Nazio Batuen gutxieneko Erregelak, askatasunaz gabetzen ez duten neurriei buruzkoak (Tokioko erregelak)

Euslege

Nazio Batuen gutxieneko Erregelak, askatasunaz gabetzen ez duten neurriei buruzkoak (Tokioko Erregelak)

Biltzar Orokorrak onetsiak, 1990eko abenduaren 14ko 45/110 ebazpenean

I. Xedapen orokorrak

1. Oinarrizko xedeak

1.1 Gutxieneko Erregela hauek biltzen dituzte oinarrizko printzipio multzo bat, askatasunaz gabetzen ez duten neurrien aplikazioa sustatzeko, eta, berebat, gutxieneko babesak, espetxealdiaren ordezko neurriak nori aplikatu eta pertsona horientzat.

1.2 Erregelen xedea da, zigor arloko justiziaren kudeaketan, erkidegoaren parte hartze handiagoa sustatzea, batik bat, delitugilea tratatzeari dagokionez, bai eta delitugileen artean euren gizartearekiko erantzukizun sena sustatzea.

1.3 Erregelak aplikatzeko kontuan hartuko dira herrialde bakoitzaren baldintza politikoak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak, bai eta zigor arloko euren justiziaren sistemaren asmoak eta xedeak.

1.4 Erregelak aplikatzerakoan, estatu kideek ahaleginak egingo dituzte oreka egokia lortzeko delitugileen eta biktimen eskubideen artean eta gizartearen interesen artean, segurtasun publikoari eta delitua prebenitzeari begira.

1.5 Estatu kideek askatasunaz gabetzen ez duten neurriak barneratuko dituzte, kasuan kasuko euren antolamendu juridikoetan beste aukera batzuk egon daitezen espetxealdi-zigorrak aplikatzea murrizteko eta zigor arloko justiziaren politikak arrazionalizatzeko; kontuan hartuko dituzte, halaber, giza eskubidearekiko errespetua, gizarte-justiziaren eskakizunak eta delitugilea birgaitzeko beharrizanak.

2. Askatasunaz gabetzen ez duten neurrien noranahikoa

2.1 Erregela hauen kasuan kasuko xedapenak aplikatuko zaizkie akusazio edo epaiketa baten mende dauden pertsonei edo epai bat bete behar dutenei, zigor arloko justiziaren administrazioaren aldi guztietan. Erregela hauen ondorioetarako, pertsona horiek “delitugileak” izenpean ezagutuko dira, kontuan hartu gabe susmagarriak edota akusatuak edo kondenatuak diren.

2.2 Erregelak aplikatuko dira inolako bereizkeriarik gabe arraza, larru-kolorea, sexua, adina, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edo bestelakoa, nazio- edo gizarte-jatorria, ondarea, jaiotza, edo beste edozein baldintza direla bide.

2.3 Malgutasun zabalagoa ziurtatzeko, malgutasun hori dela bateragarria delitu-motarekin eta horren larritasunarekin, delitugilearen nortasunarekin eta aurrekariekin eta gizartearen babesarekin, eta, berebat, beharrezkoa ez den espetxealdi-zigorra aplikatzea saihesteko, zigor arloko justiziaren sistemak, askatasunaz gabetzen ez duen neurri multzo bat ezarriko du, epaiketa egin aurreko alditik hasi eta epaia eta geroko aldiraino. Askatasunaz gabetzen ez duten neurri eskuragarrien kopurua eta motak zehaztu behar dira, zigorrak zuhurtasunez finkatzea egingarri izan dadin.

2.4 Askatasunaz gabetzen ez duten beste neurri batzuk ezartzea bultzatuko da eta horiek arreta handiz ikuskatuko dira eta euron aplikazioa modu sistematikoan ebaluatuko da.

2.5 Kontuan hartuko da delitugileei erkidegoan bertan erantzukizunak eskatzea, auzitegien aurreko arauzko prozesu eta epaiketetara jotzea saihesteko, babes eta arau juridikoekin bat etorriz.

2.6 Askatasunaz gabetzen ez duten neurriak gutxieneko esku hartzearen printzipioaren arabera erabiliko dira.

2.7 Askatasunaz gabetzen ez duten neurriak erabiltzea delituak zigor arlotik eta tipo zehatzetatik kanporatzearen aldeko mugimenduaren osagaia da; hainbatez, ez dira bideratuko norabide horretan doazen ekimenak oztopatzera, ezta atzeratzera ere.

3. Legezko babesak

3.1 Legeak agintzen ditu askatasunaz gabetzen ez duten neurrien ezarpena, definizioa eta aplikazioa.

3. 2 Askatasunaz gabetzen ez duen neurri baten hautaketa, honako irizpideak oinarri hartuta egingo da: delitu-tipo eta horren larritasuna, delitugilearen nortasuna eta aurrekariak eta kondenaren xedea eta biktimen eskubideak.

3.3 Agintaritza judizialak edo beste agintaritza eskudun independenteak euren ahalmenak zuhurtziaren arabera egikarituko dituzte prozeduraren aldi guztietan, eta erantzukizun osoz jardungo dute, besterik gabe, legearen arabera.

3.4 Askatasunaz gabetzen ez duten neurriek delitugileari ezartzen badiote betebeharren bat, eta halakoak aplikatu badira prozedura edo epaiketa baino lehen edo horien ordez, orduan delitugilearen adostasuna beharko dute.

3.5 Askatasunaz gabetzen ez duten neurriak ezartzeko erabakiak berrikustearen mende egongo dira; berrikuste hori agintaritza judizialak edo beste agintaritza eskudun independenteak egingo du, delitugileak hala eskatuta.

3.6 Delitugileak ahalmenak izango ditu eskaerak edo erreklamazioak egiteko agintaritza judizialaren aurrean edo beste agintaritza eskudun independentearen aurrean, bere eskubideak ukitzen dituen gaiei buruz, askatasunez gabetzen ez duten neurrien aplikazioaren esparruan.

3.7 Xedapen egokiak aurreikusiko dira errekurtsorako eta, ahal dela, ordaina gauzatzeko, kalterik sortu bada, bete ez direlako nazioarte mailan aitortutako giza eskubideei buruzko arauak.

3.8 Askatasunaz gabetzen ez duten neurriek ez dute ekarriko inolako saiakuntza mediko edo psikologikorik delitugilearekiko, ezta behar ez den arriskurik ere, kalte fisiko edo mentalei begira.

3.9 Askatasunaz gabetzen ez duten neurrien mendeko delitugilearen duintasuna uneoro babestuko da.

3.10 Askatasunaz gabetzen ez duten neurriak aplikatzen direnean, delitugilearen eskubideak ezin izango dira murriztu, murrizketa horiek gainditzen badituzte agintaritza eskudunak ezarritakoak, agintaritza eskudunak erabaki duenean neurria aplikatzea.

3.11 Askatasunaz gabetzen ez duten neurriak aplikatzen direnean, intimitate-eskubidea errespetatu beharko da, delitugilearena berena nahiz bere familiarena.

3.12 Delitugilearen espediente pertsonala guztiz isilpean gorde beharko da eta besteek ez dute izango horretarako sarbiderik. Espediente horretarako sarbidea izango dute bakar-bakarrik kasuaren izapidean interesa erakutsi duten pertsonek edo behar bezala baimenduta dauden beste pertsona batzuek.

4. Babes-klausula

4.1 Erregela hauetan jasotako xedapenak ezin izango dira interpretatu honako erregela hauen aplikazioa baztertzeko moduan: Giltzapetuak tratatzeko gutxieneko Erregelak, Adingabeen justizia-administraziorako Nazio Batuen gutxieneko Erregelak (Beijingo Erregelak), Atxilotuta edo espetxean dauden pertsonen babeserako printzipio-multzoa, nazioarteko erkidegoak aitortua eta zer ikusia duena delitugilearen tratamenduarekin eta bere oinarrizko giza eskubideen babesarekin.

II. Epaiketa egin aurreko aldia

5. Epaiketaren aldez aurreko xedapenak

5.1. Antolamendu juridikoarekin bidezkoa eta bateragarria denean, poliziak, fiskaltzak eta zigor kasuen ardura duten bestelako erakundeek ahalmena izan beharko dute delitugilearen aurkako karguak kentzeko, uste badute kasuarekin jarraitzea beharrezkoa ez dela gizartea babesteko, delitua prebenitzeko edota legearekiko errespetua eta biktimen eskubideekiko errespetua sustatzeko. Antolamendu juridiko bakoitzean zehatz-mehatz finkatuko dira irizpideak, bidezkoena zer den erabakitzeko, karguak kentzea edo osterantzeko jardunak gauzatzen hastea. Garrantzi gutxiko kasuetan, fiskaltzak ezarriko ditu askatasuna gabetzen ez duten neurri egokiak, kasu bakoitzari dagokionaren arabera.

6. Aurreneurrizko espetxealdia, azken baliabide gisa

6.1 Zigor prozeduran, aurreneurrizko espetxealdira bakar-bakarrik joko da azken baliabide gisa, betiere, kontuan hartuta ustezko delituaren ikerketa eta gizartearen eta biktimaren babesa.

6.2 Aurreneurrizko espetxealdiaren ordezko neurriak ahalik eta arinen aplikatuko dira. Aurreneurrizko espetxealdiak ez du iraungo behar den baino denbora gehiago, 6.1 Erregelan ezarritako helburuak lortzeko eta, gainera, aplikatu beharko da gizakiaren duintasunarekiko gizatasunez eta errespetu osoz.

6.3 Delitugileak eskubidea izango du gora jotzeko agintaritza judizialarengana edo bestelako agintaritza independente eta eskudunarengana, aurreneurrizko espetxealdia ezartzen den kasuetan.

III. Epaiketaren eta epaiaren aldia

7. Ikerketa sozialaren txostenak

7.1 Aukera dagoenean ikerketa sozialaren txostenak prestatzeko, agintaritza judizialak balia dezake funtzionario batek edo erakunde eskudun eta baimendun batek prestatutako txostena. Txostenak barneratuko du delitugilearen egoera sozialari buruzko informazioa, informazio hori bateragarria bada norbanakoak ohikotasunez egiten duen arau-hauste motarekin eta egozten zaizkion delituekin. Orobat, barneratu beharko ditu informazioa eta gomendioak, zigorrak finkatzeko prozedurarekin bateragarri direnak. Egitateei lotu beharko zaie eta objektiboa eta inpartziala izan; bestelako azalpen pertsonalak, aldiz, izaera horrekin adierazi beharko dira argi eta garbi.

8. Zehapenak ezartzea

8.1 Agintaritza judizialak eskuragarri izango ditu askatasunaz gabetzen ez duten hainbat neurri; hartara, erabakitzeko unean aintzat hartu beharko ditu delitugilea birgaitzeko beharrizanak, gizartearen babesa eta biktimaren interesak; biktimari, halaber, kontsulta egingo zaio, halakoa beharrezkoa denean.

8.2 Agintaritza eskudunek hurrengo neurriak hartu ahal izango dituzte:

a) Hitzezko zehapenak, besteak beste, zentzarazpena, errieta eta ohartarazpena;

b) Baldintzapeko askatasuna;

c) Eskubideaz gabetzen duten zigorrak edo desgaikuntzak;

d) Zehapen ekonomikoak eta diru-zigorrak, hala nola, isunak eta egunen arabera kalkulatutako diru-sarreren gaineko isunak,

3) Bahitze edo konfiskatze;

f) Biktimari itzulketa egiteko edo kaltea ordaintzeko agindua;

g) Epaia etetea edo kondena atzeratzea;

h) Epai bidezko froga- eta zaintza-erregimena;

i) Erkidegoari eman beharreko zerbitzuak ezartzea;

j) Zentro zehatz batera erregulartasunez joateko betebeharra;

k) Etxe barruko atzipenaldia;

l) Beste edozein erregimen, giltzapetzerik eragiten ez badu.

m) Aipatu zehapenen konbinazioren bat.

IV. Epaiaren osteko aldia

9. Epaiaren osteko neurriak

9.1 Agintaritza eskudunak eskuragarri izango ditu epaiaren osteko ordezko neurriak, giltzapetzea saihesteko eta laguntza emateko delitugileei, berehala gizarteratu daitezen.

9.2 Epaiaren ostean honako neurriak aplikatu ahal izango dira:

a) Baimenak eta igarotze-zentroak;

b) Askatasuna, lanerako edo heziketarako helburuarekin;

c) Baldintzapeko askatasun modu desberdinak;

d) Barkamena;

e) Indultua.

9.3 Epaiaren osteko neurrien inguruko erabakia, indultuaren kasua salbu, agintaritza judizialaren berrikustearen mende geratuko da edota beste agintaritza eskudun independentearenaren mende, delitugileak hala eskatura.

9.4 Ahalik eta arinen kontuan hartuko dira establezimendu bateko giltzapetua aske uzteko aukerak eta hura askatasunaz gabetzen ez duten programa batean egokitzeko aukerak.

V. Askatasunaz gabetzen ez duten neurriak aplikatzea

10. Zaintza-erregimena

10.1 Gainbegiratzearen xedea da berrerortzea murriztea eta delitugileari gizarteratzen laguntzea, delinkuentziara itzultzeko aukera ahalik eta txikiena izan dadin.

10.2 Askatasunaz gabetzen ez duen neurriak zaintza-erregimena eragiten badu, zaintza hori agintaritza eskudun batek egikarituko du, legeak ezartzen dituen baldintza zehatzetan.

10.3 Askatasunaz gabetzen ez duen neurri bakoitzaren markoan zehaztuko da zein den zaintza-mota egokiena kasu partikular bakoitzaren tratamendurako, delitugileari laguntzeko zertan eta, bere delitu-izaerako jokabideak zuzentzen. Zaintza- eta tratamendu-erregimena aldian-aldian berrikusi eta birdoituko dira, halakoa beharrezkoa denean.

10.4 Delitugileei, beharrezkoa denean, laguntza psikologikoa, soziala eta materiala emango zaizkie eta, berebat, erkidegoarekin dituzten loturak indartzeko eta euren gizarteratzea errazteko aukerak.

11. Iraupena

11.1 Askatasunaz gabetzen ez duten neurrien iraupenak ez du, legearekin bat etorriz, agintaritza eskudunak ezarritako epea gaindituko.

11.2 Neurria aurretiaz etetea arautuko da, delitugileak modu positiboan erantzun badio neurri horri.

12. Betebeharrak

12.1 Agintaritza eskudunak erabakitzen dituenean delitugileak bete behar dituzten betebeharrak, kontuan hartuko du gizartearen beharrizanak eta delitugilearen eta biktimaren beharrizanak eta eskubideak.

12.2 Delitugileak bete behar dituen betebeharrak praktikoak eta zehatzak izango dira eta ahalik eta gutxienak; horien xedea izango da delitugilearen delituzko jokabidean berrerortzeko aukerak murriztea eta gizarteratzeko aukerak areagotzea, kontuan hartuta biktimaren beharrizanak.

12.3 Askatasunaz gabetzen ez duen neurria aplikatzen hasten denean, delitugileak azalpen bat jasoko du, ahoz eta idatziz, neurriaren aplikazioa arautzen duten baldintzekin, bere betebeharrak eta eskubideak barne.

12.4 Agintaritza eskudunak eralda ditzake ezarritako betebeharrak, legeriak aurreikusitakoaren arabera eta delitugileak egindako aurrerabidearen arabera.

13. Tratamendu-prozesua

13.1 Askatasunaz gabetzen ez duen neurri zehatz baten esparruan, kasuan-kasuan, sistema desberdinak ezarriko dira, esaterako, banakako laguntza psikosoziala, taldeko terapia, egoitza-programak eta tratamendu espezializatua delitugile kategoria desberdinentzako, horien beharrizanak modu eraginkorrenean artatzeko.

13.2 Profesionalek zuzenduko dute tratamendua; profesional horiek prestakuntza egokia eta esperientzia praktikoa izango dituzte.

13.3 Tratamendu beharrezkoa dela erabakitzen denean, ahal den guztia egingo da ulertzeko delitugilearen nortasuna, haren gaitasunak, adimena eta balioak eta, bereziki, delitua egitera bultzatu zuten inguruabarrak.

13.4 Agintaritza eskudunak behartu ditzake erkidegoa eta gizarte-babeserako sistemak, askatasunaz gabetzen ez duten neurrien aplikazioan parte hartzera.

13.5 Zenbat kasu esleitu eta horien zenbatekoa mantenduko da, ahal dela, tratamenduaren programen aplikazio eraginkorrarekin bateragarriak diren mugen barruan.

13.6 Agintaritza eskudunak espediente bat ireki eta gordeko du delitugile bakoitzarentzat.

14. Diziplina eta betebeharrak ez betetzea

14.1 Delitugileak betetzen ez dituenean ezarri zaizkion betebeharrak, orduan askatasunaz gabetzen ez duen neurria eraldatu edo ezeztatu daiteke.

14.2 Askatasunaz gabetzen ez duen neurria eraldatzea edo ezeztatzea agintaritza eskudunari dagokio; horri ekingo dio funtzionario ikuskatzaileak eta delitugileak aitortutako egitateak zehatz-mehatz aztertu ondoren.

14.3 Askatasunaz gabetzen ez duen neurri baten porrotak ez du esan nahi besterik gabe askatasunaz gabetzen duen neurria ezarriko denik.

14.4 Askatasunaz gabetzen ez duen neurria eraldatu edo ezeztatzen denean, agintaritza eskuduna saiatuko da askatasunaz gabetzen ez duen ordezko beste neurri egoki bat ezartzen. Espetxealdi-zigorra bakar-bakarrik ezarriko da beste ordezko neurri egokirik ez dagoenean.

14.5 Delitugileak ez baditu betetzen ezarri zaizkion betebeharrak, orduan legeak zehaztuko du nori dagokion agindua ematea, delitugilea atxilotzeko edo gainbegiratzepean zaintzeko.

14.6 Askatasunaz gabetzen ez duen neurria eraldatu edo ezeztatzen denean, delitugileak agintaritza judizialarengana edo beste agintaritza eskudun independentearengana jo dezake.

VI. Langileak

15. Kontratazioa

15.1 Langileak kontratatzeko ez da egingo inolako bereizkeriarik arraza, larru-kolorea, sexua, adina, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edo bestelakoa, nazio- edo gizarte-jatorria, ondarea, jaiotza, edo beste edozein baldintzarengatik. Langileak kontratatzeko irizpideak kontuan hartuko dituzte sektore ahulenen mesederako nazio-politika eta ikuskatu beharreko delitugileen aniztasuna.

15.2 Askatasunaz gabetzen ez duten neurriak aplikatzeko izendatu diren pertsonak gai izan behar dira eginkizun horretarako eta ahal dela, lanbide-heziketa eta esperientzia praktiko egokiak izan behar dituzte. Kalifikazio horiek argi eta garbi zehaztuko dira.

15.3 Profesional adituak lortzeko eta kontratatzeko izendapenak egingo dira eta izendapen horiek funtzionario publikoen kategoria izango dute, soldata egokiak eta lanaren izaerarekin bat datozen gizarte-zerbitzuak; era berean, aukera zabalak eskainiko dira lanbideari begira aurrera egiteko eta mailaz igotzeko.

16. Langileen gaikuntza

16.1 Gaikuntzaren xedea da langileei argi eta garbi azaltzea euren eginkizunak, delitugilearen birgaitzeari, delitugileen eskubideak bermatzeari eta gizartea babesteari dagokienez. Gaikuntzaren bitartez, langileek uler ditzakete, halaber, erakunde interesdunekin elkarlanean aritzeko eta jarduerak koordinatzeko beharra.

16.2 Langileek, euren eginkizunak betetzen hasi aurretik, gaitu egingo dira; gaikuntza horrek barneratuko ditu, besteak beste, askatasunaz gabetzen ez duten neurrien izaerari buruzko informazioa, gainbegiratzearen xedeak eta askatasunaz gabetzen ez duten neurrien aplikazioaren modalitate desberdinak.

16.3 Langileek, euren eginkizunak betetzen hasi ondoren, euren lanbide-ezaguerak eta -gaitasunak zaindu eta hobetuko dituzte, horretarako gaikuntza-ikastaroak egingo dituzte zerbitzuan dauden bitartean eta, berebat, eguneratzeko ikastaroak. Horretarako instalazio egokiak emango dira.

VII. Boluntarioak eta erkidegoaren beste baliabideak

17. Gizartearen partaidetza

17.1 Gizartearen partaidetza bultzatu behar da, oinarrizko baliabidea eta faktore garrantzitsuenetako bat baita askatasunaz gabetzen ez duten neurrien mendeko delitugileen eta euren familien eta erkidegoaren arteko loturak indartzeko. Era berean, zigor arloko justiziaren administrazioaren akzioa osatu beharko du.

17.2 Gizartearen partaidetza izatez aukera bat da, erkidegoaren kideek lagundu dezaten euren babesean.

18. Gizartearen harrera eta lankidetza

18.1 Gobernu-erakundeak, sektore pribatua eta erkidegoa orokorrean bultzatu behar dira, horiek lagundu ditzaten boluntarioen erakundeak, baldin eta erakunde horiek askatasunaz gabetzen ez duten neurrien aplikazioa sustatzen badute.

18.2 Konferentziak, mintegiak, sinposioak eta bestelako jarduerak antolatuko dira aldizka, gizartea konturatu dadin bere partaidetzaren beharraz, askatasunaz gabetzen ez duten neurriak aplikatzerakoan.

18.3 Komunikabide guztiak erabiliko dira, erkidegoan ahalbidetzeko jarrera eraikitzailea, hainbat jarduera ekarriko dituena zertarako eta, askatasunaz gabetzen ez duen erregimen zabalagoaren aplikazioa eta delitugileen gizarteratzea bideratzeko.

18.4 Ahal den guztia egingo da gizarteari jakinarazteko bere eginkizunaren garrantzia, askatasunaz gabetzen ez duten neurriak aplikatzerakoan.

19. Boluntarioak

19.1 Boluntarioak arreta handiz hautatuko dira eta euren gaitasunen arabera kontratatuko dira eta euren zereginetan erakusten duten interesaren arabera. Gaikuntza egokia emango da, eurei eman zaizkien berariazko eginkizunak egikaritzeko eta agintaritza eskudunaren laguntza eta aholkularitza izango dute, eta agintaritza horri kontsulta egiteko aukera.

19.2 Boluntarioek bultzatuko dituzte delitugileak eta euren familiak, horiek ezarri ditzaten erkidegoarekin lotura esanguratsuak eta harreman zabalagoak, eta eskainiko dizkiete aholkularitza eta beste laguntza egokia, kontuan hartuta euren gaitasunak eta delitugilearen beharrizanak.

19.3 Boluntarioak aseguratuta egongo dira istripuen aurka eta hirugarrenei eragindako lesio eta kalteen aurka, euren eginkizunetan ari diren bitartean.

Lanean ari diren bitartean egindako gastu baimenduak ordaindu egingo zaizkie. Halaber, jendearen errekonozimendua izango dute, erkidegoaren ongizatearen alde emandako zerbitzuengatik.

VIII. Politiken ikerketa, plangintza, adierazpena eta ebaluazioa

20. Ikerketa eta plangintza

20.1 Plangintza-prozesuaren oinarrizko ikuspegi gisa, ahal den guztia egingo da erakunde publiko nahiz pribatuek lagundu dezaten zertan eta, delitugileei askatasunaz gabetzen ez duen erregimen bat aplikatzeari buruzko ikerketa antolatzen eta sustatzen.

20.2 Aldian aldiko ikerketak egingo dira neurrien hartzaileak, profesionalak, erkidegoa eta organo arau-emaileak ukitzen dituzten arazoen inguruan.

20.3 Zigor arloko justiziaren sistemaren barruan, ikerketa- eta informazio-mekanismoak sortuko dira, delitugileei askatasunaz gabetzen ez duen erregimena aplikatzeari buruzko datu eta estatistikak batu eta aztertzeko.

21. Politika adieraztea eta programak egitea

21.1 Modu sistematikoan planifikatu eta aplikatuko dira askatasunaz gabetzen ez duten neurrien programak, zigor arloko justizia-sistemaren osagai gisa, garapenerako nazio-prozesuaren esparruan.

21.2 Aldian aldiko ebaluazioak egingo dira, askatasunaz gabetzen ez duten neurrien aplikazio eraginkorragoa lortzeari begira.

21.3 Aldian aldiko azterketak egingo dira askatasunaz gabetzen ez duten neurrien xedeak, funtzionamendua eta eraginkortasuna ebaluatzeko.

22. Erakundeekiko loturak eta jarduera egokiak

22.1 Mekanismo egokiak sortuko dira maila desberdinetan errazteko zer eta, loturak ezartzea askatasunaz gabetzen ez duten neurrien arduradun zerbitzuekin, zigor arloko justizia-sistemaren beste adar batzuekin eta garapenerako eta gizartearen ongizaterako erakundeekin, horiek gobernu-erakundeak nahiz gobernuz kanpokoak izan, honako sektoreetan: osasuna, etxebizitza, hezkuntza, lana eta komunikabideak.

23. Nazioarteko lankidetza

23.1 Ahal dena egingo da herrialdeen arteko lankidetza zientifikoa sustatzeko, barneratze gabeko erregimenari dagokionez. Estatu kideen artean indartu beharko dira ikerketa, gaikuntza, laguntza teknikoa eta informazioaren trukaketa, askatasunaz gabetzen ez duten neurriei buruz, Nazio Batuen institutuen bitartez, delitua prebenitzeko eta delitugilea tratatzeko; hori guztiori Nazio Batuen Idazkaritzaren Gizarte Garapenerako eta Gai Humanitarioen Zentroaren Delitua Prebenitzeko eta Zigor arloko Justiziaren Azpisailaren lankidetzarekin.

23.2 Sustatu beharko dira azterketa konparatuak eta legegintza-xedapenen harmonizazioa, barneratze gabeko aukerak zabaltzeko eta horien aplikazioa errazteko nazio-mugen gainetik, baldintzapeko kondena edo askatasuna duten zaintzapeko delitugileen lekualdaketari buruzko Tratatu-ereduarekin bat etorriz.