araubidearekin bat etorriz.

3. Edonola ere, lege honetako 2. artikulua eta 8. artikulutik 12.erakoak aplikatuko dira.

Bigarrena. Aurretiazko araubideak

1. Urteko aldi zehatz batean edo zehazteko modukoan ondasun higiezin bat edo gehiago erabiltzeko eskubideen aurretiazko araubideak eratu badira, horiek eraikita egon zein eraikitze- bidean egon, zuzenbideak onartu edozein moduren arabera, bi urteko epean egokitu beharko dira lege honetako xedapenetara.

Aurretiazko araubidea inskribatuta badago, erregistratzaileari eskatu ahal izango zaio Hipoteka Erregelamenduaren 355. artikuluan aipatu txosten ez-loteslea, egokitzea egiteko moduari buruz.

Bi urte igaro ondoren, urteko aldi zehatz batean edo zehazteko modukoan erabiltzeari lotutako eskubide baten titularrak, eskubidea erreala izan zein pertsonala izan, modu judizialean eragin dezake xedapen honetan ezarritakoa egokitzea.

2. Egokitze hori egiteko, eskritura arau-emailea egiletsi, araubidearen izaerarekin bat datozen 5. artikuluko betekizunekin, eta Jabetza Erregistroan inskribatu behar da, publizitatearen ondoreetarako soilik; betiere eskuratutako eskubideak erabat errespetatuz.

Aipatu artikuluan agertzen diren kontratuetatik soil-soilik hartu beharko dira barnean, egokitzearen unean direnak.

Eskritura ondasun higiezinaren jabe bakarrak egiletsi beharko du.

Aurretiazko araubidea eratzean, eskubideen titularrak ondasun higiezinaren jabeak baziren kuota indibisoetan, eta txanda jakin bat lupertzea horri lotuta bazuten, orduan egokitze-eskritura jabeen erkidegoko presidenteak egiletsi beharko du; baina erkidegoak aldez aurretik erabakia hartu beharko du, horretarako deitutako batzara azaldutakoen gehiengo soilarekin.

Egokitze-eskrituran, ondasun higiezinaren jabe bakarrak aurretiazko araubidearen deskripzioa eman beharko du, eta adierazi beharko du etorkizunean eskualdatuko diren eskubideak araubide haren ondoriozkoak izango direla, eta izaera hori dela ordurako besterendutakoen izaera bera.

Jabeak merkaturatu nahi baditu oraindik txandakako aprobetxamendu-eskubide gisa eskualdatu gabeko txandak, gainera, araubidea eratu beharko du xedatu gabe dauden aldiei begira, lege honetan ezarritako betekizunekin, baina araubidea ondasun higiezin osoaren gain eratzeko beharrik gabe, besterendu gabeko txanden gain baino.

Araubide osoa aldatu eta txandakako aprobetxamendu-eskubideen araubide bihurtu nahi badu, legeak araututako moduan, bertan ezarritako betekizun guztiak gauzatu beharko ditu; baina aurretiazko araubidearen iraupenari eutsi beharko dio, hura mugagabea bazen ere.

3. Aurreko paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, aurretiazko araubide guztiek berrogeita hamar urteko gehieneko iraupena izango dute, lege hau indarrean jartzen den unetik, salbu eta iraupen laburragokoak direnean, edo berariaz adierazten dutenean egokitze- -eskrituran iraupen mugagaberako edo epe jakin baterako izango direla.

Hirugarrena. Egokitze-betebeharra ez betetzea

Jabeak araubidea egokitzeko duen betebeharra betetzen ez badu, eskuratzaileek eskubidea izango dute, berarekin zuzenean kontratatu ez arren, legea indarrean jarri ondoren egindako kontratuak suntsiarazteko, eta eskatu ahal izango diote ordaindutako diru- -kopuruak eta kalte-galeren ordaina itzultzeko.

AZKEN XEDAPENAK

Bakarra. Konstituzio-eskumena

Arau hau Konstituzioaren 149.1 artikuluaren 6, 8 eta 14. puntuetan ezarritakoaren babesean eman da, autonomia- erkidegoek zuzenbide zibil, foru-zuzenbide edo zuzenbide bereziak, halakoak daudenetan, gorde, aldatu eta garatzeko eskumenei kalterik egin gabe.

euskal legezalea