1935ko Ikuskizun publikoen Araudia

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

1935EKO MAIATZAREN 3KO AGINDUA, IKUSKIZUN PUBLIKOEN ARAUDIA ONARTZEN DUENA

(1935EKO MAIATZAREN 5EKO KAZETA, MAIATZAREN 8KO KAZETAK ZUZENDUTAKOA)

LEHEN ZATIA

Ikuskizunetarako polizia

I. KAPITULUA

Xedapen Orokorrak

1. art.

Ikuskizunetarako edo jendearen olgetarako oin berriko lokal bat irekitzeko edo berritzeko, ezinbestekoa izango da enpresak Segurtasuneko zuzendari nagusiari baimena eskatzea Madrilen, gobernadore zibilari probintzia-hiriburuetan, eta alkateei gainerako udalerrietan.

2. art.

Madrildik eta gainerako probintzia-hiriburuetatik kanpo aire zabalean egiten diren ikuskizunak direnean, eta ikuskizun horiek ordena publikoa nahas dezaketenean, alkateek, behar besteko denborarekin, Segurtasuneko zuzendari nagusiaren baimena eskatu beharko dute Madrilgo probintzian, eta gobernadore zibilarena gainerakoetan. Agintariek baimena eman edo ukatu ahal izango dute, eta, egoki iritziz gero, ikuskizun horien buru izan daitezke.

3. art.

Madrilen Segurtasuneko zuzendari nagusiak, probintzia-hiriburuetan gobernadore zibilek eta gainerako udalerrietan alkateek, egoki iruditzen zaienean eta, betiere, ikuskizunak hogeita hamar egunetik gora etenda egon direnean edota azken ikuskaritza egin zenetik urtebetetik gora iragan denean, ikuskizunetara edo olgetara zuzentzen diren lokalak aztertzeko agindua emango dute, zerbitzu guztiak ondo dabiltzala ziurtatzeko eta araudi honetako aginduak betetzen direla egiaztatzeko.

4. art.

Irekitzeko eskari guztiak udalerritik gorako gobernu-agintaritzari aurkeztuko zaizkio, eta eskariarekin batera, eraikinaren sendotasuna eta segurtasuna berresteko, arkitekto batek emandako ziurtagiria ere aurkeztuko da; horrez gain, su-itzalgailuak onartutako markakoak direla, duela gutxi kargatu direla eta funtzionatzeko prest daudela egiaztatzen duen ziurtagiria ere aurkeztu beharko da.

Antzeko ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte enpresek ere, aurreko artikuluan adierazitako kasuetan.

5. art.

Publikoaren jostagarri izango diren ikuskizun txikiak antolatzeko ere, tokiko agintaritzaren lizentzia beharko da; esate baterako, azoka eta berbenetarako, behin-behineko izaeraz edo aire zabalean ezartzen diren barraketarako, zaldiko-maldikoetarako, karruseletarako, zabuetarako, tiro-zelaietarako eta antzekoetarako.

6. art.

Aurreko artikuluan aipatzen den lizentzia eman aurretik, jolasgune horiek aztertu egin beharko ditu Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiko arkitekto batek Madrilen, gobernadore zibilek izendatutako batek gainerako probintzietan, eta alkateek, bakoitzak bere udalerrian; eta aurrez interesatuak ordainsaria ordaindu ondoren, dagokion txostena emango dute horiek, jendeari zabaltzeko gune horiek betetzen dituzten segurtasun-baldintzei buruz.

Horrelako aisialdiko guneak dauden tokietan, agintariek debekatu egingo dute moralaren aurkako objektuak edo beldurra edo ikara eragin dezaketenak ikusgai jartzea, eta ikusleentzat arriskutsua izan daitekeen oro baztertzeko ahalegina egingo da, batez ere animalia oldarkorrak ikusgai jartzen direnean.

7.art.

Aurreko artikuluetan azaltzen diren lizentziak edo baimenak horietan izendatzen diren lokaletarako dira baliagarriak soilik.

Behin-behineko lizentziak baliogabe geratu dira eman ziren egunetik hasita zortzi hilabetera.

8. art.

Debekatuta daude ordena nahas dezaketen eta moralaren eta ohitura onen aurkakotzat jo daitezkeen ikuskizunak edo josteta publikoak; debekatuta daude animalien arteko borrokak, eta debekatuta dago bizirik dauden animaliak donibane zuhaitzetan edo tiro-zelaietan erabiltzea, horiei lotuta eutsiz; eta oro har, debekatuta daude animaliei tratu txarrak ematea edo haiekin krudeltasunez jokatzea dakarten guztiak.

9. art.

Indarrean den legedi soziala bete beharko da baimena eman aurretik, enpresen kaudimenean horrek izan dezakeen eraginari dagokionez.

10. art.

Antzokiak eta jolas-jardueretara zuzendutako gainerako eraikinak ireki aurretik, nahitaezkoa izango da azterketa tekniko bat egitea, bai lokalaren segurtasun-baldintzei dagokienez eta bai suteen kontrako zerbitzuei, argiteria nagusiari eta irteerako ate eta eskailera osagarriei dagokienez.

11. art.

Ezin izango da gauzatu ikuskizun publikorik, Madrilen Segurtasuneko zuzendari nagusiak, gainerako hiriburuetan gobernadore zibilak edo horiek bizi ez diren udalerrietan udalerri horietako alkateek gutxienez hogeita lau ordu lehenago kartela edo egitaraua ezagutzen ez badute, eta dagokion zigiluarekin baimendu ez badute.

Kartel guztietan beti agertu behar dute bai enpresak bai haren ordezkariaren izen-abizenek, halakorik badu.

12. art.{Edozein arrazoi dela medio, enpresak ikuskizunen ordena aldatu beharra duela ikusten badu, dagokion agintaritzari jakinaraziko dio lehenbailehen, eta enpresak kartelak jarri ohi dituen tokietan eta txartelak saltzeko leihatilen gainean iragarri beharko ditu aldaketa horiek; eta aldaketa onartu ez duelako ikusleren batek dirua itzultzeko eskatuz gero, enpresa behartuta dago zenbateko hori itzultzera.

13. art.{Funtzio sorta bati dagokion denboraldiko txartela edo abonua ateratzeko baldintzak zehazten dituzten kartelak eta programak direnean, enpresak Segurtasuneko zuzendari nagusiari edo gobernadore zibilari bidali beharko dizkio, eta horien bizitokietatik kanpoko udalerriak direnean, alkateari, jendaurrean jarri baino hiru egun lehenago.

Abonatuek ez dituzte edukiko denboraldi bakoitzeko programekin eta kartelekin batera enpresek emandako eskubideak baino, aipatutako agintarien aurrean erreklamazioak egiten dituztenean salbu, kasu horietan agintari horiek abonuaren kartelean zehaztutako baldintza guztiak edo batzuk argitzera behartu baitezakete enpresa.

14. art.{Karteletan ikuskizunaren iragarkitik at beste zerbait estanpatzen bada, argitaratzeko eraginetarako agintariei aurkezterakoan, indarrean den inprentako polizia-legeko zazpigarren artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

15. art.{Antzerki-enpresek, zinemakoek, zirkuek, zezen-plazetakoek eta gainerako ikuskizun publikoetakoek ikuskizuna hasi baino hiru ordu lehenagora arte, lehentasunezko palko bat gordeko dute Madrilen Segurtasuneko zuzendari nagusiarentzat, probintzia-hiriburuetan gobernadore zibilarentzat eta, halakorik ez den udalerrietan, alkatearentzat.

Horrez gain, egunero, funtzioetarako, lehentasunezko toki bat gordeko dute, banakakoa eta doakoa, sarrerako atetik ahalik eta gertuen, gobernu-agintaritzaren ordezkariarentzat; berori Ikerketa eta Zainketa Erakundeko Eskala Teknikoko funtzionario bat izango da, edota alkateak izendatzen duena, erakunde horretako kiderik ez duten udalerrietan.

16. art.{Eserleku guztiek zenbakia izan behar dute, etenik gabeko saioetan salbu, eta inoiz ezin izango dira ezarri paseokoak, ez eta batzordeak bere bisitetan zehaztutako kubikazioan ezarritakoak edo Segurtasuneko zuzendari nagusiak edo gobernadore zibilak dagozkien kasuetan baimendutakoak gehitu ere.

Lokalen batek eserlekuen kopurua aldatu beharra badu edo berorien zenbakiak aldatu behar baditu, eskaria egin beharko dio gobernu-agintaritzari, eta honek baimena eman edo ukatu ahal izango du, aurrez Aholkularitza Batzordeari adierazi ondoren.

17. art.{Antzokiak eta ikuskizunetarako gainerako lokalak irekita eta behar bezala argituta egongo dira funtzioa hasi baino hamabost minutu lehenagotik gutxienez, eta aretoko, korridoreetako eta atarteetako argiak ezin izango dira itzali jendeak lokala erabat utzi arte; une horretara arte, gainera, agintaritzarekin aurrez zehaztutako argiteria osagarria ere piztuta egongo da.

Zezen-plazak, estadioak, hipodromoak eta gainerako kirol-zelaiak ikuskizuna hasteko adierazitako ordua baino ordubete lehenago irekiko dira gutxienez.

18. art.{Antzerkiak eta gainerako ikuskizunak kartel eta programetan adierazitako ordu zehatzean hasiko dira.

Atalka antolatutako antzoki eta ikuskizun-aretoetan, emanaldia horietako bakoitzean iragarritako orduan hasiko dela ulertuko da.

19. art.{Jendaurreko ikuskizun orok gaueko ordu bata eta erdietarako amaituta egon behar du, estreinaldi-egunetan, lehen zatiaren debutetan eta onurakoetan salbu, kasu horietan ordu bietan amai baitaitezke.

20. art.{Aurreko bi artikuluetan emanaldiak hasteko edo amaitzeko adierazitako orduetan atzerapenik gertatuz gero, zuzendu egingo dute, Madrilen zuzendari nagusiak, gobernadore zibilek probintzia-hiriburuetan, eta alkateek, berriz, gainerako udalerrietan, hutsegitea denboraldian lehenengo aldiz, bigarrenez edo hirugarrenez egin den kontuan hartuta, hurrenez hurren 50, 125 edo 500 pezetako isunak jarriz.

Adierazitako neurri zuzentzaile horiek ez badira eraginkorrak, dagokion gobernu-agintaritzak ikuskizunekin jarraitzeko baimena kendu ahal izango dio enpresari, egoki iruditzen zaion epean edota, behin eta berriz gertatu bada, behin betiko.

Aurreko artikuluetan zehaztutakoaren kalterik gabe, ez zaie isunik ezarriko enpresei, baldin eta emanaldia iragarritako orduan hasi bada eta, berorri egotzi ezin zaion arrazoiren batengatik, hogeita hamar minututik beherako atzerapenarekin amaitu bada.

21. art.{Madrilen Segurtasuneko zuzendari nagusiak, probintzia-hiriburuetan gobernadore zibilak eta gainerako udalerrietan alkateak agertokian estatuko erakunde bat edo pertsona jakin bat karikatura gisa edo modu lotsagarrian erakustea debeka dezake.

Bizio baten edo delitu baten apologia egiten duten emanaldiak, gizarte-klaseen arteko ezinikusiari hauspoa ematen diotenak, agintaritzaren duintasuna edo izen ona irain dezaketenak edo familiaren printzipio konstituzionalen aurka jotzen dutenak ere debeka ditzake.

22. art.{Agertokian sute bat simulatu behar denean edo amarruz su bat egin behar denean, kontuan hartuko dira araudi honetako 226. artikuluan adierazten diren aginduak.

23. art.{Agintaritza zibilak edo haren ordezkariak aztertu behar ditu agertokian erabiliko diren armak, eta debekatuta daude ikusleentzat edo aktoreentzat arriskutsuak izan daitezkeenak.

Altuera handiko gimnastika-ariketak direnean, sareak ezarri behar dira, ezbeharrak saihesteko.

Animalia oldarkorrak erakusten dituzten ikuskizunetan, oso kontuan hartuko dira araudi honetako 153. artikuluan zehazten diren aginduak.

24. art.{Motozikleten, automobilen, hegazkinen eta antzekoen artean lasterketak egiten direnean, lege eta araudi bereziek xedatutakoak bete beharko dira, ordena publikoa gordetzeko eta pertsonen segurtasuna zaintzeko tokiko agintaritzak beharrezko ikusten dituenez gain.

25. art.{Hamasei urtetik beherako haurrek debekatuta daukate “Varieté” giroko ikuskizunetan, zaldiekiko zirkuetan edo ikuskizun publikoetan aritzea, dagokion probintziako Lan Ordezkaritzaren berariazko baimenik gabe.

Debeku horren barnean sartzen da akrobazia-ariketetan, indarra erabiltzea eskatzen dutenetan eta beste arriskuren bat izan dezaketen emanaldietan hamasei urtetik beherakoak aritzea ere.

26. art.{Agintaritzak ikuskizun guztiak bertan behera utz ditzake, ordena publikoarekin lotutako arrazoiengatik.

Dolu nazionalagatik ere edozein ikuskizun edo jolas-jarduera utz dezake bertan behera.

Halaber, agintaritzak ikuskizun publikoak eten ditzake, biztanleriaren artean izurria deklaratzen denean.

27. art.{Madrilen Segurtasuneko zuzendari nagusiak, probintzia-hiriburuetan gobernadore zibilek eta gainerako udalerrietan alkateek, eta presazko kasuetan eta horiek ez badaude, berorien ordezkariek, erabateko erabakia hartu beharko dute kasu hauetan, emanaldi publiko bat iragarrita badago:

Lehena.{Iragarrita zegoen artista batek ikuskizunean parte hartzeari uko egiten dionean.

Bigarrena.{Ikusle batek bere eserlekuari zegokion zenbatekoa itzultzea eskatzen duenean, programan aldaketa bat egin delako.

Hirugarrena.{Enpresak ikuskizun bat bertan behera utzi nahi duenean, edozein arrazoirengatik.

Laugarrena.{Autore batek, enpresaburuaren edo eszenako zuzendariaren adostasunik gabe, haren produkzioko lan batean artistak bere papera antzeztea eragotzi nahi duenean.

Bosgarrena.{Iskanbilak, nahasmenduak, jendearentzako egoera arriskutsuren bat edo moralaren aurkako zerbait gertatuz gero, agintaritzaren ordezkariak ikuskizuna eteteko erabakia har dezake, eta, egoki irudituz gero, lokala hutsaraz dezake.

Seigarrena.{Nahitaezkoa izango da agintaritzaren ordezkariaren baimena izatea, enpresak edo aktoreek ahoz edo beste edozein modutara ikusleei zerbait jakinarazi nahi dietenean.

28. art.{Aurreko artikuluan biltzen diren kasuetan hartzen diren erabakiak soilik kartelak jendaurrean jarrita dituen emanaldiari dagozkio, eta erreklamatzaileei bidea libre utziko zaie, Justizia Auzitegien aurrean beren eskubideez balia daitezen.

Ebazpen horiek desobeditzen dituena zigortu egingo da, gobernuaren isun baten bidez, baldin eta, kasua larria delako, auzitegiak jakinaren gainean jarri behar ez badira.

29. art.{27. artikuluan aipatzen diren kasu guztietan agintaritzak hartzen dituen erabakietan, iragarritako ikuskizuna bertan behera uzteak edo aldatzeak eragin ditzakeen istiluak saihesteko ahalegina egingo da.

II. KAPITULUA.{Antzezlanak.

30. art.{Antzerki-enpresen ordezkariak behartuta daude, ofizio bidez, Madrilen Segurtasuneko zuzendari nagusiari, probintzia-hiriburuetan gobernadore zibilari eta gainerako udalerrietan alkateei estreinatuko den antzezlanaren bi ale bidaltzera.

Modu bertsuan, estreinatutako lan zahar bati erantsitako ekitaldi, eszena edo atalak ere aurkeztu beharko dizkiete, eta baita musika-lanetako hitzak edo kantatzeko zatiak ere.

31. art.{Ale horiek egilearen sinadura izan behar dute, eta egilea ezaguna ez bada, enpresaren ordezkariarena, eta haren zigilua izan behar dute orri guztiek; gutxienez lehen emanaldia eskaini baino hogeita lau ordu lehenagotik agintaritzaren esku utzi beharko da.

32. art.{Gobernu-agintaritzaren iritziz antzezlan batean edo lan liriko batean Zigor Kodean jasotzen diren delituetakoren bat egiten bada, dagokion auzitegiari jakinaraziko diote berehala, eta jakinarazpenarekin batera, aurreko bi artikuluetan aipatu diren bi ale horietako bat ere aurkeztuko da.

33. art.{Epaileari zuzendutako jakinarazpenaren berri emango dio gobernu-agintaritzak enpresari, eta auzitegiek erabakia hartu arte antzezlan horren ondorengo emanaldiak eten ditzake.

Jakinarazpenari dagokion eginbidea sinatzen eta zigilatzen dutenean, enpresaren ordezkaria emanaldiak eteteko aginduaren jakitun dela ulertuko da.

Delitua edo hutsegitea idatzitako alean ez, baizik aktoreek erantsitako hitzetan edo haien ekintzetan dagoenean, erruduna auzipetu egingo da, edo gobernu-agintaritzaren isuna jasoko du, hutsegitearen larritasunaren arabera; eta antzezten ari diren lan horri dagokionez, agintaritza horrek ezin izango du erabakirik hartu.

34. art.{Ez da estreinaldirako baimenik emango, aurrez Madrilen Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusian, probintzia-hiriburuetan gobernu zibiletan edota gainerako udalerrietan alkatetzetan industria-ingeniari baten ziurtagiria eta, halakorik ez denean, beste teknikari batena aurkeztu ez bada; ziurtagiri horretan, erabiliko diren dekorazio guztietan suaren kontrako tratamendua egin dela jasoko da, eta dagozkion probak egin dituela; edota enpresak adierazpena egingo du, esanez estreinaldiko dekorazioak beste antzezlan batean erabili zirenak direla eta, beraz, suaren aurkako tratamendua eginda dutela, haren erantzukizunpean.

III. KAPITULUA.{Zinematografoak.

35. art.{Ezin izango da proiektatu jendaurrean pelikularik, aurrez zentsurak aztertu eta onartu ez badu, eta zeregin hori Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiaren mendeko funtzionario batek beteko du.

Horretarako, pelikulak produzitzen edo alokatzen dituzten etxeen jabeek edo arduradunek, beren produktuak nazio-lurraldearen barnean jendaurrean erakutsi nahi dituztenean, eskabidea Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusian aurkeztu behar dute, dagokion zigiluz jotako paperean, eta, eskabidearekin batera, gaztelania egokian idatzitako argumentuaren bi ale aurkeztuko dituzte, xede horretarako izendatzen den funtzionarioak horretarako prestatutako lokaletan proiekzioa ikus dezan.

Ez da beharrezkoa izango argumentua aurkeztea pelikulak “gaurkotasuna” duenean, edota izaera irakasgarria duenean eta kirolak, monumentuak, artelanak, hiriak, paisaiak, herrietako bizimodua eta ohiturak, historia naturaleko eszenak, fenomeno eta esperimentu zientifikoak, nekazaritza-laborategiak eta industria-erakunde eta lanak erakusten dituztenean.

36. art.{Zine-ikuskizunen esparruko enpresek jendaurrean proiektatuko diren filmen zentsura-orria aurkeztu beharko dute Madrilen Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusian, probintzietan gobernu zibiletan, eta gainerako udalerrietan udaletan.

Artikulu honetan xedatutakoak hausten badira, eskumena duen agintaritzak zigorra ezarriko dio, dagokion isuna emanez, eta, gainera, sorraraz ditzakeen erantzukizunak eskatuko ditu.

37. art.{“Gaurkotasuna” duten filmak zentsuratik salbuetsiko dira, baina horrelako pelikulak produzitzen dituzten enpresek, zentsura-eskabide horren ordez, adierazpen-orri bikoiztu bat aurkeztu behar dute, aurretik behar besteko denbora emanez; bertan, pelikula bakoitzak lantzen dituen gaien aurkibidea agertuko da, eta baita aurkezpenean erabiliko diren idazkun literalak ere; eta aleetako bat itzuli egingo zaio, baimenarekin batera.

Bai aurreko erreportajeak eta bai "gaurkotasunezkoak", pelikulak bezala, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusian aurkeztu behar dira, onarpena jasotzeko.

Araudi honen eraginetarako, “gaurkotasunezko” filma Espainian berriki gertatutako ekintzez edo gertakariez hartutako bistak biltzen dituena izango da.

38. art.{Agintaritza ordezkatuz pelikula horien lehen proiekzioetara doazen funtzionarioek berorien edukiari buruzko informazioa emango dute, aurkeztutako eta baimendutako orrietan adierazitakoa betetzen dutela egiaztatzeko.

Ondorengo proiekzioak ohiko zentsurari egokituko zaizkio, erabat.

39. art.{Madrilgo zentsurara aurkeztutako filmak Espainiako beste edozein udalerritako zentsuratik salbuetsita daude, baina salbuespen horretatik kanpo gelditzen da, hala ere, Madrilen Segurtasuneko zuzendari nagusiak, probintzia-hiriburuetan gobernadore zibilek eta gainerako udalerrietan alkateek, kasu berezietan eta une edo toki horretako egoera batek bultzatuta, pelikula baten proiekzioa eteteko duten ahalmena, nahiz eta pelikula hori zentsurak onartuta eduki.

40. art.{Zinemara zuzendutako lokalak ustiatzen dituzten pertsonek edo erakundeek, bakoitzari dagokion programan, Osasun eta Ongintzako Idazkariordetzak jendaurrean emateko haien esku utzitako pelikulak proiektatu beharko dituzte, eta hark zehaztuko du zer egunetan proiektatuko diren.

Film sanitarioen programaren iraupena ez da izango inoiz saio bakoitzeko hamabi minututik gorakoa.

Artikulu honetan xedatutakoa betetzeari aurre eginez gero edo ez betez gero, dagokion isuna ezarriko da.

41. art.{Zentsurak ikuskizun zehatz batera hamasei urtetik beherakoek ezin izango dutela joan erabakitzen duenean, horixe jasoko da zentsura-orrian, eta, horrelakoetan, enpresa behartuta dago ikuskizun horri dagozkion programa eta karteletan horixe adieraztera eta agindua zorrotz betearaztera.

Zigor Kodean aurreikusten diren isunez gain, adierazitako debeku horiek hausten dituzten enpresak zigortu egingo ditu eskumena duen gobernu-agintaritzak.

42. art.{Zentsura-orriak gutxienez pelikula bakoitzeko bikoiztuta aurkeztuko dira, eta eskaria egin duen merkataritza-etxearen izena eta haren helbidea, fabrika-markari dagokion oharra, izenburua, sailkapena eta luzera (metrotan) jasoko ditu.

43. art.{Zentsurak debekatutako film bat, egin beharreko aldaketak edo ordezkapenak egin ondoren, berriro aztertzeko aurkezten denean, eskabidearekin batera, erantsi edo aldatu diren eszenak edo kendutako testu zatiak jasotzen dituen deskribapen zehatza aurkeztuko da.

44. art.{Jendaurreko proiekzioetarako zinematografia-tresnak ezin izango dituzte erabili operadoreek, horretarako gaitasuna adierazten duen titulua edo agiri profesionala, Madrilen Segurtasuneko zuzendari nagusiak edo gainerako probintzietan gobernadore zibilak emandakoa, ez badute.

45. art.{Kabinan eta pelikulekin lan egiten den lokaletan soilik operadoreek eta horien laguntzaileek izango dute sarbidea, eta hertsiki debekatuta dago lokal horietan erretzea.

Zehazki proiekziorako beharrezkoa den epetik kanpo, filmak hermetikoki itxitako metalezko kaxetan gordeko dira, eta soilik egun horretako saiorako beharrezkoa direnak edukiko dira kabinan.

Kabina eta bertako gelak garbi edukiko dira beti, eta ez da edukiko bertan erraz erre daitekeen ezer.

46. art.{Aurreko artikuluan xedatutakoak hausten badira, eskumena duen agintaritzak zigorra ezarriko dio, 50 pezetatik 250 pezetara arteko isun baten bidez, eta, gainera, egoki diren erantzukizunak eskatuko ditu.

47. art.{Gaueko emanaldietan, jendaurreko ikuskizunak eskaintzen diren lokaletan, zinemetan edota askotariko ikuskizunak eskaintzen dituzten tokietan, debekatuta dute sarrera hamasei urtetik beherakoek, bakarrik badoaz, eta gurasoei, tutoreei edota legez adin txikiko horien zaintza dagokienei erantzukizunak eskatuko zaizkie.

48. art.{Dena den, enpresek egunez esklusiboki zine-emanaldiak eskaintzeko baimena izan dezakete, eta, halakoetan, izaera hezitzailea duten filmak emango dira, bidaiei buruzkoak, gertakari historikoei buruzkoak eta horrelakoak, adibidez.

IV. KAPITULUA.{“Kabaret” eta "dancing" deritzenak

49. art.{Jendaurreko ikuskizunetarako eraikinetatik aparteko lokaletan horrelakoak antolatzen direnean, horiek abian jartzeko baimena eman aurretik, espediente bat bideratuko da, baimena eskatu den etxe horretako gainerako solairuetako biztanleei eta berorren bi aldeetan eta arreko hiruretan bizi direnei entzunez.

Espediente horretan, auzoko bizilagun horien adostasuna edo desadostasuna eta eman dituzten arrazoiak azalduko dira, banan-banan, bakoitza dagokion sinadurarekin.

Espediente horretan, Ikerketa eta Zaintzako funtzionarioen txostena ere jasoko da, eta halako erakunderik ez denean, alkatearena, eta haren iritziz eskatutako baimena eman edo ukatu egin behar den azalduko da, argi eta zorrotz.

50. art.{“Kabaret” edo “dancing” erako jarduerak ezarri nahi dituzten lokalek araudi honetan jendaurreko ikuskizunak eskaintzen dituzten gainerako lokalei eskatzen zaizkien baldintza orokorrak bete behar dituzte, irteerako ateei, artisten gelari, bolumenari edo kubikazioari, suteen aurkako zerbitzuei eta abarri dagokienez; eta, haiek bezala, tokiko gobernu-agintaritzak erabakitako azterketa teknikoak egin beharko dituzte.

51. art.{Horrelako establezimenduetan, ez dira onartuko errezelak dituzten agertokiak eta ezta inolako apaingarriak ere, eta artistak pistan edo, gehienez ere, xede horretarako altxatutako oholtza batean jardungo du, aurrez teknikari batek aztertu eta onartu beharko badu ere.

52. art.{Mota horretako lokaletan, “varieté” giroko ikuskizuna ohiko orduan has daiteke, eta ordu bata eta erdietan amaitu, hau da, araudi honetan zehaztutakoa bete dezake; edota gaueko ordu bata eta laurdenetan has daiteke, eta hiru eta erdietan amaitu; baina "souper-tango" erakoetan, bestelako inolako atrakziorik gabe, bostak arte jarraitu ahal izango da.

53. art.{"Souper-tango" saioetan, emakumeek ezin izango dute artista-trajea jantzita jendearekin dantza egin edo harremanak izan, kaleko jantziekin ez bada.

V. KAPITULUA.{Dantzaldi publikoak.

54. art.{Ikuskizunetarako eraikinetatik kanpo dauden lokaletan dantzaldi publikoak egiteko baimena eman aurretik, ondoko etxeetako auzokoei entzungo zaie, “kabaret” eta “dancing” saioetarako adierazitakoaren ildotik.

Horrelako dantzaldietara ezin izango da sartu bastoiekin, aterkiekin edo inolako armekin.

Ezin izango dira bota sugepaperak edo bertaratutakoei min edo enbarazu egin diezaieketen bestelako objektua ere, eta ezin izango da bota orbanak sor ditzakeen lurrinik.

Dantzarako egokitutako areto edo esparruaren barnean ezin izango da edaririk hartu.

55. art.{Izaera publikoko dantzaldiak eskainiko diren lokalek beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak bete behar dituzte; eta horretarako, aurrez arkitekto batek ikuskatuko ditu, eta ematen den baimenak haren txostena hartuko du kontuan.

56. art.{Antolatzaileen bizilekutik kanpo ematen diren dantzaldiak, baita familiarteko izena dutenak ere, sarrera kobratzen bada edo borondatea eskatzen bada, dantzaldi publiko gisa hartuko dira, eta beraz, tokiko gobernu-agintaritzari baimena eskatu beharko zaio idatziz, gutxienez hogeita lau ordu lehenago; eskarian, non eta zer egun eta ordutan izango den adieraziko da, eta dantzaldia egingo den lokalari aurreko artikuluan azaldutako azterketa egingo zaio.

Elkarteek ere baldintza horixe bera bete beharko dute beren egoitza sozialean edo kanpoan dantzaldiak antolatzen dituztenean, baldin eta bazkideek kuota bereziren bat ordaintzen badute berorren sostengurako.

57. art.{Baldin eta akademia izena hartuta dantza ustiatu nahi bada, eta sarrera dantza bakoitzeko “tiket” modura edo beste moduren batera ordaintzen bada, dantzaldi publikotzat hartuko da, eta beraz, horrelako ikuskizunetarako zehaztutako baldintzak bete beharko ditu.

Aurrez matrikula egin ondoren, aisialdian dantza ikasi nahi dutenak edo arte horretan hobetzeko asmoz profesional modura jardun nahi dutenak prestatzera soilik zuzentzen bada akademia, baimena izateko nahikoa izango da 49. artikuluan adierazten den espedientea bideratzea.

VI. KAPITULUA.{Kafe-kontzertuak eta antzeko establezimenduak.

58. art.{Ikuskizunak eskaintzen dituzten kafetegiak irekitzeko, ezinbestekoa izango da Madrilen Segurtasuneko zuzendari nagusiari, probintzia-hiriburuetan gobernadore zibilari eta gainerako udalerrietan alkateei baimena eskatzea, aurrez 49. artikuluan aipatzen den espedientea bideratuz gero.

Espedientearen emaitza kontuan hartuta, establezimendu hori irekitzeko baimena eman edo ukatu egingo da; baina, betiere, ukatu egingo da moralarekin, duintasunarekin edo lasaitasun publikoarekin lotutako arrazoiak kontuan hartuta, baimen hori ematea ez dela egokia ikusten badu gobernu-agintaritzak.

59. art.{Ikuskizunaren iraupena agintariak zehaztuko du, urte-sasoia kontuan hartuta, baina ezin izango da inoiz amaitu gaueko hamabietatik aurrera.

60. art.{Abesti lizunak, dantza haragikoiak edo moralaren aurkako bestelako ekintzak onartzen dituen establezimenduaren jabeari indarreko xedapenen arabera dagokion isuna jarriko zaio.

Norbaitek edo norbaitzuek establezimenduan era bateko edo besteko istiluak sortuz gero, establezimenduaren jabeak laguntza eske agintariengana jotzen ez badu, isuna jarriko zaio.

61. art.{Ondoz ondoko hiru isun jartzea arrazoi nahikoa izango da ikuskizuna eteteko eta establezimendua behin betiko ixteko.

Erabaki hori hartu ahal izango da, baita ere, krimenen bat gertatzen denean, baldin eta krimena lotuta badago kafetegiaren erregimenarekin edo jabeak, bertako morroiek edo artistek esku hartu badute, eta 49. artikuluan aipatzen diren auzotar gehienek horixe eskatzen badute.

62. art.{Aztergai ditugun establezimenduok, gainera, udal-ordenantzek zehazten dutena bete behar dute.

63. art.{Kafe-kontzertuen eta, duten izendapena dena delakoa izanda ere, beste establezimendu publiko batzuen jabeek edo enpresaburuek debekatuta dute lokaletan edo gertuko beste batzuetan artistei ostatu ematea, artistei ostatu emateko zereginetan zuzenean edo zeharka esku hartzea eta publikoarekin hizketan aritzeko betebeharra ezartzea.

64. art.{Halaber, artistek publikoarekin harremanak izatea edo hitz egitea edo publikoari zuzentzea debekatuta dutela ulertuko da, eta baita ikuskizun-garaian publikoari zuzendutako leku eta tokietan sartzea, eta parte hartu duen emanaldi horretan bete beharreko zeregina betetzeko beharrezko denboratik kanpo lokalean jarraitzea ere.

65. art.{Establezimendu horien lokaletan, ez da izango publikoari zuzendutako areto edo toki nagusietatik bereizitako gela edo gunerik publikoaren zerbitzura, eta guztiek publikoaren bistan egon behar dute, ikusleen artean batzuk ezkutuan eta besteak agerian uzteko trenkada edo errezelik erabili gabe bereizteko.

66. art.{Aisialdi eta kontsumoko establezimendu horien jabeek eta enpresaburuek debekatuta daukate hamasei urtetik beherako emakumeen zerbitzuak kontratatzea, bai eta zuzenean hamaseitik hogeita hirura bitartekoena ere; izan ere, horiekikoak soilik guraso edo legezko tutoreekin egin ahal izango dira; eta ematen direnean, baita ahoz ematen direnean ere, horren berri eman beharko zaio Madrilen Segurtasuneko zuzendari nagusiari, probintzia-hiriburuetan gobernadore zibilei, eta gainerako udalerrietan, Zaintzarako Ikuskaritzari, eta halakorik ez denean, udalerriko alkateari; halakoetan, agintariek eragotzi egingo diete Higiene bereziko erregistroan inskribatutako hogeita hiru urtetik gorako emakumeei zerbitzu horiek ematea, eta baita moralgabeko trafikoaren xede diren adin txikikoei ere.

67. art.{Aipatutako establezimendu horien jabeek berorietan zerbitzu publikoak ematen arituko diren emakumeen berri emango diete aurreko artikuluan aipatutako funtzionarioei, beren izen-abizenak eta azken bi urteetako bizitokiaren helbidea adieraziz; eta zeregin horiek betetzeari utziko diotenen berri ere emango diete, arrazoia emanez.

68.art.{Lokal nagusitik bereizitako edo bakartutako gela edo guneetan emakumeek publikoari zerbitzu ematea hertsiki debekatuta dago, eta debekatuta dute, halaber, bertakoekin batera kontsumitzea, hizketan aritzea eta esertzea.

69. art.{Araudi honetako 64. artikulutik 68.era xedatutako betebeharrei dagozkien hutsegiteak Madrilen Segurtasuneko zuzendari nagusiak zuzenduko ditu, probintzia-hiriburuetan gobernadore zibilak, eta gainerako udalerrietan alkateek, horietako bakoitzarengatik 50 pezetako isuna ezarriz lehen aldia bada, 125 pezetakoa bigarrena bada, eta 250 pezetatik 500era bitartekoa behin eta berriz errepikatuz gero; eta establezimendu horretako jabeari edo enpresaburuari urtean hiru zuzenketa ezarri bazaizkio, establezimendua ixteko erabakia hartuko da.

VII. KAPITULUA.{Zezenketak eta zekorketak.

70. art.{Ezin izango da jendaurrean iragarri inolako zezenketarik, aurrez Madrilen Segurtasuneko zuzendari nagusiak eta gainerako probintzietan gobernadore zibilak kartela onartu ez badu.

71. art.{Kartelean, argi agertuko da zer egunetan eta ordutan den ikuskizuna, zenbat abelburu jokatuko diren, zer ganadutegitatik datozen, zer dibisa-kolore duten, eta zezenketari guztien izen-abizenak ere jasoko dira; eta bereizita agertuko dira parte hartuko duten pikadoreak eta laguntzaileak; zezenketan, soilik iragarri diren horiek irten ahal izango dira hondarretara eta parte hartu ahal izango dute, eta kartelean, esertokien sailkapena eta salneurriak ere agertuko dira.

Funtzioaren kartelarekin batera, enpresak ganadutegiaren jabeak edo haren ordezkariak sinatutako adierazpena aurkeztuko dio gobernu-agintaritzari, eta, adierazpen horrek jokatuko diren abelburuen eta erreserbakoen izena, adina eta iruzkinak jasoko ditu, eta baita itxuraz arauzko gutxieneko pisua dutenak ere.

Halaber, adierazpen horretan abelburu horiek ez direla zezenkatu ere jasoko da.

72. art.{Zezenketa kartelean adierazitako ordu zehatzean hasiko da, eta, kartela onartzeko orduan, gobernu-agintaritzak kontuan hartu beharko du zezenketaren iraupena zehazteko eguzkia sartu arteko epea hartuko dela, eta zezen bakoitzeko gutxienez hogeita bost minutu hartuko direla kontuan.

73. art.{Enpresa behartuta dago zezenketa hasi baino hiru ordu lehenagora arte honako toki hauek gordetzera:

palko bat, Segurtasuneko zuzendari nagusiarentzat Madrilen, eta gobernadore zibilarentzat gainerako probintzietan, eta beste palko bat Dibisio Organikoko jeneralarentzat edo gobernadore militarrarentzat halakorik den tokietan; eta palkoa erabiltzen badute, dagokien zenbatekoa ordainduko dute.

Salmentatik kanpo utziko dira Lehendakaritzari zuzendutako palkoa, eta Guardia Zibileko eta Segurtasun Indarretako piketeetako buru eta ofizialei zuzendutakoa, zezenketara doazenean, eta baita albaitaritzakoei zuzendutako eserlekuak ere; azken horien eserlekuak beti berak izango dira, eta beren zerbitzuak beharrezko izan daitezkeen geletatik ahalik eta gertuen egon behar dute.

74. art.{Enpresak zezenketa-sorta baterako abonuak iragartzen baditu, tokiko agintaritzari kartela gutxienez zortzi egun lehenago aurkeztu behar dio, onar dezan, eta bertan, abonuak hartzen dituen zezenketen kopurua eta horietako bakoitzerako kontratatu diren zezen-hiltzaileen antolaera zehaztuko dira, horien izen-abizenak ere emanez, eta jokatuko diren zezenak zer ganadutegitakoak diren ere azalduko da; horiek guztiak dagozkien kontratuak emanez egiaztatuko ditu, eta abonatuek beren eserlekuei dagozkien txartelak zer egun eta ordutan jaso ditzaketen ere agertu beharko du.

75. art.{Abonua irekitzean, enpresa behartuta dago, abonua izan den azken denboraldian abonatuta egon ziren pertsonei esertokiak berritzeko duten eskubidea errespetatzera.

Halaber, enpresa behartuta dago abonatuei beren eserlekuak gordetzera, egun bateko epean aparteko zezenketak direnean, eta egun erdiz, zekorketen kasuan.

76. art.{Txartelen salmenta hasten den unetik aurrera, enpresak ezin izango du bertan behera utzi zezenketa agintaritzaren baimenik gabe, eta baimena eskatu behar badu, zezenketan jokatuko diren abelburuak esleitu aurretik aurkeztu beharko du eskaria.

Esleipena egin ondoren euria egin badu eta euriak zezentokiko hondarra egoera txarrean utzi badu, zezen-hiltzaileen, enpresaren eta publikoaren iritziak entzungo dira, eta horren arabera, agintaritzak erabakiko du ikuskizuna bertan behera utzi edo ez.

Bertan behera uzteko erabakia kartelak ezartzeko aukeratutako tokietan iragarriko du enpresak.

77. art.{Ikuskizuna atzeratu edo bertan behera utzi ondoren eserlekuaren zenbatekoa itzuli behar denean, enpresak zehaztutako epean −inoiz ez egun bat baino laburragoa− gauzatuko du, baina abonua bada eta atzerapena ezinbesteak bultzatu badu, abonatuek ez dute itzulketarako eskubiderik edukiko.

78. art.{Zezenketa hasi ondoren bertan behera uzten bada eta, agintaritzaren ustez, ezinbesteko arrazoiek bultzatu badute hori, ikusleei ez zaie itzuliko beren eserlekuari dagokion zenbatekoa, eta ez dute kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik izango.

79. art.{Erabat debekatuta dago herrietako kale eta plazetan, libre nahiz sokaz lotuta, zezenak, zekorrak, idiskoak jokatzea.

80. art.{Urtero, zezen-plazak ikuskatu egingo ditu denboraldi hasieran Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiko arkitekto batek Madrilen, eta gobernadore zibilak izendatzen duenak, berriz, gainerako probintzietan.

81 art.{Zezen-plazen eraikuntza araudi honetako aginduetara egokituko da, eta berorien funtzionamendua gobernu-agintaritzak onartutako araudi berezi batek zuzenduko du.

VIII. KAPITULUA. - Ikuskizun publikoetarako txartelen salmenta.

82. art.{Antzerki-enpresek nahiz mota guztietako ikuskizun publikoekin lotutakoek ez dute salduko kontularitzan eserleku-mota bakoitzeko bi heren baino gehiago, eta herena erreserbatu egingo da; baina kontuan hartuko da proportzio hori abonatu gabeko txartelei dagokiela.

83. art.{Obren estreinaldietan edo artisten debuteko emanaldietan, lehen ataleko kategoriakoak direnean, kontularitzan txartel guztiak saldu ahal izango dira.

84. art.{Ikuskizunak izaten diren eraikinetan, txartelak saltzeko beharrezkoak diren leihatila guztiak prestatuko dira, salgai jartzen den txartel-kopuruaren arabera, txartelak jendeari enbarazu egin gabe lehenbailehen saltzeko, jendetza berorien aurrean pilatuta gelditu gabe; beraz, ikuskizuna hasi baino gutxienez bost ordu lehenagotik irekita egon beharko dute.

Ikuskizuna goizean denean, nahikoa izango da bi ordu lehenago irekitzea.

85. art.{Enpresak txartelak saltzeko tokiak jarri ahal izango ditu lokal itxietan, udalerriko zenbait puntutan; eta berorietan, jendeari eskatzen dituen eserlekuen txartelak saldu ahal izango dizkio, nahiz eta txartel bakoitzaren zenbatekoaren gainean ehuneko 15etik gorako gainpreziorik ezin izango duen jarri.

86. art.{Debekatuta dago txartelen birsalmenta.

87. art.{Aurreko artikuluan xedatutakoa horrela bada ere, saltoki berezietan txartelak ehuneko hamabosteko errekarguarekin saltzeko enpresei ematen zaien baimena partikularrengana ere hedatzen dela hartuko da kontuan, betiere, konpromisoa hartzen bada salmenta publikoari inolako enbarazurik sortu gabe lokal itxietan egiteko, txartelaren prezioari ehuneko hogeitik gorako errekargurik ez ezartzeko, eta ezkutuko birsalmentan aritzen diren pertsonak agintaritzaren aurrean salatzeko ikuskatzaileak izendatzeko.

88. art.{Sarreren eta gainerako eserleku-moten prezioak, zergak ere barnean hartuta, argi jaso behar dira programa eta karteletan.

Errepresentazio bakoitzeko prezioen tarifa ezin izango da aldatu behin jendaurrean iragarri eta gero.

89. art.{Kapitulu honetako aurreko artikuluetan ematen diren aginduak hausten badira, zigorrak ezarriko dira: lehen hutsegitea denean, 125 pezeta, bigarrena denean, 250 pezeta, eta arau-haustea behin eta berriz gertatzen denean, 500 pezeta, desobedientzia-delituagatik auzitegiei kontu emateko aukeraren kalterik gabe.

IX. KAPITULUA. Publikoa oro har.

90. art.{Publikoak ezin izango du exijitu iragarritako lan edo ekitaldietatik aparteko beste batzuk egiteko, eta artista bati eskaini duen emanaldiaren zati bat errepikatzeko eskatzen bazaio, artistak bere borondatez erabakiko du eskaera hori bete edo ez.

91. art.{Hertsiki debekatuta dago ikuskizun publiko bat ematen ari diren unean publikoa zutik egotea bakoitzari dagokion tokian edo korridoreetan; berorietan egoteko aukera soilik agintariei edo enpresako langileei emango zaie.

92. art.{Debekatuta dago erretzea, aire zabalean, aretotik kanpo edo xede horretara zuzendutako aretoetan eskaintzen ez diren ikuskizunetan; enpresek areto edo gela berezi bat prestatuko dute horretarako, eta areto edo gela horretako airea berritu egin beharko da, araudi honetako 221. artikuluan aurreikusten den eran, ez zuzenean eta ez zeharka, ez dezan zikindu ikuskizunetarako aretoko giroa.

Enpresako langileek korridoreetan, eskaileretan, galerietan eta abarretan erretzen ari diren pertsonei erretzaileentzat prestatutako lokaletara joateko gonbita egingo diete, eta kasurik egiten ez badiete, agintaritzaren agenteei laguntza eskatuko diete berehala, araua hausten ari direnei berehala erabaki hori betearazteko.

93. art.{Ez antzokietan eta ez ikuskizunetarako aretoetan, ezin izango da egon kapela jantzita, inongo eserlekutan, oihala goian den bitartean, eta debeku hori andreei ere zabaltzen zaie, palkoko eserlekuetan edo beheko jarlekuetan azken ilaran ez badaude, edo aire zabaleko kontzertua ez bada.

X. KAPITULUA.{Aktoreak

94. art.{Honako araudi honen eraginetarako, aktoreak bi sexuetako artistak, antzezlanak, lan lirikoak edo “varieté” izaerakoak eskaintzeaz arduratzen direnak, izango dira, bai eta koristak eta dantzarien taldeko gizabanakoak, orkestrako irakasleak, zuzendariak edo oroitarazleak eta, oro har, ikuskizun publikoetan parte hartzen duten pertsonak ere.

Aktore-izendapenaren baitan bilduko dira zirkuko artistak, toreroak eta abar ere, araudi honen ondorioetarako.

95. art.{Ikuskizunean parte hartzen duten aktoreak ezin izango zaizkio publikoari zuzendu, eta emanaldian zehar gorabeheraren bat gertatuz gero, gertatutakoari buruzko azalpenak emateko baimena enpresak edo haren ordezkariak izango du, enpresaren edo haren ordezkariaren izenean haiek berresten dutenean salbu, eta agintaritzaren ordezkariaren baimenarekin beti.

XI. KAPITULUA. Enpresak.

96. art.{Enpresatzat hartuko dira, araudi honen ondorioetarako, ikuskizunen lokal bat merkataritza-helburuarekin eta emanaldi publikoak egiteko ustiatuko duten pertsonak edo erakundeak; edozein herritarrek karteletan adierazitako emanaldiaren sarrera ordainduta erosteko eskubidea duenean izango dira emanaldi horiek emanaldi publiko.

97. art.{Ikuskizun publikoak eskaintzen dituzten enpresa guztiek beren izena eta helbidea adieraziko dizkiote gobernu-agintaritzari, eta lege-ordezkaria izendatzen dutenean, haren izena ere adieraziko diote, gobernu-agintaritzak harekin zuzenean izango baitu harremana. Izenak edo helbideak aldatuz gero, derrigorrezkoa izango da horien berri ematea.

98. art.{Enpresen betebeharrak:

Lehena.{Ikuskizun publikoetara zuzendutako antzokietan eta aretoetan sistema modernoko listuontzi ugari ezarri beharko dituzte, eta, ahal dela, ur-korrontea izango dute, ikusleek erabil ditzaten.

Listuontzi horiek portzelanazkoak, kristalezkoak edo burdina esmalteztatukoak izango dira, eta ur-korronterik ez dutenean, sublimatuzko desinfektatzaileak, kobre sulfatoa, azido timikoa eta abar izango dituzte.

Erabat debekatuta dago zerrautsez, hareaz eta abarrez betetako burdinazko, zurezko edo antzeko beste material batzuetako ontziak erabiltzea.

Bigarrena.{Iragarkiak jarri beharko dituzte guztiek ikusteko moduko tokietan, eta berorietan listua lurrera botatzea eta erretzaileek zigarrokinak lurrera botatzea debekatuko da.

Hirugarrena.{Bi konketa jarri beharko dituzte horretarako egoki diren tokietan, eta ur-korrontea eta isurbide zuzena izan behar dituzte.

Laugarrena.{Txartelak saltzeko lokaletan uretan bustitako belakiak ezarri beharko dituzte, edo antzeko beste prozedura batzuk erabiliko dituzte, txartelak saltzen dituzten langileek txartelak txartel sortatik mozteko hatzak ahoan busti beharrik ez izateko.

Bosgarrena.{Ikusleen aretoko, agertokiko eta gainerako geletako hainbat tokitan termometroak ezarriko dituzte, tenperaturak ohiko mugak gainditzen dituen ikusteko eta, hala gertatzen bada, aireztapena behartzeko eta giroa garbitzeko, ikusleak erosoago egon daitezen edo giroak sortutako desorekek agertokitik ikusleen aretorako edo alderantzizko korronte kaltegarriak sor ez ditzaten.

Enpresek ikusleei zuzendutako guneko giroa artifizialki ozonizatzeko bitartekoak jarriko dituzte.

Seigarrena.{Artistek, dantzariek, figuranteek, koruko abeslariek eta abarrek janzten dituzten gauzak, ileordeak, puntuzko jantziak, eta abar gutxienez erabiltzailea aldatzen den bakoitzean immunizatu beharko dira.

Zazpigarrena.{Lokalean garatuko den erakustaldiaren baldintzetara egokitu daitezkeen botika-kutxak ezarriko dituzte, eta elementu gehiago edo gutxiago izan behar dituzte kutxa horietan, antzokiak, zezenen zirkuak, zirkuak, hipodromoak, eta abar diren kontuan hartuta.

Zortzigarrena.{Osasun-zerbitzu egokia izan behar dute.

Bederatzigarrena.{Araudi honetako 133. artikuluan zehaztutako komunontziak higiene-baldintza egokietan ezarri behar dituzte, ez soilik berorietan sortzen den usain txarra saihesteko beharrezko ur-korrontearen kantitateari dagokionez, baita aireztapenari eta eguneroko desinfekzioari dagokienez ere; azken horretarako, beharrezko gai edo substantziak jarriko dira lokal horietan.

Hamargarrena.{Ikuskizun publikoetara zuzendutako antzokietako eta gainerako lokaletako zorua antzezpen bakoitzaren aurretik garbituko da, edo, gutxienez, egunean behin.

Garbiketa lanbasa pasatuz edo trapu bustiekin egingo da, eta ustiapen-baldintzek edo zoruaren estaldurak trabarik jartzen ez badute, hustuketa egingo da, makina egokien bidez edo hautsa barreiatzea saihestuko duen xurgatzeko antzeko beste prozeduraren baten bitartez.

Hormak eta sabaiak, eta baita eserlekuak ere, maiz garbituko dira prozedura horien bitartez.

Debekatuta dago zoruan erratza pasatzea eta lehorrean garbitzea.

99. art.{Debekatuta dago kantinak edo ur-postuak ezartzea eserlekuetara iristeko korridoreetan, eta ez da halakorik edonola ere onartuko iragazitako ur-korronterik ez badute; ur hori tanga berezietara edo estolderia orokorrera zuzenduko da.

100. art.{Segurtasuneko zuzendari nagusiak, gobernadore zibilek edo alkateek, bakoitzak dagokion esparruan, isunak jarriko dizkiete inprimatutako edo eskuz idatzitako karteletan edo programetan iragartzen dituzten ikuskizunen benetako izenburuak jartzen ez dituzten enpresei; izenburuei ez zaie ezer gehitu edo kendu beharko, eta egileen edo itzultzaileen izenek ere agertu behar dute. Salbuespen bakarra estreinaldiaren iragarkia da, iragarki horretan egilearen izena kendu ahal izango baitute, hala nahi izanez gero.

BIGARREN ZATIA

XII. KAPITULUA.{Ikuskizunen Aholkularitza eta Ikuskaritza Batzordea

101. art.{Probintziako hiriburu bakoitzean Gobernazio Ministerioak izendatutako batzorde bat izango da, eta kontsulta-organoa izango da ikuskizun eta dibertsio publikoetara zuzendutako eraikinei eta lokalei dagokienez; batzorde horrek aholkua eskainiko die Segurtasuneko zuzendari nagusiari Madrilen, eta probintzia bakoitzean dagokion gobernadoreari, lokal horien eraikuntzarekin, berritzearekin, irekitzearekin eta ikuskaritza iraunkorrarekin lotutako gaietan.

102. art.{Honako hauek osatuko dute Madrilgo Batzordea, Ikuskizun Publikoetarako Aholkularitza eta Ikuskaritza Batzorde Nagusi izendatuko dena:

Segurtasuneko zuzendari nagusiak; lehendakaria izango da.

Madrilgo gobernadore zibilak edo horren ordezkoak.

San Fernando Akademiako kide den arkitekto batek. Arkitektura, Ekonomia eta Eraikuntza Teknikako Zuzendaritza Nagusiak izendatuko du.

Zinematografia eta Antzerkiko Zuzendaritza Nagusiko ordezkari batek, zuzendaritza horrek izendatutakoak.

Elektroteknikan katedradun den ingeniari batek –ikastetxe ofizial batean lan egin behar du–.

Abeltzaintzako Sindikatu Nazionaleko ordezkari batek, sindikatu horrek proposatuta Gobernazio Ministerioak izendatutakoak.

Madrilgo Udaleko zinegotzi batek, alkateak izendatutakoak.

Suteen Aurkako Udal Zerbitzuko buruak.

Madrilgo Industriako Probintzia Ordezkaritzako ingeniari buruak.

Madrilgo Osasun Arloko Probintzia buruak.

Ikuskizun publikoetan eskumen berezia duten bi pertsonek, Gobernazio Ministerioak izendatutakoek.

Poliziako Gorputz Nagusiko funtzionario batek; idazkari lanak egingo ditu eta ez du boto-eskubiderik izango. Lehendakariak izendatuko du.

Zuzendariorde nagusiak ordezkatuko du Segurtasuneko zuzendari nagusia Lehendakaritzan.

Gorputz eta Kirol Hezkuntzako Ordezkaritza Nazionaleko batzordekide batek; (Gobernazio) Ministerio honek izendatuko du, Mugimenduko Idazkaritza Nagusiak proposatuta.

103. art.{Gainerako probintzietan, honela osatuko da Batzordea:

(Batzorde horren eraketa 1961. urteko maiatzaren 8an ezeztatu zen, eta “Zerbitzu Teknikoen Probintziako edo Eskualdeko Batzordeak” eratu ziren)

104. art.{Batzorde Nagusiak nahiz probintzialek, aholkularitza hobea jasotzeko egoki deritzenean, dagokien Segurtasuneko zuzendari nagusiari edo gobernadoreari eskatu ahal izango diote 101. artikuluaren eta araudi honetako gainerako xedapenen eragina jasaten duten erakundeei edo aldeei aholkularitza eskatzeko, haiek ordezkatzen dituzten interesen aurrean dituzten iritziak entzuteko.

105. art.{Ikuskizunetako aholkularitza- eta ikuskaritza-batzordeetako kargu guztiak ohorezkoak eta doakoak izango dira, eta, beraz, ezingo dira inoren esku utzi.

106. art.{Gobernazioko ministroak egin beharrekoak egingo ditu aurrekontu orokorretan idazkaritzarako materialetarako eta bisita-gastuetarako eta dietetarako beharrezko kopuruak esleitzeko, ikusle-kopuruaren eta horien garrantziaren arabera.

Lehendakaria arduratuko da administrazio materiala eta bisita-gastuetarako esleipena egiteaz, eta haren izenean egingo dira ordaintze-aginduak.

107. art.{Antzokiak eta ikuskizunetarako eta olgetarako gainerako eraikinak irekitzea edo berritzea baimentzeko bisitak batzordeetako hiru lagunek egiaztatu beharko dituzte, eta horietako bik, gutxienez, eraikuntzaren arloko teknikariak izan behar dute.

108. art.{Batzordeetako kide guztiei nortasun-agiri bat emango zaie, eta ikuskizunak eskaintzen dituen edozein lokaletan edozein ordutan sartu ahal izango dira; enpresek, beren aldetik, ikuskaritza egiteko erraztasun guztiak eman behar dizkiete.

109. art.{Batzorde Nagusiak informazioa emango du hala egiteko eskatzen zaion kasu guztietan, eta Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiak agindutako ikuskaritza guztiak egingo ditu.

HIRUGARREN ZATIA.

XIII. KAPITULUA.{Oin berriko lokalak eta berrikuntzak.

110. art.{Ikuskizun publikoetara zuzenduko den edozein eraikin, establezimendu edo lokal eraikitzeko baimena udalerriko alkateari eskatu beharko zaio, eraikinaren jabeak edo horren lege-ordezkariak sinatutako eskari-orriaren bidez; eskari-orriarekin batera, proiektatu den eraikuntza azalduko duen Memoria aurkeztu behar da, eta eraikuntzaren kokalekuaren muga zehatzak adierazi behar dira, kalea eta zabalera zehaztuz. Beste xehetasun hauek ere eman behar dira: deskribapena, eraikuntza, erabiliko diren materialak, zer ikuskizun edo olgetarako erabiliko den, ezarriko den argiteria; eraikinaren solairuen, fatxadaren eta sekzioen marrazkia ere erantsiko da, metroko zentimetro bateko eskalan, eta antolaera berezien xehetasunak, metroko bost zentimetroko eskalan.

Plano horietan, neurri nagusiak mugatuta agertuko dira, eta eserlekuak ere marraztuko dira berorietan, dagozkien neurrian horiek ere.

Udalean hiru ale aurkeztuko dira, eta beste bat Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusira igorriko da zuzenean, edo probintziako Gobernu Zibilera, kasuan kasu dagokionaren arabera.

111. art.{Aurretik altxatutako eraikin batean berrikuntza-lanak egin behar direnean, udal-agintarien baimena eskatu beharko da lan horiek egiteko, eta Memoriaren hiru ale eta beharrezko planoak aurkeztu beharko dira udalean ere; beste ale bat Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusira igorriko da zuzenean, edo probintziako Gobernu Zibilera, kasuan kasu dagokionaren arabera; hala ere, Batzordeak, beharrezkoa irudituz gero, begizko ikuskatzea egin ahal izango du.

112. art.{Eraikin edo lokal horiek berritzeko lan guztietan, araudi honekin harmonian jokatuko da, eta beraz, eraikinaren egoera araudiaren arabera akastuna denean, ez dira baimenduko eraikinaren egoera zaharra bere horretan gordeko duten berreraikitze-lanak.

114. art.{Udalak ikuskizun publikoetara zuzendutako eraikinak edo lokalak eraikitzeko edo berritzeko baimena eman dezan, proiektua Segurtasuneko zuzendari nagusiari igorri beharko zaio Madrilen, eta gobernadore zibilari gainerako probintzietan, haiek onar dezaten, eta horiek Ikuskizunen Aholkularitza Batzordeari entzungo diote, beren aldetik.

Batzordeak, bere txostenean, egoki deritzen aldaketak proposatu ahal izango ditu, araudi honen aginduen eta aplikagarri diren gainerako xedapenen arabera.

Aurreko paragrafoko lehenengo zatian adierazitako onespena lortu arte, ez dira ikuskizun publikoetara zuzendutako eraikineko edo lokaleko eraikuntza- edo berrikuntza-lanak hasiko.

XIV. KAPITULUA.{Ikuskizun edo olgeta publikoetara zuzendutako eraikinen edo lokalen sailkapena.

115. art.{Ikuskizun eta olgeta publikoetara zuzendutako eraikinak bi mota hauetakoak izan daitezke:

Eraikin estaliak eta aire zabaleko eraikinak eta lokalak.

Lehenengoan honako hauek sartzen dira:

antzokiak, zirkuak, pilotaleku estaliak, kontzertu-aretoak, dantza-aretoak, zinema-aretoak, kafe-kontzertuak eta jaietako pabiloiak eta barrakak.

Eta bigarrengoan:

zezen-plazak, udako antzokiak, zirkuak eta zinema-aretoak, eraikinen gaineko terrazak, belodromoak, airedromoak, pilotalekuak, tiro-zelaiak, aisialdi-parkeak, jolas-parkeak eta kirol-zelaiak.

116. art.{Ikuskizun publikoetara zuzendutako eraikin eta lokal estali guztiak honela sailkatuko dira:

Lehena.{Edukieraren arabera:

a) 500 ikusle arte har ditzaketen lokalak.

b) 501etik 750 ikuslera har ditzaketen lokalak.

c) 751tik 1.000 ikuslera har ditzaketen lokalak.

d) 1.001etik 1.500 ikuslera har ditzaketen lokalak.

e) 1.501etik 2.000 ikuslera har ditzaketen lokalak.

f) 2.001etik 2.500 ikuslera har ditzaketen lokalak.

g) 2.501etik 3.000 ikuslera har ditzaketen lokalak.

h) 3.001etik 3.500 ikuslera har ditzaketen lokalak.

i) 3.501etik 4.000 ikuslera har ditzaketen lokalak.

j) 4.001etik 4.500 ikuslera har ditzaketen lokalak.

k) 4.501etik 5.000 ikuslera har ditzaketen lokalak.

l) 5.000 ikusle baino gehiago har ditzaketen lokalak.

Bigarrena.{Baldintza berezien arabera:

1. Makineria finkoa, zulogunea eta oihaltegia dituzten lokalak.

2. Edozein eserleku-kopuru izanik ere, dekorazio mugikorrak edo, agintarien arabera, arriskutsuak izan daitezkeen bestelako tresnak erabiltzen dituzten lokalak.

3. Aurreko kasuetan txertatzen ez diren lokalak.

117. art.{a) taldean txertatzen diren eraikinek bide publikora irteera izan behar dute, gutxienez 10 metrokoa.

b) taldean txertatzen diren eraikinek bide publikora irteera izan behar dute, 12,50 metrokoa.

c) taldean txertatzen diren eraikinek bide publikora irteera izan behar dute, 15 metrokoa.

d) taldean txertatzen diren eraikinek bide publikora irteera izan behar dute, 25 metrokoa.

e) taldean txertatzen diren eraikinek bide publikora irteera izan behar dute, 30 metrokoa.

f) taldean txertatzen diren eraikinek bide publikora irteera izan behar dute, 35 metrokoa.

g) taldean txertatzen diren eraikinek bide publikora irteera izan behar dute, 40 metrokoa.

h) taldean txertatzen diren eraikinek bide publikora irteera izan behar dute, 45 metrokoa.

i) taldean txertatzen diren eraikinek bide publikora irteera izan behar dute, 50 metrokoa.

j) taldean txertatzen diren eraikinek bide publikora irteera izan behar dute, 55 metrokoa.

k) taldean txertatzen diren eraikinek bide publikora irteera izan behar dute, 60 metrokoa.

Ikusle-kopurua 5.000tik gorakoa denean, kaleen zabaleren batura handitu egingo da, 500 ikusleko 6 metroko proportzioan.

Goian sailkatutako lokalen batek, zehaztutakoaz gain, beste kaleren batera irteera badu, kale horien zabaleren batura bere taldeari dagokiona baino % 20 handiagoa izango da.

Kaleen zabalera ez da inoiz zazpi metrotik beherakoa izango, eta bi fatxaden erdiko puntuetatik neurtuko da normalean.

Artikulu honetan zehazten diren neurriak eskatzen diren gutxienekoak direla ulertuko da.

50.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan, zabalerak bi herenera murriztu ahal izango dira, 1.500 ikusle baino gehiago hartuko dituzten lokaletan izan ezik; baina gutxieneko zabalera ez da inoiz aurreko paragrafoan zehaztutakoa baino txikiagoa izango.

118. art.{Hurrengo artikuluetan zehaztutako eskaileren, ateen eta aretoan sartzeko korridoreen zabalerak 3. taldeko lokaletan aplika daitezke; 1. eta 2. puntuei dagokienez, neurri horiek % 10 handituko dira.{Kasu berezietan, batzordeak zehaztuko du bere iritziz zer instalazio osagarri ezarri behar diren.

Jabeek eraikuntza berri bat egiteko edo berritze-lanak egiteko eskaeran egindako deklarazioan oinarrituta ezinezkoa bada lokala 1. edo 2. taldean txertatu behar den zehaztea, behin-behineko sailkapena egingo da espedienteak informatzean, eta behin betiko sailkapena lanak ikuskatzen direnean zehaztuko da.

Ez da baimenduko 500 jarleku baino gehiago dituen ezein lokalen eraikuntza, aretoaren eta agertokiaren xedeaz kanpoko eraikinetatik bereizita ez badago.

Aretoaren zorua ezingo da bide publikoaren sestra ofizialaren azpitik egon, lokal horiek kontzertu-aretorako eta dantza-aretorako zuzentzen direnean izan ezik; kasu horietan, zorua, gehienez ere, sestra baino sei metro beherago egon ahal izango da. Bide publiko nagusira ematen duen fatxadaren erdiko puntutik egingo da neurketa.

Bi kasu horietan, irteerako eskailerari eta gainerako zerbitzu orokorrei dagokienez, araudiak zehaztutako aginduak beteko dira, eta sarbide horiek eraikineko gainerako sarbideekiko independenteak izan behar dute.

119. art.{Kasu guztietan, agertokiko zerbitzuak sarrera independenteak izango ditu, ikusleei zuzendutako lokalekin komunikatu gabekoak.

Suteetarako zerbitzua agertokira sartu ahal izateko, oihalen altuera bat etorriko da aretoko solairu baten altuerarekin, eta, bi horiek lotzeko, toki ikusgarrian kokatutako eta adreilu mehez itxitako hutsarte bat ezarriko da.

Hori ezinezkoa denean, material erregaitzez egindako eskailera bat ezarriko da; eskaileraren zabalera 1,20 metrokoa izango da gutxienez, eta eskubanda izango du.

120. art.{Eraikinak kalera izango duen ate-kopurua bat etorriko da ikusle-kopuruarekin, eta 2 metroko zabalera izango dute gutxienez; 500 ikusle arteko lokaletan neurri horretako bi ate egongo dira, eta bat gehiago, zabalera berekoa, 250 ikusleko edo frakzio bakoitzeko.

Sarrerarako, ate bat edo bi ireki daitezke, eta gainerakoak itxita egongo dira, barruko kisketekin soilik; kisketak metro bateko altueran ezarriko dira gutxienez, ate-orrien goiko aldean, ezustekoren bat gertatuz gero azkar ireki ahal izateko.

Ate horiek kanporantz irekiko dira, eta eraikineko gainerako guztiak ere berdin irekiko dira, palkoetatik korridoreetara irtetekoak izan ezik, haiek barrurantz irekiko baitira.

Kanpora irteteko ateek eta barruko pasabideak, korridoreak, eskailerak, atarteak eta abar ixten dituztenek kristal bat izan behar dute goiko aldean, jendea irteten denean orientatzeko.

Ate horien gainean “irteera” seinalea jarri behar da, ondo ikusten diren letrekin eta segurtasuneko argiteriako lanparen bidez argituta.

Suhiltzaileak sartzeko, sarbide independenteak ezarriko dira fatxadetan, adreilu mehez itxitakoak, eta erraz ikusteko moduko seinaleak jarriko dira kanpoan nahiz barruan, solairuen sarreretan.

Sarrera horietatik sartzeko eskailera bertikalak edo pate xumeak ezarriko dira lehenengo solairutik aurrera.

Ezingo da ateen zabalera estutuko duen apaingarririk jarri eraikinetako fatxadetan.

Ate-kopurua zehazteko, eraikinak zerbitzu publikoko lur azpiko galeriarik duen hartuko da kontuan, eta ate baten ordezko izango da galeria hori.

121. art.{Zalgurdien sarrerarik badago, gainerakoetatik independentea izango da.

122. art.{Ikusleei zuzendutako lokalen edukiera kubikoa bat etorriko da lokal bakoitzaren oinarrizko aireztapen-baldintzekin eta lokal horretan garatuko den ikuskizunaren izaerarekin, baina ezingo da inoiz pertsonako lau metro kubikokoa baino txikiagoa izan.

123. art.{Kaleko sarreren eta aretoaren artean, eta baita solairuetan ere, atarteak ezarriko dira, eta atarte horien azalera solairu bakoitzeko ikusle-kopuruarekin lotuta egongo da: metro karratu bat sei ikusleko.

Atarte horietan ezingo da erakusmahairik, kioskorik, lore- edo egunkari-posturik, pantailarik eta, oro har, tokia estutuko duen edo igarobidea oztopatuko duen altzaririk ezarri.

Atarteetan doako jantzitegiak ezarri ahal izango dira, eraikineko solairu bakoitzeko jarleku-kopuruarekiko proportzioan.

124. art.{Eskailera independenteak jarriko dira azken solairutik beheko solairuraino, eta, gutxienez, bi eskailera jarriko dira eta metro bat eta berrogeita hamar zentimetroko zabalera izango dute, betiere, solairuko ikusle-kopurua gehienez ere 500ekoa denean.

Beheko solairuetako zerbitzurako neurri bereko beste bi eskailera ezarriko dira 500 ikusleko talde bakoitzeko.

Kopuru hori gainditzen denean, aurreko bi kasuetan, eskailera bakoitzaren zabalera handituko da, 0,20 metro 100 ikusleko edo frakzio bakoitzeko.

125. art.{Ikusleei zuzendutako eskailera guztiak eraikinaren gunetik ahal den urrutien kokatuko dira, ahal bada lehen hormartean, aretoaren bi aldeetan, eta lotura zuzena izan behar dute atarteekin edo kalearekin.

Eskailera-tarteak zuzenak izango dira, debekatuta dago guztiz haizemaile-formako mailak ezartzea; solairu bakoitzeko sarreretan eskailera-mahai jarraituak izango dituzte eta, gutxienez, tarteen zabalera berbera izango dute. Haien zabalera bereko ateen bitartez lotuko dira solairu bakoitzera.

Eskailera-mahaitxoen angeluak biribildu egingo dira.

Kurbaren erradioaren luzera eskaileraren zabaleraren berdina izango da.

Eskaileren hormetan eskubandak jarriko dira.

Tarte bakoitzak 18 maila izango ditu gehienez.

Maila bakoitzaren altuera 17 zentimetrokoa izango da gehienez, eta oinatza 30 zentimetrokoa, gutxienez.

Eskailera batera sartzeko hutsarteren bat badago, gutxienez metro bateko eskailera-burua edo -mahaitxoa ezarriko da hutsartearen eta lehenengo mailaren artean.

126. art.{Igogailuak jartzen badira, segurtasuneko baldintza orokorrak betetzeaz gain, ez dira inoiz eskaileren zuloan ezarriko, eta horiekiko guztiz independenteak izan behar dute.

Isolatuta geldituko dira, horma erregaitzekin itxiko dira, eta sua jasaten duten ateak eta beirate armatuak izango dituzte.

Enpresako langileek mugiaraziko dituzte.

Igogailuen kabinak eta horiek kokatuta dauden espazioa ezartzerakoan, kontuan izan behar da erraztasun handiena bilatu behar dela barruan egon daitezkeen pertsonei laguntza emateko edo barruan daudenak irteteko.

127. art.{Solairu bakoitzari zerbitzua emateko kanpoko korridoreek 1,50 metroko zabalera izango dute gutxienez, korridore horiek 500 ikuslek baino gehiagok erabili behar baldin badituzte, eta 0,20 metro handituko dira 100 ikusleko edo frakzio bakoitzeko.

Jendea irteteko guneetan ez da inoiz ispiluak jartzea onartuko, ispilu horiek irteera oztopatzen badute, eta ezingo dira ezta ere zirkulazioa eragotziko duten altzariak edo bestelako osagarriak ezarri.

128. art.{Korridoreetan eta aretoetan mailak jartzea debekatuko da, eta mailen aldeak plano makurren bidez gaindituko dira; plano makur horien malda ez da inoiz izango metroko hamar zentimetrokoa baino handiagoa.

129. art.{Debekatuta dago baita ere ate irristatzaileak edo eragingailu bikoitzekoak ezartzea, bai eta ate birakariak, zuresiak, trenkadak edo ateak estutuko dituzten bestelakoak ere.

Errezelak ezin sutuzkoak eta erraz erabiltzekoak izango dira.

130. art.{Ondo hornitutako erizaindegia prestatuko da istripu medikokirurgikoak gertatzen badira lehen laguntza eskaintzeko, indarrean dauden xedapenen arabera.

131. art.{Aretoa ikusle guztiek beren eserlekuetatik agertokia ondo ikusteko moduan antolatuko da, eta xede horretarako beharrezko arrapalak ezarriko dira.

Besaulki-patiora sartzeko hiru sarrera egongo dira gutxienez, eta aretoak 500 ikusle baino gutxiago har ditzakeenean, sarreren zabalera 1,50 metrokoa izango da gutxienez.

Kopuru hori gainditzen denean, zabalera bereko beste bi ate ezarriko dira 250 ikusleko edo frakzio bakoitzeko.

500 ikusle baino gutxiago har ditzaketen anfiteatroen edo oilategien kasuan, bi metroko zabalerako irteera bat ezarriko da alde banatan, eta eskailerekin lotura erosoa izango dute.

Kopuru hori gainditzen denean, zabalera bereko beste ate bat ezarriko da 250 ikusleko edo frakzio bakoitzeko, maila desberdinean eta eskailerekin lotuta hori ere.

132. art.{Antzoki bateko edo antzeko eraikin bateko aretoa dantzarako edo bilera handietarako erabili behar denean, agertokiaren mailako eserlekuen zoruaren gainean ezarriko den oholtzak baldintza onenak izango ditu sendotasunari dagokionez, eta gai horretan eskumena duen profesionalak egiaztatu beharko du hori.

Oholtzak besaulki-patioko ateren bat baliogabe utziko balu, baliogabetutakoaren ordez beste bi irteera ezarriko dira.

133. art.{Komunontziak, gernutokiak eta konketak jarriko dira solairu bakoitzean, hamar gernutoki eta konketa solairu bakoitzeko eta bi komun, gizonentzako konketarekin, eta beste bi komun emakumeentzat, konketarekin horiek ere, 500 ikusleko; kopuru hori erdira murriztuko da solairu bakoitzeko eserleku-kopurua 300etik beherakoa denean.

Gela horiek aretotik nahikoa distantziara ezarriko dira, aireztapen zuzena duten eta ondo argituta dauden lokaletan; komunontziek ur-deskarga automatikoa izango dute, zorua irazgaitza izango da eta hormak ere, bi metroko altueraraino, irazgaitzak izango dira edo lauzekin edo beiraztatutako beste material batzuekin estaliko dira.

134. art.{Orkestra ikusleei ikuspegia ez eragozteko moduan kokatuko da; orkestrak hartutako lokala ez da aretoarekin komunikatuta egongo, eta gela bat izango du berorren zerbitzurako eta gune bat irakasleek erretzeko; guztiz debekatuta dago zulogunea erabiltzea zeregin horretarako, eta beharrezko segurtasun-, altuera-, edukiera- eta higiene-baldintzak eskatuko dira.

135. art.{Korridoreen zabalera, eserlekuen neurriak eta aretoko jarlekuen kokapena honako hauek izango dira platean eta eserlekuak dituzten anfiteatroetan:

Eserlekuen ondoz ondoko bi ilaren bizkarraldeen artean 85 zentimetro egongo dira, eta 40 zentimetroko pasabidea utziko da gutxienez.

Eserlekuen zabalera 50 zentimetrokoa izango da.

Paragrafoan adierazitako distantzia metro batekoa baino handiagoa bada, eserlekuak finkoak izatea baimendu ahal izango da.

Bestela, eserlekuak bizkarraldearen kontra altxatu behar dira, errazago garbitzeko.

Eserlekuen arteko erdiko pasabideak 1,10 metroko zabalera izango du gutxienez, eta, ilara bakoitzean 18 eserleku baino gehiago daudenean, horien eta platearen edo alboko hormen artean 75 zentimetroko beste pasabide bat ezarri behar da; betiere, horrez gain edo horren ordez 75 zentimetroko zabalerako tarteko korridoreak ere ezarri behar dira, eserlekuen ilaren noranzkoan.

Bestalde, 25 ilara baino gehiago daudenean –horien kokapenaren batez bestekoa kontuan hartuta–, gutxienez metro bateko zabalera izango duen korridore bat ezarriko da ilaren noranzkoan.

Anfiteatroetan eta sarrera orokorretan, eserlekuek 50 zentimetroko zabalera izango dute gutxienez, eta 40 zentimetroko irteera.

Eserlekuen arteko pasabidea 40 zentimetrokoa izango da.

Tximeleten bidez lotuko dira eta hutsartea utziko da eserlekuen azpian; horrez gain, 20 zentimetroko altuerako bizkarraldea izango dute.

Erdiko eta alboetako pasabideak utziko dira, beheko jarlekuetan bezalaxe, eta gehieneko eserleku-kopurua beheko jarlekuetarako zehaztutako berbera izango da.

Eserleku mugikorrak palkoetan onartuko dira soilik, eta ez da inoiz eta inolako aitzakiarekin onartuko eserlekuen arteko pasabideak itxiko edo estutuko dituzten eserlekuak jartzea; eserlekuek dagokien zenbakia izango dute beti, proiekzio zinematografiko iraunkorretarako zuzendutako lokalen kasuetan izan ezik.

Debekatuta dago agertokiaren barnean ikusleentzako palkoak edo bestelako edozein eserleku ezartzea, agintariek baimendutako kasu berezietan izan ezik.

Agertokia.

136. art.{Agertokiaren eta aretoaren arteko lotura bakarra 140. artikuluan aipatutako ahoa eta atea izango dira; horien neurria eta kokapena, eta baita zulogunearena eta oihaltegiarena ere, eraikinaren garrantziaren eta eskainiko diren ikuskizunen araberakoak izango dira. Hala ere, agertokiaren hondoak zortzi metro izango ditu gutxienez, oihalaren lerrotik atzealdeko hormaraino neurtuta, eta 16 metroko distantzia egongo da agertokiaren alboetako hormen artean.

Zulogunearen altuera hiru metrokoa izango da, eta kontrako aldeko zulogunerik badago, horrek lau metroko altuera izan beharko du.

Oroitarazleari zuzendutako esparruak lotura independentea izango du zulogunearekin eta aretoarekin.

Sarbide horien ate guztiak burdinazko xaflekin gotortuko dira bi aldeetatik.

Agertokiak lotura zuzena izango du beti bide publikoarekin, eta sarrera hori ikusleen sarrerarekiko independentea izango da. Horrez gain, aurrerago zehaztuko diren eraikuntza-baldintzak beteko ditu.

Eskailerak, parrillaren egitura, solairuak, makineriak eta, oro har, agertokiaren kaxan ezarritako instalazio guztiak material erregaitzekoak izango dira.

Agertokiko parketa ezin sutuzko zurezkoa izan daiteke.

Material erregaitzekoak izango dira baita ere askotariko gailuen esekitzeko elementuak.

Maniobrak egiteko erabiltzen direnak kalamuz edo antzeko beste material batez estalita egon daitezke, baina horiek ere ezin sutuzkoak izan behar dute.

Dekoratua eskegitzeko sokak baino ez dira baimenduko, eta horiek kalamuzkoak izan behar dute.

Aho-oihalak agertokiaren zorutik eragiteko moduan ezarri behar dira.

Oihaltegira iristeko eskailerak bantzu deritzenak izango dira, eta beharrezko malda izango dute, eroso eta erraz erabili ahal izateko; 70 zentimetroko altuerako segurtasun-barandak izango dituzte.

ERAIKUNTZAK

137. art.{Eraikina beste eraikin batzuen ondoan kokatuta badago, horma mugakideak altxatuko dira altuera osoan; horma horiek adreiluzkoak, harrizkoak edo betoizkoak izango dira, 0,20 metroko lodiera izango dute gutxienez, eta ondoko eraikinarekiko mugan pasabiderik balego, antzokiaren edo horren pareko eraikinaren horma ondoko eraikuntzaren altueraraino altxatu beharko da.

138. art.{Korridoreak aretotik bereizteko fatxadek eta hormek adreiluzkoak, harrizkoak edo zementuzkoak izan behar dute, eta kasu bakoitzean dagokion lodiera izango dute, jasan behar duten altueraren eta zamaren arabera.

Horma horiek metro bat altxatuko dira estalkiaren barrenaren gainetik.

Eskailera-kaxen hormak ere material erregaitzekoak izango dira.

139. art.{Aho-horma, hau da, aretoa agertokitik bereizten duen horma, adreiluzkoa edo harrizkoa izango da, eta altuerari dagokion lodiera izango du; horrez gain, hiru metro altxatuko da aretoaren egituraren gehieneko goragunetik.

Ikuskizunen lokalak edo lokaleko edozein gelak edo zerbitzuk erregaitza ez den ondoko beste eraikuntza batekin lotura badute edo horren barnean badaude, babestu egingo dira, horretarako beharrezko isolamendua eta segurtasuna ezarriz, beste eraikuntza horietan gerta daitezkeen ezbeharrak ikusleen lokalera heda ez daitezen.

Orkestra kokatuta dagoen esparruko atzealdeko horma eta alboko hormak erregaitzak izango dira, eta 0,20 zentimetroko lodiera izango dute.

140. art.{Ahoa erabat itxi ahal izango da milimetro bateko lodierako xaflazko oihal mekaniko baten bitartez; xafla horrek egitura zurruna izango du, eta barrutik amiantozko xaflaz forratuta egongo da.

Oihal hori jaisteko maniobraren iraupena berrogei segundokoa izango da gehienez.

Gidariak sua jasan dezaketen materialez egindakoak izango dira, dilatazioaren ondorioz forma gal ez dezaten.

Jaisteko maniobra bi leku desberdinetatik egin ahal izango da: bata agertokiaren barnean kokatuko da, oholtzan, eta bestea agertokitik kanpo, gune irisgarrietan.

Berori abiarazteko nahikoa izango da askatzea, eta automatikoki jaitsiko da.

Baldintza arruntetan, eskuz ere jaitsi ahal izango da.

Eragiteko tornuek ez dute karrakarik izango, eta halakorik balego, automatikoki altxatu beharko lirateke.

Oihalak amiantoz forratutako xaflazko ate bat izango du; xaflaren altuera 1,75 metrokoa izango da, eta zabalera 70 zentimetrokoa. Aretorantz mugituko da eta automatikoki ixtera behartuko duen malgukia izango du.

Aplikazio eraginkorrena duen tokian kokatuko da.

141. art.{Agertokiaren ahoko frisoak eta hegalek burdinazko xaflazkoak izan behar dute, eta baita errezelen gaineko apaingarriak ere.

Oihal metalikoen aurrean ezingo da beste oihalik ezarri.

Egunero, eta arratsaldeko edo gaueko saioen lehenengo atsedenaldian, oihal metalikoa igo eta jaitsiko da ikusleen aurrean.

142. art.{1. eta 2. taldeetako eraikinetan, aurrekoaz gain, ur-errezela ere ezarriko da, eta agertokiko zorutik eragin ahal izango zaio errezel horri.

Lehenengo kategorian txertatutako lokaletako agertokietan, oihal metalikoarekiko paraleloan ur-errezela ezarriko da, eta azkeneko oihalaren mailan errezelen sarea ere ezarriko da, lau metroko eragin-eremukoa; agertokiaren atzealderantz eta oihalarekiko paraleloan ere errezelak jarriko dira agertokiaren alde banatan, aurrekoekiko perpendikularki eta hegalak, sokak, eta abar erabiltzeko moduan.

Errezel horien sistema “splinkar” deritzona izan daiteke, edo behar bezala zulatutako hodiak ezar daitezke; hodi horietatik presiopeko ura mugituko da, eta zirkulazio-giltzak oihal metalikoaren aginteen baldintza berberetan egongo dira.

143. art.{Eraikin horien egiturek metalikoak eta adreiluzko fabrikakoak edo zementuzkoak izan behar dute; agertokietako egituretan argizuloak edo kristalezko leihoak ezarriko dira hormetan, eta berorien azalera, gutxi gorabehera, hormen azalera osoaren seirena izango da.

Estalkietan teilapeak erabiltzea debekatuta dago.

144. art.{Solairuen zoruak burdina ijeztuzko habeekin edo fabrikako solairu-armazoizko edo betoi armatuzko xaretarekin egingo dira, eta zura zoladuran baino ezingo da erabili, zulogunean eta dekoratuen, altzarien eta jantzien biltegietan izan ezik; azken horietako zoladura 15 zentimetroko betoizkoa izango da, edo beste edozein material erregaitzekoa.

145. art.{Palkoak zatitzeko trenkadak eta, oro har, eraikineko guztiak, bai eta karelak ere, burdinazkoak ez diren kasuetan, adreiluzkoak, adreilu mehezkoak edo zementuzkoak izango dira.

Anfiteatroetako karelak handitu egingo dira, gutxienez, 1,20 metroko altuera osora, ikus-eremua oztopatuko ez duten baranden edo barra metalikoen bidez; hala ere, baranda edo barra metaliko horiek nahikoa sendotasun izan behar dute, alarma edo ezustekoren bat gertatzen den kasuetarako.

146. art.{Araudian honelako eraikinen eraikuntza-xehetasun guztiak jasotzea ezinezkoa denez, Segurtasuneko zuzendari nagusiak Madrilen eta gobernadore zibilek gainerako probintzietan, Aholkularitza Batzordearekin bat etorrita, kasu horietan ikusleen, aktoreen eta aretoaren segurtasuna bermatzeko zer egin behar den zehaztuko dute.

Zerbitzu orokorrak eta erantsitako gelak.

147. art.{Eraikinean bizi diren atezainaren, zaintzaileen edo begiraleen gelek eraikineko zerbitzuekiko independenteak izan behar dute, eta sukaldeetan eta etxeetan suteak saihesteko hartu beharreko neurriak hartuko dira.

148. art.{Artisten gelek, banakakoek nahiz taldekoek, aireztapen zuzena edo aireztapen mekanikoa edo zientifikoa izango dute; ur-korrontedun konketak izango dituzte, banakako gela bakoitzeko bana, eta taldeko gela bakoitzeko launa; ahal dela, pabiloi isolatuan kokatuko dira gelak, eta suhesiak eta antzokiko eskailerekiko eskailera independenteak izango dituzte. Horrez gain, ez dute agertokirako sarbide zuzenik izango.

Zerbitzu orokorretan, aktoreentzako gernutokiak, konketak eta komunak ezarriko dira, ur-korrontearekin guztiak.

Artisten gela horiek 2,60 metroko altuera izan behar dute gutxienez, eta 12 metroko kubikazioa pertsona bakar batentzat, eta beste sei metrokoa pertsona gehigarri bakoitzeko.

Berogailua izango dute.

149. art.{Dekoratuen, jantzien eta atrezzoen biltegiek antzokiaren esparrutik kanpo eta isolatuta egon behar dute, eta hori ezinezkoa balitz eta beste eraikuntza batzuei atxikita kokatuko balira, material erregaitzekin egindako suhesien bidez isolatuko dira, eta estalkiak baino 1,50 metro gorago altxatuko dira horma horiek.

150. art.{Biltegi horiei erantsitako tailerrak horietatik guztiz bereizita egongo dira altuera osoan suhesien bidez, eta horien arteko ateak burdinazkoak izango dira.

Arotzen su txikiak, labeak eta sutegiak biltegietatik guztiz bereizitako lokal berezietan ezarriko dira, eta lokal horiek sua jasan dezaketen materialekin itxiko dira.

Keen igoera-hormak adreiluz eraikiko dira, eta dekorazioetatik eta oihaletatik 50 zentimetrora kokatuko dira gutxienez.

Ez dira onartuko gar biluziko su txikiak edo antzeko elementuak.

151. art.{Agertokiari zerbitzua emateko beharrezko dekoratua baino ezingo da gorde biltegian.

152. art.{Aurreko aginduak ikuskizun publikoetara zuzendutako eraikin estali guztietan aplika daitezke; eraikin horien antolaera orokorrari, eraikuntzari, jarlekuen neurriei eta erantsitako zerbitzuei dagokienez, honako agindu hauek eransten dira zenbait establezimendutarako.

153. art.{Zirkuak:

zalditegiek eta animalientzako lokalek ikusleengandik nahiko urrun egon behar dute, ondo aireztatuta egon behar dute eta irteera zuzena izan behar dute kalera.

Jaietako lanen erakustaldien kasuan, xede horietarako kaiolek burdinazkoak izan behar dute, sendotasun handikoak, eta, ikusleen segurtasuna bermatzeko, ateek itxitura bikoitza izan behar dute.

Gimnasiarako tresnek ondo lotuta egon behar dute, eta horien elementuek jasan behar duten zamaren bikoitza jasateko prestatuta egon behar dute.

Eraikin horietako anfiteatro handiak plano makurren gainean ezarriko dira, kanpora erabat itxita egongo dira, eta horien azpiko espazioa ezingo da erabili material erregaiak biltegiratzeko.

Galerian eta pistetan ezingo dira aulki mugikorrak jarri, eta jarlekuak edo aulkitxoak ilaran ezarri beharko dira; jarleku horiek lehenago zehaztutako neurriak eta pasabideak izango dituzte.

Pasabideetan, hiru pertsonako metro karratu bat kalkulatuko da.

154. art.{Argi artifiziala erabiliz jokatzen diren partidak hartuko dituzten pilotaleku estaliak material erregaitzekin eraikiko dira, eta antzokietarako emandako gainerako aginduak ere bete behar dituzte.

Ezingo dira aulki mugikorrak ezarri jokalekuan.

Jokoaren izaeraren ondorioz pilotarekin istripuren bat gerta daitekeenean, sare metaliko bat ezarriko da ikusleak eta markagailua babesteko.

155. art.{Kontzertuetarako eta dantzarako aretoek, kafe-kontzertuek eta boxeorako edo antzeko beste borroka batzuetarako aretoek beharrezko segurtasun-baldintzak beteko dituzte eraikuntzari nahiz artisten gelei eta irteerei dagokienez, eta antzokietan hartu beharreko neurri berberak hartuko dira horietan ere.

Areto horien kubikazioa ikusle bakoitzeko lau metrokoa izango da, eta jantzitegirako gelak, komunontziak eta beharrezko gainerako zerbitzuak izango dituzte, horietako bakoitzari zuzendutako artikuluetan zehaztutako kopuruan eta neurrian.

Zinematografoak.

156. art.{Zine-emanaldietara zuzentzen diren eraikin iraunkorrek antzokien baldintza berak beteko dituzte, irteerei, eraikuntzari eta jendearentzako eserleku-kopuruari dagokienez.

157. art.{Zinematografia-tresnarako kabina material erregaitzez eraikiko da, eta gutxienez hiru metroko zabalera eta 2,80 metroko altuera izango ditu.

Lehentasunez aretoaren sabaian kokatuko da, eta ezinezkoa bada, sabaiaren eta aretoaren aurrealdeko hormaren artean 0,80 metroko korridore bat ezarriko da; gertuen dauden ikusleak korridore horretatik bi metroko distantziara egongo dira gutxienez.

Operadorea erraz sartzeko moduko sarrera izango du, bai eta irteera independentea ere.

Kabinak irekidura bat izango du sabaian, eta bertan, aireztatze-tximinia egongo da, begi estuko metalezko sare batez itxita edota kanporantz irekiko diren leihoekin aldamenetan.

Aurrez aipaturiko korridore hori mugatuko duten hormek proiekziorako ezinbestekoak diren irekidurak soilik izango dituzte.

Kabinako atea metalezkoa izango da, kanpoaldera irekiko da, eta, eskuarki, malguki baten bidez itxita egongo da; sabaia, lurzorua, horma eta kabinako gainerako elementuak erregaitzak izango dira.

158. art.{Filmak eskuz erabili behar direnean eta bereziki bobinak aldatu behar direnean, kabinatik kanpoko beste lokal batean egingo da lan hori, kabinaren baldintza beretan eraikitako lokal batean, zehazki.

Kabina eta filmak eskuz erabiltzeko gela kanpoko aireaz behar bezala aireztatuta egongo dira.

Operadorearentzako komun bat egongo da, dagokion konketarekin.

159. art.{Proiektagailuak honako ezaugarri hauek izango ditu:

a) Argi-izpien eraginpean egon den film-zatia hozteko sistema.

b) Estaltzaile automatikoa eta eskuz maniobratzen den pantaila bat, argi-sortaren proiekzioa azkar eteteko, tresnaren martxa eten behar denerako.

c) Filmaren biribilkatze-sistema automatikoa.

d) Filma desbiribilkatzeko eta biribilkatzeko bobinak, tresna martxan dagoenean, ondo itxitako metalezko kaxetan edukiko dira, eta filma igarotzeko irekidurek kaxaren barrura sua sartzea eragozten duten gailu eraginkor bat izango dute.

160. art.{Kabinako istripu baten ondorioz tresnaren funtzionamendua eteten denerako, kommutadore bat edukiko da, operadoreak abiarazi ondoren, aretoan argia berrezartzeko; hobe da hori automatikoki egiten bada, proiektagailuan bertan instalatutako gailu baten bidez.

161. art.{Kabinen barnealdean eta kanpoaldean su-itzalgailu bat egongo da, kanpoaldekoa atearen ondoan.

Kabinaren barnean sare bat instalatuko da, kanpoko agingailu baten bidez ura euri modura eror dadin.

162. art.{Zinema-eraikinean, ez da filmen biltegirik egongo eta ez da filmekin lan egingo.

163. art.{Soinu-zinemarako soilik diren lokaletan, ez da beharrezkoa metalezko oihala edukitzea, ondorengo aginduak betetzen badira betiere:

a) Pantailaren eta eraikinaren hormaren artean fabrika-materialez egindako horma-hobi bat eraikiko da, erabat itxia eta sarrera soilik aretotik izango duena.

b) Pantailak su hartu ezin duten materialez egindakoak izango dira.

c) Bozgorailuak pantailaren atzean kokatuko dira, horma-hobiaren barruan.

d) Bozgorailuaren elementu guztiek eta horien instalazioak gainerako instalazio elektrikoei eskatzen zaizkien baldintza guztiak beteko dituzte.

e) Bozgorailuetarako eroaleek eta horien instalazioak gainerako instalazio elektrikoei eskatzen zaizkien baldintza guztiak beteko dituzte.

f) Bozgorailuetarako hartune-lineek fusibleak izango dituzte kabinan horiek abiarazten diren lekuan, behar bezala kalibratuta.

g) Erabiltzen diren askotariko artezgailuak kabinan kokatuko dira.

164. art.{Eraikin itxietan jendaurreko ikuskizunetarako terrazak erabiltzen direnean, 500 ikusleko 1,50 metroko bi eskailera egongo dira.

Debekatuta dago aldi berean terraza eta itxitako areto guztia erabiltzea, aretoaren beheko solairua soilik erabiltzen den kasuetan salbu.

165. art.{Orubeetan egiten diren aire zabaleko ikuskizunek bi metro zabaleko irteerako bi ate izango dituzte 750 ikusleko.

166. art.{Zirkuak, antzokiak, zinema-aretoak, animali basatien erakusketak eta abar instalatzeko azoka-eremuetan eraikitzen diren etxolak edo pabiloiak tokiko agintariek zehaztutako lekuetan ezarriko dira, baina elkarren artean gutxienez bi metroko pasabidea utzi behar da, ahal den guztietan.

Behin-behineko eraikuntzak direnez, egurrezko armazoiekin egin ahal dira, horiek erregaitz bihurtuko dituen pinturaz estaltzen badira, betiere, eta olanazko estalkia izango dute; guztiz debekatuta daude breaz edo beste material sukoi batzuekin bustitako estalkiak.

Antzokiek, zirkuek eta zinemek beheko solairua eta harmailak izango dituzte soilik, ez dira bost metro baino altuagoak izango, eraztun sendoekin ezarriko dira, kanpoaldetik itxiko dira, eta horien azpiko espazioa ez da erabiliko erre daitezkeen materialak biltzeko.

Eserlekuen eta irteerako ateen kopurua eraikin iraunkorretarako ezarritako bera izango da, eta baita harmailetako eserlekuetara sartzeko eskailera-kopurua ere.

Horrelako lokalek ez dute atarterik eta atsedenerako gelarik eduki beharrik.

Behin-behineko komunak izango dituzte, garrantziaren arabera, ikuskizunak hiru hilabetetik gora irauten duenean eta beste leku batean kokatu ezin denean, betiere.

167. art.{Animalia basatien erakusketa burdinazko kaiola sendoetan egingo da; jendearengandik bereizita egongo dira, gutxienez bi metroko espazioa utzita ezarriko den hesi baten bidez.

168. art.{Argiteria elektrikoa soilik onartuko da, eta dagokion kapituluan zehazten diren aginduak bete beharko ditu.

Energia elektrikoa sortzeko edo eraldatzeko instalazioak lokal horien kanpoaldean kokatuko dira, hain zuzen, horiei buruz araututako aginduak betez.

XV. KAPITULUA.{Aire zabalean egiten diren ikuskizunetarako lokalak

180. art.{Jendaurreko ikuskizunetara zuzendutako kirol-zelaiak sarbide errazeko lekuetan kokatu behar dira, eta hiriguneekin beharrezkoak diren komunikabideak izan behar dituzte.

Horien fatxada edota fatxadak bide publikoetara eman behar dute.

Gune horien edukiera bertara eramaten duten bide publikoen zabaleraren araberakoa izango da: 200 ikusle, bide horien zabaleraren metro bakoitzeko.

181. art.{Bide publikoetatik gunera sartzeko ateek 400 ikusleko metro libre bateko zabalera izango dute, eta gutxieneko zabalera 1,50 metro librekoa izango da.

Zalgurdientzako sarrerak ezartzen badira, horiek jendearentzako sarreretatik bereizita egongo dira.

182. art.{Jendearentzako barruko pasabideak eta nasak eserleku-kopuruari egokituko zaizkie, eta 200 ikusleko metro bateko zabalera izango dute.

183. art.{Eskailerek, irtengune zabalek eta harmailetarako sarrerek 1,50 metroko zabalera izango dute gutxienez, eta 300 ikusleko metro bat zabaleko proportzioan kalkulatuko dira.

184. art.{Eserlekuak.{Esertzeko erabilera dutenak finkoak izango dira, eta ilarek 80 zentimetroko zabalera izango dute; horietatik 40 eserlekuak hartuko ditu, eta beste 40ak, berriz, pasabideak, 50 zentimetroko zabalerarekin.

Erdiko edo tarteko pasabideek gutxienez metro bateko zabalera izango dute, eta ertzetakoek, aldiz, 80koa.

Bi pasabideren arteko ilaretan ez dira egongo 25 eserleku baino gehiago.

Eserlekuak behar bezalako maldarekin eta baldintzetan ezarriko dira, gunea guztiz beteta dagoenean, eserleku guztietatik kirol-zelaia osorik ikusteko moduan.{400 ikusleko metro bateko zabalera duen pasabidea egongo da.

185. art.{Zutik egon behar duten ikusleentzat, debekatuta dago plano makurtuak ezartzea.

Horientzat, maila horizontaleko harmailak ezarriko dira, eta lurrezkoak diren kasuetan, gutxienez material finkokoa (egurrak, harria, adreiluzko fabrika, hormigoia eta antzekoak) ez den ertz bat izango dute.

Maila horiek 60 zentimetro izango dituzte, eta ikusle bakoitzarentzat 50 zentimetroko zabalera utziko da.

Lehenengo ilaran, eta sei ilararo, baranda sendoak ezarriko dira, jendeari eusteko.

Harmailen goiko aldean, horien pasabideetan eta irtenguneetan ere ezarriko dira, arriskutsuak izanez gero.

Harmailetan, 14 metroko tarte bakoitzeko pasabide bat egongo da, metro batekoa, eta pasabide horretan ez da jenderik egongo ikuskizunak irauten duen bitartean.

Baranda baten edo itxitura baten bidez bereizita egongo dira eserlekuak kirol-zelaitik, eta baranda hori, gutxienez, 2,50 metroko distantziara ezarriko da.

Aurreko artikuluetan adierazitako neurriak eskatzen diren gutxieneko neurriak direla ulertuko da.

186. art.{Gunearen eta ikuskizunaren garrantziaren arabera, gobernu-agintariek komunak, soinketako aretoa, aldagela, erizaindegia eta abar izatea eska dezakete, zuzeneko argi eta haizebideekin.

Kirolguneak lotura zuzena izan behar du gela horiekin; sarrera bereizia izango du eta jendearentzako sarreretatik apartekoa.

187. art.{Komunak eta gernutokiak eserlekuguneen arabera banatuta kokatuko dira, higiene- eta txukuntasun-baldintzak betez; biak estalitakoak izango dira, eta sexuaren arabera bereizita egongo dira.

1.000 ikusleko komun bat ezarriko da, eta horietatik herena emakumeentzako izango da, eta 300 ikusleko gernutoki bat ezarriko da.

188. art.{Harmailek, eskailerek eta jendearentzako mota guztietako gela eta lekuek, egoera normaletan, bere pisuaz gain, metro horizontaleko 400 kiloko gainkargari eusteko gai izan behar dute.

Erresistentzia-probak egiten direnean, batzordeak erabaki ahal izango du zeintzuk diren egin beharrezkoak, erresistentzia- eta segurtasun-baldintzak zehazteko.

189. art.{Eraikin guztien hasierako egitura material erregaitzez egingo da.

Zurezko egiturak 5.000 ikusle baino gutxiagoko edukiera duten guneetan onartuko dira soilik; baina ezin sutuzko gaiekin bustita eta babestuta egon behar dute.

190. art.{Argiteria.{Araudi honetan, dagozkion kapitulu eta artikuluetan (200. artikulua eta ondorengoak) jasotako aginduak aplikatuko dira.

191. art.{Eraikuntzari, berrikuntzei, irekierei eta txartelen salmentari eta horien funtzionamenduari dagokienez, araudian horiei dagozkien kapituluetan eta artikuluetan jasotako aginduak aplikatuko dira.

Hipodromoak, belodromoak, pilotalekuak eta aerodromoak.

192. art.{Leku horiek guztiak ikuskizun horietako bakoitzerako araudi bereziak ezarritakoaren arabera kokatuko dira, eta araudi honetan, jendearentzako tribunek eutsi behar dioten kargari eusteko behar besteko sendotasuna izan behar dutela jasoko da soilik, eta ikusleen erosotasunerako beharrezkoak diren baldintzak bete behar dituztela, ikusleek beren eserlekuetatik pista bistan izan dezaten, eta horiek kirol-zelaietarako eta osasun- eta erizaintza-zerbitzuetarako ezarritako neurriak eta sarbideak izan behar dituztela.

Kortak, kotxetegiak, gailuak gordetzeko etxola handiak eta gainerako gelak tribunetatik bereizita instalatuko dira, eta material erregaitzez eraikiko dira.

193. art.{Antzokietan, udako zirkuetan eta zinemetan jendea aire zabalean kokatzen denean, kontuan hartu behar dira eszenatokia eta antzezleentzako gelak, nahiko estalki arina izan ohi duten espazioetan ezartzen baitira beti; lokal horiek dagozkien baldintzak bete behar dituzte, estalitako eraikinentzat araututakoak, hain zuzen, eta, bereziki, material erregaitzez egiteari dagokionez.

Horietan ez dira beharrezkoak sarbide-horma eta metalezko oihala, ez eta filmek ez su hartzeko gailua ere, zinema-aretoetan.

Tiro-eremua.

194. art.{Tiro-eremuei poligono ere deituko zaie, eta tiroa praktikatzeko lekuak izango dira.

Poligono horiek irekiak edo itxiak izan daitezke.

195. art.{Poligono irekiak.{Mota horretako poligonoek segurtasun-baldintza guztiak izan ditzaten, ezinbestekoa da horietako lurren forma eta izaera distantzi txikira inolako arriskurik gabe tiroa egiteko modukoak izatea, segurtasun osoa emanez.

Lur-eremuaren forma orokorrari dagokionez, aipatutako baldintza horiek bete ditzan, lekuak estua izan behar du, bai eta tiroa egingo den distantziara egokitutako luzera ere, eta hondoak alboetatik 50 metrotik 70 metrora arteko altuera duten garaierak izan behar ditu; gainera, ez du oztoporik izango eta gailurretik lurreraino edo jomugen lerroraino malda arina izango du.

Hondoa, eta, bereziki, jomugen atzealdea, material bigunarekin eraikitakoa izatea komeni da, erreboteak sortzea zailagoa izan dadin.

Garaierek eta maldek adierazitako kotak izango dituzte, oinarritzat jaurtiketaren jatorriak zehaztutako kokapen-lerroak eta jomugen kokapen-puntu bakarrak hartuta, eta horiek altuera horretatik 100 metro baino gutxiagoko distantziara egon behar dute; hondoaren altueratik aurrera pixkanaka txikitzen joango dira, poligonoaren lurrarekin bat eginez lurzoruaren malda naturalaren bidez, jaurtiketaren jatorrirantz, poligonoko lurzoruarekin berorren hegalek ehuneko hogeiko malda dutela bat eginez.{Erliebe horiek 400 metrotik 500 metrora bitarteko jaurtiketa-lerroa duen poligono batek izan ohi dituen baldintzei erantzuten diete.

Kirolaren esparruan eta Espainiako Tiro Elkarte Nazionaletan jaurtiketak gehienez distantzia horretan egiten direla hartu da kontuan, baina txikiagoak izan daitezke tiro-lerro txikiagoak dituzten poligonoetarako.

200 metroko jaurtiketa-lerroa duen poligono batean, kirol honetan aritzen diren elkarteek horixe izan ohi baitute, nahikoa da hondoak 25 metroko altuerako kota izatea, tiroaren jatorriaren kokapen-lerrotik jomugaren helmugaraino; hala ere, kasu horretan altuera hori eta lurra lotzen dituen malda aurrekoa baino handiagoa izatea komeni da, jomugen kokapen-lerroa lurretik gertuago gera dadin.

Altuerek eta maldek behar adinako segurtasuna bermatzen ez dutenean, poligonoaren alde bakoitzean 100 metro zabaleko ingurua zaindu behar da, eta inguru horretatik igarotzea debekatuko da tiro-ariketak egiten ari diren bitartean.

Poligono horien zabalera lurzoruaren baldintzek zehaztuko dute, eta hondoak duen altueraren arabera zehaztuko da zenbat jomuga erabili ahal izango diren, jomugetara aldi berean tiro egiteko.

Egiten ari diren inpaktuen egoera markatu nahi denean, jomugak kokatzeko gutxienez bi metro altuko eta 1,30 metro zabaleko zuloguneak eraikiko dira, eta, zanga-zulora iritsi baino metro bat lehenago, lur bigunez egindako ezponda bat eraikiko da, metro erdiko altuerakoa, eta zanga-zuloaren aurreko ertzetik bi metrora kokatuko da hori, jomugen zuloan dauden pertsonek inolako arriskurik izan ez dezaten.

Tirogunetik jomugen zuloraino lurpeko galeria bat edo estalitako bide bat eraikiko da, jaurtigaietatik guztiz babestuta, tiroak egiten ari diren bitartean tiratzaileen lekuetatik jomuga-lerrora joateko eta etortzeko aukera izan dezaten.

196. art.{Poligono itxiak.{Jaurtigaiek beren mugetatik ez irtetea da horrelako poligonoen helburua, horretarako jomugara doazen jaurtigai guztiak geldiaraziz, horietan eraikiko diren diafragmen eta balak gelditzekoen bidez.

Lehendabizi, tiratzaileak kokatzeko galeria bat eraikiko da, eta, hortik hiru metrora, beste galeria bat eraikiko da, jendeak tiro-jaurtiketak ikus ditzan.

Ezinbestekoa da tiro-galeriak zulo edo diafragma batzuk izatea jomugen norabidean; zulo horietako bakoitza tiratzaile bakoitzaren lekuari dagokio, bi metro koadro ingurukoa izango da eta aldamenetan trenkadaz itxita egongo da.

Tiro-elkarteek poligono itxiak ere erabiltzen dituztela eta, oro har, lehiaketak 25 metrotik 300 metrora bitarteko distantzietan egiten direla kontuan hartuta, poligono horien araudiak, segurtasunari dagokionez, ondorengo jarraibideak bete beharko ditu:

Jaurtiketa-lerroari jarraituz eta jomugen atzealdean, horma edo balak gelditzekoa ezarriko da, eta tiratzailearengandik gertu hiru diafragmako hurrenkera bat ezarriko da, beren artean paraleloak eta jaurtiketa-lerroarekiko perpendikularrak diren beste hiru hormetan; hormak adreiluzko fabrikazkoak izango dira, metro erdiko lodierakoak.

Enkofratuak edo balak gelditzekoak zurezko bi trenkadarekin ere egin daitezke; 10 zentimetroko lodiera izango dute, bataren eta bestearen artean 40 zentimetroko tartea egongo da, eta tarte horretan harri birrindua ezarriko da.

Jomugarako noranzkoan ez doan balak, berorren desbideratzearen arabera, lehenengo trenkada joko du, eta bertan geldituko da; desbideratzea handiagoa bada, balak bigarren trenkada joko du, eta bertan tinko sartuta geldituko da; horrela, balak ezin izango du inolaz ere poligonotik irten, jaurtiketa jomugaren noranzkoan egiten denean.

Esperientziak erakutsitakoan oinarrituta, ezaugarri horietako poligonoetan, diafragmak dituzten hormak tiratzailearengandik 3, 13 eta 33 metrora jarri behar dira, hurrenez hurren.

Balak gelditzekoek diafragmen osaera bera izango dute, baina bada alde bat: horiek ez dute leihorik.

Jomugen zulogunetik hiru metrora ezarriko da horma edo balak gelditzekoa, eta horren altuera horrela kalkulatuko da: tiratzaileak bere lekutik ahalik eta angelu handienarekin destatuz, miraren lerroak ezingo du hormaren edo balak gelditzekoaren goiko aldea baino gorago proiektatu, eta erlazio bera izango du hormak alboetarako desbideratzeei dagokienez ere.

Horrelako poligonoetarako oso komenigarria da jomugen lerrotik tiratzaileen galeriara arte burdin hesi bat zabaltzea, bala ia segurtasun osoz irteten den arren.

Guztiz itxitako poligonoak ere eraiki daitezke, eta kasu horietan, jomugak, beren luzera osoan, hiru metro altuko eta gutxienez 50 zentimetro lodiko horma batez estaliko dira, horixe baita gerrako arma luze deritzenen balei eusteko modu bakarra.

Jomugara jaurtitzeko tutu formako galeriak burdinazko dubuz egindakoak izango dira, eta horietan erabiliko den arma-motari dagokion lodiera izango dute.

Tiratzailearen tokiak nahiz balak gelditzekoak mota guztietako poligonoetarako ezarritako baldintzak, aurrez aipatu direnak, bete beharko dituzte.

197. art.{Gerrako armetarako tiro-eremuak instalatzea ez da posible udalerri guztietan, lurzoru edota diru-baliabide faltagatik; horregatik, kirol hori jendartean zabaltzeko, eta gerra-tiroa ordeztu duen benetako kirol-tiroak nazioetan duen helburu aberkoia kontuan hartuta, doitasun altuko armak erabiltzen dira, sei milimetroko kalibreko Flobert-a edo 22ko amerikarra, 2,30 eta 50 metroko distantzietan, eta arma horiek gerrako armen kalibreekin alderatuta oso indar mugatua dute; beraz, duten arriskua ere mugatua dela kontuan hartuta, ez da beharrezkoa segurtasun-lanek kalibre txikiko armekin aritzen diren poligonoen baldintza berak izatea; egiturari dagokionez, aldiz, kalibre handiagoko armetarako emandako arauak bete beharko dituzte.

Sei milimetroko kalibreko Flobert-a edo 22ko amerikarra erabiltzen den tiro-poligonoetarako segurtasun-lanek, hormek, trenkadek edo balak gelditzekoek gutxienez 15 zentimetroko lodiera izango dute, zurari dagokionez, eta 10ekoa, adreilu trinkoari dagokionez.

198. art.{Poligonoetan poligonoak aldatzeko obrak edota tiro-poligonoetako segurtasunari eragiten dioten konponketak egin behar badira, dagokionak behar den denborarekin agintaritzari eskaera egingo dio, eta jakina, lanak ez dira hasiko baimena lortu arte.

Aisialdi-parkeak, jolas-parkeak eta berbenak.

199. art.{Parke horiek, eta baita antzokiek, zinema-aretoek, zirkuek eta tiro-eremuek ere, hainbat gailu izaten dituzte bertara bildu direnen aisiarako, besteak beste, errusiar mendiak, lurreko eta uretako gailuak, kulunkaka ibiltzeko zabuak eta zabu birakariak, txirristak eta ezagutzen ditugun beste gailu batzuk eta industriak egunez egun asma ditzakeenak; gobernu-agintaritzak antzezleen nahiz ikusleen segurtasuna zaindu beharko du, kasu bakoitzean beharrezkoak diren neurriak hartuz, eta batzordeko teknikariek proposatutako neurriak hartuko dituzte, azken horiek gailu horien funtzionamendua maiz aztertuko eta ikuskatuko baitute.

Eta jakina, gailu horiek guztiak hesi sendo batez inguratuta egongo dira, ikusleak leku arriskutsuetara ez gerturatzeko eta erabiltzaileek istripurik ez izateko.

Txirristetan ezingo da irristatu, lastaira gainean ez bada; talka egiten duten edo bortitz jausten diren gailuetan, moteltzeko baliabideak edo lastairak ezarriko dira.

Kableek, zirgiloek, kakoek eta abarrek eutsi behar dioten indarraren arabera dagokien sekzio bikoitza izango dute.

XVI. KAPITULUA.{- Argiteria, berokuntza eta aireztatzea.

200. art.{Argiteria elektrikoa ezinbestekoa izango da jendaurreko ikuskizunetarako eta aisialdirako eraikin eta lokal guztietan, eta, ohiz kanpoko kasuetan, eta behin-behineko instalazioak direla kontuan hartuta, azoka eta berbenetan beste argiteria-sistema batzuk baimendu ahal izango dira; horretarako, batzordeari aldez aurretik jakinarazi beharko zaio, eta horrek zehaztuko ditu bete beharreko aginduak.

201. art.{Zuzendariak edo gobernadore zibilak, bakoitzari dagokion kasuan eta batzordeari aldez aurretik jakinarazita, argiteria-sistema baimendu ondoren, enpresak edo lokalaren jabeak ezin izango du bertan aldaketarik egin, aurrez aipatutako agintariek baimendu arte.

202. art.{Energia elektrikoa sortzen duten edo eraldatzen duten gailuak, holakorik egonez gero, bakartutako pabiloietan kokatuko dira, mota horretako instalazioetarako ezarritako aginduak betez.

203. art.{Ahal izanez gero, jendaurreko ikuskizunetako lokalek bi enpresetako lotuneak izango dituzte, eta kasu horietan bi koadro ezarriko dira, bereizita dauden esparruetan.

204. art.{Eroaleak material isolatzailez eta erregaitzez egindako hodien barruan ezarriko dira, eta horiek bertatik igaroko den intentsitateari egokitutako sekzioa izan behar dute.

Eszenatokiaren, bertako gelen, zulogunearen eta oihaltegiaren argiteria aretoaren argiteriarekiko independentea izango da.

205. art.{Debekatuta daude airezko kableak; baina antzezpen-jolasetarako beharrezkoak badira, guztiz erregaitza eta iragaitza den gai batez estalita egongo dira.

206. art.{Debekatuta dago korrontea itzultzeko lur gisa burdinazko egiturak, kanalizazioak eta abar erabiltzea.

207. art.{Eraikineko gela bakoitzean, argiteria hainbat zirkuitu independentetan bereiziko da, matxura partzial batengatik gela guztiak argirik gabe gera ez daitezen.

208. art.{Zirkuitu horietako bakoitzaren abioan etengailuak eta zirkuitu-etentzaileak ezarriko dira, eroaleen sekzioaren arabera kalibratuta.

209. art.{Banaketa-koadroa eszenatokitik edo zinema-aretoko kabinatik ahalik eta urrunen ezarriko da, jendeak sartzerik ez duen lekuan.

Eszenatokian ere banaketa-koadro bat ezarriko da, material erregaitzez egindako gela bakartu batean.

Banaketa-koadroa irteeratik ahalik eta gertuen jartzen saiatuko gara.

210. art.{Argi-efektuak erregulatzeko erabiliko diren erresistentziek, eta baita zinema-aretoetako kabinetan ezarriko direnek ere, ez dute inolako substantzia erregairik izango, eta behar bezala babestuko dira, kanpoko efektuak saihesteko.

Arreta handiz jokatuko da babes-linternekin eta arku-lanparak haustean eror daitezkeen beira zatiekin ere.

211. art.{Debekatuta dago gailu eramangarriak erabiltzea.

Argiteriako gailuak hornitzeko erabiliko diren gasak, oihalak eta paperak ezin sutuzko bilakatuko dira hainbat substantzia erabiliz; substantzia horiek Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiak helburu horretarako onartutakoak izan behar dute.

212. art.{Instalazio elektrikoa indarrean dauden xedapenek ezarritako bakartze-mugen barnean kokatuko da.

Horretaz arduratzen den argiketariak, ikuskizunen lokal guztietan halako bat egotea nahitaezkoa baita, egunero instalazioen bakartze-egoera zainduko du, horretarako egokiak diren probak eginez, eta egiaztapen-erregistroan jasoko du horren berri.

Emanaldiak irauten duen bitartean, argiketaria eszenako banaketa-koadroan egongo da.

213. art.{Argiteria elektrikoa kontuan hartu gabe, eraikin edo lokal guztietan segurtasun-argiteria bat ezarriko da, eta argiteria hori elektrikoa edo beste izaera batekoa izan daiteke; likido edo gas sukoiak baztertuta egongo dira.

Argiteria osagarri horrek, argiteria arrunt guztiak falta diren kasuetan, jendea irteteko behar adinako argia izango du, eta nondik irten behar den adieraziko du.

Argi horiek piztuta egongo dira ikuskizunak irauten duen bitartean eta jende guztia lokaletik irten arte.

Irteeretarako, eskaileretarako, korridoreetarako eta atarteetarako ateen gainean ezarriko dira lanpara horiek.

Eszenatokian eta geletan ere ezarriko dira, aretoaren zirkuituarekiko independentea den zirkuitu batekin.

Argiteria osagarri hori akumuladore-bateria batek sortzen duen kasuetan, bateria horrek gutxienez bi emanalditan segurtasun-lanparak elikatzeko gaitasuna izan behar du.

Pila edota bakarkako edo bereizitako akumuladore bidez elikatutako lanparak ere onartuko dira, eta horien funtzionamendua behar bezala zainduko da.

214. art.{Argiteria-zirkuituren bat elikatzeko pilak edo akumuladoreak erabiliz gero, horiek ondo aireztatutako gela berezietan kokatuko dira, elektrolitoen erasoa eragozteko zoladurarekin.

Azidoak eta haren funtzionamendurako beharrezkoak diren gainerako produktu kimikoak bereizitako leku batean gordeko dira, eta horietatik datozen urak behar bezala neutralizatuko dira, estoldara isuri aurretik.

215. art.{Argiteriaren arloan aurrerapena etengabekoa denez eta arlo horretan asma daitezkeen hobekuntzak araudi honetan aurreikusterik ez dagoenez, argiteria-segurtasunaren onerako den guztia eta sute-arriskua murrizten duen guztia ikuskizunetarako lokaletan ezarri beharko dela ulertzen da, aurrez Segurtasuneko zuzendari nagusiaren edo gobernadore zibilaren baimena izanda –bakoitzari dagokion kasuetan– eta Aholkularitza Batzordeari jakinarazita.

b) Berokuntza eta aireztatzea

216. art.{Jendaurreko ikuskizunetarako lokalen berokuntzarako ur beroa, behe presioko lurruna edo berokuntza elektrikoa erabili ahal izango dira, helburu horretarako ezarritako baldintzak betez.

217. art.{Berokuntzarako gailuak beren osotasunean material erregaitzez eratutako lokaletan ezarriko dira; lokal horiek gangadunak izango dira edo burdinez estalita egongo dira, behar bezala aireztatuta; eta eszenatokiarekin, aretoarekin eta bertako gelekin ez dute lotura zuzenik izango.

Erregaien biltegiak ere baldintza horiek beteko ditu, eta berokuntzarako gailuen lokaletatik urrun egongo da.

218. art.{Hobiak eta berogailuak burdinazkoak izango dira, eta sare metalikoekin edota zuloak dituzten xaflekin estaliko dira; jendearen joan-etorria oztopatzen ez duten lekuetan ezarriko dira horiek, edota solairuan edo hormetan ondo txertatuta, sareten bidez zoladuraren edo hormaren paramentuen mailan.

Osagarri guztiak txukun edukiko dira, eta ondo funtzionatuko dute.

219. art.{Keak gora egiteko bideek ez dituzte eszenatokia, biltegiak, aretoa eta jendea igarotzen den lekuak igaroko, adreiluzko fabrikaz eta material erregogorrez eraikiko dira, eta beti txukun edukiko dira.

Keak gora egiteko bide edo tximinia horiek hormetatik bereizita ezarriko dira, patio batean.

220. art.{Eraikineko edozein gelatan guztiz debekatuta dago suak zuzenean berotzen dituen berogailuak, berotzeko ontziak eta gainerako gailu finkoak edo mugikorrak ezartzea.

221. art.{Aretoetan eta geletan, haizagailuak, aire-instalazioak eta ateragailuak izango dituzte lokal itxiek, eta lokalak 2.000 ikusletik gorako edukiera badu, aireztatze-sistema mekanikoa izango du, haien gaitasunari egokituta, eta hori posible ez denean, beirak izango ditu, aireztatzea eta aire-berritzea errazteko.

XVII. KAPITULUA.{- Suteen kontrako ardura eta zerbitzua.

222. art.{Eraikuntzari, argiteriari eta berokuntzari dagokienez, suteak saihesteko hartu beharreko ardurez, eraikinetik jendea irtenarazi eta eraikin guztia husteko ezarritakoez eta eskailerei, korridoreei eta kanpoko nahiz barruko ateei dagozkien arauez araudi honetan zehaztu direnez gain, ondorengo arauak beteko dira:

223. art.{Oihalak, dekorazioak, sokak, zurak eta, oro har, erraz su har dezaketen gai guztiak eta eszenatokietan, zuloguneetan eta oihaltegietan erabiltzen direnak erregaitz bilakatu beharko dira, horretarako lehendik frogatutako edo batzordeko teknikariek onartutako prozedurak erabiliz, eta horrela jasoko da Suteen Aurkako Zerbitzuko Zuzendaritzak emandako egiaztagiriaren bidez, zerbitzu antolatu hori duten herrietan; zerbitzu hori ez duten herrietan egiaztagiria udaleko arkitektoak edota, dagokion kasuan, probintziakoak izenpetuko du.

224. art.{Ahal izanez gero, paperezko dekoratuen erabilera murriztuko da, eta belakizkoak erabiliko dira.

Kasu guztietan, ezin sutuzko bilakatuko dira, aurreko aginduak betez.

Ahoaren hegalak, arlekinak edo frisoak forratutako alabastro-xaflez egindakoak izango dira.

225. art.{Eserlekuen betegarria eta tapizeriako gainerako apaingarriak animalien zurdez egingo dira, ez baitute horren erraz su hartzen, edota beste substantzia erregaitz batzuk ere erabili ahal izango dira.

226. art.{Guztiz debekatuta dago antzokiaren areto berean material pikrikoak prestatzea.

Antzokiko aretoan egingo diren leherketak ez dira inoiz sare metaliko bakar batez prestatuko: txinparta-suziriak plateren gainean piztuko dira, urez betetako ontzi bat gertuan izanik, eta, ikuskizunak eskatzen duelako antzezleek lastargiak eramaten badituzte, horiek guztiz itzalita egon behar dute geletara edo biltegietara sartu aurretik.

227. art.{Jendaurreko ikuskizunetarako eta aisialdirako gune orok telefonoa eta txirrin elektrikoak izango ditu, eta baita suteak ohartarazteko sistema bat ere, alarma jo dezan; eta zerbitzu nagusiarekin lotuta egon daiteke hori.bbeste

Lokal horietan, behar adina su-itzalgailu ezarriko dira, aretoan bertan eta jendearen aurrean, eta suteen kontrako zerbitzuek ikuskatuko dituzte.

Gailu horiek Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiak onartutako markakoak izango dira, eta eskaileretan, eszenatokian, zulogunetan, oihaltegian, kabinan eta Suteen Aurkako Zuzendaritzak agindutako gainerako leku guztietan ezarriko dira, eta, batez ere, arriskutsuak diren lekuetako sarreretan, kanpoaldean, ezarriko dira.

228. art.{Ikuskizunetarako eraikin edo lokal itxi bakoitzean ur-hartuneak ezarriko dira, bertako leku guztietara iristeko moduko mahukarekin.

Suteen Aurkako Zerbitzuko Zuzendaritzak zehaztuko du ur-hartuneen kokalekua, eta, bereziki, aretora, eszenatokira, zulogunera, aldagelara eta ahora sartzeko ateetatik gertu ezarriko dira.

Hauxe izango da horien kokalekua:

solairu bakoitzeko atarteetan, aretora sartzeko bi ateen alboan, ahoan bi, eta 120. artikuluak aipatzen duen Suteen Aurkako Zerbitzukoek lokalera sartzeko duten sarrera bakoitzean bat; eszenatokira sartzeko atearen kanpoaldean bat; beste bana zulogunean eta aldagelaren biltegiko atearen kanpoaldean.

Ur-hartune bakoitzerako mahukak berori erabili behar den gune osoa hartzeko adinako luzera izango du, eta ahal den guztietan Zerbitzuko Buruzagitzak zehaztuko du, zerbitzu hori dagoen lekuetan.

Ur-hartune bat ezarriko da, gutxienez, elementu teknikoek zehazten duten lekuan.

Uraren hobi nagusiak eta hartuneek 70 milimetro izango dituzte.

Hartuneek udalerri bakoitzaren zerbitzu orokorren diametro eta sistema bera izango dute, bai eta manometro bat ere.

Hodi nagusiaren sarrerak ere dagokion manometroa izango du, eta hori martxan egongo da ikuskizunak irauten duen bitartean, edozein unetan begiratu ahal izateko.

XEDAPEN OROKORRA

Batzorde probintzialek emandako txostenaren arabera araudian jasotako aginduak aplikatzerakoan gobernadore zibilek emandako erabakien aurka Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiaren aurrean helegitea aurkeztu ahal izango da, eta honek batzorde nagusiari entzun ondoren erabakia hartuko du; Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiak hartutako erabakiaren aurka gora jotzeko helegitea aurkeztu ahal izango da Gobernazio Ministerioaren aurrean, eta prozedura administratiboaren araudia betez aurkeztuko da helegite hori.

Araudi honek emandako ahalmenak betez, probintziako hiriburu ez diren udalerrietan alkateek hartutako neurri, prebentzio eta erabakiak probintziako gobernadore zibilari jakinaraziko zaizkio, horiek onartuak izan direnetik ondorengo hogeita lau ordu baino lehen, eta horrek, zortzi eguneko epean, bertan behera utzi, zuzendu edota baliogabetu ditzake.

Gobernadore zibilaren erabakiaren eta, finkoak diren kasuetan, alkateen erabakien aurka helegitea aurkeztu ahal izango da Segurtasuneko zuzendari nagusiaren aurrean, eta honek hartutako erabakiaren aurka gora jotzeko helegitea jarri ahal izango da Gobernazio Ministerioaren aurrean.

Gora jotzeko erabakia ezagututa, Gobernazio Ministroak hartutako erabakiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa soilik jarri ahal izango da.

Indargabetuta gelditzen dira araudi honetan ezartzen denaren aurkako xedapen guztiak.

euskal legezalea