Haurren lan modurik makurrenei buruzko Hitzarmena, 1999

EUSLEGE

Lanaren Nazioarteko Erakundearen Konferentzia Orokorra:

Deitua izanik Lanaren Nazioarteko Erakundearen Administrazio Kontseiluak Genevan egiteko, eta hiri horretan bilduta 1999ko ekainaren 1ean, laurogeita zazpigarren bileran;

Kontuan harturik haurren lan modurik makurrenak debekatu eta ezabatzeko instrumentu berriak sortu behar direla, horixe baita nazio eta nazioarteko mailako ekintzaren lehentasunik nagusiena, nazioarteko lankidetza eta laguntza barne, 1973ko lanean hasteko gutxieneko adinari buruzko Hitzarmena eta Gomendioa, haurren lanari buruzko oinarrizko instrumentu izaten jarraitzen dutenak;

Kontuan harturik haurren lan modurik makurrenak eraginkortasunez ezabatzeko berehalako ekintza orokorra beharrezkoa dela, eta horren barruan direla, doako oinarrizko hezkuntzaren garrantzia, horrelako lanetan ari diren haur guztiak halako lan modurik guztietatik askatzeko eginbeharra eta euren birgaikuntza eta birgizarteratzea ziurtatzea, eta aldi berean, euren familien beharrizanen ardura ere izatea,

Gogoratuz haurren lana ezabatzeari buruzko erabakia, 1996an egin zen Lanaren Nazioarteko Erakundearen 83. bileran onetsia; Aitortuz haurren lana, neurri handi batean, txirotasunaren ondoriozko dela, eta epe luzerako konponbidea gizarte-aurrerapenerako ekonomia-hazkunde iraunkor batean dagoela, bereziki, pobrezia gutxitzera eta heziketa unibertsalera zuzendua;

Gogoratuz 1989ko azaroaren 20an Nazio Batuen Biltzar Orokorrak onetsitako Haurren eskubideei buruzko Konbentzioa;

Gogoratuz Lanaren Nazioarteko Erakundearen Adierazpena, laneko oinarrizko eskubide eta printzipioei eta horien jarraipenari buruzkoa, Lanaren Nazioarteko Konferentziak 1998an egindako 86. bileran onetsia;

Gogoratuz haurren lan modurik makurrenetariko batzuk nazioarteko beste instrumentu batzuen xede direla, bereziki, 1930ko Hitzarmena, derrigortutako lanari buruzkoa, eta 1956ko Nazio Batuen Hitzarmen osagarria, esklabotza, esklaboen salerosketa eta esklabotzaren antzeko instituzio eta jardueren ezabatzeari buruzkoa;

Onetsi ondoren hainbat proposamen, haurren lanari buruzkoak, horixe baita bileraren aztergaien laugarren puntua , eta

Onetsi ondoren proposamen horiek nazioarteko hitzarmen forma izan dezaten zehazturik,

mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko ekainaren 17ko datarekin, ondorengo Hitzarmena onesten du, haurren lan modurik makurrenei buruzko Hitzarmena (1999) izendazio pean aipatua izan daitekeena:

1. artikulua

Hitzarmen hau berresten duen estatu kide orok haurren lan modurik makurrenen debekua eta ezabaketa lortzeko berehalako neurri eragingarriak hartu beharko ditu presa-izaerarekin .

2. artikulua

Hitzarmen honen ondorioetarako, “haur” berbak 18 urtetik beherako pertsona guztiak izendatzen ditu.

3. artikulua

Hitzarmen honen ondoreetarako, “lan modurik makurrenak” esamoldeak bere baitan hartzen ditu:

a) esklabotza modu guztiak edo esklabotzaren antzeko eginerak, esaterako, haurren salerosketa eta trafikoa, zorrengatiko joputza eta jopu egoera, eta derrigorrezko edo nahitaezko lana, barne hartuta haurrak derrigor erreklutatzea gatazka armatuetan erabiltzeko,

b) prostituziorako, pornografia ekoizteko edo pornografia jardueretarako haurrak erabiltzea, erreklutatzea edo haurrak eskaintzea;

c) haurrak erabiltzea, erreklutatzea edo eskaintzea legez kanpoko egintzak gauzatzeko, bereziki sorgorgarrien ekoizpen eta trafikorako, nazioarteko hitzarmenetan zehazten den bezala, eta

d) lanak duen izaeragatik edo hori gauzatzeko baldintzengatik, gerta daitekeenean haurren osasuna, segurtasuna edo moraltasuna kaltetua izatea.

4. artikulua

1. 3,d) artikuluan aipatzen diren lan motak nazio legeriak edo agintari eskudunek zehaztu beharko dituzte, enplegatzaileen erakundeak eta langile interesatuak kontsultatu eta gero eta gai horri buruzko nazioarteko arauak kontuan izanda, bereziki, haurren lan modurik makurrenei buruzko Gomendioaren 3 eta 4. paragrafoak, 1999.

2. Agintari eskudunak, enplegatzaileen erakundeak eta langile interesatuak kontsultatu eta gero, artikulu honen 1. paragrafoaren arabera zehaztutako lan motak non egiten diren zehaztu beharko du.

3. Aldian-aldian aztertu beharko da, eta beharrezko den kasuan berrikusi ere, artikulu honen 1. paragrafoaren arabera zehaztutako lan moten zerrenda enplegatzaileen erakundeei eta langile interesatuei kontsulta eginez.

5. artikulua

Estatu kide orok, enplegatzaileen erakundeei eta langile interesatuei kontsulta egin ondoren, Hitzarmen hau gauzatuko duten xedapenen aplikazioa ikuskatzeko mekanismo egokiak ezarri edo izendatu beharko ditu.

6. artikulua

1. Estatu kide orok, lehentasunezko neurri gisa, haurren lan modurik makurrenak ezabatzeko ekintza-programak prestatu eta aurrera eraman beharko ditu.

2. Aipatu ekintza-programa horiek gobernu erakunde eskudunekin eta enplegatzaile eta langileen erakundeekin kontsultatuz prestatu eta jarri beharko dira abian, beste talde interesatu batzuen iritziak kontuan hartuz, halakoa beharrezkoa denean.

7. artikulua

1. Estatu kide orok, Hitzarmen hau betetzeko xedapenak eragingarritasunez ezarri eta beteko direla bermatzeko beharrezko diren neurri guztiak hartu beharko ditu, zigor zehapenak ezarri eta aplikatzea barne, edo, halakoa beharrezkoa denean, beste mota bateko zehapenak ere.

2. Estatu kide orok, haurren lana ezabatzeko hezkuntzak duen garrantzia kontuan izanda, neurri eragingarriak hartu beharko ditu, epe zehatz batean eta ondorengo helburuekin:

a) haurrak eurentzako lan modurik makurrenak direnetan aritzeko debekua ezartzea:

b) haurrak eurentzako lan modurik makurrenak direnetatik askatzeko beharrezko laguntza ematea, zuzenekoa eta egokia, eta horien birgaikuntza eta gizarteratzea ziurtatzea;

c) eurentzako lan modurik makurrenak direnetatik askatuak izan diren haur guztiei doako oinarrizko hezkuntzan sartzeko aukera ziurtatzea eta, egingarria eta egokia denean, baita lanbide heziketan ere;

d) bereziki arriskupean diren haurrak identifikatu eta beraiekin zuzenean harremanetan jartzea, eta

e) neskatoen egoera berezia kontuan izatea.

3. Estatu kide orok, Hitzarmen hau gauzatzeko xedapenen aplikaziorako agintari eskuduna izendatu beharko du.

8. artikulua

Kideek elkarri laguntza emateko neurri egokiak hartu beharko dituzte, Hitzarmen honetako xedapenak aplikatzeko lankidetza zabalagoaren bidez edota nazioarteko laguntzaren bidez, barne hartuta gizarte eta ekonomia garapenerako laguntza, pobrezia ezabatzeko egitarauak eta heziketa unibertsala.

9. artikulua

Hitzarmen honen berrespen formalak Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiari komunikatuko zaizkio, horrek erregistratu ditzan.

10. artikulua

1. Zuzendari nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundeko kideei dagokienez, zuzendari nagusiak zein berrespen erregistratu eta berrespen horiek egin dituzten kideak bakarrik daude behartuta Hitzarmen hau betetzeko.

2. Hitzarmena indarrean jarriko da, zuzendari nagusiak bi kideren berrespenak erregistratu eta hamabi hilabetera.

3. Une horretatik aurrera, estatu kide bakoitzarentzat, hitzarmen hau indarrean jarriko da, berrespena erregistratu eta hamabi hilabetera.

11. artikulua

1. Hitzarmen hau berretsi duen estatu kide orok hori salatu ahal izango du, hitzarmena estreinakoz indarrean jarri zenetik zenbatzen hasi eta hamar urteko epealdia amaitu ondoren, Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiari salaketa hori erregistratzeko akta komunikatuz. Salaketak ez du ondoriorik izango, salaketa erregistratu eta urtebete igaro arte.

2. Hitzarmen hau berretsi duen estatu kide orok, aurreko paragrafoan aipatu hamar urteko epealdia amaitu ondoren, urtebeteko epean artikulu honetako salaketa-eskubidea egikaritzen ez badu, beste hamar urtez bete beharko du hitzarmena, eta, aurrerantzean, hitzarmena salatu ahal izango du hamar urteko aldi bakoitza amaitzean, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.

12. artikulua

1. Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiak Lanaren Nazioarteko Erakundeko kide guztiei jakinaraziko dizkie erakundeko kideek komunikatutako berrespen, adierazpen eta salaketa guztien erregistroak.

2. Zuzendari nagusiak berari komunikatu beharreko berrespenetatik bigarrenaren erregistroa jakinarazten dienean erakundeko kideei, abisua emango die kide horiei, hitzarmen hau indarrean jartzeko dataren inguruan.

13. artikulua

Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiak, erregistro-ondorioetarako eta Nazio Batuen Gutuneko 102. artikuluarekin bat etorriz, Nazio Batuetako idazkari nagusiari informazio osoa komunikatuko dio, aurreko artikuluekin bat etorriz erregistratu dituen berrespen, adierazpen eta salaketa-akta guztien gainean.

14. artikulua

Laneko Nazioarteko Bulegoko Administrazio Kontseiluak, egokitzat jotzen duen bakoitzean, Konferentziari hitzarmenaren aplikazioari buruzko oroitidazkia aurkeztuko dio, eta gogoeta egingo du konferentziaren eguneko aztergaien zerrendara biltzeko komenigarritasunari buruz, zer eta, hitzarmena oso-osoan edo zati batean berrikusteko aukera.

15. artikulua

1. Konferentziak hitzarmen hau oso-osoan edo zati batean berrikusten duen hitzarmen berria eginez gero, eta hitzarmen berri horrek aurkako xedapenak izan ezean:

a) Estatu kide batek berrikuspen-hitzarmen berria berresteak berarekin ekarriko du, ipso iure, hitzarmen honen berehalako salaketa, 13. artikuluan jasotako xedapenak gorabehera, betiere, berrikuspen-hitzarmen berria indarrean jarri bada;

b) berrikuspen-hitzarmen berria indarrean zein datatan jarri eta data horretatik aurrera hitzarmen honek irekia izateari utziko dio, estatu kideek berau berresteari dagokionez.

2. Edozein kasutan ere, hitzarmen honek indarrean jarraituko du, gaur egungo forma eta edukiekin, berori berretsi duten eta, aldiz, berrikuspen-hitzarmena berretsi ez duten estatu kideei begira.

16 artikulua

Hitzarmen honen testuaren bertsioak, ingelesez eta frantsesez, kautoak dira maila berean.

euskal legezalea