Tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien ikerketa eta dokumentazio eraginkorrei buruzko Printzipioak

Euslege

Tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien ikerketa eta dokumentazio eraginkorrei buruzko Printzipioak

Biltzar Orokorrak onetsiak, 2000eko abenduaren 4ko 55/89 ebazpenaren eranskina

1. Tortura eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien ikerketa eta dokumentazio eraginkorrei buruzko (aurrerantzean tortura edo beste tratu txarrak) helburuen artean hurrengokoak daude:

a) Egitateak argitzea eta pertsonen edo estatuen erantzukizuna ezarri eta aitortzea, biktimen eta euren familien aurrean;

b) Beharrezko neurriak zehaztea halako egitateen errepikapenak saihesteko;

c) Pertsonen auziperatzea eta, komenigarri denean, zigorra ere, diziplina-zehapenen bitartez, erraztea, pertsona horien erantzukizuna ikerketan zehaztu denean eta, halaber, erakustea estatuak eskaini beharreko ordainaren premia, finantza arloko kalte-ordain bidezko eta egokia barne, bai eta mediku-laguntza eta errehabilitazioa lortzeko baliabideen beharra ere.

2. Estatuen ardura da tortura edo tratu txarren kexak edo salaketak berehala eta eraginkortasunez ikertzea. Esanbidezko salaketarik ez dagoenean ere, ikerketa bat egin beharko da tortura edo tratu txarrak egon direlako zantzuak badaude. Ikertzaileak trebeak eta inpartzialak izango dira eta ez dute zer ikusirik izango ustezko egileekin edota horiek kide diren erakundeekin. Ahalmena izango dute ikerketak aditu inpartzialen eta beste mota bateko medikuen esku uzteko eta eskura izango dituzte horien emaitzak. Ikerketa horiek burutzeko erabilitako metodoak goi mailakoak izango dira, lanbide-arloan eta haien ondorioak jendaurrean azalduko dira.

3. a) Agintaritza ikertzaileak ahalmenak izango ditu ikerketarako beharrezkoa den informazioa lortzeko eta behartuta egongo da hori egitera. Ikerketa egiten dutenek eskuragarri izango dituzte beharrezko aurrekontu- nahiz teknika-baliabideak, ikerketa eraginkortasunez egiteko; halaber, ahalmenak izango dituzte funtzionarioak, ustez tortura edo tratu txarretan nahastuta daudenak, behartzeko, zertarako eta, epailearen aurrean agerrarazteko eta lekukotza emateko. Gauza bera aplikatuko zaie lekukoei. Helburu horretarako, agintaritza ikertzaileak lekukoak deitu ditzake, ustez nahastuta dauden funtzionarioak barne, eta frogak aurkezteko agindu.

b) Tortura edo tratu txarren biktimek, lekukoek eta ikerketa egiten dihardutenek, bai eta euren familiek, babesa izango dute ikerketaren ondorioz sor daitezkeen indarkeriazko edozein egintza edo mehatxu edota beste larderia-formaren aurrean. Tortura edo tratu txarretan ustez nahastuta daudenak baztertuko dira ardura guztietatik, ardura horiek ekartzen badute zuzeneko edo zeharkako kontrola edo boterea, erreklamatzaileen, lekukoen eta euren familien gain, bai eta ikerketan ari direnen gain ere.

4. Tortura edo tratu txarren ustezko biktimek eta euren lege-ordezkariek izango dute horretarako egiten diren entzunaldien berri; orobat, horietarako sarbidea izango dute, bai eta ikerketaren inguruko informaziorako ere, eta, oro har, osterantzeko froga aurkezteko eskubidea izango dute.

5. a) Ezarritako ikerketa-prozedurak nahikoak ez direnean, teknikaren alderditik gaitasun ezagatik edo ustezko inpartzialtasun ezagatik edo sarri gehiegizko jokabidea egon delako zantzuengatik edota beste arrazoi oinarridunengatik, orduan estatuen ardura da ikerketak burutzea batzorde independente baten bitartez edo antzeko beste prozedura baten bitartez. Batzorde horren kideak aukeratuko dira, euren inpartzialtasuna, gaitasuna eta independentzia pertsonalaren arabera, horiek guztiak aurretiaz egiaztatuta daudela. Batik bat, ez dute loturarik izango ustezko errudunarekin ezta horiek zein erakunde edo antolakunderen kideak izan eta halakoekin. Batzordeak ahalmena izango du ikerketarako beharrezkoa den informazio guztia lortzeko, ikerketa, halaber, Printzipio hauetan ezarritakoaren arabera gauzatuko da.

b) Bidezko epean, txosten bat egingo da eta bertan azalduko dira ikerketaren gorabeherak, frogak ebaluatzeko erabilitako prozedura eta metodoak eta ondorioak eta gomendioak, azken horiek oinarrituko direla egitate zehatzetan eta aplikagarri den legerian. Txostena berehala argitaratuko da.Bertan zehaztuko dira, berebat, ikerketak ezarritako egitate zehatzak eta ondorioak zein frogetan oinarritu eta froga horiek; era berean, lekukoen izenak zerrendatuko dira, adierazpena egin dutenena; ez dira, ordea, zerrendatuko, euren babesa dela eta, nortzuen nortasuna argitaratu ez eta horien izenak.

Estatuak bidezko epe batean erantzuna emango dio ikerketaren txostenari eta, hala denean, txosten horren ondorioz onartuko diren neurriak adieraziko ditu.

6. a) Mediku adituek, tortura edo tratu txarren ikerketan parte hartzen dutenek, beti jokatuko dute arau etiko hertsienen arabera eta, batez ere, biktimaren adostasun askea lortuko dute, bera aztertu aurretik. Azterketak errespetatu beharko ditu mediku-eginerek ezarritako arauak. Zehatzago, azterketa horiek modu pribatuan egingo dira eta mediku adituen kontrolpean eta inola ere ez, segurtasun-agenteen edo gobernuko beste funtzionario batzuen aurrean.

b) Mediku adituak ahalik eta arinen txosten zehatz bat idatziko du; txosten horrek, gutxienez, hurrengo osagaiak bilduko ditu:

i) Elkarrizketaren inguruabarrak: pertsonaren izena eta azterketan dauden guztien datuak; data eta ordu zehatzak; azterketa zein erakundetan egin (esaterako, atxiloketa-zentroa, klinika, etxea, eta abar.)eta horren izaera eta helbidea (gela barne, halakoa beharrezkoa denean); pertsonaren inguruabarrak, azterketa-unean (esaterako, edozein indarkeria jasan badu azterketa egiteko iritsi denean edota azterketa egin bitartean, segurtasuneko indarrak aurrean egon badira azterketa egin bitartean, presoa laguntzen zuten pertsonen jokabidea edota azterketa egin zuen pertsonaren aurka egon zitezkeen mehatxuak); eta beste edozein faktore adierazgarri;

ii) Historia: pertsonak elkarrizketan kontatutako egitateen azalpen zehatza, barne hartuta tortura edo tratu txarren ustezko metodoak, tortura edo tratu txarrak gertatutako unea eta pertsonak duen edozein sintoma, fisikoa nahiz psikologikoa, berak hala baieztatu duenean;

iii) Azterketa fisikoa eta psikologikoa: azterketa klinikoa, fisikoa zein psikologikoa, egin ondoren ateratako emaitza guztien deskripzioa, kasuan kasuko diagnostiko-frogak barne eta ahal denean, lesio guztien argazkiak, koloretan;

iv) Iritzia: sintoma fisiko eta psikologiko eta egon daitezkeen tortura edo tratu txarren arteko lotura interpretatzea. Gomendatutako tratamendu mediko eta psikologikoa edo geroago beste azterketak egiteko beharra;

v) Egiletza: txostena sinatu egin beharko da eta bertan argi identifikatuko dira azterketa egin zuten pertsonak;

c) Txostenak isilpeko izaera izango du eta horren edukia pertsonari edo berak, bere ordezkari gisa izendatukoari jakinaraziko zaio. Galdatuko da pertsonaren eta bere ordezkariaren iritzia, azterketaren prozedurari buruz, eta iritzi hori txostenean erregistratuko da. Txostena idatziz ere bidaliko zaio, halakoa behar denean, ustezko tortura-egintzak edo tratu txarrak ikertzeko erantzukizuna duen agintaritza arduradunari. Estatuaren ardura da txosten hori hartu behar duten horiengana heltzea eta horren ibilbidea zaintzea. Beste inork ez du izango eskura txosten hori, pertsonaren adostasunik gabe edota auzitegi eskudunaren baimenik gabe.

____________________

10/ Zenbait inguruabarretan, etika profesionalak eska dezake informazioak isilpeko izaera izatea, eta halakoa errespetatu egin behar da.