52008forulegea,

5/2008 Foru Legea, Irunberriko Udalaren herrilurreko desafektazioa onesten duena

Nafarroako Parlamentua

5/2008 FORU LEGEA, martxoaren 25ekoa, Irunberriko Udalaren herrilurreko 180.425 metro koadroren onura publikoa deklaratu eta haien desafektazioa onesten duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

FORU LEGEA, IRUNBERRIKO UDALAREN HERRILURREKO 180.425 METRO KOADROREN ONURA PUBLIKOA DEKLARATU ETA HAIEN DESAFEKTAZIOA ONESTEN DUENA.

ZIOEN AZALPENA

Irunberriko Udalak herrilurreko 180.425 metro koadroren onura publikoa deklaratu eta desafekta daitezela eskatu du, ondoren 84.644,53 metro koadrorekin trukatzeko, "Judasen Benta" izeneko alderdian Acciona Windpower, S.A. enpresak biltegi logistiko bat, aerosorgailuendako palen fabrika bat eta bulegoak instalatu ahal izateko.

Jarduera horretarako instalazioak 110 lanpostu sortuko ditu gutxienez. Horri esker, Irunberrik eta eskualdeak bere biztanleriari eutsi ahal izango dio. Gainera, enpresa berriak ezartzeko pizgarria ere izanen da eta horren ondorioz jarduera ekonomikoa eta enplegua ugalduko dira.

Nafarroako toki administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluko 5. idatz-zatian xedaturikoaren arabera, Irunberriko Udalak desafektatzeko asmoa duen eremuak lurzati txikiaren mugak gainditzen dituenez, foru lege bidez onetsi behar da.

1. artikulua. Onura publikoaren deklarazioa.

Irunberriko Udalaren herrilurreko 180.425 metro koadroren onura publikoa deklaratu eta haien desafektazioa onesten da. Eremu hori Irunberriko katastroko lurzati hauei dagokie: 103.218 metro koadro, 3. poligonoko 116. lurzatikoak dira; 17.308 metro koadro, 4. poligonoko 560. lurzatikoak; 29.364 metro koadro, 5. poligonoko 86. lurzatikoak eta 30.535 metro koadro, 5. poligonoko 700. lurzatikoak. Lur horiek herrilurtzat joko dira foru lege honen 2. artikuluko baldintzetan trukatu arte.

2. artikulua. Zuzenean trukatzeko baimena.

Irunberriko Udalari baimena ematen zaio aurreko artikuluan aipatutako lurrak Nicolás Ayesa Eguaras jaunaren ondoko lur hauekin trukatzeko: 62.101 metro koadro, 3. poligonoko 81. lurzatikoak; 17.583 metro koadro, 3. poligonoko 82. lurzatikoak, eta 4.960 metro koadro, 3. poligonoko 160. lurzatikoak. Guztira, 84.644,53 metro koadro dira. Trukearen helburua Acciona Windpower, S.A. enpresak biltegi logistiko bat, aerosorgailuendako palen fabrika bat eta bulegoak instalatu eta, gutxienez, 110 lanpostu sortu ahal izatea da. Baimena ondoko baldintza hauek betetzearen pean egonen da:

a) Trukea egiteko itunaren klausula batek xedatu dezala lurrak herri ondarera itzuliko direla baldin eta desafektatzera bultzatu zuten xedeak edo desafektazioaren baldintzak desagertu edo bete gabe uzten badira.

b) Itzulketa klausula hori jaso dadila kontratuak formalizatzeko Jabetza Erregistroan inskribatzen diren agiri publikoetan, Irunberriko Udalak 2007ko uztailaren 31n onetsitako baldintza agirian agertzen den bezala.

c) Irunberriko Udalak 2007ko uztailaren 31n egindako bilkuran onetsitako baldintza agirian herrilurreko 180.425 metro koadro desafektatzeko adierazitako baldintzak bete daitezela. Eremu hori Irunberriko katastroko lurzati hauei dagokie: 103.218 metro koadro, 3. poligonoko 116. lurzatikoak dira; 17.308 metro koadro, 4. poligonoko 560. lurzatikoak; 29.364 metro koadro, 5. poligonoko 86. lurzatikoak eta 30.535 metro koadro, 5. poligonoko 700. lurzatikoak.

d) Toki entitatearen herri ondarea poliki-poliki murriztu ez dadin, Irunberriko Udalak lurrak eros ditzala, 53.191 metro koadro hain zuzen, eta herri ondasunen kalifikazio juridikoa eman diezaiela.

e) Erosi beharreko herrilur berri horiek hautatu eta bertan hobekuntzak egin aurretik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Herrilurren Atalaren onespena beharko da.

Azken xedapenetan lehena.-Aplikazio eta garapenerako xedapenak.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio behar adina xedapen eman ditzan foru lege hau aplikatu eta garatzeko.

Azken xedapenetan bigarrena.-Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2008ko martxoaren 25ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea