Aurrerapen zientifikoa eta teknologikoa bakearen mesedetan eta gizakientzako modu onuragarrian erabiltzeari buruzko Adierazpena

Euslege

Aurrerapen zientifikoa eta teknologikoa bakearen mesedetan eta gizakientzako modu onuragarrian erabiltzeari buruzko Adierazpena

Biltzar Orokorrak aldarrikatua, 1975eko azaroaren 10eko 3384 (XXIX) ebazpenean

Biltzar Orokorrak,

Kontuan hartuta aurrerapen zientifikoa eta teknologikoa gizartearen garapenerako faktorerik garrantzitsuenen artean kokaturik dagoela gaur egun,

Aintzat hartuta aurrerapen zientifikoak eta teknologikoak herrien eta herrialdeen bizitza-baldintzak hobetzeko gero eta aukera gehiago sorrarazten dutela eta, era berean, gizarte-arazoak sor ditzaketela kasu batzuetan eta giza eskubideak eta norbanakoen oinarrizko askatasunak arriskuan jar ditzaketela,

Kezka osoz kontuan hartuta lorpen zientifikoak eta teknologikoak erabil daitezkeela armamentu-norgehiagoka indartzeko, nazio-askapenaren mugimenduak itzaltzeko eta, oro har, gizakiei eta herriei euren giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak kentzeko,

Kontuan hartuta baita ere kezka handiz, lorpen zientifikoek eta teknologikoek izan dezaketen arriskua norbanakoaren edo taldearen eskubide zibil eta politikoentzat edota gizakien duintasunarentzat,

Kontuan hartuta zer eta presazko beharrizana, aurrerapen zientifikoa eta teknologikoa ahalik eta gehien erabiltzeko gizakiaren onurarako, eta, berebat, lorpen zientifiko eta teknologiko batzuek sor ditzaketen egungo eta etorkizuneko ondorio kaltegarriak gabetzeko,

Aitortuz aurrerapen zientifikoak eta teknologikoak duten garrantzia, garapen-bidean dauden herrien gizarte- eta ekonomia-garapena azkartzeko,

Jakitun izanik zientzia- eta teknologia-transferentzia dela baliabide nagusienetakoa garapen-bidean dauden herrien garapen ekonomikoa azkartzeko,

Berretsiz herriek duten determinazio askerako eskubidea eta gizakien eskubideak eta askatasunak eta pertsonaren duintasuna errespetatzeko beharrizana, betiere, aurrerapen zientifikoa eta teknologikoaren baldintzetan,

Asmoa izanik sustatzeko Nazio Batuen Gutunaren oinarria eratzen duten printzipioen aplikazioa, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Giza Eskubideen Nazioarteko Itunak, herrialde eta herri kolonialei independentzia emateari buruzko Adierazpena, nazioarteko zuzenbidearen printzipioei buruzko Adierazpena, estatuen arteko adiskidetasun- eta lankidetza-harremanen inguruan, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz, Gizarte mailan Aurreratze- eta Garatze-bideei buruzko Adierazpena eta Estatuen Eskubide eta Eginbehar Ekonomikoen Gutuna,

Ospe handiz aldarrikatzen du:

1. Estatu guztiek sustatuko dute nazioarteko lankidetza bermatzeko aurrerapen zientifiko eta teknologikoak erabiliko direla nazioarteko bakea eta segurtasuna, askatasuna eta independentzia indartzeko, eta herrien ekonomia- eta gizarte-garapena lortzeko eta gizakien eskubideak eta askatasunak betetzeko, Nazio Batuen Gutunarekin bat etorriz.

2. Estatu orok neurri egokiak hartuko ditu saihesteko, bereziki, estatu-erakundeek erabiltzea aurrerapen zientifiko eta teknologikoak giza eskubideak eta gizakiaren oinarrizko askatasunak mugatzeko edo oztopatzeko, horiek barneratuta daudela Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, giza eskubideen nazioarteko itunetan eta beste nazioarteko instrumentu egokietan.

3. Estatu guztiek hartuko dituzte neurriak bermatzeko zientzia eta teknologiaren lorpenak izan daitezen biztanleriaren arlo guztien beharrizan materialak eta espiritualak asetzeko.

4. Estatu orok uko egingo dio edozein egintza egiteari, horren bitartez lorpen zientifikoak eta teknologikoa erabiltzen badira beste estatu batzuen subiranotasuna eta osotasuna urratzeko, barruko gaietan parte hartzeko, eraso-gerrak egiteko, nazio-askapenaren mugimenduak itzaltzeko edo arraza-bereizkeria politikak egiteko. Egintza horiek, Nazio Batuen Gutunaren eta nazioarteko zuzenbidearen printzipioen urraketa nabaria izateaz gain, aurrerapen zientifiko eta teknologiko horiek gizakien onurara norabidetu behar dituzten asmoen desbideraketa onartezina da.

5. Estatu guztiek elkarrekin lan egingo dute garapen-bidean dauden herrien gaitasun zientifikoa eta teknologikoa ezarri, indartu eta garatzeko, zertarako eta herri horien herritarrentzako gizarte- eta ekonomia-eskubideak ahalik eta azkarren gauza daitezen.

6. Estatu guztiek hartuko dituzte zientzia eta teknologiaren onurak biztanleriaren maila guztietara zabaltzeko neurriak, eta, orobat, aurrerapen zientifiko eta teknologikoa oker erabiltzeak sor ditzakeen ondorio makurretatik biztanleria babesteko neurriak, gizarte-arloan zein arlo materialean, barne hartuta erabilera okerra norbanakoen edo taldearen eskubideak urratzeko, bereziki, bizitza pribatuari, gizakien babesari eta bere osotasun fisiko eta intelektualari dagokienez.

7. Estatu guztiek hartuko dituzte beharrezko neurriak, legegintza esparrukoak barne, ziurtatzeko zientzia- eta teknologia-lorpenak erabiliko direla giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak osotasunean betetzeko, bereizkeriarik gabe arraza, sexu, hizkuntza edo erlijio-sinesmen arrazoiengatik.

8. Estatu guztiek hartuko dituzte neurri egokiak, legegintza esparrukoak barne, saihesteko eta ekiditeko lorpen zientifikoak erabiltzea giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen eta gizakien duintasunaren kaltetan.

9. Estatu guztiek hartuko dituzte neurriak, halakoak beharrezkoak balira, ziurtatzeko gizakien eskubide eta askatasunak bermatzen dituzten legeak beteko direla, aurrerapen zientifiko eta teknologikoaren baldintzetan.

euskal legezalea