Milurtekoaren Adierazpena

Euslege

Milurtekoaren Adierazpena

Biltzar Orokorrak onetsitako ebazpena

[Batzorde nagusiari aurretiaz igorri gabe. (A/55/L.2)]

Biltzar Orokorrak,

Ondorengo Adierazpena onetsi du:

Milurtekoaren Adierazpena

I. Baloreak eta printzipioak

1. Gu, estatuburu eta gobernuburu garenok, New York-en bildu gara, Nazio Batuen egoitzan, 2000. urteko irailaren 6tik 8ra, milurteko berri baten hasieran, Erakundean eta bere Gutunean gure ustea berresteko, horiek direlako mundu baketsuago, aberatsago eta zuzenago baten nahitaezko oinarriak.

2. Aitortzen dugu, gizartearekiko bakoitzak dituen erantzukizunez gain, guri dagokigula, mundu-mailan giza duintasun-, berdintasun- eta ekitate-printzipioak errespetatu eta defendatzeko erantzukizun kolektiboa. Buruzagiak garen neurrian, eginbehar berezia gauzatu behar dugu, planetako biztanle guztiei begira, batez ere, ahulenei eta bereziki munduko haurrei begira, horiexena baita etorkizuna,

3. Nazio Batuen Gutunaren asmo eta printzipioekiko atxikimendua berresten dugu, horiek, egiaztatu den bezala, aldi desberdinen gainekoak eta unibertsalak baitira. Egia esateko, horien egokitasuna eta gaitasuna, inspirazio-iturri gisa, handiagotzen joan dira, nazioen eta herrien lokarriak gehitu eta elkarrekiko interdependentzia indartu diren heinean.

4. Erabaki dugu mundu osoan bakea ezartzeko ahaleginak egitea, bake zuzena eta iraunkorra, Gutunaren asmo eta printzipioekin bat etorriz.Ahalegin guztiak babesteko erabakia berresten dugu, halakoak bideratuta daudenean errespetaraztera, besteak beste, estatu guztien berdintasun subiranoa, lurraldearen osotasuna eta independentzia politikoa; gatazkak konpontzea bide baketsuak erabilita, betiere, justizia eta nazioarteko zuzenbidearen printzipioak aintzat hartuta; kolonia izaerako mendekotasunaren barruan edota atzerritarren okupazioaren mende dauden herrien determinazio askerako eskubidea; giza eskubideen eta oinarrizko askatasunarekiko begirunea; guztien eskubide-berdintasuna gordetzea, bereizketarik gabe arraza-, sexu-, hizkuntza- edota erlijio-arrazoiengatik eta nazioarteko lankidetza nazioarteko arazo ekonomiko, sozial, kultural edo humanitarioak konpontzeko.

5. Gure ustez, egungo zeregin oinarrizkoena da lortzea mundializazioa heldu dadila munduko herri guztientzat indar positiboa izatera, eta horri aurre egin behar diogu, zeren eta, aukera handiak eskaintzen badu ere, egun horren onurak zein kostuak modu guztiz desberdinean banatzen dira.

Aitortzen dugu garapen bidean dauden herriek eta euren ekonomia trantsizioan duten herriek berebiziko zailtasunak dituztela oinarrizko arazo honi aurre egiteko. Horrenbestez, uste dugu ahalegin handiak eta etengabeak egin behar direla etorkizun erkidea sortzeko, guztion gizaterian eta horren aniztasun osoan oinarriturik; horrela bakarrik lortu ahal izango da mundializazioa orohartzailea eta ekitatearen araberakoa izatea. Ahalegin horiek barneratu behar dute mundu-mailan politikak eta neurriak hartzea, garapen bidean dauden herrien eta trantsizioan dauden ekonomien beharrei dagozkienak, eta, orobat, halakoak egiteko eta aplikatzeko orduan, herri eta ekonomia horiek parte har dezaten modu eraginkorrean.

6. Uste dugu oinarrizko balore batzuk nahitaezkoak direla nazioarteko harremanetarako XXI. mendean:

• Askatasuna. Gizonek eta emakumeek eskubidea dute euren bizimodua egiteko eta euren seme-alabak duintasunez hazteko, goserik gabe eta indarkeria, zapalketa edo injustiziarekiko beldurretik aske. Eskubide horiek bermatzeko modurik onena da herriaren nahia kontuan hartzen duten gobernu demokratikoak eta parte hartzaileak izatea.

• Berdintasuna. Ezin zaio inori ukatu, dela pertsona, dela nazioa, garapenaren onurak izateko aukerarik. Gizonen eta emakumeen eskubide- eta aukera-berdintasuna bermatu behar da.

• Elkartasuna. Munduko arazoei aurre egiteko, kontuan hartu behar da kostuak eta zamak zuzentasunez banatzea, ekitatearen eta gizarte-justiziaren oinarrizko printzipioekin bat etorriz. Sufritzen dutenek, edo onura gutxien dutenek, onura gehien jasotzen dutenen laguntza merezi dute.

• Tolerantzia. Gizakiek elkar errespetatu behar dute, euren sinesmen, kultura eta hizkuntza aniztasuna osotasunean hartuta. Ezin da beldurrik izan gizartearen barruko desberdintasunei, ezta gizarteen artekoei ere, ezta halakoak zigortu ere; alderantziz, gizateriaren ondasun preziatu bezala hartu behar dira. Modu aktiboan sustatu behar da zibilizazioen artean bakearen eta elkarrizketaren kultura.

• Naturarekiko errespetua. Behar-beharrezkoa da zuhurtziaz jokatzea bizirik dauden espezieak eta baliabide naturalak kudeatu eta antolatzeko orduan, garapen iraunkorraren manuekin bat etorriz. Modu horretan bakarrik zaindu ahal izango ditugu eta gure ondorengoei transmititu, naturak eskaintzen dizkigun aberastasun kontaezinak. Egungo ekoizpen- eta kontsumo-eredu jasanezinak aldatzea beharrezkoa da, etorkizuneko gure ongizatearen eta gure ondorengoen mesedetan.

• Erantzukizun erkidea. Mundu mailan ekonomia- eta gizarte-garapenaren kudeaketari buruzko erantzukizuna nahiz nazioarteko bake eta segurtasunaren gain dauden mehatxuei buruzko erantzukizuna, munduko herrien artean partekatu behar da eta alde anitzeko moduan egikaritu.Aurrekoari dagokionez, Nazio Batuen erakundeak du zeregin nagusia, bera baita mundu mailako erakunderik unibertsalena eta ordezkaritza zabalena duena.

7. Balore erkide horiek ekintzetan islatzeko, oinarrizko helburu batuk azaldu ditugu, horiei esanahi berezia ematen diegula.

II. Bakea, segurtasuna eta desarmatzea

8. Ahalegin guztiak egingo ditugu gure herriak gerraren zigorretik askatzeko —horiek estatuen barruan edo euren artekoak izan arren—, gerren ondorioz, azken hamarkada honetan, bost milioi pertsona hil baitira. Ahaleginduko gara, halaber, suntsipen handiko armek dakartzaten arriskuak ezabatzen.

9. Horrenbestez, hauxe erabaki dugu:

• Legearen agintearekiko errespetua indartzea nazioarteko nahiz nazioko gaietan eta, bereziki, arduratzea estatu kideek bete ditzaten Nazioarteko Justizia Gortearen erabakiak eurok alderdi diren auzietan, Nazio Batuen Gutunaren arabera.

• Nazio Batuen eraginkortasuna hobetzea, bakea eta segurtasuna mantentzeko, Erakundeari ematea behar dituen baliabide eta instrumentuak bere zereginak betetzeko, hala nola, gatazkak prebenitzea, eztabaidak modu baketsuan konpontzea, bakeari eustea, bakea indartzea eta gatazken ondorengo berregite prozesuak bultzatzea. Kasu honetan, Nazio Batuen Bakearen aldeko eragiketei buruzko Taldearen txostena kontuan hartzen dugu eta Biltzar Orokorrari eskatzen diogu azter ditzala lehenbailehen haren gomendioak.

• Nazio Batuen eta erregio-erakundeen arteko lankidetza indartzea, Gutunaren VIII. kapituluaren xedapenekin bat etorriz.

• Arduratzea estatu alderdiek aplika ditzaten honelako gaiei buruzko tratatuak, hala nola, armamentuen eta desarmatzearen kontrola, nazioarteko zuzenbide humanitarioa eta giza eskubideei buruzkoa, eta, berebat, eskatzea estatu guztiei aintzat har dezaten Nazioarteko Zigor Gortearen Erromako Estatutua sinatu eta berresteko aukera.

• Hitzartutako neurriak hartzea nazioarteko terrorismoaren aurka eta ahalik eta lasterren atxikimendu ematea nazioarteko konbentzio egoki guztiei.

• Gure ahaleginak bikoiztea abian jartzeko gure konpromisoa, mundu mailako drogaren arazoaren aurka borrokatzeko.

• Delinkuentzia transnazionalaren aurka gure borroka indartzea bere dimentsio guztietan, barne hartuta gizakien salerosketa eta kontrabandoa eta diru-zuritzea.

• Ahalik eta gehien murriztea Nazio Batuek ezarritako zehapen ekonomikoek biztanleria errugabearen gain izan ditzaketen ondorio makurrak; zehapen-erregimena aldian-aldian aztertzea eta zehapenek hirugarrenen gain duten aurkako ondorioak ezabatzea.

• Ahaleginak egitea suntsipen handiko armak ezabatzeko, bereziki, arma nuklearrak, eta aukera guztiak irekita edukitzea helburu hori lortzeko, barne hartuta nazioarteko konferentziarako deialdia egitea, horren bitartez zehaztu dadin arrisku nuklearrak ezabatzeko modu egokiak.

• Hitzartutako neurriak hartzea arma txiki eta arma arinen legez kanpoko trafikoari amaiera emateko, batez ere, gardentasun handiagoa emanez armak transferitzeari eta erregio-desarmeari babesa emanez, aintzat hartuta Arma txiki eta arinen legez kanpoko Merkataritzari buruz Nazio Batuen Konferentziak egindako gomendio guztiak.

• Estatu guztiei eskatzea aintzat har dezatela pertsonen aurkako minak erabili, bildu, ekoiztu eta transferitzea debekatzeari eta horiek suntsitzeari buruzko Konbentzioaren inguruko atxikimendua ematea, bai eta arma konbentzionalei buruzko Konbentzioan minen inguruan eraldatutako Protokoloaren inguruan ere.

10. Eskatzen diegu estatu kideei bete dezatela su-eten olinpikoa, banaka edo modu kolektiboan, orain eta etorkizunean, eta babes dezatela nazioarteko komite olinpikoa, bakea eta gizakien arteko elkar ulertzea sustatzeko zereginetan, kirol eta eredu olinpikoaren bitartez.

III. Garapena eta pobrezia ezabatzea

11. Ahalegin guztiak egingo ditugu gure hurkoak, gizon, emakume eta haurrak askatzeko, nondik eta, muturreko pobreziaren baldintza gaitzesgarri eta gizatasuna kentzen duen egoera horretatik, gaur egun egoera horretan baitaude mila milioi gizaki baino gehiago. Asmoa hartu dugu, gizaki guztiontzat egingarri izateko, garapenerako eskubidea eta gizateria osoa beharrizan egoeratik kanpo jartzeko.

12. Ondorenez, erabaki dugu nazio- nahiz mundu-mailan, garapenerako eta pobrezia ezabatzeko ingurune egokia sortzea.

13. Helburu horiek lortzea, besteak beste, herri bakoitzean gai publikoak egoki kudeatzearen mende dago. Eta, berebat, gai publiko horiek nazioarte-mailan egoki kudeatzearen eta finantza-, moneta- eta merkataritza-sistemen gardentasunaren mende dago. Era berean, merkataritza- eta finantza-sistema anitza eta irekia aldarrikatzen dugu, ekitatearen araberakoa, arauak oinarri dituena, aurreikusteko modukoa eta bereizkeriarik gabekoa dena.

14. Kezka bizia dugu garapen bidean egon eta herri horiek izan ditzaketen eragozpenen inguruan, euren garapen iraunkorraren finantziaziorako beharrezko diren baliabideak mobilizatzeko orduan. Beraz, gure helmenean dagoena egingo dugu arrakasta izan dezan garapenaren finantziazioari buruz, gobernuen arteko goi mailako Bilerak, 2001. urtean egingo denak.

15. Erabaki dugu, berebat, gutxien aurreratutako herrien beharrizan bereziak artatzea. Testu inguru honetan, atsegin handiz hartu dugu Gutxien aurreratutako Herriei buruzko Nazio Batuen Hirugarren Konferentziaren deialdia, 2001. urteko maiatzean egingo dena, bertan ahal den guztia egingo baitugu emaitza positiboak lortzeko. Herri industrializatuei eskatzen diegu:

• Onetsi dezatela, ahal izanez gero Konferentzia hori egin baino lehen, politika bat, non gutxien aurreratutako herriek izan dezaten askatasuna euren esportazioei dagozkien eskubideak eta kupoak lortzeko;

• Aplika dezatela, atzerapen gehiago gabe, zorpetutako herri txiroen zorra arintzeko programa hobetua eta erabaki dezatela herri horiek beste herriekin izan ditzaketen bi aldetako zor ofizialak kitatzea, trukean herriok pobrezia murrizteko erabaki tinkoa baieztatzen dutela,

• Eman dezatela garapenerako laguntza zabalagoa, bereziki, benetako ahalegina egiten duten herriei, horiek euren baliabideak pobrezia murriztera bideratzen dituztela.

16. Erabaki dugu, halaber, osotasunean eta modu eraginkorrean aurre egitea diru-sarrera txikiak edo ertainak dituzten herrien zorraren arazoari, horretarako hainbat neurri hartuko ditugu nazio- nahiz nazioarte-mailan, zor hori jasangarria izan dadin epe luzera.

17. Ildo beretik, erabaki dugu garapen bidean dauden uhartetako estatu txikien beharrizan bereziak artatzea, berehala eta zuzentasunez abian jarriz Barbados deituriko Egintza eta Biltzar Orokorrak moldatutako ondorioak, bere ezohiko bileren hogeita bigarren aldian. Nazioarteko erkidegoari eskatzen diogu arduratu dadila, ahultasun-indizea egiteko orduan, aintzat hartzeaz garapen bidean dauden uhartetako estatu txikien beharrizan bereziak.

18. Aitortzen ditugu, orobat, garapen bidean dauden itsaso gabeko herrien beharrizan eta arazo bereziak, horregatik zin-zinez eskatzen diegu bi aldeko edo aldeaniztun emaileei areagotu ditzaten herri horiekiko finantza-laguntza eta laguntza teknikoa, herrion garapenerako beharrizan bereziak asetzeko eta laguntza eman diezaieten lurralde-geografiaren eragozpenak gainditzeko, igarobide izaerako garraio-sistema hobetuz.

19. Erabaki dugu, halaber:

• Erdira jaistea 2015. urterako, egunean dolar bat baino gutxiago irabazten duten biztanleen portzentajea eta gosea pairatzen duten pertsonena; era berean, data horretarako, erdira jaistea edateko urik ez duten pertsonen portzentajea edota ordaindu ezin dutenena.

• Arduratzea, urte berean mundu osoko neska-mutilek amaitu dezaten lehen hezkuntzako zikloa osorik eta neskek nahiz mutilek izan ditzaten eskura hezkuntza-maila guztiak.

• Urte berean egungo heriotza-tasak jaistea hiru laurdenetan, amei dagokienez eta bi herenetan, 5 urte baino gutxiagoko haurrei dagokienez.

• Ordurako, VIH/SIDA-ren zabaltzea, paludismoaren zigorra eta gizateriak pairatzen dituen beste gaixotasun larriak geldiaraztea eta horiek murrizten hastea ere.

• VIH/SIDA-ren ondorioz umezurtz geratutako haurrei laguntza berezia ematea.

• Gutxienez ere, 2020. urterako nabarmen hobetzea kale-zuloetan bizi diren 100 milioi biztanleen bizimodua. Hori proposatzen da “Kale-zulorik gabeko auzoak dituen hiriak” izeneko ekimenean.

20. Erabaki dugu, halaber:

• Sexuen arteko berdintasuna eta emakumearen autonomia sustatzea, horiek baitira baliabide eraginkorrak pobreziari, goseari eta gaixotasunei aurre egiteko eta benetako garapen iraunkorra suspertzeko.

• Estrategiak landu eta aplikatzea, mundu osoko gazteei emateko lan duina eta emankorra aurkitzeko zinezko aukera.

• Industria farmazeutikoa bultzatzea areagotu dezan nahitaezko sendagaien eskuragarritasuna eta horiek jarri ditzan garapen bidean dauden herrien pertsonen eskuragarri, halakoak behar dituztenean.

• Lankidetza sendoa ezartzea sektore pribatuarekin eta gizarte zibileko erakundeekin, garapenaren alde eta pobrezia ezabatzearen alde.

• Arduratzea denek izan ditzaten teknologia berrien onurak, bereziki, informazioa eta komunikabideen inguruko teknologiak, Ekonomia- eta Gizarte-kontseiluaren (2000) Ministro mailako Adierazpenean adierazitako gomendioekin bat etorriz.

IV. Ingurune erkidea babestea

21. Ahalegin guztiak egin behar ditugu gizateria askatzeko, batez ere, gure seme-alabak eta bilobak, gizakiak bere jarduerekin ezinbestean kaltetu duen planetan bizitzeko mehatxu horretatik, planeta horren baliabideak nahikoak ez direla denon beharrizanak asetzeko.

22. Berresten dugu gure babesa, garapen iraunkorraren printzipioei buruz, 21 programan adierazitakoak barne, Ingurumenari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentziak erabaki zituenak.

23. Horrenbestez, erabaki dugu ingurumenarekin zer ikusia duten jardueretan, zaintza eta gordetze asmoa duen beste etika bat onestea, eta horren inguruan, lehen urrats gisa, hauxe hitzartu dugu:

• Ahal den guztia egitea, Kyotoko Protokoloa indarrean jar dadin, ahal dela Ingurumenari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Konferentziaren hamargarren urteurrena baino lehen, 2002. urtean, eta, era berean, berotegi-ondorioak dituen gas-izurtzeak murrizten hastea.

• Areagotzea gure ahalegin kolektiboak, mota guztietako basoen ordena, zaintze eta garapen iraunkorraren alde.

• Behin eta berriro ekitea, zuzentasunez aplika daitezen Biologia Aniztasunari buruzko Hitzarmena eta Nazio Batuen Konbentzioa, lehorte larri edo desertifikazioak ukitutako herrietan, bereziki Afrikan, desertifikazioaren aurkako borrokari buruzkoa.

Amaiera ematea ur-baliabideen ustiapen jasanezinari, baliabide horien estrategia-antolamendua eginez, erregio-, nazio- eta toki-mailan, hain zuzen ere, sustatuko dituena ura ekitatearen arabera eskuratzea eta uraren horniketa egokia.

• Lankidetza areagotzea, hondamendi naturalen eta gizakiak eragindako hondamendien kopurua eta ondorioak murrizteko helburuarekin.

• Bermatzea giza genomaren sekuentziari buruzko informazioa eskuratzea.

V. Giza Eskubideak, demokrazia eta gobernu egokia

24. Ahalegin guztiak egingo ditugu demokrazia sustatzeko eta zuzenbidearen agintea indartzeko eta nazioarte-mailan aitortutako giza eskubide eta oinarrizko askatasun guztien errespetua indartzeko, garapenerako eskubidea barne.

25. Honenbestez, erabaki dugu:

• Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala errespetatzea eta osotasunean baliaraztea.

• Ahaleginak egitea lortzeko pertsona guztiek izan ditzaten eskubide zibil eta politikoak, ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideen babes osoa eta horiek sustatzea.

• Herri guztietan areagotzea demokrazia eta giza eskubideen errespetuaren printzipio eta eginerak, gutxiengoen eskubideak barne.

• Emakumearen aurkako indarkeria modu guztiei aurre egitea eta emakumearen aurkako bereizkeria modu guztiak ezabatzeari buruzko Konbentzioa aplikatzea.

Neurriak hartzea migratzaile, langile migratzaile eta euren familien giza eskubideen errespetua eta babesa bermatzeko; arraza- eta xenofobia-egintzak ezabatzea, halakoak gero eta sarriago gertatzen baitira gizartean eta, oro har, harmonia eta tolerantzia gehiago sustatzea gizartean.

• Batera lan egitea prozesu politiko berdintsuagoak lortzeko, herritar guztiek parte hartu ahal dezaten prozesu politiko horietan.

• Hedabideen askatasuna bermatzea, euren nahitaezko zeregina bete dezaten eta jendearen informazioa jasotzeko eskubidea bermatzea.

VI.-Ahulago diren pertsonak babestea

26. Ahalegin guztiak egingo ditugu lortzeko, zer eta, hondamendi natural, genozidio, gatazka armatu eta bestelako larrialdi-egoeren ondorioak pairatzen dituzten haur eta biztanleria zibilek jaso ditzaten beharrezko laguntza eta babesa, ahalik eta lasterren, ohiko bizitza berreskuratzeko.

Honenbestez, erabaki dugu:

• Areagotzea eta indartzea pertsona zibilen babesa, larrialdi-egoera zailetan, nazioarteko zuzenbide humanitarioarekin bat etorriz.

• Nazioarteko lankidetza indartzea, dela errefuxiatuak hartzen dituzten herrien zama partekatuz, dela herri horiei emandako laguntza humanitarioa koordinatuz; eta errefuxiatuei eta pertsona lekualdatuei laguntzea, itzuli daitezen euren etxeetara segurtasun- eta duintasun-baldintzetan, eta birgizartera daitezen eragozpenik gabe.

• Bultzatzea Haurraren Eskubideei buruzko Konbentzioaren berrespena eta horren osoko aplikazioa,eta baita Konbentzio horren hautazko protokoloena ere, haurrak gatazka armatuetan parte hartzeari buruzkoak eta haurren salerosketa, prostituzioa et pornografiari buruzkoak.

VII. Afrikako beharrizan bereziak aintzat hartzea

27. Afrikan demokrazia indartzeko ahaleginak egingo ditugu eta afrikarrei gure laguntza emango diegu, lor ditzaten bake iraunkorra, pobrezia ezabatzea eta garapen iraunkorra erdiestea, modu horretan munduko ekonomian euren burua barruratu ahal izateko.

28. Honenbestez, erabaki dugu:

• Bete-betean babestea Afrikako demokrazia berrien azpiegitura politikoak eta instituzionalak.

• Erregio- eta azpierregio-mekanismoak sustatzea eta horiei eustea, gatazkak prebenitzeko eta egonkortasun politikoa sustatzeko, eta, halaber, arduratzea kontinente horretan bakea gordetzeko eragiketek jarraitutasunez eta segurtasun osoz baliabideak jaso ditzaten.

• Neurri bereziak hartzea pobrezia ezabatzeko eta Afrikan garapen iraunkorra lortzeko erronkei aurre egiteko, besteak beste, zorra kitatzea, merkatuetarako sarbidea hobetzea, garapenerako laguntza ofiziala areagotzea eta zuzeneko inbertsio atzerritarra eta teknologia-transferentzia gehitzea.

• Afrikari laguntza ematea bere gaitasuna areagotu dadin, zertarako eta, VIH/SIDA-ren pandemia eta bestelako gaixotasun kutsakorrak gehiago zabaldu ez daitezen.

VIII. Nazio Batuak indartzea

29. Ahalegin guztiak egingo ditugu, Nazio Batuak izan daitezen instrumentu eraginkorragoa, jarraian adierazten diren lehentasunak lortzeko: munduko herri guztien garapenerako borroka; pobrezia, ezjakintasuna eta gaixotasunen aurkako borroka; injustiziaren aurkako borroka; indarkeria, izua eta delituaren aurkako borroka; planetaren degradazio eta suntsiketaren aurkako borroka.

30. Honenbestez, erabaki dugu:

• Berrestea Biltzar Orokorraren zeregina, Nazio Batuen deliberazio- eta ordezkaritza-organo nagusia den heinean eta politikak onesteko organoa den heinean, eta, ildo horretatik, Biltzar Orokorrari ahalmena ematea zeregin hori eraginkortasunez betetzeko.

• Gure ahaleginak bikoiztea Segurtasun Kontseilua eraldatzeko arlo guztietan.

• Ekonomia- eta Gizarte-kontseilua gehiago indartzea, aintzat hartuta duela gutxiko lorpenak, horrela bete dezan Gutunak esleitutako zeregina.

• Nazioarteko Justizia Gortea indartzea, nazioarteko kontuetan nagusitu daitezen justizia eta zuzenbidearen agintea.

• Koordinazioa eta aldizkako kontsultak sustatzea Nazio Batuen organo nagusien artean, euren zereginak egikaritzeko orduan.

• Arduratzea Erakundeak izan ditzan, egoki eta aurreikusteko moduan, bere mandatuak betetzeko behar dituen baliabideak.

• Idazkaritzari eskatzea, Biltzar Orokorrak adostutako arau eta prozedura argiekin bat etorriz, erabili ditzan atzeneraino baliabide horiek estatu kide guztien mesedetan, kudeaketarako dauden eginera eta teknologia onenak aplikatuz eta estatu kideek hitzartutako lehentasunek adierazten dituzten zereginei arreta berezia eskainiz.

• Nazio Batuen Langileen eta Langile Elkartuen Segurtasunari buruzko Konbentzioarekiko atxikimendua sustatzea.

• Ardura izatea koherentzia gehiago eta lankidetza hobea egon daitezen, araudiari dagokionez, Nazio Batuen, bere erakundeen, Bretton Woods delako erakundeen eta Munduko Merkataritza Erakundearen artean, bai eta beste aldeaniztun organoen artean ere, zertarako eta, erabat koordinaturiko irizpideak lortzeko, bakea eta garapenaren kontuen inguruan.

• Nazio Batuen eta nazioetako parlamentuen arteko lankidetza indartzen jarraitzea hainbat arlotan, munduko erakundearen eta parlamentuen arteko Batasunaren bitartez, hala nola, bakea eta segurtasuna, ekonomia- eta gizarte-garapena, nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak, demokrazia eta genero-kontuak.

• Sektore pribatuari, gobernuz kanpoko erakundeei eta, orokorrean, gizarte zibilari aukera gehiago eskaintzea, parte har dezaten Erakundearen helburuak eta programak gauzatzeko bidean.

31. Biltzar Orokorrari eskatzen diogu azter ditzan aldizka Adierazpen honek zer xedatu eta berori aplikatzeko orduan lortutako aurrerakuntzak, eta, orobat, Idazkari Nagusiari eskatzen diogu argitara ditzan aldizkako txostenak Biltzarrak aztertzeko, eta horiek geroagoko neurriak hartzeko oinarriak izan daitezen.

32. Ospe handiz berresten dugu, gune historiko honetan, Nazio Batuak direla giza familia osatzen duten guztien etxe erkide eta nahitaezkoa, eta bere bitartez saiatuko garela bake-, lankidetza- eta garapen-asmoak egingarri bihur daitezen. Honenbestez, gure sostengurik zabalena adierazten dugu helburu erkide horien aldera eta, orobat, gure erabakia, horiek guztiak erdiesteko.

8. osoko bilkura

2000eko irailaren 8an