Pertsona guztiak torturaren eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurka babesteari buruzko Adierazpena

Euslege

Pertsona guztiak torturaren eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurka babesteari buruzko Adierazpena

Biltzar Orokorrak onetsia, 1975eko abenduaren 9ko 3452 (XXIX) ebazpenean

1. artikulua

1. Adierazpen honen ondorioetarako, «tortura» hitza honetara ulertuko da: funtzionario publiko batek edota beste pertsona batek, hark bultzatuta, beste pertsona bati hala nahita egindako egintza oro, min edo sufrimendu larriak, fisikoak nahiz mentalak, eragiten dizkiona pertsona horri, horren helburua dela berarengandik edo hirugarren batengandik informazioa edo aitorpenen bat lortzea, gauzatu duen edo ustez gauzatu duen egintza batengandik zigortzea, edo pertsona hori edota beste batzuk ikaratzea. Ez dira torturatzat joko askatasun-gabetzearen ondoriozko zigorrak edo sufrimenduak, askatasun-gabetze hori zilegia bada, edota halakoak horri datxezkionak eta halabeharrezkoak badira, betiere Giltzaperatuak tratatzeko gutxieneko Erregelekin bat badatoz.

2. Tortura, izatez, tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarri mota bat da, modu larriagoan eta hala nahita egina.

2. artikulua

Tortura-egintza edota beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarri oro da giza duintasunaren aurkako iraina eta kondenatu egingo da, horrek urratzen baititu Nazio Batuen Gutunaren asmoak eta oinarrizko giza eskubideak eta askatasunak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean aldarrikatzen direnak.

3. artikulua

Estatuek ez dute ahalbidetuko edo onartuko inolako torturarik edo beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarririk. Tortura edo beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriak justifikatzeko ezin izango dira inola ere aipatu salbuespenezko inguruabarrak, hala nola, gerra-egoera edo gerra-mehatxua, estatu barneko ezegonkortasun politikoa edo beste edozein larrialdi publiko.

4. artikulua

Estatu orok neurri eraginkorrak hartuko ditu, Adierazpen honen xedapenekin bat etorriz, saihesteko zer eta, torturak edo beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriak egitea euren jurisdikzioan.

5. artikulua

Polizia eta askatasunaz gabetutako pertsonen ardura duten beste funtzionario publikoen heziketak bermatuko du, oso-osorik, kontuan hartzea tortura edota beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien debekua. Debeku hori, halaber, arau eta jarraibide orokorretan jasoko da, horiek argitaratzen direnean, betiere, aipatu pertsonen zaintza edo tratuaren ardura dutenen eginbehar eta eginkizunen inguruan.

6. artikulua

Estatu orok aztertuko ditu aldian-aldian galdeketa-metodoak eta bere lurraldean askatasunaz gabetutako pertsonen zaintzari eta tratuari dagozkien xedapenak, tortura edota beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarri guztiak saihesteko.

7. artikulua

Estatu orok ziurtatuko du 1. artikuluan xedatutako tortura-egintza guztiak delituak direla zigor-legeriaren arabera. Gauza bera aplikatuko zaie egintza guztiei, halakoek dakartenean partaidetza, konplizitatea, ziria edota tortura gauzatzeko ahalegina.

8. artikulua

Pertsona orok, adierazten duenean tortura eta tratu edo beste zigor krudel, anker edo apalesgarriak pairatu dituela funtzionario publiko batengandik edo aurrekoak horretara bultzatutako batengandik, eskubidea izango du estatu interesdunaren agintaritza eskudunek azter dezaten bere kasua, inpartzialtasun osoz.

9. artikulua

Arrazoiak daudenean uste izateko tortura-egintza bat gauzatu dela, 1. artikuluan xedatutakoaren arabera,estatu interesdunaren agintaritza eskudunek ofizioz eta berehala ikerketa inpartzial bat hasiko dute.

10. artikulua

8 edo 9. artikuluetan aipatu ikerketatik ateratzen bada ustez tortura-egintza gauzatu dela, 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, orduan, zigor-prozedura hasiko da ustezko errudunaren edo errudunen aurka, nazio-legeriarekin bat etorriz. Uste bada beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien alegazioa oinarriduna dela, ustezko erruduna edo errudunak zigor- eta diziplina-prozeduren mende edota beste prozedura egokien mende geratuko dira.

11. artikulua

Funtzionario publiko batek edo honek bultzatuta beste pertsona batek tortura-egintza bat edo beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriak gauzatu dituela egiaztatzen bada, orduan biktimari ordaina eta kalte-ordaina emango zaizkio, nazio-legeriarekin bat etorriz.

12. artikulua

Adierazpen bat bera ere ezin izango da froga gisa onartu prozedura batean, tartean dagoen pertsonaren aurka, ezta beste inoren aurka ere, baldin eta egiaztatzen bada adierazpenok torturapean edo beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien ondorioz egin direla.