Ezinduen eskubideen Adierazpena

Euslege

Ezinduen eskubideen Adierazpena

Biltzar Orokorrak aldarrikatua, 1975eko abenduaren 9ko 3447 (XXIX) ebazpenean

Biltzar Orokorrak,

Jakitun izanik, Nazio Batuen kideek, Gutunaren arabera duten betebeharraz neurriak hartzeko, elkarrekin edo bananduta, Erakundearekin elkarlanean, bizitza-maila igotzeko, guztientzat lan iraunkorra sustatzeko eta, oro har, aurrerabide-baldintzak eta gizarte- eta ekonomia-garapena sustatzeko,

Berretsiz bere ustea, Gutunak aldarrikatutako giza eskubide eta oinarrizko askatasunetan eta gizakien bake-, duintasun- eta balio-printzipioetan, eta, orobat, gizarte justiziaren printzipioan,

Gogoratuz halako printzipioak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, Giza Eskubideen Nazioarteko Itunetan eta Haurren Eskubideen Adierazpenean eta Adimenez Atzeratuen Eskubideei buruzko Adierazpenean barruratuta daudenak eta, orobat, gizarte-aurrerabide arauak, hainbat konstituzio, gomendio eta ebazpenetan agertzen direnak, hala nola, Lanaren Nazioarteko Erakundeak, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak, Osasunaren Mundu Erakundeak, Haurrentzako Nazio Batuen Funtsak eta beste erakunde interesdunek emandakoetan,

Gogoratuz, halaber, 1975eko maiatzaren 6ko, Ekonomia- eta Gizarte- Kontseiluaren 1921 (LVIII) ebazpena, ezgaituen ezgaitasuna eta birgaikuntza prebenitzeari buruzkoa,

Azpimarratuz Gizarte mailan Aurreratze eta Garatze bideari buruzko Adierazpenean aldarrikatu dela gaixotasun fisiko edo buruko gaixotasunagatik ahulago diren pertsonen eskubideak babesteko beharra eta horien ongizatea eta birgaikuntza bermatzeko beharra

Aintzat harturik ezgaitasun fisikoa eta mentala eta ezinduei laguntzeko beharrizana, euren gaitasunak gara ditzaten jardueraren arlo desberdinetan, eta baita, ahal den neurrian, horien gizarteratzea sustatzeko beharrizana

Jakitun izanik, herrialde batzuk, euren garapen-mailagatik, mugatuta daudela halako jardueretan aritzeko,

Ezinduen Eskubideei buruzko Adierazpena aldarrikatzen du, eta eskatzen du onar daitezen, nazio- nahiz nazioarte-mailan, eskubide horiek babesteko oinarri eta erreferentzia erkidea izateko neurriak:

1. “Ezindu” hitzak izendatzen du pertsona ezgaitu oro, oso-osorik edo zati batean, bere kautan gai ez dena norbanako gisa edo gizartearen barnean, bizimodu arruntaren beharrizanak diruz estaltzeko, bere ahalmen fisiko edo adimenekoen urritasunagatik, horiek sortze-sortzetik izan ala ez.

2. Ezinduak adierazpen honetan aipatu eskubide guztiak izango ditu.

Ezindu orori aitortu behar zaizkio eskubide horiek, salbuespenik, bereizketarik eta bereizkeriarik gabe, arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, jatorri nazionala edo gizarte-jatorria, jaiotza edo beste edozein egoera dela bide, hori guztiori ezinduari berari nahiz bere familiari dagokionean.

3. Ezinduak eskubidea du, erro-errotik, bere giza duintasuna errespetatua izan dadin. Ezinduak, edozein izanik ere bere arazoen eta urritasunen jatorria, izaera edo larritasuna, bere adineko herrikideen oinarrizko eskubide berberak ditu; horrek dakar, beraz, behar den begirunezko bizimodua izateko eskubidea, ahalik eta modurik arruntenean eta osoenean.

4. Ezinduak gainerako gizakien eskubide zibil eta politiko berberak ditu; hortaz, Adimenez Atzeratuen Eskubideen Adierazpenaren 7. paragrafoa aplikatzen zaio, hain zuzen ere, adimenez ezinduentzako eskubide horien mugaketa edo ezabaketa orori.

5. Ezinduak hainbat neurri izateko eskubidea du, besteak beste, ahalik eta bere autonomiarik zabalena lortzera bideratuta daudenak.

6. Ezinduak eskubidea du, besteak beste, hurrengoak izateko, mediku-arreta, arreta psikologikoa eta funtzionala, protesiak eta ortopedia barne; mediku- eta gizarte-birgaikuntza; hezkuntza; lanbide-heziketa eta -birgaikuntza; laguntzak, aholkuak, lanpostu-zerbitzuak eta bestelako zerbitzuak, horiek bermatzen badute bere ahalmen eta gaitasunen gehieneko aprobetxamendua eta, aldi berean, bizkortzen badute bere gizarteratze- edo berrizartze-prozesua.

7. Ezinduak eskubidea du segurtasun ekonomikoa eta soziala eta behar den begirunezko bizimodua izateko Eskubidea du, bere ahalbideen neurrian, enplegua lortu eta gordetzeko eta zeregin baliagarria, produktiboa eta ordaintzeko modukoa izateko, eta sindikatu-erakundeen partaidea izateko.

8. Ezinduak eskubidea du aintzakotzat hartzeko bere beharrizan bereziak, ekonomia- eta gizarte-plangintzaren aldi guztietan.

9. Ezinduak eskubidea du bere familiarekin bizitzeko edo hori ordezkatzen duen etxe batean bizitzeko eta gizarte-jarduera sortzaile edo jolas-jarduera guztietan parte hartzeko.Egoitzari dagokionez, ezin izango da ezindua, bere egoerak halako tratua galdatuz gero edota bere hobekuntza halako tratuak ekar badezake, tratu horren aparteko beste tratu batera behartu. Nahitaezkoa izanez gero ezindua establezimendu espezializatu batean egotea, erakunde horren barruko giroa eta lan-baldintzak, ahalik eta neurri zabalenean, bere adineko pertsonen bizimodu arruntaren antzekoak izango dira.

10. Ezindua babestu egin behar da esplotazio, araudi edo tratu ororen aurka, horiek bereizkeriak, abusuzko tratuak edo tratu apalesgarriak badira.

11. Ezinduak laguntza juridiko aditu baten onura izango du, egiaztatzen bada laguntza hori nahitaezkoa dela ezindua bera eta bere ondasunak babesteko. Ezindua akzio judizialaren objektua izanez gero, prozesu egoki baten menpe geratuko da, bere baldintza fisiko eta mentalak kontuan hartuko dituena.

12. Ezinduen erakundeak, onuragarri den neurrian, kontsultatuak ahal izango dira giza eskubideekin eta ezinduei buruzko beste eskubideekin zer ikusia duten gai guztien inguruan.

13. Ezinduari, bere familiari eta erkidegoari jakinaraziko zaizkie, baliabide egoki guztien bitartez, Adierazpen honetan aipatu eskubideak.

euskal legezalea