32005forulegea,

3/2005 Foru Legea,Telebista arloko zenbait Foru Lege aldatzekoa

Nafarroako Parlamentua

3/2005 FORU LEGEA, martxoaren 7koa, ondoko hauek aldatzekoa: Espainiako Irrati-Telebistaren Nafarroako Kontseilu Aholku-emailea sortu eta erregulatzeari buruzko martxoaren 4ko 2/1985 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legea eta Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legea.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

FORU LEGEA, ONDOKO FORU LEGEAK ALDATZEKO: ESPAINIAKO IRRATI-TELEBISTAREN NAFARROAKO KONTSEILU AHOLKU-EMAILEA SORTU ETA ERREGULATZEARI BURUZKO MARTXOAREN 4KO 2/1985 FORU LEGEA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ARARTEKOAREN UZTAILAREN 3KO 4/2000 FORU LEGEA ETA NAFARROAKO IKUS-ENTZUNEZKOEN JARDUERA ARAUTU ETA NAFARROAKO IKUS-ENTZUNEZKOEN KONTSEILUA SORTU ZUEN UZTAILAREN 5EKO 18/2001 FORU LEGEA.

Zaila izaten da gehiengo parlamentario oso zabalak lortzea, batzuetan eskatzen diren portzentajeetara ezin izaten baita iritsi, Nafarroako Parlamentuak sortu eta haren menpekoak diren organoetako kideak edo titularrak hautatu edo izendatzeko, eta zaila da, halaber, hautatuek edo izendatuek karguan aritu beharreko aldi osoan gehiengo horiei eustea; egoera horren ondorioz, beharrezkoa da gehiengo horiek berrikustea, eta halaber haiekin loturik egon litezkeen beste betebehar batzuk ere, unean uneko egoera edo politikoak galaraz ez dezan dena delako hautaketa edo izendapena.

Alde batetik, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa, zeina legeak _Arartekoa arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legea_ Nafarroako Parlamentuaren goi mandataria dela baitio 1. artikuluan. Bigarrenik, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua, uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legeak sortu zuena Nafarroako Parlamentuak hautatu beharreko organo independente gisa, zioen azalpenean adierazten denez. Azkenik, Espainiako Irrati-Telebistaren Nafarroako Kontseilu Aholku-emailea, martxoaren 4ko 2/1985 Foru Legeak sortua.

Foru Komunitateko arartekoaren kasuan, hura arautzen duen foru legearen 2. artikuluak Parlamentuko kideen hiru bostenek osaturiko gehiengoa eskatzen du izendapenerako; gehiengo hori Comptos Ganberako lehendakariaren izendapenerako eskatzen dena baino askoz handiagoa da.

Gauza bera esan daiteke Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaz, hura arautzen duen foru legearen 23.1 artikuluak xedatzen baitu organoak dituen zazpi kideetatik bost Nafarroako Parlamentuak hautatuko dituela, parlamentarien bi herenek osaturiko gehiengoaz, hau da, Foru Komunitateko arartekoaren izendapenerako behar dena baino gehiengo kualifikatuagoaz.

Gaur egun, Espainiako Irrati-Telebistaren Nafarroako Kontseilu Aholku-emailean gehienez ere hamaika kide egonen dira, eta osaketa hori eserlekuen banaketaren proportzionaltasunaren isla izan beharko da, Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran parlamentu-talde bakoitzak dituenena; talde bakoitzak kide bat izan beharko du, gutxienez, kontseilu horretan, eta kontuan harturik zein den gaur egun, 2003ko hauteskundeez geroztik, Parlamentuaren osaketa, ia ezinezkoa da agindu hori betetzea.

Horregatik guztiagatik, aipatutako hiru foru lege horiek aldatzeko foru lege bat onestea proposatzen da, testu honekin:

1. artikulua. Espainiako Irrati-Telebistaren Nafarroako Kontseilu Aholku-emailea sortu eta erregulatzeari buruzko martxoaren 4ko 2/1985 Foru Legearen aldaketa.

Espainiako Irrati-Telebistaren Nafarroako Kontseilu Aholku-emailea sortu eta erregulatzeari buruzko martxoaren 4ko 2/1985 Foru Legeko 4. artikuluko 1. eta 4. idatz-zatien edukia hauxe izanen da aurrerantzean:

"1. Nafarroako Parlamentuko batzorde arruntek zenbat kide dituzten, beste horrenbeste izanen ditu Kontseilu Aholku-emaileak, eta haiek osatuta dauden proportzio berean osatuko da. Nafarroako Gobernuko lehendakariak izendatuko ditu kide horiek, Parlamentuko taldeek proposatuta.

"4. Hutsunerik sortzen bada, kargua utzi duen pertsona proposatu zuen parlamentu-talde berak izangai bat proposatuko du, eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak huraxe izendatuko du, betiere kargua hutsik dagoela deklaratu eta hurrengo hilabetean, gehienez ere."

2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen aldaketa.

Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 2. artikuluaren edukia hauxe izanen da aurrerantzean:

"2. artikulua. 1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa Nafarroako Parlamentuak hautatuko du; sei urterako, hain zuzen. Arartekoak Parlamentura jotzen badu, Parlamentuko lehendakariaren bidez eginen du.

2. Foru Araubide Batzordea arduratuko da Nafarroako Foru Komunitateko arartekoarekin harremanak izateaz, eta, halaber, batzorde horren ardura izanen da Osoko Bilkurari behar diren guztiak jakinaraztea.

3. Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa hautatzeko gehiengo osoa eskatuko da lehen bozketan. Hautagaietako batek ere ez badu gehiengo hori lortzen, bigarren bozketa eginen da, baina parte hartuko dute soilik lehen bozketan boto gehien eskuratu dituzten bi hautagaiek. Boto kopuru handiena eskuratzen duen hautagaia hautatuko da. Hautagai bakarra dagoen kasuan, bigarren bozketa gehiengo soilaren bidez ebatziko da.

4. Aurreko idatz-zatian aipatutako gehiengoa lortuz gero, hautagaia Nafarroako Foru Komunitateko ararteko izendatuko da."

3. artikulua. Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legearen aldaketa.

Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortu zuen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legeko 23. artikuluko 1. idatz-zatiaren a) letrak eduki hau izanen du aurrerantzean:

"a) Bost kide Nafarroako Parlamentuak hautatuko ditu. Horretarako, parlamentu-taldeek hautagaiak aurkez ditzakete, bost gehienez, ikus-entzunezkoen, kulturaren, unibertsitatearen edo elkarteen arloan merezimendu aitortuak dituzten eta Nafarroako aniztasun ideologikoaren isla diren pertsonen artean; hala ere, foru parlamentari bakoitzak gehienez horietako hiruri eman ahalko die botoa; botorik gehien lortutakoak izanen dira hautatuak.

Berritze partzialetan foru parlamentari bakoitzak gehienez ere izangai baten aldeko botoa eman ahal izanen du, eta boto gehien lortu dituzten pertsonak hautatuko dira."

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Arauen indargabetzea

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Indarra hartzea

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2005eko martxoaren 7an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea