Haurren eskubideei buruzko Konbentzioaren hautazko Protokoloa, gatazka armatuetan haurren parte hartzeari buruzkoa

EUSLEGE

Biltzar Orokorra – 2000ko maiatzaren 25eko A/RES/263 Ebazpena

Indarrean jartzea: 2002ko otsailaren12an

Protokolo honetako estatu alderdiek,

Bultzaturik zerk eta Haurraren Eskubideei Buruzko Konbentzioak 1 daukan aldekotasun indartsuak, horrek frogatzen baitu haurren eskubideak sustatzeko eta aldezteko borondate orokorra badela,

Berretsirik haurren eskubideek babes berezia behar dutela eta, horretarako, beharrezkoa dela haurren egoera hobetzen jarraitzea inolako bereizketarik gabe eta haurrok bake eta segurtasun baldintzetan garatu eta heziak izan daitezen ahalegintzea,

Kezkaturik gatazka armatuek haurrentzat dituzten ondorio kaltegarri eta orokorrez, eta epe luzera bakearentzat, segurtasunarentzat eta garapen iraunkorrarentzat gatazka horiek dituzten ondorioarengatik,

Gaitzetsiz gatazka armatu egoeretan haurrak helburu izatea, eta orobat, nazioarteko zuzenbideak babestutako ondasunen aurkako eraso zuzenak, barne hartuta haur asko egoten diren lekuak, hala nola eskolak eta ospitaleak,

Aintzat harturik Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Erromako Estatutuen onespena, bereziki gerra-krimenen artean gatazka armatuak barneratzen dituena, horiek nazioartekoak izan ala ez, 15 urtetik beherako haurren gerrarako erreklutamendu edo izen-ematea edo horiek erabiltzea eraso armatuetan modu aktiboan parte har dezaten,

Kontuan harturik Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenean onartutako eskubideak sustatzen jarraitu ahal izateko, haurren babesa areagotzea beharrezkoa dela, horiek gatazka armatuetan parte har dezaten eragozteko xedearekin,

Ikusirik Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 1. artikuluak zehazten duela, Hitzarmenaren ondoreetarako, haur gisa ulertzen dela 18 urtetik beherako gizaki oro, salbu eta aplikagarri zaion legearen arabera, aurretiaz adin nagusitasuna lortu badu,

Sinetsita indar armatuetan pertsonak erreklutatzeko eta horiek eraso armatuetan parte hartzeko gutxieneko adina igotzen duen Hitzarmenaren hautazko protokolo batek, zinez lagunduko dituela haurren interes nagusia izatea, haurrei eragiten dieten erabaki guztietan funtsezko ardura eta printzipio hori eraginkortasun osoz aplikatzea,

Aintzat harturik 1995ko abenduko Gurutze Gorriaren eta Ilargi Erdi Gorriaren XXVI Nazioarteko Konferentziak, besteak beste, gomendatu zuela gatazkan dauden alderdiek bideragarriak diren neurri guztiak hartuko dituztela 18 urtetik beherako adingabeek eraso armatuetan parte har ez dezaten,

Aintzat harturik atseginez haurren lan modu makurrenen debekua eta horiek ezabatzeko berehalako ekintza sustatzen dituen Lanaren Nazioarteko Erakundearen 182. Hitzarmena, 1999ko ekainean aho batez onartu zena; horretan, besteak beste, debekatzen baita, gatazka armatuetan erabiltzeko haurren derrigorrezko edo nahitaezko erreklutamendua,

Gaitzetsiz erabat kezkaturik estatu bateko indar armatu ez diren bestelako talde armatuek haurrak erreklutatzea, trebatzea eta eraso armatuetan erabiltzea, nazio mugen barruan zein hauetatik kanpo, eta modu horretan haurrak erreklutatu, trebatu eta erabiltzen dituztenen erantzukizuna aitortuz,

Gogoratuz gatazka armatu bateko alderdi guztiak giza eskubideen nazioarteko eskubidearen xedapenak kontuan izateko duten betebeharra,

Azpimarratuz protokolo hau Nazio Batuen Gutunean zerrendatutako helburu eta printzipioei kalterik egin gabe ulertuko dela, Gutunaren 51. artikulua, eta giza eskubideen zuzenbidearen arauak barne,

Aintzat harturik haurren erabateko babesa lortzeko, bereziki gatazka armatuek eta atzerritarren okupazioek iraun bitartean, ezinbestekoa dela bake- eta segurtasun-baldintzak izatea, Nazio Batuen Gutunaren asmoak eta printzipioak bete-betean errespetatzen dituztenak, eta giza eskubideen alorrean indarrean dauden instrumentuak errespetatzea,

Aitorturik protokolo honetan ezarritakoaren aurka, euren ekonomia- edo gizarte-egoeragatik edo euren sexuagatik, gatazka armatuetan erabiliak izateko edo erreklutatuak izateko arrisku handia duten haurren beharrizan bereziak,

Jakitun izanik gatazka armatuetan haurren parte hartzea eragiten duten ekonomia-, gizarte- eta politika-arrazoiak kontuan izan beharraz,

Sinetsirik protokolo honen nazioarteko aplikazioan lankidetza indartu beharraz, eta baita gatazka armatuen biktima diren haurren birgaitze fisiko eta psikosozialerako egintzak eta haur horien bergizarteratze prozesua,

Bultzatuz Erkidegoen parte hartzea eta bereziki, haurrena eta haur biktimena, Protokoloaren aplikazioari buruzko informazio eta hezkuntza programen zabalkundean,

Jarraikoa hitzartu dute:

1. artikulua

Estatu alderdiek, neurri egingarri guztiak hartuko dituzte euren indar armatuetako 18 urtetik beheragoko kideek eraso armatuetan zuzenean parte har ez dezaten.

2. artikulua

Estatu alderdiek ardura izango dute, 18 urtetik beherako inor bere indar armatuetan nahitaez erreklutatua izan ez dadin.

3. artikulua

1. Estatu alderdiek gutxieneko adina igoko dute, urteetan zenbatuta, nazioko indar armatuetan pertsonak borondatez erreklutatzeko, Haurraren Eskubideen Konbentzioaren 38. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoaz gainetik, artikulu horretan jasotako printzipioak kontuan izanda, eta Hitzarmen horren arabera 18 urtetik beherakoek babes berezia izateko eskubidea dutela aitortuz.

2. Estatu alderdi bakoitzak gordailuan jarriko du, Protokolo hau berretsi edo honi atxikitzerakoan, aitorpen loteslea, eta horretan jaso beharko da zein den gutxieneko adina bere nazioko indar armatuetan borondatez pertsonak erreklutatzeko eta erreklutamendu hori indarrez edo beldurraren bidez egin ez dadin ziurtatzeko zein neurri hartu dituen eta horien azalpena eskaini beharko du.

3. Nazioko indar armatuetan 18 urtetik beherakoen borondatezko erreklutamendua onartzen duten estatu alderdiek, babes neurriak ezarri beharko dituzte, gutxienez ondorengoak bermatzeko:

a) Erreklutamendu hori zinez borondatezkoa dela;

b) Erreklutamendu hori gurasoek edo legezko zaintza dutenen adostasun informatuarekin egitea;

c) Adingabe horiek guztiz informatuta egotea zerbitzu militar horrek dituen betebeharrez;

d) Adingabe horiek nazioko zerbitzu militarrean onartuak izan aurretik, beraien adinaren inguruko froga fidagarriak aurkeztea.

4. Estatu alderdi bakoitzak edozein unetan zabal dezake bere aitorpena, Nazio Batuen Idazkari nagusiari ondorio horietarako igorritako jakinarazpenaren bidez, eta horrek estatu alderdi guztiei jakinaraziko die. Jakinarazpenak ondorioak izango ditu idazkari orokorrak jasotzen duen datatik aurrera.

5. Artikulu honetako 1. paragrafoak ezartzen duenaren arabera, gutxieneko adina igotzeko betebeharra, ez da aplikagarri estatu alderdien indar armatuek kudeatu edo euren kontrolpean dituzten eskolei, Haurraren Eskubideei buruzko Konbentzioaren 28 eta 29. artikuluekin bat etorriz.

4. artikulua

1. Estatu bateko indar armatu ez diren beste talde armatu batzuek ez dute, edozein kasutan, 18 urtetik beherako pertsonarik erreklutatu eta eraso armatuetan erabili behar.

2. Estatu alderdiek erreklutamendu eta erabilera hori eragozteko neurri posible guztiak hartuko dituzte, baita jardun horiek debekatu eta tipifikatzeko beharrezkoak diren lege neurriak hartu ere.

3. Artikulu honen aplikazioak ez du eraginik izango gatazka armatu bateko alderdien egoera juridikoaren gain.

5. artikulua

Protokolo honen xedapenetariko bat bera ere ez da interpretatuko halako modu batez, non horrek eragotziko duen estatu alderdi baten ordenamenduaren, nazioarteko instrumentuen zein nazioarteko giza zuzenbidearen manuen aplikazioa, manu horiek haurraren eskubideak gauzatzeko aldekoagoak direnean.

6. artikulua

1. Protokolo honen xedapenak eragingarritasun osoz beteko direla zaintzeko eta horien zinezko aplikazioa ikuskatzeko, estatu alderdi bakoitzak beharrezko diren neurri juridiko, administratibo zein beste izaera batekoak hartuko ditu.

2. Estatu alderdiek Protokolo honen printzipio eta xedapenak neurri egokien bidez helduen eta haurren artean zabaldu eta sustatzeko konpromisoa hartzen dute.

3. Estatu alderdiek neurri egingarri guztiak hartuko dituzte, bere jurisdikzio pean dauden pertsonak eta Protokolo honen kontra erreklutatuak izan badira edo eraso militarretan erabiliak, horiek desmobilizatuak izan daitezen edo beste modu baten bidez zerbitzu militarretik bananduak.Beharrezkoa bada, estatu alderdiek beharrezko laguntza guztia eskainiko diete pertsona horiei, euren errekuperazio fisiko eta psikologikorako zein birgizarteratzeko bidean jartzeko.

7. artikulua

1. Estatu alderdiek Protokolo honen aplikaziorako elkarlanean arituko dira, bereziki, horren aurkakoa den edozein egintza gerta ez dadin aurreneurriak hartzeko eta Protokolo honen aurkakoak diren egintzen biktimak birgaitze eta birgizarteratzeko bidean jartzeko, besteak beste, lankidetza teknikoaren eta finantza-laguntzaren bitartez. Laguntza eta lankidetza horiek, zein estatu alderdi ukitua izan eta horri eta nazioarteko erakundeei kontsulta eginik gauzatuko dira.

2. Laguntza emateko baldintzetan dauden estatu alderdiek, laguntza hori emango dute, lehendik diren programa aldeaniztun, bi aldetako edo osterantzekoen bidez edo, besteak beste, Biltzar Orokorraren arauei men eginez ezarritako borondatezko funts baten bidez.

8. artikulua

1. Beranduenez ere, Protokolo hau estatu batean indarrean sartu eta bi urteko epean, estatu horrek Haurraren Eskubideen Batzordeari txostena aurkeztuko dio, bertan jasotzen delarik Protokoloaren xedapenak betearazteko hartu dituen neurrien azalpen orokorra, barnean hartuta parte hartzeari eta erreklutamenduari buruzko xedapenak aplikatzearen inguruan hartutako neurriak.

2. Txosten orokorra aurkeztu eta gero, estatu alderdi bakoitzak Haurraren Eskubideen Batzordeari aurkezten dizkion txostenetan Protokolo honen aplikazioari buruzko informazio gehigarria ere emango du, Konbentzioaren 44. artikuluak ezarritakoaren arabera. Protokoloaren gainontzeko estatu alderdiek txosten bat aurkeztuko dute bost urtean behin.

3. Haurraren Eskubideen Batzordeak informazio gehiago eskatu ahal izango die estatu alderdiei Protokolo honen aplikazioaren inguruan.

9. artikulua

1. Konbentzioaren estatu alderdi orok edo berori sinatu duenak sina dezake Protokolo hau.

2. Protokolo hau berrespenari lotuta dago eta estatu guztien atxikimenduari zabalik. Berreste edo atxikitze instrumentuak Nazio Batuetako idazkari nagusiaren eskuetan gordailutuko dira.

3. Idazkari orokorrak, Konbentzioaren eta Protokoloaren gordailuzain gisa, Konbentzioaren estatu alderdi guztiak eta Konbentzioa sinatu duten estatu guztiak informatuko ditu, 3. artikuluaren arabera, aitorpen tresna bakoitzaren gordailuari buruz.

10. artikulua

1. Protokolo hau indarrean sartuko da hamargarren berrespen edo atxikitze instrumentua gordailatu den datatik hiru hilabetera.

2. Protokolo hau berretsi duten estatuetan edo Protokolo hau, behin indarrean sartu eta gero, berorri atxiki zaizkion estatuetan, indarrean sartuko da, zein datatan berrespen edo atxikitze instrumentua gordailutu eta data horretatik hilabetera.

11. artikulua

1. Edozein estatu alderdik sala dezake Protokolo hau, Nazio Batuen idazkari orokorrari zuzendutako idatzizko jakinarazpenaren bidez. Idazkari orokorrak horren berri emango die Konbentzioaren gainontzeko estatu alderdiei eta Konbentzioa sinatu duten estatu guztiei. Salaketak ondorioak sortuko ditu, idazkari nagusiak jakinarazpena jaso eta urtebetera. Hala ere, urtebeteko epe hori amaitu eta gero, estatu alderdi salatzailea gatazka armatu batean parte hartzen ari bada, salaketak ez du ondoriorik sortuko aipatu gatazka bukatu arte.

2. Salaketa horrek ez du estatu alderdia salbuetsiko Protokolo honen arabera dituen betebeharrez, salaketak ondorioak sortu baino lehenagoko egintzen gain. Era berean, salaketak ez du inola ere oztopatuko Haurraren Eskubideen Batzordeak data hori baino lehenago hasitako gai baten inguruko ikerketarekin jarraitzea.

12. artikulua

1. Estatu alderdi orok zuzenketak proposa ditzake eta Nazio Batuetako idazkari nagusiaren esku gordailutu ahal izango ditu. Proposatutako zuzenketak Nazio Batuetako idazkari nagusiak estatu alderdiei komunikatuko dizkie; aldi berean, eskatuko die jakinarazi diezaiotela estatu alderdien Konferentzia baterako deialdia egitea nahi duten, proposamena aztertu eta horren inguruko botazioa egiteko. Jakinarazpen hori zein datatan egin eta data horren ondorengo lau hilabeteetan estatu alderdietatik, gutxienez, herenak deialdi horren alde egiten badu, idazkari nagusiak konferentziarako deialdia egingo du, Nazio Batuen babespean. Konferentziara bertaratu eta boto-emaile diren estatu alderdien gehiengoarekin zein zuzenketa onetsi eta zuzenketa horiek onestea Nazio Batuen Biltzar Orokorraren mende utziko da .

2. Artikulu honetako 1. Paragrafoaren arabera onetsitako zuzenketa oro indarrean jarriko da, Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak hori onesteaz gain, estatu alderdiek onesten dutenean, bi hereneko gehiengoarekin.

3. Zuzenketa horiek, indarrean jartzen direnean, nahitaezkoak izango dira horiek onartu dituzten estatu alderdientzako; gainerako estatu alderdiek, ordea, Protokolo honetako xedapenak eta aldez aurretik eurek onetsitako zuzenketak betetzen jarraituko dute.

13. artikulua

1. Protokolo hau, Nazio Batuetako artxiboetan gordailutuko da; berebat, kautoak dira arabieraz, txineraz, espainieraz, frantsesez, ingelesez eta errusieraz dauden protokolo-testuak.

2. Nazio Batuen idazkari nagusiak Protokolo honen kopia ziurtatuak bidaliko dizkie Konbentzioaren estatu alderdi guztiei eta Konbentzioa sinatu duten estatu guztiei.

euskal legezalea