202005forulegea,

20/2005 Foru Legea, Nafarroako toki ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea aldatu eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifak gaurkotzekoa

Nafarroako Parlamentua

20/2005 FORU LEGEA, abenduaren 29koa, Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatu eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifak gaurkotzekoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

20/2005 FORU LEGEA, NAFARROAKO TOKI OGASUNEI BURUZKO MARTXOAREN 10EKO 2/1995 FORU LEGEA ALDATU ETA JARDUERA EKONOMIKOEN GAINEKO ZERGAREN TARIFAK GAURKOTZEKOA.

Foru lege honen oinarrizko helburua da Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean aldaketa batzuk egitea eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifak gaurkotzea.

Legeak bi artikulu ditu, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat.

1. artikuluan Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean egin beharreko aldaketak jasotzen dira. Aldaketa horiek lurraren gaineko kontribuzioan, hirilurren balio igoeraren gaineko zergan eta trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan izanen dute eragina.

Lurraren gaineko Kontribuzioari dagokionez, aldaketek arlo hauek ukituko dituzte: zergapeko egitatea, ondasun higiezina zer den, salbuespenak, subjektu pasiboa, zerga-oinarria, kuota, sortzapena eta zergaldia eta zergaren kudeaketa. Aldaketak, funtsean, bi arrazoi hauengatik egin nahi dira:

Lehenbizi, toki tributuen araudia Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroa eta katastroak arautzeko Foru Lege berriak ezarriko duen esparru juridiko berrira egokitzeko.

Izan ere, foru lege berri horrek zehatz-mehatz arautuko ditu katastroen kudeaketaren inguruko alderdi guztiak. Tributuen kudeaketaren arloa, berriz, toki ogasunei buruzko araudiak xedatuko du, bi arloen artean beharrezkoa den koordinazioa izanen dela.

Hori dela eta, ondokoak zehazteko aldaketak egin dira: ondasun higiezintzat hartzen direnak, subjektu pasiboak, zerga-oinarria, zergaldia eta, batez ere, zergaren kudeaketa modua, azken hori zehatzago eta zorrotzago arautu baita.

Aipatu beharra dago, bestalde, zerga-oinarriari dagokionez, aurreikusi dela balioak Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legearen arabera kolektiboki aldatzeko prozedurak aplikatzearen ondorioz katastroko balioak dezente igoko direla, eta horrenbestez, zergaren zerga-oinarrian murriztapen batzuk finkatu dira.

Lurraren gaineko Kontribuzioari buruzko beste aldaketa batzuk zenbait aginduren testuan hobekuntza teknikoak sartzearren egin dira, foru legea indarrean izan den hamar urteotan horiek egiteko beharra ikusi baita.

Hori horrela, zergapeko egintza zedarritzen da, zergari lotzen ez zaizkion kasu batzuk arautu baitira, lehen salbuespentzat hartzen zirenak; subjektu pasiboaren figura hobeki zehazten da; gutxieneko eta gehieneko tasa bakarra ezartzen da, hiri ondasunentzako eta landa ondasunentzako tasak bereizteko ezarrita zegoen ezberdintasuna kendu baita; eta, zergaren kudeaketa hobetu nahian, zergaldia urte naturala izanen dela erabaki da, ez seihilekoa.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, tarifak 2004. eta 2005. urteetako Kontsumorako Prezioen Indizearen igoeraren arabera gaurkotu dira, orain arte erabiltzen den tarifen taula 35/2003 Foru Legearen bidez onetsi baitzen, ondorioak 2004ko urtarrilaren 1etik aurrera izateko.

Hirilurren balio igoeraren gaineko zergaren aldaketak Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Lege berriak ekarriko duen araudi berriaren ondorioz egin dira.

Alde batetik, hiri ondasun higiezinaren eta landa ondasun higiezinaren artean 2/1995 Foru Legean zegoen bereizketa kendu da, ondasun higiezinaren ikusmolde bateratua ezartzeko, Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legean jaso bezala. Horren ondorioz, zergaren xedea zein den zehaztu beharra dago, hirilurren balio igoeraren gaineko zergaren ondorioetarako. Horretarako, 172. artikulua moldatu da.

Beste alde batetik, zerga sortzen den unean lursailak duen balioa ez da Lurraren gaineko Kontribuzioaren ondorioetarako duen balioarekin lotuko, aldian-aldian indarra duen balorazio txostena aplikatzearen ondoriozkoarekin baizik. Kasu batzuetan, behin-behineko likidazioak egitea aurreikusi da.

2. artikuluan jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kuotak gaurkotzen dira. Horiei 1,035 koefizientea aplikatu zaie, 2005. urteko Kontsumorako Prezioen Indizearen igoeraren adierazlea, hain zuzen.

Xedapen iragankor bakarrean xedatzen da indarrean segituko duela Lurraldearen gaineko Kontribuzioan karga-tasa ondasun motaren arabera finkatzeko gaur egun dagoen sistemak, harik eta balorazio txostenak Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legearen arabera berrikusi arte.

Azken xedapenean adierazten da foru lege honen ondoriozko aldaketek 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen dutela eragina.

Nolanahi ere, oraindik indarrean ez dagoen arau bat espresuki aipatzen denez, hau da, Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legea, Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen aldaketek, Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Lege horrekin lotura badute, ez dute indarrik izanen arau hori aplikatzeko moduan egon arte, jakina, salbu eta balorazio kolektiborako prozeduren ondoriozko likidazioak egiteko moduari dagokionez.

1. artikulua. Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen aldaketa.

Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko artikulu batzuk aldatu dira. Aldaketak 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen du eragina. Hona hemen haien testu berria:

Bat._134. artikulua.

"134. artikulua.

1. Zerga honen zergapeko egitatea izanen da ondasun higiezinen gainean hauetako eskubide baten titulartasuna izatea:

a) Ondasun higiezinen gaineko edo horiei loturiko zerbitzu publikoen gaineko kontzesio administratiboa.

b) Lurrazal-eskubide erreala.

c) Usufrukturako eskubide erreala.

d) Herri ondasunen kontraprestazio bitartezko aprobetxamendu eta gozamenerako eskubidea.

e) Jabetza eskubidea.

2. Aurreko zenbakian ezarritako zergapeko egitate bat gertatuz gero, bertan ezarritako ordenan, kasuko ondasun higiezina ez zaio lotuta egonen hor jasotako gainerako modalitateetako araubideari.

3. Zerga honi lotzetik libre egonen dira:

a) Errepideak, bideak, lur gaineko bestelako bideak eta ur jabari publikoko ondasunak, betiere erabilera edo aprobetxamendu publiko eta doakoa baldin badute.

b) Ondoko ondasun higiezinak, kokatuta dauden lurretako toki entitateen jabetzapekoak badira:

aŽ) Jabari publikokoak izanik, erabilera publikoa dutenak.

bŽ) Jabari publikokoak izanik, udalak zuzenean kudeatzen duen zerbitzu publiko bati lotuak daudenak, salbu eta hirugarrenei kontraprestazio bidez laga zaizkien ondasun higiezinak badira.

cŽ) Ondare ondasunak eta herri ondasunak, salbu eta hirugarrenei kontraprestazio bidez laga zaizkienak."

Bi._135. artikulua.

"135. artikulua.

1. Zerga honen ondorioetarako, ondasun higiezintzat joko dira Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legean horrelakotzat jotzen direnak.

2. Ondasun higiezin bat udalerri batean baino gehiagotan baldin badago, ulertuko da, zerga honen ondorioetarako, udalerri bakoitzean hartzen duen azaleraren neurri berean dela udalerri bakoitzekoa.

Hori horrela bada ere, ondasun higiezin berezi gisa deklaratuei dagokienez, Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da."

Hiru._136.a) artikulua.

"a) Foru erkidegoaren, Estatuaren, autonomia erkidegoen edo toki entitateen jabetzakoak direnak, defentsa nazionalari, herritarren segurtasunari edo hezkuntza, osasun edo espetxe zerbitzuei zuzenean atxikita badaude."

Lau._136. artikuluko b) letra indarrik gabe utzi da.

Bost._137. artikulua.

"137. artikulua.

1. Subjektu pasiboak dira, zergadun gisara, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 25. artikuluak aipatzen dituen pertsona fisiko eta juridikoak eta entitateak, zerga honen ondorioetarako zergapeko egitate bat sortzen duen eskubidearen titularrak direnak.

2. Subjektu pasiboa izanen da, betiere, zerga sortzen den egunean eskubidearen titularra dena. Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz titular aldaketa eginez gero, ez da kontuan hartuko horren ondoriozko aldaketa juridikoa zein unetan sartzen den katastroan.

3. Ondasun higiezin baten gainean kontzesiodun bat baino gehiago baldin badira, kanonik handiena ordaindu behar duena izanen da zergadunaren ordezkoa.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa aplikatuko da deusetan galarazi gabe subjektu pasiboek jasandako tributu-karga zuzenbide komuneko arauei jarraikiz erasateko duten ahalmena.

Era berean, zergadunaren ordezkoak ahalmena izanen du kuota likidoaren zatia beste kontzesiodunei erasateko, bakoitzak ordaindu beharreko kanonen arabera dagokien neurrian.

4. Udalek zergaren kuota likido osoa erasanen diete honako hauei: zergaren subjektu pasibo izan gabe haren jabari publikoko ondasunak edo ondare ondasunak kontraprestazio bat tartean dela erabiltzen dituztenei."

Sei._138. artikulua.

"138. artikulua.

1. Zerga honen zerga-oinarria ondasun higiezinen katastroko balioak finkatuko du. Balio hori kalkulatu, aditzera eman eta inpugnatzeko, Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legeari segituko zaio, deusetan galarazi gabe foru lege honen 143.5 artikuluan xedatua.

2. Aurreko zenbakian xedatu dena gorabehera, balorazio txosten oso bat onesteagatik, katastroko balioen aldaketa kolektiboa egiten bada eta, horren ondorioz, balio guztien batez bestekoa aurreko balioen batez bestekotik % 25 baino gehiago igotzen bada, udalaren osoko bilkurak ahalmena izanen du zergaren zerga-oinarrian artikulu honetan ezarritakoaren araberako murriztapenak onesteko.

Dena dela, aurreko lerrokadan aipatzen den igoera zehazteko, ondasun bereziak aparte utziko dira.

3. Udalak zerga-oinarria murrizteko erabakia hartuz gero, erabaki hori aplikatuko da balio berria lehengoa baino altuagoa duten ondasunetan. Murrizketa hori linealki egin ahalko da hiru urtez gehienez, balorazio txostena onetsi ondoko lehenengo zergalditik zenbatzen hasita.

Zerga-oinarria kalkulatzeko, formula hau erabiliko da:

BIij = VPij - (VPij_Vci0) cj

Azalpena:

BIij da "i" ondasunaren "j" urteko zerga-oinarri murriztua.

VPij da "i" ondasunari "j" urtean balorazio txosten berrikusia aplikatzearen ondoriozko balioa.

Vci0 da "i" ondasunaren hasierako katastroko balioa.

cj 7. zenbakian agertzen den taula "j" urtean aplikatzearen ondorioz ateratzen den koefizientea da eta zerga-oinarri murriztuaren eta txosteneko balioen arteko konkurrentzia denboraren araberakoa da.

Ondasun baten hasierako katastroko balioa izanen da txosten berria onetsi aurre-aurretik zuen katastroko balioa.

4. Aurreko 2. zenbakian ezarritako inguruabarrak gertatu eta katastroko balio berria hasierakoa baino baxuagoa baldin bada, ondasun horren zerga-oinarria txosten berria aplikatzearen ondoriozkoa izanen da.

5. Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak ondasun higiezin berezi baten deskalifikazioa deklaratu eta horren ondorioz lehenbiziko aldiz balorazio txosten batean balorazio normalizatua egin eta, aurreko txostenean azaldutako balioarekin alderatuta, ondasun horren katastroko balioa handitu edo gutxitzen bada, ondasun horri aurreko zenbakietan xedatutakoa aplikatuko zaio, baina balio hori ez da aintzat hartuko deskalifikatu ondoko lehenengo txostenaren ondoriozko balio berrien batez besteko igoera kalkulatzeko.

6. Txostenaren berrikuspena egiten denean ondasuna katastroan agertu ez eta, horrenbestez, hasierako katastroko balioa ez duten ondasunetan, hala nola ezaugarriak aldatzearen ondorioz balorazio berria behar dutenetan, zerga-oinarria kalkulatzeko txostenean agertzen den balioari murrizketa portzentual bat eginen zaio, hain zuzen, urte horri dagokion batez besteko murrizketa teorikoa, formula hau aplikatuz:

BIij = VPij (VP0 - (VP0 - VC0) cj) / VP0

Azalpena:

BIij da "i" ondasunaren "j" urteko zerga-oinarri murriztua.

VPij da "i" ondasunari "j" urtean balorazio txosten berrikusia aplikatzearen ondoriozko balioa.

VP0 da berrikuspenaren momentuan, txostena udalerriko ondasun guztiei aplikatzearen ondoriozko balioen batuketa.

VC0 da udalerriko ondasun guztiei dagozkien katastroko hasierako balioen batuketa.

cj da ondotik datorren 7. zenbakian agertzen den taula "j" urtean aplikatzearen ondorioz ateratzen den koefizientea, eta zerga-oinarri murriztuaren eta txosteneko balioen arteko konkurrentzia denboraren araberakoa da.

7. Koefiziente murriztaileen taula.

Artikulu honetako 3. eta 6. zenbakietan aipatzen diren koefiziente murriztaileak ondoko taula honetatik aterako dira:

Oinarri murriztuaren txostenaren lehenengo C2 koefizientea, C3 koefizientea,

eta balioen konku-urtean C 1 koefizientea,txosten. bigarrentxosten. hirugarren

rrentzi epeaaplikatzekoaurtean aplikatzekoaurtean aplikatzekoa

Urtebete 0,00 0,00 0,00

2 urte 0,50 0,00 0,00

3 urte 0,67 0,33 0,00

4 urte 0,75 0,50 0,25

8. Artikulu honetako 3. zenbakian ezarritako murrizketarako gehieneko epea bukatu baino lehen balorazio txosten berria onesten bada, gehienez hiru urteko beste murrizketa epe bat irekiko litzateke. Kasu horretan, katastroko hasierako balioa 3. zenbaki horretako azkeneko lerrokadan ezarritakoa izanen da, betiere une horretan aplikatzen zaizkion balizko murrizketak barne."

Zazpi._139. artikulua.

"139. artikulua.

1. Zerga honen kuota osoa izanen da zerga-oinarriari hurrengo zenbakian aipatzen den karga-tasa aplikatu ondokoa.

2. Karga-tasa % 0,10etik 0,50era bitartekoa izanen da.

Karga-tasa bera izanen da udalerri osoan."

Zortzi._141. artikulua.

"141. artikulua.

1. Zerga zergaldiaren lehen egunean sortuko da.

2. Zergaldia urte naturala izanen da. Dena dela, kuota epe laburragoetan zatikatu ahalko da.

3. Kargaturiko ondasunetan gertatzen diren aldaketa fisiko, ekonomiko edo juridikoak eragingarriak izanen dira Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legeak aipatzen duen deklaratu beharra sortu eta hurrengo zergaldian.

Balorazio txosten bat onesten bada edo ondasun bat ondasun berezi gisa kalifikatu edo deskalifikatuz gero, aldaketa juridiko horren ondoriozko balioak eragingarriak izanen dira Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera."

Bederatzi. 143. artikulua.

"143. artikulua.

1. Udalek zerga kudeatuko dute Katastroko Erroldan edo zergadunen zentsuan dagoen informaziotik abiatuta. Zentsu hori urtero eginen da udalerri guztietan, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean katastroan dauden datuetan oinarrituz. Ondasun higiezinei buruzko datu hauek jasoko dira bertan: ondasunaren identifikazioa eta kokapena, titularraren identifikazioa eta helbide fiskala, katastroko balioa, likidazio-oinarria, kuotaren salbuespenak edo hobariak eta sartu beharreko kuota.

2. Zerga sortzen den egunerako, katastroan oraindik ez badira jaso kargaturiko ondasunetan egindako aldaketa fisiko, ekonomiko edo juridikoak, urteko urtarrilaren 1a baino lehen sortuak eta deklaratuak, Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legean xedatutakoaren arabera, eta horren ondorioz zerga modu okerrean igortzen bada, geroago likidazioa behar bezala eginen da, zerga sortu zen egunerainoko atzeraeragina izanen duela, eta, kasua bada, oker kobraturiko dirusarrerak itzuliko dira. Kasu guztietan preskripzio epeak errespetatuko dira, dela diru-itzulketa egiteko, dela likidazioa egiteko.

3. Aurreko zenbakian adierazitako katastroaren aldaketaren deklarazioa egin beharra betetzen ez bada, katastroan aldaketa hori jaso ondoren, aldaketa noiznahi eginda ere, oraindik preskribitu ez diren aurreko zergaldiei dagokien zerga ordainarazteari ekinen zaio.

Aurreko lerrokadan aurreikusitako kasuan, subjektu pasibotzat hartu behar ez zenak oker egindako dirusarreren itzulketa eginen da baina, betiere, diru-itzulketa hori egiteko preskripzio epea errespetatuko da.

4. Katastroko balioa Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legean balioak banaka-banaka aldatzeko ezarritako prozedurak erabiliz kalkulatu baldin bada, udalek kapitulu honetan ezarritakoarekin bat zehaztuko dute likidazio-oinarria eta zergaren likidazio-agiria igorriko dute.

5. Balorazio kolektiborako prozeduretan, ondasun higiezin bakoitzaren balioa Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legearen arabera zehaztu ondoren, likidazioak artikulu honetan xedatutakoaren arabera eginen dira. Alkateak onetsi beharko ditu eta dagokion ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta udalaren ediktuen oholean argitaratu beharko da, Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan ezarritako guztia betez.

Argitalpena eginda, zergaren lehenbiziko likidazio-agiria igortzean, ondasun higiezinari esleitutako balio berria argi eta garbi adieraziko da. Agiri hori jaso ondoren, egindako likidazioaren aurka jo ahalko du subjektu pasiboak, foru lege honen 21. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta, Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legean aipatzen den alkatearen ebazpenaren aurkako errekurtsoa jarri ez bada, ondasunari esleitutako balioaren aurka ere jo dezake. Orobat, balorazio txostenean erabilitako irizpide eta alderdien aurkako errekurtsoa jar dezake, Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

Hurrengo zergaldiei dagozkien likidazio-agirietan subjektu pasiboak zergaldi bakoitzari dagokion likidazioa inpugnatu ahalko du. Ondasunari emandako balioa eta balorazio txostenean erabilitako alderdi eta irizpideak ere inpugnatu ahalko ditu, aurretik haiek inpugnatu ez baditu, hori guztia Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legean ezarrita dagoen bezala.

6. Ondoko hauek direla bide, kasu guztietarako aldatzen diren zerga-oinarrien likidazioen banakako jakinarazpenik ez da egin beharrik: Nafarroako Gobernuak eraikinen balio-tipoen taulak onestearen ondorioz, kasuan kasuko udalak zerga-tasa aldatzearen ondorioz edo balorazioko erregelamendu-arauetan ezarritako koefizienteen urteko aplikazioaren ondorioz.

7. Ondasunaren inguruan edo kargapean jarritako eskubidearen titularraren inguruan auzirik baldin badago, zerga administrazioak halakotzat hartu ahalko ditu katastroetan agertzen direnak, eta behin-behineko likidazioak igorri ahalko dira. Gero, epaileek epai irmoa ematen dutenean edo beste edozein moduren bidez auzia bukatutzat jotzen denean, behin-behineko likidazio horiek zuzenduko dira edo behin betiko bihurtuko.

8. Ondasunak udalerri berean baldin badaude, udalek subjektu pasibo bakar bati dagozkion kuota guztiak, zerga honen pean daudenak, kobratzeko agiri bakar batean bildu ahalko dituzte."

Hamar._144. eta 145. artikuluak indarrik gabe utzi dira.

Hamaika._162.1. artikulua.

"1. Honako tarifa hauen arabera ordainaraziko da zerga:

Kuotak:

a) Autoak:

_8 zaldi fiskal baino gutxiago: 15,89 euro.

_8tik 12 zaldi fiskal bitarte: 44,71 euro.

_12tik 16 zaldi fiskal bitarte: 95,38 euro.

_16 zaldi fiskal baino gehiago: 119,25 euro.

b) Autobusak:

_21 plaza baino gutxiago: 111,26 euro.

_21 plazatik 30era bitarte: 158,97 euro.

_50 plaza baino gehiago: 198,71 euro.

c) Kamioiak:

_1.000 kg-tik beherako karga erabilgarria: 55,69 euro.

_1.000 kg-tik 2.999 kg bitarteko karga erabilgarria: 111,26 euro.

_2.999 kg-tik gora 9.999 kg bitarteko karga erabilgarria: 158,97 euro.

_9.999 kg-tik gorako karga erabilgarria: 198,71 euro.

d) Traktoreak:

_16 zaldi fiskal baino gutxiago: 27,86 euro.

_16tik 25 zaldi fiskal bitarte: 55,69 euro.

_25 zaldi fiskal baino gehiago: 111,26 euro.

e) Atoiak eta erdi atoiak:

_1.000 kg bitarteko karga erabilgarria: 27,86 euro.

_1.000 kg-tik 2.999 kg bitarteko karga erabilgarria: 55,69 euro.

_2.999 kg-tik gorako karga erabilgarria: 111,26 euro.

f) Bestelako ibilgailuak:

_Ziklomotorrak: 4,01 euro.

_125 cc bitarteko motozikletak: 6,02 euro.

_125 cc-tik gora 250 cc bitarteko motozikletak: 9,96 euro.

_250 cc-tik gora 500 cc bitarteko motozikletak: 19,65 euro.

_500 cc-tik 1.000 cc bitarteko motozikletak: 39,31 euro.

_1.000 cc-tik gorako motozikletak: 78,63 euro."

Hamabi._172. artikulua.

"172. artikulua.

1. Hirilurren balio igoeraren gaineko zerga zuzeneko zerga bat da, lur horiek izaten duten balio igoera kargatzen duena, igoera hori agerian geratzen denean lur horien jabetza edozein tituluren bidez eskualdatzearen edo lur horiek erabiltzeko edozein eskubide erreal, jabaria mugatzen duena, sortu edo eskualdatzearen ondorioz.

2. Zerga honen ondorioetarako, ondoko kategoriaren batean sartzen direnak hartuko dira hirilurtzat, udal baten katastroan edo katastro-erroldan hiri-unitate higiezin gisa egon ala ez egon:

a) Lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko foru legedian hiri lurzorutzat hartutako lurrak edo hirigintzako planeamendu orokorrean lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkaturikoak, bai eta urbanizagarri gisa sailkaturiko gainerako lurrak, lurzorua sektorizatzeko hirigintza-tresna onesten den unetik.

b) Hirigintza sailkapena edozein izanda ere, gutxienez ere ibilgailuendako sarbideak dituzten lurrak, bai eta ur hornidura, ur hustuketa eta energia elektrikoaren hornidura ere; edo bestela, gutxienez azalera erdia eraikia dutelako eremu sendotuan daudenak.

c) Landalurrak, nekazaritzaren kontrako jarduketak bertan egiteagatik nekazaritzarako erabiltzeko galduak daudenak, baina lurraren izaera aldatua izan gabe.

d) Eraikinek eta horien eranskinek eta haien menpeko eraikuntzek hartutako lurrak.

e) Industria jarduerek hartzen dituzten lurrak.

3. Landalurrak dira aurreko zenbakian xedatutakoaren arabera hirilurtzat hartzen ez direnak. Lur horien balio igoera ez dago zerga honi atxikia"

Hamahiru._175.3. artikulua.

"3. Lurren eskualdaketetan, zerga sortzen denean duten balioa indarra duen balorazio txostena aplikatzearen ondoriozkoa izanen da, are ondasun berezitzat harturiko zati badira ere edo eskualdaturiko ondasun higiezinaren balioa zehaztu ez bada ere.

Aurrekoa gorabehera, lurraren eskualdaketa egiten den unean indarreko balorazio txostenean azaltzen ez bada lurrak zerga honen ondorioetarako duen hirilur-izaera hori, eta, era berean, lurraren hirigintzako ezaugarriak aldatu badira eta, horrenbestez, balorazio txostenean azaltzen direnak bezalakoak ez badira, behin-behineko likidazioa eginen da balorazio txosten horretan azaltzen den baliotik abiatuta. Zerga sortzen den unean lurrak duen hirigintzako errealitate berriaren araberako balioa finkatzen duen balorazio txosten berria onetsi ondoren, zerga sortu zeneko egunari dagokion behin betiko likidazioa igorriko da eta, bidezkoa bada, ordaindutako soberakina itzuliko.

Hori helburu, balorazio txosten berrian agertzen den balioa zuzenduko da, honela: zerga sortu zen garaian indarra zuen txostenaren arabera hirilur gisa sailkaturiko lur guztietako metro koadroaren batez besteko balio ponderatua zati txosten berriak lur horiexei emandako metro koadroaren batez besteko balio ponderatua, eta zatiketa horretatik ateratzen den koefizientea biderkatuko da txosten berrian agertzen den balioarekin."

2. artikulua. Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifak gaurkotzea.

2006ko urtarrilaren 1etik aurrera, maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legean ezarrita dauden jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifak gaurkotuko dira haiei 1,035 koefizientea aplikatuz.

Koefiziente hori aplikatuko zaio, halaber, foru lege horren bidez onetsi zen jarduera ekonomikoen gaineko zergarako instrukzioaren 16. arauan aipatzen diren kuoten gutxieneko zenbatekoari.

Xedapen iragankor bakarra. Lurraren gaineko kontribuzioaren karga-tasak.

Balorazio txostena Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legean ezarritakoaren arabera berrikusi bitartean, udalek % 0,10 eta % 0,50 bitarteko zerga tasa finkatu ahalko dute hiri-ondasunetarako, eta % 0,10 eta % 0,80 bitartekoa landa-ondasunetarako.

Azken xedapena. Indarra hartzea.

1. Foru lege honek indarra hartuko du, berak aurreikusitako ondorioekin, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunean.

2. Nolanahi ere, Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legea aipatzen duten aldaketek, Nafarroako toki ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eginikoek, lehenengo foru lege hark indarra hartzearekin batera izanen dute eragina, salbu eta 143. artikuluko 5. eta 6. zenbakietako aldaketak, hots, foru lege honen 1. artikuluko 9. idatz-zatian jaso denak; izan ere, kasu horretan Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistroari eta katastroei buruzko Foru Legeari egiten zaizkion aipamenak Nafarroako lurralde aberastasunaren erregistro fiskalari buruzko martxoaren 10eko 3/1995 Foru Legeari egindakoak bailiran hartu beharko dira, lege berriak indarra hartu bitartean.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2005eko abenduaren 29an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea